Beowulf euskaraz?

Josรฉ Ignacio Hualde

Otsaileko nire artikuluan gogoeta bat proposatu nizuen; hots, pentsatzea Leizarragak nola itzuliko zukeen kalbindarren salmo-liburua.

Ez dakigu egunen batean agertuko diren Leizarragaren salmoak nonbait. Beharbada Leizarragak erreginaren agindua osoki bete zuen eta salmoak ere idatzi zituen euskaraz, baina beranduegi bukatu zituen. Noski, Nafarroako Henrike errege kalbindarra Frantziako errege katoliko bihurtu ondoren ez zegoen argitaratzerik. Bien bitartean, erramu boneta Gilen Mejutorentzat!

Oraingo saio honetan poesia eta erritmoari lotutako beste gogoeta-proposamen bat dakarkizuet. Euskaraz, inguruko hizkuntzetan bezala, errima erabiltzen da, neurriaz gain, bertsoak egituratzeko. Erdi Aroko hizkuntza germanikoetan, aldiz, errima ez zen ohikoa, eta aliterazioak, erritmoaz gain edo erritmoaren indargarri, betetzen zuen egituratze funtzio hori poemetan.ย Beowulfen, adibidez, nabarmena da aliterazioa poeman zehar. Hasierako lerroetan bertan kausitzen dugu:

Hwรฆt!
wฤ“ Gฤr-Denaย ย  in geฤr-dagum
รพฤ“od-cyningaย ย ย  รพrym gefrลซnon,
hลซ รฐฤ รฆรฐelingasย ย ย  ellen fremedon.

Hona nire itzulpen-saio kaxkarra:

Adi egon! Antzinako lantzadun daniarren buruzagien ospeaz entzun dugu,
nola aitoren seme horiek ekintza ausartak burutu zituzten.

Bertso bakoitzean aliterazio patroia eratzen duten hitzak hauexek dira: lehen lerroan, Gฤr-Denaย โ€˜lantza-daniarrakโ€™ eta geฤr-dagum โ€˜antzinako egunakโ€™;ย bigarren lerroan, รพฤ“od-cyninga โ€˜herri-erregeak, buruzagiakโ€™ eta รพrym โ€˜ospea, loriaโ€™; eta hirugarrenean 0รฆdelingas โ€˜aitoren semeakโ€™ eta 0-ellen โ€˜ekintza ausartakโ€™ (hasierako kontsonanterik gabe, 0-0).

Poemaren zati askotan aliterazioaren pisua are handiagoa da, eta lerro gehienetan hiru aldiz errepikatzen da aliteratzen duen soinua: bi aldiz lehen hemistikio edo lerro-erdian eta berriro ere bigarren hemistikioaren hasieran, hurrengo bertsoetan ikusten dugun bezala:

210






Fyrst forรฐ gewฤt;ย ย ย  flota wรฆs on ydum,
bฤt under beorge.ย ย ย  Beornas gearwe
on stefn stigonโ€”ย ย ย  streamas wundon,
sund wiรฐ sande;ย ย ย  secgas bรฆron
om bearm nacanย ย ย  beorhte frรฆtwe
gลซรฐ-searo geatolฤซc;ย ย ย  guman ลซt scufon,
weras on wil-sฤซรฐย ย ย  wudu bundenne.

Beowulf ingeles modernora bertsotan itzuli dutenek askotan edo gehienetan erabili dute aliterazioa neurri batean beraien bertsioetan, nolabait jatorriko testuaren musikaltasuna transmititzeko. J.R.R. Tolkienek honako itzulpena ematen du, jatorrizko erritmoari eta aliterazio ereduei hertsiki lotzen zaiena:

Time passed away.ย ย ย  On the tide floated
under bank their boat.ย ย ย  In her bows mounted
brave man blithely.ย ย ย  Breakers turning
spurned the shingle.ย ย ย  Splendid armour
they bore aboard,ย ย ย  in her bosom piling
well-forged weapons,ย ย ย  then away thrust her
to voyage gladlyย ย ย  valiant-timbered.

Seamus Heaney-k askatasun handiagoarekin itzultzen ditu gaurko ingelesera bertso hauek:

Time went by, the boat was on water,
in close under the cliffs.
Men climbed eagerly up the gangplank,
sand churned in surf, warriors loaded
a cargo of weapons, shining war-gear
away with a will in their wood-wreathed ship.

Heaney-ren itzulpenean aliterazioak ez ditu betetzen jatorrizko murriztapenak. Sariak irabazi dituen itzulpen eder honetan itzultzaileak libreago jokatzen du; baina, hala ere, aliterazioa erabiltzen du, arau berriekin bada ere. Efektua berria da eta irakurleak jatorrizkoaren oihartzuna entzuten du zeharka.

Ez dut poema honen euskarazko bertsiorik aurkitu; eta ni ez naiz gai Beowulf euskaratzeko, ezta hurrik eman ere. Baina hemen badira ni baino askoz trebeagoak eta jakintsuagoak direnak. Ez dakit euskarazko bertsio hipotetiko batean zentzuzkoa izango ote litzatekeen aliterazioa erabiltzea, ala zentzuzkoaren kontrakoa, kontuan hartuz oso desberdina dela euskararen hizkuntz erritmoa. Hori da nire galdera.

Erantzuna pentsatzeko tenorean komeni da ondo ulertzea aliterazioak nola funtzionatzen duen, zertan datzan, poema honetan, eta oro har tradizio germaniko zaharrean. Lehen begiratu batean irudiko luke aliterazioa hitz hasierako kontsonanteen hoskidetasunaren bidez gauzatzen dela. Baina ez da benetan horrela. Hoskide ez dute hitz hasierek izan behar, silaba azentudunen hasierako kontsonanteek edo kontsonante taldeek baizik (bokalez hasten diren silabek hasiera hutsa dute). Gertatzen dena da azentua ia beti lehen silaban doala ingeles zaharrean, beste hizkuntza germaniko zaharretan bezala. Baina badira salbuespenak, eta salbuespen horiek erakusten digute aliterazioa silaba azentudunek eramaten dutela, ez nahitaez hitz-hasierako silabek. Hori adibidez lerro honetan ikusten dugu, non lehendabiziko hitzak azentua bigarren silaban baitarama:

218

Gewรกt รพa ofer wวฝgholm ย ย ย ย  wรญnde gefysed
โ€œalde egin zuen uhinen gainetik, haizeak eragindaโ€

Metrika sistema hau silaba azentudun eta azentugabeen arteko alternantzian oinarritzen da, eta aliterazioak efektu erritmikoa indartzen du. Hemistikio bakoitzak bi azentu nagusi edo โ€œgorakadaโ€ (ingelesez lift) ditu eta aliterazioa silaba azentudun horietan markatzen da. Guttienez, lerroko lehen eta hirugarren gorakadek aliteratzen dute; gehienez, lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak. Hori da araua.

Eta hemen dugu arazoa euskaratzeko: aliterazioa erabiltzeko jakin behar dugu azentuak non jartzen diren; baina, dakigun bezala, euskalki eta euskal hizkera desberdinetan azentuera desberdinak ditugu.

Euskara batuan, azentua hitzaren bigarren silaban jartzea da araurik hedatuena (salbuespen batzuekin). Aukera bat, beraz, azentuera hori erabiltzea izango litzateke, azentua bigarren silaban kokatuz: antzรญnateko lantzรกdunak. 201. lerroa, adibidez, honelaxe itzul daiteke agian:

Orรฉnak irรกgan, ย ย ย ย urรฉtan barkรบak

Aldiz, irรกgan, รบretan ahoskatuz ez genituzke jatorriko testuaren aliterazio eta erritmo arauak errespetatuko. Hala ere, dudarik gabe, bidezkoena izango litzateke itzultzaile euskalduna bere hizkuntz intuizioez baliatzea azentuak kokatzeko eta horren arabera hoskidetasunak eraikitzeko.

Horra beraz ariketa proposamena.

Erreferentziak

Heaney, Seamus. 2000. Beowulf: A new verse translation. New York & London: Norton.

Russom, Geoffrey. 1998. Beowulf and Old Germanic meter. Cambridge: Cambridge University Press.

Terasawa, Jun. 2011. Old English meter: An introduction. Toronto: Toronto University Press.

Tolkien, J.R.R. 1984. The monsters and the critics and other essays. Boston: Houghton Mifflin. [Bereziki: โ€œOn translating Beowulfโ€, 49-71 or.]

Hiztegi on bat hemen: https://bosworthtoller.com

Manttonik txirrintaz: โ€œBesterik ezean, zapoa zotzeanโ€

Estitxu Irisarri Egia

Serendipiaz edo kausalitatez iristen zait askotan informazioa. Gure amak Manttoni deittu izan dit urteetan zehar, maitekiro. Luzaroan Maria eta Antonia antroponimoen hibridazioa zela uste nuen, Maider pertsona-izenean Mari eta Eder izenekin gertatzen den bezalaxe, Euskaltzaindiaren Euskal Onomastika Datutegian datorren moduan. Baina sagardotegi garaiaren kanpaina betean, Berriakoek Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola elkarrizketatu zituzten. Eta hantxe informazio gehigarria! Manttoni sagar mota bat da! Han eta hemen bilatuz gero, informazio gehiago ere aurki daiteke sarean zehar. Bai, nerabezarora arte, sagardoa egiten zen gure baserrian, baina teknologiak jakinarazi dit hori, ia oximorona dirudi.

