Izen-joskerak vs aditz-joskerak norgehiagoka

Irantzu Epelde Zendoia

Gaztelaniaz eta frantsesez, hizkera jasoan hitz egin edo idatzi nahi denean, sarri agertzen da estilo nominalerako joera. Nolabait esateko, aditzak baztertu eta trukean izenak jarrita, hizkera dotoretu egingo bagenu bezala, edo halako efektu estilistikoren bat lortzeko. Inguruko erdaretan nominalizaziorako joera indar handikoa izateak ondorioak dakartza euskarara, itzulpenaren bidez edo bestela. Badirudi hasieran administrazioko testuetako kontua zela batez ere, baina gero indartsu zabaldu zen prentsara, eta gaur egun hainbesteraino hedatu da, ia edonon aurki dezakegu izen bihurtutako aditzen bat. Joseba Lozanoren “Izenzalekeria” artikulutik [1] hartu dut adibidea:

  • Langileen hautaketarako irizpide subjektiboen erabilpenaren salaketa egin dute sindikatuek.

Horren ordez, Lozanoren proposamena, hauxe:

  • Langileak hautatzeko irizpide subjektiboak erabili direla salatu dute sindikatuek.

Lehenbiziko perpausean, bat baino gehiago dira aditzen bidez aise eman daitezkeen izenak, eta ezin ukatu izenez ongi hornitutako perpausa luzea eta hizkera jasokoa bada, astundu egiten dela esana. Baina esana da erraz, eta egina garratz: erdaratik itzuli behar duen testugileak etengabe egingo du topo honelako egiturekin, eta gehienetan beste bide batetik eman beharko ditu. Egokitze ahalegin berezia eskatuko dio, eta aldi bakoitzean saiatu egin beharko du halakoak euskarazko adierazpide normalez ematen.

Besteren artean Juan Garziak [2] eta oraindik orain Patxi Petrirenak [3] azalduak dituzte erdararen fraseologiaren eraginez sortutako egitura honen hainbat alderdi, eta ez noa haiek ezin garbiago erakutsitakoak hemen berriz esatera. Goiko lehenbiziko adibidean, egin aditzak begietan emanda, Iparraldeko egungo euskal testu idatziak etorri zaizkit gogora, eta nola aspaldian maiz egokitu zaidan Juan Garziak aditz betegarri edo ortopediko izendatzen dituen horiek han eta hemen ikustea, prosan eta prosatik kanpo. Azkena, oraintsu, Nola Erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan suertatu zait, bestelako kontu batengatik adjoint sarreran ikusmiran nenbilela:

adjoint
adjointe
1 adjectif
laguntzaile
2 nom masculin ê nom féminin
auzapezorde (BL) — axuant (BL) — alkateorde (MD)

içi comme ailleurs le choix du Maire et des adjoints a eu lieu à la suite des élections

denetan bezala egin da hemen ere auzapez eta axuanten hautaketa hauteskundeen ondotik

Neure artean, ez ote litzatekeen naturalagoa le choix aditz baten bitartez aldatzea euskarara. Beharbada, honela:

  • Auzapeza eta axuantak hauteskundeen ondotik hautatu dira hemen ere, denetan bezala.

Hartara, ez legoke egin «ortopedikoaren» premiarik, eta nekerik gabe saihestuko litzateke hitzez hitzeko itzulpenak berez bezala ekartzen duen izen-joskera.

Hango eta hemengo adibide bailara ikusita, izenburuan salatutako norgehiagoka erremediorik gabe galdua duela iruditzen zait aditz-joskerak…


[1] Lozano, Joseba. “Izenzalekeria”, Administrazioa euskaraz. Vitoria-Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 2000ko uztaila, 27. zenbakia, 19. or.
[2] Garzia, Juan. 2005. Kalko okerrak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 86-89. orr.
[3] Petrirena, Patxi. 2011. Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 86-88. orr.

Itzultzaileak gaindimentsionatuta? (salaketa bat edo bi)

Angel Erro

Homeroren Odisea gau antzaldatu bakar batean irakurri nuen. Lehenago sekulan ez nuen liburu batekin antzeko bizipenik izan, geroago ere ez. Aurpegia eguzkitara paratuko banu bezala zen.

Grégoire Bouillier, Txostena niri buruz

I

«Itzultzaileoi hauspo gehiegi ematen zaigu». Hola esan diet lagunei Grégoire Bouillier-en Rapport sur moi liburuaren itzulpena, nik egina, aurkeztetik etorri berritan. Egia osorik aitortzeko, esanari lehen pertsona eta artikulu hurbila orain gehitu dizkiot, nik kritikatu akatsean berean erori bainaiz, neure burua bete-betean itzultzailetzat ez aitortzeak aitzakiarako balio ez didala. Liburuaren itzultzaile soila izanik, jendaurrean egilearen tokia hartu eta ia haren izenean hitz egin dut, ez bainaiz mugatu itzulpenaren gorabeherak, aski interes gabeak, iruzkintzera.

Eta itzultzaileek ez dute zertan itzuli duten lanean adituak izan. Hori, itzulitakoa lan klasikoa denean, apalategirik harroena ere konkortzeko beste bibliografia eragin duena, nabarmenagoa izaten da. Urtetan galdetu diot neure buruari Literatura Unibertsala saileko liburuei zergatik ez dien obra bakoitzean aditu batek idazten. Ez nuke kasu bakar batean zentratu nahi (gainbegiratu ditudan eta jatorrizkoan lehenagotik eta ia buruz ezagutzen nituen pasarteetan behintzat, nire ustez, onik atera baita itzultzailea), baina kezka hau berritu dit Literatura Unibertsalekoetatik eskuratu dudan azken aleak, Pedro Calderón de la Barcaren Bizitza amets-ek, Xabier Payák euskaratuak. Itzultzaileak hitzaurrea ere idatzi dio, Calderónen lana argitu eta hurbilduko lukeen aurkezpenean baino itzulpenaren irizpideetan luzaturik.

[Sail horren eredutzat nahiko nukeen Cátedra argitaletxeko Letras Universales sailean itzultzailea eta sarreragilea maiz bereizten dituzte. Katuloren olerkiak, esaterako, Juan Antonio González Iglesias poeta finak itzuli ditu eta sarrera oparoa eta oin-ohar jakingarriak José Carlos Fernández Corte irakasleak egin ditu (González Iglesias ere Salamankako unibertsitatean latindar filologiako irakaslea bada ere; izan ere, argitaletxe bereko Ovidioren Amores eta Ars amandi berak itzuli eta hitzaurrea eta oin-oharrak ere egin ditu)]

Ez dut esan nahi itzultzailearen hitzaurre horiek interesgarriak ez direnik. Juan Garziaren Shakespeareren Soneto hautatuak itzulpenaren aitzinsolasa ere nabarmen, eta are arrandiaz, makurtzen da Shakespeare eta (bere) sonetoak euskarara ekartzeko auziaren aldera, eta oso gogokoa dut testua.

Hobe genuke, dena den, bi eginkizunak pertsona ezberdinen esku uztea, gutxi direlako bai itzulpenari bai hitzaurre (eta aparatu kritiko) egoki bati behar bezala kara emateko gauza. Haietako bat, literatura klasikoaren eremutik atera gabe, Carlos García Gual litzateke, helenista entzutetsua eta Odisearen itzultzailea.

