Herria

Iñaki Segurola

Orain-hurrengo alean esan genuen XIX. mendeko kontua dela euskal(dun) hitza hizkuntzarekin zerikusi zuzenik ez duten gauzei aplikatzea: euskal oiturak, eskualdun arbola eta abar azkengabe bat, gaurko euskal okela eta euskal-edozertara iristerainokoan. Hor, bistan da, euskal(dun) hitzak berezko zuen balioa galdua du, eta basque/vasco-ren itzulpen soil bilakatu da. Hizkuntzen arteko gorabeherek eta hizkuntza gailenen indarrak ez ezik, errealitateak ere asko lagundu dio bide hori egiten: euskal hizkuntzaren gainbehera geldiezinak, hain zuzen, eta, ondorio gisa, euskal(dun)-ek hizkuntza seinalatzeko usadioa galtzeak.

Euskal herri jartzen genuen salbuespen moduan, herri-k ez baitu zerikusi zuzenik hizkuntzarekin, eta euskal herri hori, jakina, XIX. mendea baino askozaz lehenagokoa baita. Baina asuntoa —orain ohartzen naiz— hagitz tribiala da: euskal herri ez da sorkuraz deusen itzulpena, eta hor euskal zorioneko eta zorigaitzeko horrek hizkuntza besterik ez zezakeen adierazi. (Izatekotan ere, País Vasco / Pays Basque da euskarazkoaren itzulpena, eta bidenabar esanik, país/pays-en itzulpenetik sortu delakoan nago ingelesezko Basque country.)

Herri-k ez du zerikusirik hizkuntzarekin, edo, hobeki esan, gauza askorekin du zerikusia, ia zernahirekin. Hitzaren esanahi antzinakoena ‘lur, leku, eremu’ moduko zerbait da, gure ikerketen arabera; cf. Nafarroako zenbait bazterretan gorde diren oloerri, garierri etab., ‘sail, alor’ adiera baitu hitzak hor; edo hegazti izenekin, Txorierri edo Kukuerri; edo Etxepareren Garaziko herri, Axularren Alaba-herri (‘Araba’), edo Goñerri, Estellerri etab. Haundi-txikian neurri jakinik gabea da: hor dago atzerri, edo jadanik XVII. mendeko lapurtarrek zerabilten mundu-herri; bizitzatik kanporako zera ere harrapatzen du (hilerri). ‘Populu, jende’ adieran geroagokoa da, eta edozein eratako jendegunea adierazteko ez dirudi oso aspaldikoa denik, zeren jendegunea adierazteko hitz zaharra hiri baitzen, eta hor ere ez zegoen haundi-txikian gorabeherarik: hiria edo uria zen Erroma bezalaxe Durango, edo Zeanuri edo Obekuri. Haundi-txikian, zerbaitek irabaztekotan herri-k irabazten du, jakina: Alaba-herria Bitoriako hiriaren aldean haundia da, eta zer esanik ez mundu-herria munduko edozein hiriren aldean.

Herri/hiri kontrajartze garaikidea guztiz bestelakoa da, eta euskarazko tradizio zaharrarekin deus ikustekorik ez duena. Inguruko erdara batzuetan —ez guztietan, jakina— du bere zuztarra kontrajartze horrek. Baina zuztar arrotzetatik eta itzulpenetik kanpora zerbait asmatu egin behar ba, eta, besteak beste, asmatu digute Euskal Hiria, baina ez —zergatik ez?— Erdal Hiria, mundu-hiria, atziria edo hiliria. Bidenabar esanik, aspaldi honetan Euskal Hiriak De civitate Dei dakarkit gogora garbi-garbi: han Agustin Hiponakoak kontrajartzen zituen Jainkoaren Hiria (bertutea eta egia) eta Eremu Paganoa (basagirokoa, bekatuzkoa). Irudi luke bazterrak beren antz-irudi-gogara eratutako Hiritzar bihurtzea izan dela Gizon Haundi askotxoren tema.

Gero, bestalde, «herri bat» garela ere asmatu digute, indefinizioa bera dirudien hitz bati esanahi jakin homologatu bat emanez (‘etnia, nazioa’ edo). Euskal herriak plurala maiz erabili izan da ordea, eta umeek ere badakite, izatekotan ere, herri batzuk garela, edo hobeki esanda, herri batekoak eta batzuetakoak garela aldi berean.

Asmatzen hasi eta munstrotxoak asmatzen ditugu gaur.

Bortxatzaileak eta ez-bortxatzaileak

Alfontso Mujika Etxeberria

Euskal Herritik urrun harrapatu ninduten iazko urrian Euskal Herriko giro politikoa inarrosi zuten berri nagusiek: Donostiako Nazioarteko Bake Konfererentzia eta ETAren ekintza armatuen behin betiko uztea. Etxera itzulita, postontzian pilatutako aldizkariak irakurtzeari ekin nion. Bake-konferentziaren ostean Bertie Ahern-ek irakurritako adierazpena irakurri nuen Argia aldizkarian. Laugarren puntuan, hau:

(…) Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu (…).

