Hiztegiz hiztegi…

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

…ibiltzen naiz sarritan hitz edo esamolde jakin baten euskal ordain taxuzkoena aurkitu ezinik. Baita buruan dudan ordaina egiazki taxuzkoena —edo bederen zuzena— ote den argitu nahirik ere. Hiztegiz hiztegi, corpusetik corpusera, ereduzko prosatik ereduzko prosara. Hainbeste eta hainbestetan ibiltzen naiz han-hemenka kontsultan non iruditzen baitzait anitzez ere denbora gehiago iragaten dudala kontsulta etengabeko horietan ezen ez itzulpenak eskatzen dituen bestelako eragiketa mentaletan.

Egia da, egia denez, hiztegietarako joan-etorri horietan ibili bidenabar burua estutzen aritzen naizela maiz, gogoan alderrai dabilzkidan aukeren-maukeren gainean hauta-lanetan. Baina egia da, baita ere, nahiago ditudala ez zenbatu kontsulta-lanetan pasatzen ditudan denbora-tarte horiek, beldur bainaiz ileak lazteko moduko kontuak aterako litzaizkidakeela.

Nago ez ote den segurtasun falta ikaragarrizko baten seinale. Edo izan liteke estuegi lotzen natzaiola Itzulpengintza Masterreko irakasle haren aholkuari: hitzen batekin duda izpirik izanez gero, hiztegietara jotzeko beti (hala ez jokatzearen ondoriozko itzulpen trakets eta xelebreen antologia polit eta irri-emangarri batekin hornitu zigularik aholkua, jakina). Inoiz pentsatu dut Interneten errua ere badela, hain delako erraza eta erosoa, baita —batzuetan— entretenigarria ere, leihoz leiho jauzika orduak ematea.

Anitzetan galdetu diot neure buruari nola eginen nukeen baliabide horiek guztiak gabe, nola moldatuko nintzatekeen Internet gabe edo eskura hiztegirik bakar bat ere izan ezean. Uf! Izerdi eta guzti sumatzen dut bizkarrezurrean beheiti! Eta hara non aurreko batean Xabier Olarrak hausnarketa aski jakingarri hau bidali zidan mezu batean, hark itzulitako Historiarik goibelena irakurri ondoren igorri nion laudorio mezuari erantzuteko:

«Eta Historiarik goibelena, bai, niri ere liburu bikaina iruditu zait beti. Nik atxikimendu berezia diot, lehenbiziko ehun orriak papera eta lapitzarekin eta hiztegirik gabe egin nituelako Nepaleko trekin batean (zati bat) eta Kathmandun beste zati handi bat, han ere papera eta lapitzarekin (eta Internetik gabe). Gero, noski, hona iritsi nintzenean behar ziren hiztegi guztiekin bukatu nuen. […] Bestalde, uste dut norberak barruan dituen baliabide soilekin lan egin izanak —liburuetara, hiztegietara eta abar gehiegi jo gabe— nolabaiteko naturaltasuna ematen diola lanari (eta irakurketa erraztu ere bai agian). Hori da behintzat X-k esan zidana Durangon: historia ez zitzaiola batere interesatu, baizik eta testua bera, idazkera, eta abar, eta horrek euskaraz hartzen zuen taxua. Esplikatu nion nola egin nuen aspaldi hartan, eta beharbada horren ondorio izango zela […]».

Ni, nolanahi ere den, saiatu ere ez![1]


[1]Bide batez, bihoakie hemendik nire miresmenik handiena Internet gabeko antzinaroko itzultzaile guztiei!

Idatziaren kulturaren gainbehera (III)

Asier Larrinaga Larrazabal

Hezkuntza-sisteman hogei urte baino gehiagoko bidea egin badut ere, etsita nago niretzat ez diren testuak ulertu ezin izatera. Kaleko grafitietan konturatu nintzen lehen aldiz igorle batzuek kodetze-sistema eta konposizio kriptikoak erabiltzen zituztela euren mezua interesatzen ez zitzaizkien hartzaileen begien bistan ezkutatzeko. Hala behar du. Edonorentzat zabaltzen diren mezuetan, ordea, igorleak ardurarik handienaz erraztu beharko lieke balizko hartzaileei testua ulertzeko lana. Kontrakoa sumatzen dudanean, idatziaren kulturaren gainbeheraren beste sintoma baten aurrean nagoela pentsatzen dut.

Testuaren estetika beti da inportantea. Jakin nahi nuke nik nork arraio diseinatu zuen Comic Sans MS tipografia itsusi eta uxatzaile hau. Ni, hiru lerro irakurri, eta ase egiten nau.

Baliabide grafikoak zentzu gutxirekin erabiltzen direnean ere, oso litekeena da irakurleari uste baino lan gehiago ematea. Kopuruen berri emateko zifrak eta letrak nahastea, esate baterako, horixe bera da: nahastea. Ez da, ba, errazago prozesatzen «1.123.000», «milioi bat eta 123 mila» baino?

lehen irudia

Edo, ez da laburragoa eta argiagoa «estación de tren», «estación de f.f.c.c.» baino?

bigarren irudia

Eskerrak ondoan ikonoa ipini duten, «f.f.c.c.» interpretatzeko gauza ez bagara ere.

