Euskal Herritik mundura

Amaia Lersundi Pรฉrez

Duela gutxi berri bikaina jaso dugu euskal ikerlarion artean: Euskera aldizkaria JCR datu-basean indexatu dute. Agian ez da albiste handia hedabide handientzat, baina guretzat, euskaraz ikertzen eta idazten dugunontzat, mugarri esanguratsua da. Izan ere, maiz entzuten dugu euskaraz ezin dela goi mailako zientziarik egin, edo ekoizpen akademikoek balio izateko, derrigorrez ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez edo beste edozein hizkuntza hegemoniko batean idatzi behar direla. Baina horrek ez du zertan hala izan. Euskaraz ikertzea ez da soilik aukera bat, eskubide bat ere bada. Eta horrelako lorpenek erakusten dute hizkuntza gutxitu batean egiten den zientzia ez dela bigarren mailako zientzia, eta bideak irekitzen dituzte beste aldizkari batzuk ere maila horretara heltzeko.

Euskera aldizkaria urte askoan aritu da euskara hutsean kalitatezko lan akademikoak argitaratzen, eta orain, indexatuta egonik, bertan argitaratutako edukiak nazioarteko datu-baseetan kontsultatu ahalko dira. Honek esan nahi du euskaraz idatzitako ikerketak ikusgarriagoak izango direla, balio handiagoa hartuko dutela akademikoki, eta, batez ere, euskara ikerketa-hizkuntza gisa legitimatzeko urrats sendo bat dela. Bide horretan, ezinbestekoa da unibertsitate, ikerketa-talde eta kalitatezko agentziek, batez ere, euskarazko ekoizpenari behar duen aitortza egitea, ikerlariek ere ausardiaz eutsi diezaioten euskarazko ekoizpenari.

Soberan dakigu euskaraz irakastea ez dela nahikoa: euskaraz pentsatu behar dugu, sortu, euskaraz zalantzan jarri, eta euskaraz argitaratu behar dugu. Hizkuntza batek bizirik iraun dezan, goi mailako diskurtsoak ere behar ditu, eta zientzia da horietako bat. Euskara akademikoki erabili, landu eta aberastu behar dugu, gure belaunaldiaren eta ondorengoen mesedetan. Horregatik, Euskera aldizkariaren indexazioa ospatzeaz gain, etorkizunari begira konpromisoa hartu behar dugu: euskarazko ikerketa sustatu eta defendatu, gure hizkuntzari ere ikerketa munduan bere lekua emanez.

Iturriaga, Moby Dick eta irakaskuntza

Aintzane Ibarzabal Esnaola

Hernaniko kanposantuko kale-kantoi batean Agustin Paskual Iturriagaren (1778-1851) hilobi hondatu eta lizunak jandakoarekin ezustean topo egin ondoren, idazlearen bizitza eta obra irakurtzeari ekin nion. Besteak beste, Klasikoak saileko Jolasak liburua (1842), 1987an berrargitaratu zena.

Patxi Altuna arduratu zen argitalpenaz, eta hitzaurrean Agustin Iturriagaren bizitzaz eta, batez ere, haren idazlearen irakasle lanaz ari zaigu. Iturriaga oso gazterik hasi zen irakasten (1797a baino lehenago). Ikasketak egin ondoren, gainera, eskola bat ireki zuen Hernanin eta irakasle aparta izan zela diote ikerlariek (โ€œzekiena baino gehiago irakasten omen zuenโ€). Dena dela, eskolak ez zuen luze iraun (1823 ingurura arte edo). Ikertzaileen esanetan, Iturriagak salaketak izan zituen, Voltaireren eta entziklopedisten filosofia azalduz, gazteak galbideratzen omen zituelako. Giro horren eraginez, atzerrira joan behar izan zuen 1841ean. Handik urte batzuetara Hernanira itzuli eta han geratu zen hil arte (1851).

Garbi dago garai hartarako oso aurrerakoiak izan zirela haren joera didaktikoak eta hizkuntzari buruzkoak, gaurko ikuspegitik aurrerapen horiek oso urrun ikusten baditugu ere. Euskarari eman zion trataera ere guztiz berritzailea izan zen: ikasleen ama-hizkuntza (euskara) kontuan hartu behar zela zioen, irakaskuntzako gainerako ikasgaietan murgiltzeko.

Liburuaren hitzaurrearen amaieran Altunak dio COUko ikasle aurreratuenek euskalkiak ikasteko irakurgai aproposa izango dela Iturriagaren liburua. Aipamen horrek gogora ekarri dit gaurko Batxilergoko ikasleek euskal idazle klasikoekin duten harremana (aurreratuek eta ez aurreratuek). Batxilergoa, eta azken urtea bereziki, USE/EAU proba gainditzera eta emaitza onak izatera dago bideratua. Hala, euskal literaturak ez du lekurik (ez prestigiorik), are gutxiago euskal idazle klasikoen irakurketak edota testu iruzkinek.

Iturriagaren testuetan, oro har, sumatzen da idazlearen asmo didaktikoa, bai alegietan, elkarrizketetan eta baita hark itzulitako eglogetan ere, baina Jolasak liburuko elkarrizketetako azalpenek beste liburu batera jauzi eginarazi didate.

Irakaskuntzatik erretiroa hartu ondorengo abantailetako bat liburu mardulak irakurtzeko denbora izatea da. Marduletan mardula da Juan Gartziak itzulitako Moby Dick, Herman Melvillek (1819-1891) 1851. urtean argitaratua: Iturriaga hil zen urte berean.

Bi idazleen arteko lotura egitea ez zait zentzugabea iruditu. Garai berekoak dira biak eta testuen zati didaktikoetan, hizkuntzaren erabilerari dagokionean, batak bestearen oihartzuna ekarri dit. Izan ere, mundu iraganaz ari zaizkigu biak, antzinako jarduerez. Landa giroko gaiez elkarrizketak erabiliz Iturriaga; baleaz eta balearen arrantzaz 135 atal eta epilogoa dituen nobela luzean Melville.

Irakaskuntzak ere lekua du bi testuetan. Iturriaga irakasle ospetsua izan zen, elkarrizketen bidez irakatsi nahi izan zien ikasleei, bai hizkuntza eta bai edukia. Eskola maisu izandakoa da Melvilleren pertsonaia ere, Ismael, itsasora marinel gisa abiatzen dena. Irakasle senez ematen dizkigu baleaz eta balearen arrantzaz azalpenak eta argibideak.

Ez da prosaren estiloa (Melvilleren prosa zentzu batean didaktikoa izateaz gain, poetikoa ere bada, aberatsa, sakonaโ€ฆ), ez da forma zehatza ere (elkarrizketa soilak dira Iturriagarenak, paragrafo luze eta korapilatsuak ditu Melvilleren nobelak). Hizkuntzaren kutsu arkaikoak ekarri dit burura bi testuen arteko ahaidetasuna.

LEHENBIZICO JOLASA

Antonio: Basilio lengo eguneco zure jolasac arras jostatu ninduen,

B: Atseguin det jaquitea

(โ€ฆ)

A: Esan zadazu nola eguiten duen obra eder ori.

B: Bada inguma mota bat zuria ta lodia. Onec eguiten dituen arraultcetatic irteten dira ar guztiz chiqui batzuec. Bereala asten dira masust arbolen ostoa jaten. Jaten dijoacen becela dijoaz anditzen. (โ€ฆ) Capuleac ifintcen dira ur iraquiรฑean eta an beratzen dira. Artcen da izpi bat, eta dauden lecutic atera gabe dijoaz ascatcen . Matazuran izpia artuaz, eguiten da mataza, ascatcen dijoan becela.

A: Norc esan icusten diran sedazco jantzi ederrac zor zaizcala ingumari!

B: Capulearen barrenen dauden arrac oso osoro ezcur alea dirudite.

A: Illac, ala biciac daude?

B: Illac gure beguietan, baรฑa uda berrian irteten dira capuletic inguma biurturic.

A: Ori gauzaren miragarria!

B: Bi gauza oietatic zein deritzazu miragarriagoa? Piztea ala inguma biurtzea?

A: Ain arrigarria arquitzen det ar bat inguma biurtcea, non il bat piztea.

B: Eguiaz, arritceco gauza da gaur lurrean arrastaca dabillen arra , bigar egan len zan baรฑo ederragoa icustea. Onen vistan ez da gaitz sinistea pistuco guerala gu ere egunen batean len baรฑo ederragoac. Inguma berri oiec eguiten dituzte arraultzac eta bereala iltzen dira.

A: Cer, orren dembora guchian bicitzen dira?

B: Bai, eta badira abereac oraindic guchiago bicitzen diranac.

A: Ori orrela bada, ez degu cer errencuratu gure biciaren laburtasunaz.

Jolasak, 1842
95 Sotana

Igo bazinate Pequodera balearen hil ondoko disekzio horren une jakin batean, eta aurrera urrats egin gindaxaren ondotik, duda handirik ez dut jakin-min ez txikiz arakatuko zenutela objektu guztiz harrigarri, enigmatiko bat, han ikusiko zenutena luzetara etzanik haizebeko isurbideetan. Ez balearen buru itzeleko zisterna berebizikoa, ez haren beheko baraila gontzetik irtenaren txundigarria, ez haren buztan simetrikoaren miraria, horietarik ezein ez litzaizueke hain harrigarri, nola so erdi bat egitea horrako kono igargaitz horri; kentuckytar bat altu den baino luzeagoa, oinbete inguru diametroz oinarrian, eta hain atxabitxi-beltz nola Ioio, Queequegen idolo ebanozkoa. (โ€ฆ)

Moby Dick, 1851

Amaitzeko, duela gutxi Homeroren Odisea itzulpen argitaratu berriaren aurkezpenean Matias Mujika itzultzaileak azaldu du jatorrizko bertso luze, monotono, ia hipnotikoak itzultzeko Ziburuko Etxeberriren testua erabili duela eredu gisa.

Adierazpen horiek ezin egokiagoak dira hemen azaldutakoa baieztatzeko. Hau da, euskal idazle klasikoak baliabide egokia dira itzulpenetarako eta haien lanak ezagutzea premiazkoa da. Itzultzaileek arrakastaz erabili dituzte euskal idazle klasikoen ereduak zenbait idazle klasikoren lanak itzultzeko (Shakespeareren Sonetoak, Hamlet; P. Chardelos de Laclosen Harreman arriskutsuak, Melvilleren Moby Dick, Margarita Nafarrokoaren Heptamerona edo Homeroren Odisea bera).