Ez nuen ondo ulertu, eta Berria egunkarira jo nuen. Han, berdin-berdin zegoen testua. Beraz, banatutako testu ofiziala izango zela pentsatu nuen. Erdal iturrietara argi bila jo, eta Bertie Ahernen bulegoaren webgunean aurkitu nuen ustez jatorrizko bertsioa dena:

(…) We suggest that non violent actors and political representatives meet and discuss (…)

Eta Diario Vasco egunkariaren hemerotekan ere aurkitu nuen gaztelaniazko bertsioa:

(…) Sugerimos que los actores no violentos y representantes políticos se reúnan (…)

Etsipen-puntu batez egiaztatu nuen, berriz ere, euskararen estandarizazioan badugula zer ibilirik. Ez naiz ausartzen esaten bortxatzaile “etimologikoki” gaizki dagoenik, baina, hor, egokia behintzat ez zitzaidan iruditu. Gure inguruko bi erdara nagusietan eta munduko hizkuntza nagusian bereizketa egiten da (es: violento/violador; fr: violent/violeur; en: violent/rapist [pertsona], violator); hori hala izanik ere, ez gaude gu behartuta bereizketa egitera. Ados, ez dugu bereizketa mimetikoki egin behar, baina… mesede egiten al digu bereizketa ez egiteak? Laguntzen al digu testu ulergarria lortzen? Euskaraz sortutako testua, eta ez itzulia, izan balitz, hala idaztea bururatuko zitzaigun?

Iazko gogoetatxo hori berpiztu dit, eta zabaldu, adiskide batek egin didan galdera-sortak.

Berak: «Nola esan behar dugu violencia euskaraz?»

Nik: «indarkeria edo biolentzia, nahi duzun moduan».

Berak: «Eta no violencia?».

Nik: «indarkeriarik eza edo biolentziarik eza».

Berak: «Eta violento?».

Nik: «Ba, indarkeria dakarrena adierazteko bada, indarkeriazko izenlaguna, edo, bestela, bortitza izenondoa».

Berak: «Eta biolentoa ezin da erabili?»

Nik: «Tira, Iparraldean biolent erabili izan da tradizioan, eta, gaur egun, Hegoaldean behintzat, biolento aski erabilia da, bai prentsan, bai literaturan. Ez nizuke eragozpenik jarriko biolentoa erabiltzeko».

Berak: «Orduan, no violento, euskaraz, ez biolentoa esan daiteke?»

Eta nik: «Ba, bai. Baina, Aitziber, zer duzu galdera-zaparrada honen atzean?».

Eta berak: «Begira, “Nonviolence”ko mugimendu batean nabil, eta indarkeriarik ez horrek ez digu balio. Bi hitz dira, deklinatu behar denean arazoak ematen dizkigu, eta ezin dugu hortik izenondoa atera».

Saiatu naiz, hasieran, kontra egiten. Esan diot resistencia no violenta edo el 15-M es un movimiento no violento gisakoetarako, nahikoa izan litekeela indarkeriarik gabeko erresistentzia eta 15-M indarkeriarik gabeko mugimendu bat da edo antzeko zerbait. Baina beste adibide batzuk eman dizkit (Ser no violento no es lo mismo que no ser violento…), eta esan dit ideologia bat dela, filosofia bat dela.

Orduan, beste hizkuntzetako jokabideari erreparatu diogu (es no violencia / no violento;  fr non-violence / non-violent; en Nonviolence / nonviolent; ca no-violència / no violent; it nonviolenza / nonviolento), eta ikusi dugu, bestalde, baditugula tradizioan ezantsia, ezaxola, ezbehar, ezbide, ezdeus, ezgarai, ezizen, ezleku, ezordu gisakoak. Hala, ezbiolentzia eta ezbiolento ontzat ematekoak iruditu zaizkit (ez dugu ezer asmatu, dena den; ikusi dugu dagoeneko aski erabiliak direla euskaraz ezbiolentzia eta ezbiolento esanahi horretan).

Aitziber gustura antzean gelditu da; berari aukera hori iruditzen zaio egokiena, eta ziurtatu nahi zuen ez zegoela horretan hizkuntza-behargabekeriarik. Ni, pentsakor gelditu naiz, bortizkeria/bortitz (bortizkeriarik eza / ez-bortitza) aukera aipatu ere ez baitiot egin.

Indarkeria, bortxakeria, bortizkeria eta biolentzia oinak emanda, nola osatu bertsoa?

Izenburuak eta genero markak

Bego Montorio Uribarren

Hitz pare bat, izen bat, esaldi izatera heltzen ez diren enuntziatu motzak izan ohi dira izenburuak —literatur lanen izenburuez ari naiz—; eta, beren laburrean, esanahi, oihartzun eta erreferentzia askoren biltzaile. Gauza handia da izenburu on bat, egilea ezagutu ere egin gabe liburua irakurtzera bultza baitezake, edo, kontrara, obra osoa bazterrean uztera. Ondo dakite hori dena idazleek eta editoreek; ondo dakigu itzultzaileok zein neketsua izan daitekeen horren ordain egokia ematea beste hizkuntza batean.

Zailtasun ugari eta askotarikoak topa ditzakegu izenburuak euskaratzerakoan, eta, gaurkoan, horietako bati heldu nahi diot: nola euskaratu jatorriz genero marka (maskulinoa/femeninoa) duten izenburuak? Badakit mataza oso korapilatsu baten haria baino ez dela, izenburuetatik askoz haratago doan kontua, baina, gaia labur aurkezteko modua eskaintzen duenez, eutsi egingo diot.

