Elebitasun-simulakroa

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Idazki hau idazten ari naizelarik, urriak 12 ditu. Gaur bukatuko dira Iruรฑeko Topaketak, kultura, arte eta pentsamenduaren nazioarteko bienala. Hamaika eguneko egitarau zinez oparoa ekarri digute Topaketek, eta nazioarteko makina bat pentsalari, artista eta idazle ikus-entzuteko parada izan dugu haiei esker. Nahi baino saio gutxiagotara joan naizen arren, Inperialismoak setiatuta gaitu (berriro) ibilbideko bi elkarrizketatan izan naiz, besteak beste.

Topaketak hasi aitzin, eskuorria eskuratu nuenean, pozgarria iruditu zitzaidan liburuxkan den-dena ele bitan egotea, baina, halakoetan ohi denez, ezin izan nuen jakin euskarazko saiorik egonen ote zen. Eskuorria goitik behera irakurrita ere, ez zen inon zehazten zer hizkuntzatan izanen ziren antzerkiak, emanaldiak, elkarrizketak, tailerrak, solasaldiak… Ohar linguistiko bakarra aurkitu nuen: โ€œGaztelaniaz egiten ez diren saioek aldibereko itzulpena izango duteโ€. Gero, susmatu bezala, jakin dut topaketetan euskarak oso toki txikia izan duela, eskuorriko itzulpenez haratago.

Itzulpena tresna baliagarria da hizkuntza gutxituen aldeko hizkuntza-politiketan. Ezin ukatuzkoa da hori. Administrazioek eta erakundeek sortu testuak euskaraz jaso ahal izateak berebiziko garrantzia du gure hizkuntzaren aldeko normalizazio-politiketan. Eskubidezkoa da. Hizkuntza gutxituaren prestigioa goititzen du. Hizkuntzaren bizindarra handitzen. Baina hala ote da itzulpena itxuratarako bakarrik erabiltzen denean ere? Zertarako balio du eskuorri bateko informazio osoa (saio eta hitzaldien izenburuak eta guzti) euskaraz ere emateak bertan iragartzen diren ekitaldietan euskarak tokirik ez badu? Erakundeak, Nafarroan bederen, ekimenei-eta โ€œbasque friendlyโ€ gisako geruza hutsal bat emateko baliatzen ari dira euskarazko itzulpena: itzulpena mari-bistako bat da, apaingarri huts bat, Orotariko Euskal Hiztegian hitz horretarako ematen den adibidearen zentzuan (โ€œUnek eztu balio, au maribisteko bat daโ€). Nahiz eta, ongi pentsatuz gero, ez den egia itzulpen kosmetikoak ez duela ezertarako balio, ukaezina baita berdintasunaren irudipena sortzeko eta hizkuntza-gatazka estaltzeko balio duela.

Hasieran aipatu moduan, Topaketetako zenbait hitzalditan izan naiz egunotan. Horietako bitan, hizlariak italieraz aritu dira, eta, eskuorriko oharrean gaztigatu bezala, aldibereko itzulpena egon da gaztelaniara: Gaztelaniazko itzulpena aditzeko, 1. kanala aukeratu behar duzu, ohartarazi dio Baluarteko langileak nire aldamenekoari hargailua eman dionean. Eta euskarazkoa aditzeko?, sartu naiz tartean ni. Oi, euskarazko itzulpenik ez dago, gaztelaniazkoa eta ingelesezkoa besterik ez.

Fundaciรณn Baluarte Fundazioak antolatu ditu topaketak, Nafarroako Gobernuak bultzaturik eta Iruรฑeko Udalak lagundurik. Geroa Bai dugu gobernukide Nafarroan, eta EH Bilduko alkatea dugu Iruรฑean. Topaketetan, halere, aldibereko euskarazko itzulpenik ez. Zergatia jakin nahi nuke. Jakin nahi nuke antolatzaileei aukera hori bururatu zitzaien ere, gaia mahai gainean izan zuten ere. Jakin nahi nuke ea, norbaiti bururatu arren, dirua aurrezteko erabaki ote zuten euskarazko interpreterik ez kontratatzea. Jakin nahi nuke norbaiti bururatu bai, baina gero pentsatu ote zuten jende gutxik erabiliko zuela zerbitzu hori eta ez zuela merezi. Jakin nahi nuke, jakin-min hutsez.

Urriaren 2an, Topaketak hasi ziren egun berean, Beรฑat Erezumaren euskarazko hitzaldira joan nintzen Euskarabidera. Bi interprete aritu ziren saioa aldi berean gaztelaniaratzen. Areto osoan, bizpahiruk baizik ez zuten zerbitzua baliatu. Bi interprete, soinu-teknikari bat, bizpahiru hartzaile. Jakin nahi nuke ea antolatzaileei bururatu ote zitzaien gaztelaniazko interpretazio-zerbitzurik ez eskaintzea. Aukera mahai gainean izan ote zuten ere. Kostu ekonomikoaz solastatu ote ziren. Jakin nahi nuke, jakin-min hutsez.

