Nil igitur mors est (II)

Xabier Olarra

Jon Miranderen Nil igitur mors est poemaren gaztelaniazko itzulpena hizpide hartuta, hasi nintzen artikuluxka hau idazten. Baina honen aurreko artikuluaren dokumentazio lanean ari nintzela, erabat desbideratu nintzen, eta Lukrezioren jatorrizkoaren gaztelaniazko itzulpenetara lerratu nintzen (nire desbiderapen eta digresiorako joera ez oso ohikoak eramanda), eta bereziki Marchena Abatearenari eskaini nion komentario bat edo beste. Beraz, ziaboga eginda, banator hasierako puntura.

Gaurko ibilbidea, beraz, poesiaren itzulpenari buruzko oinarrizko betebehar batzuk aipatuz hasiko da, eta irakurleari utziko diot Miranderen poema horren gaztelaniazko itzulpenari buruz โ€“Felipe Juaristirena da itzulpenaโ€“ bere ondorioak atera ditzan.

Hasteko, egin diezaiodan leku pixka bat Adimen Artifizialari (hola, letra larri eta guzti), naturala flakotzen edo urritzen ari zaidan/gun garaian.

Honako galdera hau egin diot ChatGPTri, besteok ere โ€œalferraren txokoaโ€ erabiltzen noizbait hasi beharko dugula pentsatuta:

ยฟQuรฉ me dices, amigo, sobre la traducciรณn de la poesรญa?

 Txat bat denez, adiskide-jarreran mintzatu natzaio makinari. Eman dit bere erantzuna. Eta segidan honako mezu hau bidali diot:

La traducciรณn de la poesรญa.

Baina Adimen Artifizialak ez du erantzun bera ematen bietan, agian lehenbizikoan โ€œadiskideโ€ deitu diodalako. Edo agian robotari norbaitek โ€œmakinalegeโ€ pixka bat erakutsi diolako. Izan ere, orain dela egun batzuk eman zidan erantzuna ere ez zen berdina izan. Baina bai oso antzekoa, ez dakit makinak pixkanaka ikasi duen erantzun zehatzagoak edo sendoagoak ematen, ala berdintsu jarraitzen duen. Hura oso didaktikoa izan zen, eta sarrera orokor baten ondoren lau baldintza edo betebehar aipatzen zituen poesia itzultzeko:

โ€œPoesia itzultzea lan konplexua da, hizkuntza batetik bestera hitz eta egitura gramatikalen transposizioa egiteaz gain, jatorrizkoaren berariazko รฑabardura eta konnotazio poetikoak atzeman eta transmititzea ere eskatzen duena.

1.- Esanahia ulertzea
2.- Erritmoari eta metrikari eustea
3.- Kultura-baliokidetasunak bilatzea
4.- Poesia-hizkuntza erabiltzeaโ€.

Eta hau zioen, hurrena:

โ€œLaburbilduz, poesiaren itzulpena prozesu delikatua da, eta jatorrizko poesia idatzi zen hizkuntza, kultura eta testuinguru historikoa sakon ulertzea eskatzen du. Jarraibide orokor horiei jarraituz, jatorrizko poemaren esentzia eta edertasuna atzemango dituen itzulpen eraginkorra lor daiteke[1]โ€.

Azpimarra nirea da, eta salbuespenak salbuespen, esan nezake funtsean ados naizela. Noski, abiapuntutzat hartzen badugu โ€œpoesia, hain zuzen ere, itzulpenean galtzen denaโ€ dela, jai dugu. Oso definizio โ€œpoetikoaโ€, baina ez oso praktikoa. Betidanik itzuli da poesia, baina, geroxeago ikusiko dugunez, ez dago modu bakarra poesia itzultzeko.

Ondoriorik garrantzitsuena da itzulpenak โ€œhizkuntza poetikoaโ€ behar duela: hizkuntza artistiko eta sormenezkoa.

Hona zer dioen honi guztiari buruz Fernando Garcรญa de la Bandak โ€œTraducciรณn de poesรญa y traducciรณn poรฉticaโ€ artikuluan[2]:

Esan genezake itzulpen poetikoa dela poesia-itzulpen mota bat, xede hizkuntzaren sisteman nolabaiteko autonomiaz integratzeko modukoa izan nahi lukeena, eta, horrenbestez, sistema horren konbentzio formalekiko egokia dena erritmoari, neurriari eta, behar izanez gero, errimari dagozkion kontuetan, eta aldi berean ahalegintzen dena jatorrizko hizkuntzan sorkari poetiko gisa duen mailaren parekoa lortzen bai lexikoaren sotiltasunaren arloan bai adierazkortasunaren egokitasunean, hurbiltasunean, sormenean, iradokizun-ahalmenean, indarrean etab.

Itzulpen poetikoa, beraz, poesiaren itzulpen mota ugarietako moduetako bat  baizik ez da, baina ez bakarra (cfr. Holmes 1970) ez eta, purismoak alde batera utzita, poesia-itzultzaile guztiek eta testu poetiko guztietan erdietsi nahi beharko luketen ideal bat: gauza jakina da autore batzuk, autore batzuen poema batzuk eta poesiaren egitura batzuk โ€“errima eta neurria, adibidezโ€” gogorragoak direla itzulpen poetikorako, eta zilegi dela itzultzaileak arazo horiei neurria hartu ondoren itzulpen ez-poetiko bat egitea erabakitzea, dela literala, prosazkoa, etab. (azpimarrak nireak dira).

Txatetik etorri zaigun erantzunean ikasi dugu poesia itzultzea โ€œlan konplexuaโ€ dela, eta โ€œprozesu delikatuaโ€. Eta ikusi ditugu zein baldintza jartzen dituen prozesu delikatu hori ondo burutzeko: testua ulertzea, erritmoari eta metrikari eustea, kultur baliokidetasunak bilatzea eta poesia-hizkuntza erabiltzea. Bistan da AAk lan konplexua deitzen duen horren helburua โ€œitzulpen poetikoaโ€ lortzea dela. Eta hala ere, esango nuke baldintza funtsezko bat falta dela, begi-bistakoa bada ere gogoraraztea komeni dena: jatorrizko hizkuntzan poema batek dioena (adierazten duena, iradokitzen duena, gogora ekartzen duena, konnotatzen duena) xede-hizkuntzan ematea.

Orain ikus dezagun nola betetzen diren baldintza horiek Nil igitur mors est poemaren itzulpenean:

1.- Testua ulertzea. Berez nahiko kriptikoa den arren, Mirandek berak eman zuen poema ulertzeko โ€œgiltzaโ€[3]. Itzultzaileak funtsean ulertu duela esan daiteke, nahiz eta baden irristadaren bat, aski nabarmena.

2.- Erritmoari eta metrikari eustea. Kontu honetan, bistan da itzultzaileak paso egin duela. Jatorrizkoan 5+4 silabako lerroak dira. Ez dago errimarik, baina hiru lehen ahapaldiek โ€“tan hotsaz bukatzen dira. Eta Mirandek bere โ€œgiltzanโ€ dio poema โ€“la bukaera aho-zabalaz errematatu nahi izan duela poema. Horren trazarik ez dugu itzulpenean. Hori, Mirandek erritmoari ematen zion garrantzia kontuan izanda, aski larria iruditzen zait, besterik gabe paso egiteko. Alde batera utziko ditut jatorrizkoan ageri diren aliterazio nabarmenak, zeinen arrastorik itzulpenean aurkitzen ez den oso erraza.

3.- Kultur baliokidetasunak bilatzea. Kultur eremu orokor berdintsuan sortutako poesia denez, ez dut uste zailtasunik handienak hortik datozenik.

4.- Hizkuntza poetikoa erabiltzea. Bai, dudarik gabe Juaristiren itzulpenak betetzen du baldintza hori. Lortutako testua sar liteke gaztelaniaren hizkuntza poetikoaren sisteman.

5.- Baina itzulpenak ematen al du jatorrizkoak adierazten duena? Esango nuke gaztelaniazkoa askoz hizkera hanpatuagoa, hanpurutsuagoa eta โ€œedertuagoaโ€ dela, jatorrizkoa โ€œbere horretanโ€ itzuliz gero soilegi, trauskilegi edo sinpleegi iritzita edo.

Nik esango nuke itzultzaile-poetak bere sistema poetikoaren arabera berregin duela testua bere baitan, eta horren itzulpena eman duela. Eta hemen utziko dut kontua, azterketa sakonagoetan sartu gabe. Irakurleak bi testuak erantsita dituenez[4], erabaki beza nire inpresioa den ala berari ere hala iruditzen zaion.


[1] Orain artekoa ChatGPTk ingelesez edo gaztelaniaz eman didanaz elikatu dut elia, Elhuyarren itzulpen automatikoko tresna alegia, eta ohartu naiz makinek ederki ulertzen dutela elkar. Ukitu bat baizik ez diot egin behar izan eliak emandako itzulpenari. Hor goian dagoena eliaren itzulpena da, ez nirea.

[2] โ€œTraducciรณn de poesรญa y traducciรณn poรฉticaโ€, Fernando Garcรญa de la Banda, Universidad Complutense de Madrid.

https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=5308826: 2023/05/09

[3] Ene jainko-eidol zaharra, Lur!, Jon Mirande, Donostia, Elkar, 141.-144. or.

[4] Ilhun-argiak โ€“ Claroscuros. Jon Mirande, EHU, 2008. 68.-71. or.

Benetan garestiegiak ote?

Maitane Uriarte Atxikallende

Interpretazio-zerbitzua garestiegia dela esan izan digute askotan eta gure aurrekontua ikusitakoan eskuak burura eraman omen ditu batek baino gehiagok. Bada, Netflixek interpretazio-lanari eta oro har gure akrobaziei buruzko dokumental bat atera bitartean, pedagogia-lana egitea eta yoga eskoletara joatea tokatuko zaigu, pazientzia ez galtzeko.

Oro har, egia da interpretazio-lana ondo ordainduta dagoela. Ondo ordainduta baino, behar bezala ordainduta dagoela esango nuke nik, enkargu bakoitza prestatzen igarotzen dugun denbora kontuan hartuta. Sorpresa! Enkarguak aldez aurretik prestatzen ditugu, bai, askok besterik gabe jatorrizko hitzaldia entzun bezain pronto magia egiteko gai garela uste duten arren. Nik ez diet pertsona horiei ilusioa kendu nahi, niri ere asko gustatuko litzaidakeelako David Copperfield izatea, baina zoritxarrez honek ere trukoa dauka: interpretazio-lan bakoitzaren aurretik, orduak eta orduak (egunak, baita) pasatzen ditugu ikasten. Pena da, baina ez gara gai guztietan adituak, eta, hitzaldiak ondo jarraitu ahal izateko, aldez aurreko prestaketa-lan handia egitea da bide bakarra.

Ez dizuet gezurrik esango: jada urte batzuk daramatzat interprete-lanetan, eta, gai askotan adituak ez bagara ere, gure jakin-minari esker eta enkargu bakoitzerako egin behar izandako prestaketa-lan horri esker, ia-ia entziklopedia ibiltariak bihurtu garela esango nuke. Tira, ez gara Wikipedia, kuadrillako lagunek hala uste badute ere, baina egia da interpretazio-lanari esker gairik imajinaezinenen inguruko gauzak ere dakizkigula. Adibidez, ba al zenekiten Amerikako Estatu Batuetako sezesio-gerran, tropak kuartelera bajarik gabe itzultzen zirenean, arbel handi batean โ€œ 0 killedโ€ idazten zutela (zero hildako) eta hortik datorrela gaur egun dena ondo dagoela esateko erabiltzen dugun โ€œOKโ€ esaera?

