Irizpide grafikoa, ala fonetikoa?

Xabier Aristegieta Okiñena

Berria egunkariak sarean eskaintzen duen estilo-liburuan honako hau esaten da, Ortotipografia atalean, euskaraz bestelako hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko moduari buruz:

Beste hizkuntzetakoak

›Beste hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko, kontuan hartuko dugu nola idazten diren, ez nola ahoskatzen diren.

Shakespeareren [Shakespearen*]; Voltaireren [Voltairen*]; Googleren [Googleen*]; Greenpeaceren [Greenpeaceen*]

›Bukaerako i grekoa bokala edo erdibokala izan daiteke, baina BERRIAn, deklinatzeko orduan, bokaltzat hartzen dugu beti. Orobat jokatzen dugu bukaerako -w letrarekin:

Derryn [Derryen*]; Kentuckyn [Kentuckyen*]; Midwayn [Midwayen*]; New Jerseyn [New Jerseyen*]; Glasgown [Glasgown*]; Saint Andrewko [Saint Andreweko*]; Wroclawn [Wroclawen*]

›Bukaerako –h letrarekin, honela jokatzen da nagusiki:

Aceheko gatazka; Plysmoutheko [Plymouth?] portua; Ramallaheko erietxea

›Deklinatzean, bukaerako r letra bikoiztu egiten da:

Twitterrek; Kandaharren; Peterrek

Bistan denez, gidalerro horiek jokabide bateratu bat erdiestearen nahiari erantzuten diote, eta alde horretatik goraipagarriak iruditzen zaizkit: kasuko testugileari helduleku zalantzagabe bat eskaintzen diote idazten dabilen hitza deklinatzeko, hitz hori jatorrizko hizkuntzan nola ahoskatzen den jakin beharrik gabe.

Alabaina, erabaki horrek abantailak baino desabantaila gehiago dituela iruditzen zait, eta jarraian nire iritzia arrazoietan oinarritzen saiatuko naiz.

Lehenik eta behin, azpimarragarria da Berriako jarraibide horrek euskal deklinabideari nire ustez ematen dion biraketa ohargarria: beste hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko, “kontuan hartuko dugu nola idazten diren, ez nola ahoskatzen diren”. Alegia, irizpide grafikoa erabiltzen du, eta ez fonetikoa. Eta hortxe ikusten dut nik koska. Koska handia.

Egia da deklinabidea ikasi dugunean betidanik egin izan den bereizketak, hots, “bokalez amaitzen diren hitzak” eta “kontsonantez amaitzen diren hitzak”, ez duela zehazten zeri aplikatua den amaitu hori: idazkerari ala ahoskerari.

Egia da, halaber –bururatzen ez zaidan salbuespenen baten berri ematen ez bazait behintzat–, idatzizkoan kontsonantez amaitzen diren euskal hitzen ahoskera kontsonantez ere amaitzen dela; eta, ustez, gauza bera esan dezakegu –mutatis mutandis– bokalez amaitzen diren euskal hitzez. Hortaz, neurri batean ulergarria da deklinabide-arauek azken hizkia eta azken fonema bat ez etortzeari buruzko aurreikuspenik egin ez izana.

Euskal hitzetan bat baldin badatoz dena delako hitzaren azken hizkiaren eta azken fonemaren bokaltasuna edo kontsonantetasuna, zer ondoriotara iritsi behar dugu? Euskal deklinabideak irizpide grafikoa hartzen duela ardatz, ala fonetikoa?

Nik uste dut ezin dela zalantzan jarri irizpidea fonetikoa dela: bokalak bokal gisa eta kontsonanteak kontsonante gisa taldekatzen dituen irizpidea fonetikoa da; ahoskerari lotua, alegia. Bokalek elkarrekin daukatena ezaugarri fonetiko bat da, kontsonanteetatik bereizten dituena. Eta alderantziz.

Bestalde, dakigunez, euskal deklinabidean –e eta –r bezalako hizki epentetikoak agertzen zaizkigu:

gizon (NORK, mugagabea): gizonEk

etxe (NOREN, mugagabea): etxeRen

Eta epentesia fenomeno fonetiko bat da. Honela definitzen baitu epentesia Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak: “hitz baten barnean etimologiari ez dagokion fonema baten agerkera” (letra etzana nirea da). Eta Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiak honela dio epéntesis-i buruz: “1. Figura de dicción que consiste en añadir algún sonido dentro de un vocablo” (etzanak, nireak). Eta fonetika/fonologiari dagokien laburdura jasotzen du hasieran.

Ez dut beharrik ikusten euskal deklinabidearen errotze fonetikoan gehiago sakontzeko. Mugatu nahi dut seinalatuta uztera Berriako deklinabide-gidalerro horrek salbuespen nabarmen bat txertatzen duela euskal deklinabidean.

Salbuespena salbuespen, argudia liteke –eta argudio horrek ere badu bere garrantzia– arau horrek uxatu egiten duela, gorago aditzera eman dugunez, egunkariko testuetan zeharreko inkoherentzien arriskua, testugile ezberdinek hitz bat bera deklinakizun hartzen dutenean horren ahoskerari buruz izan lezaketen informazio edo jakintza ezberdinaren ondorioz eman ahalko lizkioketen deklinatze halaber ezberdinen eskutikoa.

Horrela, ba, Berriako arauari jarraituz jokabide bateratu bat lortzen da, bai. Baina zer prezioren truke?

  • Kontuan hartu behar da Berriak gomendatzen duen jokabidea ez dela ahoskera ezezaguneko hitzak –eta horiexek soilik– deklinatzen lagunduko digun itsumutil halako bat, baizik eta sistematikoki aplikatu beharrekoa den jokabide bat; alegia, baita kasuko hitzaren ahoskera arras ezaguna dugunean eta, ikuspegi fonetikotik, Berriaren arauak dioenaz bestela deklinatu beharko genukeela dakigunean ere (barkatu “ikuspegi fonetikotik deklinatu” espresioari pleonasmo-kutsua aurkitzen badiozue).

Adibideak:

Apple (NORK): Applek (Berriaren arabera), Apple-ek (irizpide fonetikoaren arabera)

Google (NORI): Googleri (Berriaren arabera), Google-i (irizpide fonetikoaren arabera)

Le Monde Diplomatique (NOREN): Le Monde Diplomatiqueren (Berriaren arabera), Le Monde Diplomatique-en (irizpide fonetikoaren arabera)

Cambridge (NORI): Cambridgeri (Berriaren arabera), Cambridge-i (irizpide fonetikoaren arabera)

Annie Ernaux (NOREN): Annie Ernauxen (Berriaren arabera), Annie Ernaux-ren (irizpide fonetikoaren arabera)

Horrela, ba, ahozkotik idatzizkorako norabidean, nire ustez anomalia diren horiek eginarazten ditu (marratxoa erabiltzearen gaiaz ez naiz arituko, ez baitut artikulu hau gehiegi luzatu nahi; dena den, ez dut aukera galduko marratxoaren zeharo alde agertzeko: izen arrotzekin, izugarri laguntzen du berehalakoan argitzen noraino iristen den izena eta non hasten den kasu-marka).

  • Baina goiko horrek bigarren parte bat ere badauka; izan ere, kontrako norabidean, hots, idatzizko hori ozenki irakurtzerakoan, bitatik bat :
    • Edo kasuko hitz arrotza gaizki ahoskatzera behartzen du (esate baterako, “Appleren”eko –r hori ahoskatzeko, /aple/ esan behar dugu, eta ez /apel/). Edo, bestela,
    • Beste biraketa bat eginarazten du, baina ez, oraingoan, euskal deklinabidearen fonetikotasunean, baizik eta euskarazko ahoskatze-arauetan, -r mutu dei genezakeena bezalakoak aurkeztuz, soilik horrela uler baitaiteke “Appleren” /apelen/ irakurtzea, edo “Diplomatiqueren”, /diplomatiken/.