Lan horietan itzulpenetatik euskal idazle klasikoetara jauzi egin dezakegu eta euskal idazle klasikoetatik itzulpenetara. Horregatik, ausartuko naiz esatera irakaskuntza orokorrean euskal idazle klasikoen testuei lekua egin behar zaiela[1], etorkizuneko irakurleentzat onuragarria izango delako, jakinda ere oso zaila dela hori helburu guztiz praktikoak, teknologikoak eta merkantilistak nagusi diren giroan.

Orain Iturriagaren aztarnak aurkitzea falta da. Udalak jakinarazi digunez, kanposantuko hilobi lizunak jandakoan ez dirudi gorpuzkirik dagoenik. Ea artxibategiko langileek nonbait aurkitzen dituzten. Bitartean, hor ditugu idazlearen testuak zain.


[1] Ezin egokiagoa Noeren ontzia web orriak euskal testuak lantzeko eskaintzen duen materiala.

Txandrioa litzateke

Uxue Rey Gorraiz

Ahozko hizkera idatzira ekartzeko manerari buruzko gogoeta franko irakurri ditugu azkenaldian han-hemenka. Neronek ezin gusturago leitu ditut, esaterako, Miren Amurizak eta Uxue Alberdik nork bere liburuaren karietara alderdi horri buruz esan dituztenak. Ahozko hizkera imitatzen duen idaztankera jakin bat imitatu du Amurizak Pleibak-en: malguago aritu da lexikoan, baina euskararen jatorrizko egiturak asko zainduta, betiere. Horrela jardunez, eroso sentitu da eleberriko protagonistaren euskara erdarazko adierazpenez busti duenean, adibidez. Eta, hain justu, Alberdik ere antzeko tesia bistaratu du Hetero liburuko zenbait ipuinetan baliatu duen hizkerari buruz galdetu diotenean. Jostatzearen alde azaldu da idazlea, baina ohartaraziz ezin dela nolanahi aritu: ยซApurketak eta zikintze ariketak errespetu handiz egin daitezke, edo batere errespeturik gabe. Ni ongi ardazten saiatzen naiz, eta, gero, dantza egiten, eta, ahal badut, zipriztintzen. Eta zipriztina euskaรฑolarena izan daiteke, gipuzkerarena, mendebaldeko euskararena…ยป.

Esplikatzekoa naizen hau ez da gauza bera. Aipatu kasuetan, Amuriza zein Alberdi, biak ari baitira, berez, fikziozko istorio bat idazteari buruz, baina inoiz norbaiti egindako elkarrizketa bat transkribatu eta hura idatzita eman behar izan kasik edonork ulertuko du, aise, ariketa horretan ere izaten dela gisa horretako buruhausterik, dudarik, edo halabeharrez hartu beharreko erabakirik. Behintzat, hori gertatzen da elkarrizketa egiteko arrazoia ez denean formaltasun betekoa, eta eutsi nahi zaionean hizlariaren hizkeraren koloreari, tonuari; nahi bada, baita graziari ere.

Baina, jakina, testuok derrigor behar dute orrazketa, eta nik, hizketan ari denean erdarakadak erreparorik gabe sartu zalea baina aldi berean aski garbizalea den honek, orduan izaten ditut nahi baino zalantza gehiago. Oraindik gogoan dut orain dela pare bat hilabete, disimuluan, egunkarian jambo hitza plazaratzen saiatu nintzenekoa. Iruรฑerriko musika talde bateko abeslariaren adierazpen batzuen parte zen. Baina jambo-k ez zituen pasatu iragazkiak. Eta, haren ordez, tipo jartzeko eskatu zidaten. Ulertu nuen zuzenketa, baina oraindik ere ez nago guztiz ados โ€•nahiz eta kexatu ere ez nintzen kexatuโ€•. Jambo-rena ยซzipriztinยป ederra zelakoan nago, Iruรฑerriko gazte kuadrilla bat trazatzeko eta irudikatzeko elementu polit-polita.

Kontuak kontu, bestelako zerbait gertatu zait berriki, Chill Mafiako kide Julen Goldarazena Flako Fonki-rekin izandako solasaldia paperera ekartzea tokatu zaidanean. Egiari zor, zailegia ere ez da izan, txukun egiten du euskaraz, eta, gainera, sorpresa polit batzuk hartzeko ere balio izan dit ariketak. Horretara dator hau guztia.

Grabagailuak erregistratutako audioa transkribatuta, hau dio Goldarazenak hitzez hitz: ยซEgiten ditut sekulako txandrioak, bolada batzuetan se me va la ollaโ€ฆ eta esango nuke hori gertatzen zaigula guztioiยป.

Txandrio hitza irakurri โ€•eta adituโ€•, eta, zuzenean, zera pentsatu nuen nire kolkorako: ยซFijo kanpoan utzi beharko dudalaยป. Bai zera: inozoa ni. Honek bai, pasa zituen iragazkiak. Ondotik, sarean bilaketak egiteari ekin nion, eta hori poza hartu nuena ikusi nuenean bazirela zientoka adibide. Salbuespen bakanetakoa, Euskaltzaindiaren Hiztegian; hor ez dago jasoa. Hortaz, txoko txiki honetatik, jaso beza akademiak hura hiztegian kabiarazteko eskea. Ez esan, faborez, ez dela hitz guapoa โค

Hiztegian jasotzeko eskea ez da kapritxoa, gainera. Gutako askoren bizitzetan duen tradizioa aski ez balitz, hona hemen txandrio hitzaren bueltako zenbait bitxikeria.

  • Kontsultarako lehenbiziko iturria: Egungo Testuan Corpusa (ETC).

Txandrio hitzaren edo bere aldaeraren baten 78 agerraldi daude jasota. Haietako batzuk izen propioei loturikoak dira; omen, badirelako izenean txandrio daukaten zenbait elkarte, musika talde eta bertso eskola. Edonola ere, adibideen gutxienekoa dira.

78 agerraldietatik, literatur lanei loturikoak dira 25 โ€•jatorrizko testuetakoak dira 23, eta itzulpenetakoak biโ€•. Hona hemen zenbait adibide:

Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000
Ustel gertatutako gosariak mokor kakaztua ezarri berria zuen, zorteak azken aldi horretan egin zizkidan txandrio guztien meta gainean.
Mendi-joak, Aingeru Epaltza, Elkar, 2017
Krisi erakutsi nion txandrioa, jakinik ere ez zidala konponbiderik emanen.
Hodei berdeak, Jon Alonso, Susa, 2003
Baina, orokorrean, txandrio bat izan zen.
Zintzoen saldoan, Jon Alonso, Txalaparta, 2012
Bestalde, zuk “aitzakia” deitzen duzu, baina bene-tako txandrioa izan da: “aitzakiaz” beteta utzi dituzue bazterrak.
Deklaratzekorik ez, Beรฑat Sarasola, Susa, 2019
Gorteko txandrio giroak ere ez dio laguntzen jeneralari; azken porroten ondoren hasiak dira On Carlosen inguruko mingain-leunak, bazter nahasle guztiak -“covachuelistas y acรณlitos” deitzen die Galdosek-, berriketan, Zumalakarregiren abilezia estrategiko-militarrak zalantzan jartzen, hobe lukeela erregea bera jarriko balitz -Jainkoaren bedeinkapena izaki- […]
Etxeko hautsa, Anjel Lertxundi, Alberdania, 2011
Ez nuen ateraldia kontrolatzen jakin, egina zegoen txandrioa.
Hilabete bat Montalbanorekin, Andrea Camilleri (Fernando Rey), Igela, 2011
Itzuli zirenean ohartu zituan txandrioaz.

Literaturaz apartekoetan ere adibide franko dago. Goenkale telesailarenย  Testamentuaren afera atalean aditu liteke hitza โ€•2013ko maiatzean pantailaratu zutenโ€•, Nekane pertsonaiaren ahotik aterea. Gainera, literaturan ez ezik, Anjel Lertxundik Berria egunkarian argitaratutako iritzi zutabeetan ere erabili du txandrio, behin baino gehiagotan, โ€•2015eko Damua garaiz-en, adibidezโ€•, eta Maialen Berasategi Catalanen zutabe bat ere bada jasoa ETC-n, horrexegatik:

Berria, 2018-03-29, Sormenaz, ogiaz
Muin-muinean dauzkagu sortzaileak, sortze hutsa beti balitz bezala onuragarria, edo suntsipenaren antonimoa: sormen artistiko, teknologiko eta (zer esanik ez) ekonomikoak sekula ekarri ez baligu bezala mordoilorik edo, are, txandrio alimalekorik.
  • Bigarren kontrastea: Ereduzko Prosa Gaur (EPG) ataria.

Gutxi-asko, aurrez ETC arakatuz ateratako ondorioak berresteko balio izan du kontsultak honek. Haren arabera, txandrio zazpi esalditan azaldu da prentsan, eta lau liburutan literaturan; hain justu ere, Jon Alonsoren eta Migel Angel Mintegiren lan banatan, eta Aingeru Epaltzaren bitan.

Elearen jatorriari dagokionez, Orotariko Euskal Hiztegiko sarrera batean pista gutxi batzuk dira jasota.

txandrio.
“(Sal, R-uzt), jugarreta. Txandrio egin, hacer una jugarreta” A. Cf. VocNav: “Chandrรญo, estropicio, desaguisado, daรฑo, desgracia […] (Es voz tรญpica de Navarra y de uso general). […] Revoltijo, desbarajuste, desorden (Corella)”.

Eta, sarrera horretan adierazia ez badago ere, jakina da, Nafarroan ez ezik, txandrio tradizio handikoa dela Aragoin; kasu horretan, ch-z idatzita, jakina: chandrรญo. Horren harira, Aragoiko Maite Moret filologoak emandako azalpen batzuekin egin dut topo arestian, eta, haietan, hark zioen litekeela dela txandrio hitza euskarazko etxeko-andre adieratik eratorria izatea. Edonola ere, zertan katramilatu jatorrian: hiztun askoren eguneroko hizkeraren parte izatea ez al da dagoeneko aski arrazoi akademiak aintzat har dezan? Bide batez, jakin-mina dut: zenbateraino erabiltzen duzue, ahozkoan, Nafarroatik kanpoko euskaldunek?