Topaketen bigarren egunean, Maja Haderlap idazleak โ€œHizkuntza eta bizitzaโ€ izeneko elkarrizketan parte hartu zuen. Topaketen webgunean azpimarratzen denez, Haderlapek hizkuntzaren eta identitatearen arteko elkarreragina lantzen du bere obran, eta gutxiengo kultural bateko kide izatearen esanahia aztertzen du[1]. Ezin izan nintzen solasaldira bertaratu, baina han izaniko lagun batek kontatu dit oso harrigarria egin zitzaiola nola ibili zen saioaren gidaria, idazle espainiar bat bera, Karintia goiti eta Karintia beheiti, mugaldeko herriak eta hizkuntzak ahotan harturik, aipatu ere egin gabe hemen ere badela bi estatuk zatitutako hizkuntza-komunitate bat; eta nola, bukaeran, ikusle batek mikrofonoa hartu, eta Euskal Herriko egoera hizpidera ekarri zuenean, inguruko batzuk eserlekuan inarrosten hasi ziren. Lagunak kontatu dit gaitzespen-kutsuko marmarrak ere aditu zituela eta iruditu zitzaiola gidariak berak ez ziola ongietorririk egin ikuslearen hausnarketari.

Uste dut Topaketetan euskarak izan duen tokiak eta pasadizo horrek ongi irudikatzen dutela askok euskarari eman nahi lioketen eginkizuna: izan dadila apaingarri pollit bat, baina inola ere ez kulturari, arteari eta pentsamenduari eragiteko balio duen hizkuntza bat.


[1]ย Webgunean bada detaile xume eta esanguratsu bat (milesker, Amaia!). Maja Haderlapen euskarazko aurkezpen-orrialdean, haren El รกngel del olvido (Perifรฉrica, 2019) aipatzen da, gaztelaniaz, euskarazko itzulpena aipatu ere egin gabe: Ahanzturaren aingerua, Idoia Santamariak 2025ean itzulia, Pamiela argitaletxean.

Aukerak (III)

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Azken urteotan euskaraz idatzitako testuetan ugaltzen ari diren hiru joeraz arituko naiz gaur: alferreko erlatiboen ugaritze neurrigabeaz, moduzko adberbioak eratzeko derrigor -ki atzizkia erabiltzeaz eta, hein batean gaztelaniaz landutako hizkera ez-sexistaren proposamenen ondorioz, euskaraz ere erruz zabaldu den pertsonamaniaz. Ezer deabrutzeko asmorik ez nik, perpausak arintzen dituzten aukera batzuk oroitarazi beste asmorik ez dut eta.

EBEk berak alferreko erlatiboaz ohartarazten digu, eta hauxe adierazten: โ€œErlatiboaren bidez emanikoa ere zuzena da berez, baina galdegai-sistema arruntaz baliatzeak perpausa asko arintzen duโ€.

Ikus dezagun adibideren bat horren erakusgarri:

Esaldi hau zuzena da:

  • Palestinarren lurrak lapurtzea kolono israeldarren artean ohikoa den praktika bihurtu da.

Baina beste hau, askoz arinagoa (formaz, jakina):

  • Kolono israeldarren artean ohiko bihurtu da palestinarren lurrak lapurtzea.

-ki atzizkiak[1] ere badu sarrera EBEn, baina ez da zuzenean aipatzen hona ekarri nahi dudan kontua. Nire kezka da ezen, gure ondoko (gaineko?) erdaretan adberbio batek -ment / -mente atzizkia daramala ikusiz gero, hura itzultzeko euskaraz ere -ki duen adberbio bat erabili nahi izaten dugula, eta maiz ahantzi egiten dugula -ki gabeko adberbio asko ditugula (zigorgabe, harrigarri, zeken, larri, gogor, irmo, bidegabe, sakon, trakets, garratzโ€ฆ)[2].

Hona hemen adibide bat:

  • Trumpek zakarki eta gordinki adierazi duena da sudur puntan jartzen zaionean etengo dituela erasoak.
  • Trumpek zakar eta gordin adierazi du sudur puntan jartzen zaionean etengo dituela erasoak.

Pertsona izenaren loraldia dela eta, iruditzen zait, Hegoaldean bederen, pertsona hitzaren erabilera asko zabaldu dela, batetik, esan bezala, gaztelaniaz hizkera ez-sexista erabiltzeko baliabide aproposa delako; eta, bestetik, kolektibo jakin batzuen eskariz, kondizio jakin bat dutenak aipatzean azpimarra norbanakoarengan jartzearren eta ez haren berezitasun jakin batean (adib.: โ€œitsutasuna duen pertsonaโ€ eta gisakoetan).

Baina kezka bera etortzen zait: pertsona erabiltzearen erabiltzeaz ez ote zaigun ahantziko lagun eta norbanako aukerak ere baditugula, edo โ€œalgunas personas dicenโ€ euskaraz โ€œbatzuek dioteโ€ itzultzen ahal dugula)[3].

Honatx azken adibidea:

  • Pertsona batzuek irmoki salatu nahi dutena da badirela pertsona batzuk euskara inposizioaren bidez zabaldu nahi dutenak, eta, horregatik, XXX pertsonez osatutako WhatsApp talde bateanโ€ฆ
  • Batzuek irmo salatu nahi dute badela jendea euskara inposizioaren bidez zabaldu nahi duena, eta, horregatik, XXX lagunez osatutako WhatsApp talde bateanโ€ฆ

Oraingoan ere, hasieran esan bezala, artikulu honen helburu behinena euskaraz idaztean ditugun aukerez gogoetatzea besterik ez da, hau ez baita plaza egokia adibideetan ageri diren aferez mintzatzeko. Edo agian bai.


