Best seller-ak (ere) euskaraz?

Uxue Rey Gorraiz

Ukaezina da Twitter guztiz mikaztua dagoela azkenaldian โ€”bueno, barka diezadala Elon Muskek; X dago mikaztuaโ€”. Edonola ere, oraindik ere bada eztabaida interesgarriak izateko edo, behintzat, kezkak plazaratzeko eta haiei erantzuten dioten ideiak bistara uzteko tokia. Eta bada, orobat, inspirazio iturri; esaterako, kazetariontzat.

Beรฑat Sarasolak bota zuen amua, irailaren 27an idatzitako argitalpen batean. Besteak beste, zera zioen: ยซSally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jadaยป. Kasualitatez-edo, ni neu Sally Rooney idazle irlandarrari buruzko erreportaje batean murgildua nintzen ordurako, hark kaleratu berri-berria zuen nobela horren aitzakian โ€”hilaren 24an eman zuenโ€”, eta, beraz, astia hartu nuen Sarasolak zioen horretan arakatzeko. Bilaketa laster bat aski izan zitzaidan ikusteko Rooneyren jatorrizko lana kaleratu zen aste berean eman zituztela, adibidez, frantsesezko itzulpena, gaztelaniazkoa eta baita katalanezkoa ere. Eta, egiari zor, une horretan ez nion gaiari denbora gehiagorik eskaini, baina kaskoan gorde nuen ideia, horri buruz galdetzeko beste inori beste inoiz. Horra deformazio profesionala.

Eta ailegatu zen ยซbeste inoizยป zelako momentu hori: urriaren 17an. Nafarroako Editore Independenteen Elkartearen ekimenez, Datorren itzulpengintza izeneko mahai ingurua izan genuen Iruรฑeko Laban, eta askotariko gaiez mintzatu zitzaizkigun Aitor Blanco, Eider Beobide eta Ainhoa Mendiluze itzultzaileak. Solasaldiaren hondarrean, galdera honi erantzun behar izan zieten hirurek: ยซZer nahi zenukete itzuli? Edo, behintzat, zer nahi zenukete ikusi euskarara itzulita?ยป. Aitortuko dugu: galderak bazuen tranpa puntu bat, jendaurreko solasaldia hasi baino lehenago ere aterea baitzen gai hori solasera, eta esanak baitziren Rooneyren eta besteren zenbait kontu. Edonola ere, euskarara zer itzuli beharko litzatekeen galdetuta, Blancok dudarik egin gabe heldu zion idazle irlandarraren, eta, horrenbestez, best seller-en korapiloari.

Galderari erantzuteko, Blancok gogora ekarri zuen Bartzelonan izana zela berriki, eta kontatu zuen bertan ikusi zituela zenbait erakusleiho best seller-ez josiak. ยซGehien-gehienetan, katalanezko edizioak ziren nagusi, eta ondoan izaten zuten, gehienez ere, gaztelaniazko aleren batยป. Irudi hark harritu egin zuen Blanco, zioenez. ยซHarritu ninduen hizkuntza gutxitu โ€”nahiz eta ez den horren gutxituaโ€” batera egindako itzulpenak nolako presentzia zuen liburu dendan. Uste dut denok sumatzen dugula horren falta euskarazยป. Erakusleiho hark piztutako hausnarketaren ondorioz, Blancok bilaketa egin du Nor da Nor atariko bilatzailean, eta hona datu batzuk: Ken Follet, Camila Lรคckberg, Isabel Allende eta Dan Brown idazleek ez dute lanik euskarara ekarrita. ยซMendebaldeko kulturan, jendeak batez ere horiek irakurtzen ditu, eta euskaraz ez dute aukerarikยป, zehaztu zuen itzultzaileak.

Bistan da best seller-en gaia ertz ugariko dela, eta zalantzak pizten ditu sarri, askotarikoak. Besteak beste, Ainhoa Mendiluzek adierazi zuen ez duela argi halako lanak diren euskarara ekarri beharko liratekeenak: ยซEz dakit horren helburua zein den. Gure kasuan, gaztelaniazkoei irakurleak kentzea? Gehiago saltzea? Gainera, kontzientziarik ezean, uste dut best seller-ak aterata ere kostatuko litzatekeela irakurleak irabaztea, euskaldun guztiak baitira elebidunakยป.

Irakurketarako hizkuntza hautuari lotuta, askok eta askotan aditu dugu norbait zera esaten: ยซEuskarazkoa baino, nik nahiago dut jatorrizkoa irakurriยป. Baina, sarri, ยซjatorrizkoยป deitzen dioten hori ez da jatorrizkoa egiaz, ezpada gaztelaniazko itzulpena.

Solasaldia aditzera joan ziren entzuleen artean ere piztu ziren dudak. Esaterako, aipatu zenean jendeak nekez irakurtzen dituela mundu mailako best seller-ak euskaraz โ€”baita horiek euskaratuak direnetan ereโ€”, baten batek iradoki zuen ea hori ez ote den izanen itzulpen batzuk ยซberanduยป ailegatzen direlako. Kontua da, solasaldian bertan ere nabarmendu zenez, euskal argitaletxeek nekez egin ditzaketela zenbait kontu ยซgaraizยป. Blancok berak ere esplikatu zuen hori: ยซBeste gauza bat baita argitaletxe batek noiz duen posible itzulpena ematea, zer indar duen horretarako; horregatik dut duda hau ez ote den utopikoaยป. Pentsatzekoa baita argitaletxeak nekez ordaintzen ahalko diola nahi bezain ongi itzultzaileari, baldin eta, gainera, hari eskatuko badio denbora epe estu batean egiteko lana. ยซEta are zailagoa da jakinik nekez lortuko dutela diru hori merkatuan errekuperatzeaยป.

Euskal literaturaren arazoak euskararen arazoak direla aditu nion Pamielako editore Lander Majuelori, argitaletxearen 40. urteurrenaren karietara. Eta, diot nik, horiei aurre egiteko soluzio sakonagoak beharko ditugula hortaz, mugatzen ez direnak norbanakoari eskatzera irakur dezala, faborez, euskarazko itzulpena. Ordura arte, baina, โ€”nire ezjakintasun totaletik diot hauโ€” zaila behar du zer bide urratu jakiteak. Best seller-en argitalpenak bultzatzeko behar da egin ahalegina? Piszinako literatura delakoa ere beharko da sustatu? Aireportuko literatura? Autolaguntza liburuak? Dudak ditut.

Hasierara itzulita: Beรฑat Sarasolaren txioa aipatu dut hasieran, eta akaso komeni da osorik bistaratzea argitalpen hori. Izatez, zera baitzioen Sarasolak: ยซSally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada. Zenbat diru da, demagun, urtero 10 literatura nobedade euskaraz espainolerako itzulpenarekin batera argitaratzea? Ez bilduma instituzional batean, ohiko argitaletxeetan Jaurlaritzak gastuak ordaindutaยป. Alegia, galdera bat ere bazekarren Sarasolaren mezuak. Hedoi Etxartek erantzun zion, besteak beste, eta, Eusko Jaurlaritzak best seller-ak itzultzeko argitaratutako laguntza aipatu zuen erantzunean. Komeniko da, beraz, laguntza hori xehe leitzea; ikusteko zein argi eta zein itzal dituen.

P.D.: Bide batez, aukera hau baliatuko dut esateko arestian aipatutako Sally Rooney idazlearen bi lan badirela euskaraz: Alberdaniak Jende normala eman zuen 2020an, Irene Aldasorok itzulita, eta idazle beraren Soldata jauna narrazioa ere badago euskaraz, Leire Vargasek itzulia. Irakurgai dago armiarma.eus atarian.

