Poesiaren egunaren karietarat

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Jakin nuenean blogaren bigarren bizialdi honetako egutegian martxoaren 20a egokitua zitzaidala lehen testua argitaratzeko, gogoratu nuen martxoaren 21a dela Poesiaren Nazioarteko Eguna โ€“ene! lehenbiziko letrek larriz behar dute? xehez?โ€“, eta, hortaz, otu zitzaidan ez zela aukera txarra poesia itzultzeari buruzko zeozer apailatzen saiatzea, nahiz eta jakin badakidan ez dudala tresneria teoriko nahikorik itzulpen alor berezi horri buruzko gogoeta mamitsurik egiteko, argi dudan gauza bakarra baita olerkiak itzultzean konturatzen dela bat, inoiz baino argiago, zein diren norberaren ahulgune linguistiko-estetiko-musikalak.

Nolanahi ere, handik puska batera, Antonio Machadoren olerki aski famatu baten bi bertso-lerrorik ospetsuenak itzuli beharra suertatu zitzaidan hitz lauz idatziriko testu batean, eta pentsatu nuen ezen, olerkiak itzulsortzeaz ikuspegi teorikotik idatzi beharrean, hobe nuela poema labur hori bera osorik itzuli eta itzulpenean agerturiko koskez eta sumaturiko ezinez mintzatzea gaur hemen.

Horiek horrela, poemarekin itzuljostetan hasia nintzela, bazterrak harrotu zituen Roald Dahlen liburuen hizkera desegokia berrikusteko ekimen batek. Hasteko eta bat, bururatu zitzaidan beldurgarriena ez ote zen liburu araztuak irakurriko dituztenek pentsatzea moldaturiko bertsio horiek direla jatorrizkoak eta ez ote ditugun galduko lanak idatzi zireneko testuingurua eta orduko ajeak ulertzeko gakoak eta, horrekin batera, egungo zauri eta gatazka aunitzen sustraietara eramaten ahal gaituzten arrastoak, nondik heldu garen jabetzeko argiak; beldurgarriena ez ote den garai batean normalduriko estigmez mintzatzeko aukera galtzea, baina tira, pentsatu nuen gero, gaztelaniaz irakurtzen duten askok ere uste dute Margaret Atwooden jatorrizko bertsioa irakurtzen ari direla Salamandran El cuento de la criada gaztelania batuan irakurtzen ari direnean…

Nolanahi ere, hasteko eta bi, neure baitako itzultzailea โ€œles belles infidรจlesโ€ deituriko itzulpenez gogoratu zen. Dakizuenez, hala deitu ziren testu klasikoak Frantziako XVII. mendeko literatura-modetara eta gizarte-balioetara moldatuz taxutu ziren itzulpenak; eta kontua da ezen, bi fenomenoen arteko loturez hausnarrean ari nintzela, esamolde horren jatorri sexistaz ohartu nintzela, hots, emakume eder desleialen klixea zegoela oinarrian, segur aski garaiko jakintsuek jakin bazekitelako emakumea ezin dela aldi berean ederra eta leiala izan, egungo jakintsu erdaldunek aski ongi dakiten bezala sendagilea ezin dela izan aldi berean mediku ona eta euskalduna…

Baina ez ote nintzen nire asmoaz desbideratzen ninduten ibiak iragaten ari, zeren nik Machadoren poema itzuli bat ekarri nahi nuen gaur hona. Horrenbestez, Dahlen aferaz eta haren ertz politikoez ez kezkatzea erabaki nuen eta Poesiaren Nazioarteko Egunari nire aletxoa ekarri eta pentsatu nuen horretarako ez ikusia egin behar niela nire xedeaz aldenduko ninduten albisteei, esate baterako, itzulpena jardun politikoa ere badela ikusarazi digun eraso bati, zeinaren bitartez Katakrakek argitaratu eta Amaia Astobizak itzulitako Puta zikinak liburuaren hainbat ale hondatu baitzituzten Baionan otsail bukaeran, noiz eta gure alaba Nagore Tolosak euskaraturiko Fahrenheit 451 irakurtzen hasi baitzen…

Baina, zer diren gauzak, liburu debekatu, araztu, hondatu eta erreen bila sarean hasi, eta jakin dut Machadoren lan batzuk ere debekatu zirela Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, ez zutela bakarrik poeta erbesteratu, haren hitzak ere desagerrarazi nahi izan zituztela… Azken batean, pentsatu dut hondarrean, hitzak ere ekintzak baitira. Eta sigi-saga nahasi samar honetan igaro ditudan ibietan barrena nire bigarren asmora itzultzea erabaki dut eta olerki baten itzulpena ekartzea gaur hona Poesiaren Nazioarteko Egunaren karietarat: ibiliz egiten baitira bideak, eta itzulinguruz eta itzuliz, zabaltzen.

Hona hemen, beraz, nire itzulpen saioa:

Caminante, son tus huellas
el camino y nada mรกs;
Caminante, no hay camino,
se hace camino al andar.
Al andar se hace el camino,
y al volver la vista atrรกs
se ve la senda que nunca
se ha de volver a pisar.
Caminante no hay camino
sino estelas en la mar.
Ibiltari, zure oinatzak
dira bidea, hori da dena;
ibiltari, biderik ez da,
ibiliz da egiten bidea.
Bidea ibiliz da egiten,
eta atzera begiratzean
han da ikusten sekula berriz
zapalduko ez dugun xendra,
Ibiltari, biderik ez da
soilik itsasoan uberak.

Joan Perez Lazarragako, itzulpena eta puntuazioa

Gidor Bilbao Telletxea

Joan Perez Lazarragako (c. 1547-1605) arabarraren poema bat erabili ohi dut Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako masterreko ikasleei erakusteko zein inportantea den, filologoaren lanean, testua ondo ulertzea eta puntuazio egokia hautatzea. Ikasle-taldean, Euskal Ikasketetako gradua ikasitakoak eta Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua ikasitakoak izan ohi dira sarri eta, gehienetan, Euskal Ikasketetatik datozen filologo gazteek errazago ulertu ohi dute testua, eta Itzulpengintzatik datozenek era egokiagoan hautatu ohi dute, nire gusturako, puntuazioa.

Ariketa egiten hasteko, eskuizkribuaren argazkia ikusten dugu. Hurrengo urratsean, testuaren transkripzioa eman ohi diet, baina hemen pausu bat jango dut eta erakutsiko dizuet transkripzio hori gaurko grafiara aldatuta (baina <h> gabe) eta hitzen banaketak gaurko erara moldatuta, puntuaziorik gabe, ikus dezazuen zer ulertzen duzuen eta puntuazioa zelan antolatuko zenuketen (soluzioa beherago dago, baina ahalegindu han begiratu gabe irakurtzen hau):

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  canciรณn

iragarri oi ez nagizun
jentil honbrea bildur nax
eurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

nola andraen bildur zara
aek baga onik ez badozu
aen obraen oita bildur nax
zure bere bai badagizu
ez dot egingo gauza gaxtorik
oi ez dasazun bildur nax
neurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

zerren diozu sekretorik
oi andraetan ez dala
zerren kausea begiratzaka
ifinten daue obratan
faltaduko jatzulako
zenzuna goganbear nax
neurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

andraetan diskreziorik
ez dala uste al dozu
bai baia dauen zenzutxo ori
gaxki daroae giadu
oita bildurrak ikara nabil
ez dakit neurau nor naxan
neurk ikusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  fin

Ez da testu erraza eta editoreei asko kostatu zitzaigun ulertzea. Saio bat, bi eta hiru baino gehiagotan jardun genuen, orain bistakoa iruditzen zaigun zerbait ikusi gabe: neskaren eta โ€œjentil honbreaโ€ren arteko elkarrizketa da, eta solaskide bakoitzari bina lerro dagozkio, txandaka. Ezaugarri horrek, jakina, goitik behera baldintzatzen du puntuazioa:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Canciรณn

โ€”Iragarri oi ez nagizun,
jentil honbrea, bildur nax.
โ€”Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

โ€”Nola andraen bildur zara,
aek baga onik ez badozu?
โ€”Aen obraen oita bildur nax;
zure bere bai, badagizu.
โ€”Ez dot egingo gauza gaxtorik,
oi ez dasazun โ€œbildur naxโ€.
โ€”Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

โ€”Zerren diozu sekretorik
oi andraetan ez dala?
โ€”Zerren kausea begiratzaka
ifinten daue obratan.
โ€”Faltaduko jatzulako
zenzuna goganbear nax.
โ€”Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

โ€”Andraetan diskreziorik
ez dala uste al dozu?
โ€”Bai, baia dauen zenzutxo ori
gaxki daroae giadu.
โ€”Oita bildurrak ikara nabil,
ez dakit neurau nor naxan.
โ€”Neurk ikusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Fin

Horrelaxe argitaratu genuen 2010ean, Lazarragaren testuen edizioaren gure lehenengo zirriborroan, eta esan genuen errepika (โ€œNeurk ikusirik nola zarean, / neskea, bildurrago naxโ€) maite-solasaren barruan sartzea ohikoa dela gaztelaniazko herri-poesian. Gero, 2013an, Jesรบs Antonio Cidek seinalatu zuen neska-mutil gazteen arteko maitasun-elkarrizketa bizi eta are zorrotzak ohikoak direla galegozko parrafeo edo enchoiada deituriko kopla-sortetan ere, Lazarragaren poema honetan bezalatsu.

