Zuzentzailearen betaurrekoak

Esti Lizaso

Lokalizazioak prozesu industrialean barneratu du itzulpena. Eta industrializazio horrek asko baldintzatu ditu alor honetako itzultzaile eta zuzentzaileen lanak.

Berezitasunetako bat ekoizpen-kateko urrats bilakatu izana da. Azken produktuaren atal bat gehiago balitz bezala dago ikusita eta, ondorioz, gainerako urratsen faktore berberak hartzen dira kontuan itzulpenak izango dituen egutegia, aurrekontua, azpiegitura, etab. erabakitzerakoan. Eta lehentasunak ere oso baldintzatuta egon litezke, besteak beste, produktua lehiakideek baino lehen kaleratzeko presak edo, beste urratsen batek duen kostuaren eraginez, geratzen den diruarekin kalitatea bermatzeko egin daitekeen gehienezko inbertsioak.

Lehentasunak lehentasun, beti hartzen dira kalitatea bermatzeko gutxieneko neurri batzuk. Nagusiki, itzulpenok 20 edota 40 hizkuntza baino gehiagotara egiten direlako gertatzen da hori eta, horrenbestez, ekoizleak edo itzulpenen kudeatzaileak ezin izaten duelako jakin xede-hizkuntza gehienetan kaleratuko duen produktua onargarria den ere.

Zuzenketak ezinbestekoak dira, beraz, lokalizazioan. Baina, hizkuntza-aniztasuna dela eta, zuzenketa-prozesua unibertsalizatu behar izan dute, hizkuntza guztietan irizpide, akats-mota eta larritasun-maila berberak erabilita ebaluazioen parekotasuna ziurtatzeko. Zuzentzaileek inprimaki moduko batzuk bete behar izaten dituzte, testuan egindako aldaketak goiko irizpide horien arabera banan-banan azaltzeko, bezeroek eta itzultzaileek arazoak ulertu eta aztertu ahal izan ditzaten. Eta lortutako emaitzekin eraginkortasun- eta egokitasun-azterketak egiteko.

Baina, zuzentzen hasi aurretik, ezinbestekoa da prozesuko zer unetan gauden jakitea. Lokalizazioan, bi zuzenketa mota nagusi bereizten dira: ekoizpen-prozesuan bertan egiten direnak eta produktua kaleratu ondoren egindakoak. Mota desberdintzat hartzen dira, ez baitute zerikusirik bataren eta bestearen helburuek, ezta zuzentzaileek lanean ari direla kontuan izan beharreko ikuspegiek ere.

Ekoizpen-prozesuan bertan egiten diren zuzenketak itzulpenaren atzetik egin ohi dira. Bitartekari-kopuruaren arabera, lankideen artean egin ohi dira itzulpena eta zuzenketa askotan. Beste batzuetan, berriz, multinazionalak nahiago izaten du bi agentzia edo autonomo desberdin kontratatu, bata itzultzeko eta bestea zuzentzeko, objektibotasuna mantentzeagatik. Kontuak kontu, itzulpen eta zuzenketok egiterakoan gauza bakarra izan behar da buruan: ahalik eta produktu onena kaleratuko dela ziurtatzea.

Itzultzaileek eta zuzentzaileek eskutik egin behar dute lan. Itzultzaileak produktuaren azken bertsioa idazten ariko balitz bezala egin behar du lan. Zuzentzaileak, bere aldetik, itzultzerakoan ihes egindako akatsak zuzendu, estiloaren eta terminologiaren koherentzia mantendu dela ziurtatu beharko ditu. Zuzenketa egiterakoan, nahi adina sartu ahal izango da testuan, produktuaren onerako bada. Eta akatsak erregistratzerakoan ia irakasle moduan jardun beharko du, lankideari haren ahuluneak konpontzen laguntzeko eta produktuak amaieran zer itxura izan beharko lukeen irakasteko. Pixkanaka, bezeroak eskatutako estilo eta kalitatera iristea izango da bien ala bien helburua.

Produktua kaleratu ondoren edo amaitutzat emandakoan ere egiten dira zuzenketak. Baina zuzenketok guztiz bestelakoak izaten dira. Kasu horietan zuzentzaileak ebaluazio-lana egiten du nagusiki. Eta prozesuaren arabera bi gauza desberdin ebalua ditzake: produktuaren egokitasuna ala itzultzaileen profesionaltasuna. Zuzenketokin produktu egoki bat kaleratu duela ziurtatzen eta ekoizpen-prozesuan egin diren akatsak identifikatzen saiatzen da bezeroa, hurrengo bertsioari ekin aurretik arazo horiek errepikatzea ekiditeko neurriak hartu ahal izateko.

Horregatik, lanean hasi aurretik, zuzentzaileek garbi izan behar dute zuzenketa horietako zeini egin behar dioten aurre. Horren arabera, izugarri aldatuko baitira inprimakian erregistratuko dituzten zuzenketak eta akatsak sailkatzeko era.

Demagun jatorrizkoan “datuak ezabatuko dira” jartzen zuela eta itzultzaileak “datuak ez dira ezabatuko” ezarri duela itzulpenean. Akats horren larritasuna erabakitzerakoan, ebaluazio garaia bada, akatsa larritzat jo behar da, produktuan arazo larri bat eragin duelako eta erabiltzaileek datuak gal ditzaketelako itzulpen-akatsaren ondorioz. Lankide bat zuzentzerakoan, ordea, akatsa markatuko dugun arren, larritasun-maila txikiago bat aukeratu behar da, edonori erraz gerta dakiokeelako bizkorregi irakurtzeagatik edo esaldia berridazterakoan hitzen bat jan delako.

Idazketa- eta gramatika-akatsen kasuan, adibidez, aditz laguntzaileren bat oker erabili bada edo ortografia akats bat egin bada, lankideari akats larritzat markatu behar zaizkio, jakin beharko lituzkeen gauzak direlako, baina ebaluazio garaian ez dugu horren larritzat emango, produktuaren osotasunean duen eragina larria ez delako (akatsaren arabera, noski).

Aldaketa subjektiboagoei dagokienez, ekoizpen-garaian, estiloa konpondu egin behar da, eta hobekuntzak egin. Aldaketok “akats” moduan sailka daitezke, gainera, baldin eta bezeroaren estilo gidaren aurka badoaz; itzultzaileak akatsetik ikas dezan eta etorkizunean horrelakorik errepika ez dadin. Ebaluazio garaian, aldiz, nabarmenak badira soilik erregistratu behar dira horrelakoak eta, beti ere, “hobekuntza” gisa; ez baita txikikerietan sartzeko garaia.

Gauzak era batera edo bestera ikusten omen dira, begiratzeko erabiltzen den kristalaren arabera. Bada, lokalizazio-lanak zuzentzerakoan, ezinbestekoa da lanean hasi aurretik prozesuko zer zatitan gauden eta zuzenketa norentzat eta zertarako egin behar dugun ulertzea. Testuari ekin aurretik zer betaurreko jantziko ditugun erabakitzeko: irakaslearenak ala epailearenak.

