Baloreen balioa edo nola kudeatu erredundantzia hizkuntzaren garapenari begira

Igone Zabala Unzalu

Denok dakigun bezala, euskararen estandarizazio prozesuaren une honetan, protagonismo berezia du hiztegiaren estandarizazioak. Euskal hiztegiaren estandarizazioaren erreferentzia-ardatza den Hiztegi Batua (HB) garapenean dagoen bukatu gabeko baliabide lexikografikoa da. Hori dela eta, ez da harritzekoa erabiltzaileok HBn hartutako erabaki batetik abiatuta zenbait ondorio atera eta praktikan jartzea, kodifikatu gabe dauden hurbileko hitz edo adiera batzuk erabiltzerakoan. Zenbaitetan, ordea, gure aurreikuspenek talka egiten dute Euskaltzaindiak geroago hartutako beste erabaki batekin. Horrelako zerbait gertatu zait niri balore eta balio hiztegi-sarrerekin.

HBn ondoko informazio hau ageri da hizpide ditugun bi sarreretan:

balore 1 iz. Lgart. h. adore; kemen
balore
2 iz. Ekon. balore-burtsa.
balio
     baliozko

Bestalde, balio izenarekin lotutako beste sarrera batzuk ageri dira HBn: balioaniztun, baliodun, balioetsi, baliogabe, baliogabetu, balio izan, baliokide, baliokidetasun, baliokidetu, baliokidetza, baliokidetze, guztien oinarrian dagoen balio izenaren esanahia sendotzen laguntzen digutenak.

HBn balio eta balore sarreretan ageri den informazioak eraman ninduen ulertzera, batetik, aldagaiaren balioa eta ez #aldagaiaren balorea zela estandarrerako araua eta, bestetik, balio handiko pertsonabalore handiko pertsona = pertsona kementsua bereizketa sustatu nahi zela HBn. Bestalde, nire intuizio linguistikoak eraman ninduen pentsatzera Ekonomian burtsako baloreak terminoa jasotzen zen bezala, ulertu behar zela balore etiko, balore demokratiko edota balore unibertsal bezalako konbinazioak, jasota ez egonagatik ere, estandarrak zirela. Izan ere, begi-bistakoa zen niretzat diskurtso-egoera jakin batean bi esanahi bereizteko beharra, edo nahia behintzat, izan genezakeela. Esate baterako, Berdintasuna balio handiko balore unibertsala da moduko esaldi bat erraz asko aurki genezake diskurtsoan. Gainera, hiztegiren batean ere, Elhuyarren 1996ko argitalpenetan, esate baterako, ikusita nituen era horretako adibideak eta definizioak balore sarreran.

Nire harridurarako, ordea, nik balore hitzaren bidez adieraziko nukeen esanahia balio sarreraren laugarren adieran aurkitu nuen Euskaltzaindiaren Hiztegian (EH), eta beste hiztegi batzuetan, adibidez, Sarasolaren Euskal Hiztegian, Zehazki hiztegian eta Elhuyarren hiztegien 2000 urtetik aurreragoko argitaraldietan.

balio 1 iz. Zerbait edo norbait aintzat hartzekoa egiten duen ezaugarria edo ezaugarri multzoa. Balio handiko, txikiko, urriko gauzak…
2. iz. (dirutan-edo neurtzen denean). Ik. prezio. Ondasun, salgai baten balioa
3. iz. (neur daitekeen tasun batez mintzatuz). Balio absolutua, erlatiboa. Batez besteko balioa…
4. iz. Pertsona batentzat edo gizarte batentzat baliotsua edo garrantzitsua den gauza, ideia edo jarrera. … Gizarteak galduak dituen balio asko ditugu, familiaren ingurukoak batez ere.

balore iz. (Lgart.) Adorea, kemena.

Aurkikuntza horrek sortu zidan egoneza lasaitu nahian, Orotariko Euskal Hiztegira (OEH) jo nuen, eta bai balio eta bai balore sarreretan aurkitu nituen goian eman dudan adibidean ageri diren bi esanahiak, alegia, EHn 1. eta 4. adierekin lotutako esanahiak: “Valor, precio (de una cosa); valor, valía (de una persona)” eta “Valor, cosa (idea, actitud, etc.) considerada valiosa, importante”.

Testuetako erabilerak aztertzea erabaki nuen orduan. Corpusetara jo eta bietariko adibideak aurkitu nituen bai balio eta bai balore lemetarako. Adibide bana emango dut Web-corpusen ataritik aterata:

1. ADIERA:

  • Irudiak erakusten duenez, modulu horrek balio maximo bat atzematen du eta ondoren gutxitu eta handitu egiten da txandaka.
  • Kasu gehienetan z-ren balioa 0,15-0,35 tartean egoten da. Balore zehatza bizidun-motaren eta habitataren araberakoa izaten da

4. ADIERA:

  • Aro honetan aldaketa afektibo sakonak, gizarte-harremanenak eta balioenak gertatzen dira, motoa beraientzat garraiobidea baino gehiago da eta ez dira abiaduraren beldur.
  • Elkartasuna askoz ere emankorragoa da materialak ez diren baloreak direnean orekaren helburua.

Bigarren adibidean ikus daitekeen bezala, egile eta testu desberdinetan ez ezik, testu bakar baten barruan ere ikus ditzakegu bi lemen arteko zalantzak. Horren adibide ona iruditu zitzaidan Eneko Barberenak duela aste pare bat erabili.com-en idatzitako “Hizkuntzaren balioez” artikuluan irakurri nuen paragrafo hau:

…azpi-mailatua den hizkuntza batean ez ei da komeni hizkuntza balio batzuei hertsiki lotzea, hori azpi-mailatua dena gehiago azpi-mailatzea litzatekeelako. Hizkuntza “handiek” ez ei dute balore atxekiturik, balore ezberdindun pertsona askoren topaleku dira hizkuntzok. Horrenbestez, hizkuntza feminismoari, anti-kapitasmoari edota AHTren aurkako borrokari (berdin erlijio katolikoari, “legezarrari” edo moral jakin bati) lotzea arriskutsua da hizkuntzarentzat, at uzten duzun biztanle kopuruagatik (balio horiekin bat egiten ez dutenak) eta bestetik balio horiek gehiegi lehenetsiz gero, izan litekeelako hizkuntza bigarren plano batean geratzen joatea progresiboki.

OEHko eta corpusetako informazioak erakusten digute hizpide ditugun bi izen horiek nonbait erredundanteak (izan) direla aztertzen ari garen bi adieretarako: zenbait adieratarako polisemia bera partekatzen duten sinonimoak (izan) dira erabilera oro har kontuan hartzen badugu. Pentsa liteke, beraz, erredundantzia murriztea izan dela Euskaltzaindiaren helburua polisemia balio izenera mugatu eta balore sarrera esanahiez hustu duenean. Nolanahi ere, nire iritziz, aberasgarriagoa zatekeen euskara baturako erabileran ikus daitekeen bestelako joera bereizleago bati erreparatzea.

Izan ere, hizkuntzen joera naturala da erredundanteak diren baliabideei balio semantiko-pragmatiko bereiziak ematen joatea. Ildo horretatik, Web-corpusen atarian, erabilera asistematikoa erakusten duten adibideak ez ezik, badira baita balore eta balio lemen arteko bereizketa semantikoa agerian uzten duten adibideak ere.

  • Horrelako gaiekin hemen lotsatiagoak gara, zenbait balorek balio handiagoa dute, gutxienez kanpora begira.
  • Ama-hizkuntzaren irakaskuntza berez da balore garrantzitsua, balio linguistikoaz gain, norberaren adimenaren garapenerako ere, baita familiarekin eta etorkinen komunitateekin loturak mantentzeko ere.
  • Ildo honetan diharduen komunitatearen helburua osasuna balio handiko balore gisa sustatzea da, bere inguruko ongizate fisiko eta psikikorako osasungarriak diren bizimodu eta ohiturak sustatuz.
  • Lerdoak baino ez ditu gauzen balioa eta baloreak nahasten.

EHrako aukeratutako kodifikazio modua hizkuntzaren garapenari begira atzerakoitzat joko nuke nik, zeren eta, euskarari diskurtsoaren eraikuntzarako jokoa ematen dion bereizketari lagundu beharrean, balio sarreraren polisemiari eutsi eta bi hiztegi-sarrera izateak ahalbidetzen dituen bereizketa semantiko-pragmatiko aberasgarriak oztopatzen baititu.

Aldaerak eta aldakiak

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntzaz ari garenean, aldatu aditzaren eratorri ugari erabiltzen ditugu. Hizkuntzak denboran zehar aldatu egiten direla esaten dugu eta, beraz, hizkuntza-aldaketaz hitz egiten dugu. Iñaki Caminoren[1] hitzak hona ekarriz, «esan ohi da, gainera, hizkuntza batek aldaketak jasatea, eguneroko bere ohiko eginkizunak asetzearen ondorioa baizik ez dela; aldaketarik eza, hizkuntza bat itzaltzeko bidean den adierazgarri izan ohi da gehienetan».

Halaber, hizkuntzaren erabileraz ari garenean, hizkuntza homogeneoa ez dela esaten dugu: hiztunez hiztun, hiztunen jatorri geografikoaren eta sozialaren arabera, eta komunikazio-egoeretara egokitzeko aldatzen dugu hizkuntzaren erabilera, alegia, hizkuntza-baliabide batzuk edo beste batzuk aukeratzen ditugu. Hori dela eta, hizkuntzaren aldakortasuna soziolinguisten eta, oro har, hizkuntzalarien interesa biziki erakartzen duen fenomenoa da. Gramatika- edo hiztegi-baliabide batzuen erabilera-maiztasuna aldatu egiten da eremu geografikoen, gizarte-taldeen edota komunikazio-egoeren arabera. Abstrakzioa eginez, edota aldagai anitzeko analisi estatistikoak eginez, aldaera dialektalez eta aldaera funtzionalez hitz egin dezakegu edo, beste termino batzuk erabiliz, hizkuntza baten hizkerez, dialektoez eta erregistroez. Hizkuntza-unitate batek dituen askotariko gauzatzeetako bakoitzari, aldaki esaten diogu, eta aldaki ortografiko, fonetiko-fonologiko edota morfologikoez hitz egiten dugu. Terminologiaz ari garenean, adibidez, terminoen bi alderdiak, alegia, forma eta esanahia aldakorrak direnez, termino bakar baten forma-aldakiak eta kontzeptu-aldakiak bereizten ditugu.

Bistan da goiko bi paragrafo horietan nire eta nire inguruko batzuen erabilera laburbiltzen saiatu naizela baina, euskararen komunitate osoa kontuan hartzen badugu, auzia zirriborratu dudana baino askoz ere korapilatsuagoa dela. Izan ere, aldaera eta aldaki izenen erabilera antzemateko corpusetara jotzen badugu, deskribatu dudan erabilerarekin bat datozen adibideak aurki ditzakegu bai, baina baita banaketa horrekin bat ez datozen adibide ugari ere. Adibide bakan batzuk atera ditut ETC corpusetik eta Web-corpusen ataritik. Espero izatekoa denez, hemen jorratzen ari naizen gaitik urruntzen diren adibide ugari daude, adibidez, biologiarekin, administrazioarekin edota askotariko gai orokorrekin zerikusia dutenak. Horiek ez ditut kontuan hartuko, gehiegi luzatzeko arriskua saihesteagatik.