[1] EBEk hau dio (kontuan hartzekoa, zinez):

โ€œAdberbioetan, moduzkoak eratzeko erabiltzen da: (โ€ฆ) Halakoetan, kontuan izan behar da batzuetan badirela bestelako aukera batzuk ere, eta egokiagoak zenbaitetan: legalki (> legez), teorikoki (> teorian), ekonomikoki (> ekonomian), (nik) pertsonalki (> nik neuk), tradizionalki (> tradizioz)…โ€

[2] Oso aintzat hartzekoak iruditzen zaizkit, orobat,  Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak libururako Patxi Petrirenak hautatu adibideak (โ€œ7.1.2. Ez alferrik erabili -ki atzizkiaโ€).

[3] Itzulpenetan pertsona itzultzeko lagun hitza ere kontuan hartzeari buruzko gogoeta interesgarria dator Lamia Filali-Mouncef Lazkanok 2022ko Senezerako idatzi artikulu honetan: โ€œItzultzaileak eragile soziokultural gisa Euskal Herrianโ€

Ingelesa Haur Hezkuntzan? Aukeran, nahiago ez

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Aspaldi-aspaldi ohartu ginen D ereduak ez zuela euskalduntzea bermatzen. Baina hori jakin arren (eta gure egoera soziolinguistikoa eta euskararen gizarte-estatusa zein den jakinda), batzuei, aspaldi, ideia ona iruditu zitzaien euskarazko murgiltze ereduetako umeak Haur Hezkuntzan has zitezen ingelesa ikasten. ย Bizirauteko ingelesa jakitea ura bezain ezinbestekoa dela sinetsarazi digutenez, gurasoek pozik hartu zuten neurria. Ezin bestela izan. Gaur egun, Hego Euskal Herriko hizkuntza eredu guztietako haurrak 4 urterekin hasten dira ingelesa ikasten. Are gehiago, Nafarroan โ€•ederki kostataโ€• zabaltzen diren D ereduak PAI-D ereduak dira, derrigor, eta EAEn euskarazko murgiltze-eredu eleaniztunak bultzatzen ari dira.

Hainbesteko karrez eta indarrez esan digute gure haurrek, bizitzan galtzaile izanen ez badira, Oxforden jaio eta han biziko balira bezain ongi mintzatu behar dutela ingelesez, non haur ingelesdun petoak heztea bihurtu baita familia askoren xede, euskaltzaleen artean ere bai: alaba txikia zenean, euskarazko jolas talde batera eraman genuen, baina, guraso gehienen eskariz, zeinek seme-alabak euskaraz eskolatuak baitzituzten, talde hura ingelesezko jolasgune bihurtu zen.

D ereduaren ezinaren datuak oso gordinak dira. Mikel Basabek aspaldiko artikulu batean azaldu zuen zein kezkagarriak ziren EAEko ikastetxe guztietan 2019an egindako ebaluazio diagnostikoaren datuak, adierazten baitzuten D ereduak ez duela inolaz ere bermatzen elebitasunaren helburua.

Badakit eskolak bakarrik ezin duela, hertsatzen gaituen diglosiak bihurtzen duela haurren euskalduntzea hain nekeza inguru askotan, eta badakit ikastetxe batzuetan hasiak direla egoera iraultzeko neurriak hartzen. Horregatik iruditzen zait ingelesak hartzen dituen orduak ere jarri behar direla mahai gainean, haur txikiek HHko ikasturteetan zehar ingelesa ikasten ematen dituzten orduak oso baliotsuak izan daitezkeelako etxetik erdaldun eskolatzen diren umeek euskaraz hobeki (egiaz?) ikasteko.

EAEn, D eta B ereduetako ikasleei B1 maila aitortzen zaie DBH bukatutakoan, baina datuek (eta gure belarriek) besterik esaten digute. Erabilerak gaitu kezkatzen, baina euskaraz ozta-ozta dakitenak nekez arituko dira eroso eta gustura hizkuntza horretan. Nire ustez, gazte tituluz euskaldunek euskararen aldeko hautua eginen badute, ezagutza da indartu beharrekoa. Ez dakienak ezin-eta hautatu. D ereduetan ikasitako gazte euskaldunen taldetxo batekin suertatu nintzen aurrekoan: solasean ginela, hizkuntza ohituren gaiaz aritu ginen, eta garbi eta ahoan bilorik gabe aipatu zuten ikastola-/institutu-garaian beren ikaskide askok ez zekitela euskaraz bizpahiru esaldi josten.

Ez gara halakoez harritzen, baina ez ikusia egiten diegu. Ostrukarenak egiteak, ordea, ez digu lagunduko. Burua goititu, begiak zabaldu, eta belarriak zorroztu beste aukerarik ez dugu. Min ematen digun egoeraren neurriaz eta larriaz jabetu behar dugula iruditzen zait, eta egoera iraultzen lagunduko digun erraminta-kutxa hornitu, eta D ereduetan ingelesak hartzen dituen ordu mordoak kimatzen hasi ere bai.