Baina bada guztiok, itzultzaile nahiz zuzentzaile, uneoro buruan izan behar dugun zerbait: gure helburua euskal erabiltzaileei ahalik eta produktu onena eta euskara txukunena eskaintzea da; bezeroaren estilo-gida eta eskakizunen azpitik, eta bitartekarien arteko gerra guztien gainetik.

Oraiengo Gregoria

Gorka Lekaroz Mazizior

Larunbe izeneko herrixka Irurtzundik hurbil dago; bost minutu eskas, errepide zaharrean barrena Iruñerantz abiatuta. Urrun ditu hala ere hiriguneko kale-giroa eta autobideko ibilgailuen orroa.

50 bat biztanleko herri txiki baketsua da Larunbe. Are txiki eta baketsuagoa ondoko Oraien, aspaldian herria izanik gaur Larunbeko auzunetzat doi-doia jo daitekeen etxe-multzo apala, ia eraitsia. Hantxe bizi izan zen Gregoria, herriko azken euskaldun zaharra; Itza bailara osokoa ere bai, antza.

Itza ez da ibarra, zendea baizik; latinezko centenam omen du izenak oinarri, Erromari ehun gizaseme emateko gauza zen eremua biltzen zuelako-edo. Bost zendea izan ditu mende luzez Nafarroak Iruñe inguruan: Itza, Oltza, Antsoain, Galar eta Zizur; bakar batean ere ez da berezko euskara gogoan duenik gelditzen eta Itza izan zen euskalkia ahaztu zuen azken-azkena. Zia eta Aginaga herriak hain zuzen ere; eta haiekin batera, Larunbe. 70 urte inguruko herritarren umetako oroitzapenetan Larunbeko eta Oraiengo emakume bana ageri dira, euskaraz solasteko igande eguerdiak baliatzen zituztenak, mezatan baino ez baitzuten aste osoan elkar ikusten. Larunbeko anderea —herriguneko hondar euskaldunetako bat— eta Oraiengoa ehunka metro batzuk baino ez zituzten banantzen; baina egiaz sakonagoa izan zen XX. mendean zehar herrigunearen eta auzunearen arteko aldea, hizkuntzari dagokionez behintzat.

Gregoria duela 102 urte Oraiengo Seonserenan jaio zenerako ez zen haur ez gazte euskaldunik Larunben, puska bat lehenago erdaldundu baitzen gunea hurbileko auzoa baino. 1935ean herri osoko 24 etxeetarik euskaraz lautan mintzo zirela jaso zuen Aingeru Irigaraik, eta gainerakoetan 50 urtetik gorakoek baino ez zekitela, eta erabili ere ez zutela erabiltzen. Oso litekeena da euskarari hobekien eusten ari zitzaizkion lau etxe haiek Oraiengo laurak izatea. Seonserena, behinik behin, bazen haietako bat.

Izan ere, Larunbeko herrigunean XIX. mendea amaitu aurretik eten zen euskararen jarraipena; horrenbestez, XX. mendean munduratutako lehendabiziko larunbearrek euskaraz entzuten zituzten tarteka aita-amak baina arrotz sentitzen zuten haiengandik jaso ez zuten hizkuntza hura, herrian azkar asko gibelka zihoana. Hala ziurtatu didate egungo adinekoek, 1910eko hamarkadan jaiotakoen seme-alabek: gurasoak erabat erdaldun hazi ziren XX. mende hasierako Larunbe hartan.

Ez ordea herrikoek begi-bistan zuten auzunetxoan. Baserrikotzat zituzten Larunben Oraiengoak haien euskararengatik —nahiz eta kanpotar batentzat, seguru asko, batzuk besteak bezain ‘baserriko’ izango ziren—. Auzoak apenas eutsi zion aspaldiko hizkuntzari herriak berak baino belaunaldi pare bat gehiago; aski izan ziren, ordea, erdaldunduek euskaldunak desberdin sentitzeko; baita, antza denez, haiek desberdin sentiarazteko ere.

Horixe gertatu zitzaion Gregoriari. Eskola bakarra zuten Larunbe eta Oraiengo neska-mutilek; Larunben, jakina. Hara joaten zen 1920 aldera Oraiengo neskatoa, Seonserenako alaba bakarra. Eskolan zer irakatsi zioten ez dakit; erakutsi bai behintzat besteen mesprezuak eragindako lotsa zer zen. Burla egiten omen zioten Larunbeko umeek Gregoriari, eskolaratzen zen haur euskaldun bakarrari; eta maistrak berak ere bai. Hark Gure Aita esateko eskatzen zionean euskaraz ematen zuen Gregoriak, aita-amek irakatsi bezala, eta irri egiten zioten denek. Izango al zen eskola-umeen artean ordurako erdaldundutako bizilagun oraiendarrik? Hori ez dakit. Bai, ordea, goiz ikasi zuela Gregoriak etxetik atera orduko euskaragatik barregarri sentitzen.

Gregoriaren semeak kontatu dizkit hemen idatzi ditudanak; gizon hau erdaldun hutsa da, amak ez baitzien seme-alabei euskararik irakatsi nahi izan. Ez da harritzekoa. Zoritxarrez, Larunbekoa bezalako jokabide haiek –sarritan eskola inguruan gorpuztuak, baina ez han bakarrik- arrasto sakona utzi zuten herri askotako azken belaunaldi euskaldunak etxeko hizkuntzari begiratzeko moduan eta euskararen jarraipenean. Gauza ezaguna da hori eta adibide ugari daude. Duela 70-75 urte, Erronkariko Bidankozen, azken labealdi euskalduneko aiton-amonekin hazi zen Lengorna etxeko Evaristo haurtxoak euskaraz irakasteko eskatu zion inoiz edo behin aitonari. El vasco no te va a servir para nada, erantzuten zion hark. Arriasgoitiko Urrizelkin bizi den Luisek ere gogoan ditu Anueko Etsainen jaiotako amona euskalduna, eta Esteribarko Erreara ezkondu ostean izandako alaba, Luisen ama, urteen joanean erdaldun eta euskararen aurkako hazi zena. Aipatu ditudan herri guztietan bertako euskararenak egin du. Horrelako zenbat adibide bildu ote dira, eta zenbat ote daude oraindik biltzeko!

Duela hamarkada bat hil zen Oraiengo Gregoria Itzako hondar euskalduna izan omen zen, baina ez Itzako euskara ahaztu zuen azkena: burua zeharo galduta eman zituen hil aurreko urte luzeak. Gaixotasunak harresi bat eraiki zuen Gregoriaren eta bere oroitzapenen artean; euskaragatik bestek eragindako ondoeza eta lotsa ere eramango zituen behintzat.

Hizkuntza gizakion arteko zubiak eraikitzeko sortu dugun tresna paregabea da, baina hizkuntzak harresi bihurtzen ditugu sarritan, haiek ere gaixotasunak bailiran.

