Itzultzaile-interpreteak eta euskararen normalizazioa (I)

Lamia Filali-Mouncef Lazkano eta Patricia Jorge Kuartango

Euskararen normalizazioa gure gizarteko herritarrok bizitzako eremu orotan euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erosotasunez aritzera heltzeko gizarte-aldaketa gisa definitu daiteke, bigarren Euskaraldiak aldarrikatzen zuen bezala[1]. Hau irakurtzen gabiltzan guztiok ondotxo dakigu, ordea, etorkizun bizigarriago eta lasaiago hori eraikitzea zaila dela; kontraesanez, zalantzan jartzez eta oldarkeriaz betetako prozesua izan daitekeela.

Neurri batean, behintzat, gure hizkuntzari bizi berri bat emateko marko instituzional bat eskaintzen du egun indarrean dagoen Hizkuntza Politika eta Plangintzak (aurrerantzean, HPP), nahiz eta argi dagoen, batetik, alde izugarria dagoela marko instituzional batzuen eta besteen artean, lurraldea zein den, eta, bestetik, marko hori zein berau aurrera eramateko baliabideak labur geratzen direla.

Baina hizkuntza bat normalizatzea HPP instituzional bat izatea baino prozesu askoz zabalagoa eta konplexuagoa da, izatez, eta administrazio, teknikari eta aholkularitza bakan batzuen inplikazioa baino dezente gehiago eskatzen du, edozein aldaketa sozialek bezalaxe.

Prozesu hori modu planifikatuan egiteko martxan jarritako tresna inportante bat euskara-planak dira. Gizarte zabalarentzat ezezagunak diren arren, genero- edo ingurumen-planek bezainbesteko zeharkakotasuna dute edo izan beharko lukete, eta hizkuntz eskakizunetatik haratago doaz, herritar gehienak nagusiki horretan fijatzen badira ere.

Euskara-planen bueltan daude antolatuta, besteak beste, erakunde publikoetan zein enpresetan zehar barreiatutako euskara-zerbitzuak eta euskara-batzordeak, barne- zein kanpo-kontratazio formetan. Ezin dugu ahaztu plan horien anbizioa, finean, mikrotestuinguru jakin batean aldaketa bat burutzea dela: elkarte batean, enpresa batean, erakunde bateko sail bateanโ€ฆ Alegia: berrogei urte daramagu plangintzaldiro helburu txiki egingarri batzuk finkatzen eta helburu horien jarraipena egiten, aldaketa gradual batean murgilduta, EiTBn, Osakidetzan eta Administrazioetan, bai, baina baita Eroskin, Mutualian edota Ekonomisten Elkargoan ere.

Planei esker, komunitatearentzako arnasgune berriak urratzeko bide bilakatzen da eguneroko hainbat ekintza. Normalizazio-ekintza soil horiek egiten dituena teknikaria, itzultzaile-interpretea zein beste edozein langile izan, prozesu beraren parte dira: errotulu batzuk itzuli edo berrikusi; hizkuntza-irizpideak indarrean jarri; astean bazkalordu batean euskaraz arituko direla adostea langileek; hitzaldi baterako interpretearen presentzia negoziatu, hizlariak euskaraz egiteko aukera izan dezan; aplikazio bat ganoraz itzuli ahal izateko, testuinguruari buruzko azalpenak exijitu; euskara-klaseetara joan, euskara teknikoko tailerretara, mintza-praktikara, astean 3 orduz; Excel euskaraz erabiltzen ikasi…

Gezurra badirudi ere, ez diogu askotan erreparatzen jende askok egunero prozesu hori hezurmamitzeko egiten duen lanari, modu planifikatuan 40 urtez martxan daramana. Gaude euskalgintzako eragileok ere, neurri handi batean, ahaztu egin dugula zein herri-giharretatik gatozen, eta euskararen normalizazioa martxan den aldaketa sozial batekin lotu baino, gero eta gehiago erakundeen eta sektore profesional baten zeregin gisa identifikatzen dugula. Hots, garai batean herritar askok erakundeak eta enpresa handi, ertain zein establezimendu txikiak euskalduntzeko eragile gisa ikusten zuten euren burua. Hala izaten jarraitzen al du? Gutako zenbat bizkaitar joan da abenduaren 3an Bilbon deituriko manifestaziora? Zenbat joango gara abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak deitutakora?

Gauzak horrela, zein da eta zein izan beharko litzateke itzultzaile-interpreteon rola ekosistema horretan? Zer leku du gure lanbideak HPPan? Eta normalizazioan, oro har? Guk kudeatzen ditugu gure lanbideari dagozkionak, ala kudeatu egiten dizkigute? Behar besteko presentzia daukagu erabaki-esparruetan? Inplikatu egiten gara, ala bertan-goxo gaude?

Gure ustez, horri guztiari buruzko gogoeta egitea mesedegarria litzateke; are gehiago, ikusita azken urteotan zelan eta zein azkar aldatzen ari den dena (sektorearen zaurgarritasuna, egoera soziolinguistikoa, adimen artifiziala, euskararen aurkako oldarraldi judiziala, hizkuntza-aniztasunaren galera…). Gauza asko hausnarrerako, eta leku gutxi, lerrootan.


[1] Dena dela, jakin badakigu tradizioz tradizio ezberdin kontzeptualizatu izan dela normalizazioa. Marko anglofonoan, adibidez, plangintza eta politika gero eta hurbilago daudela iritzita, Hizkuntza Politika eta Plangintzaz hitz egiten hasi ziren (Larrinaga, 2019: 38). Esaterako, Larrinagak bere tesian (2019) Thomas Ricentoren kontzeptualizazioak gure testuingurura egokitu zituela esan daiteke, eta euskararen behetik gorako politikaren garrantziaz aritu zela. Era berean, berriki Beitiak (2025) euskararen normalizazioa kontzeptualizatzeko egon diren modu ezberdinak (hizkuntza-kulturak) eta tentsioak oso era interesgarrian laburbildu ditu, bakoitzak zer emaitza ekarri duen azalduz.

Larrinaga, A. (2019). Euskal telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan [Euskal Herriko Unibertsitatea]. https://dialnet.unirioja.es/servlet/tesis?codigo=223629.

Beitia, I. (2025). Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa: Lautadako Kuadrillako Kasua [Euskal Herriko Unibertsitateko gordailuan].

Hausnarketa bat Euskararen Egunaren harira

Garazi Goldarazena Sanchez eta Leire Lakasta Mugeta

50 urte bete berri dira Franco hil zenetik. Ohean hil zen diktadorea, dena lotuta eta ongi lotuta utzi zuela. Hain zuzen ere, 78ko erregimenak eta ustezko trantsizioak ez zuten frankismoarekin erabateko hausturarik ekarri, eta horren adibide dugu Euskal Herriko langileriaren autodeterminaziorako eskubidearen ukatzea, baita berekin dakarren euskararen kontrako oldarraldia ere. Horrekin lotura estuan, hamaika dira azkenaldian indartzen ari den gorakada erreakzionarioaren adibideak, eta ezin dugu ahaztu halakoek, beste gauza askoren artean, euskara bera ere jopuntuan jartzen dutela.

50 urte dira, halaber, Gabriel Aresti hil zela. Horren karietara, hainbat ekimen antolatu dira urtean zehar. Guk gaurkoan Arteka aldizkariak Gabriel Arestiren omenez egindako alean argitaratutako artikulu bat ekarri nahiko genuke, Aitor Bizkarraren โ€œBakeak euskarari kalte egiten baitioโ€[1], hain zuzen ere. Bertan, euskararen auziaz ondutako zenbait ideia aurkeztu zituen, eta ideia horietako batzuk ekarriko ditugu lerrootara, hark azaldutako hainbat kezka konpartitzen baititugu geuk ere.