Hala eta guzti, mezu idatzia interpretatzen laguntzeko, erabiltzen den hizkuntzaren mekanismoak ondo ezagutzea eta etekina ateratzea da zuhurrena.

Oso efektista eta ondo pentsatua da pelikula eta telesail askoren hasieran jartzen duten adierazpena: «El Deseo S. A. presenta … Un film de Pedro Almodóvar … “Volver”», «Metro-Goldwyn-Mayer presents … Lillian Gish and John Gilbert … in “La Bohème”». Euskaraz bere horretan itzuli da zenbaitetan.

aurkezten

Esango nuke horrek ez duela funtzionatzen. Euskaraz ari garenean, errazago prozesatzen ditugu objektua aditzaren aurretik daukaten sekuentziak, bestela ordenatuak baino. Zorionez, erraza da filmaren edo telesailaren izenburua aurkeztu aditzaren mendetik ateratzeko formulak asmatzea.

aurkezturik

Goiko adibidean, «Euskal Telebistak aurkezturik, Jaun ta jabe» erabili da, aditz nagusiaren elipsia eginda bezala: «Euskal Telebistak aurkezturik, Jaun ta jabe telesaila dator pantailara».

Ostegun Gizena

Maite Imaz Leunda

Ostegun Gizena izaten da Inauterien hasiera Tolosan, hainbat tokitan bezalaxe. Ostegunaren ondoren Ostiral Mehe batzuentzat ajetsua etortzen da, eta ostiralaren ondoren larunbata. Eta larunbat horri izen berezia jarri behar diodanean hasten naiz komeriatan, inauteri larunbata, inauteri bezpera edo zaldunita bezpera, zein izen aukeratu erabaki ezinik. Gaztelaniaz buruhauste gutxiago izaten dut: Jueves Gordo, Viernes Flaco eta Sabado Regular. Ume garaian. 70eko hamarkadaren hasieran, kanta honek gogorarazten zigun inauteriak gerturatzen ari zirela:

m1m2Aspaldian ez dut entzun, ez kantatu ere. Ez dut uste oraingo ikasleek ezagutuko dutenik. Baina ni umea nintzela ikastolako irakasleren batek hartu izango zuen kanta guri erakutsi aurretik euskaratzeko lana. Nik behintzat honela daukat gogoan:

m3m4

Larunbat Erdipurdi hori benetan xelebrea gelditzen zen. Ez zen hori kontu xelebre bakarra kaleko paisaian euskarak presentziarik ez zuen garai hartan eta euskaldunontzat ere karnabal hitza inauteria baino ohikoagoa zen hartan; idatzizko hizkuntza bakarra gaztelania izan arren, carnaval hitzaren arrastorik ez zegoen herriko festak iragartzeko ipintzen zituzten karteletan.

Nire haurtzaro garaiko kartelek Iñauterik / Fiestas de Primavera iragartzen zituzten. «Zergatik jartzen ote dute udaberriko festak, neguan izaten badira?» pentsatzen nuen neure artean. Uste nuen Fiestas de Primavera hori azalpen moduko bat zela; ez nekien horixe zela jaien izen ofiziala, ez bainuen inoren ahotan entzuten. Frankismo garaian Inauteriak debekatu egin zituztenez, beste izen bat jarri zioten 1943an Tolosan, eta horri esker jarraitu ahal izan zuten Inauteriak ospatzen. Jaiak iragartzeko kartel ofizialetan 1979ra arte iraun zuen Iñauterik / Fiestas de Primavera izendapenak.

Gaztarora iritsi nintzenerako jaietako egitarau osoa euskaratuta ikusten hasi ginen eta orduan jakin nuen larunbatetik asteartera bitarteko festa-egunak izendatzeko euskal izen tradizionalak ere bazirela: Zaldunita Bezpera, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita. Bitxiak bezain politak iruditu zitzaizkidan izen horiek. Inauterietako argazkiak egunaren arabera sailkatzerakoan izen horiexek erabiltzen ditut.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batu Oinarridunean begiratuta, badirudi  zaldunita zaldun-inauteren aldaera  dela; astelehen inaute eta  astearte inaute ere ageri dira.

Hizketan ari naizenean, ordea, kosta egiten zait Zaldunita, Astelenita eta Asteartita esatea, argazkietan ipintzen hasi nintzenetik urte asko pasa diren arren, batetik, oraindik ere exotikoegiak iruditzen zaizkidalako, eta bestetik, festaren zurrunbiloaren atarian gaudenean izen berezien beharrik ez dugulako izaten: «igandean jantzi behar dugun mozorroa, astelehenean ateratzekoa den txaranga, astearteko bazkaria…» izaten ditugu elkarrizketetako gaiak.