II

Beste bat Eduardo Gil Bera genuke. Iaz atera zuen, nik dakidala, gurean oihartzunik izan ez duen saiakera: Ninguno es mi nombre (Sumario del caso Homero), Pre-textos, 2012. Liburu handinahia da, asmoa zer eta eztabaida homerikoa argitzea baitu, hau da, zein ote zen Iliada eta Odisearen benetako egilea eta bi liburuak egile berarenak ote diren. Eduardo Gil Berak inkognita argitu bide du, honetan espezialitatutako blog batean diotenez, «[en] un text digne de prestar-hi atenció, tant per la seva profunditat com per la seva originalitat». Ez dut nik hemen spoilerrik egingo, Odisearen egilearen izena aipatuz, ia enigma poliziako moduan argitzen duen saiakerarena.

Pena euskal literaturak galdu duen egilerik interesgarrienetako honek bere deskubrimenduaren berri euskaraz eman ez izana! Eta pena hitzaurre jakingarri askoa idazteko gai den itzultzaile honek Odisea itzuli ez izana! Edo ez?

Izan ere, Eduardo Gil Berak itzuli du Odisea. Euskarara. 2004ko udaberrian datatutako kopia bat dut nik, fotokopietan. Baina ez omen zuen topatu nork argitaratuko zion. Horrek ez du gure literatur sistemaz ezer onegirik esaten.

Odisearen aitzinsolasean Gil Berak aurreratzen du erdaraz irakurtzea beste erremediorik ez dugun enigmaren argitzea: «Iliadaren poeta eta Odisearena ez dira bat eta bera (…). Odisearen egileak ezagutu baino gehiago miretsi egiten du Iliada».

Uzkia eta ohatzea

Fernando Rey Escalera

Azkenaldi honetan, euskararen gaineko gogoeta giza anatomiara eta fisiologiara lerratu zait. Eta itzulpengintzaren gaineko hausnarketarako, niri behinik behin, errazagoa zait metodo deduktiboa induktiboa baino. Zer pentsatua ematen didaten bi hitz ditut gaur gogoeta-gai.

UZKIA

«Uzki» hitza da horietako bat. Aspaldikoa dut duda, baina, Anaïs Nin-en Venusen delta liburua zuzendu behar izan nuenean, berritu egin zitzaidan deserosotasuna.

Terminologiari buruzko teoriaz oso gutxi dakit, baina dakidan apurra da terminoak, besteak beste, zehatza izan behar duela, eta erregistro mailak ere baduela bere garrantzia. Bi aspektu horietan ikusten dut problema gaztelaniaren «ano» eta frantsesaren «anus» hitzaren ordainerako «uzki» erabaki denean.

Beharbada, berandu heldu da gogoeta hau, ederki baitakit eskoletan-eta hitz hori zabaldu eta normalizatu dela digestio aparatuaren bukaerako zulo esfinterduna izendatzeko. Halaxe ematen du Giza Anatomiako Poltsiko Atlasak (Heinz Feneis-en liburua, Elhuyarrek argitaratua); halaxe ageri da UZEIk egindako lanetan eta Euskalterm Terminologia Banku Publikoan (halako kritikek ez dute inola ere zalantzan jartzen edo gutxiesten UZEIko edo Elhuyarreko lagunek egindako aportazioa: aski lan on, zail eta lagungarria egin zuten denontzat, hain baliabide gutxi zegoen garaian gainera).

Maizenik erabiltzen diren hiztegietan, hau esaten zaigu:

Elhuyar

Uzki

1 iz. Anat.

ano, orificio anal

2 iz. Ipar.

culo, trasero

Zehazki

ano m uzki; ipurtzulo adkor, atzeko zulo adkor.

Baina, nik dakidala, eta Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, «uzki» ipurdi hitzaren sinonimo hutsa da, hitz hori erabiltzen duten gehien-gehienentzat behinik behin. Badiat uzkian zilo bat / beti hire zerbutxuko, / zabalik diat nahi dianian / hantik sudurra sartzeko.

Zuloa izendatzeko, jakina, ipurdi/uzki + zulo/zilo elkarketaz baliatzen gara. Horregatik diot nik «ano/anus» hori «ipurtzulo» eta «uzki-zilo» esan beharko genukeela. Badakit gaztelaniadunok «ano» esaten dugunean beste erregistro maila batean ari garela, eta ipurtzulo edo uzki-zilo erabiltzeak ez dirudiela egokiena anatomiaz hitz egiteko. Baina, beste hitz baten premian bagaude hizkera finagoan edo teknikoan edo dena delakoan erabiltzeko, beste zerbait beharko genuke, maileguaz baliatu beharko genuke segur aski. Gure auzo-erdarei begiratuta hauxe ikusten dugu: gaztelaniak, italierak eta galegoak «ano» dute; frantsesak, katalanak, portugesak, ingelesak eta alemanak, «anus».

«Anoa» edo «anusa» proposa liteke. Baten batek esan lezake gure aitak lanerako «companaje» deitzen zion horrekin nahas litekeela «anoa», baina polisemia ez da halako traba ere. «Anusa» ere esan genezake.

Beharbada honek ez du bueltarik, eta izugarri zabaldua dago hitza, baina nik, besterik gabe, problematika honen atzean dagoen tranpa utzi nahi dut agerian: hitz baten premia sentitu, eta, ordain gisa, bazterreko euskalki batekoa hartzea horretarako, baina esanahia aldatuta. Imajinatu, segundo bakar batzuez, zer esanen luketen euskaldun gehienek erabakia alderantzizkoa izan balitz: culo / cul = uzki; ano / anus = ipurdi.

OHATZEA

Antzeko zerbait gertatzen da «litera» edo «lit superposable» hitzarekin. Begira zer dioten hiztegi erabilienek:

Elhuyar

Litera

1s.f.

ohatze

En mi habitación hay dos literas: nire gelan bi ohatze daude.

Zehazki

Litera

1 f elkarren gaineko ohe(ak), elkarren gaineko(ak).

2 (de barco, tren) ohexka, ohatze.

Ez da egokia, nire ustez. Ohatzea, hitza erabiltzen dugun gehienontzat, ez da litera bat. Litera ohe espezifiko bat da, eta, beraz, bi bide baizik ez ditugu horretarako: edo mailegua (literak, lits superposés, bunk beds), edo hitza sortzea. Baina ez da zilegi, nire ustez, norberarentzat bitxia-edo den hitza hartu, esanahia aldatu, eta guk nahi dugun horretarako erabiltzea.

Tristura

Itziar Aduriz Agirre

Aita tristuraz hil zitzaigun.

Medikuak esan zuen gaixotasun neurologiko baten ondorioz hil zela, baina guk garbi genuen tristuraz hil zela, hori baitzen berak azken asteetan behin eta berriro errepikatzen zuena.

«Aita, zer duzu?» galdetu eta berak «tristura» erantzuten zuen, eskua sabelean jartzen zuen bitartean. Azken asteetan behintzat, hortik ez zenuen ateratzen.

Orain ama hasi zaigu, «ama, zer duzu?» galderari, «tristura» erantzuten, eskua sabelaren gainean jartzen duen bitartean, esternoiaren parean. Beti erantzun bera eta beti eskua toki berean.