Arituak direnen esanak laburbilduz

Koro Garmendia Iartza

Atsegin handiz irakurtzen ditut itzulpengintzan urteak daramatzaten gizon-emakumeei egindako elkarrizketak, ekarpen mamitsua egiten duten irakasleak balitut bezala. Hangoak edo hemengoak izan, hizkuntza batekoak zein bestekoak, denak iruditzen zaizkit olatuen eta iluntasunaren erdian bide-erakusle diren itsasargi. Lanbide honetan, erronka, zalantza zein ikuspegi bertsuak ditugu guztiok, eta lagungarria iruditzen zait urteak joan eta urteak etorri hizkuntzaren erraietaraino jo dutenen gomendioak aintzat hartzea.

Horien guztien artean, badira esanguratsuak, argigarriak, bereziak edo gustagarriak iruditu zaizkidan hiruzpalau printza, eta, hain zuzen ere, horiek adieraziko dizkizuet ondoko lerrootan, zuek ere gogoetagai izan ditzazuen.

-Eskarmentua baino irakasle hoberik ez da

Egia baita ikasketak garrantzitsuak direla, baina ikasbidea ez da hor amaitzen; aitzitik, bide luze baten hasiera dela esan genezake. Oinarri hori osatu egin behar da. Eta osatzeko modurik onena aritzea da, itzuli ahala ikasten baita itzultzen. Okerrak zuzentzen eta ondo egindakoak gogoan hartzen.

-Hizkuntza ezagutu baino gehixeago behar da egin…

Eskarmentua daukaten itzultzaileek behin eta berriro aipatzen dute ez dela nahikoa bi hizkuntza ezagutzea edo jakitea itzulpen-lanari taxuz ekiteko. Ogibidez itzultzaile izan nahi duenak menderatu egin behar ditu hizkuntzak.

 -Aukeretan onena zein ote?

Itzultzailea ez da beti bere itzulpenarekin asebeteta geratuko. Noizbehinka, termino, esaldi edo pasarterekin batekin trabatuta geldituko da, eta, ahal duen modurik onenean ebatzita ere, zapore garrantz punttu hori hor gera liteke. Aukera egitea ez baita samurra izaten. Halako edo besteko hitza, aditza, izenburua edo dena delakoa zergatik erabili duen galdetutakoan, behin baino gehiagotan irakurriko edo entzungo diozue itzultzaileari: «hoberik aurkitu ez dudalako».

 -Apaltasunez

Oro har, lanbide honetan eta beste guztietan litzateke bertute umil izatea; nolanahi ere, maiz aipatzen dute itzultzaile urtetsuek apaltasuna behar dela itzultzaile on izateko. Ez da halabeharrez izango. Itzulpenak egitean, gutxitan izaten da aukera zuzena bat eta bakarra. Eta gaur egokia iruditzen zaiguna ez zaigu, beharbada, biharko egunean hain aproposa irudituko. Norberaren iritzia ez ezik, besteena ere aintzat hartzeko unean, usu sor litezke itzulpenak beste modu batean ematearen aldeko iritziak.

-Atsegina bai, latza ere bai

Erronka polita izaten da hizkuntza batean eman zaiguna beste batera ekartzea, eta gauza ederra da lanari halako gogoz heltzea, baina kezkek ere izaten dute lekurik eginbide horretan. Zalantzetatik aske dagoenik ez dut ezagutu. Hala hasiberriak nola urtetsuak, denak harrapatzen dituzte buruhausteek…

Bukatzeko, frantses itzultzaile bati irakurri niona aipatuko dizuet, deigarria suertatu baitzitzaidan itzultzaileak gizartean duen egitekoari buruz zeukan ikuskera: herrialdeek elkar ulertzeko ezinbesteko tresnak direlako, eta kulturak elkarrengana gerturatzen dituztelako, «bakearen aldeko gudari» eta «kulturaren kasko urdin» zituen izendatu itzultzaileak.

Zeharkako

Xabier Aristegieta Okiñena

Iritsiko al gara inoiz euskaraz “indirecto” eta “transversal”en arteko bereizketa argi adieraztera?

Euskaraz gehienetan hitz bera erabiltzen baitugu, oraindik ere, aski ezberdinak diren bi kontzeptu horiek itzultzeko: “zeharkako”. Euskaltermen bilatu besterik ez dugu egin behar, horretaz konturatzeko.

Eta gero, komeriak, bi esanahi horiek a priori posible direnean. Adibidez:

  • Prostituzioa da programa horretan zeharkako moduan jorratzen den esparruetako bat.

Ez da argi gelditzen zer esan nahi ote zaigun: programa horretan prostituzioaren gaia ez dela zuzenean jorratzen, ala “transbertsalki” jorratzen dela, DRAEk transversal hitzari ematen dion bosgarren adierarekin; hots, honekin:

  • 5. adj. Que atañe a distintos ámbitos o disciplinas en lugar de a un problema concreto. Estudio transversal.

Elhuyar Hiztegiak “transbertsal”i ateak ireki dizkio, eta horrela, “akordio transbertsalak” jasotzen du adibide batean.

Zehazki Hiztegiak “trebeseko” ere aipatzen du, baina adibideetan jaso gabe.

Euskaraz aukera-mordo bat ikusten dut aipaturiko adibiderako, “zeharkako” hitza indirectorako gordeta transversal itzultzeko:

  1. “Zeharkako”rekin sortzen zaigun problema ez zaigu “zeharkatu” aditzarekin agertzen. Horrenbestez, “zeharkako moduan”en ordez, “modu zeharkatzailean” eman liteke. Ez larritu: aukera soil bati buruz ari naiz; ez naiz bete-betean proposatzen ari.
  2. “Trabeska/trebeska jorratu” (Hiztegi Batuan “trabeskatu” eta “trebeska” agertzen dira; ez, ordea, “trabeska” eta “trebeskatu”).
  3. “Modu gurutzatzailean” (ingelesezko cross-sectionalen bidetik).
  4. Euskarazko itxura jatorragoa duen beste modu bat, baina aldi berean DRAEko adiera horri bapo egokitzen zaiona: “lagunarteko” eta “nazioarteko” bezalakoen bidetik, “arlo” hitza (adibidez) aukeratuta, “arloarteko” erabili. Eta, horrela,
  • Prostituzioa da programa horretan arloartekotasunez jorratzen den esparruetako bat.

Zuzentzaile ortografikoak setati azpimarratzen dit gorriz hizñoa.

Halere, zer nolako plazerra, esanahi-lausotasunak uxatzea.

La bohème

Irantzu Epelde Zendoia

Montmartreko bohemio biziera azaltzen duen kanta, nere itzulpen librean.

 

 

Je vous parle d’un temps Garai hartako kontuak
que les moins de vingt ans hogei urtetik beherakoek
ne peuvent pas connaître, ezin ezagutu,
Montmartre en ce temps-là Montmartren garai hartan
accrochait ses lilas lilak zintzilik han-hemen
jusque sous nos fenêtres. gure leiho azpietaraino dilindan.

Et si l’humble garni Eta gure estudio moduko gela arlote hartan
qui nous servait de nid gure habian
ne payait pas de mine gela itxura-txar hartan
c’est là qu’ont s’est connu hantxe ezagutu genuen elkar
moi qui criait famine ni, goseak amorratzen
et toi qui posais nue. eta zu, biluzik paraturik.