Aldez aurreko prestaketa-lanaz ari garen honetan, guztiz logikoa dirudien baina oraindik bezero batzuei asko kostatzen zaien zerbait aipatu beharra dut: enkargu bat aldez aurretik prestatu ahal izateko, enkargu horren inguruko informazioa eman behar zaigu lehenbizi. Hizlari batzuei ahaztu egiten zaie, beste batzuei azken orduko adrenalina gustatzen zaie eta bi minutu lehenago pasatzen digute, beste batzuk ezer pasatzeko beldur dira konfidentzialtasuna dela-eta (guk beti diogu jasotako informazio guztiaren konfidentzialtasuna bermatzen dugula eta diskrezioz dihardugula)… Beraz, esan bezala, Sherlock Holmes-en pare ibiltzea tokatzen zaigu sarritan, dokumentazio faltaren aurrean guk geuk ikertu behar izaten baitugu, gure kabuz.

Prestaketa-lanaren ostean, lan egin behar dugun tokiraino joatea tokatzen da. Askotan Willy Fog-ek baino kilometro gehiago egiten ditugu eta baliteke kanpoan lo egin behar izatea (gehienetan gasolina, bidesariak eta hotela interpretearen poltsikotik ordaintzen dira). Horra hor, ba, garestiak ez garela ikusarazteko beste arrazoi bat.

Laburbilduz, irakurle maiteok: ez gara garestiak, profesional sakrifikatuak gara, beste asko bezalaxe. Gure lana maite dugu eta behar den guztia egiten dugu gure hizlariek eta entzuleek elkar uler dezaten, horrek egun bakarreko enkargu baterako astebete ikastea eta ehun kilometro egitea eskatzen badu ere. Ni ez naiz matematiketan aditua, baina kalkulu bat edo beste eginez gero, horrelako enkarguetarako merke ateratzen garela esango nuke nik. Merke, batzuetan Cirque du Soleil-eko akrobaten pare dabiltzan artistak izateko.

Zer da hain mingarriki estutzen nauen zera hau?

Santi Leonรฉ

[OHARRA: Testu honek, autoironiaren mozorropean, txertatua du propaganda]

โ€œKatalanaren hamar solas itzulezinโ€ du izenburua VilaWeben Jordi Badiak argitaratu zuen artikuluak, edo โ€œDeu mots catalans intraduรฏblesโ€, jatorrizko bertsioan. Tituluak promes egiten duen bezala, Badiak gaztelaniaz โ€“eta agian, gehitzen dut nik, ezta bertze hizkuntza batzuetan ereโ€“ ordain doirik ez duten hamar solas โ€“hala nola caldre, feinada, pas edo plegar; zerrenda osoa ikusi nahi duenak irakur dezala artiluluaโ€“ komentatzen ditu. Komentarioaren gibelean, diglosiaren kezka dago: hitz bereziak dira, eta arriskuan paratzen ditu espainolean, auzo hizkuntza indartsuan alegia, ordain zehatzik ez izateak.

Arriskuan egon ala ez, hizkuntza guzietan aurkitzen ditugu horrelako solasak: arruntak eta hiztun natiboek arrunt erabiliak, baina bertze hizkuntza batera bihurtu nahi dituen itzultzaileari buruhauste ederrak sortzeko gauza direnak. Horrelako hitz bat parafraseatuz hasten da, adibidez, Gregor von Rezzoriren Memoiren eines Antisemiten (Antisemita baten memoriak). Skutschno du izena lehen kapituluak, eta honela diote lehen lerroek:

โ€œSkutschno alemanera itzultzen zaila den errusierazko hitza da. Gogaitze aspergarria baino gehiago da: huts existentzial bat, zeinaren zurrunbiloak sortzen baitu halako irrika zehaztugabe baina aldi berean biziki hertsagarri batโ€.

โ€œIrrikaโ€ idatzi dut, baina ez dakit asmatu dudan. Jatorrizkoan, eine unbestimmte aber heftig drรคngende Sehnsucht ikusten dugu, eta zalantza egiten dut โ€œirrikaโ€ hitzak Sehnsucht horren esanahaia ongi harrapatzen duen, Sehnsucht ere itzultzen zailak diren eleen klubekoa baita. Marlene Dietrichek sarrera bat eskaini zion bere Das ABC meines Lebens (Nire biziaren alfabetoa) lanean, eta hasmentatik afera argi utzi zigun aktoreak: โ€œBertze hizkuntzetan zehaztasun osoz aurkitzen ez dugun kontzeptuaโ€. Eta ondotik: โ€œSasiordezkoa da dena. Bi hitzen arteko lotura โ€“โ€˜irrikatuโ€™ [โ€˜Sehnenโ€™] eta โ€˜adikzioaโ€™ [โ€˜Suchtโ€™]โ€“ ez da bertze inon gertatzenโ€. Duden hiztegiaren arabera, Sehnsucht norbaitenganako edo zerbaitekiko desira sakon eta mingarria da.

Osagaiak zein diren azaldu digu Dietrichek, eta definizioa eman Dudenek. Euskarara nola ekarri da orain kontua, iduri bailuke Dietrichek emandako pisten eta Dudenen irakurritako definizioaren mugen barnean hainbat aukera direla posible. Zalantzak zalantza, goitian aipatu Rezzoriren testuan โ€œirrikaโ€ utziko nuke, izenondoek ongi lagunduta betiere, baina bertze testuinguru batean diferente euskaratuko nuke. โ€œHaben Sie dann Sehnsucht nach ร–sterreich?โ€, galdegin dio Krista Fleischmannek Thomas Bernhardi, honi Mallorcan egin zion elkarrizketa luzean; eta, hor, agian โ€œherriminaโ€ izan liteke ordain egokia: โ€œBaduzu Austriarekiko herriminik?โ€. Bertze adibide bat emate aldera, Hugo Bettauerren Die Stadt ohne Juden (Judurik gabeko hiria) nobelan, berriz, Lotte Spinederrek zera azaldu dio erbestera joan behar izan duen Leo Strakosch senargaiari, medikuak erraten duena erraten duela, berak badakiela โ€œdass es nur meine Sehnsucht nach Dir ist, die mich schwach und krank machtโ€ โ€“eta esaldia akaso โ€œzureganako nahia dela ahuldu eta eritzen nauenaโ€ gisa eman litekeโ€“.

Adibideak aise biderkatzen ahal dira, Sehnsucht zaila baita itzultzen, ez, ordea, han-hemenka harrapatzen. Eta sasiordezko dietrichtarren eremutik atera ez garelako sentsazioa izanda ere, testu eta testuinguru bakoitzean ahalik eta ordain doiena hautatzen saiatu bertze erremediorik ez dugu. Zer egin, bertzenaz, berez itzulpena baino gehiago parafrasia eskatzen duten solasekin? Ikus dezagun bertze adibide bat: berriki, Argia aldizkarian Nosferatu filmaren gaineko erreportajea argitaratu du Santi Leonรฉ izeneko batek. โ€œBertze munduko haize hormatuaโ€ du izenburua erreportajeak, eta, antza, Lotte Eisner kritikariari ebatsi dio esaldia Leonรฉk; izan ere, geroago aipu osoa dakar testuak, honela euskaratua: โ€œEta gaur oraindik benetan sentitzen dugu, filma ikusten dugularik, bertze munduko haize hormatua dabilela irudi errealistetanโ€. Alta bada, jatorrizko testura joz gero, hauxe aurkituko dugu: โ€œUnd wirklich fรผhlen wir noch heute, wenn wir den Film sehen, dass โ€˜ein frostiger Luftzug aus dem Jenseitsโ€™, wie Bรฉla Balรกzs es nennt, in den โ€˜naturmรถglichen Bildernโ€™ wehtโ€. Hara! Alemanezko testua irakurrita, bi gauza deskubritu dugu: Leonรฉk Eisnerri lotsagabeki egotzi dion aipua ez dela benetan Eisnerrena, Bรฉla Balรกzs izeneko kritikari batena baizik, eta, oraindik larriagoa dena, naturmรถglich โ€“naturan gertatzen ahal dena, naturan posible denaโ€“ bidegabeki errealista ziztrin batera murriztu duela eta, horrela, Nosferatu genero fantastikotik erauzi eta kasik Kammerspiel bat bihurtu duela. Agian itsuskeria horiek barkatzen ahalko genizkioke Leonรฉ delako horri, kontuan hartuta Argiako erreportajearen helburua ez zela Eisnerren liburua euskaratzea, film klasiko baten berri ematea baizik, eta akaso horregatik egileak ez zuela testua izen gehiegirekin zamatu edo bere burua hitz batekin katramilatu nahi izan; halere, horrelako gauzak egiten dituen morroi batek, bistan dena, neketan mereziko luke itzulpengintzari buruzko hau bezalako blog batean idaztea.

Itzulpen traketsak alde batera utzita, Skutschno, Sehnsucht, naturmรถglich eta ordain zehatzen faltan parafrasia eskatzen diguten solas guziek gogorarazten digute itzulpengintza ariketa zaila eta inperfektua dela. Marlene Dietrichek zorrotz ebatzi zuen kontua bere Alfabetoan: โ€œBi hitzen arteko lotura โ€“โ€˜irrikatuโ€™ [โ€˜Sehnenโ€™] eta โ€˜adikzioaโ€™ [โ€˜Suchtโ€™]โ€“ ez da bertze inon gertatzen. Horregatik iduritzen zait beti ez duela benetan Sehnsucht sentitzen sentsazio horri โ€˜Nostalgiaโ€™ edo โ€˜Nostalgieโ€™ deitzen dionakโ€.

Nola ekarri xede-hizkuntzara jatorri-hizkuntzak bere-berezko duen kontzeptua? Are gehiago, sentitzen edo atzematen ahal dugu sentsazio bat, sentimendu bat, gure hizkuntzak hura izendatzeko kontzeptua eskas badu? Arratsalde batzuetan โ€“igande arratsaldeetan batez ere, baina ez orduan bakarrikโ€“ mingarriki estutzen nauen zera hori nostalgia ote da, edo Sehnsucht? Ez dakit; baina berriz heldu dela sumatzen hasia naizenez โ€“eta artikulu hau neurrikoa dena baino gehiago luzatu dudala iduritzen zaidanezโ€“, hemen utzi eta banoa musika pixka bat aditzera. Rammstein, jakina. Sehnsucht diskoa: glรผcklich werde ich nirgendwoโ€ฆ

Hiztegitik hiztegira jauzika

Alfontso Mujika

โ€œUrtxintxak oihanean jauzika, aldaxkatik aldaxkaratโ€ eta itzultzaileak ere jauzika hiztegitik hiztegira. Halaxe ibili ohi gara itzultzaileok maiz, aseko gaituen erantzunaren bila. Hiztegi elebidunak, hiztegi terminologikoak, hiztegi orokorrak, hiztegi historikoak, hiztegi modernoakโ€ฆ eta, hiztegietatik harago, corpusak ere baditugu arakagai.

Zorionez, gero eta tresna gehiago ditugu eskura sarean, eta azken hiztegiek corpusen bermea dute atzean (paperezko hiztegiak hautsa biltzen dauzkagu apaletan, haienak egin du). Aurtengo lehen hiru hilabeteetan, bi hiztegi orokor elebakarren azken bertsioak kaleratu dira.