Zirriborratutako erabilerarekin bat datozen zenbait adibide eskainiko ditut lehenengoz:

  • Horiek guztiek, normalean, kontaktu zuzena izan dute hizkuntzaren aldaera jaso, formal, idatziarekin. Eta kontaktu hori, hamarretik bederatzietan, euskara batuaren bidez edo euskara batua kontuan hartuz gertatu da.
  • -te euskal morfoa, zenbait adizki pertsonaletan pluraltasuna markatzen duena eta ia ziur txistukari ahoskabeen ondorengo -de pluralaren –te aldakiaren hedapena dena, aditzetan hirugarren objektu plurala markatzen duen -ten atzizki berberearekin konparatzen du.
  • Ñabardurak, esakuneak, lokuzioak, sinonimoak zein aldakiak, horiek guztiak euskararen osasunaren adierazgarri badira, hemendik aurrera baliabide bat gehiago daukagu guztiok.

Aipatu erabilerarekin bat ez datozenak emango ditut ondoren:

  • Aldaketa diakroniko guztiak aldakortasun sinkroniko gisa hasten dira, dialekto batek aldaki edo erregistro estilistikoak baldin baditu, esaterako.
  • Grafian egon daitezkeen aldaerak ere hartu ditu kontuan (etxe, etche, adibidez).
  • Lehenik ikusi behar da ea ezaugarri edo aldaera bat dialekto jakin batean nahitaezkoa den ala ez: dialekto horretan beste aldaera zentzukiderik erabiltzen ez bada, baitezpada erabiltzekoa da.

Ingelesez eta gaztelaniaz, guk aldaera esaten diogun kontzepturako nagusiki variety / variedad erabiltzen dela esango nuke,  baina zenbaitetan  variant / variante ere ikus daiteke testuetan. Guk aldaki esan diogunerako, aldiz, sistematikoki variant / variante erabiltzen dela esango nuke. Azpimarratu beharrekoa da euskarazko corpusetan aurkitu ditudan adibideetan asistematikotasun handiagoa antzeman daitekeela gaztelaniaz eta ingelesez baino, bi terminoak (aldaera eta aldaki) azaltzen baitira kontzeptu biei lotuta. Esanahi konposizionala kontuan hartuta, bi hitz horien harmonizazioari nolabaiteko ekarpena egin nahi bagenio, logikoena litzateke aldaera hitza ‘aldatzeko moduarekin’ lotzea, morfologia hori duten hitzen antzera (pentsaera, ikuskera, idazkera, portaera, jokaera, janzkera, ibilera, egoera…) eta, hizkuntzalaritzaren alorrean, variety / variedad  horren ordaintzat hartzea. Aldaki, aldiz, ‘aldatzen den edo besteetatik bereizten den unitatea’ (variant / variante) izatea litzateke logikoena, atzizki bera duten hitzen antzera (inprimaki, zatiki, hizki, gizaki, liburuki, euskalki).  Baina bide horretatik al doaz euskal hiztegiak?

Hasteko, Orotariko Euskal Hiztegian aldaki sarrerak bi azpisarrera ditu: 1 Variante. 2 Copia. Ejemplar de una publicación. Hiztegi berean, aldaera sarrerak sei azpisarrera ditu: 1 Cambio. 2 Traslado. 3 Modo de mutación 4 Ajuar. 5 Variante 6 (Aldeera) Momento de marcharse. Bi sarreretan ageri da, beraz, variante ordaina, baina batean ere ez variedad ordaina. Orotariko Euskal Hiztegian islatzen den aldaera hitzaren polisemia handia bat dator bi sarrerek corpusetan ematen dituzten agerraldi kopuruekin: ETC corpusa (aldaki 214; aldaera 6.424); Web-corpusen ataria (aldaki 828; aldaera 5.609).

Harrigarria bada ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da jaso aldaki izenaren lehen adiera, eta aldaera sarreraren barruan definitu dira variedad / variety eta variante / variant izenen esanahiak:

aldaki iz. Kopia. Eskutitzaren aldaki bat bidali. Salmenta agiriaren hiru aldaki egin ziren.

Aldaera 1 iz. Aldatzea, aldaketa. Toki aldaera

2 iz. Oinarritzat edo eredutzat hartzen denarekiko desberdintasunen bat duen beste era bat. Hitz baten, bertso baten aldaerak. Barri, berri-ren aldaera da. Bigarren argitaraldirako aldaerak.

3 iz. Oinarritzat edo eredutzat hartzen denarekiko desberdintasunen bat duen azpisaila. Euskalki baten aldaerak eta hizkerak. Landare mota baten aldaerak. Zurtoin malguak dituen arrosa aldaera.

Hiztegi eleanitzetan, Zehazki hiztegian variedad zein variante bilatuta, aldaera ordaina aurkituko dugu, eta copia bilatu beharko dugu aldaki ordaina aurkitzeko. Elhuyar Hiztegietan, aldiz, variante/ variant bilatuta, aldaera eta aldaki ordainak aurkituko ditugu eta, variedad / variety bilatuta, aldiz, aldaera baino ez. Aldaki ordaina aurkituko dugu copia bilatuta ere. Nolanahi ere, Elhuyar hiztegietan aldaki sarrera bilatuz gero, copia, reproducción / copy, reproduction baino ez dugu aurkituko: variante/ variant ordainen arrastorik ez. Aldaera bilatuta, aldiz, variante / variant baino ez dugu aurkituko: variedad / variety ordainik ez. Euskalterm datu-base terminologikoan aldaera ageri da hainbat terminotan, baina batean ere ez dugu aurkituko aldaki elementua.

Ondorio modura esan daiteke euskal hiztegiek ez dituztela osorik islatzen aldaki eta aldaera hitzen gaurko erabilerak eta adierak. Arriskutsu deritzot hutsune horri, gerta baitaiteke (sozio)linguistikaren alorrean hizpide ditugun terminoak zehaztasun handiagoaz adierazteko erabil daitezkeen euskal bi hitz horien arteko bereizketa oztopatzea. Izan ere, lekuko izan nintzen behin, lehiaketa batean, epaimahaiburuak aurkezpena egiten ari zen irakasle bati aldaki terminoaren erabilera zuzendu zionean argudiatuz aldaki hitzak kopia esan nahi duela eta ez bariante. Nire iritziz, hiztegiek aldaki eta aldaera hitzen banaketa harmonizatzen lagundu beharko lukete, osterantzean, bereizketa horretarako oztopo izan litezke eta.


[1] Camino, Iñaki (2009) Dialektologiatik euskalkietara tradizioan gaindi. Donostia: Elkar

Nominalizazio-eskala eta hiztegiak

Igone Zabala Unzalu

Gure hiztegirik erabilienek baliabide sintaktikoak diren aditz-izenak erakutsi ohi dituzte maiz baliabide lexikoak diren aditzetiko izenen ondoan, eta erabiltzaileak baliabide horiek egokiro baliatzeko funtsezkoa izan daitekeen bereizketa garrantzitsu hori gehiegi nabarmendu gabe. Adibide bat ematearren, ikus dezagun nola ageri den kodifikatuta propagación sarrera Zehazki hiztegian:

Zehazki hiztegia
propagación
1
f (reproducción) ugaltze, ugalketa: la propagación de la especie, espeziea ugaltzea.
2 (extensión) zabaltze, hedatze, zabalkunde, hedapen: la propagación del cristianismo, kristautasuna hedatzea, kristautasunaren zabalkundea.
3 (de la luz, el sonido etc) hedatze, hedapen: velocidad de propagación de una onda, uhin baten hedatze lastertasuna.

Elhuyar hiztegietan ere, gaztelaniatik sartuz gero, bi kategoria horiek zehaztuta ageri dira, baina balibide lexikoak euskarazko sarrerekin lotuta badaude ere, aditz-izen hutsak direnek ez dute halako loturarik, hiztegietan normalean kodifikatzen ez diren baliabide sintaktikoak baitira. Elementu horiek bakarrik ageri dira elementu lexikotzat har daitezkeen sarreretan (hedatze-uhin, ugaltze-aparatu, barreiatze-bonba). Bestalde, Fisikako erregistro espezializatuetan finkatutzat ematen den hedapen sarreraren kasuan, hiztegiak ez du zehazten aditz-izenik.

Elhuyar hiztegiak
propagación  es > eu
1  s.f. zabaltze, zabalkunde; hedatze, hedapen; barreiatze, barreiaketa la propagación del incendio: sutea zabaltzea
2  s.f. ugaltze, ugalketa la propagación de la especie: espeziea ugaltzea
3  s.f. (Fís.) hedapen velocidad de propagación de una onda: uhin baten hedapen-abiadura

Suposatzekoa da aditz-izenak aditzetiko izenen ondoan eta horien aurretik zehazteko hiztegigileen estrategia horren helburua dela erabiltzaileak ohartaraztea gaztelaniaz aditzetiko izena erabiltzen den guzti-guztietan ez dela izena baliabiderik egokiena euskaraz. Nolanahi ere, nire ustez, Euskal hiztegietan zabaldutako estrategia horrek ez dio laguntzen baliabide lexikoen finkapenari, eta nahasgarria ere gerta daiteke hiztegira baliabide lexikoen bila jotzen duen hiztunarentzat, aditz-izena eta izena maiz ez baitira baliokide semantiko-pragmatikoak. Ideia hori oinarritzen saiatuko naiz gaurkoan.

Nominalizazio deritzen fenomenoak oso konplexuak dira eta hizkuntzaren azterketa maila guztietan aurkitzen ditugu horien aztarnak: morfologian, sintaxian, semantikan, pragmatikan, diskurtsoan. Maila horiek guztiak konektatuta daude, gainera. Diskurtsoaren analisiaren ikuspegitik, nominalizazioa lotuta dago diskurtsoaren eraikuntza-prozesuekin: motibazio semantiko-pragmatikoen edo estilistikoen arabera, hizkuntzak eskaintzen dizkigun hiztegi-elementuen eta egitura sintaktikoen artean ezaugarri nominal jakin batzuk dituztenak edo ez dituztenak aukeratzen ditugu. Diskurtsoa eraikitzeko erabiltzen ditugun baliabide nominalak bi eratakoak izan daitezke: diskurtsoaren baliabideak edo sistemaren baliabideak.

Izan ere, ezaugarri nominaleko baliabideren bat eskatzen duen diskurtso-eskaera bati erantzuteko, ad hoc sor dezakegu baliabide nominal bat diskurtso-eragiketa baten bitartez.

(1) Hizkuntza bat ‘salbu’ bide dago, baldin eta hizkuntza hori hitz egingo duten umeak egongo direla kalkulatzen bada, baldin eta estatuak bultzatzen badu, edota baldin eta milioika lagunek egindakoa bada. Baldin asko gauza onerako.

(2) Miresgarria da itsasoaren handia.

Diskurtsoaren baliabideak diskurtsoa garatzen goazen neurrian sortzen ditugu, eta gerta daiteke hizketa-ekintza bukatzearekin batera suntsitzea, baina gerta daiteke baita hizkuntza-sistemaren parte izatera heltzea ere. Goiko adibideetan, esate baterako, edozein irakurlek esleitzen die izen-kategoria baldin asko eta handia elementuei, testuinguru diskurtsiboak gidatuta. Hala ere, diskurtso-egoera jakin batekin lotutako erabilera bakan batzuk ez dira nahiko izen-kategoriako baldin eta handi euskararen sistemaren osagai lexikotzat hartzeko. Ildo honetatik, ohiko hiztegietara jotzen badugu, ez dugu aurkituko izen-kategoriako azpisarrerarik aipatu sarrera horietan. Elementu horiek hizkuntza-sistemaren osagai izatera heltzeko, diskurtso-komunitate batek bere egin behar ditu eta erruz erabili modu partekatu batean.

