Juan Pedrorenak (II): eskaini

Fernando Rey Escalera

Blog honetan egin nuen azken artikuluari “Juan Pedrorenak” izenburuari jarri nion, Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaren ohoretan, hark erakutsitakoetatik tiraka sailtxo bat egiteko asmotan.

Aurrekoan esan nuenez, Juan Pedrok gauza asko erakutsi zizkidan, eta oso gogoan ditut berak niri eta beste batzuei esandakoak. Azken bi hilabeteotan, gainera, buruan bueltaka dabilzkit kalko okerrak, horri buruzko ikastarotxo bat eskatu baitidate. Nahi gabe ere, oharkabean, kalko okerrei buruzko gogoeta etengabean ari naiz egun hauetan, adibide-ehizan, eta horrekin batera etorri zait blog honetarako enkargua.

Horregatik erabaki dut “eskaini” aditzaren kalko okerra hartzea hizpide.

Kalko oker horren kontrako borrokan, oroimenak huts egiten ez badit, Mikel Taberna lankidea ere aritzen zen. Uste dut Mikeli ere aditu niola noizbait ere horri buruzko zerbait.

Esaten zidan Jonek: Zergatik erraten ditek “hitzaldi bat eskaini zuela”? Galdetu zian hasieran hizlariak jendeak aditu nahi ote zuen? Ez. Ez zian deus eskaini. Eman egin zian hitzaldia.

Joan zen mendean Joni hori aditu nion arte behin ere erreparatu gabe nengoen. Baina arrazoi zuen, jakina. Eta begi-bistakoa da gaztelaniatik hartutako kalko okerra dela, gaztelania ustez dotorean aski normala baita esatea norbaitek “ofreció una charla”.

Kalkoak arrakasta izan du, eta berehalaxe aurkitu ditut halako adibideak:

Rich Bakerrek Master Industrialekolehen mailako ikasleentzat ponentzia bat eskaini zuen, “Makinen Diseinu, Kalkulu eta Egiaztapena” enbor ikasgaiaren barne. (Mondragon Unibertsitatea)

Tumaker enpresak hitzaldi bat eskaini zien Industriako Fabrikazio Gehigarriko Masterreko ikasleei. (Mondragon Unibertsitatea)

Larrazabalgo hitzaldia, baita Larrazabalgo otordua izenez ere ezaguna, 1893ko ekainaren 3an Sabin Arana Goirik garai hartan Bilbotik hurbil zegoen Begoñako Larrazabal baserri-txakolindegian eskaini zuen hitzaldi bat izan zen. (Wikipedia)

Biziolak lehen aldiz hitzaldi bat eskaini zuen atzo Aiora Zabalaren “Natura Gure Esku” liburuaren aurkezpenarekin. (Goierri irrati telebista)

Maiatzaren 10ean Silvia Federicik hitzaldi bat eskaini zuen museoan. (erran.eus)

Motorrak berotzen joateko, gaur goizean adineko pertsonei zuzenduriko hitzaldi bat eskaini dute osasun zentroko kideek zinean. (Alegiako Udala)

Uribarri guneko Magala espazio pedagogikoak hitzaldi berri bat eskaini zuen aurreko ostegun arratsaldean. (Modraberri)

Irailaren 26an, Zumarragan, adinkeriari buruzko hitzaldi bat eskaini zen, Zumarragako Adineko Pertsonen Astearen egitarauaren barruan (irailaren 25etik urriaren 1era ospatuko da). (euskadi.eus)

James Randi magoak, eszeptizismoaren eta zabalkundearen arloko aditu ospetsuetako batek, Labpsico bisitatu eta hitzaldi bat eskaini du Deustun. (Deustuko Unibertsitatea)

Hernaniko alkateak Hernani Burujabe proiektuaren inguruko hitzaldi bat eskaini du EHUko udako ikastaroetan. (Hernaniko Udala)

Orkestrako zuzendari orokorra den Iñigo Alberdik hitzaldi bat eskaini du “Fórum Europa. Tribuna Euskadi”. (Euskadiko Orkestra. Basque National Orchestra)

Eskarne Lopetegi Zalakain filologoak INGURA euskara on line ikas-plataformari buruzko hitzaldi bat eskaini du euskara irakasteko 2025-2026 ikastaroaren irekieran. (Euskarabidea. Nafarroako Gobernua)

Patricia Viscarret mendizaleak hitzaldi bat eskaini du Karakorum mendiari buruz. (NUP)

…Carmen Muñoz Regueras Ramon Bajo ikastetxe publikoko maistra, hitzaldi bat eskaini zuena. Parte hartu zuten ere Haizea Domingo Bilbao eta Rakel Gamito Gómez ikasleek… (Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkaria)

Itzultzaile neuronalak ere kalko oker hori zabaltzen laguntzen ari dira, Adimen Artifizialak dituen arriskuen erakusgarri. Begiratu besterik ez dago “El profesor universitario ofreció una charla a 30 alumnos de ingeniería” esaldia nola ematen duten.

Itzultzaile neuronala:
Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri

Elia:
Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri

Traslator (Google):
Unibertsitateko irakasleak 30 ingeniaritza ikasleri hitzaldia eman zien

Corpusetan begiratuz gero ere, asko dira halako adibideak. Txikikeria da, jakina, baina halako ale asko sartzen ari zaizkigu euskaran, eta, obsesiorik gabe ere, aurre egin beharko diegu. Ederki dakigu kalko batzuk egokiak direla eta tokia izanen dutela noizbait ere gure hizkuntzan. Beste batzuk, aldiz, ez dira ez egokiak ez beharrezkoak. Euskara kalko okerrez betetzen ari zaigu egoera diglosikoaren ondorioz. Oreka zailean egin beharko dugu aurrera: auzo-erdaren ekarpenak onartu eta integratu, baina haien mendeko bihurtu gabe.

EIMAren Kalko Okerrak liburuan ez dut aurkitu kalko honi buruzko aipamenik. Eta artikulu hau bukatzen ari nintzela, azken bilaketa egin, eta hara, ustekabea, EBEk bai, jaso du. Ez dakit noiz sartu zuten, baina honela dio Euskara Batuaren Eskuliburuak:

eskaini
Erdararen kalkoz —es: ofrecer, fr: offrir—, ez dagokion adiera ematen zaio batzuetan. Egoki da esatea ardoa eskaini, bertso bat eskaini, laguntza eskaini…; baina prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eskaini eta gisakoak ez dira egokiak (> prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eman, egin, jo…).

Bertsiotik bertsiora

Isabel Etxeberria Ramírez

Gogoan izango duzue jolasa. Lagun batek hitz bat edo esaldi labur bat xuxurlatzen dio belarrira beste bati, bigarren horrek hirugarren bati errepikatzen dio ulertu duena, hark laugarren bati eta abar… harik eta ilarako azkenak belarriz belarri desitxuratuta iritsi zaiona ahoz gora esaten duen arte. Eta orduan, horiek barreak eta horiek algarak! Bilakaera nola gertatu den ulertu nahia etorri ohi da jarraian: “Baina, zuk zer esan didazu?”, “A, nik hau ulertu dut”, “Eta beste hori nondik atera da, orduan?”… Eta berriro barreak eta berriro algarak. Guk gaztelaniaz izendatuta aipatzen genuen jolasa txikitan: teléfono escacharrado. Telefono hondatua, alegia.

Itzulpengintzan zubi-hizkuntzak eta zubi-testuak erabiltzen dira askotan, eta, telefono hondatuaren jolasean bezala, bilakaerak eta galerak gertatu ohi dira hala jardutean. Bilakaerak eta galerak, egia esan, beti gerta daitezke eta gertatzen dira, zubi-testuetatik itzultzean zein jatorrizkotik zuzenean aritzean. Itzultzearen jardunari berezkoa zaion zerbait dela esaten ausartuko naiz. Baina zuzenean jatorrizko testua ez baizik eta bitarteko itzulpen bat erabiltzen denean abiapuntu gisa, jatorrizkoaren egileak esan zuenetik azken itzulpenera arteko aldea handiagoa izatea espero ohi dugu denok; are gehiago literatura itzultzean, non kontatzen denaz gain nola kontatzen den ere asmoz eta esanahiz betea izaten den.