Baina denboran urrundu ahala, Inauterietako egunak aipatzeko astegunen izen arruntak baino zerbait gehiago behar izaten dugu. Gurasoengandik jaso nituen izendapenak karnabal bezpera, karnabal eguna, karnabal bigarrena eta karnabal hirugarrena izan ziren. Aitarekin ari naizenean horiexek erabiltzen ditut. Baina horiek ulertu ahal izateko jakin egin behar da erreferente nagusia, karnabal eguna, igandea dela.

Hiztegi Batu Oinarridunean ageri diren formen antz pixka bat duten izenak ere erabiltzen ditut: igande inauteria, astelehen inauteria eta astearte inauteria, umetan ikastolan ikasitako kanta hartan bezalaxe; eta larunbaterako, inauteri bezpera. Baina errazen ateratzen zaizkidan izenak, ordea, beste hauek dira: inauteri larunbata (inauterietako larunbata), inauteri igandea, inauteri astelehena eta inauteri asteartea.

Ondoren, Auster Eguna eta Garizuma.

Heinrich Böll eta Uwe Boll ez dira familia berekoak

Santi Leoné

Maite ditut, maite, kanpoko izenak, letra bereziak dituztenean: Stanisław Lem, Gabriela Adameşteanu, Jo Nesbø. Ez dakit nola ahoskatzen diren (ez dakit ez polonieraz, ez errumanieraz, ez norvegieraz), baina jakin-mina pizten didate. Aspaldian, artean gazteago eta berdeago nintzela, solas frantsesen bokalen gaineko azentu-marken ugaltzeak izugarri liluratzen ninduen: Hélène, Frédéric. Batzuetan, istorio interesgarriak altxatzen dira zeinu horien –edo zeinu horien faltaren– gibelean. Je suis né liburuan, Georges Perec-ek kontatu zuen frantses gehienek, haren izena entzunda, Perrec edo Pérec idazten zutela, frantsesaren idazkera sistemak hala ordezkatzen baitzuen idazlearen izenaren ahoskera. Azentua idazteari uko eginez, Perec-ek uko egin nahi izan zion bere deitura arruntean frantziartzeari: abizena, berez, sefardia zen –Peretz–, eta Perec Bigarren Mundu Gerran Frantziara emigraturiko Poloniako familia judutar bateko alea zen. Azentuaren eskasia zen kultura judutarrarekin zuen lotura bakarra: falta bat, absentzia bat.

Noizbait pentsatu dut istorioren baten bidez dotoretzea nire deituran atxikitzen tematzen naizen azentu hori, baina oraingoz ez zait deus ere bururatu. Polita eta eredugarria iduritzen zait Irati Iciarrek Twitterreko kontuan ematen zuen azalpena (“bai, abizena c-z idazten dut, alferra naiz eta”), eta horregatik egin nintzen haren jarraitzaile sare sozial horretan, kontu horren gibelean balizko frikikide bat sumatu baino aise lehenago.

Baina lot nakion harira: letra bereziak eta marka diakritikoak ez dira apaingarri hutsak, eta, ahoskera bideratzeaz gainera, batzuetan istorio inportante –edo banal– bat dute azpian. Horregatik, ez nago sobera ados Berriaren estilo liburuan hartua dagoen marka horiek guziak kentzeko erabakiarekin. Hala ere, ados egon edo ez, ez dagokit niri, bistan da, erratea nola jokatu behar duten hedabide batean. Bada bertze kontu ttiki bat, ordea, kritikagarriagoa egiten zaidana. Estilo liburuaren 2006ko edizioan, paperekoan, hau adierazten da: “erabiltzen den diakritiko bakarra zubererazko ü da. Alemanezko dieresia [¨] ordezkatzeko, digrafoa erabiltzen da pertsona izenetan”. Orain Interneten dagoen bertsioan, zehazten da digrafoa erabiliko dela “alemanezko a eta o letren gaineko dieresia”, eta, beraz, alemanezko ü linboan utzi dute, batek daki zergatik. Praktikari begiratzen badiogu, ordea, normalean digrafo hori ez da inoiz erabiltzen, eta alemanezko ä, ö eta ü burusoil azaltzen dira Berriako albisteetan: Heinrich Boll (2013-01-06), Herta Muller (2014-01-14) edo Wolfgang Schauble (2013-08-22). Eta pena da, digrafo horren bidez alemanak berak konponbide erraza eskaintzen baitu: Heinrich Boell, Herta Mueller, Wolfgang Schaeuble. Azken batean, Heinrich Böll (edo Boell) idazlea eta Uwe Boll zinema-zuzendaria ez baitira ahaideak.

Bi haurdun

Fernando Rey Escalera

“Bi haurdun Palermora (Sizilia) eraman dituzte, eta Lampedusako erietxera beste hiru lagun”

“Etorkinekin lan egiten duen Beni Znaffen erakundeko presidenteak, Hichman Barakak, hildakoen artean bi haurdun zeudela ohartarazi zuen”.

“Bi haurdun eta bi amatxo beren umetxoekin”.

Esaldi horiek Google-etik atera ditut, baina halakoak gero eta gehiagotan ikusten dira toki askotan. Erdarazko erabileraren kalko (egokia?), dudarik gabe.