Hori esanda, hasieratik argi utzi nahiko genuke ez garela ez soziolinguistak, ezta hizkuntzalariak ere. Finean, ez gara gaian adituak. Jarraian idatzitakoa hausnarketa xume eta zintzo baten emaitza besterik ez da, bizi dugun garaian euskararen alde egiteko eskuartean izan dezakegun horretatik tiraka. Kulturgintzan, itzulpengintzan jarduten dugu guk (nolabait), baina argi dugu euskararen auzia politikoki pentsatzea ere dagokigula, gure esparrutik ere ekarpena egitea. Hain zuzen ere, gaur Euskararen Eguna dugunez, euskararen auziari heltzea erabaki dugu gure lehen artikuluan.

Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren aipu ezagunenetarikoa da euskararen misterioa ez dela haren jatorria, haren iraupena baizik. Bizkarrak abiapuntu egokitzat jo zuen, askoz interesgarriagoa baitzaio jatorri historikoa baino gehiago arrazoi historikoa bilatzea, euskarak iraun izanaren kausak eta hura biziberritzearen posibilitate baldintzak aztertu nahi badira behintzat.

Ekologia linguistikoaren ikuspegitik, hizkuntzen balioa ez da soilik komunikazio-tresnak izatera mugatzen, badago hizkuntzetan zerbait baliotsua dena berez. Euskal Herriaren kasuan, euskara hizkuntza gutxitua dugu, ofizialtasun- eta sustraitze-gradu aldakorrekoa eta diglosia-egoeran dagoena. Bizkarraren hitzetan, baina, euskara ere bada elementu zentrala giza talde oso esanguratsu baten identifikazio-prozesu soziokultural eta, are, politikoetan; hau da, ez da komunikazio-tresna soila, nortasun kultural eta politiko kolektiboen osagai garrantzitsua ere bada. Hizkuntza-komunitate horren partaideak askotarikoak dira, hau da, hiztunak izateaz gain, beste determinazio batzuek ere ezaugarritzen dituzte: klase-kondizioak, esaterako. Ildo beretik, Bizkarrak dio hizkuntza-komunitate horretako langile-sektoreak izan direla Euskal Herriko aktore politiko eta sozial dinamikoena eta hala izaten jarraitzen dutela, bizitasun hori apaldu bada ere.

Iรฑaki Iurrebaso soziolinguistak ere ziklo linguistikoen periodizazioari buruz idatzi zuen[2], eta ordezkapen-, biziberritze- eta geldotze-aroak zerrendatu zituen. Geldotze aroan gauden honetan, azken bi hamarkadetan, hain zuzen ere, 1960tik aurrera izandako hazkundea moteltzen ari da, eta zenbait arlotan atzera egiten. Alegia, indarberritzea gelditu da, eta ez aurrera ez atzera gaude. Bizkarrak, bere aldetik, Iurrebasok proposatutako ziklo linguistikoek ziklo politiko, ekonomiko eta kulturalekin lotura dutela iradokitzen du, eta Euskal Herriaren eta euskararen bilakaera historikoaren errepasoa egiten du ikuspegi hori aintzat hartuta. Guk, luzera mugak tarteko, ez dugu horretan sakonduko, baina esanguratsua iruditzen zaigu euskararen aldeko borroka askatasunaren aldeko borrokarekin lotu izana.

Joera demografikoek, halaber, eragin handia izan dezakete hizkuntzen bilakaeran. Azken datuek alarma piztu dute, joera horiek zedarritutako geroa akaso meharregia izan daitekeelako euskararen etorkizunarentzat. Ikerketa batzuen arabera[3], 2036rako euskal hiztunak zaharragoak izanen dira, inguru erdaldunagoa izanen dute gehienek, etxean nagusiki gero eta gutxiagok erabiliko dute euskara, ezagutza maila apalagoa izanen dute, eta erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko dira.

Datuen arabera, Euskal Herriko zenbait tokitan euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera altuagoa da euskararena baino; eta datozen urteetan, atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen eginen du gora. Bistan denez, horrek eragina izanen du egoera soziolinguistikoan.

Aldaketa demografiko horrekin batera, migratzaileen kontrako diskurtso erreakzionarioak hedatzen hasiak dira, baita zenbait euskaldunen artean ere. Baina, izanen duen eragina eta ekarriko dituen erronkak errealak izanagatik ere, Bizkarraren iritziz, ustez euskara babestu nahian, euskararen diglosia-egoera indartu baizik ez du egiten jarrera atzerakoi horrek. Iurrebasoren ziklo linguistikoen periodizazioari jarraikiz, argigarria da arestian aipatutako biziberritze aroa hain justu Euskal Herriak sekula jaso duen immigrazio olaturik handienaren ondoren etorri zela. Bizkarrak argi dio, ez dira migratuak euskararen aurkako mehatxua, haiek bigarren mailako subjektu izatera kondenatzen dituen dinamika soziala baizik. Areago, immigrazioa eta euskararen ordezkapena korrelatiboak izan litezke baldintza jakinetan, baina ezin dugu ondorioztatu bataren eta bestearen artean kausa-efektu erlazio erabatekoa dagoenik; eta egiazki, Bizkarraren ustez, immigrazioa eta hizkuntz ordezkapena korrelatibo egiten dituen faktoreetako bat izan daiteke, hain justu, diskurtso erreakzionarioa, langile euskaldunen eta migratuen arteko segregazio soziala, politikoa eta kulturala indartzen baititu. Beraz, uste dugu ideia erreakzionarioak baztertu eta euskararen auzia politikoki pentsatu beharra dugula, zehatzago esateko, klase ikuspegi batetik.

Horiek horrela, eta artikuluari bukaera emateko, berriro argitu nahi dugu kezka eta intuizio zintzo batzuetatik abiatutako hausnarketa dela honakoa. Euskararen erabilerari buruz hitz egiteko blog honetara ekarri nahi izan ditugu ideiok, uste baitugu itzulpengintzan eta, orokorrago, kulturgintzan dihardugunok ere badugula zer pentsatua euskararen aldeko borrokari ekarpena egiteko. Gure ustez, borroka horrek askapenaren aldeko mugimendu batekin lotuta egon behar du.


[1] Bizkarra, Aitor (2025). โ€œBakeak euskarari kalte egiten baitioโ€. Arteka, (61), 31-45.

[2] Iurrebaso, Iรฑaki (2023). Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. [Doktore-tesia] UPV/EHU.

[3] Siadeco eta UEMA (2025). Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa. https://www.2022.uema.eus/wp-content/uploads/2025/07/Norantz-doa-euskara_Hego-Euskal-Herria-2036-proiekzio-demolinguistikoa_202…artxoa.pdf

ยซZuzenketa ikus-entzunezkoetanยป, elkarrizketa Ane Garmendiari

Joan den astean, ATRAE elkarteak “Por una traducciรณn humana” izeneko kanpaina abiarazi zuen adimen artifizialak ikus-entzunezkoetan nola eragiten duen erakusteko, eta, aldarrikapen horren ildotik, iruditu zaigu merezi duela urriaren 27an Zuzentzaileen Nazioarteko Egunaren harira Ibai Sarasuak Ane Garmendia itzultzaileari egindako elkarrizketa berreskuratzea, ikus-entzunezkoen arloko zuzentzaileen eginkizunari buruzko zenbait kontu interesgarri ekarri baitzizkiguten.

Hemen duzue elkarrizketa osoa:

Gizonak, gizakiak, pertsonak

Beรฑat Sarasola Santamarรญa

Sarritan esaten da, zentzuz, itzultzea dela idazten ikasteko biderik taxuzkoenetako bat. Ez da hainbeste esaten baina editatzetik ere irakaspen ugari jaso ditzake idazle edo itzultzaile gaiak. Munduko Poesia Kaierak bildumako aleak editatzen jardun nuen denboran kontziente naizena baino gehiago ikasi nuen ziur aski, halako ikaste prozesuak isil-gordekoak izaten dira eta. Haatik, gogoan dut itzultzaileekin lanean sortutako zalantza bat baino gehiago, eta haietako bikain batekin gertatuaz idatzi nahiko nuke oraingoan.

Poeta baten kaiera ari ginen editatzen, bada, eta poema batean, zeina espetxeen kontrako eta giza duintasunaren aldeko aldarria baita, poetak erruz erabiltzen zuen, espainieraz, hombre hitza.