Baina ikerketan jarraitu genuen, eta 2020an, Lazarraga Eskuizkribuaren edizioa eta azterketa I: Sarrera, gramatika, hiztegia eta adizkitegia eta Lazarraga Eskuizkribuaren edizioa eta azterketa II: Testua argitaratu genituenean, bagenekien Lazarraga itzultzaile-lanetan ari zela, neurri handi batean, esku artean dugun poema idatzi zuenean.

Izan ere, badakigu Joan Timoneda valentziarrak 1556an paratu zuela Cancionero llamado Flor de Enamorados, sacado de diversos auctores. Agora nuevamente por muy lindo orden compilado bilduma, ordura arte ahoz, kopia eskuizkribatuen bidez, edo plegu solteen bidez zabalduriko poema liriko eta liriko-narratiboak biltzen zituena. โ€œAquรญ comienรงan villancicos y canciones a modo de diรกlogo pastoril, sobre diversos acaesciminetos de amoresโ€ izenburu esanguratsua daukan atalean aurkitu genuen Lazarragak euskaratu (edo gutxienez bertsionatu) duen poema (hemen 1626ko ediziotik hartua, gure puntuazioarekin):ย 

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Otra

โ€”Carillo, temo en estremo
no publiques mi querer.
โ€”Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

โ€”ยฟCรณmo temes de mugeres
si por ellas vida cobras?
โ€”Temo de sus falsas obras,
y de ti, si las hizieres.
โ€”No harรฉ, mas ยกhay! que quemo
si descubres mi valer.
โ€” Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

โ€”Dรญme: ยฟfirmeza y secreto
en mugeres no hazen pausa?
โ€”No, pues que sin mirar la causa
ponen por obra el efeto.
โ€”Carillo, en recelo temo
que no te falte saber.
โ€” Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

โ€”ยฟPiensas que saber no han
las mugeres, buen zagal?
โ€”Sรญ, mas despidiรฉndolo en mal
como Eva con Adรกn.
โ€”Carillo, dexa el estremo
en tu fe dicha y que temer.
โ€” Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Fin

Carillo eta Zagala artzain-izen tipikoak dira gaztelaniazko jatorrizkoan artzainen arteko elkarrizketa dela adierazten duten elementu bakarrak, baina Lazarragak, bere euskarazko bertsioan, horiek ezabatu eta jentil honbrea eta neskea generikoak erabili ditu, besterik gabe. Badira aldaketa gehiago ere, baina bat bakarra seinalatuko dut. Neskaren azken bertso-lerroetan, gaztelaniazko testua zaila da ulertzen eta editoreek aldaketak sartu dituzte, seguruenik textus corruptus โ€˜testu ustelaโ€™ delako:

1562ko edizioan: โ€œCarillo dexa lโ€™estremo / en tu fe di hay que temerโ€
1573ko edizioan: โ€œCarillo dexa el estremo / en tu fe cicha y que temerโ€
1626ko edizioan: โ€œCarillo dexa el estremo / en tu fe dicha y que temerโ€

Lazarragak ez du izan arazorik. Jatorrizkoa utzi eta bertso-lerro berriak sortu ditu:

โ€”Oita bildurrak ikara nabil,
ez dakit neurau nor naxan.

Bide batez, Eztebe Materraren beldurrez ikhara nabilala berbera.

BASKISKA estrategia-plana

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Demagun, itzulpen-ikasketak bukatu berritan, itzulpenak egiten hasi nahi duzula (meloi bat hemen: zenbatek erabaki dugu bide honetatik segitzea, tarteka egiten badugu ere? Eta, batez ere, zergatik hain gutxi?). Demagun, unibertsitateko enplegu-zerbitzutik lan-eskaintza bat jasotzen duzula nazioarteko enpresa ezagun batean aritzeko. Demagun sarrera-proba bat egiten duzula, eta enpresa horrentzat doako itzulpen bat egiten duzula. Demagun baldintza kaskarrak onartzea erabakitzen duzula (horretaz ere mintzatuko gara aurrerago, nahi baduzue). Eta demagun zure bezeroaren bezero nagusia zera dela, altzari suediarrak egiten dituen kate erraldoi bat, adibide gisara baino ez, e? Zer atera liteke gaizki? A, bai: altzari suediarrak muntatzeko ez bezala, euskarara itzultzeko jarraibiderik ez dagoela. Arrazoiak arrazoi testuek euskaraz egon behar dute, baina ez dira kontuan hartzen hizkuntzaren konplexutasunak eta zirrikituak, amaierako produktuaren (itzulpenaren) kaltetan.

Baina lasai. Heldu da BASKISKA estrategia-plana, altzari suediarren edozein katek azalduko lukeen erara. Pausoz pauso, eta pieza guztiak zorro txiki batean bildurik. Euskararen prestigioa, euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak, itzultzaileen lanaren erraztea eta itzulpenen kalitatea bermatzen lagunduko dizun gomendio sorta.

1.- Euskara hizkuntza bat da. Eta hizkuntza guztien modura, ezaugarri bereziak ditu. Sintaxia, morfologia edota lexikoa ere bai asko aldendu daitezke jatorrizko hizkuntzatik. Beraz, har itzazu kontuan ezaugarriok, bereziki testuak euskaraz irakurtzeko sortu ez direnean.

Esan gabe doa hizkuntza bat baino gehiago ere badela euskara, eta hiztun-komunitateak berezko erreferentziak, iruditegiak, hizkera-ohiturak, esamoldeak eta abar dituela. Hori dela eta, ez izan zurrunak eta eman itzultzaileei malgutasuna testuen izaera moldatu dezaten, edukiak (mezua) aldatu gabe, jakina.

2.- Osatu ezazu estilo liburu on bat. Bai, itzultzaileen zalantzak argitzeko horietako bat. Hartu itzazu itzultzaileak, hizkuntzalariak, filologoak, eta prestatu dezatela euskarri modura erabiltzeko gidaliburu bat (epe luzerako inbertsio bat da finean). Ongi dago irizpide gisa hizkera friendly-a eta informala erabili behar direla adieraztea. Ongi dago Euskaltzaindiaren arauak errespetatu behar direla esatea. Baina, ez al dira jarraibide orokorregiak?

Pentsa webgune bateko produktu berrien katalogoa dela itzuli beharrekoa. Zer errotuluk daramate zer puntuazio? Zeren arabera adostuko dute itzultzaile guztiek modern rustic kitchen euskaratzeko ordaina? Eta nola helarazi hori? Eta egokia ez bada batek erabilitakoa? Sinonimo guztien artean zein aukeratu altzari bakoitzarentzat? Zer estrategia jarraitu beharko dute OIKIA enpresaren izena โ€”argi gera bedi aliritzira asmatutako izena dela, hemen ez diogula inori publizitate txarrik egin nahiโ€” eta haren zerbitzuen izenak aldaezinak badira, hau da, ezin bazaie kasu-markarik gehitu? Nola egin behar da blue hitz soltearen lokalizazioa? Mugagabean? Absolutibo mugatu singularrean? Baina gero blue-ri gehitzen badiote curtains makina teknologiko magiko baten bitartez?

3.- Baliabideez ari garela, lanerako tresna funtzionalak โ€”eta ikuspegi kapitalistatik begiratuta, produktiboak ere baiโ€” ezinbestekoak dira. Inbertitu I+Gan, adimen artifizialean itzultzaileei lana errazteko, errepikapenak eskuz sartu behar ez ditzaten, edo egin ez ditzaten aldaketak banan-banan.