Batetik, otsailean, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) azken bertsioa (urtean bitan eguneratzen da). Poliki baina sendo, koskortzen eta are heltzen ari da: 2012an paperean argitaratu zen 1. bertsioa, 20.000 sarrera inguru zituela; orduko jaioberri hark 10 urte ditu orain, eta 48.000 sarrera inguru: 38.000 sarreraburu eta 10.000 azpisarrera inguru. Bide emankorra.

Bestetik, Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) amaitu du Euskal Herriko Unibertsitateak. Honela dio EHUk:

โ€œEuskara modernoaren hiztegi handien eta zehatzena. 2008an abiatua, hamabost urtetako lanaren ondoren, 2023ko urtarrilean amaitu zen.โ€

Beharbada, arrandia-puntutxoren bat egon liteke izenburu horretako lehen esaldian, baina hobe da izenburuak alde batera uztea eta EEH interesgarri horren mamian sartzea eta zertarako gerta dakigukeen baliagarri aztertzen saiatzea.

EEHn sartuta, lan horren beste definizio bat ageri da, taxuzkoagoa nire ustez:

โ€œEreduzko Prosa Gaur corpusa oinarri hartuta egiten ari den hiztegia, egungo erabileraren ispilua izan nahi lukeenaโ€.

Hau da, 25,1 milioi hitzeko corpus baten hiztegia da, 2000tik 2006ra bitartean argitaratuko hainbat liburu (287 liburu, 13,1 milioi hitz) eta egunkari (Berria eta Herria, 12 milioi hitz) arakatu dituena. Corpus hori ustiatuz egindako hiztegia da, hau da, corpus hori zukutuz egina, zer den baliagarri eta zer ez epaitu gabe. Eta hori argi eduki behar dugu, hartan ageri den guztia ez baita estandarra, obra horren asmoa ez baita inola ere arautzaile izatea, 2000โ€‘2006 bitarteko euskararen argazkitxo bat (partziala, ezinbestean) ematea baizik.

Hala, Euskaltzaindiak arautu ez bezala idatzita ageri dira hainbat hitz: balutxi (EH: balutx), kanakiar (EH: kanak), waloniar (EH: valoniar), matriuska (EH: matrioxka), accessit (EH: accesit), abordaje eta abordaia (EH: abordatze)โ€ฆ Eta Euskaltzaindiak berariaz gaitzetsitako edo ez erabiltzeko gomendioa eman duen beste hainbat hitz inolako oharrik gabe ageri dira: abenida, adaptatu, administradore, aeroplano, afirmazio, agintekera, aguakate, ahapeko, aheria, ajedrez, aktualizazio, aktuatu, aktuazio, akzesit, akzionista, alarmagarri, alarmatu, albondiga, aldeanitz, alderanzketa, algodoi, alkanfor, alkilatu, alkitran, altaboz, aluzinatu, aluzinazio, amapolaโ€ฆ Alegia, estandarizazioak azken urteetan egin duen bidea ez da EEHn islatzen.

Horregatik beragatik, sarrera asko eta asko hitz beraren aldaerak dira. EEHk dio 70.751 sarrera dituela, baina milaka eta milaka sarrera โ€œikusakโ€ dira, hau da, honelakoak: โ€œjostagailu ik. jostailuโ€, โ€œjuduteria ik. judueriaโ€, โ€œyaourt ik. jogurtโ€, โ€œyogourth ik. jogurtโ€, โ€œyogur ik. jogurtโ€, โ€œyogurt ik. jogurtโ€. Ez dakit zenbat, baina, lagin batzuk aztertuta, esango nuke sarrera โ€œofizialenโ€ % 15-20 inguru horrelakoak direla, aldaera grafiko hutsak. Horrek esan nahi du sarrera โ€œerrealakโ€ edo definituta daudenak nabarmen gutxiago direla, 10.000 edo 15.000 gutxiago.

Nolanahi ere, sarrera erreal asko dira. Beraz, pentsatu behar dugu hor material baliagarri bat dagoela beste hiztegi batzuk, edo norberaren hiztegia, elikatzeko.

Proba txiki bat egin dut: EEHn sarrera diren eta EHn sarrera ez diren lehen 25 hitzak apartatu ditut, eta begiratu dut zenbat adibide dituzten EEHn eta zenbat agerraldi dituzten corpus hauetan: Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia (XXI. mendeko 98 milioi hitz zituen 2021ean), EHUren Egungo Testuen Corpusa (XXI. mendeko 355 milioi hitz ditu) eta Elhuyarren Dabilena (Interneteko 300 milioi hitz ditu). Hau da, Ereduzko Prosa Gaur corpusa baina askoz handiagoak diren beste hiru corpusekin alderatu ditut, ikustearren zenbateraino diren hitz horiek hizkuntzan ondo finkatutako eta erabilitako hitzak edo zenbateraino diren bazter-hitz. Hona hemen datuak:

EEHn sarrera eta EHn ezLBETCDabilenaZenbat adibide EEHn
abadetxo00104
abadezale0222
abadezulo0202
abailetan1013
abailgarri240134
abaka22101
abakozale0051
abalatu11902133
abalorio511271
abanderatu35181
abandonismo0111
abanikatu31861
abantailadun3081
abantailatxo160285
abantailazko130514
abantailoski0021
abante170647
abantzamendu0952
abantzarazi0022
abanzada0021
abarketatxo0011
abarogabetza0001
abarotsu1011
abarotu0591
abarrakitzaile0001

Garbi dago gehienak ez direla oso hitz erabiliak edo berez sor daitezkeela lexikoa sortzeko ohiko baliabideak erabiliz โ€”eratorpena, adibidezโ€”, hiztegi batean esplizitatu beharrik gabe (abadetxo, abadezale, abakozale, abarketatxoโ€ฆ). Horiz nabarmendu ditut nire ustez lehen begiratu batean (corpusetan duten agerraldi-kopurua ikusirik) hiztegi arauemaile batera lehen urrats batean pasatzeko interesgarrienak izan litezkeenak. Nolanahi ere, zalantzarik ez da EEH badela hitz-iturri interesgarria, corpusekin batera kontuan hartzekoa, Euskaltzaindiaren Hiztegia osatuz joateko.

Beste galdera bat egin nion neure buruari: Egungo Euskararen Hiztegia zenbateraino da benetan egungo? Eta, erantzuteko, beste alderaketatxo bat egin nuen galdera honetan oinarrituta: EHk ba ote du bera baino handiagoa den EEHn sarrera ez den egungo hitzik? Eta erantzuna ezin argiagoa da: bai, EHk gaur egungo hitz asko eta asko ditu EEHk ez dituenak. Hona hemen erakusgarri txiki bat, 100 hitzez bakarrik osatua:

ahaldundu, alergeniko, animalista, arretagune, astur, audiometro, azelerometro, azidifikatu, bakterizida, biodinamiko, birmasterizatu, birzentralizazio, chic, curling, curry, desmarkatu, desmuntagarri, dogon, drone, ekintzailetza, feminizidio, fotodepilazio, friki, garnatxa, gatzapen, geoingeniaritza, geolokalizazio, gobernabide, heteroarau, hidrofugo, hijab, hipotekadun, hostoerorkor, hostoiraunkor, immunitario, in vitro, intersexual, jibaro, jokatugabe, kationiko, koadrizeps, koedizio, konpostagailu, kontziliazio, lignina, lodigarri, lurrintzaile, maori, mariatxi, masai, mastaba, matriarka, mikrobiologiko, minorizazio, miss, muesli, nanomaterial, nanometriko, nanozientzia, neuroendekapen, ninja, nitruro, oleiko, ordainduko, paintball, papuar, pilates, plazandre, positroi, prebalentzia, proaktibo, propileo, psoriasi, pultsometro, quad, sismologo, skate, skater, sorbiko, sudoku, superprodukzio, surimi, tajik, tenporizadore, tentsioaktibo, tentsiometro, tortso, tory, traol, trazabilitate, tuit, tuper, txosnagune, ultraeramangarri, wifi, zamaleku, ziklogenesi, zistitis, zordunketa.

Alegia, EEH hiztegia egungoa da, baina ez da egungoena. Eta normala da hala izatea, EEH elikatu duen corpusa mugatu samarra delako hala kopuruz (25,1 milioi hitz) nola denboraz (2000tik 2006ra bitarteko testuak). Horretaz gainera, Ereduzko Prosa Gaur corpusa ez da orekatua, haren testuak ez baiziren estatistikoki hautatu; beraz, 2000-2006 bitarteko hizkuntza idatziaren parte bat baino ez du islatzen.

Eta, bestalde, ez da hiztegi โ€œohikoaโ€. Sarrera nagusiez gainera, baditu azpisarrerak ere, baina gutxi; asko falta dira. Esate baterako, abiadura hitzak, EHn, lau adiera (bakoitza bere definizioarekin) eta azpisarrera definiziodun hauek ditu: abiadura-aldagailu, abiadura angeluar, abiadura-muga, abiadura-neurgailu, abiadura-palanka.

abiadura
1 iz. Korritzen den distantziaren eta horretan ematen den denboraren arteko zatidura. Ik. lastertasun. Abiadura handiko trenaren inguruko jardunaldiak. Argiaren abiadura.
2 iz. Abiada, abaila. Txalogarria da benetan Auspoa bildumak hartu duen joera eta abiadura.
3 iz. Ibilgailuetan, abiadura-aldagailuaren engranaje-konbinazio bakoitzari dagokion higidura modua. Ik. martxa 2. Sei abiadurako motorra.
4 iz. Ipar. eta Naf. Hastapena. Tentaldiaren abiaduran. Erromatarren garaian, Elizaren lehen abiaduran.
abiadura aldagailu, abiadura-aldagailu
iz. Ibilgailuetan, abiadura edo martxa aldatzeko erabiltzen den tresna. Motorra eta abiadura aldagailua Ferrarirenak dira.
abiadura angeluar
iz. Errotazio mugimenduetan, biratutako angelua denbora-unitateko. Eguzkia ekliptikan zehar abiadura angeluar konstantean mugitzen da.
abiadura muga, abiadura-muga
iz. Legeak errepideetan ibilgailuentzat ezartzen duen gehieneko zirkulazio abiadura. Espainiako Gobernuak orduko 110 kilometrora jaitsi du berriki autobide eta autobietako abiadura muga. Argi uzten du horrek, inork ez dituela abiadura mugak errespetatzen.
abiadura neurgailu, abiadura-neurgailu
iz. Ibilgailu baten abiadura neurtzen duen tresna.
abiadura palanka, abiadura-palanka
iz. Abiadura aldagailuari eragiten dion palanka.

EEHn, berriz, adiera bakarra definitzen da, eta beste sei sail (hitzaren testuinguru morfosintaktikoaren arabera osatutako sailkapena), definiziorik gabe, adibide ugariz hornituak (adibide bakoitzaren jatorria zehaztuta), eta azpisarreratzat har litekeen beste sail bat (sailetako adibide bana baino ez dut hemen jarriko, ez luzatzearren).

abiadura (ETCn 32.060 agerraldi)
1 iz ibiltzen den distantziaren eta horretan ematen den denboraren arteko zatidura. 15 adibide.
                Abiadura horretan ehun metro korritzen dira segundoko.
2 (izenondo eta izenlagunekin) 15 adibide.
                Begiak itxita dagoen bidaiariak ezin du esan hegazkina abiadura konstantean doan ala lurrean geldi dagoen.
3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa) 15 adibide.
                Gidariek motoaren esku utzi nahi izan zuten abiadura murrizketa, eta elektronikak egiten du lan hori.
4 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa) 5 adibide.
                Nahikoa da bere keinu metodikoak ikustea, neurtuak, abiadura-kaxa segundo zehatzean erabiltzen dakienaren keinuak dira.
5 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa) 4 adibide.
                Bertatik haize-abiadura puntakoena jaso.
6 irud/hed 5 adibide.
                Urkia eta Lujanek ahal zuten guztietan partidaren abiadura aldatzeari ekin zioten.
7 abiaduran abiadan. Adibide bat
                Polizia patruila bat pasa zen abiaduran eta argiak keinuka.

