Arafaten eta Nerudaren zera

Iratxe Goikoetxea Langarika

Honako idaztea ez da erraza: artikuluaren ernamuina aukeratu eta gero, garatu egin behar da, hitzetaratu eta egituratu. Eta azkenik, blogeratu, ahal dela izenburua amutzat erabilita.

Blogeratu eta hitzetaratu berbak, hitzegietan jasota egon ez arren, guztiz ulergarriak eta arruntak ere egingo zaizkizue ziurrenik, eratorpen bide normaletik sortuta daude eta.

Aditzgintzarako oparotasuna gure hizkuntzaren ezaugarrietako bat. Esana da edozein izen edo adjektibo hartuta aditza sor dezakegula. Normalean, izen edo adjektibo horren ezaugarriak ematen dira aditzaren bidez: otsotu, astakirtendu, marroitu, enbortu, plastikotu…

Mugimendu aditzak sortzeko, berriz, lekutzat har daitekeen edozein izeni NORA adlatiboa erantsi diezaiokegu eta harako mugimendua adierazten duen aditz bat eratu: kotxeratu, elurretaratu, zuganatu, tontorreratu, bularreratu, Hawaiiratu… Horrela sortutako aditz batzuek, erabileraren erabileraz edo premia lexikologikoengatik, lekua hartu dute hiztegietan: auzitaratu, ilargiratu, botilaratu, eskolaratu, pantailaratu, hilobiratu… Auzi, botila, hilobi edo dena delakoetara joan edo eraman.

Itxuraz, horrela eratu da nire artikuluko ernamuina ere: deshobiratu.

Aditz sortu berria da (2001ean du lehen agerraldia Egungo Testuen Corpusean), eta, adlatiboaren artizkia ez ezik, des- aurrizkia ere badu. Aurrizki horrek beste aditz baten kontrako ekintza adierazten du, buelta emateko ekintza: hidratatu/deshidratatu, armatu/desarmatu, jabetu/desjabetu…

Ondo lotzen ote dira, ordea, des- eta -ra- aditz berean? Deshobiratu kenduta, adibide parea baino ez dut topatu elementu biokin: desbideratu eta deserriratu. Kasu biotan, baina, badira desbide eta deserri izenak, eta pentsa liteke izenon gainean eraiki direla aditzak.

Dena dela, deshobiratu-ren kasuan, ez dakit deshobi-rik ez dagoelako ala zergatik, baina deserosotu egiten nau. Hiztegietan ere ez du onarpenik oraingoz, nahiz eta deshobiratze gero eta gehiago erabiltzen den erdaretako exhumation/exhumación-en pare. Izan ere, hiztegi gehienetan aditz lokuzio berberak ematen dira exhumar-en eta desenterrar-en ordainetan: «lurpetik / hilobitik atera». Hor bada beste aukera bat, bazterrean gelditu dena: desehortzi[1]. 5000 hiztegiak bakarrik dauka jasota, eta desenterrar-erako soilik.

Hiztegien hautuak erakusten duenez, «lurpetik / hilobitik atera», «hilobia ireki» eta halakoak esapiderik berezkoenak eta arruntenak dira euskaraz. Baina termino zehatzagoa (edo errespetuzkoagoa[2]) behar da batzuetan, honelakoak esateko: «No podemos continuar con las exhumaciones por falta de fondos», «Detrás de las exhumaciones no hay ánimo de revancha», «L’exhumation des rois», «The Stories Behind 5 Famous Exhumations».

Halakoetan zer egin? Deshobiratze deserosoari bide egin? Desehorzketa esangaitza bultzatu? Nire erabakia, exhumazio nazioarteko kultura hitza erabili.

_____________

[1] Xabier Amurizak 1974an argitaratutako zerrenda honetan ageri da, baina bertako euskal erroko beste aditz askorekin gertatu den bezala, ez du aurrerabide handirik egin.

[2] Errespetuzkoa da adibidez lur eman (erritual batzuei jarraituz egindako ekintza adierazten du), eta errespetubakoa lurperatu.

Quandoque bonus dormitat Homerus II

Xabier Olarra

Aurrekoan Lino Novás eta Agurea eta itsasoan hark egindako irristada bat nuen hizpide, eta oraingoan Ulysses gaztelaniara itzultzearekin bere osperik handiena lortu zuen itzultzaile bat ekarriko dut gogora, José María Valverde, eta haren Ulisesko irristada pare bat.

Gogoan dut Maria Garikanok Hotsa eta ardaila (The Sound and the Fury, William Faulkner) argitara eman zuenean esan zuela akats nabarmenak aurkitu zituela gaztelaniazko itzulpenean, eta horrek ulertezin eta zentzurik gabe bihurtzen zituela hainbat pasarte. Han Benji pertsonaiaren diskurtsoaren imitazioak (pertsona atzeratua) pasarte horien zentzugabetasuna oharkabean pasatzea errazten zuen, eta itzulpen-konparaketa sakon batek bakarrik jar zezakeen hori agerian.

Ulisesen edo Hotsa eta ardailaren irakurketaren zailtasunak noiz edo noiz itzultzailearen lan pattal edo aldrebesari egotzi izan zaizkio (Borgesek edo Gabriel García Márquezek Ulisesen gaztelaniarako lehenbiziko itzulpena, José Salas Subiratena, ederki larrutu zuten –«mala» edo «muy mala» zela esanez zakarrontzira botaz–, nahiz eta itzulpen hura, ni bezalako zenbaiti gaztetan eztarrian trabatu zitzaiguna, oraindik ere gaur egun argitaratzen den, batez ere Atlantikoaz haraindian), baina obra horien berezko zailtasunari eman izan zaie gehienetan irakurgaiztasunaren errua. Ez naiz hasiko besterik gabe itzultzaileen lanaren alde, baina lasai esango dut hain txarra omen zen itzulpen haren ondoren gaur hizpide izango dudan –eta hainbatek hainbeste famatu izan duten– J. M. Valverderenarekin ere berdintsu trabatu nintzela, irakurle helduxeagoa nintzen garaian bigarren aldiz heldu nionean irlandarraren maisulanari. Ez dut honekin esan nahi zailtasunak, funtsean, itzulpen horietako akatsen edo irristaden ondorio direnik, baizik eta, batzuetan, lortutako fama edo fama txarra ez dagoela beti erabat justifikatua.

Aurreko artikuluan irakur daitekeenez, Guillermo Cabrera Infanteren pertsonaietako batek Tres tristes tigresen esaten zuen Agurea eta Itsasoaren lehenbiziko orrialdean hiru akats nabarmen aurkitu zituela. Hala ere, esan beharra dago pasarte horretan bi pertsonaia agertzen direla eta bien arteko elkarrizketan batak oso aintzat hartzen duela Lino Novás itzultzailea, eta besteak, berriz, oso txartzat daukala. Idazlearen beraren iritziaz gehixeago jakin nahi duenak hona jo dezake:  http://www.trans.uma.es/pdf/Trans_5/t5_207-215_SJillLevine.pdf

Gaur J. M. Valverderen itzulpeneko adibide bat aipatuko dut –irristada bat–, nahiz eta beharbada ez den oso dotorea bere buruaren defentsan argudiorik eman ez dezakeenari horrelako eztenkadak ematea. Baina, itzulpen horrek defendatzaileak eurrez dituenez, agian aterako zaio baten bat alde.

Erdi txantxetan Twitterren Ulisesen zatiak ematen hasi nintzenean, jatorrizkoa neure kabuz itzuli ondoren J. M. Valverderen bertsioarekin konparatzen nuen, nire desbiderapenak zenbatekoak ziren ikusteko, eta haren arabera hasi nintzen nirea «txukuntzen», hark zituen defendatzaileen jarraitzaile ez itsu baina bai betoker samar bihurturik. Oraindik ez nuen aldamenean hurrengo urteetan bilduko nuen metro eta erdi zabaleko bibliografia lagungarria –Ulysses Annotated, eta frantsesezko bi bertsioak, Francisco García Tortosa eta María Teresa Venegas-Lagüensen gaztelaniazkoa (aurrekoak baino fidagarriagoa nire ustez), katalanezkoa, alemanezko biak, italierazkoa, galegozkoa eta besteren bat–. Esan behar dut, itzulpenean aurrera egin ahala, nire hasierako jarrera fidakorra laster samar bihurtu zela eszeptikoxeagoa, eta hurrengo hilabeteetan neure buruaz bezain gutxi fidatzen hasi nintzela maisuaz. Hona zergatik.

