Santi Leonรฉ
Euskaltzaindiak siglak nola deklinatu arautu duen arren, badira oraindik zalantzak pizten dituztenak. Kanada eta Mexiko artean dagoen desgrazia unibertsal hori izendatzeko balio duten siglak, AEB alegia, singularrean deklinatu beharko lirateke Euskaltzaindiaren arabera, baina ez da falta horrekin teorian eta eguneroko praktikan ados ez dagoenik.
AEB formalki plurala da โAmerikako Estatu Batuakโ, baina erreferentea singularra da: poblazio zibilaren gainean arma nuklearrak erabili dituen herrialde bakarra, hain zuzen ere. Horixe da Akademiak ematen duen arrazoia โkomentario politiko-ironikoa kenduta, nire ekarpentxoa izan baita horiโ siglak singularrean deklinatu behar direla adierazteko: AEBn, AEBk, AEBkoa, etab. Pluralean deklinatzearen aldekoek, berriz, argudiatzen dute solasean ari garelarik inork ez duela a-e-be erraten, Estatu Batuak baizik, eta, hortaz, siglak pluralean deklinatzea โAEBetan, AEBek, AEBetakoa, etab.โ dela logikoena. Irene Arraratsek aski argi azaldu du kontua artikulu honetan, eta irizpide horren arabera jokatzen dute, adibidez Berria egunkarian.
Gaur, hori nolanahi den ere, ez gara AEBz โbai, ni bat heldu naiz arauak dioenarekinโ mintzatzera etorri. Halere, ez gara gauza nazien eremutik mugituko: SS baitira zalantza pizten duten bertze sigla batzuk. Interneten bilaketa bizkorra eginez gero, ez da zaila sigla pluralean deklinatua harrapatzea: horrela erabili ditu, adibidez, Jon Arrizabalak Argian Otto Skorzenyri buruz publikaturiko artikuluan; horrela dago EITBren webgunean, nazi baten gaineko 2010eko albiste batean; Berrian, horrela erabili zituen Maite Asensiok 2008ko testu batean, eta, berrikiago, M.A. Elustondok, Jon Mirande mintzagai duelarik; gauza bera El Correon, Ander Retolazak sinaturiko artikulu batean, eta baita, Mirande berriz solasera ekarrita, Deabruaren Eskola webgunean ere. Itzultzaileen artean, ordea, iduri du kontrako joera nagusitu dela: SS singularrean deklinatu zuen Karlos Cidek Josef ล kvoreckรฝ-ren Mundu mingotsa liburuaren itzulpenean (โSSkoak ere joaten ziren zinematograforaโ); singularrean, halaber, Urtzi Urrutikoetxeak, Imre Kerteszen Zoririk ez liburuan (โSSko medikuek hainbat esperimentu egin zituzten eurekinโ); singularrean deklinaturik aurkitzen ditugu siglak Boris Pahorren Nekropolia nobelan, Santi Leonรฉk euskaratua โnahiz eta mutil hori ez dugun arras iturri fidagarritzat jotzenโ (โizan baitzitekeen SSkoek eraman zuten lehengusu baten buru soilduaโ); eta singularrean ekarri ditu euskarara siglak Idoia Santamariak, Maja Haderlapen Ahanzturaren aingeruaren itzulpen ederrean (โSSkoak desagertu ziren arteโ). Itzultzaileen testuetan bakarrik ez, prentsan ere bada singularraren alde egin duenik, hala nola Floren Aoizek Naiz egunkarian eta Aitor Manterolak Berrian.
Alta bada, nazismoa kenduta, SSk ez dute AEBkin gauza handirik amankomunean, SS ez baita plurala. Edo, hobeki erranda, ez baita plurala jatorrizko bertsioan. Gaztelaniaz sistematikoki las SS erabiltzen den arren โfrantsesez, oker ez banabil, biak dira posibleโ, alemanez, Schutzstaffel erakundearen siglak dira eta, alde horregatik, objektu singularra izendatzen duen izen-elkarketa singularra den neurrian, singularrean erabiltzekoak. Beraz, AEB siglen kasuan zalantza edo eztabaida justifikatzen duenak ez du lekurik SS sigletan, baldin eta jatorrizkora jo eta gaztelania alde batera uzten badugu. Horregatik, esaldi honen bi aukeren artean โAEBetako agintariek SSetako kideak iduri dute / AEBko agintariek SSko kideak iduri duteโ, bigarrenaren alde eginen nuke dudarik gabe, nahiz eta ulertuko nukeen AEB pluralean deklinatzea, betiere onartzen badugu mespretxu gordinena merezi duten SSko nazien antz izigarria dutela.


