Aipamena egin

Oskar Arana Ibabe

Sarri aurkitzen dut lege-testuetan «halako legetan X-i egindako aipamena» esapidea, X izaten delarik beste lege bat edo beste arau bat, gaztelaniazko «la referencia hecha en tal ley a X» esapidearen itzulpen gisa. Baina, euskaraz irakurrita, ez dakit ez ote den kalko bat. Esango nuke «X-i buruz» edo «X-en gainean» egindako aipamena behar lukeela hor, esapide horrekin ematera. Beste egituraren batean, «X-en aipamena» ere eman ahal izango genuke, «halako legetan egiten den X-en aipamena». Kalkoaren susmoa hartzen diodan egitura horretan, X hori zeharkako objektua bihurtzen da, eta aipamena bera zuzeneko objektua, «halako egunetan Mikeli egindako aipamena» gisako esapideetarako, esan nahi dut. Ez dakit ados izango ote zareten. Begiratu dut Orotarikoan, eta aipamen egin esapideak sarrera du. Ikus hemen nola:

AIPAMEN EGIN. Hacer mención de, mencionar. “Honorificentissime aliquem appellare, ohore haundirekiñ nihor aiphatzea, nihortaz aiphamen, mentzione egitea” Urt II 181. Egin diozokoon nitaz aiphamen Faraoni. Urt Gen 40, 14 (Ker aitatu egiozu Faraoni nire izena). Arritzekoa da txit, beraren [Zarauzko Fueroaren] aipamenik iñork ez egitea. Izt C 207. Aitzinekoen eginbide ohorezkoez zenbait istorio eta aiphamenen egitea deitzen da bizien liburua. ES 116. Aiphamen egin duzu zaldi-babaz; zer da hura? Dv Lab 90.

♦ (Con aipamen, det.). Neskameak Isabelaren telefon-deiaren aipamena egin zuenean. Mde HaurB 12.

Eta, datiboa, adibide bakar batean ageri da, lehen azaldu dudan eran: «Aitatu egiozu Faraoni nire izena». Gainerako adibideetan, instrumentalaz da aipamen hitzaren osagarria.

Aipamen sarreran, berebat, hona hemen nola ageri diren osagarriak:

–ren: Iainkoaren izenaz Skripturák aditzen du, haren izen eta aiphamen gizonén artean zelebratzen dena. Lç ; Baiña zertako sartzen naiz ni […] zure laudorioen aiphamenean? Berak dira bere buruz asko gora mintzo. Ax ; Zeren hekien aiphamena bera gure ohoratzeko eta alegeratzeko aski baita. Ib. 116.

–tzaz edo taz: Artifizio hautzaz da [Antekristoa] handi errendaturen / Ipharretik Hegoara non baita famaturen. // Aiphamenik hartzaz baizen eztaiteke lurrean. Ib. 68.

Ados bazarete, zuzendu egin beharko ditugu, beharbada, «Halako testuan halakori egindako aipamenak» bezalako esapideak, «-ri buruz», edo «-ren gainean» gehituz, edo «halako testutan egiten den -ren aipamena» esanez.

Besterik gabe.

Konposteako (Konparazio baterako)

Juan Luis Zabala

Lasaixo nitxion: Lasaixo nitxion, pasau den okerrena, edo ori pentsau leizkeiñau beintzet, latza izen den baiñe etorriko’ittun momento obiauek, jungo gaittun berrize ortiksier, auskalo nora, auskalo zerren bille, baiñe pozik aundiñe alkar ondun ikustikin sentiute, begixek parrez, umetute, ta ordun’e tarteka akordauko gaittun pasau deunaz, sufriu deun danakin, artu deun ostiako pillukin, baiñe euzkixei geure gorputz barrure sartzen lako zonau, ta beak nai ez’pau eskau, ta erregutu’re bai ber izenezkeo, lata madrie eman, barrure ta barrure sar daixen, al dun lekurik barrukoeneaiño, geu’re barru-barrutik euzki biurtu arte, ta euzki izengo gaittun ordun momento batez, oiñ gezurre ematen bau’re, ezurrek mela-mela eginde la dizkiun zaparrada bildurgarri onen ondoren.