Ulyssesen lehenbiziko orrialdean honako esaldi hau aurkitzen dugu:

–For this, O dearly beloved, is the genuine christine: (James Joyce 1922)

–Porque esto, oh amados carísimos, es lo genuinamente cristino. (J. M. Valverde, 1976)
–Porque esto, oh amados míos, es el verdadero Cristo (José Salas Subirat, 1946)
–Porque esto, oh amadísimos, es la verdadera cristina: (García Tortosa Venegas-Lagüens, 1999)

–Denn dies, geliebte Gemeinde, ist das wahre Eucharistilin: (Georg Goyert, 1927)
–Denn dies, o geliebte Gemeinde, ist der wahre eucharistische Jakob: (Hans Wollschläger, 1975)

–Car ceci, ô mes bien-aimés, est la fine-fine Eucharistie: (Auguste Morel et alii, 1929)
–Car ceci, ô mes bienaimés, est l’authentique Christine (Jacques Aubert et alii, 1999)

–Perché questo, o miei diletti, è il genuino cristino: (Giulio de Angelis, 1960)
–Poiché questa, o miei dilettissimi, è genuina e cristina sostanza… (Gianni Celati, 2013)

–Porque isto, ó amadisimos fillos, é a verdadeira cristina: (Eva almazán et alii, 2013)
–Hau, ene maite bihotzekook, bene-benetako kristina da-ta: (X. Olarra, 2015)

Non dago koska? Ba, «christine» harrigarri horretan, jakina. Espero zena –eta egoerak berez zekarrena– «christian» izan zatekeen, baina Joycek «christine» idatzi zuen, eta hiztegietara jotzen badugu, Christine azalduko zaigu ordaintzat, baina izen berezi gisa, ez, ordea, bestelako adierarik. Gainera, «christine» letra xehez idatzi izanak ere ez du asko laguntzen.

Zer egin zuten hasierako itzultzaile gehienek? «Ad sensum» itzulpen bat, logikaren araberakoa, edo saihesbideren bat bilatu. Baina berriki itzuli dugunok, Don Gifforden Ulysses Annotateden ageri den oharrari jarraituz, episodio osoan meza santuaren parodia disimulatu bat dagoela onartuta, kontuan harturik Meza beltzetako elementuetako bat aldaretzat emakume baten gorputza erabiltzea zela, interpretazio horren araberako ordaina eman dugu. Eta horregatik itzuli dugu nola edo hala «gorputz bihurtzen zen ogia» emakume batena zela –Kristina kasu honetan, Kristoren emakumezkoa–, eta pasarte horretan zehar-adierazpen hori dagoela nabarmendu dugu nola edo hala. Interpretazio hori egokia izan daitekeela egiaztatzeko aski genuke Googlen «misa negra» bilaketaren emaitzei begirada bat ematea.

messes noires

mn2

Zer gertatu zitzaion J. M. Valverderi? Berak itzulpen hori egiten zuen garaian bereizi ohi zen gaztelaniaz –Espainiako Real Academiaren hiztegian agertu ez arren–, esate baterako, «marxista» eta «marxiano» (bata jarraitzaileei buruzko adjektiboa zen eta bestea sortzaileari buruzkoa). Ingelesezko hiztegian, berriz, onartzen da «marxian» eta «marxist». Badirudi Valverdek «christine» horrekin topo egin zuenean «cristiano» (jarraitzailea) eta «cristino» (sortzaileari berari zegokion adjektiboa) bereizi nahi izan zituela, ohartu gabe «cristino» bazegoela dagoeneko gaztelaniazko hiztegian, eta, garai batean historiako eskoletan ikasi behar izan genuenez, hitz horrek hau adierazten duela, R. A. E. dioenez:

cristino 1. adj. Partidario de Isabel II, bajo la regencia de su madre María Cristina de Borbón, contra el pretendiente don Carlos.

1984an Hans Walter Gablerrek Ulysses (the corrected text) argitara eman ondoren, Valverdek berak atzera egin zuen bere lehenbiziko irristada hartatik eta «cristiano» paratu zuen 1988 inguruan Lumenek egin zuen argitalpenean. Bertsio zuzenduaren hitzaurrean berean sumatzen zaio ez zuela oso gogotsu hartu zuzenketa lan hori, eta esango nuke axaleko ukitu batzuk baizik ez zizkiola eman. Hori iruditzen zait larriagoa irristada bera baino, aukera hori galdu izana.

Bukatzeko, esan dezadan Francisco García Tortosak (Joyceren obran aditua eta gaztelaniazko hirugarren bertsioaren itzultzaile) María Teresa Venegas Lagüensekin batera egindako itzulpenaren Atarikoan esaten duen bezala: «Joyceren Ulysses itzultzeari aurre egiten dion edonork merezi duen errespetuak gaitzespenezko iritziak ematetik begiratu behar gaitu, eta biak [bere gaztelaniazko itzulpenaren aurreko beste biak, alegia], bakoitza bere modura, Joyceren obraren zabalkunde eta ezagupenerako baliagarriak izan ziren espainolaren lurraldeetan –esan gabe doa gure itzulpenak garbi uzten duela biak hobegarriak direla». (Oharra: ez da plural maiestatikoa, baizik eta itzulpena biren artean egin izanaren aitorpena).

Badut beste adibide bat, baina gaurko «pheredikia» gehitxo luzatu denez, hurrengorako utziko dut bigarrena.

Warsan Shireren poema bat

Garazi Ugalde Pikabea

Hizkuntzak ez dio errealitateari iskin egiten, eta ez dugu guk ere halakorik egingo atari honetako lehenengo postean. Bestelako burutazio posibleak ordenagailuko karpetan gerorako utzita, Warsan Shire gaztearen poema bat ekarriko dugu blogera: «Home».

Warsan Shire (1988) Nairobin jaiotako poeta somaliarra da, Londresen hazia, eta egun ere hiri britainiarrean bizi da. Idazle eta aktibista, idatziz lantzen ditu traumaren zirrikituak eta joan-etorrien inguruko istorioak. 2011n eman zuen argitara lehen liburua (Teaching my Mother How to Give Birth, flipped eye publishing, 2011), baina haren poemak han-hemenka aurki ditzakegu aldizkari eta antologietan ere (esaterako: The Salt Book of Younger Poets, Salt, 2011 eta Ten: The New Wave, Bloodaxe, 2014). Dena dela, inon izatekotan, sarean zabaldu dira batik bat Shireren poemak —poema bakoitzaren bertsio bat baino gehiago ere bai zenbaitetan—, bereziki, errefuxiatuen krisia bere gordinean ikusten hasi garenetik. Azken urteotan hainbat sari eskuratu ditu somaliarrak, tartean, African Poetry Prize, eta 2013an hiriko lehenengo poet laureate gazte izendatu zuten. Britainia Handian ez ezik nazioartean ere ibili da poemak irakurtzen, besteak beste, Hego Afrikan, Italian, Alemanian, Kanadan, Ipar Amerikan eta Kenyan.

Badirudi batzuetan hizkuntzak hozka egin nahi izaten diola errealitateari. Halakoxeak behar lukete nazioarteko larrialdi neurriek.

