Oportuno = egoki?

Xabier Aristegieta Okiñena

Esango nuke gaztelaniazko oportuno adjektiboa askotan ez dela behar adinako zehaztasunez euskaratzen.

DRAEren arabera, honakoa esan nahi du adjektibo horrek:

oportuno, na
Del lat. opportūnus.
1. adj. Que se hace o sucede en tiempo a propósito y cuando conviene.
2. adj. Ocurrente y pronto en la conversación.

Alegia: Espainiako Akademiaren arabera –eta ematen dion bigarren adiera alde batera utzirik–, oportunok ez du nolanahiko egokitasun bat adierazten, baizik eta komeni den unean egiten edo gertatzen denaren egokitasuna.

María Molinerren hiztegiak ere adiera hori ematen dio aurrena:

Se dice de lo que, por la ocasión en que se hace u ocurre, produce buen efecto: ‘Una llegada [Una lluvia] oportuna’

Baina DRAEk baino esanahi zabalagoa aitortzen zion oportunori Moliner andreak; hots, adjektibo horrek bestelako motiboengatiko egokitasunari ere erreferentzia egin ahal diola jasotzen du –adiera arras zabaldua, esan gabe doanez–:

«Adecuado. Conveniente». En perfecta correspondencia con cierta cosa: ‘Una respuesta oportuna’.

Artikulu honetan jorratu nahi nukeena da DRAEk oportunori ematen dion lehenengo adiera hori («que se hace o sucede en tiempo a propósito y cuando conviene») euskaraz nola eman. Esate baterako, honako adibidekoa:

Una oportuna lluvia salvó la cosecha.

Zehazki hiztegiak hauxe dakar:

oportuno adj egoki: la oferta llegó en el momento oportuno, eskaintza une egokian heldu zen; para tomar las medidas oportunas, dagozkion neurriak hartzeko.

Elhuyar hiztegiak, honakoa:

oportuno, -a
1  adj. egoki, apropos, beharrezko, bidezko
– has llegado en el momento más oportuno: unerik egokienean iritsi zara
– hay que tomar las medidas oportunas: beharrezko neurriak hartu behar dira
2  adj. [referido a una persona] burutsu, asmotsu

Ohar bedi ez Zehazki hiztegiaren proposamenak ez eta Elhuyarrenak ere ez digutela eskaintzen una oportuna lluvia sintagmako oportuna hori euskaratzeko hitz asegarririk: euri egoki edo euri apropos irakurrita, ez da argitzen egokitasun hori zertan datzan: euriaren kantitatean, nolakotasunean (zirimiria? tanta lodiak?), iraupenean, ala euria bota duen unean. Irakurlea asmalanetan uzten dugu.

Argigarriago gertatzen zaigu ikustea zer proposatzen duten inoportuno antonimoaren euskarazko ordain gisa.

Zehazki hiztegian:

inoportuno adj ezgaraiko, ezorduko, tokiz kanpoko, orduz kanpoko.

Elhuyar hiztegian:

1  adj. ezgaraiko, ezorduko, desgaraiko, desorduko
– una llamada inoportuna: ezgaraiko deia
2  adj. desegoki, ezegoki
– por la forma de mirarme supe que dije algo inoportuno: begiratu zidaten moduagatik badakit zer edo zer desegokia esan nuela

Ezgaraiko, ezorduko, beraz. Horietan agertzen da, bai, denbora edo une nozioen erreferentzia. Baina sistematika-hutsegite bat aurkitzen uste dugu. Zeren, darabilgun zentzuan, «inoportuno» ezgaraiko, ezorduko baldin bada, «oportuno» garaiko, orduko izan beharko bailitzateke, eta ez egoki, apropos.

Korapiloa askabidean jarri badugu ere, ez gara oraindik irtenbide asegarri batera iritsi: egoki eta aproposen erabilera indiskriminatuaren eskutik lausotasuna datorkigularik, ez dugu askorik konpontzen garaiko euriak / orduko euriak uzta salbatu zuen esanda.

Behin batean Orotariko Euskal Hiztegian bilaketa bat egiten ari nintzela, hitz bati loturik beste hitz bat aurkitu, eta, azkenean, honekin egin nuen tupust:

TENOREZKO. “Ponctuel” T-L.

Eta honako hau ere jasota agertzen da Orotarikoan:

DESTENOREKO. “Inopportunus, inoportun, qui est de contre-saison” Dv. Ez duela gogortasunak, ezta alderatzeko ere, destenoreko urrikiak eta biguinkeriak adinbat kalte egiten. MEIG I 179.

Alde batera utzirik z-rekin ala gabe joan behar duten, tenorezko/destenorezko edo tenoreko/destenoreko bikoteek ez al digute modu egoki bat eskaintzen oportuno/inoportuno zehazki eta jatorki euskaratzeko? Baiezkoan nago.

2 Replies to “Oportuno = egoki?”

  1. Mokoroak aukera hauek dakartza:

    “adionez agertu zan: llegó a tiempo, oportunamente”
    “aldian-aldiko Sakramentuez: por medio de los correspondientes u oportunos Sacramentos”
    “harira datozen(ak): oportunos”
    “aukeran etorri zara: has venido oportunamente”
    “behar orduan: en su momento oportuno”
    “joan zitzaion laguntzera, behar-beharreko: […] oportunamente, por cierto”
    “denbora oneko etorri da: ha venido oportunamente”
    “edertozko orduan erantzun eutson: oportunamente”
    “era-erara eta egin-egineko argitara urten da liburu au: muy oportunamente, muy a tiempo”
    “zortziko ori erara etorriko zala bialdu gura izan bazendu: habría venido muy bien; muy oportuno”
    “zure eskutitz polit eta era-erako ori: tu muy oportuna carta”
    “iritsi zan bear-beharreko: llegó en el momento más oportuno”
    “guztiz erara datozala uste dot zure itaun-erantzunak: que vienen muy oportunamente”
    “lanari eraz ekin behar jako, eguraldia lagun dala: oportunamente”
    “laun egunotako euriok era-erara etorri dira: han venido muy oportunas”
    “neu izan naz zuenera joateko eta aukera-aukeran zatozkit: vienes muy oportunamente”
    “ondo aukeran zatoz, alaba!: ¡qué a tiempo vienes!, ¡qué oportunamente”
    “ondo aukeran zatoz galdera orrekin: ¡qué oportuna viene tu pregunta!”
    “ongi beharr-orduan etorri baitzare: ¡qué a tiempo, qué oportunamente vienes!”
    “oso arira dator asmo eder aori: viene muy oportuno”
    “mugazko eskaera. Ongi eta mugaz eskatzea: petición oportuna”
    “zure eskutitzean itaune batzuk etozan, arirakoak eurak: muy oportunas”

    Ordain naturalak, neure iritziz: “oportuno: (era)-erako, (aukera)-aukerako, harirako”

    Atsegin dut

Utzi iruzkina