Latxa

Maite Imaz Leunda

Egunean Behin jokoan aritzeko ohitura dugunok atseginez ekin genion 15. denboraldiari, joan den astelehenean, denboraldi bat bukatu eta bestea hasi bitartean pasatzen diren asteetan zerbait falta zaigula iruditzen baitzaigu egunero minutu pare batez tribial estiloko galdera-erantzunen partida jokatzeko aukera errutina bihurtua dugunez geroztik.

Jokoa Codesyntax enpresak sortu zuen, 2019an: 10 galdera erantzun behar dira, egunean behin bakarrik, eguneko partida bakarra jokatzeko aukera ematen baitu, ahalik eta azkarren, puntuazio ona lortzeko ondo erantzuteaz gain bizkor erantzun behar baita.

Denboraldi honek, gainera, jokalari berri bat ekarri digu, beste inor ez bezalakoa: Latxa du izena eta lortzen duen emaitza ikusgai dago sailkapen orokorrean, norberaren emaitzaren ondoan. Euskarazko adimen artifizialeko garapen berria aplikazioaren mekanikarekin lotu dute CodeSyntax-eko garatzaileek eta Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroko (HITZ) Latxaren arduradunek.

Jokalari berri bat eta erronka berri bat. Lehenengo aste honetan Latxak baino emaitza hobea lortu dut, Latxak inork baino azkarrago erantzun arren, nik baino erantzun oker gehiago ematen baititu, oraingoz.

Deigarriena egin zitzaidana izan zen Latxak zeinen azkar egiten dituen partidak; zeinen azkar prozesatzen dituen sartuta dauzkan datu guztiak: 4-5 segundoan. Ezinezkoa da pertsona batek 10 galdera hain denbora laburrean erantzutea. Nire partidarik azkarrena 44 segundokoa izan da eta jokalari trebeek 27 segundo behintzat behar izaten dituzte. Beraz, oraingoz Latxari aurrea hartzen ari naiz baina hori Latxak ikasi ahala eta erantzun zuzen kopuru handiagoa lortu ahala bukatuko da.

Latxa LLM edo hizkuntza eredu handi bat da, adimen artifizialeko ekimenek oinarrian duten datu-base erraldoia, alegia. OpenAI-ren ChatGPT bertsioen oinarriak dira LLMak adibidez. LLM ereduek datu asko eta asko behar dituzte ondo funtzionatzeko. Adimen artifizialak ondo egin dezan ondo elikatu behar da.

Kezkak eta beldurrak eragiten ditu pentsatzeak makinei laguntzeko lan gehigarria hartu ondoren makinek guk baino hobeto egingo dutela lana eta agian gure lana desagerraraziko dutela. Baina adimen artifizialaren aldeko apustua egin ezean, zer gerta daiteke?

Joan den urtarrilaren 18an eta 19an izan zen Languages Lanean kongresuan, Bilbon, Jóhanna Vigdís Guðmundsdóttir islandiarrak globalizazioa nabarmendu zuen hizkuntzak desagerrarazteko arriskuen artean. Islandia biztanle gutxiko herrialdea denez, islandierak hiztun gutxi ditu, baina islandiarrak moldatu izan dira hizkuntza babesteko, islandiera hizkuntza nagusi bihurtuta arlo publikoan, hezkuntzan, komunikabideetan…, islandiarren hizkuntza eta kultura laudatuz, hizkuntzaren garrantziaz kanpainak eginez eta abar.

Baina globalizazioaren aurrean, hizkuntza-teknologiak eta adimen artifiziala sustatzeari ekin diote islandiera babesteko. Diru asko inbertitu dute islandierak adimen artifizialean presentzia izan dezan, hizkuntza babesteko finantzaketa ezinbestekoa dela sinetsita: corpusak, hizkuntza-teknologiak informatikariak, hizkuntzalariak. Eta, jakina, gizartearen babesa ere behar da.

OPEN AI adimen artifizialean aritu dira datuak sartzen eta entrenatzen, bai hizkuntzari dagokionez eta baita kulturari dagokionez ere, eta 2023ko martxoan ChatGPT 4 kaleratu zenean, islandieraz ere egiten zuen. Beren esperientzia baliabide gutxiko beste hizkuntza batzuetarako baliagarria izango dela espero dute.

Adimen artifizialaren gai honek emango digu hizpidea aurrerantzean.