Nolanahi ere, ez dut ezkorra izan nahi, itsasoak badu-eta esperantzarik: lankide batek kontatu berri digu 11 urteko alabak etxean esan diela ez duela ikastetxeak Lekarozen (bai, Lekarozen) antolatuko duen English Weekera joan nahi. Neskak honela azaldu die erabakia: โ€œzertarako joanen naiz herri euskaldun batera ingelesez mintzatzera?โ€. Tutoreari ez zaio erabakia askorik gustatu, baina gure lankideak, ingelesaren matrakarekin ni bezain gogaitua bera, pozez eta harro kontatu digu gertatutakoa. Alaba ez da Lekarozera joanen.

Neskato horren erabakia buruan, otu zait hor egon litekeela ingelesak ikastetxeetan hartu duen garrantziaz kokoteraino gauden gurasoen aukera: beharbada gure desadostasuna erakusten hasi behar dugu, edo, gutxienez, ingelesa hautazkoa izan dadila eskatzen, HHko urteetan behinik behin. Leloetan ere pentsatzen hasi naiz: โ€œHH: ingelesaren inposiziorik ezโ€, โ€œHH: ingelesa askatasuneanโ€; โ€œIngelesa HHn? Ez, eskerrik askoโ€; โ€œIngelesa HHn? Aukeran, nahiago ezโ€โ€ฆ[1]


[1] Hau ez da gaiari buruz idazten dudan lehen aldia. Blog honetan bertan testu hau argitaratu nuen orain dela ia 10 urte. Eta, Euskalerria Irratian, beste hau 2024an. Bestetik, testua idatzi ondoren, honat ekartzeko hagitz aproposa iruditu zaidan aspaldiko artikulu honen berri izan dut. Joxe Manuel Odriozolarena da eta bikain aletzen ditu ingelesaren sarrera goiztiarrak eragindako ohar kritiko zenbait.

Alimalekoak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Neurez aski baikorra naizen arren, itzultzaile naizen aldetik batzuetan tristurak jota ibiltzen naiz han eta hemen ikusitako itzulpen desegoki edo traketsak direla eta. Badakit ez naizela bakarra, lankideen artean sarritan hartzen baititugu hizpide halako itzulpen tristura-emangarriak. Itzultzaileoi saihetsezina zaigu trakeskeriez ohartzea eta haiez mintzatzea, eta egoki da, eta zuzen; baina, oraingoan, azken hilabeteotan han eta hemen ikusitako itzulpen eta itzulsorpen nire ustez egoki eta bikain batzuk azpimarratu nahi nituzke, eta haien egileak txalotu, bide batez.

Hasteko, bada, hona hemen Iruรฑeko karriketan โ€•ni haien xerka ibili gabeโ€• begietaratu zaizkidan zenbait adibide gogo-pizgarri, denak ere Iruรฑeko Udalaren kanpainetakoak:

Lehenbizikoa, Iruรฑeko Plaza On Boluntarioen Udal Sarearena da. Adibide horretan gaztelaniazko eslogana hitzez hitz itzuli beharrean, euskaraz beste bat itzulsortu zuten hiriko panel batzuetarako, eta leloak elkarren osagarri bihurtu. Honatx: ยฟTe sumas al auzolan? / Plazan elkartuko gara!

Bigarrenean antzera jokatu zuten itzulsortzaileek Iruรฑeari buruzko eslogan bat sortzean, lelo bikoitza eman baitzuten: Pamplona, de verdad / Iruรฑa, bagara. Hiri buruzagia zer-nolakoa den aditzera eman nahi duten mezu biek elkar osatzen dute, hiri buruzagiko bi hizkuntza nagusiek batak bestea osatzen duten gisan.

Hirugarren eta laugarrena Iruรฑeko Udalak sanferminetarako prestatu bi kanpainatakoak dira. Itzultzaileek fidelago jokatu zuten bietan, baina askatasunez, eta euskaratik. Niri txit aproposak iruditu zaizkit, ea zer iruditzen zuei:

Bosgarrena ez da Iruรฑeko Udalarena, gure hiriko alde zaharreko Damaxen ardandegiko erakusleihoan ikusitakoa baizik:  Acompaรฑamos momentos รบnicos / Une paregabeak osatuz. Berriz ere libre jokatu zuten euskaratzaileek aditza aukeratzean, behar bezain urrun, txukun.

Seigarrena,  beste garai bateko oroigarriak diruditen kaleko postontzi hori horietako batean ikusi dut. Aspaldikoa dela pentsatzen dut, eta postontzi guztietan ageriko dela, baina itzultzaile ausart baten adibide eredugarria dela uste dut, eta zerrenda honetan egotea merezi duela: Horario lรญmite de recogida / Azken bilketa.

Zazpigarrena, eta bildumatto honetako azkena, ez dut kalean ikusi, Interneten baizik. Nafarroako Gobernuak errepideetan animaliekin gertatzen diren ezbeharrez ohartarazteko kanpaina batekoa da:

X sare sozialeko erabiltzaile batek idatzi bezala, niri ere hau bururatu zitzaidan leloa ikustean: โ€œZe ona!โ€. Eta beste batek aipaturiko hau ere bai: โ€œEuskarazko leloa bikaina da, eta are, gaztelerazkoa baino hobea ere!โ€.