Badator, badator euskal interpreteen diagnostikoa

Claudia Torralba Rubinos

Udagoienean sartuta gaude jada, eta egunak laburtzen eta freskatzen hasiak dira. Bagoaz, apurka-apurka, urtearen azken txanpari heltzen. Baina tira, ez noa orain nostalgiko jartzera, oraindik ere ikasturtea hasi baino ez baitugu egin. Ama irakaslea dugu, eta gure etxean urteak beti bizi izan ditugu ikasturtetik ikasturtera. Blog honetan ere irailetik ekainerako denboraldian aritzen gara hitz eta pitz. Baina orain, buruak โ€“eta hozkirriakโ€“ esaten dit urte naturalaren amaierara gerturatzen goazela eta zor batzuk kitatu behar ditugula.

Blog honetan bi sarrera idatzi ditut EIZIEren interpreteen diagnostikoaren inguruan. Lehenengoa, 2023ko abenduan, egitasmoa iragartzeko; eta, bigarrena, 2024ko maiatzean, aurrerapenen berri emateko. Ezetz asmatu zer kontatzera natorren gaur? Ba, udan lanean buru-belarri ibili eta gero, udagoienarekin eta jertseekin batera iritsiko zaizuela diagnostikoaren emaitza. Labean daukagu jada, ia prest. Azken ukituak baino ez zaizkio falta.

Dena den, plater nagusiaren esperoan, denoi gustatzen zaizkigu zizka-mizka batzuk, ezta? Batzuetan entretenimendu hutsa dira, eta beste batzuetan gehiegi asetzen gaituzte. Ea zuen interesa piztu eta oreka aurkitzea lortzen dudan. Gaurkoan, galdera zabal bezain zehatz baten inguruko lau zertzelada ematen saiatuko naiz, txosten osoa iritsi bitartean: nolakoak dira euskal interpreteak?

Hasteko, datu bat: galdetegiari 43 interpretek erantzun diote, eta erantzun horietan oinarrituta dago jarraian egingo dudan deskribapen laburra. 43 interprete horietatik 16k beren kontura egiten dute lan, eta 27k hirugarrenen kontura. Horrek ez du, bere horretan, โ€œeuskal interpreteenโ€ errealitate osoa islatzen, eta hori hasieratik onartu behar dugu.

Esango nuke, nagusiki, bi arrazoi daudela horren atzean. Batetik, galdetegiari erantzun ez dioten interprete asko daude, noski. Hori jakina da. Ez da ikerketa exhaustiboa izan. Hala ere, lortutako erantzunen kopurua ez da txikia. Are gehiago, lehen galdetegia izateko, esango nuke oso goian jarri dugula langa. Bestetik, Euskal Herri osoko interpreteen mosaikoa osatzeko saiakera egin dugun arren, tamalez, ez dugu lortu. Sarritan entzuten dugun EAEzentrismoaren gaitzak harrapatu du gure diagnostikoa ere. Izan ere, Iparraldeko interpreteen errealitatea hain da ezberdina, non egindako galderak ez baitiren hango interpreteentzako pertinenteak izan.

Hori esanda, goazen orain interpreteak nolakoak diren ikustera: gehienak (% 70 inguru) emakumeak dira โ€“sorpresarik ezโ€“, eta batez bestean 45 urte pasatxo dituzte. Galdetegiari erantzun dion interpreterik gazteenak 22 urte ditu, eta nagusienak, aldiz, 68. Edonola ere, interprete gehienak (% 70 inguru) 40-68 adin-tartean kokatzen dira.

Prestakuntzari erreparatuta, denak dira unibertsitatean ikasitakoak, baina erdiek egin dituzte, gutxi gorabehera, itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko ikasketak. Ez da harritzekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko lehen promozioa 2000. urtekoa baita. Adinaren eta prestakuntzaren datuak gurutzatuta, pentsatzekoa da interprete ugarik beste ikasketa batzuk egingo zituztela hasiera batean, nahiz eta askok prestakuntza espezifikoa jaso duten gerora โ€“graduondokoen inguruko zehaztasun gehiago aurkituko dituzue txosteneanโ€“.

Sarritan esaten da interpreteak exijenteak eta perfekzionistak garela. Ez dakit hori demostratzerik dagoen, baina, ingurura eta norberaren barren-barrenera begiratuta, iruditzen zait bi adjektibo horiek nahiko ondo deskribatzen gaituztela, oro har. Galdetegiak berak ere hori iradokitzen du; izan ere, interpreteen erdiek uste dute ez dutela prestakuntza arautu eta ez-arautu nahikoa jaso. Zergatik izango ote da?

Emaitza horrek bai, harritu egin nau pixka bat. Izan ere, galdera โ€œtranpaโ€ zen; hau da, โ€œprestakuntza arautuaโ€ eta โ€œez-arautuaโ€ kontzeptuak apropos sartu genituen galderaren formulazioan, inork ez zedin sentitu itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko ikasketa formalik ez izateagatik ez dagoenik behar beste prestatuta. Eta, hala eta guztiz ere, galdetegiari erantzun dioten interpreteen erdiek uste dute ez dutela prestakuntza nahikoa jaso. Pertzepzio kontua da, bai, baina oso aintzat hartzekoa, nire ustez.

Gehiago jakin nahi? Txosten osoa, laster.

Urtegi bat hezetasuna besterik ez zegoen tokian

Castillo Suarez

Cesanteseko portuan ezagutu nuen Marta Eloy Cichocka poeta eta argazkilari poloniarra, Galizian. Handik txalupa txiki batean joan ginen San Simoneko uhartera astebete pasatzera. Maletak utzi eta irla arakatzera joan behar genuela esan zidan. Niri beldurra sortzen zidan itsaso beltzak, isiltasunak, ezezaguna den guztiak. Marta hizlaria zen, irekia, ausarta seguruena nik gertu edukitzeko aukeratuko ez nuen pertsona bat urduri jartzen ninduelako; baina berak aukeratu nuen ni, eta nahita edo nahi gabe, uste dut betiko adiskide bat egin nuela ustekabean. Irlan hainbat poeta, sukaldari bat, zerbitzari bat eta segurtasunerako langile bat geunden. Hori izanen zen astebeterako nire unibertsoa. Gure eginkizuna, elkarren poemak itzultzea gaztelania zubi-hizkuntza hartuta. Tartean ginen Poloniatik Marta Eloy Cichocka bera, Suitzatik Jessica Zuan, Errumaniatik Corina Oproae, Estoniatik Kai Aareleid, Euskal Herritik ni neu eta Galiziatik Xabier Cordal, eta dena koordinatzen Yolanda Castaรฑo poeta galiziarra. Aldez aurretik poemak itzulita geneuzkan, eta astebete horretan zuzenketak egitea zen gure eginkizuna; hori eta zalantzak erantzutea. Nik Fernando Reyren itzulpenak helarazi nizkien gainerako poetei aldez aurretik. Alde horretatik, lasai nengoen Reyren itzulpenekin noranahi joan zaitezkeelako. Nire testuak zuzentzea tokatu zitzaidanean, saiatu nintzen ahalik eta hobekien erantzuten galderak, baina Cichocka ez zegoen inoiz konforme. Neronek itzultzea eskatu zidan, itzultzaile automatikoak erabiltzen zituen, galderak egiten zituen etengabe. Une batez hezetasuna hitzean geratu ginen. โ€œNik urtegi bat ikusten dut hemenโ€ bota zuen. Kontatzen hasi nintzen orduan Nafarroan Itoizko urtegia egin zutela duela hainbat urte, eta jende asko haurtzaroko paisaiarik gabe geratu zela. Tokien doluaz aritu ginen. Paisaia sentimentalaren garrantziaz. Kontatu nien behin maitatu nuela gizon bat, gortinarik ez zuela leihoetan dermio osoa zelako berea. Su hartu zuela bere jaiotetxeak eta etxe berria egin behar izan zuela. Baietz esan nion, urtegia zegoela poema horretan, ezkutuan. Izan ere, batzuetan bizi izandako lekuaren parte bihurtu garela ematen du. Edo beharbada gutako bakoitza leku bat da beste batendako.

