Burua eta paraxuta

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Patxi Goñi Zabaldikak[1] 50 urte bete zituen joan den astean. Sasoi betean dago, bidaiazale amorratua da eta aspalditik zerabilen kaskoan Europa iparraldera joatea hango bazterrak eta mendiak ezagutzera. Gurasoek, horren jakitun, opari berezia egin nahi izan diote aurten. Aurreko astelehenean, beraz, semearen urtebetze egunaren bezperan, ustekabeko afari-merienda antolatu zioten. Bapo jan zuten, edan ere ausarki, eta Patxiri, tartaren seigarren hirukia mozten ari zela, urre-koloreko kutxa zapal luzekara bat agertu zitzaion txokolate krematsuaren erdian. Kutxa metalikoaren barnean, Danimarka eta Norvegia ezagutzeko bidaia itxuraz zoragarri baterako gonbitea. Zorion beteko istant horietako bat izan zen, mundua ederra begitandu zitzaion, perfektua ia.

Biharamunean, bere urtebetze egunean, bihotz alai gerturatu zen Unibertsitatera (XXXXko irakaslea baita, EHUn) eta, arruntean ospakizunen oso zale ez izan arren, egun hartan lankide hurbilenendako otamen berezia prestatzea otu zitzaion. Berehala aipatuko zien, baita bidaiaren kontua ere, irrikan zegoen eta; hortaz, bulegora sartu bezain laster bota zien albistea Jokin eta Mikel lankideei:

-Aurten bai, aurten badiagu udarako plana! Danimarka eta Norvegia! Dohainik gainera! Atzo…

-Da-ni-mar-ka, Nor-ve-gi-a…!? Tira, motel, hi beti igoal, hitz egin normal behingoz!

Gizon patxadatsua da Patxi, nekez sumintzen den gizon klasea, baina 50 urte sasoi on-onean bete zituen egun hartako une hartan su gorri batek kiskali zizkion tupustean erraiak. Halere, arnasa sakon hartu, bulegoko atea atzera astiro ireki, arnasa sakon hartu berriro eta… eta danbateko zakar batez itxi zuen atea, bi lankideen mutur harrituen aurrean itxi ere.

Patxi euskaldun berria da, gaztetan euskaldundutakoa, eta 20 urtetik goiti daramatza EHUn Ibaetako campusean eskolak euskaraz ematen. Langile fina da, euskaltzale porrokatua. Ongi moldatzen da, euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, ingelesez ere. Horregatik, lankideek, Jokinek, Mikelek eta Mertxek bereziki, sarritan eskatzen diote laguntza, batez ere materialen bat edo beste gaztelaniatik edo ingelesetik euskaratu behar denean; tamalez, oraindik ere haiek hartu behar izaten dute-eta maiz lan hori. “Laguntza”, dena den, eufemismo ttiki bat baino ez da esateko normalean Patxi arduratzen dela departamentuan euskaratu beharreko material guztiaz. Gustura hartzen du lan hori bere gain, nahiz eta batzuetan ez den oso konforme egoten –nekez erakusten duen arren– Jokinek aitakeria bigun eta onbera batez oroitarazten dionean euskaraz bukaeran jarri behar dela aditza, eta aitortu beharra du gaizki hartu zuela Mertxek testu batetik “okela” kentzeko proposatu zionean, Donostian zeudela argudiatuz.  Bestalde, gogoan du nola lotsagorritu zen beste behin, irakasle talde handi samar bat bazkaltzeko elkartu ziren batean, berak auskalo nongo futbol-zelaian ez dakit zer gertatua zela aipatu eta aldameneko lankidea iji-ajaka hasi zitzaionean esanez oso graziosoa zela, futbol-zelaia, ene! hori zela hori hizkera ponposo eta dotorea, “gurean beti kanpodefutbolean esan dugu”; iji eta aja, nor eta Mikel, departamentuko azken bilerako bere esaldia “las últimas vicisitudes y contingencias del proceso generativo de la actual situación tienen su fundamento no tan solo en meros factores coyunturales sino también y en mayor medida en causas cuyo origen es indiscutiblemente estructural” aktan hitzez hitz jaso ez zelako zalapartaka ibili zena, departamentuko (gaztelaniazko) dokumentu batzuen narraskeria salatuz bidenabar.

Patxik, bada, bere urtebetetzeko egunean danbateko zakar batez itxi zuen bulegoko atea eta elbarriendako komunera joan zen aterpe eske. 5 minutuko meditazio saiotxo batek mesede eginen zion.  Uste baino minutu gehiago behar izan zituen erabat baretzeko, zeren, banan-banan, txinpartak bailiran, erasoan etorri zitzaizkion unibertsitatean hasi zenetik bere euskara zela eta ez zela lankide batzuengan sumaturiko begirada isekari eta barre-murritx guztiak; hitz edo esapide baten kontura jasandako iruzkin graziosoak, gatz gutxiesgarriz ongi hornitutakoak askotxotan: behin “jun” beharrean “joan” esan zuelako batuera jasoegian mintzatzea leporatu zion batek; itzulpen batean “arras” jarri zuenean, aldiz, periferiako txokokerien sobera zalea izatea egotzi zion lankide berberak. Dena den, azkenean ere, Patxik modua izan zuen erabat baretzeko eta bulegora itzuli zen. Tarte bat zuenez, Berria hartu eta atzekoz aurrera irakurtzen hasi zen. Lehenbizi, Santi Leoneren zutabea, ohi bezala: Estua. Irakurri ahala, atzera gorritu ziren aienaturiko txinparta ernegagarri guztiak, su gorri batek kiskali zizkion berriz kostata hoztutako bere errai minberatuak. Azken esaldiarekin batera, arnasa sakon hartu eta ordenagailua piztu zuen. Igandean prestaturiko azterketaren artxiboa osorik ezabatu eta gero, artxibo berri bat ireki zuen: “Galdera bakarra: 1. Ba al dakizu zertan diren berdinak burua eta paraxuta?[2] Jar itzazu hainbat adibide berdintasun hori azaltzeko”.

Astebete pasatu da eta ez zaio damutu. Azterketako igarkizuna asmatu dutenei 6 jarri die. Bizpahiru adibide jartzen moldatu diren bakanei, 10. Igarkizunaren mamiaz jarduteko saio berezi bat prestatu nahi du, irakurgaiak biltzen hasi da, ikuspegi zabalak izatearen onurez, ez soilik ikerketa zientifikoetan, noski. Gazteek hainbeste merezi dute; gure belaunaldikoen hertsikeriaz libratzea, “nik nola, denok hala” dihardutenen matrakaz askatzea. Lankideei mezu elektroniko bat bidali die goizean, azaltzeko kirolzale bihurtu dela azkenaldian, ez zaiola iruditzen hemendik aurrera larunbat-igandeetan astia nahikoa izanen duenik departamentuko materiala itzultzen aritzeko, baina balitekeela kanpodefutbolean maizago elkar ikusten hastea. Mezua bidali eta leihora hurbildu da. Kanpoan, udaberri giroa. Zabal-zabal ireki du leihoa, ea zoko-usaina garbitzen den. Mundua ederra begitandu zaio, perfektua ia.


[1] Egileak, segurtasun arrazoiak direla eta, egiazko istorio honetako protagonistaren benetako izena aldatzea erabaki du.

[2] Igarkizuna: “ba al dakizu zertan diren berdinak burua eta paraxuta? Zabaldu ezean ez dutela ezertarako balio ez batak ez bertzeak”.

Bihar, eguraldi

Asier Larrinaga Larrazabal

Post honetan jaso ditudan datuak eta gogoetak Ugarteburu Terminologia Jardunaldietako Hizkuntza-bitartekariak eta terminologia mahai-inguruan zirriborratu nituen 2013ko urtarrilaren 23an, eta ETB1eko eguraldi-iragarpenaren hizkerak izan duen bilakaeraren berri ematen dute.

Aroa Euskal Telebistan

EiTBren hastapenetan, eguraldiaren iragarpenaren ildoa Pello Zabalak urratu zuen Euskadi Irratitik. Telebistan, lehen eguraldi-aurkezleak ―Ainhoa Etxebestek― Zabalaren hitz egiteko modu herrikoiari jarraitzen zion, meteorologo batek gaztelaniaz prestatzen zuen iragarpena pantailaratzen zuenean.

