Nola mintzo dira Harlemeko goierritarrak?

Angel Erro

Tarteka pizten da eztabaida, euskaraz nola mintzarazi behar diegun itzultzen ari garen eleberri edo ipuinean ezaugarri dialektal edo soziolektalak agertzen dituzten pertsonaiei. Emaitza maiz da polemikoa, eta denok gogoan izanen dugu adibide bat edo beste, funtzio horretarako euskalki jakin bat hautatu denean, esaterako. Euskara batuaren eta dena delako euskalkiaren arteko harreman sarea inoiz ez baita itzuli beharreko lanean hizkuntza estandarraren eta konnotatuaren artekoaren parekoa. Hortik dator, nik uste, Julen Gabiriak Art Spiegelmanen Maus komikiaren euskarazko itzulpenean Vladek pertsonaiarentzat asmatu duen idiolekto berezia (ingeles poloniartua, zuzentasunik gabea) irakurle askok itzultzailearen akastzat hartu izana, Gabiriak txio batean esan bezala.

Disoziazio hori muturreko adibidea da, baina zera adierazten du: berez, irakurleak bere hizkuntzan irakurtzen duen hori bere hizkuntzaz duen ezagutza eta eskarmentu soziolinguistikoarekin dekodetzen duela. Eleberri batean Harlemeko beltzek, beste pertsonaien (zurien) euskara batua gabe, Goierriko euskaraz erabiltzen badute, irakurleari, atzean egon daitekeen hizkuntz jokoa ulertuta ere, Goierriko euskara agertuko zaio begien eta belarrien aurrean nagusiki. Alde batera utziko ditut erabaki horrek berarekin dakartzan bestelako lotura ideologikoak, inoiz salatu egiten direnak.

Baina, kritikak kritika, hor dago beti zalantza, halakoekin zer egin. Nire ustez, erantzuna topatzeko erabilgarria izan daiteke kontrako galdera egitea. Nola nahi genuke erdal itzultzaile batek (esaterako, ingelesera) itzultzea euskarazko eleberri batean euskalki ezberdin batean mintzo den pertsonaiaren esana? Nola irudikatzen dugu? Eskoziako ingelesez? Gutxiengo etniko baten ingeles postkolonialean? Auzo jakin batekoan? Erdal irakurleak hortik eratorriko lukeen informazioa noraino litzateke zuzena eta batez ere baliagarria? Jatorrizko testuan hor diferentzia bat badagoela uler lezake, baina hautemango luke zer-nolakoa?

Ingelesezko idazle batek agian ezin du gutxiengo etniko baten kide bat agertu eta bere hizkuntz adierazgarriak ez azaleratu, bere irakurleei pertsonaiaren ezaugarritzean iruzurra sakatu gabe. Baina itzulpenaren bidezko irakurleok akaso aski dugu pertsonaia hori dena delako gutxiengo etniko (edo sozial) baten kidea dela jakiteko eman zaigun bestelako informazioarekin, ingelesak dituen aldaeren arteko aldeak ezin baitira automatikoki ekarri euskarak dituenetara. Ok, pertsonaia hori Bristolen bizi den jamaikar jatorriko langabetua da, baina ez du euskara batuan jarduteko eskubidea, etxea alokatzen dion adineko alargun galesak bezala?

One Reply to “”

  1. Oso gai interesgarria da Angelek azaleratu duen hau. Joan den larunbatean, Literaturian, Julen Gabiria, M. A. Elustondo eta Bego Montorio komikien itzulpengintzaz aritu ziren mahai-inguru interesgarri batean, eta, besteak beste, gai hori ere atera zen. Komikiak itzultzen aritzen direnentzat besteontzat baino are premiazkoagoa da kontua, haiek itzuli beharreko asko gertuago baitaude ahozko eredutik bestelako itzulpen batzuk baino.
    Gogora datorkit orain, bat-batean, nola mintzatzen den Gailur ekaiztsuak nobelan (Irene Aldasorok itzulia) istorioko zerbitzaria: Idiazabalgo “euskalkian”, gutxi-asko. Oso gogoan dut nolako harridura eragin zidan haren aurreneko esaldiak eta nola bigarrenerako guztiz ohitua nengoen eta guzti normala begitandu (eta “belarriratu”) zitzaidan zerbitzariaren hizkera.
    Kontu labain bezain interesgarria da.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina