Askotan galdetu diot nire buruari. Zergatik? Azken urteotan Iparraldean eman ditudan hitzaldi guztietan egon da interpretazio-zerbitzua euskaraz ulertzen ez zuten edo ongi moldatzen ez ziren entzuleentzat. Hegoaldean eman ditudanetan, aldiz, nazioarteko partaideak zituzten batzarretatik, uda-ikastaroetatik edo oso kasu bereziren batetik aparte, inoiz ez. Zergatik horren funtzionamendu desberdinak mugaren bi aldeetara?
Bistan da Iparraldeko eta Hegoaldeko, bereziki EAEko, euskararen egoerak arras desberdinak direla, bi estatu desberdinetan bizi garela eta bizimoduetan ere aldeak nabarmenak direla. Ondorioz, euskalgintzaren egin moldeetan eta ohiko jardunbideetan ere badira aldeak, eta ohitura desberdinak. Alor honetan hain jokaera desberdinak eragiteraino, ordea?
Ez dut ikerketa berezirik egin gaiaren inguruan, baina, Iparraldeko eta Hegoaldeko adiskide batzuekin gaiari buruz hitz eginda, interesgarriak izan daitezkeen pista batzuk topatu ditut.
Euskararen ofizialtasunik eza litzateke lehen faktorea. Euskararen erabilera publiko formala oso murritza izan da Iparraldean. Frantsesa izan da nagusi, erabat. Egoera honen aurrean, Euskararen Erakunde Publikoaren deliberamendua izan omen zen interpretazio-lana egin ahal izateko tresnak eta material teknikoa eskuratzea eta berauen erabilera demokratizatzea eta erraztea, euskararen erabilera publikoa emendatzeko eta esparru gehiagotara iritsi ahal izateko. Horrekin batera, jende bat formatu egin zen lan horretan aritzeko. Konstatazio bat da “kaskoen” erabilerak aukera berriak zabaldu dizkiola euskararen erabilerari Iparraldean. Oso urte gutxitan, asko hedatu da interpretarien presentzia ekitaldi publikoetan, hitzaldiak barne.
Interpretazio-lanetan ari direnek aipatzen duten beste faktorea militantismoa da. Euskarak Iparraldean bizi duen egoera aintzat harturik, baldintza tekniko-ekonomikoak ere apaldu egin ohi dituzte, haien lana jende eta egokiera gehiagotara iristeko. Aintzat hartu behar da, bestalde, zenbait kasutan, tresnen erabilerarako aukeraz baliatuz, hitzaldien antolatzaileak berak jarduten direla interpretazio-lana egiten (oinarrizko prestakuntza duten pertsonak, gehienetan), bestela, arrazoi ekonomikoak tarteko, ezingo luketelako zerbitzu hau eskaini. Hegoaldean ere, “maletak” dituzten hainbat udalek doan uzten dituzte eta erakunde eskatzaileen esku geratzen da nola egin interpretazio-lana. Eskoletan, konparazio batera, gero eta gehiago erabiltzen dira material horiek, eta interpretazioa, askotan, eskoletako irakasleek edo gurasoek egin izan dute.
Erdaldunengana iristeko nahia litzateke beste arrazoi bat. Iparraldean erdaldun euskaltzale asko dagoela nabarmentzen dute, eta oso garrantzitsua dela gure diskurtsoak haiengana ere iristea. Eta aitortu behar dut, nire esperientziaren arabera, hitzaldietara beti hurbildu direla euskaltzale erdaldunak edo hizkuntzarekiko jarrera irekia dutenak, euskara-ikasleak, haurrak euskarazko irakaskuntzan dituzten guraso erdaldunak, hizkuntza erdi galdua duten pertsonak, etab.
Horiek jakinda, hitzaldi ugari antolatzen dituzten euskalgintzako hiru laguni galdetu diet, beraien ustez, Hegoaldean zergatik ez den interpretazio-zerbitzua gehiagotan erabiltzen, eta jasotako erantzunak hauek izan dira:
– Inoiz ez delako planteatu. Aukera hori ez da inoiz aipatu ere egin euskarazko hitzaldiak antolatzen dituzten entitate askotan. – Antolatzen diren euskarazko hitzaldien hartzailetzat herritar euskaldunak hartzen direlako bakarrik, eta badugulako euskaraz ulertzen duen masa handi bat. Interpreteak bakarrik erabili dira hartzaile erdaldunengana (ere) heltzeko helburu zehatza izan duten ekitaldietan. – Arazo teknikoak; batez ere, ondo prestatutako interpreteen falta. – Kostua.
Arrazoi gehiago ere izango dira, seguruenik, baina honaino jasotakoak.
Horiek horrela, iruditzen zait gehiagotan planteatu beharko geniokeela gure buruari interpretazioa erabili ala ez hitzaldi nahiz ekitaldietan. Are gehiago, teknologia horretarako aukera errazten ari zaigun garaiotan.
Inpresioa dut gero eta ohikoagoa dela baieztatzea euskararen eta, beraz, euskal hiztunon «garaiko erronka» teknologia berrietan gure hizkuntzaren presentzia bermatzea dela. Hots, euskararen «etorkizuna» eremu digitalaren zelaian jokatzen dela, eta, beraz, gure indarrak hara bideratu behar ditugula, euskararen heriotza ekidin nahi badugu. Horren «izar mediatikoa» bihurtu da Adimen Artifiziala, eta, zehazki, hizkuntza teknologia adimendunak, Patricia Barroni hitzak lapurtuz[1].
Izan ere, zenbat elkarrizketa eskaini zaio euskaraz Adimen Artifizialari azken urteotan? Zenbat pentsamendu eskaini dizkiogu euskaldunok, zenbat klik egin dugu hura erabiltzeko, zenbat diru bideratzen ari da horretara? Zenbat jardunaldi, hitzaldi, mahai-inguru, albiste, formakuntza, hitzarmen, ikerketa, tabernako tertulia? Zer etorkizun hurbil ari gara irudikatzen ―eta eraikitzen― elkarrizketa eta praktika horietako bakoitzarekin?
Hara nire iritzia: euskararen eta, beraz, euskal hiztunon etorkizunaren diagnostiko horri erpin asko eta inportanteak falta zaizkio, eta nago urgentzia horra bideratzeak interes jakin batzuei erantzun ahal diela. Gaur gaurkoz eremu digitalean euskararen presentzia bermatzea garrantzitsua da, nor bere burutik hasita[2]. Baina zer eremu digitali? Etorkizunaz eta begirada estrategikoaz ari bagara, AA lehentasuna izatea zalantzagarria iruditzen zait.
Hasteko, planetak muga biofisikoak dituelako. Jabetzen al gara Adimen Artifizialak behar duen ordenagailutzar batek zenbateko energia eta ur kontsumitzen duen Chatgptri galdera bat egin eta bere entrenamenduan gure aletxoa jartzen dugun bakoitzean? Badakigu energia eta ur horiek nondik ateratzen diren eta nola dauden erregai fosilen erreserbak eta urtegiak?