Euskararen etorkizun-ikuspegia eta unibertsitatea

Igone Zabala Unzalu

Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren barruan euskararen biziberritzeari buruz azterketa eta gogoeta sakona egiten ari den Euskararen Gogoetaguneak (EUSGUNE) lehen txostena argitaratu du aurten[1]. Txostenak bi atal biltzen ditu. Batetik, euskararen egoera soziolinguistikoaren ikuspegi orokorra laburbiltzen dute Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak eta, bestetik, euskararen etorkizun-ikuspegiari buruzko gogoeta sakona egiten du Jon Sarasuak. Azken atal horren helburua ariketa sintetikoa egitea dela azpimarratzen du egileak, eta atzetik alorrez alorreko beste txosten batzuk etorriko direla. Nolanahi ere, argitaratutako bi txosten horiek inspirazio-iturri paregabea direla aitortu behar dut[2], eta ezin diot eutsi zenbait datu eta gogoeta unibertsitatearen egungo egoerarekin eta etorkizun-ikuspegiarekin lotzeko tentazioari.

Euskararen biziberritze-prozesuaren alderdi arrakastatsuenetako batetik hasita, euskararen ezagutzaren igoera nabarmenaren zatirik handiena gazteen taldean biltzen da, 25 urtetik beherako gazteen erdiak baitira euskaldunak Euskal Herri osoa kontuan hartuta, eta % 80tik gertu EAEn. Ezaguna den bezala, euskara etxetik kanpo ikasi duten euskaldunen kopuruak gora egin du nabariki azken hamarkadetan: 1991. urtean % 14 ziren eta orain, aldiz, % 36. EAEn, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 70ek ikasten dute D ereduan, eta Lanbide Heziketako ikasleen % 23k[3]. Nolanahi ere, badirudi horrek ez duela bermatzen hizkuntza-gaitasuna, D ereduan ikasi dutenen % 66k baino ez baitute gainditzen Europako Hizkuntzen Profilaren B2 maila[4].

Garbi dago hizkuntzen garapena ez dela bukatzen Bigarren Hezkuntzan: unibertsitatean du jarraipena, eta unibertsitateak zer pentsatua ematen diguten zenbait datu eskaintzen dizkigu. 2024an UPV/EHUn unibertsitatera sartzeko probak (EBAU) 13.433 ikaslek egin dituzte, 12.073 batxilergotik pasatu ondoren eta 849 lanbide-heziketatik etorrita. Batxilergoaren bidetik heldutako ikasleen % 77,2 izan dira probak euskaraz egitea erabaki dutenak, eta lanbide-heziketatik pasatakoen % 55,48. Urtero harritzen naute horrelako datuek, beren bizitzarako erabakigarria izango den proba hori egiteko orduan euskaraz ziurrago sentitzen direnak adin-tarte horretako gazte euskaldun guztiak direla baitirudi, eta D ereduan ikasten dutenen ehunekoa ere gainditzen baitu kopuru horrek. EBAUa egin dutenen % 57,84 emakumeak izan dira, eta hori ere datu esangarria da, emakumeak gailentzen baitira euskararen osasuna neurtzeko parametro gehienetan, baina badira beste parametro batzuk nik dakidala behintzat neurtzen ez direnak. Adibidez, baliteke hizkuntza-gaitasun hobea duten ikasleak izatea hain zuzen unibertsitateraino heltzen direnak. Baliteke B eta A ereduetan ikasten duten ikasle askok, adibidez, kanpotik etorritako familietako askok, oztopo gehiago izatea goi mailako ikasketetara heltzeko, eta baliteke hizkuntza-gaitasuna izatea oztopo horietako bat. Parametro horiek guztiak monitorizatzea funtsezkoa da, unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen edota egin behar duen ekarpena hobeto ulertzeko eta planifikatzeko. Edozein hizkuntzatan, erregistro formalak eta erregistro espezializatuak unibertsitatean garatzen dituzte ikasleek hizkuntza erabiltzea (ulermena eta ekoizpena) eskatzen duten askotariko atazen bitartez[5]. Inolako hizkuntzatan ez dago erregistro espezializatuetan natiboa den hiztunik. Hortaz, unibertsitatea nahitaezkoa da hiztun osoak sortzeko.

Sarasuak euskararen garabideen egitura azaltzeko erabiltzen duen zuhaitzaren metafora baliatuz, esan dezakegu 60-70eko hamarkadetan zientzialari talde bat gauza izan zela euskara zientziaz aritzeko baliagarria zela aldarrikatzen zuen kontakizuna gizartean zabaltzeko, eta unibertsitateko ikasle eta irakasle talde bat aktibatzeko, antolatzeko eta lanean jartzeko, ametsa errealitate bihurtu arte. Besteak beste, UEU baliatu zuten gai espezializatuetan ahoz trebatzeko eta idatzizko materialak sortzeko. Zuhaitzaren beste erroa, erakundeena, aktibatzeko ere energia handia eta askotariko estrategiak erabili behar izan zituzten orduko zientzialari gazte haiek: unibertsitate publikoan lizentziaturak euskaraz eskaintzen hasteko eta euskaraz matrikulatuko ziren ikasleak lortzeko lan egin zuten, baita tesinak eta doktoretza-tesiak euskaraz idazteko eta defendatzeko ere[6]. Unibertsitatea euskalduntzeko ahalegin horri bultzada handia eman zion, zalantzarik gabe, Euskara Normalizatzeko Legeak (1982), hezkuntza, administrazioa eta komunikabideak euskalduntzeko nahitaezkoak baitziren denetariko profesional euskaldunak, bereziki, maisu-maistrak eta irakasleak, eta unibertsitateak sortu behar baitzituen profesional horiek. Baina irakasle-ikasle euskaldunak lortzeko, eta gero eta irakasgai gehiago euskaraz eskaintzeko bulkada emateaz gain, euskarazko irakasgaien ardura izan duten irakasleek ekarpen erraldoia egin diote euskararen corpusari, denetariko gai espezializatuez aritzeko terminologia eta fraseologia garatzen, partekatzen eta egonkortzen joan baitira urte hauetan guztietan. Corpusa osatu eta egonkortzeko prozesu etengabea komunitateko zeregina da, eta erakunde mailako plangintza eta euskarriak behar ditu[7]. Ahalegin handia egin behar da oraindik terminologia-plangintzan, eta unibertsitateak zeregin saihestezinak ditu alor horretan[8].

Lau hamarkada baino gehiago iragan dira hastapen horietatik eta, UPV/EHUko agintariek komunikabideetan harro nabarmentzen dutenez, ยซEuskal unibertsitate publikoak arlo guztietako 130.000 profesional baino gehiago prestatu ditu euskaraz โ€”medikuak, erizainak, ingeniariak, irakasleak, kazetariak, artistak…โ€”, bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko eta gizartearen premiei erantzuteko gai diren pertsonakยป[9]. Hala ere, ez da egiten ahalegin nahikorik euskararen egoera sakonki aztertzeko, ez autokritika egin eta hutsuneak detektatzeko, ezta etorkizun-ikuspegi partekatua irudikatzeko ere. Erakundea eta haren zerbitzuak gero eta urrunago daude euskal irakasle eta ikasleen komunitatetik, eta komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegi partekatua eta lankidetza lurruntzen doaz apurka-apurka.

Ez diot bukaera eman nahi artikulu honi gogoetarako ildo batzuk zerrendatu gabe, laburregi geratzeko arriskua izanda ere.