Hirurogei adibide ditu abiadura sarrerak EEHn (hamar adibide, berriz, EHn), baina adibide horietako batean ere ez dira agertzen EHn definituta dauden bost azpisarrerak (abiaduraโ€‘aldagailu, abiadura angeluar, abiadura-muga, abiadura-neurgailu, abiaduraโ€‘palanka).

ETC corpusean bost azpisarrera horiek bilatzen baditugu, berehala ikusiko dugu garrantzitsuak direla, hau da, abiadura hitza beste hitz batzuekin konbinatzen denean nagusietakoak direla elkartze horiek. Hala, abiadura izena adjektiboekin elkartzen denean, abiadura angeluar nagusietan bigarrena da (abiadura konstante bakarrik du aurrean). Eta abiadura izena beste izen batzuekin elkartzen denean, abiadura lehen hitza izanda, ETC corpusak < abiadura + izena > motako 314 konbinazio eskaintzen dizkigu erabileraโ€‘maiztasunaren arabera ordenatuta, eta bost horiek oso goian daude zerrendan. Zehazki, postu hauetan ageri dira: abiaduraโ€‘aldagailu 4.a, abiadura-muga 7.a, abiadura-neurgailu 22.a eta abiaduraโ€‘palanka 38.a. Horrek guztiak erakusten digu EEHk ematen digun argazkiak ez duela islatzen euskara idatziaren unibertsoa, unibertso horren zati bat baizik, atzean dagoen Ereduzko Prosa Gaur corpusaren edukia orekatua ez izatearen ondorioz.

Balio mugatua duela esateak ez du esan nahi balio ez duenik, jakina. EEHren bi arlo iruditu zaizkit bereziki interesgarriak. Batetik, sarrera batzuetan adierak bereizteko egin den ahalegina. Adibidez, gurutze sarrera hartu eta EH eta EEH alderatzen baditugu, ikusiko dugu lau adiera komun dituztela baina EEHn badirela beste lau adiera EHn ageri ez direnak. Ez daude zehazki definituta (hitz batez edo biz iradokitzen da zertaz ari den), baina hor daude (adibide bakarra ekarri dut, ez luzatzearren, baina adibide gehiago dituzte):

4 (dominetan)
Haren bular zabalaren gainean gurutze batek eta hiruzpalau dominak egiten zuten dirdai.
5 (ikurra)
Liburutegiko zenbait liburu gurutze gorri batez markaturik daude.
6 (kaleen artean)
Hortaz, eraman nazazu Lexington eta 47.aren arteko gurutzera.
7 (elizen egituran)
Ezin konta ahal eliza eta monasterio daude […] beren kupula, gopoil eta gurutzeekin.

Bestetik, hitz-multzoen atala: sarrera bakoitzean, behin eta berriro errepikatzen diren biko eta hiruko hitz-multzoak ageri dira. Hitz bat gehienbat zer hitzekin elkartzen den ikusteko balio du, eta informazio hori interesgarria da joerak ikusteko, โ€œkolokazioโ€ direlakoak edo terminoak izan litezkeenei antzemateko eta, oro har, ikusteko hitz bakoitzak zer โ€œlagunโ€ dituen gogokoenak. Esan behar da, dena dela, hitz-multzoen hautaketa modu automatikoan egin dela eta, itxuraz, ez dela iragazi. Horrek esan nahi du atal horretan ageri den informazio asko ez dela esanguratsua edo itzultzaileontzat baliagarria, aski erredundantea delako edo baliagarria ez delako; hau da, bihia bilatu behar dela lastoen artean. Adibidez, har dezagun rally sarrera. Hau agertuko zaigu:

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

munduko rally txapelketa (14); munduko rally txapelketako (6); munduko rally txapelketan (8); rally denboraldia (5); rally txapelketan (10)

argentinako rallya (8); australiako rallya (5); dakar rallya (11); erresuma batuko rallya (4); italiako rallya (3); kataluniako rallya (10); lehen rallya (4); mexikoko rallya (13); mexikoko rallya utzi (3); montecarloko rallya (3)

rallya hasiko (5); rallya hasiko da (4); rallya irabazi (7); rallya irabazi zuen (7); rallya irabazteko (3); rallya utzi (6); suediako rallya (8); suediako rallya irabazi (3)

akropolis rallyan (3); argentinako rallyan (3); dakar rallyan (15); faraoien rallyan (4); kataluniako rallyan (7); korsikako rallyan (4); lider kataluniako rallyan (3); liderra suediako rallyan (3); montecarloko rallyan (3); suediako rallyan (8)

dakar rallyaren (4)

mendiko rallyetako (3); rallyetako gidari (3)

dakar rallyko (8); japoniako rallyko (3); kataluniako rallyko (4); korsikako rallyko (3); rallyko lehen etapa (4); rallyko lehen etapan (3); rallyko lehen liderra (4); suediako rallyko (6)

Interesgarria da ikustea rally txapelketa multzoa hor dugula edo munduko rally txapelketa, baina, aurreko horiek hor izanda, munduko rally txapelketan eta rally txapelketan ez dira esanguratsuak. Edo argentinako rallya, argentinako rallyan, australiako rallya, erresuma batuko rallya, italiako rallya, kataluniako rallya, kataluniako rallyan, kataluniako rallyko, mexikoko rallya, montecarloko rallya, korsikako rallyan, korsikako rallyko, suediako rallyan, suediako rallyko, japoniako rallykoโ€ฆ Alegia, informazio asko dago, baina itzultzailearentzat baliagarria izan daitekeena apartatzen badago lana.

Beraz, ongi etorri EEH gure hiztegien biltegira, itzultzaileon โ€œarmategiraโ€. Ez da izango tiradera birtuala zabaldu eta kontsultatzeko erabiliko dugun lehen hiztegia, baina baliagarria gertatuko zaigu รฑabarduren bila, adiera ezkutu baten bila edo hitz jakin baten โ€œlagunenโ€ bila gabiltzanerako.

Itzulpen ariketak II.ย ‘Puta’ (Nelly Arcan)

Miel A. Elustondo

Nire aitak behin eta berriz esaten zuen hiritzar handia izugarria egiten zitzaiola, hiria gauza gaitzesgarriz betea dagoela, bateko putak eta besteko homosexualak, bateko aberatsak eta besteko famatuak, sasoi beteko ekonomia eta indartsuenaren legea, hirian gauza guztiak ere hondamendia eta ulertezinak direla, hizkuntzen eta arkitekturaren kakofonia, udaberriko lokatza eta eraikin modernoen itsuskeria, eta nola liteke elizako fatxada bat unibertsitaterako sarbidea izatea, galdetzen zuen sumindurik nik horretan parterik banu bezala, mutilatu batek bedeinkatu gabeko gurutzearen antza du elizak, Jainkoaz gabetua da, eta nola liteke unibertsitateko pabiloiek peep showen aldera izatea irteera, nora goaz unibertsitatetik prostituziora urrats bat baizik ez badago, eta egia da, eta zientifikoki froga daiteke, eliza bateko fatxada hura nik klase gehienak ditudan pabiloirako sarbidea da, ondarearen izenean mantendu eta zaharberritutako fatxada da, ongi ematen duelako utzi zuten horrela, eta ikasgeletako leiho asko dantzariak larrugorritan diharduten tabernetara begira daude, feminitatearen neon arrosetara, klaseak eta klaseak eman nituen sexu-langile pila hura aztertzen, eta aurkikuntza galanta izan nuen izendapen hori, munduko lanbiderik zaharrenari, funtzio sozial zaharrenari bestek egiten dion aitortza ageri da izendapen horretan, liluragarria zait ore bat lantzen den moduan lantzea sexua, plazera lana izatea, atsegina nondik-bait erauzi ahal izatea, horrek ahalegina eskatzea eta ordainetan soldata jasotzea, murrizketak izatea, arauak behar izatea, eta ikasle gehien-gehienen irudiko putekiko elkarbizitza horretan txarrik ez zegoen, horixe da deigarriena, azkar ohitzen gara gauzetara haietatik ihes egin ezin duzunean, espaloia gainditu eta zure apunteetara heltzen direnean, eta hurbiltasun horrek eragin handia izan zuen nigan, kontrako espaloira aldatzeko gogoa piztu zidan, eta esadazu nola eutsi behar zion teoriak hainbeste plazer tentaldiri, nolanahi ere han inork ez ninduen ezagutzen eta udaberria oso zegoen aurreratua, eta udaberriak beti jardutera, soka zeure lepoan jartzera, bultzatzen zaitu, eta mendiko arropa eranzteko aukera sortu zenean, nik gogo onez onartu nuen eskaintza.

Prostituitzea oso erraza gertatu zitzaidan, zeren betidanik jakin nuen besteren batena izango nintzela, izen bat bilatuko zidan komunitate batena, eta sarrera-irteerak arautuko zizkidatela, zer egin behar nuen eta nola, aginduko zidan nagusi bat izango nuela, zer esan behar nuen eta zer ez, betidanik jakin dut denetan txikiena izaten, denetan sexiena, eta gainera ordurako zerbitzari-lanean ari nintzen tabernan, non alde batean putak zeuden eta bestean bezeroak, eta behar baino eskupeko handixeagoa ematen zidaten, nik ere behar baino arreta handixeagoa eskaintzearen ordainetan, eta poliki-poliki eta modurik naturalenean anbiguotasun halako bat sortu zen gure artean, zenbait hilabetez bezeroek erabili egin ninduten ni eta nik erabili egin nituen bezeroak, harik eta indarrez erakartzen ninduen hartaraxe joatea erabaki nuen arte, eta pentsatzen jarriz gero, iruditzen zait beste aukerarik ez nuela, ordurako puta izatera destinaturik nengoela, puta nintzela puta izan baino lehen ere; aski izan nuen La Gazette egunkari anglofonoa gainbegiratzea, eta hantxe azaldu zitzaidan escort agentzien orrialdea, aski izan nuen telefonoa hartu eta zenbaki bat markatzea, Montrealgo agentziarik garrantzizkoenarena, iragarkiak zioenaren arabera, agentziak escort onenak baizik ez zituen kontratatzen eta bezerorik onenak baizik ez zituen onartzen, alegia, han emakumerik gazteenak eta gizonik aberatsenak biltzen zirela, gizonen aberastasunak beti konbinatu izan du ongi emakumeen gaztetasunarekin, hori mundu guztiak daki, eta ni oso gaztea nintzenez batere pentsatu gabe onartu ninduten, etxe batera eraman ninduten eta gela batera sartu ninduten luzamendurik gabe, eta bospasei bezero errezibitu nituen, bata bestearen atzetik, hasiberriak oso ospetsuak dira, esan zidaten, politak izan beharrik ez dute, gela hartan egun bat aski izan nuen irudipena edukitzeko zera hura bizi guztian egiten ari nintzela, bat-batean zahartu nintzen, baina dirutza ere irabazi nuen, lagunak egin nituen, bai, posible zen konplizitatea izatea, ikaragarria da, kidetasun horren oinarrian gorroto komun bat baitzegoen, bezeroekiko gorrotoa, baina prostituzio girotik irteten ginen orduko atzera emakume normalak izatera itzultzen ginen, sozialak, bata bestearen etsai.