Itzulpen- eta sorkuntza-lan horietan guztietan bada gaztelaniaren morrontza erabatekotik askatzeko nahia, hizkuntza horretan asmaturiko mezu gutxi-asko egokien euskal kopia zozorik ez emateko gogoa, eta euskaldunoi zuzenean hitz egiteko asmoa. Eta, gainera, badute beste alde aski interesgarri bat: itzulgailu neuronalei ezin zaizkie halakoak bururatu. Oraingoz.

Paperaren alde

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Gaur egun, ezinezkoa irudituko litzaiguke hizkuntza-baliabide digitalik gabe itzultzea. Funtsezkoak bilakatu zaizkigu, gure lana hobeki eta azkarrago egiten laguntzen digute eta. Niri, nola ez, zoragarria iruditzen zait Euskalbarrek dituen baliabideak oro klik batean izatea eskura. Zoragarria, OLI tresnak erabiltzea, eta corpusetara eta itzultzaile neuronaletara jo ahal izatea… eta, halere, noizbehinka, paperaren hutsa sumatzen dut, oso gogoko baititut eskuztatzen eta tolesten, azpimarratzen eta zirriborratzen ahal diren baliabideak. Adin kontua ote?

Hau ez da XX. mendera itzultzeko minaz idatziriko ariketa nostalgikoa, baina bada, ordea, digitalizazioak aldarazi dizkigun lan-moduez mintzatzeko saioa. Gure itzulpen atalean, adibidez, zuzenketak ere pantailetan egiten ditugu orain. Itzulpena bukatutakoan, zuzentzaileari igortzen diogu, formatu digitalean, eta hark oharrekin eta zuzenketekin itzultzen guri. Bukatu dira garai batean maiz izaten genituen binakako โ€œbileraโ€ haiek, zeinetan zuzentzaileak, itzultzailearen ondoan jarrita, banan-banan azaltzen zion bere zuzenketen eta proposamenen funtsa. Paperen hutsaz gain, elkarrizketa haien hutsa ere sumatzen dut noizbehinka, haien bidez ikasi baitut itzultzeaz dakidantxoaren gehiena, nik baino aunitzez gehiago zekiten lankide eskarmentu handikoengandik ikasi ere.

Nire sentimendu horri oinarri serioago eta sendoagoren bat eman nahian, sarean ibili naiz paperen onuren alde hausnartzen lagunduko didaten baliabide digitalen bila (ene!) eta, halako batean, webgune batean irakurri dut ezen, ikerketa batzuen arabera, paperean irakurtzen dugunean errazago ulertzen dugula, batik bat arreta handiagoz irakurri beharreko testuak badira edo azkar irakurri beharra badugu. Ez dakit zer iruditzen zaizuen zuei, baina niri ez zait argudio txarra iruditzen gure egunerokoan paperari toki gehixeago egiten hasteko berriz…

Bestalde, uste dut batzuetan ahantzi egiten zaigula baliabide digitalak, zein ere diren zoragarriak, baliabideak baizik ez direla, bitarteko hutsak, eta hizkuntza-baliabide guzti-guztiak ere ez daudela Interneten. Uste dut sarean ez dauden material horietan ere badugula zer ikasia, gure hizkuntza-baliabideen sorta ugaritzen lagun diezagukeela idazle on baten liburua plazer hutsez eta patxadaz irakurtzeak ere: itzultzaileok gero eta hobeak izan beharko baitugu, itzultzaile neuronalek eta adimen artifizialeko beste aplikazioek baino gehiago jakin beharko dugu, haiek proposatuko dizkiguten emaitzak egokiak (edo egokienak) diren bereizteko.

Hala, bada, testu hau bukatu eta ordenagailua itzali bezain laster, udaberriko egun paregabe hau probestuko dut Takonerako lorategietara joateko, bizpahiru txandrio goxo โ€•ez Uxue Reyk aipaturiko horietarik, baizik Beatriz edota Donezar gozotegietan egiten dituztenetarikโ€• eta liburu on bat hartuta, arratsalde-pasa egiteko han, itzalpean, hostoen azpian eta orriak eskuetan.

Aukerak (II)

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Gaztelaniazko testuetan oso ohiko bihurtu den aditz batez mintzatuko naiz gaurkoan: compartir; zehazki, erdal aditz horrek egun dituen bi esanahiz: kontatu/jakinarazi eta bat etorri.

Lankide batek dio erraz antzematen ahal zaiola aditz horrek kasuan-kasuan daukan esanahiari eta ez genukeela arazorik izan behar gure testuetan ordain egokia aukeratzeko. Egiaz, ordea, ez da hala, eta ematen du compartir opiniones (=expresar, poner en comรบn, intercambiar) eta compartir una opiniรณn (=estar de acuerdo) itzultzeko partekatu hobesten ari garela maiz.

Beste lankide batek dio ezen, aditzaren adiera horien zabalkundearekin batera, partekatu aditzaren euskarazko beste adieretako bat (zatikatu) galtzen ari garela, Hegoaldean bederen. Eta orobat dio orain ez dakigula esaten โ€œetxe berean bizi garaโ€.

Nire ustez, compartir una experiencia eta gisakoak (eta ez naiz ari โ€œzerbait elkarrekin egiteazโ€) ingelesezko share aditzaren gaztelaniazko kalkotik etorri zaizkigu hein batean. Eta, bestetik, iruditzen zait compartir automatikoki partekatu itzuli behar horretan itzultzaile neuronalek ere badutela zerikusia.