  • Edozein gizartetan goi mailako tituludunengandik espero dena da hizkuntza(k) zuzen eta egokiro erabiltzeko gaitasuna edukitzea, eta haien hizkuntza-praktikak eredugarri izatea gizarte osoarentzat. Sarasuak datorren 20-30 urteko aroaren helburu modura irudikatzen duen ยซeuskal hiztun osoen nukleo sendoarenยป parte izan beharko lukete goi mailako tituludunek, eta unibertsitateak nukleo hori erreproduzitzen eta elikatzen lagunduko duten eragileen artean egon beharko luke. Unibertsitatetik ateratzen diren tituludun euskaldunek lortzen al dituzte hizkuntza-gaitasun gorenak euskaraz? Zer egin beharko litzateke hori bermatzeko?
  • Bizitza osoan D ereduan ikasi ondoren ikasleek euskaraz hizkuntza-gaitasun gorena ez lortzeak ez al du loturaren bat unibertsitatean prestatzen diren maisu-maistra eta denetariko irakasleen gaitasunekin? Profesional horiek lortzen al dituzte euskaldun osoak erreproduzitzen laguntzeko behar dituzten hizkuntza-gaitasunak, euskararen biziberritzean duten erantzukizunaren kontzientzia, eta baliabide eta estrategia metodologikoak? Galdera bera egin beharko litzateke profesional horien formazioan parte hartzen dugun unibertsitateko irakasleez.
  • Komunikazio espezializaturako baliabideak (testuak, terminologia, fraseologiaโ€ฆ) alorrez alorreko adituek sortu behar dituzte nahitaez, haiek baitira espezialitate-alorren gaineko kontrol kognitibo eta pragmatikoa dutenak. Erantzukizun horren kontzientzia al dute oraingo irakasle-ikertzaile euskaldunek? Hizkuntzaren normalizazioaren ardura duten erakundeek (unibertsitatekoek eta bestelakoek) aintzat hartzen dituzte adituek sortzen eta erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideak? Laguntzen al dute baliabide horiek deskribatzen, ikertzen, partekatzen eta finkatzen?
  • Nola berreskuratu behiala euskara unibertsitatean txertatzea eta zabaltzea lortu zuten hasierako irakasle-ikasle haien komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegia, motibazioa eta lankidetzarako prestutasuna?
  • Nola bermatu euskaraz ikasi nahi duten ikasleen hizkuntza-eskubideak? Nola bermatu euskal gizarteak euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko behar dituen profesional euskaldunak edukitzea, adibidez, osasun-alorrean?
  • Unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen ekarpenari zer aukera eta zer arrisku dakarkio mugikortasunak, eleaniztasunak eta hizkuntza-teknologien nonahikotasunak? Zer estrategia garatu behar ditugu horien aukerak aprobetxatzeko eta arriskuak saihesteko?ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย 

[1]Jon Sarasua (koordinatzailea). 2004. Euskararen Gogoetagunea I. Jagon Saila. Euskaltzaindia.

[2] Jon Sarasuaren hitzaldiaren bideoakere ikus daitezke Youtuben.

[3] Jakina, Nafarroan eta Iparraldean baxuagoak dira portzentajeak, hurrenez hurren, % 24 eta % 8 Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta % 7 Nafarroan, Lanbide Heziketan.

[4] B ereduan ikasten dutenen % 33k baino ez dute gainditzen B2 maila eta, A ereduan ikasten dutenen artean, bakar batek ere ez. Gainera, azpimarratzen dute Arrue Ikerketaren ondorioen arabera, hizkuntza-gaitasunetan euskarazkoek behera egin dutela eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaitasunek, aldiz, ez dutela horrelako joerarik erakutsi.

[5] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.

[6] Ikus ITURBE, Jacinto etaTXURRUKA, Jesus Mari (2020) Amets bikoitza. Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.

[7] CABRร‰, Maria Teresa (2003) Terminologรญa y normalizaciรณn lingรผรญstica. In Xabier Alberdi, Iรฑaki Ugarteburu eta Pello Salaburu (arg.), Espezialitate Hizkerak eta Terminologia Jardunaldiak , 11-25. Bibo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua

[8] ZABALA, Igone (2019) The Elaboration of Basque in Academic and Professional Domains. In Grenoble, Leonore, Lan, Pia & Unn Rรธyneland (arg.) & Ivan Igartua & Lourdes Oรฑederra (euskal arg.). Linguistic Minorities in Europe Online. De Gruyter Mouton.

[9] Azpimarratu ohi diren beste datu batzuk dira euskaraz eskaintzen diren ECTSak (% 95), graduan eta graduondokoetan euskaraz matrikulatzen diren ikasleak (hurrenez hurren % 54 eta % 23), irakasle-ikertzaile euskaldunak (% 66), teknikari eta administrazio-langile euskaldunak (% 42).

Nor da Nor datu-basea, 10 urteko ibilbidea

Maite Lopetegi, Bego Montorio, Arantzazu Royo eta Mila Garmendia

Maite Lopetegi: Aizue, neskak, heldu beharko diogu artikuluaren kontuari, gogoratzen? Nor da Nor datu-baseak 10 urte bete dituela eta…

Bego Montorio: Bai, hamar urte jada! Gardelen tangoak dio hogei urte ez direla ezer, baina, niri, azken hamar hauetako gauza mordoa datozkit burura. Oraintxe, egia esan, ez dakit nondik hasi.

Arantzazu Royo: Has gaitezen, bada, hasieratik. Lauso samar ditut orduko zenbait gauza, baina gogoan dut euskal itzulpenen liburutegi fisiko bat sortzeko aukera aztertu zuela EIZIEk. Laster baztertu zen ideia, elkartea guztiz gainditzen zuen proiektua zelako โ€“Liburutegi Nazional baten zeregina, agianโ€“, baina kezka hor zegoen. Eta 2008an, EIZIEn egindako gogoeta-prozesuaren barruan ere, Euskal Itzulpenen Baliabide Gune bat sortu beharra planteatu zen. Argi dago aspalditik zetorrela euskal itzulpenaren ondarea jendarteratzeko kezka.

B.M.: Hala da, bai, eta elkartea hasia zen, nolabait, ondare hori katalogatzen. Geroxeago, 2009an, โ€œEuskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)โ€ ondu zuen Manu Lopez Gasenik, eta, lan hori oinarri hartuta eta Armiarma taldearekin elkarlanean, helduen literatura euskaratua biltzen zuen โ€œLiteratur Itzulpenen Katalogoaโ€ sareratu zuen EIZIEk urte horren amaieran.

Mila Garmendia: Horietatik guztietatik edan zuen NdNk, baina ikuspegi zabalago bat eman nahi izan genion: itzulpenei bezainbesteko garrantzia eman itzultzaileei, itzulpen izan zitekeen oro jasoโ€ฆ Gure lanbidea lehen planora ekartzea izan dugu beti helburu, itzultzaileak eta beren lana ikusaraztea; izan ere, maiz, ez dira agertu ere egiten ohiko katalogoetan.

M.L.: Hutsune hori betetze aldera, itzulpena eta itzultzaileak zutabe izango zituen datu-base bat behar genuen, sistematikoa eta fidagarria, etengabe eguneratua… Bagenekien ez zela erraza izango, baina gerora ohartu gara zer baratzetan ari ginen!

B.M.: A zelako baratzea, bai. Alor txiki bat zen hasieran, eta faltan sumatzen genituen beste mota batzuetako landareak gehitzen joan gara: literatura mota guztiak, euskaratik eta euskarara, liburuak, blogak, audioak eta, orain, baita azken urteotako testu ez-literarioak ere.

A.R.: Eta obrekin batera, kritikak, testua on-line… Itzultzaileei dagokienez, berriz, biografia laburrak, haiekin harremanetan jartzeko eta CVa kudeatzeko modua (EIZIEkideentzat)… Ia konturatu gabe, izugarri handitu zaigu, eta hala ere, alor berriak lantzeko gogoz segitzen dugu: ikus-entzunezko itzulpenak, itzulpengintzari buruzko lan teorikoak…

M.G.: Gainera, datu-basea garatu bitartean, metodologia eta lan egiteko modu bat ere sortuz joan gara: talde-lanean, elkarri entzunez eta elkarrengandik ikasiz, erabaki guztiak ondo hausnartuta eta adostuta hartuz, ikuspegi ez beti berdinak uztartuz. Bertatik bertara ikasi dugu lan eraginkorra egiteko ez dela zertan konpetitiboa izan, askoz hobeto lan egiten dela elkarrekin lehiakorrak izan gabe.