Petrolio eta gas naturalaren estrakzioa gero eta zailagoa da, geroz eta gutxiago dagoelako, dagoena gero eta kalitate txarragokoa delako, eta maiz estrakzio-kostuek etekinak gainditzen dituztelako, hortaz, ez dute lehen bezainbeste hornitzen; berriztagarriak, era berean, ez dira gai egungo energia-kontsumo maila sostengatzeko[3]. Eta inportanteena: planetaren bizigarritasuna bermatzen dituzten bederatzi muga fisikoak zeharkatzeko norabidean goaz, arazoa ez baita klima-aldaketara mugatzen, badira beste zortzi eremu kritiko ere[4]. Horrek esan nahi du mundu-mailako energiaren kontsumoa mugatu egin beharra dagoela planeta bizigarria izateko. Energia zertara bideratzea erabakiko dugu: adimen artifizialera guk egiten dakigun gauzetarako, ala soilik lehentasunezkoak diren erabileretarako, adibidez, helburu terapeutikoetarako[5]?
Galdera ez da «energia-desazkundea bai ala ez», Ama Lurra oihuka ari zaigu ezin duela arpilatze maila hau sostengatu. Galdera da aldaketa hau nola egingo dugun ahalik eta justuena. Behar ez dugun energia-kontsumoari desazkundea aplikatuz, bai: gerrei, aberatsen gehiegikeriei, arropei, plastikoari, jaki prozesatuei, auto pribatuari, AAren erabilerei[6]… Eta behar ditugun alderdi horiei guztiei hazkundea aplikatuz: zaintzari, osasunari, kulturari, sormenari, erritmoa moteltzeari, garraio publikoari, bizikletari, sakon arnasteari, etab. Seguru blog hau irakurtzen duten askok bizitza erabat bizigarria ezagutu dutela azken urteotako energia-kontsumo basati hau gabe ere.
Horrez gain, ezaugarri problematiko asko ditu egungo AA ereduak. Dakigunez, sektore askori eragiten die, itzultzaileei, noski, baina baita artistei, bikoizleei, etab.[7]. Pentsatzen dut badirela euskarazko AA auzolanean eta kode-irekian eraikitzeko zenbait proposamen, baina, horietatik kanpo, gauzak oso bestelakoak dira[8]. Ez ditut hemen zerrendatuko aurreko blog-sarrera askotan eztabaidatu diren gainerako auziak, baina gaiak sortzen duen zalapartak erakusten du, nire ustez, kezkak handiak eta zilegiak direla.
Azkenik, nire iritziz euskarak hiztunak izango ditu adimen artifizialik gabe ere, bizitza publikoa non gertatzen den komunitateak erabakitzen duelako, bere praktiken bidez. Energia-kontsumoari muga jartzen badiogu, agian ez dugu pantailarik izango 24 orduetan begiratzeko, eta beste zerbaitetara bideratuko ditugu gure praktikak. Horietan euskaraz egitea da gakoa, hots, betikoa: erabilera. Erabilerak bermatzen du etorkizuna, nire iritziz ez dago beste formularik. Horri oraintxe bertan ekin ahal diogu. Etorkizunari begira bagaude, datorren astean hasiko den Euskaraldia serio hartzeak, nire ustez, zimendu askoz sendoagoak jartzen ditu ezein AAk baino. Uste dut ezin dugula ahaztu Adimen Artifiziala, fisikoki, elektrizitate-korrontetik desentxufatu orduko hondakin bilakatzen den ordenagailu multzoa baizik ez dela, eta entrenatzen dituen giza-daturik gabe adimengabea dela.
Euskarak behar du mingainetan eta gorputzetan egon, ospitale eta eskoletan, elkartasun ekintza orotan, bizia erdigunean jartzeko oinarrizkoak diren lanbide guztien artikulazioan. Zenbat eta lehenago hasi halako elkarrizketak biderkatzen, orduan eta hobeto erantzungo diogu komunitate gisa egoerari, eta orduan eta bermatuago izango dugu «euskararen etorkizuna». Ez dakit euskara batua sortu zenean hil ala bizikoa zen kontua, baina orain nahiko argi dut baietz, hizkuntza-aniztasuna, bioaniztasuna bezalaxe, maldan behera doa-eta.
Euskarak behar du bere sostengu materiala bermatzeaz hitz egiten duen hiztun komunitate sendo bat. Prozesu hori egiteko zer aliantza eta zer adostasun bilatuko duen eztabaidatzen ari dena. Elikadura-burujabetza helburu duena eta agroekologian trebatzen dena, lur emankorrak dituena. Kontsumitzen duen energia nondik lortzen duen dakien hiztun komunitatea behar du. Zeren euskarak ez baitu hiztunik ez badute jatekorik edo beharrizanak betetzeko energiarik, eta hamaika modu dago gaurtik hasita bide hori euskaraz eraikitzeko.
Zergatik ari gara Adimen Artifizialaz hainbeste hitz egiten? Noren poltsikoak betetzeko? Noren pare egoteko? Zein da «garaiko erronka»?
[3] Energiaren sektorea omen da egun mundu-mailan isuri gehien eragiten dituena. Antonio Turiel itzalaldia dela-eta elkarrizketatu dute azkenaldian, eta euskaratuta dugu haren Petrokalipsia liburua.
[8] Kontrastatzea lortu ez dudan adibide bat ematearren, mihigaiztoek diote besteak beste Teslaren jabe ernegagarria aberasteko entrenatzen ibili garela AA urteetan, Googleko captcha delakoetan trafiko-seinaleak identifikatu ditugun bakoitzean.
Otsailaren 9an, igandearekin, Iruñeko Gayarre antzokira joan nintzen La Pamplonesak eman behar zuen kontzertu batera.
Sarreran orri bana eman ziguten, kontzertuaren programa zehazten zuena beste zenbait daturekin batera. Orria elebidun, behar den bezala. Kasu honetan, alde batetik gaztelaniaz eta bestetik euskaraz: duin, letra tamaina berarekin, espazio berdina emanez bi hizkuntzei. Eta, nire ohiturari jarraikiz, euskarazkoa irakurri nuen lehenbizi, nahiz eta jakin nire deformazio profesionalak zuzentzaile-lana egitera naramala maiz.
Testua euskara on samarrean egonagatik, begi-kolpea sentitu nuen berehalaxe, lehenbiziko paragrafoan hauxe irakurri bainuen:
La Pamplonesaren helburuetako bat egungo musika hedatzea da. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak musika euskal-nafarra sustatzen du.
Harri eta zur gelditu nintzen, ezin sinetsiz, eta, askotan bezala, pentsatu nuen berriz: “beharrik badakidan gaztelaniaz; bestela…”. Eta buelta eman nion orriari, nire susmoa betetzen ote zen jakin nahian.
Eta asmatu. Bai, “música vasco-navarra”. Honela zioen testuak:
Entre los objetivos de La Pamplonesa está la divulgación de la música actual. Por su parte, la Asociación de Compositores Musikagileak promociona la música vasco-navarra.
Harrigarria. Ederki dakit “vasco-navarro” adjektibo konposatua egon badagoela eta zenbait elkartek halako izena eman diotela beren buruari. Oso ongi. Baina, halakoetan, errealitate kulturalari kasu eginez, eta irakurketa politiko oro bazter utzirik, “Euskal Herriko” erabili izan da. Horren erakusgarri argia da COAVN: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro / Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala. Iruditzen zait itzultzaileok hala jokatu izan dugula, “vasco-navarro” horren gaineko iritzia edozein delarik ere.
Euskal-nafarra hori munstro txiki bat iruditzen zait, ikuspuntu askotatik gaizki sortua.
Baina nolatan agertu zen ditxosozko adjektibo hori txukun antzean zegoen itzulpen horretan?
Etxera ailegatu, eta intuizioak itzultzaile automatikoetara eraman ninduen.
