Biraorikan ez duen hizkuntza garbia?

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Nafarroako administrazioak itzultzaile sare handia antolatu behar izan zuen mendez mende, jende gehiena ez baitzen mintzatzen administrazioak zerabilen hizkuntzan, herritar gehienak euskaldun hutsak baitziren. Eskribauak aritu ziren bitartekari herritarren eta administrazioaren artean auzi, epaiketa eta gisakoetan. Erran nahi baita, jendeak euskaraz errandakoa gaztelaniaz jasotzen zuten eskribauek paperetan, baina tarteka euskarazko hitzak idatzirik, baita esaldiak ere, gure gozamenerako.

Epaiketa eta auzietako paperak Nafarroako Artxibo Nagusian daude gorderik eta, duela hamar bat urtetik hona, euskarazko hitzak dakartzaten izkribu aunitz argitaratu dira, garai bateko euskararen erakusgarri.

Konparazio batera, behin batean, kalapita ederra gertatu zen Barasoaingo kanposantuan, bi familiaren artean, hilobi baten kontura. Epaiketako paperen arabera, Martin Leotzek hauxe erran zion Margarita Lanari (parentesi artean eskribauaren itzulpena):

– Eme txarrak oihuak handi (ruin muger –sic– grandes voces).

Eta Margaritak erantzun:

– Baita zuek kasta andurrak (malas castas).

Hortik aitzina, sekulakoak eta bi erran zizkioten elkarri, familia bakoitzeko bertze kide batzuek lagundurik.

Honatx Margaritaren alabaren etorria:

– Aho laxoak, fanfarron tzarrak, erroi kasta gaiztoak (bocas flojas, fanfarrones viejos, malas castas…).

Eta Martin Leotzek erantzun:

– Arrano txipiak egin nahi du hain oihu handia nola handiak (la aguila chiquita tan grandes voces quiere dar como la mayor).

Eskribauaren eskuizkribuaren arabera, Margaritak azken hitza bere:

– Kasta gaiztoak, perjuro kumeak, perjuro baten semeak ez dik hemen ortzi (ehortzi) behar.  

Orbaibarko gertakari horretan erabilitako erroi eta andur hitzak (gaiztoa, makurra, zitala) maiz ageri dira mende haietako paperetan. Adibidez, Agoitzen, behin batean, emakume batek bertze bati “andurra” erran, eta erantzun hau jaso zuen: “Ni ez naun andurra, nik andurtu ninduenak…”. Hortaz, aditz bihurturik ere ageri da andurra.

Erroi ere izugarri erabiltzen zen: “erroi zarra”, “erroi adaburu handia”. Eta Añorben, ez dakigu zer gertatu ote zen bi lagunen artean, baina batak bertzeari honakoa bota zion: “erroi mehaka ustela tripa handia”. Eskribauak ez zuen itzulpen zehatzik ekarri, honakoa baizik erdaraz: “arras hitz iraingarriak”.

Adaburu hitz hori ere ezin konta ahala aldiz ageri da (cornudo) eta ez dira gutxi gero apezei lotutakoak. “Axeri” eta “axerikume”, apezen seme-alabei errateko. “Apezgoitia”, apezarekin harremanak izan dituen emakumeari errateko.

Gainerakoan, “buruhandi”, “zakil erre”, “zakil handi”, “bragetandi”, “sudur makur”, “traidore seme”, “azkonlarru”, “mairua”, “frai zikin”, “agot zarra”, “agot askazia”, “ozar likitsa”, “errumes zar”, “doilorra”, “doilor zarra”, “ollaka txarra”…

Edaten zuenari “ordia”, “ordi zarra” eta gisakoak erraten zizkioten edo, metafora bidez, “ardankopa matela”, “ardanbotea”, “ardansaskia”.

Behin batean, Irunberriko jendea Leirera erromerian joan zelarik, sekulako istiluak gertatu ziren monasterioko fraideekin. Orduan, Irunberriko Trinitateko ermitauak, Irunberriko gurutzea zeraman gizonarengana hurbildurik, gurutzeari eusteko makila hartu zion, fraideen kontra jotzeko asmoz: “Indak honat makil hori, nik adituko diat fraideok” (Daca aca ese palo, que yo entendere a estos frailes”.

