Hooligan

Iñaki Segurola

Aparteko adurra dauka J.L. Zabalak nere modukoei hizpidea ematen. Oraindik oraintsu, hementxe bertan adierazi digu «euskalzulo» izatea bihotzeko gorabehera bat dela, eta zerekin berdinduko? eta hooliganismoarekin berdindu ez digu ba! Nere gaurko hau berdintze edo konparazio horren okerra salatzera dator.

Tokatu ere halaxe tokatzen zait, neure eskutikakoa delako «euskalzulo» hitz horren gurasotza letrazkoa. Eta gogora ekar nezake nondik nora sentitu nuen nik ez nengoela batere gozo eta eroso «euskaltzale» hitzaren estalkipean. Orain urte batzuk, eta orain ere hortxe nonbait, euskaltzale hitzeko -zale horrek tankera haundiegia zeukan esnezale-ko zalearena: euskaltzaleak euskara-saltzailea gehiago zirudien euskaraz-egin-zalea baino. Dena zen –edo hala sentitzen nuen nik– euskalgintza (euskara egina ez balego bezala) eta dena zen euskararen industria, fakturazioa eta holako. Garaitsu hartan asmatu zuten Euskararen Unibertsoa izeneko haundikeria hura, eta garaitsu hartan gertatu zen estadioak «euskararen alde» bete beharra. Horrixe hartzen nion eta hartzen diot hooliganismoaren tankera, ezeri hartzekotan; ez bakarrik estadioetan izan zirelako ekitaldi eta erakustaldi jendetsu haiek, baina horregatik ere bai.

Zabalak elkarren parean ikusten ditu euskararekiko zaletasuna eta Donostiako Sozietate Reala deritzan fubol-taldearekikoa, eta nik ezin uler nezake inolako moduz nolaz izan litekeen hori. Ni ere izana naiz fubol-talde baten zalea, zale sutsua, baina Lagun Onak izeneko herriko taldearen zale izatetik ez nintzen sekula pasa, eta aspaldi itzali zitzaidan su hura, jakina. Oraindik ez daukat osotara atzendua ordea, eta, beraz, badakit zer den izen bat, kolore batzuk, herri bat… zer? bihotzean eramatea? sentitzea? Bai: egia da irabazitakoan poz hartzen zela, eta galdutakoan mina, baina poz-min haiek eta euskarak honako euskalzulo honi eman izan dizkionak ez dute gauak eta egunak baino elkarren antz haundiagorik.

Ez dut uste hooliganismoa oso barruko gauza denik; oso ikusgarria eta, nolazpait esateko, imintziotsua izan daiteke eta da, baina axaleko seta errea edo tema itsua delakoan nago funtsean. Nik esan behar banu, iruditzen zait zinezko deus sentitu edo adierazi ezinak daramala bat hooliganismoak duen senti-adierazte handizkatu eta lehertu horretara. Hooliganismoak etsai bat behar du, tamainako etsai bat, pareko etsai bat, baina euskalzuloak nahiago luke euskarak batere etsairik ez balu; hooliganismoak derbyak maite ditu, eta herri bat beste baten kontrako xextra amorratuan jartzen du, baina euskalzuloak ez dauka holakorik batere, eta munduko herri eta hiri guztiei opa die euskara eder batean mintzatzea.

Hooliganismoa «guka» mintzo da joan den aspaldian. Lehen, gehienaz ere, «irabazi dugu», «galdu egin dugu» eta holakoak esaten genituen, baina orain «gaizki jokatu dugu», «min hartu dugu» eta antzekoak botatzen dituzte, batasun eta inplikazio bat barregarrizko moduan antzeztuaz, fanatismo ikusmirante huts bat dela ezkutatu nahian eta ezinean. Fanatismo ikusmirantea, koloreak, izena, gutarrismo antzeztua: horiek oro egon litezke eta daude euskaltzaleen munduan, eta, besteak beste, horrexegatik atera behar izan genuen «euskalzulo» hitza plazara.

Euskararen amazuloak gara, eta bizia desengainutik desengainura daramagu. Galeraren eta galdu-beldurraren minak bizi gaitu. Ez da ideia bat, ez da izen bat, ez dira kolore batzuk, ez da etsai-premia bat. Ez dakigu zer den, baina bihotz-belarrietako zerbait da. «Maitasuna», «atxikimendua», «eraspena» dei dakioke, baina hobe da inolako moduz ez deitzea edo izendatzea: izen substantiboek ezinbesean sortzen dute zer diogun zehazki badakigulako irudipena, eta nik nahiago dut esatea bihotz-belarrietako zerbait dela, bere soilean eta bere ezean.

Bidenabar esanda, euskalzuloak gutxi gara. Euskaltzale imintziotsuak asko, eta axolagabeak, aldiz, gehiengoa. Ez ditut epaitzen: eskubide osoa dute axolarik ez izateko, eta boladatan neuk ere haietakoa izan nahi nuke, baina euskalzuloarentzat, bihotz-belarrietako euskalzuloarentzat, axolarik ez izate hori bihotz-gogortasun eta barruko gorraize bat besterik ezin liteke izan, eta horrexegatik nahigabetzen gaitu ezin esan ahalako moduan. Ez luke hala behar, baina euskalzuloak berekin dakar maiz belaka eta ustel-antxa izatea (hipersentibera, euskara zurian esanik).

Ohartxo bat, azkenik, hooliganismoa eta bihotza elkarren parean jartzeaz. Buru-bihotzen arteko etena da gure oker askoren zuztarra, bai, baina berez eta izatez, gauza burutsuek ez dute zertan izanik bihozgabeak eta ankerrak eta, orobat, bihotzeko gauzek ez dute zertan izanik burugabeak, arrazoigabeak eta hooligantiarrak. Komeni da esanda uztea ama euskarak erakutsitako era argi eta gozoan.

Erakusle-festa

Alfontso Mujika

Jainkoak Sinai mendian Moisesi hamar aginduak nola, euskara batuaren aginduak eman zizkigun Koldo Mitxelenak 1968an. Baina, Mitxelena ez baitzen jainkoa, ezin izan zuen dena zehaztu. Morfologiari buruz ziharduela, honela idatzita utzi zigun duela 47 urte:

Gogoan hartu eta eduki behar dugu, nahiz izenaren deklinazioa argi xamar dagoen, istilu larriak ditugula oraindik izen-orde edo izen-ordainekin. Erakusleak aipatuko ditut (hau, hori, hura, eta horien ondorengoak) gai honetan dauzkagun nahasketen oroikarri.

(Koldo Mitxelena, “Ortografia”, XIII – Euskera XIII, 1968).