4.- Kontuan izan itzulpen automatikoen postedizioa eta itzulpen arrunten zuzenketa ez direla gauza bera. Ez dela berdina testuak etengabe egokitzea (edota zuzentzea) eta akatsak, erratak eta beste bilatzea. Eta horrenbestez, ezin direla berdin pagatu.

5.- Sortu komunikazio-kanal bat, sare bat. Euskarara itzultzen dutenek baliabide ugari dituzten arren, komeniko litzateke bezero berarentzat aritzen diren itzultzaileak โ€”eta zuzentzaileak!!โ€” harremanetan egotea. Nahiko bakartia da berez itzulpengintzaren jarduna, baina egon beharko da tresnaren bat edo formula magikoren bat Datuen Babeserako Legearekin bateragarria dena, Itzultzaile001ek eta Itzultzaile002k elkarri lagundu diezaioten.

Era berean, lagungarria da Itzultzaile001ek egindako itzulpena zuzendu duen Zuzentzaile005ek nolabaiteko feedback-a ematea, modu friendly-an betiere, etorkizuneko itzulpenen kalitatearen hobe beharrez.

Korapilatsu, gantzatsu eta hartzatxoa

Fernando Rey Escalera

Iruditzen zait ona dela gure blog honetan lan luze eta mamitsuak eta ttantta besterik ez diren kontuak tartekatzea. Nik, bederen, azterketa lan mardulak eskertzen ditudan bezalaxe, eskertzen ditut kontu arinagoak ere.

Lexikoa da gaia oraingoan: itzulpen lanean eta irakurle naizenean ere zer pentsatua eman didaten hiru hitz.

Aspaldi ohartu nintzen Euskaltzaindiak โ€œkorapilatsuโ€ erabaki zuela eta ez โ€œkorapilotsuโ€, eta, egia esan, ez dut sekula ulertu zergatik. Ez da kritika inola ere. Are gehiago: ez dakit oharkabean edo ohartuki hartutako erabakia den, salbuespena ote den eta zer oinarri duen erabakiak. Halakoetan, nik, besterik gabe, onartu egiten ditut, nik baino gehiago dakitenek erabaki dutela pentsatuta, baina hona hemen nire zalantza, adituren batek argituko duen esperantzan.

-TSU atzizkiarekin sortutako hitz eratorriak asko dira. Oso atzizki emankorra eta bizia da, eta beste asko ere sortuko dira premiak bultzatuta. Agerikoa denez โ€“hor behean duzue zerrenda bat; Euskaltzaindiaren Hiztegitik atera ditut hitzak, ez den-denak betiereโ€“, izenondoak sortzen dituen atzizkia da, gehientsuenetan izena oinarri hartuta: izena + -tsu atzizkia. Badira, dena dela, izenondoa edo adberbioa oinarri duten hitzak ere.

Izenaren azken letra edozein izanik ere, bat ere aldaketarik gabe eransten zaio atzizkia. Errepasatu ditut denak, eta azken letra edozein bokal izan, edo kontsonante bat izan, bere hola sortzen da hitz eratorria. Hemen duzue zerrenda. Balio izan dit, bidenabar, aski ezezagun diren (nituen) hitz batzuk nire neurona-sarera sartzeko.

A letraz bukatutako hitzak
abantailatsu, adiskidetsu, adoretsu, ahalketsu, ahaltsu, aldapatsu, aldartetsu, apetatsu, arantzatsu, arduratsu, arrakastatsu, arretatsu, bateratsu, bezalatsu, burrunbatsu, dardaratsu, distiratsu, dudatsu, espatsu, ezkabiatsu, ezkatatsu, galernatsu, gatazkatsu, halatsu, harmoniatsu, hedatsu, holatsu, irrikatsu, jaieratsu, jakinguratsu, kakatsu, katramilatsu, kezkatsu, koleratsu, larderiatsu, likatsu, lingirdatsu, loriatsu, mainatsu, malenkoniatsu, maleziatsu, nahaspilatsu, nolatsu, noratsu, patxadatsu, premiatsu, setatsu, tematsu, tirabiratsu, txeratsu, txinpartatsu, zaratatsu, zarpatsu, zeremoniatsu, zingiratsu.
E letraz bukatutako hitzak
adoretsu, antzetsu, artetsu, atsekabetsu, azukretsu, baketsu, baretsu, barretsu, bertutetsu, bibotetsu, bihurgunetsu, boteretsu, burupetsu, entzutetsu, esnetsu, galbidetsu, gerizpetsu, gizabidetsu, haizetsu, hareatsu, haserretsu, herabetsu, hezetsu, iletsu, ilunpetsu, irribarretsu, jendetsu, karitatetsu, ketsu, kidetsu, koipetsu, leizetsu, lerdetsu, loretsu, neketsu, oinazetsu, ospetsu, paretsu, sufretsu, urretsu, urtetsu, zaporetsu, zornetsu.
I letraz bukatutako hitzak
abegitsu, argitsu, arraitsu, arranditsu, ausarditsu, berritsu, beteritsu, bihitsu, dirdaitsu, durunditsu, egonarritsu, eguzkitsu, erditsu, errukitsu, euritsu, garaitsu, garrantzitsu, haragitsu, harritsu, hazteritsu, hodeitsu, irritsu, izpitsu, izurritsu, lohitsu, mamitsu, menditsu, mintsu, mukitsu, neurritsu, ogitsu, orritsu, pozoitsu, sasoitsu, tantaitsu, trumoitsu, tuparritsu, ugaritsu, zorritsu.
O letraz bukatutako hitzak
anbiziotsu, animotsu, arazotsu, arrapotsu, artifiziotsu, asmotsu, baliotsu, berrotsu, bilotsu, biziotsu, bozkariotsu, errotsu, gogotsu, goroldiotsu, harotsu, heriotsu, hostotsu, kiriotsu, korapilatsu, laidotsu, lainotsu, lanbrotsu, misteriotsu, nolakotsu, oliotsu, oparotsu, porotsu, prestigiotsu, zurrunbilotsu.
U letraz bukatutako hitzak
arriskutsu, burutsu, errespetutsu, gandutsu, hanpurutsu, istilutsu, jeinutsu, kopurutsu, pisutsu, sutsu, urguilutsu.
Kontsonantez bukatutako hitzak
adartsu, adimentsu, adintsu, amultsu, bakartsu, behartsu, berdintsu, betantsu, bilgortsu, bizartsu, bulartsu, berdintsu, ekaiztsu, elurtsu, gartsu, gehientsu, gizentsu, heintsu, igualtsu, irintsu, itxaropentsu, itzaltsu, izartsu, izurtsu, jakintsu, kartsu, kedartsu, kementsu, legartsu, malkartsu, noiztsu, odoltsu, nontsu, nortsu, oraintsu, pikortsu, pindartsu, ugertsu, urintsu, urrintsu, urtsu, usaintsu, zenbatsu, zertsu.

Zerrenda horretan, nire ustez, arautik ateratzen den hitz bat bakarra dugu: โ€œkorapilatsuโ€.

Orotariko Euskal Hiztegiko adibideetan biak ageri dira, โ€œkorapilatsuโ€ eta โ€œkorapilotsuโ€. Nolanahi ere, adibide gehienetan โ€œkorapilotsuโ€ dago. Horregatik iruditzen zait are bitxiagoa โ€œkorapilatsuโ€ erabaki eta zabaldu izana.

Ederki dakit hizkuntza salbuespenez betea egoten dela, baina ikusirik Orotariko Euskal Hiztegiak zer dioen, ez dut ulertzen zergatik erabaki den horrela.

korapilatsu.
♦ (H; -illa- Lar, Aรฑ, H), orapilatsu (-illa- Aรฑ), korapilotsu (Urt IV 404), orapilotsu, koropilatsu (T-L), koropilotsu (AN, L, BN ap. A ; Dv).
Nudoso; (fig.) lioso, complicado. โ€œCentrosus, korapillotsua, korapilloz betheaโ€ Urt IV 404. โ€œHari korapillatsua, fil plein de nล“udsโ€ H. โ€œCompliquรฉ, difficile ร  comprendreโ€ T-L.
โ• Ebitatzera haritu naiz frasa modorrotsu eta korapillotsuak. Gy XII. Poesia bardikoaren arau oso korapilatsuak. Mde Pr 233. Argitasun biziz ainbeste gai korapilotsu nik askatzea. Or Aitork 99. Fray Luisen […] giroari bagagozkio, ondo korapillotsu dala esan bear. Gazt MusIx 68 (61 orapillatsu y 71 orapillotsu). Gertatzen zaizkigu arazoak istilu orapilatsuagoetan. MEIG VI 170. En DFrec hay 3 ejs. de korapilatsu y 7 de korapilotsu.
โ–  koropilotsu (Dvโ†’A). (Ref. a personas). โ€œAu fig. Gizon koropilotsu, se dit d’un individu rusรฉ qui a toujours des rรฉserves cachรฉes dans les engagements qu’il se propose d’รฉluderโ€ Dv. โ€œAstutoโ€ A.