Tristura zela-eta, ospitalean ingresatu zuten orain dela aste batzuk. Urgentzietatik pasa ondoren, ingresatu behar zutela erabaki zuten eta gela batera eraman gintuzten. Ez zen inor iritsi ginenean. Handik ordu batzuetara, gaueko ordu txikitan, bi emakume iritsi ziren. Zaharrena, gaixoa, eta haren laguntzailea, bere iloba. Ez ziren euskaldunak.

Orduak pasa ahala, normala den moduan, hasi ginen elkarri galdezka, zer zuen batak eta zer besteak. Nik, amari begira, tristura zuela esan nuen, nire eskua sabel gainera eramanez. Gure amak baietz, tristura zuela, bere eskua sabel gainera eramanez.

Orduan ikusi nuen gure bizilagunaren aurpegian, «ya, tristura» esaten zuen bitartean, ez zuela guk esan nahi geniona ulertu, eta susmatzen nuen pentsatzen zuena, alegia, berak buruan zuen tristurak ezin zuela eragin ospitaleko ingresoa.

Nik ez nion argitu kontua. Egia esan, ez nuen gogo handirik hitz egiteko eta argitzeko amaren tristuraren nondik norakoak. Hala ere ez nuen gertakizun hura ahaztu eta lasaitasun pixka bat izan nuenean, ordenagailua hartu eta Elhuyar Hiztegian begiratu nuen tristura hitzaren esanahia.

Hauxe da bertan aurkitzen dena:

1. ‘Tristeza, pena, añoranza, angustia’. Adib.: Bihotzeko tristura: la tristeza del corazón.
2. (bereziki urdailari dagokiona): ‘indisposición, malestar’.

Seguru asko gure gelakideak lehen adiera zuen buruan, eta gure amarena, berriz, bigarrenetik gertuago zebilen. Niretzat ere bigarrenetik gertuago dabil, baina adiera horiek motz geratzen zaizkit.

Ematen du hitz batzuei gehiegi eskatzen diegula eta errealitatearen isla izatea zaila dela batzuentzat. Hori batez ere nabarmentzen da hitz horiek itzuli nahi ditugunean eta ezin dugunean ordain egokirik topatu helburu-hizkuntzan.

Burutazio hauekin guztiekin nabilela, eta hari honetatik tiraka, zuek itzultzaileak hartu zaituztet gogoan. Zein zaila den hitz jakin batzuk itzultzea, batez ere derrigorrez eta zehaztasunez eman behar denean ordain bat.

Hara non, bada, blog honetako nire lehen aportazioa izatera pasa den gogoeta hau.  Asteotan hainbeste tristura gora eta tristura behera ibili naizenez eta itzultzaileen lanaren zailtasunarekin gogoratu naizenez, hemen tristuraz bi hitz.

Banituen nire lehen honetarako beste planik, baina honek aurrea hartu die ezinbestean. Etorriko dira bestelakoak, gai akademikoagoak, ikerketarekin lotuagoak, baina susmoa daukat ia beti hitzen bueltan ibiliko naizela.

Garai hartan, garai hartakoa

Elixabete Perez Gaztelu

Blog honetan parte hartzea (kezkagarri samarra ez ezik) aberasgarria (ere) denik ezin ukatu: aukera ematen du elikatzeko (batzuen eta besteen luma zorrotz eta ongi hornituen inbidiatan, askotxotan); gogaideren bat mintzatzen bada, geure iritziei sendoxeago eusteko; inoiz edo behin, harako beste hark esanean zirrikitu eta lainoa ikusteko, eta, jakina, baita gure usteen ahulezia eta okerrez jabetzeko ere.

Gertatu ere gertatzen da, hileko mandatua bete behar eta, aspaldi edo berriro begietan eman zigun gertakariren bat, inoiz zalantza-bidea izan zaiguna, asti faltagatik begi-belarrietako zokoren batean estalita utzi genuena plaza honek berreskuratzeko aitzakia, eta aukera, ematea.

Egoera horretantxe ikusten dut, bada, neure burua, zalantzetako hari-mutur bati heldu beharrean. Honexekin du zerikusia: denbora adierazten duen garai izena (2 garai); Orotariko Euskal Hiztegiko hiztegi-sarrera honetakoa:

garai (V-gip, G, AN-gip-larr-5vill-ulz-erro, B; H). Ref.: A; VocZeg 288; AspLeiz2; Iz Als (amárgaraiyan, bedatzigaraiyán), Ulz (ta), ArOñ; Gte Erd 130. Tr. Documentado en textos guipuzcoanos y alto-navarros desde mediados del s. XVIII. Entre los vizcaínos sólo lo encontramos en D. Aguirre, Arrese-Beitia (AmaE 368) y algunos autores del s. XX. Al Norte hay algún ej. aislado en J. Etchepare y Mattin (22). En DFrec hay 549 ejs., 3 de ellos septentrionales. Momento, hora; época, tiempo. “Temps, moment opportun, occasion. Non zen Iesus garai artan? (LE).

Zehatzago esan, garaian inesibo singularraren eta garaiko-ren erabilera. Argi dezadan alde batera utzi dudala OEHko hiztegigileek 2 garai  hiztegi-sarrerako GARAIAN azpi-sarreran ematen duten beste adiera, “garaian garaikoa”, “behar den, egoki den ordua…” adieraztekoa, alegia.

GARAIAN. a) A tiempo, en el momento apropiado. v. GARAIZ. […] Garaian zatoz. Oraintxe daude ezkontzeko zortzi mutil ta bederatzi neska. AndAUzta 42.  (Empleo irónico, con el sentido de ‘a buenas horas’).  Garaian oroitu zaiote. Ag G 302. b) (S, R ap. A; gaian R-uzt ap. A). (Precedido de part.). “Eta… gizon egin garaian, ubi homo factus est” Bon 6. […]

Auzia kokatu eta hornitzeko, bi iturburutara jo dut: Interneten eskura dagoen Elizen arteko bibliaren euskal itzulpenera eta (itzulpen hori ere hartzen duen) Ereduzko Prosa Gaur corpusera.

Batez ere kontakizunaren hasieran, gertakariak denboran (bai iraganean bai etorkizunean) kokatzeko darabilte Bibliaren euskal itzultzaileek garai hartan (35 aldiz), eta gehiagotan (60 aldiz) orain bazterrean paratuko dugun aldi hartan:

  • Garai hartan mundu guztiak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen. Has 11,1
  • Jaunak dio: «Garai hartan Israelgo leinu guztien Jainko izango naiz eta haiek nire herri izango dira». Jr 31,1

Kontalariak (iragandako) denboraren erreferentzia zehatzik ez duela adierazteko erabiltzen den garai batean ere  hor da, jakina. Hau ere saihetsean utziko dugu:

  • Garai batean, oraindik legerik ez zegoenean, ni bizirik nengoen; agindua etorri zenean, ordea, bekatua piztu zen. Erm 7,9

EPG corpusean ere garai hartan arestikoen ildokoa maiz jasoa dago. Liburuetan 1217 esaldi, 197 liburutan; prentsan 446 esaldi, 381 artikulutan. Bidenabar, aitor dezagun liburuok biltzen dituztela adibide gehienak: Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren artean: 144 agerraldi / 72 esaldi; Legeen espirituaz II, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta: 110 agerraldi / 54 esaldi; Luzaiden gaindi, Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren: 66 agerraldi / 33 esaldi eta Elizen arteko Biblia, Askoren artean: 66 agerraldi / 33 esaldi.

