Eskatu, -TZEA eta -TZEKO

Patxi Petrirena Altzuguren

Ez naiz bakarra izango duda egin duena eskatu aditzaren osagarriak (perpausa denean) -t(z)ea izan behar duen edo -t(z)eko, edo zeren arabera hautatzen den bata edo bestea. Esate baterako, «irakurtzea eskatu» edo «irakurtzeko eskatu».

Argi dago kontua «pasarte honek bi aldiz irakurtzea eskatzen du» modukoetan (‘bi aldiz irakurri behar da’), baina ez hainbeste beste batzuetan.

Gaiaren azalpen osoa dakarrenez azkeneko EGLU liburukiak (EGLU-VII, Perpaus jokatugabeak, 569.-578. orrialdeak), hemen jasotzea pentsatu dut. Azalpena laburtu nahian aritu naiz, atzera eta aurrera, baina uste dut liburuan bertan egiten den laburpena hitzez hitz ekartzea dudala onena:

* * *

«Arrunta da galdatu, galdegin eta (joskera modernoan) eskatu aditzen du joskera, absolutibozko objektua eskatzen duena:

norbaitek zerbait eskatu

Eskatzen den gauza hori abstraktua izan daiteke, hala nola elkartasuna edo, perpausez, denok elkarren kide izatea.

Bestalde, eskaturen ideia prototipikoaren subjektua norbaitek izanik ere, irudizko zentzuak orobat baimentzen du zerbaitek:

(754) Halako lurrak ur asko (ematea) eskatzen/galdatzen du.
(755) Lan horrek ahalegin gogorra (egitea) eskatzen/galdatzen du.
(756) Ehizak begi zorrotza izatea eskatzen/galdatzen du.

Molde horretan, zerbaitek zerbait eskatu da eredua. Zerbait hori ez da halakoetan egiledun bati dagokion egintza, bete beharreko baldintza generiko bat baizik: eskakizun bat, hain zuzen ere. Eskakizun generikoaren zentzu berean ulertzen da zerbaiti zerbait eskatu eredua ere:

(757) Halako neurgailuari fidagarria izatea eskatzen zaio.

Ez dira aldatzen adiera eta joskera subjektua pertsona izanik ere:

(758) Gizagaixo horri ezin zaio eskatu fidagarria izatea.

Horretaraino, bada, beti dugu -tzea eskatu. Eta berdin -tzea galdatu/galdegin.

Zentzua aldatu egiten da, ordea, eta harekin joskera, ideia zerbait eskatu izatetik zerbait egiteko eskatu izatera pasatzen denean. Kasu horretan, norbaitek da subjektua, eta hitzez edo zeinu baliokidez adierazten dio subjektu horrek beste norbaiti hark dena delakoa egitea nahi duela. Alegia, egite gisa ulertu behar da perpaus osagarriak adierazten duena, eta zentzu prospektiboan:

(759) Zuk eskatu zenidan egia esateko.
(760) *Zuk eskatu zenidan egia esatea.

Goragoko eskakizun-zentzu generikoa eta norbaitek zerbait egiteko eskatu norbaiti ereduko eskaera (proto)tipikoa antzeko formara etor litezke kasu bakanen batean, baina ez da ohikoa, eta, hain zuzen ere, –TZEA/–TZEKO bereizkuntzak argituko du zentzua:

(761) Gizagaixo horri nola(tan) eskatuko diozu (ba) egia esatea. [hark ez du betetzen egiatia izatea delako baldintza]

(762) Gizagaixo horri nola (zer gisaz) eskatuko diozu egia esateko? [gutunez eskatuko diozu hori egiteko?].

Egiletasunarena, garbi gera bedi, esaldiaren interpretazioaren baitan dago. Predikatu eta are perpaus berbera modu batera zein bestera uler daiteke sarritan:

(763) Mundu guztiari ezin zaio/diozu eskatu eskuzabala izatea. [ezaugarri hori izatea eskatu]
(764) Mundu guztiari ezin zaio/diozu eskatu eskuzabala izateko. [horrela jokatzeko eskatu]

Oro har, galdatu nahiz galdegin aditzek ez dute jarraitzen eskaturen bidea, eta -tzea moldeari eusten diote norbaitek zerbait egitea galdatu/galdegin norbaiti joskeran ere.

Adibideren bat edo beste bada tradizioan, baina salbuespen bakanak dirudite halako –TZEKO galdatu/galdegin joskerak. Kasuren batean, agindutik hurbileko zentzura lerratzen ote den dirudi:

(765) [Aitak] jaun horier galthatü ükhen otoritatez, / presu begiratzeko librantxaik ükhen gabez (Etchahun, Bertsoak,142).»

Iturria: EGLU-VII, Perpaus jokatugabeak. Gramatika batzordea, Euskaltzaindia, 2011

(EGLU guztiak, hemen)

Mina

Iñaki Segurola

Esan nezake oraintxe pare bat urte hasi zela neretzat zure etena, eta orain erabateko desarmatzea etorri zaizula; desarmatzea eta desegitea, itxuraz behintzat. (Hau fedabideetako hizkuntza da; ez da gurea.)

Esan nezake bi gune pneumonikok (p– eta guzti, zatarkiago eman dezan) astindu zaituztela, eta shock septikoak eraitsi, baina horiek ere ez dira gure ahorako egiten diren hitzak.

Esan nezake ezinak menderatu ondorengo herio hartan munduaren kontra atzaparka batean ikusi zaitudala; tapaki, kable, galtzeta eta harrapatutako guztiak gainetik kendu nahian eta ezinean. Munduaren kontrako amorru bat Larrialdietan eta Susperketan. (Hau nere hizkuntza da; ez dakit zer zebilen zure gogo-bihotz erorietan.)

Aitor nezake elkarri emandako azkenengo musua oso tristea izan dela, bion ezpainen artean plastikoa baitzegoen; oxigenoa deritzana edo arnasaren lagungarri plastikozkoa. «Ezin det ezer eiñ»: horiexek, berriz, zure azkenengo hitzak, guk ulertzeko moduko azkenengo hitzak. (Hau edozeinen hizkuntza da, nik uste.)

Esan nezake –askok esan dutena– betiko loan etzan zarela, edo bestela –beste askok uste dutena– zure jaungoiko haundi horren aurrera agertu izango zarela, zeure txikian. Horrexen zain bizi zinen, eta zure fede horri zor zaio hemen leku bat.

Esan nezake… ez: hau ez dago esaterik; hau idatzi bakarrik egin liteke:

Maria Luisa Amutxastegi (Hondarribia 1927 / Azpeitia 2014)

Baina ez; informazioa da hori: maskarak, egutegiak, mapak. Hori ez da egia, zeren egia ez baita hori.

Esan dezaket zure agonian, bizi-heriotzen borroka horretan, zure izter-artera begira gelditzen nintzela sarri, pentsatuz bezala hortik atera zela amazulo hau, euskaltzulo hau, eta zuk egin ninduzula zulo. («Zuk egin ninduzula zulo!»: ez dakit zer diodan, baina baneki ere ezin esana litzateke.) Eta orobat esan dezaket deabrutxo ere egin ninduzula: zure fedearen haundiegiak utzi bide ninduela ni ezertan sinisteko ezindua bezala. Eta hau psikoanalisi merkea izango da beharbada, baina ezin segurtatu dit inork psikoanalisi garestia baino eskasagoa denik nahitaez.

Bo, esan dezadan garbi: ezin dut sinistu eta ez dut sinisten medikuen, ehorzleen eta burokraziaren bertsiorik. Ez dut sinisten eta, mundutik ihesi, hizkuntzara nator. Sinistu ezean, argitu egin nahi dut asuntoa hementxe, itzultzaile euskaldunen begiratoki honetan. Eta argitu nahi dut hizkuntzaren eta hitzen argira joz, itzuli ezineko hitzetara joz. Eta horregatik hitz egin nahi dizut minaren gainean eta gure min hitzaren gainean eta azpian. Zer egin nezake bestela? Hitzen historia kontatzetik ateratzen dut bizimodua, badakizu, edo bazenekien.