Las cรกrceles se arrastran por la humedad del mundo,
van por la tenebrosa vรญa de los juzgados:
buscan a un hombre, buscan a un pueblo, lo persiguen,
lo absorben, se lo tragan.

Horrela hasten da poema eta lerro indartsu bat baino gehiago du hombre-rekin bilbatua, adibidez: Ser libre es una cosa que sรณlo un hombre sabe. Espainieraz dakitenek badute hitzaren polisemiaren berri. DRAEren arabera, hona adierak:

1: Ser animado racional, varรณn o mujer. El hombre prehistรณrico.
2: Varรณn (โ€– persona del sexo masculino).
3: Varรณn que ha llegado a la edad adulta.
4: Varรณn que tiene las cualidades consideradas masculinas por excelencia. ยกEse sรญ que es un hombre!
5: Marido o pareja masculina habitual, con relaciรณn al otro miembro de la pareja.
6: Antiguo juego de naipes semejante al tresillo, de origen espaรฑol, que se extendiรณ por Europa en el siglo XVI.
7: En algunos juegos de naipes, persona que dice que entra y juega contra las demรกs.
8: U. para indicar sorpresa o asombro, o con un matiz conciliador. ยกHombre, no te enfades! Hombre, no hay que ponerse asรญ, Marรญa.

Adiera sorta osoak du, segurki, nondik aztertua, baina guri, kasu honetan, lehenengo biak interesatzen zaizkigu. Hombre genero maskulinoari erreferentzia egiteko erabiltzen da baina erabili izan da, hedaduraz (horratx genero nagusikeria), giza espezieko banakako guztiei erreferentzia egiteko. Pentsa, lehenengo adiera da oraindik ere!

Poema irakurrita bistakoa da poetak adiera horretan erabili zuela hitza, hots, gizakiari erreferentzia egiteko, izan gizonezko, emakumezko edo beste genero identitateko. Lehenengo ahapaldiari begiratuz gero argi agertzen da, pertsonifikazioa erabiliz, entitate orokorrez ari dela: gizakia, aberria. Ez, beraz, gizon bati edo gizonei buruz. Itzultzaileak, horregatik, โ€œpertsonaโ€ kontzeptua erabiltzea deliberatua zuen. Arestiko beste adibidea erabiltzearren: โ€œPertsonak soilik daki libre izatea zer denโ€.

Honaino zentzuzkoa dirudi denak, baina editatzen ari nintzela zerbaitek tarrat egin zidan belarrian. Izan ere, garbi dago poetak ser humano zuela buruan poema idaztean baina hitzera ekartzean hombre kontzeptuaren alde egin zuen, beste alternatiba batzuk eskura zituenean. Persona bera, urrutira joan gabe. Orduan, galdera da, autoreak ez bazuen persona erabili, egoki ari ote da itzultzailea termino hori baliatuta? Pertsona jarri nahi izan balu ez zukeen, bada, persona idatziko?

Hermeneutika klasikoan intentio auctoris (autorearen intentzioa) eta intentio operis (obraren intentzioa) bereizi izan da, eta argi dago literatur lanak aztertzerakoan kontuan izan beharrekoak direla. Gure kasuan, galdera honakoa litzateke: itzultzaileak zer itzuli behar du? Autorearen intentzioa? Obraren intentzioa? Biak (posible al da beti)? Hau da, ontzat ematen badugu poetak hombre hitzaren lehenengo adiera zuela buruan eta bere intentzioa gizaki guztiei erreferentzia egitea zela, logikoa dirudi โ€œpertsonaโ€ hitza erabiltzea. Alabaina, poetak buruan zuenaz harago, argudia liteke hombre erabiltzeak (eta beraz, ez beste bat, persona, adibidez) bestelako oihartzun batzuk (generozkoak, besteak beste) ere ekartzen dituela eta obrak hori ere esaten duela. Alegia, itzultzailearen egitekoa ere badela, ahal dela, oihartzun horiek jasotzea.

Beste kontu batekin ere erlazioa du auziak: itzultzaileak zer egin behar du, hizkuntza itzuli edo itzulpen kulturala ere egin behar du? Alderdi kulturala kasu guztietan itzuli behar da? Izan ere, kasu honetan beste kontu eratorri bat da zein tarte utzi behar zaion irakurleari interpretazio kulturala egin dezan, edo zein puntutaraino egin behar duen hori itzultzaileak, jatorrizkoa egungo testuinguru kultural-historikora ekarriz. Hau da, hombre hitzaren erabilera generikoa mantendu behar du itzultzaileak, bere genero karga guztiarekin, eta irakurlearen esku utzi ohartzea garai eta kultura jakin bateko testua dela eta horregatik agertzen dela termino hori horrela (nahiz eta egun, akaso, hozkia eragin)? Edo poetari lagundu behar dio itzultzaileak eta poeta horrek gaur egun hautatuko lukeen hitza imajinatu?

Oihartzunez hitz egin dugu eta ez dute soilik jatorrizko hitzek oihartzun egiten, itzulpenetakoek ere bai, jakina. Gizonkeria ekidin aldera โ€œpertsonaโ€ erabilita ere hitz horrek ere baditu beste konnotazio batzuk, genero kontuaz harago, jatorrizkoak ez dituenak. Filosofiaren esparruan, esaterako, ez dira baliokideak pertsona, gizakia, indibiduoaโ€ฆ Beraz, alde horretatik ere galera izango genuke. Jakina da, itzulpena ur jauzi bat kortxo batekin estaltzen saiatzea da; horregatik du halako meritua!

Itzultzaileari planteatu niona izan zen jatorrizko genero karga mantentzen saiatuko nintzatekeela ni eta irakurlearen esku uzten, nahi izanez gero, irakurketa kritikoa. Euskaraz, โ€œgizonโ€ litzateke, berez, ordain argiena. Ez hori bakarrik, Euskaltzaindiaren Hiztegiak bigarren adiera modura dakar terminoaren ulerkera generikoa. Hori bai, kurioski, Euskara Batuaren Eskuliburuak baztertu egiten du erabilera hori: โ€œGizon, berriz, gizaki arra da, ez generikoa; hitz markatua, beraz.โ€

Edozein kasutan, tradizioan terminoaren erabilera generikoaren kasu enblematikoa dugu, poesian gainera: Gabriel Aresti. Beti dabil gizona gora, gizona behera: โ€œEz ezazue tapa / gizonaren ahoaโ€. Eta abar luze bat. Eta itzulgai zen poeta (Miguel Hernandez, dagoeneko esan dezakegu) primeran kokatzen da Arestiren tradizioan, bion karga soziala aintzat hartuta besteak beste, eta hori ere kontuan hartzekoa iruditzen zitzaidan, poesia itzultzen ari garelarik. โ€œGizonโ€ hitza gogorregia iruditzera, โ€œgizakiโ€ ere hor zegoen, โ€œgiza-โ€œ horrek gordetzen duen jatorri etimologikoarekin: jakina denez, โ€œgizonโ€etik dator. Bistan da, ez da hain erraza gizonongandik libratzea.

Azkenean, nire gomendioak alferrikakoak izan ziren eta itzultzaile maiteak (Josu Landak, dagoeneko esan dezakegu) bereari eutsi zion. โ€œPertsonaโ€ erabili zuen eta, neurri batean, egungo irakurleari bidea erraztu eta, ziur aski, autoreari laguntzatxoa eman. Zer nahiago, orduan: gizonak, gizakiak, pertsonak? Esana dugu, itzultzea ur jauzi bat kortxo batekin estali nahi izatea daโ€ฆ

Zer egin historia aitonaren kutxan dagoenean

Eider Beobide Urkizar

Frankismo garai bete-betean, euskarari nolabaiteko bultzada emateko asmoz, gazte talde bat elkartu eta irakurketa dramatizatuak egiten hasi zen. Hasieran, antzerkia aitzakiatzat soilik hartuta, amaierarako, euskal antzerkigintza errotik aldatu zuen. Jarraiantzerki taldeaz ari naiz, zeinak ia hamarkada bateko ibilbidea eta belaunaldi berrien grina batu zituen, euskarari eta euskal kulturari ekarpen esanguratsuak eginez. Korronte iraultzaile eta abangoardistakoa zen eta ikuspegi berritzaile eta gaztea ekarri zuen, indar hegemonikoari kontra egin nahi zion belaunaldia baitzen. Garai bertsuan aritu zen Toribio Alzagak sorturiko eta Maria Dolores Agirrek jarraipena eman zion Euskal Izkera eta Iztunde Eskola; hura, ordea, kostunbristagoa eta tradiziozalea zen eta euskal ohiturak, hizkera eta ereduak gizarteratu nahi zituen berriz. Donostiako bi antzerki talde horiek dira teatro zaharraren eta berriaren adierazleak[1].