Honela egiten dute esaldia gaur egungo itzultzaile automatiko neuronal erabilienetako batzuek:
Itzuli itzultzaile neuronala: La Pamplonesaren helburuen artean, gaur egungo musikaren dibulgazioa dago. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak euskal-nafar musika sustatzen du.
Elia: La Pamplonesaren helburuen artean dago gaur egungo musika zabaltzea. Bestalde, Musikagileak Musikagileen Elkarteak Euskal Herriko musika sustatzen du.
Googleren traslator: La Pamplonesaren helburuen artean musika garaikidearen zabalkundea dago. Musikagileak Konpositoreen Elkarteak bere aldetik euskal-nafar musika sustatzen du.
Hiru horietatik bik “euskal-nafarra”. Adierazgarria.
Berretsi zen, bada, nire errezeloa. Itzultzaile automatiko batek egin zuen itzulpena, eta itzultzaileak edo testuaz arduratu zenak, segur aski, ez zion behar bezalako errepasoa egin itzulpenari, ez zuen behar bezain zorrotz zuzendu testua. Postedizio lana esaten diogu gaur egun, ezta?
Luze hitz egin genezake orain itzultzaile neuronalez, haien alde on eta txarrez. Nik orain, ur sakonetan sartu gabe, lau hitz esanen ditut: iruditzen zait zilegi dela erabiltzea, errazten ahal digutela lana, gero eta hobeki funtzionatzen dutela, eta ez dugula zertan lotsatu haietaz baliatzeagatik, baina, jakina, halakoren bat erabiliz gero, zorrotz, oso zorrotz, zuzendu behar dugu gero. Ez da aski axaleko zuzenketa bat, oso ongi zaindu behar dugu ez dadila egon kalko desegokiz tantotua. Haiek erabili ondoko presakako zuzenketa arrisku handikoa izan daiteke baldin eta euskarazko testu ona egitea baldin bada helburua. Euskarazko hitzez mozorrotutako erdal testu bat sortzen ahal dugu, euskarazko senik gabeko lexikoa, sintaxia edo bestelako alderdiak dituena.
Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrena da gaur. Behingoagatik egun batzuk lehenago hasi naiz artikulua idazten. Behingoagatik Italiari kontuak eskatu dizkiogu. Edo behintzat saiatu gara.
Egia esan, azken aldian ez dut ia idazten, mantso nabil itzulpenetan eta ez dut gogorik pozik nagoela antzezteko. Irakurtzen behintzat banabil, horrek salbatzen nau. Askotan ez dakit «zer moduz» galderari ere nola erantzun eta korapilatu egiten zaizkit ondo ez nagoela ezkutatzeko aitzakiak.
Gaur ere, ez nuke jakingo zeri buruz idatzi ez balitz Poemas de y por Palestina fanzinea berrirakurri ez banu (esker mila Isabeli Senezerako artikulurako gonbita botatzeagatik). Besteak beste, nire nekea genozidioari ere baitagokio: inpotentziari, sumindurari, haserreari, lur jota dauden (literalki) haur, gaztetxo eta heldu palestinar guztieri.
Gaiaz irakurri eta hitz egin, manifestatu, berriak partekatu, Rifqaren emanaldiren bat egin, palestinarren mezua zabaldu… ez zait aski iruditzen. Amaia Astobizak blog honetan bertan zioen «Eta ezin diot utzi mina sentitzeari, […] baina begietan gainezka egiten dizuten malkoek ez dute fosforo zuriaren surik itzaltzen». Horrenbestez, itzultzea denez nire lan eta pasioa, zer beste egin nezake nik ez bada palestinar poeta eta itzultzaile baten hitzak blog honetara ekarri? Beraz, hona hemen Lena Khalaf Tuffaha-ren poema bikain bat:
Iheserako aginduak
Orain deitu egiten digute, bonbak bota baino lehen. Telefonoak jo egin du eta nire izena dakien norbaitek deitu eta arabiera perfektuan dio «David naiz». Eta oraindik buruan burrunbaka ditudan eztanda sonikoen eta beira hautsien sinfonien nire harridurarekin pentsatu dut, Ezagutzen al dut Davidik Gazan? Orain deitu egiten digute esateko Egin korri. 58 segundo dituzu mezu hau amaitzen denetik. Hurrengoa zure etxea da. Gerra-garaiko kortesia moduko zerbait dela uste dute. Ez du axola ez egoteak nora korri egin. Ez dio ardurarik mugak itxita egoteak eta zure paperak ezdeusak izateak eta soilik biziarteko kartzela-zigorrera kondenatzeak itsasoaren alboko kartzela honetan eta kalezuloak estuak dira eta giza bizitza gehiago dago bata bestearen gainean zanpatuta munduko edonon baino Soilik egin korri. Ez gara zu hiltzen saiatzen ari. Ez du axola ezin diguzula deia itzuli esateko bilatzen gabiltzala diogun jendea ez dagoela zure etxean ez dagoela inor bertan zu eta zure haurrak besterik ez zeinak Argentina animatzen ari diren aste honetako azken ogi-barra partekatzen geratzen diren kandelak kontatzen argia joaten bada. Ez du axola haurrak dituzun. Leku okerrean bizi zara eta orain zure txanda da korri egiteko ezerezerantz. Ez du axola 58 segundo ez izatea nahikoa denbora zure ezkontza-albuma aurkitzeko edo zure semearen manta gogokoena edo zure alabaren unibertsitateko eskaera-orri ia amaitua edo zure zapatak edo denak elkartzeko etxean. Ez du axola zer zenuen planifikatuta. Ez du axola nor zaren. Erakutsi gizakia zarela. Erakutsi bi hankatan mantentzen zarela. Egin korri.
Duela urtebete pasatxo, Espainiako kongresuan estatuko hizkuntza koofizialetan aritzeko aukera eskaintzen hasi zirenean, euskararekin lan egiten dugun interpreteok poz handiz hartu genuen lan-aukera berria. Betidanik funtsezko eskubidea izan behar zukeen hori errealitate bihurtu zen azkenean, eta aurrerantzean Madrilen gure beharra izango zutelakoan, antolatzen hasi ginen.
Alabaina, espero ez genuen zerbait ere gertatu zitzaigun: hizkuntza-koofizialetako interpretazio-zerbitzua martxan jartzea garesti atera behar zen, eta alderdi politiko batzuetako kideei ez zitzaien ideia gustatu. Eskubidea zen, bai, baina dirua tartean dagoenean… eskubidea pribilegio-zantzuz mozorrotzen dute batzuek. Hedabideetan segituan agertu ziren interpretazio-zerbitzuaren kostuari buruzko artikuluak eta irratian elkarrizketak egiteko ere deitu gintuzten, guri zein gainerako hizkuntza koofizialetan diharduten lankideei, eta kasu batzuetan hedabideen asmoa ez zen informazio fidagarria ematea, kontua gehiago nahastea baizik. Horixe pentsatu nuen nik, behintzat. Interpreteak garesti ateratzen ginela, diru publikoz ordaindu beharreko kostua handiegia zela, gauza garrantzitsuagoak ordaindu beharra zegoela… Eskubidea pribilegio bihurtuta, beste behin.
Behin interpretazio-zerbitzua martxan jarrita, alderdi politiko batzuek uko egin zioten entzungailuak janzteari eta, beste behin, arma politiko bihurtu zuten interpretazioa, Espainiako gobernuaren eta beste alderdi politiko batzuen aurka egiteko. Eta gu, erdi-erdian.