Eta ziztu bizian zahartzen hasi nintzen, bezero segida handi haren aurrean belauniko jartzeari utzi ahal izateko zer edo zer asmatu behar nuela pentsatu nuen, gela hartantxe ematen bainuen denbora guztia, eta terapia egiten hasi nintzen hitzik esaten ez zuen gizon batekin, eta halako burutaziorik, ni diban batean etzanaraztea, kontuan harturik egun osoa ohean ematen nuela gizon haren adin bertsuko gizonezkoekin, nire aita izan zitezkeen gizonekin, eta psikoanalisi hark inora ez ninderamanez, ezin nuenez hitz egin, gizonaren isiltasunak zeharo lotzen ninduelako eta esan behar nuena esateko beldurrez bizi nintzelako, erabakia hartu eta idazten hasi nintzen denboran eta denboran barruan isilik gorde nuena ateratzeko; halakoren batean, adierazi nahi nuen seduzitzeko neukan premia haren atzean zer ezkutatzen zen, ez nuen premia hura gainditzen asmatzen, ezin esplikatu prostituzioaren gehiegikeriara bota ninduen zera hura, bestek zu izatea espero dutena izateko premia, eta idazten dudanean ere inoren gogoko izateko nahia nagusitzen baldin bada, da baitezpadakoa zaidalako hitzetara ekartzea nire baitan ezkutaturik dagoena eta nahikoa delako inork hitz batzuk irakurtzea haiek hitz desegoki bihurtzeko, eta idatzi ahala, etenarazi nahi nukeenak indar handiagoa hartu zuen, askatu nahi nuen korapiloa are gehiago estutu zen, leku guztia betetzera heldu zen, eta korapilo horrexetatik sortu zen nire idatziaren lehengaia, agortezina eta alienatua, lotan dagoen ama baten eta munduaren azkenaren zain dagoen aita baten artean bizirauteko borroka.

Eta horregatik dago liburu hau osoki asoziazioz egina (…)

Adimen artifizialak testu artifiziala

Naroa Zubillaga Gomez

Azkenean ere, egin dut proba.

Urte hasieran irakurri genion EHUko irakasle den Ekai Txapartegiri adimen artifizialak lana kenduko zigula irakasleoi. Hilabete beranduago Bill Gatesen elkarrizketa bat entzun nuen (ez osorik), eta, bertan, Microsoften sortzaileak esaten zuen adimen artifizialak lana kendu ez, baina lana erraztuko zigula eta lan-jardunaldi laburragoak izango genituela etorkizunean. DBHko irakasleak larritzen hasiak omen dira, ikasleei agintzen dizkieten zenbait lan (laburpenak egin, idazlanak idatzi) ez dituztelako ikasleek berek oso-osorik egiten, hasi eta buka. EHUn bertan ere mahai-inguru bat antolatu da gaiaren inguruan.

ChatGPT izena du, eta OpenAI enpresak garatutako adimen artifizialeko txata da. Zerbait galdetu eta erantzuna ematen omen dizu, baita testugintzarekin zerikusia duten zereginak ematen badizkiozu ere (idatzi Xren inguruko 10 lerroko idazlan bat, zein dira literatura postmodernoaren ezaugarriak, etab.).

Izena eman eta proba txiki batzuk egin ditut. Gehiegi ere ez, konturatu bainaiz, oraingoz behintzat, euskaraz ez duela oso ondo funtzionatzen. Hauxe galdetu diot lehenik: ยซIdatzi 10 lerroko idazlan bat tabakoari buruzยป, eta hauxe erantzun zidan (dagoen horretan kopiatu dut, ez beldurtu):

Tabako hainbat osagai kimiko ditu, horietako asko kanceroginak sortzen dituzte. Horregatik, tabakoaren erabilera okerrena da gizartearen osasunerako.

Eskuetan edo bizkarrean eskuan duzun cigarro batek ezin du osasun-arriskurik txikiena izan. Horrez gain, tabakoak hainbat gaitasun psikologiko eta fisiologiko sortzen ditu, hala nola adikzioa edo anxietatea.

Gaur egun, gizarteak tabako erabilera murrizteko ahalegina egiten ari da, baina oraindik asko daude tabako erabilera okerrena mantentzen dutenak. Tabakoaren erabilera utzi behar da, hainbat eragileen ondorioz, baina baietakoa da: tabakoak osasun-arazoak sor dezakeela eta hainbat abantaila inportanteek galtzea ekar ditzakeela.

Gizartean tabakoaren kontrako adierazpen ugari daude. Hala ere, tabakoaren erabilera mugatzen ez den tokietan, hainbat erakundeek baimenduta dagoena baino nabaritzen da tabakoaren erabilera.

Ondorioz, tabakoak osasunari kalterak ematen dizkio eta inportantea da tabakoaren erabilera murriztea gizartearen osasunerako.

Galdera bera egin nion gaztelaniaz, eta txatak bueltan sortu zidan testua euskarazkoa baino askoz txukunagoa izan zen. Zuzena behintzat, bai. Gauza bera ingelesez eta alemanez. Gainera, dominatzaileak diren hizkuntzatan askoz azkarrago jasotzen da erantzuna. Edukia, hori bai, guztietan zen oso-oso antzekoa.

Izan ere, ChatGPT hizkuntza-eredu erraldoi bat da, eta hizkuntza bakoitzean entrenatu beharra dago. Oraingoz, euskaraz egiten dizkiogun galderak ez ditu beti ondo ulertzen. Bernardo Atxagari buruzko lan akademiko nagusienez galdetuta, txatak Bernardo Atxagak idatzitako lan nagusienak esan zizkidan. Gazteleraz galdetuta, berriz, ondo ulertu zidan zer behar nuen, eta lan akademiko batzuen erreferentziak eman zizkidan. Idazle austriar bati buruzko lan akademikoez galdetuta, emaitza desberdinak eman zizkidan ingelesez eta alemanez galdetuta; auskalo zein zirrikitutatik egiten duen bidea mekanismo neuronalak hizkuntza batean eta bestean.

Argi dago, hori bai, testuak sortzeko baliatzen badugu, tentuz ibili beharko dugula, zenbaterainoko autoritatea ematen diogun adimen artifizialari. Izan ere, itzultzaile automatikoarekin gertatzen den bezala, tresna honi behar baino botere handiagoa ematen badiogu, hizkuntza bera homogeneizatzeko arriskua izango dugu. Adimen artifizialak testu artifiziala sortzen baitu.

Hala eta guztiz ere, utzi denborari bere lana egiten. Ziur naiz askok baliatuko dugula tresna hau, besterik ez bada, Google ordeztuko duen bilatzaile gisa.

Igarri barik izan da

Oskar Arana Ibabe

Umeak ginela, ardura handiko kontua izaten zen nola eragiten ziren liskarrak anaia arteko edo lehengusu arteko liskarretan. Umeen artean inor negarrez entzun orduko, laster etorriko zen helduren bat, baten edo besteren ama gehienetan, negarrez aritzea eragin zuen hura igerri barik izan ote zen ebaztera. Lasaigarria izaten zen, amaren edo izebaren baten ahotan, igerri barik izen da entzutea. Baketuta-edo begiratzen genion, atzera ere, zakarkeriaz baina asmo txarrik gabe amorrarazi gintuen anaiari edo lehengusuari. Aurki suertatuko ginen, ordea, bat edo beste negarrez, berriro ere.

Aspaldi ez dut entzun nire inguruan esapide hori. Umeak nahi baino gutxiagotan izaten ditudalako inguruan, beharbada… edo esapide hori ere iraungitzen hasia delako helduon eta batez ere umeen ahotan, gure eskualdean bederen. Bestalde, antzina izan zen, halaber, esapide horrek nire arreta erakarri zuenekoa: bitxi irizten nion, eta ez guztiz zabaldua gure inguruan; etxean ere, ez zuten guztiek erabiltzen, eta umetako nire buru hartan, ez nion “logika” argirik ikusten, igarri horrek, asmakizunetako ezetz igarri eta ezkutaketa-jolasetako eta bestelakoetako igarri egin dotzut horrek, zer egiten ote zuen min eragin osteko barka-bideetan. Bestalde, igarri barik izen da horren pareko ziren, eta gehiago erabiltzen ziren, beste hauek: gure barik izan da (eta bere antonimoa, gureta izen da)… edo, geroago, ikastolan, beste euskalkietatik ikasirik, nahi gabe izan da eta nahita izan da). Halaber, gure barik izen da hori bezain sarri erabiltzen zen konturatu barik izen da. Horiek ziren haserreak eta liskarrak baretzen zituzten esapide magikoak, bakegarriak. Hainbat formula aukeran, eta ez nuke jakingo esaten zer banaketa geografiko edo pertsonal zuen bakoitzak, nork erabiltzen zuen gehiago etxekoen artean, zaharrenek agian, edo aitaren aldeko ahaideek gehiago. Igarri barik izen da hura, ordurako jada, arraroa zeriztan, zaila ere bai, atabikoa, nolabait, eta banion estimu berezi bat, dohain bakegarriez gainera bazuelako berezitasun hori, geure-geurea izatea, eta zaharrenen esapidea, agian, eta nik ez erabat ulertzea zer ote zen igarri beharrekoa (beste adieran). Bitxia, halaber, zeren ez baitut gogoan igerrita izan da entzun izana, haren kontrakoa (bai, igarri dozu, zatekeen erantzuna, beharbada, baina ez dut gogoan halakorik entzun izana).

Nostalgiak โ€“berriro ereโ€“ bultzatu nau hiztegietan eta corpusetan begiratzera, jasota ote dagoen, nola erabili ote den. Egia esatera, mendebaldeko hizkeretakoa dela jakin arren (eta igarri gabe aldaera are kasu gehiagotan agertzen denez begiratu ditudan hiztegi eta corpusetan, beharbada beste hizkera batzuetakoa ere bai), ez nekien (eta ez dakit) mendebaldean (edo beste hizkera batzuetan) zer hedadura daukan. Aspaldiko jakin-min bat asetzearren jarri naiz hartara, beraz โ€“alta, gaur, lantokitik ateratzean, Martin arratiarrari galdetu diot, eta baietz, jakina, ukondoarekin kolpe bat igarri barik eman alegia eginez,โ€ฆ baietz, Arratian baietzโ€“.

Egunotan, gainera, esapide horri buruz idatzi behar nuela nerabilela gogoan, pozgarri ere gertatu zait konturatzea litekeena zela “ohartu” handi eta nik miretsiaren baliokide bat eduki izana mendebaldean eta nik ez baliatu izana behar bestean edo merezi adina. Ironiarik gabe diot: “ohartu” hitzak badu, niretzat, ikasiaren edo liburuetan irakurriaren erregistro “jaso” moduko bat, ez da gure inguruan erabili izan ahozkoan (euskalkian, esan nahi dut). Ironiarik gabe, eta, jakina, euskalkien arteko lehia zoroetan erori gabe edo estandarraren norabideen kontrako iritzi zentzugaberik nire baitan alhatu gabe. Nire baliabideak ugaritu nahian baino ez, hain etxeko dudan esapide ia ahaztu horren aukerak neurtzearren bakarrik, edo orain esaten den moduan, esapideari balioa aitortzearren (balioa emanโ€ฆ agerira ekarri,… zer zaila gertatzen zaidan mettre en valeur / poner en valor horren ordain niretako gogobetegarri bat aurkitzea). Konturatu arruntegia begitantzen zitzaidan. Eta, hara, atzera ere erori umezaroan bertan jakin-mina eragiten zidan igerri barik izen da esapidearen erabilera hain berezituaren lilurara. Bistan da nondik zetorren nire trakestasuna, igarriri esanahi bakarra atxikitzen bainion, nahiz eta beste adieren erabilerak ere ezagutu eta ulertu. Egoera berezitu horretan iluntzen zen nire adimena: Igarri, zer?… esan ohi nuen neure artean.