La bohème, la bohème La bohème, la bohème
ça voulait dire “on est heureux”. horrek esan nahi zuen zoriontsu ginela.
La bohème, la bohème La bohème, la bohème
Nous ne mangions qu’un jour sur deux. Bi egunetik behin bakarrik jaten genuen.

Dans les cafés voisins Inguruko kafetegietan
nous étions quelques-uns gutarteko zenbaitek
qui attendions la gloire ospea genuen amets
et bien que miséreux eta guztiz behartsu baginen ere
avec le ventre creux urdaila huts-hutsik bagenuen ere
nous ne cessions d’y croire. beti uste izan genuen noizbait etorriko zitzaigula ospe hori.

Et quand quelque bistrot Eta tabernaren batek
contre un bon repas chaud jateko beroren baten truke
nous prenait une toile, margolanen bat edo beste hartzen zigunean,
nous récitions de vers bertsoak errezitatzen genituen
groupés autour du poêle,  berogailuaren inguruan piloan,
en oubliant l’hiver. negua ahaztu ere egiten genuela.

La bohème, la bohème La bohème, la bohème
ça voulait dire “tu es jolie”. horrek esan nahi zuen ederra zinela.
La bohème, la bohème La bohème, la bohème
et nous avions tous du génie eta talentua genuen denok.

Souvent il m’arrivait Askotan gertatzen zitzaidan
devant mon chevalet pintatzeko astoaren aurrean
de passer des nuits blanches, burua hutsik pasatzea gauak,
retouchant le dessin marrazkiari ukituak egiten
de la ligne d’un sein, oraintxe bular baten soslaian,
du galbe, d’une hanche. oraintxe aldaka baten inguruan.

Et ce n’est qu’au matin Eta hurrengo goiza arte ez ginen jarri ere egiten
qu’on s’asseyait enfin azkenean, biharamunean, kafesne krematsu baten aurrean
devant un café-crème neka-neka jartzen ginen arte
épuisés mais ravis leher eginak, baina zoriontsu
fallait-il que l’on s’aime elkar maitatu beharra genuen
et qu’on aime la vie. eta bizia maitatu beharra.

La bohème, la bohème La bohème, la bohème
ça voulait dire “on a vingt ans”. horrek esan nahi zuen hogei urte genituela.
La bohème, la bohème La bohème, la bohème
Et nous vivions de l’air du temps. hutsaren hurrengoarekin bizi ginen.

Quand au hassard des jours Denboraren buruan
je m’en vais faire un tour orduko helbide zaharrera
à mon ancienne adresse itzuli bat egitera joan,
je ne reconnais plus eta ez ditut ezagutu ere egin
ni les murs, ni les rues qui ont vu ma jeunesse. nere gaztaroa joaten ikusi zuten murruak, kaleak.

En haut d’un escalier Eskailera baten goienean
je cherche l’atelier orduko lantegiaren bila nabil
dont plus rien ne subsiste. orain ez da hartatik deus gelditzen.
Dans son nouveau décor, Itxura-berrituta,
Montmartre semble triste triste ageri da Montmartre
et les lilas sont morts. eta alferrik galdu dira lilak.

La bohème, la bohème La bohème, la bohème
on était jeunes, on était fous. gazteak ginen, zoratuta geunden
La bohème, la bohème La bohème, la bohème
ça ne veut plus rien dire de tout horrek ez du ezertxo ere esan nahi orain.

 

***

Gaztelaniazko itzulpen bat, sarean:

LA BOHÈME CON SU LETRA TRADUCIDA AL CASTELLANO

Hiztegigintza bere onenean ez badago ere

Alfontso Mujika Etxeberria

Ez dira hauek garai onak hiztegigileentzat. Paradoxa latza dute. Batetik, inoiz baino aukera eta baliabide teknologiko gehiago eta ahaltsuagoak dituzte hiztegiak osatzeko eta hobetzeko. Baina, bestetik, hiztegigintzak ematen dituen diru-sarrerak behera doaz urtez urte. Euskal Herrian, Frantzian, Espainian… mundu osoan.

Zergatik? Paperezko hiztegiak gero eta gutxiago saltzen direlako. Ez da harritzekoa: kontsulta-materiala dira hiztegiak, eta, hiztegia kontsultatzeko, zer erosoagorik pantaila baino?

Adibidez, Espainian hiztegi eta entziklopedia gehien saltzen duen argitaletxeak, Santillanak, joan den hilean jakinarazi zuen hiztegigintzako salmentak % 69 jaitsi direla 2008tik, eta saldutako hiztegiak % 80 jaitsi direla.

Nik ez dakit zein diren euskarazko hiztegigintzaren salmenta-datuak; Elhuyarren hiztegien berri besterik ez dakit, eta, Santillanaren datuen aldean, gureak askoz hobeak dira; hala ere, gureak ere, nabarmen polikiago bada ere, beherantz doaz. Joera orokorra da, eta, dirudienez, geldiezina.

Paperezko hiztegien salmenta behera doa, bai, baina hiztegiak ezinbestekoak dira. Horretan ez da zalantzarik: hiztegiak erabili egiten dira, kontsultatu egiten dira, gero eta gehiago gainera, gero eta errazago eta eskurago ditugulako era guztietako pantailetan. Alabaina, Interneteko gainerako produktuekin gertatzen den moduan (musika, liburuak, egunkariak, jokoak…), dena doan eskuratzen ohitu gara, eta nekez emango diogu horri buelta, epe laburrean behintzat.

Santillanakoen hitzak berriro: “Sektore lexikografikoa ekaitz perfektua jasaten ari da: krisi ekonomikoa, digitaleranzko migrazioa eta kontsulten doakotasuna”.

Garbi dago paperezko hiztegia, oinarrizko produktu gisa, hilda dagoela. Paperezko hiztegiak izango dira gerora ere, baina hiztegi digitalen bertsioak baino ez dira izango, produktu nagusia digitala baita dagoeneko.

Elhuyar hiztegi ezaguna (hiztegi elebiduna: gaztelania/euskara eta euskara/gaztelania), 1996an jaio zen, baina duela urtebete hil zen oinarrizko produktu gisa, paperezko azken bertsioa argitaratu zenean hain zuzen, bertsio hori jada ez baita produktu nagusia, hiztegi digitalaren paperezko bertsioa baizik. Elhuyar Hiztegiak webgunea da euskarria orain, eta emaitza pozik egotekoa da, nire iritziz. Pozik daude egileak, baina ez haiek bakarrik, nonbait: urtebete pasatxoan hamar milioi kontsultatik gora (!!) izan ditu webgune horrek, hiztegiak gero eta gehiago kontsultatzen diren seinale.