(Lasaiago nagon: Lasaiago nagon, pasatu dun okerrena, edo hori pentsa zezakenagu behintzat, latza izan dun baina etorriko ditun une hobeak, joango gaitun berriz ere hortik zehar, auskalo nora, auskalo zeren bila, baina pozik handiena elkar ondoan ikustean sentituta, begiak barrez, umetuta, eta orduan ere tarteka gogoratuko gaitun gertatu denaz, sufritu dugun denarekin, hartu dugun kolpe mordoarekin, baina eguzkiari geure gorputz barrura sartzen lagako zionagu, eta berak nahi ez badu eskatu, eta erregutu ere bai behar izanez gero, alamena eman, barrura eta barrura sar dadin, ahal duen lekurik barrukoeneraino, geu ere barru-barrutik eguzki bihurtu arte, eta eguzki izango gaitun orduan une batez, orain gezurra ematen badu ere, hezurrak mela-mela eginda laga dizkigun zaparrada beldurgarri honen ondoren.)

 

Marie-Claire Pasquier

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Maiatzaren lehena, gosaltzen ari, irratia lagun: «Litérature et vitesse»

Obra baten pasartetxo bat irakurri digute. Virginia Wolf etorri zait gogora.

«Après avoir écouté un extrait de «Mrs Dalloway» de Virginia Wolf…»

Inondik ere ez nuen pentsatuko zalutasunaz mintzatzeko Virginia Wolf balia zitekeenik; hartara, ez nuen, inolaz ere, haren testurik espero; pasartea llabur zen, zein obratakoa izan zitekeen erreferentziarik gabekoa. Estiloa zen, hor, sotilki, Virginiaren ekarle; horretan dut ezagutu, bai, Virginia Wolf; hitzak hautatzeko eta elkar lotzeko manera batek iratzarri dit burmuinetako txoko batetan gordea dudan ene Virginia Wolf hori.

Frantsesa ez zen Virginia Wolfen obraren hizkuntza; frantsesa ez da nire lehen hizkuntza. Ez dut Virginia Wolfen libururik frantsesez irakurri. Virginia Wolf jalgi zait, halere, burmuinetako txokoren batetik, deblauki, ustegabean: itzulpena ez da ezinezko, itzulpena magia da.

Norbaitek egin lana da. Gora Marie-Claire Pasquier! Maiatzaren lehena da.

Azkenaldian nire arreta bereganatu duen kontu

Aiora Jaka Irizar

Lauhilabeteko honetan, unibertsitateko itzulpengintzako ikasleak Wikipediako testu batzuk euskaratzen jarri ditut, itzulpen-praktikak egiteaz batera entziklopedia digitalaren euskarazko atalari ekarpen bat egiteko asmoz. Talde batek «Interpretación de lenguas» artikulua itzuli du, eta beste talde batek «Traducción asistida por computadora». Itzulpenen lehen zirriborroak prest zituztenean Wikipediara igotzeko esan nien, eta nik itzulpenak zuzendutakoan sartuko zituztela proposatzen nizkien aldaketak. Ni baino azkarrago ibili zen, baina, Wikipediaren beste erabiltzaile bat, nire ikasleen itzulpenak argitaratu orduko hainbat aldaketa egin baitzituen. Horixe baita, izan ere, Wikipedia: entziklopedia askea, edonork idatz, osa, alda eta zuzendu dezakeen testu-bilduma. Erabiltzaile hark egindako aldaketen artean batek eman zien arreta nire ikasleei, eta, aitor dezadan, baita niri ere: izenburuko izen-sintagmei artikulua kendu zien delako erabiltzaileak nire ikasleek itzulitako bi artikuluetan:

Hizkuntza-interpretazioa > Hizkuntza-interpretazio
Ordenagailuz lagundutako itzulpena > Ordenagailuz lagundutako itzulpen

Ikasleek harriduraz galdetu zidaten ea zuzenketa hura ondo egina zegoen. Eta niri, egia esateko, zalantza sortu zitzaidan. Oso arrotza egiten zitzaidan izen-sintagma haiek artikulurik gabe ikustea, eta kaleko denda, taberna eta bestelako zerbitzuetan askotan ikusi izan ditugun izen «hankamotz» horiek etorri zitzaizkidan burura («ile-apaindegi», «harategi», «jatetxe»… ), jabe erdaldunen ezjakintasunak anputatuak…

Baina ez nadin gaitik urrundu, eta natorren berriro Wikipediara. Erabiltzaile hark egindako aldaketak ikusi ondoren, Wikipediako beste artikulu batzuk bilatzeari ekin nion, eta ohartu nintzen horixe egin ohi dela izenburuetako izen-sintagmekin. Artikulurik gabe ematen dira ia denak:

Itzulpengintza automatiko
Hizkuntzalaritza konputazional
Birkonbinazio genetiko
DNA birkonbinatzaile
Satelite bidezko mikrouhin

…

Euskarazko beste entziklopedia batzuek berdin jokatzen ote zuten ikusteko, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa kontsultatu nuen, eta han ere gauza bera egiten dela ikusi nuen:

ingeniaritza aeroespazial
ingeniaritza aeronautiko
energia aktiboaren kontagailu
energia atomiko