Badago beste hitz bat, nire eskemetatik pixka bat ateratzen dena.

โ€œGantzatsuโ€ hitza da. โ€œGantzโ€ izanik hitza, โ€œganztsuโ€ behar luke, โ€œekaiztsuโ€ den bezala. Errazagoa da โ€œgantzatsuโ€ esaten, jakina, eta erabilera hori izan bada, aurrera, baina agerikoa da hitz hau ere hitzak sortzeko ohiko bidetik ateratzen dela.

Kasu honetan, dena dela, Orotarikoan adibide bakar bat dago, eta โ€œgantzatsuโ€ da. Beharbada, horregatik erabaki da horrela.

gantzatsu.
♦ (Larโ†’H, Bera).
โ€œUntoso, untuosoโ€ Lar. โ€œGrasโ€ H. โ€œPingรผe, craso, untoso, mantecosoโ€ Bera.
โ• Lur mami, apatz eta gantzatsuan. Eguzk GizAuz 52.

Eta lexikoarekin loturiko artikulutxo hau bukatzeko, aspaldi buruan ibili zaidan hitz bat komentatuko dut: โ€œhartzatxoโ€.

Google-n ikusi besterik ez dago zenbat zabaldu den. Produktu askotan ageri da izena, umeentzako ipuin frankotan idatzi da horrela, baina, nik dakidala, hiztegi gehienetan ez dago. Hartz izanik izena, ez luke โ€œhartzatxoโ€ behar, jakina. Hitza ez dago ongi sortua.

Hitz honekiko problema lotuxeagoa dago itzulpenarekin, eta bistan da gaztelaniaren โ€œositoโ€ hitza dagoela problemaren jatorrian. Frantsesez โ€œnounoursโ€ esaten omen da.

Hor dugu โ€œharzkumeโ€ edo โ€œhartzumeโ€, ongi sortuak biak, nahiz eta ez dauden hiztegi askotan (Orotarikoan โ€œhartzumeโ€ eta โ€œhartz-umeโ€ ageri da). Ez bata ez bestea ez daude Euskaltzaindiaren Hiztegian. Baina hitz egokiak dira biak ala biak. Dena dela, nik nekez esanen nuen โ€œgure alabari harzkume bat oparitu dioguโ€ alabaren zaintza kenduko ziguten beldurrez. Ez dakit nire kontua ote den, baina, โ€œharzkumeโ€ bat esanda, nik bizirik dagoen hartz txiki bat ikusten dut.

Horregatik, itzulpen ona egiteko hain beharrezkoa den goiburuari segituz โ€“ahal bezain hurbil, baina behar bezain urrunโ€“, โ€œhartz-panpina oparitu dioguโ€ esanen nuke.

Badakit kasu horretarako soluzioa dela, eta ez kasu guztietarakoa, baina hor dago nire proposamena: pelutxearen kasurako, bederen, balio digu. Edo onartu beharko genuke arautik kanpo dagoen โ€œhartzatxoโ€ hitza?

Nil igitur mors est (I)

Xabier Olarra

Joan den abenduaren 28an Jon Miranderen heriotzaren 50. urteurrena bete zen. Haren poema esanguratsuenetako bat da, hain zuzen ere, goian dagoen izenburua duena. Haren heriotzatik hamar bat urtera hasi nintzen haren poemen bilduma bat prestatzen, 1984an argia ikusi zuena, Ene jainko-eidol zaharra, Lur izenburuarekin.

Nil Igitur mors est poemaren izenburua Lukrezioren De Rerum Natura, III, 830etik hartua da, non laburbiltzen baitu poeta latindarrak heriotzari buruz Epikuro filosofoak erakusten zuena, esaldi honetan:

Nil igitur mors est ad nos neque pertinet hilum
quandoquidem natura animi mortalis habetur.

Heriotza ez da, beraz, ezer eta ez dagokigu ezertan,
arimaren izaera hilkorra dela uste baitugu[1].

Epikuroren arrazoibidea honako hau zen, Markos Zapiainek Gauzen izaeraz liburuaren kritikan laburbiltzen digunaren arabera:

โ€œHortaz, atomo konbinazio aldakor bat gara gu; hiltzean, osatzen gaituzten atomoak disolbatu egingo dira; eta, gero, beste batzuekin nahasturik, bestelako gorputzak eratu. Ni naizelarik, ez da heriotzarik; heriotza datorrenerako, ni ez naiz izango: ez dugu zertan larritu[2]โ€.

Beldurrak eta larritasunak, beraz, ez du zentzurik. Eta Lukreziok, ideia horri are oinarri sendoagoa eman nahian, argi eta garbi adierazten zuen arima hilkorra zela, eta, beraz, ez zela existitzen, ez greziarrek sinesten zuten Hadesik, ez erromatarrek sinesten zituzten azpimunduko Akeronte ibairik ez arimak beste mundura eramaten zituen Karonte txaluparirik.

Hala ere, arrazoibideak arrazoibide, bistan da heriotzari diogun beldurra ez dela inola ere desagertu. Baina badirudi Mirandek Lukrezioren edo Epikuroren ikuspegia bereganatua zuela, bizi zelarik honelakoak idatzi baitzituen bere poemetan:

ERESI
Aineza gal bizia goiz batez…
Ainendi hil gazterikan, nihaur…

Badirudi bere heriotzaz frogatu zuela bereganatua zuela Epikuroren filosofia.

Lukrezioren poemak gutxi gorabehera 15 mende eman zituen โ€œgaldutaโ€ harik eta Poggio Bracciolini eskribauak Alemaniako monasterio batean aurkitu zuen arte. De Rerum Natura poema luzean agertzen den mundu-ikuskerak Errenazimendutik aurrera literaturan eta artearen hainbat adarretan izan duen garrantziaz gehiago jakin nahi duenak jo beza Stephen Greenblatt The Swerve: How the World Became Modern saiakerara.

Baina orain arimaren hilkortasun/hilezkortasunaren kontuari helduko diogu, eta ikus dezagun nola eman zuen gaztelaniaz, XIX. mendean, Josรฉ Marchena abateak[3]:

La muerte nada es, ni nos importa,
Puesto que es de mortal naturaleza[4]:

Aurreko bertsoetan arimaz ari baita, ulertu beharra dago arima dela hilkortzat jotzen dena, Amurizaren (eta egin diren itzulpen ia guztietan) garbi dagoen bezala. Hala ere, kontuz ibili beharra dago, honelakoren bat ere aurki baitaiteke: โ€œNada es la muerte y nada nos importa desde que se considera inmortal la naturaleza del almaโ€ (De la naturaleza de las cosas, Lukrezio, Carola Tognettiren itzulpena, Greenbooks editore, 2021). Ez dakigu nondik nora agertu den Lukrezioren eta Epikuroren dotrina osoa hankazgoratzen duen itzulpen hori, baina badirudi ez duela balio daukan prezioa (0,94 โ‚ฌ) ere (dohainik ere eskura daiteke).

Josรฉ Marchenari buruz Menรฉndez y Pelayok idatzitako liburuan ederki egurtzen bazuen ere idazlea bera, franko goresten zituen haren itzulpen batzuk, Moliรจreren bi komediarenak, esate baterao. Bistan da ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula  Lukrezioren liburu osoa endekasilabo zurietan ematea. Oraindik ere haren bertsioa  argitaratzen eta erabiltzen dute Venezuela bolibarzalean, nahiz eta Espainian egin diren itzulpen egokiagoak, are edukiaz gain (Marchenak bezala) neurria eta erritmoa ere ekarri dutenak, hala nola Garcรญa Calvorena, edo hitz-lauz, berriz, besteak beste, Eduard Valentรญ i Fiolena. Azken hori famatzen du Jordi Fibla[5] itzultzaile laureatuak. Hala ere ez du gaitzesten Josรฉ Marchenarena eta garbi dio itzulpen hori irakurtzea merezi duela: ยซEn definitiva, a la pregunta de si vale la pena leer la traducciรณn del poema de Lucrecio que hizo Josรฉ Marchena en su juventud, respondo que sรญ, y lo mismo digo de la obra que Menรฉndez Pelayo, en sus antรญpodas ideolรณgicas, escribiรณ sobre รฉlยป.