Eta produktu dinamikoa da: urtebetean 300 sarrera berri erantsi zaizkio. Esaterako, teknologia berriek eta sare sozialen garapenak ekarri dituen batzuk: autoargazki/autofoto, birbidali/reenviar... Badira beste batzuk gizartean gertatzen ari diren aldaketak islatzen dituztenak: ahalduntze/empoderamiento, etxeko gizon/amo de casa, enoturismo Badira euskararen ondare lexikaleko hitzak ere: tekela, mutiloi, izarpean... Eta, sarrera berriez gainera, osatu eta eguneratu egin dira sarrera ugari, dela adiera berriak sartuz, dela adibideak gehituz: kostu, soltero/soltera, suponer, inapropiado/inapropiada. Egindako azken aldaketak zein diren, hiztegiak berak erakusten du beti. Gainera, aldaketa horietako asko eta asko erabiltzaileek bidalitako ohar eta iruzkinen ondorioz sartu dira. Hori bereziki pozgarria da: erabiltzaileak dira hiztegiaren kalitatearen bermea, beren oharrak, kexak eta proposamenak bidaltzen baitituzte.

Eta teknologiak ematen dituen aukerak ere baliatzen ditu; adibidez, hasieran, bila genbiltzan hitza hiztegian ez zegoenean, hitza hiztegiratzea proposatzeko aukera zuen erabiltzaileak. Orain, aukera horretaz gainera, antzekoak diren sarrerak bistaratzen ditu sistemak, gaizki idatzi badugu grafia zuzenera bideratzeko. Bilaketak sarreretan eta itzulpenetan egiteko aukera ere ematen du, hitza entzuteko aukera dago (bai ahots-sintetizadore batek sortua, bai FORVOren bidez). Eta, orain, telefono mugikorretara ere iritsi da, app baten bidez (onlineko bertsioan, doan, edo offlineko bertsioan).

Badaezpada, ohar bat: hiztegi eguneratu eta dinamikoa kontsultatzeko, Elhuyar Hiztegiak webgunea erabili behar da, edo Euskalbar bestela (edo hiztegiBar Explorer edo Chrome erabiliz gero). Zeren eta, adibidez, Googlen “Elhuyar hiztegia” eskatuta bilatzaileak bueltatzen digun lehen aukera Elhuyar hiztegia – Euskadi.net baita; han sartuz gero, duela 8 urteko bertsio zaharkitua eta ez-dinamikoa aurkituko dugu, guztiz demodée dagoena, old-fashioned eta out-of-date.

Halako publizitate-kutsuño bat du nire gaurko honek, ezta? Behingoagatik, barkatuko didazue lizentzia hori hartu izana, baina benetan uste dut produktu ona eta aurreratua dela, eta, bere xumean, eredugarria dela darabilen parte hartzeko eredua. Horregatik, mila esker hiztegigintzako lankideei produktu hori eskaintzeagatik, eta mila esker erabiltzaileoi produktu hori egunez egun hobetzen, osatzen eta zuzentzen laguntzeagatik.

Marka da gero! Hiztegigintzaren sektorea gainbehera eta gero eta kolokago dagoen honetan, inoizko hiztegirik onenak ditugu.

Sarean da Shakespeareren «Uda-gau bateko ametsa», Juan Garziak euskaratuta

Iñaki Iñurrieta Labaien

Gaur, abenduak 3, Euskararen Egunarekin, Uda-gau bateko ametsa jarri du sarean EIZIEk, William Shakespeareren A Midsummer Night’s Dream komedia, Juan Garziaren itzulpenean. Hala eman zaio buru Donostia 2016k eta EIZIEk antolatutako Shakespeareren ametsa biziarazten programari. Itzulpena eta itzultze-prozesua bera gizarteratzeko, hitzarmen bat egin zuten Donostia 2016k eta EIZIEk, eta programa bat antolatu zuten hitzarmen horren barruan udazken honetarako, jendaurreko zenbait ekitaldik osatua.

Ez da Shakespeareren obra horren itzulpen bakarra. Aurrez, beste bi itzultzailek emana zuten euskaraz, Bingen Amezagak eta Bedita Larrakoetxeak, joan den mendearen erdialdean. Azaroaren 20an izan genuen aukera Ametzaga eta Larrakoetxearen itzulpenen berri entzuteko, Uda-gau bateko ametsaren inguruko programaren hirugarren ekitaldian. Eli Manterola EHUko irakaslea aritu zen Ametzagarenaz, eta Karlos del Olmo itzultzaile antzerkizalea, berriz, Larrakoetxearenaz.

Bingen Amezagak Shakespeareren lau antzerki-lan euskaratu zituen Amerikako erbestean, 40ko eta 50eko hamarkadetan: Uda gau bateko ametsaz gainera, Macbeth, Hamlet eta Julius Caesar. Oraingoz, Hamlet baizik ez dago argitaratuta. Hain zuzen ere, Donostia 2016rekin egindako hitzarmenaren barruan, Bingen Ametzagaren Uda gau bateko ametsa paperean argitaratzeko asmoa du EIZIEk 2015an.

Bedita Larrakoetxeak, berriz, Shakespeareren antzerki-lan guztiak itzuli zituen, oso urte gutxian eta presaka. Euskara salbatzeko helburuz egin zuen hori, garai hartan lan unibertsalak euskarara ekartzea jotzen baitzen horretarako bide nagusitzat. Berak onartzen zuen askoz ere hobeto egin zitekeela, baina lehenbailehen argitaratzeari eman zion garrantzia.

Aitzindari haiek ikaragarrizko lana egin zuten, oraingo baliabiderik gabe egin ere. Ez da erraza gaurko egunetik imajinatzea zein zaila izan zitekeen hori garai hartan, euskara estandarrik ez zegoenean, internetik ez zegoenean, ez gaur egun ditugun hiztegi digitalak, ezta idazle zaharren obrak ere hain eskura… Giro politikoak bakartuta, elkarrekin ia harremanik izateko aukerarik gabe jardun zuten, bakoitzak ahal zuen erara. Itzultzaile haiena bai izan zela benetan bakarlana.

Ametzagak eta Larrakoetxeak prosaz eman zituzten beren bertsioak, nahiz eta Shakespearek hitz neurtuetan idatzi komediaren parte asko eta asko, eta hitz neurtuetako gehienetan errima erabiliz gainera. Eta desafio horri heldu nahi izan dio Juan Garziak bere itzulpenean: jatorrizkoan hitz neurtuetan dauden pasarteak hitz neurtuetan eman ditu, eta errima erabili du, gainera, autoreak errima erabili duen kasuetan ere. Horretarako, jakina, euskal tradizioko neurri eta moduez baliatu da, eta ingeleseko 10-11 silabako bertso-lerroen ordainetan 15 silabakoak edota 18koak eman ditu. Lehen neurria, Etxeparek berak gehien erabili zuen bertsokera da, 8/7 ataletan banatua, eta harrezkero beste idazle batzuek eta hainbat herri-kantak ere erabili dutena; bigarrena, berriz, 10/8 silabatan banatua, zortziko nagusiarena.