Bukatzeko, Ameskoako gizon batek bertze bati egindako heriotza-mehatxua: “lehen ere begietan hadukat, eta gero bada, lehen bada, ene eskuetarik joanen haiz” (“yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos).

Irain horietako aunitz Iruñeko karriketan bertan erabili ziren, bai eta Iruñerriko eta inguruko herrietan ere, hau da, euskarak XIX. mendean gibelera egindako bazterretan. Arestian erran bezala, aunitz dira eta ezin denak hona ekarri. Batzuk, gainera, egiazki dira itsusiak egungo belarrietarako. Hurrengo batean, agian. 

2 Replies to “Biraorikan ez duen hizkuntza garbia?”

  1. Nik ere asko gozatu dut Enrikeren testua irakurrita, oso ederra begitandu zait zentzu batean baino gehiagotan. Gainera, garai batean lagun artean hizketagai ere izaten genuen kontu hori, gure heziketa ezinago katolikoaren ondorioz ez genekielako madarikaziorik esaten euskaraz (gaztelaniaz bai, ordea), ezta sexuarekin lotutako konturik oinarrizkoenak ere aipatzen. Tristea da, baina hala da. Gai beraren beste adar bat euskarazko pornografiaren balizko beharraz jardutea zen (jada Nemesio Etxaniz bat ere okupatu zen horretaz, termino oso naifetan bada ere). Enfin, hori ere modu autodidakta batean ikasi behar izan genuen orduko gazte euskaltzaleok, gauaz, tabernatan, alkoholez blai eta gaztelania gutxi zekiten adineko gizonezko euskaldunekin berbetan arituta (giro ezinago patriarkala, beste hitz bat ez erabiltzeagatik, jakina); baina akademian baino euskara gehiago ikasi genuen, zinez!

    Ai, hizkuntza garbiaren matraka hori! Zenbat lan ematen duen!

    Baina orain utzidazue errakako ura nire errotara ekartzen: euskara biraorikan ez duen hizketa ederra (“Aitorren hizkuntz zaharra, nahi degu, zabaldu…”) eta hori guztia XIX. mendearen hasieran sortutako ideologia berri baten ondorio soziala besterik ez da, hitz bitan esanda, euskaldun fededun ideologia. Horretaz okupatu naiz berriki argitaratu dudan liburuan, hura kronologikoki mugatu nahian (1800 inguruan kokatu dut haren hegemonia sozialaren hasiera). Liburu horretan ez dut berariaz tratatzen euskarazko biraoen gaia, baina orain dela urte batzuk argitaratu nuen beste testu batean bai, bete-betean. Alegia, Frai Bartolome Santa Teresak gaia nola ikusten duen irakurrita, ez da harrigarria euskalduenen artean hizkuntza biraoetatik garbitzeko hamarkadaz hamarkada luzatu zen guratzada baten pairatzaileak izatea; bete-beteko arrakasta erdietsi zuen gurutzada, hain garailea ezen guk, umetan, pentsatzen genuen euskaraz ez dagoela biraorik!!! Ea, adin batekoek behintzat ederki gogoratuko duzue Aitorren hizkuntz zaharra kanta, ezta? Nik oraindik dutxatzeko tenorean kantatzen dut, poz-pozik (hortik kanpo, ez dut girorik aurkitu). Bada, kanta horretan ezinago garden formulatzen den ideia horren lehen zantzuak 1800 inguru aurkitu daitezke arazorik gabe: euskaldun fededun ideologia da (bide batez, 1960 aldean amaitu zena).

    Eta esaten dudan honetan inork sakontzeko asmorik balu, hona sarean nire orduko testua Frai Bartolomez:

    https://www.unibertsitatea.net/blogak/txoroen-untzia/2020/04/26/euskara-ona-zer-den/

    Barka autopropaganda, uste dut euskaldunok honetan ere lotsa galtzen ikasi behar dugula (neurriz, beti ere, baina lotsarik eta zurikeriarik gabe).

    Atsegin dut

Leave a reply to Pruden Gartzia Utzi erantzuna