Demagun Jon Miranderen poema zati hau:

Aintziko urerat
ilargi laurden bat erori zen,
zuri, jori,
gauko zitu zori:
igelek jan dute, igeltto igeldariek.

Ez dakit Miranderen poema hau hizkuntzaren batera itzulita dagoen. NordaNor datu-basean jasotzen den Miranderen poesia itzulitik (gaztelaniarako hiru antologia edo liburutan eta alemanerako batean itzuli omen da Miranderen poemaren bat) Iñaki Aldekoak Visor argitaletxerako prestatutako edizioa baino ez dut esku artean, eta han ez da ageri. Nolanahi ere, erraz irudika ditzaket balizko itzultzailearen nekeak eta izerdiak taxuzko itzulpen bat ontzeko ahaleginean. Errepara diezaiogun alderdi fonetiko eta erritmikoari: aliterazio nabarmeneko zuri, jori, zitu, zori segida, adibidez, edo igeltto igeldari (igerilari) hitz-jokoa. Itzultzaileak hitzen esanahia (esanahi denotatiboa) baino ez transferitzea erabaki lezake, alderdi formala imitatzen ahalegindu gabe; edo xede-hizkuntzan antzeko aliterazio edo hitz-jokoren bat bilatzen saia liteke, bestela. Bigarren kasu horretan, formari dagokionez baliokidea izan litekeen zerbait proposatzea erabakiko balu, alegia, zail izango luke jatorrizkoaren esanahi bereko ordainak hautatuta efektu fonetikoari eustea ―kasualitate handia litzateke euskarazko hitz horientzako erdal ordain zuzenek aliterazio bat gordetzea beren artean―; hitzen bat aldatu beharko luke ziurrenik, eta formalki ondo datorkion baina esanahi aldetik jatorrizkotik urruntzen den hitzen bat edo beste txertatu. Bestela esanda, Miranderen hitzon esanahi semantikoa bere horretan eman nahiko balu, forma mailako edertasuna sakrifikatu beharko luke; eta artifizio formalari eusten saiatu nahiko balu, eduki mailan traizio txikiren bat egin beharrean egongo litzateke ziurrenik.

Imajinatu, orain, balizko itzultzaile horren itzulpena Miranderen poema hirugarren hizkuntza batera itzultzeko zubi-testu gisa erabiltzen dela, bai baitakigu, Eli Manterolak hemen adibidez ondo azaldu duen bezala, euskal literatura kanpora zabaltzeko bide ohiko samarra euskaratik zuzenean ez baizik eta gaztelaniara egindako itzulpenetatik abiatzea dela. Bada, hirugarren hizkuntza horretako itzultzaileak, tarteko itzulpena baino ezagutzen ez duelarik, zerbaiten faltan egingo du bere itzulpen-proposamena ezinbestean. Baldin eta esku artean darabilen zubi-testuan lehen itzultzaileak alderdi formalari ez erreparatzeko hautua egin badu, hirugarren hizkuntzan diharduen itzultzaile honek arrastorik ere ez du izango Miranderen jatorrizko poeman lerro horietan aliterazio nabarmen bat zegoela edo igel eta igeldari hitzen artean hitz-joko bat egiten zela, eta bere itzulpenean ez du halakorik jasoko. Eta, kontrara, lehen itzulpenaren egileak artifizio formalari eutsi nahi izan balio, litekeena denez forma imitatu nahiaren ondorioz edukian aldaketatxoak egin behar izana, hurrengo itzulpenaren egileak ez luke jasoko Mirandek jatorriz zerrendatutako kontzeptu sorta (zuri, gori, zitu, zori), ezpada tarteko itzulpenean nola edo hala aliterazio bat egitea ahalbidetu duen hitz segida bat, traizio semantiko eta guzti.

Pertsona batek zubi-testuen bitartez itzultzen duenean, aurreko itzultzaileak ahaztutakoak, ez ikusiak, oker interpretatutakoak, desbiderarazi edo urrunarazitakoak, apropos aldatutakoak… bere egiten ditu. Tarteko itzultzailearen mende dago erabat; hartaz (eta haren mugez eta bizioez) fidatu beste aukerarik ez du. Eta bai, noski, badago kontrasterako zubi-testu bat baino gehiago erabiltzea, nahiz eta horrek buru-hauste franko ekarri ohi duen (bertsioen arteko kontraesanak ebaztea ez baita erraza izaten) eta azken beltzean ezeren berme ziurrik ere ez den (Joannes Jauregik zubi-testuak erabiltzearen inguruko bere esperientzia kontatu zuen hemen).

Goiko adibidean euskarazko testu bat erdaratzeaz aritu naiz, baina kontrako norabidean ere, hots, erdara ezezagun samar batetik euskarara itzultzeari buruz hitz egitean, erreparotxoak eta beldurrak topatu izan ditut inguruan, batez ere poesia itzultzeari dagokionez. Merezi ote du poeta txinatar edo suediar baten obra euskaratzen saiatzea, adibidez, jakinik jatorrizkoaren erritmoa eta errima, musikaltasuna, esanahi gordeak, kultur erreferentzia ezkutuak, tradizio guretzat ezezagunen eraginak… izpiritua, azken finean, ez dugula guztiz antzemango?

Nik argi dut. Zabaldu dadila Miranderen obra eta euskal literatura guztia mundura, baita zubi-hizkuntzetatik (eta nagusiki gaztelaniaren eta frantsesaren iragazitik) pasatuta izan behar badu ere. Irits dadila erdizka, kamustuta, eraldatuta, bitartekarien ahuleziek herbalduta eta bizioek itsustuta; baina irits dadila. Eta ezagutu ditzagun munduko literaturak euskaraz. Ez ulertzen ditugun eta beraz zuzenean itzul ditzakegun hizkuntzetan idatzitakoak soilik, baizik eta denak. Irakur ditzagun munduko bazter guztietako idazleak euskaraz; gure inguruko hiru hizkuntza handiak (gaztelania, frantsesa, ingelesa) bitartekari direla, ados, baina euskaraz. Izan ere, zein da alternatiba, bestela? Munduko bazterretako autoreak ezagutu gabe geratzea? Euskarara zeharka egin den itzulpen bati muzin egiteagatik autore hori azkenerako gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez irakurtzea?

Eta bai, egia da: editore eta itzultzaile espainol, frantses eta ingelesen mendekotasun handia dugu. Haiek mundutik beren hiru hizkuntza handietara itzultzeko aukeratzen dutena da hein handi batean gero guk euskarara itzultzen duguna. Gure munduaren neurria beraiek ezartzen dute gutxi-asko. Hor badugu zer hausnartu, eta badugu ohiko informazio-iturrietatik aparteko bidezidorrak arakatu beharra.

Nolanahi ere dela, belarritik belarrira ilarako azkeneraino iristen den hori, itxuragabetuta eta esanahiberrituta bada ere, irits dadila euskaraz.

SS siglak nola deklinatu

Santi Leoné

Euskaltzaindiak siglak nola deklinatu arautu duen arren, badira oraindik zalantzak pizten dituztenak. Kanada eta Mexiko artean dagoen desgrazia unibertsal hori izendatzeko balio duten siglak, AEB alegia, singularrean deklinatu beharko lirateke Euskaltzaindiaren arabera, baina ez da falta horrekin teorian eta eguneroko praktikan ados ez dagoenik.