Jarrairen lehen taularatzeetako bat 1960ko San Tomas egunekoa izan zen: Pedro Muรฑoz Seca-ren Nor da Erruduna? euskaratu eta antzeztu zuten. Segidan etorri ziren beste hainbat itzulpen ere, taldeak izandako ibilbide oparoan, tarte handia eman baitzien euskaratzeei. Taldekideentzat garrantzi handia zuen itzuliko edo moldatuko zituzten testuak ongi hautatzeak, eta, horren ondorioz, hautaketa landua burutu zuten. Ez da erraza euskarara zer ekarri eta zergatik erabakitzea โ€•eta garai hartan uneak zuen garrantzia politiko-historikoagatik, are zailagoaโ€•, baina beren ikuspegi berritzaile eta gazteak argi utzi zuen gizartea eraberritzeko eta euskara sustatzeko berariazko bultzadak eman nahi zituztela. ยซHerriak zer behar du?ยป galdetu zioten beren buruari, eta teatro berria eskaini zioten.

Itzulpenei esker lortu zuten, besteak beste, teatro berri hori gure oholtzetara sartzea: ideia zaharkituen aurkako atzerriko antzezlan iraultzaileak euskaratu zituzten eta, era horretan, euskal hiztunengana hainbat izen handi gerturatu, hala nola Tennesse Williams, Eugene O’Neill, Arthur Miller, Eugรจne Ionesco, Fredrich Dรผrrenmat, Albert Camus eta Enrique Jardiel Poncela.

Itzultzaileen lana, aitzitik, apur bat itzalean geratu zen beste behin, eta gaur egun ere ez dugu aski goraipatu. Haietako batzuk euskal kulturgintzako izen handiak bihurtu dira eta hainbat alorretan jarraitu dute urte luzez lanean, haien izenak berak hain ezagunak ez izan arren; haien artean daude Nemesio Etxaniz, Lukax Dorronsoro, Julen Lekuona, Xalbador Garmendia eta Iรฑaki Beobide, esaterako.

Azken hori izan zen gure aitona, eta noizbehinka haren kontuak agertzen zaizkigu oraindik amonarenean. Haren kutxa bati begira idazten ditut lerro hauek, haren oroitzapenekin zer egin erabakita eduki arren, haren ondarearekin zer egin hautatzea ez zaidalako hain erraza. Bizi zen artean ere kutxarantz indarrez tiratzen ninduen, eta horrexegatik aritu nintzen halako material-sailkapen bat egiten Olatz Beobide izeba eta aktorearekin.

Aitonaren kutxan begira denetarik topatu genuen, kartelak, diru-kontuak, itzulpenak, gutunak eta antzezlanak, den-denak Jarrairi buruzkoak eta haren bueltakoak. Horien artean zegoen aipatzekoa den altxor bat: Gabriel Arestiren Beste mundukoak eta zoro bat. Haren heriotzatik 50 urte igaro diren honetan, bereizgarri zuen estilo berriarekin Jarraiko kideentzat propio idatzi zuen tragikomedia da. Antzezlan harekin teatro berria hasi zela zioen Letek 1965eko elkarrizketa batean (beste hainbat perlarekin batera)[2]. Teatro mota harekin lortu zuen nolabait Jarraik euskaldun publikoa inoiz baino gehiago gerturatzea antzerki mundura, baita euskaldunon mundu txikira atzerriko antzezlan berritzaileak gerturatzea ere. Idoia Gereรฑuk ezin hobeki azaltzen duen moduan, ยซArtearekiko kezka eta jakin-mina euskaradun xumearen eskubidea ere bazela defendatu zuenยป[3].

Kutxa horren alboan mila galderaz bete nintzen. Zer egin ohi da halakoetan topatutako material guzti horrekin? Merezi duen eran sailkatua eta digitalizatua izatea litzateke bidea; umedadeak jaten amaitzea, tristea. Zer behar dugu gaur egun itzulpengintzatik antzerki mundua indartzeko eta abangoardia bultzatzeko? Izan gaitezen ausartak eta saia gaitezen gure mundura ekartzen atzerrian irakurtzen ditugun berrikuntzak, saia gaitezen euskal hiztunak testu literario finez janzten, eta euskaratzen iraultzailea izan daitekeen oro, halako herri bat nahi badugu.

Gure aitonak eta amonak izan zuten diskoetxean inspiratuta egin berri dute Haatik dantza konpainiakoek OTS dantza emanaldia, Herri Gogoa zigiluaren beraren katalogoa erabiliz soinu-testigantza eta dantza uztartzeko. Iraganeko mugimendu kultural abangoardista egungoarekin lotzeko saiakera zintzoa izan da. Ikusi ez duenarentzat, hementxe gomendioa.

Hausnartu beharko genuke zer egin ez soilik materialarekin, baita utzitako ondarearekin ere. Gazte haien indarra egun ere badaukagu; itzulpengintza baliatu beharko genuke, hortaz, abangoardiako mugimendu kulturalak bultzatzeko eta gureganatzeko. Euskaratzeak badu eta indarra; behar dugu kaleetan eta oholtzetan. Askotan esan ohi da itzulpenak izan behar duela zubia, baina gure esku dagoena egin beharko genuke itzulpena mailua ere izan dadin.


[1] Gereรฑu Odriozola, I. (2016). Jarrai (1959-1968), hito del teatro vasco de vanguardia

[2] https://www.argia.eus/argia-astekaria/100/arestiren-beste-mundukoak-eta-zoro-bat-ekin-teatro-berria-asi-zelaesan-genezakegu-dio-letek

[3] Gereรฑu Odriozola, I. (2018). Bazegonk amairu jarrai gabe?

Zurezko edo egurrezko

Xabier Olarra

Gai honetaz argi bila jotzen badugu Euskaltzaindiaren Hiztegira, honako definizio hauek aurkituko ditugu:

zur
1 iz. Zuhaitz eta zuhaixken enbor, adar eta sustraiak osatzen dituen gai izpitsu eta trinkoa, bereziki lantzeko eta gauzakiak egiteko erabiltzen dena. (-r- bakunarekin). Pago horren gerriak badu hamar metro kubo zur, buruak hamar tona egur. Gereziak ere zur ederra du. Setingo zur iraunkorrez egina. Zur landuz egindako jainko irudiak. Urteetan urpean egonda ere, zerratokian zur ona ematen omen du. Zuraren giharra eta gizena. Zur lana. Zur-lantzailea.
2 iz. Zur puska. Zur baten gainean etzanik.
egur
1 iz. Zuhaitzaren enbor edo adar zati handia; bereziki, multzokari gisa, su egiteko erabiltzen dena. Ezaguna da “egurra” ez dela “zura”. Egur birekin eginiko gurutzea. Egur batzuk surtan, eta egurren artean baba eltzea. Haritzak azala, zura, ezkurra, egurra, guztiak oso onak ditu. Pagoaren egurra, nahiz ikatza nahiz sua egiteko, onenetakoa. Egur mehe guztia maizterrarentzat. Elur-melur, ez nauk hire beldur: etxean baditiat arto eta egur. Egur zama bat. Hiru gurdi egur. Basoan egur biltzen. Egur hezearen kea.
2 iz. Zura. Zuhaitz honen egurra gogorra da eta zuria.