Beste kasu askotan, aldiz, sistemaren baliabideak erabiltzen ditugu diskurtsoaren garapenean: nominaltasun maila bateko edo besteko baliabideak aukeratzen ditugu diskurtsoaren garapenaren mesedetan. Adibidez, 3 eta 4 adibideetan, izen kategoriako zenbait baliabide lexiko (igoera, istripu) erabili dira, baina baita zenbait ezaugarri nominal dituzten baliabide sintaktikoak ere (igotzea, igotzeko arrazoia):

(3) Euriborra % 2, 29 igo da. Adituen arabera, litekeena da ekainean interes tasak igotzea, eta hori izan da, beraz, euriborra igotzeko arrazoia. Interes tasen igoera horren ondorioz, familien zorpentzea ere «modu kezkagarrian» handituko dela aurreikusten da.

(4) Kamioi batek bi tona erregai askatu ditu bart. Istripua A8 errepidean gertatu da Zornotza parean.

Baliabide sintaktikoek erabateko emankortasuna dute. Alegia, igo aditzetik abiatuta, igotzea eta igotzeko arrazoia sortzeko erabilitako arau bera erabiliz, antzeko egiturak sor daitezke edozein aditz hartuta, diskurtsoak hala eskatzen badu: apurtzea, sinestea, konprometitzea, hedatzea, komunikatzea, irakastea, estaltzea… Sortutako aditz-izen horiek guztiek, gainera, antzeko semantika izango dute eta antzeko testuinguru sintaktikoetan erabili ahal izango dira. Hori dela eta, ez dira printzipioz hiztegietan jasotzeko hautagaiak. Aditzetiko izenak, aldiz, elementu lexikoak dira, eta horietako bakoitza mundu bat izaten da maiz morfologiari eta semantikari dagokienez: apurketa, sinesmen, konpromiso, hedapen, komunikazio, irakaskuntza, estaldura

Nominalizazio-eskala batez hitz egin ohi da 3 adibidean ageri direnen modukoak deskribatzeko: igo > igotzea > igotzeko arrazoia > igoera. Aditzetik izenera doan eskala horren erdian, aditz kategoriakoak izanda ere zenbait ezaugarri nominal dituzten aditz-izenak daude, baliabide sintaktikotzat har daitezkeenak eta, eskalaren muturrean, aldiz, izen kategoriako elementu lexikoak. Hala ere, aditzetiko izenek aurrera egin dezakete oraindik ere nominalizazio-eskalan, semantika-aldaketaren bitartez. Sobera ezaguna den adibidea emateagatik, sarrera izenak sartzearen ekintza adieraz dezake (ikasleen sarrera zaratatsua), baina baita sartzeko lekua (ikastegiko sarrera) edota nonbait sartzeko eskubidea ematen digun objektua ere (kontzerturako sarrerak). Euskarak hitz-elkarketaren bidea ere badu aditzetik abiatuta askotariko esanahidun izenak sortzeko (egongela, egonaldi, abiaburu, adierazpide, eserleku, irakurgai, pentsamolde, ikerlan, ugal-aparatu…) baita aditz-izenetik abiatuta ere (jaiotze-data, alfabetatze-kanpaina, hedatze-uhin, ugaltze-aparatu).

Nominalizazio-estrategietara jotzen dute hiztunek diskurtso-beharrei erantzuteko, eta izen kategoriako elementu lexikoak diskurtsoan erabilitako nominalizazio-estrategien kristalizazioa baino ez dira. Izenak baino sortzen ez dituzten hamar bat atzizki ditu euskarak (-dura, -era, -keta, -kunde, -kuntza, -men, -mendu, -pen, -tza eta -zio), eta Ø atzizkiaren bidez ere sortu dira zenbait izen (eduki, abaki). Horietaz gain, –tze atzizkia ere badugu, aditz-izenak sortzen dituen atzizki flexiboa izateaz gain, zenbaitetan aditzetiko izenak ere sortzen dituena (berritze, etxegabetze…). Nolanahi ere, behin aditzetiko izen bat sistema lexikoan ondo finkatuta dagoenean, –tze daramatenak aditz-izentzat hartu ohi ditugu, eta baztertuta geratzen zaizkigu izenak behar dituzten testuinguruetatik.

(5) Behartsuen egoera (*egotea) aztertzeari ekin dio Frantziako Gobernuak.

(6) Euskararen eta euskarazko irakaskuntza (*irakastea) sustatzeko lanabes berriak.

(7) Batuketa (*batzea) egiten hasi, huts egin, ezabatu, eta berriz hasi.

(8) Egunean, batez beste, zortzi etxegabetze egiten dira aurten Hego Euskal Herrian.

Ondo finkatutako izen horiekin arazo gutxi ditugu hiztunok, baina, azken hamarkadetan euskara alor berri asko eta askotan erabiltzen ari garelarik, askotariko aditzetiko izenak erabiltzeko beharra sortu zaigu. Euskarak aditzetiko izenak sortzeko oso-oso sistema aberatsa duelarik, bereizketa morfopragmatikoak garatzen dira maiz aditz beretik sortutako izenen artean: itzulpen / itzulpengintza; batuketa / batura; haziera / hazkunde / hazkuntza; sorrera / sorkuntza / sormen… Hori da espero daitekeena, gainera, oso morfologia aberatsa duen euskara bezalako hizkuntza eranskari batetik. Nolanahi ere, bereizketa horiek euskararen sistemaren partetzat hartu ahal izateko, diskurtso-komunitate batek partekatuak behar dute izan, eta batzuetan ez da erraza hiztegi-ezagutza partekatu horretara heltzea. Esaten ari naizenaren adibide ona da duela egun batzuk Estitxu Garaik blog honetan idatzitako Itzulsortzen artikuluaren inguruan sortutako eztabaida.

Hiztegiek berebiziko garrantzia dute erabileran sortzen doazen aditzetiko izenak eta horien arteko bereizketa morfopragmatikoak finkatzen laguntzeko. Finkapen horretan laguntzeko, nire iritziz, hiztegigileek ondo bereizi beharko lituzkete baliabide lexikoak eta baliabide sintaktikoak. Eta, bestalde, abenduko Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika artikuluan aldarrikatzen nuen bezala, hizkuntzaren erabileraren berri ematen diguten corpusak ikuspegi morfopragmatiko eta dinamiko batetik aztertu beharko lituzkete, erabiltzaileei gero eta informazio esangarriagoa eskaintze aldera.

Nominalizazio-estrategien ustiapena: hizkuntza-sistema eta erregistroen garapena elkarlanean

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntza desberdinetako estilo-liburuetan ohikoa da estilo nominala saihesteko aholkuak aurkitzea, izen kategoriako elementuek diskurtsoa aditz edo adjektibo kategoriakoek baino abstraktuago eta ilunago egiten dutela argudiatuta. Euskal estilo-liburuetan arrazoibide hori errepikatu ohi da eta, bestalde, ohikoa da baieztatzea euskararen berezko nominalizaziorako joera areagotzen ari dela inguruko erdaren eraginez: euskararen sistema bortxatzen eta aldarazten ari gara nonbait, beste hizkuntza batzuetako egitura nominalak etengabe kalkatzearen ondorioz.  Foro honetara ere Irantzu Epeldek ekarri zuen gaia duela zenbait hilabete, «Izen-jokoak vs aditz-jokoak norgehiagoka» artikuluan. Nominalizaziorako hurbilketa zuzentzaile hori ondo uztartzen da hizkuntza batzuk beste batzuk baino «nominalagoak» direlako ikuspegiarekin. Hizkuntza-sistema nominalek, adibidez, sanskritoak, aditzen eta adjektiboen funtzio bereizgarrienetarako, alegia, predikaziorako, izenak erabiltzeko joera bide dute. Nolanahi ere, Susana Azpiazuk bere doktoretza-tesian[1] eta beste lan batzuetan sakonki argudiatu eta frogatu duen bezala, gure inguruko erdarak hizkuntza nominalak baino maila bateko edo besteko hizkuntza «nominalizatzaileak” dirateke. Hizkuntza bateko hiztunek diskurtsoaren eskakizunei erantzuteko erabiltzen dituzte beren hizkuntza-sistemak eskura jartzen dizkien kategoria desberdinetako baliabide lexiko, sintaktiko eta estilistikoak, baliabide nominalak barne. Hartara, nominalizazio-estrategiak erabiltzeko joera eta modua hizkuntza baten barruko testu-generoen eta erregistroen garapenarekin lotuta dagoke neurri handian: hizkuntzaren gramatika-sistemaren eta sistema horren erabileraren emaitza dateke. Hori dela eta, hizkuntza jakin baten tipologia edozein delarik ere, aurreikus daiteke nominalizazio-estrategiak ustiatzeko joera handiagoa izango dela erregistro batzuetan beste batzuetan baino, eta hizkuntza baten erabilerek nabariki baldintzatuko dutela hizkuntza horrek egiten duen izen kategoriako elementuen ustiapen globala.

Izenen eta izen-sintagmen ustiapen handia da, hain zuzen ere, erregistro akademikoen ezaugarri bereizgarrienetako bat. Diskurtso akademikoen xede nagusia da jakintza garatzea, edota garatuta eta finkatuta dagoen jakintza hedatzea. Helburu horiek lortzeko, hainbat testu-genero erabiltzen dira: ikerketa-artikuluak, doktoretza-tesiak, eskuliburuak, apunteak, ahozko aurkezpenak e.a. Nominalizazioa funtsezko eragiketa da jakintza eraikitzea eta transmititzea helburu duten genero horietan. Izan ere, nominalizazioaren bitartez lortzen den trinkotze eta abstrakzioari esker, kontzeptu konplexuak  objektuak balira bezala trata daitezke diskurtsoan[2]. Aditzak (eta predikatu-adjektiboak) subjektu batekin lotu behar diren kategoria irekiak dira eta, izenek aldiz, erreferentziadun kategoria itxiak direlarik, jakintza partekatzeko eta garatzeko ezinbestekoak diren denominazioak eskaintzen dizkigute[3].

Diskurtso akademikoek diskurtso orokorrek baino areago ustiatzen dituzte izenak, eta idatzizko erregistroek ahozko erregistroek baino areago ustiatzen dute nominalizazioa. Ideia hori aspaldian ikus daiteke bibliografian, baina azken urteotan, corpus handiak erabiltzeko erraztasuna handitu delako ziurrenik, azterketa kuantitatibo ugari egin dira enpirikoki frogatzeko asmoz. Esate baterako Parodi eta Venegas-ek[4] izen kopurua / hitz kopurua moduko indize bat kalkulatu dute hainbat motatako corpusetan eta ondoko balioak lortu dituzte: idatzizko irakas-liburu tekniko-profesionalez osaturiko corpus batean % 27,5ekoa, literatur testuez osaturiko corpus batean % 19,9koa eta, ikasleei egindako ahozko elkarrizketetan aldiz, % 12,2koa. Baina izen gehiago ez ezik, izen-sintagma luzeagoak ere erabiltzen dituzte diskurtso akademiko idatziek diskurtso orokorrek eta ahozkoek baino eta, gainera, espezializazio maila gora doan neurrian, are izen-sintagma luzeagoak erabiltzen dituzte. Adibidez, Quiroz-ek [5] genomari buruzko corpus batean aztertu ditu ingelesezko eta gaztelaniazko izen-sintagma luzeak. Maiztasun handieneko patroiak hiru tokenekoak direla ondorioztatu du, baina zortzi tokeneko izen-sintagmak ere aurkitu ditu aztertutako corpusean. Bereziki aipagarria da ingelesak zein punturaino ustiatzen dituen buruaren ezkerrean doazen modifikatzaileen pilaketak, euskaraz maiz arazo-iturritzat hartzen direnak. Quirozek dio itzultzaileak kexuka ibili ohi direla izen-sintagma luze horiek itzultzeko dituzten zailtasunengatik, baina argudiatzen du adituek arazorik gabe ulertzen dituztela sintagma horiek, duten egitura semantikoa antzemateko gaitasun kognitiboa garatu baitute espezialitate-alorraren kontzeptuak ikastearekin batera. Nolanahi ere, erregistro akademikoetan erabiltzen diren izen-sintagma konplexu horiek hizkuntzaren gramatikaren arabera osatzen dira. Hori dela eta, Quirozek azpimarratzen du ez direla konpondu beharreko arazoa, hizkuntzalariek hizkuntza bere osotasunean ulertzeko deskribatu behar dituzten hizkuntza-unitateak baizik.