Benetan: ez dakit bi aukera horietatik zein gustatzen zaidan gutxiago.

Esango nuke informazio-hutsune bat ez dagokion esparrutik gainditu nahi izatetik sortzen dela korapiloa.

Ez dut ukatzen hitz baten ahoskera ez jakitea problema bat dela hura deklinatzerakoan (nahiz eta gaur egun, Internet bitartez, horrelako zalantza asko eta asko argitzeko modu bikaina eskueran daukagun). Baina iruditzen zait Berriako arau horrek irtenbide faltsu bat ematen diola problemari. Ziurgabetasunaren problemari aterabide-edo bat ematen dio, bai, baina euskararen deklinabidearen eta ahoskeraren nolakotasuna ukitzen duten ondorio sakonagoak ekartzen ditu, azaltzen saiatu naizenez (azken batean, hitz bera modu ezberdinetan deklinatuta ikusteak islatzen duena da haren ahoskerari buruzko uste ezberdinak daudela, ez besterik).

Berriakoa bezalako konbentzioen bitartez nire ustez ebatzi ezinekoak diren kontu gehiago ere badago, dena den.

Hitz bat nola ahoskatzen den ez baita testugileak dakienaz harago egon daitekeen gauza bakarra. Hipotesi bezala plantea daiteke gerta dakiokeela izen berezi bat bizidun bati ala bizigabe bati ote dagokion ez jakitea. Eta horrek ere eragina du deklinabidean, dakigunez. Baina ez luke zentzu handirik izango irizpide grafiko batean oinarrituz kasuko izenari biziduntasuna edo bizigabetasuna esleitzeak.

Litekeenago den adibide bat aipatzearren: gerta dakiguke, era berean, gizonezko ala emakumezko izen berezia ote den ez dakigun izen atzerritar batekin toka ala noka erabili ez dakigula suertatzea. Eta sexua, noski, ez diogu ezarriko aurretiaz finkatutako irizpide orokor baten arabera: nola edo hala ikertu beharrean egongo gara. Dena den, problema hau askoz ere larrikiago pairatzen dute euskarak ez bezala pertsona-izenordainetan edo adjektibo nahiz partizipioetan genero-bereizketa egiten duten gure inguruko hizkuntzek. Torunn, Torkel edo Guro bezalako eskandinaviar izenekin topo egitean, ez nioke inori gomendatuko ezein konbentzioren araberako sexu-esleipenik egiterik… ondorio gutxienez ere komikoak saihestu nahi baditu.

Biziduntasun/bizigabetasuna. Generoa. Jatorrizko ahoskera. Nire ustez, kontu muntadunegiak, konbentzio bidez aurrefinkatzeko.

Euskal hitzez

Irantzu Epelde Zendoia

Khyber Pakhtunkhwa eskualdean, Pakistanen, Afganistango muga inguruan, paxtueraren hiztunak diglosia egoeran bizi dira, sustrai sakonak dituen diglosia egoera batean. Hizkuntza ofiziala ingelesa da, urduarekin batera, eta eremu formaletan erabateko nagusitasunarekin erabiltzen da: irakaskuntzan, administrazioan, lan munduan, eta, orokorrean, hizkuntza idatzian. Erakargarritasun handieneko hizkuntza ere bada ingelesa Pakistanen, lan onak lortzeko eta goiko estatus batera iristeko nahitaezkoa, pakistandarrentzat, ingelesa behar bezala jakitea eta mintzatzea.

Ordea, hiztun erkidegoaren ahozko hizkuntza normala paxtuera da: 30 milioitik gora dira, gaur egun, paxtueradunak Pakistanen. Bertako hiztunek horixe erabiltzen dute plazan, azokan, parkean, familian, lagunartean, bulegoko lankideen artean eta bestelako egoera informaletan.

Hemen bezala, beste hizkuntza batzuetako (han, ingeleseko) maileguak esku-beteka hartzeko aro berrian murgilduta bizi dira pakistandar elebidunak, eta hain zuzen Khyber Pakhtunkhwa eskualdeko ikerle gazte batek bere erkidegoan —paxtueradunen artean— ahozko solasaldi naturaletan maileguak nola tratatzen dituzten aztertu berri du[1]. Zehatzago esateko, izenak eta aditzak fonologikoki eta morfologikoki nola egokitzen eta integratzen dituzten. Bere informatzaile batzuen iritziak ere jasotzen ditu lan horretan:

I am very proud of being a Pakhtun. I am conscious of my nationality. I am pretty concerned about my own language Pashto. I love to use Pashto while speaking to any Pakhtun, but as an educated person I don’t mind to use English when it is necessary. (Khan, 2011: 122)

Ikertzaileak nahita galdetzen zien berriemaileei zergatik erabiltzen dituzten ingelesezko hitzak paxtueraz ari direnean. Erantzunak, honelakoak:

I use English while talking to other Pashto speakers for the better interpretation of my feelings and thoughts. I feel easy and comfortable in conversation by mixing two languages. (Khan, 2011: 122)

Paxtuerak euskarak baino gizarte presentzia askoz ere zabalagoa badu ere —adibidez, Iparraldea hartzen badugu kontuan—, halere, Iparraldeko gaurko euskaldun askoren hizkuntza jarrerak bat datoz Khan-ek bere lanean jasotzen dituenekin, eta, hizkuntza kontuetan sartuta, baita maileguak hartzeko garaian erabiltzen dituzten estrategiak ere. Adibidez, aditzei begiratzen badiegu, edadeko euskaldunek erraz integratu izan dituzte frantsesezko aditzak euskarazko solasaldietan, -(a/i)tu atzizkiaren bidez. Frantsesezko partea (aditz erroa) frantses ortografiaren arabera dator gure adibide hauetan: [choqu-atu] (fr. choquer), [exprim-atu] (fr. exprimer), [anonç-atu] (fr. anoncer), [tent-atu] (fr. tenter), [insist-atu] (fr. insister), [nomm-atu] (fr. nommer), [tutoy-atu] (fr. tutoyer), [débloqu-atu] (fr. débloquer), [embêt-atu] (fr. embêter), [contourn-atu] (fr. contourner), [transmett-atu] (fr. transmettre), [dissip-atu] (fr. dissiper), [distribui-atu] (fr. distribuer), [correspond-atu] (fr. correspondre), [modernis-atu] (fr. moderniser), [install-atu] (fr. installer), [accept-atu] (fr. accepter)…

Batzuetan aditz erroa ez da erabat frantses ahoskeraren arabera ahoskatzen; beste batzuetan, berriz, oso-osorik, eta beste batzuetan, erdizka. Frantsesaren eta euskararen fonologia sistemak gaztelania-euskararenak baino urrunago daude, hotsen arteko distantzia fonologikoagatik, baina halere erraztasun handia erakusten dute frantsesezko aditzak (izenak ere berdin) mailegatzerakoan. Gertatzen dena da horiek eta horiek bezalakoak ez direla hiztegietan agertzen. OEH-n datozenak mailegu zaharrak dira: biratu ‘itzuli’, errepartitu ‘banatu’, turnatu ‘(dirua) itzuli’, lantzatu ‘abian jarri’, erreglatu ‘(tresna bat) erabili’, kontserbatu ‘gorde, mantendu’, partaiatu ‘partekatu’ eta abar. Baina horietako adibide bakoitzak ere noizbait egin du bere bidea, euskal(dunen) hiztegian sartu arte…

[1] Khan, Arshad Ali. 2011. Azad Jamu & Kashmir-eko Unibertsitateko (Pakistan) tesi argitaragabea.