Esan beharra dut interpretea aitzakia modura erabiltzearen kontu hori ez dela berria, erakunde publikoetan sentitu izan baitugu noiz edo noiz. Udal bateko osoko bilkuran, esate baterako, politikari bat izugarrizko astakeriak esaten hasi zen, eta nik, ba, horiek ere itzuli behar. Itzulpena eman ostean, mezuaren hartzaile ziren gainerako politikariak zeharo asaldatu ziren eta izugarrizko iskanbila sortu zen. Politikariari erantzun ziotenean, lehenengo horrek berak horrelakorik esan ez zuela eta interpreteak gaizki itzuli zuela esan zuen. Imajinatu nire aurpegia, kabinan. Negargura, amorrua… nik ere ez dakit momentu horretan sentitutakoa deskribatzen.
Denborarekin gertatu izan zaizkit antzekoak, eta amorrua ematen dit, bai, baina horrelakoetarako badakit saioak grabatu egiten direla eta jatorrizko hizkuntzan esandakoa jasota geratzen dela, interpretearen lana zalantzan jartzen dutenerako.
Interpreteok bitartekari xume gisa dugu geure burua, eta, euskararen kasuan, hizkuntza-eskubidea bermatzeko eragile gara, baina ikusi duzue batzuentzat konfrontaziorako tresna baliagarria garela, hots, arma politiko baliagarria.
Azalean, 5. Udako Euskal Unibertsitatearen logotipoa dauka, eta egile-editore gisa edo, “Filosofia Saila”. Barruan, 12 orrialde mekanografiaturen kopia (bistan da Gestetner kopia-paperaren ur-marka), 1977 hartako UEUren beste jakintza-alor batzuetako argitalpenetan ikusi dugun moduan. Lehenengo orrialde mekanografiatuan, berriz ere izenburua: HERAKLITOren “Izadiari buruz”. Eta ondoren, beste aurkezpenik gabe, Heraklitoren 126 testu-zatiren euskarazko itzulpenak, bakoitza bere zenbakiarekin, Heraklitoren testu-zatien edizio modernoetan argitaratu ohi diren erara, esan behar baita Izadiari buruz (περὶ φύσεως) Heraklitoren liburu osoaren izenburua litzatekeela, baina zatiak baino ez ditugula ezagutzen, hain zuzen UEUk 1977an euskaraz argitaratu zituen horiek. Edizioen arabera gorabeherak izaten diren arren, hala kopuruan nola zenbakitzean, UEUk edizio horietakoren bat oso-osorik euskaraturik argitaratu zuen.
Itzulpena nolakoa den ikusteko, hona hemen lehenengo zatia, lehenengo grekoz, gero 1977ko itzulpenean, eta azkenik Javier Aguirre Santosek eta Felipe Juaristik 2004an Pentsamenduaren Klasikoak bildumarako eginiko itzulpenean (Filosofo presokratikoak liburukian).
UEU, 1977 1 Lógos hau, izan, beti delarik ere, gizonek ez dute ulertzen ez (hartaz) entzun aurretik, ez entzunda gero ere. Gauza guztiak lógos honen arabera direlarik ere, ba dirudi zenbait jende ez dela hartaz ohartzen, nahiz eta jende berau halako hitzak eta egintzak esperimentatuz bizi, holakoak baitira nik neure gogaketan darabiltzadanak, bakoitza bere izaeraz berezirik eta nola den adieraziz. Gainerako jendea esnai dabiltzala egindakoez ere ez da ohartzen, lotan egindakoez oroitzen ez diren bezala.
Pentsamenduaren Klasikoak, 2004 1 Beti indarrean bada ere, arrazoi hau ulertzeko ezgai azaltzen dira gizakiak, bai entzun aurretik bai entzundakoan. Izan ere, den-dena arrazoi horren arabera gertatzen bada ere, ezjakinak dirudite, hitzetan eta ekintzetan adituak diren arren, nik horrelako hitz bakoitza eta ekintza bakoitza zehatz-mehatz eta haren izaeraren arabera nolakoa den adierazten dudanean. Baina gainerako gizakiak ez dira ohartzen esna egonik egindakoaz, lo egonik egindakoaz ahazten diren moduan.
Heraklitoren estilo aforistikoa ez da erraza eta, nire ustez, 1977ko itzultzaileak oso ondo asmatu zuen gehienetan. Hona hemen adibide batzuk:
84a Aldatuz hartzen da atseden.
85 Latza, nor bere buruari oldartu beharra; zeure arimaren trruke erosiko baituzu gura duzuna.
87 Gizon kamutsa hitz oroz ohi da txunditzen.
90 Gauza guztiak su bilakatzen dira eta sua gauza oro bilakatzen da: urrea salgai-truke eta salgaia urre-truke bezala.
98 Hades-usaina darie izpirituei.
103 Obuaren zirkunferentziak puntu bera du buru-buztan.
119 Patu gizonarentzat bere izaera. (Patu du gizonak bere izaera).
Gutxi batzuetan, esango nuke itzultzailea hiztegiaren zokoren batean ibili dela ordain egokiaren bila. Nik behintzat hiztegia behar izan dut 125. testu-zatiko zadura-badura ulertzeko:
125 Zadura-badura bera ere mindu egiten da, nahastu ezean.
Grekozko jatorrizkoan ὁ κυκεὼν da, gaztelaniazko itzulpenetan brebaje, eta, euskarazkoan zadura-badura, OEHren arabera, soilik Larramendiren, Harrieten eta Azkueren hiztegietan eta Orixeren testu batean erabilia.
Baina nor izan zen itzultzailea? Dirudienez, Anton Artamendi Mugerza, dokumentuan bertan haren izenik agertzen ez bada ere. Zorionez, UEUren artxiboan ondo gorde da 1977ko ikastaroei buruzko txostena: ikasleei buruzko estatistikak, irakasle guztien izen-abizenak, jardunaldi guztietako parte-hartzearen datuak, diru-sarrerak eta irteerak, babesle guztien diru-laguntzen kopuruak… eta “VI. Apuntes – Argitalpenak” atala.
Atal horretan, UEU harro agertzen da bere aitzindari-lanarekin (eta ez da gutxiagorako, 1977an!):
Udako Euskal Unibertsitateak aurrera pausu garrantzitsua eman du bostgarren saio honetan. Irakasleek eman zitzakeen ikastaldi borobilak baino zerbait gehiago egin nahi izan dugu. Horrexetarako, hain zuzen, urtean zehar prestatu ziren gaiak, eta udako ikastaldietarako, Apunte gisa, argitaratuta eman. Euskara hutsean hezurmamitu eta idatzitako 1438 horrialdeok Udako Euskal Unibertsitatearen textugintzaren hasikin ditugu.