Un poco de chocolate viene bien para cuando tenemos txirrinta. Halakoren bat baino gehiago irten dira amaren ahotik. Bai, euskara badaki eta ederki jakin ere! Baina amarekin erdaraz aritzeko ohitura hartu zuen, eta, ondorioz, gure arteko hizkuntza ere gehienetan gaztelania da. Hori bai, nabari da nongoak garen eta nondik gatozen eta harro gaude. Baina gatozen harira, uste nuen txirrinta amaren asmakizuna zela edo gaztelaniatik nolabait mailegatu zuela etxekoon idiolektoaren parte bilakatu arte, baina ez, ez dator RAEn, bai ordea Orotariko Euskal Hiztegian:

txirrinta.
(AN-ulz, B, Sal, R). Ref.: A; Iz Ulz (txirrรญnte); ZMoso; Izeta BHizt2. Deseo, ansia. “El deseo (de alguna cosa). Ezkorroren txirrรญnte, el ansia de la bellota” Iz Ulz. “Rencilla” ZMoso 71 (= ‘capricho, deseo’; cf. VocNav s.v. rencilla). “Baut txistorra yateko txirrinte” Izeta BHizt2.

Oso arrunta irudituko litzaidake gure familia Ultzama aldetik, Baztanetik, Zaraitzu ingurutik edo Erronkaritik baletor, baina Markina-Xemeingoak ziren amaren aldeko aitita-amamak. Hortxe gabiltza jakin-minez bai bera bai ni. Inork informazio gehiago balu, asko eskertuko nuke. Nafarroan umezain ibili zen tokitik ekarriko ote zuen amak? Amamaren nebaren batek soldadu garaitik? Bizkaiko inork ezagun ote du esamolde hori? Erantzunik gabe geldituko naiz momentuz, nahiz eta indarrik handiena amaren umezain garaikoak duela iruditzen zaidan. Baina egunerokotasunean erabiltzen jarraituko dudala eta dugula argi dago.

Mari Ahuntz amamak sarri erabilia: Besterik ezean, zapoa zotzean. Bertsio modernoa ere entzun izan dut: Ez dagoenean geyo (gehiago), zurekin Peio. Gaztelaniazko Cuando no hay mรกs, contigo Tomรกs esaeraren kalkoa, urduri jartzen naiz. Ados, gaztelaniaz esatea baino hobea izan liteke, baina nik bestearen apologia egingo dut. Konformismoaren esaldi nagusitzat izan dut nik urteetan zehar, halaxe erabiltzen baitzuen amamak, baina zer diren kontuak, baratzeak babesteko teknika ere izan omen da Euskal Herrian eta euria erakartzeko erritual ere izan omen da eremu zabalagoan.

Bukatzeko, zotza edo gezia: martxa honetan, gizakia kapaz ikusten dut euria erakartzeko erritual zaharrari eutsi eta mundua zaporik gabe eta manttonirik gabe uzteko, txirrintagatik soilik.

Alderantzizko bidaia bat

Idoia Santamaria Urkaregi

ยซEuskararen erabilerari buruz aritzeko talde-blogaยป du izenburu 31 eskutik-ek, eta hori izango du abiapuntu sarrera honek ere; oraingoan, baina, gehienetan egiten dugun bidaiaren noranzkoa alderantzikatzea proposatzen dizuet: gaztelaniatik euskararako txangoaren ordez, euskaratik abiatu eta gaztelaniaren geltoki batean jaistea.

Esaldiko elementuen ordenari buruzko kontu bat nabarmendu nahi nuke hemen: euskarazko galdegaiak gaztelaniazko esaldietan hartu behar duen lekua edo, beharbada egokiago, hartu behar ez lukeena.

Ez naiz terminologia-kontuetan katramilatutako; alegia, gaztelaniaz batzuetan FOCO, beste batzuetan REMA terminoak erabili izan dira esaldi batean nabarmendu nahi den elementua izendatzeko. Hori litzateke, oso sinple esanda (sinpleegi, baiki), euskarazko GALDEGAIAren parekoa-edo. Zein da arazoa? Bada, euskaraz โ€”hemen ere oso sinple esandaโ€” aditzaren aurrean jarri ohi dugula esaldian nabarmendu nahi duguna, ezer nabarmendu nahi badugu behintzat. Adibidez:

Aitak GONA GORRI BAT erosi zuen.

Esaldi hori gaztelaniara itzuli beharko bagenu, ez genuke zalantza handirik egingo:

Mi padre comprรณ UNA FALDA ROJA.

Bi esaldi horietan, euskarazko eta gaztelaniazko esaldi barruko elementuen ordenari buruzko alderik nabariena ageri da: erran nahi baita, euskaraz, zerbait nabarmendu nahi badugu esaldian edo informazio berria eman nahi badugu, aditzaren aurretik jarri ohi dugu (goiko esaldian, GONA GORRI BAT) eta gaztelaniaz, aldiz, aditzaren atzetik (UNA FALDA ROJA)[1].

Kontuan izan behar dugu, hala ere, gaztelaniak erraz botatzen dituela elementuak aditzaren atzera, ez bakarrik nabarmendu nahi d(it)uena(k). Esate baterako:

Mi padre comprรณ una falda roja para mi madre

Esaldi horretan, bi elementu ditugu aditzaren atzetik: ยซuna falda rojaยป eta ยซpara mi madreยป. Zer elementu nabarmentzen du gaztelaniazko esaldi horrek? Bada, esaldi hori bakarrik hartzen badugu aintzat, bietako edozein. Nola jakin orduan zer nabarmentzen duen esaldi horrek (ezer nabarmentzen badu, noski, beste aukera bat ere posible baita: esaldi osoa izatea informazio berria eta, beraz, ezer ez egotea nabarmenduta). Zerbait nabarmenduta dagoen jakiteko eta, hala bada, bi elementu horietatik zein dagoen nabarmenduta jakiteko, testuingurua beharko genuke (eta aurreko diskurtsoa, eta idazleak eta irakurleak partekatzen duten informazioaren berri izan). Horrek bakarrik argituko digu auzia.

Gatozen orain berriki parean egokitu zaizkidan bi adibide ikustera.

1) Testuinguru pixka bat aurrena: Hamaika Telebista, adimen artifiziala baliatuz, azpidatziak eskaintzen hasi da berriki saio batzuetan. Horren berri emateko, euskarazko prentsa-ohar bat idatzi zen aurrena, eta gaztelaniara itzuli gero.

Honela zioen euskarazko testuak (izenburu nagusia eta bi lead-ak jaso ditut aurrena, โ€”letra etzanean bi horiekโ€” eta, ondoren, prentsa-oharraren hasiera):

Hamaika Telebistak azpidatziak jarri ditu martxan adimen artifiziala baliatuz

Hamaika Telebista ahotsa azpidatzi moduan ematen hasi da bere web-orrian, Orai NLP Teknologiak langunearekin elkarlanean.

Duela aste batzuk dago martxan: adimen artifiziala baliatuz, bideoetan esandako hitzak azpititulu bihurtuko dira hemendik aurrera www.hamaika.eus webgunean.

Donostia, 2023ko otsailaren 28a.

Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaikak egoitza duen Donostiako PIA eraikinean.

Azken esaldiari erreparatu nahi diot:

Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaikak egoitza duen Donostiako PIA eraikinean.

Hona hemen esaldi horrentzat emandako gaztelaniazko itzulpena:

Hoy mismo se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia, sede de Hamaika.

Esan berri dugunaren arabera, gaztelaniazko itzulpen hori ez litzateke egokia izango, nahiz gramatikala izan. Euskaraz aditzaren aurretik nabarmendutako ยซgaur bertanยป hori ezin dugu gaztelaniaz aditzaren aurretik eman, ez badugu irakurlea nahastu nahi behintzat. Honelako zerbait idatzi beharko genuke gaztelaniaz, euskarazkoaren pareko informazioa emateko:

El proyecto se ha presentado hoy mismo en el edificio PIA de Donostia, sede de Hamaika.

Hots, gaztelaniaz aditzaren atzetik eman beharko genuke euskaraz aditzaren aurretik eman duguna. Norbaitek esango du, beharbada, ยซHoy mismo se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostiaยป esaldian ยซHoy mismoยป ere izan daitekeela elementu nabarmendua gaztelaniaz, ahoz egiten baititugu horrelakoak, intonazioa baliatuz:

HOY MISMO se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia.

Bai, ahoz (euskaraz ere egiten ditzakegu antzeko jokoak). Baina idatzizko jardunaz ari gara hemen, idatziz ez baitugu intonaziorik edo ahotsaren modulaziorik. Beraz, gaztelaniaz zerbait nabarmendu nahi badugu idatziz, ez zaigu komeni aditzaren aurretik jartzea, gaizki-ulertu bat eragin baitezakegu, edo, gutxienez, irakurlea nahasi baitezakegu eta, beharbada, testuan atzera eta aurrera eginarazi. Izan ere, goiko esaldi hori irakurtzean, erraz ondorioztatu dezake edonork gaztelaniazko esaldian ยซ(se ha presentado) el proyecto en el edificio PIA de Donostiaยป dela nabarmendu nahi dena, eta interpretazio hori ez litzateke egokia izango, gure testuingurua kontuan harturik.