B.M.: Hori bai izan dela ezusteko ederra. Maila askotan izan zaigu aberasgarria prozesua, etengabeko ikasbide bat, kitzikagarria oso, eta horregatik jarraitzen dugu buru-belarri. Aspalditxotik, laurok osatzen dugu โ€œNor da Nor taldeaโ€, datu-basearen eguneroko lanaz eta gidaritzaz arduratzen dena, baina pertsona eta talde askok lagundu dute, eskuzabaltasunez, modu batean edo bestean, egungo NdN honetara heltzen.

A.R.: Elkarlana bilatu dugu beti, ez baitu zentzurik han-hemenka lan berak errepikatzen ibiltzeak, are gutxiago baliabide urriak dituen komunitate bat izanik. Armiarmarekin, esaterako, hasieratik konpartitu ditugu biontzat baliagarriak diren datuak, eta bakoitzak bere ikuspegitik garatu ditu.

M.L.: Hori dena oso ondo dago, neskak, baina erabilerez ere hitz egin beharko dugu, horixe interesatuko baitzaie gehien irakurleei: Lan handia egin duzue, oso ondo, baina, guretzat zertan da baliagarria?

B.M.: Erabiltzaileei eurei galdetzea onena, ezta? Mila, zu ibili zara urteurrenaren aitzakiarekin han eta hemen galdezka, jendeak datu-basea zertarako erabiltzen duen jakin nahian, eta badirudi helburu batzuk behintzat lortu ditugula.

M.G.: Itzultzaileak bilatzeko erabiltzen dute askok: halako hizkuntza-konbinazioan nor aritzen den jakiteko, nork zer itzulpen argitaratu dituen ikusteko, zer generotakoak… Baita itzultzaile lagun eta ezagunei arrastoa jarraitzeko ere, Isabel Etxeberriak esan digunez. Ilusio handia egiten du kontu ez hain formaletarako ere balio duela ikusteak.

M.L.: Castillo Suarezek, esaterako, beste hizkuntzetara itzulitako euskal poesia zer argitaletxek kaleratu duten ikusteko erabili izan du, zer ate jo jakiteko. Izan ere, bilaketa-irizpide ugari konbinatu daitezke, eta norberaren beharretara mugatu emaitzak.

A.R.: Ikerketarako ere baliagarria dela esaten digute: tesietarako, gradu edo master amaierako lanetarakoโ€ฆ Nor da Nor-en topatzen baitute, bateraturik, behar duten oinarrizko informazioa. Hori ere hasieratik izan du helburu NdNk, euskal itzulpenaren historia osatzeko oinarria eta bidea jartzea.

M.L.: Bai, Karlos de Olmok โ€“datu-basearen sortze-prozesuan eta hastapenetan guztiz inplikaturik egon zenโ€“ oso argi zuen alde entziklopediko hori ere landu behar zuela NdNk, eta dena sarean egon behar zuela, guztion esku. Faseka goaz osatzen, baina abiapuntuko ideiak eta helburuak beti gidari, amestu dugun horretara apurka-apurka hurbilduz.

B.M.: Itzulpen- eta hizkuntza-estrategiak eta plangintzak zehazteko ere datu interesgarriak eskaintzen ditu NdNk; adibidez, administrazio-itzulpenaren garrantzia eta eragina aztertzeko ezinbestekoa da jakitea zer itzuli den, baita dibulgazio zientifikoan nahiz bestelako alorretan dauden hutsuneak antzemateko ere.

M.G.: Eta, begira nondik, irakurzaletasuna bultzatzeko ere balio omen du. Halaxe esan digute Ana Urrestarazuk eta Nagore Atelak: etxekoei literatura unibertsaleko liburuak proposatzeko, edo kanpoko lagunei euskal literatura beren hizkuntzetan oparitzekoโ€ฆ. Horretan, Fernando Reyk dioen bezala, lagungarria da liburuen datuekin batera haiei buruz argitaratu diren kritikak irakurri ahal izatea webgunetik atera gabe.

A.R.: Irakurzaletasunarekin jarraituz, Miriam Lukik kontatu digu irakurle taldeetako arduradunek datu-basean saltseatu ohi dutela urteko irakurketak aukeratzeko, edo gomendio bat egiten dizutenean euskaraz irakurri ahal izango duzun jakiteko. Pozgarria da ikustea gure kumetxoa jende askori zaiola baliagarria, ezta?

M.L.: Oso! Baina erronka ere badago horren atzean, datu-basea etengabe eguneraturik egotea eskatzen baitu. Hamar urteotan, aplikazioa doitzen eta lan-metodologia finkatzen joan gara, eta, horren ondorioz eta lankidetzari esker, eguneratze hori bermatu dezakegu, nahiz eta, iturri ugari erabili arren, beti eskapatuko zaigun zerbait. Esan gabe doa oso lagungarria zaigula itzultzaileen eta idazleen laguntza.

B.M.: Aplikazioaren doiketak aipatu dituzunez, gogoratu dut Gidor Bilbaok beste gauza batzuen artean dioela informazio ugari dagoela bilduta, itxura sinpleaz bada ere. Hori ere lorpen garrantzitsua iruditzen zait, eta, nori berea aitortuz, Josu Landa โ€œgureโ€ informatikaria aipatu behar dugu.

A.R.: Bai horixe, lankide onak inguratzen trebeak gara gu, kar-kar! Euskal literatura ez ezik euskal itzulpengintza gertutik ezagutzen duen informatikari batekin aritzea luxu bat da: errazagoa da komunikazioa, emankorragoa.

M.G.: Et, et, et! Edozeinek esango luke gurea happy-mundu bat delaโ€ฆ Ahaztu al zaizue nolako eztabaidak izaten ditugun bat ez gatozenean?

B.M.: Ondo eztabaida sutsuak, bai, denoi asko inporta zaigulako NdN eta denok topatu nahi dugulako irtenbiderik eraginkorrena.

M.L.: A, ez dezadan ahaztu. Euskal kulturako kazetari zenbaitek ere adierazi digute NdN baliatzen dutela eguneroko lanean. Baita euskal editore batek baino gehiagok ere, atzerriko azoketara doazenean, etab. Baina, aizue, artikulua idazteari ekin beharko diogu. Berriketan hasi eta 10 urte erraz egiten ditugu guk.

B.M.:Ederto! Zelan hasi ez dakit, baina zelan amaitu bai: eskerrik beroenak emanez 10 urte hauetan eta โ€œhaurdunaldikoโ€ urteetan bidaide eta lankide izan ditugunei.

A.R.:Izen bakar batzuk aipatzearren, Arantza Mariskali, Juan Cruz Ruiz de Gaunari, Luis Sogorbi, Imanol Irizarri, Iรฑaki Alegriari, โ€œEibartarrakโ€ taldekoei… Eta haiekin batera, EIZIEko zuzendaritzako taldeei, elkartean denboraldi baterako bekadun edo praktiketan ibilitakoei eta zuzenean nahiz zeharka bultzatu gaituzuen guzti-guztiei. Baina artikulua idazten hasi aurretik…

Laurak: Egin dezagun topa, eta ez behin, baizik birritan. Lehenik, gaur itzultzaileon eguna dugulako, eta gero, NdNen 10 urteak ospatzeko. Eta jarraian, lanera berriro, gure baratzean inoiz ez baita zereginik falta!

* Hemen dituzue โ€œZertarako erabiltzen duzu Nor da Nor?โ€ galderari erantzunez bildu ditugun bideo laburrak.