Eta berriz ere zorioneko gara, ondoren hau dakarrelako:
Honatx Apunte eta egileen zerrenda:
[…] FILOSOFIA (DIALECTICA) – HERACLITO: Antton Artamendi. 12 horrialde – HEGEL: J. Antonio Amutxategi. 8 horrialde – MAO: Jon Sodupe. 15 horrialde
Amutxategi dakarren lekuan, Amutxastegi irakurri behar da (Jose Antonio Amutxastegi Etxabe), jakina, Sodupe dakarren lekuan, Sudupe (Jon Sudupe Martija), eta Antton dakarren lekuan, Anton (Anton ―edo Jose Antonio― Artamendi Mugerza). 1977 hartako UEUko Filosofiako ikastaroaren egitarau osoa ere gorde da UEUren artxiboan, eta dokumentu honetan akatsik gabe bildu dira izen guztiak:
V. UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA
FILOSOFIA SAILBURU: ANTON ARTAMENDI
PROGRAMA
DIALEKTIKA 1.− Heraklito (I) 2.− Heraklito (II) Hizlari: ANTON ARTAMENDI
3.− Platon (I) 4.− Platon (II) Hizlari: ANTON ARTAMENDI
5.− Descartes – Leibniz (I) 6.− Descartes – Leibniz (II) Hizlari: JESUS MARI LARRAZABAL
7.− Hegel (I) 8.− Hegel (II) Hizlari: J.A. AMUTXASTEGI
9.− Lenin (I) 10.− Lenin (II) Hizlari: P. GARMENDIA
11.− Mao (I) 12.− Mao (II) Hizlari: J. SUDUPE
Ez da nolanahiko egitaraua! Mirestekoa da halako egitaraua apailatu izana, halako izenekin.
Filosofia Sailak 1977ko ikastarorako prestaturiko ikasmaterialetara itzulita, ez dut ezagutzen Jose Antonio Amutxastegik Hegeli buruz idatzitako zortzi orrialdeko liburuxkaren alerik. Jon Sudupek Maori buruz idatzitako hamabost orrialdeak UEUren liburutegian ikus daitezke, Mao: kontradizkzioaren teoria izenburuarekin. Eta Anton Artamendik Heraklitori buruz paraturiko hamabi orrialdeak… Heraklitoren Izadiari buruz izeneko liburuxka izan behar dira, hain zuzen Heraklitoren testu-zati guztien euskarazko itzulpena.
Anton Artamendiren biografia osoena Eibarko Udalaren webgunean aurkitu dut, baina nago euskalgintzan (UEUn, adibidez), euskal unibertsitateari buruzko eztabaidan, edo Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak antolatzean eginiko ekarpenak ahaztuta ez ote diren geratu. Egia da Inguman bilduriko Artamendiren aztarnak ia-ia soilik 1975-1979 tartean pilatzen direla, eta, iruzkintzen ari garen Heraklitoren itzulpenaz gain, hark idatziriko lan bakarra aurkitu dudala euskaraz, hain zuzen Jakin aldizkarian 1977an “Unibertsitatea dela eta” argitaraturiko 15 orrialdeko artikulua (Eta kitto Eibarko astekarian 2005-12-16an argitaraturiko elkarrizketaz landa).
Egongo da Anton Artamendik euskalgintzan (eta euskal itzulpengintzan?) egin bide zuen ekarpenaz nik baino gehiago dakienik, nik egunotan ikasi dudana baino ez baitakit… blog honetako iruzkinen txokoa leku egokia izan liteke ekarpenak jasotzeko.
Hileta-elizkizun batean nengoen, halakoetan egin ohi dudan bezala, hildako laguna gogoan atxiki eta, bide batez, apaizaren sermoian berrikuntza erretorikoren bat agertuko, edo betiko topikoetan ainguratuta iraungo zuen entzun zain. Altxa, eseri, altxa, eseri gimnastikan deseroso ni, iritsi zen, noizbait, literaturaren tartea. “Jesukristo gure Jaunaren Ebanjelio Santua, san Joanen arabera”. Elizaren ekarpentxoa: ikuspuntu fokalizatua eta biografia-generoa. Eta hura entzun bitarteko pentsakizunak izan ziren idatzi honen ernamuina.
Entresaka handia egin behar izan zuen kristauen elizak Jesukristoren bizitza eta eginei buruz zebiltzan bertsio ugarien artean egokienak aukeratzeko. Eta, hain zuzen ere, iritsi zaizkigun lau bertsioak ―Mateo, Marko, Lukas eta Joanenak, benetako egileak haiek izan edo ez― testu “kanonikoak” dira, hau da elizako agintariek ofizialtzat jotakoak. Baina kanonikotasunaren gaineko kontrol zorrotza ez zen testu-hautaketara mugatu, haien itzulpena(k) ere zorrotz begiratu baitzituzten. Ebanjelioak, itun zaharreko testuak ez bezala, grekera “batuaz” idatzi ziren eta, handik mende batzuetara, latinezko bertsioa agindu zioten Jeronimo gerora gure zaindariari (adi, genero-ikuspegia landu, eta itzultzaileen eguna ekainaren 18ra aldatu nahi izanez gero: Jeronimorekin batera, Paula ere itzultzaile ibili omen zen kontu hartan). Itzulpen hori gutxienez mila urtez izan zen baimendutako testu bakarra kristauen jainkoaren hitza eta haren semearen berri ona zabaltzeko, Erreforma deituak tokian tokiko hizkuntzetan hedatzeko atea ireki zuen arte. Beste guztiak, apostatek aldeztutako testu “apokrifoak”.
Bestalde, testuak ez ezik, norbanakoak ere kanonizatu ohi ditu kristauen elizak. Eta, kanon horretan, hilda egotea da ezinbesteko baldintza. Hortik aurrera, mailak daude. Martiri izateko, frogatu egin behar da martiritza, soilik-edo. Dohatsu edo beato izateko, berriz, mirakulu bat egiaztatu behar da. Eta, maila gorenean, santu izatera iristeko, bi mirakulu bermatu behar dira. Marka da, gero!
Honainoko kontakizun aski ezaguna baliatu nahi izan dut literaturan onerako eta txarrerako hainbestetan erabiltzen ditugun “kanon”, “kanoniko”, “kanonizatu” eta “kanonikotasun” hitzen jatorria nabarmentzeko. Eta, jatorriarekin batera, prozesua ere partekatzen du literaturaren arloko termino homonimoak. Izan ere, literaturan Instituzio izenekoak erabakitzen du, garai eta eremu bakoitzean, zer-nolako autoreak eta testuak (baita arau eta ereduak ere) kanonizatzen diren, Even-Zohar ikertzailearen esanetan. Ez da, beraz, askok uste duten bezala, kalitatea testu literario jakin bat kanonizatuko duena, baizik eta aipatu Instituzioa osatzen duten botere-taldeen unean uneko interesak. Horregatik, elizan ez dakit, baina literaturan eztabaidagarriak dira sarritan kanonak. Gutariko bakoitzak hura kendu eta beste hau jarriko luke haren ordez. Hartarako botererik ez, ordea.
Hauek dira, besteak beste, Instituzioa osatzen duten taldeak eta haien kanonizazio-bideak: akademiak (literaturaren historietara zer egile-obrak pasatzen diren), hezkuntza-erakundeak (curriculumetan, berdin), kultura-erakunde publiko eta pribatuak (han-hemengo sari nazionalak, Nobel saria), kritika (zer obra goretsi, gaitzetsi edo isildu), idazle- eta oro har literatura-elkarteak (Goncourt saria), argitaletxeak (Planeta saria, Bibliothèque de la Pléiade)… Kultura-boterea osatzen duten talde horien helburua da, kanonizatzeari dagokionez, haiek seinalatutako idazle-testu-arau-ereduak babestu eta oroimenean atxikitzea komunitatearen ondare historiko gisa.
