Txahal inkatuaren sindromea

Asier Larrinaga Larrazabal

Txahal inkatuaren sindromea izaten dut sarri euskarazko ikus-entzunezko produktuen aurrean. Arrotz sentiarazten naute. Gutxi ardura die ni liluratzeak. Hitz gozakaitzak jaurtitzen dizkidate, purrustan, sastaka, ni erakarri beharrean belarriak eta euskal ikusle bihotza urratu nahi balizkidate bezala. Baina post honetan ez didate berba bat gehiago alferrik galaraziko. Post hau, ETB1eko analisi- eta iritzi-saioei eskaini nahi diet, euskarazko telebistarekin berradiskidetzen naute eta.

“Azpimarrak” badu ibilbide bat egina, ideia eta une bikainez betea. Bat nabarmendu nahi dut: programako azken minutua, emakume bati utzia gai libreko hausnarketarako. Ausazko bilaketa batean, Kontxi Irizarrek memoria historikoaz eginiko gogoeta/gogorapena aurkitu dut. 2010eko urriaren 14an izan zen. Ederra. Tamalez, aurrekontu-zailtasunengatik, gero eta bakanago egin dira halako parte-hartzeak, eta, azken denboraldietan, “Azpimarra +” saioan baino ezin ditzakegu ikusi, eta ez astero.

“Egun on, Euskadik” elkarrizketa gogoangarri asko utzi dizkigu. Hortxe entzun ditut Fagorren eta Eroskiren egoerari buruzko azterketarik eta azalpenik onenak. Jose Luis Olasolo Mondragon taldeko presidenteorde izandakoa mintzo zen, 2014ko martxoan, Fagorren afera pil-pilean zegoela.

Analisi- eta iritzi-saioetan, dena ez da politika. “Airean” magazinak arratsaldero frogatzen du euskaraz ere jorra daitekeela aktualitateko edozein gai, edonork ulertzeko moduan, maila jaitsi barik, eta produktu ikusgarri, erakargarri eta lehiakor bat eginez. Aurtengo maiatzean, hitzik ez galtzeko modukoa izan zen Amaia Iza CEIT-IK4 zentro teknologikoko ikertzaileak altzairuaz kontatu zuen guztia.

“Azpimarra”, “Egun on, Euskadi” eta “Airean” sendagai eraginkorrak zaizkit txahal inkatuaren sindromerako.

Alkateorde

Maite Imaz Leunda

Alkate-kargua hutsik bada edo alkatea kanpoan, gaixorik edo ezinduta badago, izendapen-hurrenkeraren arabera haren eginkizunak betetzen dituen zinegotzia da alkateordea. Gainera, alkateari dagozkion eginkizunak har ditzake eskuordetzan hark berariaz emanda. Alkateak askatasunez izendatu eta kentzen ditu alkateordeak tokiko gobernu-batzarreko kideen artetik, eta batzar hori ez badago, zinegotzien artetik.

Hala dago definituta alkateorde Terminologia Batzordeak 2009an onartu zuen Toki administrazioaren hiztegian. Hiztegi horretan jasotzen den gaztelaniazko ordaina teniente de alcalde da.

DRAEn teniente sareraren azpian ageri da teniente de alcalde. (Persona que ejerce el cargo o ministerio de otra, y es sustituta suya. Teniente de alcalde.) eta baita Maria Molinerren hiztegian ere, honetan azpisarrera propioa duela (Teniente alcalde. Concejal que tiene atribuidas ciertas funciones de la alcaldia o ciertos asuntos de un distrito de ella).

Azken aldian, ordea, beste hitz bat da barra-barra entzuten dena: vicealcalde. Google-en galdetuz gero, ikus daiteke erruz erabiltzen dela, nahiz eta oraindik hiztegi orokorretan jaso gabe dagoen eta oraingoz teniente de alcalde erabiliagoa den.

Eusko Jaurlaritza bideratzen ari den Udal Lege aurreproiektuan ere ageri da:

Artículo 27.- Delegaciones del alcalde o de la alcaldesa.

1.-El alcalde o la alcaldesa podrá delegar sus competencias en la junta de gobierno local, en los vice-alcaldes o vice-alcaldesas o en los tenientes de alcalde o alcaldesa y en los concejales o concejalas.

2.-Las delegaciones del alcalde o de la alcaldesa en los municipios de gran población se regirán por lo dispuesto en la legislación general de régimen local.

Horrela ikusita, pentsa daiteke vicealcalde/vicealcaldesa beste figura bat dela, tenientes de alcalde/ alcaldesa kontzeptutik bereizten dena. Hala balitz, komeriak izango genituzke euskarazko ordaina proposatzeko. Baina aurretik doan artikulu hau ikusita, badirudi ez dela beste figura bat.