Shakespeareren ‘Ametsa’

Iñaki Iñurrieta Labaien

Joan den asteartean agertu zen hedabideetan DSS2016k eta EIZIEk elkarrekin emandako prentsaurrekoaren berri, eta, beraz, irakurle batzuek jakingo duzue honezkero nola 2016an Shakespeareren Uda gau bateko ametsa eszenaratuko den Cristina Enea Parkean, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. DSS2016k Juan Garziari enkargatu dio euskarazko itzulpena, eta, hori dela-eta, itzulpen-prozesua bera gizarteratzea helburu, zenbait ekitaldi antolatu dituzte EIZIEk eta DSS2016k udazken honetarako.

Lehen saioa joan den asteartean bertan izan zen, irailaren 30ean, itzultzaileon patroi San Jeronimoren egunean, Gasteizko Letren Fakultatean. Izenburua, “Itzultzailea sukaldean”, eta parte-hartzaileak, Juan Garzia, Larraitz Ariznabarreta shakespearezalea eta Maialen Berasategi itzultzailea; hirurak ere, Idoia Noble saio-gidariaren esanetara.

Bi ildotan bil litezke han esandakoak (gehiegi sinplifikatzeko arriskua neure gain hartuta): bat, A Midsummer Night’s Dream itzultzeari ekin aurretik kontuan hartu beharreko zenbait ohar; bestea, Juan Garziak bere itzultzaile-eskarmentutik itzultzailegaiei emandako aholkuak.

Itzultzeari ekin aurretik kontuan hartu beharrekoen artean, jatorrizko testuaren generoari buruzkoak ondo zehaztea da lehenetako bat. Uda gau bateko ametsa komedia bat da, komedia endredozkoa, artzain-giroko osagaiak dituena, karnabaleskoa: horiek guztiek tonu jakin bat ematen diote obrari, eta itzultzaileak tonu horri antzeman behar dio, gero asmatuko badu. Hanka-sartze handiak egin litezke, esaterako, itzultzaileak ez badu atzematen obrari darion ironia.

Bestalde, plano eta maila desberdinetan ari dira pertsonaiak: gazte maitaleen laukote protagonista; Atenasko errege-erreginak eta nobleak; basoko elfoak, maitagarriak eta abar; eta arlote-koadrilla. Pertsonaiok beren izaera edo mailari dagokion eran mintzatzen dira: serio edo txantxetan, estilo jasoan edo xehean, bertsotan edo prosan…. (Izan ere, zati asko neurtitzetan ditu A Midsummer Night’s Dreamek; Shakespeareren beste edozein obratan baino gehiago dira neurtitzak, proportzioz).

Alegia, pertsonaia bakoitza dagokion erregistroan mintzarazi behar du itzultzaileak. Hain zuzen ere, erregistroaren arazoa aipatu zuen Maialen Berasategik, aurrez EIZIEren webean proba-harri jarritako laginekin egindako itzultze-saioetan: ohartu zela pertsonaia desberdinak berdin mintzarazi zituela euskaraz. Jatorrizkoan, ordea, nabarmena da pertsonaiak erregistroaren aldetik ezaugarritzeko borondatea, Larraitz Ariznabarretak berretsi zuenez.

Juanek itzultzailegaiei emandako aholkuen artetik, berriz, zenbait bikote antitetiko nabarmenduko nituzke, halakoetan biltzen delakoan itzultzeak muin-muinean duen izate kontraesankor, paradoxikoa:

Umiltasuna-harrokeria. Inozo puntu bat behar da itzultzea posible dela uste izateko (are gehiago, Shakespearerenak itzul daitezkeela uste izateko); baina baita harrokeria pixka bat ere, norbera jatorrizkoaren pareko bertsio bat emateko gai dela sinesteko. Bietarik behar du itzultzaileak, beraz: harro umila izan, edo umil harroa.

Urrun-hurbil. Jatorrizkoarekiko leialtasuna dela-eta, urrun-hurbil auzia ere planteatu zen; zenbateraino hurbildu edo lotu hitzez hitzezkoari, zenbateraino urrundu, libre jardun? Ahal bezain hurbil, itzulpenak testu autonomo gisa funtzionatzen badu; eta funtzionatzen ez badu, behar bezain urrun… funtzionatzen duen puntura iritsi arte.

Shakespeare edo/ala ni. Shakespeare itzultzean, Shakespeareren baitan sartu beharra du itzultzaileak, hau da, Shakespeare izan behar du. Juanen hitzez esateko, “trantze eskizofreniko kontrolatuan” jardun behar du. Bestalde, ez du pentsatu behar jenialegia denik, ez du saiatu behar “Shakespeare hobetzen”. Jenialtasunaren tentalditik begiratzeko aholkua: ustez ideia izugarri on bat duen bakoitzean, tartetxo bat uztea, betiere, beroarena kentzeko (Horra paradoxa, beraz: Shakespeare izan, eta jenialtasunari uko egin).

Amaitzeko, autokritika pixka bat egin beharrean gara antolatzaileok, begi-bistako kontu baten inguruan: EIZIEk sukalde gisa pentsatu eta iragarri zuen ekitaldia; hortik zetorren saioaren izenburua. Hitzekiko borrokan, bertsolaria nola, halaxe agertzea nahi genuen itzultzailea, saiora zetorrenak borroka horren izpi batzuk bederen jaso ahal zitzan. Bestalde, sukalde horretan parte hartzera –hitzekin jolas egitera– gonbidatu genuen jendea, bai eta zenbait lagin eta material edonoren esku jarri ere horretarako, gure webean, egun batzuk lehenago. Gehitxo; beroarena kentzea ahaztu zitzaigun guri ere. Ikasturtea hasi berri, ez da egon astirik ez modurik horrek aurrez eskatuko lukeen lanik egiteko. Beharbada, bigarren sukaldean, hil honen 30ean, aukera gehiago izango dira horretarako; kontuan izanik orduan Bertsozaleen Elkartekoen eta bertso-eskolen partaidetza espero dugula. Erronka polita hori ere: bertsolaritza Shakespeareren mundura hurbiltzea, eta alderantziz, Shakespeare bertsolaritzara. Baina horretaz, hurrengoan.

«Trafiko»ari bidea itxi nahian?

Alfontso Mujika Etxeberria

Gaurkoan (ere), txikikeria bat. Erreparatu diozue inoiz trafiko hitzari hiztegi ofizialetan?

Hiztegi Batuaren lehen itzulian bertan sartu zen hitza, honela:

trafiko iz. (merkataritzakoa eta drogena).

Alegia, bi adiera edo azpiadiera onartu dizkiote, merkataritzakoa (arrunta) eta drogena (markatua). Eta ibilgailuen ibilia adierazteko, berriz, ez da aipatzen. Hiztegi Batuko parentesi arteko oharra ikusita, pentsa genezake nahita baztertutako adiera dela.

Geroago, Euskaltzaindiaren hiztegia etorri da. Eta, harrigarria bada ere, Hiztegi Batuak onartzen dion baino are esparru semantiko estuagoa onartu dio:

trafiko iz. Legez kanpokoa, ezkutukoa edo lotsagarria edo den salerosketa. Trafikoetan hitsena, jendeen trafikoa. Droga trafikoa.