Juan Garziak ez du izan aitzindariek adina arazo euskara-eredua hautatzean. Oinarrizko estandarra, euskara batua alegia, hor dugulako erabilgarri halako eginkizunetarako. Horrez gainera, irakurtzeko testu bat egin du. Bertso-lerroak ez ezik, prosazko zatiak ere estilo deklamatorioan itzuli ditu, ez prosa arruntean. Eta bertsotan eta errima erabiliz egiteari dagokionez, Garziak berak esandakoaren arabera, bertsotan idazteak ematen ditu erraztasunak ere, paradojikoa dirudien arren: hiperbatonak-eta naturalago erabil daitezke, eta, bestalde, erritmoak berak eraman egiten zaitu hein batean, eta erraztu egiten du entzutea. Bestalde, leialtasunari dagokionez, errazago barkatzen da kontakizunaren xehetasunetan hain leial ez izatea, garbi ikusten delako errima eta metrika mantentzeko egiten dela.

Hemendik aurrera, beste fase batean sartuko gara. Esan bezala, itzulpena, bere horretan, irakurtzeko egina da; antzezteko, berriz, moldatu egin beharko da. Hona erronka, hemendik aurrera: nola jarri testu hori aktoreen ahotan, jendaurrean modu sinesgarriz deklama dezaten, eta ikus-entzuleek ulertzeko-jarraitzeko moduan. Ez da lantegi erraza aktoreentzat: batetik, tradizio eta ohitura faltaz; bestetik, hizkuntza-eredu hori irakurtzekoa delako jendaurrean jokatzekoa baino gehiago (irakurtzekoa, eta hizkuntzaren ezagutza landua dutenek irakurtzekoa gainera). Aktoreekin ez ezik, ikus-entzule potentzialokin ere pedagogia-lan handia egin behar litzateke 2016ko emanaldietara begira.

Antzerki-lan honek, nahiz eta orain 400 urte idatzia izan, ametitzen du gaur egungo irakurketarik, Larraitz Ariznabarreta filologo eta shakespearezaleak programaren lehen saioan aipatu zuenez (EHUko letren fakultatean, Gasteizen, irailaren 30ean, Itzultzailearen Egunarekin). Obrak kanon berrietatik begiratu eta berrinterpretatzeko aukera ematen du nabarmen, eta gaur egungo teoria postmodernoetatik aztertzeko ere aberatsa da. Gizarte patriarkalaren kritikarako elementuak ditu, irakurketa ezin gaurkoagoak egin daitezke genero-ikuspegitik. Azterbide horiek ere jorratuko dira, beharbada, 2015. urteko programan.

AISE

Estitxu Garai

Komunikazioak bizi gaitu. Alferrikakoa da esateko duzunak berebiziko interesa izatea, ez baduzu era erakargarri eta gustagarrian egiten. Publizitatearen eremuan, noski, hori da eguneroko ogia: esan beharrekoa (eta ez beste ezer) ahalik eta modu eraginkorrenean helaraztea.

Erronka hori lortzeko, bada publizistek zorrotz jarraitzen duten arau bat: gauzak ahalik eta soilen esan behar dira. Ikerketek ere halaxe diote, mezu labur eta ulerterrazak arinago interpretatzen ditugu. Era berean, hobeto hartzen ditugu gogoan, eta, iragarkien kasuan behintzat, oroimena giltzarri da. Hortaz, aparteko ahalegina egin behar da testuak orrazten eta soberan dagoen guztia kentzen.

Printzipio hori adierazteko (eta adierazten duena oinarri hartuta) publizistek hitz bakarra baliatzen dute: KISS («musu» ingelesez). Izan ere, KISS hori akronimoa da, barruan «Keep it Simple, Stupid!» esaldia gordetzen duena. Euskaraz, hona nire proposamena: AISE. Hitza, bere kabuz, bada gai mintzagai dugun kontzeptua adierazteko, baina, gainera, ingelesezkoa bezalaxe, akronimoa ere bada: «Aizu Inozo, Egizu Sinple!» arauaren laburtzaile doia.

Publizitatean ez ezik, badirudi molde hori alor guztietara hedatzen ari dela, azken finean, ahozko zein idatzizko testu orok helburu bera baitu: hartzaileari mezua ahalik eta egokien helaraztea. Eta, «egoki» irakurtzean, uler bedi «bilatutako efektua lortzea». Testu gehienen lehenengo langa ulermena da. Eta «gehienen» diot, badirelako ulergaitzak izatea helburu duten testuak ere, dela esnobismoarengatik, dela teknikotasun itxura emateko. Salbuespenak salbuespen, komunikatzea izan ohi da lortu nahi dena. Hartara, aspaldidanik hedatu da «hizkera xaloa» («plain english» edo «plain language») delako mugimendua. Batez ere erakundeen (publikoen zein pribatuen) komunikazioari buruz dihardu mugimendu horrek, eta aldarrikatzen du xede-taldeari argi, labur eta hizkera teknikoa saihestuz hitz egin behar zaiola.

Euskarara etorrita, badut sentsazioa itzultzaile eta idazleak aspalditik saiatzen direla modu horretan jarduten. Hala ere, supermerkatuetan erosten ditugun produktuetan, ez dakit, bada, printzipio horri men egiten zaion. Euskarazko izendapena soilik irakurrita, nik behintzat, ez nuke produktu horietako asko zer diren ulertuko. Duela gutxi twitter-en sesioan ibili ginen «zerrenda itsaskorra» zela eta ez zela, gazte batek hanka-sartze gisa aurkeztu baitzuen. Egia esan, nik ere hasieran halaxe zela pentsatu nuen, harik eta azaldu zidaten arte euskaraz “tirita” esateko modu jatorra hori dela. Nik, kasu horretan behintzat, ez daukat inongo zalantzarik, lehenengo komunikatu egin behar da, horretarako mailegua erabili behar bada ere. Alferrikakoa da produktuen ontzietan «zerrenda itsaskorra» idaztea, gero egunerokoan euskaldun peto eta jantzienak ere ez badu erabiltzen. Ederto deritzot termino jatorrak berreskuratzeari, eta baita berriak asmatzeari ere. Haatik, zenbaitek funtzionatu egiten dute eta eguneroko berbaldietan txertatzen ditugu, eta beste askotan, ordea, ez.

Badakit euskara bezalako hizkuntza batentzat zaila dela oreka mantentzea; noraino den zilegi inguruko hizkuntza handi eta menperatzaileen terminoak neurri gabe txertatzea. Edonola ere, xedea euskara komunikatiboa izan behar da, eta ahaleginak horretara bideratu behar dira. Nik neuk, hortaz, «zerrenda itsaskorra» baztertuen zerrendan utziko nuke.

Hala ere, tentuz jorratu beharreko gaia da, eta ziurrenik honetan (ere) buru hainbat aburu egongo dira. Haize onik ez dago nora doan ez dakienarentzat. Aise aritzeak ez al digu haize onik ekarriko?