…

Badakit hiztegietako sarrerak artikulurik gabe eman ohi direla, bai erdaraz, bai euskaraz. Baina hiztegietako sarrera nagusiak hitzak izan ohi dira, eta orain aipagai ditugun hauek, berriz, kontzeptu bat osatzen duten izen-sintagmak, eta halakoek mugatzailea eskatzen dutela iruditzen zait. Hiztegietan ere, gainera, adibideetan halako sintagmak agertzen direnean, mugatuta eman ohi dira:

ingeniería genética > ingeniaritza genetikoa (Elhuyar, Zehazki)
ingeniero agrónomo > nekazaritza-ingeniaria (5000, Labayru)
ingeniero de caminos, canales y puertos > portu, ubide eta bideetako ingeniaria (5000)
ingeniero técnico > ingeniari teknikoa (5000)
Mugatu gabe, aldiz, azpisarrera moduan agertzen badira:
ingeniero de sonido > hots ingeniari (Zehazki)
ingeniero técnico > ingeniari tekniko (Zehazki)
energía eléctrica > energia elektriko (Elhuyar, Zehazki)
traducción indirecta > zeharbidezko itzulpen (Elhuyar)
traducción literal > hitzez-hitzezko itzulpen (Elhuyar)
traducción directa > norbere hizkuntzarako itzulpen (Zehazki)

Azkenik, eta berriro Wikipediara itzuliz, esan dezadan izen berezitzat jotzen diren izen-sintagmak mugatuta ageri direla:

Txinako Harresi Handia
Berlingo Harresia
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Europako Parlamentua
Ibai Urdina

Pentsatzen dut halakoak mugatuta agertzearen justifikazioa dela, hain zuzen ere, leku-izen bereziak direla; baina izen horiek ere ez dira aldaezinak, eta deklinatu egiten dira. Orduan, zergatik ez jarri «Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun», «ordenagailuz lagundutako itzulpen» bezala?

Ez naiz aditua kontu hauetan, eta, beraz, pentsatzen dut euskal hiztegigintzan eta entziklopediagintzan ari direnek izango dituztela beren arrazoi ondo justifikatuak hala jokatzeko. Niri, ordea, ezinegona eragiten didate artikulu honen izenburua bezalako goiburuek…

 

Zurrumurru gezur antza

Karlos del Olmo

Badirudi linguistek oraindik ere eztabaidagai darabiltela hizkuntzek zenbateraino erabakitzen eta mugatzen duten berbaldunek mundua hauteman eta ulertzeko duten modua. Amerikako Estatu Batuetan duela gutxi John McWorther-ek plazaraturiko The Hoax. Why the World Looks the Same in Any Language liburuak manifestu halako bat egin gura du, haren bidez 1930.etik aurrera zenbait unibertsitate adituren artean ospe handi samarra lortu duen teoria bati aurka egiteko, alegia, Sapir-Whorf tesi ospetsuari, bestela esanda, hizkuntza bakoitzak hiztunei munduaren gaineko ikuskera bat ematen dielako usteari. Tesi horren arabera, are gure erabaki estetiko eta moralek ere komunikatzeko darabilgun hizkuntzaren eragina jasotzen dute, alegia, berbetak betaurreko moduko batzuk eratuko lituzke munduari begiratzeko orduan.

Eta zer dio John McWortherek horren gainean? Ez dela egia, liburura bildutako datu enpirikoek —esaterako, hopi indiarrek denboraren joanaren gainean dituzten nozioak edo koloreak izendatzeko (ala ez izendatzeko) hizkuntzek munduan barna dituzten baliabideak— ez dutela berresten Sapir-Whorfen tesia, kolore bat edo gauza bat izendatzeko hitzik edo kategoriarik izan ez arren norberaren hizkuntzan, gizaki guztiak kolore edo gauza horiek ikusi, ukitu eta deskribatzeko gauza garela. Itzulpengintzan dihardugunok egia horren berri «intuitibo, praktiko eta are (aspaldion) teorikoa (ere)» izan ohi dugu, bai eta «geure» datu enpirikoak ere, batez ere Biblia munduko hizkuntzetara itzuli behar izan dituztenei esker, kultur jauzi handia zekarten edukiak zelan edo halan ematea lortzen dutelako, hizkuntza bakoitza gorabehera.