Ikusten dugu De rerum natura gaztelaniaz bietara irakurtzeko aukera dugula. Euskaraz, oraingoz, hitz lauz bakarrik daukagu. Klasikoak bilduman agertu zenez (Testu filosofikoen bilduma), logikoa ere bada, nolabait. Baina ez da ahaztu behar Lukreziorena poema luze bat dela (5.000 bertsotik gora). Uste dut Amurizak, pixka bat saiatuz gero, hitz neurtuz ere eman zezakeela.

Horrela, Markos Zapiainek Lukreziori buruz dioskunez:

Eta zergatik erabili ote zuen Lukreziok poesia, Epikuroren doktrina Memmio eskaintza-hartzaileari eta oro har edozein irakurleri helarazteko? Liburuan bertan dioenez, medikuak sendabelar eta botika mingotsa eztiz nahasten duen bezala, umeak har dezan, halaxe eman digu Lukreziok Epikuroren doktrina filosofiko lehorra poesiaren eztiaz adierazia, Memmioren eta gainerako irakurleon burmuinera atseginez igaroaraztearren.

Klasikoen estimazioa garaiotan hain urria den arren, ea hitz lauzko itzultzaileak berak hartzen duen poema bikain hau modu irensgarriagoan ekartzeko nekea. Lanaren erdia-edo egina dauka.

Honek guztiak, dena dela, beste kontu bat jartzen digu hausnarketarako: Nola itzuli behar dira hitz neurtuz eta lege jakin batzuen arabera sortuak diren poemak, hitz lauz ala hitz neurtuz?  Baina hori, jakina, saiakera oso baterako gaia da, eta hurrengo baterako utziko dut.


[1] Gauzen izaeraz, Lukrezio, Xabier Amurizaren itzulpena, Klasikoak S.A., Bilbo, 2001.

[2] https://kritikak.armiarma.eus/?p=620

[3]  Elizgizona izan gabe abate izengoitia zuen idazle eta itzultzaile interesgarri honi buruz, ikus https://eu.wikipedia.org/wiki/Jos%C3%A9_Marchena

[4] https://www.cervantesvirtual.com/obra-visor/de-la-naturaleza-de-las-cosas-poema-en-seis-cantos–0/html/ff0be64e-82b1-11df-acc7-002185ce6064_3.html#I_0_

http://www.traduccionliteraria.org/1611/art/montes.htm

[5] https://vasoscomunicantes.ace-traductores.org/2022/02/25/vale-la-pena-leer-la-traduccion-de-marchena-jordi-fibla/

Hastapenak

Maitane Uriarte Atxikallende

Etxean sarritan esan izan didate gure ibilbide profesionalean zehar ez ditugula gure hastapenak inoiz ahaztu behar. Lanbidean umiltasuna inoiz ez galtzeko modua zela uste nuen nik, baina denborarekin ulertu dut oroitzapen horiek eguneroko lanaren magia ikusten laguntzen didatela nire ametsetako lanbide honetan.

2010eko maiatzean sartu nintzen lehen aldiz interpretazio-kabina batean. EHUko Letren Fakultateko kabinetako batean izan nuen lehenengo kontaktua nire egungo lanbidearekin, ate irekien jardunaldi batean. Ez dizuet gezurrik esango: magia ez zen kabinara sartze hutsarekin jaio. Kabinako aulkian eseri, kontsolako botoi guztiak ukitu eta mikroa ondo jarri ostean nire ahotik atera zen galderarekin hasi zen nire historia: โ€œInterneteko hitzaldiren bat jartzerik izango al zenukete?โ€. Ez dakit nondik atera nuen galdera hura egiteko ausardia eta are gutxiago Angela Merkelen hitzaldi bat interpretatzekoaโ€ฆ Kontua da zerbaitetarako behintzat balio izan zuela, hitzaldi hura interpretatzean sentitutako adrenalinak eta gogobetetasunak markatu baitzuten nire bidearen hasiera.

Hamahiru urte igaro dira Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua hasi nuenetik eta oraindik gogoan ditut Gasteizko abenturak, ostegunetakoak barne. Unibertsitate garaia ez omen da inoiz ahaztenโ€ฆ eta irakasteaz gain ilusioz bete eta bultzada eman ziguten irakasleak ere ez. Hain zuzen ere, irakasten duenarekiko pasioa transmititzen dakien, lanbidearen alde on zein txarrez hitz egitera ausartzen den eta noizbehinka gupidarik gabe zuzentzen gaituen irakaslea da gerora beti gogoratzen duguna. Bere garaian ez ginen konturatzen baina irakasle batzuen zorroztasunaren atzean etorkizuneko profesionalak prestatzeko erantzukizuna zegoen. Euskal interpretazioaren etorkizuna behar bezala bermatzeko arduraren pisua zeramaten sorbalda gainean, guk momentuan bertan ikusten jakin ez arren.

Unibertsitate โ€œofizialaโ€ hasiera baino ez zela eta benetako ikasketak โ€œkaleko unibertsitateanโ€ egingo nituela ere esaten zidaten etxean. Zorionez, unibertsitatean interprete profesionalak izan genituen irakasle eta haiei esker nabarmen aurreratu genituen kaleko unibertsitatean egin beharreko ikasketak. Gradua bukatu ostean ere trebatzen jarraitzera animatu gintuzten, zuzenean lehoietara jaurti eta enkargu errealak onartzera animatu ordez:  haiekin kabina mutua egitera joan, gure kabuz praktikatzen eta gure burua ebaluatzen jarraitu, masterren bat eginโ€ฆ Bere garaian gureganako konfiantza falta zela pentsatuko genuen agian, baina beste behin, etorkizuneko interprete profesionalak behar bezala prestatzeko erantzukizuna zegoen guzti haren atzean, hots, haien etorkizuneko kabinakideak ondo prestatzekoa. Denborarekin, pazientziaz eta gogor lan eginda iritsi naiz nire irakasle izandako haien kabinakide izatera eta niri ere tokatu izan zait etorkizuneko interpreteak prestatzeko ardura hartzea. Tira, ardura baino gehiago, ohorea izan da. Izan ere, nire ustez ez dago zirkulua nolabait ixteko modu politagorik.

Denborarekin gailentzen dira irakasle fin haiek etorkizuneko interpretazio profesionalari egindako ekarpena eta gugan utzitako marka. Nire ustez, marka hori ez ahaztean datza lanbide ororen magia, interpretazio-lanaren egunerokotasunean zein enkargurik berezienetan ez baitago atzera begiratu eta gure hastapenak gogoratzeak emandakoa baino bultzada handiagorik, lanbidearekiko ilusioa eta umiltasuna inoiz ez galtzeko eta, beharbada, gu geu ere etorkizuneko interprete profesionalak prestatzera animatzeko.

Lanbide zoragarri hau zintzotasunez eta pazientziaz irakatsi zenidaten irakasle eta lankide guztiei eskainia.

Karlomagnoren siesta

Santi Leonรฉ

Urtea hondarreko egunetara ailegatzearekin, normala izaten da urteko liburu, film, abesti edo komiki hoberenen zerrendak han-hemenka argitaratzea. Nik ere 2022an irakurria gisa libreta batean apuntatutakoari errepasoa eman diot: trankil, ez zaituztet nire lan gogokoenen listarekin zigortuko; bai, ordea, errenkada โ€“nahi nukeenaren aldean motzegiโ€“ horretarik bat aipatuko. Eginhardoren Vita Karoli Magni (Karlomagnoren bizitza) irakurri dut joan den 2022an, IX. mendean idatzitako enperadore frankoaren biografia.

            Oraindik nire baitan noizbait izan nintzen historialariaren arrastoren bat gelditzen delako da naski, baina testua arrunt interesgarria iduritu zait. Karlomagno gizaki gisa ezagutzen lagundu dit testuak: janean eta edanean neurritsua zen, baina edanean are neurritsiagoa (“in cibo et potu temperans, sed in potu temperantior”); udan, gustuko zuen fruta jatea bazkaldu ondotik (“aestate post cibum meridianum pomorum aliquid sumens”); eta siesta ere egiten zuen, lo kuluxkarik ez, bi edo hiru orduko siesta, arropa eta oinetakoak erantzita (“depositis vestibus et calciamentis, velut noctu solitus erat, duabus aut tribus horis quiescebat”). XXIV. atalak Karlomagnoren alde intimoa erakusten digun bezala, XXIX.ak, berriz, frankoen hizkuntzaz izan zuen interesaren berri ematen digu: hilabeteei izena eman zien frankoen hizkuntzan (“mensibus etiam iuxta propriam linguam vocabula inposuit”), eta frankoen antzinako kanta epikoak bilarazi zituen, bilduma haiek galdu badira ere.