Mairuz jauntzi

Mikel Taberna Irazoki

Joan den astean, iratzargailuaren sei eta erdietako abisua ametsetan aditu, ohatzetik robot modura jaiki, erdi lo sukaldera joan, hango argia biztu hanka lauza hotzetan pausatu baino lehen, zer gerta ere (gure xakur xaharrak —15 urte bete berriak— kontu ezin dionean hor uzten baitu arrastoa), lasaitu lanbasa pasatu beharrik ez nuelakoz izanen, eta, beti bezala, Argiaren egutegiari orria kendu nion: “Azaroak 19, asteazkena; santuak; izendegia; eguzkia; itsasgora eta itsasbehera”. Atzealdean, AEKren bandoa: “Mozorrotu aditza. Hainbat modu dago beste itxura bat hartzeko geure buruari egiten diogun aldaketa adierazteko. Hedatuenak, ziurrenik, ‘sorginez’ eta ‘sorgin mozorrotu’ izango dira, baina ondoko hauek ere zuzenak dira: ‘Eneko sorgin jantzita / sorgin mozorroan / sorgin arropetan / sorgin-jantzia soinean / sorgin-jantzian etorri da’. Aukera, beraz, mozorroena bezain handi eta zabala!”

Honekin ere badiagu polemika, bada! —neure artean.

Oroitu nintzen joan den urteko ilbeltzean Ana Telletxeak gure blog honetan berean idatzi zuen testuaz (orain arteko azkena; agian ere bertze batzuk ekarriko dizkigu hemendik aitzinera), “Baserritarrez” izenburuko hartaz.

Sarreraren helburua bertzelakoa izanagatik, hari eginiko iruzkinetan eztabaida sortu zen; “-z jantzi” egitura egokia ote zen aipatzen zen kasu hartan: baserritarrez jantzi <> baserritar jantzi.

Egia erran, ez zen auzi hori Interneten plazara ateratzen zen lehenbiziko aldia gisa honetako gaien inguruan iritzi-trukean hasi ginenetik. Lehenago ere irakurriak genituen, Itzulist-Itzulen (Kaleko/Kalez/kale jantzita, 2011-12an) edo erabili.com-en (Mozorrotu, 2004an), konparazio batera.

Laburbilduz, aditzera eman nahi den horretarako gaur egun gehienbat bi bide erabiltzen direla ikusirik (“Hartzaz jantzitako mutil bat…”, Mariano Izetak 1983ko Príncipe de Viana aldizkarian; “Aberats aspertu bat kalera irten da eskale jantzita…”, Anjel Lertxundik 2006ko Ihes betea eleberrian), bietako bat hobetsi (eta bertzea baztertu) behar ote litzatekeen zen eta da kontua.

Alde batekoek eta bertzekoek erabilitako argudioak irakurrita, iduri du gailentzen dela -0 jantzi (“eskale jantzi”) egitura babesten dutenen iritzia, tradizio idatzian eta ahozkoan, nonbait, nagusi delakoz, baina praktikak erakusten du gaur egun hiztun eta idazle/itzultzaile anitzek “-z jantzi” (“hartzaz/hartzez jantzi”) forma (ere) baliatzen dutela.

Interes bereziarekin segitu ditut gai honen inguruko goiti-beheitiak, arrazoi zehatz batengatik. Inauteri garaian gure etxeko zaharrek aldiro ea “mairoz (mairuz) jauntzi” behar ote genuen galdetzen ziguten. Gure etxean mozorrotzea “mairoz/mairuz” jaunztea zen, nahiz eta sekula txilaba txar bat ikusia ez izan; mairuz jaunzteko, mozorrotzeko, etxeko trapu zaharrak erabiltzen ziren, edozein.

Egitura horri buruzko iritzi diferenteen berri izan nuelarik, neure buruari galdeka hasi nintzen, gurasoek erakutsi ziguten “-z” hori gauza berria ote zen (lehen “mairu” zena gerora “mairuz” bihurtu?) edo toki jakin batekoa bertzerik ez (esparru arrunt txikikoa). Bertze inon erabiltzen ote zen? Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ere sartu naiz, bildua ote zegoen (hiztegietan ez), baina ez dut aurkitu; ez dituzte oraindik galdera horri dagozkionak sartu, duikabe.

Gure etxeko edo herriko partikularitatea alde batera utzirik (nire zalantzak argitu gabe), aitzin horretan ustekabea hartu nuen Euskaltzaindiak kaleratu zuen oharrarekin. Aurtengo irailaren 25eko Plazaberri aldizkarian berri hau heldu zen (hitzez hitz ekarriko dut honat):

“Jagoneteko datu-baseak 84 galde-erantzun berri ditu eta hainbat galde-erantzun eraberritu: besteak beste, mozorrotu eta Areatza sarrerak.

Azkeneko horiek biek lehendik argitaratutako erantzunen aldaketa nabarmena dakartenez, hona hemen nola ageri diren orain:

  1. -z mozorrotu egitura ontzat emana: itsaslapurrez mozorrotu, indioz mozorrotu

Orotariko Euskal Hiztegiko datuak ikusita, gaur egunera arte, ez da aurkitu –z mozorrotu egituraren lekukotasunik batere euskarazko tradizio idatzian, eta horregatik hobetsi zuen Gramatika batzordeak -0 mozorrotu egitura 1997an.

Gramatika batzordearen ustez, -z mozorrotu bezalakoak berri samarrak dira, eta euskarak horren ordez beste egitura batzuk erabili izan ditu: hala nola, indio jantzita, indio jantzian, indio mozorroan, indio arropetan (Iparraldean) eta abar. Mozorrotu aditza erabili izan da literaturan, baina esango genuke bakarrik agertzen dela gehienetan: mozorrotuta joan zen kalera.

Egia da gaur eguneko erabileran asko ugaldu dela –z mozorrotu egitura; Ereduzko Prosa Gaur corpuseko datuetara baldin bagatoz, nabarmena da ugaltze hori. Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak osatzeko, lehenagoko tradizioko datuak (OEH) eta gaur egungoak (EPG) erabili dira, eta, horregatik, indioz mozorrotu egitura ere ontzat eman du Euskaltzaindiak”[i].

(…)

Ez dakit Euskaltzaindiaren adierazpen horrek zer ondorio ekarriko duen: jendea arras lerratuko ote den lehendik ere dezente zabaldua zegoen eta orain Akademiak berak babestu duen egitura zenbaiten iritziz berriagoaren alde edo bi bideetatik ibiliko ote garen. Beharbada erabakiko dugu, intentzio osoz edo oharkabean, kasu batzuetarako egokia dela aukera bat, baina bertze kasu batzuetarako egokiagoa edo ia nahitaezkoa dela bertzea; akaso proposamen zehatzagoren bat iritsiko da, adostasun zabala lortuko duena.

Honaino idatzitakoak horrelatsu erran nahi bainituen, hilabete honetako nire gogorazio kaxkarrei amaierako puntua gehitu, eta ordenagailua itzali dut. Ohatzera joateko tenorea da. Lokartu aitzinetik, irakurtzen ari naizen liburua hartu (Danele Sarriugarte-Erraiak, 2014), eta atzo utzi nuen tokian hasi naiz leitzen (51. or.): “…Y-k aurpegi ikaragarri ederra du… inkontzienteki gogorarazten baitizu pantailetan emakume moderno liberatuz mozorrotutako printzesa babesgabea salbatzen duen gizon ez-matxistaz mozorrotutako printze urdina…”

[i] Badaezpada ere: oharrak –z mozorrotu egitura aipatzen du, Jagoneteko galdera “mozorrotu” aditzari buruz zelakoz; erantzunak –z jantzi lokuzioarentzat ere balio duela ulertzen dut nik.

