Amorrazio istorio bat

Uxue Rey Gorraiz

Jaiegunak astearen zer egunetan egokitzen diren, eta Iruรฑean betiere, esana da zubia bainoago akueduktua sortzen dutela abendu hasierako opor egunek. Bereziki halakoetan, kolpez desagertzen dira kazetariontzako deialdiak. Astebetez-edo, apenas izaten da deus agendan: ez prentsaurrekorik, ezta bestelako aurkezpenik ere. Eta, ondotik ere, ez pentsa, kostata jartzen da hiria berriz martxan โ€•zerbaitengatik da ezaguna esamolde hau: ยซLan gutxiago egiten duzu iruindar batek abenduan baino!ยปโ€•. Edonola ere, itzuli itzultzen da lanerako sasoia, jakina.

Espero bezala, ailegatu zaizu deialdi bat emailera. Egiari zor, ordurako eginak zenituen zenbait kalkulu, eta espero zenezakeen aste horretantxe deituko zutela prentsaurreko horretara. Eta, zertan ezkutatu: espero bezala, mezua erdara hutsez dago idatzia. Kurioski, aipagai duten egitasmoaren izena da euskarazko hitz bakar-bakarra emailean. Nafarroako Gobernuak antolatutako ekimena da.

Heldu da eguna, joan zara prentsaurrekora, puntual, eta pozik agurtu duzu aspaldi ikusi gabea zenuen lankide hura โ€•irrati kazetaria da beraโ€•. ยซNolatan zu hemen?ยป, galdetu diozu harrituta, eta laster batean eman dizu aurreko hilabeteetan izandako aldaketen berri, eta kontatu kulturan arituko dela aurrerantzean, aldi baterako behintzat, zu bezalaxe.

Elkarren ondoan eseri zarete. Ziztuan, hurbildu zaizue eskuetan karpeta bat daukan gizona โ€•komunikazio arduraduna?โ€•, eta, behin konprobatuta kazetariak zaretela, prentsa ohar bana eman dizue. Segidan, betiko moduan, diagonalean irakurri duzu entregatu berri dizun testua, eta, hara, ohartu zara jaso duzuna gaztelaniazko bertsioa dela. ยซEuskarazkoa emanen, faborez?ยป, eskatu diozu, atsegin, eta, atseginez, edukazio handiz erantzun dizu hark ezetz. Sentitzen duela baina astirik ez dutela izan euskarazkoa inprimatzeko, baina bidaliko dizula emailez gero. ยซAdosยป.

Hasi da prentsaurrekoa. Hiru hizlari dira mikrofonoen parean, eta franko poztu zara erreparatu diozunean ertzetako batean eserita dagoenari. Haren aurpegiera ezaguna egin zaizu, eta oroitu duzu udan egitasmo berberak antolatutako agerraldi hartan zeure atzean izan zela eserita, eta ondotik izan zenuela halako hizketaldi atsegin bat harekin, eta euskaraz egin zenutela biek. Are gehiago: gogoratu duzu harexek nabarmendu zizula egitasmoaren aurtengo aldian partaide gehien-gehienak direla euskaldunak. Eta, pentsa zer inozokeria, baina orduan aski motibo sentitu dituzu zera esateko zeure kolkorako: ยซPrentsaurrekoa izan daiteke, bada, elebidunaยป.

ยซEgun onยป, ahoskatu ditu lehenbiziko hitzak Nafarroako Gobernuko ordezkariak, euskaraz, eta luze aritu da tartarrean erdaraz gero. Eta, gidalerroren batean idatzia balitz bezala, berdin-berdin egin dute besteek ere. Gaztelania hutsez egin dute agerraldia segidan, oso-osorik, ondotik jakin badugu ere hizlarietako bakarra ez, baizik eta bi direla euskaldunak. Hori gutxi balitz, bertan entzule ziren zenbait herritarri ere eman diete hitza, batera edo bestera badutelako loturarik egitasmoarekin, eta haien ahoetatik ere ez da atera euskarazko hitzik batere. Ohartarazpena: inork pentsa lezake areto hartan apenas zela euskaldunik; eta bazen, bai.

Pasea da kasik ordubete. Berez, prentsaurrekoa bukatu bezain laster egin nahi zenuke alde, lanak aurreratzen hasteko, baina, derrepentean, gogoratu duzu oraindik ondoan duzula irratiko lankidea, formal-formal. Eta, zuk agian ez duzu aparteko premiarik, moldatu zintezke horrela ere, baina nola demontre moldatuko da bera euskarazko hitzik grabatu gabe?

ยซยฟLos periodistas tienen alguna pregunta?ยป. Eta altxatu du eskua lankideak, argitzeko ยซeuskaraz erantzutekoยป galdera pare bat nahi liekeela egin. Ez zaituztet gehiegi nekatu nahi, laburbilduko dizuet ordutik aurrera gertatutakoa: hizlariek ederki eman zituzten kazetariak eskatutako esplikazioak, baina, egiari zor, haiek hizketan hasi eta berehala hasi nintzen ni zenbaiten urduritasuna sumatzen. Hona hemen errematea: bigarren galdera egiteko imintzioa egin zuen kazetariak, eta ordura arte ikusia ez nuen gizon bat hurbildu zen gugana โ€•arduraren bat bazuenโ€•, bizi-bizi, eta hau esan zigun ahapeka โ€•horrela oroitzen dut behinik behinโ€•: ยซAizue, zergatik ez dizkiezue galdera horiek geroxeago egiten, banan-banan haiengana hurbilduta? Ez dakit komeni den orain prentsaurrekoa gehiago luzatzea, jendea zain izateaโ€ฆยป.

Esanen nizueke ez nik ez nire lankideak ez genuela gogorik borrokarako. Horregatik eman genuela amore. Baina gauza bat da esandakoari men egitea eta beste bat horrez gain konforme plantak egitea. Horregatik, bai, gizon horrek ยซaginduยป eta berehala bukatu zen ofizialki prentsaurrekoa, ordubeteko gaztelaniazko hizketaldiaren ondotik euskarak ez zezan enbarazurik egin. Baina esan nien, jakina. Esan nien ez zitzaidala normala iruditzen, batetik, gaztelania hutsean aritzea, are euskarazko hedabideetako kazetariak direnean aretoan. Bestalde, esan nien โ€•ezin izan nion gogoari eutsiโ€• euskarazko prentsa oharrik inprimatzeko astirik ez edukitzea ere ez zitzaidala txukuna iruditzen. Haren erantzuna, hitzez hitz: ยซGutxi daramazu ofizio honetan, ezta? Halako asko falta zaizkizu, neska!ยป.

Funtsean, halako amorrazio batek bultzatutako kontakizuna da hau. Eta aitortuko dizuet nik ere badakidala ez dela hau kasu bakarra, eta, are gehiago, gizon horrek gogorarazi gabe ere badakit zientoka aldiz gertatuko zaidala aurrerantzean ere. Gainera, lehendik ere haserretu naiz halakoekin. Hori bai: euskararekiko utzikeriak haserretu egiten nau, baina harrokeriakโ€ฆ horrek sutan jartzen nau. Izatez, joan dira asteak ordutik, eta ez zait kostatzen onartzea biharamunean izan nintzela agerraldi hartan zenetako bati idaztekotan barkamena eskatzeko, akaso une batean zakar aritu nintzelako. Tira, azkenean ez nuen eman pausoa. Metxa laburrekoa naiz, baina haiek piztu zuten sua.

Eta hau guztia zertarako kontatu zuei? Bueno, behintzat bistara izan dadin euskarazko hedabideetako kazetariok izaten ditugun traben adibide bat gehiago. Gainera, hau berdin gertatzen da izan Iruรฑean, izan Donostian edo izan Bilbon โ€•badaezpadaโ€•.