            Etorri den urte berri honetarako, segur aski beteko ditudan asmo onekin batera โ€“hala nola gimnasiora inolaz ere ez joatea edo Irulegiko oroigarririk ez erosteaโ€“ baditut badaezpadako bertzelako asmo batzuk ere, pizgarriagoak direnak baina, aldi berean, betetzen zailagoak. Bertzeak bertze, Greziako eta Erromako klasikoak irakurtzen segitzea. Behin-behineko zerrenda ttiki bat egina dut: Suetonioren Hamabi zesarren bizitzak, Historia augusta, Tazitoren Germania, Longoren Daphnis eta Kloe. Zerrenda luzexeagoa da, baina bego horrela. Austral argitaletxeko edizioan irakurri gogo dut Suetonio; Cรกtedrakoan, Historia augusta; Daphnis eta Kloe, Gredosekoan, eta Tazitorena ingelesez, Penguineko itzulpenean, Gredosekoa ere iaz irakurri bai baina ez baininduen batere konbentzitu.

            Kontua da, gaurgero irakurle bizkorren bat ohartu izanen den bezala, bakar bat ere ez dudala euskaraz irakurriko. Tira, aipatu ez dudan bat izan ezik: Egeriaren Ibilbidea.

            Egeria euskaraz irakurriko dut Xabier Monasterioren lan editorialari eta Maite Lopez Las Herasen itzulpenari esker โ€“esker mila anitz, jaso ezazue nire txalorik beroenaโ€“, baina hortik kanpo โ€“Lopez Las Herasek Balea Zurian egindako bertze itzulpen batzuk eta Euskal Herriko Unibertsitateko Klasikoak bilduman dauden aleak kendutaโ€“ euskal irakurlearendako basamortua hasten da antzinako klasikoen eremuan. Bai, itzulpenak badira han eta hemen barreiatuak, baina erreferentziako bilduma bat eskas dugu. Aski adierazgarria da Egeriaren itzulpena eginahal indibidualaren ondorio izatea, argitaletxe handi edo ertain baten lanaren emaitza izan beharrean.

            Halere, argitaletxeek duten ardura dutela, hemen Karlomagnok bezala, gure hizkuntza aberasteko interesa duten erakundeak dira, bistan dena, falta duguna. Gure ikasle gazteek eta gure irakurle helduek Greziako eta Erromako klasikoak euskaraz jasotzeko ez dakit eskubidea baina bai premia badutela onartu eta, horren ondorioz, plan bat martxan paratzeko eta finantzatzeko prest dauden erakundeak. Urtez urte hainbat titulu on itzularazteko eta prezio arrazoizko edizioetan kaleratzeko konpromisoa hartu nahi luketen erakundeak. Utopia ote? Parentesi arteko goitiko aipuen despit, Eginhardo ez nuen latinez irakurri, alemanez baizik, Reclam argitaletxeak egindako edizio elebidunean. Gibeleko aldean paratzen du prezioa: 3,80 โ‚ฌ. Horretarako, jakina, XXIV. ataletik XXIX.eraino ailegatu behar da; hau da, kulturaren siesta alde batera utzi eta lanean hasi.

            Nolanahi ere, euskal telebista โ€“erran nahi baita, teorian jende frankok ikusiko lukeen zerbaitโ€“ hondatu nahian dabiltzanengandik ezin espero lau txorok irakurri nahi lituzketen testu zahar xelebreak euskarara ekarri nahi izatea. Zeren hemen, sorionekuak izateko, aski dugu gure antzinakotasunaren fetitxismoa, bertzelako antzinakotasunik bilatu gabe.

NOTA BENE: Nik ez dakit latinez, baina edizio elebidunen aldekoa naiz, ahal delarik. Latinez dakienak jatorrizko testua ere irakurri ahal izateko, eta jakin ez baina itxurakerietan ibili nahi duenak jatorrizko testua bere artikuluetan aipatu ahal izateko.

Zer suma, sobra ere

Estitxu Irisarri Egia

Urteak pasa dira 31 eskutik txokoa elikatzeari utzi genionetik, baina patuak, ahateak, zoriak edo zorriak aukera eman digu berriz ere txoko honi jaten emateko. Halere orri zuriaren aurrean hausnarrean aritzea ez da erraza, animalia hausnarkariren bat bilatu nahi izan dut laguntza eskean, baina iturriko ura arretzen duten egun heze eta frexko hauetan denak daude aterpean; hortaz, hementxe jarraitzen dut zesuman, zer suman, zesuma ala zer suma?

Goierritarren ahotik entzundako harribitxi hori lerrootara ekartzeko parada ezin hobea iruditu zait. Baina ez dakit nola idatzi beharko nukeen; izan ere, ahoz dena elkarturik iruditzen zait eta lotura honetan halaxe proposatzen dute, Zesuma taldeak ere elkarturik nahiago zuen, Orotariko Euskal Hiztegiak ez du sarreren artean eta Euskaltzaindia Hiztegiak ere ez. Gizapediak, bestalde, bildua du eta Berrian 2014an Gurutze Izagirrek politikari buruzko iritzi-artikulu honetan izenburuan erabili zuen. Beraz, sarean zehar azkar batean lortutako informazioaren arabera, zer suma da garaile. Momentuz, ondorio horretara iritsi naiz, baina beste inork bestelako arrazoi edota argudiorik badu, ongietorria izango da sobra ere (jakina?).

Bai, hortxe beste bat. Horren berri lehenago izan nuen: unibertsitate garaian. Debabarrenean ez genuen halakorik erabiltzen eta begiak zabal-zabalik nituela begiratu nion pisukide hari. Garai hartako filologotasuna asetzeko besteko azalpena jaso eta esanahia gutxi gorabehera ulertu nuenean, lasaitu nintzen, baina Euskaltzaindiaren bigarren adiera irakurrita urduritu naiz berriz. Orotariko Euskal Hiztegiak eta Euskaltzaindia Hiztegiak azpisarrera gisa biltzen dute, baina bi adierarekin. Hona hemen Euskaltzaindia Hiztegiak dakarrena:

sobra ere

1 adb. Gip. Itxuraz, nonbait. Harrotuta zebilen sobra ere, eta zirenak eta ez zirenak esan omen zituen.

2 adb. Gip. Noski, jakina.

Lehenengo adiera entzun izan dut. Bost puxtarri emango dizkiot sobra ere bi adieretan eta zer suma elkartzen dituenari! Zenbait goierritarri mesedea eskatu eta artifiziala, arrotza egin zaie ariketa. Hauxe da nire artefaktua beraz: Zirenak eta ez zirenak egin zituen sobra ere (noski) zerbait idazteko, baina ez zuen lortu; azkenean, zer suma zegoenean etorri zitzaion inspirazioa sobra ere (antza denez). Lehenengo sobra ere erabili nahi izan dut jakina edo noskiren sinonimo gisa, baina ez dut uste hala denik goierritar irakurleentzat. Nire garunak biak lotzen ditu egiantzekotasunarekin, dirudienez, antza denez, itxuraz eta horrelakoekin, ez dit ziurtasunik iradokitzen eta uste dut beste askorentzat ere hala dela. Nahiko nuke jakin noski eta jakinaren pareko noiz bilakatzen den.

Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, gaur egungo Goierriko erabilerarekin bat ez datorren “Sobrare, sin duda” adiera Ormaiztegin 1854an jaio eta Donostian 1941ean hil zen Serapio Mujika Zufiriak bildu omen zuen. Ez zen ibiliko hura ere, ni bezala, zer suma hori idatzi zuen unean?

Cabrera Infanteren igelaren karrazkak

Xabier Olarra

Aurreko batean aipatu nuen Lino Novรกs Castillo idazle eta itzultzaile galego-kubatarrak Hemingwayren Agurea eta itsasoaren itzulpenean egin zuen irristada, lehoi soilak itsas lehoi bihurtzea, alegia. Ikus Guillermo Cabrera Infanteren Tres tristes tigresen bere pertsonaia baten bidez zer dioen kontu horretaz (edo, garbiago, geroago egin zioten elkarrizketa interesgarri honetan: http://www.trans.uma.es/pdf/Trans_5/t5_207-215_SJillLevine.pdf).