Bilaketa ez erabat zehatza egin dut Literatur itzulpenen katalogoan, eta jatorrizko testuan gizonezko marka duten hamaika izenburu aurkitu ditut (Pedro y el capitán; L’étranger; El amigo de la muerte; Il Compagno; El buscón; The hunter; El capitán Alatriste; El licenciado Vidriera; Le neveu de Rameau; El amante; El amante liberal), eta beste zazpi, femeninoaren markarekin (La chantatrice chauve; La gitanilla; La romana; La vagabonde; La herbolera; La española inglesa; La petite fille de Monsieur Linh). Lagin txiki bat baino ez da, beste asko aurkituko baikenituzke poema eta ipuinen izenburuei begiratu bat emanez gero, baina joera batzuk antzemateko balio duelakoan nago.

Nola eman dira izenburu horiek euskaraz? Gorde al dira genero markak? Noiz bai, noiz ez? Hona erantzunak.

Jatorrizkoan maskulinoaren marka duten kasu guzti-guztietan, euskaraz ez dago inolako genero markarik: Rameauren iloba, gurean, neska zein mutila izan daiteke liburua irakurri ezean; Amorante eskuzabalaren sexua irakurleak berak erabaki dezake, izenburuari erreparatuta.

Bestelako aukera batzuk ere egon litezke, baina, oro har, zeharo onargarria deritzot baliatutako itzulpen estrategia horri.

Eta, zer gertatu da jatorrizkoaren genero marka femeninoa izan denean? Bada, kasu horietan, ia inork ez du estrategia hori erabili. Aipatu izenburuetako bakar batean —Linh jaunaren biloba— eutsi zaio joera inklusiboari, eta, beste haren ilobarekin bezala, bilobarekin ere ez dakigu neska edo mutila den; liburu barrukoa irakurri arte, jakina.

Gainerako guztietan, genero marka femeninoa ezarri dute itzultzaileek, artez edo moldez, xede testuan; dela «emakume» edo antzeko hitzen bat sartuta (Erromako emakumea; Ijito nexka; Espainiar andere ingelesa; Emakumezko abeslari burusoila), dela izen propioak erabilita (La vagabonde – Mari alderrai; La herbolera – Kattalin). Esan beharra dago Ionescoren obrari izena ematen dion eta inon agertzen ez den chantatrice hori, lehen edizioan, «abeslaria» baino ez zela, eta duela gutxiko edizio zuzenduan (Urrezko Biblioteka bilduman) bilakatu dela «emakumezko abeslaria».

Lagina txikia da, badakit; obra bakoitzaren baitan bilatu behar da arrazoia, badakit.

Eta, hala ere, ukaezina da euskarak berezkoa ez duen arau bat agertzen dutela adibide horiek: erdal maskulinoak (argi eta garbi generikoa ez den kasuetan) ez omen du markarik behar euskarazkoan; erdal femeninoak, ordea, bai, horrek marka behar omen du. Durasen maitalea gizon txinatar gazte bat dela dudarik ez zaio geldituko obra irakurtzen duenari, izenburuan «Maitalea» baino agertu ez arren; zergatik da, orduan, hain garrantzitsua Moraviaren erromatarra emakumezkoa dela izenburuan bertan agertzea?; irakurri ahala jakingo dugu Adrianaz ari dela.

Itzulpenetan antzemandakoak dira horiek, baina seguru nago ez dela bakarrik itzultzaileon kontua, neurri handi batean gure artean hedaturik dauden erabilera eta jokamoldeak islatu baino ez baitugu egiten. Hain hedatuak non egon badaudela konturatu ere ez garen egiten, ez itzultzaileak ezta hiztun arruntak ere.

Niri gutxienik, zer pentsa eman dit.

Beriain (I): «Batere añaditu edo gendu bage»

Iñigo Roque Eguzkitza

Utergaeliza2Joan Beriain, ezagun denez, batez ere dialektologoei gertatu zaie ohargarri eta intereseko, Hegoaldeko goi-nafarreraren lekukotasun idatzi bakanetako batzuk utzi zizkigulako. Itzulpenaren inguruan ari garenontzat ere, hain ezagun izan ez arren, zenbait lezio ditu gordeak Utergako erretoreak.

Gaurkoan, Dotrina kristioarena euskaras (1626) liburuan jasotako bat ekarriko dizuegu, beste era bateko gogoeta batzuk datorren urterako utzirik. Liburua euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, Beriainen guztiak bezala, eta komeniko litzateke, gure aztergai honetarako, jakitea zer bertsio idatzi zuen aurrena (egingo nuke erdarazkoa izan zela). Ez dakigu, beraz, zenbateraino izan zen euskal itzultzailea. Nolanahi ere, gutxi-asko, garaiko liburu katoliko gehienetan ugaria zen itzulpena.

Gure liburuxkan, aurren-aurrena, «Gure Aita»ren testua ematen digu Beriainek.

Aita gurea, zeruetan zaudena, santifika bedi zure izena, etorri bedi zure Erreñua, guregana egin bedi zure borondatea, zeruan bezala lurrean ere, gure egun orosko ogia eman drazaguzu egun, eta barka drazkiguzu gure zorrak, guk barkazen dizkiotegun bezala geuren zordunei, eta ezkaizazula utzi tentazioan erortera aitzetik libra gaizazu gaizetik, Ala dela.