1980ko hamarkadak aurrera egin, eta Edurne Otaegik ordezkatu zuen Etxebeste. Hizkeran, berrikuntza bat egon zen baliabideen aldetik, UZEIk Meteorologia hiztegia argitaratu baitzuen 1988an. «Brisa», «itsaskirria» eta beste termino asko betiko itsatsi ziren eguraldiaren iragarpenean, eta banalerro garbi bat trazatu zuten herri-hizkera soilaren eta eguraldiko aurkezleen mintzamoldearen artean. Luze gabe, ezin saihestuzko bihurtuak ziren soluzio terminologiko bermedunak, eta, hala, eski-estazioen berri ematen hasi zenean, 1992-93ko neguan, ETBko Meteorologi Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak Euskaltzaindiraino helarazi zuten elur-motei zegozkien terminoen kontsulta: «udaberri-elurra», «elur-hautsa»…

Herri-hizkerak eta terminologia meteorologikoak formatu dute, beraz, Euskal Telebistako eguraldi-aurkezleek darabilten hizkera. Nahastura horri oratze on bat egin zioten 1990ko hamarkadaren erdialdean Andoni Aizpuruk, Asier Sarasuak eta Jon Albisuk. Sarasua, Zientzietan lizentziatua, ETBko lehen meteorologo euskalduna izan zen, eta iragarpenak zuzenean euskaraz lantzen lehena. Aizpuruk, Sarasuarekin elkarlanean, Pello Zabalaren ildoari jarraitu, eta diskurtso natural, dotore eta iristen erraz bat aurkitu zuen. Urteagarrenean, 1994an, Albisuk hartu zuen Sarasuak utzitako lekua, eta iragarpena kontzeptu meteorologikoen azalpenekin hornitzen hasi zen. Iragarpenen edukia maila teknikorantz jaso zuen. Eduki “meteorologikoago” hori ere, egokiro integratu zuen Aizpuruk bere diskurtsoan.

Euskara Zerbitzuak, bere aldetik, Aizpururi eta berriemaile-taldea osatzen joan ziren Urko Aristiri, Aurkene Iturriozi eta gainerakoei laguntzeko asmoz, herri-hizkeran eguraldiaz jarduteko erabiltzen diren hitz eta esamoldeak biltzeari ekin zion. Emaitza HIKEAn kontsulta daiteke, “Gaia (1)” eremuan Orokorra eta “Gaia (2)” eremuan Eguraldia aukeratuta.

2000ko hamarkadaren erdialdean, Euskalmeteko meteorologoei eman zitzaien ETBko iragarpena prestatzeko ardura, lehendik irratian egiten zen bezala, eta meteorologo haietakoren bat edo beste ―Onintze Salazar…― kamera aurrean ere jarri ziren, lehenago irratiko mikroen atzean jarriak ziren bezala.

Urrats hori egiteko, meteorologoei komunikatzaile-prestakuntza ematea hitzartu zuten EiTBk eta Euskalmetek. Ekimena 2008-2009 epealdian eraman zen aurrera, eta, hizkuntzari zegokionez, arreta berezia ipini zitzaion ‘teknolekto’ kontzeptuari. Teknolektoa, meteorologoek euren txostenetan erabiltzen dute, eta, ondoren, txosten horiek eguraldi-iragarpenaren lehengaia baitira, ikus-entzuleentzako hizkerara itzultzen dute.

Prestakuntza haren emaitza interesgarri bat Euskaltermen euskarazko terminologia finkatzea izan zen. Euskalmeteko meteorologoek, EiTBko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin, terminologia guztia bildu, sistematizatu, eta definitu egin zuten, eta gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainekin biribildu zuten, 100 erregistrotik gorako taula batean. Taula, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldeari aurkeztu zitzaion 2008an, eta hainbat ohar eta iradokizun egin zituen. Euskalmetek darabilen behin betiko bertsioa HIKEAn kontsulta daiteke, “Gaia (1)” eremuan Zientzia eta Teknologia eta “Gaia (2)” eremuan Meteorologia aukeratuta.

Teknolektoa vs. herri-hizkera

Uste dut adibide oso ona dela lanbro hitza, eguraldiaren aurkezleek herri-hizkeraren eta teknolektoaren artean egin behar dituzten oreka-ahaleginak ilustratzeko.

Herri-hizkeran, «lanbroa» oso gauza zehaztugabea da, leku batzuetan ideia bati dagokiona, beste batzuetan beste bati, eta beste batzuetan beste bati. Hiru ideia horietako bakoitzerako, sinonimo ugari daude herri-hizkeran. Teknolektoak, ugaritasun horren artetik, forma bakarra aukeratu du termino modura.

 

LANBRO HITZAREN EREMU SEMANTIKOA

ideiak

1

2

3

herri-hizkerako berbak

laino

behe-laino

laino-behera

gandu

gandu

lanbro

euri lapratz

euri mehe

garapa

euri-landur

zirimiri

lantxurda

garo

lanbro

teknolektoko terminoak

«laino»

«lanbro»

«zirimiri»

gure inguruko hizkuntzetan

es: «niebla»

fr: «brouillard»

en: «fog»

es: «bruma»

fr: «brume»

en: «mist»

es: «llovizna»

fr: «bruine»

en: «drizzle»

terminoaren definizioa

Ur-tanta oso txikien aireko suspentsioa, lurrazaleko ikuspen horizontala kilometro bat baino gutxiagora murrizten duena. Ikuspena 200 m baino gutxiagokoa bada, orduan, laino itsu terminoa erabiliko da

Ur-tanta mikroskopikoen edo zatiki higroskopiko bustien aireko suspentsioa. Lanbroa denean, ikuspena 1 km eta 5 km artekoa da, eta hezetasun erlatiboa % 70 edo gehiagokoa

Prezipitazio nahiko uniformea, elkarren kontra oso hurbil dauden ur-tanta oso txikiz (0,5 mm baino diametro txikiagokoz) osatua

Eguraldi-aurkezleak ez du ezer konpontzen «lanbroa» esanda, ikusleen “deskodetze-gakoa” ez baita teknolektoa, herri-hizkera baizik. Aurkezlearen lana da, beraz, testuinguru egokian kokatzea iragarpenerako aukeratzen dituen hitzak, eta behar den beste argibiderekin hornitzea. Esaldiak eta testuak sortzea, alegia.

Esaldietan dago gakoa

Esaldiak eta testuak sortzeko artearen jabe den aurkezlea teknolektoaren uztarpetik aska daiteke, eta samurrago komunikatzen da.

Adibidez, hodeiek zeruaren erdia baino gutxiago estaltzen badute, partez hodeituta dagoela esaten da teknolektoan. ETBren eguraldiaren tartean, nekez esango da hala. Modu hauetakoren batean, bai:

Zeruan oskarbiguneak zabaldu dira.
Zeruan hodeiak eta ostarteak daude.
Hodeitza saretu egin da.

Ederra da hodeitza saretzearen irudia, eta zaleak ere baditu aurkezleen artean. «Eguraldi ona» esapide topiko eta ―ETBko ikusle askoren mundu-ikuskearen arabera― gezurrezkoak, ostera, nekez du zalerik, baina, horregatik, ez dago aurkezlerik udako egun garbi, eguzkitsu eta bero bat egokiro aipatzen ez dakienik.

ETBko eguraldi-aurkezleak ―lehengoak eta oraingoak― hitzaren zinezko artistak dira. ETBko meteorologo eta hizkuntzalariekin eskuz esku, hizkera berri bat sortu dute, eguraldi-iragarpenaren hizkera.

Contradictio in terminis

Asier Larrinaga Larrazabal

Asko gustatu zaizkit beti latinismoak, eta nire kutunetako bat contradictio in terminis da. Esakunean hitzen arteko kontraesana gertatzen dela esan nahi du. Ez da pentsatu behar, horregatik, esakunea zentzunbakoa denik, euskarazko adibide ezagun honetan egiazta daitekeenez.

– Zer berri?
– Zaharrak berri.

Gaztelaniaz, azkenaldian, asko zabaldu da beste bat, oso barregarria dena: «un besito muy grande». Mila bider entzungo zenuten telebistan.

Pertsona-izenetan ere gerta daiteke terminoen arteko kontraesana: «Ekaitz Barea», «Itxaso Mendia», «Andrea Apezarena»…

Orain dela gutxi, Sustraia saioaren gidoian, contradictio in terminis bat aurkitu nuen, oso bitxia. Lapuebla de Labarcako upategietan ate irekiko jaia egin berria zela kontatu behar zen aurtengo otsailaren 23ko programan, eta «epizentro» hitzaz baliatu ziren.

Jakingo duzue «epizentro» zer den, kazetariek ad nauseam erabiltzen baitute, batik bat gaztelaniazko medioetan, baina gogorarazi egingo dizuet ―Harluxet hiztegi entziklopedikoko definizioa aldatuz―, testuan aurkitu nuen kontraesanaren efektua areagotzeko.

epizentro iz. GEOL. Lurrikararen hipozentrotik hurbilen dagoen lurrazaleko puntua eta honegatik, intentsitate handienekoa.

Hona, bada, Sustraiako testua.

Baina sarrera libreko jardunaldi bat izanik, jaiaren epizentroa lurpean zegoen, noski. Lur azpian denborak eta lasaitasunak…

Ez zitzaidan gustatu efektua, eta «epizentro» zioen tokian «foku» ipini nuen.

Sin perjuicio de

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Behin baino gehiagotan eta batek baino gehiagok aipatu dute jada: denok ditugu gure maniak eta blog honek horretarako ere balio dezake -balio du-, nork bere maniak azaleratzeko. Gero, noski, gerta liteke besteen ikuspuntuek gure ezinikusi horiek baretzea edo are sendatzea; edo, aitzitik, norberari iruditzea bere mania blogean plazaratuta oker edo trabagarri edo gehiegizko begitantzen zaion erabilera horren kontrako gurutzadan aurrera egiteko adorea bildu duela.

Gaur aspalditik begitan hartua dudan lokuzio bat ekarri nahi nuke honat: sin perjuicio de. Hobeki esan, gaztelaniazko lokuzioa baino, itzulpen administratibo eta juridikoetan baliatzen ditugun euskal ordain batzuk dira begitan hartuak ditudanak: -en kaltetan gabe, –en kalterik gabe, (ezertan) galarazi gabe. Gaztelaniazko adberbiozko lokuzio horren ordain ilun samarrak iruditzen zaizkit, eta ez direla kalterik gabeko kalko ez dakit zuzen edo oker hutsak, baizik gaztelaniazko hizkera juridiko-administratiboak gure testuetan uzten dituen alferreko lorratzen adibide ez oso txukunak.

Jatorrizko lokuzioaren esanahia argitzearren, Espainiako Errege Akademiara jo nuen aurrekoan. Hauxe erantzuna:

En el Diccionario de la Real Academia Española figura la locución adverbial sin perjuicio definida del siguiente modo: ‘Dejando a salvo’. En estos mismos términos, o muy semejantes, la definen otros diccionarios –‘dejando aparte, dejando al margen’–, con lo que se refleja el uso auténtico.     

Gure hiztegi erabilienak kontsultatu nituen gero, lokuzioari zein ordain ematen dioten egiaztatzearren:

Elhuyar: -i kalterik egin gabe; -i utzi gabe.

Labayru:  -(r)i kalte egin barik/-(r)i kalte(rik) egin gabe, -(r)i gatx egin barik/-(r)i gaitz(ik) egin gabe, -(r)i damu emon barik/-(r)i damu(rik) eman gabe.

Zehazki: lit alde batera utzirik.

Eta, gero, nola ez, Interneten galdezka hasi nintzen, ordain horiek zenbat eta nola erabiltzen ditugun ikusteko eta, horretan ari nintzela, Itzulisten aspaldi (2001ean) emandako erantzun hau aurkitu nuen, zeinak erakusten baitu euskal ordain automatiko horiei buruzko kezka aspaldikoa dela gure artean:

Aspaldian ez zait egokitu «sin perjuicio de» hori itzultzea, baina inoiz horrela itzuli dudala uste dut: Horrek ez du esan nahi udal arauek ezarritakoa bete behar ez denik, edo horrez gain, udal arauek ezarritakoa ere bete beharko da. Behintzat hobeto ulertzen da, ezta? Ze gazteleraz «sin perjuicio de» hori zer den jakin gabe, ezin da euskarazko «kalterik gabe» hori ulertu. Lide Azkue.

Hango eta hemengo testuak irakurrita, ematen du garai batean baino ausartago jokatzen dugula itzultzaileok honetan ere eta, Lide Azkuek proposatu ildotik, esanahiari erreparatu eta kasuan kasurako itzulpen argia egiten saiatzen garela, nahiz eta oraindik ere askotan jotzen dugun ordain automatiko horietara. Hona hemen Lan Arloko Prozeduraren Legetik eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legetik hartutako adibide hauek, euskaraz erabil ditzakegun baliabideetako batzuen erakusgarri:

  1. «…sin perjuicio de que sea costeada por el recurrente…».>«…nahiz eta errekurritzaileak ordaindu…».
  2.  «…sin perjuicio de la facultad otorgada por el apartado 5…». >«…horrek ez du eragotziko artikulu honen 5. zenbakian emandako ahalmena».
  3. «…sin perjuicio de que para supuestos determinados….». > «…baina horrek ez du eragozten kasu jakin batzuetan…».
  4. «No obstante y sin perjuicio de lo dispuesto en los artículos 32 y 33…». > «…Hala ere, eta alde batera utzi gabe lege honen 32. eta 33. artikuluetan xedaturikoa…».
  5. «…sin perjuicio de la redacción posterior de la sentencia dentro del plazo y en la forma legalmente previstos». > «nahiz gero epaia erredaktatu, legeak aurreikusitako epe eta moduan».
  6. «…sin perjuicio del que en su día pueda interponerse contra la sentencia». > «…horrek ez dakar, hala ere, bere garaian epaiaren kontra ezin aurkeztu izatea».
  7. «…sin perjuicio de lo establecido en el artículo…». > «…57. artikuluak ezarritakoaren kalterik gabe».
  8. «…sin perjuicio de las especialidades que se enuncian en los artículos siguientes». > «… ondorengo artikuluetan azalduriko berezitasunekin».

Lege horietako adibideetan joera (sistema?) bat hauteman daitekeela iruditu zait: «kalterik gabe» erabiltzekoa beti legeren batek ezarri edo xedatutakoari lotutako esaldietan eta gainerako kasuetan, berriz, bestelako ordainak bilatzekoa. Nik halako esaldietatik ere kenduko nituzke «kalterik gabe» horiek, garbi ez dudan arren zein izan litekeen holakoetarako ordain automatiko aproposena.

Hala ere, zalantzak zalantza, eta kontuan hartuta Espainiako Errege Akademiaren erantzuna, goiko adibide horiek irakurri arte ez zitzaidan guztiz baztertzekoa iruditzen Zehazkik proposatutako «alde batera utzirik» hori; adibideok irakurri arte diot, zeren konturatu bainaiz 4.ean itzultzaileak «alde batera utzi gabe» erabili duela. Tira, azkenean, uste dut hobe nukeela amore eman, beste inoren iritzia jaso aurretik ere hasi zaidala nire mania baretzen…

…dena den, badaezpada, galdetzera ausartuko naiz: inork beste proposamenik bai?

Elurra ari du Gasteizen

Itziar Otegi Aranburu

Elurra ari du Gasteizen. Gogotik. Ordenagailu aurrean eserita nagoela, leihora joaten zaizkit begiak ihesi, luma arinen pare haizearekin jolas eginez goitik behera datozen elur malutengana. Begiekin batera, gogoa ere urrun joan zait, duela urte batzuk beste leiho baten aurrean, beste elur maluta batzuei begira egon nintzen hartara.

Mon pays, c’est la neige… etorri zait gogora. Baina ez, ez zen horrela zehazki. «Mon pays ce n’est pas un pays, c’est l’hiver» kantatzen zuen Gilles Vigneault Quebeceko kantariak. Neguan, zuria baita nagusi Quebecen. Elurrak den-dena hartzen du, metrotik gorako altueran pilatzen da espaloitan, eta, aldian behin, oinezkoentzako lekua egiteko, kamioitan kargatu eta beste norabait eraman behar izaten dute, elur-hondakindegietara.

Baina tira, jarrai dezadan irakurtzen.

Badakigu, hala ere, ezinezkoa dela hizkuntza baten argazki oso eta zehatza lortzea; bai une historiko jakin bat harturik (banakako erabileren batez bestekoa baita Hizkuntza, hots, abstrakzio bat), eta bai, areago, denboran zehar (aldatuz baitoa etengabe).

Mon pays ce n’est pas un pays, c’est ma langue bota dit gogoak, traizioz. Hara, hemen dut. Sumatzen dut. Badatorkit, berriz ere, nire irudimen-inflazio ditxosozkoa, lana galaraztera. Uxatu, eta berriz ere irakurketari lotzen saiatzen naiz.