Horren arabera, eta gure eremura etorrita, hasteko inguruko literaturetan baino askoz itzulpen gehiago ditugu kanonean, beharra gidari. Joanes Leizarragarenetik hasita, bi aldetatik kanonikoa, Kempis direlakoak sarritan agertzen dira gure literaturaren historietan, eta baita Bonaparteren enkarguz aritu ziren itzultzaileak ere, Duvoisin bereziki. Erlijioa alde batera, euskaratutako literatura didaktikoaren agerpena ere ez da txikia: alegien itzultzaileak (Bizenta eta Juan Antonio Mogel, Juan Mateo Zabala, Iturriaga, Arxu, Goietxe eta beste); berriro ere Agustin Paskual Iturriaga, oraingoan egile, Jolasak dialogo didaktiko partez intraitzuliarekin, hura ere Bonaparteren aginduz: Uriarte, Duvoisin, Intxauspe eta frantses bertsioa. Jada XX. mendean, Orixeren itzulpenen berri eman ohi da; “Kulixka sorta” hartako itzulpenak ere bai…
EIZIEk sortutako “Literatura Unibertsala” bildumak paragrafo berezi bat merezi du, hura ere kanon bat delako, alde batzuetatik. Batetik, munduko literaturako egileen kanon bat (eta ez hainbeste obrena, egile haien obra ezezagunagoak edo laburragoak hobetsi zirelako, aroan aroan); bigarrenik, hizkuntza- eta literatura-ereduen kanon bat ere bada (alde horretatik, eredu narratiboen kanona da, beste generoetako obrarik apenas dagoelako); eta, hirugarrenik, eta aurrekoaren ondorioz, gaur eguneko euskal itzultzaileen kanon bat ere bai (kalitatez zein itzulpen kopuruz).
Gainerakoan, zentzu hertsiko euskal idazle garaikideei dagokienez, azken-aurreko eta azken literaturaz diharduten monografiko, artikulu eta doktorego-tesietan jasota daude idazle kanonikoen izenak. Kanonizazio literarioa gutxi ez, eta giro akademiko horretan “santu kulturalak” labela sortu dute, Lauxeta, Aresti eta beste zenbait idazleren mirakuluak nabarmentzeko asmoz. Halarik ere, literaturaren eremuan ―zorionez― ez dago hilik egon beharrik kanonean sartzeko, baina ez da ezohikoa gaur agertu eta bihar desagertzea handik, eta alderantziz ―halakoak baitira bizien eginak―.
Mesfidantzaz begira dauzkadan irakurleen fabore, gaineratu behar dut badela literatura-kanona ukatzen duenik, gero eta gutxiago, nire ustez, eta bai, ordea, kanon anitz edo multizentrikoen alde dauden akademiko gehiago, historia-, gizarte-, etnia- eta genero-irizpideak oinarri hartuta, ikerketa edo estudio kulturalen arrastoan. Garai batean Harold Bloom zenak erremindutzat jo bazituen ere, haiek ere tokian tokiko Instituzioaren botereak dira eta, alde horretatik, beren kanon propioak ezartzeko moduan daude.
Kanoniko terminoaren sinonimo bat ereduzko denez gero, euskal itzultzaileriak badu zer-non aukeratu ugari, lanbidearen probetxurako. Nire aldetik, eta honenbestez, blog-sarrera honekin amaitzen da literatura-ereduez eta -interferentziaz aritzeko asmotutako hirukoa.
Interes handiz irakurri nituen duela gutxi Asier Larrinagak hizkera inklusiboaz blog honetan idatzitakoak. Gai interesgarria iruditzen zait hizkera inklusiboarena, hizkuntza modu kontzientean erabiltzearekin lotura duen guztia bezala.
“Euskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboari”, adierazi zuen Asier Larrinagak bere sarreran. Eta egia da, euskaraz ez da genero-desinentziarik erabiltzen lanbideak edo zereginak izendatzeko kasu gehien-gehienetan. Hori abantaila da, ez baitugu hitzak zertan bikoiztu generoak aintzat hartzeko, gaztelanian eta frantsesean gertatzen den bezala. Mediku, margolari, kantari, garbitzaile… diogunean, gizonezkoak zein emakumezkoak izendatzen ari gara, teorian behintzat berdin-berdin, baina kontuak baditu hasiera batean dirudien baino ertz gehiago, lerro hauetara ekarriko ditudan adibideek erakusten duten bezala.
Maileguz hartu ditugun erdal formetan, presidente edo filosofo, funtzionario, notario, filologo eta halakoetan, maskulinoa soilik hartu dugu. Bada blog honetan sarrera bat horri buruz. Aspaldikoa da, baina kontuak berdintsu dirau. Duela gutxi atentzioa eman zidan Berria egunkarian Hanna Arendti buruz agertutako artikulu honek. Handik hartuak dira bi adibide hauek:
Sonatua da Hannah Arendt filosofak Eichmann Jerusalemen liburuan jasotako «Gaizkiaren hutsaltasuna» edo banalizazio terminoa.
Judu israeldar edo sionista kontzeptuak nahasten ditugun honetan, argigarriak iruditzen zaizkit filosofa alemaniarrak utzitako zehaztapenak.
Egileak femeninoa markatzeko beharra sentitu zuen artikulua idazterakoan. Ezin dugu jakin zehazki zergatik, baina, beharbada, oro har zail egiten zaigulako, hain hurbil ditugunez erdarak, maileguan hartutako forma maskulinoek euskarara pasatu eta femeninoa ere barne hartzen dutela irudikatzea. Presidente hitzarekin ere antzera gertatzen zaigu, maiz jotzen baitugu presidenta markatzera.
Argudioari tira eginez, esan dezakegu kasu horretan nolabait gaztelaniazko maskulino generiko bat inportatu dugula euskarara. Baina “bertako” adibideak ere baditugu. Horietako batek erakusten du erreginak eurak ere ez direla libratzen; izan ere, reyes plurala emateko errege-erregin erabiltzen dugun arren, real izenondoa emateko soilik errege- erabiltzen dugu, eta hortik sortzen dira errege-etxeak, errege-jauregiak, errege-lekuak (“reales sitios”) edo errege-patronatuak, buru dena erregina izan arren:
Ingalaterrako Isabel II.a erregina eta Britainiar Errege Familia. Isabel II.aren errege-etxea. Karlosen alaba Joanak errege-patronatua sortu zuen 1557an.
Errege-dekreturekin ere hala litzateke, baina ez daukagu adibide errealik. Eta bitxikeria bat: Euskaltzaindiaren Hiztegian erregina-jele ageri da gaztelaniazko jalea real. Zehazki hiztegian, berriz, erregeren jele.
Anaitu, anaitasun, anaiarte eta antzekoek ere berekin dakarte nolabaiteko maskulino generiko izaera. Izan ere, horiek guztiak anaia hitzetik datoz, lehen adiera, eta nagusia, “gizonezko senide” duena, eta bigarren adiera “beste batekin nolabaiteko anaitasunak lotzen duen pertsona”. Maskulino orohartzailea, beraz. Bestela, Herritar guztiak elkarrekin daudela anaitasun handian edo Euskaldun guztion anaitasuna nolabait erakustearren adibideetan jauzi semantiko nabaria legoke esaldiaren lehen erditik bigarrenera.