Ikusten denez, โ€œegurraโ€ bigarren adiera batean โ€œzuraโ€ ere bada. Dena dela, bagara batzuk (hainbat lekutan zaharkitua gelditzen ari den) bereizketa hori egiten dugunak: beraz, batzuontzat, zura โ€œgai izpitsu eta trinkoโ€ hori da, eta egurra, berriz, sutarako erabiltzen den zura.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasera begiratuta, ikusten da mendebalderantz jo ahala egurrak hartu duela zuraren lekua. Hala ere, badira adibideak adierazten dutenak โ€œzurezkoโ€ Ezkioraino iristen zela, bizkaieraren mugatik hurbil, beraz.

Esan liteke gehiagotan entzun daitezkeela Nafarroan (edo Iparraldean) โ€œzurโ€, โ€œzurezkoโ€ edo โ€œzurajeโ€ hitzak Gipuzkoan baino. Gure etxean (Tolosan) sutarako egurra edo ikatza erabiltzen zen, baina bazen sukaldean koilara โ€œbereziโ€ bat โ€œzurezko kutxareaโ€ esaten zitzaiona. Horregatik egiten zait hain arrotza gaur egun irakurtzea โ€œegurrezko koilaraโ€ eta gisakoak, eta horregatik egiten dut, egokitzen zaidanean, aipatu dudan bereizketa hori.

Antzeko zerbait aurkitu dut atlas horretan egur/zur erabilerari dagokionez Elduainen: nik umetan bezala, โ€œzurezkoโ€ erabiltzen dute kutxarearen kasuan, baina ez armairuak edo aulkiak egiteko materiala aipatzean.

Ereduzko prosan ere begiratu dut, eta denetik aurkitu dut, jakina. Badira idazle eta itzultzaileak bereizketa zentzuz egiten dutenak, badira โ€œzurโ€ sekula erabiltzen ez dutenak, eta badira bata zein bestea โ€œnahasianโ€ erabiltzen dutenak: liburu batean โ€œzurezkoโ€, beste batean gauza bera esateko โ€œegurrezkoโ€: โ€œzurezko hankaโ€ orain, eta beste liburu batean โ€œegurrezko hankaโ€.

Dena dela, ikusi dut Elizen Arteko Biblian oso ondo egiten dutela bereizketa. Kasu bakarra da itzultzaileren bati eskapatu zaiona: โ€œArotza eta egurrezko idoloakโ€ (Jkd 13,10 tit). Beraz, liburu horretan Jainkoaren hitza omen dagoenez, jarrai dezagun bide zuzenetik, eta utzi alde batera โ€œegurrezko idoloakโ€.

Ulertzeko gauza denak uler beza (Mt, 11- 15).

Halabiz.

Euskal interpretazioa akademian?

Leire Azkargorta Mintegi

Efemeride asko biltzen dituen eguna da azaroaren 20a eta, horien artean, konferentzia-interpreteen nazioarteko eguna ere badugu. Hain zuzen ere, atzo bete ziren 80 urte Nurenbergeko epaiketa ezagunetan konferentzia-interpreteen lanbidea jaio zenetik, eta eragile askok izan dute urteurrena gogoan. EIZIEk ere honela ospatu zuen atzokoan.

Dena den, gauza jakina da laurogei urte baino askoz ere gehiago dituela interpreteen lanbideak, eta ziurrenik itzulpengintzak baino historia luzeagoa duela, suposatzen baita testuak idatzi aurretik egiten zela.

Hala ere, Interpreting Studies edo Interpretazio-ikasketak deritzon diziplina akademikoak ibilbide labur samarra du, Translation Studies edo Itzulpen-ikasketak deritzonak baino laburragoa behinik behin (Gile 2004[1]). Daniel Gile interprete eta ikertzaileak azaltzen duenez, Itzulpen-ikasketak eta Interpretazio-ikasketak ahizpak balira, argi eta garbi Itzulpen-ikasketen diziplina izango litzateke ahizpa zaharrena, ikerketa-ibilbide luzeagoa egina baitu eta askoz ere arreta handiagoa jasotzen baitu ahizpa gazteenaren aldetik, alderantziz baino (Gile 2011 in Defrancq et al. 2020[2]).

Esan genezake Euskal Herrian ere joera horri jarraitzen diogula. Adibidez, EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketetan, interpretazioarekin lotutako ia ikasgai guztiak (Interpretazioaren Teoria eta Modalitateak izan ezik) hautazkoak dira; itzulpen-praktika gehienak, aldiz, nahitaezkoak dira.

Gure diziplinan euskaraz defendatutako doktore-tesiak ere joera horren adierazgarri dira: oker ez banago, itzulpengintzari buruzko tesiak 2000. urteaz geroztik idatzi diren arren, interpretazioari buruzko tesi bakarra dugu euskaraz gaur-gaurkoz, Claudia Torralbak 2024an defendatua.

Hartara, lan handia dago oraindik egiteko. Zorionez, EIZIEk, Senez aldizkariak eta blog honek berak gaiaren inguruko hausnarketa bultzatu dute urte luzez eta, beraz, euskal interpretazioa ikertu nahi duenak badauka non arakatu.

Nire aldetik, euskal interpretazioaren inguruko ikerketa akademikoa abiatu nuen 2024an eta, horren harira, arlo honetan orain arte egin dena eta egin ez dena aztertzen hasi naiz. Ibilbide laburra egin dut oraingoz, eta horregatik erabaki nuen 2025eko irailean Eslovakiako Banskรก Bystrica hirian antolatu zuten Translators, Interpreters, and Society konferentzian parte hartzea, ideiak hartzeko asmoz. Eta benetan esperientzia interesgarria izan zen.

Han bildutako zenbait kontu ekarri nahi nizkizueke hona:

Askotariko gaiak izan zituzten mintzagai konferentzian. Ikusi nuenez (eta espero bezala), adimen artifizialak ardura eta interes handia sortu du herrialde askotako itzultzaile eta ikerlarien artean, haien hizkuntza edozein delarik ere. Eta bestelako gai asko ere landu zituzten, besteak beste, aldizkarien itzulpena, itzultzaileen ahotsa literatura itzultzean, itzulpengintzaren garrantzi soziala, ikusezintasuna, itzultzaile eta interpreteen formakuntza eta abar.

Interpretazioaren inguruko hainbat aurkezpen ere izan ziren. Esate baterako, Poloniako doktoregai bat zera ikertzen ari da, 2022ko otsaila eta martxoan ukrainarrak Poloniara ihes egiten hasi zirenean, nolako rola izan zuten interprete ez-profesionalek Krakoviako tren-geltokian. Herbehereetako ikertzaile bat, aldiz, interpretazioan genero-markak kontuan hartzeaz aritu zen, eta genero gramatikala ez duen hizkuntza batetik baduen beste hizkuntza batera interpretatzeak ekartzen dituen arazoez. Finlandiako ikerlari batek azaldu zuenez, gizarte-zerbitzuetan aritzen diren interpreteek eragin zuzena dute zerbitzu horiek erabiltzen dituzten pertsonen muga eta aukeretan.

Lekuko ikerlariek ere hartu zuten hitza, adibidez, Eslovakiako zeinu-hizkuntza (SPJ) eta eslovakieraren arteko interpretazioaz hitz egiteko; bide batez, hitzaldia pertsona gor batek eman zuen, eta bizitzan lehen aldiz zeinu-hizkuntza batetik ahozko hizkuntza batera egindako interpretazioaren hartzailea izan nintzen, gainera errelearekin, gero eslovakieratik ingelesera egindakoa jaso bainuen. Hori ere oso esperientzia berezia izan zen.

Han ikusi eta ikasitakoak Euskal Herrira ekartzeak hainbat ikerketa-bide ireki ditzake: Nolako rola dute interprete ez-profesionalek gurean? Zein arazo ekartzen ditu euskaraz genero gramatikalik ez markatzeak gaztelaniara interpretatzean, eta zein aterabide egon daitezke? Zein leku du euskarak gure gizarte-zerbitzuetan interpreteak aritzen direnean? Interprete horiek euskararekin aritzen dira inoiz? Gaztelaniazko zeinu-hizkuntza (LSE) edota frantsesezko zeinu-hizkuntza (LSF) eta euskararen artean interpretazioa egiten da? Zein egoeratan?