Hizkuntza guztiei dagozkienak dira, beraz, kontuok, indar finkatzaileen eta aldatzaileen arteko dialektika hori barne. Bestetik, orain arte bakarturik irudikatu badugu ere hizkuntza, gauza jakina da elkarrekiko tratua dutela hizkuntza askok.

Ez al hion behin idazle bati irakurri, leku fisiko bati lotua baino, norberarekin eramaten den zerbait dela egun euskara, edo hala ikusten zuela berak? Halako zerbait. Ez dakit ba…

Garbi dago hizkuntzaren gizarte-egoera horrek isla garbia izango duela banakako hiztunen buruan (aldi berean gizartezkoa eta norbanakakoa baita hizkuntzen izaera), eta, hiztunok hizkuntza biotan elebidun diren kasuan, erlazio desorekatu horren proiekzio moduko bat aurkituko dugula sarritan: hizkuntza nagusia sendo(ago) eta menderatua ahul(ago).

«Le français, on l’apprend; l’anglais, on l’attrape» esan zuen Brunswick Berriko irakasle hark, Laval Unibertsitatera elebitasun gehigarriaz hitzaldia ematera etorri zenean. Alegia, Quebecen frantsesa ikasi egiten dutela, baina ingelesa… ingelesa sartu egiten zaiela hezurretaraino, nahi gabe, izurrite bat bezala. Ondo sartu ere. Gogoan dut nola Miren Ibarluzea eta bioi, Quebecera iritsi berritan, jendeari helbide bat galdetu eta, eskerrak eman ostean, «Bienvenu» erantzuten ziguten. «Arraioa, hau da jende abegikorra, hau!» esaten genuen geure artean. Handik gutxira, ordea, konturatu ginen ez zitzaizkigula ari ongietorria ematen, baizik eta ez horregatik esateko, ingelesezko «You’re welcome» esapidearen kalkoa erabiltzen zutela.

Kontaktu estuaren kasuan, hizkuntza bataren berezko moldeetan nahasmenak sor ditzake bestearen eraginak (tipikoki, elebidun batzuek ez dituzte guztiz bereizten bi kodeak).

Kalko-ehizan gogotik aritzen ginen Mireille Martin irakaslearen Grammaire et Lexique ikasgaian, Lionel Meney-ren Dictionnaire Québécois-françaisez horniturik. Pour mieux se comprendre entre francophones, zioen, azalean, 1.800 orritik gorako liburukote hark. Bezperako Le Soleil eta beste egunkari batzuk hartu, eta luze gabe aurkitzen genituen, alafede, kalkoak eta interferentziak. Gurean bezalatsu.

Eragin guztiz desorekatuaren kasuan, hizkuntza nagusiak jan egin dezake menderatua (aurrena desitxuratuz, hurrena desegituratuz eta azkenik deseginez).

Desitxuratu, desegituratu, desegin… Deserritu.

Tira, alferrik da. Gaur ez nago lanerako. Eman dezadan amore. Kontra egiten saiatu gabe, berriz ere leihoz haratagoko elur malutei lotu diet begiratua.

Negua ari du aurten, bota dit orduan gogoak. Hasperen egin dut. Otzan, nire gogo hezikaitzari men eginez, tiraderatik paper batzuk atera eta ariketa gisa aspaldi egiten hasi nintzen itzulpen bati heldu diot berriz.

Negua ari du aurten. Hotza. Bustia. Hezurrak zurminduta gaude, sabela beti erdi bat gose eta beste erdia huts. (…) Hotzak, aiduru gaude baina, ez gaitu hiltzen ahal guk nahi bezain fite. Bizia biziari aldezten zaiola.

Gogoratu dut oso zaila iruditu zitzaidala esaldiok gaztelaniara itzultzea. Itzulpen-ariketa horretan sumatu nuela, oso garbi, elkarrengandik zeinen urrun dauden euskara eta gaztelania, hizkuntza gisa. Antipodetan. Eta halako lasaitasun bat sentitu nuela, esaldi gozakaitz horiekin borrokan.

Baratzeko hormaren kontra fusilatuak nola abailtzen diren begira egoten gara geure aterpetik, euriari begira bezala. Ikusteko ederrenak isilik jausten direnak dira, ez negar bat, ez erantzukirik, harro nahiz apal, keizuak itsutuak zein penak sorgortuak bala tantolak lotu eta etzan.

Bala tantolak lotu eta etzan… Ah, zer zaila, zer zaila gaztelaniara itzultzen… Zer aparte dauden hizkuntzok elkarrengandik. Aparteago baleude hiztunon buruan…

Hollywoodeko amaiera bat

Asier Larrinaga Larrazabal

Hogeita hamar urteko historian, ETBk mutur batetik bestera egin du: ia barne-produkziorik ez izatetik ia kanpo-produkziorik ez izatera. Kanpo-produkzioa euskarara ekartzen duen jarduera profesionalaren ikuspegi hutsetik begiratuta, tamalgarria da eboluzio hori, lan-bolumenik handiena esperientziarik txikieneko eta irizpiderik makaleneko garaian gertatu baitzen. Egun esperientzia oparoagoa eta irizpide kontrastatuagoak dauzkagulakoan, gogoeta batzuk ekarri nahi ditut foro honetara, egunen batean ―laster izango ahal da!― euskarazko bikoizketarako politika bat lantzeko baliagarri izan daitezkeelakoan.

1. Artelanak sortzaileak gauzatu dituen bezala ezagutu eta gozatu nahi nituzke beti. Esan nahi al du horrek bikoizketa aukera kaskarra dela ikus-entzunezko produkzioentzat? Ba, ez! Alde batera uztera noa Literaturaren analogia egitea. Dostoievski euskaraz/frantsesez/gaztelaniaz/… irakurri duenak Dostoievski irakurri duela sinesten badu, zergatik esan behar dut nik besterik? Nire argudioa beste alde batetik doa.

Ikus-entzunezko produkzioak, oro har, ez dira artelanak; kontsumo-gaiak dira, telebistarako produkzioak batik bat. Arteak badu lekua telebistan ―gogora bedi, esate baterako, “Klasikoak jatorriz”, ETB1ek 2000-2001ean Casablanca, Irma eztia eta beste hainbat pelikularekin osaturiko espazioa―, baina ez du zentzurik Magnum, Heroiak edo Who doktorea aisialdirako produktu bat baino gehiago izango balira bezala tratatzea, berorien inguruan pizten den kultua gorabehera.

2. Kontsumo arretagabea da nagusi telebista aurrean jartzen garenean. Zer egiten ez ote dugu telebistari begira: egunkaria irakurri, SMSak bidali, afaldu, kuluxka bat egin, makinarekin jokatu… Horrela ez dago azpidatziei adi egoterik. Zinema-aretoak, ordea, jarrera aktiboagoa eskatzen dio ikusleari, eta aisialdiko esperientzia bat baino gehiago eskain diezaioke. Azpidazketa zentzuzko aukera bat izan daiteke.

3. Hizkuntzen ikaskuntza erabiltzen da askotan azpidazketaren aldeko argudio gisa. Frogatuta dago: jatorrizko hizkuntzan azpidaztea oso bitarteko ona da hizkuntza horren ikasleentzat. Frogatuta dago: hizkuntza germanikoen hiztunek errazago eta hobeto ikasten dute ingelesa. Eta, horrez gainera, erabateko ziurtasunez esan dezaket guk ere ―gure hizkuntza germanikoa izan ez arren― egun osoa ingelesean murgilduta emango bagenu ingelesdun natiboen maila erdietsiko genukeela.

Aspirazio indibidual modura, txalogarria ere bada hain goian jartzea begiak. Proiektu kolektibo modura, ez da arrazoizkoa C1 maila baino gehiago lortzeko sistema antolatzea bitarteko publikoekin. Horrela ulertzen ez bada, euskara lehia berdinez batera bultza daiteke. Euskarazko telebistan, dagoeneko, saihets batetik baino gehiagotatik hasi zaizkio saka egiten gure mintzairari.

4. Ingurunea da euskarazko telebista ulertzeko kontzeptu gakoa. Euskal Telebista euskararen ingurunea osatzeko eta hedatzeko sortu zen, gure hizkuntza ―gaur egun ere minoritarioa dena― intimitatearen eremura murriztua zen une batean. Beste modu batean esanda, euskarazko telebistak ez dauka zentzurik, euskaldunei informazio-, kultura- eta entretenimendu-eskaintza euskaraz egiteko helburua ez badu.