Ez dakit euskarak inoiz bere eginen ote duen adierazpide hori, baina niri bitxia egiten zait, desegokia. Nire inguruan “haurdun”, gehien-gehienetan, adberbio modura erabiltzen da, eta oso gutxitan izenondo modura, baina hitzak ez du azkeneko salto hori egin.

Egia da –dun atzizkia duten hitz askorekin ez dugula problema hori, eta lasai esaten dugula “Hiru txapeldun elkarrekin pilota-partida berean”, edo “Fededunak bere esperientziaren berri eman du”, edo “Hartzekodunak badu eskubidea ziurtagiria eskatzeko”, edo “Bizardun asko ikusten ziren 80ko hamarkadan”, baina “haurdun” hitzarekin min moduko zerbait sentitzen dugu belarrian:

“Haurdunak badu eskubidea behar bezalako arreta izateko” (?)

“Hiru haurdun ospitaleraturik gripea dela-eta” (?).

Gehienok hobeki ulertzen dugu honela esanda:

“Haurdun dagoen emakumeak badu eskubidea behar bezalako arreta izateko”.

“Hiru emakume haurdun ospitaleraturik gripea dela-eta”.

Orotariko Euskal Hiztegian ibili naiz bilaka, baita Ereduzko Prosa Gaur-en ere, eta berretsita ikusi dut nire iritzia. Adizlagun: “Haurdun izan, egin, egon, geratu, gelditu, gertatu, sentitu…”. Eta bakarren bat, izenondo gisara.

Bakar bat ikusi dut goiko adibideen modukoa: Bere amak aurdunari erdi-egiten lagun egiten zionez. Zait Plat 84.

Hau guztia buruan nerabilela, gogora etorri zait noiz aditu nion lehenbiziko aldiz gizaseme bati –lankide bati– “haurdun gaude” esaten. Hark umore pixka batekin ohiko adierazpidea bihurritu zuen bezala, ontzat eta normaltzat hartuko dugu “haurdun bat” edo “bi haurdun” esatea?

Idatziaren kulturaren gainbehera (II)

Asier Larrinaga Larrazabal

Idaztea ez da letrak bata bestearen atzean jartzea. Testu bat osatzen denean, mamia bera bezain garrantzitsutzat jo beharko litzateke begietan egingo duen efektua. Egungo testu askoren bisaia, estetika, fotogenia zaintzen hain ardura gutxi jartzea, niretzat, idatziaren kulturaren gainbeheraren sintoma garbia da.

Testuaren estetika zainduak, jakina, atsegin ematen dio irakurleari, baina, batez ere, testua atzitzen, prozesatzen eta ulertzen laguntzen dio. Esate baterako, testu elebidun askotan, alderdi honek egiten du huts. Nik esango nuke zati handi bat aurreratu dugula garai bateko formulario elebidunetatik hona, baina, ardurarik arduratsuena jarrita ere, nekez lortzen da atontze biribil-biribila.

asierrena
Nire iritziz, erabiltzaileari praktikoagoa izango litzaioke orriaren alde batean euskarazko bertsioa ipintzea, eta, beste aldean, beste hizkuntzako bertsioa.

Ikus-entzunezko pantailetan jartzen diren idatziak ere, sarri baino sarriagotan, erabiltzailearentzako laguntza barik, sufrikario dira.

Begiko zait bideo horretako konektatze- eta komunikatze-nahia, baina esango nuke ez dutela asmatu. Erabiltzaileari, irakurtzeko astia eman behar zaio; beraren begirada gidatu egin behar da; azpidatziak eta gaininpresioak ez dira bateragarriak —pertsona batek ezin die biei eman arreta aldi berean—, eta abar. 16/9ko pantailak zabaldu direnetik, larriagoa da kontua, bideo-sortzaileei alderik alde idazteko grina moduko bat sartu zaie eta.

Zorionez, jarraibide egokien bila dabilenak badu nora jo. Jan Ivarssonen Subtitling for the Media (1992) jakingarriz beteta dago. Adibidez, hobe dela pantailako azpidatziak ezkerretara justifikatzea, begiari erreferentzia-puntu finkoa eskaintzeko. Edo arinago irakurtzen dela testu-lerroak binaka eskainiz gero, banaka baino. Edo 40 karaktere baino gehiagoko lerroak irakurtzen nekezagoak direla. Euskal Telebistan, Ivarssoni jarraitu diogu azpidazteko arauak prestatu ditugunean.

Nork berean

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Nik ez dakit posible izanen ote den inoiz gurean biren arteko solasetan edo are talde handiagoetan nork bere hizkuntzan –edo norberak nahiago duen hizkuntzan– hitz egin ahal izatea askatasunez. Hizkuntza aukeratzeko askatasun dontsua benetan ezagutuko ote dugun egunen batean hemen. Inoiz ohikoak izanen diren gure artean Katalunian hain arruntak diren elkarrizketak, zeinetan solaskide batek gaztelaniaz hitz egiten dion besteari, eta besteak katalanez erantzuten normaltasun osoz. Jakin badakigu, baten batzuek bestela sinetsarazi nahi badigute ere, hizkuntz hautua ez dagoela norbanakoen esku, eta hemengo elebakar gehienak euskara ulertzeko kapaz ez diren heinean, ezinezkoak izanen direla aipatu hizketaldi motak. Bitartean, estres linguistikoaren nekeak pairatu behar ezezagunen batekin hitz egin beharra suertatzen zaigunean.