Mina biziaren ahaide hurkoa da. Begira edo entzun nola den mina, funtsean, gogoa edo guraria: Axular haren ikhus min handi batekin, Bordel zure mina dudala; baina gizakion gogo horrek galera edo ezina ditu oso bertan: Etxepare haren minez orai nago ezin hilez bizirik, Lazarraga ni aren minez ilten ninzan; eta oinazea edo gaitza bera ere adieraz ditzake: Oihenart ezta sentheria bano min gaitzagorik. Eta gauza mina gauza mikatza da, biziegia, pipertuegia, piperminduegia: Axular iustizia min da eta garratz.

Ez dago bizirik minik gabe, gogorik edo guraririk gabe. Baina min horrek, gogo horrek, oso aise har ditzake galeraren, ezinaren, gaitzaren eta oinazearen koloreak gure baitan. Biziari eusten dion edo biziak berekin duen min hori aise da mintzen eta biziegitzen; eta txartzen, gaiztotzen, mikazten, zakartzen eta zitaltzen. Biziak berekin duen zera horrek berorrek du bizia galtzen. Minaren minegiak eta biziaren biziegiak kentzen dute azkenerako arnasa bera. (Minbiziari leku batzuetan bizia edo biziena esan izan zaio huts-hutsik; hortik atera kontuak.)

Ez dut deus asmatu. Hizkuntzak berak nakar honaino. Sinistu ezean, hauxe nahi nuen argitu.

Baina, mundura itzuliz, munduaren gezur-itxuretara itzuliz, esan beharra daukat zure erabateko armagabetzeak gure erabateko amagabetzea ekarri duela.

Eta baet ordue nere benetako hizkuntzen hitzeiteko; ezin leizke azkenengo hitzek e plastikozkuk izen. Euskerazko periodikue letze zendun, ta euskerazko rebixtek, ta liburuk e bai…; ez: zurie etzan normala, zure edadeako etzala oso normala esan nahi nuke; izene, eskola pusket e bazendun, pianue re jotze zendun txikiten, “bizi ziñetenin”, gerrie irabazi zebenak dana kentzea etorri zin arte, baño ixo: gauze bat bakarrik, ta da oiñ premiye sentitzetela… nere biyotzak, begiyek eta belarriyek premiye sentitzebela periodikun euskera batun jarri gendun esaldiye neure era jartzeko hamentxe:

Zure barrun eon giñen;
gure barrun zaude oiñ.

Esanda gelditzea.
Aio ama!

Lenguayarenak I: [bukiak eta fodetika]

Borja Ariztimuño Lopez

Barkatuko didazue, baidda hotzeriak hartuta dago. Burutik beherako galadtarekid gaiddera. Iddauteried badarikazioa, dobbait. Aste hodetad euskal hotsed igguruko kodtuak ekartzekoa didtzed, eta, hara…

Boldatuko gara, deda ded, ezta?

Ohartuko zineten gehienok, bada, nekez ahoskatu dezakegula zenbait hots, gai lirdingak inbadituta gauzkalarik. Batzuek jakingo duzue, areago, soinu horiek zein diren, eta inork zergatia ere ikasia duke. Ezer berririk ez espero, beraz.

Kontua da hotsek oinarrizko bi ahoskatze-tasun dituztela, oro har: modua eta puntua (edo gunea). Horrela, hots sail batek, esaterako, «herskari» tasuna du ezaugarri, moduari dagokionez, diferentzia bakarra ahoskunea izanik (ezpainetan, hortz(-hobi)etan, ahosabai bigunean… mihia non jartzen den). Tira, egiari zor, bada beste ezberdintasun garrantzitsu bat ere, gutxienez: ahoskabe (p, t, k) ala ahostun (b, d, g) izan. Horiek, hortaz, Hiru Tasun Sainduak.

Ezaugarriok, bestalde, kutsakorrak dira (hotzeria bezalaxe), eta hots batek ingurukoak aldaraz litzake. Hori gertatu da euskaraz, adibidez, uso hitzean, urzo eta urso aldakiak lekuko. Txistukariak bata bestetik oso gertu ahoskatzen dira, baina, aldea bide dago bien artean, zeinak «s» eta «r» elkarrengandik hurragoko eta «z»-tik bereiziago egiten dituen. Hau da, urzo da forma zaharra, gero dialekto batzuetan u(r)so eman duena.

Aldiz, fonetikari ordez fonologiari begiratzen badiogu, gauzak bestela dira. Izan ere, ortografiak (gure ingurukoek behintzat) fonologiari jarraitu ohi dio hein handi batean, hau da, hizketa-hotsei ez baizik eta hizkuntzakoei. Horregatik ez dugu idazten ahoskatu bezala-bezala. Esate baterako, Euskal Herriko leku askotan /i-t/ fonema-segida fonetikoki [ic] (komunzki itt idatzia) ahoskatzen da, besteak beste atzizki baten bi aldaera sorraraziz: -tten (egitten) eta -ten (ikusten). Litekeena da, era berean, mendebaldeko euskaratik abiaturiko txistukarien neutralizazioa halako testuinguru jakin batzuetatik abiatu izana (ohikoa da «z» eta «s» ondo bereizten den tokietan ere gaste esatea, adibidez).

Sudurkarietara itzuliaz, esan liteke fonema eraginberak direla, nolabait esateko. Gaztelaniazko **«nb, np» > «mb, mp» arau ortografiko ezaguna gertakari fonetiko horren isla da, hain zuzen, eta euskararen idazkera modernoan ageri ez den arren (tiempo vs denbora), ahoskatu, berdin-berdin ahoskatzen ditugu halako n-ak guk ere ([m], alegia).[1] Ordea, «ng, nk» fonema-segiden kasuan ez dugu grafikoki ezer adierazten (gaztelaniaz ere), horko n-ak oso bestelakoak izan arren (idazkera fonetikoan [ŋ])! Labur esateko, b/p, d/t eta g/k kontsonanteen aurrean doazen n-ak haietara hurbiltzen dira, b sudurkari (= m), d sudurkari (~n) eta g sudurkari bihurtuz. Oroit orobat frantsesezko bokalez (ã, õ…)![2]

Bada, sudurkaritasuna gure hizkuntzako hots batzuen berezko tasuna izanik, eztarritik sudurrerako bidea oztopatua dugunean, fonemak galdu zaizkigun sentipena datorkigu, moda eta boda, nago eta dago, eta beste hainbat bikote ia berdin ahoskatzen ditugula.

Beraz, m eta b, n eta d ezin desberdindu zabiltzanean, orain badakizu zergatik!

***

Post Scriptum

Guri sudurkaritasunarekin gertatzen zaigunaren antzera, hots karrankariak edo xuxurlariak bereizten dituzten hizkuntzetako hiztunek ezintasun eta etsipen berbera sentitzen ote dute, hurrenez hurren, marrantaturik daudenean edo maitaleari hitz goxoak xuxurlatzen dizkiotenean?


[1]    Testu zaharretan «mb» (dembora, haimbat…) sarri agertzen zaigu, noski, erdal grafia-ohituren eraginez, nahiz eta badiren salbuespenak, harritzekoak batzuk, Lazarraga kasu: ez du inoiz, ezta maileguetan ere, «mb»-rik idazten (cf. gentilonbre).

[2]    Euskaraz, jakina, ez dugu halakorik… salbu eta Zuberoan, Erronkariko dialekto galduan, Bizkaiera Zaharrean, eta, antzina-antzina, euskara osoan, diotenez!

Lokalizatzaileak eta community managerrak

Esti Lizaso

Hitzak, hizkuntzak bezala, izaki bizidunak direla esaten da: jaio, hazi, elikatu, estimuluen aurrean erreakzionatu, ugaldu eta hil egiten dira (bizitzaren definizio hori ikasi genuen ikastolan). Baina, azken urteotan, Internetek eta sare sozialek izugarrizko bultzada eman diote bizitza horien bilakaerari. Hitzak barra-barra sortzen dira, eta segituan zabaltzen dira hizkuntza arrotzetara.

Lehengo astean bertan pil-pilean izan genuen adibide garbi bat: selfie. Autoerretratuaren (edo autorretratuaren, darabilzuen hiztegiaren arabera) lehengusu moderno hau iaz jaio zen, baina mundu osoan zabaldu da hilabete gutxitan, zer esanik ez Oscar sarien ondoren:

1_irudia_selfie

Grafikoa zertxobait aldatzen da, ordea, mundu globalizatuak beretzat hartzen dituen hitzen jatorria ingelesa ez denean; beste behin, globalizazioan hizkuntza eragile nagusia ingelesa dela erakusteko besterik ez bada ere. Japoniar jatorriko “emoji” hitzarekin egin dut proba. Mezularitza-zerbitzuetan aurpegierez gain askotariko ikonoak gehitu zituztenean, “emotikono” herren geratu zela iruditu zitzaien ingelesei, eta hara zer gertatu zen japoniarrei hitz hau hartu zietenean:

2_irudia_emoji

Grafikoko D puntua emoji, phablet, selfie eta twerk Oxford hiztegian gehitu ziren uneari dagokio.