2) Prentsa-ohar bereko bigarren adibidea orain:

EU (jatorrizkoa): Lehen urrats batean, Hamaikako albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak ageriko dira azpidatzita, webguneko ยซGurean Gaurยป ataleko ekoizpenetan zehazki. Nolanahi ere, aurreikusita dago sistema webguneko zuzenekoetan edota ohiko telebistako zuzenekoetan ere aktibatzea. Urratsez urrats, aurrez grabatutako saioetan ez ezik, eduki gehiagotan ere azpidatziak eskaintzeko joera lantzen jardungo du batetik, eta beste hizkuntzetan daudenak euskarara ekartzen ere bai bestetik.

ES (itzulpena): En una primera fase, la voz en off de las noticias de Hamaika y las palabras de los protagonistas se mostrarรกn subtituladas, concretamente en las producciones de la secciรณn ยซGurean Gaurยป de su pรกgina web. En cualquier caso, estรก previsto que el sistema se active tambiรฉn en los directos de la pรกgina web o de la televisiรณn. En fases sucesivas, se ofrecerรกn subtรญtulos no solo en programas previamente grabados, sino tambiรฉn en mรกs contenidos, y se incorporarรกn al euskera contenidos procedentes de otras lenguas.

Aurreko adibidearen arazo bera dugu hemen ere. Euskarazko lehenengo esaldia irakurrita, ulertzen dugu azpitituluak faseka txertatuko dituela Hamaikak eta, aurrena, albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak azpititulatuko dituela. Eta, aurrerago, eduki gehiagotan ere txertatuko dituela.

Gaztelaniazko itzulpena irakurriz, ordea, ez dugu gauza bera ulertzen. Lehenengo esaldiko informazioak adierazten digu albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak azpititulatuta agertuko direla aurrena (eta irakurleak, beraz, uler dezake beste moduren batean agertuko zaizkiola aurrerago; demagun, bikoiztuta). Ez da hori, baina euskarazkoak dioena. Honelako zerbait eman beharko genuke gaztelaniaz, bi hizkuntzetako informazioa parekatzeko:

En una primera fase, se mostrarรกn subtituladas la voz en off de las noticias de Hamaika y las palabras de los protagonistasโ€ฆ

Horrenbestez, komeni da kontuz antolatzea esaldi barruko elementuak euskaratik gaztelaniarako itzulpenetan.

Informazio bila?

Inork gaztelaniazko esaldi barruko elementuen ordenari buruzko informazio sakonagoa nahi badu, iturri oso gertuko bat gomendatuko nioke lehen-lehenik:

  • Juan Garzia, Joskera lantegi (IVAP, 1997; bereziki, 2.5 atala: ยซGaldega/mintzagaiโ€ฆ terminoak zehaztuz eta bereizkuntzak argituzยป).

Informazio mamitsuz beteta dago liburua. Askotan esan izan diot neure buruari gaztelaniari buruz gehiago ikasi dudala liburu hori kontsultatuz berariaz gaztelaniaren gramatika lantzen duten beste liburu asko irakurriz baino.

Beste iturri saihetsezin bat RAEk eta espainolaren akademien elkarteak 2009an argitaratutako gramatika mardula da:

  • Nueva gramรกtica de la lengua espaรฑola; zehazki, sintaxiari buruzko II. liburukiaren ยซLas funciones informativasยป atala (2.963.-3.034. or.).

Honaino gaurko txangoa. Paseoaren ondoren, hamaiketakoa. On egin.


[1] Ohar garrantzitsu bat: idatzizko moldeaz ari gara hemen, ez ahozkoaz, euskaraz zein gaztelaniaz beste estrategia batzuk baliatzen baititugu ahoz. Horri buruzko azalpen zabalxeagoa dago aurrerago.

Zori onak

Borja Ariztimuรฑo Lopez

Artikulutxo hau, sori bazait, 31 eskutikeko arduradunak zorionduz hasi nahi nuke, bai eta eskertuz ere, bloga berpiztegatik eta berton aritzeko gonbita egiteagatik. Bejondeizuela, bada; eta zorionekoak gu!

Maiz gauzak zoriz gertatzen direla dirudien arren, azpian lana eta ahalegina ohi dautza. Ez zen jode-txori-batki agertu Irulegiko Eskua, ezta azken hamarkadetako beste zenbait aurkikuntza filologiko ere[1]. Halaber, halabeharra baino gehiago behar da testu bat interpretatzeko[2]; hasteko, aldez aurreko ezagutza nahikoa. Alabaina, hizkuntza bera ere (aski) ez dazagunean, ezer gutxi dagikegu. Rosetta harri bat eskas dugularik, dakiguntxoak eman diezazkiguke interpretazio txoro batzuk baztertzeko argudioak, eta are hipotesi xumeren bat egitekoak; baina, konparagai egokirik ezean, jai dugu.

Adibidez, 1596an argitaratu Refranes y Sentencias bildumako 91. errefrauak honela dio: Neurez ez dot; balinde, banikezu. Esaldi labur hori ulertuko bada, euskal aditzaren historiaren gaineko ezagutza pittin bat behar, gutxienez: dela -i(n)- errodun aditz trinkoaren existentzia bera (โ€˜emanโ€™ adierakoa), dela -de bukaerak ilundu duen morfema-segidarena (*-da-e); eta, hala, โ€˜emango balidate, emango nizukeโ€™ eguneratu dezakegu. Alabaina, itzulpen bat beti da lagungarri (batzuetan rosettaharri), eta aipagai dudan testuak berak bazekarren berea: De mรญo no tengo; si me diesen, daros eya[3].

Izan ere, testuak itzultzea alderatzea da, dagokien testuinguruan egoki alderatzea. Eta horixe falta du Irulegiko Eskuak: testuinguru linguistiko eta filologiko zabalagoa, ortzian bat-batean agerturiko hegazti bakarti baten modura, bitxi, itxuraz noraezean.

Arranopola, txori bat!


[1] Besteak beste, Lazarragaren eskuizkribua, Materraren 1617ko Doctrina Christiana, edota XVI. mende hasierako Azkoitiko poemak.

[2] Eta zer da, bada, itzultzea? Eta, alderantziz, zer da, bada, interpretatzea, testua ulergarri den modura (โ€œhizkuntzaraโ€) erakartzea baino?

[3] Alegia, โ€˜os darรญaโ€™; -os izenordain enklitikoaz, eta eya aditz laguntzaile artean zeharo atzizkitu gabeaz (geroko โ€“รญa).

Kolore, kolore eta gustu guziak

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Zer koloretakoa da euskarazko literatur testuetan jasotzen dugun mundua? Koloreak izendatzeko zer termino erabili dira euskaraz azken hogei urteotan argitaratu diren nobela, ipuin-liburu eta saiakeretan? Kolore berdinez jantzita iristen ote zaigu mundua euskaraz idatzitako liburuetan eta beste hizkuntza batetik euskarara ekarritakoetan?

Nire doktoretza-tesian euskaraz idatzitako literatur testuen hizkera eta euskarara itzulitakoena konparatzen ari naiz, 1.149 literatur lanek osatutako corpus batean. Eta lexiko-aberastasuna neurtu nahian, besteak beste, koloreen eremu semantikoa aztertzen jardun dut: koloreak izendatzeko zenbat termino erabiltzen diren testu itzulietan eta ez itzulietan, zein diren termino horiek, zenbat aldiz erabiltzen diren testu mota batean eta besteanโ€ฆ

Blog honen aurreko aroan jada mintzatu nintzen zertxobait honetaz, tesia oraindik asmo bat baino ez zela lehen probaldiak egiten hasi nintzen garaian. Oraingo honetan, koloreak izendatzeko modu zehatz batez arituko naiz. Izan ere, koloreak adierazteko hiztegietan jasota dauden terminoez gain, hizkuntzek badute baliabide sinple bezain ahaltsu bat edozein kolore-รฑabardura izendatzeko balio diena: gauza baten izena erabiltzea gauza horren kolorea adierazteko. Etiketa horietako batzuk errotu eta hiztegietara pasatzen dira (laranja, turkesa, malba, fuksiaโ€ฆ). Hiztegietarainoko bidea oraindik egin ez dutenen artean, batzuk aski hedatuta daude eta aise topatzen edo erabiltzen ditugu gure eguneroko hizketaldietan (izokin, haragi, krema, ardo, kaobaโ€ฆ), eta beste batzuk, aldiz, erabilera apetatsuagoen ondorio dira, ezohikoagoak, testuinguruak edo asmo estilistiko zehatz batek hartaratuta sortuak.

Bada, zein, zenbat eta nolakoak dira euskarazko literatur testuetan ageri zaizkigun mota horretako kolore-izendapenak? Eta batez ere, alde nabarmenik al dago euskal idazleen liburuetan eta erdaretatik euskarara itzuli diren literatur lanetan ageri diren izendapenen artean? Testu ez itzulietan testu itzulietan baino gehiago erabiltzen dira halakoak beharbada, edo alderantziz? Edo erabiltzen direnak ezberdinak dira agian? Beharbada euskaraz sortutako testuetan ageri diren izendapenak errotuagoak eta ohikoagoak dira, eta euskarara itzulitakoetan ageri direnak ezohikoagoak, edo alderantziz?