Elur malutak

Castillo Suarez

Behin batean Alemanian egon nintzen astebetez itzulpengintza tailer batean. Plana ezin aproposagoa zen: Edenkobenen egotea astebetez sortzaileendako egoitza batean, mahasti artean. Nirekin batera Yolanda Castaรฑo (galizieraz idazten duena), Rosa Berbel (gazteleraz), Maria Josep Escrivรก (katalanez) eta Mario Martรญn Gijon (gazteleraz) aritu ziren. Nire lana izan zen astebetez nire poemak itzuli zituzten itzultzaileei laguntza eta aholkua ematea. Ezagutzen ez nuen sistema bat erabili zuten itzulpenetarako: lehendabizi bi itzultzailek (Raquel Pacheco Aguilar eta Lisa Schwesinger) testuak hartu zituzten eta modu gordinean itzuli, nolabait esateko literaturatasunari erreparatu gabe, soilik edukiari begiratuta. Itzultzaileek ez zekiten euskaraz, eta gaztelania erabili zuten zubi hizkuntza, kasu honetan, Fernando Reyren itzulpenak. Ondotik sei itzultzailek, aldi berean poetak zirenak (Alexandru Bulucz, Mara Genschel, Agnieszka Lessmann, ร€xel Sanjosรฉ, Tom Schulz eta Katja Lange-Mรผller), beste buelta bat eman zieten testuei, eta bakoitzak bere bertsioa egin zuen. Egun bakoitzean poeta batekin egon nintzen, eta ingelesez moldatzen ginen gure artean. Hala ere, batzuetan zaila egiten zitzaidan azalpenak ingelesez ematea. Horretarako beste bi itzultzaile genituen. Itzulpengintza ikasleak ziren, alemaniarrak, gaztelaniaz bazekitenak. Guztira 14 lagun aritu ginen poemak itzultzen, horiek guztiak Hans Tillen gidaritzapean.

Itzulitakoen artean bazen bi lerroko poema bat:

Elur maluta
Badira elur maluten gisakoak diren pertsonak.
Ederrak, hotzak, gu ukitutakoan desagertzen direnak.

Eta hona hemen bi itzulpen, erabat desberdinak:

Schneeflocken
Es gibt Schneiende, leicht und ganz flockig
warm und kalt, die uns berรผhren, die fortgeweht werden.
(Tom Schulz)

Schneeflocken
Manche Menschen sind wie Schneeflocken.
Schรถn und kalt. Sobald sie uns berรผhren, verschwinden sie.
(Agniszka Lessmann)

Harrigarria zen horren emaitza desberdinak atera izana. Eta politagoa izan zena, zeinen desberdin irakurtzen zituzten. Izan ere, nork bere interpretazioa egin zuen. Eta horixe da literaturak duen gauzarik ederrenetakoa, elur malutek ez dutela berdin gisan irintzen gure bihotza alegia.

Aitortzen dena (eta isiltzen dena)

Elixabete Perez Gaztelu

Elearazi:ย Itzulpenak fama txarra du oraindik ere, nahiz eta oztopo eta aurreiritzi asko gainditu diren. Itzultzaileen ikusgarritasun eza ere nabaria da, Euskal Herriko argitaletxe batzuetan oraindik ere ez da haien izena azalean jartzen. Hala ere, literaturan daukate itzultzaileek sona gehien. Nola ikusten duzu egoera? (Elearazi, 2012.4.9)[1].

Adar askoko galdera hori ere egin zioten Elearazi blogean Elizabete Manterola itzultzaile doktore berriari[2]. Letrakera lodiz markatutako itzultzaileen eta itzulitakoaren ikusgarri-, ikusgai-, ikusezintasunaren auziaren gaineko soka mamitsua ere sortu zuen itaunak: handik eta hemendik heldu zioten gaiari Maialen Berasategi Catalรกn, Garazi Arrula, Garazi Ugalde, Bego Montorio eta Danele Sarriugarte itzultzaileek, elkarrizketaren ondoko iruzkin-erantzunetan.

Ez naiz itzulpengintzaren arlo zabal horretan murgilduko, ezta idatziak argitaratu bitarteko bidean lan egin duten esku guztien berri (idazlea, zuzentzailea, editoreaโ€ฆ) jaso beharrekoan ere. Egia esan, ez dut itsaso handi horretan igeri egiteko aski arnasa.

Itzultzaileek paratutako gaia, ordea, txoil baliagarria gertatu zait nere baitako aspaldiko gai bat kanporatzeko, blogeko itzultzaile erantzun-emaileek iradoki bezala, autorearen, ยซeskuenยป jendaurreko aitortza ez baitagokio bakarrik itzulpengintzari.

Garazi, zuk musikarekin gertatzen dena ere aipatu duzu. Sorkuntza mota guztietan, beti alde batzuk ageri-agerian gelditzen dira, baina beste batzuk erdi-ezkutuan. Musikari batek disko bat grabatzen duenean, adibidez, oro har ez zaio jaramon handirik egiten kantu guztiak banan-banan hartu eta nahastu eta polit-polit (edo itsusi-itsusi) jarri dituenari (nola eta ez den izen handiko norbait), nahiz eta haren esku dagoen disko txukun bat lortzea, musikariaren gaitasun eta ahalmen guztiak gorabehera. Ez dakit halako adibideek balio diguten guri, baina irudipena dut itzulpengintzatik harago doan kontu bat dela (Berasategi, Elearazi[3]).

Askoz harago doa kontua, bai, bihurgune asko ditu, labaina da, etengabe aldatzen doanaโ€ฆ Hori jakinik ere, gai horren pixar bat ekarri nahi dut, eske-kezka moduan bada ere.

ยซEskuenยป aitortza idatzi (ustez) iraunkorragoaren ondoan, bada beste aitortza mota bat, nire ustez, garrantzi eskasekoa ez dena: ยซeskuenยป jendaurreko ahozko aitortza. Zehatz esan, kontzertu, kantaldi, irratsaioโ€ฆ, aho-belarriak direla medio gauzatzen diren emanaldietan jendaurrean ahoz egiten diren aitortzak.

Noren ยซeskuakยป aipatzen dira eta norenak isildu, demagun, kantaldietako jendaurreko aurkezpenetan? Harrigarria egingo litzaiguke oholtza gainean, agertokian dauden musikarien, kantarien izenak ez entzutea. Ohitzen ari gara, ordea, โ€”ohituta gaude?โ€” kantu bihurtutako hitzen sortzaileen, poeten, idazleen izenik ez entzutera. Ez bide da, baldinbetan, gehiegi eskatzea hitzen egileen izenak ere jendaurrean aitortzea; jendaurreko egokiera horretaz baliatzea entzuleak poeten, idazleen izenen jakitun ere izan daitezen, izan gaitezen.

Kezka aspaldikoa dudan arren, seguru aski ez nituen hitz hauek kanporatuko ยซPoeta kaxkarraยปrekin hasi eta ยซLau haizetaraยปrekin amaitu zen Imanolen omenezko kontzertuan Mikel Arregiren izena ez zutela aipatu bizi izan ez banu. Ez Mikel Arregi, ez Xabier Lete, ez Xabier Amuriza, ez Alfonsina Storni, ez Jon Mirande, ez Joxerra Garzia, ez Lope de Vegaโ€ฆ Poeten izenik bat ere ez. Gainera, kantaldia grabatzen aritu ziren, telebistan eskaintzeko; alegia, bazegoen asmoa grabazioa dela bitarte saioari nolabaiteko iraunkortasuna emateko.

Hona aspaldiko huts berpiztuaren jendaurreko aitortza, 31 esku hauen beso luzeetan itxaropena duela.


[1] https://elearazi.eizie.eus/2012/04/09/itzultzaileak-mintzo-elizabete-manterola/

[2] Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa doktore-tesia aurkeztu zuen.

[3] https://elearazi.eizie.eus/2012/04/09/itzultzaileak-mintzo-elizabete-manterola/

Adimen artifiziala, lagun edo etsai?