Eta erakusleak arautzean agertu zen “istilu larri” horien isla, instrumentalean batez ere. 1979an izan zen. Honela zioen Patxi Altunak (Euskera XXIV, 1979-2):

(…) Orobat honetaz, horretaz, hartaz instrumental delako kasoan, horien ondoan honez, horrez eta harez ere sarturik, halaz ere, honez gain, harez gero eta hauen antzekoak esateko; -taz iruditu zaigu, beraz, egokiena, zaharrena ez bada ere, eta horrenbestez -zaz eta -tzaz baztertu ditugu.

(…) Hona, beraz, ondoren batzordearen proposamena:

honetaz               horretaz              hartaz
honez                   horrez                  harez
hauetaz               horietaz               haietaz
hauez                   horiez                   haiez

(…)

Euskaltzaindiak bi txandatan onartu zuen Erakusleen proposamena: Otsailaren 23ko batzarrean Donostian, eta Uztaileko 20an Elizondon. Aurreko zerrenda onartu zuen, xehetasun hauek gaineratuz:

(…)

-taz, -zaz: biak onartu ziren; -taz ageri da zerrendan, baina honezaz, horrezaz, harzaz; hauezaz, horiezaz, haiezaz ere ez dira gaitzesten.

Geroztik, beraz, hiru aldaera dabiltza dantzan, hirurak baitaude onartuak:

honetaz, honezaz, honez // hauetaz, hauezaz, hauez
horretaz, horrezaz, horrez // horietaz, horiezaz, horiez
hartaz, harzaz, harez // haietaz, haiezaz, haiez
(harzaz, 1979an onartu bazen ere, ez da ageri EGLUn. Ez dakit zergatik)

Hala ere, bada zalantza bat. Azken sailekoak besteak bezala erabil daitezke (edo erabiltzea komeni da) euskara batuan? Alegia, zuzentzekoak al dira, adibidez, esaldi hauek?:

  • Begien bistako lilura horrez gainera, badu horrek bestelako sinbolorik.
  • Eta etxe horrez mintzatu ziren.
  • Ez ziren lagun horiez oroitu.

Hiztegi Batuan, esamolde batzuetan ageri dira aldaera horiek:

honez aurrera, honez gain, honez gainera, honezkero, horrez aparte, horrez gain, horrez gainera, horrezkero, harrezkero.

Hala ere, ulertu behar dugu hor agertzeak esan nahi duela forma fosilduak direla. Horregatik ez dira agertzen hiztegian, adibidez, honetaz aurrera edo horretaz gainera, ez ezinezkoak direlako, baizik eta, alderantziz, aurre eta gain postposizio emankorren kasu arruntak direlako.

Argibidea eskatu nuen, 2003an, Euskaltzaindian, eta honela erantzun zuen Gramatika batzordeak:

Euskal idazleen tradizioa azterturik, Gramatika batzordeak honako hau adierazten du:

– Denetarik dago literatura tradizioan.

– Ez dute arau-balio bera Euskaltzaindiaren erabaki batek (1979koak) eta Gramatika batzordeak egindako lanek (esate baterako, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak-1 (Eranskina) liburuak edo Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuak). Lehena, Euskaltzaindiak berak onartua da; bigarrena, aldiz, Euskaltzaindiko batzorde batek.

– Euskaltzaindiak ez du bertan behera utzi 1979ko erabaki hura (ikus Euskera XXIV (1979-2), 629.-632. or.). Hortaz, Gramatika batzordeak honako hau dio, nahiz Euskaltzaindiak ez duen hartu, esandakoaz gain, bestelako erabakirik:

o      honetaz, horretaz eta hartaz formak eta gainerakoak (honezaz, honez, horrezaz, horrez eta harez) baliokideak dira eta ezin dira bereizi erabilera-esparruaren arabera.

o      honetaz, horretaz eta hartaz (eta hauetaz, horietaz eta haietaz) hobesten ditu Gramatika batzordeak euskara baturako.

o      honezaz, horrezaz eta harzaz (eta hauezaz, horiezaz eta haiezaz) ez ditu gaitzesten.

o      honetzaz, horretzaz eta hartzaz (eta hauetzaz, horietzaz eta haietzaz) baztertzen ditu.

o      honez, horrez eta harez (eta hauez, horiez eta haiez) hainbat esapide jakinetan soilik erabili behar dira, ez erakusle soil moduan (Ikus Gramatika batzordearen 2001eko erabakia). “Antzeko esapideak” dira Euskaltzaindiak oraingoz Hiztegi Batuan onartutakoak (honezkero, horrezkero, harrezkero).

o      Gainerako formen gainean Gramatika batzordeak ez du ezer ere esaten. Nolanahi ere, esan daiteke literaturan goian aipatu erakusleekin gain, gero eta beste maizago erabili direla, eta horiek direla gehien ageri direnak, ezen ez aparte, landa, haraindi eta kanpo.

Horrela zeuden gauzak 2003an, eta ez da ezer aldatu geroztik (geroztik aldatu den bakarra zera da, Hiztegi Batuak, gerora, forma gehiago onartu dituela Gramatika batzordeak orduan aipatutako hirurez gainera). Noizbait zehaztuko du hori, beharbada, Euskaltzaindiak (ez batzorde batek), baina, bitartean, bada irizpide argi samarra Gramatika batzordeak emandakoa.

Irizpide horri helduta, honez, horrez, harez, hauez, horiez, haiez aldaerak ez ditugu emankortzat jotzen Elhuyarren, estilo-erabaki gisa, eta Hiztegi Batuak jasotzen dituen formak besterik ez dugu ontzat ematen. Horrenbestez, zuzendu egingo genituzke gorago azaldutako hiru adibideak. Honela:

  • Begien bistako lilura horretaz gainera, badu horrek bestelako sinbolorik.
  • Eta etxe horretaz mintzatu ziren.
  • Ez ziren lagun horietaz oroitu.

Adi lehenengo adibideari! horrez gainera ageri da, baina ez Hiztegi Batuak jasotzen duen lokuzio edo lokailu gisa (alegia, gainera lokuzioa jasotzen duen bezala) edo Gramatika batzordeak aipatzen duen “antzeko esapide” gisa (alegia, erakuslearen ezkerrean izenik ez dagoela), adibide horretan ez baitago inolako esapide edo lokuziorik, eraikuntza sintagmatiko arrunt bat baizik (izena + erakuslea + gain). Hau da, horrez gainera lokuzio bat da, eta horregatik ageri da hiztegian; aldiz, lilura horrez gainera ez da lokuzio bat. Ñabardura finegia irudituko zaizu, beharbada, baina ez da logikarik gabea.

Azken ohartxo bat: Gramatika batzordearen iritzia kontuan hartzera, egokitzekoak lirateke, adibidez, Euskaltzaindiaren hiztegian ageri diren bi esaldi hauek ere: Eritasun honez kutsaturik gertatzen bazara (gertatu sarrerako adibide bat da) eta Hitz horiez hasten den kristau otoitza (abemaria sarrerako definizioa).