Artículo 26.- Vice-alcaldías.

1.-Los municipios vascos, en uso de sus potestades de auto-organización, podrán crear en sus estructuras de gobierno la figura de la vice-alcaldía.

2.-En el caso de que se creen vice-alcaldías, tal figura sustituirá a la del teniente de alcalde prevista en la legislación general de régimen local. Sus funciones, procedimiento de designación y remoción, así como sus competencias, serán las mismas que la normativa básica de régimen local establece para los Tenientes de alcalde.

Behingoagatik gaztelaniaz erabiltzen den terminoa da aldatu beharrekotzat jo dena, teniente horrek kutsu militarra duelako, agian. Euskarazkoa egokia da eta espero dezagun inork ez digula eskatuko hitz berriren bat asmatzeko.

Txirrindulan etorri naiz oraintsu

Santi Leoné

Lagun baten arabera, euskaran hitz batzuek izan duten arrakasta printzipio honen arabera baizik ezin daiteke azaldu: “zenbat eta arraroagoa, orduan eta euskaldunagoa”. Badira solasak, teorian existitzen ez direnak edo gaizki eratuak daudenak, baina mamuak bezala nonahi agertzeko gaitasuna dutenak: txirrindula da horietarik. Nire ikasle gehien-gehienak txirrindulan etortzen dira eskolara, edo txirrindulan ibiltzen dira mendian barna, edo txirrindula erabili nahiago dute autobusa hartu baino. Txirrindula ez dator hiztegietan; Orotarikoan agerpen bakarra du, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua liburukoa (“Txirrindulan etorri naiz oraintsu: aisa egiten da orrela lau kilometrotako bidea”), eta xori batek erran zidan ez ote zen huts bat izan; baina D ereduko ikastetxeak txirrindulaz beteak daude.

Solas horren kontrako borroka nire klaseetara eramaten dudalarik, normalean haren aldeko hiru arrazoi ematen dizkidate ikasleek: hitz polita dela (eta horrek parada ematen dit “zenbat buru, hainbat aburu” esamoldea irakasteko); txirrindularia-tik heldu dela (eta, horri esker, historialariek historiala ikertzen dutela ondorioztatzen dugu); eta, azkenik, hasmentan aipatu printzipioari men eginez, bizikleta espainola dela, baina txirrindula euskalduna. Hirugarren argudioa, halere, franko badaezpadakoa da, zeren txirrindula hartzen ez dutelarik, gehienek kotxea erabiltzen baitute, eta ia-ia inork ez autoa.

Nolanahi ere, hitza noraino hedatu den ikusita, nik bi aterabide ikusten ditut: a) Euskaltzaindiak txirrindula hitza onartzea eta Hiztegi Batuan sartzea; edo b) erakunde batek –akaso Euskaltzaindiak berak– lelo hau eramanen lukeen elastiko bat salgai jartzea: “Txirrindularik? Ez, eskerrik asko. Bizikleta”. Ni, bistan da, bigarren aukeraren aldekoa naiz.

Garai zaharretako kontuak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Lizarrako Karlismoaren Museorako itzultzen ari naizen testu batean regente hitza aipatzen da bitan. Hitza, lehenik, Espartero izendatzeko agertu zait (el regente) eta gero, aldiz, Maria Kristina (la regente). Hasieran, ez diot kontuari inolako koskarik ikusi, eta erreginorde itzuli dut bietan. Hala behar duela pentsatu dut, biak baitzeuden Isabelen, hots, geroan erregina bihurtuko zen neskato baten ordez. Duda izan dut erreginaorde edo erreginorde behar zuen, baina jirabira handiagorik gabe ebatzi dut kontua. Baina, baina, agian, beharbada… Zalantzaren argi horia piztu zait buruan: eta kontua baldin bada Maria Kristinari erreginorde esan behar zaiola emakumea zelako eta Esparterori, aldiz, erregeorde gizona zelako? Korapiloa ezin askatuz nabilenez, lankide batengana joan naiz laguntza bila. Hark ere nire hasierako arrazoibidearekin egin du bat eta bi-biak erreginorde/erreginaorde deitzeko gomendatu dit. Primeran. Alarmaren argia, ordea, hortxe dago beti, ñir-ñir, egoskor. Hiztegian begiratuko dut. Idatzi dut hitza Euskalbarren, klik egin dut Elhuyar hiztegian eta:

regente

María Cristina de Borbón fue regente durante la minoría de edad de la reina Isabel II: Maria Kristina Borboikoa erregeorde izan zen bere alaba Isabel II.a adinez txikia izan zen bitartean.