Etxea

inork ez du etxea uzten
etxea marrazo-aho izan ezean
mugarantz egiten duzu korri soilik
hiri osoa ere korrika ikusten duzunean

bizilagunak zu baino azkarrago korrika
eztarrietan odoltsu arnasa
eskolara zurekin joan zen mutila
lata fabrika zaharraren atzean mozolo musu eman zizuna
gorputza baino handiagoko fusila eskuan
etxea uzten duzu soilik
etxeak geratzen uzten ez dizunean

inork ez du etxea uzten etxea jarraika izan ezean
oinpean sua
odol beroa sabelean
inoiz ez zenuen halakorik egiterik pentsatu
erre zizun arte labana-ahoak lepoa
mehatxuz
eta orduan ere himnoari eutsi zenion
ahopean
pasaportea aireportuko komunetan negar-zotinka puskatzeak
paper ahokadaka bakoitzak baino ez zuen argi utzi
ez zenuela atzera egingo

ulertu behar duzu
inork ez dituela seme-alabak ontziratzen
ura lurra baino seguruagoa izan ezean
inork ez ditu esku-ahurrak erretzen
trenen azpialdean
bagoipean
inork ez ditu egunak eta gauak ematen kamioi baten urdailean
egunkariak janez, egindako kilometroak
bidaia baino zerbait gehiago izan ezean
inor ez da hesi azpitik arrastaka igarotzen
inork ez du jipoirik
errukirik nahi

inork ez ditu errefuxiatu-eremuak
edo gorputza minberaturik uzten duten
arroparik gabeko miaketak hautatzen
edo espetxea,
seguruagoa delako espetxea
suzko hiri bat baino
eta espetxe-zaindari bat
gauean
hobe delako zure aitaren eiteko
kamioikada bat gizon baino
inork ezingo luke jasan
inork ezingo luke pairatu
inoren larrua ez litzateke hain sendo

zoazte-etxera
beltzak
errefuxiatuak
immigrante zikinak
asilo-eskatzaileak
gure herrialdea xurgatzen ari zaretenak
eskuak kanpoan dituzten beltzak
usain arraroa dute
basatia
beren herrialdeak hondatu eta orain
geureak hondatu nahi dituzte
nola erortzen ote zaizkizue hitzak
begirada zikinak
bizkarrean behera
akaso kolpea leunagoa delako
gorputz-adar erauzi bat baino

edo samurrago direlako hitzak
zure hankartean
hamalau gizon baino
edo errazagoak irensten
irainak
zaborra baino
hezurrak baino
zure haur gorputz
zatikatua baino.
etxera joan nahi dut,
baina etxea marrazo-ahoa da
etxea arma baten kanoia da
eta inork ez luke etxea utziko
etxeak kostaraino jarraitu ezean
etxeak esan ezean
azkartu hankak
utzi atzean arropak
zoaz arrastaka desertuan
igaro ozeanoak
ito zaitez
salbatu
izan gose
ibili eskean
ahaztu harrotasuna
kontuzkoago zaizu bizirautea

inork ez du etxea uzten etxea belarrian ahots izerditu izan artean
esanez:
zoaz,
zoaz orain nigandik urrun
ez dakit zer bihurtu naizen
baina badakit seguruago zaudela
hemen baino beste inon

Jatorrizkoa interneten: http://www.revistafogal.com/2016/03/15/warsan-shire-dos-poemas/

 

Poesia itzultzeaz (I)

Aitor Blanco Leoz

Askotan aipatu izan da poesia dela itzulpengintzak aurki dezakeen erronkarik zailena, eta testu mota itzulgaitzik badago, hura dela guztietan itzulgaitzena. Iritzi hori areagotu egiten da poesia neurtuaren kasuan, izan ere, ukaezina da metroari eta/edo errimari eusteak erabat baldintzatzen duela poema baten itzulpena.

Alabaina, itzultzaileen jardunak betidanik erakutsi digu badirela poesia-itzulpena posibletzat jotzen dutenak, eta gurean asko dira historian zehar poesia euskaratzeari heldu dioten itzultzaileak, Lazarragaren sasi-itzulpenetatik hasita gaur egun arte, jatorrizko hizkuntza edozein delarik ere.

Haietako gutxi batzuek hitz lau edo prosazko itzulpenetara jo izan dute, Bedita Larrakoetxea kasu –Shakespeareren itzulpen horiek xede berezi batekin egin baziren ere–, baina gehien-gehienek poema gisa antolatutako testua baliatu dute jatorrizko poema baten euskarazko ordaina emateko. Itzulbide horri buruz idatzi dutenek, halaber, desadostasun nabaria agertu dute poesia neurtua bertsotan itzultzearen inguruan, eta eztabaida dikotomiko dezente topa dezakegu jarraitu beharreko ildoari dagokionez: xede-testuak neurriduna ala neurrigabea izan behar du? Errimari eutsi behar zaio ala ez? Edukiari ala formari eman behar zaio lehentasuna?

Gauzak horrela, bi hautabide nagusi antzeman ditzakegu poesia neurtua itzultzeko orduan, eta adibide gisa bi itzultzaile garaikideren lan bana ekarri nahi dut jarraian:

Alde batetik, zenbait itzultzailek jatorrizko poemaren edukia hitzez hitz erreproduzitzea erabaki dutela aurki dezakegu, bertso-lerro bidezko egituraketari eutsita baina euskarazko poeman neurria eta errima kontuan hartu gabe. Jokabide hori antzeman daiteke, esaterako, Gerardo Markuletak eginiko poesia-itzulpenetan:

Sonetoa

Ikus daitekeenez, Markuletak sonetoaren itxura estetikoa errespetatzen badu ere, jatorrizko poemaren edukia erreproduzitzeari ematen dio garrantzia, alde batera utzita ahapaldiaren errima gurutzatuak eta, batez ere, hamaika silabako bertso-lerroak. Edukiaren aldeko lehentasun horrek ez dio itzulpenari inolako muga formalik ezartzen, eta esan daiteke edukia bera dela itzultzailearen lana markatzen duen baldintza bakarra.

Bestalde, itzultzaileen beste sektore batek, jatorrizko poemaren edukiari garrantzizko deritzon arren –azken batean, hura izan behar baitute abiapuntu–, poesiaren alderdi estetikoa ezinbestekotzat jotzen du, eta estetika horrek itzulpenean funtzio garrantzitsua bete behar duela defendatzen du. Hala, testu berriaren metroari eta/edo hoskidetasunari lehentasuna ematen diote zenbaitek, Xabi Payá bertsolari eta itzultzaileak adibidez:

Decima

Itzulpen horretan argi ikusten da jatorrizko poemaren egitura –hots, neurria eta errima– gordetzea izan dela Payáren lehentasuna: ahapaldi berdina –décima– darabil xede-testuan, eta horrek jatorrizkoaren efektu estetiko berdina lortzea bilatzeko balio dio. Edukiari dagokionez, esan beharra dago Payák neurri handi batean lortzen duela jatorrizko poemaren edukiari eustea eta, hortaz, zentzu hertsian itzulpen-lana egin duela, eta ez jatorrizko poema baten antzeko sorkuntza berri bat –batzuk arrisku horretan erortzen dira–. Edonola ere, argi dago formak baldintzatu egin duela euskarazko itzulpena, eta itzultzaileak prosazko itzulpen batek eginaraziko ez lizkioken hautuak egin dituela neurriari eta errimari eutsi ahal izateko.

Ondorio moduan, esan daiteke poesia neurtua itzultzeko bi bide nagusi argi eta garbi bereiz daitezkeela. Edukia eta forma lehenesten duten bi itzulbide horiek aldeko eta aurkako argudioak izan ditzakete, baina ezin daiteke esan bata zilegi denik eta bestea ez denik. Gustatu bai, gehiago ala gutxiago gusta dakioke irakurleari, baina hori bakoitzaren iritziaren araberakoa izango da, poesia –eta itzulpena– ulertzeko eta sentitzeko moduaren araberakoa.