Eta, hurrena, herriaren ahotan otoitz hori esatean egin ohi den huts bat zuzentzen du. Honela:

Erranen du agian zein baitek eztela erran bear orazio onetan libra gaizazu gaizetik baizik gaiz guzietatik, nola aunizek erraten baitu bada, da gauza ziertoa eta klaro dena eztela erran bear gaizetatik, bai gaizetik, eta arrazioa da zeren orazio hau bear da erran edo zein lenguaje motan Kristo gure Iaunak ordenatu zuen sentidoan berean itzik batere añaditu, eta jendu bage, eta ala erraten draugu Eliza ama sanduak. Bada Latines erraten dugunean dio, Sed libera nos a malo, eta ez a malis, eta Erdaras erraten dugunean dio, Mas libranos de mal, eta ez de males ala bada Euskaras erran bear dugu gaizetik, eta ez gaizetatik, alaber berze orazioetan Ioanem naiz erranes itzik baterere añaditu, eta gendu bage al dagidan guzias Elizak erraten dizkigun sentidoan berean.

Argi uzten du jatorrizkoari hitzez hitz (ad litteram) segitzen saiatu dela, deus ere gehitu edo kendu gabe, Eliza Amari men eginda.

Dakizuenez, Trentoko Kontzilioaz geroztik (1545-1563), herri-hizkuntzak sartzen hasi ziren Elizaren bizitzan, Erreformari buru egiteko asmoz, nahiz kontzilioak, oraindik ere, San Jeronimoren Vulgata proposatu zuen oinarrizko testu gisa (hura Espiritu Santua tarteko mamitu baitzen). Utz ditzagun hurrengorako, ordea, Erreformako eta Kontrarreformako itzultzaileen joera eta moldeen arteko konparantzak.

Joan_BeriainDeigarria da mailegu lexikoen ugaritasuna testuotan. Ez dakit horretan eraginik izan ote zuen muturrerainoko fideltasunaren beharrak, edo Hegoaldeko goi-nafarreraren ezaugarri zen ordurako, edo idazlearen aurretiko ikasketen ondorio zen, edo testuen elebitasunak zerikusirik duen horretan. Mitxelenak ere agertu zigun kezka hori:

Nafarroan, zoritxarrez, eta arrazoi bila hasi beharko dugu noizpait, ez ikasien arimen probetxuari begira zegoenik izan arren, ez zutez, halaz guztiz, hizkuntza jasotzeko lehia sutsurik agertu: ikus, adibidez, Beriain, Elizalde, argitaratuak zeuden eta argitaratzen ari ziren dotrinak… (Mitxelena: «Mendiburu eta Larramendi», 1982)

Ez daitezela sinonimo izan noizbait eta inoiz ez. Hala biz edo, Beriainek zioenez, hala dela.

Ispiluaz, senaz eta itzulpenaren mugez

Irantzu Epelde Zendoia

Jatorrizko testuarekiko leialtasuna omen du itzulpen onak ezaugarri. Hormako argi islatuaren pare, errainuarekin eta ispiluarekin irudikatu izan da, sarri, itzulpena. Aipamen zerrenda polita dakar, esate baterako, Jean Delisle-k bere La Traduction en citations lanean [1]. Horietako bat, hauxe:

Le traducteur excellent obéit au poète comme le miroir obéit à la lumière, en vous renvoyant l’éblouissement [2].

IMG_1195

Hizkuntza batean esaten den guztia dago beste batean esatea, noski, baina ez beti, ez guztiz, ez erabat berdin. Itzultzaileek badakite ondo asko. Senak izugarri laguntzen diola esan zidan behin alemaniera-euskara itzulpenetan aritzen den adiskide batek, baina halere ihesik egin gabe ibiltzeak lanak ematen dizkiola. Eta ez gutxi. Hala-hala mintzo zaigu Lourdes Oñederra Euskaltzaindian sartu zeneko sarrera hitzaldirako aukeratu zuen ingelesezko izenburuaz (Drift):

«Edward Sapir handiak 1921ean argitaratu zuen Language liburuan hizkuntzaren aldaketa historikoari dagokion VII. kapituluaren azpititulua da drift hitza. Mexikoko Fondo de Cultura Económica argitaletxeak 1954 urtean argitaratutako espainolezko itzulpena egin zutenek ez zuten nonbait jakin nola itzuli eta, besterik gabe, kendu egin zuten kapituluaren azpititulua. Alberto Gabikagojeaskoaren euskarazko itzulpenean «eraldaketa korrontea» agertzen da drift hitzaren ordain VII. kapitulu horren idazburuan. Zintzotasunez ez da azpititulua kendu. Itzuli egin da nolabait, edukiaren ondorioa azaldu zaigu, hizkuntzaren azterketari zuzenean dagokion esanahiaren zatia. Ezinbestean metafora hautsi da, agian sinekdokearen bekatua eginaz. Itzulpenaren mugak azaldu zaizkigu; hizkuntza batean esaten den oro esan daiteke beste batean, noski, baina ez beti, ez guztiz, ez erabat berdin. Itzultzaileak ahalik eta ongien moldatu du euskarara hitz zail hori, drift, aipatu kapituluan eta hurrengoan batez ere, baina liburu osoan zehar aski maiz agertzen dena; horrela, dituen adiera eta kategoria desberdinetan puskatuta agertzen da ingelesez aditz zein izen izan daitekeen drift hitzaren eremua: joera, korrontea, norabidea, xedea, eta abar.» [3]

Itzulgaia nola itzuli asmatu ezinik ibili izan gara maiz ofizio honetakoak ez garenok; ogibidea itzulpena duenak nolako buruhauste eta buru-nekeak erabiliko ote ditu bere eguneroko jardunean, frangotan seguru buru-nekagarri, eta inoiz akaso ernegagarri…


[1] Jean Delisle, 2007, La Traduction en citations, Les Presses de l’Université d’Ottawa.
[2] Victor Hugo, William Shakespeare, 1973, Flammarion, Paris.
[3] Lourdes Oñederra, 2010, “Drift”, Euskera 55-1 (23-24.or.).