AEB formalki plurala da ―Amerikako Estatu Batuak―, baina erreferentea singularra da: poblazio zibilaren gainean arma nuklearrak erabili dituen herrialde bakarra, hain zuzen ere. Horixe da Akademiak ematen duen arrazoia ―komentario politiko-ironikoa kenduta, nire ekarpentxoa izan baita hori― siglak singularrean deklinatu behar direla adierazteko: AEBn, AEBk, AEBkoa, etab. Pluralean deklinatzearen aldekoek, berriz, argudiatzen dute solasean ari garelarik inork ez duela a-e-be erraten, Estatu Batuak baizik, eta, hortaz, siglak pluralean deklinatzea ―AEBetan, AEBek, AEBetakoa, etab.― dela logikoena. Irene Arraratsek aski argi azaldu du kontua artikulu honetan, eta irizpide horren arabera jokatzen dute, adibidez Berria egunkarian.

Gaur, hori nolanahi den ere, ez gara AEBz ―bai, ni bat heldu naiz arauak dioenarekin― mintzatzera etorri. Halere, ez gara gauza nazien eremutik mugituko: SS baitira zalantza pizten duten bertze sigla batzuk. Interneten bilaketa bizkorra eginez gero, ez da zaila sigla pluralean deklinatua harrapatzea: horrela erabili ditu, adibidez, Jon Arrizabalak Argian Otto Skorzenyri buruz publikaturiko artikuluan; horrela dago EITBren webgunean, nazi baten gaineko 2010eko albiste batean; Berrian, horrela erabili zituen Maite Asensiok 2008ko testu batean, eta, berrikiago, M.A. Elustondok, Jon Mirande mintzagai duelarik; gauza bera El Correon, Ander Retolazak sinaturiko artikulu batean, eta baita, Mirande berriz solasera ekarrita, Deabruaren Eskola webgunean ere. Itzultzaileen artean, ordea, iduri du kontrako joera nagusitu dela: SS singularrean deklinatu zuen Karlos Cidek Josef Škvorecký-ren Mundu mingotsa liburuaren itzulpenean (“SSkoak ere joaten ziren zinematografora”); singularrean, halaber, Urtzi Urrutikoetxeak, Imre Kerteszen Zoririk ez liburuan (“SSko medikuek hainbat esperimentu egin zituzten eurekin”); singularrean deklinaturik aurkitzen ditugu siglak Boris Pahorren Nekropolia nobelan, Santi Leonék euskaratua ―nahiz eta mutil hori ez dugun arras iturri fidagarritzat jotzen― (“izan baitzitekeen SSkoek eraman zuten lehengusu baten buru soildua”); eta singularrean ekarri ditu euskarara siglak Idoia Santamariak, Maja Haderlapen Ahanzturaren aingeruaren itzulpen ederrean (“SSkoak desagertu ziren arte”). Itzultzaileen testuetan bakarrik ez, prentsan ere bada singularraren alde egin duenik, hala nola Floren Aoizek Naiz egunkarian eta Aitor Manterolak Berrian.

Alta bada, nazismoa kenduta, SSk ez dute AEBkin gauza handirik amankomunean, SS ez baita plurala. Edo, hobeki erranda, ez baita plurala jatorrizko bertsioan. Gaztelaniaz sistematikoki las SS erabiltzen den arren ―frantsesez, oker ez banabil, biak dira posible―, alemanez, Schutzstaffel erakundearen siglak dira eta, alde horregatik, objektu singularra izendatzen duen izen-elkarketa singularra den neurrian, singularrean erabiltzekoak. Beraz, AEB siglen kasuan zalantza edo eztabaida justifikatzen duenak ez du lekurik SS sigletan, baldin eta jatorrizkora jo eta gaztelania alde batera uzten badugu. Horregatik, esaldi honen bi aukeren artean ―AEBetako agintariek SSetako kideak iduri dute / AEBko agintariek SSko kideak iduri dute―, bigarrenaren alde eginen nuke dudarik gabe, nahiz eta ulertuko nukeen AEB pluralean deklinatzea, betiere onartzen badugu mespretxu gordinena merezi duten SSko nazien antz izigarria dutela.

“Noel bat Erregen egüneko”, frantsesetik euskaraturik


Gidor Bilbao Telletxea

Nire idatzi hau urtarrilaren 7an argitaratuko zela jakin nuenean, gaia berehala etorri zitzaidan burura. Lapurdiko edo Zuberoako kantika espiritualen eta noelen bildumetan, Erregenetan kantatzeko taxuturiko noel bat hautatuko nuen, eta horren jatorrizkoa frantsesezkoa dela erakutsi. Nire buruan ez dago, jakina, euskal kantika espiritual eta noel guztiak frantsesetik euskaratuak direnik, baina azken urteetan ikusi dut horietako askok egin dutela bide hori. Blog honetan bi aldiz jardun dut horren inguruan: 2023an lehenik, Bernart Gazteluzarrek euskaraturiko kantika bat dela eta, 2024an bigarrenik, “Munduko gauzen ez-deustasuna” kantika aztergai legez harturik.

Noela hautatzea zen hurrengo urratsa. XVIII. eta XIX. mendeetan argitaraturiko bildumak hartu eta Erregenetakoak bilatu nituenean, berehala hautatu nuen zubererazko hau:

Beste noel bat Erregen egüneko

Zer astre da hain argirik
gai ülhün handi huntan?
Ez izarrik hain ederrik, ederrik, ederrik
zelü orotan.

Haren argia hedatzen
lürraren bazter orotan,
Jinkuaren semia sorthü da, sorthü da, sorthü da
lür aphal huntan.

Belemeko ziotatia,
ala hik ditxa huna!
Hitan dik sorthü Mariak, Mariak, Mariak
Jesus maitia.

Amak Jesus beitadüka
hertsi besuen artian,
bat bederak baledüka, ailedüka, ailedüka
bihotz erdian.

Egün agertü dira huna,
argi hura ikhusirik,
Gazpar, Baltazar, Melkior, Melkior, Melkior,
errege hunik.

Izarrari jarraikirik
joan dira Belemera
eta presentzez betherik, betherik, betherik
adoratzera.

Gazparrek eman dü ürhia,
erregeri zor dela;
Baltazarrek aldiz mirha, bai mirha, bai mirha,
mortal bezala.

Melkiorrek bere büria
eztadüka aphalik,
ofrendatü dü intzentsia, intzentsia, intzentsia
Jinkuari emanik.

Gero dira repausatü
Jinkuareki alagerarik,
eta berak abertitü, abertitü, abertitü,
lo daudialarik:

Herodesen kargia[ri]
repostü eman gaberik,
joan ditean beste bidiaz, bidiaz, bidiaz,
hura ützirik.

Haur da doktrina saintia:
bide gaitzian daguena[k]
har beza beste bidia, bidia, bidia
Jinkuagana.

Egün agertü zi[r]ena,
a gure Jaun handia,
othoitzten zütügü: estrena, estrena, estrena
zure zelia!

Gaurko grafian editaturik eman dut hemen eta ez naiz luzatuko edizioari buruzko azalpenetan, baina esango dut noel hau hiru bildumatan aurkitu dudala. Aurkitu dudan zaharrena 1782koa bide da: Noelen lilia composaturic huscarez Jesusen incarnationiaren ouhouretan (10-11. or.). 1821ean “Barneix Alçabehetic arraimprimaeraciric” berrargitaratu zen liburu hori, eta hor ere agertzen da guk hautatu dugun gabon-kanta (9-10. or.), aldaketa gutxirekin (errataren bat gehituta). Hirugarrenik, datarik gabeko berrargitalpen batean agertzen da, errataren bat zuzenduta eta beste errataren bat gehituta; inprimatzailearen aktibitate-datak kontuan izanik, 1844 ingurukoa bide da (9-10. or.). Lapurterazko bildumetan ez dut aurkitu, baina bada azken edizio bat ere aipatu beharrekoa: Emmanuel Intxauspek (Zunharreta, 1815 – Onizegaine, 1902) 1897an argitaraturiko Kantika saintiak Zuberoko euskaraz (233-236. or.) bilduman. Baina Intxauspek “ahalaz hobekienik aphaintü eta xuxentü” (ix. or.) ditu, Axularren Gerorekin jokatu zuen erara: erratak zuzendu ditu, baina maileguzko hitzak “apaintzea” ere ezinbestekoa iruditu zaio (astre → izar; ziotatia → hiri txipia; presentzez → emaitzez…), besteak beste.