Euskararen prosodiaz (II)

José Ignacio Hualde

Artikulu honen lehendabiziko zatian ikusi genuen bezala, Bizkaiko kostaldeko hizkeretan —zentzu zabalean: Getxotik Ondarruraino eta baita Busturialdean ere—, badira hitz azentudunak eta azentugabeak. Plurala azentuduna da beti, eta, aldiz, hitz gehienen singularra eta mugagabea azentugabeak dira deklinabidearen kasu gehienetan; adib. hiru lagúnen etxea (plurala) vs hiru lagunen etxea (mugagabea).  Hona hemen beste adibide pare bat, Getxoko hizkeran: lagunena ‘lagunarena’ vs lagúnena ‘lagunena’. Irudietan ikusten denez, singularrean doinua laua da eta pluralean, aldiz, badago beherakada azkar bat silaba azentudunaren ondoren:

1(1) hori lagunena da ‘hori lagunarena da’ (Getxo)

2(2) hori lagúnena da ‘hori lagunena da’ (Getxo)

Esan bezala, hau honela da hitz gehienekin. Badira, hala ere, beste azentuera bat erakusten duten hitz batzuk: hitz bereziak edo markatuak. Hitz markatuetan erroak azentua darama beti eta singularra eta plurala ez dira bereizten azentuaren bidez. Adibidez, Getxoko hizkera tradizionalean léku hitza markatua da, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hizkera askotan bezala. Hitz markatuak azentudunak dira beti: singularrean, pluralean eta mugagabean. Konpara itzazu hurrengo irudiak: 3. irudian, gure herriko abade da perpausean, hitz guztiak azentugabeak dira berez, eta azentu bakarra perpausaren azken silaban dago (oharra: /p, t, k/ eta beste kontsonante batzuk ahots-korden dardararik gabe ahoskatzen dira eta arrazoi honegatik hutsuneak eragiten dituzte tonuaren kurban irudietan).

3(3) hori gure herriko abade da (Getxo)

Aldiz, 4. irudian ikusten da lékuko hitza azentuduna dela eta tonu beherakada bortitz bat eragiten duela:

4(4) hori gure lékuko abade da (Getxo)

Lekeition gauzak oso antzekoak dira, baina hitz azentudunen azentua hitzaren azken-aurreko silabara mugitzen da (adib. léku, lekúa, lekúko, lekukúa), Azkuek ikusi zuen bezala (Azkuek pentsatzen zuen Lekeitioko azentuera ia-ia orokorra zela euskaraz, baina hau beste kontu bat da):[1]

5

(5) Gure herriko abadia da (Lekeitio)

6

(6) Gure lekúko abadia da (Lekeitio)

Hitz markatuekin singularra eta plurala ez dira bereizten. Adibidez, herri, sagar edo esku hitzak modu desberdinetan  azentuatzen dira singularrean eta pluralean; baina leku hitza ez, markatua baita.

Azentugabetasunaren fenomenoa Bizkaiko parte batean bakarrik aurkitzen bada ere,[2]  Bizkai-Gipuzkoetako beste leku askotan ere singularra/mugagabea eta plurala bereizten dira azentuaz, beti ere hitz markatuen salbuespenarekin. Azentu arauak, hala ere, oso desberdinak izan daitezke hizkera batetik beste batera.

Ikus dezagun Azpeitiko azentu moldea, konparaketarako. Azentu sistema honetan, araurik orokorrena da azentua aitzin-hirugarren silaban kokatzen dela (hau da, hirugarren silaban, hitz-hasieratik kontatuz): alkatíe, izerdíye, alargúne, emakúmie, korrikálaiye, ikarágarriye, mendikúe, aldapákue. Patxi Altuna zenaren garaian, behintzat, guztiz emankorra zen arau hau azpeitieraz eta erdal leku-izenei ere aplikatzen zitzaien: Extremádura, Guadalájara, Txekoslóbakia, Torremólinos (ikus §23). Berezitasun aipagarria da hau, munduko hizkuntzetan oso maiztasun ttikia baitu arau honek. Hizkuntza askotan azentua lehen, azken edo azkenaurreko silaban doa normalean, baina oso oso hizkuntza guttitan hirugarren silaban. Tipologiaren aldetik, ergatibotasuna baino askoz bitxiagoa da Urolaldeko euskal hizkeren azentuera hau.

Azpeitiko arauak beste konplexutasun bat dauka: hitz-prosodikoaren azken silabak ez du azentua onartzen. Beraz, zehazkiago, azentu araua hauxe da: azentua aitzin-hirugarren silaban doa, baldin eta silaba hau hitz prosodikoaren azkena ez bada. Hitzak hiru silaba baditu, azentua bigarren silaban kokatzen da, baina hirugarrenera mugitzen da (edo mugi daiteke) aditz klitiko baten aurrean: lagúne, laguné da; etxíe, etxié da.

Pluralean, azentua atzeratzen da eta ez da mugitzen, hurrengo adibideetan ikusten den bezala:

Azpeitia

Sg Pl Sg Pl
lagúne lagúnek alkatíe alkátiek
laguné da lagúnek die alkatié da alkátiek die
lagunéi lagúnei alkatíei alkátiei
lagunéna lagúnena alkatíena alkátiena
lagunéntzako lagúnentzako alkatíentzako alkátientzako

Garai batean, Azkoitian erro bisilabadunen pluralean azentua hitzaren lehen silaban jartzen zen, lágunek, gízonak. Hau zen bi hizkera hauen arteko desberditasun nabari bat; baina badirudi Azkoitiko belaunaldi berrien hizkeran azentu patroi hau ez dela erabiltzen.

Esan dudana hitz gehienei aplikatzen zaie. Hitz markatuek, aldiz, azentua lehendabiziko edo bigarren silaban dute: báserriye, bílbotarra, éuskerie, éuzkiye, errúkiye.  Hauekin singularra eta plurala ez dira bereizten. Adibidez, bílbotarrai izan daiteke bilbotar bati zein askori.

Azentu arau orokorra oso desberdina da Bizkai-Gipuzkoetako beste eskualde batzuetan, baina singularraren eta mugagabearen vs pluralaren azentueren arteko bereizkuntza eta hitz markatuen kontua antzekoak dira eremu geografiko handi batean (adin batetik gorako hiztunen artean, behintzat).

Antzuolan eta Bergaran, adibidez, arau orokorrez, azentua hirugarren silaban kokatu beharrean,  azken-aurreko silabara mugitzen da hitz gehienekin. Urolaldeko arauarekiko diferentzia hitz luze samarretan ikusten da: lau ésku, eskúa, eskuandáko, eskuandakúa; lau lágun, lagúna, lagunána, lagunandáko; emakumía. Hala ere, pluralean azentua atzeratzen da, beste arau bat aplikatuz: lágunena, lágunendako. Hitz markatuetan azentua lehen edo bigarren silaban dago: áixkoria, líburua, zápatua, dómekia (Azpeitian edo Getxon bezala). Ikus Juan Martin Elexpururen Bergarako hiztegia.

Hitz markatuen zerrenda oso antzekoa da bereizkuntza hau duten hizkera guztietan, Iñaki Gamindek eta biok duela zenbait urte bildu genituen datuen arabera (ikus hemen).

Adibidez, leku gehienetan baso ‘oihan’ markatugabea da eta báso ~ básu  ‘edalontzi’, aldiz, markatua. Hitz markatu asko maileguak dira, batzuk oso zaharrak (liburu, denbora, kipula, aizkora). Beste asko konposatuak dira, zaharrak zein berriak, edo kontrazioren bat jasan dute, nahiz eta hori hain begi-bistakoa ez izan beti (eguzki, egia).

Zuretzat normalean singularra eta plurala bereizten badira azentueraz, zeintzuk dira hitz markatuak hurrengo hitzen artean, singularrean eta pluralean guztiz berdin azentuatzen direnak? (hurrenkera arbitrarioan ipini ditut hi hitzak bikote bakoitzean—beharbada da/dira aditzarekin esan behar duzu ikusteko):

iturri, belarri;  afari, bazkari; beste, este; arbola, alaba; indar, oilar; leku, esku; beste, este; baserritar, txistulari; osaba, lehengusu; sagar, intxaur; egia, gezur.

Azkenik, beste bilakaera diakroniko baten ondorioz, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste herri askotan bereizkuntza beste modu batean egiten da. Oñatin, adibidez, hitz gehienek bigarren silaban daramate azentua (berriz ere, azkena ez bada): adárra baina ádar bat;  abáre, abária; burdíña, burdíñia, etab.; baina hitz markatuek lehendabizikoan: áje, ájia, díru, dírua; dénda, déndia; dénpora, dénporia. Adibideak Kandido Izagirreren hiztegitik hartu ditut. Oñatin singularra eta plurala ez dira bereizten azentueran, baina antzeko sistema bat duten beste hizkera batzuetan bai: gizónai ‘gizonari’vs gízonai ‘gizonei’, etab.