Hori baino gehiago. Euskarazko telebistan Hollywoodeko pelikulen eta telesailen kontsumoa zail, deseroso edo neketsu ―azpidatzita― jartzen bazaigu, “zap” soil batera daukagu produktu bera ―eta gehiago― frantsesez zein gaztelaniaz mintzatua. Ez gara linboan bizi, ez Holandan, ez Eskandinavian. Euskararen ingurunea txiki geratzen bazaigu, interes aizunen zerbitzuan jarria dela hautematen badugu, edo ―oro har― gogobetegarri ez bazaigu, erraz baino errazagoa zaigu abandonatzea eta gaztelaniaren edo frantsesaren ingurunera aldatzea.

Hainbat iragarle eta gerolarik diote ―ikus-entzunezkoei dagokienez, bederen― dagoeneko hiztun gazteak beste ingurune batean, beste orbita batean daudela, telebista bertan behera utzi dutela ordenagailuak eta Internetek erakarrita, eta pelikulak eta serieak Interneten eskuratu eta ordenagailuan ikusten dituztela. Ingelesez. Iragarle eta gerolarion ondorioa da telebistak etorkizun laburra duela, bikoizketak are laburragoa, eta, horrenbestez, hobe dela bertan amaitzea.

Hasteko eta behin. Gazte ez garenok ere jaisten ditugu pelikulak eta serieak Internetetik ―eta, hala ere, telebista-kontsumoak gora egin du azkenaldian, adin-tarte guztietan―. Bigarrenik, pertsona bakarra ezagutzen dut ikus-entzunezkoak ingeles hutsean kontsumitzeko gai dena: hainbat urtetan Londresen bizi izan zen lagun bat. Gainerako “pirata” guztiek gaztelaniaz bikoiztutako bertsioa jaitsi ahal izan arte itxaroten dugu, edo, irrika bizian egotekotan, gaztelaniaz edozelan azpidatzitako bertsioa irensten dugu.

Zentzuzko bikoizketa-politika batek esparru horiek euskararen ingurunera ekartzea ipiniko luke helburutzat(1): film eta telesail gehiago bikoiztuz, bertsio bikoiztuei ziberespazioan bide egitea erraztuz… Zentzuzko bikoizketa-politika bat ez litzateke oinarritu beharko hemendik-batek-daki-zenbat-urtetara telebistarekin loturiko kontsumo-ohituretan gerta litekeen ausazko aldaketa batean, eta, are gutxiago, ez luke irabazitako esparruetan atzera egin behar eta euskalduna gaztelaniaren edo frantsesaren orbitara bultzatu.

5. Ohitura eta zaletasuna sor dezaketen produktuei eman behar zaie lehentasuna. Kategoria horretan, publiko zabala bil dezaketen produktuak zein publiko minoritarioari zuzenduak sartzen dira. Ez, ordea, istorioa amaitu baino lehen amaituriko teleserieak, kanal guztietatik igarotako pelikulak, Resinesen filmografia osoa, kalaka errukigabeak, eta beste.

6. EAEko produkzioa ez litzateke salbuespen izan behar, diru publikoz hornitzen bada, behintzat. Ez zait iruditzen, adibidez, Chaika-k ―ETBk jarritako diruarekin euskaraz bikoiztu den azken pelikulak― ikus-entzunezko produktuak euskaraz kontsumitzeko ohitura eta zaletasuna sor dezakeenik.

ETB, baina, era horretako inbertsioak egitera behartuta dago. Espainiar estatuko legediaren arabera(2), telebista publikoek diru-sarreren % 6 Europako ikus-entzunezko obrak finantzatzera zuzendu behar dute (pribatuek: % 5). Betebehar horren onuraduna Euskadiko ikus-entzunezko industria izan zedin, ETBk hitzarmen bat sinatu zuen EAEko produktore-elkarteekin.

Hitzarmen horren bertutez, ETBk aurrekontuaren % 16-20 ipintzen du aurkezten zaizkion gaztelaniazko produkzioetan(3), eta diru horren parte bat euskarazko bertsioa (bikoizketa) sortzera zuzentzen da. Urteak igarota, esan daiteke ez zela guztiz asmatu hitzarmen harekin, produktore batzuen aldetik ez baita sumatzen ez ikusleekin konektatzeko kezkarik, ez diru-laguntza ematen dien telebista-enpresaren programazio-premien gaineko ardurarik, ez Euskadiko sektore hau jasangarri egiteko interesik.

7. Filmografia Unibertsala proiektua funtsezkoa iruditzen zait. Literatura Unibertsala bildumaren ildoari jarraiturik, historiako filmik onenak aukeratu ―hasteko, XX. mendeko ehun aipatuenak―, eta DVDan argitaratu beharko lirateke, kalitatezko edizioan: bereizmen handian, euskarazko lokuzioarekin eta jatorrizko hizkuntzako lokuzioarekin, euskarazko azpidatziekin eta jatorrizko hizkuntzako azpidatziekin.

Euskaldun kontsumitzaile modura, nahitaezkoa irizten diot bikoizketak eskain dezakeen produktuari. Badira bat ez datozen ahotsak, euskararen ingurunea azpidazketa bidez zabalduko eta hedatuko dela predikatzen dutenak. Oraingoz, partida euren alde jartzea lortu dute, tamalez. Sinetsita nago estrategia hori guztiz erratua dela.

Izan nadin optimista, eta amai dezadan post hau tonu alaiagoan. Lehengoan, izenburuen jokoa proposatu zigun Koro Garmendiak, eta, ondo baderitzozue, jokoarekin segituko dut. Zelan jarri zaio Woody Allenen 2002ko filmari euskaraz azpidatzitako bertsioan? Ba, horixe opa diot nik euskarazko bikoizketari.

– – –

(1) Ez dut ahaztu nahi dagoeneko badirela horretan ari diren ekimenak. Nik azpitituluak eta Euskal Encodings webguneak ezagutzen ditut.

(2) “Obligación de financiación” atalean klik eginez gero, urteroko inbertsioen txostenak kontsulta daitezke. Txostenok ondo ulertzeko, aintzat har bedi telebista autonomikoen artetik ETBk bakarrik zenbatzen duela diru-sarrera gisa gobernutik jasotzen duen diru guztia.

(3) Euskaraz aurkezten diren proiektuen kasuan (Aupa, Etxebeste!, Xora, Ander, Kutsidazu bidea, Ixabel…), ETBk aurrekontuaren % 35-50 jartzen du.

Euskarara ekarritako autore baten euskal ahotsa(k)

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Orain dela lau bat hilabete, aspalditik –aspalditik baina tarteka– buruan nerabilen itzulpen proiektu bati heltzeko unea iritsia zela iruditu zitzaidan. Nire kasa hasiko nintzen, ariketa gisa, ustez eta ez zela oso zaila izanen ondotik nork argitaratuko aurkitzea. Baina idazle horren nobelari ekin behar niola behin erabakita, oraindik ere guztiz argitu ez dudan zalantza bat iltzatu zitzaidan buruan, ezin eta deliberatu nola heldu liburu bat jada euskaratua zuen egile horren beste nobela horri: zer toki egin behar nion nire itzulpen lanean autorearen lehen euskal ahots horri? Edo, hobeki esan, zer toki egin NAHI nion?

Aitortu beharra dut ez dakidala itzulpengintzaren teorian zer gogoetabide eragin dituen nire zalantza horrek, edo guztiz eta erabat onartua den ezen, itzultzaile-sortzaileak bere interpretazioa eta bertsioa emateko askatasuna duenez, ez diela zertan begiratu autore horren itzulpenek xede hizkuntzan jada sortu dituzten testu eta idazkerei. Bila ibili naiz, pixka bat, han eta hemen, Interneten bereziki, itzulpengintzari buruzko aldizkari edo blogen batean horri buruzko gogoetaren bat irakurriko nuelakoan. Lan baten berritzulpenei buruzko hausnarketak baino ez ditut aurkitu, jakingarriak oso. Ikasi dudanez, dagoeneko itzulitako obra bat berritzuli behar dutelarik, itzultzaile gehienek aurreko itzulpena aintzat hartu gabe heltzen omen diote lanari, eta itzulpena bukatutakoan soilik hartzen dute/dituzte aurreko bertsioa(k), egindakoarekin erkatzeko, pasarte katramilatsuren bat argitzeko eta abar, hau da, itzultzaile ugarik beste hizkuntzetako itzulpenak kontsultatzen dituzten/ditugun helburu bertsuetarako (bide batez, bilaketa horretan ari nintzela, behin baino gehiagotan irakurri dut batzuen aburuz berritzulpenak soilik izan daitezkeela itzulpen bikainak !?)