Zergatik adiera-murrizte hori? Nahi gabeko irristada ote? Jakinaren gaineko erabaki inon esplizitatu gabea? Esku beltz bat ote? Nik ez dakit, baina harrigarria da.

Harrigarria da, ezer baino lehen, ikustea hitz horren beste adiera bati, Hegoaldeko edonori galdetuta lehenengo aipatuko lukeen horri (ibilgailuen atzera-aurrerako hori, ibilgailuen zirkulazioa) tokirik ez zaiola egin nahi izan.

Beste hiztegi batzuetan begiratuta, aldatu egiten dira gauzak. Adibidez, Euskalterm datu-bankuan, gaztelaniazko tráfico hitza sartuta, ikusten da ahalegin bat egin dela zirkulazio hitzaren bidez emateko ordainak euskaraz (frantsesez, askotan, circulation erabiltzen baita). Hala ere, muga garbi-garbi bat ageri da Administrazioan: Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, Trafiko Zuzendaritza Nagusia…, baita OTA/TAO sigla ezagunaren atzean ere: ordenación del tráfico y aparcamiento / trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua.

Elhuyar hiztegiak (euskara-gaztelania hiztegi elebiduna) lau adiera esleitu dizkio trafiko hitzari; hau da, ez dio aski iritzi Hiztegi Batuaren eta Euskaltzaindiaren hiztegiaren deskribapenari:

trafiko

  • 1  iz. [legez kanpoko salerosketa] tráfico

droga-trafikoa: tráfico de drogas

  • 2  iz. [ibilgailuen zirkulazioa] tráfico, circulación

autobideko lanek trafikoa zaildu egiten dute: las obras en la autopista complican el tráfico

TAO, trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua: OTA, ordenación del tráfico y aparcamiento

  • 3  iz. [zirkulazioa, mugimendua] tráfico, circulación

itsas trafikoa nabarmen handitu da azken urteotan: el tráfico marítimo ha aumentado notablemente en los últimos años

  • 4  iz. (Inform.) tráfico

webgune baterako trafikoa handitzeko metodoak: métodos para aumentar el tráfico a un sitio web

Zehazki hiztegiak ere ibilgailuen zirkulazioaren adieran eta salgaien mugimenduarenean ere ontzat ematen du:

cabotaje m kabotaje, itsasbazterreko trafiko
guardia de tráfico, (individuo) trafikoko poliziakide.
tráfico 1 m (de vehículos) zirkulazio, trafiko
urbano 3 m,f colq (guardia) (trafikoko) udaltzain

Bide batez, komeni da ikustea nola definitzen den gaztelaniaz tráfico hitza orain, DRAEn eguneratu baitute artikulua:

tráfico (Del it. traffico).
1. m. Acción de traficar.
2. m. Circulación de vehículos por calles, caminos, etc.
3. m. Movimiento o tránsito de personas, mercancías, etc., por cualquier otro medio de transporte.
4. m. Inform. Flujo de datos que se envía y se recibe a través de la red, medido en cantidad de información por unidad de tiempo.

Ez du merezi erabilera-datu orokorrak aztertzen hastea. Garbi dago trafiko hitza luze eta zabal erabiltzen dela. Baina erakusgarri ona izan daiteke Ereduzko Prosa corpusa, idazkera zaindua soilik islatzen baitu: dozenaka idazlek erabili dute trafiko hitza ibilgailuen joan-etorria adierazteko, eta dozenaka literatura-liburutan argitaratu da:

Aingeru Epaltza, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Edorta Agirre, Edorta Jimenez, Edurne Elizondo, Eskarne Mujika, Fernando Rey, Gotzon Garate, Harkaitz Cano, Hasier Etxeberria, Iban Zaldua, Imanol Zurutuza, Iñaki Arranz, Iñaki Zabaleta, Iñigo Aranbarri, Irene Aldasoro, Javi Cillero, Joan Mari Irigoien, Jon Arretxe, Joseba Sarrionandia, Joseba Urteaga, Joxe Austin Arrieta, Joxemari Iturralde, Joxemari Urteaga, Joxerra Garzia, Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu, Juan Luis Zabala, Karlos Linazasoro, Koldo Izagirre, Lopez de Arana, Lourdes Oñederra, Markos Zapiain, Migel Angel Mintegi, Mikel Hernandez Abaitua, Oskar Arana, Pablo Sastre, Paddy Rekalde, Pako Aristi, Patxi Iturritegi, Patxi Zubizarreta, Pello Lizarralde, Pello Salaburu, Pello Zabala, Ramuntxo Etxeberri, Sonia Gonzalez, Unai Elorriaga, Urtzi Urrutikoetxea, Xabier Etxabe, Xabier Mendiguren Elizegi, Xabier Montoia…

Eta, badaezpada, inork ez dezala pentsa Iparraldean ez dakitela zer den trafikoa. Hona hemen Le Petit Robert de la langue française hiztegiaren definizioa:

TRAFIC
(…) (mil. xixe ; ang. traffic) 2. Mouvement général des trains ; fréquence des convois sur une même ligne. Un trafic intense. — par ext. Trafic maritime, routier, aérien. // Circulation des véhicules. Trafic dense sur le phériphérique.

Alegia, hiztegi horren arabera, ibilgailuen zirkulazioari frantsesez trafic esaten zaio XIX. mendearen erdialdeaz geroztik. Hala ere, egia da circulation hitza ere erabiltzen dela. Bestalde, trafic hitza espezializazio-arlo askotan erabiltzen da frantsesez ere, gaztelaniaz eta ingelesez bezala. Hona hemen adibide batzuk, frantsesetik hartuak:

trafic. Information transmise sur une voie de communication.

trafic, trafic routiere. Le concept de trafic sous-entend une possibilité de mesure.

trafic, trafic aérien. Dans le domaine du transport aérien, désigne le transport de passagers, de fret et de poste.

trafic, trafic téléphonique. Ensemble des demandes de communication émanant d’un groupe d’abonnés ou écoulées au moyen d’un groupe de circuits ou de jonctions considéré en tenant compte de la durée aussi bien que du nombre des communications.

trafic. Ensemble des demandes de communication émanant d’un groupe d’abonnés ou écoulées au moyen d’un groupe de circuits ou de jonctions considéré en tenant compte de la durée aussi bien que du nombre des communications.

trafic. Ensemble du mouvement de la navigation et des courants de voyageurs et de marchandises caractérisant les activités d’un port.

trafic (Circulation des trains). Ensemble de données qui caractérisent l’importance du service assuré sur une ou plusieurs lignes pendant une certaine période. On peut considérer soit l’importance des parcours, soit l’importance conjuguée des parcours et des charges (Conseil international de la langue française).

Ez daukat nik ezer zirkulazio hitzaren kontra, baina trafiko hitza ezkutatu nahi izatea edo adieraz kamustu nahi izatea alferrikakoa da, eta ez du abantailarik, alderantziz baizik.

EHULKU eta JAGONET kontsulta-zerbitzuak hizpide

Jesus Mari Makazaga Eizagirre

Nire lehenbiziko ekarpen honetan, nire ibilbide profesionalaren nondik norakoen berri eman nahi dut, irakurleak hobeto koka nazan.

Euskal Herriko Unibertsitatean eta Euskaltzaindian aritzea egokitu zait nire ibilbidean. Euskal Herriko Unibertsitatean, irakasle-lanetan lehenbizi, eta Euskara Zerbitzuan azken dozena bat urtean. Euskaltzaindian, berriz, Gramatika Batzordean aritu naiz azken ia 25 urte hauetan, gramatikagintzan eta kontsulta-kontuetan.