Amaia Lersundi Pรฉrez

Azken hilabeteetan adimen artifiziala (AA) trending topic bihurtu da nire inguruan. Badira urte batzuk AA sortu zela, baina 2022ko azaroan, Chat GPT irekian jarri zutenean, gutako asko orduan hasi ginen AAri buruz hitz egiten. Adimen artifizialak hainbat sektore irauli ditu urte gutxitan, hala nola osasungintza, ekonomia, entretenimendua eta hezkuntza. Gaurko sarreran, nire egunerokotasunean gai honen inguruan sortzen diren hainbat kezka, eztabaida, hausnarketa… partekatu nahi ditut.

Zorionez, gizarteak aurrera egiten duen heinean, irakasteko eta ikasteko moduak ere aldatzen doaz, nahiz eta gehienetan aldaketak nahi baino polikiago gertatzen diren. Oraingoan ere, historian gertatu diren bestelako gertarirekin gertatu den bezala, AAren hazkundeak hezkuntza eta eskola birdefinitzeko beharra ekarri du, besteak beste, AAk ikaskuntza ikasleen behar eta gaitasunetara pertsonalizatzeko aukera ematen duelako, informazioaren irisgarritasuna hobetzen duelako, feedbacka momentuan ematen duelako, eta ikasleei eskatzen zaizkien zeregin asko ordenagailuak segundo bakarrean egiten dituelako. AAk onura eta aurrerapen ugari ekarri baditu ere, haren erabilerak hainbat zalantza eta buruhauste sortu ditu irakasleen artean. Nola arautu Chat GPTren erabilera? Debekatu beharko genuke eskoletan eta unibertsitateetan? Zein motatako zereginak eskatu behar dizkiegu ikasleei? Nola jakin ikasleek bidaltzen dizkiguten lanak haiek egin dituzten ala ez?

Orain arteko sarreretan hizkuntzak hezkuntzan duen garrantziaz aritu naiz, eta komunikazio-tresna ez ezik, ezagutzak eskuratzeko eta esanahiak eraikitzeko bitarteko ere badela defendatu izan dut. Ideia horretatik abiatuta, onartu behar dut kezkatuta nagoela AAk euskara maila baxua duten ikasleengan izango duen eraginagatik. Ikasleek itzultzaile automatikoak, idazketa-laguntzaileak eta Chat GPT moduko tresnak erabiltzen dituzte lanak egiteko. Tresna aurreratu horien bitartez ikasleek idatzizko lanak sor ditzakete inongo esfortzurik egin gabe, pentsatu gabe eta benetako ikaskuntzarik gabe. Kasu horietan, gainera, zaila izaten da jakitea ikasleak landutako edukia menderatzen duen, eta bere benetako hizkuntza maila zein den. Ez hori bakarrik; AAren gehiegizko erabilerak, komunikazio-gaitasuna garatzeaz gain, mugatu egin ditzake lan autonomoa egiteko gaitasuna, ikasleen pentsamendu kritikoa eta arazoak konpontzeko gaitasuna garatzeko aukerak.

Bestetik, adimen artifiziala deitzen badiogu ere, AAk ez du edukirik edo daturik sortzen; sarean dauden datuetatik jasotzen du informazioa eta estatistikan oinarritzen da datuak emateko eta testuak sortzeko. Horregatik, beste hizkuntza hegemonikoekin alderatuz, adimen artifizialak behar dituen ereduak entrenatzeko euskarazko datuen eskuragarritasuna mugatuagoa da, eta horrek eragina izan dezake tresna batzuen zehaztasunean eta eraginkortasunean.

Ezin da zalantzan jarri adimen artifizialak egiten duen ekarpena izugarria izan daitekeela hezkuntzan, baina gure ikasleak euskaraz trebatu daitezen eta komunikazio-gaitasunen garapen orekatua eta osoa ziurtatzeko, teknologia elkarrekintzarekin konbinatu beharko litzateke, eta, agian, debateak, ahozko aurkezpenak eta eskuz egindako idazlanak bezalako jarduerek funtsezko osagai izaten jarraitu behar dute gelan. Konbinaketa hori egin ahal izateko, eta irakasteko moduak gaurko errealitatera egokitzeko, ezinbestekoa da irakasleok AAk ematen dituen aukerak eta tresnak ezagutzea, nola erabiltzen diren ikastea, eta ikasleei nola erabili behar diren irakastea ere. Garrantzitsua da gogoratzea helburua ez dela adimen artifizialaren erabilera debekatzea, baizik eta modu etiko eta hezigarrian erabiltzen ikastea. Ez al da ba hezkuntza galdera egokiak egiten ikasteko eta pentsamendu kritikoa garatzeko esparrua? Beraz, jarraitu dezagun gai honen inguruan hausnartzen, eztabaidatzen eta ikasten, sortzen zaizkigun erronka horien guztien aurrean zer egin jakin dezagun eta adimen artifiziala etsai baino gehiago hezkuntza aberastuko duen laguna izan dadin.

Interpreteen lan-baldintzen diagnostikorako bidean aurrera

Claudia Torralba Rubinos

Joan den abenduaren 15ean idatzi nuen sarreran EIZIEko interpreteen lantaldeak 2024rako finkatutako asmoen berri eman nizuen: interpreteen esperientziak eta bizipenak biltzea, errealitatetik abiatutako galdetegi bat diseinatzeko. Helburua zen (eta oraindik ere bada) 2024an euskal interpreteen diagnostikoa egitea. Izan ere, ezer gutxi dakigu euskararekin lan egiten duten interpreteei buruz, eta informaziorik oinarrizko-oinarrizkoena ere falta dugu. Adibidez, ez dakigu euskararekin lan egiten duten zenbat interprete dauden. Hori ere ez dakizue? Agian batzuk harritu egingo zarete, baina ez, hori ere ez dakigu.

Askotan esaten da interpreteei buruz ezer ez esatea dela lana ondo egin duten seinale. Baina beti atzealdean (edo beste gela batean, edo txoritokian) egote horrek baditu beste albo-ondorio batzuk ere. Besteak beste, itzaletan eta ilunpean geratzea. Horregatik, uste dugu badela garaia euskal interpreteei eta lanbideari berari argitasun apur bat emateko.

Helburu horrekin egin dugu lan urte hasieratik, eta jadanik prest dago galdetegia. Saiatu gara euskararekin lan egiten duten interprete guztientzat egokia eta esanguratsua izango den galdetegi bat prestatzen, lanbidearen argazki ahalik eta osoena eskuratzeko.

Galdetegiak bi atal ditu. Lehenengoan, gaur egun aktibo dauden interpreteen profila eraikitzen lagunduko diguten galderak erantzun beharko dira (generoa, adina, ikasketak, esperientziaโ€ฆ). Atal hori interprete guztiek bete beharko dute, eta oso baliagarria izango da datu demografikoak bildu eta XXI. mendeko interpreteak nolakoak diren irudikatzeko.

[Emakumeak al dira interprete gehienak? Gehiago al dira oraindik ere itzulpengintza eta interpretazioko ikasketa espezifikorik ez dutenak? Belaunaldi-aldaketa gertatu da? Zein da aktibo dauden interpreteen batez besteko adina? Gazteak ere ibiltzen dira interpretazio-lanetan?].

Bigarren atalean, aldiz, bi azpiatal daude: bat autonomoentzat eta beste bat hirugarren konturako langileentzat. Galdera gehienak oso antzekoak dira, baina badira batzuentzako eta besteentzako galdera zehatz eta espezifikoak ere.

[Autonomoentzat, adibidez: esango zenuke tarifak arazo-iturri direla? Ezagutzen al dituzu lankideen tarifak? Eta hirugarrenen konturakoentzat, aldiz: zein erakundetan egiten duzu lan? Eta zehazki, zein lanpostu eta kategoriatan?]

Hala ere, interprete guztientzako garrantzitsuak diren gaiak ere jorratuko dira galdetegian, besteak beste, lan-baldintzak, azpiegitura, hizkuntza-norabidea eta dokumentazioa aurretiaz jasotzea. Horiek guztiek, azken finean, lanbidearen funtsarekin dute zerikusia, eta interprete guztien egunerokoan daude presente.