Besterentzat hain neurri zorrotza erabili zuenak bere buruarekin zer moduzko neurriak erabiltzen zituen jakin nahirik, hurbildu naiz berriki haren Dublinesesera, 1972 Lumenek eman zuen Dublinersen haren bertsiora alegia, ea idazteko eta itzulpenerako trebeziez gain zoologia ere (eta taxonomia biologikoa, zehazki) menderatzen ote zuen.

Cabrera Infanteren Dublineses, esan beharra daukat lehenik, aise irakurtzen den liburua da, jatorrizkoaren ordain egokia iruditzen zait bi testuak alderatu ditudan kasuetan, nahiz eta, konparaketa zorrotza eginda, hemen ere aurkituko dugun irristadaren bat edo beste han-hemenka, Cabrerak ere, Homerok bezala, egiten baititu tarteka bere lo-kuluxkak.

Eta beste itzulingururik gabe, goazen harira. Hona zer aurkitzen dugun, Joyceren Dubliners ixten duen kontakizunean, The dead/Los muertos narrazioan (bidenabarrean, oraingo itzulpenetan izenburua pluralean ematen da, ingelesezko anbiguoa zehaztuz. Baina frantsesezko eta italierazko lehenbiziko itzulpenetan Le mort, eta Il morto, ikusi ditut. Izan ere, ipuinak gazterik hildako BAT du gai nagusia. Hori, dena dela, beste baterako utzi beharko):

โ€œCanโ€™t you see that Iโ€™m as hoarse as a crow?โ€ said Mr. Dโ€™Arcy roughly (Dubliners, The Dead).

–No se dan cuenta de que estoy mรกs ronco que una rana? โ€“dijo Mr. Dโ€™Arcy bruscamente. (Dublineses, Guillermo Cabrera Infante, Lumen, Barcelona 1972).

–Ez al duzue ikusten beleak baino karrazka handiagoa egiten dudala? โ€“esan zuen Dโ€™Arcy jaunak, zakar (Dublindarrak, Irene Aldasoro, Alberdania, 1999).

–Ne voyez-vous pas que je suis rauque comme un crapaud, dit M. dโ€™Arcy rudement.

Hasteko, esan beharra dago, zehaztasun gehiegitan sartu gabe, crow hori corvidae generoko hainbat espezietako hegazti sail luze bat izendatzeko erabiltzen dela. Beraz, crow = bele, erroi da, eta ez inola ere ez rana ez crapaud (apoa, frantsesezko itzultzailearen ordaina), zoologiaren ikuspegitik behintzat. Zenbat itzultzaile, hainbat itzulpen?

Orduan, nondik dator aldaketa nabarmen hori? Cabrerak ยซcrowยป zegoen tokian ยซfrogยป irakurri ote du? Ez dirudi horrelakorik gerta zekiokeenik besterenak epaitzerakoan hain begi zorrotza izan duenari, nahiz eta irakurketa okerrak eta horien ondoriozko itzulpen aldrebesak denok egin ditugun.

Badirudi beste zerbait gertatu zaiola, ingelesaren bere ezagupen sakonaz arrandian ibili dela edo nola edo hala nabarmentzeko moduren baten bila. Izan ere, jakintsuegiaren hanka-sartzea dirudi beste ezer baino gehiago.

Marrantatua, eztarri-lakartua edo erlastua egotea, hain zuzen ere, bi piztia horiek oinarri hartzen dituzten honako bi esamolde desberdin hauen bidez ematen da ingelesez, Google doktorearen laguntzaz aise egiazta daitekeen bezala:

  1. hoarse as a crow = very hoarse. (Belea bezain erlats = oso erlats)
  2. have a frog in your throat = to have difficulty in speaking because your throat feels dry and you want to cough (hitz egiteko zailtasunak izan, eztarria lakartua izatearen edo eztul egin beharraren ondorioz)

Beraz, erlastua edo ยซeztarria lakartuaยป izatearen ideia hori adierazteko bi modu horiekin koktel bat egin du gure kubatar ospetsuak, eta horren itzulpena zerbitzatu digu, kulturen arteko mestizajera bere ekarpen berezia egin nahirik edo. Kontua da gaztelaniaz ยซronco como una ranaยป ea ezagutzen al duen Google jaun orojakileari galdetuta, ยซeroarenaยป egiten duela, ez dugula inolako erantzun taxuzkorik jasotzen halako bidea hartzeari leku egingo liokeenik. Beraz, zilegi da aldrebeskeriatzat edo nabarmenkeriatzat hartzea.

Arrazoi zoologiko edo taxonomiko ยซhertsiยป horietatik ihes egitera behartzen zuten arrazoi literarioak hartzen ote ditu babesetarako gure kubatar arnegatuak? Ez dakit. Kubako bere haurtzaroan aurkitu ote zituen horretarako motiboak? Auskalo. Nik, ikuspegi literariotik, ohiko bidetik ibiltzekoak aurkitu ditut, holako ateraldiekin ez nabarmentzekoak, alegia. ย Izan ere, ba al dago inolako justifikaziorik, kasu honetan, belea igel bihurtzeko?

Argiago esateko, Hilak izenburua duen narrazio batean, zerk eransten dio giro beltzagoa, ilunagoa, siniestroagoa, parte txarrekoagoa kontakizunari, igelak ala beleak? Dudarik duenak irakur beza โ€“esate baterakoโ€“ Edgar Alan Poeren The Raven (edo, Jon Miranderen bertsioan nahi izanez gero, Bela).

Donostiako euskara-ikaslearen ikasliburua. Donostia 2016? Ez, Donostia 1728

Gidor Bilbao

Donostia, 1728. Jean Franรงois Lhuillier, sortzez frantziarra, Donostiara iritsi da. Donebikendi Martiriaren parrokiatik gertu jarri da bizitzen, fraide dominikoen San Telmo komentutik hurbil. Merkataria da, eta badaki bezeroak limurtzen eta erakartzen. Badaki sorterriko frantsesaz eta ikasitako gaztelaniaz gain euskara ere behar duela donostiarren artean bide berriak zabaltzeko. Euskara ikastea erabaki du. Bezeroekin eta auzokideekin asko ikasten ari da; eskola-ordu batzuk ere izaten ditu astero, baina libururen bat beharko lukeela pentsatu du.

Gogoan du gaztelania ikasten ibili zenekoa, eta orduan erabilitako liburuen antzeko bat nahi luke: bere beharretara moldaturiko hitz-zerrendak (agurrak, zenbakiak, dendako kontuak…), aditz-zerrenda ahalik eta osoenak, irakurgai batzuk, elkarrizketa-eredu batzuk bere eguneroko bizitzarako… Euskaraz ez dutela halakorik ezagutzen esan diote.

Juan Francisco (izena ere aldatu du, donostiarrentzat gertuago agertzeko, 1758an hil arte biziko baita Donostian, sorterrira itzuli gabe) ez da etsitzen dutenetakoa. Joseph Domingo Lubieta 23 urteko gaztea ezagutu du auzoan; Donebikendi Martiriaren parrokiakoa da, bera bezala, eta mutil argia da. Donostian jaioa da; aita (Miguel Lubieta) donostiarra du, eta ama, Josepha Sagues, sortzez Goiazkoa. Ondo idazten eta irakurtzen du gaztelaniaz, eta Manuel Vicente Etxeberri San Telmoko prioraren bidez badu Manuel Larramendiren lanen eta asmoen berri. Orain arte ez du euskaraz idatzi, baina prest dago soldata on baten truke auzokide frantziar iritsi berriarentzat euskara-irakasbidea prestatzeko.