Jakin-minez irakurtzen dut, aldiro, Euskaltzaindiak sei hilabetean behin egiten dituen eguneraketen zerrenda. Esate baterako, iragan urtarrilean ilusioa sentitu nuen akademiak jasotako 795 forma berrien zerrendan ikusi nituenean ajoarriero, kalderete, lebitatu, sexualizatu eta beste. Baietz nire hitz kutuna bildu hurrengoan! Lasai-lasai biziko gara bestela ere, erabili ere halaxe erabiliko dugu, baina zertan ezkutatu: txandrioa litzateke. Eta listo, aski apologia gaurkoz.

Ikusizko itzulpena, ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin

Claudia Torralba Rubinos

Izenburuko hiru terminoak nahasian erabili izan dira interpretazioaren arloko ikasketetan, oso ondo zehaztu gabe non dauden batzuen eta besteen arteko mugak. Kontua ez dago ebatzita, inondik inora ere, auzia ez baita bakarrik terminologikoa, kontzeptuala ere bada. Sarrera honetan hiru planteamendu ezberdin azalduko ditut, abiapuntua jarri eta elkarrekin gogoetatzen hasteko. Gogoeta bikoitza proposatzen dizuet: esanahiaren eta izendapenaren gainekoa.

Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirrek (2003) hiru kontzeptuak biltzen dituen hiperonimo gisa darabilte ikusizko itzulpena terminoa. Haientzat, idatzizko testu bat ahoz birformulatzea da ikusizko itzulpena egitea. Hau da, kanal-aldaketa baino ez dute kontuan hartzen. Funtzioen eta modalitateen arabera sailkatzea proposatzen dute.

Azpisailkapena egiteko abiapuntua da ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala. Funtzio komunikatiboa duenean, interpretazioarekin lotuta dago beti, helburua hartzaileei idatziz dagoen informazioa ahoz ematea delako. Kasu horretan, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatea da, eta azpimodalitateak ditu, besteak beste, artikulu honetan hizpide ditugun ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin (edo testuarekiko aldibereko interpretazioa).

Dena den, beste azpimodalitate batzuk ere aipatzen dituzte Jimรฉnez-Ivarsek eta Hurtado-Albirrek (2003) beren artikuluan โ€•zuen baimenarekin, jatorrizko izendapenak jarriko ditut, itzuli gabe, anabasa terminologikoari ekarpenik ez egitekoโ€•: traducciรณn a ojo edo traducciรณn a primera vista, traducciรณn a la vista preparada, traducciรณn a la vista consecutiva eta traducciรณn a la vista en interpretaciรณn consecutiva.

Funtzio instrumentala duenean, aldiz, beste helburu bat lortzeko bitarteko bihurtzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori idatzizko itzulpena egitea izan daiteke, edo, adibidez, atzerriko hizkuntza batean lortutako ezagutza egiaztatzea. Beraz, funtzio instrumentala duenean, ikusizko itzulpenaren helburua produktu bat lortzea edo zerbitzu pedagogiko bat ematea da, eta, ondorioz, itzulpen-estrategiatzat eta pedagogia-estrategiatzat har daiteke. Hona hemen Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) proposamena, laburtuta:

1. irudia: Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirretik (2003) hartua.

Pรถchhacker-ek (2004), aldiz, honela bereizten ditu hiru terminoak eta izendatzen dituzten kontzeptuak:

Harentzat, ikusizko itzulpena idatzizko testu bat ahoz itzultzea da, baina interpretazioaren testuingurutik kanpo. Hau da, bat dator Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren funtzio instrumentalarekin: interpretaziotik kanpoko edozein testuingurutan idatzizko testu bat ahoz itzultzea litzateke ikusizko itzulpena egitea, eta hainbat helburu betetzeko balio dezake.

Ikusizko interpretazioa, aldiz, interpretazioa egiten den testuinguruei lotuta dago hertsi-hertsian. Esan osteko interpretazioa egiten den testuinguruetan egin ohi da, eta ez dago hizlariaren diskurtsoari jarraitu beharrik, ez delako aldi berean egiten. Are gehiago, interpreteak xede-hizkuntzan irakurtzen ari delako inpresioa eman behar du (Angelelli, 1999). Beraz, Pรถchhackerrek (2004) Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) funtzio komunikatiboko azpimodalitate batzuetara mugatzen du ikusizko interpretazioa terminoa.

Eta โ€œbatzuetaraโ€ diot, hain zuzen, aldibereko interpretazioa testuarekin aldibereko interpretazio mota berezitzat hartzen duelako. Ikusizko interpretazioa neurri handi edo txikiagoan eskatzen duen aldibereko interpretazio mota konplexua dela dio, baina ez du ikusizko itzulpenaren azpimotatzat hartzen.

Azkenik, Lambert-entzat (2004) erabat sinonimoak dira ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin terminoak. Ikusizko itzulpenarekiko duten ezberdintasuna da hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar direla, eta, beraz, bi input kudeatzea eskatzen dutela: ikusizkoa eta entzunezkoa.

Ikuspegi horrek Cammoun et al.-en (2009) kritika jaso zuen, termino biak sinonimotzat jotzeak maila berean jartzen dituelako ikusizko itzulpena eta testuarekiko aldibereko interpretazioa, itzulpena hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar den ala ez โ€•eta horrek dakartzan zailtasunak eta erronkakโ€• kontuan hartu gabe.

Argi dago gutxi ikertutako esparruetan ohikoa den terminoen eta kontzeptuen gainjartzea dagoela arlo honetan ere. Horregatik, garrantzitsua da gaiari buruzko ikerketetan argi eta garbi adieraztea zeri egiten zaion erreferentzia termino bakoitzarekin, anbiguotasunak saiheste aldera. Gainera, ez dugu bistatik galdu behar euskarazko ordainak sortu, erabili eta finkatu egin beharko direla momenturen batean, eta ziurrenik itzulpenaren eskutik etorriko direnez, litekeena dela aukera bat baino egotea. Horregatik, arloko adituen esku dago termino horiek euskaraz nola, noiz eta zer izendatzeko erabiltzen ditugun erabakitzea.

Oraingoan nire espezializazio-alorreko adibide bat ekarri dizuet, baina uste dut estrapolagarria dela beste alor batzuetara ere. Izan ere, lan akademikoetan, edukian zentratzen gara askotan โ€•izanean, eta ez izeneanโ€•, eta ez diogu behar besteko denbora eskaintzen gogoeta terminologikoa egiteari. Ondorioz, aurretik erabilitako terminoak beste kontzeptu batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu, edo ordain berriak proposatu, aurrekoak ezagutu gabe. Eta, kontziente ez garen arren, gure jardunak eragin zuzena du hizkuntza txikituen normalizazioan eta hizkera espezializatuen garapenean eta finkapenean. Gutako bakoitzak egiten dituen hautu txikiek eragin handia dute sarritan gure espezializazio-arloetan, eta funtsezkoa da horretaz kontziente izatea.

Dena den, ikasiz ibiltzen da oinez, ez pentsa. Gogoan dut nire Gradu Amaierako Lanaren defentsako epaimahaikide batek galdetu zidala โ€œzergatik ikusizko itzulpena eta ez ikusizko interpretazioa? Ez nuen jakin erantzuten.

Erreferentzia bibliografikoak:

Angelelli, C.V. (1999). The role of reading in sight translation, The ATA Chronicle (Translation Journal of the American Association of Translators), 28(5), 27-30.

Cammoun, R., Davies, C., Ivanov, K. & Naimushin, B. (2009). Simultaneous Interpretation with Text. Is the text โ€˜friendโ€™ or โ€˜foeโ€™? Laying foundations for a Teaching Module. Master of Advanced Studies in Interpreter Training. Seminar paper. Geneva: Genevako Unibertsitatea. https://www.academia.edu/3172232/Simultaneous_Interpretation_with_Text_Is_the_Text_Friend_or_Foe_Laying_Foundations_for_a_Teaching_Module

Jimรฉnez, A. & Hurtado, A. (2003). Variedades de traducciรณn a la vista. Definiciรณn y clasificaciรณn, Trans. Revista de Traducciรณn, 7, 47-58. https://revistas.uma.es/index.php/trans/article/view/2946/2739

Lambert, S. (2004). Shared Attention during Sight Translation, Sight Interpretation and Simultaneous Interpretation, Meta, 49(2), 294- 306. https://www.erudit.org/en/journals/meta/2004-v49-n2-meta770/009352ar/

Pรถchhacker, F. (2004) Introducing Interpreting Studies, Londres: Routledge.

Arrautzopila, tortilla, amuarraina

Angel Erro

Arrautzopila eta tortilla

Modu xaloenean arrautza irabiatu eta zartaginean buelta eta buelta prestatutako jakiari euskaraz gutxienez hiru formatan deitu ahal zaio: arrautzopila, tortilla eta omeleta. Eta hala egin dute euskal idazle ezberdinek, bakoitzak bere gustu estetikoei, bere behar narratiboei edo bere unean uneko apetari jarraituz. Arrautzopil darabilte Iรฑaki Segurolak eta Juan Kruz Igerabidek, esaterako, Gaur ere ez du hiltzeko denborarik egingo eta Hauts bihurtu zineten lanetan, hurrenez hurren. Arrakasta gehiago du tortilla hitzak, Ereduzko prosa gaur webgunean egiaztatu ahal izan dudanez, bertako corpusean, itzulpenak aintzat hartu gabe, 81 aldiz agertzen delako, 28 idazleren eskutik. Horri gehitu behar zaio beste hiru agerpen tortila grafiapean. Omelet aldaerak jarraitzaile gutxiago du: Koldo Izagirre edo Joseba Sarrionandia hartaz baliatzen dira, kasu, Sua nahi, Mr. Churchill? eta Lagun izoztua lanetan.

Itzultzaileek ere beren itzulpen lanetan hiru hitzon artean aukera dezakete. Baina, kasu honetan, haietako baten erabilpenak okerrera eraman dezake, bi jaki ezberdinak nahasita: osagai nagusia arrautza duen ore frijitua, alde batetik, eta, bestetik, arto edo gari irinez egindako talo modukoak, Hego Amerikako sukaldaritzan, eta bereziki Mexikokoan, hain ezagunak direnak. Euskaraz, gaztelaniatik datorren polisemiak kutsatuta, biei tortilla izena ematen ahal zaie.