Nolanahi ere, ez dut arrotzekin ditugun hizkuntz ohituren azpiko faktoreez gogoeta egin nahi hemen, soil-soilik plazara ekarri nire eta nire inguruko beste batzuei noizean behin sortzen zaigun galdera bat: zergatik egiten zaigu horren zaila euskarari eustea euskaldun hartzaileekin, hau da, hitz egiteko gai ez direnekin edo gai sentitzen ez direnekin, edo are euskaraz mintzatzeko gogorik ez dutenekin? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste mintzaide horiekin euskaraz egitea ulertu eginen digutela dakigun arren? Ez dakit zein diren galdera horien erantzun egiazkoak: ohitura falta besterik ez den,  adeitasunari buruz ditugun uste okerrak, euskararen eta gure bi erdara nagusien arteko distantzia, euskaldunon jendetasun neurrigabea, solaskidea nahigabetzeko beldurra… Jendartean nagusi diren jokamoldeak azpikoz gora jartzea nekeza da beti, bai, baina zein dira geu ere erdara erabiltzera bultzatzen gaituzten benetako faktore zehatzak?

Ikergai arrunt interesgarria delakoan nago. Datu guztien arabera, azken urteotako elebidunen gorakadak ez du euskararen erabilera handitu, baina mintzaidearen hizkuntzari atxikitzeko ohitura hausteko modua ikasiko bagenu, euskaldun guztioi handituko litzaizkiguke —neurri batean edo bestean, kasuan kasuan— euskara erabiltzeko aukerak. Eta, bestalde, halako egoeretan euskarari eutsiko bagenio, ez ote luke horrek halaber balioko euskaldun hartzaileen motibazioa eta ezagutza  areagotzeko?  Nik baietz uste dut.

Kontua garrantzi handikoa iruditzen zaidanez, aspaldi honetan neure burua aztertzen ibili naiz, neuk holakoetan zer egiten dudan eta nola sentitzen naizen begiratzen. Eta, besteak beste, honako hauek gertatu zaizkidala ikusi dut:

-Pediatra berria dugu osasun etxean. Orain sei hilabete hara joan eta gure artean euskaraz ari ginela entzutean, mesedez eskatu zigun hari euskaraz egiteko, dena ulertzen zuela, baina ez zela hitz egiteko gai eta gaztelaniaz mintzatuko zitzaigula. Ezinezkoa egin zitzaidan. Aldiro jo nuen gaztelaniara. Haserre atera nintzen kontsultatik, ez bakarrik ohartzeagatik zeinen erroturik dudan erdarara salto egiteko joera, baizik eta alabak ere ber gauza egin zuelako. Zer ikusi, hura ikasiren adibide huts bat? Eta nolatan eskatuko diot ba nik alabari gaztelaniaz besterik egiten ez duten ikastolako lagunei euskaraz egiteko? Eta nolatan eginen dio kasu irakasleari hark ere ikasle erdaltzaleekin euskaraz aritzeko eskatzen diolarik? Eneee!!!

-Iaz, ikastolako autobusaren zain, umeak eta lau heldu elkartzen ginen goizero: hiru euskaldun eta euskaldun hartzaile bat, Mikel. Gure arteko hizkuntza, noski, gaztelania. Egun batean, kemena bildu eta, Mikeli baimena eskatu ondoren, euskaraz hitz egiten hasi nintzen. Hasieran nabaria izan zen horrek taldean sortu zuen deserosotasuna, solaskide euskaldunak aldiro ibiltzen ziren batetik bestera saltoka. Baina, bi asteren buruan, euskara nagusitu zen gure hizketaldietan. Dena den, nahi baino gehiagotan, kezka bertsuek garrazten zidaten gogoa ustekabean: egia ote da Mikeli ez zaiola axola? Ez al zen lehenago, denok gaztelaniaz aritzen ginenean, hitzontziago? Eroso ote dago? Ez al naute denok hizkuntz talibantzat hartuko? Eneee!!

Bi adibide besterik ez dira, baina halako egoerak ez dira batere arrotzak nire inguruan. Horregatik, ahal dudanean, TELP tailer batean parte hartuko dut. Taller d´Espai Lingüístic Personal horiek, antza, norberak nahi duen hizkuntzari atxikitzen laguntzen ahal digutelako, norberaren asertibitate linguistikoa sendotzeko balio dutelako, baita norberaren hizkuntza ohiturez hobeki jabetzeko ere.