Harri egina nago, begiak arranpalo. Alarmaren argia gorri bilakatu da eta burutik urdaileraino amildu zait ziztuan. Denok eramaten ditugu beti, gure begien aurrean ongi atxikirik, munduari so egiteko geure betaurrekotxoak, anitz jendek bereak sumatzen ere ez dituen arren, hain izan daitezke ikusezinak, hain egon daitezke gure begitarteari bikain doituak. Nik ere hortxe dauzkat neureak, sudur gainean beti, nire soa zorrozten eta luzatzen, batzuetan, eta kamusten eta laburtzen, bestetzuetan; nire ulermena baldintzatzen betiere. Oraingoan, dena den, entzungor egin nahi diet betaurrekoen iradokizun isilei, oraingoan ez diot gaiari ertz horretatik heldu nahi, goxoa eta alaia baita uda aurreko giroa bazterrotan. Entzierroko lehen hesiak karriketan daude ja. Urtero legez, iruindar etxezuloenak ere kalezale eta jendekoi bihurtu zaizkigu bat-batean, hiriko festen aitzineko giroaren aparra gora hasia den seinale. Ez da kalakan hasteko abagunea. Oraingoan betaurrekoak erantziko ditut bada, puska baterako bederen. Ez ote diren astunegiak; antiojo arinagoak behar ditut gaur, urdaileko argi more ñirñirkaria itzaliko didatenak Maria Kristina Borboikoa erregeorde izan zela idazten dudan bitartean. Azken batean, errege-erreginen istorio horiek garai zaharretako kontuak baino ez dira.

Benfican edo piztiak bizi diren lekuan

Isabel Etxeberria Ramírez

Duela urtebete baino gehiago, Asier Larrinagak euskarazko bikoizketaren aldeko aldarria egin zuen (ez lehenengoz eta ez azkenekoz ere) blog honetan. Eta aitortza gisa egin zuen, irakurleoi euskarazko bikoizketaren bere historia sentimentala eskainiz. Ariketa polita iruditu zitzaidan hura, aitortza guztiek bezala hunkigarritik ere bazuena. Denbora aurrera doa, blog honetako postak pilatzen doaz, eta, gehiago edo gutxiago, 31 eskuotako bakoitzaren interesguneak, setak eta obsesioak agerian geratzen ari dira. Niri, honezkero, nabarituko zitzaidan itzulpenak euskal literaturari eta euskarari oro har ustez egiten dizkion onurak bistaratzeko tema. Dela literatur kanona osatzen laguntzen duelako, dela literatur estilo eta korronte berriak ekartzen dizkigulako, dela hizkuntzaren garapenean eta (ber)hornitze-prozesuan laguntzen duelako, ni ere, Anjel Lertxundik 1993 hartan esan zuenarekin bat, itzulpena euskal literaturako albiste esanguratsuenetako bat delakoan nago[1]. Itzulpenetako euskara ezaugarritzeko ahaleginari buruz idatzi ditudan azken post akademiko(egi)etan ere igarriko zitzaidan itzulpenak euskarari dakarzkion onurak frogatzeko asmoa. Oraingo honetan bazter utziko ditut akademiakeriak, eta Asierren ereduari jarraituz helduko diot nire tema pertsonalari: aitortza eta omenaldi subjektibo-sentimentalaren bidetik.

Esango nuke 1990eko hamarkadatik aurrera euskarazko literatur itzulpenak izan duen garapen kuantitatibo eta kualitatiboari esker, garai hartan nerabe edo gazte ginenok —alegia, literatura unibertsala esploratzen hasteko adin zoragarrian geundenok— literatur eta kultur erreferente asko zuzenean euskaraz jasotzeko zortea izan dugula, orduan eta harrezkero, lehenbiziko aldiz denbora luzean[2]. Eta ordutik hona gutako bakoitza osatuz joan den literatur ondarean —oso zentzu zabalean ulertuta literatur ondarea: irakurritako liburuak, baina baita izenburu hutsez baino ezagutzen ez ditugunak ere, edo pertsonaien esaldi ospetsuak— aurreko belaunaldienean baino pisu handiagoa duela euskarak. Euskalduntasun hori, jakina, norberaren gustuen, zaletasunen eta ibilbidearen araberakoa da; errepikaezina, beraz, literatur ondarea bezalaxe.