Zergatik hautatu nuen noel hau eta ez beste bat? Egitura metrikoa eta hirugarren bertso-lerroko errepikapena aski esanguratsuak iruditu zitzaizkidalako, jatorrizkoa bilatzeko. Ez lehenengo saioan, ez bigarrenean, ez nuen aurkitu jatorrizkoa, frantsesezko eta okzitanierazko kantika- eta noel-bilduma askotan bilatu arren. Baina azkenean agertu da.

Euskarazko noel horretako hamabi ahapaldietatik lehenengo laurak frantsesezko batetik euskaratuak eta egokituak dira, zalantzarik gabe:

Beste noel bat Erregen egüneko

Zer astre da hain argirik
gai ülhün handi huntan?
Ez izarrik hain ederrik, ederrik, ederrik
zelü orotan.

Haren argia hedatzen
lürraren baster orotan,
Jinkuaren semia sorthü da, sorthü da, sorthü da
lür aphal huntan.

Belemeko ziotatia,
ala hik ditxa huna!
Hitan dik sorthü Mariak, Mariak, Mariak
Jesus maitia.

Amak Jesus beitadüka
hertsi besuen artian,
bat bederak baledüka, ailedüka, ailedüka
bihotz erdian.

[…]
Cantique d’amour vers Jesus dans la créche.
Sur l’air : Quel bel astre nous éclaire.

Quel bel astre nous éclaire,
du milieu de cette nuit?
Quelle est l’aurore si claire, si claire, si claire
qui nous l’a produit?

Jamais clarté ne fut vue
comparable à celle-ci,
qui remplit d’aise et la vue, et la vue, et la vue,
et le coeur aussi.

C’est l’unique de Marie,
né dedans un pauvre lieu,
qui dans un suppôt Marie, Marie, Marie,
l’homme avec son Dieu.

[…]

La mère, d’aise ravie,
va serrant entre ses bras
celui qui donne la vie, la vie, la vie
aux hommes ingrats.

[…]

Frantsesezko gabon-kanta hori 1723ko La belle Bible des cantiques de la naissance et des autres mystères de notre seigneur bilduman (49-52. or.) aurkitu dut lehenengoz (eta berriz 1727ko arrainprimaketan), eta gero 1882ko Noëls anciens en l’honneur de N.-S. Jésus-Christ et de la sainte Vierge, avec les airs notés, par M. l’abbé L. Janel bilduman baino ez (124-126 or.). Hiru edizioetan dago testu bertsua (esaldiren bat gorabehera), eta bistan da guk ezagutu dugun frantsesezko gabon-kanta ez dela Errege egunerako idatzia, eguberrietarako baizik. Izan ere, bosgarren ahapaldian euskarazkoan hiru erregeak agertzen direnetik, euskarazkoa eta frantsesezkoa zein bere bidetik doaz, frantsesezkoak beste hemezortzi ahapaldi baititu, baina ez baita ez Gaspar, ez Meltxor, ez Baltasar aipatzen, ez eta Herodes ere. Euskarazko noelaren letra-egilea, hortaz, itzultzaile-lanetan hasi da, baina, ekindakoaren melodia eta neurriarekin, sortzaile-lanetan jarraitu du… guk aurkitu ez dugun frantsesezko aldaeraren bat izan ez badu aurrean.

Ez dakigu euskarazkoak zenbateko arrakasta izan zuen eta Zuberoako herrietan kantatu zen ala ez, baina 1882ko frantsesezko bildumari esker ezagutzen dugu melodiaren partitura, eta bistan da euskarazko itzulpena hartara egokitua dela:

Gasteizko errealitateak

Josu Barambones Zubiria

Goiz batez, Gasteizko X lineako autobusean nindoala, bidaiari gazte eta heldu batzuen arteko solasek inguru-minguruan bizi dudan euskararen paisaiari buruz idazteko ideia eman zidaten. Uste dut euskaldunok oso kontzienteak garela euskarak bizi duen egoeraz, eta halaber oso kontzienteak garela hitz egiten dugun euskaraz edota entzuten dugun euskaraz ere. Kontzientzia horren erruz, hala nola jasandako hezkuntza linguistiko ezinago kaltegarri eta aurreiritziz mukuru beterikoari esker, beti belarriak prest daude entzuten duguna linguistikoki deskodifikatzeko. Baina hori beste ezpal bateko zura da, eta ez da hona ekarri nauen gaia. Kontua da autobuseko abagune hori egokia iruditu zitzaidala nire jaioterrian bizi ditudan errealitate linguistikoez hitz egiteko. Hortaz, ez si eta ez no, koadernoa eta bolaluma hartu, eta hara non nire burua topatu dudan Gasteizen hitz egiten diren hizkuntzekin bizi ditudan errealitate linguistikoez idazten. Deskribatuko ditudan errealitate guztiak elkarrekin nahasten dira eta sarritan osagarriak ere badira, izan ere inongo errealitate ez da gainerakoetatik aparte bizi.

Lehen errealitatea. Ikasle talde bat, 16 bat urtekoa, autobusean eskolaz kanpoko jardueraren bat egitera zihoana. Denak gaztelaniaz ari ziren. Egia esan, denak ez: bazen heroi baten itxura hartu nion neska bat euskaraz bakarrik egiten zuena. Ez dakit nondik aterako zuen barruko indarra, baina gainerako ikaskide guztiak erdaraz ari ziren bitartean, berak euskara batu estandarrean tinko egonarria galdu gabe:

          ─Astebukaeran mendian egon naiz.
          ─¿Con el frío que hace? Yo no voy ni de palo.

Hamar bat minutu iraun zuen bidaian berak euskaraz jo eta fuego, ikaskideek gaztelaniaz erantzun arren. Halere, noizean behin, mirari moduko bat gertatzen zen eta ikaskideren bati edo besteri “bai” edo “ez” bat itzurtzen zitzaion euskaraz egiten zuen neskak egiten zituen galderen edo iruzkinen aurrean.

Bigarren errealitatea. Talde bereko irakasle bat euskara batuan bi ikaslerekin. Ikasleek euskara ulertzen zuten arren (ezagutzan aurrera egin dugun seinale), beti gaztelaniaz erantzuten zioten:

          ─Ze, zure etxean ez duzue arrainik jaten ala? ─irakasleak.
          ─No, a mi madre no le gusta el pescado ─ikasle batek.

Lehen errealitatearekin aldatzen den bakarra botere-erlazioa da: kasu honetan, irakaslearen eta ikasleen artekoa da. Aurrekoan, ordea, berdinetik berdinera zen. Pentsatzen jarrita, niri ere antzeko kasu bat gertatu zitzaidan Itzulpengintza euskaraz ikasten zuen ikasle batekin. Nahiz eta hasieran nirekin euskaraz egiten saiatzen zen, beti bukatzen zuen gaztelaniaz hitz egiten.

Hirugarren errealitatea. Handik bi ordura, bueltako autobusean, bi andereño elkarrekin euskaraz. Andereñoen arteko solasaldian euskara (batua) eta erdara, erdara eta euskara, zein baino zein, nahastu egiten dira:

          ─Los Herrán kalea oso ondo utzi dute egin dituzten obrekin.
          ─Bai, está muy chula. Pasiatzeko eta bizikletan ibiltzeko superondo.

Esango nuke halako errealitatean euskara gailentzen zaiola erdarari, baina erdararen hanka gabe, zangomotz gelditzen dela eta euskal hiztunek erdararen beharra dutela elkarrizketak herren ez egitearren. Eta errealitate hau hurrengoarekin oso lotua dago, baina badago desberdintasun bat: hirugarren errealitateko euskaldunek euskara batuan egiten dute; aitzitik, laugarren errealitatekoek nork bere euskalkian.