Erabilera akademikoak berri samarrak dira euskararako baina,  nominalizazio-estrategiak erregistro horietarako nahitaezkoak direlarik, hainbat baliabide lexiko eta diskurtsibo garatu dira azken hamarkada hauetan, euskararen gramatika-sistemak eskaintzen dituen aukerak baliatuz. Egia da nominalizazio-estrategien erabileraren areagotze horretan ez dela zaila zalantzagarriak (edota zuzentzekoak) diren adibideak aurkitzea. Ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik Langileak hautatzeko irizpide subjektiboak erabili direla salatu dute sindikatuek edo Epaileak hura berehala kartzelatzeko agindu du esaldiak naturalagoak eta zuzenagoak direla Langileen hautaketarako irizpide subjektiboen erabilpenaren salaketa egin dute sindikatuek  eta Epaileak haren berehalako kartzeleratzea agindu du baino. Baina hortik salto handia dago euskal estilo-liburuetan, bereziki erregistro akademikoak garatzen laguntzeko idazten direnetan, egin ohi diren estrapolazio eta sinplifikazioetara: [nominalizazioa edo estilo nominala] «behaztopa-harri», «erdararen morrontza»,  «ez dugula bortxatu behar euskara bere moldeen aurka, erdara trakeski imitatuz bere berezitasun berezienetan ere»… Batetik, harrigarria da prosa akademikoa jomugan duten estilo-liburu horiek nominalizazioari buruz ari direnean erabili ohi dituzten adibideak beste erregistro batzuetakoak izatea.  Bestetik, eman ohi diren azalpenek erabilera zalantzagarri edo desegoki batzuk egokitasunerantz bideratzeko baliagarriak izan litezkeela zalantzan jarri gabe, nago, erregistro akademikoen bereizgarri semantiko-pragmatikoei ezikusia egiten dietelarik, oztopo ere gerta litezkeela erregistro horien garapenerako. Muturreko kasuetan ultrazuzenketaren ultrazuzenketaz agramatikalak diren esaldietara ere eraman ditzakete hiztunak. Adibide bat emateagatik, Geología práctica. Introducción al reconocimineto de materiales y análisis de mapas liburuaren izenburua honela euskaratu eta argitaratu du EHUk: Geologia praktikoa. Materialak ezagutzea eta mapen analisia.

Bistan da gaia korapilatsuegia dela artikulu labur batean jorratzeko. Auzia plazaratzea besterik ez da izan nire helburua eta, urte berriko ekarpen txiki hau bukatzeko, duela urte batzuk egindako lan baten [6] ondorioak zerrendatuko ditut:

a) Nominalizazioa oro har ez da hizkuntzaren gaixotasun bat, diskurtso espezializatuek, eta bereziki diskurtso akademikoek, diskurtso orokorrek baino gehiago ustiatzen dituzten estrategia linguistikoen multzoa baizik.

b) Nominalizazio deritzen fenomenoak oso konplexuak dira eta hizkuntzaren azterketa maila guztietan (lexikoan, sintaxian, diskurtsoan) aurkitzen ditugu horien aztarnak. Maila horiek guztiak konektatuta daude eta, euskararen garapenari eragin diezaioketen interbentzioak beti ere aritu behar dira fenomenoaren ikuspegirik zabalena begi-bistatik galdu gabe, alegia, maila diskurtsiboa aintzat hartuta.

c) Diskurtso akademikoetan erabiltzen diren nominalizazio-estrategien emaitzarik deigarrienetakoak dira aditzetiko izenak eta izen-sintagma luzeak. Elementu horiek aztergai dira hizkuntzalariarentzat, ez arazo.

d) Espezialitate-alor desberdinetan mota desberdinetako gaiak tratatzen dira. Horrek eragina du erabiltzen diren izenen mota semantikoetan, izen eratorriak eratzeko erabiltzen diren atzizkien emankortasunean, eta izen-sintagmen patroi morfosintaktikoetan.

e) Izen-sintagmen luzera harremanetan dago testuen espezializazio mailarekin, eta testu-generoen bereizgarri diskurtsiboekin.

f) Corpus akademikoak osatu eta aztertu behar dira, besteak beste, ondoko zeregin hauetarako:

  • Izen kategoriako lexema berriak detektatzeko eta hiztegietan jasotzeko.
  • Alorrez alor izen-sintagma luzeek jarraitzen dituzten patroi semantiko eta morfopragmatikoak deskribatzeko, eta patroi horiek patroi sintaktikoekin harremanetan jartzeko.
  • Testu errealetan izen-sintagma konplexuen beharra dagoenean erabili ohi diren egitura okerren diagnosia egiteko.
  • Hiztunei egitura konplexuek sortzen dizkieten zailtasunak konpontzen laguntzeko baliabide didaktikoak eskaintzeko.

[1] AZPIAZU, S. (2004). Las estrategias de nominalización, Frankfurt: Peter Lang.

[3] ZABALA, I.; ELORDUI, A. (2006). “Specialised Discourse and the Linguistc System of Basque”, In FERNANDEZ, B. & LAKA, I. (argit.) Andolin gogoan. Essays in honour of Professor Eguzkitza. EHUko Argitalpen Zerbitzua: 233-249 or.

Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika

Igone Zabala Unzalu

Komunikazio espezializatua, alegia, adituen arteko komunikazioa, komunikazio naturala da adituentzat. Hori dela eta, aurreko artikuluan esaten genuen bezala, terminoak hizkuntza naturalaren parte dira. Artikulu horretan aipatzen genituen Teresa Cabré-ren hitzak berriro ere hona ekarriz, hiztegi espezializatuaren berezitasuna alderdi semantiko-pragmatikoetan datza. Izan ere, jakintza espezializatua oro har zehatzagoa eta sistematikoagoa da jakintza orokorra baino, eta jakintza hori adierazteko erabiltzen den hiztegia ere, zehatzagoa eta sistematikoagoa izan ohi da. Berezitasun horren adibide argigarriak dira Maite Imazek azken bi artikuluetan azaldutakoak: desberdintasunak eta diferentziak eta riesgo/peligro.

Askotan jakintza espezializatua jakintza orokorraren birformulazio batean oinarritzen da, eta baliatzen duen hiztegiak aipatu birformulazioa islatzen du. Hiztegi espezializatuaren garapena ulertzeko, hiztegi hori garatzen eta erabiltzen den diskurtso espezializatura jo behar dugu. Aspaldian egokitu zitzaidan Ekaia EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkariko artikulu baten1 hizkuntza-berrikustapena egitea, eta hiztegi espezializatuak hiztegi orokorraren aldean dituen berezitasunak azaltzeko behin baino gehiagotan erabili dudan paragrafo honekin egin nuen topo:

SOKEN PROPIETATE MEKANIKOAK

Propietate mekanikoek erabakitzen dute tentsio mekanikoen eraginpean dauden materialen erantzuna nolakoa den: zurruna, malgua, erresistikorra, deformakorra, hauskorra, etab. Sokek ohiko erabilpenetan trakziopean lan egiten dutenez, trakziopeko propietate mekanikoak aztertuko ditugu atal honetan.

Aztertzen dituzten fenomenoak, objektuak, ezaugarriak eta, oro har, kontzeptuak denominatzeko eta sailkatzeko beharrak eramaten ditu adituak zenbait elementu lexiko birformulatzera eta berrantolatzera eremu semantiko baten barruan. Jakintza espezializatuak bereizgarri duen kontzeptuen sistematikotasun horrek denominazio kopuru handiagoaren eta semantikoki xehekiago mugatuagoen beharra sortzen du. Goiko testuan ageri den sailkapenean, zurrun, malgu eta hauskor guztion eguneroko hiztegi orokorrean dauden hitzak dira, baina erresistikor eta deformakor adjektiboak deigarri gertatzen zaizkigu. Sortu diren diskurtsoaren logikaren barruan, aldiz, erraz azal daitezke. Izan ere, zurrun eta malgu elementu bakunak direlarik, ez dute eskaintzen paradigma zabaltzeko aukerarik baina, hauskor, eratorria denez, eremu semantiko bereko denominazioak sortzeko moldea eskaintzen du: hauskor ‘hausteko joera duena’, erresistikor ‘erresistitzeko joera duena’ eta deformakor ‘deformatzeko joera duena’. Nabarmendu beharrekoa da, bestalde, diskurtso honetan ageri diren elkartasun lexikoak testu orokorretan ez bezalakoak direla: erantzun malgu / zurrun / hauskor

Ildo honetatik, corpusetan egindako hainbat ikerketek2 3 4 agerian utzi dute espezialitate-alor desberdinetako testuetan atzizki eratorleen ustiapen bereizgarria egiten dela, eta ustiapen hori testu orokorretan egiten denetik ere bereizten dela5. Ustiapen bereizgarri hori komunitate diskurtsibo bakoitzak aurre egin behar dien eskakizun semantiko-pragmatikoekin lotuta dago. Gure artean ohikoa izaten da eratorriak erabiltzen diren diskurtsoetatik isolatuta aztertzea, zuzentzea edota kodifikatzea. Aitzitik, erregistro espezializatuen garapenari laguntzen dion edozein interbentziok edo harmonizazio-ekimenek ez lioke ezikusia egin beharko, nire iritziz, garapen hori hobeto ulertzen lagun gaitzakeen ikuspegi morfopragmatikoari.

Terminoak hizkuntza naturala dira

Igone Zabala Unzalu

Otsailean blog honetan idatzi nuen «Terminologia akademikoa»artikuluan XX. mendearen zati handi batean nagusi izan den Terminologiaren Teoria Orokorra (TTO) aipatu nuen, alegia,  Eugen Wüster ingeniari austriarrak 1930eko hamarkadan garatu zituen terminologia-lanerako oinarri teoriko-metodologikoak. Artikulu horretan esaten nuen bezala, ikuspegi askotatik kritikatu da azken bi hamarkadetan TTO teoria klasikoa, corpus-hizkuntzalaritzaren eskutik egin diren hainbat ikerketa enpirikotan oinarrituta. Kritika horietatik abiatuta, teoria  berriak ere garatu dira. Hala ere, terminologiaren teorietan egin diren aurrerapen horiek ez daude oraindik ondo zabalduta eta barneratuta gure artean, eta terminologiaren gaineko gogoetak, erabakiak eta interbentzioak maizegi egiten dira zaharkitutako oinarrietatik abiatuta. Mundu zabalean egindako aurrerapenei ezikusia egite horrek ez dio laguntzen, nire iritziz, euskarazko terminologiaren garapen eta finkapenari, eta aspaldian nuen gogoan honetaz idaztea. Duela egun batzuk Maite Imazek blog honetan idatzitako «Desberdintasunak eta diferentziak»artikuluak aitzakia ona eman dit oraingo txanda honetan gaiari heltzeko. Ezer baino lehenago esan behar dut guztiz zentzuzkoa deritzodala Maite Imazek egindako gogoetari, eta ez daukadala ezer gaineratzerik horren inguruan. Nire eragozpenak lotuta daude bere gogoeta abiatu aurretik terminologiari buruz esaten dituenekin. Honela dio:

 «Terminologia eta lexiko orokorra ez dira gauza bera; terminologia, hizkuntza espezializatua, konbentzio bat da: adituek kontzeptuak izendatzeko hartzen dituzten erabaki arbitrarioak, elkar ulertu ahal izateko. Kontzeptuak izendatzeko, terminoak erabiltzen dira, eta egoera ideala espezialitate eremu bateko kontzeptu bakoitzerako termino bakar bat erabiltzea, eta termino bakoitzak kontzeptu bakar bat adieraztea litzateke. Sinonimia eta polisemia desegokiak izaten dira espezialitate-eremuetako terminologian.»

Konpara dezagun Maite Imazek dioena Terminologiaren Teoria Komunikatiboa (TTK) garatu duen taldearen liderra den Teresa Cabré hizkuntzalari katalanak 2000ko lan batean[1] esaten zuenarekin:

«Ces unités [terminoez ari da] sont en même temps semblables et différentes des unités lexicales d’une langue, appelées mots par la lexicologie. Leur spécificité se trouve dans leur aspect pragmatique et dans leur mode de signification. Leur signifié est le résultat d’une négociation entre experts. Cette négociation se produit dans le discours spécialisé à travers des prédications qui déterminent le signifié de chaque unité… »

 

Cabré-k azaltzen digun bezala, terminoak komunikazio espezializatuaren behar semantiko-pragmatikoak asetzeko sortzen eta egokitzen dira, eta haien esanahia ere, diskurtsoaren bitartez partekatzen eta finkatzen da. Diskurtso espezializatua dago kontzeptu espezializatuak baino lehenago eta ez alderantziz. Adituak ez dira biltzen terminoek daramaten forma-esanahi lotura arbitrarioki erabakitzeko. Terminoen forma-esanahi lotura hori lexiko komunarena bezain motibatua, edo are motibatuagoa izaten da. Bestalde, corpusetan oinarritutako lan ugaritan enpirikoki frogatu den bezala, terminoen ustezko monosemia eta unibokotasuna idealizazioak dira. Terminoak aldakorrak dira diskurtsoan eta komunikazio-egoeren arabera eta, bestalde, terminoak aldatuz doaz denboran zehar. Gainera, terminoen alde biak (denominazioa eta kontzeptua) dira aldakorrak eta, beraz, aldakortasun denominatiboa eta aldakortasun kontzeptuala gertatzen dira terminologian, unitate lexiko orokorretan bezala. Hortaz, egun, terminologia-lanaren interesa aldakortasunaren azterketan eta kudeaketan datza neurri handian. Areago, terminologiaren normalizazioaren alorrean ere, garrantzi handia hartu dute terminoek diskurtsoan duten ezarpenaren azterketek, eta bigarren plano batean geratu da estandarizazioaren gaia.

Terminologia-lana hizkuntza bakoitzaren egoera soziolinguistikoari egokitu behar zaio[2] eta, euskararen kasuan, gogoeta sakona eskatzen du egokitze horrek. Izan ere, ondo garatutako hizkuntzen egoera jomugako eredutzat hartzen badugu, saihestezina da jomugako eredu hori aldakorra dela onartzea, eta terminologia-lanaren fase guztietan hartu behar dugu kontuan aldakortasuna: deskripzioan, kodifikazioan, hedapenean, ezarpenean eta abaluazioan. Normalizazio bidean dagoen euskara bezalako hizkuntza batean espero izatekoa da aldakortasun asistematikoa handia izatea eta seguruenik aldakortasun funtzionala gailentzea. Nolanahi ere, normalizazio-ekimenak aldakortasunaren harmonizazioan oinarritu behar dira eta ez aldakortasunaren ukazioan edo ezabaketan, une bateko aldakortasun asistematikoa etorkizuneko aldakortasun funtzionalaren hazia izan baitaiteke.[3] Bestalde, harminonizazioak ikuspegi diakroniko eta dinamikoa ere izan behar du.[4]


Erdibidean, lexikalizazioa

Igone Zabala Unzalu

Erdibizitza terminoa izan nuen hizpide irailaren hasierako artikuluan eta, Iratxe Goikoetxeak bere iruzkinean oso egokiro agerian utzi zuenez, zenbait kontu geratu zitzaizkidan jorratu gabe. Iratxek “erdi-prezioan saldu” eta “erdi-lanak egin” aipatzen zituen, baina horiek, bukaerarako utzi, eta abiapuntutzat hartuko dut erdibide izena. Izan ere, aurreko artikulua prestatzen ari nintzenean atentzioa deitu zidaten Orotariko Euskal Hiztegian sarrera horretan ageri diren bi adierek:

1. Punto intermedio, punto a medio camino. “Solución intermedia” Bixak nai dabe beriakin urten, baiña erdibide batera aillegau biako dabe derrior” Elexp Berg… Diddote ‘diote’ dela eta idatzi ohi den diote-k baduela, bi bokalen artean, erdibideko hots bat. MEIG VI 127. 2. La mitad del camino. Azaroak erdibidea egin dizu. Etxde JJ 26.

Lehen adiera aurreko artikuluan aipatzen genuen “objektu baten antzeko objektuekiko kokapen erlatiboa” esaten genion irakurketaren ildotik dator: erdiko bide batera ailegatu sintaxi-segidatik, erraz hel gaitezke erdibide batera ailegatu segida lexikalizatura. Lexikalizazioaren bidezidorrean aurrera eginez, erraz hel gaitezke erdibideko adjektibora ere. Lexikalizazioaren azpian metaforizazio prozesu bat ere badago, konponbideak, ikuspegiak, ezaugarriak… “bide” bezala ulertzera eramaten gaituena. Hartara, lehen adiera horretan “punto intermedio” dioen lekuan “camino intermedio” ulertu beharko litzateke eta ez “bide baten erdian dagoen puntua”. Adiera horretako adibide ugari aurki daitezke corpusetan. Hona hemen Ereduzko Prosa Gaur (EPG) corpusetik ateratako adibide batzuk:

  • Lopez: «Aldaketa soilik PSOErekin etorriko da, ez dago erdibiderik».
  • Baina ustekaberik handiena eman didana, CiUk erdibidetik jotzeko hartu duen jarrera.
  • Indar abertzaleak irtenbide hitzartuaren bilaketan noraino amore emateko prest dauden orain argituko ez duten bezala, subjektu erabakitzailearen alorrean abertzaleekin erdibide bat bilatzeko prest daudela esateko goizegi izan daiteke Lopezentzat.
  • Gure kasuan, erdibidean da, erdi tutorizatua baita: irakasle bat dugu bere tresna guztiekin, eta ordutegi librean datozen ikasleen bi talde ditu.
  • Orain ere erdibidearen bila nabilek, mutila!
  • Beraz, garai hartako anglo-eskandinaviar planteamendua erdibide bat aurkitzeko ahalegina zen, enpresa pribatua eta gizarte-justiziaren interesetan gobernu-arauketa konbinatzeko proba eginez.
  • Erdibideko 37 zuzenketa onartu ditu hirukoak .
  • Urkaregik erdibideko jarrera hartu zuen: ez zen Etxague bezain baikorra izan, baina Gonzalezen etsipenik ere ez zuen erakutsi.

Bigarren adierak, aldiz, aurreko artikuluan “zatiki-irakurketa” esaten genionera garamatza. Eta, kasu honetan, sintaxi-egituretatik abiatutako bide konposizionalak bidearen erdia egin dugu eta bide erdia egin dugu modukoetara eramango gintuzke, ez erdibidea egin dugu modukoetara. Hala ere, halako adibide ugari ere aurki daitezke edozein corpusetan. Hona hemen EPG corpusetik ateratako adibide batzuk:

  • Bestalde, beste hainbeste salaketa erdibidean geratu izana salatu du Babestu Bizitza taldeak: «Gertatu da Ertzaintzara joan eta ertzainek salaketa ez onartzea».
  • Bai eskolak euskalduntzeari! kanpainak erdibidea egin du, eta herritarren artean izan duen harrerarekin gustura agertu dira antolatzaileak.
  • Zerbitzu meteorologikoak joan den mendearen erdibidean sortu ziren.
  • Eta horren azpian zegoena, azken batean, hizkuntza naturala artifizial bihurtzeko prozesu bat zen, nahiko erdibidean gelditzen zena, sen onarekin bakeak egitearren.
  • Iztuetaren hitzetan, «gaur egun gazteek EGA azterketa egiten dute 18 urterekin, baina bitartean ez dago erdibideko titulaziorik».

Nola azaldu bidearen erdia / bide erdia egituretatik erdibidea hitzerako jauzia? Nire iritziz, lehen adierako erdibide izenaren zabalkuntza semantikotik etorri da bigarren adiera. Baliteke baita gaztelaniazko “a medio camino” esamoldeak eragina eduki izana, eta horren adieren eskutik lotuta etorri izana euskaraz gertatu den zabalkuntza semantikoa.

Nabarmendu beharrekoa da Euskaltzaindiaren Hiztegiak lehen adiera baino ez duela jaso:

erdibide iz. Bi mutur edo burutatik distantzia berera dagoen puntua. Hor ere erdibidetik ibili zen Moret, euskararen eta erdararen artean.

erdibideko izlag. Bi bururen arteko erdian edo erdibidean dagoena. Bi bokal horien artean badagoela erdibideko hots bat. Erdibideko irtenbide bat bilatu behar da. Gorputz-zale nahiz soin-zale nahiz erdibideko.

Iratxe Goikoetxeak bere iruzkinean aipatzen zituen Hiztegi Batuko “erdi-prezioan saldu” eta “erdi-lanak egin” adibideak, hizpide dugun bigarren adierako “erdibidea egin dugu” bezain zailak dira azaltzen bide konposizionaletik. Hala ere, hauen kasuan ere, adibide ugari aurki daitezke corpusetan. Nola sortu dira? Erdi daukaten beste era bateko egitura batzuen forma-analogia hutsetik? Erdarazko antzeko egituren (a mitad de precio…) analogiatik? Erantzuna ez da begi-bistakoa. Nolanahi ere, nire ustez, lexikalizatutako esamoldetzat hartu behar dira horiek guztiak, eta ez hitz edo termino berriak zuzenean sortzeko balio diguten eraketa-arau emankortzat.

Isotopo erradioaktiboek erdibizitza luzea dute

Igone Zabala Unzalu

31 eskutik blogaren bigarren urteko ibilbideari hasiera ematea egokitu zait oraingoan. Abiapuntu egokiaren bila, labur aritzea ezarri nahi izan diot nire buruari, eta aspaldian iruzkin labur baterako apuntatuta nuen erdibizitza terminoaz aritzea pentsatu dut. Behin baino gehiagotan egin dut topo termino horrekin gainbegiratzeko heldu zaizkidan testuetan edota termino-zerrendetan, eta begi-bistakoa iruditu zait txarto osatuta dagoela. Hala ere, hiztegietara eta corpusetara jo eta han aurkitu dut erdibizitza behin eta berriro, half-life terminoaren ordain modura. Hiztegi-sorkuntzarako bideez dudan ezagutzak edota intuizioak eskatuko lidakeen bizitza-erdi formaren arrastorik ez, ordea, inon ere ez. Hasiera batean Fisika Nuklearraren alorreko terminoa zela uste nuen, baina beste alor askotan ere aurkitu dut, adibidez, Kimika Fisikoan, Meteorologian, Biokimikan eta Farmakologian: erabilera zabaleko terminoa da. Paragrafo pare batean garbitzeko gaia zelakoan nengoen, baina nire argudio-ildoa garatzen hasi bezain laster konturatu naiz labur aritzearena zaila izango zela eta, gainera, gaia ez nuela agortuko artikulu bakar batean.