Nire kasuan —Hegoaldeko hiztuna, etxe erdaldun batean jaio eta eskolan euskaldundutakoa, literaturazalea, nahi baino gutxiago baina estatistikek zehaztutako batez bestekoa baino gehiago irakurtzen duena—, Faulkner-en obraren bat aipatzeko eskatuko balidate, honela zerrendatuko nituzke, ziur aski: Mientras agonizo, Hotsa eta ardaila, SantuarioMientras agonizo aipatu eta gero, As I lay dying zehazteko gai izango nintzateke, modu automatiko samarrean. Eta Hotsa eta ardaila esandakoan, The sound and the fury. Eta luze gabe, El sonido y la furia itzuliko nuke. Baina, hara: lerrook idazten ari naizen bitartean wikipediara jo dut, ziurtasun bila, eta El ruido y la furia dela deskubritu dut.

Bartleby, ordea, hein berean da escribiente eta izkribatzailea nire garunean. Eta haren esaldi ospetsua gogoratu nahi badut, aukeran nahiago ez eta preferiría no hacerlo-ren artean duda egiten dute nire neuronek. Ziur aski garai bertsuan irakurri nituelako Ereinen argitaratutako euskarazko itzulpena eta Augusto Monterroso eta Barbara Jacobs-en Antología del cuento triste hartan topatu nuen gaztelerazko bertsioa.

Primo Levi-ren Sistema periodikoa iltzatuta geratu zitzaidan gogoan. Hau gizon bat bada-k, aldiz, heldu samarra nintzela harrapatu ninduen, eta susmoa dut liburu hori Si esto es un hombre izango dela niretzat betiko.

Duela ez asko, Spike Jonze-ren azken filma ikustera joan nintzen zinemara, eta gure auzoko Carrefoureko langileetako baten ondoan esertzea egokitu zitzaidan. Handik egun gutxira, supermerkatuan erosketak ordaintzen ari nintzela, filmaz galdetzera ausartu nintzen azkenean, eta Jonze-ren filmografiari buruzko elkarrizketa labur bat izan nuen mutil harekin, salgaiei barra-kodea irakurtzeko gailua pasatzen zien bitartean. Duda egin nuen ikaragarri gustatu zitzaidan film bat aipatzean: Donde viven las bestias edo Donde viven los monstruos? Filma inspiratu zuen liburua Where the wild things are da, Maurice Sendak-ena. Gure etxean Piztiak bizi diren lekuan da; halaxe irakurtzen diogu umeari gau askotan, eta halaxe geratu zait grabatuta nire literatur ondarean.

Garai bertsuan edo, El país egunkarian Bohumil Hrabal-en Trenes rigurosamente vigilados liburua aipatuta ikusi nuen. Ezaguna zitzaidan zerbaiten oihartzuna ekarri zidan izenburu horrek, baina ezin izan nuen erabat kokatu itzulpen intrakraneala egin nuen arte: Zorrotz begiratutako trenak obraz ari ziren.

Aurreko maiatzaren 24an, Europako Parlamenturako hauteskundeen bezperan, UEFAko Txapeldunen Ligako finala jokatu zuten Espainiako bi taldek Lisboan. Partida Estádio da Luz delakoan izan zen, Benfica auzoan, S.L. Benfica futbol-taldearen zelaian, hain zuzen. Egun hartan, edo aurreko egunetako batean, komunikabideren batean Benfica lehenengoz aipatzen entzun nuenean, harritu eta poztu egin nintzen nire ezjakintasun erabatekoan. “Hara, orduan, Lobo Antunesen nobelan hainbestetan aipatzen den Benfica horretan estadio bat dago!”. Eta Lobo Antunesen nobela, jakina, euskaraz irakurri dut: Gauzen ordena naturala[3].

Zerrenda amaigabea da. Coetzee Lotsaizuna obrari esker deskubritu nuen (bide batez, nola itzuli zuten gaztelerara: Desgracia? Deshonor?). Boris Vian Ttu eginen dut zuen hilobietan-en bidez. Flannery O’Connor ere euskaraz ezagutu dut. Eta Horace McCoy, eta Irène Némirovski, eta Raymond Carver, eta Steinbeck, eta…

Eskerrak ematea baino ez zait geratzen euskarazko nire literatur ondarea aberasten lagundu didaten guztiei: Maria Garikano, Juan Garzia, Mikel Irurtia, Koldo Izagirre, Fernando Rey, Oskar Arana, Juantxo Ziganda, Itziar Otegi, Xabier Olarra, Eider Rodriguez, Mikel Garmendia, Jose Antonio Sarasola, Juan Mari Mendizabal, Koro Navarro, Iñigo Errasti, Iñigo Roque… Bihotz-bihotzez.