Bi erakundeetan, euskal hiztunei zuzendutako bi kontsulta-zerbitzutan aritzea ere egokitu zait: Euskal Herriko Unibertsitatean, Euskara Zerbitzuaren EHULKU kontsulta-zerbitzuan, eta Euskaltzaindian, JAGONET zerbitzuan. Jakingo duzuen bezala, biak dira Internet bidezko kontsulta-zerbitzuak; lehenbizikoa espezialitateko erabilerako gomendioak eta argibideak emateko sortu zen batez ere, 2003. urtean; bigarrena hizkuntza arrunteko erabilerari buruzko zalantzak eta galderak bideratzeko asmoz sortu zuen Euskaltzaindiak, 2000. urtean.

EHUko Euskara Zerbitzuan askotariko lanak izaten ditugu esku artean: ikasliburu eta ikasmaterial teknikoak zuzentzea, irakasle euskaldunei euskarazko hobekuntza-ikastaroak eskaintzea, hizkuntza- eta terminologia-zalantzak argitzea, hizkuntza-aholkuak unibertsitateko euskal erkidegoan zabaltzea, eta abar.

Euskaltzaindian, Gramatika Batzordeak Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU) gramatika ondu du azken 30 urteotan, hizkuntza-zalantzei erantzuten die, eta berriki EGLU horien hurrengo urratsa ematen hasia da, haien eguneratze-, osatze- eta, inkoherentea badirudi ere, laburbiltze-lana izango dena.

Blog honetako nire ekarpenetarako, batez ere bi erakundeetako kontsulta-zerbitzuetan landutako hizkuntza-gaiez baliatuko naiz. Ez horietaz bakarrik, nolanahi ere; euskararen EGLU gramatika ontzean, orain arteko euskal gramatikagintzan behar bezala landu gabeko gai asko izan ditugu eztabaidagai (mendeko perpausen arloa izan da, alde horretatik, zailtasun handienak eman dizkiguna), eta ekarriko ditut hona eztabaida horiek sortu zituzten gai batzuk. Unibertsitatean testu teknikoen itzulpenen begiraletzetan sortutako gaiak ere ekarriko ditut hona.

Horiekin batera, nire parte hartzearen beste helburuetako bat izango da nire inguruko ekimenen berri ere ematea. Unibertsitatean sortzen ditugun material, aplikazio, argitalpen, dena delakoen berri emango dut, askotan irudipena izaten baitut gauza asko egiten direla euskalgintzan baina askotan ez direla behar bezala ezagutzen, edo, gure erantzukizuna erreparorik gabe onartuz, ez ditugula behar bezala ezagutzera ematen.

Kontu horietako bat dugu EHUko EHULKU zerbitzuaren barruko ekimen bat, EHULKUren aholkuak izenez ezagutzen duguna. Zortzigarren urtez (2006tik hasita), EHUko euskal erkidegoari (irakasle, AZPko kide eta ikasle) aldian-aldian hizkuntzaren erabilerari buruzko aholku didaktiko bat zabaltzen diogu posta elektronikoz: laburra eta ulerterraza. Hasierako urteetan astero eta aurrerago bi astean behin, euskarazko komunikazioan sortzen diren kontu zalantzagarriak, arlo ilunak argitzen ahalegintzen gara ekimen honen bitartez. Sarean dago EHULKUren aholkuak (2006-2010) izeneko argitalpena (pisutsua da, hori bai), lehenbiziko bost urteetako aholkuak, arloka sailkatuak, biltzen dituena. Prestatzen ari gara argitalpen horren bigarren idatzaldia, eguneratua (gaur egunera artekoak sartuko ditugu argitalpen berrian), eta urtearen amaiera baino lehen izango dugu prest, CD formatuan argitaratua, unibertsitatez kanpoko euskaldunentzat ere bai.

Ea poliki-poliki elkarren berri hobeto jakitea lortzen dugun.

Peredikua

Mikel Taberna Irazoki

Bi aldiz izan dut Ederlezi pastorala dastatzeko fortuna: estraina, joan den urteko martxoan, Zuberoan, Gotainen, Xiru festibalaren kariaz; eta bigarrenik, aurtengo maiatzean, Iruñeko Burgoen plazan (Duguna dantza taldeak eta Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki eta Karrikiri elkarteek antolaturik). Denbora puska bat joan da ordutik honat, baina aste honetan nire kolaborazioa idazteko agindua espres etorri zait aspalditik hartaz idazteko nuen asmoa gauzatzeko, igandean Bilboko Arriagan berriz ere emanen baitute (agian ere ez azkenekoz).

Pastoral honetan buhame-populuak XVII. mendetik XXI.era Euskal Herrian bizi izan dituen goitibeheitiak kontatzen zaizkigu, obrak dirauen denborara nahitaez errenditurik: ijito-jendeak jasan dituen jazarpenak eta zigorrak; lur honetan gelditu eta bertan nola errotu diren; eurekin batera ekarri duten kultur eta gizarte ondarea…

Testuaren egile nagusia Mixel Etxekopar dugu, baina gai hau lantzeko iturria Nicole Lougarotek eginiko ikerketa-lana da, Bohémiens[i] liburuan irakur daitekeena.

Etxekoparrek obra ederra idatzi du, xehetasun niretzat jakingarriz hornitua. Konparazio batera, nik ez nekien San Joaneko surako egurrari “xarnafera” erraten zitzaiola edo “xikoka aritzea” larrua jotzeari; ez nituen ezagutzen eskean ibiltzeko (“Pika hau hau hau…”) edo jendea sendatzeko (“Txingilinkor Mingilinkor…” ─hainbertze tokitan adituriko “Xinguli Minguli” edo “Xangolo Mangolo” gisakoak oroitarazten dizkigutenak─) erabiltzen bide diren formula-kanta batzuk; erromintxelazko edo Iparraldeko ijito euskaldunen bertako aldaerakoak diren hitzak ere txertatu ditu testuan (ez nekien “love” sosa zela)… Bakoitzak gauza jakin batzuei erreparatuko die, lehendik norberak dakienaren arabera, baina, nolanahi ere, kanpotik joanik manex edo dena delako garenontzat hagitz aberasgarria da horrelako bertze doinu-ele-erranera batzuk aditzea.

“Ederlezi” bedatseko besta handi baten izena da Balkanetako buhameentzat, baina obra honentzat ere ezin hobeki ematen du, iduri baitu “lezio ederra” ari zaizkigula erraten, ondorio horixe atera baitugu ni bezalako ikusleek.

Zergatik lezioa? Kontatzen digutenagatik. Funtsean, Etxekopar-Lougarotek ohartarazi nahi gaituzte buhame-ijito jendea orain dela lauzpabost mende hasi zela ailegatzen Pirinioen bi aldeetako lur saindu hauetara, eta haietako aunitz bertan errotu zirela. Jende hura euskararen lurretan euskaldun egin zen, eta erdaren lurretan erdaldun, eta bietan bertako hizkera propio berezia garatu zuen, zekartenaren eta bertakoaren arteko topaketatik sortua (erromintxela, kalo edo bertze). Liburuan irakurritakoak eta emankizunean ikusi-aditutakoak bati pentsarazten dio, bertzeak bertze, balitekeela hori izatea Euskal Herrian hainbertze herriri “ijito-herri” deitzeko arrazoia. Bertzalde, populu horrek gure artean hainbertze urteko historia duela jakiteak kanta berri bat asmatzeko gogoa ere bizten du, honelako leloa izanen lukeena, adibidez: “horiek kanpokoak baldin badira, nor arraio da hemengoa?”. Bertzela ere errateko, Pernandoren egia bat: lehengoen ondorengoak gara, haien ondokoen ondotik etorri gara gu.