Truman Capoteren Odol hotzean eleberrian (Igela, 1993), Texasetik Mexikoko muga zeharkatu ondoren โ€œtortilla hotz, oliotsu bat ari zen jatenโ€ protagonistetako bat (jatorrizkoan ere, โ€œhe was eating a cold, oily tortillaโ€). Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua-n (Elkar, 1986), berriz, zerbitzariak jauna hotz ote den galdetzen dio โ€œmahai gainean tortila bat uzten duen bitarteanโ€ (edo โ€œputting an omelette on the tableโ€). Tortilla (edo tortila) darabilte euskaraz Gaรซl Fayek, Dolores Redondok, Jean-Paul Sartrek, Graham Greenek, Dashiell Hammetek, Maxim Gorkik, Jack Kerouacek, Malcolm Lowryk edo John Steinbeckek[1]; eta euskal irakurleak, jatorrizkora jotzerik ez badu, kontestuari-edo jarraituz erabaki beharko du, asmatu nahi badu egile horietatik zeintzuk ari diren mota bateko tortillaz [erantzuna: hasierako seiek] eta zeintzuk besteaz [amaierako hirurek].

Nahasbiderik ez dute itzulpenean erabilitako arrautzopil hitzak, zeina, bide batez, seguruenik horrexegatik euskal idazleengan baino maiztasun handiagoaz agertzen baita euskal itzultzaileengan, eta omelet hitzak.

Tortilla eta amuarraina

Sukalde kontuetatik atera gabe, bada beste erabilera polisemiko nahasgarri bat, oraingoan eremu geografiko eta linguistiko bakarrean ematen dena. Katalanez hitz bera erabiltzen dute arrautzopila zein amuarraina izendatzeko: truita. Sarean begiratu dudan katalanezko hiztegian arrautza irabiatu eta frijituari ematen diote lehentasuna adieretan. Bigarren dator ur gezako arraina. Paradoxikoki, hitzaren jatorrizko adiera bigarren hau delako (latinezko tructa hitzetik datoz katalanazko truita, gaztelaniazko trucha, frantsesezko truite edo italierazko trota). Arrautzekin egindako jakia ere katalanez truita izendatzearenak erabilera metaforiko batean omen du jatorria: gurean tortilla frantsesa deitzen dugun horrek duen itxurak arrain batena gogora dezake eta omeletari paderan eman beharreko itzuliak ere amuarrainek errekan ematen dituzten jauziak ekar ditzake burura.

Ez dakit katalanak nola moldatuko diren bata eta bestea bereizteko tenorean. Testuinguruari kasu eman behar zaio, ez zait besterik otutzen, eta baliteke beti ez asmatzea, testuinguruak laguntzen ez badu.

Orain egun batzuk Madrilgo liburutegi publiko batean Yo no soy Mikel Laboa eleberri grafikoa topatu nuen (Iturriaga, Cano eta Larretxeren Ni ez naiz Mikel Laboa-ren itzulpena). Ezusteak alaituta eta jatorrizkoa irakurria ez nuenez, maileguan hartu nuen. 86. orrialdean Mikel Laboak Marisol Bastida emazteari โ€œnecesitamos menos psiquiatras y mรกs somiatruitesโ€ esaten dio, biak alabarekin Bartzelonan bizi direla. Jarraian azaltzen dio: โ€œes como dicen en catalรกn a quienes tienen muchos pรกjaros en la cabezaโ€ฆ, que sueรฑan con truchasโ€. Lau orrialde aurrerago, senar-emazteak korrika doaz eskaileratan gora alaba sehaskan lo lasai ote dagoen ikustera. Hala dago. Lo eta beharbada baita ametsetan ere, buru gainean lau amuarrain dituelako elkarri segika biribilean, mugikari batetik zintzilik.

Baina zerekin egiten dute amets katalan ameslariek? Amuarrain ala arrautzopilekin? Dudarik gabe lehen aukera poetikoagoa da (eta hala dela egiaztatzeko aski da aipatu komikiaren irudiak ikustea). Halere, jakin-minak hartaratuta aurkitu dudan onlineko informazioan balantza bigarrenaren alde makurrarazten dela ematen du. โ€œQui tรฉ gana, somia truitesโ€ esaeratik eratortzen dute, zeina bere aldetik โ€œqui tรฉ gana/fam, somia paโ€ esaeraren aldaera litzatekeen [hau da, gose denak omeletak amets, edo ogia amets].

Bitxia da benetan zerekin egiten duten amets hizkuntzan hizkuntzako gosetiek. Ogiarekin errumaniarrek, portugesek, poloniarrek edo greziarrek. Ingelesezko goseberak urrunetik aditzen du haragi errearen usaina. Mexikon, berriz, gose denak โ€œpiensa en tortillasโ€, baina ez, jakina, katalanek ustez buruan izan dezaketen berberetan. Hungariako katuek sagua dute amets eta โ€•gehitu ohi duteโ€• txerriak ezkurra. Hala egiten du euskal urde goseak ere, ezkurra amets. Edo, bestela, ogia amets txakur goseak. Hortik datoz, beraz, eginkizun eta helburu lorrezinak adierazteko, balizko errotekin eta haizezko dorreekin batera, euskaraz aukeran ditugun txakur-ametsak (edo txakurraren gauerdiko ametsak ere).

Lehengora itzulita, arrautzopilaren eta amuarrainaren arteko ezbai honek garai bateko beste irakurketa bat, Josep Plaren Kale estua (Igela, 2017) ekarri dit gogora. Orduko hartan jatorrizkoarekin alderatu gabe leitu banuen ere, katalanez nekien apurrak susmarazi zidan itzultzaileak ataka gaizto horri aurre egin behar izango ziola bi pasartetan: 9 orrialdean: โ€œAfalordua baino ordu erdi lehenago iritsi nintzen ostatura (โ€ฆ). Otordua antxoa ziztrin bat, mortadela-xerra eta eskarola-izpi batzuekin hasi zen; olio kiratsez eginiko tortilla bat eta okela mehe eta katu-belarria bezain larruantzekoarekin jarraitu zuenโ€. 74.ean, berriz, โ€œJaki-ontzia atera zuten. Mokadu jan zuten: amuarrain marguldua, sandwich batโ€.

Egiaztatu dudanez, Plak bietan pertsonaiei truita janarazten die: โ€œVaig arribar a la fonda mitja hora abans de lโ€™hora de sopar (โ€ฆ). El repร s sโ€™iniciร  amb una trista anxova, un tallet de mortadelยทla i uns brins dโ€™escarola; seguรญ una truita elaborada amb oli sentรณs i un bistec subtil i coriaci com una orella de gatโ€ eta, aurrerago, โ€œObriren els portaviandes. Menjaren una queixalada: una truita dโ€™una grogor esvaida, un sandvitxโ€. Nik, hori kolore hitsaren aipamenagatik, hondartzan jateko eramaten errazagoa izateagatik edo nik hotz hartu nahiago izaten dudalako, printzipioz esanen nuke tortilla dela bigarren kasuan ere. Lehendabizikoan, baina, ez nuke eskua olio kirats gainean jarriko.

Nolanahi ere, kasu batean ala bestean (izan tortilla ala tortilla, izan truita ala truita), bitxia da eleberri bateko pertsonaiek zer jaten duten nola aldatu daitekeen hizkuntza batetik, itzulpen batetik, bestera.


[1] Ondoko lanetan, hurrenez hurren: Ene herri txikia (Igela, 2019), Hezurren ondarea (Erein, 2013), Goragalea (Alberdania/Elkar, 2003), Giza faktorea (Ibaizabal, 1997), Maltako belatza (Igela, 1997), Ama (Ibaizabal, 1995), Errepidean (Pasazaite, 2018), Sumendiaren azpian (Alberdania/Elkar, 2008) eta, nola ez, Tortilla Flat (Elkar, 1995). Datu hauek guztiak EHUko Hizkuntzen arteko Corpusa webgunean bildu ditut.

Hizkuntzari buruzko lau poema jaso nituen oso denbora gutxian

Castillo Suarez

Behin batean, Euskaltzaindiko bileren ondotik edukitzen dugun bazkarietako batean, euskaltzain berri batek serio bota zuen: puntua eta koma gainbaloratuak daude. Eta barre egin genuen besteok. Nik, ezetz, eta akordura ekarri nuen Unai Maleskiren poema eder hura:

PLANIFIKAZIO ESTRATEGIKOA

1. Puntu eta koma egoki darabilen norbait topatu.
2. Anomalia horretan serio fokuratu.
3. Bortizki maitemindu.
Hori da plana.

Unai Maleski

Esan gabe doa ez dudala inor aurkitu, maitemintzeko bai, baina bortizki maitemintzeko esateko moduanโ€ฆ bada ez. Beharbada Parthenoperen gisakoa naiz ni maitasun kontuetan, eta ihesa dut maite, eta ez geratzea betiko nagoen tokian:

PUNTU ETA KOMA

Puntu eta koma izan nahi nuke,
nola egin dakienak bakarrik erabil nazan.
Geldi dadin, baina ez betiko;

Oihana Arana

Euskaltzaindiko bazkarietan ez dugu bakarrik puntuazioaz hitz egiten, eta, egun horretan, Alfontso Mujika gertu bazegoen ere, maitasunaz hitz egin genuen, edo, hobeki esanda, maitasunaren kontrakoaz. Izan ere, beste euskaltzain baten iritziz ez da gorrotoa maitasunaren beste aldekoa, dezepzioa baizik. Eta desmaitatu hitza hiztegian sartuta dugun ala ez hizketan hasi ginen, baina Miriam Urkia urrun zegoen galdetzeko. Nik Miren Agur Meaberen poema bilatu nuen telefonoan, nahiz eta jakin behin agertzea ez dela nahikoa arrazoi hiztegian sartzeko:

DESKODEA

Urruntasunetik neur dezaket kontzeptu zaharren hedadura
eta lurralde horretan galdutako odolak pisatu.

Aurrizki ezinbestekoen aroan nago,
des-/ez- eta ber-/bir- lexemez inguratuta.
Horien xarmak gidatzen dizkit atzamarrak
errautsen liburu hau eratzean.

Berbak letraz letra marraztean iruditzen zait
meteorito batez erditzear nagoela:
deseraiki, desmaitatu, deslekutu, desintoxikatu.
Hortzak estutu beharra dago
eta erritmoa galdu gabe putz egin
hots horiek benetan mundura ekartzeko:
berpentsatu, birjabetu, birjaio, berrasmatu.
Berba bakoitza untza bat da, baina bere musika dauka.