[1] “Itzulpengintzan egin den ahalegina jotzen dut, batere zalantzarik gabe, azken urteotako euskal literaturan gertatu den albiste esanguratsuen”. Anjel Lertxundi (1993) Jakin 79, 59-60.

[2] Baina ez ezinbestean lehen aldiz euskal literaturaren historian. XVII-XVIII. mendeetan Kempisen Kristoren imitazioa edo XIX. mendean Brabanteko Genobebairakurtzen zutenek ere orduko bestsellerrak irakurtzen zituzten euskaraz zuzenean.

[3] Inork azken anekdota honetan pose bat ikusi usteko balu, jakin dezala ez dela hala. Inondik inora harrotzen ez nauen ezjakintasun baten seinale da, besterik ez.

Irudidun hiztegiak

Maite Imaz Leunda

Azterketak itzultzea lan nekeza izaten da, erantzuteko hainbat aukera (a, b, c eta d) eskaintzen dituztenean, batez ere itzultzailearentzat erabat ezezaguna den gai bati buruzko azterketak baldin badira. Itzultzaileak testuingururik gabeko enuntziatu edo galderaren bat izaten du, hainbat erantzun-aukera, eta bakarra zuzena. Eta erantzun zuzena zein den adierazita ez badator, lanari beste oztopo bat gehitzen zaio.

Legeak agintzen du azterketa euskaraz egiteko eskubidea baina hori nolabait etxea teilatutik eraikitzen hastea da. Azterketako galderak egin dituenak gaztelaniaz pentsatu du, eta horrezaz gain, azterketa prestatu ahal izateko azterketariak erabili dituen ikasmaterialak gaztelania hutsez baldin badaude, pentsatzekoa da azterketa gainditu nahian dabilen inork ez duela aukeratuko azterketa euskaraz egitea.

Hala ere, inork irakurriko ez duen itzulpena egiten ari garen usteak ez luke aitzakia izan behar itzulpen lana ahalik eta modu txukunenean egiten ez ahalegintzeko.

Lantokian interneterako sarbidea eman berria zidatela, larrialdietako medikuentzako azterketa bat itzultzea egokitu zitzaidan eta Google altxor bat zela iruditu zitzaidan; asko estimatu nuen eskaini zidan laguntza, batzuetan asmatu ezinik ibiltzen bainintzen itzultzen ari nintzen galdera gaixotasunen bati buruzkoa edo sendagairen bati buruzkoa, zer arraiori buruzkoa zen.

Google-ekin batera, oso lagungarriak izaten dira azterketariek ikasteko erabili behar izan dituzten eskuliburuak, galderak eta erantzunak dagokion testuinguruan kokatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak (Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila) egiten ditu oinarrizko nabigazioko patroi, aisialdirako ontziko patroi, yateko patroi eta yateko kapitain izateko tituluak eskuratu ahal izateko azterketetarako deialdiak.

Azterketa horietako galderak eta erantzunak kokatzeko eta ulertzeko lagungarriak izaten dira Eusko Jaurlaritzak berak argitaratzen dituen eskuliburuak. Eskuliburu horiek ordea gaztelaniaz baino ez dira argitaratzen, eta beraz, hitz teknikoen ordainak bilatzeko hiztegi espezializatuetara jo beharra dago. Aspaldiko bidelaguna dugu Arrantza Hiztegia (Eusko Jaurlaritza; 1998; Euskaltermen txertatua), Bermeo eta Mundakako arrantzaleen hiztegia (Eneko Barrutia Etxebarria. UEU, 1996) ; lagungarria da, baita ere Gure Itsasontziak (Xabier Agote. Gipuzkoako Foru aldundia, 2009), euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitaratuta egotea gain, irudi ugariz hornituta baitago.

Eta bereziki beste hiztegi hau aipatu nahi nuke; aurrekoak baino zaharragoa da baina nire eskuetara iritsi berri samarra da: Diccionario Marítimo Ilustrado – Irudidun Itxas-Iztegia. La Gran Enciclopedia argitaletxeak argitaratu zuen 1970ean. Egilea Ignacio Garmendia Berasategui Merkataritza nabigazioko kapitaina da. Oso lagungarria da gai ugari jorratzen dituelako, gai guztiak irudiz beteta erakusten dituelako eta irudi bakoitzari dagokion ordaina euskaraz eta gaztelaniaz ematen dituelako.

Ignacio Garmendiak hiztegiaren sarreran dio konturatu zela itsasoko jendeak gaztelaniazko hitz gehiago erabiltzen zituela euskarazkoak baino, eta portuz portu ibili zela jendeari galdezka, euskal ordainen bila, gaztelania gure lurretara iritsi baino lehen ere arrantza eta itsas-merkataritza baziren eta. Hiztegiak jasotzen ditu, baita ere, hainbat euskal itsas gizonen aipamen entziklopedikoak eta itsas kanten partiturak.