Hiztegietan, esapideak badu Labayru hiztegian sarrera berezia, baina hemen darabilgun adiera atzenengo lekuan aipatzen da:

Labayru Hiztegia:
igarri barik/gabe Eu
1 adb. lok.
pausadamente, disimuladamente, insensiblemente; sin darse cuenta.
Igarri barik joan jakuz bakazino-egunak: Se nos han pasado las vacaciones sin darnos cuenta. (bizk)
Horrek igarri be egin barik edango leukez beste bost garagardo. (bizk)
Igarri gabe hondatu zituzten euren bizitzak. (bat)
sin konturatu barik/gabe, ezarian

Ematen diren gaztelaniazko ordainetan, sin darse cuenta hori litzateke gure kasukoa. Eta, adibideetan, ez da aipatzen barka-bideetako gure egoera berezi hori, nahiz eta lehenengo adibideko adierakoa izan, eta hirugarren adibidekoa ere bai. Eta sinonimotzat ematen da, gure kasuko erabilerarako, konturatu barik/gabe; beste sinonimoa, ezarian, ez dirudi ondo egokitzen zaionik gure kasuari. Ez da, beraz, sinonimo betea gure erabilera zehatz horretarako.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, bilaketa zehatza eginez, ez du ematen igarri barik esapidearen sarrera berezirik. Bai, jakina aditzarena:

igarri, igar, igartzen
1 du/dio ad. Ustearen edo intuizioaren bidez zerbait ezagutzera heldu edo zerbaitez konturatu. Ik. antzeman. Lehenengo egunetik igarri nion gogoan zer zerabilen. Ez diot igartzen zer arraioren bila dabilen. Begiratzen diezu eta ezin igarri duzu ezkonduak edo ezkongaiak diren. Ez zuen igarri erregearekin hizketan ari zela. Davidek bere buruari laster igarri zion munduan luzaroko ez zegoela. Ez ziokeen inork igarriko, erdaraz mintzatzean, hemengoa zenik. Euskal hitz garbiak, hots, bestetariko etorkia inork oraindik igarri ez dienak. Zertan igarriko zaizu kristaua zaren edo jentil fedegabea. “-ra/-rat” bereizkuntza nolakoa den igarri diodala uste dut, baina igartzea ez da frogatzea. Bizia kentzera zihoazkiola igarri zionean.
2 dio ad. (nor osagarririk gabe). Jakin nahi zuen haren asmo gaiztoei igarri ote zien. Burutapen bakuna da, zoroak ere igarriko liokeena. Igartzen diozu irakurtzen duzun horri? Nola igar diezaioket, inork erakutsi ez badit?
3 du ad. Ezezagun dena, ezkutuan dagoena edo gertatzeko dagoena asmatu. Hitz haien esanahia ezin igarriz. Ezetz igarri nork idatzi didan. Zer gertatzen zen ezin igarriz.

Alabaina, aditzaren adieretan gure kasutik gertuen dagoena lehena izan arren, ez da gure kasua bete-betean hor sartzen, ustearen edo intuizioaren bidez zerbait ezagutzera heldu edo zerbaitez konturatu dio definizioak, eta igarri barik min emate horretan ez du usteak edo intuizioak jokatzen, oharmen hutsak baino. Ez du jasotzen, beraz, nire ustean, oharturen parekoa den adiera. Izan ere, ohartu sarrera begiratzen badugu Euskaltzaindiaren Hiztegian:

ohartu, ohart, ohartzen
1 da ad. Adimenaren edo oharmenaren bidez gauzaren batez jabetu. (Osagarritzat -z atzizkia hartzen duen izen sintagma bat, adierazpen-perpaus osagarri bat edo zehar-galdera bat har dezake). Ik. konturatu; erreparatu 2. Ez da horretaz ohartu. Ohartu naiz ona dela. Aurki ohartuko baitzarete ilun zirudiena kristala bezain argia dela. Orduan ohartu zen gizon hura bere aita zuela. Kontu hartzen zeuden soldaduak ezertaz ere ez ziren ohartu. Ez zara ohartzen zer den? Ohart daitezela non dabiltzan edo nora doazen. Arras zahartzen eta ezintzen ari zela oharturik. Ondo ohartu gabe bekatu egiten denean. Abimelekek, zertan zebiltzan ohartu, eta aurrea hartu zien. Etsaiak zeuden tokira gauaz, inor ohartu gabe, sartu zen. Ez ote garen, ohartu gabe, paganoak bezalakatzen ari.
2 zaio ad. Ipar. Hitzekin esan edo adierazi nahi dugunari ohartu behar gatzaizkio. Ez natzaio ohartu. Ez zitzaion ohartu emaztekiaren beldurrari. Artzaina bazihoan, deusi ohartu gabe. || Jakintsu arrotzak ohartuago zaizkio guhaur baino gure mintzairari.
3 (Partizipio burutua izenondo gisa). Espiritu argia eta ohartua. || Ez ohartuarena egin.

Hor, bai, gure igarriren kasu berezi horri bete-betean egokitzen zaio oharturi eman zaion adiera. Adiera ez ezik, baita sinonimoak ere, konturatu, eta erreparatu. Beraz, simetria hori sinonimoetan ere gertatzen da, zeren igarriri ematen zaion sinonimoak, antzemanek ere, ez baitu balio gure adibide berezirako. Hau da, badago sinonimia bat igarri barik izan da, konturatu barik izan da eta ohartu gabe izan da esapideen artean.

Ikus dezagun nola erabili den Ereduzko Prosa Dinamikoan igarri barik/gabe:

Igarri barik aldaerak hiru agerraldi baizik ez ditu ematen, hiru egileren liburu banatan (Xabier Amuriza, Miren Agur Meabe eta Joseba Sarrionandia). Ez da oso emaitza oparoa.

Eta igarri gabe aldaera galdetuta, askoz gehiago dira kasuak, denak liburuetan, ez prentsan: 8 esaldi, zazpi liburutan, zazpi egileren eskutik. Eta, horrek adierazi dit, nire usteaz beste, balitekeela ez izatea mendebaldeko hizkeretakoa bakarrik aztergai dudan esapidea. Baina ez dakit.

Igarri barik aldaeraren kasuak ekarriko ditut hona:

3.- Euren buruak galtzeko zori txarrean doiazala igarri edo gogoratu barik, sartuten dira itxas barrura, etxeak aรฑako baga zuri sendoen artetik. Ag Kr 30.

4.- Zikinkeri guztijak erdereaz batera / Igarri barik sartu yakuz geure artera. Enb 41.

5.- Igarri barik berandutu jakuen. Gerrika 155.

6.- Orduan bidia igarri barik egiten dabe, etenbako barriketa pozkor gozuaren bitartez. Kk Ab II 142s.

7.- Iรฑok igarri barik bertaratu dira. Kk Ab I 58.

8.- Emakumea bada edatuna, […] iรฑok asko igarri barik salduko dauz oeko izarak bere. Ezale 1897, 143b.

9.- โ€”Baรฑa, zer diรฑok? –Ez,… ezebez… ezebez… Igarri barik urten jestan da. SM Zirik 27.

Urria, nolabait, erabilera.

Nire gogoa, berez, oharturen adiera bete-beteko erabileran eskaintzen dituen aukerak ustiatzea.

Jakinik, ordea, igarriren erregimenak, adiera horretan, nor/zer argumentua hartzen duela beti, absolutibo kasuan (igarri barik [hor zinela] = zer/ edo igarri barik [min ematen nizula] = zer), eta, subjektu isildua, aldiz, bi adibide horietan, [nik, berak,โ€ฆ] igarri barik [hor zinela] [min ematen nizula)] ergatiboan. Hain zuzen, esapidetua edo lokuzio bihurturik, osagarri beharrezko horiek isilduta, lausotzen zen ume nintzeneko adimena, gure esapide horren aurrean. Ohartuk, bestalde, oso erregimen bestelakoa, Euskaltzaindiaren Hiztegiko goiko sarrera horretan ageri denez: -z instrumentalaz osagarria (ohartu zerbaitetaz), edo zaio aditz gisa jokatua, datiboan (ohartu natzaio zerbaiti); eta absolutiboan subjektua.

Eta abiatu naiz, beraz, begiratzera zer joko edo aukera ematen ote duen igarriren sarrerak Orotarikoan, oharturen sinonimo betetzat jotzeko moduko adibiderik ba ote duen sarreran bertan, ea Euskaltzaindiaren Hiztegian ematen zaion definizio hori baino zabalagorik ote dagokiokeen, gero nik baliatu ahal izateko, eta igarri barik kriptikotik baliatze-aukera oparoagoetara zabaldu ahal ote dudan, Orotarikoan adibideen artean aurkitutako horiez gainerako batzuen bidez. Eta bakan batzuk baino ez:

10.- Beltranek igarri zun orduantxe zergatik aldendu zitzaion emaztea. Etxde AlosT 53รง

11.- Atso barrabanak bere entzuleak isil, otzan ta eskurakoi jarri zituala igarri ebanean. Erkiag Arran

12.- Irakurleak igarriko eban azkenengo esaldi au euskal idazlearen eretxi bat dala. Etxabu Kontu

13.- Nere buruari igertzen nioken gaitza beraka asi zala. Ataรฑo TxanKan 173 (ib. 175 igarri)

14.- Hizkuntza gaietan eskarmenturik duenak aurki igerriko dio liburu honen egileak ez duela gutxi entzun eta irakurri. MIH 303.
v. tbn. Ill Testim 26. JAIraz Bizia 83. Salav

(Igarri gabe aldaeraren kasuak gehiago dira Orotarikoan, adibideen artean bilatuta, baina ez askoz gehiago).

Horra, bada, Orotarikoan topatu, eman nahi niokeen erabilera zabalago horretarako bidea โ€“adibidetegian (9) eta igarri sarrerako adibideen artean (4)โ€“, hainbat esaldi aurkituta, zeintzuek, beharbada, zilegiztatuko bailukete Orotarikoan azpisarrera bat, edo Euskaltzaindiaren Hiztegian definizio zabalxeago bat, usteari edo intuizioari oharmena (ezen ez igarmena)ere gehituz. Ez dakit, ostera, ez ote den nire nahia gehiago, zilegitasuna baino, adibideen urriarekin.

Aukeren artean bat edo beste erabiltzeko orduan, agerian da irizpide erabakigarria gertatuko dela subjektua ergatiboan edo aboslutiboan erabiltzeko autua. Ematen du igarri aditzak subjektua ergatiboan izanez, eta ohartu aditzak absolutiboan, eta halaber konturatu aditzak, badela eragozpen semantiko moduko bat, ergatiboak ekintza aktiboa eskatzen duelako, eta ergatibotasunak subjektuaren ekintza bat iradokitzen duelako, eta, hartara, konturatu gabe igartzea zail egiten zaiola gure hizkuntza-senari, ergatibotasunari. Eta hor dagoke nire zailtasun haren beste arrazoi bat. Eta, orobat, igarri adiera horretan horren baliatua ez izatearen kausetako bat.