Eta nolabait garrantzi zentrala izan dezakeen beste galdera bat: zein harreman dago euskal interpreteen lanaren eta euskararen egoeraren artean?

Izan ere, euskara hizkuntza gutxitua izateak halabeharrez zeharkatzen du euskal interpreteen lana eta, beraz, euskal interpretazioa ikertzean garrantzitsua da euskararen egoera soziolinguistikoa ere aintzat hartzea.

Banskรก Bystrican, ikerlari eslovakiar batek ideia interesgarri bat ekarri zuen ahotara: txekiera eta eslovakiera, estatu-hizkuntzak izan arren, ez dira hizkuntza handiak, eta interpreteek zeresan handia izan dezakete hizkuntza horiek hainbat eremutan erabiltzen direla bermatzean.

Bistan denez, euskal interpretazioak bide luzea du oraindik akademian egiteko, baina, zorionez, badu iturri askotatik edateko aukera.


[1]Gile, D. (2004). โ€œTranslation Research versus Interpreting Research: Kinship, Differences and Prospects for Partnershipโ€. In C. Schรคffner, Translation Research and Interpreting Research: Traditions, Gaps and Synergies (1st ed). Multilingual Matters.

[2]Defrancq, B., Daems, J. eta Vandevoorde, L. (2020). Reuniting the sister disciplines of translation and interpreting studies. In L. Vandevoorde, J. Daems, & B. Defrancq (Arg.), New Empirical Perspectives on Translation and Interpreting (1. arg., 1โ€“10. or.). Routledge.

Abatarren plaza digitalaz

Estitxu Irisarri Egia

Beste behin ere, adimen artifiziala (AA). Esango nuke testu honek aurreko astean Itziar Otegik aipatzen zuen magia eta Ane Garmendia Alberdik apirilean eta Maite Imaz Leundak urtarrilean aipatutako ardura dakartzala berriz gogora. Pare bat kontu aztertu nahi izan ditut neure buruari jarri diodan erronkatxo honekin; batetik, Whisper AA darabilen TurboScribe doako bertsioak euskarazko audioak transkribatzeko zer gaitasun duen eta transkripzio horietatik abiatuta HeyGen eta Synthesia baliabideek eskaintzen dituzten zenbait ahotsek duten ahoskera behatzea.

HEOCen nondik norakoak irakurtzen nabilen honetan, eskuz idatzitako eskema bat audioan grabatu dut. Audioa 30 minutu baino gutxiagokoa bada, osorik transkriba dezake TurboScribe delakoak eta egunean tamaina horretako 3 audio transkriba ditzakegu ordaindu gabe. Transkripzioaren zehaztasuna finkatzeko aukera ematen digu tresna honek; horretarako, 3 animaliaren artean hautatu behar dugu: gepardoa, delfina edo balea. Gepardoa da aukerarik azkarrena, baina, badakizue, azkar eta ondo, usoak hegan. Balea da zehatzena. Transkribatu baino lehen audioaren hizkuntza zein den adierazi behar dugu eta zerrendan euskara ere azaltzen da. Hautatutako doako AAk honela transkribatu ditu nire jardunaren 3 bat minutu:

(0:00) Eok, emillatua geitabat, elduen euskal duntzerako oinarrizko kurrikuluma, kurrikulumaren oinarriak, hogeita mar garran horrialdea. (0:18) Gaitasun komunikatibora eta ekintzetara bideratutako ikuspegia da, ikaslea gizartera gehiada eta ekintzak interesekoak izango dira. (0:33) Ekintzak komunikatiboa da elementua, ekintzak mundu sozialarekin loturadua eta komunikatiboak izkuntzenen munduarekin.
(0:52) Kurrikulumaren oinarria ikaslearen autonomia ere bada eta izkuntza eta ekintzak komunikatiboa oso tasunak dira, oso tasun dinamikoak. (1:09) Iztunak kontuan izan behar ditu testu eta testuingurua. (1:14) Ekintzak komunikatiboak okial hortzeko, ekintzak komunikatibo guztiak ezin lan du eta autonomia eta estrategia da dira helburuak.
(1:37) Maliak onarrizko lerruna, onarrizko erabiltzaia, abat eta abi. (1:45) Eguneroko gai buruzko euskarazko testu lagurrak ulertzea eta oz eta idatziz euskar alkarera ginean erabiltzea. (1:55) Lagur eta simple bainagoki eta erabinkor.
(2:00) Lerruna horreratua, erabiltzaia horreratua, bebat eta bebi. (2:06) Ikasleak oikutik testuinguru gai eta egoera ezagunetan instrukzioak, kontak eta lagurrak eta azalpen testuak ulertzea. (2:17) Eta oz, zein idatziz euskaraz, zehaztasunez eta erabinkortasunez erabiltzea.
(2:26) Adituaren lerruna, erabiltzaia aditua, zebat eta zebi. (2:33) Eremu profesional, publiko, zein pertsonalean ikaslea gai da eragustietako informazioa euskaraz trukatzeko. (2:41) Eralando eta jantzian.
(2:45) Elburu orokorrak berrogitabat garran horri aldea. (2:50) Entzunena, abat gai izango da eguneroko harremanetan testu lagurren gaia eta komunikazioa asmoa identifikatzeko. (3:01) Hitzak eta zapideak ulertzeko, naiz edukiari buruzko hipoteziak egiteko.

Denbora pixka bat itxaron behar dugu adimen artifizialak transkripzioa eskaini arte. Formatu desberdinetan jaisteko aukera ematen digu: .pdf, .docx, .txt eta .srt. Bideoaren azken bertsioa argitaratu baino lehen ezinbestekoa da transkripzioa eta audioa bat datozela ziurtatzea eta transkripzioan egin beharreko aldaketak eta zuzenketak egitea. Izan ere, zuzentasunaren aldetik hainbat aldaketa egin behar ditugu: ortografia, gaizki zatitutako hitzak, gaizki ulertutako edota asmatutako hotsak, etab.

Abatarra eratzeko, HeyGen azkarragoa eta eskuzabalagoa izan da. Synthesiak 63 minutu behar izan ditu bideo labur bat prozesatzeko eta ez dit eman bideo bat baino gehiago sortzeko aukerarik eta ezta sortutako bideoa editatu eta berriz ere gordetzeko aukerarik ere. Doako profilak, antza, ez du gehiagorako ematen. Hortaz, ondo ziurtatu behar dugu azken bertsioa erabat zuzenduta dagoela. Lortu dudan bideoan denboraren erreferentziak entzuten dira, zuzenketa fonetiko-morfologikoak egin gabe daude, etab. Bideoaren lotura hauxe da, baina esango nuke kontua izan ezean ezingo duzuela ikusi, eta ez duenez bideoa jaisteko aukerarik ematen, ezin izan dut hemen gehitu.

Nahiz eta HeyGenen transkripzioan denborari erreferentzia egiten dioten zenbakiak agertu, ez ditu irakurtzen. Horrez gain, bideoa jaisteko aukera ematen du eta baita editatzekoa ere; hiru bertsio egin ahal izan ditut eta ez dit gordetzeko arazorik eman; hilean 3 bideo sortzeko aukera omen dago. Halere kontuan izan behar dugu gure abatarrek ezingo dutela 3 minututik gorako jardunik eskaini. Hauxe azken bertsioa, zuzenketekin eta azpidatziekin:

Fokua abatarren ahoskeran jarrita, basque azentua ezarri arren, hainbat zuzenketa eta aldaketa fonetiko eta prosodiko beharko lituzkete euskara errealagoa izan dadin. Hainbat oztopo antzeman daitezke, esate baterako: siglak irakurtzerako garaian, hatxearen ahoskeran, e eta a bokalak nahastean, s eta z kontsonanteak ahoskatzean eta batez ere hitzen azentuekin, silaben banaketarekin eta, oro har, euskal prosodiarekin. Aitortuko dut emaitza uste baino politagoa izan dela eta ezpainen mugimendua ahoskatzen denarekin koherentzian doala ikustea pila bat gustatu zaidala, eta abatarrek mugimenduak izatea ere positiboa iruditu zait. Hori bai, aurretik aipatutako oztopo horiek sistematik aldatzeko aukera balego, bikaina litzateke; momentuz, besterik ezean, transkripzioan edo gidoian zenbait aldaketa egin daitezke eskuz.