«We euskaldunak gara, from Euskal Herria»

Santi Leoné

Oraindik gogoan dut –eta, segur aski, Aritz Galarragak zorrotz salatu zuelako dut gogoan– nola Iñaki Lopezek multikultural deitu zion Iban Rusiñoli, euskaraz, frantsesez eta espainolez mintzatzeko gauza izateagatik. Nire ustez, ez zen kasualitatea izan hiztun hori Baionan harrapatu izana, susmoa baitut (baina susmoa bertzerik ez da, inolako oinarri estatistikorik gabea) euskaraz eta Euskal Herriko bi erdaretan ongi moldatzen den hiztun mota hori maizago gertatzen dela Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian baino.

Horren harira, hil honetan eztabaida interesgarria izan zen Twitterren: Urtzi Urrutikoetxeak galdegin zuen ea zein hizkuntzatan aritu beharko luketen elkarrekin mugaz honaindiko eta haraindiko bi euskal herritarrek, bat erdalduna balitz. Eta bere erantzuna –eta iritzia– eman zuen: aukeran, ingelesez nahiago, frantsesez edo espainolez baino. Ekhi Erremundegi eta Bea Salaberri sartu ziren Urrutikoetxearen iritzia ñabartzera –eta, txiokaldian parte hartu ez banuen ere, nire bihotza bi haien aldera lerratu zen argi eta garbi–; eta, une batean, txio eder hau bota zuen Miren Artetxek: «Gauza da ingelesa aldarrikatzen dugun bitartean, hernaniar bat erosoago dagoela Santanderren poteatzen Baionan baino…». Nire iduriko, hautaturiko adibideak xarmantki laburbiltzen du egoera: susmoa baitut (eta, berriz diot, susmoa bertzerik ez da) adibideak ez lukeela alderantziz hain ongi funtzionatuko –senpertar bat erosoago…– eta problema dela hegoaldetar anitz trakets moldatzen dela frantsesez –eta hori, batere moldatzen baldin bada–; baina, Erremundegik proposatu bezala, Hegoaldean frantsesa ikastea muga gainditzeko modu bat izan daitekeela onartu beharrean, gure inguruko erdarak ahultzeko aitzakian, debatea balizko etorkizun ingelesdun utopiko batera begira egiten da. Bitartean, Bea Salaberrik azpimarratu bezala, atzentzen zaigu bi erdarak dakizkitenak badirela gure herrian. Horrelako bati, multikultural deitu zion Iñaki Lopezek. Nik eredugarri deituko nioke. Akastuna, nire ustez, aurkezlea baitzen. Eta ez soilik euskaraz ez dakielako.

Lan lasterra, lan alferra

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Hala dio esaerak eta, horregatik, nik txintxo-txintxo, edozein itzulpeni ekin baino lehen, lan osoa patxadaz eta poliki eginen dudala hitzematen diot neure buruari: jatorrizko testua bizpahirutan irakurriko dut, lasai-lasai, ulertzen ez ditudan hitzak edo esaldiak azpimarratu eta behar beste kontsulta eginen ditut. Eguneko hainbeste orri itzuliko ditut, baina ez naiz larrituko egunen batean puska txikixeagoa euskaratzen badut, helburu nagusia izanen baita prozesuaz gozatzea, esaldiz esaldi, paragrafoz paragrafo. Zero bertsioa bukatuko dut eta gero astia izanen dut goitik behera jatorrizkoarekin erkatzeko, astiro-astiro, bi bider. Ondoren, gantzak kenduko dizkiot, Iñigo Roquek esanen lukeen bezala, eta behar beste kontsulta eginen ditut berriro, eta, gero, beste behin irakurriko dut testu osoa, edo bitan, edo hirutan, hersturarik gabe, batere larritu gabe. Gero, tiraderaren batean gordeko dut, zenbait astez, egoki ondu dadin. Eta azkenik, testua berreskuratu, berriro irakurri eta zuzentzaileari pasatuko diot.

Ustezko plangintza modu hori, ordea, ustela izaten da gehien-gehienetan, epeak beti bukatzen zaizkidalako behar baino lehenago eta nire produktibitate tasa beti izaten delako behar baino apalagoa. Horrenbestez, plangintzak plangintza, maiz samar, halako une batetik aitzina, arrapaladan ibili behar izaten dut nahitaez, hasierako gozamena sufrikario bihurtzen zait eta, lotarako orduak laburtzearekin batera, ohi baino gehiagotan egiten dut laprast, ohi baino gehiagotan erortzen naiz lagun aizunen segadan.