Arrotzaren kantua

Juan Luis Zabala

(Leonard Cohenen beste kantu baten hitzak).

Arrotzaren kantua

Egia da ezagutu zenituen gizon guztiak
Jokoa utzia zutela zioten jokalariak zirela
Zuk aterpea ematen zenien bakoitzean
Ezagutzen dut gizon mota hori
Zaila da eskutik heltzea
Amore emateko zerua iritsi beharra duen bati

Eta ahaztuta utzi zituen komodinak jasotzerakoan
Jabetzen zara ez zizula ia ezer ere utzi
Ezta barrerik ere
Edozein jokalari bezala
Kartarik onenaren, kartarik altuenaren zain zegoen
Besterik behar ez izateko
Jose bat estalpe bila bezala
Jose bat estalpe bila bezala

Eta egun batez zure leihoaren karelean bermatuta
Esango dizu zuk emandako amodioak, beroak eta babesak
Borondatea ahuldu ziotela
Eta bere karteratik
Tren ordutegi zahar bat atereaz, esango du
Esan nizun etorri nintzenean arrotz bat nintzela
Esan nizun etorri nintzenean arrotz bat nintzela

Baina orain badirudi beste arrotz batek nahi duela
Zuk bere ametsei kasurik ez egitea
Beste baten zama izan balira bezala
Oi zuk ikusia duzu lehen ere gizon hori
Haren urrezko besoa kartak banatzen
Baina orain herdoildu egin da ukalondotik erietaraino
Eta aldatu nahi du bere jokoa babesaren truke
Bai, aldatu nahi du ezagutzen duen jokoa babesaren truke

Gogaitu egiten zaitu beste gizon nekatu bat ikusteak
Bere eskua beheratzen uko egingo balio bezala
Pokerraren joko sakratuari
Eta bere ametsez mintzatzen zaizun bitartean lokartu arte
Zu jabetzen zara autobide bat dagoela
Bihurritu egiten dena kea bezala haren bizkar gainean
Bihurritu egiten dena kea bezala haren bizkar gainean

Zuk sartzeko eta esertzeko esaten diozu
Baina zerbaitek buelta emanarazten dizu
Atea irekita dago, ezin duzu dagoeneko zure babesa ukatu
Bideko kisketa probatzen duzu
Irekia dago baina ez beldurrik izan
Zeu zara, maitea, zeu zara arrotz zarena
Zeu zara, maitea, zeu zara arrotz zarena

Ondo da, zure zain nengoen, ziur nintzen
Topo egingo genuela itxaroten genituen trenetan
Uste dut beste bat hartzeko tenorea dela
Mesedez, uler ezazu, nik ez nuen inoiz izan mapa sekreturik
Honen bihotzeraino iristeko
Ezta beste ezereneraino ere
Ondo da, horrela mintzo zaizu hura
Baina zuk ez dakizu zein den haren asmoa
Horrela hitz egiten dizunean,
Ez dakizu zein den haren asmoa

Elkar gaitezen bihar ondo iruditzen bazaizu
Uraren ertzean, amaierarik gabeko ibai baten gainean
Eraikitzen ari diren zubiaren azpian
Ondoren nasan utzita
Zure ohe-bagoi epelera igotzen da
Eta orduan ulertzen duzu, beste babes bat eskatzen baino ez dela ari
Eta zuregana dator, inoiz ez da arrotz bat izan
Eta zuk diozu “Ados, zubian edo beste edozein lekutan aurrerago”

Eta ahaztuta utzi zituen komodinak jasotzerakoan
Jabetzen zara ez zizula ia ezer ere utzi
Ezta barrerik ere
Edozein jokalari bezala
Kartarik onenaren, kartarik altuenaren zain zegoen
Besterik behar ez izateko
Jose bat estalpe bila bezala
Jose bat estalpe bila bezala

Eta egun batez zure leihoaren karelean bermatuta
Esango dizu zuk emandako amodioak, beroak eta babesak
Borondatea ahuldu ziotela
Eta bere karteratik
Tren ordutegi zahar bat atereaz, esango du
Esan nizun etorri nintzenean arrotz bat nintzela
Esan nizun etorri nintzenean arrotz bat nintzela

The Stranger Song

It’s true that all the men you knew were dealers
Who said they were through with dealing
Every time you gave them shelter
I know that kind of man
It’s hard to hold the hand of anyone
Who is reaching for the sky just to surrender
Who is reaching for the sky just to surrender

And then sweeping up the jokers that he left behind
You find he did not leave you very much not even laughter
Like any dealer he was watching for the card
That is so high and wild
He’ll never need to deal another
He was just some Joseph looking for a manger
He was just some Joseph looking for a manger

And then leaning on your window sill
He’ll say one day you caused his will
To weaken with your love and warmth and shelter
And then taking from his wallet
An old schedule of trains, he’ll say
I told you when I came, I was a stranger
I told you when I came, I was a stranger

But now another stranger seems
To want you to ignore his dreams
As though they were the burden of some other
Oh you’ve seen that man before
His golden arm dispatching cards
But now it’s rusted from the elbow to the finger
And he wants to trade the game he plays for shelter
Yes he wants to trade the game he knows for shelter

Ah you hate to watch another tired man
Lay down his hand
Like he was giving up the holy game of poker
And while he talks his dreams to sleep
You notice there’s a highway
That is curling up like smoke above his shoulder
It is curling just like smoke above his shoulder

You tell him to come in sit down
But something makes you turn around
But door is open, you can’t close your shelter
You try the handle of the road
It opens do not be afraid
It’s you my love, you who are the stranger
And it’s you my love, you who are the stranger

Well, I’ve been waiting, I was sure
We’d meet between the trains we’re waiting for
I think it’s time to board another
Please understand, I never had a secret chart
To get me to the heart of this or any other matter
When he talks like this, you don’t know what he’s after
When he speaks like this, you don’t know what he’s after

Let’s meet tomorrow if you choose
Upon the shore, beneath the bridge
That they are building on some endless river
Then he leaves the platform for the sleeping car that’s warm
You realize, he’s only advertising one more shelter
And it comes to you, he never was a stranger
And you say, “Okay the bridge or someplace later”

And then sweeping up the jokers that he left behind
You find he did not leave you very much not even laughter
Like any dealer he was watching for the card
That is so high and wild
He’ll never need to deal another
He was just some Joseph looking for a manger
He was just some Joseph looking for a manger

And leaning on your window sill
He’ll say one day you caused his will
To weaken with your love and warmth and shelter
And then taking from his wallet
An old schedule of trains, he’ll say
I told you when I came, I was a stranger
I told you when I came, I was a stranger
I told you when I came I was a stranger