John McWortheren arabera, zergatik lortu du halako arrakasta Sapir-Whorfen tesiak? Kontzientzia txarraren ondorioz, bateko, Estatu Batuetan hango hizkuntza eta kultura ofizialak hegemonikotzat jota, teorialari batzuek gurago izan dutelako aldeak, ezberdintasunak nabarmendu, eta, besteko, munduko hainbat txokotan Alemaniako Erromantizismotik gaur arte heldu den hizkuntzaren erabilera identitario eta politikoa izan duelako tesiak (nazionalismo batzuek hizkuntza bera pertsonen ezaugarri komunen gainetik ere jartzera jo ohi dutelako).

Japonierak termino bakarraz izendatzen ditu berdea eta urdina. Errusiarrek termino beregainak dituzte urdin iluna eta argia izendatzeko. Patziku Perurenak 1992an idatzitako Koloreak euskal usarioan saioan euskarazko sistema eta auzo hizkuntzetakoak guztiz bat ez datozela agertzen du. The Hoax. Why the World Looks the Same in Any Language liburuan egileak aurkezturiko datuen arabera, horrek ez du esan nahi koloreak ezberdin ikusten dituztenik edo kolore batzuei dagokienez itsu direnik, ezta hizkuntzak gure pentsaera kontrolatu eta mugatzen duenik ere.

McWortheren ustez, hizkuntzak kultura eta mundu ikuskera islatu besterik ez du egiten: mintzaera batek berba bakarraz jatea, edatea eta erretzea izendatu arren, hiztunek argi asko prozesatzen dituzte hiru ekintza horien arteko aldeak, eta bi kolore ezberdin ele berberaz esaten dituen pertsonak bi-biok biziro bereizten ditu, hau da, zentzumenen arabera ezberdinak direlako segurantzian dago. Zenbaki sisteman bat etorri ez arren (are, itxuraz, halakorik gabe), gizaki guztiok egin ditzakegu matematikak. Bai eta letrazko alfabetorik barik idatzi ere. Autoa eta gidatzeko araudia ezagutu ez dituzten eta, hortaz, horiek izendatzeko hitzen jabe ez diren pertsonek «ezin» dute benetan gidatu?

Liburuak agerian jartzen du atxikimendu handia diogula hizkuntzak betaurreko mugatzaile moduko batzuk jartzen dizkigun ustel itxurako uste horri. Zergatik? Irrika bizi-bizia dugulako aniztasuna aldarrikatzea, guk legez pentsatzen ez duten pertsonen eta herrien nahiz hizkuntzen balioa aitortzea. Eta asmo on-ona da, ezbairik ez, baina infernua desira onez betea omen dago, eta baliteke horrek oztopatzea pertsonen zerizana hobeto ulertzea, are goraipatu nahi ditugun pertsonak bestela baitakoan gutxiestea ere, azken buruan.

Errealitateak —pertsona guztiak entendimentuz berdinak garela datu zientifikoez frogatzea— bide hobea ematen digu pertsona guztiei adimen gaitasuna aitortzeko, hizkuntza, azken buruan, ez delako munarri zedarritzaile hutsa munduaren eta kosmosaren aurrean.

Urbil

Koro Garmendia Iartza

Ez nator saltokiaz jardutera, saltokiaren izenak inguruan sortu duen zalantza-dantzaz baizik. Zuek ere jabetu al zarete? Behin eta berriro ikusten dut jendea euskarazko hurbil hitza hatxerik gabe idazten. Beste termino askorekin ere gertatzen da halakorik; hatxea ez jartzea, alegia. Edo gaizki kokatzea. Ez da, beraz, akats ortografikoa bera deigarria iruditzen zaidana, akatsaren sorburua baizik. Hatxerik zergatik ez dioten jartzen galdetuz gero, hona jaso izan dudan erantzuna: «Dendan hatxerik gabe dago jarrita».

Merkataritza-gune handi horren izena behin eta berriro ikusten duenari ia oharkabean sartuko zaio grafia begietatik, eta, hurbil hitza idaztea egokitzen zaionean, hatxea kentzera joko du. Besterik gabe, behin eta berriro hala bistaratu zaiolako, eta, azkenerako, horixe egiten zaiolako formarik ezagunen.

Zergatiren batengatik erabakiko zuten, bere garaian, saltokiaren izena hatxerik gabeko moldeaz jartzea. Beharbada, ez du hurbiltasunarekin zerikusirik ere. Mila motibo izan litezke tartean. Ez naiz ni hor sartuko.

Kontuak kontu, hatxea behar duen hitzari hatxea kentzen hasiak dira hainbat eta hainbat hiztun. Begien bidez ere asko ikasten baita. Nola konbentzitu gero hurbil hatxez idazteko…

IKT: teknologiak baino ez?