Laugarren errealitatea. Errealitate hau gazte jendearen artean gertatzen da (ez bakarrik ordea). Fenomeno hau guztiz zabaldua dago eta oso modu naturala da gazteen arteko elkarrizketak garatzeko. Euskañola du izena, argot-tzat har daiteke eta hizkuntza baliabide gisa erabiltzen da, bizi-bizi erabili ere. Beste euskara mota bat da, euskararen diglosia erakusten duena eta diglosiaz harago doana: gazteen arteko harremanen adierazpide indartsu eta ezinbestekoa bilakatu da. Adibide pare bat baino ez entzundako bi elkarrizketatatik:

          ─A ver Gasteiz toketan jatzun, Gasteiz mola mogollón.
          ─Bai, gogoratzen det que Leire se lo comentó.

Argot honetako ezaugarri nagusia esapide gatzdun edo xelebre gehienak espainolez esatea da. Argi dago euskarazko esapideak galduan irteten direla (erabiltzaileek ez dakitelako horiek euskaraz esaten edo euskarak falta dituelako), baina norberaren bizipenak lagun-ezagunei helarazteko oso modu zuzen eta eraginkorra dela ezin uka. Aldeak alde eta mugak muga, niri ingeles txikanoa, hau da, Spanglish delakoa gogorarazten dit. Azken finean, ingeles txikanoarekin gertatzen den bezala, gure kasuan euskara eta espainola nahasten dira, modu pragmatikoan nahastu ere: biak elkarren osagarri dira, ez arerio.

Bosgarren errealitatea. Euskara hutsean aritzen direnena: euskara landua erabiltzen da, dela batu estandarrean, dela norberaren euskalkian edo dela batuan baina norberaren euskalkiko zipriztinekin. Errealitate hau oso ondo ezagutzen dut egunero bizi eta praktikatzen dudalako, ahoz zein idatziz: familiakoekin (ez beti), lankideekin eta lagun eta ezagun batzuekin (nire lagun eta ezagun gehienak erdaldunak dira). Kasu askotan, gainera, euskara lan-hizkuntza ere da, nire kasuan bezala.

Seigarren errealitatea. Beste errealitate batzuk, nik ezagutzen ez ditudanak, baina entzun eta ikusten ditudanak Gasteizko kaleetan pasieran nabilenean: beste hizkuntza batzuetan mintzatzen diren errealitateak. Gasteizko udaleko web orrian irakurri dudanaren arabera, Gasteizko kaleetan 50 hizkuntza baino gehiago erabiltzen omen dira, besteak beste hauek: hassania (Sahara), wolofera (Senegal), bulgariera, paular hizkuntza (Gineako Errepublika), tamazigh hizkuntza (bereber hizkuntzak), arabiera (ziur asko dialektoren bat baino gehiago) eta txinera (ziur asko dialektoren bat baino gehiago). Errealitate horiek gogorarazten digute gaur egungo mundu globalizatuan gizarte elebakarrak espejismo hutsak direla.

Zazpigarren errealitatea. Hizkuntza hegemonikoari dagokiona, hots, gaztelania hutsean bizi direnen errealitatea. Egunero errealitate honekin gurutzatzen naizen arren, datu bakan batzuk ezagutu nahi izan ditut. Eustatek eskaintzen dituen datuei kasu eginez, 2021ean (azken erregistroko datuak) Gasteizko biztanleen % 70,17 da erdaldun elebakarra eta euskaldunak eta ia-euskaldunak % 29,83. Haur eta gazte gehienek ulertzen duten arren (ulermen mailak zehaztu beharko lirateke), gutxi dira erabiltzen dutenak. Guztiarekin ere, gutxi horiek duela berrogeita hamar urte baino gehiago dira.

Urriaren hasieran Blanca Urgellek Berria egunkarian esaten zuen gasteiztarrok harro egon behar dugula euskararen ezagutzan eta erabileran egin dugun jauziagatik. Eta bat nator iritzi horrekin. Ni Gasteizko Adurtza auzokoa naiz: bertan jaio eta koxkortu nintzen, lehen ikasketak hor egin nituen, eta orain hor bizi eta lan egiten dut. Nire txikitako unibertsoan euskara ez zen existitzen. 14 bat urte bete nituen arte euskarazko hitzik entzun gabe nengoen, eta entzun nituen euskarazko lehen hitzak eskolarekin Gernika, Lekeitio eta Ondarrura egin nuen bidaia batean izan zen. Hazi nintzen auzoan gaztelaniak betetzen zituen espazio guztiak. Orain, ia berrogeita hamar urte igaro direlarik bidaia hartatik, nire auzoan euskara egunero entzuten dut: kalean, dendetan, tabernetan, tranbian, autobusean… Euskara larrialdian omen dago, ez horrenbeste ezagutzari dagokionez, baizik eta erabilerari dagokionez, eta bereziki orain arte euskararen arnasguneak izan diren eremuetan. Edozelan ere, baikortasunez begiratu nahi diot euskararen etorkizunari, eta aitortu azken mende erdian denon artean eman ditugun urratsak erabakigarriak izan direla euskararen erabilera, ezagutza eta garapena, agian ez nahi genukeen neurrian, baina hein batean bederen, hedatu eta ziurtatzeko.

Eguberri on.

Euskara eremu digitalean

Asier Larrinaga Larrazabal

Aurtengo Euskararen Egunean, aro digitalean bizi garela gogorarazi nahi izan dugu EITB barruan aurrera eraman dugun ekimenean. Gure egungo bizimoduan, nahitaezkoak zaizkigu baliabide digitalak, eta euskaldunok baliabide horiek euskaraz behar ditugu. Albiste ona da baliabide horiek baditugula: mugikorretako eta ordenagailuetako sistema-eragileak, era guztietako hiztegi eta terminologi banku elektronikoak, zuzentzaile ortografikoak, itzultzaile neuronalak, adimen artifizialak, jokoak… Ezagutu eta ezagutarazi itzazu.

Mezu hori bera Instagramen zabaldu dute EITBko Euskara Zerbitzuko Maria Gamboa eta Leire Yue Ortubay lankideek.

Itzulpena eta irabaziak

Iñigo Satrustegi Andrés

Duela gutxi irakurri ahal izan genion Berrian Danele Sarriugarteri “Itzulpena eta galera” iritzi artikulua. Honela zioen amaierako parrafoan:

Itzultzailea naizela esaten dudanean maiz aipatzen didate galera. Zehazki, zera galdetzen didate: itzulpenetan ―itzulpenekin― zer galtzen den. Niri, egia esan, irakur dezakedan hizkuntzaren batera itzulita ez daudelako sekula ezagutu ezingo ditudanak, horiexek iruditzen zaizkit gabezia nagusia.

Lerrook aski esanguratsuak dira, artikulu osoa bera bezain. Baina hain hitz gutxitan laburbiltzen du gure jardunaren egoera. Euskarara zer, zenbat eta zergatik ekartzen dugun pentsatzeko aski.

Zer esango dizuet zuei, itzultzaile lagunok, ongi jakinen baituzue gurean itzulpenak oraindik ere baduela halako mamu bat bere gainean. Zailak direla, ez direla fidelak, edo fidelegiak direla, ez dutela jatorrizkoek* duten zera hori… Eta, akaso, poesiarekin bezalaxe gertatzen da: jende batek esaten du ez zaiola gustatzen poesia ez duelako ulertzen. Bada, galdera horiei: egin al duzu benetako ahaleginik gustatzen zaizun eta ulertzen duzun poesia bilatzeko? Alda poesia itzulpena hitzarengatik: egin al duzu benetako ahaleginik gustatzen zaizun eta ulertzen duzun itzulpenik bilatzeko?