Eta itzulpengintzari loturik, zer gehiago esan? Bada, kontatuko dizuet, euskarazko prentsa oharrik banatu ez zidatenez gero, eta presak estututa, hala moduzko itzulpen bat egin nuela egun hartan. Eta egunkariko zuzentzaileei esker plazaratu zela artikulua txukun gero. Haien laguntzarik gabe oraindik ere ez nekike Rada ez, baizik eta Arrada dela Nafarroako herriaren euskarazko deitura. Eta berdin Oteizarekin: Oteitza omen.

Interpreteak eta orekariak

Claudia Torralba Rubinos

2023ko sarrera batean, Maitane Uriartek interpretazioaz gutxi dakien edonori otu dakiokeen galdera bati erantzun zion: Zer gertatzen da interpretearenย burmuinean? Neurozientziara metafora ulergarri eta gozagarrien bidez hurbilduta, azaldu zigun interpreteen burmuinek orkestra sinfonikoetako zuzendariek bezala funtzionatzen dutela, eremu askoren jarduera koordinatu behar dutelako, aldi berean jotzen duten musikariak koordinatu behar diren bezala.

Gaurko sarrera honetan ere interpreteek koordinatu behar dituzten jarduerez arituko naiz, baina interpretazioaren ikasketetan aski ezaguna den Orekarien Sokaren hipotesitik abiatuta. Hipotesiaren egilea Daniel Gile da, eta Maria Arrutik ekarri zuen euskarara Basic concepts and Models for Interpreter and Translator Training liburuaren euskarazko itzulpenean (Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako)[1].

Abiapuntua oso sinplea da: gizakion prozesatze-gaitasuna mugatua da. Denoi gertatzen zaigu, multiataza izan nahi dugun arren, muga bat, tope bat daukagula. Momentu batean, โ€œitxaron, mesedezโ€ esan eta esku artean daukaguna utzi behar dugu beste zerbaiti kasu egin ahal izateko.

Interpreteen burmuinak ere berdin-berdin funtzionatzen du. Kontua da interpretatzea jarduera kognitibo konplexua dela, eta, ondorioz, Orekarien Sokaren hipotesiaren arabera, interpreteek beti egin behar dutela lan beren gaitasunaren % 100etik gertu. Hau da, daukaten arreta eta energia guztia bideratu behar dute interpretatzeko egin behar dituzten ataza ezberdinetara (entzutea eta prozesatzea, ulertzea, ekoizteaโ€ฆ). Ondorioz, atazetako batek hasiera batean esleitutakoa baino energia edo arreta gehiago eskatzen badu, falta den energia hori beste ataza bati kendu behar zaio. Beste hitz batzuetan, Gilek (2018 [2009]: 182[2]) azaltzen du โ€œprozesatze-gaitasunaren horniduraren eta eskariaren artean etengabeko tentsio kognitiboaโ€ dagoela.

Zentzu horretan, estres eta exijentzia kognitibo handiko lana da interpretazioa, eta ez dago erlaxatzerik. Oso nekagarria da, eta horregatik txandakatzen dira interpreteak kabinan 20 edo 30 minutuero. Gizakiak diren neurrian, muga fisiko eta intelektualak dauzkate. Prozesatze-gaitasunaren muga gainditzen bada โ€“metafora bat da, muga hori, definizioz, ezin baita gaindituโ€“, saturazio edo porrot kognitiboa gertatzen da, eta interpreteak ezin du itzultzen jarraitu. Muturreko eta salbuespeneko egoera da hori interprete arituen kasuan, baina ohikoa da hasiberrien lehen saiakeretan. Inoiz bizi izan duenak badaki zeri buruz ari naizen.

Imajina dezagun orain soka baten gainetik doan orekari edo ekilibrista bat. Haizeak ezkerraldetik jotzen badu, eskuinalderantz egin beharko du indarra, ezkerretik datorkion bultzada hori orekatzeko. Alabaina, aldi berean, aurrera egiten jarraitu behar du, gehiegi makurtu gabe, aurrean edo atzean pisu gehiegi jarri gabe, besoak gehiegi mugitu gabe. Etengabean ibili behar du oreka bila, ematen duen โ€“eta ematen ez duenโ€“ urrats bakoitzean. Zerbaitek huts egiten badu, lurrera joango da berandu baino lehenago. Hori bera gertatzen zaie interpreteei ere: egin behar dituzten atazen arteko oreka mantentzen saiatu behar dute etengabe, oreka hori hautsi egiten bada, erori egiten direlako. Game over. Beldurra ematen du, ezta? Arrisku handiko jarduera intelektualtzat har liteke interpretazioa, beti egiten delako amildegiaren ertzean. Ez dakit interpreteek eta orekariek zer gehiago izango duten komunean, baina adrenalinarekiko zaletasuna behintzat ezinbestekoa iruditzen zait kasu bietan.


[1] Gile, D. (2018). Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako. Bilbo: UPV/EHU. [Itzulpena. Jatorrizkoa: Gile, D. (2009). Basic concepts and models for interpreter and translator training]. Amsterdam/Filadelfia: John Benjamins.

[2] Idem.

Poetak atzerrieraz

Angel Erro

Lagun artista batek azkenaldian zoratuta omen daukan poeta albaniar edo montenegroar bat gomendatu dit, bulgariarra beharbada. Nik berehala ondorioztatu dut haren obra leitzeko gomendatzen ari zitzaidala, zehazkiago berak irakurriko zion poema liburu zehatza. Ohar mentala hartu nuen, gauzak gogoratzeko eta berandu gabe ahanzteko bide ekologikoena baita. Bere unean egiaztatu nuenez, poeta atzerritar horrek ez du libururik euskaraz, eta gaztelaniaz bakarra dauka. Beraz, nire laguna itzulpen bat aholkatzen ari zitzaidan berez.

Ez ohi dugu kontuan hartzen: egileen izena metodo sailkatzaile hutsa da, haren obra osatzen duten liburu guztiak azpian erraz hartzeko erabiltzen duguna; liburu horien itzulpen guztiak ere barnean hartzen dituela ahantzi ohi dugu.

*

W. H. Audenek ingelesezko poetak (hots, ingelesezko poeten obra; hots, ingelesezko poeten obra osatzen duten liburuak) baino irakurtzen ez zituela โ€“hots, itzulitakorik ezโ€“ sinetsita nengoen, baina gaizki gogoratuko nuen, ez baitut aipu zehatza inon aurkitu. Edonola, horrelakorik nekez esan ahal izanen luke euskal poeta batek, oso unibertso poetiko estua duelako salaketa bereganatu nahiko ez balu behintzat.

Audenek idatzitakoen artean aurkitu dudan gertukoena Kavafisen poemen (ingelesezko) itzulpen baterako idatzitako testuan dago, poeta alexandriarrak berarengan izandako eragina hizpide:

Greziera modernoaren oinarrizko ezagutzarik ere ez dudanez gero, Kavafisen lana ingelesezko eta frantsesezko itzulpenen bidez baino ez dut jaso ahal izan. Horrek harritu eta neurri batean txunditu egiten nau. Poesia idazten duten guztiek bezala, beti pentsatu izan dut prosaren eta poesiaren arteko funtsezko aldea dela prosa itzuli ahal dela, eta poesia, berriz, ez. Baina norbaitek itzulpenetan baino irakurri ez duen poeta baten eragina jaso ahal badu, sinesmen hori berraztertu beharra dago.

Aurrerago, ematen du itzulgarritasuna poesia mota jakin batera mugatzen duela: โ€œNekez itzuli ahal izanen da poeta guztiz liriko bat, solasean gabe kantuan aritzen den batโ€. Kavafis itzulpenean eragozpenik gabe irakurri ahal izatea, beti zerbait galduko dugula onartuta ere (โ€œhiztegian zein sintaxian egiten duen greziera garbizale eta demotikoaren arteko nahasturaโ€), poesia molde gehienbat narratiboaren ondorioa litzateke nolabait.