Garbi dago gure herria pasaleku ez ezik pausaleku ere izan dela ─eta badela─ aldi berean. Pastoralean garbi erraten digute: “Eüskaldunek ez günüke sekula behar ahantzi gure aria beti dela besteen kürütxatzez hazi”. Alegia, hamaika kolore garela, hamaika jende-klase, eta, dakigunagatik, buhame edo ijito ere bai.

Hain zuzen ere, ijito-buhame… zer hitz erabili populu hau izendatzeko? Etxekoparrek “tzigano” hautatu du, hitz ez-markatu bezala (Erdialdeko Europan, ordea, peioratiboa omen da), uste baitu Iparraldean zenbait jenderentzat “buhame” erratea iraingarria dela. Hegoaldean, “ijito” dugu zabalduena, dudarik gabe, bere aldaera guziekin: ijitu, jito, gito, kito, kitu, ejito, zito, xito… Baina hitz hau ere erabiltzen da burla edo irain egiteko, zoritxarrez, nahi gabe (ezjakintasunez) edo nahita (ederki jakinda zer ari garen) jende talde oso bat laidoztatu eta mendratuz (egia da bertzela ere erabiltzen dela, maitasunez edo norbait txantxetan zirikatzeko asmoz, eta abar). Ijito etorkikoa dela dakienarentzat, mingarria da erabilera hori, baina gainerako ezjakinei buruz erranen nuke patetikoa ere badela, frankotan, norberak ijito edo buhame kastatik puska ttiki edo handi bat izaki eta hitza horrela erabiltzea. Liburuaren eta pastoralaren egileek ispilu bat paratu digute begien parean, nor-zer garen ikus dezagun; begiratzen jakitea falta.

Hiztegi Batuak “motxaile” hitza ere ematen digu “ijito, buhame” adierarekin, baina ez dakit gaur egun non-zenbat dabilen; “kaskarot” ere hor dugu, hiztegi horretan berean “Lapurdiko kostaldean bizi zen giza talde bateko kidea” definiturik, baina Lougarotentzat jende hura mintzagai dugun populukoa zen (eta Kaskarotenetik ikastolako jendea bidali nahi Ziburun!); eta Lougarotek bilduriko informazioaren arabera, baita ere, gure aitzineko ijitoei zenbait tokitan “vizcaíno” edo “biscayen” erraten zieten.

Erran dudanagatik, bereziki, eskerrak emateko eta zoriontzeko lana egin dute gotaindarrek, baina, horretaz gainera, pastoralean doinuak eta koreografiak ere badira, musikariak eta antzezleak. Denen artean, sekulako obra plazaratu dute, beharrientzat bezalaxe begientzat ere arrunt gustagarria.

Ederlezin ijito-buhameak nola erakusten dizkiguten ikusirik, ezin dut ebitatu konparazioa egitea ETBko programa batzuetan jende berberaz ematen diguten irudiarekin. Nafarroan, zenbait tokitan kate horiek ezin ikusi, eta batzuk, euskararen izenean, behin eta berriz eskatzen ari gara funtsezkoa dela ikusi ahal izatea problemarik gabe. Hori horrela bada ere, orain garbiago dut ordu batzuetan pantaila itzali beharko genukeela, eta antzerkira joan (pastorala edo bertze) gure jakin-mina eta dibertsio-gosea asetzera.

Itxaro Bordak, Zeruetako erresuman, “buhameen hizkuntza” erraten zion bertze toki batzuetan “sorgin-solasa” erraten diogunari, Xabier Olarrak Queneauren Estilo-ariketak euskaratu zuen hartan “zapo-erdara” deitu zionari. Nolabait amaitu beharko baitut gaurkoa (luze samarra atera da), horretaz baliatuko naiz despeditzeko: opongipi eperrapanapak gopogopoapan hapartupu epetapa gapaipizkipi eperrapanapak baparkapatupu!

[i] Liburua bera ez, baina liburuko edukiarekin lotutako informazio franko hemen: http://mascarades.eu/

Hikako jarduna eta batua

Juan Luis Zabala

Eginahalak eginda, ez dut aurkitu aipu zehatzik, baina behin baino gehiagotan entzun eta irakurri diet hala Iñaki Segurolari nola Patziku Perurenari hikako aditz formak batzearen aurka daudela. Ez dut inoiz ulertu, ordea, nola egon daitekeen hikako jardunaren alde eta batuaren alde dagoena hikako aditz formak batzearen aurka. Badira motiboak batuaren aurka egoteko, baita hikako hizketaren aurka egoteko ere, baina biak ontzat emanik biak uztartzearen aurkakorik ez zait bururatzen.

Hikako aditz forma batuak izateak ez du esan nahi, jakina, batuak ez diren hikako formek betiko desagertu behar dutenik, edo haien erabiltzaileei isunak edo kartzela zigorrak ezarri behar zaizkienik. Baina hikako aditz forma batuak ez al dira beharrezkoak, esate baterako, hikako hizketa erabiltzea erabakitzen den itzulpen batean, edo leku jakin bateko euskararekin loturarik ez duten euskara batuko testuetan ere, horietan hikako jardunari lekua egitea erabakiz gero?

Beste kontu bat da noiz komeniko litzatekeen forma batuak erabiltzea, eta noiz bestelakoak, norberaren hizkerari dagozkionak. Hori eztabaidatu daiteke, baina hikako aditz forma batzearen aurkako jarrera ulergaitza egiten zait, euskara batuaren eta hikako jardunaren alde dagoenaren aldetik behintzat.

Euskara batuaren arazo nagusietako bat, Fermin Etxegoienek nire ustez zuzen dioen moduan, dentsitate gutxi duela baldin bada –eta horrenbestez, lege fisiko hutsei men eginez, erakarmen gutxi–, hikako aditz forma batuen arazoa horixe bera da baina neurri askoz larriagoetaraino areagotua; hikako aditz forma ez-batuekin alderatuz gero ere, haiek baino askoz ere dentsitate gutxiago dute hikako aditz forma batuek.

Konponbide magikorik eta erabatekorik ez da izango, baina ETBn euskaraz azpidatzitako zein bikoiztutako pelikulak ikustea, horietan hikako forma batuak erabiliz, suspergarri bikaina izango litzatekeela ez daukat dudarik.

Hizkuntzaren historiak I

Borja Ariztimuño Lopez

Hizkuntzak belaunaldiz belaunaldi garatu eta aldatu diren egiturak dira, urteen joanean pieza zaharrak erauzi eta berriak erantsi zaizkienak. Gizakien arteko lan kolektiborik miresgarriena inondik ere.

Oraindik ez dakigu, eta litekeena da sekula ez jakitea, non-noiz sortu z(ir)en hizkuntza(k); bistan da, singularra ala plurala behar duen ere ez jakinki! Hala ere, merezi du ur(te)-lasterraren kontra murgiltzea.

Hizkuntzak, errealitate akustiko eta mentalak izanik, soilik izkributan jarritakoan sartu ahal izan dira historian, historia zentzu hertsian, dokumentaturikoan alegia. Horrek ez du esan nahi, jakina, lehendabiziko idatzien aurretik gure arbasoek zer-nolako hizkuntza zerabilten ezin jakin dezakegunik, historiaurrera hurbildu ezin gaitezkeenik (baina nor edo nor tematurik egonagatik ere, genetikak eta haitzuloetako pinturek ez dute ezer esatekorik kontu honetan).