Sortze-askatasunak ez du mugarik

Juan Kruz Igerabide Sarasola

Jakina, nola ez ba. Hizkuntza erabiltzean, bat sortzaile eta herrikoi edo kultu edo espezializatu edo artista jartzen denean, ez dago mugarik. Hori besterik ez genuen behar. Zeinek debekatuko dit edonondik jarri beharrean eonondik jartzea? Ez dago itxurarik bataren eta bestearen artean; eonondik askoz ere musikalagoa da, eta, herrikoiagoa, natualagoa. Eta eronondik ironikoa zer? Ez noski eroren oihartzuna duelako, baizik eta zenbait eskualdetako jende mota baten hizkera musikamotzari keinu ironiko gaizto sortzailea egiten diolako.

Beraz, hizkuntzarekin sortzen eta sortzen ari garenean, hizkuntza asmatzen eta asmatzen ari garenean, mugarik ez mesedez, arau irentzailerik ez. Horri ez dago kontra egiterik, kitto. Dena dela, sortzaile amorratuak eskaintzen dituen emaitza guztiak aitzakiarik gabe onartzea besterik ote den nago; asmatzen eta asmatzen ari denak zer esan nahi duen asmatu behar dugunok tartean arautxoren bat beharko ote litzatekeen pentsatzen hasten gara. Besteok ere, irensleok ere, zer esana ba ote dugun edo.

Hau esan beharrik ez zegoen, baina esan beharra neukan, hara. Inori zuzenean, ez; geroni, izatekotan.

Nola bereizi euskaraz sortutako eleberri bat eta euskarara itzulitako bat

Angel Erro

Irakurleak ez ohi du arazorik izan eskuartean duen eleberria zuzenean euskaraz sortutakoa den ala beste hizkuntza batetik euskarara itzulia izan den jakiteko. Datu hori ez ohi da ezkutatu eta azkar identifika daiteke. Itzulpena zeinek egin duen, liburuko azalean ez bada, barneko datu bibliografikoekin batera agertzen da. Baina orrialde hori erauzia izan balitz, esaterako, ahaztu eta desagerrarazi beharreko eskaintza eskuidatzi bat, egileak berak egina ala liburuaren jabeetako batek, jasangaitz iritzita, norbaitek hala egin duelako, irakurleak oraindik jatorrizko hizkuntza egilearen jatorritik erator lezake. Baina hori ere ez baleki, izenburua ere ukatuko balitzaio, euskarazko testu luze bat (eleberri bat izateko adina behintzat), barruan fikziozko istorio bat duena, topatuko balu, eta jakin-minagatik edo bestelako beharrengatik (epaiketa batean aditu baten azterlan batean, esaterako) ebatzi nahiko balu euskaraz sortutako eleberri baten ala euskarazko itzulpen baten aurrean ote gauden, nik uste dut testuari bakarrik erreparatuta badagoela hori ebazterik.

Hau ez da kontu hutsala, azpi-azpian idazleen eta itzultzaileen artean idazmoldeen ezberdintasuna suma baitaiteke, gu, lehen hurbilpen honetan, horren barnera iritsiko ez bagara ere. Bi irizpide baino ez ditugu aipatuko.

Bereizteko modu bat onomastikak eman diezaguke. Pertsona izenak aspaldian ez dira itzultzen. Eta itzulpena izan ala ez, bere horretan iraun ohi dute. Baina hainbat motiborengatik fidagarritasun gutxiko metodoa da. Euskal izen batzuk arrakasta handia lortzen ari dira hemendik kanpo. Gurean ere, erdaldun elebakarren artean euskal izenak barra-barra ibiltzen dira. Ia edonon kokatutako erdal nobela batek izan zitzakeen euskal izendun pertsonaiak. Eta, alderantziz ere, euskarazko nobela batean ez da batere ezohikoa erdal kutsuko izenak baliatzea, kanpoko merkatuan pentsatuz beharbada.

Hori baino modu seguruagoa deritzot, horri buruzko informazioa ematen denean, pertsonaien jatorri geografikoari. Norabide bakarrean erabili badaiteke ere. Pertsonaia guztiak, gehienak edo bakar bat Euskal Herrikoak izateak ez du bermatzen eleberria euskaraz sortu izana, baina haietako batek ere Euskal Herriarekin lotura minimo bat ez izateak bai demostra lezake eleberri hori ez dela euskaraz idatzia izan; nik orain gogoan dudala, Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian da arau hau apurtuko lukeen salbuespen bakarra (hau idazten dut bakarra hitza erabiltzearen arrisku gertua nire gain hartuz), seguruenik euskal eleberrigileak euskal irakurleari zuzenean norekin identifikatu emateko beharra sentitzen baitu oraindik.

Beste modu bat inkrustazio metodoa dei genezakeena da. Lexiko teknikoa saihesteko euskal idazleak erakusten duen joera, euskal itzultzaile batek ezin duena beti saihestu. Itzultzaile batek un arcón con incrustaciones aurkituz gero, «kutxa inkrustazioduna» emango du, Zehazki hiztegiak bezala (edo, Zehazkiren beste adibidea ematearren, «en un arcón con incrustaciones de nácar, nakarrezko inkrustazioak dituen kutxa batean»; Elhuyar hiztegiak ere: «un anillo con incrustaciones de oro, urrezko inkrustazioak dituen eraztuna»).