Dena den, onartuta ere sormenerako askatasun horrek erakutsi behar diola itzultzaileari itzuli gogo duen egilearen testuan nola barneratu, jatorrizkoa nola interpretatu eta xede hizkuntzan nola birsortu, dena den, diot, buruan zirriborratu egin nituen nire kasu zehatz horretan bururatzen zitzaizkidan aukerak.

  1. Nire askatasuna baliatu nezakeen beste itzultzailearen itzulpena begiratu gabe itzultzeko; hartara, beste itzultzaile horren interpretazio eta erabakiek ez zuten nire testua baldintzatuko. Nik zuzenean helduko nion jatorrizko testu sakratuari. Egilearen beste testu batzuk irakurriko nituen, baita egileari buruzkoak ere, egilea albait ongien ezagutu nahian, baina ez nion beste euskal itzultzaile horri utziko nire interpretazioa kutsa zezan. Gehienez ere, lana bukatutakoan joko nuen euskal testu horretara.
  2. Nire askatasuna erabil nezakeen, aurreko itzulpenaren idazkera hertsiki antzeratzeko, bi testuen arteko zubi ikusgarri bat eraikiz, euskal irakurleek estilo eta ezaugarri berberekin topo egin zezaten: izan ere, idazle baten estiloa gustuko dugunean, atsegin zaigun azal horren bila ibili ohi gara haren liburuetan, nire ustez. Bestetik, oso ideia tentagarria iruditu zitzaidan, are estilo ariketa interesgarria ere. Duda bakarra sinesteko modukoa aterako ote zitzaidan.
  3. Eta, azkenik, nire askatasuna aldarrika nezakeen erdibidera jotzeko: itzulitako aurreko testu hori irakurtzea, egilearengana hurbiltzeko beste modu bat delako, eta, gainera, itzulpen hori kontuan hartzea, ez hari hertsiki lotuz baina bai aintzat hartuz aurreko itzultzaileak hobetsitako bide batzuk, lexikoan, puntuazioan, euskalki kutsuko hitzen zipriztinetan, baliabide sintaktiko zenbaitetan… Azken batean, kritikarien arabera, egilearen idazkera eta teknika jakin baten erakusleak dira, bai jada itzulitako hori bai nire itzulgaia.

Eta korapilo hori ezin askatuz nenbilela eta, noski, artean itzulpenari heltzen ez niola, hara! Nobela horixe itzultzeko proposamena heldu zitzaidan: itzultzeko eta argitaratzeko. Eta, eleberri horrekin batera, liburu berean, idazle beraren beste testu labur eta jada itzuli bat emanen zen argitara. Beraz, hortxe neukan ditxosozko korapiloa, estuagoa, berretua! Edo, aitzitik, pentsatu nuen gero, hein batean askatua, zeren inork ez zuen zalantzan jarriko edizio berean aterako ziren bi testuen arteko kohesioa bilatzearen onura. Izan ere, itzultzaile batek baino gehiagok itzulitako ipuin bildumen kritiketan, adibidez, ez da nabari esku bat baino gehiago ibili denik eta antzeko esaldiak irakurri izan ditugu, hizkera batasun hori egokia dela iradokiz.

Horiek horrela, zuzentzaile lanaz arduratuko denari proposatu nion beste testu labur jada itzuli horren estiloa antzeratzeko saioa eginen nuela –lehenagotik nuen kezka horren berri eman gabe betiere–, baina, bizitzan sarritan gertatu ohi den bezala, zuzentzaileari ez zitzaion hain komenigarria iruditu nire ustez ganorazkoa zen irtenbide bakar hori (hain zuzen ere, gaiari buruzko mezu trukean ginela otu zitzaidan artikulu hau idaztea). Nolanahi den ere, beste itzultzaileari ere bururatu zaio egokia dela itzulpen biak nolabait hurbiltzen saiatzea, argitalpen bakarrean joanen direnez gero; eta, areago, bere estiloa nirera hurbiltzeko prest dago, erakutsiz horrela, hari ere niri bezala, ez zaigula burugabekeria erabatekoa iruditzen geure euskara moldeetatik aldentzea itzulpenetan, nahiz eta jakin ohartuki nahiz ohartu gabe norberaren itzulpen moduen automatismo eta hobespenen lorratzak azalduko direla testuan.

Zer egin, hala ere, hasierako zalantza horrekin? Nola eta zenbateraino utzi lehenagoko itzulpen horri nire/gure testuak blaitzen? Ba, ez dakit. Orain, bestalde, bi itzultzaileon afera da hori. Eta, gainera, horrekin aski ez, eta beste duda bat sortu zait berriki, liburuaren euskal bertsioa mamitzerakoan kontuan har dezakedan beste baliabide bat bururatu baitzait, blog honetan hain maiz agertu den garbizalekeriaren kontuaren eraginez, ziur asko: kontuan hartuta itzuli beharreko idazlea literatura modernistaren idazle funtsezkoenetako bat izan zela, aldrebeskeria litzateke Lauaxetaren edo Lizardiren idazmoduen ezaugarriren bat nola edo hala, hein batean, apur bat, antzeratzea? Halako batean, esate baterako, metafora batean bultzi bat agertzea?

Aurreko astean, badaezpada ere, gau-mahaiaren gaineko liburu-metan utzi nuen Farorantz, eskura, eta noizean behin pasarteren bat berrirakurtzen dut, zer gerta ere, gero eta maizago, egia esateko, liburua bikaina delako eta orobat itzulpena. Eta, badaezpada ere, egongelako apalategitik atera ditut Arrats beran eta Biotz-begietan, eta bestearen konpainia noblean daude orain, zer gerta ere…

Antropologoen begiradak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Blog honetan gai, kezka, proposamen, iritzi-truke eta galdera asko agertu dira dagoeneko. Hamaika ikuspuntu baliatu ditugu hizkuntzari eta hizkuntz erabilerei begiratzeko, interesgarriak ez ezik elkarren osagarri eta aberasgarriak guztiak. Eta, horixe da, jada esan den bezala, blog honen dohain handienetako bat.

Horregatik, gaur, gure kezka eta arduretako zenbaiti beste talaia batetik so egiten dieten adituen lanak aldarrikatu nahiko nituzke: gizarte eta kultur antropologoen lanak eta begiradak. Sinetsita nago hagitz komenigarria izanen litzatekeela antropologoen eta euskalgintzako eragileen arteko solasa eta elkarlana indartzea.

Antropologia eta euskalgintza elkarri begirago jarri behar ditugula uste dut, baiki. Euskal antropologoek, besteak beste, hizkuntza-komunitate sendo bat osatu nahian gabiltzan euskaldunoi komeni zaizkigun estrategiak, ibilbide, tresna eta politikak diseinatzen laguntzen ahal digute: batetik, etnografien eta azterketa kualitatibo txikien bidez, egungo errealitateak beste modu batez argitzen lagun diezagukete, eskuartean darabiltzagun auzi eta korapilo batzuen ertz ikusezinak ikusarazten; eta, bestetik, beste zientzia arlo batzuetarako garatutako hausnarketa eta kontzeptu teoriko baliagarriak ekar ditzakete euskalgintzaren intereseko aztergaietara.

Har dezagun blogean agertu den kezka bat: hiztun batzuen euskalkikeria eta zenbait testuingurutan ahoskatu bezala idazteko zabaltzen ari omen den ohitura. Paskual Rekaldek, gaia plazaratu dutenetako batek, hauxe galdetzen dio bere buruari (eta gainerakoei): “Ez dakit zer erdiesten dugun edo zertan aberasten dugun hizkuntza “itenalkoizu” (egiten ahalko duzu), “fan biu” (joan behar dugu) edo “eingo al deu” (egingo al degu) modukoak idatziz”. Ikerketa etnografikoaren baliabideak, nire ustez, oso emankorrak izan daitezke halako galdera motak erantzuten saiatzeko. Etnografiak teknika eta kontzeptu bereziak baliatzen ditu ikertzeko eta informazioa bildu eta tratatzeko (parte-hartuzko behaketa, objektibotasunaren ordez intersubjektibotasuna bilatzea, jarrera dialogikoa…), helburua beti izanik azterturiko subjektuen jokamoldeak (gure kasu horretan hizkuntz jokamoldeak) gidatzen dituzten arrazoibideak ulertzen saiatzea.