Bego Montorio Uribarren

Eguneroko esamolde ditugun digitalizazio, IKT, e-book… eta antzekoei erreparatu nahi diet gaurkoan. Hitzei beraiei baino gehiago, atzean dauden kontu batzuei, sarritan pentsatzen baitut nahas-mahas pilatutako produktu, prozesu eta bilakaerak etiketatzeko erabiltzen ditugula hitzok.

Oso adibide argia izan daiteke e-bookena. Baten batek e-book bat erosi duela esaten badizue, zer esan nahi dizue?, halako liburua erosi duela formatu digitalean, ala gailu elektroniko bat erosi duela, gero bertan edozer irakurri ahal izateko? Bata ala bestea izan, teknologiaz edo idatzitako obra batez arituko ginateke; erositako aparailu hori fabrikatu duen enpresaz, edo idazleaz; programaturiko zaharkitzeaz (erdaraz obsolescencia programada esan dioten horretaz), edo nobela beltzaz.

Era berean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiez berba egiten dugunean, teknologiaz haragoko kontuez ere aritzen gara –aditu ez garenok behintzat–, eta horietako bi aipatu nahi dizkizuet gaur, kezka eta gogoeta.

Lehenak zuzenean eragiten die nire lanbideei –itzultzailea eta irakaslea–: irakurtzeko eta informazioa jasotzeko modua aldatzen ari da (dagoeneko guztiz aldatu ez bada).

Pantailetan irakurtzen dugunean, batez ere Interneten edo sare sozialetan, batetik bestera saltoka ibiltzen gara, titularrak edo testu laburrak baino ez ditugu irakurtzen, laburpenak, azken ondorioak. Duela gutxi, erreportaje batean, Ipar Amerikako gaztetxo bati entzun nion irakurtzea gustatzen zitzaiola, dexente irakurtzen zuela gainera, baina liburuen laburpenak zituen webgune batera jotzen zuela, nahikoa zuela horrekin. Zertarako osorik irakurri, gehitu zuen beste batek, laburpenarekin moldatzen bazen institutuan galdetuko ziotenari zuzen erantzuteko.

Inork egindako lanak kopiatzearena, ahalik eta ahalegin txikiena egitearena, ez da gauza berria; horri irakurzaletasuna deitzea, berriz… Esango nuke hasi baino ez dela egin bilakaera, baina irakasteko eta ebaluatzeko moduan, baita idazteko moduan ere, eragin zuzena izango duelakoan nago.

Digitalizazioak dakarren, edota ez dakarren, demokratizazioa da kezkatzen nauen beste gaietako bat. Batetik, oinarrizko azpiegituren kontua dago, zeren, sarri ahazten badugu ere, munduan milioika eta milioika pertsona baitago argindarrerako konexiorik gabe (sarerako konexioa, ilargia bezain urrun eta eskuraezina), ordenagailu edo tableta bat eskuratzeko sekula modurik izango ez duena. Hasi baino lehen ere, jokotik kanpo gelditu dira/utzi ditugu.

Eta, bestetik, edukien eskuragarritasuna dago, digitalizatzearekin batera pribatizatu egiten baitira, zenbaitetan, edukiak. Orain, libre daude horietako asko, baina baliteke bihar edo etzi ordaindu behar izatea, eta orduan, argi ibili!, seguruen alferrekoak izango zaizkigu-eta gaurko DVDak eta gainerako trasteak. Zuei ez dakit, baina niri gertatu zait jada informazioa berreskuratu ezin izatea, garai bateko diskete txiki haietan gordeta nuelako eta orain ezin dudalako inon irakurri.

Auziok aipatu baino ez ditut egin. Labur, soka luzekoak direla jakin arren. Izpi batzuk agertu, besterik ez. Eta egia esan, nire ezjakinak bultzatu nau horretara, ez blogaren formatu eta eskakizunak. Edo, beharbada, horrek ere izango zuen zerikusirik… ;-).

Izana, egina

Iñaki Segurola

Gaurkoan behera-behar batek egiten dit bultza. Jaits nadin, beraz, benetako hizkuntzara. Utz dezagun letrakuntza eta gatozen hizkuntzara. Utzi kulturmundua, fedabideak, irakaskuntza, itzulpena bera, inderneta, literatura eta ideia potoloen mundua, eta… zer dago azpian?, zer dago benetan? Ba, euskaltzaleek “arnasgune” deitzen dituzten horiek arnasmehetzen (salbuespentxoak salbuespentxo) eta, gainerakoan, betiko itogune erraldoia. Horixe dago azpian, horixe dago benetan, hizkuntzan. Letrakuntzan gertatu da aurrerapena hemen, eta horrek eraman du jende mordoa sinistera euskara “sekula baino hobeto” dagoela. Letrakuntzari bakarrik dagokion irudipen gezurrezkoa besterik ez da hori. (Letrakuntza idor horren barruan sartuko nuke “erabilerarik gabeko ezagutza”, edo, bestela esanda, egiterik gabeko jakite hila.)