Aldiz, lehendik baziren hitzei erreparatzen badiegu, ingelesaren nagusitasunaren ordez, edo harekin batera, Interneten eta sare sozialen boterea da ageri-agerian geratzen dena. Joerak ia globalak bilakatu dira. Hona hemen “cupcake”ren grafikoa horren erakusgarri:

3_irudia_cupcake

Lokalizazioa ere azken multzo horretan sartuko litzateke. “Lokalizazio” hitza ez da berria, “kokatu” adiera orokorrarekin erabili izan da, eta zientzia alorrean ere erabilera espezializatu bat baino gehiago ditu. Guri hurbilagoak zaizkigun “globalizazio” eta, horrenbestez, “lokalizazio” kontzeptuak, berriz, 1990eko hamarkadan hasi ziren zabaltzen eta, hasiera batean, ekonomiari lotuta zeuden. Adiera berri haren loraldia ikusteko urte batzuk atzera egin behar denez gero, ez dugu horrelako gorakada ikusgarririk aurkituko haren erabilera-grafikoan, garai hartan sare sozialik ez zelako. Hala ere, jo zuen gailurra, eta itzulpengintza-prozesua izendatzeko “lokalizazio” hitza erabiltzearen egokitasunari buruzko eztabaida ere mundu osora zabaldu zen. Aspaldion, ordea, hitzaren eta prozesuaren adiera berriak ondo errotuta geratu dira, eta haiekiko interesak behera egin du:

4_irudia_localization

Kontuak kontu, hizkuntza hartzaileak abiada itogarri horri eutsi ezinik dabiltzala iruditzen zait batzuetan. Atzean geratu gabe komunikatu behar horretan, ez dutela maileguak hausnartzeko tarterik hartzen, eta gaizki irentsita hasten direla agertzen hizkuntza berrietan.

Lokalizazioaren kasuan ere izan dut kezka hori. Izan ere, lokalizazioa prozesu orokor bat da, produktuak (edozein motatakoak) tokian tokiko hizkuntza, kolore, forma, kultura, ohitura eta abarretara moldatzean datzana. Produktuak inolako testurik badu, itzultzaileak ere “lokalizatzaile” lana egingo du testu hura xede-hizkuntzara ekartzen, baina ez da irudi berriak sortuko dituena edo testuaren kolorea aldatuko duena baino lokalizatzaileago izango.

Inguru euskaldunetan “lokalizazio” hitzak sarrera isil samarra egin du eta, batez ere, nahiko berantiarra. Hala ere, badirudi geroz eta jende gehiagok erabiltzen duela gure artean. Horregatik, berandu gabiltzanez gero, berritasunak itsututa aise antzera erabiltzen hasi aurretik, hausnartzeko tartetxo bat hartu beharko genukeela iruditzen zait.

Euskaraz ikusi dudan gehienetan “lokalizazio” terminoa “software-itzulpenarekin” ordez zitekeen sinonimo ia oso gisa. Egia da itzulpengintzan lokalizazioa aipatzen denean webgune, software eta bideo-jokoei egiten zaiela batez ere erreferentzia. Baina, ez nuke esan gabe utzi nahi Euskal Herritik edo Espainiatik kanpo “lokalizazioan” diharduzuela edo “lokalizatzaileak” zaretela esaten baduzue, inor gutxik ulertuko dizuela itzultzaileak zaretela.

Lokalizazioa aipatzen edo irakurtzen duzuen hurrengoan, beraz, hartu tartetxo bat zertaz ari zareten aztertzeko: itzulpengintzaz ala globalizazio-prozesuaz.

Izan ere, itzultzaileok, beste hizkuntzetatik datozen hitzak erabiltzen lehenetakoak garen heinean, badugu mailegu zuzen, eratorpen eta neologismo horien hautuan nolabaiteko ardura.

Aukera guztiak zilegi direla uste dut, bere helburua betetzen badute. Baina aukera zergatik egin dugun edo hitza nondik datorren jakitea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Begira, bestela, community managerrei. Denok dakigu zer diren: erakunde baten komunikabideak eta haietako edukia kudeatzeaz arduratzen diren pertsonak. Bada, gure artean bolo-bolo dabilen termino hau, horren moderno eta amerikarra dirudiena, gure bizilagunen asmakizuna da. Espainolarengatik ez balitz, ez zen ia community managerrik izango:

5_irudia_communitymanager

Adi, beraz, inoiz community manager batentzat lokalizatzaile gisa aritu behar baduzue 😉

‘-go’ atzizkiaren multzokaritasunaz

Xabier Aristegieta Okiñena

Euskaltzaindiaren 73. arauak honakoa xedatzen du:

1. Euskaraz askotan ez dago izen multzokariaren beharrik, nahikoa da plurala erabiltzea: ikastetxe honetako irakasle eta ikasleak, herri bateko biztanleak, hizkuntza bateko hiztunak, etab.

2. Hala ere, izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia erabil bedi: langileria, gazteria, biztanleria edo bezeria.

3. -go atzizkia erabil bedi:

– ofizioa, lanbidea adierazteko: artzaingoa, zurgingoa, etab.
– tasuna adierazteko: euskaldungoa, ahaidegoa, etab.

Bi parte nagusi bereizten dira arau horretan: lehena, euskaraz izen multzokariak erabiltzearen beharrari buruzkoa; eta bigarrena, multzokaria erabiltzea erabakiz gero erabili behar den edo ez den atzizkiari buruzkoa.

Lehen parteari dagokionez, ezin naiz Euskaltzaindiarekin ados egon “euskaraz” askotan ez dagoela izen multzokariaren beharrik dioenean; hau da, multzokarien erabilera, nolabait, hizkuntza bakoitzaren “estilo”ari dagokion kontu bat izango balitz bezala. Nik esango nuke multzokariak, euskaraz, beste hizkuntza batzuetan bezainbeste erabiltzen ditugula:

noblezia, burgesia, klero (bai, azken hori ere Hiztegi Batuan jasota dago), eskifaia, banka, tresneria, makineria, iruditeria, argiteria publikoa, ikus-entzuleria, klase politikoa, galdetegi, zuhaitz-multzoak adierazten dituzten -di atzizkidun izen guztiak (pinudi, harizti…), bai eta zuhaitz ez direnak adierazten dituztenak ere (araudi, gaztedi, gizadi, ontzidi, uhartedi… Jesusen Lagundi), klaustro, gudaroste, armada, legeria, genoma, proteoma, hezurdura, lumaje, problematika, dokumentazio, abesbatza, orkestra… eta abar eta abar.

Edozeren multzoa ale lokabeez haragoko errealitatetzat hartzeko beharra ikustea edo ez ikustea, ez zait iruditzen hizkuntza zehatz baten ezaugarritzat har daitekeenik.

Halako beharrik ikusten ez denean, zer esanik ez, plural hutsa erabiltzen dugu. Hortaz, ez bedi uler plurala naturaltasun osoz erabili behar denetan hitz multzokari bat artifizialki erabiltzearen apologia egiten ari naizenik artikulu honetan.

Gogoan dut nola Fundéu-k iaz precariado hitzari bere oniritzia eman zion. Honelaxe arrazoitu zuen hori:

Precariado es un neologismo válido, respetuoso con las normas académicas sobre formación de palabras, que puede definirse como ‘sector social que se ve sometido a inestabilidad e incertidumbre laboral prolongadas y que no percibe ingresos o estos son bajos’.

De origen incierto, puede considerarse un acrónimo de precario y proletariado, opción mayoritaria en otros países, o interpretarse simplemente como un sustantivo derivado de precario, del mismo modo que a partir de proletario, voluntario o notario se crean proletariado, voluntariado o notariado con idea de clase, conjunto o colectivo, de acuerdo con las definiciones del Diccionario académico.