Azalaren kodeek bete dute sobera iraungitze-data.

Orain aurrizkien lengoaian hartu nahi dut aterpe:
deskode berri hau hautatzen dut iraultzaren beso.

Miren Agur Meabe

Atzizkien lengoaiara egin genuen jauzi, eta nik literaturan egiten ohi dugun tranpetako bat kontatu nien: nola Miriam Reyesen poema bat itzuli dudan, inork eskatu gabe, baina poeta ezagutzeko aukera izango dudala baliatuta, eta atzizkiak erabili ditudan preposizioen ordez.

Atzizkiak ez dira beti doi-doi lotzen.
Gomak izan beharko lituzkete ertzetan,
azpiko izarek bezala,
bere tokian geratzeko
gorputz baten inarrosaldietan.
Nigan pentsatzen duzula esaten duzunean ez duzu nigan pentsatzen;
nitaz pentsatzen duzu, baina urrutitik.

Miriam Reyes
Itzultzailea: Castillo Suรกrez

Izan ere, maitasun kontuetan, dena da libre editorerik ez dugun bitartean. Eta jatorrizkoan puntua eta koma jartzen ez duen tokian puntu eta koma jartzea ere bai. Puntuazio markak gehitu dizkiot Miriam Reyesekin batera dudan errezitaldi batean irakurtzeko nahi dudalako.

Las preposiciones no siempre se ajustan
deberรญan tener gomas en las esquinas
como las sรกbanas bajeras
para aguantar en su sitio
las convulsiones de un cuerpo.
Cuando dices que piensas en mรญ no piensas en mรญ
piensas acerca de mรญ pero desde lejos.

Miriam Reyes

Ni etxera isilik joan nintzen egun horretan, gutako bat gaizkitu egin zelako bazkarian. Eta Parthenope filmean egin nuen igeri berriz, ez nintzelako akordatzen han entzun ote nuen bizitza tentuz pasatu behar dela, metalen detektagailu batetik bezala, ez zitzaidalako iruditzen Bernardo Atxagaren esaldietako bat izan zitekeenik hori.

Hitanoa literaturan (laburbilduz)

Xabier Olarra

Aspaldidanik kezkatuta ibili naiz hitanoak literaturan behar lukeen lekuaz. 2022. eta 2023. urteetan hainbat nobela eta ipuin-bilduma irakurri beharra egokitu zitzaidan. Irakurketa horietan bereziki erreparatu nion haietan egiten zen hitanoaren erabilerari eta oro har pertsonen arteko tratamenduari. Gerora ere jarraitu dut horiek aztertzen eta aurkitu dudana saiatuko naiz ekartzen orri hauetara.

Idazleak, eta narratzaileak bereziki, maiz sartu behar izaten ditu elkarrizketak bere idazlanetan, eta, beraz, erabaki beharko du nola eman hizketa horiek: hitanoz edo tratamendu neutroan (zuka). Baina ez da hori eremu bakarra. Adibidez edonork, bere buruarekin hizketan ari dela, modu batean edo bestean egingo du. Eta poetak ere, norbaiti zuzenean mintzo bazaio, erabaki beharko du zuka, toka ala noka ari. Eta berdin itzultzaileak, esate baterakoย โ€œPoesรญa eres tรบโ€ itzuli behar badu. Beraz, artikulu honetan gainbegirada bat emango diot kontu horri.

1.- Euskaltzaindiaren 14. araua: Adizki alokutiboak (hikako moldea)

Honako hau dio Euskaltzaindiaren 14. arauak sarrera-oharretan:

1) Lehen-lehenik erran beharra da aditz alokutiboen parte bat baizik ez duela finkatu Euskaltzaindiak, hikako moldeari doakiona, hain zuzen ere. Zukako adizkera alokutiboek, ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen direnek, batu gabe segitzen dute, beraz, oraino.

2) Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan. Jakina denez, korapilo asko ditu erabilerak, bai morfosintaxiaren aldetik, bai eta, are gehiago, gizarteko baliagarritasunaren aldetik ere.

Beraz, hitanoaren adizkiak finkatu besterik ez zuen egin Euskaltzaindiak arau horretan, eta ez da gutxi. Izan ere, geroztik, esan dezakegu ordu arteko anabasa funtsean argitu zela eta gehienok arau horretan dagoenera egokitu garela. Baina ezer ez zuen esan hor erabilerari buruz.

2.- Hitanoa Euskara Batuaren Eskuliburuan

Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan ematen da โ€œgaur egungo alokutiboko jarduera molde hedatuenaren berriโ€. Honako hauek dira hor ematen diren nolabaiteko jarraibideak:

a) Hika mintzatzean, bigarren pertsona ez da ZU, HI baizik: zu etorri zara > hi etorri haiz.

b) Behin hika egitea erabaki bada, ezinbestekoa da hikako alokutiboan aritzea: *Hire laguna etorri da (> Hire laguna etorri dun/duk). Mintzakidearen erreferentziak ageri behar du aditzean: dun (emakumezkoa) / duk (gizonezkoa). Ez da hala gertatzen erregistro neutroan aritzean: *Zure etxera joango gaitun/gaituk (> Zure etxera joango gara).

c) Hika mintzatzean, hi tratamenduari dagokion adizkia erabiltzeaz gain (etorri haiz), 1. eta 3. pertsonetako adizkiak ere aldatu egin behar dira: Hi etorri haiz, baina besteak ere etorri (*dira) ditun/dituk; Hik egin didan/didak, baina haiek ere egin (*didate) zidaten/zidatek. Hik egin dun/duk, baina nik ere egin (*dut) dinat/diat.

d) Menderagailua daramaten aditzek, orain arteko erabileran eta tradizioan, ez dute alokutiborik eramaten:

?Andoni etorri dunala entzun dinat (> Andoni etorri dela entzun dinat (Baina bai: Hik egin dunala entzun dinat [hor ez dago alokutiborik])).

?Elkartzen gaitukenean, gogotik egiten diagu barre (> Elkartzen garenean, gogotik egiten diagu barre).

?Esan dik ez duala etorriko (> Esan dik ez
dela etorriko).

Oharra: Halere, mendebaldeko zenbait erabileratan, agertzen dira adizkera alokutiboak baldintza-perpausetan: Gure galdezka inor etortzen baldin badek, esaiok elkar hilda errekan gaudela.

e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).

Horko a) eta b) puntuetan esaten denak Pernandoren egien tankera dauka, baina ez dago alferrik esana. Zorrotz begiratuta, aise ohartuko gara maiz aurkitzen direla gaur egungo liburuetan hitanotik neutrora jauzi mortala aise aski egiten duten testuak. Are gehiago, esango nuke belarria hitanora ohitua ez duenak inolako arazorik gabe jarraituko duela irakurtzen holako jauziak egiten dituen testu bat (agian pentsatuz zilegi direla, eta idazlearen esku dagoela alokutiboa ala neutroa aukeratzea nahi duenean eta nahi duen bezala). Denoi gertatu zaigu, seguru aski, testu bat zuka idaztea eta momenturen batean hikara pasatzea erabaki, eta adizki edo izenordain edo bestelako intrusoren batzuk bertan gelditzea. Baina garbi dago EBEk dioenez, behin hika egitea erabakiz gero, ezinbestekoa dela hikako alokutiboan aritzea.

Beste pauso bat emanez, argitzen digute hika aritzean 2. pertsonako adizkia erabiltzeaz gain 1. eta 3. pertsonakoak ere aldatu egiten direla, alegia hori ere ez dela aukerakoa, baizik ezinbestekoa.

Hurrengo bi puntuak, d) eta e), muga morfosintaktikoei buruzkoak dira. Ez da oso belarri-zorrotza izan behar konturatzeko gaurko erabilera (batez ere Gipuzkoan, esango nuke) kaotiko samarra dela. Hala ere, uste dut gehienok โ€•mintzatuan hala ez egin arrenโ€• saihesten dugula menderagailua duten perpausetan hitanoa erabiltzea. Besterik gertatzen da galderazko perpausetan. Hitanoari buruzko artikulu sail honetako batean erakutsi nuen โ€•hainbat testutako adibideekinโ€• XIX. mendean galderazkoetan hitanoa maiz erabiltzen dela. Eta aipatu nituen XX. mendeko puntako zenbait idazleren adibideak: Lizardi, Lauaxeta eta Orixerenak, besteak beste. Horregatik adierazi nuen artikulu hartan agian bazela garaia Euskaltzaindiak erabilera horri bide ematekoa. Izan ere, nahiz eta ez izan lau katu โ€œbide klasikoariโ€ eusten diogunak, badira beste hainbeste edo gehiago galderetan hitanoari lasai asko bide ematen diotenak (โ€œBeti hala egin diagu-etaโ€ argudioarekin).

Esan daiteke jokalekua eta jokoaren arauak emanak direla. Baina hori oraindik gramatika besterik ez da. Eta horrek ez du dena konpontzen. Noiz, non eta nola edo norekin erabili, ez dago arautua.

3.- Hitanoa eta testuingurua

Sareko Euskal Gramatikan, honako hau diosku Xabier Alberdi adituak:

Bestalde, hizkuntzaren erregistroaren arabera, eta solaskideen arteko harremanean pisuzkoak diren gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkiaโ€ฆ) hautatzen da tratamendua: hitanoa, adibidez, lagunarteko erregistroari dagokio bete-betean; (โ€ฆ)โ€.

Alberdik dioenez, gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkiaโ€ฆ) hautatzen da tratamendua. Gizarte-aldagai horiek, noski, historikoak dira, eta historian zehar aldatuz joan dira. Esate baterako, nor ez da txundituta gelditu, lehenbiziko aldiz irakurtzean Leizarragaren Testamentu Berrian ageri den aitagurean Jainkoari (letra larriz adierazten den Aitari, alegia) hika egiten zaiola? (โ€œGure Aita zeruetan haizena, sanktifika bedi hire izenaโ€ฆโ€).

XX. mendean, adibidez, zenbait tokitan โ€œnormalaโ€ zen apaizari berorika hitz egitea. Hierarkia horrela adierazten zen, Espainiako soldaduskan koronelari โ€œUsรญaโ€ eta jeneralari โ€œVuecenciaโ€ (vuestra excelencia) esanez adierazi behar zen bezala. Euskaraz berorika egin beharko geniekeen, baldin Espainiako Armadan euskarak inolako lekurik izan balu. Ez dakit Eusko Gudarosteko batailoietan nola moldatzen ziren (ez dut uste Koronel edo Jeneral asko zegoenik, baina holako zerbait erabili beharko zuten hierarkia markatzeko. Hala ere, esango nuke diosalen kontu hau finkatzea baino arazo larriagoak izan zituztela garai beltz haietan).