Gure itzulpen zerbitzuko lehenbiziko itzultzaileei ikasi genien gure lehen eginkizuna testuaren mezua ongi ulertzea zela eta bigarrena, berriz, euskaraz eta euskaratik mezu hori esaldiz esaldi nola emanen genukeen aztertzea eta erabakitzea; ez genuela zertan zurrun segitu gaztelaniazko estiloari eta hiztegi-moldeari, urrunduz ere sortzen ahal genituela euskarazko testu baliokide eta taxuzkoak. Garai batean, orain ez bezala, ulertze, urruntze eta mamurtze ariketa horiek patxada handiagoz egiteko aukera genuen. Ohartzen naiz gaur egun, lan-karga hain modu ikaragarrian handitu zaigun honetan, ezin garela beti aritu, lankide beterano batek zioen bezala, goxogintza fineko gutiziak prestatzen, eta opil industrialak egin beste erremediorik ez dugula. Ados nago, jakina, baina uste dut ez genukeela erabat galdu behar itzulpen-aukerez gogoetatzeko beti erne izan beharko genukeen bulkada.

Eta oraingoan ere, aukerei buruzko aurreko artikuluan esan bezala, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere hizkuntza baliabideak eta berrikuntzak baztertzea, baizik eta aukerez hausnartzea eta bururatutakoak zuekin partekatzea.

Bazterrekoak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Eguberriak, neguko solstizioa, eskatzeko eta eskerrak emateko garaia direla dio adiskide batek. Argitu orduko iluna dugu abenduko egunotan, baina badakigu eguna luzatzen hasiko duela sarri. Jatorriz, eguzkiaren garaipenaz gozatzeko eta eguzkia bera gurtzeko ospakizunak dira hauek, eta sua, gurtu beharreko eguzki horren ikur bilakaturik, ezaugarri bereziz hornitzen da egunotan: ongilea da, babesgarria, magikoa. Gure arbasoek su hori ongi zaindu behar zela sinesten zuten eta, segur aski, horregatik oparitzen zioten su horri oihanetik ekarritako enbor handi bat, hurrengo hilabeteetarako suaren โ€“eguzkiarenโ€“ babesa eskatu eta eskuratzeko. Enbor berezi hori neguko solstizioaren irudi bihurtu zen, eta hamaika izen hartu Euskal Herrian: subilaro, orantzaro, sukubela, porrondoko, baztarrako, olentzero…

Transmisioa eta tradizioa ez zaigu beti gure aurrekoengandik zuzenean heltzen. Gure etxera bi iloba txikik ekarri zituzten aurrenekoz bazterrekoak. Nonbait, herri batzuetan, Gabon gauean, familiako kide bakoitzak egur-zati bat botatzen zuen sutara. Zaharrenak jaurtitzen zuen lehena, eta txikienak, berriz, azkena. Joandakoak ere hartzen zituzten gogoan, egur-pusketa bat errez haien txanda iristean. Iruรฑeko Hegoalde Udal Ikastolan erritu hori biziberritzea otu zitzaien aspaldi eta, orduz geroztik, ikasle bakoitzak bere bazterrekoa prestatzen du eskolan, egur-zati bat nahieran margotuz eta apainduz, etxera eramateko gero.

Iloba haiengandik ikasitako ohitura hori buruan, behin baino gehiagotan pentsatu dut ongi asmatu zutela udal ikastolan. Xarmaz eta magiaz beteriko erritu bat ezagutarazi zieten umeei (eta umeek guri) eta, aldi berean, azalberritu egin zuten, haurrei lan artistiko bat egiteko proposatuz. Hala, tradizio eraberritu horren hartzaile ez ezik, haren sortzaile eta eragile ere bihurtu zituzten. Euskal Herrian, hamaika izan dira behialako tradizioak arnasberritzeko egindako saioak. Agian, ez da beti asmatu, edo bai, zaila baita azal berria denon gustukoa izatea โ€“eder edo itsusi, zein begik ikusiโ€“, baina tradizioa museotarako ondare fosildu ukiezintzat ez hartzeko gogoa eta ausardia behintzat askok izan dute, eta, seguru asko, euskarari berari halako begiez so egin ziotenei esker ez zen guztiz eten euskararen beraren transmisioa Bizkarsoron, begirada ahaldundu horri esker erabaki baitzuten batzuek haurrak euskaraz heztea eta garenaz ongi hitz egitea.

Eta egiaz nora naramaten ez dakidan gogoeta-izpi hauek idazten ari naizela, otu zait euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa ere ez genukeela goitik behera โ€“gurasoengandik eta irakasleengandik haurrenganaโ€“ doan norabidean soilik ulertu behar, badugu-eta haur eta gazteengandik zer jaso. Nik aurten, Lesakara autoz egindako hamaika joan-etorritan, Dupla taldearen Dantza gaua dantzagarria jaso dut opari alabarengandik, baita ezezaguna zitzaidan McOnak taldearen Tabernako argiak abesti ederra ere. Nik, berriz, Itoizen Hegal egiten oparitu diot, eta hari gustatu, nonbait, zeren bueltan Itoizen abesti โ€œmitikoโ€ guztiak entzunarazi baitizkit makina bat aldiz, eta, gainera, ez dut garbi nola (algoritmoaren ondorioz agian), Kortaturen abesti zahar andana bat itzularazi du etxera.