Bestalde, baina zuztar beretik, bizimoduan aldaketa latza gertatu da azkenengo hamarkada hauetan. Kaleko bizimodua murriztu eta nik “etxezuloko pantallismoa” irizten diodan hori gailendu da oso. Horrek dakarrena da arnasgunerik garbienean ere begi-belarrietatik sartzen den gehiena erdara izatea. Eta begi-belarrietatik mihiraino tarte motza dago, denok dakigunez.

Nik esango nuke euskararen bazterketa bortxazkoa nabarmen arindu denean (euskarazko eremuaren erdi-mendebaldean bereziki), “euskararen gezurra” ari dela agerian gelditzen. Gauzak nolabait adierazi behar, eta “Lekeitio erako” eta “Agurain erako” herriak bereiziko ditut. Aurreneko horietan iruditzen zait izanak hartu diola gaina eginari; bagara, ez dago dudarik bagarela, eta orduan zertarako “nekatu” egiten, errazena pantalletatik sartzen zaidan hizkuntza horren magalean etzatea dela sentitzen baldin badut? Eta hor gertatzen ari dena da behera datorrela euskara, gehienbat helduen artean, hots, pantallei begiratuz beren bizi-zaputz edo eroriera esistentzialari ez-ikusiarena egin nahi liokeen jende-moduaren artean. Bigarren erako herrietan askok ez daukate garbi zer diren, ez dago garbi badiren edo ez diren, hizkuntzaren galera aspaldikoa baita, eta orduan, izanean sendotzeko, zer dago hoberik euskaraz ikasi eta egitea baino? Eta hor gora egiten ari da euskara; inongoa ez den eta ia edonorena izan daitekeen euskara hori, bai, baina euskara, azken buruan. Bi era horietako herrietan gertatzen ari denaren muina edo emaitza honako hau da: ez dakitenak ari dira ikasten euskara, dakitenek lasai utz dezaten bazterrera.

Izanaren edo izatezko segurantzia horren kalteak nahi nituzke bereziki astindu. Eta ertzerainoko paradoxa bat dakart lagungarri: maiz pentsatu izan dut hemen jende asko egon dela guardozobilak hiltzeko prest (ni ez), baina inork ez duela koskorrik izan guardozobilei euskaraz egiteko (nik ere ez). Hiltzeko prest, eta azioan norbera hila gelditzeko prest; eta zerk eman dezake horretarako prest egoteak baino izan-izatezko segurantzia beteagorik? (Jarduera armadun edo estrategia odol-malkozkoaren aldekoa izan den mundu horren bi agerkari idatzizko nagusiek Gara eta Naiz dute izena, eta biak dira funtsean erdaldunak. Esanguratsua, ezta? Bai, badakit Egin itxi egin zietela, baina, halaz guztiz ere, irudipena daukat oraingo izen horiek maiteagoak edo bereagoak dituztela.)

Beste paradoxa edo ulertu-ezin bat nere moduko jendearentzat, “azpeitiar/ondarrutar erako” jendearentzat, nolazpait esateko: ezin ulertu edo irentsi izan dugu sekula santan euskaraz hasteko edo segitzeko zenbaterainoko izua, larria edo ezina jartzen dien askori –gehienei, ia denei– erdaldun huts baten presentzia hutsak. Ezin jasana eta ezin ulertua da guretzat, eta ertzeraino noa ostera argi bila: ezagutu izan dut “Euskal Herriaren alde” bizia kendu eta galtzeko prest egon bai baina erdaldun bakar bategatik euskaraz mintzatzen ausartzen ez den jendea. Nola liteke hori? Nola esplikatzen zaio hori kanpoko bati edo geure barruari berari?

Nere ustez, ez dago esplikaziorik; edo badago, baina horretarako jabetu beharra dago hemengo euskararen asunto hau kontua eta gezurra dela erdia-pasa. Eta euskara benetako hizkuntza bezala harturik diot, ez letrakuntzarako edo ideia potoloetarako aitzakia gisa.

Hizkuntza batentzat onak izan daitezke izana, izan-beharra edo izangura, baina txarrak ere bai, eta txar-txarrak ere bai. Eginak eta egingurak garamatzate gu izatezko segurantzian etzanak daudenen ohatzea eginahalean astintzera.