Garaian galdetuz gero, Bibliako adibideetan dena delako garaiaren erreferentea diskurtsoko beste elementu batek mugatzen du, agerian mugatu ere: noren, noizko, zertarako… garaian. Era honetara:

  • Eberrek bi seme izan zituen: batak Peleg, hau da, «Zatiketa», zuen izena, bere garaian zatitu baitzen mundua; anaiak, berriz, Joktan. Has 14,1
  • Filistearrek lurrez beteak zituzten Isaaken aita Abrahamen garaian honen morroiek zulatutako putzu guztiak. 5. Has 26,18
  • Abraham zaharra izan arren, Sara haurdun gertatu zen, eta semea eman zion, Jainkoak iragarritako garaian. Has 26,15
  • Izan ere, ardiak ernaltzeko garaian hauxe ikusten nuen ametsetan: ardiak ernaltzen zituzten ahariak marradunak, pintoak eta nabarrak zirela. Has 31,10
  • eta, bere inguruan zenbait gizon bildurik, taldeburu egina. Baina Davidek Hadadezer menderatu zuen garaian, Damaskora jo zuen Rezonek eta Damaskoko eskualdeaz nagusitu zen. 1 Erg 11,24

EPGko datuak, berriz, ez dira erabat gisa horretakoak. Jaso berri ditugunen ondoan, erreferentzia-mugatzailerik ez duen garaian (mugatu) soilok ere ikusi ditugu: idazleak ez du zehazten irakurleak zein garaitan kokatu behar duen diskurtsoan esana.

  • Garaian Nafarroako errege-erreginek eraiki zuten, iparraldetik heldu zen lanjerraz defendatzeko.
  • Bestetik, garaian hegoaldeko gazteekin genuen lotura mantentzen aritu ginen.
  • Garaian eskandalagarria bere mailako andere batentzat.
  • Garaian Seaskaren kolegioa ibiltaria zen, ez baitzuen egoitza finkorik.

Ezin da esan jasotzen ari garen azken hau joera nagusia denik, baina corpus horretatik kanpo ere, gure ikasleen lanetan ere, ikusten hasiak gara halakoak.

Gaiari osorik heltzeko oraingo ahalegintxo hau baino zabalagoa eta sakonagoa beharko litzateke, baina, labur beharrez, garaiko-ri ere begiratuko diogu (axaletik bada ere), honek ere gure ikasleen lanetan ere lekua du eta. Esate baterako, hemen:

  • Kantu lirikoa izateko asmoaz gain, garaiko giro kultural orokorra bildu zuen.

Bibliako itzulpenean bi adibideok bakarrik ikusi ditugu aztergai dugun garaiko-ren tankerakoak. Biek dute erreferentea zehaztua: dela izen elkartuko mugatzailea, dela erlatibozko perpausa:

  • Nire bake-garaiko jantziak erantzi eta erregutzaileen jantzi latza jarri dut: deiadar egingo diot Betikoari bizitzako egun guztietan. Ba 4,20
    Esaneko seme-alabei dagokienez, ez jarraitu ezjakinean bizi zineten garaiko grina txarrei. 1 P 1,14

EPGko adibideetan, berriz ere, osagarririk gabeko garaiko soil asko ikusi ditugu:

  • Euskal artistek garaiko mugimenduari egin zizkioten ekarpenak ere badira erakusketan:
  • Paper Hotsak Gaztelupeko Hotsaken adarrak berreskuratu du Lopetegi, haren bertsoak eta garaiko testuingurua ezagutaraziz.
  • Kableen mozketa garaiko testuinguruan kokatzen du Josebak.

Oker egon gaitezke, baina gure gramatikaren eta OEHko 2 garai hiztegi-sarrerako adibideen arabera,  garaian, garaiko-k erreferentea mugatzeko osagarria eskas dute EPGko bestelako adibideotan; dela erakuslea (garai hartan, hartako…), dela izenordaina (NOREN garaian, garaiko…), dela erlatibozko perpausa…

Horrenbestez, gure ustea da 2 garai-k ezin dituela zerak denboran kokatu osagarririk gabe, zerak leku-denboretan kokatzeko darabiltzagun beste izen arin batzuek bezalaxe; demagun, aldi-k bezalaxe. Izen arinok osagarria dute eta osagarria berariaz adierazi behar bide da diskurtsoan.

Horren seinaletzat har daiteke, zehaztu ezean, entzuleak dena delakoa denboran kokatu ahal izateko argibideak eskatuko lizkiokeela solaslagunari:

—#Ane garaian bizi zen.
—Zein garaitan bizi zen Ane?

—#Martin garaikoa zen.
—Zein garaitakoa zen Martin?

Ez dakit garai honetako (eta honetarako) gogoeta egokia plazaratu dudan.

Ana Urruti

Iñigo Roque Eguzkitza

Oraintsu arte gutxi izan dira emakume itzultzaileak gurean, letretako gainerako lanbideetan bezala, eta izan diren bakanek ere ez dute oihartzun handirik izan eskuliburuetan. Ana Urrutiren oroitzapena, beraz, laster iraungi zen, aztarna handirik utzi gabe. Nahikoa ez emakume izatea eta, gainera, protestanteetarik genuen.

Haren bizitzari buruz, Londreseko Biblia Elkarteko William Canton-ek kontatua baino ez dakigu ia (A History of the British and Foreign Bible Society, IV. lib., 1919):

A simple Basque girl, Anna Urruty was brought up in the Roman Catholicism of her own people. About the year 1850 she took service with the family of Pastor de la Harpe of Bordeaux, accepted the Protestant faith, and unconsciously prepared herself for duties yet un known. In obedience to a call from one of the Evangelical Missions, she became a Biblewoman, first in the lowest parts of Paris, then in Bearn, her native country, where she suffered much persecution.

Ez dira xehetasun asko. Badakigu katoliko jaio zela, eta jatorriz zuberotarra dugula (aurrerago, «the Souletin of her childhood» aipatzen baita). 1850ean, gazterik, Bordelera joan zen neskame, De la Harpe familiarenera (ohiko lanbidea oraintsu arte Euskal Herriko neskatilentzat). Datua garrantzizkoa da, hala ere, Musde la Harpe suitzarra Erreformaren aitzindari izan baitzen Bordelen.

En 1820 les frères Moraves et le pasteur suisse Alphonse De la Harpe fondèrent leur première Eglise Libre. […] C’est vers 1835-1836 que se constituera l’embryon de l’Eglise Evangélique Libre (EEL) de Bordeaux. Elle existait sous la forme d’une congrégation libre, se réunissant chez le pasteur De la Harpe.

Oso gorabeheratsua izan zen Erreformaren bidea Bordelen, eta badakigu 1856an hil egin zutela Musde la Harpe:

1856 : décès brutal de Mr De la Harpe.

Pentsatzekoa da berebiziko zirrara eragingo ziola gertakari horrek Ana Urrutiri. Hala, misionest (Biblewoman) hasi zen, lehenbizi Parisko bazter-auzoetan eta gero Bearno aldean:

In obedience to a call from one of the Evangelical Missions, she became a Biblewoman, first in the lowest parts of Paris, then in Bearn, her native country, where she suffered much persecution.