Argudio historikoa eta txioak

Gidor Bilbao

Josune Barandiaran musika-irakasle eta bazkideak proposatu zion GEU Gasteiz Euskalduna Elkarteari: zergatik ez gara saiatzen Gasteizko jaien hasieran Zeledonen kanta euskaraz kantatu dadin, Iruñeko entzierroetan 2009az geroztik egiten den moduan? Elkarteak, 2015eko maiatzean, bere egitekotzat onartu zuen horretarako urratsak ematea: itzulpena paratu, Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordearekin adostu zabalkundea, Udaleko arduradunekin hitz egin…

Arabako Bertsozale Elkarteari eskatu zitzaion itzulpena egiteko, bereziki kontuan izanik kantatua izan behar zela. Ruben Sanchezek egin zuen itzulpen-bertsio ausart bat, 21. mendera moldatua: erlijio katolikoaren erreferentziak egokituta, emakumeen irudia aldatuta… Bi lerro nagusietarako, hau proposatu zuen:

Celedón ha hecho una casa nueva; / Celedón, con ventana y balcón.

Zeledoi, a ze etxe berria! / Zeledoi, leiho eta balkoi!

GEU Elkarteak bertsio hori onartu eta bultzatu zuen. Blusa eta Nesken Batzordeari ez zitzaion gustatu, ordea, eta uztaileko bigarren hamabostaldian (Zeledon abuztuaren 4an iristen da Gasteizera!), bazirudien ez zegoela aukerarik bertsio bat kontsentsuz adosteko, eta egokiagoa izango zela kontua 2016rako uztea…

Uztailaren 23an mirakulua gertatu arte. Argudio historikoa! Blusa eta Nesken Batzordeak «jatorrizko partitura» zelakoan ekarri zuten 1933ko argitalpen baten fotokopia, eta hor euskaraz eta gaztelaniaz agertzen zen testua! A ze lotsa «Informazioa eta dokumentazioa itzultzaile-interpreteentzat» asignatura irakasten dudan honentzat! Nola ez zitzaidan lehenago bururatu ea itzulpen zaharrik (edo euskarazko jatorrizkorik) ote zegoen aztertzea?

Uztaileko azken egunetan berreraiki genuen, parte batean behintzat, Sancho el Sabio Fundazioaren Bibliotekan eta Errenteriako Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan gorderiko dokumentuetan oinarriturik, kantu ospetsuaren historia. Ezagutzen den partitura zaharrena 1918koa da, eta Mariano San Miguel Urzelai agertzen da egiletzat. Letra osoarekin aurkitu dugun lehenengo dolumentua 1923koa da; letra gaztelaniaz dago eta «Letra y música de M. San Miguel» dakar. 1933an, Tolosako Lopez-Mendizabal argitaletxeak eta Eusko Ikaskuntzak sorturiko Editorial de Música Vasca musika-argitaletxeak moldaketa bat argitaratu zuen, pianoarentzat eta ahotsarentzat; partitura horretan, gaztelaniazko letrarekin batera euskarazko itzulpena dator.

Ez dakigu itzulpen hori nork egin zuen (agian beste batean jardungo dugu horri buruz: Odon Apraiz? Kepa Enbeita?), baina partituran Mariano San Miguel agertzen da egile gisa. Ez dakigu konpositoreak euskaraz ote zekien ere: ama oñatiarra zuen, baina bera, Oñatin jaioa izan arren, gazte aldatu zen Madrilera. Edozelan ere, pentsatu behar da 1933ko itzulpenak gutxienez haren onarpena izango zuela, artean bizirik baitzen eta hain zuzen halako argitalpenak ondo ezagutzen baitzituen (Harmonia aldizkaria sortu zuen 1916an).

Itzulpena mendebaldeko euskaran egina zen eta garai hartako grafian idatzia:

Zeledon, etxe barria ein dok; / Zeledon, balkoi ta leio, bron!

Blusa eta Nesken Batzordeak bere horretan kantatzea proposatzen zuen. Geu Elkartean, argi genuen ezinbestekoa zela bertsio eguneratua paratzea. Horren eguneratze automatikoak honelatsuko bertsioa emango zukeen:

Zeledon! Etxe berria egin duk! / Zeledon! Balkoi eta leiho! Bron!

Bertsio berriaren arazoak eztabaidatu ziren: bron onomatopeia bitxia (denok ginen kentzearen alde), ta > eta aldaketarekin silaba bat gehiago izatea (kantatzeko izan arren, bagenekien idatziz zabalduko zela, eta gero ere eskoletan erabiliko dela pentsatu nahi genuen), Zeledoi / Zeledon aukerak (Euskaltzaindiko Onomastika Batzordearen irizpidea ala zeledoi txiki eta halakoetan bidea egina duen forma), duk erabiltzean Zeledonen gizon (eta ez emakume) izatea nabarmentzea (eta, gainera, gaztelaniazkoaren subjektua aldatzea)… Azkenean, 1933koaren bertsio doitu hau proposatzea erabaki zen:

Zeledon! Etxe berria egin duk! / Zeledon! Balkoian leiho on!

Euskaltzaindiaren arau, aholku, gomendio eta irizpide guztien meneko, gaztelaniazkoarekin leial baina aske, Zeledonen gizontasuna zalantzan jartzeko uzkur… baina, batez ere, 1933koaren oinordeko: argudio historikoa!

Hortik aurrerakoa txioek egin zuten. Hobeto esanda, Geu Elkarteko txiolari adituek (Naroa, Eñaut, Zuriñe, Saioa, beste Zuriñe…). Norbait Udalaren ordezkariekin eztabaidatzen ari zen artean ea letra hori balkoian pankarta batean ipintzea egokia zenetz, txiolariek Euskal Herri osotik hedatua zuten abuztuaren 4an Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan entzun nahi zuten kantua, 1933koaren oinordekoa.

Bando, bando! Meikuk esan do!

Lierni Garmendia Arratibel

Itzultzaileak bere ama-hizkuntzara itzuli behar du beti. Ondo barneratuta daukagu itzulpengintza-ikasleok lege hori, behin eta berriro entzuten baitugu irakasleen ahotik. Lege hori betetzeko, ordea, legea bera baino gehiago, nork bere ama-hizkuntza ezagutu behar du lehenik eta behin. Zentzuzkoa da. Bai eta beharrezkoa ere. Hanka eta buru ez ezik, zilborrik ere badu.

Zentzuzkoa delako aitzakian, ordea, ziurtzat jotzen da itzultzailea bere ama-hizkuntzara itzultzeko gai dela, eta horrekin batera, atzerriko hizkuntzak ikasteari eskaintzen zaizkion lau ikasturteek jan egiten dute ama-hizkuntza ezagutzeari eskaintzen zaion bakarra. Atzerriko hizkuntzen goseak itsutzen du ikaslea. Itzulpengintza profesionalaren munduak begiak zabaldu arte.