Azken asteotan hola ibili naizenez, esku artean nuen frantsesezko testua ezin bukatuz, zuzenketei heltzean hainbat adiskide faltsu harrapatu ditut testuan gordeak, moxorro-moxorro, eta iruditu zait baliagarria izan litekeela blog honen argitara ekartzea, ni bezala batzuetan presaka ibiltzen zaretenok inoiz testuren batean ikusi orduko ihes bidean jar zaitezten.

Honatx, bada:

Modiste: gaztelaniaren eraginez, «jostun» itzuli nuen, baina «kapelagile» esan nahi du.

Chandail: zero bertsioan «txandal» paratu nuen euskaraz, gaztelaniaren eraginez berriro ere; «jertse» edo «trikota» esan nahi du, ordea.

Palace: «jauregi» itzuli nuen hasieran, ingelesaren eraginez beharbada. «Luxuzko hotela» da baliokide zuzena.

Ballon: «baloi» jarri nuen eta berez hitzak hori ere esan nahi du. Baina pasartea oniriko samarra izan arren, baloiak ez zuen zentzu handirik esaldian; beraz, behar beste kontsulta egiteko tartea hartu eta Vosges eskualdeko muino biribilei «ballon» esaten zaiela ikasi dut.

Aitortzen dut oso «traditore» sentitu naizela irristada horiez jabetzean; horregatik, hurrengo itzulpenari heltzen diodanean, lan osoa patxadaz eta poliki eginen dudala hitzematen dizuet.

Asteburu on!

Itzulpen-unibertsalak eta euskara (II)

Isabel Etxeberria Ramírez

Aurrekoan itzulpen-unibertsalen auziaz aritu ginen, eta azaldu genuen ahalegin ugari egin direla azken bi hamarkadetan hizkuntza itzulia ezaugarritzeko, edo, bestela esanda, testu itzuli orotan, edozein direlarik ere sorburu- eta xede-hizkuntza, nabarmentzen diren jokaera linguistiko ustez unibertsalak identifikatzeko. Unique item edo osagai esklusiboak dira itzulpen-unibertsala izateko hautagaietariko bat. Labur azalduta, hizkuntza bakoitzak bere-bereak dituen egitura linguistikoak dira osagai esklusibook, beste hizkuntzetan baliokide zuzenik ez dutenak. Pentsatzekoa da itzultzaile batek gutxi(ago)tan erabiliko dituela horrelakoak bere itzulpen lanetan; izan ere, molde hori hautatzera bultzatzen duen estimulurik ez badago sorburu-testuan, nekez aktibatuko da aukera hori itzultzailearen gogoan. Corpusak konparatuz egin diren ikerketa guztiek ez dute, ordea, hipotesi hori berretsi. Zenbaitetan, antzeko erabilera-maiztasunak hauteman dira testu itzulien eta ez itzulien corpusetan (edo are apur bat handiagoak itzulpenetan). Guk ere emaitza gorabeheratsuak lortu ditugu euskarazko corpusekin egindako saio honetan eta honetan, besteak beste.

Sandra Halverson[1] ikertzaile norvegiarrak diziplinartekotasunari probetxu atera, eta kognizio-hizkuntzalaritzaren ekarpenak aldean hartuta hurbildu da itzulpen-unibertsalen auzira. Proposamen interesgarria da Halversonena, handik eta hemendik datuak eta ideiak hartu eta ikusmolde integratzaile batez bateratzen dituena. Eta interesgarria da, orobat, beste ikuspuntu eta diziplina batzuetako ekarpenei atea zabalik uzten dielako.

R. Langacker[2] hizkuntzalariaren hitzetan oinarrituta, Halversonek kognizio-gertakarien (eta horietarikotzat jotzen ditu hizketa-gertakariak ere) sorrera azaltzen digu:

«[A cognitive event] is a cognitive occurrence of any degree of complexity, be it the firing of a single neuron or a massive happening of intricate structure and large-scale architecture. We can assume that the occurrence of any such event leaves some kind of neurochemical trace that facilitates recurrence. If the event fails to recur, its trace decays; recurrence has a progressive reinforcing effect, however, so an event (or more properly, event-type) becomes more and more deeply entrenched through continued repetition».

Alegia, gure neurona zirkuituetan kognizio-ekinaldi bat piztu eta gertatzen denean, gure garunean arrasto neurokimiko bat geratzen da. Kognizio-ekinaldi hori bera berriro burutzen badu gure gogamenak, arrastoa finkatu eta errotu egiten da gure neurona-zirkuituetan, eta aiseago gertatuko da, beraz, etorkizunean.