Jakina da duela hogeita hamar urte baino gehiago unibertsitatean euskara akademikoari buruz eskaintzen diren irakasgai eta ikastaroetan pisu handia dutela hiztegi-sorkuntzari buruzko gaiek, euskararen normalizazio prozesuan hiztegia aberastea eta eguneratzea funtsezko prozesuak direlako baina, era berean, hiztegi-sorkuntzarako bideen inguruko intuizio txikia izan ohi dutelako hiztunek: sintaxiaren eraketa-arauak etengabe baliatzen ditugu edozein hizkuntza erabiltzen dugunean, baina hiztegi-sorkuntza oso gutxitan da hiztunen jarduera indibiduala. Euskararen hiztegi-sorkuntzan funtsezko gaietako bat da, hain zuzen, erdal aurrizki bakarrarekin lotuta euskarak eskatzen dituen egitura eta hurrenkera desberdinena. Izan ere, maiz gertatzen da erdal aurrizki bakar batek euskaraz hitz desberdinetan egitura desberdineko ordainak behar izatea. Adibidez, prejuicio eta prehistoria  hitzek aurreiritzi eta historiaurre ordainak behar dituzte. Joera horren arrazoiek oinarri sendoa dute latinetiko hizkuntzak eta euskara kontuan hartzen dituzten morfologia-azterketa kontrastiboetan: pre- bezalako erdal aurrizkiak hitzaren modifikatzaileak dira batzuetan eta, beste batzuetan aldiz, hitzaren buruak. Adibidez, prejuicio esaten zaio behar diren datuak izan aurretik egiten den «juicio»ari, baina prehistoria deritzo historiaren aurreko «garaiari». Beraz, lehen hitzean modifikatzailea dugu pre– aurrizkia eta, bigarrenean aldiz, burua. Euskara, latinetiko hizkuntzak ez bezala, «burua azken» hizkuntza denez, eta hitz-eraketan modifikatzaileak ezkerrean joan ohi direnez, aurre izena eskuinean doa hitzaren burua denean (historiaurre) eta ezkerrean, aldiz, mofikatzailea denean (aurreiritzi). Nolakoak dira, baina, half-life / semivida / demi-vie  hitz konplexuak? Zirkuluerdi eta eguerdi bezalakoak dira? Ala erdibide, erdigune, erdiuharte bezalakoak al dira?

Hizpide dudan terminoarekin lotuta dagoen kontzeptuaren bila, Wikipediara jo, eta definizio hau aurkitu dut:

Half-life (t½) is the time required for a quantity to fall to half its value as measured at the beginning of the time period. In physics, it is typically used to describe a property of radioactive decay, but may be used to describe any quantity which follows an exponential decay.

Elhuyarren ZT Hiztegi Entziklopedikoak Fisikaren alorrean kokatzen du definizioa. Bestalde, batez besteko bizitza ‘mean life, average life’ terminoak bestelakoa den kontzeptura garamatzala ere ikus dezakegu hiztegi horretan:

erdibizitza
1. Fis. Substantzia erradioaktibo baten atomoen erdiak desintegratzeko behar den denbora.
Ikurra T1/2

batez besteko bizitza
1. Fis./Kim.Substantzia erradioaktibo baten atomoak desintegratzeko batez beste behar den denbora. Erdibizitza baino 1,4142 aldiz handiagoa da.

Erdi izenak askotariko egiturak osatzen ditu, sintagma-egitura analitikoetatik hasi (1) eta lexikalizatutako hitz bakarreko egituretaraino (2); modifikatzaile modura jokatzen duen egituretatik hasi  (1a, 2a) eta buru modura jokatzen duen egituretaraino (1b, 2b).

(1)
a. Erdiko etxea erosi du.
b. Etxearen erdia konpondu du.

(2)
a. Arabiako erdiuharteari bira ematea erabaki zuen.
b. Zirkuluerdi bat marraztu du.

Egitura horiei erdi izenak bi eratako ekarpen semantikoak egiten dizkie: ‘kokapena’  (3) edo ‘kuantifikazioa’ (4):

(3)
a. Kaleraren erdian / erdi-erdian dago.
b. Kale erdian dago.
c. Oihuka aritu da gau erdian.
d. Erdiko kalea da.
e. Aurreko / atzeko / erdiko garun-arteria
f. Ziklo horiek goi mailakoak nahiz erdi mailakoak dira.

(4)
a. Kalearen erdia garbitu du.
b. Egun erdi bat eman dut etxea garbitzen.
c. Eguerdia da.
d. Erdi ilun dago.
e. Material hori erdieroalea da.
f. Erdieginda dago. (Erdizka eginda)

Kokapeneko irakurketen artean bi mota bereiz daitezke. Batetik, objektu, leku edo denbora-tarte baten barruko kokapena dago (3 a-c) eta, bestetik, objektu baten antzeko objektuekiko kokapen erlatiboa (3d-f). Kuantifikazio-irakurketen artean, aldiz, ‘zatiki- irakurketa’ (4 a-c) eta ‘eskala-irakurketa’ (eskalarra) ditugu (4 d-f). Zatiki-irakurketa gertatzen da erdi laguntzen duen izenaren eskuinean kokatzen denean: kalearen erdia / herena / laurdena… Eskala-irakurketa dagoela diogu, aldiz, hizkuntza-elementu bat interpretatzerakoan elementu horren ezaugarri bat (kopurua edo nolakotasuna) eskala batean kokatzen dugunean. Adibidez, erdi ilun interpretatzen dugunean, argi > apur bat ilun > erdi ilun > oso ilun > erabat ilun moduko eskala batean kokatzen dugu. Era berean, erdieroale edo erdiuharte interpretatzen ditugunean, «eroaletasunaren» edo «uhartetasunaren» eskalan gorago dauden elementuen azpian kokatzen ditugu erdi daramaten horiek.  Euskaraz badirudi oro har eskala-irakurketa gertatzen dela erdi ezkerrean kokatzen denean.

Erdibizitza terminora bueltatuz, azterketa semantikoak ‘kokapena’ alde batera (edo beste baterako agian) uztera eta ‘kuantifikazioaren’ eremura narama. Euskalterm datu-basean erdi osagaidun terminoen artean kuantifikazio-esanahia daramatenak aztertuta, badirudi termino-sorkuntzan ere, salbuespen batzuk alde batera utzita, erdi eskuinean ageri dela zatiki-irakurketa dagoenean eta ezkerrean eskala-irakurketa dagoenean. (Ikus taula.)

Beste hizkuntza batzuei erreparatuta, taulan bildu ditugun terminoetan behintzat, gaztelaniaz semi- aurrizkia bai zatiki-irakurketa duten terminoetan bai eta eskala-irakurketa dutenetan ageri da eta, media eta mitad aldiz, bakarrik zatiki-irakurketa dutenetan. Ingeleseko eta frantseseko half eta demi/mi elementuak bi irakurketa motekin lotuta ageri dira, baina semi- aurrizkia ere erabiltzen da zenbaitetan hizkuntza horietan.

Euskaltermen bi jakintza-alorretan ageri da erdibizitza terminoa: Ingurumena eta Fisika. Baina, lehenago aipatu dudanez, beste alor askotan ere erabiltzen den terminoa da. Definizioak beti dira antzekoak: «zerbaiten kantitatea erdira jaisteko behar den denbora». Hortaz, «zerbait» hori guztia desagertzeko behar den denbora guztia «zerbait» horren «bizitza» dateke, eta hizpide dudan terminoaren bidez adierazten dena «bizitza» horren zatiki bat. Ez dirudi inola ere terminoak «bizitza» ezaugarriaren araberako eskala bateko interpretaziora eramaten gaituen esanahia duenik. Beste hitz batzuetan esanda, half-life edo semivida hori ez da bizitzaren ezaugarri guztiak izatera heltzen ez den gutxi gorabeherako bizitza bat edo horrelako zerbait. Nire argudio-ildoa zuzena bada, beraz, bizitza-erdi beharko luke. Ingeleseko eta frantseseko ordainetan bi sinonimo eskaintzen ditu Euskaltermek: half-life, half-life period / période de demi-vie, demi-vie. Gaztelaniarako, aldiz, semivida ordaina baino ez du ematen, baina Interneten hemivida eta vida mitad sinonimoak ere aurkitu ditut. Ordain horiek ere nire argudio-ildoarekin bat datozela deritzot, eta bizitza-erdi formaren alde egin lezakete.

Ezin aipatu gabe utzi Euskaltermek erdibizitza terminoaren erdisinonimo modura ematen duen erdidesintegrazio-periodo forma. Euskararen sistema deskribatu dudan modukoa bada, erdidesintegrazio hitza dagoke zuzen osatuta. Izan ere, aditzetik abiatu beharko ginateke, eta erdidesintegratu aditzaren esanahia ez litzateke ‘erdia desintegratu’ (zatikia), ‘erdizka desintegratu’ (eskalarra) baizik. Horri gaineratu beharko litzaioke erdidesintegratu euskararen sistemaren barruan sortutako aditzari egun maileguak egokitzeko soilik erabiltzen den  –zio atzizkia gaineratuko geniokeela. Kasu honetan ere uste dut, terminoa euskaraz sortuz gero, desintegrazio-erdiko denbora edo horrelako zerbait beharko lukeela. Beste aukera bat litzateke, jakina, semidesintegrazio-periodo edo semidesintegrazio-denbora egitea mailegua zuzenean egokituz.

Artikulu hau bukatzeko, aipatuko dut Euskalterm kontsultatu dudanean deigarri gertatu zaidan duela gutxiko aldaketa bat. Izan ere, UZEIren 1991ko Hizkuntzalaritza Hiztegian jasota daude erdibokal eta erdikontsonante terminoak baina, duela gutxiko aldaketak direla medio, irristari (2011 urtea) eta kontsonanterdi (2013 urtea) aurkituko ditugu kontsulta une honetan eginez gero. Seguruenik kontzeptuen eta terminologiaren eboluzioarekin lotuta egongo da erdibokal > irristari aldaketa, eta ni ez naiz gauza ezer esateko horretaz, baina erdikontsonante > kontsonanterdi aldaketaren azpian arrazonamendu linguistikoak daudela pentsa liteke. Eskala-irakurketa ikusten dut nik semiconsonante terminoan eta ez zatiki-irakurketa eta, hori hala balitz, lehengo hiztegiko forma (erdikontsonante) litzateke zuzena eta ez oraingoa.

Parametroak, erregelak, patroiak eta arauak

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntzalariok hizkuntzaren “egitura” edota hizkuntzaren “erabilera” azter ditzakegu. Hizkuntzaren egiturari “hizkuntza-sistema” edo “gramatika” ere esan ohi zaio, eta hizkuntzen egiturari erreparatzen diote, besteak beste, hizkuntzen arteko erkaketak egiten dituzten tipologia-azterketek eta hizkuntzen gramatika deskribatzea helburu duten azterketek.