Horren harira, joan den astean gogoeta egitera behartu ninduen galdera bat egin zidan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan hasi berri den ikasle euskaldun batek. Dei diezaiogun Ander. Ama-hizkuntza euskara du, baina prestakuntzan zehar alemanetik eta txineratik gaztelaniara itzuliko du, katalana tarteko. Ama-hizkuntza euskara izanda ere, etorkizunean euskarara itzultzeko gai izango da? Eta ingelesetik itzultzeko, ingeles-maila altua izanda ere? Anderrek berak erantzun zion galderari, nik emango niokeen erantzuna hori zela jakin gabe: «Prestaketarik gabe ez, ezta?».

Prestakuntza akademikoa, profesionala zein nork bere kabuzkoa izan, hori gabe ezin da hizkuntza batetik bestera itzultzeko gaitasuna garatu. Medikuak janaria irentsi aurretik ondo mastekatzea gomendatu, eta kasu egiten diogu. Ohiko 15 minutuak luzatu eta 30 eskaintzen dizkiogu otordu bakoitzari, pusketa bakoitza bost, hamar eta hogei aldiz ere mastekatzearren. Osasunaren onerako ei da. Orduan, zergatik ez luzatu ama-hizkuntza ezagutzeari eskaintzen zaion denbora? Gure itzulpenen onerako izango da. Egin kasu medikuari: hizkuntza bat irensteko, ondo mastekatu behar da estreina.

Hizkuntza bat ez da beste bat baino garrantzitsuagoa, baina atzerriko lanak etxera ekartzeaz ari bagara, etxekoak izan behar luke lehentasuna. Euskararen kasuan bereziki, gure etxea ez baita eraiki zaharra. Euskara batuaren bidean aurrerapen handia egin bada ere, arau, gomendio eta irizpideak ezagutu behar genituzke euskara lan-tresna dugunok, baita baliabideak ere.

Horregatik, itzultzaileak hasiera-hasieratik sailkatu behar lituzke lanerako erabili nahi dituen hizkuntzak eta konbinazioak. Hizkuntza-gaitasuna ez baita itzultzeko gaitasunaren berme. Baina hori beste auzi bat da.

Politikera ikasteko metodoa (1. maila)

Karlos del Olmo

Egunero-egunero jasotzen du penintsulako euskarak kazetari eta politikari euskaldunek gaztelaniatik inportaturiko maileguen eragina, zenbateraino eta, euskaraz gero eta entzunago izatearen ondorioz, etengabe «mahaigaineratzen» dizkiguten-eta hamaikatxo berba eta berba ondo nahiz esakune eta esakune ondo, bestela esaterik ez dagoela pentsatzeraino ere hel gaitezkeela.

Aspaldian, adibidez, nazio, estatu, erakunde, talde baten izena esan beharrean, «gure herri hau», «nazio hau», «estatu hau», «gure erakundea», «udal honetan», «gure hiriko bideak»… Gauza da «hau» eta «gure» izen arrunt bati eranstean, dagokion berezko izen berezia aipatu barik, lanbro linguistikoa besterik ez dugula sortzen. Esate baterako, «Gure hiria 2016rako prestatzen ari da…», «Estatu honek ez du onartuko…».

«Bi begi keinu heldu zaizkigu berriki Lisboako Euskal Herriaren Lagunek (ASEH) bidalita bat eta diaspora konprometitutik bestea». «Ezkerrari keinu bat egin zion», «Jarrera hori begi keinu bat da…». Izurrite baten aurrean gaude ala imintzioka ibili ohi dira arduradun politikoak, kazetariak eta «eragile politiko eta sozialak»?

Ildo beretik, egun, zein baino zein «konplizeago» «sopikunago» «kideago» izaten gara: «Konplizitate handia ekipo guztiarekin, musikariekin…». «Konplizitate handia erakutsi dute…»… Erne beste guztiak, makurkeriaren bat dabil hegan!

Zerbait ontzat jo edo onestea ez da nahikoa: nor edo izateko, «balioan jarri» beharra dago, osterantzean, hutsaren hurrengo izango da dena delakoa.

Ez da atzo arratsaldeko kontua, ezta hurrik eman ere, baina edozer egiten dugularik ere, zergura jazoera, «historiko» da. Eta hainbesterainoko inflazioaren eta balio higaduraren ondorioz, historikoa baino «historikoago» den kalifikatzailea topatu beharrean gaude: prehistorikoak edo «posthistorikoak» nahikoa ez, eta «megahistorikoa» edo asmatu beharko, postmodernitatera helduko bagara. «Gogoangarri» hain da zapore bakoa!

«Agenda arazoak direla kausa». Nolako arazoak, baina? Kalitate txarreko agenda da? Ezin da irakurri, ez dute oharra behar bezala idatzi? Galdurik ote?

Negoziatzen amaitu dute, baina oraindik badira zertu beharreko zenbait «kontu, puntu, xehetasun, zertzelada» (azpildurak, alegia). Hortaz, negoziazioa ez da bukatu, baina hain da latza halaxe onartu beharra!

«Hori esanda / esan ondoren, beste gauza bat gaineratu zuen / jo dezagun beste gai batera». Prefosta, bi gauza batera-bateratsu esaterik ez dugu asmatu oraindik pertsonok!

«Ezin bestela gertatu», «ezin zitekeen bestela izan», «hala behar zuen eta»… Zer adierazi nahi dute, benetan, hori darabiltenek, patua aldaezina dela edo… gauza igarria zela hala izango edo gertatuko zela? Oso esangura ezberdinak baitira horiek biak…

Baina, beharbada, erramu galanta merezi duena, guztiz geure egin dugulako, «ibilbide orri» izatezko bikotea da (Mitxelenak zioenez, «geureganatuak eta etxerakotuak ditugunak»). Ezin ezer egin, gaur eta hemen, ibilbide orririk gabe, menturaz, «agertoki» berri honen atarian iparra galdurik, noraezean gabiltza nora ezean.

Neurri politikoak (zerbait izartzen dute, benetan?) gutxi izan, nonbait, eta orain sortaka, paketean edo fardelka onartzen dituzte: «nekazaritza ustiategien titularrak zahartzeak suposatzen duen arazoari modu integralean helduko dion neurri pakete egituratu bat abiaraztea». Egia esan, esaldi horretan dena da mamia (ala hezur gogor hutsa?). Neurrien sorta da ala pakete bete neurgailu?

«Larba-egoeran dago gure gizartean…». Gauza larregi gure gizartean dena delako egoera berezi horretan, duela gutxi arte larba urtar eta lehortarrak ezagutzen genituen. Orain, berriz, indarkeria, ustelkeria, egiturak… egoten dira hala, marisorgin edo ugaraxo noiz bihurtuko.