Seguruenik hitz hauetatik ondorioztatuko nuen, nire gogoan hitz biribilagoekin gogoratzen banuen ere, Audenek jatorriz ingelesez sortzen duten egileen poesia baino ez zuela irakurtzen. Agian hizkuntza hegemoniko batean aritzen den batek esan ahal lukeen adierazpentzat nituelako funtsean.

Zorionez besteok ezin dugu holakorik esan.

*

Zorionez? Ezin dugu?

Orain gutxi Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bildumaren 50. zenbakia ospatzeko, hildako poeten lana baino ez euskaratzeko irizpideari aurka egin eta oraindik hil gabeko poeten antologia txiki bat atera da, zeinean 39 itzultzailek parte hartu duten (dugun), bakoitzak bere gustuko poeta (baten poema) bat hautatu eta euskaraz emanda. Alea jaso dudanean arreta deitu dit gaztelaniaz jarduten duten poetek bertan duten presentzia altuak. Nik neuk kopuru hori handiagotzen dut itzultzeko aukeratu dudan poetarekin. Beraz, ez nuke nahi hau inolako gaitzespentzat ulertaraztea nahi. Barruan darabilzkigun mekanismoen nolakoa ulertzeko saiakera hutsa da. Eta gutaz zerbait esaten du, ez derrigorrez txarra.

MPKrena bezalako eskaintza datorrenean, gustuko poema jakin bat eskaintzearekin batera, egile bat(ekiko dugun lotura edo eragina) aldarrikatzeko aukera moduan ere hartu ohi dugu, ahal bada ze irakurle fin garen jendaurrean erakusteko aukera emanen diguna. Beste norbaiten lan labur bat euskaraz emateko aukerarekin batera geure burua saldu ahal badugu, hainbat hobe. Gauza bera egiten dute, ez pentsa, beste norbaiten lanaren hitzaurrea idazteko eskatzen dioten idazleek ere.

Beste garai batean bataz besteko euskal egileak (bere erdara partikularretik) ahalik eta hizkuntza urrunagoan โ€“albanieraz, montenegroeraz edo bulgarieraz, esaterakoโ€“ idazten duen poeta bilatuko/aholkatuko lukeelako susmo agian oinarririk gabeak hartu nau. Susako Askoren artean bildumak erakusten du ez dela hala. Hautatutako poemen heren bat, hain zuzen, 39tik 13, itzultzaileek โ€œberezkoaโ€ duten erdaratik itzuli dute (dugu): 12 gaztelaniatik, 1 frantsesetik.

Agian beste paradigma batean gaude. Zorionez. Dagoeneko ez diogu geure erdarei ezikusia egiten, existitzen ez direlako fikzioarekin euskarari (edo geure buruari) mesede egiten diogulakoan. Audenez ere oroitu naiz, Audenen ustezko errezeloez. Ez poesia itzuli daitekeen (jakina baita baietz). Bizitza aldatu(ko) digun poeta atzerrieraz irakurtzerik ote dugun. Nire lagun artistak argi dauka baietz. Nik ere bai, suposatzen dut.

Ez aitarik, ez etxerik

Castillo Suarez

Ez dakit nola hasi nintzen poemak idazten, gurasoen etxean poema liburu bakarra zegoelako: Gabriel Arestiren Harri eta herri. Ez galdetu zergatik, baina Susak edizio berria plazaratu zuenean aitari oparitu nion nirea, eta han dago, ez dakit zehazki non, baina asmorik ere ez dut haren bila joateko bere tokia hura delako. Non hobeki, aitaren etxean baino.

Nire aitaren etxea

Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.

Gabriel Aresti
Harri eta herri (Susa, 2000)

Duela urte batzuk Itxaro Bordak bere poema liburu bat oparitu zidan: Zure hatzaren galtzeko. Bordak badu bertute bat, eta badaki bere liburuetatik zein gustatuko zaidan eta zein ez, eta berdin gisan oparitzen dizkit. Liburu hartatik poema bat kateatu zitzaidan buruan; hona:

Herria non grata III

Ez dakizu zergatik gutariko bakoitzak
Automutilatzea duen amets
Haragi puska odoltsua
Bihurtzeraino
Aitaren etxea zutik
……..Iraun dezan.
……..Harrizko herriko
Olerkari kuttunaren
Hitzak
Hautematean
Egoeraren ankerraz
Jabetzen zara.

Ez duzu etxerik
Nahi
Ez duzu aitarik
Nahi
Zer egin marrakatzen
Dizuten
……..Hilotz ibiltariez
Lepo zaude.

……..Euskalmeten agiria
Aski duzu
Goizeko seietan
Haizeak nondik
……..Nora
……..Ufatuko duen
……..Jakiteko.

Ez duzu etxerik
Nahi
Ez duzu aitarik
Nahiโ€ฆ

Itxaro Borda
Zure hartzaren galtzeko (Elkar, 2014)

Berriki Arestiren poemaren beste aldaera bat ezagutu dut, Yolanda Castaรฑo poeta galiziarrenarena. Krakovian geunden, poesia jaialdi batean, eta aretoan zegoen euskaldun bakarra nintzenez, oparitu egin zidan irakurketa.

Nire gurasoen etxea

Ez dut nire gurasoen etxea defendatuko.
Ez otsoen kontra, ez sikatearen kontra, ez lukurreriaren kontra.
Izan ere, errekaldeko hiri baten zabalgunean jaio nintzen,
gainera, ez zen haiena ere, eta saldu behar izan zuten.
Inoiz ez nuen aziendarik izan, ez sororik, ez pinudirik,
daukadan lur guztia plastikozko loreontzi batean daukat.
Errentak, maileguak eta kuotak ordaindu behar izanen ditut,
baina ez dut nire gurasoen etxea defendatuko.
Espekulatzaileen araberako balioa izanen du,
garai batean bost ginen tokian bederatzi ikasle egonen dira.
Klan bat izatearen ainguraz askatuko naiz,
odolaren loturaz eta jabetzaren botereaz
eta ez dut nire aitaren etxea defendatuko,
haien oinatzak entzunen ditut alokairuan egonen diren tokietan.
Umetokiaren eta familiaren artean loturarik balego,
porlanezko pareta horren kontra jaurti beharko litzateke.
Denda bat irekiko dute bestearen atzetik ni joanez geroztik,
mailegua kenduko digute, airetik kaleratuko gaituzte,
baina gure memoriak orrialde hauetan eginen du igeri.
Izan ginenetik asko ez da galduko
baina ez dut jaio gineneko etxea defendatuko,
egun bere zimenduak galduan saltzen dituena
orduko 1,65 euroko aparkaleku baten gisara.

Jatorrizkoa:
Yolanda Castaรฑo
โ€œA casa dos meus paisโ€
Materia (Visor, 2023)
Itzultzailea: Castillo Suรกrez

Hitanoak literaturan lekurik ba ote? (eta 2)

Xabier Olarra

Aurreko artikuluan Begiak irekiko zaizkizue liburuan hitanoaren erabilera murrizteari buruz ematen diren argudioetako bati erantzun nion, eta orain liburu horren atalean dauden besteei saiatuko naiz erantzuten.

Literaturan hitanoa oso kasu jakinetan baizik ez erabiltzeko liburu horretan egiten den gomendioaren arrazoiak honela laburbildu daitezke:

1.- Ia inork ez omen du erabiltzen.
2.- Hitanoa kakofonikoa omen da.
3.- Euskaldun berrien nazio librearekin dugun zor itzelak hitanoa literaturatik baztertzera eraman behar omen gaitu.
4.- Gizarte feministago baterantz begira jarri beharrean, kontrako norabidera begira jartzen omen gaitu.

1.- Ia inork ez du erabiltzen.

Aurreko artikuluan adierazi nuen โ€“ez oso modu dotorean, antzaโ€” erabiltzaile-kopuruarena ez zitzaidala iruditzen erabakigarria (nahiz eta kontuan hartzekoa den, dudarik gabe). Garbi dago errealitate berberaren aurrean jarrera kontrajarriak har daitezkeela, eta han eta hemen โ€œhitanoa arnasestukaโ€ ikusten duten hainbatek justu kontrako jarrera hartu dute edo hartzen ari dira: hango eta hemengo hitanoaren formak (bizirik daudenak edo erdi hilean) bildu, idatziz jaso, ikastaroak antolatu, eta bizirik irauten lagundu. Esate baterako, Txantreako Euskaldunon biltokin hil honetan bertan dago antolatua hitanoari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa, nahi duenarentzat irekia.

2.- Hitanoa kakofonikoa omen da.

Kakofonia eta eufonia erabat subjektiboak direla uste dut, hizkuntzen soinuaz ari garela.

Batzuei italiera hizkuntza ยซdolceยปa iruditzen zaie, eta alemana, berriz, gozakaitza. Eta zer esan arabierari buruz? Txakur-hizkera iruditzen zaie batzuei (soinu gutural horiek zaunka iruditzen zaizkie, nonbait).

Entzun Atxagak hika egin zuen poema hau, eta ea kakofoniarik sumatzen duzuen.

Eta arabierari buruzko aurreiritzi fonetiko horiek funts handirik ez dutela egiaztatu nahi duenakรง entzun ditzala Fairuz libanoarraren bi kanta hauek: Li Beirut eta Aatini al Nay wa ghanni.

Alderantziz, italiera oso ยซdolceยปa izango da, baina inguruko hizkuntza guztietan nahiko hitz goxoz esaten duguna:

euskaragaztelaniaingelesafrantsesaalemana
zeru-urdinazul cielosky bluebleu cielHimmelblau

azzurro da italieraz, arabierazko ุฃุฒุฑู‚ (‘adzraqโ€™-en ahaidea, antza). Kasu honetan italierazko hitza iruditzen zait โ€œgozakaitzenaโ€ niri, baina italiar gehienentzat beste edozein hitz bezain atsegina irudituko zaie.

Baina horrek balio al digu ezertarako hizkuntza bateko soinuen eufonia edo kakofoniari dagokionez? Nire ustez ez behintzat.

Bestalde, hots gogor, ilun, zakar eta gozakaitzek ere izan lezakete beren lekua, bereziki poesian, horrelakoak direnean adierazi nahi diren sentipenak. Hona, esate baterako, nola indartzen zuen fonetikoki Virgiliok, Eneidako XI. liburuaren Epilogoan, Errutuloen triskantzak eragiten ziona:

quadrupedumque putrem cursu quatit ungula campum.
lau-hankakoen apatxek lautada idorra astintzen zuten arrapaladan
(holako zerbait, gutxi gorabehera)

Beraz, atal honi amaiera emateko hau besterik ez dut esango, hitanoa ez zaidala batere kakofonikoa iruditzen eta bere lekua izan lezakeela literaturan.

3.- Euskaldun berrien nazio librearekin dugun zor itzelak literaturatik hitanoa baztertzera eraman behar omen gaitu.

Ez diot inolako garrantzirik kendu nahi euskaldun berriek egin duten (eta egiten ari diren) ahaleginari eta oro har egin duten ekarpenari. Eta ez litzaidake batere inportako Euskal Herriko erdaldun guztiek euskaraz ikasi izanaren ondorioz hitanoa gauza bitxi eta arkaiko bihurtu eta desagertuko balitz, baina denok dakigu hori ez dela gertatuko. Hala dio aspaldiko esaera zahar batek: โ€œBalizko oleak burdiarik ezโ€: La herrerรญa de si fuese no hace fierro (Refranes y Sentencias, 15.). Euskarak denok behar gaitu, euskaldun berriak eta euskaldun zahar eta gazteak.

Baina zorrak aipatzen hasiz gero, zor handiagoa dut nik nire amarekin, hika egiten baitzidan (berari bere amak bezala), eta nire bizitzako momentu erabakigarri batean (soldaduska bai baina karrera bukatu gabea nuela) hau esan baitzidan: โ€œKarrera hori bukatzak!โ€ (Agian kakofonikoa, baina niretzat behintzat onuragarria, horren ondorioz karrera bukatuta hasi bainintzen euskara irakasten (eta hobeto ikasten), hain zuzen ere, Bilboko erdalerrian, eta geroago Institutuko irakasle izateko oposizioetan elkartu bainintzen, besteak beste, Patri Urkizu eta Mikel Arregi adiskideekin, zeinekin hika egin izan baitut beti). Eta zor handiagoa dut oraindik, besteak beste, Patri Urkizu zendu berriarekin (Gazte Lurrean bego!), hari esker ezagutu bainuen Jon Mirande eta etxean zeuzkan igela aldizkari azal berdedun ziklostilatuaren aleak, eta gerora argitaratu baikenituen liburu banatan berak haren ipuinak eta nik haren poemak 1984an (Bejondeiala, Patri!).

Horrekin hau besterik ez dut esan nahi: bagarela batzuk hitanoa modu naturalean jaso eta erabiltzen dugunak. Zer esan nahi du horrek, ama-semeen arteko elkarrizketak nire itzulpenetan beti hika izango direla? Ez, baizik eta hika ere izan daitezkeela, hori besterik ez, eta beste hainbat faktore kontuan hartuta erregistro bat ala bestea erabil dezakedala. Eta ez dudala ikusten literaturan (eta ezta ere itzulpenetan) hitanoa baztertzeko inolako premiarik.

Ni ere ez nago irakurleari gehigarrizko zailtasunak jartzearen alde. Horregatik, adibidez, ez dut idatziko โ€œegin ziezaioketean/nanโ€ (nahiz eta gauzak mutur horretaraino eramanda, behin โ€œziezaioketenโ€ zer den deszifratzen dakienak ez duen arazo handirik izango โ€œziezaioketenโ€-en hitanozko formak direla ohartzeko). Segur aski, โ€œegin ahal ziotean/nanโ€ idatziko nuke, nahiz eta ahalerazko adizki trinko arruntenak erabiltzearen aldekoa naizen.

4.- Gizarte feministago baterantz begira jarri beharrean, kontrako norabidera begira jartzen omen gaitu.

Hori ematen du Jimenezek hitanoaren erabileraren kontra daukan arrazoi nagusitzat. โ€œBinarioa da, hasteko. Generoaren espektroan bi aukera ematen dizkigu, zatiketa bat egiten du. Horrez gain, behartu egiten gaitu generoaz etengabe ohartzen gaituen modu batez hitz egitera, gizon/emakume egitera eta ez parekide, lagun. Beste pertsona baten generoaz etengabe ohartzen gaituen modu batez hitz egitera edo asumitzera garamatza, horrek pertsona transexualentzat eta ez-binarioentzat ekar ditzakeen arazo guztiekin. Hitanoa kalean ze gutxi erabiltzen den kontuan izanda, pena izango litzateke literaturan hitanistak izatea, feministak beharreanโ€ (Ibidem, 87, beltza nirea).

Hasteko, nik behintzat parekide sentitzen ditut bai nirekin hika hitz egiten dutenak eta bai zuka hitz egiten dutenak. Ez ditut gutxiagokotzat hartzen hika erabiltzen ez dutenak, ez naiz horregatik gehiago sentitzen, egoerara moldatzen naiz, eta kito.

Bestalde, ez dut uste, praktikan, hitanoa binarioa izateak arazo berezirik sortzen duenik. Izan ere, norberak aise hauta lezake solaskideari nola mintzatu, haren nahia kontuan hartuta: toka, noka (eta are โ€œxokaโ€, Iruรฑa aldean sortu berria den ez-binarioentzako hizkera alternatiboa). Edo zuka, noski, beste bide horiek norbaiti problemaren bat sortzen badiote.

Baina ba al dago โ€œhitanismoaโ€ eta feminismoa horrela kontrajarri beharrik? Nik ez dut ikusten. Esate baterako, zer kalte egin zion feminismoari Gabriel Arestik Adela Ibaberi bere poema idaztean hika erabili zuenean?

Adela Ibabe nor izan zen eta nola eta zergatik hil zen jakin nahi duenak, jo beza hona.

Eta gehiegi luzatu den eztabaida honi amaiera emateko, esango dut Jimenezen gomendioa erdizka jarraitzeko asmotan naizela. Erdizka besterik ez. Izan ere, bere argumentazioaren ondorio gisa hau esaten baitigu:

โ€œErabili hitanoa kalean edo lagun artean nahi duzuen guztietan, eta ahaztu literaturan, ez bada kolore apur bat emateko, modu kirurgikoan, forma petrifikatuetan eta justifikatuta dagoeneanโ€.

Bai, kalean edo lagunartean erabiltzen jarraituko dut, eta baita literaturan ere, komeni dela edo egokia dela iruditzen zaidan guztietan.

Hizkuntza-teknologiak eta sedentarismo kognitiboa

Igone Zabala Unzalu

Adimen artifizialaren garapenak gizakion bizimoduari ekarriko dizkion onura eta arriskuei buruzko eztabaidan, bada gogoeta-ildo bat biziki interesgarria iruditzen zaidana, alegia, teknologien garapenak gure bizimodua erraztearekin batera dakarkigun gaitasun-galerarena. Ildo horretatik, Sigmanek eta Bilinkisek[1] diote egun teknologia berrien ondorioz funtsezko zenbait gaitasun galtzeko arriskua dugula gizakiok. Kontzentratzeko gaitasuna, irakurmena, hizkuntzaren erabilera egokia eta pentsamendu logiko-matematikoa kognizioaren oinarrizko zutabetzat hartzen dituzte, eta sedentarismo kognitibo deritzote kalkulu errazak egiteko, arreta mantentzeko edota problema zail bat ebatzi nahian denbora-tarte batez ahalegina egiteko gaitasuna galtzeari. Egun, teknologia berriek ataza ugari azkar eta ahalegin handirik gabe egiten laguntzen digute, baina ahalegin intelektuala eta adimena kitzikatzen duten jarduerak murrizteko arriskua ere badakarte. Hizkuntzaren erabilera egokia lantzeko garrantzitsua da ahalegin intelektual nabarmena eskatzen digun gogoeta metalinguistikoa.

Garbi dago euskara bezalako hizkuntza gutxituak teknologien garapenaren lasterketan atzean geratuz gero erabat handituko dela desagertzeko arriskua. Tresna digitalak solaskide ditugu gero eta gehiago, solaskide onak, gainera. Telefonoaren, tabletaren edota ordenagailuaren aplikazio gehienekin euskaraz aritu gaitezke egun. Lorpen izugarria da, dudarik gabe, baina zenbat euskaldunek egiten dute ahalegina lehenetsitako hizkuntza modura euskara jartzeko? Gure artean erabiltzen ditugun webgune, plataforma eta aplikazio gehienek gaztelania edo ingelesa eskaintzen digute lehenetsitako hizkuntza modura. Hartara, hizkuntza aldatzeko ahalegina egin behar dugu euskaraz aritu nahi dugun erabiltzaileok, baina nire ikasleen artean, adibidez, oso gutxi dira beren gailu eta aplikazioetan hizkuntza nola aldatu dakitenak, eta are gutxiago euskara lehenesteko ahalegina egiten dutenak. Lehenetsitako hizkuntza modura euskara agertuko balitzaigu beti, ziur naiz euskaldun gehienok ez genukeela hizkuntza aldatuko, eta euskara ulertzeko gauza ez direnek, aldiz, berehala bilatuko luketela interfazea edo aplikazioa ulertzen duten hizkuntza batean jartzeko modua.

Aspaldiko lankide batek ikasleei testuak eskuz idazteko eskatzen zien, ortografia-zuzentzailearen laguntzarik gabe testu zuzenak idazteko gaitasuna gara zezaten. Adituek diote eskuz idazteak eragina duela garapen kognitiboan eta motrizitatean, baita irakurmenaren jabekuntzan ere, baina, egun, adin batetik aurrera gehienetan ez du zentzurik testuak eskuz idazteak. Guk ikasleei zuzentzaile automatikoa beti aktibatuta izateko esaten diegu lehen egunetik, eta horren laguntza aprobetxatzeko, betiere proposamenekin kritiko izanda eta zuzentzailearen mugak ezagututa. Zuzentzaileak laguntzen digu zenbait akatsez ohartzen, baina, aldi berean, kritiko izan behar dugu egiten dizkigun proposamenekin, zenbaitetan gure testuingururako desegokiak baitira. Hortaz, zuzentzaile automatikoak gogoeta metalinguistikoa eskatzen diguten hizkuntza lantzeko laguntzaile onak direla esan daiteke. Hala eta guztiz ere, askotan ikusten ditugu ikasleak ordenagailu-gelan testu osoa gorriz azpimarratuta ari direla idazten, edota zuzentzailea aktibatu gabe idatzitako txostena bidaltzen digutela. Klik pare bat egiteko nagia eragiten dien sedentarismoa ote? Jadanik 30 urte bete dituen gure Xuxen maiteari buruz esan daitekeena da txiki-txikia dela oraindik, eta, webgunean besterik esaten bada ere, ez duela zuzentzen ez gramatika ez eta puntuazioa ere. Suposatzen dut interes edo finantzabide falta dagoela garapen ezaren atzean, baina uste dut erabat garatutako Xuxen laguntza paregabea izan zitekeela euskaldunen hizkuntza-ezagutza handitzeko.

Bitartean, sare neuronalek, hizkuntza-ereduek eta txatbotek aurrea hartu diote Xuxeni. Itzultzaile neuronalek laguntza paregabea ematen digute testu elebidunak sortzeko euskaldunok maiz izaten dugun lan nekezerako. Idatzi behar dugun gutun edo txosten hori euskaraz sor dezakegu lasai, eta beste hizkuntzetako bertsiorako itzultzaile neuronalen laguntza baliatu. Badakigu itzulpena ontzat emateko sakonki berrikusi behar dugula, baina orri zuriari aurre egitea baino askoz ere erosoago egiten zaigu. Gure ikasleek, aldiz, denetariko erabilera desegokiak egiten dituzte. Batzuek lanen bat egiteko ingelesez irakurri behar dituzten artikuluak itzultzaile neuronaletik pasa, eta ematen dien itzulpena erabiltzen dute zuzenean lana egiteko, ulertzeko ahalegin handirik egin gabe, askotan erabat kazkarra den itzulpena erabiliz. Beste batzuek itzultzaile neuronalera jotzen dute hitz baten ordaina bilatzeko, hiztegietara jo beharrean, euskarazko testu bat idazten edo berrikusten ari diren bitartean. Edota, testua idatzi ahala, euskaraz pentsatzeko zaila egiten zaien esaldiren bat erdaraz pentsatu eta itzultzailetik pasatzen dute euskaratzeko. Ez bakarrik ikasleek, irakasleek eta administrazio-langileek ere gero eta gehiago jotzen dute itzultzaile neuronalera euskaraz eman behar duten dokumentua, irakasmateriala edo artikulua euskaratzeko. Jakina, horrelako erabiltzaileek gehienetan beren kabuz idatziko luketena baino testu zuzenagoa lortzen dute itzultzaileari esker, baina askotan ez dute gaitasunik itzultzailearen emaitza berrikusteko, eta ontzat ematen dituzte ikuspuntu semantiko-pragmatiko eta diskurtsibotik erabat okerrak diren testuak. Irakurmena, pentsamendu kritikoa eta hizkuntza-erabilera egokirako gaitasunak erabiltzeari eta garatzeari uzten diote horiek guztiek, eta horrela nekez egingo dute aurrera euskararen ezagutzan.