Direktiba eta zuzentarau

Maite Imaz Leunda

Euskaltzaindiaren hiztegi batuan biak ageri dira; zuzentarau inolako oharrik gabe eta direktiba, berriz, honako ohar honekin:

direktiba 1 iz. Zuz. (Europako arau modukoa) 2 iz. (Bestelakoetan erabil zuzendaritza)

Google-en bilaketa eginez gero, direktiba askoz ere sarriago ageri da, baina hasierako orriko agerpenei erreparatuta, zuzentarau ia beti Europako Zuzenbideko gaiekin lotzen dela antzeman daiteke. Euskaltzaindiak proposatzen duenaren aurka, zuzentarau ote da Europako arauak izendatzeko nagusitzen ari den forma?

Hiztegi batuan informazio gehiagoren bila joanez gero, ikus daiteke direktiba mailegu egokitzat jo zutela,1998an, Europako Zuzenbidearen arloan erabiltzeko. Zuzentarau, ordea, osaerak zalantza sortzen zuela eta, erabaki gabe utzi zuten 2006an, direktiba mailegua aski izan zitekeela iritzita; baina, 2011n, zuzentarau hiztegi batuan sartu zen.

Kontua da, Euskaltzaindiak direktiba Europako arauak izendatzeko egokia izan zitekeela erabaki zuenerako, zuzentarauk bere bidetxoa egina zuela arlo horretan eta hala jakinarazi zitzaion IVAPetik Euskaltzaindiari.

IVAPetik jakinarazi zen zuzentarau Europako zuzenbidearen eremuko terminoa zela, ez zela beste inongo eremutan erabiltzen, adiera bat eta bakarra zuela, erabileran aski errotutako terminoa zela, Europako Erkidegoko arau-testuen euskarazko bertsioetan zuzentarau besterik ez zela ageri, eta terminoaren adiera zalantzagabea zela, erreferentzia bakarrekoa zelako, direktiba terminoa ez bezala.

Gaur egungo erabilera zertan den jakin nahian, Google-en bilaketa bat egin dut, gorago aipatu dudanez, eta hona lehenengo orrialdean azaldu zaizkidan emaitzak:

Zuzentarau

Zuzentarau en Español, traducción, Vasco-Español Diccionario

es.glosbe.com › vasco-español diccionario
zuzentarau en el diccionario de traducción vasco – español en Glosbe, diccionario en línea, gratis. Busque palabras y frases milions en todos los idiomas.

europar parlamentuan atzo onarturiko hipotekei buruzko zuzentarau

stopdesahucios.plazan.net/…/europar-parlamentuan-…Traducir esta página
12/12/2013 – Europar parlamentuak onartutako zuzentarau berriak eta erkidegoko estatuek beraien legegintzara egokitzeko dituzten 2 urteek, egun 

Zuzentarau – Wikipedia, entziklopedia askea.

eu.wikipedia.org/wiki/ZuzentarauTraducir esta página
Erromako Itunean adierazitakoaren arabera, zuzentarau bat, erabaki kolektibo bat da, estatuak eurak, elkar derrigortzen direna, Batasunaren barnean dauden 

Osasun mentalari buruzko zuzentarau bat sustatu du Parlaemntuak

Los datos de los ciudadanos en los ayuntamientosdialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=2140275
Información del artículo Osasun mentalari buruzko zuzentarau bat sustatu du Parlaemntuak – Publicada consulta pública sobre alimentación, obesidad y 

books.google.es/books?isbn=8479786612Emilio del Peso Navarro, ‎Josep Jover Padró, ‎Margarita del Peso Ruiz – 2004
‎Education.
Eta, printzipio modura, zuzentarau horretan jasota dago datuak tratatzeko sistemak gizon- emakumeon zerbitzura daudela, eta derrigor zaindu behar dituztela 

nafarroako gobernuaren euskalerria irratiarekiko jarrerak europako

lavozdenavarra.wordpress.com/…/nafarroako-gober…Traducir esta página
18/4/2013 – Izan ere, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe uzteko Nafarroako Gobernuak jarraituriko bideak Europako zenbait lege eta zuzentarau urratzen 

GESAC, eskubideen kudeaketa kolektiboari buruzko hurrengo

http://www.sgae.esSocios EuskeraTraducir esta página
Estamos en: SGAE » Socios Euskera » GESAC, eskubideen kudeaketa kolektiboari buruzko hurrengo zuzentarau bateratuaren aurrean 

Osasun mentalari buruzko zuzentarau bat sustatu du Parlaemntuak

biblioteca.universia.net/html_bura/…zuzentarau…/45170289.html
osasun mentalari buruzko zuzentarau bat sustatu du parlaemntuak – publicada consulta publica sobre alimentacion, obesidad y actividad fisica: resaltad.

Iruzurra borroka | Urtea bukatu baino lehen zuzentarau fiskala

http://www.eitb.comHasieraAlbisteakEkonomiaTraducir esta página
22/5/2013 – Iruzurra borroka: Aurrezkien gaineko zuzentarau fiskala urtea amaitu baino lehen aurrera ateratzeko konpromisoa hartu dute Europar 

Europako zuzentarau eta erregelamenduen itzulpen-memoriak

opendata.euskadi.net/…/memorias_traduccion_europ…Traducir esta página
Open Data Euskadi: Eusko Jaurlaritzaren datu publikoak irekitzeko ataria. Hainbat itzulpen-memoria ematen dugu, TMX formatoan eta ZIPen bidez trinkotuta.