Gorago esan dudan bezala, tesian 1.149 literatur lanek osatutako corpus batekin ari naiz lanean. Funtsean, Egungo Testuen Corpuseko Literatura atala da, aldaketa txikiren bat eginda. Hau da, 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako 698 jatorrizko lan (idazleek euskaraz zuzenean sortutakoak) eta 451 itzulpen (beste hizkuntzaren batetik euskarara itzulitakoak).

Baina, nola mugatu corpus horretan bilatu nahi ditudan terminoak? Nola osatuko dut corpusean bilatu beharreko kolore-izenen zerrenda? Zer idatziko dut bilatzailearen gelaxkan? Aurretik, kolore-izendapen arrunten erabilerak konparatu nahi izan nituenean, hiztegietara eta koloreei buruzko beste lan akademiko batzuetara jo, eta batean eta bestean topatutakoak bilduz osatu nuen zerrenda: gorri, gorrixka, gorrikara, bermiloi… Eta horiexen agerraldi kopuruak neurtu nituen. Baina oraingo honetarako ez dago halako zerrendarik. Halako kolore-izendapenak infinituak dira, errealitateko edozein elementuren izena erabilita sortu daitezkeenez eta errealitatea infinitua denez. Nola jakingo dut horrelako zer termino erabili dituzten euskal idazleek eta itzultzaileek beren lanetan? Galdera horri erantzun nahian, Egungo Testuen Corpusaren erraietan corpusaren erabiltzaile arruntok egin ezin dugun bilaketa bat egiteko eskatu nion corpusaren egileari, Josu Landari: [izen kategoria (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] egiturarekin bat datozen hitz konbinazio guztiak erauzi eta zerrendatzeko eskatu nion. Hau da, edozein substantibo mugagabean eta ondotik kolore lema gisa biltzen dituzten konbinazio guztiak bilatzeko eskatu nion, halako moldez non gure corpusean erabili diren X kolore, Y koloreko, Z kolorez… guztiak aurkitu eta zerrendatu ahal izango genituen. Nik eskatu, eta hark eman (eskerrik asko, Josu!).

Zer topatu genuen? X kolore motako zenbat kolore-izendapen ezberdin aurkitu genituen? Kalkulua egin dezazun denbora pixka bat utziko dizut, irakurle. Bota zure hipotesia. Eta kalkulatzen duzun bitartean, kontatuko dizut lehen emaitza gordinak eskuz garbitu behar izan genituela. Izan ere, erauzketan lortu genituen X kolore konbinazioetako batzuk ez ziren guk bilatzen genituenen parekoak. [zizare (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] konbinazioa ageri da erauzketan, adibidez, baina konbinazio horren testuingurua ยซZizare koloretsu lodi bat bezala irristatu zenยป esaldia da; edo [zigarreta (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] konbinazioaren testuingurua, beste hau: ยซErrusiar zigarreta kolore-ilunen pakete bat mahaitik aterata, bere onizezko ahokoan sartu zuen batยป.

Egin al duzu zure kalkulua, irakurle? Hemen, ba, erantzuna: X kolore motako 184 konbinazio aurkitu genituen guztira. Horietatik 89 bi azpicorpusetan erabiltzen dira; hau da, bai jatorriz euskaraz sortutako testuetan, bai euskarara egindako itzulpenetan. Jatorriz euskaraz sortutako testuetan guztira 120 forma erabiltzen dira: bi azpicorpusetan erabiltzen diren 89ak gehi itzulpenetan behin ere ageri ez diren beste 31. Itzulpenetan guztira 153 forma ageri dira: bi azpicorpusetan erabiltzen diren 89ak gehi jatorrizkoetan behin ere ageri ez diren beste 64. Datu horietatik erraz ondoriozta daiteke halako kolore-izendapenen erabilerari dagokionez aniztasun handiagoa dagoela testu itzulietan euskaraz sortutako testuetan baino.

Baina imajinatzen dut, irakurle, 184 kolore-izendapen horiek zein diren jakin nahiko duzula. Kopuruetatik harago egin dezagun, beraz, eta jar diezaiegun aurpegia X kolore forma horiei. Lehenik eta behin ikus dezagun zein diren formarik errotuenak edo, bestela esanda, gure corpusean agerraldi gehien dituztenak. 184 forma horietatik 22, adibidez, 20 liburu baino gehiagotan erabiltzen dira. Honako hauek, hain zuzen:

ardo, berun, boli, errauts, esne, ezti, gaztaina, gerezi, haragi, hauts, izokin, kafe, kanela, kobre, krema, lasto, lur, perla, su, urre, zeru, zilar

Ezusteko handirik ez. Aipagarria da, dena den, horiek guztiak gehiagotan erabiltzen direla testu itzulietan ez itzulietan baino. Hau da, bi testu motetan nahikotxo erabiltzen badira ere, agerraldi dexente gehiago dituzte itzulpenetan jatorriz euskaraz idatzitako testuetan baino. Eta alde hori are nabarmenagoa da berun, boli, errauts, gerezi, perla eta su koloreen kasuan.

Jar diezaiegun arreta orain bi azpicorpusen artean alde nabarmenena ageri duten terminoei. Nolakoak dira azpicorpus batean eta bestean erabiltzen ez diren kolore-izenak? Hona hemen, lehenik, jatorrizko testuetan ez eta itzulpenetan bai erabiltzen diren 64 terminoak:

adar, adreilu, agata, alberjinia, amaranto, anhilina, arbeltx, argizagi, arto, banana, batata, behazun, berina, burdina, confetti, ezko, eztainu, fruta, gar, habano, hiazinto, ilar, ilunabar, indigo, izotz, izpiliku, jade, kakalardo, kakao, kaleidoskopio, kanabera, kanario, kardantxilo, kedar, klarion, kloro, koral, kornalina, kromo, kuia, lima, lizun, marmelada, marmol, mate, melokotoi, mertxika, mingrana, neoi, opalo, ortzi, oskol, ostra, platino, plomu, primula, saltxitxa, sufre, sulfuro, tinta, topazio, txingar, uger, zafiro

Jatorrizko testuetan inoiz erabiltzen ez diren terminoetako askok agerraldi bakarra dute testu itzulien azpicorpusean. Hau da, egile zehatz batek liburu zehatz baterako behin asmatutako kolore-izenak dira. Zerrendan jaso ditugun 64 formetatik 33, hain zuzen, liburu bakar batean baino ez dira ageri testu itzulien azpicorpusean. Kontuan izan behar dugu literatur lanek osatutako corpus bat aztertzen ari garela, eta beraz espero izatekoa da euskal eta erdal egileen erabilera idiosinkratikoak topatzea. Baina, gainontzeko 31 kolore-izenak liburu batean baino gehiagotan erabili dira, eta haietako batzuk nahikotxotan gainera: adreilu kolore, burdina kolore, ilar kolore, izpiliku kolore, kedar kolore, koral kolore, lima kolore, mertxika kolore, opalo kolore, platino kolore, sufre kolore eta zafiro kolore lau liburu ezberdinetan ageri dira gutxienez. Ohargarria da haietako askok naturan topa ditzakegun elementuak hartzen dituztela oinarri (elementu kimikoak eta mineralak, lore, landare eta fruituak, nagusiki) eta elementu aski ezagunak direla gehienak mundu osoan, baita euskaldunen artean ere. Horrekin zera esan nahi dugu: termino horiek itzulpenetan euskal idazleen testuetan baino presentzia handiagoa izatea ezin dela esplikatu esanez gure artean existitzen ez diren edo ezezagunak diren elementuak direla eta beraz logikoa dela euskal idazleek beren deskribapenetan ahotan ez hartzea. Exotismo handirik gabeko zerrenda bat da, bestela esanda.

Itzulpenetan ez eta jatorrizko testuetan bai erabiltzen diren [izena + kolore] egiturak, lehen aurreratu bezala, 31 dira:

ahuakate, arrats, bainila/banilla, borgoina, diamante, egur, erregaliz, euri, ezpain, fluor, gatz, goma, harri, hilotz, hurritz, infernu, iztupa, kiwi, krabelin, lapis lazuli, lili, lore-zelai, marengo, marihuana, musker, oxido , plastiko, sugus, teila, txatar, whisky

Jatorrizko testuetan bakarrik erabiltzen diren terminoak itzulpenetan bakarrik erabiltzen direnak baino gutxiago izateaz gain (jatorrizkoetan bakarrik erabiltzen direnak 31 dira, eta itzulpenetan bakarrik erabiltzen direnak 64), 31 horietatik 20k agerraldi bakarra dute jatorrizko testuen azpicorpusean. Hau da, 11 dira jatorrizko testu batean baino gehiagotan erabiltzen direnak, eta horietatik kopuru esanguratsuetan erabiltzen direnak 5 baino ez dira: bainila/banilla kolore, egur kolore, harri kolore, musker kolore eta teila kolore. Oraingoan ere, elementu oso ezagunak dira bost kolore horiei izena eman dietenak, eta ez euskal kulturari edo lurraldeari esklusibotasunez lotutakoak.