Txatbotak lan akademikoak edo azterketak egiteko erabiltzea sedentarismo kognitiborako urrats kualitatiboa da, ezer irakurri, ulertu, pentsatu eta ekoitzi gabe testu koherente, zuzena eta egokia lortzeko aukera ematen baitute. Nolanahi ere, hizkuntza-ereduetan oinarritutako teknologiek, egokiro erabiliz gero, hizkuntza-gaitasuna garatzen ere lagundu dezakete. Testuak laburtzen, sinplifikatzen edota testu-generoa eta erregistroa aldatzen ere laguntzen digute, betiere instrukzio egokiak ematen badizkiegu.

Ariketa txiki bat egin dut Xuxenek eta ChatGPTk testuak zuzentzeko duten gaitasuna alderatzeko. Hasteko, testu labur hau kargatu dut onlineko Xuxenen:

Zenbait emakumeek ez diete bularrarik ematen haurrari, nahi ez dutelako edo bestelako arrazoien bat eraginda. Esne-artifiziala ez da amarena bezain osatua, baina elikagai egokia da, beraz, lasai egon daitezke.

Bi akats identifikatu ditu Xuxenek: bularrarik -> bularrik ortografia-akatsa dela dio, eta esne-artifiziala hiztegian ez daukala. Ez du zuzendu ez gramatika, ez puntuazioa, ez ortotipografia ere, eta zuzendu dituen bi akatsen diagnosia ere ez du ondo egin.

Ondoren, doako ChatGPTren bertsio batean kargatu dut testua, eta eskatu diot zuzentzeko eta zuzendutakoak zerrendatzeko. Hona hemen haren erantzuna:

Erabat zuzendu du testua, azalpenak nahiko traketsak badira ere. Gogoeta metalinguistikoa sustatzeko ariketa egokia izan daiteke ikasleei eskatzea horrelako zuzenketetatik abiatuta diagnosiak eta azalpenak findu ditzaten, edota posible diren beste aukera zuzen batzuk proposa ditzaten. Espero izatekoa da laster horrelako zuzentzaileak integratuta edukiko ditugula gure gailuetan.

Hiztegiak eta corpusak, aldiz, gero eta gutxiago baliatuko dituzte erabiltzaile arruntek, emaitzak interpretatzeko askoz ere ahalegin kognitibo handiagoa egin behar baita. Hortaz, itzultzaileek, zuzentzaileek eta hizkuntzalariek baino ez ditugu erabiliko gure jakin-mina asetzeko edota ikerketak egiteko. Gainerakoan, erabiltzaile arruntei ahaleginik txikiena eskatzen dieten aplikazio interaktiboak garatzeko erabiliko dituzte corpus eta hiztegietako datuak hizkuntza-teknologietako adituek. Testu akademikoak egokiro sortzeko, ordea, kalitatezko testu akademikoekin entrenatu behar dira hizkuntza-ereduak, eta testu horiek alorrez alorreko ezagutza semantiko-pragmatikoa duten adituek baino ezin dituzte sortu. Hortaz, gurpil zoroan behin betiko ez katramilatzeko, nahitaezkoa da adituak sedentarismo kognitiboan harrapatuta ez geratzea, eta gero eta kalitate handiagoko testu akademikoak idaztea.


[1] Mariano Sigman eta Santiago Bilinkis (2023) Artificial. La nueva inteligencia y el contorno de lo humano. Bartzelona: Debate.

Hizkuntza, bigarren mailako

Elizabeteย Manterola Agirrezabalaga

Adimen artifiziala eta itzulpen automatikoa ahoz aho darabiltzagun honetan, hona hemen amorragarri bezain etsigarria iruditu zaidan pasadizo bat.

Herritarren iritzia jakiteko prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian erakunde publiko batek. Agidanez, auzune bateko aisialdi eremu bat birgaitzeko asmoa dute, eta hainbat enpresak landutako proiektu teknikoak jaso dituzte. Aurkeztu diren proiektu guztien artean onenak aukeratu eta hautatutakoak ikusgai jarri nahi dituzte, horien artean gustukoena hauta dezaten herritarrek. Hautatutako proiektuen egileei A1 tamainako kartelak osatzeko eskatu die erakundeak, egin asmo duten eraldaketa urbanistikoaren berri herritarrei emateko: infografiez, irudiz, planoz zein marrazkiz hornitutako kartelak osatu dituzte, baita azalpenak ematen dituzten testuz ere. Behin kartelak jasota, jendaurrean jarri ditu erakundeak, eta berehala hasi da herritarren joan-etorria, eta hasi dira hasi iritzi-trukeak. Baikorrenek topatu dute gustuko proposamenik. โ€œBegira zer plaza ederra geratuko denโ€. โ€œHori da hori ideia ona kioskoa bazter horretan jartzeaโ€. โ€œEzin aukeraturik nabil baten edo bestearen arteanโ€. Ezkorrenek badute betiko kexa: โ€œhalakok ez du nahikoa leku utzi umeentzako jolastokirakoโ€; โ€œbeste horretan ageri den aterpea ez ote txikiegia?โ€; โ€œbatek berak ere ez du nahikoa berdegunerik, porlana nagusi denetan ere!โ€.

Lanbidez itzultzailea den herritar bat ere pasa da proposamenak ikustera eta zur eta lur geratu da lehenengoa begiratzen hasi orduko. Kartelaren goiko aldean ageri diren irudiak ikusi, eta azpian ageri den azalpena irakurtzen hasi orduko kopeta zimurtu du. Lehenengo esaldia irakurrita ez du ezer ulertu. Bigarrenez irakurrita ere ezin konprenitu. Hurrengo esaldiarekin igoala pasa zaio. Aurrerago egin testuan, eta, posible ote? Galdera baten hasieran alderantzizko galdera ikurra? Ezin izan du testua irakurtzen segi. Eskandalatuta, albo banatara begiratu eta parean dutena ulertu duten galdegin die aldamenekoei. โ€œIrudiak besterik ez ditut begiratu eta ez diot idatzitakoari erreparatuโ€, bota dio batak; โ€œoraindik ez dut begiratu ere eginโ€, besteak. Asaldatuta, boto papera patrikan gorde eta alde egin du itzultzaileak erakusgelatik.

Kartel hori jendaurrean erakusgai egotea nola litekeen posible pentsatuz itzuli da etxera. Zantzu guztien arabera, proposamena egin duen enpresak ez du proiektua euskaraz sortu. Eta proiektua euskaratzeko saiakera egin du โ€“hala eskatu baitzaie jendaurrean jartzekoโ€“, saiakera edo, ezin baita esan sortu dutena euskarazko testu bat denik. Gaur egun eskura ditugun euskarazko itzultzaile automatikoek kartelean zegoen emaitza baino dezente hobea eskaintzen dute. Hortaz, zer tresna demonio erabiliko ote zuten? Enpresarekin amorratu da itzultzailea, eta erakunde publikoarekin etsitu gero. Hiri-antolamendua jardunbide duen enpresa batek hizkuntza bigarren mailako elementu jo izana ez zaio onargarri. Baina larriagoa iruditu zaio euskaraz lan egiteko hautua egin duen erakunde publiko batek halako testu ulergaitz bat erakusgai jarri izana, zer eta jendearen iritzia jasotzeko!

Kasurik hoberenean, herritarrek, gure itzultzailearen modura, testuaren kalitate badaezpadakoa identifikatuko dute eta pentsatuko dute enpresak ez duela egoki jardun testua sortzean. Kasurik okerrenean, baina, euskaraz irakurtzera ohituta ez daudenek edo euskaraz alfabetatu gabeek testua irakurtzean pentsatuko dute euskaraz irakurtzeko gaitasun nahikorik ez dutela azalpenak behar bezala ulertzeko, eta horrek atzenduko ditu euskaraz irakurtzera beste okasioren batean ere. Modu batera zein bestera, kalte besterik ez irakurleoi halako jardunbideek.

Teknologia azkar doa aurrera, eta eskertzekoa da ditugun baliabideak izatea. Horiek behar bezala erabiltzeko adimena lantzea falta zaigu baina sarritan. Segi dezagun bide horretan lanean.