Errepikatzen dut: “con idea de clase, conjunto o colectivo”. Ez dut arrazoirik ikusten motibazio hori bera euskaraz ere ez edukitzeko.

Multzotasuna adieraztea (hots, ugaritasuna, baina ezaugarri komun batzuek ematen duten batasunaren berri ere emanez) adierazpide ezberdinak aurkitzen dituen premia dugu. Adierazpide horietako beste bat da, oso nabarmenki, euskaraz ere indarra hartu duen kolektibo substantiboa: halako auzoko emakumeen kolektiboa, halako eta halakoaren ondoriozko kaltetuen kolektiboa, KALERATZEAK STOP DESAHUCIOS GIPUZKOA kolektiboa, Haizea emakumeen kolektiboa, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eta abar[1]. Hiztegi Batuak ere jasotzen du kolektibo hitza, nahiz eta ez duen zehazten izen gisa, izenondo gisa ala bata nahiz bestea berdin onartzen duen (horra, beraz, argitu beharreko beste zerbait).

Ikusten den bezala, bide ertzera etengabe azaltzen zaigu plurala ez den baliabideren baten bidez adierazitako pluraltasuna. Eta, horrenbestez, uste dut aski esan dudala Euskaltzaindiak euskaraz multzokariak erabiltzeko premia ustez “apalago”ari buruz dioenaz pentsatzen dudanaz.

Jarraian, bigarren parteari ekingo diot. Alegia, hitz multzokari bat erabiltzea erabakitakoan, -go atzizkia horrelako hitz bat eratzeko desegokia izatearen ideiari.

Arauan, Euskaltzaindiak dio -go atzizkia erabili behar dela lanbide bat edo tasun bat adierazten duten hitzak eraikitzeko soilik. Arauaren atariko azalpenean ikusten denez, esanahi multzokaria berria duelako ez du –go atzizkia multzokaritzat onartzen Euskaltzaindiak. Zehazki, esanahi horren agerpena 1970eko hamarkada inguruan kokatzen du.

“Esanahi horren agerpena” esan dut, baina hobeto legoke, inondik ere, “esanahi horren uholdea” esatea, harrezkero hitz horren erabilera zeharo nonahikaria eta noiznahikaria izan baita. Eta horrelako erabilera masibo bat alboratu ahal izateari buruzko auzia bururatzen zait.

Dena den, eta gogoeta hori gorabehera, kontua da Orotariko Euskal Hiztegiak berak ere jasotzen dituela esanahi horren lekukotasunak.

Adibidez:

apaizgo. 2. Clero. v. apaizkunde. Apaizgoa santua izateko, eta Jainkoari atsegin zaizkion opari izpiritualak Jesu Kristoren bitartez eskaintzeko. IBe 1 Petr 2, 5 (IBk apaizgo).

etsaigo 2. Conjunto de enemigos. Olako etsaigo gaiztoaren aitzi. “Contra un tal ejército maldito”. Gazt MusIx 135.

irakurlego. Público lector, lectores. Oso apala dela gure literaturaren irakurlegoa. In MEIG VIII 27.

Erreferentzia-kontsulta ez badut oker egin, lehen adibidea Elizen arteko Bibliatik aterea da, bigarrena Juan Ignacio Goikoetxea “Gaztelu”ren Musika ixilla. Música callada. Fray Luis Leon eta Donibane Gurutzen olerkirik onenak, erderaz eta euskeraz lanetik (Donostia, 1963; beraz, 1970eko hamarkada baino lehenagokoa), eta hirugarrena noren eta Koldo Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiaketik.

Baina -go multzokariaren alde badago autoritate-argudio hutsa baino gehiagorik ere.

Ezen -go atzizkiak “tasuna” adierazten baldin badu, eta -tasun atzizkidun hitzek esanahi multzokaria ere har dezaketela aurkitzen badugu, nahiko erraz-edo ondoriozta dezakegu -gok ere, “tasun” esanahia tarteko, balio multzokaria har dezakeela.

Ondoko adibidea Orotarikoak ere ematen digu:

Anaitasun 2. + anaiatasun (Urt), anajetasun (Añ). Hermandad; cofradía, congregación. “Collegium, anaiatasuna” Urt V 333. “Cofradía” Añ. v. anaidi. Apostoluen anaiatasun guztiz gloriosoak, / Profetekin konfraria nola laudatzekoak, / Gehiago Martirien armada triunfantak, / Berze Sainduekin tuzte erraten zure kantak. EZ Man II 15. Anaiatasun hunetakoen arropa biz prezio handia eztuen oihaletik. Harb 424 (se refiere a la tercera orden de San Francisco). Ortik Podatarien anziñako anaiatasuna. ‘La antigua Hermandad de Podavines’. Izt C 147. Baita ere Sakramentu guziz Santuaren anaitasuna ipiñi zuen, parroki edo bezeroteiko pobreen alde eta oien onerako. Aran SIgn 82. Españako erri anziñakoetan, zeñetan ere San Migel izeneko Anaitasun edo Kofradi asko jarri ziran. SMiguel 8. Andra Mariaren eta bere senar San Joseren alkartasunak eta anaetasunak. Itz Azald 202. Itsasora zijoazenak, eta itsasotik bizi ziranak anaitasun eta elkargo bat zeukaten Donostian. Etxeg RIEV 1908, 192. Apezek, herri-gizonek, anaitasunek diruz laguntzen zituzten arizaleak. Lf in Casve SGrazi 9.

Horren arabera, Euskaltzaindiari jarraituz langilegoren esanahia den langiletasunak anaitasunaren bide beretik eskain diezaguke multzokaria. Eta, jakina, ez naiz hipotesi-joko baten denbora-pasa hutsean ari, baizik eta erabilera oparo baten justifikazioa eman nahian.

Eta, bestetik, Euskaltzaindiaren araua oso murriztailea da: -go atzizkiaren esanahiak tasun baten edo lanbide baten berri ematera mugatzen dira? Non dago tasuna (argi baitago ez dutela “lanbide” esanahia adierazten) gehiengo edo gutxiengo hitzetan? Herritarren gehiengoak nahi duena esaldian, herritarren tasun ukiezin bati buruz ari gara, ala hezur-haragizko herritar-multzo bati buruz? Elkargo bat, partzuergo bat, erkidego bat, tasun etereoak dira, ala subjektu jakin batzuk? Jarraigo bat pertsona-talde bat izango da ba, ez?

Eta, azkenik, Euskaltzaindiaren arauarekin aurrez aurreko kontraesanean dauden kidego, udaltzaingo eta foruzaingo bezalakoak aipatu behar. Nire ustez, batere dudarik gabeko esanahi multzokarikoak.

Euskaltzaingo hitza ere existitzen da. Artikulu honetan defendatzen dudan ideiarekin ez, baizik eta Euskaltzaindiaren aipatu arauarekin bat datorren esanahia ematen dio Orotariko Hiztegiak:

euskaltzaingo. Figura en Eusk 1919-1920 (II), 92, como neol. oficialmente aprobado por Euskaltzaindia, con el sentido de “cargo de académico de la LenguaVasca”.

Jakingarriagoa iruditzen zait, alabaina, Hiztegia 80k dakarren azalpen mamitsua[2]:

Euskaltzaingo: nombre propuesto por Azkue para denominar a la corporación académica de la lengua vasca, y que por la presión de los aranistas, deseosos de formar más nombres en -di para justificar así el Euzkadi del “maestro”, no fue aceptado en votación, triunfando, para vergüenza de la propia academia, el término incorrecto Euskaltzaindi.

“Corporación” académica dio. Alegia, ez lanbide, ez kargu eta ez tasun. Nork eta Azkuek proposatuta, gainera (beste autoritate-argudio bat ematea barkatuko didazue).

Informazio horren egiazkotasunaz, jakina, hiztegiaren egileei galdetu beharko.


[1] Gaztelaniaz giza multzoei colectivo deitzeko joera, tinko kritikatu du Fernando Lázaro Carreter-ek El dardo en la palabra liburuan (Galaxia Gutenberg-Círculo de Lectores, Bartzelona, 1998. 193. orrialdea). Zehazkiago esatearren, berak colectivo ametitzen du, bai, baina sistema burgesaren aurkako borrokarekin loturiko esparru soziopolitikoko taldeak eta antzeztaldeak izendatzeko, gehienbat. Besterik gabeko interes komunak dituzten gainontzeko gizataldeez aritzeko, ordea, argiro egiten du plural hutsaren alde. Bistan dagoenez, bestelakoa da artikulu honetan defendatzen dudan ideia, bai eta –ulertzen dudanez– lehen aipaturiko Fundéu-ren irizpenekoa ere.