Kasu zehatzei erreparatuta, erabilera bitxiak ikusten dira. Euskal idazleek alde nabarmenik gabe erabiltzen dituzte kafe eta kafesne koloreak (14 agerraldi kafe kolorearentzat eta 10 kafesne kolorearentzat); erdal idazleen testu itzulietan, ordea, askoz gutxiago dira kafesne kolorez deskribatutakoak (20 agerraldi kafe kolorearentzat eta 4 kafesne kolorearentzat).

Badira, bestalde, idazleen apetak ere, bi azpicorpusen arteko erlazioa desorekatzen dutenak. Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobelan Teresa pertsonaiak olio koloreko begiak ditu, eta halaxe deskribatuta ageri da zazpi aldiz. Ugaitz Agirreren Tximeletak bizkarrean nobelan, aldiz, esanahi inportantea dute marihuana koloreko begiek, eta bederatzi aldiz aipatzen dira.

Laburbilduz, badirudi, beraz, [izena + kolore] egitura honen bitartez sortzen diren kolore-izenetan aberatsagoak direla testu itzuliak. Hala da, batetik, egile bakar bati une zehatz batean burura dakizkiokeen asmakizunei dagokienez (halako 33 aurkitu ditugu itzulpenetan, eta 20 jatorriz euskaraz idatzitakoetan). Itzulpenen bitartez koloreak izendatzeko modu ezohiko (edo berritzaile, edo irudimentsu, edo apetatsu… bakoitzak nahi bezala kalifika dezala) gehiago iristen dira euskal irakurleen begietara jatorriz euskaraz idatzitako testuen bidez baino. Baina, beste alde batetik, egile baten baino gehiagoren luman erabiltzen diren formak ere itzulpenetan jatorrizko testuetan baino ugariagoak izateak (31 dira itzulpenetan gailentzen direnak, eta 11 jatorrizko testuetan gailentzen direnak) pentsarazten digu badirela horrelako zenbait kolore-izendapen erdaretan nahiko hedatuak daudenak, eta kolore-izen horiek itzulpenen bitartez ari direla iristen euskarara.

Jakitun gara, noski, konparatzen ari garen bi azpicorpusak desorekatuak direla nolabait. Itzulpenen azpicorpusean biltzen diren 451 obrak munduko literatura guztietako eta historia osoko liburuen artean euskarara ekarriak izateko 2001-2019 bitartean aukeratu diren obrak dira; jatorriz euskaraz sortutako 698ak, aldiz, 19 urte horietan 700.000 hiztuneko komunitate batean sortu diren litratur lanak dira. Bistan da aztergai ditugun literatur testuen erreferentzialtasuna handiagoa edo txikiagoa izateak esplikatzen duela neurri handi batean lexiko aberastasuna handiagoa izatea euskarara itzulitako testuetan euskal idazleek idatzitakoetan baino. Nolanahi ere, arrazoiak direnak direla, guri interesatzen zaiguna da konprobatzea ea alderik baden irakurleei jatorrizko testuen bitartez eta itzulpenen bitartez iristen zaizkien euskaren artean, eta zertan dautzan alde horiek. Eta lexiko-aberastasunari dagokionez, badira zantzuak pentsarazten digutenak itzulpenetan hiztegi aberatsagoa eskaintzen zaiela irakurleei, zenbait eremutan behintzat.

Beste kontu bat da zer iristen den egiaz euskal irakurleen begietara; hau da, zer irakurtzen duten egiaz eta nolako harrera duten euskararako itzulpenek. Baina hori beste eztabaida bat da.

Puntuazio markak itzuli behar dira?

Angel Erro

Erantzun laburrak baietz dio. Puntuazio markak itzuli behar dira (gaztelaniaz hasierako galdera ikurra gehitu, euskaraz kakotx sinpleak bikoitz bihurtu, edo guillemet, alemanezko aipu markak ere berdindu; azken hizkiaren eta puntuazio ikurraren artean frantsesez uzten den espazioa desagerrarazi edo gehitu, nondik nora ari zarenโ€ฆ).

Erantzun ez hain laburra ere baiezkoarekin hasten da, baina berehala sortzen zaizkio bainak. Berez, helburu hizkuntzako puntuazio sistema aplikatzea da jarraitu beharreko iparra, baina zer egin sorburu hizkuntzako idazleak puntuazio sistema pertsonala garatu omen duenean? Ez naizenez plano teorikoan luze irauteko gauza, nire esperientziara joko dut erantzun posibleren baten bila.

Munduko Poesia Kaierak bildumarako itzuli nuen Emily Dickinsonen gidoi luze eta maiuskulak itzulpenean ere gordetzearen tradiziora lerratu nintzen (haien bitartez, aditu batzuen ustea egiazkoa izatera, poetak adierazi nahi izandako zerbait, oso sotila, galaraziko nuelakoan bestela). Ez nago beti ados orduan hartutako erabakiarekin. Kontrako bidea hartzearen aldeko argudio onak ere bazeuden aukeran. Alde batetik, berezkoa zuen, bai, Dickinsonek, puntuazio bitxi hura, baina ez gaurdanik ikusita uste dugun bezainbeste: garaiko tradizio bat hartu eta gainerabili zuen.

Beste bi itzulpen berriagoetan puntuazio markak itzuli ala ez (eta nola) buruan ibiltzeko aukera izan dut. Uxue Apaolazaren ipuinak euskaratu ondoren, zuzentzailearen ohar batek zer pentsa txikia eman dit: โ€œEl traductor ha respetado la puntuaciรณn del texto original, y yo tambiรฉn la he mantenido, salvo en contadas ocasionesโ€. Apaolazak ez ditu Dickinsonen gidoi luzeak eta maiuskulak erabiltzen, baina puntuazioari ematen dion arreta zorrotzak seguruenik eraman nau besteetan baino estuago lotzera haren puntuazio ikurrei (Anjel Lertxundik 2008ko Arnasa galtzen izeneko zutabean erreparatu zion Apaolazak puntu eta koma ikurra erabiltzeko joera ez ohikoari).

Zer pentsa handiagoa eman dit beste kasu batek. Leire Bilbaoren Etxeko urak Aguas madres bihurtzean, egilearen erabakimenean gelditu zen azkenean poemetako batzuek falta duten puntuazioarekin zer egin gaztelaniaz. Esan gabe doa, jatorrizkoan ez dauden puntuazio markak gehitzeak interpretazio bat hobesten duela, balizko anbiguetateak baztertzen dituela (baina zer da bestela itzultzea?). Poesiaren generoan errespetu zaleago jokatu ohi du itzultzaileak, azken buruan ahalik eta elementu gutxienekin saiatu da (onenean) poeta ahalik eta gehiena adierazten. Hitz (edo ikur) bakoitza gogoeta luzearen (edo sen inspiratuaren) emaitza den heinean horrelakoak bere horretan mantentzearen alde egin nuen. Gaztelaniazko editoreak puntuazio markak paratzeko sentitu zuen bulkada edizio irizpide hutsa ala itzulpen osagabearen irudipena ote zen galdetu nion neure buruari.

Euskarazko poesian bada puntuazio ikurrak ez erabiltzearen halako joera bat, ia tradizioa esanen nuke, bertsolari txapelketako bertsoak transkribatzeko moduari ikasia, akaso, eta abangoardiako poesiaren hausturek indartua. Poetek berek ez dute zertan jakin zer den hala idazteko arrazoia, baina itzultzaileak erabaki beharko du modu batera ala bestera eman (jatorrizkoaren irakurleak sentitzen ez duen edo apaldu zaion estrainamenduaz zamatu ala libratu itzulpenaren irakurlea), edo poetari galdetu, bizirik egotera.

Eskaileran behera

Juan Kruz Igerabide Sarasola

Itzultzerakoan, sorburu-hizkuntzaren eta xede-hizkuntzaren tartean beste hirugarren (eta laugarren) bat sartzen denean, eskaileran behera estropezu egiteko aukerak biderkatu egiten dira. Halakoetan, tarteko hizkuntzen itzulpenak erkatuz zer edo zer bideratzen dira urratsak, eta ikusi ditugu gure artean emaitza txukun askoak; kontu ezaguna da hori.

Orain adieraziko dudan honetan, hala ere, ez ziren liburu-itzulpenak, baizik eta beste itzultzaile bat bitartekari. Esloveniara joateko zortea izan nuen, eskolaz eskola ibiltzera, eta niri laguntzen zebilen itzultzaileak, Barbara Pregelj andreak, Breda Smolnikar idazlea aurkeztu zidan, laurogeita urteko amona atsegina. Hau eta beste, lagun egin ginen, eta haren narrazio-lan nagusiaz mintzatu ginen: Han goian urkiak hostoberritzen direnean. Gaztelaniarako itzulpena egina zuen Barbarak, eta euskarara ekartzeko enbidoa bota zidan Barbarak, Bredaren aurrean. Halako amona maitagarriari nola esan ezetz. Gainera, istorioaren laburpena egin zidatenean, berehala harrapatu ninduen. Protagonista nagusia eta familia ezagutuak zituen Bredak, eta kontakizunean adierazi zituen sekretuek epaiketak eta guzti ekarri zizkioten. Urte luzeen ondoren, Bredari eman zioten arrazoi epaileek, eta nobelak bigarren bizialdi bat abiatu zuen.