Eguberriak, neguko solstizioa, eskatzeko eta eskerrak emateko garaia direla dio adiskide batek. Ados nago. Dena ez da, ordea, jendaurrean esatekoa eta, hortaz, eskeak, nire kolkorako gordeko ditut, Olentzerok dena daki eta. Eskerrak, aldiz, bakoitzari bereak erakutsiko dizkiot: hitzez eta besarkadaz, hemen daudenei, eta beren bazterrekoa sutara jaurtiz, joan direnei. Egun hauek goxo igaro ditzazuela opa dizuet, eta bazterreko batek zaindu zaitzatela heldu den urte guztian.

Zubiak eta borroka

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Itzulpengintza zubiekin alderatzen dugu maiz. Zubiak bi aldeetan daudenak harremanetan jartzeko dira eraikitzen, onuragarritzat hartzen ditugu, eta gustuko dugu itzultzaileak zubigileak garela esatea, eta sinestea. Eta izan, hala da, baina zubiak ez dira beti asmo onez eraikitzen, edo ez behintzat zubiaren bi aldeetan daudenen mesede.

Zubiak, adibidez, oso lagungarriak izan daitezke ibaiaren beste aldekoak mendean hartu nahi dituzten erasotzaileendako. Administrazio kolonial britaniarrean, itzulpenak berebiziko zeregina bete zuen, erruz baliatu baitzen tokian tokiko biztanleei buruzko datuak biltzeko eta agintari kolonialen eta mendean hartutakoen arteko komunikazioa errazteko.

Kolonizatuen mitologia, literatur lanak eta ahozko kontakizunak ez dira soilik jakin-minaren, ezagutzaren eta bakezko asmoen amoreagatik itzuli, azpiratuak hobeki ezagutzeko eta modu eraginkorrago batean menderatzeko baizik.  

Itzulpenek orobat balio izan dute besteak eta besteen hizkuntzak exotizatzeko (batzuetan, itzultzaileek, nahita edo nahi gabe, besteen kultur sistemak oker ulertu dituztelako); edo, aitzitik, desberdintasunak txikitzeko edota hutsaltzeko.

Eta, horrez gain, itzulpena oso garrantzitsua izan da metropoliaren ohiturak, balioak eta erlijioa hedatzeko, eta, hortaz, administrazio koloniala errazago ezartzeko.

Itzulpena boteretsuenen alde erabiltzen den baliabide bat izan daiteke edo, aitzitik, botere gutxiago dutenen ahotsak entzunarazteko eta zabaltzeko tresna.

Palestinar literaturako sei liburu[1] itzuli dira aurten euskarara, eta haietako bi ยซItzulpena borroka daยป izenburuko saio batean aurkeztu zituzten joan den astean. Zubi horiek igarotzeko irrikaz nago.


[1] Hauek dira: Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz, Rifqa, Detaile xume bat, Ehun urteko gerra Palestinaren aurka, Gazako egunerokoa eta Herri-gerra Palestinan: Okupazioaren arkitektura eta estrategia militarra.

Orain kontsumitzaileak gara

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Kapitalismoak ingelesa eraldatu duela irakurri nion aurrekoan kazetari bati. Ingelesa eta gainerako hizkuntzak, pentsatu nuen, hizkuntza orotara eta hizkuntzaren esparru guztietara zabaldu baitira kapitalismoak eraldaturiko ingelesaren hizkera-moldeak. Hala, ohitu gara langileei โ€œgiza kapitalโ€ edo โ€œgiza baliabideโ€ deitzen, idazlanei โ€œekoizpen idatziโ€ eta jendeari โ€œbezeroโ€ edo โ€œkontsumitzaileโ€. Honetaraz gero, geu ere bihurtu gara produktu: ez oso aspaldi โ€œGestiรณn de una/o misma/oโ€ esaldia itzultzea tokatu zitzaidan (uste dut Nafarroako Gobernuak antolaturiko ikastaro baten helburuetako bat zela).

Eta ohitu garen arren โ€œrecurso de apoyo educativoโ€ euskaraz โ€œhezkuntza-laguntzako baliabideโ€ paratzen zirkinik egin gabe eta jakinik langile bati buruz ari garela, aurreko batean soberaxko eta ia ezinezko iruditu zitzaidan esaldi bat itzuli behar izan nuen: โ€œEl alumnado consume poesรญaโ€. Egiari zor, nire kezka nagusia ez zen izan erabaki beharra nola eman esaldia euskaraz โ€“ea hitzez hitzezkora jo beharra nuen, edo munduaren merkantilizazio mugagabea mugatzeko moduko beste aditz bat aukeratuยญโ€“, kezka handiagoa eragin baitzidan Hezkuntza Departamentu batek ekoitzitako testu batean holako esaldiak agertzea normaldu izana. Badakit garaian garaiko gizarte-antolamenduak zizelkatzen digula hizkuntza, eta gure gizarte kapitalistaren enegarren erakusgarri bat besterik ez dela, baina, esaldi hura irakurrita, zoliago eta barrenago sumatu nuen ohiko kirrinkaโ€ฆ

Nolanahi ere, ongi dakit kirrinka zoliago horietara ere ohituko naizela, arrazionaltasun ekonomikoa arteetara ere hedatu da-eta aspaldi. Nire beldurra bestelakoa da: kapitalismoaren hizkuntza erabat nagusitzearekin batera ez ote dugun galduko ahalmena beste ikuspegi eta hitzen bitartez sortzeko mundua, gizartea, gure euskara eta geure buruak; izan ere, erabiltzen ditugun kontzeptuek gure ezaguera eta ulerkerei eragiten diete, eta batzuk oztopo izan daitezke inguru bizigarriagoak amesteko.