Gipuzkoan aurkitzen ditugun hiru azentu-arau nagusiak hauxek dira, beraz:

[+2, -1] = azentua aitzin-bigarren silaban, baina ez azkenean

[+3, -1] = azentua aitzin-hirugarren silaban, baina ez azkenean

[-2] = azentua azken-bigarren silaban

Hiru azentu-arauek emaitza berdinak ematen dituzte hitz laburrekin. Aldea hitz luzeagoekin bakarrik agertzen zaigu:

[+2, -1] óna gizóna alkátea emákumea gizónantzakoa
[+3, -1] óna gizóna alkatéa emakúmea gizonántzakoa
[-2] óna gizóna alkatéa emakuméa gizonantzakóa

Hiru azentu-sistemek lotura historiko garbia dute eta Bizkaiko kostaldeko doinu-azentu sistemarekin ere lotzen dira diakronian.

Artikulu honetan Bizkai-Gipuzkoetako hizkera batzuen azentueraz aritu gara. Hala ere, beharbada euskal azentu sistemarik konplexuenak Nafarroako zenbait hizkeratan aurkitzen ditugu gaur egun. Horretaz, hurrengoan.

[1] Antzeko azentu-lerratze bat Ondarrun ere aurkitzen dugu. Bizkai-Gipuzkoetako hizkera gehienetan, aldiz, hitz azentudun edo markatuen azentua ez da mugitzen:  léku, lékue, lékuko, lékukue.      

[2] Bizkaiko doinu-azentu sistemaren isoglosak lan honetan saiatu ginen zehazten: Hualde, J.I., G. Elordieta, I. Gaminde & R. Smiljanić. 2002. “From pitch accent to stress accent in Basque”. In: C. Gussenhoven & N. Warner, arg., Laboratory Phonology 7, 547-584.  Berlin: De Gruyter.

Txoritan (1)

Martin Rezola Clemente

(Ingelesez birding / birdwatching eta gaztelaniaz pajarear / pajareo erabiltzen da, euskaraz «txoritan ibiltzea» «txoritara joatea» esan genezakeena adierazteko. Egia da adin batetik gorakoek euskarazko esamoldea errazago lotuko dutela txori-harrapaketarekin, baina, zorionez, garaiak aldatzen ari dira, eta gero eta gehiago zabaltzen ari da bigarren adiera honetan: halaxe darabil, esate baterako, Asier Sarasua Aranberri txorizale nekaezinak.)

Bukaeratik hasiko naiz: bi artikulutan, saiatuko naiz azaltzen hegaztien izendegietan euskaraz dauden hutsuneak, premiak eta eguneratzeko beharrak. Izan ere, uste dut garaia dela UZEIk 2003an egindako bilketa eta estandarizazio-lana berraztertzeko eta, hura gaitzetsi gabe, zientziaren eremu horretan egon diren aldaketak aintzakotzat hartzeko. Ez da apeta hutsa; itzultzaile eta naturazale gisa, sinetsita nago Euskaltermen bitartez eskaintzen den materiala jada «iraungita» dagoela, ez diela gaurko premiei erantzuten, eta beharrezkoa dela horren gaineko gaurkotze-lanari ekitea.

Duela gutxi, Euskal Herrian ornitologiari buruz dagoen fororik aktiboenean honako eskaera hau egin zuen erabiltzaile batek:

Aupa:

Un amigo necesita un listado de aves en Euskara ya que en el listado multilingue de aves de la SEO de 2005 parece que faltan muchos de los nombres que le hacen falta.

Un saludo

Forokideen artean txorizale euskaldunak egon arren, inork ez zion erantzunik eman, nik dakidala. Oso esanguratsua iruditu zitzaidan. Neuk ere ez nuen jakingo zer esan: espezie batzuk euskaraz bataiatu gabe daude; beste batzuek izen bat baino gehiago dituzte (dela Hiztegi Batuak izen berriak proposatu dituelako, dela iturri ezberdinetatik ordain ezberdinak ematen direlako…).

Baten batek pentsa dezake gaztelaniaz ere korapilo bera dagoela, baina ez da hala.

Gaztelaniazko zerrendak

2012an argitaratu zuen SEO Birdlife Espainiako Ornitologia Elkarteak Espainiako hegaztien azken zerrenda[1], non hainbat aldaketa biltzen ziren aurreko zerrendaren aldean (2005ekoa). Aldaketa gehienak ikerketa zientifikoek emandako datu berrietan oinarritzen dira: espezie berriak identifikatzen dira batzuetan, espezie batzuk taxonomikoki beste genero batean sailkatzen dira beste batzuetan (eta, ondorioz, izen zientifikoa ere berria izango dute), eta, azkenik, badira izen arrunt egokiago bat hartzen dutenak, besterik gabe.

Euskarazko zerrendak

Euskaraz dagoen erreferentzia nagusia Euskalterm datu-baseak eskaintzen duena da. Baina Euskaltermek Espainiako 2005eko zerrenda zaharra erabiltzen duenez, gaztelaniaz ematen dituen baliokideak zaharkituta geratu dira kasu askotan. Proba bat egin dut: SEOren zerrendan A letraz hasten diren hegaztiak bilatu ditut Euskaltermen; eta kolorez markaturiko datuak ez ditu zuzen jasotzen (taulan ez da aztertzen euskarazko izenaren egokitasuna; bakarrik gaztelaniazkoarena eta zientifikoarena):

txoriberri3

Euskaltermetik kanpo, beste erreferentzia garrantzitsu bat SEOk berak eskaintzen dituen euskarazko izenak dira (beharbada, Euskaltermek baino zabalkunde handiagoa dutenak, paradoxikoki). Tamalez, SEOren euskarazko zerrendak oinarriko akats batzuk ditu jatorritik beretik, eta Interneten, inertziaren bitartez, akats horiek edonora zabaldu dira nahi gabe (karnava, butzangora, ego-gailupa, ezkal-txinboa, sai zuia…).

BirdLife International eta HBW

Baina nork erabakitzen du zein diren munduan dauden txori-espezieak eta zein den haien izen zientifikoa –eta, bide batez, ingelesezkoa–? BirdLife International izeneko erakundeak, eta bere lana Munduko Hegaztien Eskuliburua deritzonean plazaratzen du: HBW. (Duela gutxi eguneratu dute zerrenda, eta 462 espezie berri ateratzen zaizkie.)

Jakina, etengabeko lana da, ez dago behin betiko bertsiorik. Zergatik da, hortaz, orain une egokia guretzat? Bada, horrexegatik, berriki plazaratu delako munduko hegazti-espezie guztiak biltzen dituen lan ikaragarri mardul hori; gainera, horri segika gaztelaniaz ere zerrendak berritu direlako eta, gainera, gurean, euskaraz,izendegia zaharkituta gelditu delako.

[1] http://www.seo.org/wp-content/uploads/2012/10/Lista_-Aves_Espana_2012.pdf

Polisemia eta konposizionaltasuna

Igone Zabala Unzalu

Euskara normalizazio bidean dagoen hizkuntza dela beti buruan dugularik, zenbaitetan ez zaigu erraz gertatzen “normala” dena eta ez dena bereiztea. Anbiguotasun lexikoa da horren adibide paradigmatikoa. Bat-batean ohartzen gara hitz batek esanahi bat baino gehiago dituela eta egoneza sortzen zaigu, esanahi-aniztasunak komunikazioa oztopa dezakeelakoan. Xabier Aristegietak blog honetan plazaratutako Ondorio artikulua da egonezin horren adibideetako bat. Nolanahi ere, anbiguotasun lexikoa ohiko fenomenoa da hizkuntza naturaletan, eta semantika lexikoaren funtsezko aztergaia, hain zuzen ere.

Anbiguotasun lexikoaren barruan homonimia eta polisemia bereizten dira. Homonimia gertatzen da hitz batek elkarren artean harremanik ez duten zenbait esanahi dituenean, adibidez, banku ‘eserlekua’ vs banku ‘finantza-erakundea’.  Polisemia gertatzen denean, aldiz, hitz batek esanahi bat baino gehiago ditu, baina elkarren arteko harremana dute esanahiok, adibidez, banku ‘finantza-erakundea’, odol-banku eta elikagai-banku. Bereizketa horrek ondorio bat izan ohi du lexikografia-lanetan: homonimoak aparteko sarreretan bereizi ohi dira eta, polisemia-kasuak, edo kasu batzuk behintzat, sarrera beraren azpisarreretan deskribatu ohi dira. Nolanahi ere, hizkuntza-fenomenoetan gertatu ohi den bezala,  anbiguotasun lexikoarena ere eskala kontua da, eta zenbaitetan aipatutako bi fenomenoen arteko bereizketa egitea ez da horren erraza.