Hogeigarren mendearen lehen erdian, emakume esloveniar bat Estatu Batuetara doa, eta han senar gaztearekin uxuala egiten hasten da, legez kanpo. Eta baita dirua egin ere. Ez dakit nola lortu zuten Capone eta enparauengandik aske jardutea hartan. Emakume hura oso artezki mugitzen, antza, ezkutuko salerosketan. Kontua da, alaba gaxtea izebekin utzirik, Esloveniara itzuli zirela senarraren amaren etxea jaraunstera. Eta Lehen Mundu Gerrak harrapatu hantxe, eta ezin itzuli. Orduan, emakumeak, salerosketan zeukan eskarmentua baliaturik, nekazaritzako produktuekin etekin handiko negozioak egin zituen; familia handitu, Bigarren Gerrak ere hantxe harrapatu, alemanengandik jendea salbatuโ€ฆ zer ez. Kalkutako Teresaren eta miss Tatcher-en arteko nahasturatik irtendako uxual hordigarria dirudi protagonistak.

Gaztelaniako itzulpena, lapitza eskuan, irakurri nuenean, aukera izan nuen Barbarari galdera mordo bat egiteko; eta apunte horiek guztiak esku artean nituela ekin nion eskaileran behera. Koskaren bat topatzen nuenean, aukera nuen berriro emailez galderak egin eta pasarte jakinen argibideak lortzeko.

Hasiera batean, zorrotz eutsi nahi izan nion gure arteko elkarrizketetan handik eta hemendik aztertua genuen estiloari. Hasieratik amaieraraino, punturik gabe eta puntu eta koma gutxirekin antolatua zegoen testua, dena segidan. Amaitu nuenean, arnasa falta zitzaidan, eta arnasa falta zitzaion testuari. Eta buelta berriro, argibide eske. Bredak testua idatzi zuenean, modan-edo zeuden halako esperimentuak. Kontua da, epaiketak zirela-eta liburua azkoz geroago zabaldu zelarik, egileak nolabait bere esperimentua lekuz kanpo geratu balitzaio bezala sentitzen zuela.

Orduan, baimena eskatu nion testua zenbait bloketan antolatzeko, eta zenbait puntu eta puntu eta koma gehitzeko. Eta berak eman, eta gaztelaniazko itzulpenerako ere bai. Tartean, argitaletxeko editoreak ere zer ikusia izan zuen aldaketa horretan, esanez berari ere itogarria egin zitzaiola irakurle gisa. Istorioak eta kontakizunak berehala harrapatzen dute irakurlea, baina gertaerak nondik nora doazen pista galtzeko arriskua gertatzen da testu hau komen bidez soilik antolatuta, denboraren hurrenkera eta atzera-aurrerak despistagarriak gertatzen direlako, bai gaztelaniaz, bai euskaraz, eta, esan zutenez, jatorrizkoan ere hor nonbait.

Ez nuen halako aldaketarik egingo egilearen baimenik gabe, baina Bredak baietz, lasai antolatzeko testua, eta Barbaren bidez erakutsi nion nola egin genuen.

Bedeinkazio guztiak izanda ere, zimiko ttiki bat geratu zait barruan: ez dakit halakorik egin beharko genukeen, nahiz eta egilearen baimena izan. Ezagunak dira Carverri, adibidez, editoreak egindako aldaketak. Egile askori egiten dizkiete halakoak argitalpenak bideratzerakoan. Eta klasikoen itzulpenetan ere denetik ikusten da. Baina itzulpen kanonikoek eta serioek jatorrizko testuari ahalik eta gertuen atxikitzen zaizkio, nahiz eta ahalik eta gehien urrundu jatorrizko hizkuntzatik, xede-hizkuntzan sortua izatearen irudipena sorrarazteko asmoz. Alabaina, estilo-ezaugarri batzuk eraldatzeak, irakurleak irabazteko asmoz, jatorrizko idazlea galtzera garamatza beharbada.

Ez daukat epai argirik. Zalantzan geratzen naiz, per saecula saeculorum edo, eskaileran behera, estropezuka.

Zuretzat, amama, eta zuk bezala, euskaraz hitz egiten ez duten euskaldun guztientzat

Claudia Torralba Rubinos

Arraroak izan dira azken egun eta asteak gurean. Duela gutxi joan zitzaigun amama โ€“Asturiasen jaio eta euskara inoiz ikasi ez zuen euskaldunaโ€“, eta utzi didan gogoeta bat partekatu nahi dut zuekin, blog honetan egingo dudan lehen ekarpenean. Ez zen hori asmoa, baina tira, batzuetan gauzak espero ez ditugunean eta espero ez ditugun bezala iristen dira. Har ditzagun, bada, datozen bezala.

Amamak 90 urte zituen, eta zazpi biloba eta bi birbiloba euskaldun utzi ditu munduan. Asturiasko herrixka batean jaioa, Euskal Herrira gaztetan iritsi zen, baina hori ez zen oztopo izan euskaldun senti zedin. Beti esaten zuen: โ€œa mรญ, cuando me preguntan si soy vasca o asturiana, yo siempre les digo que vasca, porque aunque yo no hable euskera, esta es la tierra de mis hijos y de mis nietos, y todos mis nietos lo hablanโ€. Harrotasunez, gainera.

Ziur nago zuetako askok ere jende edadetua daukazuela inguruan, eta nirekin identifikatuta sentituko zaretela esaten badizuet gutxienez hamar mila bider entzun niola hori esaten. Ohitu egin nintzen, eta batzuetan, irribarre egiten nion, ezer erantzun gabe. Egunero gauza bera entzuten duenaren etsipenarekin, beharbada. Egia esan, ez dakit inoiz inork galdetu ote zion asturiarra ala euskalduna zen, baina badakidana da berak oso presente izan zuela amaierara arte.

Gure gurasoak ez ditut aipatu, beste garai batean hazi eta hezi zituztelako. Frankismo-garaian eta ondoren borrokatutako euskaldunak dira guztiak, nahiz eta borroka hori batzuek euskaraz eta beste batzuek gaztelaniaz egin zuten. Edonola ere, beren kontzientzia soziolinguistikoa beti egon da islatuta guri eman diguten hezkuntzan eta hizkuntzan. Izan ere, ez al da benetan opari bat norberak hitz egiten ez duen hizkuntza bat ematea seme-alabei eta bilobei? Norberak ikasteko aukerarik izan gabe, aukera hori hurrengo belaunaldiari ematea?

Amama joan eta gero, pentsatzen aritu naiz, eta uste dut euskararekiko dugun zaletasuna, maitasuna eta atxikimendua ez direla ezerezetik sortu. Euskaraz ez zekien emakume horrek hileta elebiduna izan zuen, eta bilobak euskaraz zuzendu zitzaizkion azken agurrean, berari gustatzen zitzaion bezala. Izan ere, ez ulertzea ez zen inoiz izan gu euskaraz hitz egitera animatzeko oztopo. Eta ez bakarrik animatu, ez. Aktiboki parte hartu. Isilik, baina beti presente euskarazko ekitaldi, bertso-saio, jaialdi eta gainerako ekintza guztietan. Beti isilik, baina beti proaktibo.

Opari bat egin diguzu, amama. Zuk eta herri guztietan dauden beste ehunka eta milaka amamek. Emakumeak eta gizonak, zaharrak eta gazteak, lehengoak eta oraingoak, bertakoak eta kanpokoak. Zenbat jende euskara transmititzen, askotan norberak oso ondo hitz egin gabe ere. Edo hitz bakar bat ulertu gabe. Zenbat jende.

Guri, gazteoi, eginda eman diguzue lan hori. Badirudi euskara beti egon dela hor, berezkoa den eskubide bat dela. Eta askotan ez dugu tarte bat hartzen euskararen inguruan gogoeta egiteko. Guretzat arnastea bezain naturala den hori lortzeko, zenbat kolpe literal eta metaforiko jaso zituzten gure aurrekoek. Baina dena ez dago eginda, oraindik ere bide luzea daukagu urratzeke. Guk ere badugu zer esan eta zer egin gure hizkuntzaren bilakaeran.

Eman diezaiogun euskarari behar eta merezi duen tokia. Bestelako hizkuntzak mespretxatu gabe, ez dezagun ahaztu gurea zein den. Eta erabil dezagun, ahal bezain beste, ahal bezain ondo. Eta ondo ez bada ere, ondo egongo da. Ez dagoelako hizkuntza lotsagatik ez erabiltzea baino oker handiagorik.

Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Hori esaten dute behintzat. Baina ez da iraganeko edo etorkizuneko kontua. Ezta estatistika edo neurketa kontua ere. Orainean dago gakoa, orain hartzen ditugun erabakietan, egunerokoan. Etxean, kalean, eskolan, unibertsitatean, metroan eta supermerkatuan. Osasun-zentroan, abokatuaren bulegoan, tabernan eta autobusean. Amarekin, aitarekin, lagunekin, ezagunekin eta ezezagunekin. Hemengoekin eta beste toki batzuetan jaiotakoekin.