Baina, gatozen harira. Xabier Alberdi irakaslearen โ€œHitanoa non eta nork erabiltzen duenโ€ artikuluan irakurleak nahi adina informazio aurkituko du hitanoaren gaur egungo erabileraz. Sareko Euskal Gramatikan berak dioenez, โ€œlagunarteko erregistroari dagokio bete-beteanโ€. Baina hori baino gehiago ere badela bistan da. Artikulu horretan zehatz aztertzen da familia barruko erabilera, gurasoek beren artean, seme-alabek beren artean zer tratamendu erabiltzen duten, simetria-asimetria kontuak eta abar. Bistan da badirela lege batzuk garaian garaiko ohiturak ezarriak, baina oro har hitanoa erabiltzeak nolabaiteko hurbiltasuna dagoela adierazten du, edo justu kontrakoa: gaitzespena, arbuioa, iraina. Batzuei nekeza egiten zaie norbait iraintzean erregistro neutroa erabiltzea, baina ezin esan hori bitxia denik (are gehiago hitanoa galdua den lekuetan): Hi alu nazkante bat haiz! / Zu nazkagarri bat zara.

4.- Hitanoa eta literatura

Sarreran esan bezala, idazleak edo itzultzaileak erabaki behar izaten du bere idazlanean hitanoa ala erregistro neutroa erabili. Horrela, XX. mendearen hasieran Txomin Agirrek Kresala idatzi zuenean, arrazoi soziolinguistikoak aipatuz, zuka egitea erabaki zuen. Aldiz, Garoa idatzi zuenean, antzeko arrazoiengatik, eta kontuan hartuz Garoa Oรฑatiko baserri-giroko nobela dela, hitanoa ere erabiltzea erabaki zuen.

Ramon Saizarbitoriak XX. mendearen azken laurdenean 100 metro idatzi zuenean, โ€œbigarren pertsonako nobelaโ€ denez, aipatutako bi aukeren artean hautatu beharra zeukan, eta hika egitea erabaki zuen.

Berriki irakurri ditudan XXI. mende-hasiera honetako bi nobela hauetan: Miren Amurizaren Pleibak eta Beรฑat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin, arrazoi literarioak tarteko, jarrera kontrajarria aurkituko dugu. Miren Amurizak Berrizko institutu-giroko nobela idaztean hitanoaren erabilera (norbaitek aholkatu bezala) โ€œkirurgikoaโ€ egitea erabaki du, giro hori โ€•institutuko bi neskaren arteko gorabeherakโ€• islatu nahi duen nobela errealista bat egitean hori iruditu baitzaio egokiena. Beรฑat Sarasolak, berriz, Frank Oโ€™Hararen eta Vincent Vincent Warrenen arteko elkarrizketak (XX. mendeko Estatu Batuetako bi maitale, poeta bata eta dantzaria bestea) hika irudikatu ditu.

Amorosen arteko solasaldiei gagozkiela, M. Prousten Denbora galduaren bilako lehen liburua itzultzean, noka eman zituen J.A. Arrietak Vinteuil andereรฑoaren eta haren lagunaren arteko solas morbosoak.

Berdin erabaki behar izan zuen James M. Cainen bi nobelatxo ospetsuenak, Postariak beti bi aldiz deitzen du eta Galbidea euskarara ekarri zituen itzultzaileak. Bi maitaleren arteko elkarrizketak agertzen zaizkigu hor ere. Lehenbiziko kasuan, hitanoa erabiltzea erabaki zuen, eta bigarrenean, berriz, zuka. Bigarren kasuan, nik uste, irakurleari erraztasunak ematearren edo irakurle gehiagorengana iristeko asmoz hartu zuen erabaki hori, kontuan hartuz, besteak beste, nobelaren giroa aurrekoan baino askoz hiritarragoa dela.

Itzultzaile berak Jim Thompsonen 1280 arima nobela itzuli zuenean, hitanoarena beste koxka bat estutuz, senar-emazteak elkarri hika jarri zituen, Euskal Herri osoan XX. mendean lege denaren kontra. Erabaki horren zurigarri aipa daiteke nobelaren giro basatia, senar-emazteek elkarrekiko duten jarrera ez oso adeitsua, eta oro har Estatu Batuetako herrixka eta baserri giroan kokatua izatea, eta hizkuntza-transposizioa egitean nolabait irensgarri gertatzen zaigula erregistro hori.

Aipatutako adibideetan ikusi dugu hitanoa erabili bai ala ez erabakitzerakoan arrazoi literarioak eta soziolinguistikoak izan direla tartean, eta ez nuke bukatu nahi itzulpenean arreta eman beharreko kontu batzuk aipatu gabe.

1.- Hizkuntza bakoitzak ditu bere erregistroak, eta horiek guztiak modu egokian erabiltzea aberasgarria da bai hizkuntzarentzat, bai sortzailearentzat eta bai hartzailearentzat (are erregistro horiek galduan edo galzorian badira).

Esate baterako Altxor uhartea (R.L. Stevenson/ M. Garikano) edo Hamlet (Shakespeare/ Juan Garzia Garmendia) hartzen baditugu, ikusiko dugu modu egokian daudela erabiliak hika, zuka eta berorika (azken hau gaur (ia?) inork erabiltzen ez duen arren).

2.- Tratamenduei dagokienez hizkuntzen arteko korrespondentzia ez da erabatekoa. Horrela ez dago korrespondentziarik euskararen eta gaztelania edo frantsesaren artean: gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketetan tรบ, tu erabiltzea normala da erdara horietan, baina euskaraz ez da normala seme-alabak gurasoekin hitanoz aritzea. Beraz, itzultzaileak xede-hizkuntzan normala denera egokitu beharko du.

3.- Tratamenduen kontu honetan itzultzailea analogiaren โ€œlegeariโ€ makurtzen zaio. Alegia, itzultzaileak itzulgaian aurkitzen dituen egoerak bere hizkuntzan irudikatzean beretzat eta hartzailearentzat egokiena iruditzen zaiona ematen saiatu beharko du.

4.- Eta azkenik koherentzia eskatu behar zaio itzultzaileari. Pertsonaien arteko elkarrizketetan (arrazoi sendoren bat tartean ez bada, eta izan daiteke) ezin daiteke saltoka ibili, orain hika, orain zuka, pasarte honetan hika eta hurrena zuka. Edo nobela bateko pertsonaiak erabat hitanoan eta pertsonaia horien barne-bakarrizketak neutroan.

Nahi adina luza gaitezke jarraibide moduko horiek modu egokian erabiltzeko aholkuak ematen, baina utz dezadan hemen gehiegi luzatu den artikulu hau. Badirudi Euskaltzaindia hemen agertu ditudan kontuei buruzko arauren bat emateko asmotan dela. Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduak bi arlotako zalantzak omen ditu hitanoari gagozkiola: erabilera sintaktikoari buruzkoak alde batetik, eta erabilera sozialari, jardun-ingurumariari edo erregistroari buruzkoak bestetik. Beraz, ea argi pixka bat egiten digun idazle eta itzultzaileoi, denon mesederako.

Unibertsitateko hizkuntza-plangintza eta eleaniztasuna

Igone Zabala Unzalu

Euskal Herriko Unibertsitateko Plan Estrategikoak (2022-2025) nazioartekotzea funtsezko ardatz gisa definitzen du:

ยซSakondu egin behar dugu gure nazioartekotzean, mundu osoan aitortua izango den unibertsitate bihurtzeko. Horretarako, unibertsitate guztiz eleanitza izan behar dugu, gai izango dena leku guztietako ikasleak erakartzeko, nazioartean erreputazio sendoa izango duena, ikerketaren kalitateagatik eta irakasle-ikertzaileen ospeagatik. Nazioartekotze ikuspegi integral bat behar dugu, ezaugarri izango dituena gure zerbitzuen kalitate maila handia eta gure jardueren garrantzia, gure egresatuak eta langileak prest egon daitezen egoki erantzuteko toki eta mundu mailako desafioei.ยป

Plan estrategikoari jarraiki, UPV/EHUren Nazioartekotze Plana 2023-2026 garatu da, eta horren barruan bereizten diren bost erronken artean, โ€œprestakuntzaโ€ dago, gradu eta graduondoko tituluen maparen nazioartekotzea helburu duena. Helburu hori lortzeko, hurrengo ikasturteko irakas-eskaintza antolatzeari begira, irakaskuntza hizkuntza ez-ofizialetan baimentzeko deialdiak egiten dira, โ€œUPV/EHUko ikasleei zein ikasle bisitariei zuzendutako gradu-eskaintza eleanitza sustatzekoโ€. Frantsesezko eskaintza hutsaren hurrengoa izaten da, eta benetan sustatzen dena da ingelesezko irakasgaien eskaintza. Irakasgai solteak baino areago, irakasgaien ibilbideak sustatzen dira, Unibasqen nazioartekotzeko kalitate-zigilua lortzeko xedearekin (graduko kreditu guztien % 20).

Ildo horretatik, ingelesa graduetan txertatzeko prozesua gidatzen duten dokumentuei eta zuzendaritzei โ€œeleaniztasunโ€ etiketa jartzen zaie. Hortaz, gure unibertsitatean funtsezkoak diren hizkuntza ofizialak (euskara eta gaztelania) planetatik aparte uzten dira, eleaniztasunak jokoan dauden hizkuntza guztiak barne hartzen dituela ahaztuta. โ€œEuskara Plan Gidariakโ€ egiten dira lau urterik behin, nazioartekotze-planetik aparte. Gaztelania, aldiz, ez da kontuan hartzen plan horietan, gure unibertsitatean ezarpen handiena duen hizkuntza dela eta nazioartekotze-helburuetarako pieza garrantzitsua izan daitekeela alde batera utzita.