Akatsak Zuritzen III: «bigueleari ichita»tik «ari aimbeste nai diyotanic»era

Borja Ariztimuño López

Hiru dira, euskaraz, aditz jokoa moldarazten duten argumentuak: terminologia tradizionalari jarraiki subjektua, objektu zuzena eta zehar objektua deriztegunak, alegia. Lehendabizikoa, gainera, bi motatakoa izan daiteke, aditza iragankorra ala iragangaitza den. Horrek guztiorrek berezi egiten du euskara inguruko hizkuntzen artean, non subjektua bakarrik islatu ohi den aditz jokatuaren barnean.

Izen-morfologian ere hiruko banaketa dugu, absolutibo, ergatibo eta datibo kasu-markekin. Ergatibo saindua da aldi berean gurtuena eta gorrotatuena, absolutibo soil ezdeusaren ondoan aldarrikatzen eta madarikatzen dena. Eta datiboaz, zer? Ez al dago esatekorik ezer? Bai, alafede! Datibo gaixoak indiferentzia jasan behar izan du,[1] edo bestela gramatika preskriptiboen abisu eta galarazpenak.

Euskararen historiari begiratuta, ordea, datiboa gehiago erabiltzen zen garai bat irudika dezakegu. Lazarragaren eskuizkribuan, esate baterako, izenburuan ipini dudan bigueleari ichita (‘biola(ri) utzita’) bezalako esaldiak irakur ditzakegu, egun utzi-k Nork-Nor moldea besterik hartzen ez duen arren (formula ihartu batzuetan izan ezik: utziozu bakean edo erretzeari utzi diot, esaterako). Artzain-nobela hori egun idatziko balu, editoreak zuzendu egingo lioke esaldia. Horrez gain, garaiko eta are beranduagoko beste autoreekin bat, nahi izan-en konfigurazio berezi bat ere bazerabilen noizbehinka, ia beti subjunktiboan: Nor-Nori, non “nahi izatearen” subjektu esperimentatzailea datiboaz markatua den! Jainkoari nahi dakiola!

Horiek ez dira, baina, aditzek izandako bilakaera bakarrak: bilatu, eskatu, jarraitu edo lagundu, adibidez, Nor(-Nori) motako izatetik Nork(-Nori)-Nor taldera mugitu dira mendeen poderioz. Horrela gertatu dira bilatu naiz → bilatu dut, eskatu natzaio → eskatu diot eta, gutxi gorabehera Mendebalde/Ekialde banaketa dialektalaz, jarraitu natzaio → jarraitu diot/dut eta lagundu natzaio → lagundu diot/dut aldaketak.[2]

Bestalde, nahi ukan eta behar ukan bezalako perifrasiek ere aldaketak izan dituzte, bestelakoak badira ere. Ia beti ukan laguntzaileaz erabiltzen ziren nahi eta behar euskara zaharrean, baina, geroago eta sarriago izan laguntzaile iragangaitzarekiko adibideak agertuz joan ziren (joan nahi/behar naiz) eremu dialektalaren eta perifrasiaren arabera indar handiagoz edo txikiagoz.[3]

Ikusten denez, absolutiboa, datiboa eta ergatiboa dantzan ibili dira, lekuak trukatuz, galduz nahiz irabaziz. Ezin bestela izan, hizkuntzak aldatuz baitoaz, hainbat arrazoi eta eragile direla medio, bizirik diren bitartean.

Baina gaur, jasandako galera historikoaren kalte-ordainetan, Datiboaren alde egin nahi nuke, eta hemendik aurrera, ez besterik gabe gaitzetsi atzo ikusi nizun edota maite dizut bezalakoak; zer egin, bestela, Bilintxen bertso eder haiekin! Loriak udan intza bezela…

[1] Orain badu merezitako arreta eskaintzen dion liburu bat: Fernández & Ortiz de Urbina (2010).
[2] Ikus Creissels & Mounole (2012).
[3] Ikus Mounole (2010).

Zer dago gaizki zurekin?

Esti Lizaso

Juan Luis Zabalak lehengoan idatzi zuenari jarraipena eman nahi nioke gaurkoan. Oro har, nire pentsamendua lau esalditan laburbildu zuela esan liteke. Baina mezua bera bezain aberasgarriak izan ziren jasotako iruzkinak; eta eztabaidak, bere osotasunean, zentzu berri bat hartu zuen. Zuen baimenarekin, jarrera eta proposamenen aniztasun horretan sakondu nahiko nuke, beraz.

Bertan zioenez, «hozkirri» moduko bat sentitzen zuen gaztelaniatik hitzez hitz hartutako esaldiak euskarara ekarrita entzuten zituenean; eta, «goxotasun» moduko bat, berriz, esamoldeak euskara jatorrean ematen zirenean.