Ikerketa antropologikoaren eta hizkuntza antropologiaren corpus teorikoak, metodoak eta teknikak erabil genitzake, orobat, aztertzeko euskal kulturgintzaren ikusezintasunaren nondik-norakoak; ikusteko noraino duen arrazoi Koldo J. Garaik dioenean gure burmuinen konfigurazio kognitiboa aldatu eta espainolez formateatu zaigula; argitzeko benetan egia ote den hiztun guztioi beti “zapatilak, mikroondasa edo labadora” erabiltzea naturalki erosoagoak zaizkigula “txapinak, mikrouhina edo garbigailua” esatea baino (edo, batzuetan behintzat, tartean ez ote dagoen ere pedante izateko edo pedantetzat hartua izateko beldurra, edo gainerakoek erabiltzen duten hitza erabiltzera hertsatua sentitzea, edo euskaldun zahaaaaaaaaarren mintzamoldea antzeratzeko gogoa, edo barregarri agertu nahi ez izatea, edo solaskideak ulertuko ote duen zalantza, edo, edo… edo ez ote dagoen, zenbaitetan, denetarik pixka bat); eta, orobat, ikertzeko, besteak beste, zergatik, inguru soziolinguistiko berdintsuetako ikastola edo D eredu batzuetako gaztetxoen hizkuntz gaitasunak, oro har, hobeak izan ohi diren beste ikastola edo D ereduetako ikasleenak baino…

Tokian tokiko landa-lan ugari egin daitezke gure errealitate soziolinguistiko eta hizkuntz jardun anitzen argigarri. Antropologo batzuk horretan hasiak dira: Jone Miren Hernandez ikerlariak, esate baterako, hizkuntzak etnografia ere behar duela esan zigun aspaldi, eta bere ikerlanen bitartez alor horretan egin daitekeen bidea erakusten ari zaigu.

Baina Euskalgintzaren eta Antropologiaren arteko elkarlana indartuko bada, ezinbestekoa da halaber itzultzaile, zuzentzaile, lexikografo eta terminologoen ekarria, antropologo euskaldunek aukera izan beharko luketelako beren prestakuntzan baliatzen dituzten ikasliburu zein irakurgaiak euskaraz ere irakurtzeko, hartara beren jardun akademikoan, ikerlanetan eta etnografietan behar dituzten hizkera eta termino zientifikoak euskaraz ere egoki erabili ahal izateko (zeren, gaur egun, adibidez, Euskaltermek ez bailieke argituko, nola esan euskaraz etnografia lanetan hain gakoa den estrangement).

Bestetik ere, bada arrazoi handi bat antropologoen begiradak emankorrak izan daitezkeela pentsatzeko: antropologia, gaur egun, euskalgintzaren periferian dago eta, Mª Luz Esteban EHUko Antropologiako irakasleak dioen moduan, kokaleku periferiko horretatik antropologoak ausartagoak izan daitezke (eta are baten batek eskatu duen haize freskoaren ekarle, esanen nuke nik). Horren erakusle izan daiteke Mª Luz Estebanek berak Feminismotik Euskalgintzarako interesgarriak izan daitezkeen hainbat gako proposatuz eman dituen zenbait hitzaldi. Haren ustez, jabekuntza kontzeptua, besteak beste, arras baliagarria izan daiteke euskararen arloko prestakuntza eta hausnarketarako. Eta, bestalde, gure gorputz eta emozioei arreta handiagoz begiratzeko ere proposatzen digu. Ausarta bera, ausartuko al gara gu?

Literatur itzultzaile baten egunkaria II

Itziar Otegi Aranburu

Epemuga–2X

Badaukat itzulpenaren lehen bertsio bat. Osoa, baina gordina, trauskila. Hurbilketa primario bat. Nire begi eta garun jipoituetatik dagoeneko igaro dira jatorrizkoaren 382 orrialdeak eta 206.446 hitzak, gehi hitz horien euskal ordain izangaiak. Lan eskerga, baiki, baina eskergagoa oraindik egiteke daukadana: beste bi itzuli, bata jatorrizkoa eta itzulpena parez pare jarrita —jatorrizkoaren esanahi, ñabardura eta efektu estilistiko guztiak zehatz eta egoki bildu ote ditudan egiaztatzeko—, eta beste bat (are, beste batzuk), jatorrizkoa paretik kenduta, «ahaztuta». Gero etorriko da, gainera, zuzentzailearen «epaia», eta harekiko negoziazio zorrotz xehea. Begien bistan, beti, zorioneko esaldi hori: Ahal bezain hurbil, behar bezain urrun. Ados. Baina inork ba al daki non dagoen hurbilaren eta urrunaren arteko muga? Ezetz esango nuke nik. Negoziazio subjektibo batera mugatzen dela auzia. Tout processus de traduction se déroule sur des sables mouvants, esan zuen André Gabastouk Paueko mintegian. Egia berdaderoa. Nik, neure «metodoan», ahalik eta gehien hurbilduz itzuli ohi nuen lehen buelta, eta, gero, hurrengoetan, beharrezkoa irizten nion guztietan, urrundu. «Gaizki», esan zidan behin itzulpengintzaren guru batek, «ez baduzu hasiera-hasieratik zeure egiten testua, gero ez duzu lortuko». Umeak txikiak baino osatuak jaiotzen direla esan zuen Henrike Olasolok Pauen, eta itzulpenek ere, halaxe jaio behar luketela. Metafora egokia, zinez, itzulpen gehienak baitira erditze luuuuuuuuuze eta zail baten pareko. Eta, sarritan, borroka psikologiko latz bat, nekearen eta etsipenaren aurkakoa. Lestrygonak, zyklopeak, Poseidon hiratua…

Epemuga-X: Achtung!!!

Hasi da atzerako kontaketa: hurbil dago amesgaiztoko epemuga. Ihes betea zilegi balitz… Baina ez, ez dago ihesbiderik. Segi, murgildu sakon lanean, ez egin kasu beste ezeri. Itzulpena eta hi, ez zagon besterik. Haatik…

…
geldi zaitez merkatu feniziarretan,
eta merkantzia ederretarik egizu pilakera,
perlak eta koralak, anbare eta ebanoak,
eta lurrin laketgarri era guztietakoak,
ahal duzun gehiena lurrin laketgarrietarik…

Nola harrapatzen hauten pantailaren goialdeko lauki berdexkak begien parean jarritako esaldi batzuek. Zenbaitetan, esaldi horiei darien ironia fina edo umore gaiztoa dela eta:

Soudain, au moment où il s’y attend le moins, (c’est toujours à ce moment précis que les malheurs arrivent),…

 

The doctors think it’s some trauma he suffered when he was in the army that resurfaced all of a sudden in his brain, like a piece of shit you suddenly see floating in the toilet long after you’ve flushed.

Beste batzuetan, min emateraino ederrak direlako:

MR. HEAD awakened to discover that the room was full of moonlight. He sat up and stared at the floor boards —the color of silver— and then at the ticking on his pillow, which might have been brocade, and after a second, he saw half of the moon five feet away in his shaving mirror, paused as if it were waiting for his permission to enter.

 

What but fear winged the birds, and hunger
Jewelled with such eyes the great goshawk’s head?

Edo irudi ezin lortuagoak dauzkatelako:

Aussitôt les yeux du Directeur se troublent comme si deux moucherons s’y étaient précipités soudain.

Edo izugarrizko pisu dramatikoa:

“Woman! Do you ever look inside? Do you ever look inside and see what you are not? God!” (…), “Malebranche was right: we are not our own light. We are not our own light!”

Edo etsipenez zipriztindutako samurtasuna:

Just to be sure, every time I start a shift I do a little something – put my name-tag on upside down, tie my apron the wrong way, anything, so if she ever does come in, she won’t be sad.

Garunean irarrita dauzkan esaldiok, hire stream of consciousness eleanitza osatzeraino, eta, unibertsal linguistikoak balira bezala, idatziko bahu, esaldi horien tankerakoak aterako litzaizkidaken, esaldi horien euskarazko islak, itzalak, aldaerak.

Baina segi, ez hadi galdu ameskeriatan. Itzulpena eta hi…

Bat-batean, zerbaitek tira egiten dinala nabaritu dun, murgilduta hagoen leku ilun honetatik erauzten, airerantz, arnasa kontra-erara hartzera behartzen. Hire baitatik kanpo, nekez egokitu ditun begiak argitasunera, eta, atzera errealitatera zerk ekarri hauen ikusteko begiratu dunanean, gizon bat eta bi ume ikusi ditun atean. Lehen istantean ez ditun ezagutu. Gero konturatu haiz: hire familia dun. Gizonezkoak, kezka begietan, zerbait galdetu din, ezer jan al dunan edo. Hire gorputzak beharrak dituela iradokitzen duen zerbait; alegia, ez dela garunari eusteko aulki-formako zutoin hutsa. Kostata altxatu haiz aulkitik, eta obeditu nahi ez dinan hire gorputz sorgortuaren kontra estutu dun alaba. Haren gorputz txikiaren berotasunak hire onera ekarri hau.