Aurrekoan, irakurle taldean, irakurketa proposamenik bazuten galdetu nien kideei, eta batek honela erantzun ―erantzun esan badakioke, izan, berez, beste galdera bat izan baitzen―: Itzulpenak irakurriko ditugu beti? Bada, bai, momentuz, bederen, bai. Izan ere, Iruñean badira beste irakurle talde batzuk, eta gehien-gehienetan itzulpenak ere irakurtzen dituzten arren, hori dira beti: ere bat; kupo bat (eta ez gaizki hartu talde horietako kide eta gidariok!). Asmo jakin batzuekin sortu genuen taldetxoa: irakurketan zaletzea, elkarrekin irakurtzen ikastea eta kanpoko ideiak gurera ekartzea. Zeren euskarazko sorkuntza lanek (nobedadeek bereziki) badituzte oraindik ere plaza gutxi batzuk rodatzeko. Baina ez dakit ni neu ere inoiz iritsiko nintzatekeen beste garai bateko eta beste herrialde bateko idazleen lanak (euskaraz) irakurtzera, ez balitz talde honengatik. Beraz, horra irabazi txiki bat: ni bezalako beste irakurle batzuk ere, aurretik euskaraz irakurtzen zutenak, edo ez, kanpoko pentsamenduei lekutxo bat egiten beren agendetan.

Aurrekoan ere bai, gure itzultzaile batekin aritu nintzen orain arte lanean tokatu zaizkidan itzulpenez: lan gutxi eman didatela, eta zoragarri etorri direla. Bada, egin apustu itzulpen gehiago kaleratzeko!, erantzun zidan berak baikor. Baina hemen irabazietarako tarte gutxi. Ez naiz luzatuko eta ez dizuet jada badakizuen hori esplikatzen hasiko: zaila dela laguntza ekonomikorik gabe itzulpenak publikatzea, eta laguntzarekin denean ere, errentagarritasuna bera ez dagoela bermatuta. Kasurako: Durangon izan berri gara eta ikusi ditugu poltsak nobedadez gainezka, baina esanen nuke itzulpenik ez dela agertu inongo salduenen zerrendetan, eta, inpresio pertsonal bat, oihartzun gutxi izan dutela aurtengo itzulpenek… Bada sintoma, ezta?

Tira, hauek guztiak badakizkizue, eta, agian, ez dizuet ezer berririk ekarri gaurkoan.

Itzulpengintzan ere egoera irabazien eta galeren parametroetan irakurtzeko joera (eta beharra) dugu, baina bistan da itzulpenak irakurtzeko joeran dena dugula irabazteko: itzulgaiak, irakurleak, laguntzak eta salmentak.

Euskaltzaindia hizketan

Iker Zaldua Zabalua

Sentsorearen parabola asko erabiltzen ari naiz aspaldion. Norbanako bakoitzak ditu bere sentsoreak, berezkoak, eta zenbaitetan belarriko mina jartzen zaigu sentsoreak zerbait hauteman, eta barnean durundi zorabiagarria entzuten dugulako. Eta, gehienetan, zarata hori besteek ez dute entzuten, hain justu, bestelako sentsoreak dituztelako, eta gureak hauteman duena berean ez delako arduragarri.

Itzultzaileok, uste dut, hizkuntza balioanitzeko habetzat dugula: hizkuntza, niretzat, gehienbat jolasa da. Oso gogoko dut hizkuntzarekin jolasean aritzea, baina hizkuntza kultura da, hizkuntza lana da, hizkuntza harremana da, hizkuntza haserrea da, bizimodua da. Nire kasuan, sentsorea arras finduta dago euskarari dagokionez, milimetro txikienean kalibratuta. Eta azkenaldian nahi baino gehiagotan entzun dezaket soinua barrunbeetan.

Ataunen bizi naiz, Goierriren sakonean, Sakanaren eta Tolosaldearen artean, ustez, euskara osasuntsu eta bizi dagoen lurraldean. Eta kalera irten, eta bai, euskara nagusi da han-hemen, baina hegemonia hori galtzen ari da, eta dagoeneko ez da arraroa azpiko tabernan norbait gaztelaniaz edo beste erdara batzuetan entzutea. Eta hori ez da gaitz, aberasgarri ere izan liteke, bi baldintza betetzen badira: euskara bera oraindik plazan lasai eta alai ibiltzea, eta euskara hori ongi zaindua izatea. Bigarren horretan ari zait nire sentsorea jo eta jo. Semeak 9 urte ditu, alabak 14 urte ditu, eta bi belaunaldi horietan, tartekoetan, eta datozenetan sentsorea urduritzen dizkidaten gauzak entzuten ditut.

“Aita, ahal det jun parkea?”. Esaldi hori normal-normala da Ataungo nerabe eta haurren artean. Niri sentsorea martxan jartzen zait, eta berehala zuzentzen dut: “Aita, jun deiket (naike) parkea?”. Duela dagoeneko aste zenbait horixe esan nion semeari eskola-atarian, eta nire semearen ikaskide baten amak berehala ihardetsi zidan, txantxetan edo: “Euskaltzaindia hizketan, kar, kar”. Hor ohartu nintzen: haren sentsoreak ez du hauteman nireak hauteman duena, bereak akaso bestelako kalibrazioa duelako, eta agian semea une jakin horretan jaten ari denarekin piztuko zaio argi gorria. Baina, esaldi hori oharkabean igaroko da, eta horrenbestez, 9 urteko mutiko horrek naturaltasunez erabiltzen jarraituko du.

Gogoeta egin, eta ohartzen zara kalibrazio hau gutxiengo batek dugula, eta ziurrenera dugun lanbideagatik izango dela hein handi samar batean. Eta horrekin, dugun arriskuarekin ohartu naiz.

Euskararen ezagutza-maila igo egin omen da, hau da, gero eta gehiagok omen daki euskaraz. Baina, zer da euskaraz jakitea? Aski da diosal eta agur egiten jakitearekin? Aski da elkarrizketa bat ulertzeko moduan jarraitzearekin? Euskararen etorkizuna oso ilun ikusten dut, etxean ezkorra naizela esaten didate, baina, berriro diot, Ataunen bizi naiz, gure etxean euskaraz egiten da, ama-hizkuntza, aita-hizkuntza, euskara dute seme-alabek. Itzultzailea dute aita, euskal filologoa eta euskararen kontuekin berehala erresumintzen omen dena, eta halere, “Ahal det jan jogurre?” esaten dute. Eta adi! Eskola-atarian, sei-zazpi elkarrekin jolasean ari direnean, zenbaitetan, gaztelaniaz hitz egiten dute, horietako batek euskara ez duelako ongi menderatzen, etxean ama-hizkuntza, edo aita-hizkuntza (edo biak), beste bat delako. Eta berriro diot, Ataunen bizi naiz. Baina, hor ez noa sartzera orain, ate handi samarra baita testu xume baterako.

Sentsorea ez da isiltzen, eta itzulpengintzan, lanean, sentsorea jo eta jo. Adimen Artifizialak egindako testuak zuzentzea egokitzen ari zait aspaldi, eta dagoeneko normalizatu egin ditugu euskarari ez dagozkion zenbait formula. Duela hilabete eskas, Euskaltzaindiak Donostian duen txoko zoragarrian hitz-aspertua egin genuen, Idoia Santamaríak gidatuta, eta ohartu ginen geronek ere irentsi ditugula formula horietako zenbait eta sentsoreak jadanik ez digula abisu ematen. Adimen Artifizialaren harira sortzen ari den corpusa euskara eskasten ari da. Hainbat zenbatzailea joker-karta bilakatu zaigu karta-sortaren barruan, eta masiboki erabiltzen (eta onartzen, baitaratzen) hasi gara, zenbait, batzuk eta bestelakoak alboratuz, gure hiztegietatik baztertuz. Gauzatu aditza ere beste joker-karta bat da, eta masiboki erabiltzen (eta onartzen, baitaratzen) dugu, egin aditza bezain aditz sano eta jatorra alboratuz sarri. Lazkao Txikik berak esan zigun “Martxa honetan aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan”. Eta esango nuke dagoeneko ari garela erdaraz euskaraz ari garelakoan.