Beste adibide bat maisu hitza litzateke, Euskaltzaindiaren Hiztegian behintzat. Maisu eta maistra hitzen definizioak konparatuta, asimetria nabaria da. Itxurazko bikote dira, maisu hitzak badituelako maistra hitzak ez dituen adiera batzuk:
maisu 1iz. Zenbait egitekotan, gidari edo arduradun gisa ari den pertsona. Itsasontziko maisu gaztea. 2iz. Lehen irakaskuntzako irakasle gizonezkoa. Ik. eskola maisu; irakasle; errient. Herriko maisua. Maisu gehienak erdaldunak ziren. 3iz. Irakaslea; gidaria. Ikaslea ez da maisua baino gehiago. Judasek saldu zuen Jesus bere maisu eta ongile handia. Maisuen maisua. Eliza Ama Santuak bere maisuak ditu. Ignazio, Loiolako arima maisu handia. 4iz. Eskuzko lanbideetan, nagusi gisa aritu eta ikasleei irakasten dien pertsona. Ik. ofiziale. Migel de Santa Zelai, hargin maisua. Herri bakoitzean izango dira langintza guztietan maisu eta langile onak. 5iz. Aipatzen den artean edo zientzian jakinduria edo trebetasun handia duen pertsona. Gaztelaniazko maisu zaharrak. Guk Orixe izan genuen prosa-maisua. Maruja Torres ez dakit zinikoa den edo ironiaren maisu. Hizkuntza-maisuak. Hilarion Eslaba musika maisua izan zen batik bat. 6adb. Maisu gisa. Egiteko zail horretan maisu ageri da beti aita Bilbao.
maistra iz. Lehen irakaskuntzako irakasle emakumezkoa. Ik. errientsa; andereño 2. Maisu-maistra euskaldunak.
Maistra hitzean ez dago “jakinduria edo trebetasun handia duen pertsona” adieraren arrastorik, eta soilik emakumezkoak izendatzen ditu. Aldiz, maisu pertsonentzat da, ez soilik gizonentzat; adibide batean Maruja Torres ez dakit zinikoa den edo ironiaren maisu ageri da, bai eta Olga Viza ere, zeremonia-maisu gisa. Bestalde, hitz multzo horretan izenez aipatzen diren gainerako guztiak gizonezkoak dira: Judas, Jesus, Ignazio Loiolakoa, Miguel de Santa Zelai, Orixe, Hilarion Eslaba, aita Bilbao, Axular, Thomas Mann, Campo Vidal.
Egungo Euskararen Hiztegian maistra hitzak badu beste adiera bat:
3 irud/hed Carmen Cubillo maistrarekin hainbat urtez lanean aritu eta gero, egun bere dantza konpainia du Cortesek. Berria – Kultura Maria euren alaba gailurrera iritsi dela, tenislarien artean maistra bihurtu dela, Masters Torneoaren irabazle, 17 urte eskasekin. Berria – Kirola · Emakume bitxia dugu hau […]: abangoardiako rock emozionala garatzen du-, ahotsean eta gitarran maistra. Berria – Kultura
Argi dago, beraz, euskaraz ere baditugula orohartzaile gisa jokatzen duten maskulino batzuk, baina ez dakit zenbateraino den hori horrela egiaz, alegia hiztunak horrela nabaritzen eta erabiltzen ote dituen.
Azken kontu bat, gai honekin lotuta. Adituek azaldu zutenez, generorik gabeko hizkuntzetan gertatzen da ezen, nahiz eta izendapenak berak “generorik” ez izan, azpian dagoen kontzeptuak baduela, hiztunak barneratuta daukan moduan. Horregatik irudikatzen ditugu errazago, edo maizago, suhiltzaile, zirujau, abokatu, mediku eta abar gizonezkoak, eta zaintzaile, erizain edo garbitzaile emakumezkoak. Genero-kutsadura esaten zaio horri. Jakina, historiaren zama dago hor, oraindik ere astun askoa.
Euskaltzaindiaren Hiztegian mediku hitzaren sarrera begiratuta, lehen adibidea mediku jauna da, eta izenez aipatzen den bakarra, Broussain [Piarres]. Bertsolari bilatuta, izenez aipatzen den bakarra Xenpelar da. Kantari bilatuz gero, Xenpelar berriz. Filosofo bilatuta, Platon. Euskaltzain bilatuta, Gorostiaga euskaltzain jauna eta Azkue jauna. Jostun bilatuta, Cristobal Balenciaga. Albaitari bilatuta, E. Zurutuzak [Enrique Zurutuzaz ari delakoan nago] albaitaritza izan zuen lanbide, baina lan asko egin zuen euskararen alde ere, batez ere irratigintzan. Esploratzaile bilatuta, jakiten dugu Espedizioaren buru Ernst Schaeffer esploratzaile zaildua zegoela. Lehendakari bilatuta (adiera guztietan, ez soilik Jaurlaritzakoan), J.A. Ardantza eta Ibarretxe. Presidente bilatuta, Ferry [Jules?], Joe Biden, eta Sarah Palin presidenteordetzarako hautagai ohia. Margolari bilatuta, Ignazio Zuloaga, eta margolaritzan, Gauguin. Irakasle bilatuta eraman dut ezustekoa, aipatzen den Lafon irakaslea nor ote den begiratuta Marie-Hélène Dafon aurkitu baitut. Baina berdinketa dago, hala ere, Freud ere aipatzen da eta. Beste askotan, hala nola idazle, erizain, itzultzaile, zientzialari, legelari, futbolari, artista, eskalatzaile edo ikerlari, ez da izen aipamenik ageri. Egia da, ez dut azterlan sistematikorik egin. Baina orobat da egia hamar bat minutu aski izan ditudala goiko adibide horiek pilatzeko. Esanguratsua iruditzen zait.
Hain daukagu barneratuta kontua ezen joera izaten dugu gizonezkoei dagokiena neutro gisa emateko, eta emakumezkoena, berriz, markatu gisa. Horregatik jotzen dugu batzordeko lehendakaria esatera gizona denean, eta batzordeko lehendakari andrea esatera emakumezkoa denean. Edo besterik gabe futbol-taldea gizonezkoena denean, eta emakumezko futbol-taldea, bestela denean.
Hizkera inklusiboaz ari garelarik, oro har tentsio bat nabaritu ohi dugu orokortzeko eta zehazteko beharren artean. Askotan ez dugu jakiten zer den hobea, femeninoa markatzea edo ez. Beste albo-ondorio bat ere badu kontuak, gainera: binarismoan erortzearena, hartara ezkutuan utzita hor kabitzen ez diren identitateak.
Blog honetan idazten hasi nintzenetik, argi neukan ez nuela interpretazio-lana ikuspegi akademikotik landu nahi, horren inguruko txosten eta azterlan asko baitaude jada. Nik gure egunerokotasuna erakutsi nahi dut, ikusten dena zein ikusten ez dena, eta baita gure beldurrak eta kezkak plazaratu ere. Izan ere, jendeak gure lanbidea hobeto ezagutzen badu, gehiago baloratuko duela pentsatu izan dut beti. Tira, horren itxaropena behintzat ez dut galduko.
Besteak beste, interpretazioaren munduan egindako hastapenez, tarifen aferaz, dokumentazioa lortzeko egin beharreko maratoiez, emozioak transmititzeaz eta oro har lanbide honek merezi duen duintasunaz hitz egin dut jada, baina oraindik ez dizuet interpretazio-lanaren kalitatea baldintzatzen duen beste faktore garrantzitsu batez hitz egin, hots, kabinakideez. Hortxe daude beti, bai, baina jendeak ez daki kabinakide onak izateak gure lana zenbateraino baldintzatzen duen.