Halversonek asimetriaren eta gailentasunaren (salience) kontzeptuak proposatzen ditu ondoren. Elementu eta erabilera linguistiko guztiak ez daude berdin errotuta gure neurona-zirkuituetan, eta beraz asimetria gertatzen da haien artean. Zenbait erabilera nabarmendu edo gailendu egiten dira (prominence eta cognitive salience terminoak darabiltza Halversonek), eta halakoek grabitazio-indar bat sortzen dute beren inguruan (gravitational pull). Itzultzen ari garenean ere, eta sorburu-testuko elementuak xede-hizkuntzako elementuekin erlazionatu behar ditugunean, xede-hizkuntzan gailendu ohi diren osagaiak aktibatzen zaizkigu —indarguneak edo grabitazio-guneak, alegia—, xede-hizkuntzako (eta ez sorburu-hizkuntzako) grabitazio-indarren arabera.

Unique item edo osagai esklusibo horiek itzultzaileen testuetan itzulpen ez direnetan baino maizago ageri direnean (Anna Mauranen-ek[3] finlandierari buruz egindako ikerketa batean, kasurako, edo euskarazko gure adibideetan), osagaiok itzultzaileen neurona-zirkuituetan errotuago eta beraz aiseago aktibatzen direla pentsatu beharko dugu. Zer dela eta? Halversonek ez du erantzun zuzenik ematen, baina darabilen ikusmolde zabal eta integratzaileari esker, kogniziotik kanpoko faktoreei ere leku egiten die:

«It is important to point out, however, that the cognitive factors that I have described are by no means the only external factors that may be posited. Indeed, as I suggested (…), there are also social/cultural factors that must come into play».

Nik ere erantzun erabatekorik ez dut, noski, baina iritzia bai, eta nire iritzi horretan zeresan handia du euskararen egoera soziolinguistikoak. Euskal itzultzaileek ahalegin kognitibo handiagoa egin behar izaten dute, normalean ikergai izaten diren bi hizkuntza pareetako beste itzultzaileek baino, hautagai diren aukera linguistikoen artean bilaketa aktiboa egin eta egokiena aktibatzeko. Eta bi arrazoi nagusirengatik egin behar dute ahalegin handiagoa, nire ustez: euskararen eta erdaren arteko distantzia linguistikoagatik, batetik; eta, mendeetako diglosiaren ondorioz, pobretua dugulako hizkuntza erabilera mailan, eta euskal itzultzaileak beste hizkuntzetako itzultzaileek baino gehiagotan egin behar duelako bilaketa aktiboa sorburu-testuak ezartzen dizkion zailtasunei egoki erantzuteko. Eta, Halversonek dioenez, «clearly, if such active searches are repeated often enough, these more indirect activation patterns would also become entrenched, as the necessary connections are strengthened».

Bestela esanda, euskal itzultzailearen gogamenak zailago du ordain egokiak topatzea; ez du beste itzultzaileek bezain automatizaturik ordainen bilaketa; beste itzultzaileek baino ahalegin kognitibo handiagoa egin behar du (bilaketa aktiboa); eta, era berean, beste euskal hiztunek baino ahalegin kognitibo handiagoa egin behar du hizketa ekoizten duenean, bilaketa aktiboa egin behar baitu sorburu-testuaren estimuluek edo erronkek hartaratuta; euskal itzultzaileak bere bilaketa-lanean aurkitzen edo berreskuratzen dituen aukerak arian-arian errotuz doaz bere neurona-zirkuituetan, eta, ondorioz, gailenduz.

Uste dut ez dela kasualitatea euskararenaren antzeko emaitza gorabeheratsuak lortu izana non eta Finlandian. Eta hain zuzen ere Anna Mauranen ikertzaile finlandiarrak hizkuntzen arteko kultur harremana aipatzen du, besteak beste, bere azterlaneko emaitzen esplikazio gisa: sorburu-kultura hegemonikoa (ingelesa) eta xede-kultura menderatua (suomiera) ditu aztergai.

[1]Halverson, S. (2003) «The cognitive basis of translation universals» Target 15:2, 197-241.
[2]Langacker, R. (1997) Foundations of cognitive grammar 1. Stanford University Press, Stanford, California.
[3]Mauranen, A. (2000) «Strange strings in translated language: A study on corpora» in Olahan, M. (ed.) Intercultural faultlines: Research models in Translation Studies. Textual and cognitive aspects. St. Jerome, Manchester, 119-141.