Adibide ezagun bat ipintzearren: mendebaldean dau eta dot, erdialdean du (testu zaharretan deu) eta det (antzina, deut), eta ekialdean du eta dut esan izan badira historikoki, eta ninduzun bezalako adizki orokorretako -du- kontuan harturik, *dadu eta *dadut bezala berreraiki genitzake, arazo handiegirik gabe, *edun aditzaren adizkiak (Gasteizko hizkeran eun zena). Berdin nas (lehen nax), naiz eta niz hirukotearekin (eta naizateke bezalako formen laguntzaz): *naiza ateratzen zaigu.

Izartxoek sorrarazten duten misteriozko lausoaren pean, ordea, egiazko forma baten isla dagoela ez genuke ahantzi behar. Inoiz segurtasun osoz, inoiz zalantzati, betiere ahalik eta fidelen izateko asmoaz, baiezta dezakegu antzinako euskaldunek, VIII. mendearen inguruan hor nonbait (Donemiliagako glosetako dugu hura baino lehenago, gutxienez), euskaldun guztiek, *dadu (edo are dau), *dadut (edo are *daut) eta *naiza (edo are naiz) esaten zutela, beste hainbat gauzaren artean.

Besterik da zergatik eta nola gauzatu zen batasun hori, hots, euskalkietako aldaera ezberdinak eman dituen jatorrizko formaren hedadura geografikoa eta aldaerak berak elkarrengandik asko ez bereizi izana. Batzuek,[1] euskara lurraldez mugatuago zelako usteari jarraiki, hedakuntza berantiar bati egotzi izan diote batasun ez hain aspaldiko hori. Bestetzuek, hiztunen egituratze sendo bat dakusate, garai hartako bateratzearen oinarri.

Edonola ere, gai zirraragarria da hizkuntzaren historiaurrea, egungo euskara ere are hobeto ulertzen laguntzen diguna, eta historia-liburuek nahiz liburu historikoek dioskutena baino harago irakats diezagukeena.

[1] Ildo beretik doake atzo lehenengoz erakutsi zuten dokumental hau.

Lainoa eta euria

Maialen Marin Lacarta

Orain dela astebete justu-justu, nire lehenengo klasea eman nuen Hong Kong Baptist unibertsitatean. Irakasgaiak «Reading Chinese Literature in Translation» du izena eta ingelesez ematen dut, Hong Kongen unibertsitateko klaseak ingelesez ematen baitira. Hogeita hamabost ikasle ditut, hemengoak gehienak, eta Txinakoak lau edo bost. Jakin-minak jan dizkit barrenak azken aste hauetan, esperimentu honek nola aurrera egingo duen ikusteko irrikatan bainago, eta ilusio handiarekin hasi nuen klasea. Adi-adi entzuten zidaten moduarengatik, ikasleak esperientzia berri baten zain zeudela zirudien. «I am curious to see how a Spanish lady teaches this course», esan zuen batek. Estereotipoen alarma piztu zitzaidan berehala. Euskalduna naizela azaltzeko aprobetxatu nuen, ea hori zer den bazekiten galdetu nien, eta batek hizkuntza bat dela erantzun zidan. Zertaz ari nintzen uler zezaten, hizkuntza bat izateaz gain shaoshuminzu (少数民族) bat dela esan nien, Txinan etnia minoritarioei deitzeko erabiltzen den terminoa aipatuz. Orain ez naiz termino horren konnotazioekin hasiko, baina segituan ulertu zuten zer esan nahi nuen.

Lehen klase honetan, txinera klasikoari eta haren literaturaren kontzeptuari buruz aritu nintzen, eta itzultzailearentzat erronka bat izan daitezkeen zenbait ezaugarri linguistiko eta literario aipatu nituen. Testuartekotasuna da horietako bat. Txinako literaturan, bai modernoan eta bai klasikoan, oso ohikoa da beste literatur obra garaikide edo zaharrago bati erreferentzia egitea. Testuartekotasun horrek forma ezberdinak har ditzake: beste obra bateko pertsonaia baten aipamena izan daiteke, esaera bat metafora bihurtuta erabiltzea, gai bera lantzea, eta abar. Testuartekotasuna testuinguru txinatar hutsean aipatzearekin ez dut esan nahi beste literaturetan ageri ez denik –Bibliari egindako erreferentziak datozkit burura, adibidez– baina, txineraren kasuan, hainbat arrazoi historiko bitarteko, oso ohikoa da.

Ezaugarria agertzeko, literatura klasikoan metafora bihurtu den esaera baten adibidea aipatu nuen. Lainoa eta euria: yunyu 云雨. Jatorrizko istorioa Song Yuk idatzi omen zuen K.a. hirugarren mendean. Istorioaren zati batek honela dio:

Behin batean, erregea pasieran zebilen Gaotangen. Nekatuta zegoenez, lo kuluxka bat egin zuen eta, ametsetan, emakume batek hitz egin zion: «Errege, Sorginen mendian bizi naiz, atzerritarra naiz Gaotangen. Erregea hona etorri dela entzutean, nire burkoa eta ohea eskaintzera etorri naiz». Eta erregeak harekin gozatu zuen. Emakumeak, joan baino lehen, esan zion: «Sorginen mendiaren isurialde eguzkitsuan bizi naiz, gailur garaiaren haitzartean. Goizean egunsentiko lainoa naiz, iluntzean, labaintzen den euria. Egunsentiero, iluntzero, Eguzki terrazaren oinean».

Geroztik, literatura klasikoan lainoa eta euria edo Eguzki terraza ageri direnean, erotismoarekin lotzen dira.

Itzultzaileak lotura horiek antzemateko gai izan behar du eta, horretarako, ezinbestekoa zaio literatura ondo ezagutzea. Txineraz eta beste hainbat hizkuntzatan idatzitako komentario eta obra kritikoak oso lagungarriak izango zaizkio sakontze-lan horretan, literatura klasikoaren kasuan batik bat.

Hala gertatu zen Aiora Jakak eta biok itzuli genuen Mo Yanen Hori da umorea, maisu! liburuan ere. Bertako «Sendagai miragarria» ipuina Lu Xunek 1919an idatzitako «Sendagaia» ipuinean dago inspiratuta. Kasu honetan, bi ipuinen gaien antzekotasunean eta bien karga ideologiko garrantzitsuan ikusten da testuartekotasuna. Lu Xunen obra hain da famatua, non txinatar literatura ikasi duen edonork antzemango baitu erreferentzia hori. Euskaraz gal ez zedin, oin-ohar bat jartzea erabaki genuen guk, gehiago jakin nahi zuten irakurleak Lu Xunen obrara bideratzeko.

Lehenengo klasea besterik ez da izan, eta ideia asko ekarri dizkit dagoeneko burura. Konturatu naiz hemen ere Europan zabaldu diren hainbat mito orientalista bizirik daudela: literatura klasikoaren idealizazioa eta modernoaren gaitzespena, eta historiarik gabeko literatura aldagaitz baten ideia. Baina gai hauek beste baterako utziko ditut. Ematen ari naizen irakasgaiaren izenburuak dioen bezala, «in translation» bizi naizela iruditzen zait eta, oraingoz, «lost» ere bai.