Lehen iruzkinak, ordea, «hiperzuzenketa eta purismo nahi lekuz kanpokoa» iritzi zion jarrera horri. Eta erreakzioak duela urte batzuk izandako eztabaida bat ekarri zidan gogora.

Orduko hartan, elkarrizketa baten itzulpena ari ginen komentatzen, eta «zer dago gaizki ardoarekin?» esaldiak belarriko mina ematen zidala aipatu nuen; jatorrizkoa alboan izan ez arren, ingelesetik hartua zela argi ikus nezakeelako («what’s wrong with the wine?» hitzez hitz irakur zitekeen haren atzean), eta inor euskaraz horrela hitz egiten entzutea irentsi ezina egiten zitzaidalako.

Aurkako jarrerak izan ziren hor ere, testuak itzulpenak zirela nabaritzea bekatua ez zela, eta batzuetan egokia ere izan zitekeela argudiatuz.

Horregatik, horrelako esaldiak nola itzuli edo zuzendu erabakitzerakoan, gutxienez hiru puntu nagusi hauek hartuko nituzke kontuan:

Ahozkotasuna: emandako esaldiak ahozkoak dira, eta ahozko eta idatzizko solasak desberdinak izan ohi dira askotan; beraz, esaldiak ahozkotasun hori islatu beharko luke elkarrizketak ematerakoan.

Gertutasuna: sorburu eta xede hizkuntzak zenbat eta gertuagokoak izan, orduan eta errazagoa izango da batean bestearen eragina nabaritzea; eta alderantziz, bi hizkuntzek harreman esturik ez badute, sintaxia, esamoldeak, etab. nekez erabili ahal izango ditugu itzulpenean hitzez hitz.

Testuingurua: hizlariaren izaera eta ezaugarriak, eta elkarrizketaren kokapena.

Horrela, euskaraz «what’s wrong with the wine?» adierazteko, «zer dago gaizki ardoarekin?» esan ordez «zer du, ba, ardoak?» moduko galderaren bat entzutea sinesgarriagoa litzateke. Norbaiti petral aurpegia ikusten diogunean «zer duzu?» galdetzen diogun moduan, eta ez «zer dago gaizki zurekin?».

Era berean, «zer du, ba, ardoak?» hori sorburutzat hartu eta gaztelaniara ekarriko bagenu, ez litzaiguke arrotza egingo «¿qué tiene el vino, pues?» literalki itzulita ikustea, baldin eta hizlaria euskalduna bada edo euskararekin harremanik izan badu, edo elkarrizketa Euskal Herrian kokatuta badago; kasu horietan bi hizkuntzak elkarrekin bizi baitira eta zilegi bailitzateke hizlariari euskararen eragina nabaritzea.

Baina hizlaria Guadalajarakoa bada eta euskara inoiz gutxi entzun badu, «pues» horrek ez luke tokirik izango bere ahoan, eta «¿qué le pasa al vino?» edo «¿qué tiene el vino de malo?» edo horrelakoren bat esango luke, ziur asko.

Gaztelania utzi gabe, sorburutzat ingelesa hartuko bagenu, aldiz, sintaxi aldetik literalagoa den «¿qué pasa con el vino?» erabil litekeela pentsa genezake; baina, esamoldea gaztelaniaz egon badagoen arren, itzulpenean ñabardura berri bat gehitzen ariko ginateke. Izan ere, ardoa ona ala txarra den eztabaidatu nahi duen norbaitek beharrean, normalagoa litzateke hitz horiek ardoa eskatu eta ekartzen ez diotelako ezinegonik dagoen norbaitek erabiltzea.

Emandako esaldiak adibide soilak dira, hutsetik asmatuak, eta testuinguruaren arabera beste aukera zuzen asko egongo dira, noski. Baina horrelako tira-birek pentsamendu bera ekartzen didate beti gogora: edozein hizkuntzatara egindako itzulpenak irakurtzerakoan, narrazioaren estiloa zoragarria denean ere, elkarrizketetara iristean halako kutsu plastiko, artifizial bat hartzen diedala askotan pertsonaien hitzei. Eta pena hartzen dut elkarrizketak behar bezainbeste zaintzen ez direla ikusita, azken finean, irakurleak gure hitzei esker buruan eraiki duen pertsonaiari ahotsa ematen ari baikara, eta hori bada nolabaiteko ardura.

Horregatik, nik ere, Juan Luisek bezala, «goxotasun» moduko bat edo, hobeto esanda, esker ona, eta handia, sentitzen dut itzultzaileak pertsonaien izaerak bereganatu eta kontakizunak dioena bere buruan xede hizkuntzan antzezteko tartea hartzen duenean. Horrelakoetan ahaleginik gabe irensten baitut itzulpena.