Idazkera berriak, purrustada zenbait eta urte amaierako aholkuak

Amaia Astobiza Uriarte

Ernaux euskarara ekarri berri duen Leire Lakasta Mugetak adierazi duenez, belaunaldi-aldaketa bat gertatzen ari da gurean (literaturaren) itzulpengintzan. Bere berbek hortxe harrapatu naute ni, langintza honetara iritsi berri ia eta, halere, lehenagoko belaunaldikoa izateko adinarekin (hori nik diot, baina ez dakit non jarri behar dugun muga, ezta muga horrek adinaren araberakoa izan behar duen ere). Non kokatu neure burua? Pista batzuk ematen ditu: ยซOso lan militantea izan dela azpimarratu beharra dago. Eta uste dut gatozen itzultzaileok jarraitu behar dugula tradizio horrekin, kontzientzia politikotik itzultzen euskararaยป. Hor ere zalantza, baina: neurri batean lan militantean badihardut ere, zer naiz ni, ur zaharra ala ur berria? Ur jada lizuna, iturri zaharreko ur berria? Zer zarete zuek?

Danele Sarriugartek zioen lehengoan bere Berriako zutabean hizkuntza animalia bizi bat dela eta hari ere animalia bizi guztioi bezala egin behar zaiola: aditu. Berbagai zuen hizkuntzaren ezagutza sakonaren beharra hura modu eraikitzailean apurtzeko eta, hala, askatasunez erabiltzeko, eta azaldu zuen horri buruzko gogoetan ari(tu) dela emakume idazle batzuekin. Udagoieneko zutabe-sorta hori Sarriren esperimentazio-fasearen โ€”fase batenโ€” emaitza gisa ulertu dut nik, oharturik, halere, gai ez nolanahikoak eta ezohiko begiradak ekartzeko ahalegin berariazkoa ere egin duela. Nik ez ditut irakurri Alberdiren Hetero eta Amurizaren Pleibak, baina lehena ozta orriztatzeko astia izan duen idazle batek esan dit paragrafo bakarra irakurrita ere jada igartzen zaiola hizkuntza zatikatzeko eta gogoak eman bezala berriz muntatzeko intentzioa (terapian bezala, hara: birrindu lehenengo zeure burua zure gorputza zure zurik zureena milaka papurretan eta itsatsi gero zarraparrok berriz pixkaka zure nahien eta beharren arabera).

Zer edo zer beharko dugu euskara ยซataka larriยป otzanegi barneratutik ateratzeko. Hizkuntzari aditu, idazkera berritu, hiztunei jaramon egin eta, guztien gainetik, agintariei exijitu berei dagokien lana egiteko. Hizkuntza gutxitu baten kalitatea, erabilera eta orotariko presentzia eta funtzionaltasuna ezin dira utzi herritarren asmo onen esku, Euskal Herriko automobilgintzaren sektoreak aurrera egitea langile talde jator eta konprometitu baten esku uzten ez den bezala.

Osterantzean, Gorka Urbizuk zapatuko kontzertuan nola, nik ere halaxe begiratzen diot munduari azkenaldian: minez eta etsipenez, nire aletxoaren pisuari eusteko indarrik izango ez dudan beldurrez. Baina Urbizuk bere ezinegona kantu bihurtzeko lana hartzen duen ber gisan, saiatu nadin ni ere ekarpen ganorazkoren bat egiten. Urtearen hondarrean gaudenez gero, pare bat aholku:

1.- Azoka dator, eta badakizue beti behar baino gehiago eramaten duzuela etxera, behar baino kontu txikiagoarekin hautatua. Beraz, adi argitaletxe txikien uztari, itzultzaileon lanari, palestinarren aurkako genozidioa ulertzeko (alerta gorria: product placement lotsagabea) jakingarri ugariei eta han ondotxoan iaz-edo ireki zuten Ayarza gozotegiko palmerei eta gurinezko opilei (zeinak janez hazi, heldu eta zahartu baikara zornotzarrok zuri-beltzeko garaietatik). Eta kontuan hartu urtean zehar gure herri eta auzoetako liburu-dendek sostengatzen diotela dena delako sistema honi.

2.- 1974ko uztako EIZIEkideok, gogoan izan urtarrilaren 1etik aurrera guk ere baliatu ahal izango ditugula CEDRO erakundeak hortz-klinikaren, okulistaren edo fisioterapeutaren fakturak ordaintzeko ematen dituen laguntzak.

Durango on, lagunok, baita hara inguratzeko asmorik ez duzuenoi ere.

Ezagutzen ez nuen feminismo bat deskubritu nuenekoa

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Bihotzez poztu nintzen Literatura Unibertsala bildumari esker Fatema Mernissik euskaraz ahotsa izango duela jakin nuenean.

Mernissi etxean topatu nuen gaztetxoa nintzenean, egongelako mahai gainean, liburu baten azalean: Sueรฑos en el umbral. Memorias de una niรฑa del harรฉn (ingelesezko jatorrizkoan Dreams of Trespass. Tales of a Harem Girlhood). Hori da LU bildumarako hautatu den Mernissiren lana, eta nik gogo biziz irakurri nuela oroitzen dut. Handik denbora batera, etxeko haren liburuak goitik behera irenstearekin konforme ez, eta beste batzuen bila aritu nintzen. Orduan irakurri nuen Scheherezade goes West (2001), gaztelaniazko itzulpenean (El harรฉn en Occidente).

Liburuaren abiapuntua Europan Dreams of Trespass atera zueneko promozio-bira da. Mernissik elkarrizketa horietan zelan sentitu zen kontatu zuen, zelan (gizonezko) elkarrizketatzaileen aurpegietan irribarre edo begirada bitxiak โˆ’lizunakโˆ’ agertzen ziren. Galdera-sortei deserosotasunez erantzuten bukatzen omen zuen. Deserosotasuna, Europako iruditerian harem hitzak duen esanahiagatik: emakumeak biluzik gela batean, gizon bati plazera emateko prest, hainbat eta hainbat margolan erromantikotan irudikatu zen bezala.

Fatemarentzat, berriz, familia antolatzeko modu bat zen harema, familia-kide ugariko etxe handi bat, zeinetatik emakumeak nekez ateratzen baitziren. Bestelako konnotazioak hitzari Mediterraneoa zeharkatzean erantsi zitzaizkiola dirudi, Xerezade mututu eta desitxuratu zuen bidaia hartan bezala; egun ere hainbat eta hainbat lagun mututu eta desitxuratzen dituen itsaso hura zeharkatzean. Aurreko postean Irati Bakaikoa Garcรญak esan zuen bezala, ยซhitzak ez dira bakarrik hitzak, errealitateak baizikยป. Izan ere, autoreak kontatu zuenez, Xerezadek zenbait muga gurutzatu ahala ahotsa galdu zuen pixkanaka. Ahozko tradiziotik idatzizkora igarotzean lehenik, eta Ekialdea deitzen den horretatik Europako margolan eta kontakizunetara pasatzean, ondoren. Izenburuaren gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenetan ondo asko ikus daiteke: Mernissik Xerezaderi emandako zentraltasuna kendu eta harem exotikoari eman zitzaion.

Hortik aurrerakoa Europak mundu arabiar-musulmanarekiko duen orientalismo likatsua ikuspegi feminista batetik deseraikitzeko lan miresgarria da. Mernissi, izatez, unibertsitate mundukoa zen, baina ohikoa zitzaion beste estilo bat ere erabiltzea, familiako emakumeek transmititu zioten ahozko tradiziotik hurbilagoko bat, sinplea bezain eraginkorra. Modu bertsuan, iruditzen zait sufismoak Fez hirian duen substratua ikusgai uzten duen idazkera erabili zuela.