Baina sarriago erabili nahi nuke, nire moldakaiztasun dagoeneko ikertu eta agertu hori gorabehera, garai bateko igerri barik izen da enigmatiko eta magiko hori (eta esapideaz besteko egoeretan ere bai, hona bildutako adibideen bidetik). Ez, baina, min emateko, ezpada gure esapideei eusteko โ€“min ematera, gainera, hobe igarri barik. Samurrago barkatzen zenโ€“.

Beowulf euskaraz?

Josรฉ Ignacio Hualde

Otsaileko nire artikuluan gogoeta bat proposatu nizuen; hots, pentsatzea Leizarragak nola itzuliko zukeen kalbindarren salmo-liburua.

Ez dakigu egunen batean agertuko diren Leizarragaren salmoak nonbait. Beharbada Leizarragak erreginaren agindua osoki bete zuen eta salmoak ere idatzi zituen euskaraz, baina beranduegi bukatu zituen. Noski, Nafarroako Henrike errege kalbindarra Frantziako errege katoliko bihurtu ondoren ez zegoen argitaratzerik. Bien bitartean, erramu boneta Gilen Mejutorentzat!

Oraingo saio honetan poesia eta erritmoari lotutako beste gogoeta-proposamen bat dakarkizuet. Euskaraz, inguruko hizkuntzetan bezala, errima erabiltzen da, neurriaz gain, bertsoak egituratzeko. Erdi Aroko hizkuntza germanikoetan, aldiz, errima ez zen ohikoa, eta aliterazioak, erritmoaz gain edo erritmoaren indargarri, betetzen zuen egituratze funtzio hori poemetan.ย Beowulfen, adibidez, nabarmena da aliterazioa poeman zehar. Hasierako lerroetan bertan kausitzen dugu:

Hwรฆt!
wฤ“ Gฤr-Denaย ย  in geฤr-dagum
รพฤ“od-cyningaย ย ย  รพrym gefrลซnon,
hลซ รฐฤ รฆรฐelingasย ย ย  ellen fremedon.

Hona nire itzulpen-saio kaxkarra:

Adi egon! Antzinako lantzadun daniarren buruzagien ospeaz entzun dugu,
nola aitoren seme horiek ekintza ausartak burutu zituzten.

Bertso bakoitzean aliterazio patroia eratzen duten hitzak hauexek dira: lehen lerroan, Gฤr-Denaย โ€˜lantza-daniarrakโ€™ eta geฤr-dagum โ€˜antzinako egunakโ€™;ย bigarren lerroan, รพฤ“od-cyninga โ€˜herri-erregeak, buruzagiakโ€™ eta รพrym โ€˜ospea, loriaโ€™; eta hirugarrenean 0รฆdelingas โ€˜aitoren semeakโ€™ eta 0-ellen โ€˜ekintza ausartakโ€™ (hasierako kontsonanterik gabe, 0-0).

Poemaren zati askotan aliterazioaren pisua are handiagoa da, eta lerro gehienetan hiru aldiz errepikatzen da aliteratzen duen soinua: bi aldiz lehen hemistikio edo lerro-erdian eta berriro ere bigarren hemistikioaren hasieran, hurrengo bertsoetan ikusten dugun bezala:

210






Fyrst forรฐ gewฤt;ย ย ย  flota wรฆs on ydum,
bฤt under beorge.ย ย ย  Beornas gearwe
on stefn stigonโ€”ย ย ย  streamas wundon,
sund wiรฐ sande;ย ย ย  secgas bรฆron
om bearm nacanย ย ย  beorhte frรฆtwe
gลซรฐ-searo geatolฤซc;ย ย ย  guman ลซt scufon,
weras on wil-sฤซรฐย ย ย  wudu bundenne.

Beowulf ingeles modernora bertsotan itzuli dutenek askotan edo gehienetan erabili dute aliterazioa neurri batean beraien bertsioetan, nolabait jatorriko testuaren musikaltasuna transmititzeko. J.R.R. Tolkienek honako itzulpena ematen du, jatorrizko erritmoari eta aliterazio ereduei hertsiki lotzen zaiena:

Time passed away.ย ย ย  On the tide floated
under bank their boat.ย ย ย  In her bows mounted
brave man blithely.ย ย ย  Breakers turning
spurned the shingle.ย ย ย  Splendid armour
they bore aboard,ย ย ย  in her bosom piling
well-forged weapons,ย ย ย  then away thrust her
to voyage gladlyย ย ย  valiant-timbered.

Seamus Heaney-k askatasun handiagoarekin itzultzen ditu gaurko ingelesera bertso hauek:

Time went by, the boat was on water,
in close under the cliffs.
Men climbed eagerly up the gangplank,
sand churned in surf, warriors loaded
a cargo of weapons, shining war-gear
away with a will in their wood-wreathed ship.

Heaney-ren itzulpenean aliterazioak ez ditu betetzen jatorrizko murriztapenak. Sariak irabazi dituen itzulpen eder honetan itzultzaileak libreago jokatzen du; baina, hala ere, aliterazioa erabiltzen du, arau berriekin bada ere. Efektua berria da eta irakurleak jatorrizkoaren oihartzuna entzuten du zeharka.

Ez dut poema honen euskarazko bertsiorik aurkitu; eta ni ez naiz gai Beowulf euskaratzeko, ezta hurrik eman ere. Baina hemen badira ni baino askoz trebeagoak eta jakintsuagoak direnak. Ez dakit euskarazko bertsio hipotetiko batean zentzuzkoa izango ote litzatekeen aliterazioa erabiltzea, ala zentzuzkoaren kontrakoa, kontuan hartuz oso desberdina dela euskararen hizkuntz erritmoa. Hori da nire galdera.

Erantzuna pentsatzeko tenorean komeni da ondo ulertzea aliterazioak nola funtzionatzen duen, zertan datzan, poema honetan, eta oro har tradizio germaniko zaharrean. Lehen begiratu batean irudiko luke aliterazioa hitz hasierako kontsonanteen hoskidetasunaren bidez gauzatzen dela. Baina ez da benetan horrela. Hoskide ez dute hitz hasierek izan behar, silaba azentudunen hasierako kontsonanteek edo kontsonante taldeek baizik (bokalez hasten diren silabek hasiera hutsa dute). Gertatzen dena da azentua ia beti lehen silaban doala ingeles zaharrean, beste hizkuntza germaniko zaharretan bezala. Baina badira salbuespenak, eta salbuespen horiek erakusten digute aliterazioa silaba azentudunek eramaten dutela, ez nahitaez hitz-hasierako silabek. Hori adibidez lerro honetan ikusten dugu, non lehendabiziko hitzak azentua bigarren silaban baitarama:

218

Gewรกt รพa ofer wวฝgholm ย ย ย ย  wรญnde gefysed
โ€œalde egin zuen uhinen gainetik, haizeak eragindaโ€

Metrika sistema hau silaba azentudun eta azentugabeen arteko alternantzian oinarritzen da, eta aliterazioak efektu erritmikoa indartzen du. Hemistikio bakoitzak bi azentu nagusi edo โ€œgorakadaโ€ (ingelesez lift) ditu eta aliterazioa silaba azentudun horietan markatzen da. Guttienez, lerroko lehen eta hirugarren gorakadek aliteratzen dute; gehienez, lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak. Hori da araua.

Eta hemen dugu arazoa euskaratzeko: aliterazioa erabiltzeko jakin behar dugu azentuak non jartzen diren; baina, dakigun bezala, euskalki eta euskal hizkera desberdinetan azentuera desberdinak ditugu.

Euskara batuan, azentua hitzaren bigarren silaban jartzea da araurik hedatuena (salbuespen batzuekin). Aukera bat, beraz, azentuera hori erabiltzea izango litzateke, azentua bigarren silaban kokatuz: antzรญnateko lantzรกdunak. 201. lerroa, adibidez, honelaxe itzul daiteke agian:

Orรฉnak irรกgan, ย ย ย ย urรฉtan barkรบak

Aldiz, irรกgan, รบretan ahoskatuz ez genituzke jatorriko testuaren aliterazio eta erritmo arauak errespetatuko. Hala ere, dudarik gabe, bidezkoena izango litzateke itzultzaile euskalduna bere hizkuntz intuizioez baliatzea azentuak kokatzeko eta horren arabera hoskidetasunak eraikitzeko.

Horra beraz ariketa proposamena.

Erreferentziak

Heaney, Seamus. 2000. Beowulf: A new verse translation. New York & London: Norton.

Russom, Geoffrey. 1998. Beowulf and Old Germanic meter. Cambridge: Cambridge University Press.

Terasawa, Jun. 2011. Old English meter: An introduction. Toronto: Toronto University Press.

Tolkien, J.R.R. 1984. The monsters and the critics and other essays. Boston: Houghton Mifflin. [Bereziki: โ€œOn translating Beowulfโ€, 49-71 or.]

Hiztegi on bat hemen: https://bosworthtoller.com

Manttonik txirrintaz: โ€œBesterik ezean, zapoa zotzeanโ€

Estitxu Irisarri Egia

Serendipiaz edo kausalitatez iristen zait askotan informazioa. Gure amak Manttoni deittu izan dit urteetan zehar, maitekiro. Luzaroan Maria eta Antonia antroponimoen hibridazioa zela uste nuen, Maider pertsona-izenean Mari eta Eder izenekin gertatzen den bezalaxe, Euskaltzaindiaren Euskal Onomastika Datutegian datorren moduan. Baina sagardotegi garaiaren kanpaina betean, Berriakoek Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola elkarrizketatu zituzten. Eta hantxe informazio gehigarria! Manttoni sagar mota bat da! Han eta hemen bilatuz gero, informazio gehiago ere aurki daiteke sarean zehar. Bai, nerabezarora arte, sagardoa egiten zen gure baserrian, baina teknologiak jakinarazi dit hori, ia oximorona dirudi.

Un poco de chocolate viene bien para cuando tenemos txirrinta. Halakoren bat baino gehiago irten dira amaren ahotik. Bai, euskara badaki eta ederki jakin ere! Baina amarekin erdaraz aritzeko ohitura hartu zuen, eta, ondorioz, gure arteko hizkuntza ere gehienetan gaztelania da. Hori bai, nabari da nongoak garen eta nondik gatozen eta harro gaude. Baina gatozen harira, uste nuen txirrinta amaren asmakizuna zela edo gaztelaniatik nolabait mailegatu zuela etxekoon idiolektoaren parte bilakatu arte, baina ez, ez dator RAEn, bai ordea Orotariko Euskal Hiztegian:

txirrinta.
(AN-ulz, B, Sal, R). Ref.: A; Iz Ulz (txirrรญnte); ZMoso; Izeta BHizt2. Deseo, ansia. “El deseo (de alguna cosa). Ezkorroren txirrรญnte, el ansia de la bellota” Iz Ulz. “Rencilla” ZMoso 71 (= ‘capricho, deseo’; cf. VocNav s.v. rencilla). “Baut txistorra yateko txirrinte” Izeta BHizt2.