Direktiba

Zerbitzuen direktiba:: Secretaría de Estado de Administraciones

http://www.seap.minhap.gob.es/eu/areas/directiva-servicios.html
Directiva de servicios del mercado interior para establecer negocios o crear empresas.

direktiba meaning – Philippine Language Translator and Dictionary

translate.sandayong.com/cebuano/english/direktibaTraducir esta página
Definition of direktiba in Bisaya English. Bisaya to English translation of direktiba is directive .

Direktiba | Bermeo Futbol Taldea

bermeofutboltaldea.com/2012-08-21-08-49-42/…/9-sin-clasificar
Mañana viernes día 20 de Diciembre a las 20:00h se celebrará una reunión informativa en las oficinas del Club, en la que se detallará a los padres de los 

Tagalog to English: direktiba | Tagalog Translation

http://www.tagalogtranslate.com/tl_en/2939/direktibaTraducir esta página
Search Query: direktiba. Best translation match: Tagalog, English. direktiba. board of directors; management;. Probably related with: Tagalog, English. direktiba.

Direktiba berria gaur aurkezten da. diariovasco.com

http://www.diariovasco.comNoticias GipuzkoaNoticias Costa Urola
28/2/2013 – Zarautz Arraun Elkarteako lehendakaria izan denak azken bi urteetan, Edu Mugertzak bere dimisioa aurkeztu du orain aste ba-tzuk, kontu 

DIREKTIBA/Directiva – bergarako shotokan

bergarakoshotokankaratedo.es/direktiba-directiva.html
Presidente : Mikel Odriozola * Vice – Presidente : Jose Angel Amasorrain. * Tesorero : Ion Larrañaga * Secretario : Patxi Moreno. * Vocales : Markel Larrañaga 

Belmonte, nadismaya sa direktiba ng Comelec kaugnay sa isyu ng

http://www.gmanetwork.com › … › VideosBalitanghaliTraducir esta página
Belmonte, nadismaya sa direktiba ng Comelec kaugnay sa isyu ng SOCE. Date posted: Dec 13, 2013 1:43pm. Reporter: Sherrie Ann Torres. Tags: COMELEC 

hunta direktiba : Binisaya – Cebuano to English Dictionary and

http://www.binisaya.com/cebuano/hunta+direktibaTraducir esta página > 90 elementos – hun.ta.di.rik.ti.ba. – 6 syllables – direktiba = hunta direktiba 1. Board
a committee having …
~ appeal board, appeals board, board of appeals
a board of officials that are …

Zerbitzuen direktiba

http://www.ipyme.org/eu-ES/…/Directivadeservicios.aspxTraducir esta página
Zerbitzuen Direktiba zerbitzu-jarduerak arautzeko sistema nazionalak modu progresibo eta koordinatuan modernizatzeko aukera ematen duen lege-esparru 

Google-en emaitzak ikusita, esan daiteke zuzentarauk Europako Zuzenbidean aski errotuta jarraitzen duela gaur egun ere. Baina Euskaltzaindiaren hiztegi batua begiratuta, nik ulertzen dut zuzentarauk adiera generikoa izan dezakeela, direktibak ez bezala.

Ez gaitezen harritu gero

Santi Leoné

Aspaldi honetan, modan dago euskalkiek eta euskara batuak osatzen duten bikote horretan bigarrena seme tontotzat hartzea: mundura ekarri dugunez ume itsusi eta motela dela disimulatu eta maitatzen saiatu bertze erremediorik ez dugu, baina, aukeran, euskalkiak –bizkorrak, ederrak, argiak– dira gozamena eragin eta harro sentiarazten digutenak.

Moda horren adibide franko izan ditugu: Ibon Sarasola irratian –Xabier Euzkitzek artikulu batean egoki kritikatu zuen bezala–, edo Iñaki Segurola blog honetan berean. Azken alea, Txerra Rodriguezen post bat Garagoikoa blogean, Jon Sarasuaren Hiztunpolis liburuaren kariaz. Komentario horiek guziak ongi ulertu baditut –baina beharbada euskaldun berri naizen honen moztasunak traba egin dit–, euskara batua da kritikatzen dena, eta ez haren makur jakin batzuk. Euskara batua bera tresna kamutsa da, jostetarako motela, sentimenduetarako eskasa, eta ez nahikoa, oro har, funtzio komunikatibo hutsetik haratago. Kontua ez da, antza, erdara nagusi den giro batean bizi den batendako bereziki zaila izaten ahal dela hizkuntzaren zenbait alderdi nahiko lukeen bezain ongi garatzea. Afera, nonbait, ez da soziolinguistikoa. Afera da hizkuntzaren jenioa euskalkietan dagoela eta euskara batua –behin ikasle batek, erdi lotsatua erdi etsia erran zidan bezala– plastikozko euskara dela.