Azkena, hainbat konturen gainean

Oskar Arana Ibabe

Mendebaldeko euskalkietan erakusleak erabiltzen diren modua estandarrean erabiltzerik ba ote den argitzeko, ez dut ezer aurkitu estandarrari buruzko liburuetan; hauxe baino ez (Euskal Gramatika, Lehen Urratsak,1, 88. or.):

Bestalde, erakusle hauek artikulu modura ere erabil daitezke:

a) Erlatibozko perpausetan, lehen edo bigarren pertsona singularrari
badagozkio:

(236) Hainbeste bidegabekeria egin duzunorrek ez duzu errukirik merezi

b) Erlatiboaren pareko egituretan, erlatiboaren aditza azaltzen ez bada ere:

(237) (a) Nik pekatarionek (nik, pekatari naizen honek)
(b) Zuk zerriorrek

(Hala ere, batipat bizkaieraz, pertsonari ez loturik ere azal daiteke, baina aurretik gradu bereko erakuslean doan neurrian:

(238) Hau etxeau benetan polita da

baina ez *etxeau benetan polita da).

Ikus beste adibide ezagun hau:

(239) Maritxu nora zoaz, eder galantori

Kantu honetan, –ori elementuak ez du ezer seinalatzen. Izen sintagma horrek eskatzen duen artikulua baizik ez da. Alde honetatik esan dezakegu erakusle bakoitza bilaka daitekeela (eta bilakatu dela) artikulu:

(240) Nik bekatarionek aitortzen diot ..

Azken batetan, –a bera ere hirugarren graduko erakusle artikulu bilakatua baizik ez da. Gaur egun, –au eta –ori, lehen eta bigarren pertsonari loturik erabil ditzakegu forma markatu bezala; –a, berriz, edozein kasutan erabil daiteke. Hain zuzen, –au, –ori oraindik ere maiz erabiltzen ditugu erlatibozko perpausen ondoren:

(241) Zeure bizitzan dirua barra-barra erabili duzunorrek, proba ezazu oraín nolakoa den miseria

Beraz, era horretako erabilerak mendebaldeko euskalkiaren eremukotzat deskribatzen ditu EGLU 1ak. Hala ere, era horretako zenbait egitura baliagarriak izan daitezke estandarrean ere. Aurreko batean, esapide honen inguruan gogoetan jardun nintzen, hiztun adindu baten ahoan entzun eta nire baliabideen errepertoriotik desagerturik edo desagertzekotan zela oharturik: “Ilobak Bilbora joan behar zuen domekan, eta bertantxe egunean joan nintzen neu ere”. Badakit ugariak direla estandarrak hori esateko ematen dizkigun baliabideak, eta, beharbada, debekatu ere ez du debekatzen nik aipatutako hori, baina esapide hori eta antzeko beste batzuk (orduan sasoian, ipuin edo kontakizun bati ekiteko egitura, bururatzen zait) estandarrezko erabileratik kanpo geratzen dira sarri, euskalkiaren eremuan hesiturik. Esango duzue Bertantxe egunean beste era askotara esan litekeela beste formula batzuekin, egun hartantxe, orduantxe, ber egunean, …baina tokia eman beharko litzaioke estandarrean. Badu beste baliabideek ez duten trinkotasun bat, indar bat, intentsitatea bat. Eta berdin orduan sasoian egiturak ere.

Ohar horrekin batera, gogoeta bat ere egin nahi dut nire azken ale honetan; ohiko kezka, gertaera baten inguruan. Beharbada ez nuke aipatu beharko, gure blog hau, berez, ez baita hizkuntzaren normalizazioaz aritzeko. Baina sarri erabili izan dugu bestelako kezkak, beti gure hizkuntzaren ingurukoak, husteko leku gisa, psikoanalistaren etzaleku baten moduan, eta halaxe egingo dut nik ere oraingoan, inor aspertzeko asmorik gabe. Hona hemen gogoeta: Arrasaten izan zen, hirurogei familia bizi diren dorre edo etxe-orratz bateko ugazaben batzarrean. Obra batzuen gainean berri eman behar zuela-eta, ugazaben komunitateko zuzendaritza-batzordeak batzarrerako deia egina zuen. Gai zail samarra zen, teknikoa, eta erdara hutsean egin zen osorik, hasi eta buka. Zuribidea, “erdaraz arinago egingo dugu batzarra”. Ez zen kexurik izan. Etxe horretan, euskaldun asko bizi da, baina inork ez zuen ezertxo ere esan, nik neuk ere ez. Jokabide horren zergatikoa, hortxe aipatua, zuribide labur horretan, “erdaraz arinago egingo dugu batzarra”. Garaion seinale. Efikazia, arintasuna. Ez dagokio, beharbada, gertaera bakar horretatik, gizarte osoan hizkuntzari buruz gertatzen dena azaltzeko estrapolazioa egitea. Baina Arrasate zen, ez Gasteiz, ez Iruñea. Gizartea bada bezeroa eta euskararen arloko profesionalok hornitzaileak edo saltzaileak, eskariaren ahula ikusita, gureak egiten hasia dela esango nuke. Corpusa, estatusa, prestigioa edo ospea, erabilera eta ezagutza omen dira, europar teknikarien esanetan, hizkuntzaren osasuna neurtzeko indizeak. Indize horien guzti-guztien oinarrian, hauxe dagoela esango nuke: norberak bere hizkuntzari edo hizkuntzei buruz duen jokabidea, norberaren baloreen eskalan zer maila dagokion, zer balio ematen dion, zer garrantzi duen norberarentzat norberaren hizkuntzak edo hizkuntzek mundualdi hau egiteko, eta zer balio aitortzen diogun gure hizkuntzari edo hizkuntzei gure ondorengoei utziko diogun munduan. Hori argituta, gero dator bigarrena: zer balio edo zer garrantzi aitortzen dioten botere publikoek, gureek zein gure gaien eta auzien gaineko agintea bereganatua dutenek, hizkuntzari, berezkoari (hala deitzen dio Gernikako estatutuak euskarari; Euskal Herri osoan ez du oraindik estatusik aitorturik), gure Euskal Herri honetan aditzen direnetan ahulenari. Baina lehen eta bigarren maila horietan, lehenengo maila igo behar da hasteko, lehena da oinarria. Bigarrena gero dator. Joan Fuster valentziarrak erantzun zion kazetari bati, Valentziar herriaren katalan izateko valentziar moldeari buruz galdetu ziolarik, ea zer nahiko lukeen Valentziar herriarentzat, autonomia, federalismoa, burujabetasuna edo zer; erantzun zion berak nahiko lukeela Valentziar herriak kontzientzia izatea bere valentziartasunaz, bere katalantasunaz, kontzientzia zela lehengo, berak hori nahiko lukeela, eta kontzientzia hori bermatuz gero, zernahi joko zukeela ontzat; kontzientzia hori zela, ez beste ezer, herri izateko bidean egin beharreko lehen urratsa…

Eskerrik asko denoi, antolatzaile, irakurle, idazlekide nahiz editatzaile, blog honetan parte hartzen uzteagatik. Gauza handia izan da. Ikasteko eta disfrutatzeko modua. Pozbidea izan da niretzat horrenbeste lagunen ondoan iritzia eman ahal izatea, eta hain jende ikasiaren ondoan idaztea, betiere gehiago ikasteko eta hizkuntza maitagarri honen zokomokoetan barrena argi eginez jolasteko eta atsegin hartzeko. Gustura irakurriko ditut zuenak aurrerantzean, eta, beharbada, aurrerago, neure burua jantziago nahiko nukeelarik, joko dut atea, tartetxo bat egin diezadazuen.

Laster arte.