Ohetik altxatu zenean, Yvesek negu gorritik esnatutako hartza zirudien, motrizitatea baldartuta.

Epemuga + 2X

Amaitu dun itzulpena. Duela bost minutu sakatu dun Bidali dioen botoitxoa, eta hortxe joan dun mezua, behin betiko itzulpenarekin. Kito. Ezin deskribatuzko euforia sentitzen dun, eta sekulako arindua. Gaur, kalera irten aurretik, harriz edo txanponez bete beharko ditun poltsikoak, ez hazan haizeak eraman.

Atzera bizitza arruntean, egun arrunt batean

Ithakak bidaia eder bat eman zizun.
Bera gabe ez zinatekeen abiatu.
Baina ez dauka deus besterik zuri emateko

Itzulpena amaitu osteko talaia honetatik, zer irabazi dunan esan beharko bahu, esku artean perla, koral, anbare, ebano eta lurrin erabiltzearen plazeraz gain, idazle baten subjektibotasunaren barrurako begiratua esango huke lehenik. Bizitzaren eta paper zirrimarratuaren arteko bidegurutzean dagoen literatur persona horrek jakin-min bizia eragiten din. Flanneryrekin gertatu bezala. Aurrena haren ipuinak irakurri hituen; gero, hark idatzitako eskutitz (batzuen) bilduma (The Habit of Being). Zenbat xehetasun hunkigarri eskutitz horietan, ipuinetan ere ageri direnak, gutxi-asko eraldatuta. Amaren etxaldera lanera etorri ziren poloniar etorkinentzako pentsu-zaku loratuekin gortinak egin zituztela irakurri hion eskutitz batean. Aurrez, hori bera irakurri huen Pertsona deserritua ipuinean ere. Zer gehiago ote da, ipuin horretan, bizitzatik paperera eramana, eta subjektibotasunaren barna zer-nolako igarobidea egin ondoren? Itzulpenak aurrera egin ahala, testua ez ezik, idazlea ere «bere» egiten du itzultzaileak.

Horrez gain, beste leku, denbora, errealitate batzuei buruzko ezagutza-printza bat eskuratzen du, lehen susmatu ere egiten ez zituenak. Bera bezalakoa ez den «beste» arrotz horrenganako hurbilketa bat. Batzuetan, gainera, hezur-haragizko «beste» batzuk ezagutzeko eta haiekin hartu-eman bat izateko aukera ere ematen dio.

Funtsean, mundu ezezagun batera sartzeko giltza, eta koartada.

Hurrengo Ithakaren menturan.

Euskarazko bikoizketaren historia sentimentala

Asier Larrinaga Larrazabal

Urte batzuk dira euskarazko bikoizketaren historia prestatu nuela, ordura arte inon jaso gabeko datuak eta informazioak protagonisten memoriarekin batera itzal ez zitezen. Oraingo historia hau subjektiboa da zeharo, euskarazko bikoizketak eskaini dizkidan une gozoekin osatua. Iraungitzear susmatzen dudan jarduera baten aldeko deiadarra da, nire lankide Iratxe Goikoetxeak duela hil batzuk zabaldu zuen SOS deia bezalakoa.

Nire lehen gogorapenak Dallas telesailarekin daude lotuta. Ewingdarrek ETB benetako telebista izateko asmoz zetorrela ikusarazi zidaten, eta barre asko eragin, Pamelak «nire anaia» esaten zuen bakoitzean. Dotakon marrazki bizidunak ere asko gustatzen zitzaizkidan. Dena zen zorakeria: Txopinko, gure heroiaren arreba, arrautza-oskoleko burua zeukana; gaiztoei hortzetan jartzen zizkieten tiritak Dotakonen astinaldi baten ostean, eta beste mila gauza. Dotakonen antzera, hasierako garaietakoa da Dragoi bola Z.

Hasiera hartatik hona, hainbat euskaldun-belaunaldik izan dute marrazki bizidun gogoangarriak euskaraz ezagutzeko aukera. Ziur nago Doramon gehienei izan zaiela atsegingarri.

Shin Chan-i buruz nekez esango dugu «atsegingarri», baina ez dago zalantzarik jarraitzaile-andana duela.

Heidi beste hizkuntza batean ezagutu genuen sasoi batekook. Belaunaldi berriek, euskaraz.

Euskaraz, eta luxuzko bikoizketa batean. Ezin dezaket esan barik utzi kareta horretako abestia Miren Aranburuk kantatua dela. Luxua! Tentatuta nago euskarazko bikoizketan entzun daitezkeen beste ahots bikain batzuk aipatzera, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Xeberri, Nekane Sarobe, Jose Manuel Goikoetxea, Jaione Insausti, Kandiko Uranga, Ana Egileor, Maribel Legarreta, Eduardo Gorriño, Jon Goirizelaia, Iñigo Puignau, Ane Aseginolaza, Joseba Etxebarria, Loinaz Jauregi, Beñat Narbaiza, baina ez diot zerrendari ekingo, denentzako toki falta ez dadin txarto ulertu.

Bikoizleak aipatzea, gainera, ez litzateke bidezkoa izango Begoña Huegun, Kiko Jauregi, Monika Erdozia, Tere Eguskiza eta gainerako bikoizketa-zuzendarientzat. Who doktorea telesail liluragarriaren txatal honetan oso ondo jabe gaitezke zer den zuzendariaren lana. Txatalak lau minutu ditu, baina merezi du.

Txatal horretan, itzultzaile-egokitzailearen lana ez da merezimendu gutxiagokoa. Idoia Gillenea, Maite Eizmendi, Iñaki Zubizarreta, Txaro Idiakez, Jesus Eguskiza “Eguzki”, Leire Lekuona, Bea Zabalondo, Jesus Otzerinjauregi eta gainerako itzultzaile-egokitzaileei esker, zer ondo pasatu dugun! Barre ere egin dugu, Dinamita-rekin, esate baterako.

Bikoizketak mundu osoko berri ere eman digu dokumentalen bitartez. Piztiei buruzkoak ez dira gutxi izan.

Pelikulek bazkalondo eta afalondo gozoak eskaini dizkigute. Batman, zaldun iluna-k, ostera, bihotzerrea emango zion bati baino gehiagori.

Filmak ia hiru ordu irauten du, eta akziotik badu, baina askoz gehiago du erretolikatik eta kalamatrikatik. Filma bikaina izango da —gustuak gustu dira—, baina elkarrizketa kriptikoak bere-bereak ditu, ez euskarazko bikoizketarenak. Beharbada, pelikula hau ez zen euskarara bikoizteko aukerarik egokiena. Imanol Unzurrunzaga gure lankide erretiratuak askotan esaten zuenez, zuhurtasunez hautatu beharko litzateke euskaraz zer film bikoizten diren, ohitura eta zaletasuna sortzeari lehentasuna emanez. Euskarazko bikoizketan, ordea, nik ez dut inolako hizkuntza-politikarik sumatzen, eta Airbag, Año mariano, No controles eta abar, eta abar bikoizteak kontrako efektua eragin du. Dena dela, gai hau hurrengo artikulurako utziko dut, bi edo hiru gauza esan nahi baititut bikoizketa eta azpidazketako politikari buruz.

Natorren berriro, beraz, euskarazko bikoizketak eman digun kalitatezko entretenimendura. Nik esango nuke arlo horretan zientzia-fikzioa dela ikusle euskaldunen artean arrakastarik handiena duen generoa. ETBk eskaintza zabala du; Fringe, mugako zientzia, esate baterako.

Euskaldunok bikoizketan ere agertu dugu gizarte-gaietan abangoardian joan nahi dugula. Hego zoroa (Queer as folk) datorkit burura.

Une honetan, banpiroak eta Banpiroen kronikak direla eta ez direla, mundu osoa dago aztoratuta eta odolgabetu beharrez. Kronika horietako protagonistek euskaraz ere badihardute.

Eta kito! Honaino heldu da historia hau. Hauxe da kontakizunaren azken paragrafoa, baita subjektuaren beraren azkena ere. ETBk ez ei du gehiago bikoiztuko, marrazki bizidunak izan ezik. Ez deritzot nahikoa bikoizketaren industriari eusteko, eta luze gabe hau dena arkeologia izango da.