Oso arrunta irudituko litzaidake gure familia Ultzama aldetik, Baztanetik, Zaraitzu ingurutik edo Erronkaritik baletor, baina Markina-Xemeingoak ziren amaren aldeko aitita-amamak. Hortxe gabiltza jakin-minez bai bera bai ni. Inork informazio gehiago balu, asko eskertuko nuke. Nafarroan umezain ibili zen tokitik ekarriko ote zuen amak? Amamaren nebaren batek soldadu garaitik? Bizkaiko inork ezagun ote du esamolde hori? Erantzunik gabe geldituko naiz momentuz, nahiz eta indarrik handiena amaren umezain garaikoak duela iruditzen zaidan. Baina egunerokotasunean erabiltzen jarraituko dudala eta dugula argi dago.

Mari Ahuntz amamak sarri erabilia: Besterik ezean, zapoa zotzean. Bertsio modernoa ere entzun izan dut: Ez dagoenean geyo (gehiago), zurekin Peio. Gaztelaniazko Cuando no hay mรกs, contigo Tomรกs esaeraren kalkoa, urduri jartzen naiz. Ados, gaztelaniaz esatea baino hobea izan liteke, baina nik bestearen apologia egingo dut. Konformismoaren esaldi nagusitzat izan dut nik urteetan zehar, halaxe erabiltzen baitzuen amamak, baina zer diren kontuak, baratzeak babesteko teknika ere izan omen da Euskal Herrian eta euria erakartzeko erritual ere izan omen da eremu zabalagoan.

Bukatzeko, zotza edo gezia: martxa honetan, gizakia kapaz ikusten dut euria erakartzeko erritual zaharrari eutsi eta mundua zaporik gabe eta manttonirik gabe uzteko, txirrintagatik soilik.

Alderantzizko bidaia bat

Idoia Santamaria Urkaregi

ยซEuskararen erabilerari buruz aritzeko talde-blogaยป du izenburu 31 eskutik-ek, eta hori izango du abiapuntu sarrera honek ere; oraingoan, baina, gehienetan egiten dugun bidaiaren noranzkoa alderantzikatzea proposatzen dizuet: gaztelaniatik euskararako txangoaren ordez, euskaratik abiatu eta gaztelaniaren geltoki batean jaistea.

Esaldiko elementuen ordenari buruzko kontu bat nabarmendu nahi nuke hemen: euskarazko galdegaiak gaztelaniazko esaldietan hartu behar duen lekua edo, beharbada egokiago, hartu behar ez lukeena.

Ez naiz terminologia-kontuetan katramilatutako; alegia, gaztelaniaz batzuetan FOCO, beste batzuetan REMA terminoak erabili izan dira esaldi batean nabarmendu nahi den elementua izendatzeko. Hori litzateke, oso sinple esanda (sinpleegi, baiki), euskarazko GALDEGAIAren parekoa-edo. Zein da arazoa? Bada, euskaraz โ€”hemen ere oso sinple esandaโ€” aditzaren aurrean jarri ohi dugula esaldian nabarmendu nahi duguna, ezer nabarmendu nahi badugu behintzat. Adibidez:

Aitak GONA GORRI BAT erosi zuen.

Esaldi hori gaztelaniara itzuli beharko bagenu, ez genuke zalantza handirik egingo:

Mi padre comprรณ UNA FALDA ROJA.

Bi esaldi horietan, euskarazko eta gaztelaniazko esaldi barruko elementuen ordenari buruzko alderik nabariena ageri da: erran nahi baita, euskaraz, zerbait nabarmendu nahi badugu esaldian edo informazio berria eman nahi badugu, aditzaren aurretik jarri ohi dugu (goiko esaldian, GONA GORRI BAT) eta gaztelaniaz, aldiz, aditzaren atzetik (UNA FALDA ROJA)[1].

Kontuan izan behar dugu, hala ere, gaztelaniak erraz botatzen dituela elementuak aditzaren atzera, ez bakarrik nabarmendu nahi d(it)uena(k). Esate baterako:

Mi padre comprรณ una falda roja para mi madre

Esaldi horretan, bi elementu ditugu aditzaren atzetik: ยซuna falda rojaยป eta ยซpara mi madreยป. Zer elementu nabarmentzen du gaztelaniazko esaldi horrek? Bada, esaldi hori bakarrik hartzen badugu aintzat, bietako edozein. Nola jakin orduan zer nabarmentzen duen esaldi horrek (ezer nabarmentzen badu, noski, beste aukera bat ere posible baita: esaldi osoa izatea informazio berria eta, beraz, ezer ez egotea nabarmenduta). Zerbait nabarmenduta dagoen jakiteko eta, hala bada, bi elementu horietatik zein dagoen nabarmenduta jakiteko, testuingurua beharko genuke (eta aurreko diskurtsoa, eta idazleak eta irakurleak partekatzen duten informazioaren berri izan). Horrek bakarrik argituko digu auzia.

Gatozen orain berriki parean egokitu zaizkidan bi adibide ikustera.

1) Testuinguru pixka bat aurrena: Hamaika Telebista, adimen artifiziala baliatuz, azpidatziak eskaintzen hasi da berriki saio batzuetan. Horren berri emateko, euskarazko prentsa-ohar bat idatzi zen aurrena, eta gaztelaniara itzuli gero.

Honela zioen euskarazko testuak (izenburu nagusia eta bi lead-ak jaso ditut aurrena, โ€”letra etzanean bi horiekโ€” eta, ondoren, prentsa-oharraren hasiera):

Hamaika Telebistak azpidatziak jarri ditu martxan adimen artifiziala baliatuz

Hamaika Telebista ahotsa azpidatzi moduan ematen hasi da bere web-orrian, Orai NLP Teknologiak langunearekin elkarlanean.

Duela aste batzuk dago martxan: adimen artifiziala baliatuz, bideoetan esandako hitzak azpititulu bihurtuko dira hemendik aurrera www.hamaika.eus webgunean.

Donostia, 2023ko otsailaren 28a.

Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaikak egoitza duen Donostiako PIA eraikinean.

Azken esaldiari erreparatu nahi diot:

Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaikak egoitza duen Donostiako PIA eraikinean.

Hona hemen esaldi horrentzat emandako gaztelaniazko itzulpena:

Hoy mismo se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia, sede de Hamaika.

Esan berri dugunaren arabera, gaztelaniazko itzulpen hori ez litzateke egokia izango, nahiz gramatikala izan. Euskaraz aditzaren aurretik nabarmendutako ยซgaur bertanยป hori ezin dugu gaztelaniaz aditzaren aurretik eman, ez badugu irakurlea nahastu nahi behintzat. Honelako zerbait idatzi beharko genuke gaztelaniaz, euskarazkoaren pareko informazioa emateko:

El proyecto se ha presentado hoy mismo en el edificio PIA de Donostia, sede de Hamaika.

Hots, gaztelaniaz aditzaren atzetik eman beharko genuke euskaraz aditzaren aurretik eman duguna. Norbaitek esango du, beharbada, ยซHoy mismo se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostiaยป esaldian ยซHoy mismoยป ere izan daitekeela elementu nabarmendua gaztelaniaz, ahoz egiten baititugu horrelakoak, intonazioa baliatuz:

HOY MISMO se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia.

Bai, ahoz (euskaraz ere egiten ditzakegu antzeko jokoak). Baina idatzizko jardunaz ari gara hemen, idatziz ez baitugu intonaziorik edo ahotsaren modulaziorik. Beraz, gaztelaniaz zerbait nabarmendu nahi badugu idatziz, ez zaigu komeni aditzaren aurretik jartzea, gaizki-ulertu bat eragin baitezakegu, edo, gutxienez, irakurlea nahasi baitezakegu eta, beharbada, testuan atzera eta aurrera eginarazi. Izan ere, goiko esaldi hori irakurtzean, erraz ondorioztatu dezake edonork gaztelaniazko esaldian ยซ(se ha presentado) el proyecto en el edificio PIA de Donostiaยป dela nabarmendu nahi dena, eta interpretazio hori ez litzateke egokia izango, gure testuingurua kontuan harturik.

2) Prentsa-ohar bereko bigarren adibidea orain:

EU (jatorrizkoa): Lehen urrats batean, Hamaikako albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak ageriko dira azpidatzita, webguneko ยซGurean Gaurยป ataleko ekoizpenetan zehazki. Nolanahi ere, aurreikusita dago sistema webguneko zuzenekoetan edota ohiko telebistako zuzenekoetan ere aktibatzea. Urratsez urrats, aurrez grabatutako saioetan ez ezik, eduki gehiagotan ere azpidatziak eskaintzeko joera lantzen jardungo du batetik, eta beste hizkuntzetan daudenak euskarara ekartzen ere bai bestetik.

ES (itzulpena): En una primera fase, la voz en off de las noticias de Hamaika y las palabras de los protagonistas se mostrarรกn subtituladas, concretamente en las producciones de la secciรณn ยซGurean Gaurยป de su pรกgina web. En cualquier caso, estรก previsto que el sistema se active tambiรฉn en los directos de la pรกgina web o de la televisiรณn. En fases sucesivas, se ofrecerรกn subtรญtulos no solo en programas previamente grabados, sino tambiรฉn en mรกs contenidos, y se incorporarรกn al euskera contenidos procedentes de otras lenguas.

Aurreko adibidearen arazo bera dugu hemen ere. Euskarazko lehenengo esaldia irakurrita, ulertzen dugu azpitituluak faseka txertatuko dituela Hamaikak eta, aurrena, albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak azpititulatuko dituela. Eta, aurrerago, eduki gehiagotan ere txertatuko dituela.

Gaztelaniazko itzulpena irakurriz, ordea, ez dugu gauza bera ulertzen. Lehenengo esaldiko informazioak adierazten digu albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak azpititulatuta agertuko direla aurrena (eta irakurleak, beraz, uler dezake beste moduren batean agertuko zaizkiola aurrerago; demagun, bikoiztuta). Ez da hori, baina euskarazkoak dioena. Honelako zerbait eman beharko genuke gaztelaniaz, bi hizkuntzetako informazioa parekatzeko:

En una primera fase, se mostrarรกn subtituladas la voz en off de las noticias de Hamaika y las palabras de los protagonistasโ€ฆ

Horrenbestez, komeni da kontuz antolatzea esaldi barruko elementuak euskaratik gaztelaniarako itzulpenetan.

Informazio bila?

Inork gaztelaniazko esaldi barruko elementuen ordenari buruzko informazio sakonagoa nahi badu, iturri oso gertuko bat gomendatuko nioke lehen-lehenik:

  • Juan Garzia, Joskera lantegi (IVAP, 1997; bereziki, 2.5 atala: ยซGaldega/mintzagaiโ€ฆ terminoak zehaztuz eta bereizkuntzak argituzยป).

Informazio mamitsuz beteta dago liburua. Askotan esan izan diot neure buruari gaztelaniari buruz gehiago ikasi dudala liburu hori kontsultatuz berariaz gaztelaniaren gramatika lantzen duten beste liburu asko irakurriz baino.

Beste iturri saihetsezin bat RAEk eta espainolaren akademien elkarteak 2009an argitaratutako gramatika mardula da:

  • Nueva gramรกtica de la lengua espaรฑola; zehazki, sintaxiari buruzko II. liburukiaren ยซLas funciones informativasยป atala (2.963.-3.034. or.).

Honaino gaurko txangoa. Paseoaren ondoren, hamaiketakoa. On egin.


[1] Ohar garrantzitsu bat: idatzizko moldeaz ari gara hemen, ez ahozkoaz, euskaraz zein gaztelaniaz beste estrategia batzuk baliatzen baititugu ahoz. Horri buruzko azalpen zabalxeagoa dago aurrerago.