Giza hizkuntza giza espeziearen bereizgarria denez, oinarrian “sistema” komun bat duela pentsatu behar da. Sistema hori deskribatzeko abstrakzio maila handiko “erregela” batzuk eta sistema horren barruan hizkuntzen arteko aldakortasuna azaltzeko balio duten “parametro” batzuk definitu dira, hizkuntza arteko aldakortasuna azaltzeko errelebanteak direlakoan[1]. Mundu zabalean hizkuntzen sistemen arteko erkaketak egiteko Joseph H. Greenberg-ek[2] definitu zituen irizpideen artean, perpausaren oinarrizko elementuen (S, V eta O) antolakuntza kontuan hartzen dituena dago[3]. Greenberg-ek aztertu zituen hizkuntzen artean, SOV eta SVO ziren tipologia nagusiak, hurrenez hurren, % 44,78 eta % 41,79 proportzioan. Ezaguna denez, euskara SOV motako hizkuntza dela onartzen dugu oro har hizkuntzalariok, Rudolf de Rijk-i[4] jarraiki. Onarpen hori, duen abstrakzio mailan ulertu behar da, alegia, hizkuntzak elkarren artean erkatzeko balio duten Gramatika Unibertsalaren parametroen balioen testuinguruan, eta ez inola ere euskararen gramatika-sistema deskribatzen duen urrezko erregela balitz bezala.  Beste irizpide tipologiko garrantzitsu bat da ordena-askatasunarekin lotuta dagoena. Adibidez, ingelesa eta gaztelania SVO tipologiako hizkuntzak izanagatik ere, gaztelaniaren hitz-hurrenkera ingelesarena baino askeagotzat hartzen da, eta euskararen hitz-hurrenkera gaztelaniarena baino are askeagoa dela oro har onarturik dago gure artean aspaldian, gutxienez Ithurry-ren[5] gramatikatik aurrera[6].

Giza hizkuntza-sistemaren eta hizkuntza partikularren sistemen arteko elkarreraginean kokatzen du Hawkins-ek[7] sintaxi-kateak prozesatzeko erraztasun maila, eta sistema bat proposatzen du erraztasun hori neurtzeko. Sistema hori lotuta dago sintagmen buruetara heltzeko prozesatu behar den hitz kopuruarekin, eta azaltzen du zergatik nahiago dituzten SOV tipologiako hizkuntzetako hiztunek (ere) aditzak eta mendeko perpausen konplementatzaileak aurreratuta dituzten esaldiak, subjektuaren eta aditzaren artean tartekatutako osagai askoko kate luzea gertatzen denean. Posible diren hurrenkeren artean, hiztunek prozesatzen errazagoak direnak hobesteko joera izango dutela defendatzen du. Euskarari ikuspegi teoriko hori aplikatu dio, besteak beste, Jon Ortiz de Urbinak[8], eta ikuspegia ezin hobeto uztartzen da, gainera, gure artean erabat zabaldurik dauden estilo-gomendioekin, besteak beste, Zubimendiren eta Esnalen[9] gomendio ezagunekin.

Sintaxilariek perpausaren oinarrizko ordena horien gainean gertatzen diren sintaxi-eragiketak aztertzen dituzte eta saiatzen dira aurkitzen zein diren Gramatika Unibertsala deskriba lezaketen “erregelak” eta, horien barruan, hizkuntza bakoitzaren gramatika-sistemaren “erregelak”. Lan horien helburua da gramatikaltasunaren mugak bilatzea. Sintaxi-lanetan aztertzen diren eragiketen artean daude galderak, ezeztapena, eta “fokuaren” eta “topikoaren” markaketa. Sintaxi-eragiketa guztiek dituzte ondorio fonetikoak eta ondorio semantikoak. Fokua nabarmenduta geratzen da prosodian eta esaldiaren interpretazioan: azken batean txanpon beraren bi aldeak dira horiek. Batzuetan fokuak hartzen duen prominentzia hori lotuta dago hitz-hurrenkeraren aldaketekin eta beste zenbaitetan ez. Euskaraz, fokua aditzaren ezkerrean kokatzen da oso maiz, baina ez beti. Adibidez, hor daude zuzenketa-fokuak[10] edota sintagma eta mendeko esaldi luzeak. Nolanahi ere, oinarrizko hitz-hurrenkeraren aldaketak ez dira bakarrik gertatzen fokuaren markaketaren ondorioz, jakina, beste eragiketa sintaktiko askok eragiten baitituzte hitz-hurrenkeraren aldaketak, besteak beste, ezeztapenak eta galderek.

Egitura sintaktikoak hizkuntzaren komunikazio-zereginarekin lotzeak eta pragmatikaren eta diskurtsoaren testuinguruan kokatzeak ekarri zuen, XX. mendearen erdialdean, esaldien egitura sintaktikoaz ez ezik, informazio-egituraz ere hitz egiten hastea Pragako hizkuntzalari funtzionalisten eskutik eta hizkuntzaren azterketarako hurbilketa soziodiskurtsiboetan[11]. Funtsezko ideia da informazio ezaguna/informazio berria partiketa. Askotariko terminologia erabili eta erabiltzen da lan horietan aipatu partiketarekin lotuta eskola eta alor desberdinetako hizkuntzalaritza-lanetan: logical/psychological subject vs logical/psychological predicate, presupposition vs focus, topic vs comment, theme vs rheme, topic vs predicate, topic vs focus. Euskaraz, denok oso ondo dakigun bezala, nazioarteko terminologia moldatuz erabilitako denominazioak ez ezik, “galdegaia”, “mintzagaia” eta “iruzkina” ere erabili izan dira. Nolanahi ere, artikulu honen ildoari jarraiki, azpimarratu beharrekoa da esaldien informazio-egitura ezin dela ondorioztatu diskurtsoa kontuan hartu gabe. Adibide bat emateagatik, Gizon batek bi seme zituen, Bi seme zituen gizon batek eta Gizon batek zituen bi seme esaldiek hitz-hurrenkera desberdina izanagatik ere, kontakizun baten hasieran daudela jakinda, erraz asko ondorioztatuko dugu informazio-egituran gailentzen den elementua bi seme dela hiruretan. Maila horretako gogoetek hizkuntzaren erabilerarekin dute zerikusia gramatika-sistemarekin baino areago, eta maila horretan, “patroiez” hitz egin genezake: patroi desberdinen maiztasuna azter genezake corpus batean edota saia gintezke lotzen patroi horietako bakoitzaren erabilera-maiztasuna zenbait faktore soziopragmatikorekin.

Honaino hel daitezke hizkuntzaren gramatika-sistemaren eta erabileraren (edo erabilera-sistemaren) azterketarako hurbilketa deskriptiboak eta horien gainean egin daitezkeen “teorizazioak”. Izan ere, hizkuntzalarien artean zabaldutako onarpena da Hizkuntzalaritza deskriptiboa izan behar dela: hizkuntzalariak “esaten denaz” daude interesatuta eta ez “esan behar denaz” eta, beraz, hizkuntzen alderdi guztiak deskribatzen dituzte “parametroak”, “erregelak” eta “patroiak” erabiliz, baina preskripzioa, alegia “zuzentasun-arauak” formulatzea, hizkuntzalaritzaren lanetik kanpo dagoela onartu ohi da. Nolanahi ere, garbi dago preskripzioak, alegia, erabilerari eragiteko “arauak” edo “legeak” ematea ohikoa dela hizkuntzetan zehar eta eragin handia duela hizkuntzan berean. Milroy eta Milroy[12] soziolinguisten gogoeta ekarriko dut hona, euskarari buruz ari garenean kontuan hartzekoa dela uste dut eta:

However, the reservation about prescription that is commonly expressed, has, in practice, led to a general tendency to study language as if prescriptive phenomena play no part in language. Many professional language scholars appear to feel that, whereas it is respectable to write formal grammars, it is not quite respectable to study prescription.

The attitudes of linguists (professional scholars of language) have little or no effect on the general public, who continue to look to dictionaries, grammars and handbooks as authorities on ‘correct’ usage.

Hitz-hurrenkeraz ari garelarik, “Altuberen legea” esan ohi zaiona preskripzioan kokatu behar den “lege”, “arau” edo “norma” bat da. Izan ere, zenbait euskaldunek erabiltzen dituzten hurrenkera batzuk baztertzea zuen helburu. Preskripzioa ohiko eginkizuna da estandarren garapenean, eta estandarizazioa jomugan duten arauak beti abiatzen dira (edo abiatu beharko lirateke) deskripzio batetik, konpondu nahi duten “arazo” baten diagnostikoa eginez, erabilerari eragiteko arau bat proposatzeko. Altubek ere euskaldunek erabilitako askotariko hitz-hurrenkeretatik abiatuta, diagnosi bat egin zuen, alegia, hurrenkera horietako batzuk “erderismoak” zirela eta, euskararen sistema babestea helburu hartuta, zenbait lege proposatu zituen. Esan beharrik ere ez dago Altuberen legeek XX. mendeko prosan (hegoaldean behintzat) izan duten eragina izugarria izan dela, eta eragin horretatik ateratzeko egiten ari garen ahalegina are handiagoa dela. Foro honetan Juan Garziak idatzitako Aditza amaieran? eta Galdegaia aditzaren atzean artikuluak edota Asier Larrinagak idatzitako Mintzagairi deika (I) ahalegin horren adibideak dira, bai eta Patxi Petrirenak, Gilen Mejutok eta Asier Larrinagak egindako iruzkinak ere.

Zentzu horretan esaten  nuen nik Juanen azken artikuluari egindako iruzkinean nire iritziz euskara estandarrak ez duela behar “galdegaiaren lege bat”, ez artikulu bakarra duen legerik, ez eta artikulu sorta luze bat duen legerik ere eta, areago, euskararen garapenerako kaltegarri deritzedala halako legeei. Euskararen hitz-hurrenkera gobernatzen duten “erregelak”, beste hizkuntzetan bezala, iturri askotatik datoz: giza espezieak hizkuntza prozesatzeko duen gaitasunetik, Gramatika Unibertsalaren erregeletatik eta parametro-aukeretatik, sintaxi- eta diskurtso-eragiketetatik… Euskaldun (arruntok) parametro eta erregela horiei eta gure esperientzia linguistikoan ikasten ditugun patroiei esker sortzen eta prozesatzen ditugu esaldiak, ez “galdegaiaren legearen” arabera. Hortaz, preskripziorako abiapuntu okerra iruditzen zait mota jakin bateko segidak hartu, isolatu, eta irakurleek interpretatzeko arazoak izango dituztelako “aurreiritzitik” abiatzea idazmolde jakin bat preskribatzeko. Kezka horrek eraman nau artikulu luze eta, seguruenik, korapilatsuegi hau idaztera. Zehazkiago, Juan Garziari irakurri diodan esaldi honek sortu dit kezka: «Une honetan, (definizioetako) lotura-esaldietan dago, ia-ia, halako tirabira bakarra estandarra zaintzen dugunon artean; hots, Zer da gramatika? motako galderen erantzunezko esaldien hitzordena izaten da auzia».

Kezka sortu zait “estandarra zaintzen dutenek” har dezaketen erabakiak niregan (idazle, irakasle, hizkuntzalari modura) izan ditzakeen ondorioak larriak izan litezkeelako. Baina, berriro ere, gehiegi luzatu naiz eta beste baterako utzi beharko dut definizioen kontua. Garaiz helduko ote naiz tirabira horietan ekarpenen bat egitera?


[1] Adibidez, erregela horietako bat da erreferentziadun sintagmek “kasua” izan behar dutela, eta erregela horrekin lotuta dago “ergatibotasunaren parametroa”: sistema akusatiboak eta sistema ergatiboak daude.

[2] Joseph H. Greenberg (1963). Universals of Grammar. Cambridge. MIT Press

[3] Garbi dago irizpide hori harreman estuetan dagoela buruaren parametroarekin. Buruaren parametroaren arabera, zalantza handirik ez dago: euskara “burua azken” hizkuntza da eta inguruan ditugun latinetiko hizkuntzak eta ingelesa, adibidez, “burua lehen” hizkuntzak dira. Hitzen, hainbat unitate fraseologikoren eta sintagmen osaeran garbi geratzen da egituraren burua bukaeran jartzeko joera hori: egongela / sala de estar, encarcelar / espetxeratu, min hartu / hacerse daño, etxean / en casa, etxe hau / esta casa, etxean  dago / está en casa.