[2] Nire eskerrik beroenak Baga, biga, bloga! Blogeko Jozulin-i, hari irakurrita izan bainuen, Interneten euskaltzaingo hitzaren bila nenbilelarik, Hiztegia 80k dakarren ohar horren berri.

Azentu grafikorik? Bai, eskerrik asko

Alfontso Mujika Etxeberria

Lagun —eta lankide— batek eragin dit gaurko idazpidea, eta badu zerikusia otsailaren 26an blog honetan bertan Santi Leonék idatzitakoarekin (Heinrich Böll eta Uwe Boll ez dira familia berekoak):

Zer egin behar dugu, euskaraz idaztean, leku-izenetako azentu grafikoekin eta, oro har, zeinu diakritikoekin?

Eta —laguna arretatsua baita, oso, baita hizkuntzaren alderdi formal txikietan ere— galdera ez da hutsala. Uste baino nahasiagoa da gaia, arauak eta desarauak barne. Etxekoekin hasiko gara, etxean baitugu lehen auzia.

Euskaltzaindiak, 155. arauan (Nafarroako udal-izendegia), tiletarekin arautu zuen Nafarroako erdal eremuko 10 udalerriren grafia: Cárcar, Castejón, Cintruénigo, Lapoblación, Marañón, Mélida, San Adrián, Torralba del Río, Torres del Río eta Villamayor de Monjardín.

Kontua da haietako bakoitzean ohar bat erantsi zuela, honela:

Deklinatzean, azentu grafikorik gabeko forma erabiliko da: Carcarko udaletxea berritu dute.

Hor hasten dira komeriak. Ohar horri men egitera —esanekoak baikara—, honela idatziko dugu:

Tutera eta Mélida oso herri politak dira.

Baina:

Tuterako eta Melidako alkateek bilera egin dute.

Zein dira ondorioak ahoskeran? Euskaltzaindiak ez digu esan, baina, oharra ikusita, pentsa liteke Mélida hitz proparoxitono gisa (azentua azken aurreko silabaren aurrekoan duena; alegia, gaztelaniazko “palabra esdrújula”) ahoskatu behar genukeela lehen esaldian, eta bigarren esaldian, berriz, euskal intonazioaren arabera dagokion/legokiokeen moduan.

Orain, egin dezagun proba bat: zuk nola intonatuko zenuke leku-izena esaldi honetan?:

Tuteraraino iritsi dira korrikalariak.

Nik, gutxi gorabehera, honela: [tutérarainó].

Eta beste hau, nola?

Melidaraino iritsi dira korrikalariak.

Nik, badakidanez Mélida proparoxitonoa dela, honela: [mélidarainó].

Baina, Euskaltzaindiak esan digunez deklinatzean azentu grafikoaz ahazteko, badirudi iradoki duela Tutera bezala intonatu beharko nukeela, ezta?: [melídarainó]. Ba, ez zait ateratzen.

Eta oraindik zalantzan bazaude, egin proba hauekin: Longida (euskaraz paroxitonoa da) eta Mélida (proparoxitonoa da):

Longidaraino iritsi dira korrikalariak eta Melidaraino iritsi dira korrikalariak.

Bi leku-izenak berdin intonatuko zenituzke? Ziur?

Edo ergatiboan, kasurako, biak berdin intonatuko zenituzke?:

[tutérak] 35.000 biztanle inguru ditu eta [melídak] 723.

Ez, niri ez zait ateratzen.

Korolarioa: arazo bat gutxiago izango genuke ohar hori jarri ez balute. Benetan bitxia iruditzen zait hitz batek azentu grafikoa izatea absolutiboan eta gainerako kasuetan ez izatea.

Goazen Euskal Herritik kanpora. Gertuenekoak Espainia eta Frantzia ditugu. 32. arauan (Espainiako erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak), grafia-aldaketarik ez duten leku-izenetan, sistematikoki jarri dira azentu grafikoak: Almería, Ávila, Cáceres, Cádiz, Jaén, León, Málaga (adibidez, Andaluzia leku-izenean ez, jakina, grafia egokitu delako).

Eta ohar hau agertzen da:

Gaztelaniaz azentu grafikoa duten hitzak azentuarekin nahiz azenturik gabe idatz daitezke: León / Leon.

Hala arautu zen 1995ean; 2006an, araua osatu eta eguneratu zenean, ohar hori, badaezpada, ez ukitzea hobetsi zen.

Beraz, hor ditugu lehenengo bi kontraesanak:

1- Absolutiboan Mélida (azentu grafikoarekin) idatzi behar dugula esaten digu Euskaltzaindiak, eta Almería, berriz, azentu grafikoaren zein gabe.

2- Gainerako kasuetan, Melida (azentu grafikorik gabe) idatzi behar dugula esaten digu Euskaltzaindiak, eta Almería, berriz, azentu grafikoarekin zein gabe.

Nik, sistematikoki, Espainiako leku-izenetan, baldin tileta badute, tileta erabiltzen dut euskaraz. Tiletak informazioa ematen du, eta informazio hori ezabatzeak ez dakar ondorio onik. Adibide erreal bat, neroni gertatua: duela bi urte, Elhuyarrek ETBrako egiten duen Teknopolis programarako testu bat gainbegiratzeko bidali zidaten. Gaztelan, Bierzo eskualdean, erromatarren garaian urre-meategia izandako leku bati buruzkoa zen erreportajea. Nik ez nuen tokia ezagutzen. Testua egin zuen kazetariari honela galdetu nion: Orduan, Medulasen izan zarete grabatzen? (testuan halaxe agertzen baitzen idatzita lekua: Medulas) Eta berak erantzun: Medulasen ez, Médulasen (alegia, [medúlasén ez, médulasén]), Las Médulas baita leku horren izena. Tileta kentzea informazioa kentzea da.

Goazen orain Frantziara. 36. arauan ere (Frantziako errepublikako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenak), grafia-aldaketarik ez duten leku-izenetan, sistematikoki jarri dira azentu grafikoak: Ardèche, Ariège, Corrèze, Côte-d’Or, Drôme, Hérault, Vendée… Eta ohar hau:

32. Arauan esandakoaren ildotik, zeinu diakritikorik gabeko aldaerak ere onartzen dira: Orléans zein Orleans, Périgueux zein Perigueux, Saint-Lô zein Saint-Lo

Gaztelaniaz baino are larriagoa izan daiteke azentu grafikoak kentzea frantsesez (frantsesak 5 diakritiko ditu) , zeren eta, gaztelaniaz ez bezala (dieresia kenduta), balio fonetikoa baitute batzuek; hau da, ahoskera aldatu egiten da. Adibidez, e, è eta é ez dira beti berdin ahoskatzen. Horregatik, adibidez, ez dut uste inork Besançon eta Alençon hiri-izenak Besancon eta Alencon idatziko duenik euskaraz.

Goazen orain, Espainiaren eta Frantziaren gainetik jauzi eginda, urrutiagora. Euskaltzaindiaren 159. arauan (Europako toponimia fisikoa) aurkituko dugu azalpen esplizitua:

Diakritikoak. Euskaraz grafia-aldaketa ez duten leku-izenak jatorrizkoan bezala idazten dira. Leku-izen horietako batzuek zeinu diakritikoak dituzte, eta zeinu horiek beharrezkoak dira leku-izenaren ahoskera edo azentuazio zuzena ziurtatzeko. Arau honetan, zeinu diakritiko horiek agertzen dira euskarazko izendapenean ere (adibidez, Canigó, Göta, Soča, Júcar, Mälaren, Mureş, Öland, Øresund, Sûre, Vištytis…), eta hala idaztea komeni da idazkera jaso zainduan. Nolanahi ere, diakritikorik gabe idatz daitezke maila apalagoko testuetan.

Eta “idazkera jaso zaindua” zein den azaldu beharrik ez da izango, baina, badaezpada: hedabideak, entziklopediak, hezkuntzarako materialak, Administrazioaren idazkiak, literatura eta, oro har, komunikazio formal guztiak (blog hau, adibidez).