Egia da inkrustazio ez dela egunero erabiltzeko moduko hitza. Baina, Ereduzko Prosa Gaur bilatzailean arakatuz gero, euskaraz bost aldiz eta beti itzulpenetan erabili da (eta, bost hizkuntza ezberdinetatik euskaratuta, bost eleberritan erabili duten lau pertsonak itzultzaileak izan dira). Honek ez du esan nahi ez denik jatorriz euskaraz sortutako testu batean inoiz erabili, baina esanahitsua bai iruditzen zait.

Inkrustazio metodoa deitu dut baina susmoa dut holako beste hitz asko daudela (alferrik eta nekosoa litzateke zerrenda bat osatzen ahalegintzea).

‘Joan’ eta ‘etorri’

Beñat Oihartzabal

Mugaz alde bateko eta besteko euskaldunek ez ditugu arras manera berean erabiltzen joan eta etorri aditzak (edo Iparraldean azken honen orde erabil daitezkeen aditz baliokideak: jin eta heldu).

Laburzki erran nezake Hegoaldekoek joan aditza erabiltzen dutela Iparraldekoek etorri aditza edo haren baliokideak baliatzen ohi dituzten zenbait testuingurutan. Kasu adierazgarria da ondoko hau: toki desberdinetan diren bi solaskide elkarrekin telefonoz ari dira, eta batak bestea gomitatzen du ondoko hilabetean dagoen lekura: «Etorriko zara?». Erantzuna nola emanen du solaskideak: «Bai joango naiz» erantzunez, edo «Bai, etorriko naiz» ihardetsiz? Horretan ageriko dira batzuen eta besteen jokabideak: Hegoaldeko askok (ustez) joan erabiliko dute solaskidearenganako hurbiltzea adierazteko, eta Iparraldekoek, berriz, etorri (edo honen tokiko aditz baliokidea).

Desberdintasun mota hori ezaguna da, hizkuntza guziak ez baitira berdin jokatzen aipatu mugimendu aditz horien parametro deiktikoak finkatzerakoan. Japonieraz, adibidez, nahitaez iku (joan) erabiltzen omen da holako egoera batean, eta mandarin-txineraz, berriz, qù (joan) eta lái (etorri), biak. Ingelesez, itxura guzien arabera, come nahiago dute.

Euskaldunak, nik uste, auzoko hizkuntzei garraizkie: gaztelerazko erantzunean, oker ez banago, ir aditza baliatzen da aipatu egoeran, Hegoaldeko euskaldunek joan erabiliz egiten duten bezala; frantsesezkoan, aitzitik, venir aditza agertuko da, erran nahi baitu Iparraldekoek baliatzen dituzten etorri edo jin aditzen baliokidea.

Ez da hau tokia aditz horien erabilera zedarriztatzen duten parametroen ikerketa egiteko. Xehetasunetan doi bat sartzen bada, franko kontu korapilatsua da, eta, ene jakinean bederen, euskaran aditz horien deiktikotasuna ez da deskribatua izan. Bi hitz, halere, gogoeta baten abiapuntu gisa menturaz balia daitezkeenak.

Lehenik derragun oinarrizko erabileretan era berean baliatzen ditugula denek joan eta etorri aditzak. Alabaina, haien arteko aurkaritza zorrozki agerrarazten duen ondoko  egoeran, oro berdin jokatzen gara: solasaren unean solasgilea dagoen tokiari badagokio mugimenduaren helmuga, orduan denek obligatuzki etorri erabiltzen dugu, eta joan, alderantziz, ezin erabilizkoa dugu (mugimenduaren egilea, edonor izanik):

Han  bazkalduko naiz eta *joango / etorriko naiz hona

Han  bazkalduko zara eta *joango / etorriko zara hona

Han  bazkalduko da  eta *joango / etorriko da hona

Kontuan hartu behar da, haatik, hizkuntza anitzetan 1. pertsonatik 2. pertsonara (eta 3.era ere) hedatzen ahal dela etorri aditzak eskatzen duen erreferentzia deiktikoa. Lerratze hori haizu denean, joan eta etorri lehian izaten dira, eta biak erabil daitezke. Edo beste parametro batzuek ekartzen dute bataren edo bestearen hobespena. Ene iduria da gure arteko jokabide desberdinak hortik sortuak direla. Hegoaldean anitzek erreferentzia deiktikoaren lerratzea ez baitute aise onartzen. Ondorioz, joan hobesten dute mugimenduaren helmuga solasgilea dagoen tokiari, edo haren ohiko egoitzari, ez badagokio. Ondoko adibidea test gisa balia daiteke jakiteko nola jokatzen garen, hots, etorri aditza holako adibide batean errazki onartzen dugun edo ez ikusteko (argi izan bedi solasgilea Ameriketan dela eta haren solaskidea Europan):

Ez zait gustatzen, ni orain Ameriketan izanik, haiek zuregana diru eske joatea/etortzea.