Orairen Kimu hizkuntza eredu txikiaren berri izan dugu orain dela gutxi. Dirudienez, Orai NLP Teknologia Elhuyarren adimen artifizialeko zentroak jarri du martxan aipatutako euskarazko txatbota. Hurrengo pausoa izango ote dira abatar euskaldunak? Euskaldunok lortuko dugu euskarak testuinguru horretan tokia eta garrantzia izan dezan? Erabilera arduratsua egingo dugu? Teknologiarekin beti egon dira erreparoak eta adimen artifizialarekin ere bai, baina alderdi asko erraz ditzake egunerokotasunean. Euskara, jalgi hadi plazara zioen hark; hau ere bada plaza, digitala, baina plaza.

Irakurriaz ezin gozatu? Dislexia eta bertzelako irakurketa-nahasmenduak

Amaia Lasheras Perez

Lehengo urteko ikasturte hasieran, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ezartzekoa zuen plan bati buruz idatzi nuen artikulu bat blog honetarako. Artikulu hartan, neure buruari galdetzen nion ea zer egin zitekeen gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko, eta ea plan horretan formula magikorik eman behar ote ziguten horretarako. Egitasmo horretan parte hartu nuen joan den ikasturtean, eta, aurten ere, hor nabil buru-belarri, baina oraingoan, tutore-lanetan. Ez naiz, hala ere, gaurko idatzi honetan planari berari buruz mintzatuko. Hurrengo batean, beharbada; izan ere, baditu gauza aski interesgarriak. Beraz, zergatik ari naiz plan hori berriz hemen aipatzen? Kontua da haren harira dislexiari buruzko prestakuntza-saio ttiki bat jaso genuela, gerora zer pentsatu handia eman didana.

Hizlariak zioenez, dislexia duten pertsonen burmuinek bertze modu batean prozesatzen dute informazioa, eta horrek zailtasunak sortzen omen dizkie idatzizko mezuak hartzeko, baita papereratzeko ere. Nonbait irakurmenari eta lan egiteko memoriari lotuta dagoen garunaren atalak โ€œhutsโ€ egiten die.

Aurten, dislexia oso nabarmena duen ikasle bat daukat ikasgela batean, eta, ikusten dudanean zer-nolako arazoak dituen testu sinple-sinpleak irakurtzeko, neure buruari galdetzen diot nola eginen ote dion aitzin egungo bizitzari; izan ere, gure inguru guzia mezu idatziz betea dago, eta batzuk hagitz-hagitz garrantzitsuak izan daitezke bizimodu funtzional samar bat izateko. Jakin badakit ikasle horrek bertze estrategia batzuk garatu dituela dagoeneko, eta, adibidez, entzuten duen guzia ongi gordetzen duela buruan. Lasaitzen nau pentsatzeak gaur egungo gailu elektronikoek ere lagunduko diotela idatzitakoa ozen irakurriz, eta, adimen artifizialaren laguntzarekin, beharbada, aukera izanen duela testu horiek hobeki ulertzeko.

Dislexia edo irakurmenerako eta idazmenerako nahasmenduak gero eta ohikoagoak omen dira, edo, behintzat, gero eta maizago diagnostikatzen dira. Horrek bi gauza pentsaraz diezazkiguke. Batetik, zerbaitetan huts egiten ari garela eta horregatik topatzen ditugula gero eta kasu gehiago: pantailak, elikadura, kutsadura edo auskalo zer. Bertzetik, lehenago ere bazirela kasu aunitz, baina ez zirela identifikatzen eta ikaslearen alferkeriari edo gaitasunik ezari egozten zitzaizkiola. Buelta aunitz eman dizkiot gaiari. Zergatik eginen ote du giza burmuinak huts hain maiz? Zer egiten ahal dugu kontua hobetzeko? Prebentziorik egin ote daiteke? Baina, egun batean, โ€œargiaโ€ ikusi nuen.

Ohartu nintzen hagitz ikasle guttik zutela hitz egiteko nahasmendurik. Garapen โ€œnormalaโ€ dugun pertsona ia orok arazorik gabe eskuratzen dugu ahozko hizkuntza, ahoskera-arazotxo batzuk goiti-beheiti. Konturatu nintzen solastatzea prozesu erabat naturala zela gizakiarengan. Fonazio-aparatu batekin jaiotzen gara, eta ttiki-ttikitatik hasten gara hori martxan paratzen, imitazioz. Hiru bat urteren buruan, mintzatzeko gai izaten gara oraindik hagitz ongi ulertzen ez ditugun prozesu batzuei esker; batzuetan, gainera, hizkuntza batean baino gehiagotan. Baina idazketa-prozesua, aldiz, guztiz artifiziala da. Gizakiok orain dela bizpahiru milurteko asmatu genuen idazketa, eta, gainera, orain dela 150 urtera arte ez zen denengana hedatzen saiatu. Argi dago, beraz, gure burmuina ez zela sortu irakurtzeko eta idazteko. Hala, ez zait batere harrigarri iduritzen jende aunitzek prozesu artifizial hori bereganatzeko arazoak izatea. Naturala ez den zerbait eskatzen diegu pertsonei, eta, abilezia hori gizarteak estandarizatu bezala lortzen ez badute, erraten dugu beren burmuinean zerbaitek โ€œhutsโ€ egiten duela. Ez nago batere ados.

Egia da horretaz ohartzeak ez duela egiatan deus ere aldatzen. Bai, dislexia duten pertsonek jakinen dute bertzeak bezain gizaki perfektuak direla, eta, beharbada, lasaitu ederra hartuko dute. Gainerakook haienganako begirada aldatuko dugu, ez ditugu alfertzat, akastuntzat edo โ€œtontoโ€tzat joko. Baina arazoak hor iraunen du, gizarteak idatzizko testuz beteta segituko baitu. Orduan, zer egiten ahal dugu pertsona horiei laguntzeko? Irakaskuntzan, pauso รฑimiรฑoak ematen hasiak dira pertsona horiengana eduki garrantzitsuak bertze modu batean helarazteko (IDU metodologiaren bidez, adibidez), eta haiek irakasleoi dakitenaren berri emateko. Zorionez, dislexia edo gisa horretako nahasmenduak dituzten lagun anitzek aitzinera egiten dute eta irakurmen txukun samarra lortzen dute, lan eginez eta bertzelako estrategiak garatuz, baina ziur naiz ez dela kasu guzietan hala gertatuko. Hasieran aipatzen nuen bezala, aurrerapen teknologikoek ere laguntza handia emanen diete segur aski, baina penatuta nago pentsatuz batzuek ez dutela inoiz sentituko zer den liburu on (ongi itzulitako liburu) bat irakurtzen gozatzea.

Teknologia eta magia

Itziar Otegi Aranburu

Arthur C. Clark zientzia-fikzioko idazleak hiru โ€œlegeโ€ eman omen zituen bere bizian. Hirugarrena da ezagunena: Behar bezain aurreratua den teknologia oro magiatik bereizezina da.

Nago adimen artifizial izendapen badaezpadako horren atzean dagoen teknologia, edo teknologia multzoa, sarritan parekatzen dela magiarekin, nolabait magiaren parekotzat aurkezten โ€•edo hartzenโ€• dela. Izenak berak iradoki nahi luke halako zerbait, gizakiak sortua dela, artifizialki, baina giza esku-hartzerik gabe dabilela, bere kasa. Itzulpen automatiko izendapenak ere hori ematen du aditzera: automatikoki funtzionatzen duela, botoi bati emanda.