Hala ere, Euskaltzaindian ohartuta zeuden diakritiko guztiak ez direla maila berekoak, eta batzuk oso arrotzak gertatzen zaizkigula. Gainera, badira arazo praktikoak ere, zeinu horietako batzuk ez baitaude (hain) eskura. Horregatik, halakoetan diakritikorik gabe idaztea ontzat hartzen da. Hala ageri da, adibidez, 154. arauan (Europako eskualde historiko-politiko nagusiak):

Zeinu diakritikoarekin ( Åland ) nahiz gabe ( Aland ) idatz daiteke. Euskarazko testu arruntetan, ohikoa da diakritiko bereziak (gure ingurunean ohikoak ez direnak) ez idaztea. (…) Zeinu diakritikoarekin (Crişana) nahiz gabe (Crisana) (…) Zeinu diakritikoarekin (Dzūkija) nahiz gabe (Dzukija) (…) (Maramureş) nahiz gabe (Maramures)…

Antzera gertatzen da 157. arauan ere (Europako hiriak), kontrara adierazia:

Gdansk. Zilegi da euskaraz ere jatorrizko grafian duen diakritikoa idaztea: Gdańsk.

Wroclaw. Zilegi da euskaraz ere jatorrizko grafian duen letraz idaztea: Wrocław.

Ez da ohar hori agertzen, jakina, diakritiko ”ezagunen” kasuan, hala nola Zürich, Gijón, Neuchâtel, Göteborg eta abar.

Amaitzeko —gaurkoa luzeegi doa eta—, gogoan izan zer dioen Euskaltzaindiaren 158. arauak —ez da araua, gomendioa baizik— (Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak Euskaltzaindiaren gomendioa):

Euskaraz ere jatorrizkoan bezala idazten diren leku-izenak jatorrizkoan bezala (ahalik eta gertuen) ahoskatzekoak dira.

Eta nola ahoskatu jakiteko, behar-beharrezkoak dira zeinu diakritikoak.

Nik, behintzat, ez dut zalantza-izpirik: kanpoko izenen (grafia aldatzen ez zaien izenen) zeinu diakritikoak (ohikoak, “ezagunak”) bere horretan idatzi behar genituzke euskaraz ere, gainerako hizkuntzetan idaztean egiten dugun bezalaxe. Eta “ezagun” ez direnak, testu-motaren arabera. Adibidez, entziklopedia batean nahitaezkoa litzateke Gdańsk eta Maramureş idaztea. Berria egunkarian, berriz, ez nintzateke harrituko Gdansk eta Maramures ikusita, baina harrituko nintzateke Besancon (eta ez Besançon) edo Tubingen (eta ez Tübingen) ikusita.

Idatziaren kulturaren gainbehera (III)

Asier Larrinaga Larrazabal

Hezkuntza-sisteman hogei urte baino gehiagoko bidea egin badut ere, etsita nago niretzat ez diren testuak ulertu ezin izatera. Kaleko grafitietan konturatu nintzen lehen aldiz igorle batzuek kodetze-sistema eta konposizio kriptikoak erabiltzen zituztela euren mezua interesatzen ez zitzaizkien hartzaileen begien bistan ezkutatzeko. Hala behar du. Edonorentzat zabaltzen diren mezuetan, ordea, igorleak ardurarik handienaz erraztu beharko lieke balizko hartzaileei testua ulertzeko lana. Kontrakoa sumatzen dudanean, idatziaren kulturaren gainbeheraren beste sintoma baten aurrean nagoela pentsatzen dut.

Testuaren estetika beti da inportantea. Jakin nahi nuke nik nork arraio diseinatu zuen Comic Sans MS tipografia itsusi eta uxatzaile hau. Ni, hiru lerro irakurri, eta ase egiten nau.

Baliabide grafikoak zentzu gutxirekin erabiltzen direnean ere, oso litekeena da irakurleari uste baino lan gehiago ematea. Kopuruen berri emateko zifrak eta letrak nahastea, esate baterako, horixe bera da: nahastea. Ez da, ba, errazago prozesatzen «1.123.000», «milioi bat eta 123 mila» baino?

lehen irudia

Edo, ez da laburragoa eta argiagoa «estación de tren», «estación de f.f.c.c.» baino?

bigarren irudia

Eskerrak ondoan ikonoa ipini duten, «f.f.c.c.» interpretatzeko gauza ez bagara ere.

Hala eta guzti, mezu idatzia interpretatzen laguntzeko, erabiltzen den hizkuntzaren mekanismoak ondo ezagutzea eta etekina ateratzea da zuhurrena.

Oso efektista eta ondo pentsatua da pelikula eta telesail askoren hasieran jartzen duten adierazpena: «El Deseo S. A. presenta … Un film de Pedro Almodóvar … “Volver”», «Metro-Goldwyn-Mayer presents … Lillian Gish and John Gilbert … in “La Bohème”». Euskaraz bere horretan itzuli da zenbaitetan.

aurkezten

Esango nuke horrek ez duela funtzionatzen. Euskaraz ari garenean, errazago prozesatzen ditugu objektua aditzaren aurretik daukaten sekuentziak, bestela ordenatuak baino. Zorionez, erraza da filmaren edo telesailaren izenburua aurkeztu aditzaren mendetik ateratzeko formulak asmatzea.

aurkezturik

Goiko adibidean, «Euskal Telebistak aurkezturik, Jaun ta jabe» erabili da, aditz nagusiaren elipsia eginda bezala: «Euskal Telebistak aurkezturik, Jaun ta jabe telesaila dator pantailara».

Vieux chasseur madeleinien

Iñaki Iñurrieta Labaien

Ba ote da madeleinien izenondorik frantsesez? Sarean ez dut aurkitu, eta eskumenean dudan Petit Robert-en ez dator. Hala ere, greziar hark halaxe deitu zion Joxe Austin Arrietari Parisen, iazko azaroan, irribarre konplizez, elkarri agur esan ziotenean Prousten inguruko topaketa batzuen amaieran: «Vieux chasseur madeleinien!». Prousten inguruko jardunaldiak izanik, pentsatzekoa da madalena famatuari egin nahi ziola erreferentzia.

Proustien izenondoa ere ez dator Petit Robert-en, baina ezin esan existitzen ez denik: Parisen mundu osotik bildutako itzultzaile eta espezialista haiek guztiak ziren horren froga nabaria. Proustien, hots, Prousti dagokiona, edo Prousten zalea; beraz, madeleinien, madalenari dagokiona, madalenei atxikia, madalenazalea.

-ien atzizkiak, hala ere, badu beste erabilera bat. Paristar bat parisien den bezala, madeleinien batek Madeleine izeneko leku batekoa behar luke. Frantzian bada La Madeleine izeneko harpe bat, zeinak eman baitio izena Behe Paleolitoko kultura jakin bati, bertan aurkitu zirelako hainbat lanabes, arma eta hilobi, duela 10.000 urte han bizi eta hildako gizakienak. Kultura hura, Europa guztira hedatu baitzen, Historiaurreko lehen kultura europartzat jo omen daiteke, hala irakurri dut Wikipedian.

Leku-izen horrek eman duen adjektiboa magdalénien da, ez madeleinien, baina lehena ez litzateke hain proustien, eta Prousti buruzko topaketa haietan, senak bigarrena agindu bide zion greziarrari: madeleinien. Eta adjektibo horri aurretik vieux chasseur jartzen bazaio, koherentzia osoa du interpretazio honek: itzultzaile greziarrak euskalduna agurtu zuenean, antzina-antzinako ehiztaria zuen gogoan, irri barren konplizean.

Hortaz, beste argi batez argiturik azaltzen zait orain greziarraren esaldia. Greziar bat eta euskaldun bat Comment traduire Proust jardunaldietan, ehun urte betetzen zirela-eta Denbora galduaren bilaren lehen alea argitaratu zenetik. Itzultzaile greziar bat, hau da, garai historikoetan Mendebaldeari kultur sustrai sendoak eman dizkion hizkuntzakoa, madeleinien adjektiboaren asmatzaile. Eta itzultzaile euskaldun bat, Harri Aroko ehiztarien ondorengoa. Oteizari esker, bagenuen Neolitoko euskal gizakiaren berri, bagenekien nola aurkitu zion soluzio estetikoa giza izatearen larriari. Orain, berriz, itzultzaile greziar baten intuizio poetikoari esker, aurkitu dugu Proustek berak ere amona euskaldunen bat zuela apika arbasoen artean.