Nafarroak –itsas aldekoak eta lehorrekoak– mundua txunditua utz dezan, iduri luke hizkuntza normalizatua gaitzetsi eta herriko hizkera dialektala eredu har dezagun tematuak dabiltzala batzuek. Eta ez dut erran nahi euskalkien iturritik deus ezin ikas daitekeenik (gure semeak, adibidez, euskalkidun ez alfabetatu artean ikasi zuen 5 dela “zinko”, 85 “otxentaizinko” eta 100 “zien”, eta ez –nik euskara batu motelean erakusten nion bezala– bortz, lauretan hogeita bortz eta ehun; eta, orobat, ikasi zuen zutitu aitzin erranera egokiena “a la de una, a la de dos y a la de tres”, eta ez “bat, bi eta hiru” estetikoki zikiratzaile hori; zeren gutitan aipatzen baita euskalkidun anitzen maingua –are gehiago, zenbaitek hainbertze maite dituzte makuluak, ezen behar ez direnean ere erabiltzen baitituzte–), baina nire ustez, toki zibilizatu normal guzietan bezala, hizkuntza estandarra da bultzatu beharra. Bertze kontu bat da euskara mintzatua eta euskara idatzia berdinak izan behar ote diren –eta bistan da ezetz.

Bertzenaz, komeniko litzateke Jon Sarasuaren liburua (edo potoloegi bada, Txerra Rodriguezen pilulak bederen) lehenbailehen itzultzea, ikasle hasiberriek jakin dezaten euskara ikasteko eginahal handiak egin eta gero, zerbait ikastekotan, bigarren mailako plastikozko hizkera ikasiko dutela, eta etengabe barkamen eskaka ibili beharko dutela beren mintzo motel bizitasun gabe hori dela-eta. Eta euskara batua hori bada, hobe hasieratik argi uztea. Bertzenaz, ez gaitezen harritu, ikasi eta gero, frustrazioak joak, ez badira jeniorik gabeko hizkuntza artifizial hori erabiltzera animatzen.

Haur psikiatra bat

Fernando Rey Escalera

Maiz mila tokitan esandako eta idatzitako gai bat ekarri behar dut blogera. Ez da, beraz, oso gauza jakingarria, baina, lehengo egunean gure lantokian aditutako esaldi batek berriz kontua berrituta, hemen aipatzea merezi zuela iruditu zitzaidan, adibidea aski adierazgarria delakoan.

«Haur psikiatra bat» aipatu zuen batek, eta salto moduko zerbait sentitu nuen bularrean. Badakit logika erabiliz gero ez dagoela nahasbiderik. Gizarte honetan adoleszentzia izugarri luzatzen ari den arren, haurtzaroa laburtzen ari den arren, badakit pixka bat pentsatuta ongi ulertu beharko nukeela, baina susmoa dut ez ote den gertatzen hark esan zuena: «beharrik badakidan erdaraz; bestela ez nuke zure euskara ulertuko».

Infantil adjektiboa agertzen den aldiro izen-elkarketaz eta haur hitzaz baliatzeko joera badagoela jakin ezean, ez da berehalakoan harrapatzen; ez nik, behinik behin.

Eta esan diot neure buruari: «bazeudek beste batzuk aise barneratu dituanak. Haurtzain, aurzaia erdaraz ere erabiltzen ditek Nafarroako herri erdaldunetan, atera kontuak». Bai, bai, baina kostatzen zait. Kostatzen zaidan bezala, adibidez, «haur parke bat» irenstea.

Ohitura eta erabilera kontua da segur aski, bi hitzek sortzen duten elkarketa noiz dagoen fosilizatua, bi hitzak noiz dauden oso bat eginak.

Automatismo batzuk lagungarriak izaten dira, baina beste batzuek, jakina, kalte egiten dute. Bitartean nik –eta gehienok nik uste– nahiago dut deklinabide-atzizkiez baliatu. Naturalagoa egiten zait. «Haurrentzako parkea, haurren parkea», edo «haurren psikiatra, psikiatra pediatrikoa…».

Gogoan dut orain dela urte mordoa nola harritu nintzen Euskadi Irratian «kirol berriak» adituta. «Eta, orain, kirol berriak». Zinetan, aldi hartan, azken urteetan sortutako kirolez hitz egin behar zutela uste nuen. Ohitu naiz orain. Beharbada nire buru-zurruntasunak ere badu zerikusia, baina, tira. Nik, oraingoz, nahiago «kiroleko berriak».

Zailtasuna are handiagoa da hitz elkartuetako azkena adjektibo zein izen izan daitekeenean. Hor dugu betiko adibide hori: «Haur saltzaile bat» (‘saltzen lan egiten duen haurra’ / ‘haurrak saltzen dituen pertsona’). Haur saltzailea / haur-saltzailea.

Bakarren batek esaten zidan hori aise konpontzen dela marra erabilita (kirol-berriak, haur-psikiatra), baina elkarketa horiekin ohitu bitartean edo ditxosozko marra hori ahoskatzeko moduren bat asmatu bitartean, ni beste bideren bat bilatzen saiatuko naiz.