Ingelesa aldatzeaz gain, garbi dago kapitalismoak ingelesa hedatu duela, eta, batzuetan, tentazioa dut pentsatzeko inperioaren hizkuntzari mugak jarrita oraindik ere modua izan genezakeela hesiak paratzeko kapitalismoak blaitu hizkera-moldeei. Jabetzen naiz kontua ez dela hain sinplea, baina nik, adibidez, ongi ikusiko nuke halako batean Euskal Herriko Haur Hezkuntzako haurrek geletan ingelesa gutxiago kontsumituko balute, nahiz eta ohartzen naizen horrek galtzaileen frikikeria dirudiela oraindik eta, gainera, ikastetxeak merkatu diren honetan bezeroak galtzeko bide zabala litzatekeela hori. Bestetik, badakit ezen, tamalez, ingelesari mugak jarri arren, poesiaren kontsumoaz kezkatuko diren arduradun pedagogikoek beren postuetan jarraituko luketela, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako arduradunek segituko luketeela adierazten fikzio euskaratua oso zurruna dela eta oso zail egiten duela haren kontsumoa.

Aukerak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Nafarroako administrazioak sortzen dituen testuetan erruz ugaritzen ari dira molde honetako esaldiak:

1) Los deseos como fuente de conflicto.

2) Se le entregรณ la fotografรญa como recuerdo de la estancia.

3) A travรฉs de planes de transformaciรณn de azoteas como espacios comunitarios.

4) a. La mediaciรณn escolar como clave de empoderamiento infantil;    

   b. El uso de la mediaciรณn escolar como empoderamiento infantil.

5) Es interesante considerar el comedor como un recurso educativo.

6) Es necesario entender la educaciรณn en su sentido amplio, mรกs allรก de su simple consideraciรณn como escolarizaciรณn.

7) Las personas fรญsicas o jurรญdicas que sean gestores de los vertederos, como sustitutos de los contribuyentes.

Euskaltzaindiak EBEn esana digu โ€œez dela egokia gaztelaniazko โ€˜comoโ€™ edo frantsesezko โ€˜commeโ€™ guztiak bezalarekin ordezkatzea; euskarak baditu molde propio egokiak horretarakoโ€. Akademiak bezala gramatikala dela oroitarazten digun arren, gisa eta moduan/modura erabiltzea proposatzen digu.

Euskaltzaindiaren gomendioarekin bat โ€“eta presak eta lan-zamak hartaraturik, segur askiโ€“ aipatu esaldiak itsu-itsuan gisa postposizioa erabiliz itzultzen ditugu maiz, euskarazko beste bide batzuei ez ikusia eginez. Hala ere, horretaz ohartu eta beste molde batzuk ere erabiltzen saiatzen ari gara; izan ere, aspaldi, โ€œZuzenketa-lana: tipula zuritzenโ€ ikastaroan, Irene Arrarats eta Maialen Berasategi irakasleei gauza jakingarri eta kontu zuhur aunitz ikasi genizkien, besteak beste, komeni dela espezie inbaditzaileei mugak paratzea, hala egin ezean baliabide horiek noranahiko bihurtzen baitira, beste hizkuntza-bitarteko batzuk desagertzeko zorian jartzeraino batzuetan.

Horiek horrela, hona hemen, esaterako, hasierako adibide horietarako gure itzulpen-atalean baliatu izan ditugun aukerak:

1) Desirak, gatazka-iturri.

2) Argazkia egonaldiaren oroigarri(tzat) eman zitzaion.

3) Eraldaketa planak eginez teilatu lauak espazio komunitarioak izan daitezen.

4) a. Eskola-bitartekotza haurren ahalduntzerako gako. / haurrak ahalduntzeko gako.

   b. Eskola-bitartekotza haurrak ahalduntzeko erabiltzea.

5) Interesgarria da jantokia hezkuntza-baliabide bat dela iriztea / baliabidetzat hartzea.

6) Beharrezkoa da hezkuntza bere zentzu zabalean ulertzea, eskolatze hutsetik haratago.

7) Zabortegiak kudeatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, zergadunen ordezko baitira /diren aldetik.

Bestetik, iruditzen zait gaztelaniazko como batzuk hizkuntza horretan ere espezie inbaditzailetzat har litezkeela (ingelesaren eraginez, agian?), eta, garai batean, ohikoagoa izanen zela โ€œconsiderar el comedor un recurso educativoโ€, โ€œtrabajar de repartidoraโ€โ€ฆ baina segurantziarik ez nik.

Esanak esan, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere baliabide gramatikalik baztertzea, baizik eta aukeren zabalaz gogoeta egitea, ariketa gisa.