Greziarrak parekatu zituen Harri Aroko ehiztaria eta madalenazalea. Greziar baten intuizioa da, hots, Sokrates, Platon, Aristoteles eta enparauen jatorriko batena, Europaren kulturari abiapuntu funtsezkoa jarri zion herriko, hizkuntzako batena. Baina beharbada hura ere topikoen mende zegoen; beharbada, Arrietari entzundakoen eraginaren ondorioz esan zituen hiru hitzok. Donostiarrak aipatuak baitzituen, besteak beste, Theo Vannemann hizkuntzalari alemanak Europako hidrotoponimiaz esandakoak eta Stephen Oppenheimer eta David Goldstein genetista britainiarren hipotesiak, zeinen arabera ba omen den euskal substratu bat Europa preindoeuroparrean oso hedatua, Europako ekialderaino eta Britainiar eta Irlandako uharteetaraino.

Denbora galduaren bila hasita, urruntxo joan ote zen Arrieta, Swann-enetik itzulpenari buruz hitz egiteko asmoz horiek guztiak bota zituenean? Horraino iritsi beharra ote dago Parisen uler dezaten, Proust nola itzultzen dugun ez ezik, zergatik itzultzen dugun Proust? Izan ere, hara bildu ziren itzultzaile eta espezialista proustien guztiek ez zuten halakorik azaltzeko beharrik izan, zuzenean ekin zioten Comment traduire Proust gaiari; guk, ordea, comment horren aurretik pourquoi azaldu beharra dugu.

«Gu ere hemengoak gara!», aldarrikatu zien euskaldunak Parisera bildutakoei. Aldarrika zezakeen «geu gara hemengoak!», eskubide osoz, baina uneak eta lekuak eskatzen zuen politessez jarduten jakin zuen. Parisera bildutakoek oso ondo hartu zizkioten esandako guztiak, jakin-minez, harriduraz ere bai apika, baina, ziur asko, denek ez zioten berdin aditu. Paristarrek aditu zioten okerren, egingo nuke.

Edo, beharbada, ondoegi aditu zioten. Ponentzia guztiak argitaratzera doazen honetan –non eta Classiques Garnier argitaletxe ospetsuan!–, Joxe Austinek irakurritakoa zatikatzekotan omen dira. Ehiza zatikatu ohi den bezala, hau da, parte bat izenburuaren auziaren inguruko sailera eraman, beste parte bat, sintaxiaren ingurukora, eta beste parte bat, hain zuzen ere Proust euskaratzeko dugun gogoaz ari dena… nora? Beharbada, inora ere ez. Euskaldunontzat, ehiztari zaharraren irudia baino nahiago dute Voltaireren beste hura, Pirinioen maldetan dantzatzen den herri batena. Nahi duena esatea dauka Koldo Izagirrek, gu ez gara parisien.

Greziarrak ere ondo ulertu zion, irribarre konplizez, irri barren-barrenetik «Vieux chasseur madeleinien!» bota zionean. Euskarazko itzulpenari buruz esandako hitzek madalena baten aho-gozoa sorrarazi zioten hari. Nori, eta greziar bati, barbaro zaharberrituek ito nahi duten herri bateko herritarrari. Jakintza poetiko halako bat piztu zuten harengan: denbora galduaren bila hasita, nor gu euskaldunok baino madeleinienago?

Fiction or fake

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Fake kontuak askoren ahotan dauden honetan, fikzioko euskaran ahozkotasunak duen edo ez duen islaz nahi dut nire gogoeta txikia egin gaur. Nire arazoa izango da, seguru aski, baina sarri gertatzen zait, fikzio liburu bateko dialogoak irakurtzen ditudanean, halako deserosotasuna sentitzea, dialogo horien ezaugarriak bat ez datozenean ahozko euskarari edo euskarazko ahozkotasunari dagokionez dudan (denok dugun) esperientziarekin, fikziozko pertsonaiak egiantzekotasunari jarraituz eduki beharko lituzkeen ezaugarri linguistikoekin, alegia. Gogoan dut gazteagoa nintzelarik noizean behin eztabaidagai zela ea pertsonaia erdaldun batek (polizia nazional batek, kasurako) euskaraz hitz egin zezakeen euskarazko eleberri batean, ala erdaraz soilik; ez dakit eztabaidagai hori gainditua dagoen ala ez, baina bai iruditzen zait gaur ez duela garai hartan zeukan karga subjektiboa. Hala ere, euskarazko fikzioan agertzen d(ir)en hizkuntza(k) hautu estilistiko bati jarraituz agertzen dira, pertsonaiei sinesgarritasun handiagoa ematearren, beharbada; edo horretan laguntzen dute, beinik behin, nire ustez. Eta ez dakit zenbateraino hartzen ote den hori kontuan.

Martutene eleberrian, adibidez, gaztelania agertzen da dialogo askotan, baita ingelesa ere, eta ez bakarrik pertsonaien jatorria edo nortasuna zehazteko, baina baita haien hizkuntza-ezaugarri modura ere. Ez dut uste horrek inolako kritikarik piztu duenik inon. Gure hizkuntzaren errealitatea topatzen dut irakurtzen dudanean pertsonaia batek “Lo sabes muy bien” esaten, eta besteak “Ez dakit” erantzuten, eta lehenengoak berriro “Sí lo sabes”. Honen antzeko dialogoak ere topatzen ditugu denok gure eguneroko errealitatean eta pertsonaia horiek, gure begietan, sinesgarriagoak dira horrela (edo horrela ere bai).

Aldiz, zalantza handiagoa izaten dut beste liburu batzuetan, jatorriz euskaraz idatziak izan nahiz itzuliak izan, pertsonaia baten dialogoetan agertzen denean haren ezaugarriei ez dagokion euskara modu bat, euskara superzuzena, arauzkoa, zalantzagabea, perfektua. Euskarazko prosa ezin hobean mintzo den pertsonaia hori badakit fikziokoa dela, baina, sentitzen dut esatea, fake sentsazioa uzten dit, nire barneko torloju lasaren batek eragotzi egiten dit pertsonaia hori sinesgarritzat jotzea eta, ondorioz, berarekin enpatizatzea. Ez dakit blog hau irakurtzen duzuenoi ere antzera gertatzen zaizuen, gustatuko litzaidake jakitea.

Bidenabar esanda, erdaraz ere gertatzen zait fenomeno berbera, zenbait kasutan. Ikusita baduzue The Newsroom seriea, gogoan izango duzue oso dialogo landuak zituztela, bikainak, zorrotzak, zehatzak, aberastasun lexiko apartekoak… sinestezinak, azken batean. Fikzio ona iruditzen zitzaidan, jorratzen zituzten gaiak interesgarriak, pertsonaiak bezala, baina… Baina hori, fake sentsazioa uzten zidaten, ezinezkoa baita pertsonaia haien ahotan jarria zuten bikaintasun linguistikoa eta maila dialektiko liluragarria topatzea errealitatean. Ume euskaldun baten ahotan, zeniezazkidakeen bat entzutea bezain ezinezkoa.

Aldaerak eta aldakiak

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntzaz ari garenean, aldatu aditzaren eratorri ugari erabiltzen ditugu. Hizkuntzak denboran zehar aldatu egiten direla esaten dugu eta, beraz, hizkuntza-aldaketaz hitz egiten dugu. Iñaki Caminoren[1] hitzak hona ekarriz, «esan ohi da, gainera, hizkuntza batek aldaketak jasatea, eguneroko bere ohiko eginkizunak asetzearen ondorioa baizik ez dela; aldaketarik eza, hizkuntza bat itzaltzeko bidean den adierazgarri izan ohi da gehienetan».