Dakizuenez, gure lantokia kabina ―edo antzeko zerbait― da, oso toki txikia, eta banaka edo bikoteka egiten dugu lan, saioaren iraupenaren arabera. Bikoteka lan egitea tokatzen zaigunean, oso garrantzitsua da elkarrekin gustura egotea eta elkarri babesa ematea, eta ez bakarrik lanaren aldetik, alde emozionaletik ere bai. Talde lanean ari garenean, elkarri laguntzen diogu apunteekin, erreleboekin… baina norbera gaizki pasatzen ari denean edo haur txikiak izateagatik zoroen pare dabilenean, kabinakideak hori ulertzeak eta ahal duen neurrian babesa emateak ere baldintzatzen du hari-harian dabilen interpretearen lana.
Euskal interpreteon profila aztertzen aritu ginenean, gehienak emakumezkoak ginela ikusi genuen, eta beharbada horrek azalduko luke gure arteko ahizpatasuna. Adin tarte desberdinetan mugitzen gara, baina lehenago edo beranduago guztioi tokatzen zaigu bizitzako momentu zehatz batzuetatik igarotzea, eta beharbada horregatik enpatizatzen dugu kabinan ondoan dugun pertsonarekin. Laguntza jasotzen duenaren partetik, kabinakidearen babesa ezinbestekoa da, baina laguntza ematen duenaren partetik ere ezinbestekoa da kabinakidea gustura sentiaraztea, lana behar bezala egiteko bi kabinakideak ehuneko ehunean egotea beharrezkoa delako. Horrek dakar, azken finean, emaitzarik politena.
Tibetarrak ez zeuden oker, ez, atsotitz hau asmatu zutenean, eta horrekin bukatu nahi dut artikulu hau: “lagun hurkoari mendian gora laguntzen diogunean, berarekin batera gu geu ere heltzen gara tontorreraino”.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzan lanean ari naizenez geroztik, herritarrek ingurune digitala dela-eta noizean behin bidaltzen dituzten kexak jasotzea ere egokitzen zait, eta kexa horiek ITZULI itzultzaile automatiko neuronalaren jarduerarekin izaten dute zerikusia batzuetan.
ITZULI itzultzaile neuronala 2019an jarri zuten herritarren eskura, eta, besteak beste, IDABA Eusko Jaurlaritzako itzulpenen datu-basearen erabilerak behera egin zuen. Ordura arte, EJko teknikariek bazuten IDABAra jotzeko ohitura, administrazioko fraseologia edo terminologia kontsultatzera, eta zegokion terminorako ordainik topatzen ez zutenean edo ordain bat baino gehiago topatzen zituztenean, DUDANET hizkuntza-zalantzak argitzeko zerbitzura ere jotzen zuten. Itzultzaile neuronala zabaldu zenean, ohiturak aldatu egin ziren: IDABAren erabilerak behera egin zuen.
Orain dela ia urtebete kexatu zen pertsona batek zioenez, discapacitado/a itzultzerakoan minusbaliatu eman zuen eta termino hori oso gaizki zegoen, desgaitasuna idatzi behar baita, desgaitasuna duen pertsona edo desgaitasunen bat duen pertsona. Kexaren helburua zen itzulpen tresna eguneratzea eta hobetzea.
Proba egin genuen, eta konturatu ginen ITZULI orokorra zela okerreko terminoa ematen zuena, ITZULI juridiko-administratiboak desgaitu ematen baitzuen. Gaur ere proba egin dut, kexa eragin zuen esaldi berarekin, eta ezindu eman dit bietan, orokorrean eta juridiko-administratiboan: ezindu ez da minusbaliatu bezain aldrebesa, baina ez da terminorik egokiena ere.
Ni saiatzen naiz azaltzen itzultzaile automatiko neuronalek ez dutela gizakiak bezala lan egiten, probabilitateetan eta algoritmoetan oinarritzen direla, gizakiek baino askoz ere azkarrago itzultzen dutela, baina esaldiz esaldi, testuingurua ezagutu gabe, eta akatsak egiten dituztela; ez dituztela terminoak askotan ondo ematen, ez dituztela sinonimoak bereizten; itzultzaile neuronalek datu asko behar dituztela entrenatzeko, eta zaila dela nola funtzionatzen duten kontrolatzea eta ulertzea; eguneratzea ez dela itzulpen-memoria bat eguneratzea bezain gauza sinplea; urtean behin edo bitan elikatzen eta eguneratzen dituztela, corpus elebidunak eta ordenagailu sendoak erabilita; corpusak bolumen nahikotxo izan behar duela, prozesuak bere denbora behar izaten duela eta bukatu ondoren probak egin behar direla kalitatea hobetu dela egiaztatzeko. Eta esaten diet itzultzaile automatiko neuronalak itzulitakoak beti-beti posteditatu behar direla. Baina ez dakit inor konbentzitzea lortzen ote dudan.
Aste honetan beste kexa bat jaso dugu eta betiko erantzuna eman diot, baina oraingo honetan poz pixka bat eragin dit kexak: Tutore klinikoak eta beste hainbat langilek (erizaina, hidroterapiako zaintzailea…) itzultzerakoan, ITZULIk el tutor clínico y otros trabajadores (enfermeras, cuidadoras de hidroterapia itzuli du. Generoa kontuan hartu behar lukeela dio kexa egin duenak.
Nik proba egin dudanean, egiaztatu dut ITZULI orokorraren emaitza dela kexa eragin duena. ITZULI juridiko-administratiboak el tutor clínico y otros profesionales (enfermeros, cuidadores de hidroterapia… eman dit. Ez dakit maskulino generikoa zuzenagoa den edo maskulino eta femenino estereotipatuak ematea bezain okerra den.
Poz pixka bat eragin didana kontsulta euskaratik gaztelaniara egina zegoela ikustea izan da. Itzulpengintzan ibiliak garenok susmoa izaten dugu neuronalaren erabilera euskararen kalterako izaten dela sarriegi.
Euskara hizkuntza ofizial bihurtu zenez geroztik, nabarmen ugaritu da euskara idatziaren zein ahozkoaren presentzia, eta ugaltze hori, hein handi batean, itzulpengintzari esker izan da. Itzultzaileek ekarpen handia egin dute administrazio-hizkera finkatu ahal izateko; euskarazko testu administratiboen eta teknikoen fraseologia eta terminologia itzulpengintzaren eskutik jorratu dira, neurri handi batean, urte hauetan guztietan. Eta hizkuntza finkatzeko prozesua ez da oraindik bukatu.
Itzultzaile automatiko neuronalen erabilera nagusitu denez geroztik, ordea, arrisku nabarmenak ikusten ditugu: itzultzaileen eta interpreteen bitartez euskarak orain arte irabaziak dituen espazioak adimen artifizialarekin sortutako hizkuntza-teknologiek ordeztekoa; eta horrek, jakina, kalte handia eragiten dio euskararen erabilerari eta kalitateari.
Baina euskara gehiago erabiltzeko eta euskarak espazio berriak irabaz ditzan aukera ere eskaintzen du itzultzaile automatiko neuronalak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udal batzuek beren langileen eskura jarri dituzte itzulpen neuronaleko tresnak, euskaraz sortutako testuak gaztelaniara eta beste hizkuntzetara automatikoki itzuli ahal izateko; edo barrurako den agiriren batek hizkuntza-eskakizunen derrigortasun-araudia betetzetik salbuetsita dagoen langileren bati eragiten dionean, eta langile horrek euskara-gaitasun nahikoa ez badu, udal-funtzionamendua ez trabatzeko itzulpen-tresna elektronikoetara jo dezan.
Nolanahi ere, tresna elektronikoak erabili ala ez, sustatu behar dena kalitatezko euskararen erabilera da.