Zer da, bestalde, «sendotze fiskala»? Aurrekontu publikoen defizitak nahitaez mugatuta egon beharra, omen. Zer? Batzuek gerrikoa laxatzea, bestetzuek, berriz, areago estutzea. Zaharrak berri eta guztiak amorragarri.

Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Orain dela zortzi bat urte, urri hondarrean ginela eta franko sutzen hasiak Halloween ohitura sasiko, arrotz eta inbaditzaileari buruzko marmar suharrean, Asun Agarak –amatxi Asunek– ez bat eta ez bi bota zigun Lesakan garai batean beeeeeeeeeeeeti egiten zutela hola, umeek kalabazak hustu, begi-zuloak, ahoa eta hortzak labanarekin moztu, kandela barnean sartu eta landazelaietara joaten zirela txoko ilunen batera paratzera, gauez ingurutik pasatzen zirenak-eta izutzearren. Harridurak mututu gintuen; ezjakinak lotsatu.

Nik banuen Nafarroako hainbat tokitan Omiasaindu egunaren inguruan haurrek egiten zituzten puska-biltzeen berri, baina kalabazak husteko ohitura itsasoaz bertzaldeko inperiotik erasoan zetorkigun hamaikagarren amerikarkeria zelakoan nengoen. Eta ez zen, antza, guztiz hola, zeren hor baikenituen, geure ohitura berriki galduetan erroturik, Halloweeneko bi ezaugarri behinenak: haur eta gaxteen puska-biltzeak eta aurpegi itxurako kalabaza hustu kandeladunak!?!

Biharamunean, online ikerketa axaleko batek argi erakutsi zidan ohitura aski zabaldua zela oraintsu arte, hala bazter hauetan nola inguruetako eskualdeetan: Biarnon, Asturiasen… Festaren aztarnak eta testigantzak ugarituz[i] joan dira hazten urteotan. Jon Etxegaraik, 63 urteko lesakarrak, gogoan du bera txikitan kalabazak husten-eta ibiltzen zela. Beldur ikaragarria pasatzen zuela dio.

Horien berri izan nuenetik, urtero, urri hondarrera gerturatu ahala, beldur emateko moduko sermoiak jasanarazten dizkiet hurbilekoei uler dezaten Halloween –plastiko eta kartoizko kuia eta disfrazen geruza gezatuen azpian dauden ezaugarri oinarrizkoak behintzat– geurea ere badela, hilen alde errezatu beharrean, hilei erregutzen zitzaien garaietatik datorrena segur aski. Eta pozik eta jakin-min biziz ikusi dut nola hasi diren leku batzuetan bertzelako ospakizun-moduak proposatzen eta antolatzen, dela erresistentzia moduan, dela hemengo festa moldea(k) berreskuratu eta berriztatu nahian. Edo arroztzat jotako kultur adierazpen jakin baten difusio geldiezinari aurre egin eta ohitura zaharberrituak eskaintzeko gazte eta umeei.

Eta izena duena baden bezala, badenak izena behar. Hasia da, hortaz, izenen dantza: Gaba Beltza erraten diote jada eta aspalditik guztiz erroturiko ospakizunari Mutrikun; Euskalween deitu diote Ibaialde Ikastolakoek Lodosan; Halloween bere hola nahiago bertze tokietan. Eta hor ditugu eskura eta aukeran izendapen tradizionalagoak ere: Animen eguna, Arimen gaua, Omiasaindu, Domusaindu, Hilen eguna… Geroak erranen zer izendapen nagusituko den/diren.

Bertzetik, puska-biltzeetan umeek eskean aritzeko erabil ditzaketen euskal formulen kontua ere hor dago. Zeren ingelesezko ipuin eta filmetako Trick or treat itzultzeko oso ordain egokia iruditzen baitzait EITBn darabilten «ziria edo saria». Udazkeneko lehen eske hori Hollywoodetik etorri bezalaxe kopiatu nahi dutenendako ere oso esapide egokia izan daiteke goxoki eskean euskaraz ibiltzeko. Nahiz eta bertzelako itzulpenak ere zabaltzen ari diren: zenbait tokitan, kasurako, «gozoa edo sustoa» errateko gomendatzen omen diete etxez etxe dabiltzanei. «Trukoa ala tratua» ere erraten dela jakin dut (trick or treaten gaztelaniazko itzulpen eskasaren bidetik, agidanez).

Holako ordainak, ordea, horretarako aproposak iruditzen zaizkidan hein berean, erabat desegokiak iruditzen zaizkit festa geuretu eta bertzelako moldeetan antolatu nahi denerako (erraterako, disfraz erosien ordez trapu zaharrak hartuz, aurpegia estali eta mozorrotzeko; txutxeen ordez –edo haiez gain–, gaztaina, hur eta intxaurrak ere bilduz etxez etxe ibiltzeko; kalabaza benetakoak hustuz jendea izutzeko…). Horretarako, nik uste, ez dugu inongo itzulpenik behar, baizik eta Oier Araolaza dantzari eta antropologo eibartarrak[ii] proposatzen duen bidea erabili, hots, hemengo eskeetako formulak baliatu. Izan ere, Iñigo Ibarrak Aulkipeko sekretuak liburuan dioenez: «Lepoa gehiegi irangitu gabeko lehendabiziko axal begiratuan, Iruñetik ez oso urruneko herri mordoxka batean, inauteri giroko, puska biltze modukoak ikusiko ditugu han-hemenka, Saindu Guztien egunera moldatuxeak».

Araolazak, bada, Joxemiel Bidadorrek Ollaranen jasotako Xanduli Manduli, Kikirriki… echeme usted nueces por aquí! oinarri hartu du seme-alabei Xanduli, manduli, kikirriki… eman goxokiak guri! proposatzeko. Bidadorrek bertze hainbat lelo jaso zituen, hala nola Etxaurikoa: Tirriti-tarrata mandulon, domine domine sandulon, en esta casa no hay turrón; eta Baternaingoa Txinurrie, mandurrie, alakatan, txinurrie.

Badira bertze anitz: Mikel Goñi lankideak erranda jakin dugu Utergan Dominé-dominé castañé, y si no zikiñé diotela umeek arrebutxean. Jimeno Juriori irakurri diogu Chinurrie, mandurrie, aratako castañere, ¡Si nos echas, pa tu tía! oihu egiten zutela haurrek euskara «ustel» batean Muru-Asterainen (Txinurri erraten zaio Iruñerriko herri batzuetan haurrek etxez etxe egiten duten intxaur eta gaztaina bilketari).

Baztan-Bidasoan, bertzeak bertze, Maraittu, maraittu eta Berentxi, berentxi formulak ditugu. Eta Mikel Tabernak idatzita eta kontatuta dakigu «Santu guzien egunean, haurrek estanpa bat hartu eta Marautxe bat, marautxe bat erranez xoxa eskatzen ziotela jendeari». (Bide batez, ttikia zelarik Alkaiagako dendako erakusleihoan kuia aurpegiduna jarri izanaz oroitzen da Taberna).