Polisemia ez da (edo polisemia kasu guztiak behintzat ez dira) hizkuntzaren normalizazio ezaren seinale. Izan ere, edozein hizkuntza garatzen doanean aurreikusten dena da hiztegi-sarrerak gero eta polisemikoagoak izatea, polisemia eragiten duten faktoreak neurri handian lotuta baitaude hizkuntzaren erabilerarekin berarekin eta erabilera-aniztasunarekin. Hona hemen Escandell-ek zerrendatzen dituen eragileak:[1]

  • Objektu berrien izendapena
  • Jakintza-eremuetan zeharreko espezializazioa
  • Erabilera figuratuak
  • Kalko semantikoak
  • Homonimoen berrinterpretazioa

Hizkuntzalaritzaren lan-ildo klasikoetan hizkuntza baten hiztegia edo lexikoia hitz-esanahi multzo estatikotzat hartu izan da, baina hurbilketa horiek huts egiten dute hitzak testuinguru berrietan erabiltzen direnean egiten den sormenezko erabilera azaltzeko orduan. Hutsune horri erantzun nahian garatu dira semantika lexikoaren bestelako azterbideak, adibidez, erreferentziazkotzat hartu ohi den Pustejovski-ren hiztegi sortzailearen eredua.[2] Eredu horren oinarrietako batzuk dira ondoko hauek:

  • Esanahiak ez dira finkoak eta ez daude zerrendaturik sarrera lexikoetan.
  • Esanahiak testuinguruan “osatzen” dira.
  • Esanahia prozesu dinamikoa da: testuinguruaren araberako esanahiaren “sorrera” edo “aktibazioa”.
  • Esanahia konposizionala da.

Semantikalarien azterbideak eta formalismoak konplexuegiak dira eta, horiek menderatuko banitu ere, ez luke inolako zentzurik foro honetan horietaz aritzeak. Azpimarratu nahi ditudanak dira, besterik gabe, esanahien dinamikotasuna eta faktore pragmatiko eta diskurtsiboek esanahiaren sorrera edo aktibaziorako duten garrantzia. Inolako azalpenik edo testuinguruaren ezagutzarik gabe, edozein euskaldunek interpreta ditzake ondoko hiru esaldietan sarrera eta ondorio hiztegi-elementu polisemikoek “aktibatzen” dituzten esanahiak, hiztegi-sarrera horien konfigurazio semantikoa ezaguna baitugu euskal hiztunok.

(1) Artikuluaren sarrera eta ondorioak berridatzi behar ditut.

(2) Ondorio larriak ekarri dizkit ekitaldirako sarrerak galdu izanak: ordutik haserre dago Maite.

(3) Jendea honantz zetorrela ikusi dugu, eta atera dugun ondorioa izan da sarrera nagusia itxita zegoela.

Hizkuntza-sisteman erabat finkatutako polisemia-kasuak hiztegi-sarrera batzuen konfigurazio semantikoaren ezagutza faltagatik gerta daitezkeenetatik bereizi behar dira, ordea. Adibidez, behin baino gehiagotan suertatu zait ondorioztatu aditzaren erabilera okerrak zuzendu behar izatea. Izan ere, ondorio izen polisemikoak ez bezala, ondorioztatu aditzak esanahi bakarra du: ‘ondorio logikoak atera’. Arazorik gabe uler dezakegu (4) adibidea, testuinguruari esker, baina ez da euskararen sistemaren araberakoa, ”hiztun osoek” partekatzen ez duten esanahi bat aktibatu baitu. Hala ere, erabileraren erabileraz esanahi hori orokortuko balitz, sarrera lexikoaren konfigurazioa aldatu dela eta esanahi berria hizkuntza-sistemaren parte bihurtu dela onartu beharko genuke.

(4) Iruzur fiskalak gizarte-berdintasunik eza *ondorioztatzen

Esanahi berrien aktibazioa hizkuntzaren erabilera orokorretan gertatzen da maiz baina, beste askotan, espezialitate-alor baten barruan gertatzen da. Hiztegi-unitateen balio espezializatuak aktibatzen direla esaten dugu orduan, edo hiztegi-elementua espezializatu dela. Horrelako kasuak dira lan eta indar izenen Fisika alorreko espezializazioa edota foro honetan aspaldian azaldu nuen aldaki izenarena. Orduan, esanahi espezializatu berria espezialitate-alorreko diskutso-komunitateko kideek partekatuko dute, eta ez seguruenik hizkuntza-komunitateko hiztun guztiek.

Bestalde, hizkuntza-mendekotasunaren ondorio bat izan ohi da hizkuntza menderatzaileen hiztegi-elementuen konfigurazio semantikoa kalkatzea, baina kalkatze hori gatazkan sar daiteke hizkuntza hartzailearen konposizio-sistemarekin. Adibidez, ohikoa da euskara informalean e-mail hiztegi-elementua mailegatzea horrek dituen hiru adieretarako (5) eta, euskarazko ordaina eman nahi denean, hiru adiera horietarako forma bakarra (posta elektroniko) erabiltzea, ingelesezko hiztegi-sarreraren polisemia kalkatuz. Baina euskarazko elementu lexikoaren gardentasunak eskatzen digu hiru adiera horietarako izen desberdinak erabiltzea (posta, mezu, helbide):

(5)
a. {e-mailez / posta elektronikoz} bidaliko dizut informazioa.
b. {e-mail /#posta elektroniko / mezu elektroniko } bat bidaliko dizut.
c. Emango didazu zure {e-maila/#posta elektronikoa / helbide elektronikoa}?

Bukatzeko, baditugu askoz ere konplexuagoak diren kasuak, hala nola, elkarren arteko harreman estua duten hiztegi-elementuen konfigurazio semantikoen gainezarpena. Adibidez, eskatu aditzetik eratorritako eskaera, eskari, eskakizun, eske eta eskabide hiztegi-elementuen adierak hiztegietan eta corpusetan aztertzen baditugu, oinarrizko hiru adiera aurkituko ditugu: i) zerbait eskatzearen ekintza, ii) eskatzen dena eta iii) zerbait eskatzeko erabiltzen den idatzia edo diskurtso-jarduna. Hiztegi eta corpusetan kontsultak eginez eta lehen hurbilketa batean, ematen du hiru adieretarako erabiltzen direla sarrera horiek guztiak. Nolanahi ere, bereizteko joera batzuk ere ikus daitezke, nire iritziz hitzen egiturarekin zerikusia dutenak. Izan ere, –kizun eta bide morfemek esanahi jakin batzuetara garamatza. Hain zuzen ere eskabide eta eskakizun sarreretan ñabardura batzuk ikus daitezke Euskaltzaindiaren Hiztegian.

  • Orokorrenak eta, beraz, polisemikoenak, eskaera eta eskari direla esango nuke, hiru adieretarako erabiltzen baitira.

(6)
i. Debekua mantentzeko {eskaera / eskaria} egin zuen.
ii. {Eskaera / Eskari} eta galdera zerrenda paperean idatzita eraman.
iii. {Eskaera / Eskaria}  erregistroan aurkeztu behar da.

  • Eske ekintza edo idatzia adierazteko erabiltzen da eta ez ii adierarako.

(7)
i. Gutunean alkateari eske sutsua egiten zaio.
iii. Auzi-eskea aurkeztu dute epaitegian.

  • Eskabide ii eta iii adieretarako erabiltzen da, baina esan daiteke iii adierarako espezializatzen ari dela. Euskaltzaindiaren Hiztegian erreferentzia egiten zaio espezializazio horri.

(8)
ii. Ongi iruditu zitzaien eskabidea legebiltzarkideei.
iii. Eskutitzak eta eskabideak geldiaraztearekin konformatu ziren.