Ez dakigu zehazki zer den persecution hori. Erlijio-gerren sua erabat itzali gabe zegoela badakigu. Garaitsu hartan, esaterako, Joaquin Bermingham-ek Erligio eguiazcoaren siñaleac eta protestanteen liburuac iracortzeco eleizaren debecua: tartean ejemplo batzuequin liburua argitaratu zuen Donostian, jihadista samar:

Catolicoentzat prestu eta onragarri becela, oen etsayentzat circill eta citala dan guda onetan jazartzeco arma aro onecoric bertan arquitzen badezute, jaquin […] [egilearen] deseoac, izango dirala nahi baño obeto beteac.

Bortuz haraindian ere, jakina, egoera ez zen samurragoa izango. Kontuak kontu, Urruti itzultzen hasi zen, misionest-lanaren osagarri, Cantonek berak dioskunez.

By steady application she translated the Gospel of St John and the Epistles of St Peter from the French of De Sacy and Ostervald into the Souletin of her childhood; worked hard and late to provide money for their publication, and produced them at her own expense in 1873.

AnnaUrruthyHara Ana Urrutik egindako bi itzulpenak: Jondane Phetiriren epitriac eta Ebanjelio saintia Jesus-Kristena Jondane Johaneren arabera. Biak ala biak egileak berak ordainduak eta Baionako P. Cazals-en inprimerian agertuak. Beste datu jakingarri bat ere badu pasarte horrek: itzulpena frantsesetik egin zuela, De Sacy-k itzuli eta Ostervald-ek berrikusitako itzulpena erabiliz (Joanes Haranederrek egin bezala, bestetik).

Edizio horien ondoren, Londresko Biblia Elkarteak ordaindurik berrargitaratu egin ziren lanok: Done Petriren gutunak 1887an Baionan, eta Jondone Joanen ebanjelioa 1888an Orthezen.

They were afterwards revised, and at the earnest request of Pastor Bohin 3000 copies of the Epistles were printed for the Society at Bayonne in 1887 and 3000 of St John at Orthez in 1888.

Lanen bultzagile ageri den Bohin hori Belokeko Auguste Bohin apaiz protestantea dukegu, Bearnoko protestantismoari buruz hainbat artikulu idatzia Bulletin de la Société de l’Histoire du Protestantisme Français aldizkarian. Hiru mila aleko tirada bazen zerbait. Kontuan izan 1881eko erroldaren arabera 25.393 biztanle zituela Zuberoak.

Liburuen arrakastak hanka laburrak izan zituen, haatik, apaiz katolikoek moztu baitzizkieten.

Happily a Basque convert, Loustalot, who had joined the staff of colporteurs, sold 4672 copies of these editions in a twelvemonth, but in the next two years all the hostile influences of the priests were combined against him, his sales fell to a few hundreds, and, harassed and disheartened

Badakigu Bonaparte printzeak gure itzultzailearen lanen berri izan zuela eta, berri izan ezik, gogoko ere bazituela (Arana Martija, «Bibliografía bonapartiana», Euskera XXXVI [2. aldia]).

Bonaparte, en su carta [desde Londres] a Inchauspe de 8 de febrero de 1889 menciona estas dos obras de Anna Urruthy como modelos de suletino.

Eta hain atsegin zuen Urrutiren hizkera, non Arxuren Ruthen Libria. Salomounen Kantiken Kantika. Jonasen Libria zuzentzeko eskatu baitzion, berarena baino garbiagoa zelakoan.

ARCHU, Jean Baptiste (1811-1881).

Ruthen Libria. Salomounen Kantiken Kantika. Jonasen Libria (Basque souletin).

Bayonan, 1888, 33 pp., 14,5 x 10,5 cms.

[…]  Estos textos estaban en poder de Bonaparte para el 11 de octubre de 1861, pero no los imprimió. Con posterioridad autorizó su impresión a la Sociedad Bíblica de Londres, que editó el librito a que nos referimos. Dice Jon Bilbao que la primera tirada de este libro, revisada por Anna Urruthy, se destruyó por los muchos errores que contenía, siendo hecha una segunda tirada con los errores corregidos por Bonaparte.

Printzea ez zen, nonbait, konforme geratu Urrutiren lanarekin. Dena dela, ohargarria da printzea ordurako Londresen zela, eta pentsatzeko da hark ere izango zuela eraginik Urrutiren lanen berrargitalpenean.

Edwin Munsell Bliss apaizak ere aipatzen du Urrutiren lana Encyclopedia of Missions (1891) obran.

In 1888 the same society published at Bayonna an edition of the Gospels of Matthew and John and the Epistles of Peter in the Souletin dialect, the translation having been made by Mademoiselle Anna Urruty, a Souletin Basque lady, who followed the text of de Saci, corrected by that of Ofetervald. In the year 1887 Prince Lucien Bonaparte placed to the disposal of the above society his manuscript versions of Genesis, Psalms, Ruth, Jonah, and Song of Solomon, made by M. Archu. Under the editorship of Miss Urruty these portions have been published since 1888

Ez dirudi fidatzekoa denik Mateoren ebanjelioaren aipua (ez ote zen nahasiko Antoine Gaidor baigorritarraren itzulpenarekin [1825]). Beste zenbait datu ere oker ematen ditu Munsell-ek: argitalpenen datak eta lekuak ez dira zehatzak (Baiona, 1887; Ortheze, 1888).

Londresko Biblia Elkarteak, Bonapartek eskainitako liburuetatik, Ruthen Libria. Salomounen Kantiken Kantika. Jonasen Libria (1888) baino ez zuen kaleratu. Daviden gorantzak edo psalmiak lehenago agertua zen 1862an, eta Moisasen lehen libria Jenesa deithia argitaratu gabe dago oraindik Nafarroako Artxibategian gordeta. Hartara, zalantzazkoa da Urrutik bi liburuotan ere edizio-lanik egin zuelakoa, printzea horretan hasi zela ia segurutzat jo daitekeen arren (berriro Cantoni esker).

[…] and the Prince was reading the proofs of Genesis and the Psalms when his eyesight failed, and the undertaking was indefinitely postponed.

Horraino Ana Urrutiz dakizkigun apurrak. Euskal literaturari buruzko eskuliburuetan ez da haren aipurik mendreena ere ageri (Mitxelena, Villasante, Sarasola, Aldekoa). Eta Jean-Louis Davantek bere Zuberoako literatura: antologia laburra obran ere lerro bakarra eskaintzen dio:

Aña Urruty anderea. Protestantea zen, eta bere elizan euskaraz idatzi du, bereziki itzulpenak eginez.

Juan María de Olaizolak ere ez zuen aipatu El Reino de Navarra en la encrucijada de su Historia: El Protestantismo en el País Vasco (1993) lan erreferentziazkoan, garaitsu hartako Pierre Urte, Oteitza edo Antoine Gaidor itzultzaile protestanteez jardun arren.

León Azoulay-k 1900eko Parisko Erakusketaren karietara grabatutako euskarazko testuetatik bat, haatik, Ana Urrutiren itzulpenen pasarte bat da (ikus Marie Hirigoyen Bidarten tesia).

Gaurko egunez, bederen, gogoan izan dezagun bere izena inon paratu ez zuen emakume itzultzaile hura.

Alabaina, norbait dago agian heldu dena

Juan Garzia Garmendia

Euskararen estandarizazio eta guzti, bada oztopo bat baino gehiago, zenbait alorretan, batasuna ez bada ahalik eta bateratasun handiena bederen lortzeko. Izan ere, ez dugu oraindik euskal irakurle guztientzat neutro, euskalkiz markatu gabe gertatuko den prosa-eredurik, eta ez dakit zenbateraino hurbil gaitezkeen horretara. Ez, inondik inora ere, esapide guztietan, baina bai oinarrizko egitura ahalik eta gehienetan.