Bada eske-formula bat niri anitz gustatzen zaidana, Mikel Aranburuk 1989ko artikulu batean jasotakoa, Zaraguetakoa: Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario. Alabari ere pila bat gustatu zaio. Aranburuk aipaturiko honako aldaera hau ere proposatu diot, Zingila mingila kurruskario, sagarrak merke ta udareak kario. Baina ez zaio gustatu, goxokiak, intxaurrak eta gaztainak eskatzeko hobe dela armairua zabaltzeko eskatzea. Nire baitan beti erne dabilen sen garbizaleak aginduta, bertze aukera hau eman diot: Txingila mingila kurruskairua, ireki ezazu armairua. Alaba heldu den larunbatean Arrotxapeko baratzeetara joateko irrikaz dago. Trapu zahar bat hartu nahi omen du bere mamu mozorrotako, eta kalabaza irri-gaizto kandeladun bat eraman aldean, jendea izutzeko, «aitak eta amatxik txikitan bezala».

Duela zortzi urte Halloween hollywoodtartuaren bidez ziri galanta sartzen ari zitzaizkigula uste nuen. Orain, aldiz, saria ekar diezagukeela uste dut, gurea zen ohitura bat berreskuratzeko eta eraberritzeko aukera ekartzen ahal digula opari.

Gaiari buruz jakin-min handiagoa duzuenondako:

AHOTSAK. Halloween, euskal festa?
ARANA MURILLO, Anuntxi (2004). «Jaietako eskeen erredundantziaren zentzua», Zainak, 26. Baiona: Eusko Ikaskuntza.
ARANBURU URTASUN, Mikel (1989). «Folklore festivo del valle de Arce», Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 54. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua.
ARAOLAZA, Oier. Halloween euska festa bat da (iv).
ARAOLAZA, Oier. Xanduli, manduli, kikirriki… eman goxokiak guri.
BIDADOR, Joxemiel (2010). «Cuestaciones infantiles por Todos los Santos en la cuenca de Pamplona: Los Txinurris», Jentilbaratz, Cuadernos de Folklore, 12. zk. Donostia: Eusko Ikaskuntza.
IMBULUZQUETA ALCASENA, Gabriel (1993). «Cuestaciones infantiles en Todos los Santos y día de Difuntos en Baztan-Bidasoa», Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 61. zk. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua.
IBARRA, Iñigo (2014). Aulkipeko sekretuak. Iruña: Denonartean.
JIMENO JURÍO, José María (2006). Obras Completas 51. «Calendario festivo. I. Celebraciones de las cuatro estaciones. Primavera-Verano». Iruñea: Pamiela, Udalbide eta EKE.
LEVI-STRAUSS, Claude (1952). «Le Père Noël justicié», Les Temps Modernes, 77. zk. Paris: Les Éditions Gallimard.
TABERNA, Mikel (2010). «Kalabazak bidebazterrean», Ttipi-ttapa, 530. zk.

[i] Orain bi aste eskas Iruñeko emakume adineko batek, Tere Chacon Goñik, okindegiko kalabaza tankerako pasta marmeladezkoei kopeta zimur begira zegoela, xalo-xalo erran zidan bera ere ibilia zela txikitan domusaindu egunean Arrotxapean kalabazak husten eta aurpegiko zuloak egiten, gero gauez haiekin irteteko, dibertigarria eta beldurgarria zela. Baina orduko festa hark ez zuela oraingoaren kutsu kontsumista. Ez orduko festak, ezta orduko aroak ere, pentsatu nuen nire kolko harritu bezain bozkarioz beterako jakinik ohitura hark hiri aldirietan bertan XX. mendearen iatsun erdialdera arte iraun zuela.

[ii] Oier Araolazak dibulgazio-lan ikaragarria egin du azken urteotan kasualitatez eta ustekabez ohituraren berri izan zuenetik, aitari adituta.

 

Oportuno = egoki?

Xabier Aristegieta Okiñena

Esango nuke gaztelaniazko oportuno adjektiboa askotan ez dela behar adinako zehaztasunez euskaratzen.

DRAEren arabera, honakoa esan nahi du adjektibo horrek:

oportuno, na
Del lat. opportūnus.
1. adj. Que se hace o sucede en tiempo a propósito y cuando conviene.
2. adj. Ocurrente y pronto en la conversación.

Alegia: Espainiako Akademiaren arabera –eta ematen dion bigarren adiera alde batera utzirik–, oportunok ez du nolanahiko egokitasun bat adierazten, baizik eta komeni den unean egiten edo gertatzen denaren egokitasuna.

María Molinerren hiztegiak ere adiera hori ematen dio aurrena:

Se dice de lo que, por la ocasión en que se hace u ocurre, produce buen efecto: ‘Una llegada [Una lluvia] oportuna’

Baina DRAEk baino esanahi zabalagoa aitortzen zion oportunori Moliner andreak; hots, adjektibo horrek bestelako motiboengatiko egokitasunari ere erreferentzia egin ahal diola jasotzen du –adiera arras zabaldua, esan gabe doanez–:

«Adecuado. Conveniente». En perfecta correspondencia con cierta cosa: ‘Una respuesta oportuna’.

Artikulu honetan jorratu nahi nukeena da DRAEk oportunori ematen dion lehenengo adiera hori («que se hace o sucede en tiempo a propósito y cuando conviene») euskaraz nola eman. Esate baterako, honako adibidekoa:

Una oportuna lluvia salvó la cosecha.

Zehazki hiztegiak hauxe dakar:

oportuno adj egoki: la oferta llegó en el momento oportuno, eskaintza une egokian heldu zen; para tomar las medidas oportunas, dagozkion neurriak hartzeko.

Elhuyar hiztegiak, honakoa:

oportuno, -a
1  adj. egoki, apropos, beharrezko, bidezko
– has llegado en el momento más oportuno: unerik egokienean iritsi zara
– hay que tomar las medidas oportunas: beharrezko neurriak hartu behar dira
2  adj. [referido a una persona] burutsu, asmotsu

Ohar bedi ez Zehazki hiztegiaren proposamenak ez eta Elhuyarrenak ere ez digutela eskaintzen una oportuna lluvia sintagmako oportuna hori euskaratzeko hitz asegarririk: euri egoki edo euri apropos irakurrita, ez da argitzen egokitasun hori zertan datzan: euriaren kantitatean, nolakotasunean (zirimiria? tanta lodiak?), iraupenean, ala euria bota duen unean. Irakurlea asmalanetan uzten dugu.

Argigarriago gertatzen zaigu ikustea zer proposatzen duten inoportuno antonimoaren euskarazko ordain gisa.