Horrelako testuinguruen bila testu zaharretan ibilirik, ondoko bi adibideak aurkitu ditut, oraingo jokabide bitasuna berria ez datekeela erakustera ematen dutenak. Bietan, solaskidea da mugimenduaren helmuga (solasgilea beste nonbait izanki), eta hirugarren pertsona plurala mugimenduaren egilea. Lehenbiziko adibidean, Etxepare garaztarrak jin erabiltzen du, eta bigarrenean Lazarraga arabarrak joan:

Jainkoak egin zinduzen [Maria sainduari ari zaio]… miserikordiaren refugio zinaden
nola berak justizian ezin salba litzake [bekatoreak]
zure miserikordiaz remedia litezen
Balinetan egiazki zugana jin balite

(Etxepare, Amorosen gaztiguia)

oi zuetara
joan joazen orduan  [=joan ohi ziren orduan (beharrean zirenak)]
limosna eske
Jaungoikoaren kontuan

(Lazarraga, Inbocación a la madre de Dios)

Idazteko moduez

Elixabete Perez Gaztelu

Sumatzen hasiak gara, eskualde batzuetan behinik behin, jendaurreko komunikazio idatzian (euskal hedabide batzuetan, kaleko karteletan…) hitz-egin-bezala-idazteko, hobeki esan, itzeinbezela eskribitzeko joera (zaharberritua?). Ez da samurra kontua, eta baditu orain hemen jasoko ez ditudan hamaika ate-leihatila, baina txoko honetan zeharka-meharka gaia atera denez gero, heldu nahi izan diot, besteak beste, jakiteko ea inguruan ikusten dudana (Oiartzualdean batez ere) beste leku batzuetan ere gertatzen ari  ote den.

Kalean ikusitako adibide bat dakart erakusgarri. Kartel batean hauxe zegoen eskuz idatzia:

Paellada 2011. Izen ematia ta erabakiyak hartzeko AZKEN bilera.

– Izena ematekuan ordaindu in berko da.

– Zapiya ber dunak 18 ta bestik 17 euro. JUXTUA EKARRI.

– Izena emateko azken eguna izango da, asi ke muttu ta geo ez torri negarrez.

– Ta azaldu ez in bazu norbatti pasa zure datuk ta dirua.

Beharbada (edo beharbadarik gabe) dugun adinagatik eta euskaraz kode idatzi estandar, batua sortu eta bideratzeak zenbat neke eta ahalegin eskatu zituen (eskatzen dituen) oraindik ere bizirik dugulako, harrigarria egiten zaigu idazteko modu hori.

Beste komunikazio-egoeraren batean bestela pentsa bagenezakeen ere, idazteko modu horrek ez garamatza entzuten eta esaten duena hala moduz ispilatzen duen testugile ia letragabeengana; euskaldun alfabetatuak dira testugileak eta jakinaren gainean deliberatu dira fonetismoa lehenestera.

Hizketa-komunitate baten —herri bateko gazte euskaldun alfabetatuen— idatziz komunikatzeko soziolektoaren adierazletzat jo daiteke adibidea. Badirudi gazteok lagunarteko erregistroa idatziz ispilatzeko, nahiz kartela kalean jendaurrean egon, idazteko modu egokientzat hitz egin bezala idaztea dutela. Datu gehiegi gabe ere, irudipena daukat gazte euskaldunen artean zabaltzen ari dela idazteko modu hau.

Agi danean, kode estandarra komunikazio-egoera formaletan darabilte (unibertsitatean, batxilergoan ikusten dugu kode hori ere erabiltzen badakitela), baina murritz, estu egiten zaie, giro akademiko, formalarekin lotuegia ikusten dutelako, apika? Eta horretatik bereizteko modua ez dute, demagun, aukera lexikoan bakarrik ikusten eta ortografia ere bere komunikazio-premiak adierazteko egokitu beharra ikusten dute? Igone Zabalak abenduaren batean aipatzen zuen hiztunon errepertorioko baliabideak zabaltzeko bitartekotzat jotzekoa al litzateke?

Alde batera behintzat, bitxia egiten da kontua, nekezagoa baita horrela aritzea. Samurragoa dirudi finkatua dagoen kodea erabiltzea ezer asmatzen hastea baino. Idazleari lan gehiago eskatzen dio “bere gisara” idazteak: aldian-aldian erabaki beharko du nola letraldatu soinu hau eta bestea, etenak non egin… Horren adibideak dira jaso dugun testuko batura bitxi samarrak: fonetismoa eta hiztunen inguru horretan esaten ez den “h” ere idaztea. Eta irakurleari ere, mezu horien norentzakoa euskaraz alfabetatua baitago, deskodetzeko ahalegin handiagoa eskatzen bide dio.

Itxura batean, pentsa ere daiteke hiztun horien aukeraren eta ahaleginaren atzean besterik ere badela: “nirea”, “berezia”, “jatorra”, “naturala”, “gainerako euskaldunena ez bezalakoa”… azpimarratu nahia?, “nire hizketa-komunitate bakarrarekin” aritu nahi izatearen ageriko uztarria? Eta gazteok idatziz komunikatzeko, lagunarteko erregistro idatzia (ia) soilik IKTen bidez egiteak ere zerikusia ote?

Ez dakit urriaren 17an Asier Larrinagak ekarri zuen mikronizazioaren adartzat jo daitekeen aurkeztu dudana. Baina auziak badu sokarik eta ondorio kontuan hartzekorik: bide horri ekinda, kode estandar batua bakarrik maila jaso edo komunikazio-egoera formaletara murriztuko litzateke, eta komunikazio-egoera ez-formaletan kode batu falta edo aniztasuna? Eta nola uztartu deskribatu dugun jokamoldea Beñat Oihartzabalek aspaldixko hain argi aurkeztu zituen gogoetekin?