Lubieta gazteak ez du formazio teoriko sakonik, baina trebea da irakurtzen duena hizkuntza batetik bestera aldatzen. Juan Franciscok berak eraman dizkio gaztelania ikastean edo adiskide ingeles bati frantsesarekin laguntzean erabilitako hainbat liburu, eta Lubietak, batetik hau bestetik hura euskaratuaz, 445 orrialde bete ditu frantziarrarentzat:

1-46. orr.: Esamoldeak eta esapideak, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz.
47-48. orr.: Morroia eta nagusiaren arteko etxe-giroko elkarrizketa laburra, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz.
49-220. orr.: Euskarazko aditz-jokoa, gaztelaniazko ordainekin.
221-250. orr.: โ€œRelaciรณn de relaciones pรบblicasโ€, bertsotan idatzitako kontakizuna, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz.
250-303. orr.: Hainbat alorretako hiztegiak: urteko hil-izenak, urtaroak, asteko egunen izenak, orduak, administrazioko eta ejerzituko karguen izenak, musika-tresnak, Elizako karguak, etxea, janariak, ogibideak, materialak, armak, koloreak.
303-378. orr.: Lehenbizi esaldiak, eta gero, mailakaturik, elkarrizketak, hasieran laburrak eta gero luzeagoak.
379-399. orr.: Kristau-ikasbidea, galde-erantzunetan, euskaraz eta gaztelaniaz.
399-437. orr.: Esamoldeak eta esapideak, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz, egoera jakin batzuetarako egokituak: ugazabandrearen etxean, elizan, etxean, hurbilean, laguna ikustean…
437-439. orr.: Euskara ikasteari buruzko elkarrizketa laburra, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz.
441-445. orr.: Zenbakiak.

Juan Franciscok pozik hartu du auzokide gaztearen lana, eta bere izena paratu du eskuratu berri duen koadernoan:

Sirve este librillo para don Juan Francisco de Lullier, comerciante en esta ciudad de San Sebastiรกn, para su enseรฑanza en la lengua bazcongada. Hecha por Joseph Domingo de Lubieta, vezino de esta dicha ciudad, fecha en ella a 6 de octubre de 1728.

Ausaz zabaldu du orrialde bat, eta bere egunerokotasuneko egoera bat gogorarazten dion elkarrizketa bat aurkitu du, gaztelaniaz eta euskaraz.

Ezkerreko zutabean gaztelaniaz irakurri du:

โ€” ยฟAbla v.m. bazquence?
โ€” Lo ablo un poco.
โ€” ยฟA mucho tiempo que v.m. aprende?
โ€” He aprendido en dos mezes. /No hago sino empezar. No se aun nada. /Esta lengua es dificultosa.
โ€” Los principios siempre son asรญ. ยฟTiene v.m. buen maestro?
โ€” Sรญ, seรฑor.
โ€” ยฟCรณmo se llama?
โ€” Se llama don Fulano. Este lenguaje es mui hermoso. En muchas partes se habla. Es una lengua mui elegante, y es al presente la lengua universal. Pero nunca la aprenderรฉ por la falta de la pronunciaciรณn. Estoy desanimado.
โ€” ยฟCuรกntas lesiones toma v.m. a la semana?
โ€” No tomo sino tres en cada dรญa.
โ€” ยฟQuรกnto da v.m. por mes?
โ€” Doy dos escudos.
โ€” ยฟQuรฉ libros lee v.m.?
โ€” El Arte de Fr. Manuel Vizente de Echeverria y de Larramendi. Libros nuevos.
โ€” ยฟAprende v.m. los bervos?
โ€” Sรญ, seรฑor. Sรฉ ya gran parte de ellos.
โ€” ยฟLee v.m. bien?
โ€” Empiezo un poco.
โ€” ยฟQuรกnto tiempo ha hecho v.m. en la ciudad?
โ€” Dos mezes.
โ€” ยฟQue hedad tiene v.m.?
โ€” Tengo quince aรฑos.
โ€” ยฟCรณmo se llama a v.m.?
โ€” Me llamo Fulano.
โ€” Pues Fulano animarse, aprenderรก v.m. bien.
โ€” V.m. me anima mucho.
โ€” No se logra nada sin travajo, estoy persuadido de esta verdad. Pues con esto quรฉdese con Dios.
โ€” Beso la mano a v.m.

Eskuineko zutabean, Lubieta gazteak euskaraturikoa:

โ€” Iz eguiten du eusqueras?
โ€” Yz eguiten det pisca vat.
โ€” Dembora azco da icazten duela?
โ€” Ycaci det illavete bian. /Eztet eguiten acicea baicic. Estaquit au batere. /Lenguaxea da dificultosoa.
โ€” Principioac onela dira beti. Du maestro ona?
โ€” Bay, jauna.
โ€” Nola deriza?
โ€” Deriza don Fulano? Lenguaxea da chit ederra. Lecu azcotan iz eguiten da. Da lenguaxe chit elegantea, eta da presentean universala. Baรฑa estet benere ycazico pronunciacioaren faltaz. Nago desanimatua.
โ€” Sembat lesio arcen ditu aztean?
โ€” Estituc yru baicen arcen egunera.
โ€” Sembat ematen du yllean?
โ€” Ematen dituc bi escutu.
โ€” Ser libru lecen ditu?
โ€” Arte Fr. Manuel Vizente Echeverrirena eta Larramendirena. Libru berriac.
โ€” Ycazten ditu bervoac?
โ€” Bay, jauna. Badaquit ya parte azco.
โ€” Lecen du ondo?
โ€” Acicenais pisca vat.
โ€” Sembat dembora eguin du ciudadean?
โ€” Yllabete bi.
โ€” Ser edade du?
โ€” Ditut amavost urte.
โ€” Nola deriza?
โ€” Derizat Fulano.
โ€” Bada, Fulano animatu, ycacico du ondo.
โ€” Berorrec animacenau azco.
โ€” Esta ezer logracen travaxu baga, nago persuadituric eguia onezaz. Bada, onequin gueldi veri Jaincoarequin.
โ€” Escuetan mun eguiten diot.

Juan Francisco Lullierrek pentsatu du Joseph Domingo Lubieta gazteak aski ondo egin duela eskaturiko lana. Eta adiskide ingeles batek frantsesa ikasteko erabiltzen zuen liburu bateko elkarrizketa gogoratu du, ia hitzez hitz Lubietarenaren berdina:

โ€” Parlez vous Francois?
โ€” Ie parle un peu.
โ€” Y a-t-il long-temps que vous apprenez?
โ€” I’ay appris un mois, deux mois, trois mois, etc.
โ€” Fort peu de temps. Ie ne fais que commencer. Ie ne sรงay encore rien. La langue Franรงoise est fort difficile.
โ€” Les commencemens sont toรปjours difficiles. Avez vous un Maรฎtre de Langues?
โ€” Ouy, j’en ay un.
โ€” Comment s’appelle-t-il?
โ€” Il s’appelle Monsieur ____.
โ€” Vous prononcez bien.
โ€” La langue Franรงoise est belle. Tout le Monde parle Franรงois. Toutes les personnes de ualitรฉ parlent Franรงois. C’est une langue fort usitรฉe. C’est ร  present la langue universelle. ย On parle Franรงois en toutes les Cours de l’Europe.
โ€” Je n’apprendray jamais. Ie ne prononce pas bien. Ie suis dรฉcouragรฉ.
โ€” Combien de fois la sรฉmaine apprenez vous?
โ€” Ie n’apprend que trois fois la semaine. I’apprens tous les jours.
โ€” Combien donnez vous par mois?
โ€” Ie donne ____.
โ€” Quel livre lisez vous?
โ€” La Grammaire de Mauger, et les Letres Franรงoises traduites en Anglois.
โ€” Apprenez vous les Verbes?
โ€” Oรผy, j’en sรงay dรชja une grande partie.
โ€” Lisez vous bien?
โ€” Ie commence un peu.
โ€” Entendez vous ce que vous lisez?
โ€” I’en entens quelque chose. I’entens mieux que je ne parle.
โ€” Quels jours apprenez vous?
โ€” Le Lundy, le Mรฉcredy et le Vendredy. Quelques fois le Mardy, le Iedy, et le Samedy.
โ€” A quelle heure?
โ€” A sept heures du matin.
โ€” C’est une bonne heure.
โ€” C’est la meilleure heure.
โ€” Combien de temps avez vous รชtรฉ en ville?
โ€” Ie n’y ay estรฉ que deux mois.
โ€” Vous parlerez bien Franรงois.
โ€” Quel รขge avez vous?
โ€” I’ay quinze ans.
โ€” Comment vous appelez vous?
โ€” Ie m’appelle ____.
โ€” Prenenz courage, vous apprenez bien.
โ€” Vous รชtes fort obligeant. Vous m’encouragez.
โ€” On n’a rien sans peine. Si vous prenez de la peine vous apprendrez le Franรงois. Ie suis bien convaincu de cete veritรฉ.
โ€” Bon soir Monsieur. Ie vous souhaite aussi le bon soir.
โ€” Ie vous baise les mains.

445 orrialde horietan, Lubietak hainbat gauza euskaratu ditu. Juan Franciscok badu zer irakurri, badu zer ikasi.