Adimen Artifiziala ari da euskara-eredu bat sortzen, ari gara euskara-eredu bat sortzen, eta aberastasuna lapurtzen ari gatzaizkio, lautzen ari gara erabat euskara, eta beti izan duen bizitasun hori lausotzen ari da, goizeko behe-lainoa desagertzen den moduan, konturatzerako. Nerabeek eta haurrek hori jasoko dute, eta errua leporatuko diegu, baina krimena gu ari gara egiten (baimentzen).

Duela zenbait urte, blog bat eratu nuen, “Gure hitz galduen bila” izenekoa. Aspalditxo, han utzi dut nonbait, alboratuta, eta egia esaten badizuet, pasahitza ere ahaztu dut (beste bat jasotzeko eskaera ere egin nuen, baina ez nuen lortu), baina uste dut hura berriro martxan jartzea ideia ona dela, eta, zoritxarrez, gero eta hitz gehiago sartuko ditut zakuan. Orduan, pentsatu egin behar izaten nuen, “zein ote da haur nintzela maiz entzun eta orain batere erabiltzen ez den hitza?”.

Konpromisoa hartuko dut blogari berrekiteko, baina konpromisoa hartu dezagun guztiok hitz galdu gehiago ez sortzeko. Izan dadila zaila hitza hautatzea, pasa dezadala denboratxo bat hitz jakin bat bilatu arte.

Gure sentsorera iristen dena jakinarazi dezagun, ezin ditugu besteak behartu beren sentsoreak gure zenbakiekin kalibratzera, baina egin dezagun pedagogia “Euskaltzaindia hizketan” ez diezaguten esan haurrari zuzenketa txiki bat egin diogulako.

Bide batez, aipatu dudanaren lekuko testu hau bera izango da ziur aski: baietz hemen ere normalizatu ditugun (ditudan) formulak agertu, euskarari berez ez dagozkionak (eta ez da nahita egindakoa izan, halakorik badago)!

Lore Jokoetatik Herri Olinpiadetara

Jaime Altuna Ramírez

Atxis!

Aitorpen txiki batekin hasiko naiz: euskal jaia izendapenarekiko alergia moduko bat garatu dut. Edozein herritako jaietako programan euskal jaia irakurri orduko doministiku egiten dut. Atxis bakarra izaten da, ezer larririk ez. Galdera bati lotutako usin bakar bat: nolakoak izango dira herri edo auzo horretan euskal ez diren jaiak?

Eta hala ere, blog honetan idatziko dudan nire lehenengo artikulua alergia handirik sortu ez didan euskal jai izenekoospakizun bati buruz izango da. Aurten ehun urte bete batira Hondarribian Euskal Jaiak ospatu zirenetik. 1925eko irailean hamar eguneko egitaraua prestatu zuten eta Francisco Sagarzazu alkateak honako deia egin zien herritarrei:

Datorren jayak ekarriko digute gure erri maite ontara jende asko eta ospetsua. Beti bezala datorren jendeari egiten ba-diogu ongi etorri bero bat, eta gure artean dagozten bitartean atsegiñez edukitzen ba-digute, eramango dute beuren errietara oroitz on eta luze bat. Beragatik eskatzen dizutet len-bai-len asteko zeuden etxeak apaintzen eta leyo-balkoyak lorez betetzen, erriontako etxezar, politak, agertu ditezen ederki jantziyak (Hondarribia Aldizkaria, 408)

Loreak leiho eta balkoietan. Egungo begiekin alkatearen eskaera bitxi samarra izan zitekeena erabat logikoa zen duela ehun urte, 1925eko Euskal Jaiak XIX. mendearen erdialdean Anton Abadiaren ekimenez sortu ziren Lore Jokoetan oinarrituta zeudelako.

1851n Abadia, erromantizismoaren espirituaz blai, euskal musika, dantza eta poesiari buruzko jardunaldiak antolatu zituen Urruñan. Gustura geratu omen ziren, ondorengo urteetan Lapurdiko zenbait herritan ospatzen jarraitu zutelako. 1879tik aurrera beste lurraldeetako herri batzuetan ere Lore Jokoak antolatu ziren: Begoñan, Beran, Donostian, Maulen, Irunen, Aramaion, Urnietan, Kanbon… Euskal Pizkundea abian zen. Hondarribian, Lore Jokoak 1883an ospatu ziren lehen aldiz, eta Lehen Mundu Gerra amaituta, 1925ean berriro antolatu zituzten Euskal Jaiak izenarekin. Auñamendi Entziklopediak jasotakoaren arabera, urte hartako jai programak oso ekimen anitzak jaso zituen: musika kontzertuak eta arte ederren erakusketa; bertsolari saioak eta lehiaketa; literatura festa eta olerki lehiaketa; aizkolariak eta futbol partida; prozesioak eta mezak; baita zinema kalean ere (pantailek hitz egiten ez zuten garaia zen).

Ehun urte geroago, Hondarribian ez da Euskal Jai edo Lore Jokorik antolatzen; garaiak aldatu dira. Baina festa giroan elkartzeko gogoa bizirik dago eta, azken urteetan, gazteek XX. mendearen azken hamarkadan sortu ziren Herri Olinpiadak berreskuratu dituzte. Neguko hilabeteetan, herriko koadrilen arteko hartu-emanak sustatzea helburu, joko ugari antolatzen dituzte.

Saioa Zabala Aristizabal antropologo gazteak 2023ko Hondarribiko Herri Olinpiadei buruzko ikerketa egin zuen eta, besteak beste, bertan parte hartzen dutenen hizkuntza praktikei erreparatu zien. Olinpiadak euskaraz antolatzen direla ikusi zuen: koordinazio bilerak euskaraz dira, jokoak euskaraz antolatzen dira eta mikrofonotik esaten den guztia euskaraz da. Gainera, Olinpiadetan parte hartzen dutenek ez dute ekimen hau beste hizkuntza batean imajinatzen. Arrotza egiten zaie Olinpiadak erdaraz irudikatzea; oso garbi dute euskaraz direla eta horrela izan behar dutela.

Hala ere, horrek ez du bermatzen Olinpiada egunetan euskara izatea gehien entzuten den hizkuntza. Zabalak azaltzen duenez, jokoetan parte hartzaileen arteko elkarrizketa informalak gehienak gaztelaniaz dira. Joera hori ulertu nahian, zenbait gazte elkarrizketatu zituen. Lagunarteko hizkera kolokialaren falta aipatu zuten horietako askok eta herriko hizkeraren galerarekin lotzen zuten. Hala zioen ikerlariak udaberrian Blagan Euskara Elkarteak antolatutako mahai-inguruan:

Argi eta garbi ikusi nuen badagoela nahi bat, Olinpiaden kontestuan batez ere, Hondarribiko euskara erabiltzeko. Taldeen izenetan ikusten da, talde gehienen izenak Hondarribiko hitzekin edo bertako esaerekin sortuak dira: Guazemizia, Faki ta faki, Ur karruxa… Izen asko dira horrelakoak, nahiz eta gero jende askok ez dakien zer esan nahi duen beste taldeen izenak. Baina hitz horiek erabiltzeko saiakera bat dago. Karteletan ere ikusten da. Adibidez, lehenengo proba egin zenean kartelean argi eta garbi jartzen zuen: “Olinpiadak. Lemixiko eguna”. Hori nahita egindako gauza bat da.