Jarrai dezagun euskaratik eta euskararentzat lanean, bakoitzak bere aletxoa jarrita. Har dezagun guri dagokigunaren gaineko ardura. Aurrekoak, apurka-apurka, atseden hartzera joaten ari dira. Baina lana utzi digute, eta guk gogotsu heldu behar diogu, egindako esfortzuak ez daitezen ahaztu. Gureak ez ditzagun ahaztu.

Zuretzat, amama, eta zuk bezala, euskaraz hitz egiten ez duten euskaldun guztientzat.

Administrazio-testuen zuzenketaz

Maite Imaz Leunda

Edozein itzulpen-lan bukatzean oso komenigarria izaten da zuzentzaile bati pasatzea, lau begik bik baino gehiago ikusten dute beti eta. Administrazio-testuen zuzenketa-lanetan ibiltzen garenok komeriak izaten ditugu, askotan, zeri eman garrantzia eta zer zuzendu erabakitzerakoan. Zenbateraino zuzendu behar dugun erabakitzeko orduan testuaren garrantzia eta, batez ere, daukagun epea hartzen ditugu kontuan.

Lehenengo lana ortografia zuzentzailea eta lexiko- eta terminologia-egiaztatzailea pasatzea izaten da. Ondoren, goitik behera irakurtzeko denborarik ez badaukagu ere, testua osorik dagoela begiratu behar da, jatorrizko testua eta itzulitakoa elkarren ondoan jarrita, eta gauza nabarmenetan jarri arreta: zenbakiak, datakโ€ฆ

Batzuetan testu lagin bat irakurtzea nahikoa izango da testua fidagarria eta dagoen dagoenean argitaratzeko modukoa dela ikusteko. Beste batzuetan irakurketa sakonagoa merezi duela konturatuko gara eta, gutxienez, euskaraz ondo dagoela egiaztatu beharko dugu: gramatikari dagokionez zuzen idatzita dagoela, idazketa-akatsik ez dagoela, erregistroa, estiloa eta terminologia egokiak direla, eta zerbitzuan ezarrita dauzkagun irizpideak betetzen dituela.

Estiloaren gaia kontu handiz ibiltzekoa da. Nire ustez zuzenketak egiterakoan aldatzen den guztiak justifikatuta egon behar du. Eta garbi izan behar da ezezagun egiten zaigun guztia edo guk erabiliko ez genukeena ez dela beti eta nahitaez zuzendu beharrekoa. Izan ere, nahiko denbora ez diogulako eman ikusi ez ditugun akatsak betirako argitaratuta ikustea baino hanka-sartze larriagoa da ausartegi jokatzeagatik zuzenketan laprast egin eta testua zuzendu beharrean okertzea.

Baina, jakina, ondo irakurtzen den testu ulergarria izateak, euskaraz zuzen, egoki eta txukun egoteak, ez digu ziurtatzen itzulpena bera ondo dagoela, jatorrizko testuak eta xede-testuek gauza berbera esaten dutela, xede-testuan jatorrizkoan dagoen guztia azaltzen dela eta xede-testuak ez dioela jatorrizkoak ez dioen ezer. Hori guztia ziurtatzeko jatorrizko testua eta itzulitakoa alderatu beste irtenbiderik ez dugu.

Administrazioko testuak ez dira beregainak izaten; beti izaten dira beste arau batzuei egindako aipamenak. Dekretu batean lege izenak azaltzen zaizkigu, ebazpen, akordio edo agindu batek dekretu edo lege bat izaten du oinarrian, eta ediktu nahiz iragarkietan ere aurretik itzulita dauden lege edo arauak aipatzen dira. Aipuak etengabeak izan daitezke eta neurri handiagoan edo txikiagoan ager daitezke dokumentu osoan zehar. Batzuetan oinarrian dauden arauen artikulu osoak dira hitzez hitz azaltzen direnak.

Nik asko erreparatzen diot administrazio-testuetan koherentziari; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzekoak diren testuetan bereziki. Dagoeneko itzulita dauden arauak aipatzen direnean ondo kopiatuta dauden ziurtatzeko, zein aldizkaritan argitaratu ziren topatu eta iturrira jo beste aukerarik ez dago. Eta aipamena iturrian argitaratu zen bezalaxe ez badago, zuzendu egin behar da, ez kopiatzeko arrazoi sendoren bat dagoenean izan ezik. Jatorrizko itzulpenean akatsen bat egotea edo itzulpena zaharkituta egotea izan daitezke aldatzeko edo zuzentzeko arrazoi sendoak, baina lehendik emanda dagoena ondo baldin badago dagoen bezala utzi behar da.

โ€œcuando hay que citar un pasaje publicado en el Diario Oficial, la traducciรณn automรกtica tiene exactamente el mismo valor que la traducciรณn humana, a saber, ninguno. Todo traductor de esta casa sabe que, en un caso asรญ, su primer deber es NO traducir, sino ir a buscar el acto citado y copiarlo letra por letraโ€

 Traducir con/como mรกquinas. PAULA รLVAREZ. Comisiรณn Europea (Punto y coma, 170.zk. 2021)

Lehendik itzulita dagoena berrerabili beharrean itzultzaile automatiko neuronalera jotzeak ekar dezakeen arriskuaz ohartuta, Europako Batzordearen webgunean argi eta garbi adierazten dute eTranslation ez dela erabili behar Europar Batasuneko legedia itzultzeko, horrelakoetan benetako bertsioetara jo behar dela eta benetako bertsioak eskuragarri daudela haien webgunean.

Egokitu izan zaizkit iruzkinez betetako itzulpenak, iturrietako loturak ipinita eta iturriak aldatu badira zergatik aldatu diren azalduta dituztenak. Eskertzekoa da zuzentzaileari lanak horrela erraztea. Aldiz, iruzkinik ez eta iturrian dagoen itzulpena ez dela kontuan hartu ikusten dudanetan, pentsatzen dut itzultzaileak besterik gabe onartu duela memoriak eman diona, iturrian benetan dagoena horixe ote den ziurtatu gabe. Baina memoriak emandakoa iturrian dagoena izanda ere gerta daiteke itzultzaileak aldatu izana. Nire ustez hori ez da egin behar, lehen esan bezala, aldatzeko arrazoi sendorik ez baldin badago behintzat. Ondo dagoena aldatzen ibiltzeak ez du itzulpena hobetzen, anabasa sortzen baizik.

Terminologia-lanetan ibili nintzen garaian Dudanet bidez jasotzen genituen kontsulta batzuen oinarrian koherentzia-faltak zeuden; Eusko Jaurlaritzako teknikariak izaten ziren, Eusko Jaurlaritzako itzulpenen datu-base elebidunera sartzeko aukera daukatenez, bertara jo terminoak eta hitzak kontsultatzera eta maizegi ikusten zutenak termino baterako ordain bat baino gehiago azaltzen zirela. Orduan Dudanetera jotzen zuten egokia zein zen edo guk zein erabiltzen genuen galdetzeko. Ez dakit gaur egun joera berberarekin jarraitzen duten ala Itzultzaile automatiko neuronalera jotzen duten zalantzak argitzeko.

Hona azken aldian sarri samar zuzentzen dudan dekretu baten aipamena:

DECRETO 18/2020, de 6 de septiembre, del Lehendakari, de creaciรณn, supresiรณn y modificaciรณn de los Departamentos de la Administraciรณn de la Comunidad Autรณnoma del Paรญs Vasco y de determinaciรณn de funciones y รกreas de actuaciรณn de los mismos

18/2020 DEKRETUA, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

(EHAA: 2020-09-07)

Txikikeria izan daiteke, baina niri iturriak errespetatzea garrantzitsua iruditzen zaidanez, zuzendu egiten dut beti. Aurretik izan zen dekretuan, aurreko legegintzaldian, horien agertzen da:

DECRETO 24/2016, de 26 de noviembre, del Lehendakari, de creaciรณn, supresiรณn y modificaciรณn de los Departamentos de la Administraciรณn de la Comunidad Autรณnoma del Paรญs Vasco y de determinaciรณn de funciones y รกreas de actuaciรณn de los mismos.

24/2016 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

(EHAA: 2016-11-26)

Badirudi 2020ko dekretua argitaratu behar zutenean itzultzaileak egokiago iritzi ziola horien zegoen tokian sail bakoitzaren ipintzeari. Ez dakit, ordea, gure itzulpen-memorietan 2016ko ordaina bakarrik dagoen jasota eta, zenbakiak modu automatikoan aldatzen dituenez, horixe den proposatzen duten forma bakarra. Itzultzaile neuronalak ere dekretu zaharreneko forma proposatzen du dekretu baterako zein besterako.

24/2016 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

18/2020 DEKRETUA, irailaren 6koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena

Itzultzaile juridiko-administratiboa (euskalsarea.eus)

Izenberritzeaz

Itziar Otegi Aranburu

Gure niak baldintzatuta daude, eta, gainera, hil egiten dira.Egunero zertxobait aldatuta esnatzen gara, eta bezperan ginen pertsona hilda dago (โ€ฆ). Are, gerta liteke atsegin ez izatea gure ni zaharrak, erabili eta botatzekoak diren gure arbaso horiek.

Self-consciousness, John Updike.