Ekainean zabalduko du galdetegia EIZIEk, eta helburua da, hain zuzen, ahalik eta gehien zabaltzea. Ez da beharrezkoa EIZIEko bazkide izatea galdetegia betetzeko, eta eskertuko dizuet zuen inguruan dituzuen interprete guztiei ematea galdetegiaren berri. Euskal interpreteen diagnostikoak gure lanbidearen errealitatea ezagutzen eta, hortik abiatuta, gure lan-baldintzak hobetzen eta aldarrikatzen lagunduko digu, baita hautematen diren balizko arazoei aurre egiten ere. Egin dezagun bidean aurrera elkarrekin.

Istriputik hiztripu eta beste paronimo batzuk

Anjel Lertxundi

HITZEN ARTEKO ANTZA. Hitz paronimoak, elkarren arteko antza dutenak, egokiak dira hitz-jokoetarako, kontrasterako, irakurleen arreta pizteko: amoratu, amorratu; antza, dantza; ego, hego; labe, gabe. Jokoa ematen dute prosan bezala poesian, bertsolariak abilak dira paronimoen erabileran, eta alditan etekin literario mamitsua ere atera liteke paronimoak bekoz beko jarrita testuinguru egoki batean. Demagun โ€œnerabeen izua auzi bihurriaโ€, Harkaitz Canoren Pozaren erdia poema-liburutik hartutako ahapaldi baten muina, letra etzanaz emana. Horra eskura itzulpenetan galtzen omen den zeraren zera poetikoaren adibide bikaina bi hitz paronimoen eskutik. Nola itzuli beste hizkuntzetara? Hitz paronimoek ere eraman gaitzakete jolasetik eta ateraldietatik literaturaren goien gradura.

Paronimoak aise bihur daitezke itzulpenetako sasiadiskide ere. Noren nagiak edo despisteak ez ditu arrakasta eta arrastaka paronimoak nahastu? Oroitzen naiz, urte asko dira, nola euskal tradizioko ipuin erritmiko baten hitz giltzarria (โ€œaitonak arbia nahi du atera; tira eta tira, eta ezin du ateraโ€ฆ) erbi bihurturik agertu zen haurrentzako liburu-formatuan: aitona arbi bat ateratzen ikusi ordez, erbi baten hanketatik tiraka ageri da argitalpenean. Ilustratzaileak bai baitira itzultzaileak ere beren jardunean, arbi eta erbi nahastu zituenak sasiadiskide batekin egin zuen estropezu, arbi arrunt bat baino erbi apetatsuagoa etxera eramateko asmoz-edo. Bistan da sasiadiskideen zakuan aise kabitzen direla paronimoak ere.

Baina paronimo arrakastatsuenen artean, istriputik jaiotako hiztripua. Distiratsua da eta, batez ere, oso efikaza. Asmazio bat dela esango du norbaitek. Neologismoak onartzen baditugu zergatik ez ditugu onartuko funtzionatzen duten eta gure egin ditugun neoparonimoak? Hiztripuak idatzita funtzionatzen du, ahoz eraginik izango badu ondo indartu beharra dago hiz lehen silaba, eta, hala ere, lanak. Baina testu idatzietan ez du galerarik. Hona โ€“eta onaโ€“ lerroen errepideetan izaten ditugun letra-istripuak izendatzeko. Ez dakit nor izan zen hiztripu hitzaren asmatzailea, baina bide luzea egin du. Ateraldi baten moduan sortu zenak sarrera eta harrera ona izan ditu erabileran. Ulertzen dugu, balio digu, eta ia orain arte letra etzanarekin nabarmendu izan badugu ere hitzaren berexitasuna markatzeko, pixkana-pixkana desagertzen ari da letra etzanaren abisua, eta gaur gero eta gehiagotan ikusten dugu letra biribil edo normalean idatzita, hitz onartuaren bedeinkapen oraindik ez akademikoarekin. Egiten duen zerbitzua handia da, testu idatzietan egiten ditugun hiztripuak ere ugariak izaten baitira. Euskaltzaindiak ez du oraindik jaso, baina hitzak adierazten duena โ€“hitzen arteko istripuaโ€“ efikaza da, kostatuko zaigu hitz egokiago bat bilatzea hiztripuk esaten duenaren ordainetan. Eta, aldi berean, hiztripu bada hiztegiaren osaketan erakusten ari garen grazia eta imajinazioa balioesten dituen opari goren bat ere. Egunen batean, kontuon ondo bidez, Euskaltzaindiak onartuko du.

HIZTEGIAK HILTEGIAK OTE? Mingarria egiten zait bi paronimoak elkarrekin ikustea, hiztegi batek ez baitu deus hiltegitik salbu hiztegiak zer diren ez dakitenentzat. Erabiltzen ez diren hitz isilduak daude bertan, sekula gehiago erabiliko ez direnak dira haietako asko, baina hiztegietako hitzak, baita hilak deitzen ditugun greko edo latineko hitzak ere, ez daude hilak: garai jakinen batez mintzatzen zaizkigu, historiaren ahotsak dira. Esan egiten digute oraindik; beste kontu bat da guk zenbaterainoko arreta jartzen diegun. Nolanahi ere, ezin ebidentzia ukatu: jende askok hitzen hiltegi gisa ikusten ditu hiztegiak, eta horren arrazoia izango da bertan dauden hitz ugari, seguru asko gehienak, ezezagunak egiten zaizkiela. Hilak.

Hiztegietan dauden hitz batzuk haustuta daude aspalditik, loak hartuta, apenas sinets daitekeen arnas-berri daitezkeela ere, horixe egia. Baina batek hiltzat jotzen duen hitz bat bizirik egon daiteke bere auzoaren jardunean. Gurean zirkilu deitzen diogu erratzak, garbiketarako trepetak, lisatzeko taula edo harien kaxak gordetzeko baliatzen dugun gela txikiari. Mahaia edo katilua esatea bezain naturala dugu zirkilu hitza. Ez dut, ordea, hitz hori eta adiera horretan erabiltzen duen inor ezagutzen. Badakit, noski, badaudela. Han-hemengo herri-hiztegiek horixe esaten didate

Hiztegiak, hiltegi? Paronomasiak antza bereko bi hitz edo gehiago jartzen ditu aurrez aurre. Antza dute hotsek, adierek ez, eta hurbiltasun fonetikoak eragindako ondorioak arruntak izan litezke. Ala ez: aipatu ditudan paronomasia apurrek badute beren grazia, hitzez hitzeko esanahia baino harago iristen da egoek eta hegoek elkar topo egiten dutenean. Bi paronimoen dantzak askorako eman dezake. Eta hitz betikoen piurarekin jantzitako hitz berriak ere sor daitezke: halako askok bizitza efimeroa izaten du, baina aldian behin aitapontekorik ez duten hiztripu bezalako pitxiak ere sortzen dira. Hitzak ez dira hots huts. Hitzik ez dago edukirik, esanahirik, definiziorik gabe: ezaguna genuen istripuaren adiera, hiztripuak beste adiera bat erantsi dio, ondo bereizia, akzidenteen munduari.

Ambrose Biercek Deabruaren Hiztegia asmatu zuenean ez zuen, nik dakidala, hitzik asmatu. Asmatu zituenak, hiztegiko definizio deabrutuak dira:

ยซHiztegi, iz. Hizkuntza baten hazkundea galarazi eta gogor eta zurrun bihurtzeko letra arloko tresna. Hiztegi hau, haatik, tresna emankorra daยป. (Itz. Xabier Olarra Lizaso).

Bierceren hiztegian bezala beste guztietan ere hitzak egon daude. Gizakiak sortuak, denborak ยญยญโ€“denboraren bultzian, guโ€“ hitzen esanahia mantentzen du edo egokitzen edo berritzen, eta esanahiko objektua edo egoera desagertzen denean, hitza ez da desagertzen. Isildu egiten da, isildu egiten dugu.