Azpimarratu beharrekoa da UPV/EHU lehenengoa izan dela Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan garapen iraunkorreko 18. helburua (Hizkuntza eta Kultur Aniztasuna) gaineratzen. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren ekimena izan zen helburu hori gaineratzea. 18. GIHaren justifikazioa da hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren defentsa eta tokian tokiko hizkuntza gutxituen errespetua, biodibertsitatea bezala, garapen iraunkorrerako faktore agerikoak direla, eta horrekin lotutako dokumentuetan nabarmentzen da funtsezkoa dela UPV/EHUrentzat ardatz nagusi horretan euskararen eta euskal kulturaren garapena. Nolanahi ere, helburu horren zentzua ez zaio egokiro helarazi unibertsitateko komunitateari, edota eleaniztasuna ingelesaren ezarpenarekin identifikatzeak gaizki-ulertuak eragin ditu. Izan ere, behin baino gehiagotan entzun dut 18. GIHarekin lotuta, adibidez, GrAL eta MAL moduko lan akademiko gehiago idatzi beharko liratekeela ingelesez eleaniztasuna sustatzeko, GIH horren helburua hain zuzen ere kontrakoa bada ere: euskara bezalako hizkuntza gutxituak babestea eta ez erabateko nagusitasun globala duen ingelesaren hegemonia areagotzea.

Ez du zentzu handirik unibertsitatearen nazioartekotzearen kontra egiteak, baina funtsezkoa dugu horrekin batera zaintzea nazioartekotze-politikek euskararen garapen eta ezarpen prozesua oztopa ez dezaten. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialak eta ez-ofizialak kontuan hartzen dituen hizkuntza-plan integrala egitea. Izan ere, une honetan jada begi-bistakoa da euskararen ezarpena nabariki motelduta dagoela eta, ziurrenik, atzera ere egiten ari dela. Hori uzten dute agerian ikasleen kexek, gero eta ozenkiago erakutsi ere.

Gure unibertsitatean ikasleen erdiak baino gehiago matrikulatzen dira euskaraz, baina oraindik ere gradu batzuetan enborrezko irakasgaiak ezin dira egin euskaraz, eta gradu gehienetan badira hainbat hautazko irakasgai euskaraz ezin egin daitezkeenak. Nolanahi ere, badirudi azken urteetako politiken oinarri modura onartuta dagoela euskara jadanik nahiko garatuta eta ezarrita dagoela graduko ikasketetan. Nahikotasun horren azalpen modura ohikoa izaten da esatea, adibidez, ikasleek nahikoa ECTS egin ditzaketela euskaraz C1 mailako ziurtagiria egiaztatzetik salbuetsita geratzeko. Nolanahi ere, gradu askotan ikasleek hautazko jakin batzuk hautatu behar dituzte nahitaez, euskaraz ikasi nahi badute, alegia, espezializazioa ala hizkuntza hautatzeko beharra dute. Garbi dago, beraz, euskaraz ikasteko eskubidea ez dagoela bermatuta, gaztelaniaz ikasteko eskubidea bermatuta dagoen maila berean behintzat.

Areago, zenbaitetan, irakasgai jakin batzuk euskaraz egin nahi dituzten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzera behartzen dira, gaztelaniazko taldeen bideragarritasuna bermatzeko, argudiatuz ikasle guztiek dakitela gaztelaniaz baina ez euskaraz. Argudio horrek oinarri faltsuak ditu. Izan ere, ez da egia ikasle guztiek gaztelaniaz dakitenik. Adibide batzuk emateagatik, badira euskaraz dakiten eta gaztelaniaz ez dakiten etorkinen sema-alaba batzuk, badira beti euskaraz ikasi duten eta komunikazio akademikorako gaztelaniaz oso ondo moldatzen ez diren ikasleak ere, eta badira Iparraldetik etorritako euskal hiztunak, frantses hiztunak ere badirenak eta gaztelania akademikoa menderatzen ez dutenak. Nolanahi ere, horiek guztiak gaztelaniaz euskaraz bezain ondo moldatuko balira ere, haien hizkuntza-eskubideak urratzen ditu egun aukera bakarra balitz bezala ezarritako hizkuntza-politikak. Hortaz, gaztelaniazko taldeak ikasle kopuru txikiagoekin mantentzea hizkuntza-politika egokiagoa litzateke, euskaraz ikasi nahi duten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzen behartzea baino, eta, jakina, alderantzizkoa ere onartu beharko litzateke eta ikasle kopuru txikia duten euskarazko hautazkoak ere mantendu.

Iparraldeko ikasleei dagokienez, teorian behintzat, badago erakartzeko helburua, eta garbi dago nazioartekotzearen alorrean helburu garrantzitsuenetako bat izan beharko lukeela, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenak adierazten duenera inoiz hurbilduko bagara. Nolanahi ere, gure unibertsitatean frantsesa ez da inon ageri, Iparraldeko hiztunen lehen edo bigarren hizkuntza dela erabat ahaztuta. Urratsak egin behar ditugu frantsesak ere presentzia izan dezan. Areago, frantsesa ikasteak etorkizunean izan dezakeen balioa ere helarazi beharko genieke ikasleei. Izan ere, Iparraldean irakasle euskaldunen behar handia dago, eta gure egresatu batzuentzat lan-aukera erakargarria izan daiteke hori. Nolanahi ere, lau urte lanean egon ondoren beren lanpostuan egonkortu nahi badute, frantseseko gaitasunaren akreditazioa aurkeztu beharko dute, eta EHUk informazio hori ere zabaldu beharko luke.

Azkenik, azpimarratu beharra dago irakasgaiak euskaraz emateak eskatzen duela kalitatezko irakasmaterialak erabiltzea euskaraz, eta horretarako nahitaezkoa dela, besteak beste, espezialitateko alorrez alorreko terminologia eta fraseologia garatzea eta ikasleei transmititzea. Hautazko irakasgaiak ere euskaraz ematea garrantzitsua da, espezializatuagoak izaten baitira enborrezkoak baino, eta hizkuntza-baliabide espezializatuak garatu eta partekatu egiten baitira horietan. Azken urteetan english friendly courses deritzon estrategia jarri da abian. Ideia da irakasgai jakin bat euskaraz edo gaztelaniaz ikasten duten ikasleei materialak ingelesez ere eskaintzea. Hala ere, irakasle edo sail batzuek interpretazio okerra egin eta ulertu dute irakasgaiak euskaraz edo gaztelaniaz emanda ere materialak ingeles hutsean eskaini behar dizkietela ikasleei. Garbi dago interpretazio hori erabat urruntzen dela euskararen normalizaziorako helburuetatik. Izan ere, ingelesezko artikuluak, liburuak, bideoak eta denetariko materialak nonahi aurki daitezke edozein gai espezializaturi buruz, baina horrelako materialak euskaraz egon daitezen guk geuk sortu behar ditugu eta guk eskaini behar dizkiegu ikasleei. Zentzu gehiago izango luke โ€œirakasgai euskara-lagunakโ€ eskaintzea edozein hizkuntzatan matrikulatzen diren ikasleei. Izan ere, ikasle horien artean badira zenbait euskal hiztun ere, edota euskararekiko jakin-mina edo interesa duten estatuko beste komunitate batzuetatik edo beste herrialde batzuetatik etorritako ikasleak ere. Euskarazko materialak eskura jartzea baliagarria izan liteke horiek guztiak gure hizkuntza eta kulturara hurbiltzeko.

Eskerrik asko, itzultzaileok

Amaia Astobiza Uriarte

Sarrera

Lehengoan etxeko seinak eskutitz bat idatzi behar izan zuen historiako klaserako. Bigarren Mundu Gerra zen, Frantzian zegoen soldadu, eta osabari idazten ari zitzaion lubakietatik bere neba-arreba txikiez galdezka, gurasoek gerraren hasieran galdua baitzuten bizia. Testuingurua buruan zuen, pertsonaiak buruen zituen, eta paper gurata larutuan pausatu beharreko berbak ere buruan dantzan zituen; baina horixe, dantzan eta ez geldirik: harrapaezin. ยซAma, โ€œerruki eginโ€ esan daiteke?ยป. Erruki egin, erruki egin. ยซEzezkoan nago, baina ez dakit ziur esaten. Begiratu Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta hor topatuko duzu zer aditz lotzen diren errukirekinยป (ยซEta esaldia osorik sartzen badut, ondo dagoen esango dit?ยป; ez, seme, hori ez). Azkenean, erruki egin ez, baizik eta erregu egin zen berak bilatzen zuena. Noizbait nonbait irakurriko zuen, eta buruaren bazterren batean gorde, eta tira hemendik eta tira handik, lortu zuen ezkutalekutik argitara ateratzea, beste hitz eta esamolde eder askorekin batera soldaduaren luman jartzea eta esatea erregu egin behar izan zuela han lubakian papera eta arkatza lortzeko etxera eskutitz bat bidali ahal izateko.

Korapiloa (I): zeren

Garai honetan, zeinetan ari baikaren adimen artifizialarekin gora eta behera eta itzultzaile automatikoak ezker-eskuin, gure lehensemeak erabaki du filologia klasikoa ikasi nahi duela. Ez omen zuen gramatika maite, zeren horiek amaren laneko kontuak baitira, eta ez omen zuen itzultzea gustuko, zeren horiek, berriro ere, amaren ordu txikietako lanak baitira; baina, hara non, berak Antzinaroa du maite beste ezeren gainetik, eta, jakina, garai hartan murgildu ahal izateko, ia ezinbestekoa da orduko hizkuntzak ikastea. Halandaze ba, hortxe dabil orain Batxi2-n, latinetik eta grezieratik euskarara itzultzen eta irailean Madrilerantz jotzeko maleta prestatzen (zeren ยซama, Gasteizen ez dago klasiko purua eta historiaren beste garai batzuk ere eman behar dira eta nik horiek ez ditut gustuko eta ez da hori nik egin nahi dudanaยป). Eta ni ere hementxe nabil ingurukoek irri-erdiz botatako galderari erdi irriz erantzunez, alegia, haiek ยซEta gero zer, irakasle?ยป galdetu eta nik ยซBai, irakasle edo abadeยป erantzun, ยซzeren apenas dagoen bokaziozko abaderik eta meza latinez ere eman ahal izango duยป, eta erantsi: ยซEdo soldadore, zeren burua gustuko bazkaz elikatu ondoren beharbada bestelako lan-ibilbidea abiatu nahi izango baituยป.

Azken hori semearen erabakia babestearren esaten dut, jakina, zeren aitortu behar dut kontu honetan amaren harrotasunetik bezainbat dudala amaren kezkatik, eta bai, nik ere pentsatzen dudala ยซeta gero zerยป, zeren latinezko eta grezierazko testu guztiak jada itzulita baitaude eta ikerketak ez baitu inoiz dirurik ematen, zeren hezkuntza-sisteman eta gizartean oro har humanitateek hutsaren hurrengo balioa baitute eta zeren gauzak asko โ€•askoegiโ€• aldatu ezean ikasgelak laster Oteitzarena egiten hasiko baitira. Baina, aizu, gorputzak eta identitateak bezain likido eta bizitzak bezain zaurgarri bihurtu den/dugun/diguten gizarte ……………. (jarri nahi duzuna) honetan, zergatik ez dute gazteek sudur puntan jartzen zaiena ikasiko, ze, total, filologo zein soldadore zein matematikari, berdin-berdin izango dute bizitza prekario samarra eta (ezinbestean) borrokaz betea (bai, matematikariei ere amaituko zaie mauka, adimen artifiziala umotu eta etxetik joaten zaienean).

Korapiloa (II)

Baina ez nentorren hori esatera, edo ez hori bakarrik. Esan nahi nizuena da literaturak ekarri duela lehensemea erabaki irmo eta itzulbiderik gabeko honetara; zehatzago, euskarazko literaturak; eta are zehatzago, euskarara itzulitako literaturak (tira, eta Pirritx eta Porrotxen Irrien lagunak aldizkariak, horrek ere bai). Ume-umetako ipuin koloretsu eta jostagarriei fantasiazko liburuek jarraitu zieten, eta haiei mitologiari buruzkoek, eta haiei historiaren gainekoek eta bestelako irakurgaiek. Ez ditu denak euskaraz irakurri, noski, beste hizkuntza batzuk ere baditugulako eskura eta โ€•enegarrenez diotโ€• gazteek benetan gustuko eta gertuko eta beren dituzten euskarazko liburuen hutsunea ere oso oteitzarra delako. Baina euskaraz irakurritakoek ekarri dute beste hizkuntzetakoetara, eta, nerabezaroan batzuetan gezurra badirudi ere โ€•ai nire juaneteakโ€•, euskara eder eta galantezkoa da bere ezagutzaren lehen geruza sendo eta ondo trinkotua.

Amaiera

Nolanahi ere den, ez naiz etorri kexatzera, ezpada literatura-itzultzaileen lana aitortzera. Semeek zuek euskarara itzulitako hitzekin (ere) ikasi dute berbetan, irakurtzen, jolasten, artegatzen, beldurtzen, irrikatzen, idazten, lasaitzen, maitatzen eta barre, salto, negar egiten. Bereziki aipatu nahi dut Suzanne Collins idazle estatubatuarraren Gose jokoak trilogia, Koro Navarrok gozoki itzulia, duela laur urte mugarri bat ezarri zuelako gurean (hori hurrengo baterako). Baina beste liburu asko eta askok ere liluratu gaituzte eta beste hainbat itzultzaile ere izan zaituztegu ondoan. Zuei guztioi, eskerrik asko.

Erdaraturiko literaturari begira

Elizabeteย Manterola Agirrezabalaga

Aste honetan hamahiru urte bete dira doktore-tesia aurkeztu nuenetik. Erdaraturiko euskal literatura izan nuen aztergai lan hartan, eta euskal literatur liburuak zer hizkuntzatara eta zer bidetatik itzuli izan diren ikertzen jardun nuen. 2010 arteko datuak bildu nituen harako hartan. Duela gutxi datu eguneratuak bildu eta aztertzen ibili naiz, eta azken hamabost urte hauetan izan den garapenari buruzko gogoeta batzuk ekarri nahiko nituzke gaurkoan.

NorDaNor datu basean euskaratik beste hizkuntzetarako 839 itzulpen zenba daitezke 2010-2024 artean. 1980-2010 bitartean, aldiz, 863 itzulpen. Alegia, azken hamabost urteetan aurreko hogeita hamar urteetan adina ekoitzi da. Euskaratik eta euskarara itzuli dena alderatuz gero, bestalde, ikus liteke bi norabideetako itzulpenen proportzioa desorekatua dela: 2010-2024 bitartean, 3.862 itzulpen egin dira euskarara, hortaz, bost itzulpenetik bat besterik ez da euskaratik beste hizkuntzetara egin. Beste azterketa batzuek erakutsi dutenez, ohiko proportzioa dugu hori hizkuntza gutxituen kasuan.

Batez beste urtean 54,6 erdaratutako liburu argitaratu ziren 2000ko hamarkadan, 47,6 2010eko hamarkadan, eta abian dugun 2020ko hamarkadan, aldiz, 52,3. Badirudi jaitsieraren ostean goranzko joera hartua dela berriz. Dena den, azterturiko epealdian eboluzio kronologikoa ez da jarraitua izan; 2010eko hamarkadan krisi ekonomikoak eragin nabarmena izan zuen, bai eta 2020ko pandemiak ere.

2010 arteko datuetan ikusi genuen haur eta gazteei zuzenduriko lanak zirela nagusi erdaratutako liburuen artean. Joera hori bat zetorren euskaraz sorturiko lanekin eta euskararako itzulpenarekin, haietan ere haurrei eta gazteei zuzenduriko lanak baitira nagusi. Alabaina, joera aldaketa bat ikusi dugu azken urteetan; 2010-2024 epean helduentzako literatur lan gehiago itzuli dira haur eta gazteei zuzenduriko lanak baino. Hain zuzen, azken urteetan helduentzako literatur lanek erdaratutako lanen lautik hiru hartzen dituzte. Joera zeharo aldatu da, hortaz. Euskaratutako lanen proportzioarekin alderatuta, bestalde, kontrako joera ikusiko dugu, lautik hiru baitira haur eta gazteentzako liburuak euskaratutako lanen artean.

Generoei dagokienez, berriz, narratiba lanak dira nabarmen nagusi 2010-2024 epealdian ere, eta askoz urriagoak ditugu poesia liburuak, komikiak, saiakera lanak zein antzezlanak. Autore itzulienen artean Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Joseba Sarrionandia aipa litezke helduentzako lanei dagokionez, eta Juan Kruz Igerabide eta Mariasun Landa, bai eta Alaine Agirre eta Leire Bilbao haurrentzako lanetan. Emakume idazleen lanen itzulpen kopurua handitzen joan da azken urteetan, gaztelaniarako itzulpenean batik bat. Itzulgaiei dagokienez, literatura garaikidea itzuli da gehien: XXI. mendeko liburuak izan dira itzulitako lanen erdiak baino gehiago.

Gaztelaniak jarraitzen du xede hizkuntza nagusi izaten, eta itzulpenen ia erdiak hizkuntza horretara egin dira, eta oso urrunetik jarraitzen diote katalanak, ingelesak, galegoak, frantsesak, italierak zein eslovenierak. Esanguratsua iruditu zaigu eslovenieraren igoera aurreko urteetako datuekin alderatuta. Izan ere, xede hizkuntza nagusien artean kokatu da. Horrekin batera, nabarmendu behar da espainiar estatuko hizkuntzetarako itzulpenak esportazio osoaren ia bi heren hartzen duela. Aurreko aldian baino apur bat baxuagoa da proportzioa, dena den. Jaitsiera, batez ere, katalanerako eta galegorako HGL lanetan izan da.

Xede hizkuntza kopuruak gorantz jarraitzen du, eta horrekin batera itzultzaile kopuruak ere bai. Gero eta gehiago dira euskaratik zuzenean beste hizkuntza batzuetara itzultzeko gai diren itzultzaileak, izan ama hizkuntza euskara dutenak, izan helduaroan euskara ikasi dutenak. Aurreko azterketetan baino liburu gehiago topatu dugu zuzenean itzuli izana aitortu dutenak. Dena den, zeharkako itzulpenak ere egin egiten dira eta zenbait kasutan xede hizkuntza jakin batzuetara itzultzeko aukera bakarra izaten da. Zeharkako zenbat itzulpen izan den jakitea oso zaila suertatzen da, aurreko azterketetan ikusi izan dugunez, liburuek gutxitan aitortzen baitute zeharbidez eginak direnik. Dena den, gaur-gaurkoz jarduera onargarria da gurean. Horren erakusgarri, Etxepare-Laboral Kutxa saria bi ediziotan zeharka eginiko itzulpen batek irabazi izana. Edota, euskararako itzulpen norabidean, Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen-lehiaketaren oinarrietan aipatzea zeharbidezko itzulpenik izatera, itzultzaileak kasu horretan testu bat baino gehiago kontsultatu beharko lituzkeela.

Itzulpenak non argitaratu diren begiratuta, honakoak izan dira herrialde hartzaile nagusiak, hurrenez hurren: Euskal Herria, Espainia, Katalunia, Galizia, Eslovenia, Italia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua. Inondik ere pisu esanguratsua dute Euskal Herrian argitaraturiko itzulpenek, hain zuzen itzulpenen % 30etik gora bertan argitaratu baita. Datuok aztertuta azpimarratzekoa iruditzen zait euskal literatura erdaratzeko lanean diharduten argitaletxeen lana. Izan ere, argitaletxeen zerrenda osatuta euskal argitaletxeak dira euskaratik erdaretara itzuliriko liburu gehien merkaturatzen dituzten argitaletxeak.

Azpimarratzeko azken datua euskal kultura atzerrian ezagutarazteko erakundearen sorrera dugu. Etxepare Euskal Institutua azterturiko epean jarri zen abian eta berebiziko eragina izan du euskal literaturaren atzerriko sustapenean. Etxeparek kudeatzen ditu itzulpenerako dirulaguntzak, laginak itzultzeko laguntzak ere ematen ditu, bidaia-poltsak esleitu, bai eta euskaratik eginiko itzulpen onenari saria eman urtero. Itzultzaileak trebatzeko hainbat ekimen ere lagundu ditu, Itzultzaile berriak programa abian jarrita konparazio batera. Programa horretan parte harturiko itzultzaileei esker hainbat hizkuntzatarako itzulpen kopuruak gora egin du azken urteetan, gorago aipaturiko eslovenierarakoak, esaterako, edo bulgarierarakoak.

Itzulpen trukeen eboluzioari erreparatzeak laguntzen digu ikusten zer harreman dituen euskal literaturak beste hizkuntza batzuekin, zer aldaketa sortzen diren denboran zehar eta zer leku betetzen duen euskal literaturak mundu literaturan. Gertutik aztertzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.