Kontzeptu berri bat ezagutu dut duela gutxi, eta jakin-mina piztu dit: dead name. Literalki, โ€œizen hilaโ€. Ingelesez, pertsona trans batek trantsizioa egin aurretik zuen izena adierazten du dead name terminoak.

Oxford hiztegiak jasotzen du Twitterren begiztatu zuela lehen aldiz, 2010ean. 2013an, aditz gisako erabilera atzeman zuen, deadnaming, edo to deadname. Alegia, pertsona trans bat izendatzea trantsizioa egin aurretik zuen izena erabiliz, dela oharkabean, dela asmo txarrez.

Kontuak berebiziko garrantzia du, eragin zuzena baitu pertsonaren ongizatean eta osasunean. Pertsona trans batzuek โ€“ez denekโ€“ legez aldatzen dute izena trantsizioa egitean, baina hala ere oztopoak izan ohi dituzte, burokratikoak, administratiboak edo bestelakoak, izen berria normaltasunez erabili ahal izateko. Deadnaming egitea transfobiaren aurpegietako bat izan daiteke, indarkeria mota bat. Insultar por nombre muerto, irakurri dut artikulu batean.

Bilaketa egin dut datu-base terminologikoetan. Euskaltermen eta IATEn ez dut aurkitu, baina Termiumen bai, eta Termcaten.

Termiumen ikasi dut frantsesez morinom esaten dela dead name, eta ekintza, morinommer:

Dรฉsigner par son prรฉnom dโ€™รฉtat-civil de naissance (morinom), une personne qui en a changรฉ depuis. S’utilise pour les personnes trans.

Quand quelquโ€™un te mรฉgenre ou teย morinommeย cโ€™est comme si toutes ces cicatrices รฉtaient vives. Je ferais la vaisselle tous les jours si รงa me protรฉgeait dโ€™รชtre mรฉgenrรฉe.โ€”ย (Sophie Labelle,ย Assignรฉe garรงon, webcomic, page #132). Dictionnaire, Lalanguefranรงaise.com

Espainolerako, nombre impuesto proposatzen du Termiumek, eta utilizar el nombre impuesto.

โ€ฆizen hila, izen esleitua, izen inposatua, izen hilaz iraindu, izen inposatuaz deitu, izen inposatua erabiliโ€ฆ

Termcaten informazio gehiago dago:

โ€ฆ jaiotizena, bataio-izena, ponte-izena, izen ohiaโ€ฆ

Katalanez, beraz, hiru ordain proposatzen dituzte: exnom, nom mort, eta nom de naixement. Interesgarriak dira Termcatek eaten dituen definizioak eta oharrak:

Definition: Nom amb quรจ era anomenada una persona transgรจnere abans d’adoptar el seu nom sentit.

Note
โ€ข 1. La denominaciรณย nom mortย รฉs una forma connotada, que mostra la voluntat de separar-se de la identitat assignada a la persona en nรฉixer. Les formesย exnomย iย nom de naixement, en canvi, sรณn de registre mรฉs neutre. La formaย nom de naixementย (i igualment la forma paralยทlela en altres llengรผes) รฉs prรฒpia sobretot de contextos formals i pot utilitzar-se, mรฉs enllร  de l’ร mbit de la transidentitat, per a designar, en general, el nom amb quรจ s’inscriu oficialment una persona en nรฉixer.

โ€ข 2. Generalment, l’exnom no es correspon amb la identitat de gรจnere de la persona que decideix fer el canvi.

* Letra lodiak nik jarriak dira.

Nom mort forma konnotatutzat jotzen dute, beraz, eta exnom eta nom de naixement, neutroagotzat.

Are konnotatuagoak dira RAEk eta Fundรฉuk proposaturiko necrรณnimo, necronombre edo innombre ordainak. Hauxe dio Fundรฉuk erantzun batean:

El anglicismo deadname se usa para referirse al nombre de nacimiento de una persona trans que ya no utiliza. En espaรฑol se emplean alternativas como necrรณnimo, necronombre, innombre o, como indica la RAE en su cuenta de Twitter, nombre muerto y nombre de nacimiento/antiguo/anterior.

De estas opciones, necrรณnimo es la mayoritaria en el uso, y, como se seรฑala en esta misma cuenta acadรฉmica, aunque ya se utiliza para designar el nombre de alguien que pertenecรญa a una persona muerta, estรก bien formado y puede fรกcilmente ampliar su significado.

Hain zuzen ere konnotazio horiengatik, dead name kontzeptuak baditu aurkariak. Ohikoa den bezala, norberaren bizipenaren araberakoa da terminoari buruzko iritzia. Pertsona trans batzuek atzean utzi nahi dute aurreko identitatea, eta begi onez ikusten dute dead name kontzeptua. Beste batzuek, ordea, aurrekoaren gainean eraikitako identitate gisa ulertzen dute berria, eta ez dute aurreko hura ahazteko beharrik.

โ€œA mรญ me cabrea eso de โ€˜nombre muertoโ€™. No nacemos de nuevo cuando hacemos la transiciรณn, simplemente evolucionamos. Preferirรญa algo como โ€˜nombre pasadoโ€™โ€. Mar Llop, El Paรญs (2023/03/26).

Bestalde, transitua egindako pertsonen senide edo lagunen bizipenak ere aintzat hartu beharrekoak dira, eta litekeena da dead name edo necrรณnimo bezain termino markatuak egokiak izatea haien esperientzia adierazteko, zenbait kasutan.

โ€ฆ hil-izena, nekronimoa, izen abandonatua, izen atzean utzia, izen iragana, izen zaharkitua, izen gaitzetsia, izen arbuiatua โ€ฆ

Termcateko definizioan ageri den nom sentit horretatik, batzuek nombre sentido hobesten dute, gรฉnero sentido ere esaten baita. Ingelesez ere, batzuek chosen name edo preferred name hobesten dituzte, baina esapide horiek aditzera ematen dute nolabait โ€œhautazkoaโ€ dela izen bat edo bestea erabiltzea.

โ€ฆ izen sentitua, izen hautatua, izen hobetsia, izen onetsiaโ€ฆ

Estatuko trans lege berrian, otsailaren 28ko 4/2023 Legean, ez dut gisa horretako terminorik aurkitu. Ageri dira nombre registral, nuevo nombre propio, principio de libre elecciรณn del nombre propio eta abar, baina ez nombre muerto edo nombre sentido edo antzekorik.

โ€ฆerregistroaren araberako izena, izen berezi berria, izen berezia askatasunez hautatu ahal izatearen printzipioaโ€ฆ

Euskaraz ez dut ordainik aurkitu, eta kontsulta egin dut pertsona transen Euskal Herriko elkarte batzuetan. Jakin dut deadname erabiltzen dutela, euskaraz zein gaztelaniaz. Naizen adingabe transexualen familien elkartean erantzun hau eman didate:

Gazte transexual gehienekย dead nameย esaten dute euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dutenean. Hala ere, batzuetanย izen zaharraย esaten dute, edo, kaleko hizkuntzan,ย lehengo izena.ย Azalpena emateko aukera dagoenean,ย jaiotzean jarritako izenaย esaten dugu.ย Nombre sentidoย niri ez zait gustatzen; izatekotanย nombreย izango litzateke, trantsitua egin ostean (izen aldaketa egon bada) bestea ez delako dagoeneko “existitzen”.

โ€ฆ jaiotzean jarritako izena, lehengo izena, izen zaharra, izen berria hartu, izenberritu โ€ฆ

Euskaraz ordainen bat proposatzera jarrita, interesgarria litzateke aukerak biltzea kontzeptu horiek adierazteko, modu neutroagoan edo konnotatuagoan, norberaren esperientziaren arabera. Arrazoibidean zehar proposatutakoak bilduz:

โ€ฆ izen hila, izen esleitua, izen inposatua โ€ฆ

โ€ฆ jaiotizena, bataio-izena, ponte-izena, izen ohia โ€ฆ

โ€ฆ hil izena, nekronimoa, izen abandonatua, izen atzean utzia, izen iragana, izen zaharkitua, izen gaitzetsia, izen arbuiatuaโ€ฆ

โ€ฆ izen sentitua, izen hautatua, izen hobetsia, izen onetsiaโ€ฆ

โ€ฆ erregistroaren araberako izena, izen berezi berria, izen berezia askatasunez hautatu ahal izatearen printzipioaโ€ฆ

โ€ฆ jaiotzean jarritako izena, lehengo izena, izen zaharra โ€ฆ

โ€ฆ izen hilaz izendatu, izen hilaz iraindu, izen inposatuaz deitu, izen inposatua erabili, izen berria hartu, izenberritu โ€ฆ

Erabilera neutro baterako, proposa liteke izen zaharrari izen ohia esatea, katalanen bidetik, eta izen berriari izen, besterik gabe, Naizen elkartean adierazitako iritzia aintzat hartuta.

Bestetik, arriskuak hartzea den arren, beste bide bat ere proposatu liteke, bi izenak kontrajartzea beharrezkoa litzatekeen testuinguru baterako: izen ezetsia eta izen onetsia.

Erabilerak aginduko du, beti bezala. Aukerak eskura jartzea izan da sarrera labur honen helburua.

โ€ฆ izen gardenez ikusi, izen biziaz ezagutuโ€ฆ

Esadazu zure izena