Bertsogintzan bezalatsu, gipuzkeraren inguruan dabil estandarra, de facto, eta bizkaieraren edo nafarreraren koloreaz janzten da idazlearen arabera. Iparraldeko euskalkien ildoko batuaren erregistroak markatuago sentitzen dituzte irakurle gehienek, edo, okerrenean, exotiko. Jakina, hegoaldekoen ikuspegitik ari naiz, baina berdintsua da arazoa iparraldean, alderantzizko noranzkoan.

Zalantzarik gabe, etengabe gertatzen ari da hurbiltze bat euskalki bakoitzetik datozen prosen artean, eta pentsatzekoa da hala jarraituko duela prozesu horrek, euskalki bizien bilakabidea gorabehera, euskal prosa estandarizatu(ago) baten bidean. Horrek, jakina, era askotako oztopoak ditu, eta oztopoetariko batzuk, garrantzitsuenak diren ez dakit baina, hizkeren beren dibergentzia objektiboak dira. Eta dibergentziok areagotzeko arriskua ere badugu.

Hasteko, joskeraz, bi eredu bateragaitz ditugu, esaldiaren antolaerari dagokionez, Iparraldean eta Hegoaldean. Badira beste adibide nabarmen asko, baina argienetariko bat da aditza galdegaitzat markatzeko egin dontsuarena. Kasu horretan, gainera, ez dira Iparraldeko hizkerak bakarrik halakorik ez darabiltenak, goi-nafarrerak ere bat egiten baitu haiekin horretan. Ekialdean, bada, eginik gabe adierazten dira halakoak: Erori [egin] da. Mendebaldean, berriz, gero eta halako egin gehiago erabiltzen da, senaren eta zentzuaren kontra askotan.

Iruditzen zait, bada, kontuan hartu behar genituzkeela, ahal den neurrian, halako euskalki-dibergentziak euskara estandarrean idatzi nahi dugunean. Kasu horretan, geure hizkeran egin hori darabilgunok erabilera horren gehiegikeriari bederen kontra eginez. Bestela, lehenaz gainera urrunduko ditugu batu behar genituenak. Errazena aipatzearren, kontuan hartu behar genuke ez dela zuzena halako galdegai-jokoak erabiltzea mendeko perpaus gehienetan: *Ikasi egiten dituen gauzak ahaztu egiten ditu. > Ikasten dituen gauzak ahaztu egiten ditu.

Beste dibergentzia bat, erraz saihestekoa: heldu da (iritsi da ala badator?).

Esan dut adibidetxo batzuk baino ez direla horiek. Jarrera orokorra behar genuke, eta bateragarri behar luke horrek hizkera bakoitzaren aberastasunak prosa oro har estandarizatu horretan integratzearekin (bait- aurrizkiaren estandarizazioa dugu horren adibide ederra). Alegia, norberaren hizkeran sakontzeaz batera, besteena ezagutu eta kontuan hartzea litzatekeela bide egokia. Horretan ahalegintzea, behintzat: indar zentripetoak bultzatzen.

Joskerari dagokiona zen adibidea, baina lexikoan ere bada halakorik. Ezaguna da ardura (kezka/maiz), samurtu (bigundu/erraztu/haserretu),  behar (premia/lan), sarri (askotan/laster) eta beste hainbat hitzek euskalkiaren arabera duten esanahi desberdina, eta zaila dirudi horretan batasuna: esanahietariko bat euskalki-adiera markatutzat geratuko da, ezinbestean, estandarrarekiko.

Beste kasu batzuk berriz, presentzia handiagoa dute, testu-antolatzaile izanik behin eta berriro agertzen baitira prosan. Ondo dakit gehiegi eskatzea dela xehe-xehe eta zorrotz-zorrotz zaintzea halako euskalki-dibergentzia guztiak beti, baina, jarrera modura bederen, ondo letorkiguke. Kasuren batean, Mendebaldeko erregistroan integratu dugu  Ekialdeko (edo Iparraldeko) moldea, baina kontuan hartu gabe bestelako esanahia izan dezakeela: alabaina (“izan ere” balioa izan dezake berez), agian (“oxala” zentzua izan dezake)…

Bi hitz horiek oso modan daude gaur egungo prosan, baina ez litzateke lan handia sinonimo ez-nahasgarriak lehenestea, ugariak baitira kasu bietan: hala ere, haatik, halaz guztiz, nolanahi ere, dena dela… / beharbada, ausaz, menturaz, apika…

Are garrantzi handiagoa du, nik uste, beste kasu batek, esaldi mota oinarrizko bati baitagokio. Existentzia-predikatu delakoaz ari naiz. Izan ere, askok izango dituzue gogoan “salda dago” errotuluaren inguruko eztabaida beroak. Alde batera, errotuluetako hizkeraren berezitasunak daude tartean hor, baina arazoa, dibergentzia, orokorragoa da.

Baietza da galdegai halakoetan, izatez: Existitzen da (BAI) halako etxe bat. Horretaraino, hizkera guztiak ados. Adizki trinkoz ematean, hala ere, honako aldaerak ditugu ekialdetik mendebaldera:

Bada (han) etxe dotore bat.
Badago (han) etxe dotore bat.
Etxe dotore bat zegoen (han).

Azken molde horrek erabat bestelakotzen du joskera, galdegaia aldaturik (existentzia-predikatuzkoak ez diren esaldien joskerarekin berdindurik, analogiaz noski). Ez dakit hori ere gehiegi eskatzea den, baina ez letorke gaizki Mendebaldeko joera hori ahalik eta motzen lotzea, kontuan izanik ba- aurrizkiaz eratutakoak euskalki guztietakoak direla eta beste hori, berriz, guztiz arrotz dela Ekialdean. Alegia, Bada(go) norbait lehenestea estandarrean ari garenean Norbait dagoren aldean. Ez dut uste berrikuntza bitxia denik hori inongo hizkeran, ipuinen hasierako moldea baita: Behin batean, bazen…

Oraindik ere geratuko litzateke desberdintasun bat hizkeren artean –bada/badago–, baina ez dirudi hain larria. Hori ere, bistan da, Ekialde/Mendebalde oposizio bati dagokio, eta emango luke gaia beste artikulu (luze) baterako: izan/egon bereizkuntza (eta, paraleloki, ukan/eduki).

Gaurkoz, hala ere, aski biz adibide saski-naski horrekin. Garbi geratuko ahal zen kezka, nahiz konponbideak urrun. Eta inork ez ahal zuen hartuko hemen esandakorik ezer inoren hizkeraren kontrakotzat inola ere.