Pasadizoz beteriko saiakera arin bat da, beraz, ez lan akademiko puru bat Simone de Beauvoirren Le Deuxiรจme Sexen gisan, edo Edward Saiden Orientalismen moduan. Baina autore haiek inauguraturiko bidean harritxo bat jarri zuela uste dut, eta saiakera horren bidez nahiz bere ibilbide osoan zehar ahalegina egin zuela egun naturalizatuta ditugun hainbat ideia historizatzeko, ikusteko nondik datozen eta zergatik ditugun.

The substance filma bolo-bolo dabilen honetan, aipagarria da Mernissik bertan salatzen den ideiaz egin zuela gogoeta, Mendebaldean ere harem groteskoak daudela esanez. Hori bai, bi hamarkada luze pasa dira โ€“1940an jaio zen pertsona batek idatzia da liburuaโ€“, eta nire ustez akatsa litzateke egungo ikuspegitik epaitzea. Noski, kritikak ere ugari jaso ahal ditu bere posizioak; heteroarau naturalizatua dirudiena izan daiteke, agian, kritikagarriena.

Edozein kasutan, euskarazko LU bilduman Marokoko ahotsen aniztasuna eta รฑabardurak islatzen saiatzen zen norbait egongo da, bertako sustrai erlijioso eta historiko-kulturalen ezagutza sakonetik hitz egiten zuen norbait. Pozik nago, bai. Ni neskatxa nintzenean erdaraz jaso nituen bere hausnarketak, eta laster euskaraz irakurri ahalko dugu Mernissiren ahotsa. Soilik espero dut irakurleak mesanotxean uztea iruditeria orientalista indartsu hori, eta Dreams of Trespass betaurreko gardenago batzuk jantzita irakurtzea. Adibidez, hemen aipatu dudan Xerezaderen bidaia Mendebaldera irakurrita, datorrenaren zain gauden bitartean. Iruzkinetan kontatu ahal didazue zer iruditu zaizuen!

Zorterik onena Mernissi itzuliko duen Edurne Lazkano Ibarbiari ๐Ÿ˜Š.

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz I

Irati Bakaikoa Garcรญa

Aurrekoan, txioerria zen sare sozial horretan, honako hau irakurri genion @Arartekoa kontuari:

ยซMayoritariamente las personas jรณvenes reconocen que la violencia machista contra las mujeres es un problema social de primera magnitud. [โ€ฆ] las jรณvenes (74%) lo tienen mucho mรกs claro que los jรณvenes (50%).ยป

Euskaraz, zuzendu zuten arte, hala zioen:

ยซGazte gehienek onartzen dute emakumeen aurkako indarkeria lehen mailako gizarte-arazoa dela. […], eta gazteek (%74) gazteek (%50) baino askoz argiago dute.ยป

Horra hor ustez generoa markatzen ez duen gure hizkuntza maitea, horra hor generoa abolitu duen itzultzaile automatikoa. Hurrengo egunean argitu zioten misterioa euskal txio-irakurleari: kontua da emakume gazteak direla gizon gazteek baino argiago dutenak.

Zuzenketak zuzenketa, argi gera dadila gazteok oso argi genuela. Generoa ez adierazte hori hautu transfeminista izan zitekeen, baina itzulpen horren atzean utzikeria besterik ez dagoelakoan nago, eta ez erabaki politiko bat. Izan ere, utzikeria erabaki politikoa da behar baino gehiagotan. Hamaika izan daitezke adibide absurdo horretatik ateratako ondorioak, eztabaidak eta hausnarketak, baina komeni zaidan moduan buelta emango diot nik. Eta, oraingoan bai, hautu transfeminista eta politikotik.

Batzuetan, generoa ez adieraztea estrategikoa da, eta itzultzaileak potentzialtasun handia du zentzu horretan eragiteko; izan ere, generoak, funtzio gramatikala izateaz gain, badu gizartea antolatzeko moduko estatusa. Baita indarkeria batzuei eusteko ahalmena ere. Halaber, hizkuntzak dira heteroarautik at gaudenon errealitateak izendatzeko eta zabaltzeko bide, eta hortaz, itzulpenak jokatzen duen paperari erreparatzea ezinbestekoa da. Bitartekoa baino, tresna bat delako.

Aurreko ideiak garatzeko, ezin dut Leslie Feinberg aipatu gabe utzi, berriz, komeni zaidalako eta erreferente transfeminista handi-handia delako. Feinbergek zein itzulpenak eman didate gauzak idatzita dauden moduaz harago ulertzeko nahia (batzuetan beharra), muinera heltzeko aukera eta galbidea, eta erantzunik ez duten galderei aurre egiteko aukera.

Aurten, Mari-mutil handi baten bluesa (2018) liburutik abiatuta, Feinbergek egiten dituen errepresentazio disidenteetan eta horien itzulpena aztertzen ibili naiz buru-belarri โ€“master amaierako lanerako eta bizioagatikโ€“, eta hementxe idatziko dizkizuet prozesu horretan jasotakoak, hausnartutakoak eta ikasitakoak, hiru ataletan. Behintzat, hori da asmoa. Hauxe da lehen saiakera (I) eta, lehendabizi, kokapen txiki bat egingo dut. Datozen hilabeteetan, beste bi saiakera eginen ditut (II eta III).

Jatorrizko liburuak Stone Butch Blues (1993) izenburua du, eta horixe bera da ardatza: 60ko hamarkadatik 90eko hamarkadara bitarteko langile klaseko butch baten istorioa. Ez dakienarentzat, butch hitza oso maskulinoa den bollera bat izendatzeko erabiltzen dugula esango dut, baina, ongi ulertzeko, liburua irakurri beharko duzue; izan ere, butchak ordezkatzen duen maskulinitate ereduak etengabe egiten du talka genero bitartasunaren gainean eraikitako errealitatearekin. Feinbergek, protagonista den Jess Golbergen bidez, generoaren, klasearen eta arrazaren arteko intersekzioari heldu zion, eta gaur egun heteroarautik at dagoen komunitate disidentearentzat kanonikoa den nobela idatzi zuen. Zapalkuntzen kontrako nobela da batik bat.

Hogeita bost urte geroago izan genuen aukera gurean eta gure hizkuntzan irakurtzeko, Fermintxo Zabaltzaren itzulpenari esker. Ekarpen literarioa egiteaz gain, Feinbergen itzulpenarekin batera autorearen pentsamendu-markoa eta hura eraikitzeko ezinbesteko hitzak ere ekarri zituen itzultzaileak. Aurretik aipatu bezala, hitzak ez dira bakarrik hitzak, errealitateak baizik. Horrela, stone butchak ยซmari-mutil handiakยป, he-sheak ยซemazte-gizonakยป eta femmeak ยซfemmeakยป izan ziren gurean.

Itzulpen horren aurretik mari-mutilak, emazte-gizonak eta femmeak hementxe geunden, eta itzultzaile baten erabakien ondorio dira baliokide horiek. Ez da ardura txikia, kontuan hartuta baliokideak hamaika izan zitezkeela eta, aldi berean, bete-betean asmatu beharra dagoela, hitzek ordezkatzen dituzten errealitate horiek gordetzeko.

Imajina itzultzaileak ยซmari-mutilยป aukeratu beharrean ยซemakume*ยป erabili izan balu. Edo ยซlesbianaยป, ยซbolleraยป, ยซez bitarยป, ยซkuirยป… edo ยซgazteยป. Istorioa beste bat litzateke, eta historia ere bai. Nire ustez, bete-betean asmatu zuen Zabaltzak, bai identitatea euskaraz ekartzen, eta baita jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko denbora-jauzi hori gordetzen ere.

Laburbilduz, itzulpenak paper estrategikoa jokatzen du identitate disidenteen eraikuntzan eta errepresentazioetan, eta gaiari eskatzen duen arretaz eta kontzientziaz heldu behar diogu. Hauxe izan da hurbilketa bat egiteko lehen saiakera, eta datozenetan sakonago landuko dugu, adibide zehatzekin.