Zehazki hiztegian:

inoportuno adj ezgaraiko, ezorduko, tokiz kanpoko, orduz kanpoko.

Elhuyar hiztegian:

1  adj. ezgaraiko, ezorduko, desgaraiko, desorduko
– una llamada inoportuna: ezgaraiko deia
2  adj. desegoki, ezegoki
– por la forma de mirarme supe que dije algo inoportuno: begiratu zidaten moduagatik badakit zer edo zer desegokia esan nuela

Ezgaraiko, ezorduko, beraz. Horietan agertzen da, bai, denbora edo une nozioen erreferentzia. Baina sistematika-hutsegite bat aurkitzen uste dugu. Zeren, darabilgun zentzuan, «inoportuno» ezgaraiko, ezorduko baldin bada, «oportuno» garaiko, orduko izan beharko bailitzateke, eta ez egoki, apropos.

Korapiloa askabidean jarri badugu ere, ez gara oraindik irtenbide asegarri batera iritsi: egoki eta aproposen erabilera indiskriminatuaren eskutik lausotasuna datorkigularik, ez dugu askorik konpontzen garaiko euriak / orduko euriak uzta salbatu zuen esanda.

Behin batean Orotariko Euskal Hiztegian bilaketa bat egiten ari nintzela, hitz bati loturik beste hitz bat aurkitu, eta, azkenean, honekin egin nuen tupust:

TENOREZKO. “Ponctuel” T-L.

Eta honako hau ere jasota agertzen da Orotarikoan:

DESTENOREKO. “Inopportunus, inoportun, qui est de contre-saison” Dv. Ez duela gogortasunak, ezta alderatzeko ere, destenoreko urrikiak eta biguinkeriak adinbat kalte egiten. MEIG I 179.

Alde batera utzirik z-rekin ala gabe joan behar duten, tenorezko/destenorezko edo tenoreko/destenoreko bikoteek ez al digute modu egoki bat eskaintzen oportuno/inoportuno zehazki eta jatorki euskaratzeko? Baiezkoan nago.

Ekhia bezain ederrik

Jose Ignacio Hualde

Hizkuntza batzuen esapide idiomatikoen artean konparaketa ihartuak aurkitzen ditugu: elhurra bezain xuri, ekhia bezain ederrik. Konparaketa hauek balio intentsiboa dute: elurra bezain zuria erabiltzen da ‘zuri-zuria, oso zuria’ adierazteko.

Egitura sintaktikoa ez da bera hizkuntza guztietan horrelako esamolde konparatibo tinko edo aldagaitzetan. Ingelesez eta frantsesez, adibidez, berdintasunezkoak —hau da, «IZENA bezain ADJEKTIBOA» tankerakoak— dira (white as snow, black as coal; blanc(he) comme la neige, noir(e) comme le charbon); gaztelaniaz, aldiz, konparaketa idiomatikoak superioritatezkoak izan ohi dira —«IZENA baino ADJEKTIBOagoa» (más blanco/-a que la nieve, más negro/-a que el carbón)—. Ingelesez superioritatezko konparaketa generikoekin bakarrik erabili ohi da: hotter/colder/stronger/etab. than hell/the dickens ‘infernua baino beroagoa/hotzagoa/indartsuagoa’. Konparaketa generiko hauek bereziak dira: hauetan, besteetan ez bezala, izenak (adib. hell ‘infernua’) askotan ez du zerikusirik adjektiboaren nolakotasunarekin (ikus harder than hell). Euskaraz, mota honetakoak itzultzeko, konparaketaren ordez kristo(re)n edo beste intensifikatzaile bat erabil daiteke, nire ustez, adjektiboa nominaliza badaiteke: kriston beroa/hotza/indarra.

Bigarrenik, konparaketa ihartuetan prototipo bezala ematen den izena askotan desberdina da hizkuntza desberdinetan, eta hemen sortzen da arazoa itzulpenerako. Askotan itzulpen literala ez litzateke egokiena izango.

Goian eman ditudan bi adibideetan, zuri kolorea elurrarekin konparatuz eta beltza ikatzarekin, konparaketa berbera egiten da ingelesez, euskaraz, espainolez, frantsesez eta ziur asko beste hizkuntza askotan ere. Hauek ez dira kasu bakarrak. Hona beste bat, ez hain begien bistakoa: ugly as sin = laid(e) comme le péché = más feo/-a que un peca(d)o. Hiru hizkuntzetan bekatua da itsusia. Orotarikoak ere bekatu mortala bezain itsusia (P. Lafitte) dakar.

Hala ere, ingelesa eta gaztelania erkatzen baditugu, adibidez, eta zerrenda luzatzen badugu, ikusiko dugu desadostasunak adostasunak baino gehiago direla honelakoetan. Gaztelaniaz ‘ogia baino hobea’ (más bueno que el pan) esaten da eta ingelesez, aldiz, ‘urrea bezain ona’ (good as gold). Era berean, gaztelaniaz más loco/-a que una cabra esaten da, baina ingelesez ahuntzak ez dira asoziatzen zorotasunarekin, baizik eta apetitu desordenatuarekin (jateko edo sexu kontuetan). Aldiz, gaztelaniaren zorotasunari buruzko esapide idiomatiko horren ingelesezko itzulpen idiomatikoa crazy as a loon edo mad as a hatter izango litzateke. Beste adibide bat emateko, espainolez hartzak itsusiak dira (más feo que un oso); ingelesez, berriz, goseak daude beti (hungry as a bear).

Beste adibide batzuk emateko, ingelesez cute as a button ‘botoi bat bezain polita’, esaten da eta frantsesez joli comme un coeur ‘bihotz bat bezain polita’. Euskaraz beruna bezain astuna esaten da eta ziur asko beste hizkuntza askotan ere beruna oso astuna da. Baina, honetaz gain, ingelesez adreiluak oso astunak dira, logikaren kontra bada ere (heavy as a ton of bricks ‘adreilu tona bat bezain astuna’ —tona guztiek ez al dute pisu berbera?—), espainolez behiak dira astunak, bereziki inoren besoetan (más pesado/-a que una vaca en brazos) eta frantsesez, aldiz, astoak, batez ere hiltzen direnean (lourd(e) comme un ân mort).

Hona beste hemen adibide batzuk (Estatu Batuetako) ingelesez, euskarazko itzulpen literalekin:

  • Pretty as a picture ‘argazki bat bezain ederra’
  • Easy as pie ‘pastela bezain erreza’
  • Hard as nails ‘iltzeak bezain gogorra’
  • Thin as a rail ‘errail bat bezain argala’
  • Smart as a whip ‘zartailu bat bezain argia’
  • Dumb as a doorknob ‘atearen eskutokia bezain ergela’
  • Hot as an oven ‘labe bat bezain beroa’
  • Happy as a clam/clown/ lark ‘txirla/pailazo/ alauda bat bezain pozik’

Hauetariko konparaketa batzuek aukera bat baino gehiago onartzen badute ere (cf. adib. esp. más tonto que…), jeneralean aldagaitzak dira, adjektiboak sinonimoak edo kuasi-sinonimoak direnean ere. Adibidez, hurrengoak ez dira esaten ingelesez: *crazy as a hatter, *mad as a loon, *pretty as a button, *cute as a picture.