[4] Rudolf de Rijk (1969). “Is Basque an S.O.V. language?” Fontes Linguae Vasconum I., 3: 319-351

[5] Jean Ithurry (1920). Grammaire Basque: dialecte labourdin. Donostia: Hor-dago.

[6] Askatasun hori estuki lotuta dago euskara hizkuntza eranskaria izatearekin. Hizkuntza eranskariek oso morfologia flexibo aberatsa izan ohi dute eta aberastasun horrek posible egiten du biunibokotasun maila handia egotea morfemen formaren eta esanahiaren artean. Horren ondorioz, hurrenkera ez da horren errelebantea sintagmen funtzio sintaktikoa markatzeko.

[7] John A. Hawkins (1994) A Performance Theory of Orden and Constituency. Cambridge University Press

[8] Jon Ortiz de Urbina (1998) “Axularren ezen konpletiboa eta hizkuntza prozesamendua” In Studia Philologica In Honorem Alfonso Irigoien. I. Turrez, A. Arejita eta C. Isasi (ed.). Bilbo: Deustuko Unibertsitatea.

[9] Jose Ramón Zubimendi eta Pello Esnal (1993) Idazkera-liburua. Vitoria- Gasteiz. Eusko Jaurlaritza.

[10] Ikus Jon Ortiz de Urbinaren analisia: Jon Ortiz de Urbina (2008) “(AR) Indar sintagmak, foku sintagmak eta ezkerraldeko buruak euskaran” In I. Arteatx, X. Artiagoitia eta A. Elordieta (ed.) Antisimetriaren hipotesia vs buru parametroa: euskararen oinarrizko hitz hurrenkera ezbaian. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua

[11] Jakina, ohikoa izan daitekeen bezala, ideiaren hazia askoz ere lehenagotik omen dator: XIX. mendeko hainbat hizkuntzalariren lanetatik.

[12] James Milroy eta Lesley Milroy (1985) Autority in language. Investigating language prescription and standardisation. London-New York: Routledge.

Zentral nuklearretatik komunitate mikrobiarretara

Igone Zabala Unzalu

Edozein hizkuntzak dituen baliabideak neurri handian hizkuntza horren hiztunek mendeetan egindako erabileren emaitza dira. Ezaguna da euskararen atzizki eratorleen sistema oso aberatsa dela. Adibidez, aditzetik ekintza-izenak sortzen (edo sortu)  dituzten hamabitik gora atzizki ditugu (-t(z)e, -era, -men/-pen, -mendu/-mendi, -zio, -keta, -kuntza, -dura, -kunde, -tza, -ada, -antza/-antzia eta Ø). Gaztelaniak, aldiz, sei ditu zero-atzizkia kontuan hartuta (-ado/-ido, -aje, -ción, -dura, -miento eta Ø). Horrek zer pentsatua eman beharko liguke ekintza-izenen erabilera gehiegizkoa eta inguruko hizkuntzen eraginaren ondorio delako baieztapenaren aurrean. Baina aditzetiko izenen eta nominalizazioaren gaia beste baterako (edo batzuetarako) utziko dugu eta adjektiboak sortzen dituzten atzizkiei begiratuko diegu oraingoan.

Euskarak baditu izenetik eta aditzetik adjektiboak sortzen dituzten atzizki ugari: -ti, -tsu, -bera, -koi, -kari, -kin, -tiar/-liar, -kor, -garri, -tzaile, -kizun, -dun, -ko eta -(t)ar. Nolanahi ere, atzizki horiek nolakotasunezko adjektiboak (kalifikatiboak) ematen dituzte nagusiki: -(t)ar atzizkia da erreferentziazko adjektiboak (erlazionalak) eman ditzakeen bakarra. Gaztelaniak, aldiz, erreferentziazko adjektiboak sortzen dituzten lau atzizki ditu (-al, -ar, -ario eta -ico). Euskarak erreferentziazko adjektiboak sortzeko atzizkietan duen urritasun hori era horretako adjektiboek euskal sintaxian dituzten zeregin murritzen ondorioa dela agerian uzten saiatuko naiz artikulu honetan.

Zer eratako oinarriei lotzen zaie -(t)ar atzizkia? Zer eratako adjektiboak sortzen ditu?  Batez ere izen propio edo arruntei lotuta aurkituko dugu eta jatorri edo kokapen esanahia  gaineratuko die izen horiei (europar, bilbotar, kanpotar, itsastar, gautar, …). Beste batzuetan, pertsona- edo erakunde-izenei lotuta aurkituko dugu, eta ‘jarraitzaile’ edo ‘zale’ esanahia gaineratuko die horiei (luterotar, eliztar, darwindar …). Azken hamarkadetan ohiko eraketa-arauetatik urrundu diren zenbait adjektibo sortu eta hedatu dira erabileran: hamartar, bitar, nepertar, kartesiar… Adjektibo eratorri horiek guztiak izenekin uztartu behar dira diskurtsoan eta zenbait baldintza sintaktiko bete behar dituzte horretarako. Hartara, ezin dute edozein motatako harreman sintaktikoa ezarri edozein motatako izenekin.  Ikus ditzagun zenbait adibide:

(1)
animalia itsastarra
* hondo itsastarra

(2)
mugimendu newtondarra
* lege newtondarrak

Murriztapen horiek lotuta daude euskaraz adjektiboen bitartez eman daitezkeen harreman sintaktikoekin. Aspaldiko artikulu batean aztertu nituen harreman horiek[1], Bosque[2] eta Picallo[3] hizkuntzalariek zenbait lanetan egindako azterketa eta sailkapenari jarraiki. Hizkuntzalari horiek erreferentziazko adjektibo tematikoak eta sailkatzaileak bereizten dituzte.

Adjektibo tematikoek argumentu-harremana dute laguntzen duten izenarekin eta sailkatzaileek, aldiz, adjuntu-harremana. Bi harreman horien arteko bereizketa funtsezkoa da sintaxian. Izan ere, argumentuak ezinbestez gauzatu behar dira eta behin bakarrik gauza daitezke eta adjuntuak, aldiz, ez dira ezinbestekoak. Bestalde, bi mota horietako elementuek kokagune desberdinak dituzte sintagma-egituran. Argumentu-harremantzat har daitezke gertaera baten eta horren subjektuaren edota objektuaren artekoak, bai eta jabego inalienable deritzen osoa-zatia harremanetakoak, edo magnitude  baten eta horrek neurtzen duen objektuaren artekoa ere. Hona hemen zenbait adibide:

(3)

  • infección vírica “birusek egiten duten infekzioa” (subjektua)
  • transporte electrónico “elektroiak garraiatzen dira” (objektua)
  • membrana celular “zelularen osagaia den mintza” (zatia-osoa)
  • radio terrestre “Lurraren zentrotik azalerara doan distantzia”  (magnitudea-objektua)

Adjektibo sailkatzaileek, aldiz, sailkatu egiten dituzte modifikatzen dituzten izenak. Sailkapen horren azpian dauden harreman semantikoak askotarikoak izan daitezke (xedea, kausa, baliabidea, kokapena…):

(4)

  • hilo dental
  • discriminación racial
  • animal marino
  • material quirúrgico
  • demostración matemática

Euskaraz funtsezkoa da aipatutako harreman bi horien arteko bereizketa sintaxian. Izan ere, argumentu-harremana dagoenean -(r)en atzizkia erabiltzen dugu eta ez -ko, eta, bestalde, argumentu-harremanak ezin eman daitezke adjektiboen bidez baina, sailkapen-harremanak, aldiz, bai adieraz daitezke adjektiboen bidez, nahiz eta askotan beste modu batzuetara ere adierazten diren (izen elkartuak edo izenlagunak).

(5)

  • itsasoko animaliak / animalia itsastarrak / itsas animaliak (sailkatzailea: “kokapena”)
  • itsasoaren hondoa / itsas hondoa / *itsasoko hondoa / *hondo itsastarra (tematikoa: “osoa-zatia”)
  • itsasoaren sakonera / *itsasoko sakonera / *sakonera itsastarra (tematikoa: “objektua-magnitudea”)

(6)

  • mugimendu newtondarra / *Newtonen mugimendua (sailkatzailea)
  • Newtonen legeak / *lege newtondarrak (tematikoa: “egilea”)

Oso maiz mailegatzen ditugu erreferentziazko adjektiboak, baina adjektibo mailegatuak erabiltzen ditugunean ere, kontuan hartu behar ditugu euskal sintaxiak ezartzen dizkigun murriztapenak:

(7)

  • zentral nuklear  (sailkatzailea)
  • *erradio nuklear / nukleo-erradio / nukleoaren erradio  (tematikoa)
  • *apurketa nuklear / nukleoaren apurketa  (tematikoa)

(8)

  • mikroskopio elektroniko (sailkatzailea)
  • *garraio elektroniko / elektroi-garraio / elektroien garraio (tematikoa)

(9)

  • *mintz zelular / zelula-mintz / zelularen mintza (tematikoa: osoa-zatia)
  • *heriotza zelular / zelula-heriotza / zelularen heriotza (tematikoa: subjektua)

Zer esanik ere ez dago agramatikaltasunaren asteriskoarekin markatu ditudan segida horietako asko oso maiz erabiltzen direla eta corpusetan ere presentzia handia dutela. Hiztegietan eta Euskaltermen ere jasotzen dira eta maiz erabat zuzenak diren segiden sinonimo modura ematen dira (zelula-mintz, mintz zelular). Nire iritziz, hiztegigileek eta erakunde normalizatzaileek ez diete ezikusia egin behar etengabe erabiltzen diren segidei. Jaso eta deskribatu behar dituzte erabilera horiek, baina uste dut normalizazio-ekimenen helburua izan beharko litzatekeela erabileran dagoen aldakortasuna ponderazio-marken bitartez, edota bestelako iruzkinen bitartez harmonizatzea, erabilera okerrak berbideratzen joateari begira.

Aipatu ditugun kasuetan, euskararen eratorpen-arauen bitartez sortutako adjektiboek eta mailegatutako adjektiboek konbinazio zuzenak eta okerrak ematen dituzte, baina muturreko kasutzat hartuko nituzke sorreratik bertatik zalantza gehiago sortzen dituzten adjektiboak. Ikasleen lanetan maiz aurkitu ditut esne amatarra eta populazio mikrobiarra bezalakoak, nire iritziz euskal sintaxia nabariki bortxatzen dutenak. ETC corpusean  amatar adjektiboak ez du inolako agerraldirik, baina mikrobiar adjektiboaren 170 agerraldi aurkitu ditut: gene mikrobiar, egonkortasun mikrobiar, purutasun mikrobiar, habitat mikrobiar, transformazio mikrobiarWeb-corpusen atarian 4 agerraldi ditu amatar adjektiboak, baina nolakotasunezko erabileratzat har daitezkeela iruditzen zait: Eta semea amatar naski./ Usu mutikoa amatar. / argitaletxeek ematen zizuten babes amatarra / nere jauregian ezin arki detan poz amatar billa. Mikrobiar adjektiboak, aldiz, 12 agerraldi ditu: biomasa mikrobiar, flora mikrobiar, kutsatzaile mikrobiar, bizitza mikrobiar, deskonposizio mikrobiar eta kutsatzaile mikrobiar.


[1] ZABALA, I. (1997) “Argumentu-harremana / eremu-harremana: izenondo erreferentzialen euskal ordainen bila”. Nazioarteko Terminologia Biltzarra. Donostia: UZEI.

[2] BOSQUE, I. (1993) “Sobre las diferencias entre los adjetivos relacionales y los calificativos” Revista Argentina de Lingüística 9: 9-48

[3] BOSQUE, I. eta PICALLO, C. (1996) “Postnominal adjectives in Spanish DPs” Journal of Linguistics 32: 349-385