Zabalak urte hartako Herri Olinpiadei lotutako sare sozial digitalak ere aztertu zituen ondorio interesgarriak erakutsiz. Talde edo koadrila bakoitzak Instagram kontu bana zuen eta sare sozial horretan mugimendu handia sortzen zen, bai joko egunean, baita hurrengo egunetan ere. Ikerlariak jasotakoaren arabera, testuinguru digitalean euskara nagusitzen zen eta Hondarribiko hizkera erabiltzea kode moduko bat zen. Egindako elkarrizketa batean honela azaldu zioten online ta offlinen arteko ezberdintasuna: «Eske nik ez dakit zurekin hitz egiten horrela, bat-batean, pentsatu gabe, ez daukat solturarik, baina nik hartzen badut mugikorra eta daukat munduko denbora guztia pentsatzeko, nik badakit Hondarbiko euskaran idazten». Antropologoak ondorioztatu zuen Herri Olinpiadek euskarazko burbuila moduko bat sortzen dutela:

Nahiz eta gazteleraz egin, egia da Olinpiadak lotuta daudela euskal mundu batekin. Herritik sortu den zerbait da, herrigintza mugimendu bat da, euskalgintzarekin lotua dago, nahiz eta inportanteena ez den Olinpiadak euskaraz direla, inportanteena da Hondarribikoak direla. Orduan, euskaraz egingo dugu, baina Hondarribiko hizkuntzan, hondarribitarrak garela erakusteko.

Azken asteetan Euskal Jaien mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dira Hondarribian eta bihar liburuak eta euskal sortzaileak izango dira protagonistak, Euskal Azoka egingo baita. Itsas Etxea Auditoriumean salmenta postuak ipiniko dira eta zenbait idazleren aurkezpenekin batera “Euskal Jaiak: iragana eta etorkizuna” izenburua duen mahai-ingurua programatu dute. Handik gertu, herriko gazteak Olinpiadetako jokoetan arituko dira, egun berezi honetarako “euskara proba” antolatu baitute.

Bihar, beraz, aspaldiko Euskal Jaiek, biziberritutako Euskal Azokak eta egungo Herri Olinpiadek bat egingo dute eta, bistan denez, euskal izendapena erabiltzen jarraitu behar dugu ohikoa ez dena izendatzeko: euskaraz egiten den liburu azoka edo euskarari buruzko proba olinpikoak. Nik dagoeneko etxeko balkoi guztiak lorez apaindu ditut etorriko zareten guztiok zeuen errietara oroitz on eta luze bat eraman dezazuen!

Lehenik eta behin, argipen bat

Sarai Robles Vitas

Orain dela hilabete pasatxo, Euskal Kultur Erakundeak Baionako Arteen Hirian antolatutako ‘Hizkuntza eta kultura biziberritze kontestu batean: bereiz ote daitezke?’ jardunaldietara joateko aukera izan nuen. Euskararen eta kulturaren arteko harremana interesgarria bezain korapilatsua egiten zait, eta nahigabean ‘biziraupen’ terminoaren orbitan gogoetatzen bukatzen dut gehienetan: euskarak, biziraunen badu, kultura behar du; eta kulturak, euskalduna izan nahi badu, euskaraz behar du izan. Horretan gehienok ados, ziurrenik. Baina nola egin? Nola, egungo ingurune globalizatuan?

Jon Sarasuak, euskara ez ezik, euskararen kosmobisioa landu eta transmititzearen beharra azpimarratu zuen. Ez naiz Sarasuaren ideien defendatzaile sutsuena (aitorpen ausartegia, agian, lehenengo kolaboraziorako?), baina euskararen kosmobisioaren bueltan hausnarrean aritu naiz bera entzun nuenetik. Izan ere, modu abstraktuan ulertu dezaket zer den hizkuntza baten kosmobisioa: hizkuntzak, bere barruan, errealitatearen irudi, harreman, ikuskera… jakin batzuk gordetzen dituela, gainontzeko hizkuntzetan aurkitu ezin direnak. Baina, zehatzera jota, zer da euskararen kosmobisioaren parte, eta zer geratzen da kanpo? Zein irizpide erabili behar da? Hori definitzea ez da hain erreza, niretzat bederen (hizkuntzalariak, antropologoak… barka nazazue).

Azkenean, ondorio batera iritsi naiz: kosmobisioaren afera txisteak azaldu behar izatearen antzekoa da (benetan, barkatu). Argiago azaldu dezadan: kosmobisioa umorearekin alderatu genezake. Norberak bere umorea du, eta zenbait jenderekin klik egiten dugu, elkarren graziak segituan ulertzen eta miresten ditugu. Barruko txisteak izatera ere heldu gaitezke, lagun min, bikotekide zein lankideekin. Baina ondokoak ez baditu gure burutazioak ulertzen, ez baditu gure hitz jokoak harrapatzen… eta azaldu behar badizkiogu, orduan ulertuko ditu, bai, baina jada ez dute halako graziarik izanen.

Pentsa dezagun ondoan umore gabeko lagun horietako bat daukagula. Demagun, gainera, ez dela euskalduna. Demagun Fran izena duela; edo Espa, edo Inge. Demagun ez dela gure ondotik inoiz aldentzen. Zein egoera (edo txiste, hitz joko…) ez luke ulertuko guk azaldu ezean?

Adibide bat jarriko dizuet, urrutira jo gabe. Hasieran aipatutako jardunaldietan, zuzenbidean doktoredun Eneritz Zabaletak honela hasi zuen bere hitzartzea: “lehenik eta behin, argipen bat egin nahi nuke”. Eta, aurrez adostua balego bezala, itzalaldia jazo zen Baionako Arteen Hirian, Zabaletak hitzok esan eta bi segundo exkaxera. Deituidazue friki, baina irriño batek ihes egin zidan, gure hizkuntzak eta munduak hain modu ordezkaezinean bat egin izanaren gozamenaz.

Écoute, Fran. Il a dit “tout d’abord, quelques précisions”. Mais, en basque, précision se dit comme illumination, et juste après il y a eu une panne de courant et la lumière s’est éteinte. C’est pour ça que c’était si drôle.

Kosmobisioa ere bada liburu baten itzulpenean oin-oharrak jarri beharra, istorioa ongi ulertuko bada. Edo hasieran hiztegi labur bat osatu behar izatea, consonnik argitaratutako Miren Amurizaren Basa eleberrian bezala, Miren Agur Meaberen itzulpenarekin:

Errotabarri: molino nuevo. Se trata de una denominación usual para molinos históricos en Bizkaia.
Patxo: forma infantil onomatopéyica para decir beso.
Txapela: boina. Suele usarse como trofeo o galardón en diversos campeonatos.

Glosario horri esker irakurri ahalko du gure lagun Espak liburua; bestela, nekez ulertuko lituzke Sabinaren joan-etorriak.

Eta behin txapela aipatuta, bertsolaritzaz ere mintzatu gaitezen. Ez da soilik entzuleen eta bertsolarien arteko etengabeko negoziazioa, non adostu behar duten zein gai aipatu daitekeen, zerekin egin umorea, zer txalotuko den eta zer ez. Bertsoaren alderdi estetikoa, formari dagokiona ere ez luke ulertuko gure lagun Ingek. Gorka Pagonabarragak 2021ean Etxebarrian kantatutakoa gogoratu dezagun, adibidez:

“Hauxe delako mendebaldarrok daukagun errituala,
ezikusia egiten dugu masailak gorritu ahala (…)”

Ze ona! Oh, I’m sorry, Inge. He just said that the ritual we have here, in the Western world, is to look the other way while our cheeks turn red. But in the Basque language, ‘ritual’ and ‘while turning red’ are said in a very similar way. It was soooo cool.

Eta maite dugu gure lagun gatzgabea, noski; gauza on asko ematen dizkigu. Eta esan gabe doa, berak ere bere umore (kosmobisio) propioa duela, eta sarri bera izanen dela txisteak guri azaldu beharko dizkiguna.

Baina ezin ukatu aski nekagarria dela bera buruan izanik mintzatu behar izatea beti, dena azaldu behar izatea, edo haren araberako txisteak egiten ahalegintzea. Beste modu batera esanda: beste hizkuntza baten kosmobisioaz aritzea euskaraz. Agian hau da euskararen eta kulturaren bueltan gabiltzanon eginbeharra: gure umoreari eustea, gure erreferentziak baliatzea eta gure hizkuntzarekin jolastea, ondoko laguna ahaztuz tarte batez. Zeren, onartu dezagun: haren aldean gu zeinen graziosoak garen ikusteak harrotasun puntu bat ere sortzen digu, tarteka.