Badira gizatalde batzuek bakarrik erabiltzen dituzten konparaketak ere, eta hauek arazo bereziak sortzen dituzte itzulpenerako. Adibide bat hauxe izango litzateke, Estatu Batuetako ingelesez: slow as molasses in January ‘melaza urtarrilean bezain motela’. Nekez erabiliko luke konparaketa bitxi hau gazte moderno batek, nekazaritzarekin eta adineko jendearekin lotzen baita.

Hona galdera zuretzat, irakurle. Zure ustez emankorra da konparaketa intentsiboa euskaraz? Zein dira euskaraz ezagutzen dituzun konparaketa ihartu bereziak, gaztelaniaz edo frantsesez bezalakoak ez direnak? Euskal lokuzioak sarean izeneko weborrian, tankera honetako 40 lokuzio baino gehiago zerrendatzen dituzte: ardatza bezain zuzena, baratzuria bezain fina, birigarroa bezain berritsua, pika bezain ergela, etab. Zein neurritan ezagutzen dira esapide hauek, zure iritziz? Eta zilegi izango litzateke itzultzaile batentzat konparaketa berriak sortzea? (azken finean, erabiltzen diren guztiak norbaiten burutik sortu ziren momenturen batean).

«Greba deitu» ala «grebara deitu»?

Patxi Petrirena Altzuguren

Maiz entzuten eta irakurtzen ditugu azkenaldian honelako esaldiak: «greba deitu dute biharko», «hauteskundeak deitu dituzte», «marrazki-lehiaketa deitu du eskolak», «batzarra deitu dute jaiak antolatzeko», «bilera bat deitu dute»…

Hiztegi elebidunetan jasoa dago halako esaldietan deitu aditzak duen adiera (convocar, convoquer), baina ez dugu haietan «zerbait deitu» joskera ikusten, baizik eta «zerbaitetara deitu», «zerbaitetarako deialdia egin»: «bilera batera deitu gintuzten/ziguten» (bi erregimenak ematen ditu ontzat Euskaltzaindiaren 39. arauak), «grebara deitu dute», «hauteskundeetara deitu», «hauteskundeetarako / bilkurarako deialdia egin» (Elhuyar, Nola Erran, Zehazki, 5000).

Beste aditz batzuk ere proposatzen dira, deituz gain: «lehiaketa iragarri» adibidea jasota dago, adibidez, hiru hiztegitan (Elhuyar, Labayru, Zehazki).

Hain zuzen ere, bi puntu horiek azpimarratzen ditu Berriaren estilo-liburuak: -ra deitu joskera eta beste aditz batzuen aukera:

Gogoan izan zein den joskera egokia: ‘bilerara deitu’, ‘grebara deitu’, ‘elkarretaratzera deitu’, ‘hauteskundeetara deitu’. Beste aditz batzuk ere ezin ahaztu ditugu: ‘greba antolatu’, ‘batzarra prestatu’… Manifestazioa eta greba deitu dituzte* [e.] Manifestaziora eta grebara deitu dute. // Hauteskundeak deitu nahi dituzte* [e.] Hauteskundeetara deitu nahi dute.

Zirrikitu bat irekita utzi da EiTBren HIKEA kontsulta-zerbitzuan, bi formak jaso baitira: «convocar elecciones»: «hauteskundeetara deitu» = «hauteskundeak deitu».

Gora txakolin askatua!

Juan Luis Zabala

Barkatuko didazue berriro ere gai berarekin tematzea, baina orain hurrengoko nire txandan aipatu nuen Jule Goikoetxearen esaldiari bueltaka jarraitu dut geroztik ere. Gogoan izango duzue zuetako batzuek esaldi hura: «Euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik».

Kontrako argudioak irakurri eta gero ere, nik jarraitzen dut pentsatzen euskara dela euskalduna euskaldun egiten duena. Kontrakoa onartuko dut beharbada egun batean, por Euskadi y por el euskera, nafarra naizela onar dezakedan bezala, edo are –eta barka nazala Euskal Taliban Jatorrak bere Bolizko Dorre sakratutik– ergatiborik gabeko euskara ere, hala egokitzen bada. Baina barru-barrutik beti segituko dut pentsatzen euskaraz ez dakiena ez dela euskalduna, lentillak erabiltzen dituen miopea betaurrekoduna ez den modu berean.

Besterik litzateke Jule Goikoetxeak esaldia honela formulatu balu: «Euskarak ez gaitu euskaltzale egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaltzale, batetik, eta emakume, bestetik». Horrekin, aldez behintzat, konforme nengoke.

Soilik aldez konforme, dena den; ez guztiz. Nire euskaltzaletasunak –beste askorenak bezala, nire ustez–, xehetasunez aztertuta, bi oinarri dituela iruditzen baitzait: batetik, neu euskalduna izatea; bestetik, hori bai, subalternitatea dei daitekeen hori.

Batetik, euskaraz txikitatik ikasi eta hitz egin izanak euskalzulo egin nau, Iñaki Segurolak sortutako termino guztiz egokia erabiliz, eta euskalzulo izatea bada euskaltzale izateko modu bat, euskalzulotasuna bada euskaltzaletasun modu bat. Baina, bestetik, euskararen beraren egoerak eta haren aldeko borrokak ere –hots, subalternitateak– egin nau euskaltzale, neurri batean behintzat.

Euskalzulotasuna sentimendu bat da funtsean, hooliganak bere talde maitearekiko duenaren antzekoa; bihotzarekin lotzen da, kirol arloko zaletasun eta maitasunen antzera. Subalternitateari lotutako euskaltzaletasuna, aldiz, arrazionalagoa edo politikoagoa da, edo izan daiteke behintzat.

Bai, subalternitateak egiten gaitu euskaltzale, neurri batean behintzat. Beste batzuek beste zerbaitekin lotuko dute hori, baina niri Lizardiren Eusko-bidaztiarena poemako «izkuntza larrekoa», Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua poemako «kalderrilla hutsa» eta Bitoriano Gandiagaren Txakolinaren ospakuntza poemako «ardo nahi ta ezina» ekartzen dizkit gogora, besteak beste, eta subalternitate adierazpen betea iruditzen zait Gandiagak zentsuraren ondorioz ezin argitaratu izan omen zuen aldarri ito hura: «Gora txakolin askatua!».