Euskara batuari dagokion berezko eremua euskalkien mugen gainetik dagoena da; euskalkiei eta tokiko hizkerei dagokiena, berriz, herriaren edo herrialdearen mailako eremuari dagokiona. Baina, eremu geografikoarekin batean, eremu soziala ere aipatzekoa da, bestea bezain garrantzitsua, garrantzitsuago gisa batez.[…] Erregistro herrikoia doakie maiz horrelako lanei, ez, ordean, baitezpada hemengo edo horko euskalkia. Sortu behar da, orduan, dialektalki markatuegi ez den mintzamolde herrikoia, aski irekia ahal bezain euskaldun gutik izan dezan bazterrean uzten delako iduripena. “Euskara batua eta euskalkiak” (Euskera, 1996).

Bereizkuntzak bereizkuntza, eta kezkabideak kezkabide, hizketa-gai izan dugun auziaz aritu ahal izateak erakusten du badagoela euskaraz (era berritzailean?) komunikatu nahi duen gazteen hizketa-komunitatea. Eta pozgarria ere bada, batez ere aldi berean gisa honetako berriak plazaratzen ari badira: «Euskara ez dute ebaluatu ere egingo DBH eta Batxilergo amaierako azterketetan» (berria.info, euskararen egunaren biharamunean).

1000 hitzeko euskara edo Humpty Dumpty metodoa

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Noizbait entzuna edo ikusia izango duzue iragarkia: «El método del profesor Maurer: El inglés en mil palabras». Hortik atera dut blog-sarrera honen izenburu edo gaia. Sentsazioa baitut mila hitzeko (edo gutxiagoko) euskara batekin konformatzen garela askotan (edo konformatzen direla asko), euskararen garbitasunaren izenean, eta egokitasun edo zehaztasunaren axolarik gabe; horretarako, noski, garbi-garbiak diren hitzei nahi ditugun adiera guztiak ematen zaizkie, Wonderland-en Humpty Dumptyk esaten zuen bezala: «Hitz bat erabiltzen dudanean, nahi dudan esanahia du». Berdin da zehatzak diren, edo erregistro aldetik egokiak; ardura bakarra, euskal hitz garbiak izatea da.

Hori etorri zait burura, blog honetako aurreko sarrera batzuetan desahucio hitzaren itzulpenaz esandakoak irakurtzean; baina baita egunero inguruetan ikusten diren beste hainbat adibideren eskutik ere: labur beharrez, bi ekarriko ditut hona.

Gatozen, lehenago, desahucio malapartatuarekin. Euskal kazetariek eta beste askok kaleratu aditzarekin jokatu dute orain arte, eta hiztegietan ere halaxe jasota dago (Zehazki eta Elhuyar); badirudi orain, Iratxe Goikoetxea Langarika blogkideak dioen bezala, etxegabetu jarriko dela erabilbidean. Berez, zuzenak dira, esango nuke, testuinguru gehienetan; zalantza handiagoa dut, ordea, Justiziaren testu kanoniko batean egon beharko luketenik; edo, bestela esanda, ez dut uste epaile euskaldun batek aditz hori (edo horiek) erabiliko lukeenik (lituzkeenik), idatzizko erregistro formalean emandako auto batean adibidez: «Urlia jauna etxetik kaleratzea (edo etxegabetzea) erabaki dut». Epaile baten prosa iruditzen zaigu?

Lepoa egingo nuke gehiago makurtuko litzatekeela Euskaltermek dakarren substantiboa erabiltzera: utzarazpen, alegia. Honen egokitasunaz ere erabat ziur ez nagoen arren (besteak beste ez bainaiz lexikologoa ezta legean aditua ere), ez naiz esaten ari besteak egokiak ez direnik: testuinguruaren eta erabilera-maila edo erregistroaren arabera doala esaten ari naiz. Hots, bakoitzak bere erregistroa eduki beharko lukeela.

Kaleratu aditza hiztegian begiratuta, bestalde, hara nolako adiera eta erregistro desberdinak topatzen ditugun nahasian: «despedir», «expulsar», «despachar de casa», «poner a alguien de patitas en la calle» eta, gainera, «salir a la calle», «salir a la luz» eta «publicar» (Elhuyar). Laburtuz, hitz berberak erregistro guztiak, inolako bereizketarik gabe.

Eta, orain, egunotan bidenabar topatu ditudan beste adibide batzuk, euskal lexiko garbiari dagokion Humpty Dumpty metodoaz:

Ikea dendako erakusleihoan «Relájate» zioen kartel bat ikusi nuen itsatsita lehengo batean, egongela bateko sofa eroso itxurako baten argazkiaren ondoan; eta, euskaraz, «Lasaitu». Ez dut uste suediarrek urduriegi ikusten ote gaituzten euskaldunok, baina esango nuke beren sofa bat erosi eta erlaxatzera gonbidatu nahi gaituztela. Baina, ai!, erlaxatu aditzak arrotz usaina du, lasaitu aditzak ez bezala.

Egun berean, Euskadi Irratian hara non aipatzen duten «Bilboko berreginen museoa» (bide batez, museoaren weborrian bertan ere «Bilboko Artelan Berreginen Museoa» erabiltzen dute, eta beste orri batzuetan «Arte Berreginen Museoa»), eta ez eduki zalantzarik, erreprodukzioak dira leku horretan ikusgai daudenak, eta ez, apurtu direlako edo auskalo zergatik, norbaitek berregin dituen arte-lanak. (Eta, bidenabar esanda, hemen, begiratu ditudan euskal hiztegiek ez dute inolako errurik). Baina, esan bezala, berregin euskara garbia da. Ez dut uste ingelesezko bertsioan «Bilbao Remake Museum» jarri diotenik. Batek daki, agian Humpty Dumptyk bai!