  • Eskakizun ii adierarako erabiltzen da bereziki, baina ‘eskatzen dena’ modura definitu dugun adiera horretan hainbat ñabardura egin daitezke:

– Norbanako edo talde batek oro har lortu nahi dituenak adierazteko, eskakizun erabili ohi da.

(9) Langileen aldarrikapen eta eskakizunak

– Norbanako edo erakunde bati zehazki eskatu zaiona adierazteko, aldiz, eskaera edo eskaria.

(10) Azterketa atzeratzeko {eskaera / eskaria} onartu diet ikasleei.

– Zerbait lortzeko eskatzen dena edo zeregin batek eskatzen duena adierazteko, eskakizun erabili ohi da.

(11) Lanpostuaren baldintza edo eskakizun orokorrak

– Merkatu batek eskatzen duen produktu, ondasun edo baliabideen kantitatea adierazteko, eskari erabili ohi da.

(12) Altzairuaren eskaintza eskaria baino hogeita hamar aldiz handiagoa da.

– Merkatu batek eskatzen duen produktu, ondasun edo baliabideen kantitatea adierazteko, eskari erabili ohi da. Ekonomia alorreko adiera espezializatutzat har daiteke hau, eta hala islatzen da hiztegietan.

(13) Altzairuaren eskaintza eskaria baino hogeita hamar aldiz handiagoa da.

– Saltzaile edo hornitzaile bati erosteko eskatzen zaiona adierazteko ere, eskari nagusitzen dela esango nuke.

(14) Eskaria webgunearen bidez helarazten diet eta erosketak etxera ekartzen dizkidate.

Nire intuizioak hiztegi eta corpusetan aurkitutako informazioarekin kontrastatzen saiatu naiz, baina oso sare korapilatsua osatzen dute aztertutako hiztegi-sarreren konfigurazio semantikoek. Azkenean beldur naiz ez ote duzuen erabateko desadostasuna izango egindako bereizketekin. Edozein argibide ongi etorria izango da.

_________________

[1] ESCANDELL, Victoria (2007) Apuntes de semántica léxica. Madrid: Universidad Nacional de Educación a Distancia.

[2] PUSTEJOVSKY, James (1995) The Gererative Lexicon. Cambridge: The MIT Press.

Connie Fiferen bi poema

Aiora Jaka Irizar

Badira zenbait hilabete Kanada iparraldeko hizkuntza eta literatura indigenen inguruan idazten dudala. Kanadako jatorrizko herriek bizirik irauteko eta beren hizkuntza eta kultura mantentzeko dituzten zailtasunez aritu izan naiz batez ere, nahiz eta tamalez etorkizunari buruzko ikuspegi nahiko ezkorra eman dudan gehienetan. Gaurkoan, emakume cri baten poema pare bat dakarkizuet. Uste dut oso modu argi, zehatz eta ederrean erakusten dituela cri herriak jasan dituen eta jasaten dituen zapalkuntza, umiliazio eta erasoak.

Connie Fife Kanadako Saskatchewan probintzian jaio zen. Bost bat urte zituela, ministro anglikano baten familiak adoptatu zuen, eta, hamar urterekin, Ingalaterrara eta Fiji uharteetara joan zen bizitzera. Eliza anglikanoaren hezkuntza jaso zuen. Hemezortzi urterekin itzuli zen Kanadara, eta, geroztik, idazketan eta emakume indigenen aldeko borrokan murgilduta ibili da. Gaur egun Vancouverren bizi da, bere semearekin. Interesgarria da berak argitaratutako The Colour of Resistance antologiaren sarreran hizkuntza eta literatura indigenei buruz esaten duena:

Ahozkoa nahiz irudizkoa izan, literatura indigena beti existitu izan da Ameriketan. Gu geure jatorrietatik bereizteko eginahalak eginahal, gure oroimen kolektiboak bere horretan dirau. Europar idazleek, edozein izanik ere autoreak nahiz beren idazketa-gaitasunak, ez dute inolaz ere lortu gure hitzen atzeko funtsa adieraztea; ez dute lortu guk hizkuntzan aurkitzen dugun bizitza paperera eramatea. Hauxe da gure borroka, idazle natibo garen heinean, bizitza ematea zer den berez dakigun emakume garen heinean: batzuetan bizigabea den hizkuntza bat bizitzara ekartzea.

Hona hemen, bada, euskaratu ditudan Connie Fiferen bi poemak:

Komunikazio-klasea

zuen hezkuntza-sisteman ikasteari uzten badiot
ez ezazue pentsa
lurrazaletik desagertu eta
beste galera estatistiko bat baizik ez naizenik.
ekintza horrek lotsarazi egingo zaituzte eta
ondotxo dakit nik zer sentitzen den
lotsagorritzen harrapatzen zaituztenean.
bihar, berriro ere, zuen eskola horietako batean
erdi lo aurkitzen ez banauzue
ez ezazue uste kontsulta-liburutegi batean
desagertu naizenik
apaletako paper orrien artean…
irudika nazazue aitzitik guztiz esna goizaldeko 3retan
lauki zuri hutsen gainera tinta botatzen
zuen hizkuntzaz
aldaketarako formula unibertsal bat sortzen.

Ronnie, inoiz ez zinatelako esan zergatik

hogeita zortzi urte ditun
entzutea
ulertzea den
adin bat
baina gau ilun
honetan arrazismoaren
atzaparretan
kateatuta hago
kondenatu hauen sistema
judizialak aretoak
utzi eta kanpora
ateratzen baititu bere
ziega txiki barrotedunak
gizon zuriak txakur gosetien
gisan usnan dabiltzan kaleetara

errudunik aurkitu ez eta
gelditutako
errugabearekin
konformatzen ditun
haien ikerketaz
galdetzen dun
eta
guretzat gordetako
begiratu berezi horiek
jasotzen ditun soilik
oraindik ere borrokatzen ari direla
uste duten mendebaldeko
gerra inoiz galdu ez genuela
sinesten dugunontzat gordetako soak
guztiz suntsitzen ez gaituzten artean
gutako inor ez zagon
susmoz kanpo

oraingoan hi
eraman haute
polizia-etxera eta
altzairuzko oztopoen atzean
giltzaperatu biharamun
goizean askatu hautenean
zilegi zain azkenik
hire krimena ezagutzea
beltzarana indiarra lesbiana emakumea
izatearen errudun haiz
kriminala haiz
izatez zeren
ez baitun
hire erruan sinesten
haiek bezala
ez baitun aitorpenik sinatuko
aitzitik zin egingo
borrokatuko haizela hire isiltasuna
eta balizko heriotza
desiratzen dituen sistema
baten kontra nahiz eta
utziko dinaten garrasi egiten
baldin eta hiltzen bahaiz

ausartzen haiz zementu hotzezko
espaloietan barrena ibiltzen
bakarrik gau sakonean
amona-aitonek
utzi zinaten
kontinente honetan edonon
egoteko eskubidea
dunalako uste osoan
are okerrago
edonon eta edonoiz
ibiltzen haiz

hire azala ez dun zuria
eta harro
hagoela dion
indiarra izateaz
are harroago
emakumeekiko hire maitasunaz
eta beraz eguzkirantz jasota
daraman beti burua
bizkarra zuzen
lege ororen aurka
begirik jaitsi gabe
jende zuriaren
behakoen aurrean
kikilduta geratu gabe
litxar eta alkoholikoen
mozkorraldietarako zoko ilunetan

bi eraso eta
lapurreta bat
leporatu dizkinate
baina lehenik
polizia-autoaren aurka
jaurti haute
eskuburdinez lotuta
duintasuna lapurtu
nahi dinatenean ere
berriz dion
borrokatuko
haizela

Iturriak:

Armstrong, Jeannette C. & Grauer, Lally (arg.) (2001). Native Poetry in Canada – A Contemporary Anthology, Peterborough: Broadview Press.

Moses, Daniel David & Goldie, Terry (arg.) (2005). An Anthology of Canadian Native Literature in English, Don Mills: Oxford University Press.

Beldurra

Alfontso Mujika

(Gaurkoan, alde batera utzi ditut blog honetara ekarri ohi ditudan gai lehorrak, txikikeriei punta atera nahian ibiltze hori une batez bazterrean utzita.)