Halaber, hizkuntzaren erabileraz ari garenean, hizkuntza homogeneoa ez dela esaten dugu: hiztunez hiztun, hiztunen jatorri geografikoaren eta sozialaren arabera, eta komunikazio-egoeretara egokitzeko aldatzen dugu hizkuntzaren erabilera, alegia, hizkuntza-baliabide batzuk edo beste batzuk aukeratzen ditugu. Hori dela eta, hizkuntzaren aldakortasuna soziolinguisten eta, oro har, hizkuntzalarien interesa biziki erakartzen duen fenomenoa da. Gramatika- edo hiztegi-baliabide batzuen erabilera-maiztasuna aldatu egiten da eremu geografikoen, gizarte-taldeen edota komunikazio-egoeren arabera. Abstrakzioa eginez, edota aldagai anitzeko analisi estatistikoak eginez, aldaera dialektalez eta aldaera funtzionalez hitz egin dezakegu edo, beste termino batzuk erabiliz, hizkuntza baten hizkerez, dialektoez eta erregistroez. Hizkuntza-unitate batek dituen askotariko gauzatzeetako bakoitzari, aldaki esaten diogu, eta aldaki ortografiko, fonetiko-fonologiko edota morfologikoez hitz egiten dugu. Terminologiaz ari garenean, adibidez, terminoen bi alderdiak, alegia, forma eta esanahia aldakorrak direnez, termino bakar baten forma-aldakiak eta kontzeptu-aldakiak bereizten ditugu.

Bistan da goiko bi paragrafo horietan nire eta nire inguruko batzuen erabilera laburbiltzen saiatu naizela baina, euskararen komunitate osoa kontuan hartzen badugu, auzia zirriborratu dudana baino askoz ere korapilatsuagoa dela. Izan ere, aldaera eta aldaki izenen erabilera antzemateko corpusetara jotzen badugu, deskribatu dudan erabilerarekin bat datozen adibideak aurki ditzakegu bai, baina baita banaketa horrekin bat ez datozen adibide ugari ere. Adibide bakan batzuk atera ditut ETC corpusetik eta Web-corpusen ataritik. Espero izatekoa denez, hemen jorratzen ari naizen gaitik urruntzen diren adibide ugari daude, adibidez, biologiarekin, administrazioarekin edota askotariko gai orokorrekin zerikusia dutenak. Horiek ez ditut kontuan hartuko, gehiegi luzatzeko arriskua saihesteagatik.

Zirriborratutako erabilerarekin bat datozen zenbait adibide eskainiko ditut lehenengoz:

  • Horiek guztiek, normalean, kontaktu zuzena izan dute hizkuntzaren aldaera jaso, formal, idatziarekin. Eta kontaktu hori, hamarretik bederatzietan, euskara batuaren bidez edo euskara batua kontuan hartuz gertatu da.
  • -te euskal morfoa, zenbait adizki pertsonaletan pluraltasuna markatzen duena eta ia ziur txistukari ahoskabeen ondorengo -de pluralaren –te aldakiaren hedapena dena, aditzetan hirugarren objektu plurala markatzen duen -ten atzizki berberearekin konparatzen du.
  • Ñabardurak, esakuneak, lokuzioak, sinonimoak zein aldakiak, horiek guztiak euskararen osasunaren adierazgarri badira, hemendik aurrera baliabide bat gehiago daukagu guztiok.

Aipatu erabilerarekin bat ez datozenak emango ditut ondoren:

  • Aldaketa diakroniko guztiak aldakortasun sinkroniko gisa hasten dira, dialekto batek aldaki edo erregistro estilistikoak baldin baditu, esaterako.
  • Grafian egon daitezkeen aldaerak ere hartu ditu kontuan (etxe, etche, adibidez).
  • Lehenik ikusi behar da ea ezaugarri edo aldaera bat dialekto jakin batean nahitaezkoa den ala ez: dialekto horretan beste aldaera zentzukiderik erabiltzen ez bada, baitezpada erabiltzekoa da.

Ingelesez eta gaztelaniaz, guk aldaera esaten diogun kontzepturako nagusiki variety / variedad erabiltzen dela esango nuke,  baina zenbaitetan  variant / variante ere ikus daiteke testuetan. Guk aldaki esan diogunerako, aldiz, sistematikoki variant / variante erabiltzen dela esango nuke. Azpimarratu beharrekoa da euskarazko corpusetan aurkitu ditudan adibideetan asistematikotasun handiagoa antzeman daitekeela gaztelaniaz eta ingelesez baino, bi terminoak (aldaera eta aldaki) azaltzen baitira kontzeptu biei lotuta. Esanahi konposizionala kontuan hartuta, bi hitz horien harmonizazioari nolabaiteko ekarpena egin nahi bagenio, logikoena litzateke aldaera hitza ‘aldatzeko moduarekin’ lotzea, morfologia hori duten hitzen antzera (pentsaera, ikuskera, idazkera, portaera, jokaera, janzkera, ibilera, egoera…) eta, hizkuntzalaritzaren alorrean, variety / variedad  horren ordaintzat hartzea. Aldaki, aldiz, ‘aldatzen den edo besteetatik bereizten den unitatea’ (variant / variante) izatea litzateke logikoena, atzizki bera duten hitzen antzera (inprimaki, zatiki, hizki, gizaki, liburuki, euskalki).  Baina bide horretatik al doaz euskal hiztegiak?

Hasteko, Orotariko Euskal Hiztegian aldaki sarrerak bi azpisarrera ditu: 1 Variante. 2 Copia. Ejemplar de una publicación. Hiztegi berean, aldaera sarrerak sei azpisarrera ditu: 1 Cambio. 2 Traslado. 3 Modo de mutación 4 Ajuar. 5 Variante 6 (Aldeera) Momento de marcharse. Bi sarreretan ageri da, beraz, variante ordaina, baina batean ere ez variedad ordaina. Orotariko Euskal Hiztegian islatzen den aldaera hitzaren polisemia handia bat dator bi sarrerek corpusetan ematen dituzten agerraldi kopuruekin: ETC corpusa (aldaki 214; aldaera 6.424); Web-corpusen ataria (aldaki 828; aldaera 5.609).

Harrigarria bada ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da jaso aldaki izenaren lehen adiera, eta aldaera sarreraren barruan definitu dira variedad / variety eta variante / variant izenen esanahiak:

aldaki iz. Kopia. Eskutitzaren aldaki bat bidali. Salmenta agiriaren hiru aldaki egin ziren.

Aldaera 1 iz. Aldatzea, aldaketa. Toki aldaera

2 iz. Oinarritzat edo eredutzat hartzen denarekiko desberdintasunen bat duen beste era bat. Hitz baten, bertso baten aldaerak. Barri, berri-ren aldaera da. Bigarren argitaraldirako aldaerak.

3 iz. Oinarritzat edo eredutzat hartzen denarekiko desberdintasunen bat duen azpisaila. Euskalki baten aldaerak eta hizkerak. Landare mota baten aldaerak. Zurtoin malguak dituen arrosa aldaera.

Hiztegi eleanitzetan, Zehazki hiztegian variedad zein variante bilatuta, aldaera ordaina aurkituko dugu, eta copia bilatu beharko dugu aldaki ordaina aurkitzeko. Elhuyar Hiztegietan, aldiz, variante/ variant bilatuta, aldaera eta aldaki ordainak aurkituko ditugu eta, variedad / variety bilatuta, aldiz, aldaera baino ez. Aldaki ordaina aurkituko dugu copia bilatuta ere. Nolanahi ere, Elhuyar hiztegietan aldaki sarrera bilatuz gero, copia, reproducción / copy, reproduction baino ez dugu aurkituko: variante/ variant ordainen arrastorik ez. Aldaera bilatuta, aldiz, variante / variant baino ez dugu aurkituko: variedad / variety ordainik ez. Euskalterm datu-base terminologikoan aldaera ageri da hainbat terminotan, baina batean ere ez dugu aurkituko aldaki elementua.

Ondorio modura esan daiteke euskal hiztegiek ez dituztela osorik islatzen aldaki eta aldaera hitzen gaurko erabilerak eta adierak. Arriskutsu deritzot hutsune horri, gerta baitaiteke (sozio)linguistikaren alorrean hizpide ditugun terminoak zehaztasun handiagoaz adierazteko erabil daitezkeen euskal bi hitz horien arteko bereizketa oztopatzea. Izan ere, lekuko izan nintzen behin, lehiaketa batean, epaimahaiburuak aurkezpena egiten ari zen irakasle bati aldaki terminoaren erabilera zuzendu zionean argudiatuz aldaki hitzak kopia esan nahi duela eta ez bariante. Nire iritziz, hiztegiek aldaki eta aldaera hitzen banaketa harmonizatzen lagundu beharko lukete, osterantzean, bereizketa horretarako oztopo izan litezke eta.


[1] Camino, Iñaki (2009) Dialektologiatik euskalkietara tradizioan gaindi. Donostia: Elkar