Unique in the world, euskal herritarrak la hostia gara (I)

Fernando Rey Escalera

Itzultzaileok arreta bereziz ikusten dugu, deformazio profesional izateraino, nola jokatzen duten jendeek, talde eta erakundeek hizkuntzekin. Nola tratatzen dituzten hizkuntza pareak komunikazioan.

Egia esan, Euskal Herrian, denok garenez itzultzaile, edo ezinezkoa denez bi hizkuntzen arteko zubirik gabe bizitzea (buru-ariketa gisa bederen), askok erreparatzen diogu. Eta berehalaxe ohartzen gara duintasunez idatzi duten, itzulpena kaxkarra egin ote den, tekleatze akatsik badagoen, letra tamaina bera erabili ote den bi hizkuntzetan… Doktoretza-tesi bat egin liteke horren gainean.

Azkenaldi honetan, badira bi joera deserosotasuna pizten didatenak. Mintza nadin garbiago: amorrua ere pizten didate. Ni ote naiz bakarra? Esan diet nire inguruko batzuei, baina, nonbait, gehienak ez dira erretxintzen ni bezala.

Joera horiek, nire ustez, argi adierazten dute euskara zer den jendearentzat, nolako tokia duen hizkuntzak (egiazko bizitzan), zer den guretzat euskara edo gaztelania edo ingelesa.

Badira azken urteetan zabaldu diren bi ohitura, bai, sua pizten didatenak barrenean. Obsesio bihurtzen hasia zait, eta idatziz jarriko dut. Ea balio didan kaskotik kentzeko. Edo, beste batzuen iritzia entzunda, ez dela hainbesterako pentsatzeko. Gaur haietako batez mintzatuko naiz. Beste egun batean besteaz.

Zuetako askok ulertuko didazue noski. Eta gauza naizen inor mindu gabe adierazteko.

Txikia nintzela “Vuelta al País Vasco” zegoen, eta halaxe iragartzen zuten kartelek. Gero euskara, zorionez, merezi zuen tokia hartzen joan zen komunikazioan-eta, eta kartela elebiduna izatera pasatu zen. “Vuelta al País Vasco-Euskal Herriko itzulia”. Bi hizkuntza, gaztelania eta euskara, “Euskal Herriko” deituta ere, Euskal Autonomia Erkidegoaz ari baitziren, Gipuzkoaz, Bizkaiaz eta Arabaz. Konforme. Aurrera egin genuen zerbaitetan.

Ez dakit justu noiztik eta zer gogoeta soziolinguistikoren ondorioz, orain oso bestelakoa da jokaera. Euskara hor da: Euskal Herriko itzulia da edo Itzulia da. Eta elebitasunari ere eutsi nahi izan diogu, baina zer eta “Basque Country” jartzen dute. Azkeneko kartelak ikusi ditut, eta orain “Itzulia Basque Country” idazten dute.

Eta galdetzen diot nik neure buruari: zer dago gaztelania kendu eta ingelesa sartzearen atzean? Irrigarria iruditzen zait. Nik dakidala, gaztelania bizi-bizirik dago Hegoaldean. Eta ingelesa zer dela-eta?

“La Itxulia” aipatu dut; orain horrela aditzen dut, ez “la Vuelta al País Vasco”, baizik eta erdara ederrean, baina hori bai, keinu negargarri bat eginez euskarari. Zeren seinale? Baskoagoak gara itxulia esanez? Tira, utz dezadan hori. Euskararen hitz bakar batzuk sartuz gaztelania hutsean egitearen beste fenomeno hori beste egun baterako utziko dut.

Beste hamaika adibide eman nitzake:

Itzulia Women, Euskotren Women Winter Series, Basque Team Saria, Itzulia Basque Challenge, Euskadiko Orkestra-Basque National Orchestra, Bilbao Basque Fest, Emakume Master Cup, Pilota Legends Cup…

Ez dut segituko, bihotzerrea jartzen zait-eta. Bai, Unique in the word gara euskaldunak (edo euskal herritarrak esan beharko nuke). “Athletic Club. Munduan bakarrak. Unique in the word”.

Magia bitxi baten eraginez, Euskal Herriko ez dakit zer txoko, ibar edo herritan zabaldu den euskalki edo ingeleski batez idatziak ikusten ditugu kartelak.

Baina itxurakeria da. Edo ez? Oso guai dago besterik gabe ingeles tanto batzuk jartzea? Dottorea da, ezinbestekoa, inperioaren hizkuntza jartzea? Gaztelania desagertu da karteletatik. Sekulako iraultza gertatu da gure egoera diglosikoan? Orain euskaraz barra-barra egiten al du jendeak eta ingelesa da kanporako atea?

Ez. Sinetsia nago ekitaldi, txapelketa eta emanaldi horiek gehienak gaztelaniaz antolatu direla. Ekitaldi horien antolatzaile diren erakundeek gaztelaniaz funtzionatzen dute. Euskarak ez du aurrerapauso handirik egin haietan, baina euskara eta ingelesa ageri dira. Susmoa dut tarta batzuen gaineko ginga puska gisa jartzen dutela euskara hor, apaingarri.

Gaztelania desagertu da. Nire ustez hemengo hizkuntzetan idatzi behar dira gauzak komunikazioa baldin bada helburua. Ulertuko nuke hizkuntza ahulenaren aldeko diskriminazio positiboz euskarak toki gailena izatea. Baina gaztelania kendu eta ingelesa jartzea harrigarria iruditzen zait.