Bi urte. Laster bi urte beteko dira biriketako minbizi traidore batek betiko ostu zidala lankide lagun bat. Hil honetan, 57 beteko zituen.

Raymond Carver idazle estatubatuarra (1938-1988). Ipuinlari bikaina, eta poeta. Hura ere, betiko eraman zuen biriketako minbizi traidore batek. Harena da poema hau:

Beldurra

Beldurra polizia-auto bat etxe aurrean gelditzen ikusteari.
Beldurra gauean lo gelditzeari.
Beldurra lo ez geldit
zeari.
Beldurra iragana itzultzeari.
Beldurra orainak alde egiteari.
Beldurra gau hilaren isiltasunean jotzen duen telefonoari.
Beldurra ekaitz elektrikoei.
Beldurra masailean orban bat duen emakume garbitzaileari!
Beldurra txakurrei, hozka egiten ez dutela esan didaten horiei.
Beldurra antsietateari.
Beldurra hildako lagun baten gorpua identifikatu beharra izateari.
Beldurra dirurik gabe gelditzeari.
Beldurra gehiegi izateari, jendeak hau sinestuko ez badu ere.
Beldurra profil psikologikoei.
Beldurra berandu iristeari eta beldurra edonor baino lehen iristeari.
Beldurra nire seme-alaben idazkera gutun-azaletan ikusteari.
Beldurra haiek ni baino lehen hiltzeari, eta ni errudun sentitzeari.
Beldurra nire amarekin bizi behar izateari haren zahardadean, eta nirean.
Beldurra nahasmenduari.
Beldurra egun hau ukitu triste batekin bukatzeari.
Beldurra esnatu eta joan zarela konturatzeari.
Beldurra ez maitatzeari eta beldurra nahikoa ez maitatzeari.
Beldurra maitatzen dudana nik maite ditudanentzat hilgarri gertatzeari.
Beldurra heriotzari.
Beldurra luzeegi bizitzeari.
Beldurra heriotzari.

Hori jada esana dut.

* * * * *

Fear

Fear of seeing a police car pull into the drive.
Fear of falling asleep at night.
Fear of not falling asleep.
Fear of the past rising up.
Fear of the present taking flight.
Fear of the telephone that rings in the dead of night.
Fear of electrical storms.
Fear of the cleaning woman who has a spot on her cheek!
Fear of dogs I’ve been told won’t bite.
Fear of anxiety!
Fear of having to identify the body of a dead friend.
Fear of running out of money.
Fear of having too much, though people will not believe this.
Fear of psychological profiles.
Fear of being late and fear of arriving before anyone else.
Fear of my children’s handwriting on envelopes.
Fear they’ll die before I do, and I’ll feel guilty.
Fear of having to live with my mother in her old age, and mine.
Fear of confusion.
Fear this day will end on an unhappy note.
Fear of waking up to find you gone.
Fear of not loving and fear of not loving enough.
Fear that what I love will prove lethal to those I love.
Fear of death.
Fear of living too long.
Fear of death.

I’ve said that.

Kontronimoak

Garikoitz Knörr

Duela hilabete inguru, Xabier Mendigurenek (@xme64) honako txio hau bota zuen:

Handik pare bat astera, berriz, beste hau txiokatu zuen:

Itxuraz elkarrekiko loturarik ez duten tweet horiek, harrigarria dirudien arren, fenomeno berbera dute oinarri[1]: kontronimia (edo antagonimia, edo autoantonimia, edo…). Alegia, hitz bat bere antonimoa izatea, edo, bestela esan, hitz batek elkarren kontrakoak diren bi esanahi izatea.

Ingelesez, asko dira halako hitzez aritzeko erabiltzen diren terminoak, hala nola antagonyms, contronyms/contranyms, auto-antonyms/autantonyms, Janus words, enantiodromes, antilogies edo addad (arabierazko didd ‘aurkako, kontrako’ hitzaren plurala). Fenomenoari berari, berriz, enantiosemy, enantionymy edo antilogy esaten zaio, besteak beste.

Euskaraz, nik dakidanez behintzat, ez da honi buruzko azterketa sakonik egin. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, badirudi aspalditik izan dela azterketagai, Erdi Aroaz geroztik behintzat bai. Arabieraz, adibidez, ikerketa moderno batzuek hogei bat kasu baino zerrendatzen ez dituzten arren, filologo tradizionalek laurehundik gora adibide biltzen omen dituzte, artikulu honen arabera.

Gatozen orain adibideetara. Orotariko Euskal Hiztegian hau ageri zaigu izugarri sarreran: «Terrible[2], que infunde pavor; horrible, terriblemente desagradable, feo, etc.; asombroso, enorme, increíble, impresionante». Horrekin lotura handia du ingelesezko awfuli buruzko anekdota ezagun batek: Ingalaterrako Karlos II.ak katedral eraiki berri bat ikusi, eta «amusing, awful and artificial»tzat deskribatu omen zuen. Gaur egun deigarria gertatzen da berez laudoriozkoa zen esaldi hura; izan ere, awful izenondoak esanahi —batik bat— negatiboa du orain ingelesez (hirugarren adieran, ‘txundigarri’ ere badakar Morris Hiztegiak, Lit. oharrarekin), baina garai hartan zentzu positiboa zuen, edo izan ohi bide zuen; gaur egun awesome hitzak betetzen du funtzio hori.

Euskarara itzuliz, berriro ere Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, saretu sarrerak ongi erakusten du kontronimo batez ari garela:

saretu […]

  1. “Abrirse o deshilarse el paño, de tal modo que sea difícil el zurcir” […] “Gastarse y agujerearse una ropa. […] volverse transparente una tela por desgaste” […] “Izara orrek ziero saretuta dare eta botatzia onena” […]
  2. […] Zurcir. “Repriser, rentraire (linge, vêtements)” […] galtzerdi saretzen ari zen. […]

Bestalde, sareturi buruzko txioa irakurri, eta berehala etorri zitzaidan burura lumatu aditza, ‘lumaz estaltzea’ zein ‘lumak kentzea’ adieraz baitezake. Horra beste kontronimo bat, beraz:

lumatu […]

  1. Emplumecer, cubrirse de plumas. […] “Gazte helduak eta xori lumatu denak hegaldatzea maite” […] “Vestirse de plumas la nidada” […] Egaztirik txikienak bere ego biak osorik ta ondo lumaturik baditu. […] Zu oraindik lumatu gabeko txorikume, kabitik irten gabia zera. […] Xoriñoak lumaturik ohantzearen uztera doazi. […] Siñestearen azkurriz Elizaren kabian lumatuz egalak egiten bazitzazkien. […] Narru gorrian dagoan txoria, artean lumatu bakoa. […] Txantxangorria ondo lumatu zanean, esan nion osabari laster alde egingo zuala. […]
  2. […] Desplumar. Ill, lumatu ta gardostu ezkero ollaarra. […] Beriala lumatzea ollaskoak. […] Ollagorra lumatu, eta tripak atera gabe, ipintzen da burruntzian.

Hala ere, ohar bedi ezen lumatuk, ‘lumaz estali’ adieraziko badu, iragangaitza izan behar duela («txoria lumatu da»), eta alderantziz: iragankorra denean, ‘lumak kendu’ esan nahi du («oiloa lumatu du»). Eta orobat gertatzen da sareturekin.

Agur ere kontronimotzat jo litekeela esango nuke, ‘kaixo’ eta ‘adio’ esanahiak biltzen baititu. Eta, agurtu aurretik, irakurle, hona galdera bat: hemen aipatu ditudan lau horiez gain (saretu, izugarri, lumatu, agur), ezagutzen duzu edo bururatzen zaizu euskarazko beste kontronimorik?

____________

[1]      Gainera, bizpahiru blogetan ikusi dut gaia azken bi hilabetean-edo, eta horregatik ere deitu zidaten atentzioa Mendigurenen bi txioek.

[2]      Neronek ere sartu nuen, gaztelaniaz, «terrible» faltsu bat elkarrizketa honetan, 00:14:30 minutuan: http://www.eitb.eus/es/radio/radio-vitoria/programas/aventureros/audios/detalle/3780766/impresiones-vitoriano-jordania–radio-vitoria/