Eta, egia esan, hala dirudi. Botoi bati eman, edo agindu batzuk, eta hortxe azaltzen da, magiaz bezala, testu bat, edo irudi bat, edo itzulpen bat, lehen ezer ez zegoen tokian. Istant batean abiapuntutik helmugara iritsi bagina bezala da, baina bidean batere nekatu gabe. Hori egiten baitigu adimen artifizialak, bidea aurreztu, edo bidea ebatsi, nola begiratzen den.

Automatikotzat jotzen den horretan, baina, ezinbestekoak dira giza eskua eta adimena, fase guztietan, hasi hastapenean garatzen hasi ahal izateko beharrezkoa duen input โ€•jakintza eta lan kolektibo metatuโ€• guztiarekin, eta buka ematen duen output horren gainbegiratze eta zuzenketarekin, tartean ahaztu gabe programatzaile, garatzaile eta beste diziplina askotako adituen adimena, eskarmentua eta lana, nahiz eta batzuek, eskujokari eta ilusionistek beren trikimailuak nola, ezkutatu egin nahi lituzketen tartean diren beste esku guztien eginak, erabiltzaile oharkabeari sentiarazteko botoiari ematen dionean makinak egiten duena magia dela.

Botoi bati ematea erraza den arren, magiatik gutxi du kontuak. Mark Coeckelbergh-ek, ร‰tica de la inteligencia artificial[1] liburuan, honako hau dio datuen zientziaz eta deep learning edo ikasketa sakonaz ari delarik:

Los errores siempre son posibles, y la elecciรณn humana, el conocimiento y la interpretaciรณn son cruciales. Los humanos son necesarios para interpretar de manera significativa y dirigir la tecnologรญa hacia la bรบsqueda de diferentes factores y relaciones. Como subraya Boden (2016), la IA carece de nuestra comprensiรณn de la relevancia. Se deberรญa aรฑadir que tambiรฉn carece de entendimiento, experiencia, sensibilidad y sabidurรญa. Este es un buen argumento en defensa de la idea de que en teorรญa y en principio deben estar involucrados los humanos. Pero tambiรฉn existe un argumento empรญrico a favor de la inclusiรณn humana: en la prรกctica, los humanos estรกn involucrados. Sin los programadores ni los cientรญficos de datos, la tecnologรญa, simplemente, no funciona. Ademรกs, la experiencia humana y la de la IA a menudo se combinan, por ejemplo, cuando un mรฉdico acepta una terapia contra el cรกncer sugerida por una IA, pero tambiรฉn por su experiencia y su intuiciรณn de especialista.

Aurrerago, ahanzturan utzi ohi diren beste langile batzuk aipatzen ditu, hala nola adimen artifizialak funtzionatzeko beharrezkoak dituen โ€•eta gutxitan bistaratzen direnโ€• euskarri fisikoak egiteko mineralak erauzten dituztenak, hondakin elektronikoez arduratzen direnak, edo adimen artifiziala trebatzen dutenak; besteak beste, โ€œmehatzetako langileak, itsas garraiolariak edo klikaren langileak, datu multzoak etiketatzen dituztenakโ€. Esaldi biribil batekin ixten du auzia egileak: โ€œSi se deja fuera la intervenciรณn humana, las cosas pueden salir mal, carecer de sentido, o simplemente, resultar ridรญculasโ€.

Itzulpenaren arlora etorrita, erraz arrazoitu daiteke gauzak antzera direla hor ere: itzulpen automatizatua gainbegiratze eta zuzenketarik gabe ematen denean, esaterako, gauzak gaizki atera daitezke, zentzugabeak izan, edo, besterik gabe, barregarriak. Ez noa adibideak jarrita anekdotan erortzera. Ez dago beharrik, egunero ikusten dugu, nork bere lanean, eta askotan hitz egin da horretaz blog honetan. Berriki, adibidez, Maite Imazek[2] ITZULBIDE tresnari buruz idatzi zuen, zeina Osakidetzan mediku-txostenak euskaratik gaztelaniara itzultzeko erabiliko den batez ere. Honela amaitzen zuen Maite Imazek bere testua:

Pentsatzen dut medikuntzako profesional euskaldunek euskaraz sortutako txosten klinikoak ez dituztela besterik gabe euskara hutsez gordeko ordenagailuan; hori egin aurretik emango diotela botoiari eta ziurtatuko dutela gaztelaniara egindako itzulpena zuzena dela, geroago etor daitekeen mediku erdaldunak uler dezan.

Maite Imazek ziurtatze-lan horretan oinarritzen zuen bere konfiantza ITZULBIDEren segurtasunean:

Euskaraz sortzen dugunok gaztelaniaratzeko itzultzaile automatiko neuronalak erabiltzen ditugunean ez gara botoi bati sakatuta konformatzen; zuzendu edo posteditatu egiten dugu. (โ€ฆ) ziurtatuko dugu testu biek gauza bera esaten dutela, jatorrizkoan esaten den guztia esaten dela itzulpenean, eta itzulpenean ez dela jatorrizkoan azaltzen ez denik esaten.

Nik neuk irudipena dut, itzulpen automatizatuaz hitz egiten denean, iristen den mezua ez dela izaten โ€œTresna ona da, baina itzulpen egokiak eta desegokiak tartekatzen ditu; hau da, itzulpen onen tartean batzuk akastunak dira, eta, horrenbestez, giza gainbegiraketa ezinbestekoa daโ€. Iristen den mezua da automatikoki lan egiten duen makina beregain bat dela, edo, kasurik onenean, nahikoa dela esku-hartze minimo bat. Kontua ez da hutsala, horratik; inplikazio sakonak ditu.

ITZULBIDEren kasuan, adibidez, pentsatzekoa da Osakidetzak izango duela protokoloren bat tresnaren erabilerari buruz, ezarrita egongo direla moduak, prozedurak, denbora gehigarriak eta abar, zeren, bestela, ITZULBIDEren erabilera โ€•erabilera zuzenaโ€• mediku euskaldunen prestasunaren esku uztea litzateke. Erantzukizunaren galdera ere sortzen da; alegia, norena litzatekeen erantzukizuna itzulpen akastun baten ondorioz okerren bat gertatuko balitz, eta aldatzen ote den erantzukizun hori, eta zer zentzutan, medikuak itzulpena bere horretan emanez gero, besterik gabe botoiari sakatuta, edo, aitzitik, gainbegiratuta, gainbegiratzeko ardura hartuta.

Gorago eman dudan Mark Coeckelberghen aipu horretan bada esapide deigarri bat: dirigir la tecnologรญa. Los humanos son necesarios para (โ€ฆ) dirigir la tecnologรญa (โ€ฆ). Auzia, azken batean, horixe da: nork daukan eskutik kontua, gizakiak ala makinak. Nork gidatzen duen nor. Makina gizakiaren tresna ote den, edo gizakia makinaren tresna. Irudi luke azken horretarantz goazela; izan ere, joera da teknologiaren โ€•makinarenโ€• garapen itxuraz agorrezina goratzea, eta gizakiaren โ€•langilearenโ€• esku-hartzea minimizatzea, eta debaluatzea.

Jakin nahi nuke nola izango ote ziren gauzak orain baldin eta, hasieratik bertatik, gauzak beste modu batean egin izan balira. Hasieratik aitortu izan balitz โ€•ondorio guztietarakoโ€• adimen artifiziala ez zela sortu ere egin izango guztion ekarpena gabe, giza jakituria metatuaren zordun dela, gizakiaren lan adimentsua eta gogorra dagoela haren fase guztietan; hutsetik sortutako zerbait ez, baizik eta lan kolektibo itzel baten ondorio dela, eta, horrenbestez, teknologia horren onurak ere kolektiboa izan behar duela, guztion mesederako.

Inolaz ere ez langileen kalterako.


[1] Coeckelbergh, M. (2021). ร‰tica de la inteligencia artificial. Cรกtedra: Madril.

[2] Imaz, M. (2025). โ€œEuskaraz sortutakoa gaztelaniara itzultzeko itzultzaile automatiko neuronalaโ€. 31 eskutik bloga.