Zer adierazten du eskuak? Etimologiaren erakuspenak

Beñat Oihartzabal

Izan dut berrikitan, P. Urteren Grammaire cantabrique basque delakoaren eskuizkribuari soako baten emateko parada. XIX. mendearen azken urteetako argitalpena aspaldi hostokatua nuen, baina kuriostatea banuen eskuizkribua nola egina zen ikusteko. Hain zuzen, orain Sancho el Sabio fondazioko EMDk sarean irakurtzeko gisan ezarria baitu jatorrizko bertsioa,  hartan ikuska ibili naiz. Lehenbizikiko orrialdeetan, Urtek letren ahoskeraren deskribapena egiten duen orrialdeetan, bada begia jo didan etimologia bat, euskaldun hitzari dagokiona. Honela dio Urtek u letraren ahoskera aipatzean: [1]

Qua silaban den u ere ondoriorik gabekoa da: esquäldúna ‘cantabre’; esqualherria ‘cantabrie, pays de cantabres’. Zenbaitek, ca edo ka, u gabe idatzia balitz bezala ahoskatzen dute qua, eta beste batzuek, escaldúna, eskaldúna  idazten dute. Baina beste batzuek u ahoskatzen dute, hala nola latindarrek qua; haatik, azpiko hautsi-markarik gabeko c batekin izkiriatzen dute: escualdúna. Hitz hau, ‘main’ erran nahi duen escúa, eta ‘ayant’ edo ‘celuy qui a’ erran nahi duen aldúna hitzez osatua da. Horrela, diotenaren arabera, escualdúna dioenak ‘un homme tout main et tout bras’ dio, erran nahi baitu ‘un homme très agissant’.

Blog honetan berean, duela zenbait aste, euskaldun hitzaren osamoldeaz ari izan zitzaigun  I. Segurola, eta bere dudak agertu zituen noizkoa zen euskalduna “euskara duena” dela dioen ipuina. Zahar-usain haundirik ez zion hartzen ixtorioari. Urteren etimologiak erakustera ematen digu, preseski, duela hirurehun urte ez zela hain argi euskaldun hitzak euskara izan zezakeela oinarrian. Alabaina, hark eskualdun hitzaren etimologiaz gogoeta egin zuelarik, ez zitzaion eskuara gogoratu, esku baizik, –aldun izanik orduan hitzaren beste osagaia (esku+aldun).

Ez dakit noizez gero onartua den euskalarien artean euskaldun hitza euskara hitzetik abiaturik eratua dela. Chahok argiki hala erran zuen bere 1836ko gramatikan,[2] baina ez du iduri mende bat lehenago holakorik aitzinatua izan zen, edo, orduko norbaitek jadanik egina bazuen, biziki zabaldua izan zen. Etxeberri Sarakoak, adibidez, Urtek bere gramatika idatzi zuen urteetan euskararen hastapenak goraipatu zituenak, ez zuen holako lotura formalik egin, nahiz argi zeukan eskualdun herriak zirela eskuaraz mintzo zirenak. XVIII. mendeko ezin baztertuzko erreferentzia den Larramendik ere ez zuen egin, ez behintzat, usteak engainatzen ez bainau, Arte delakoan, ez eta ere, ez modu argian behintzat, hiztegi hirukoitzean.

Baina itzul nadin ene harira: esku-ra.

Urteren gramatika ez zen bere garaian argitaratu, kasik bi mende geroago baizik. Eskuizkribua Ingalaterran izanki, ez zuten haren berririk izan, ez Larramendik, ez Chahok. Bizkitartean, bien lanetan ageri da euskara hitzaren oinarrian esku ezartzen duen ideia, Urtek ere, ikusi dugun bezala, beste gisaz, euskaldun hitza aztertzean lehenago agertu zuena.

Interesgarri da ikustea euskara izenaren oinarrian esku emanik, beren aldetik zer interpretazio egin zuten bi autoreek hitz honetaz, zer kolore eman zioten motibazioa azaltzerakoan. Larramendik honela zioen: [3]

Eusquera, escara, escuara significa modo de hablar manual, y libre, como si dixera escuera, escucoera, de era que significa forma, modo, y tiempo, y de escu, escua ‘mano’, y escuco ‘libre’, y dueño, eznaiz escuco ‘no soy libre, ni dueño de hacer algo’: todo lo qual quadra bellamente a la lengua vernacula, y materna. Al Bascongado generalmente llamamos Euscalduna, y à todo los paìses en que se habla el Bascuenze, Euscalerria.

Euskara hitzaz esku/eskuko+era azterketa eginez, Larramendik ez zion esku(ko) izenari Urtek bezalako interpretaziorik eman, haren arabera, libertatea eta eskukotasuna adierazten baitzituen. Herri hizkuntzaren izenean berean aurkitu nahi zituen kontzeptu haien zigiluak, harentzat aitzinako euskal herriari zegozkion hatzak.

Chahok, berriz, urrunago eraman zuen euskararen zahartasuna, ez baitzuen noizbaiteko Euskal Herrira mugatu, baizik ere giza mintzoaren urruneko hastapenetan kokatu, gizakia oraino eskuz mintzatzen zen garaietan. Etimologia jokoetan arau hertsiegirik gabe ibiltzea gustatzen baitzitzaion Chahori ere, Aitorren leienda Lara bardoari kontarazi ziolarik, ele hauek eman zituen haren ezpainetan: [4]

Eskua mihiaren laguntzailea da, eta haren lehenbiziko adiera lehenbiziko mintzairatik ezin bereizizkoa da. Jestua begiei mintzo zaie. Hotsak belarria jotzen du. Biak gogoari ari zaizkio. Zein populuk izan du, eneak baino goragoko mailan, elearen inspirazioa eta jestuaren eta pentsaeraren arteko adostasuna? Imitazioaren antze horrek, besoen, eskuen, erhien mugimendu kalkulatuek laguntzen zuten hizkuntza artikulatua, beharrez ordezkatzen: Eskuara izena eman zitzaien, erran nahi baitu jestuaren zientzia, eskuekin mintzatzeko artea. Hitz bera ene populuaren hatsarreko mintzairaren izendatzeko ere baliatu zen, eta haren beraren izena araberan eratu zen: Eskualduna!

Hiru euskalari, euskaldun edo euskara hitzez etimologia bertsua, zeinek bere aldetik aitzinatu zutenak, hiruek esku oinarritzat emanik. Bizkitartean, etimologia bakar horren gibelean euskaldunez eta haien jatorrizko eta berezko izaeraz hiru itxuratze desberdin, nozio adierazgarri batzuetan gorpuztuak: aritzea (Urte), libertatea eta beregaintasuna (Larramendi), giza hizkuntza agertu zen garaiko primitibotasuna eta jatorrizko hizkuntza-naturaltasuna (Chaho).

Iraganeko euskalarien etimologiek ez zuten beti hitzen erabidea arras zuzenki argitzen, bai, haatik, molde segurago batean menturaz, haien egileen eta hauen garaiko zenbait ikusmolde erakusten.


[1] Grammaire cantabrique basque [eskuizkribua, datarik gabekoa, baina 1716 ingurukoa], 11. argazkia. Sarean: http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/2105

[2] “Les Basques pyrénéens donnent à leur langue le nom de Eskuara; ils s’appellent entre eux Eskuaradun, ‘qui a, possède, connaît, ou parle l’idiome eskuara et par euphonie, Eskualdun.” Etudes grammaticales sur la grammaire euskarienne, Paris, 1836, 2. liburua, Grammaire euskarienne,  3. orr. Sarean: http://books.google.fr/books?id=yObJHJK0p6YC&printsec=frontcover&hl=fr&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false

[3] Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin, Donostia, 1745,  sarrerako XIII. lerroaldea, xxvii. orr. Sarean: http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/1773

[4] Histoire primitive des euskariens-basques, Madrid et Bayonne, 1847, 179. orr. Sarean: http://books.google.fr/books?id=M0UOAAAAQAAJ&printsec=frontcover&hl=fr&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false

Legeen izenez berriro

Iñaki Iñurrieta Labaien

Oskar Aranak eta Jesus Mari Agirrek euskara juridiko-administratiboaz idatzitako azken post-ak agertu aurretxoan, kasualitate hutsez, duela urtebete 2TZUL blogean idatzi nuen artikulu bati emandako erantzun bat ikusi nuen, iazko irailean idatzia. Erantzun anonimo oso laburra, lerro bat eskas. Bere anonimoan eta bere laburrean, ulertu nuen —oker, beharbada— esan nahi zuela erdararen mendekoegiak zirela nire proposamenak.

Patxi Petrirenaren Legeen izenez artikuluari  eman nahi zion segida nireak (Legeen Izenez II). Patxik egoeraren azterketa egiten zuen euskarazko testu juridiko-administratiboetan legeak aipatzeko moduez, eta horretan dabiltzan itzultzaileek aurkitutako zailtasunak eta praktikan hartutako moldeak laburbiltzen zituen. Nik pauso bat eman nahi izan nuen bide horretan, proposamen bi eginez legeak modu funtzionalean izendatzeko, hizkera juridikoarekin eta legeekin egunero deman dabiltzan itzultzaileek proba zitzaten.

Artikuluotan ageri ziren administrazio-itzultzaileek jakinarazia zuten legeen kasuistika oso zabala zela, eta bazirela guk erabilitako adibideak baino askoz bihurriagoak. Ni neu ere, neure proposamenak praktikan jartzeko saio batzuk egin orduko, ohartu nintzen kontua ez zela batere erraza.

Hasieran aipatu dudan erantzuna aurkituz geroztik, pare bat buelta eman dizkiot berriro legeen izenaren kontuari.

Uste dut orain askoz modu bateratuagoan izendatu ohi direla legeak duela urte batzuk baino. Hala ere, ikusten dut legeak aipatzen direnean oraindik ere izenlagun-kate luzeegiak agertzen direla; hau da, oraindik ere baduela baliorik Jesus Mari Agirreren artikulu aspaldiko batean («Zuzentzaileen zeregina Administrazioko itzulpengintzan» Senez 19, 1997) emandako aholkuak: hizkera juridiko-administratiboan ez dela komeni izenlagun-kate luzeak antolatzea, hierarkia informatiboaren eta argitasunaren kaltetan baitoa.

Hortik zetozen nire proposamen biak, eta erantzule anonimoak ustez gaztelaniarekiko mendekotasuna ikusten zuen lekuan, idazle zaharren tradizio luze zabala ikusten nuen nik. Kontua hizkera juridiko beregaina lortzea baita. Gaztelania aldameneko zutabean izatea lagungarria da euskarazkoa ulergaitza gertatzen denean. Helburua, ordea, erdarazko bertsiora jo beharrik gabe ulertzeko moduko testuak izatea behar luke. Erdal kutsuari ihes egin nahiak, berriz, testu irakurgaitzak egitea ekar dezake, eta horren ondorioa da aldameneko erdal zutabera begiratzea, hots, funtzionaltasuna hari bakarrik aitortzea.

Eta horretan, legeen izenaren auzi honek badu esanahi erantsi bat (balio sinboliko bat, nahi bada): parlamentu edo legebiltzar guztiak, Botere Legegilearen gordetzaile eta erabiltzaile direnez, burujabetzaren adierazpide dira, han erabakitzen eta egiten baitira erkidego batek bere burua gobernatzeko arauak. Legeak dira horren emaitzarik behinena. Eta arazo larria da —ala ez?— geure parlamentuetan egiten diren legeen izena modu funtzionalean —beregainean— erabili ezina.

Hizkera juridikoa formulismoz betea da. Legeak izendatzeko modua da formulismo horietako bat. Horretan, funtzionaltasunaren izenean, hizkuntza-ingeniaritza, brikolajea edo nahi dena, baina egin daiteke zerbait, pentsatuz gero euskarak gai —beregain— izan behar duela geure buruari ematen dizkiogun legeen adierazpide izateko.

Nik beste arlo batzuetan baino egingarriago ikusten dut euskara juridiko-administratiboan horrelako erabakiak adostea eta aplikatzea. Esate baterako, argota asmatzea (?) edo adostea (!) baino egingarriago. Legebiltzar, parlamentu, gobernu, aldundietako euskara-arduradunak eta itzultzaileak ados jartzea ez zait hain-hain zaila iruditzen. Esparru formal mugatu jakin batez ari gara, eragile eta erabilera jakin batzuk dituen esparru batez.

Txekhovekin jolasean (II)

Julia Marin Arteaga

Anton Pavlovitx Txekhov (Taganrog, Errusia, 1860 – Badenweiler, Alemania, 1904). Herriaren dramaturgoa.

Nasdrovia, Txekhov obraren beste ipuin batekin natorkizue: Izaki babesgabea. Beste esperimentu bat zuekin konpartitzeko asmotan.

Trama

Ipuin honen protagonista emakume hitzontzi bat da. Egun batean, bankura doa bere senarrari (Xukin aholkularia) eskubide osoz dagokion diru kopuru bat erreklamatzera, hogeita lau errublo eta hogeita hamasei kopek gutxiago ordaindu baitizkiote lanetik kaleratu dutenean bost hilabete gaixorik eman ondoren. Bankuan, Rustinov zuzendaria topatuko du, oinazetan bizi da, hezueriak jota; baita haren laguntzaile Potxatkin ere, erretiroa hartzeko adinean dagoen agurea. Emakumeak lortuko du nahi duena bere erretolika amaigabeari esker.

Hizkuntz trataera

PERTSONAIA ERREGISTROA
Emakumea Hizkera informala
Azpeitiera
Bi bankariak:
Rustinov eta Potxatkin
Batu neutroa

Emakume honekin herri xehearen karikatura egin nahi izan zuen Txekhovek. Hizkuntzaren aldetik, behar genuen, beraz, hizkera bat aukera emango ziguna protagonistaren histeria bere betean agerian uzteko, bizkor-bizkor jarduteko modukoa behar zuen eta jolasa muturreraino eramateko gauza zena.

Aktorea (Alazne) errenteriarra da. Eskualde horretako hizkera ez dago oso urrun batutik, hortaz berehala baztertu genuen. Azpeitiera zen aukera paregabea, eta gainera bagenuen taldean azpeitiar peto-peto bat (Erika), aholkulari fina eta zorrotza bilakatu zitzaiguna. Ordu mordoxka bat eman genuen hirurok elkarlanean pertsonaia maitagarri hau eraikitzen.

Beste muturrean bankuko langileak ditugu. Onenak emanda daude biak, sasoia aspaldian dute galdua. Aspertuta bizi dira. Batu neutroan jardutea komeni zitzaigun, beraz. Nabarmentzeko modukoa da laguntzailearen pertsonaia egin zuen aktoreak (Freddy) ez dakiela euskaraz.

Interpretazioari dagokionez, bankuko zuzendariarena egiten zuen aktoreari (Juan Mari) batuan kosta egiten zitzaion eszena honen hasieran duen patxadatik bere onetik atera arteko bidaia egitea. Neurri handi batean, emakumearen hitz jarioak eragin behar zion emozio bilakaera hori. Azpeitierak zabaldu zion atea.