Nere sentimentua nai det deklaratu

Alfontso Mujika

Aurtengo udaberrian Baltikoko errepubliketara joateko parada izan nuen, eta hiru herrialde txiki horietan ibili ginen hara-hona hango garraio publikoa baliatuz ekaineko egun luze ere luzeetan. Hiru errepublika berri, txikiak eta lasaiak. Ez dira jendetsuak; banaka hartuta, Euskal Herria baino txikiagoak dira hirurak, ez hedaduraz, baina bai biztanlez. Bakoitzak bere hizkuntza du. Estonierak finlandieraren antza du, familia bereko hizkuntzak dira. Letoniera eta lituaniera, berriz, hizkuntza baltikoen familiakoak dira (kasu-markak dituzte, guk bezala); hitz komun asko dituzte eta badute elkarren antza, baina ezin diote elkarri ulertu.

Pozgarria da ikustea hain herritar gutxi izan arren (Lituaniak 2.860.000 biztanle, Letoniak 1.883.000 eta Estoniak 1.365.000) beren hizkuntzan bizi direla (alde batera utzita errusieradunekin dagoen arazoa), eta administrazioak, hezkuntzak, hedabideek… arazorik gabe funtzionatzen dutela hiru hizkuntza horietan, beren literatura dutela, zinema, ikuskizunak, hizkuntza-paisaia…

Bukatu zen oporraldia. Itzulerako hegazkina hartuta iritsi ginen Loiuko aireportura. Buruan nerabilen orduan zer tankera hartuko zion estoniar, letoniar edo lituaniar batek gure hizkuntzari, gure egoerari, aireportuko seinaleak ikusita, seinale horiek baitira atzerritar batek gurera iritsita gure hizkuntzaz jasotzen duen lehen zantzua. Hizkuntza‑paisaia hirueleduna da Loiuko aireportuan: euskara, ingelesa eta gaztelania.

Iritsi ginen hatuak jasotzen diren gunera, eta, handik, irteerara. Han, guardia zibilen ondotik  igaro aurretik, kartel ikusgarri batek nabarmen-nabarmen ohartarazten dio bidaiariari nondik joan behar duen dakarrenaren arabera, gorrira edo berdera:

Orduan ohartu da gure estoniar/letoniar/lituaniar begizoliak ze hizkuntza aberatsa den euskara. Ingelesak eta gaztelaniak aditz bera erabiltzen dute (to declare eta declarar). Euskaraz, berriz, aitortu baiezkoan eta azaldu ezezkoan.

Gogoeta eragin dit: azaldu ote zioten testu horien euskal itzultzaileari zein zen testuingurua? Eman ote zizkioten esaldiak elkarren ondoan edo alfabetoaren hurrenkeran jarritako esaldi sorta bat emango zioten, gaztelaniaz, N letran nada que declarar eta O letran objetos a declarar zioena, tartean beste esaldi batzuk zeudela? Gainbegiratu eta zuzendu ote zituen inork itzultzailearen itzulpenak? Itzulpen-enpresa taxuzko bati eskatuko zioten itzulpena edo “nik badaukat lehengusu bat euskaraz ondo dakiena eta galdetuko diot” kasu horietako bat (gehiago) izango zen?

Eta, jarraian, barruan daramadan zuzentzaileak kartela nola zuzenduko nukeen galdetu dit. Hor hasi zaizkit zalantzak: urtero, ogasunean, errenta-aitorpena egiten dugu, esango nuke aski estandarizatua dagoela errenta-aitorpen terminoa, baina ez dakit, egia esan, errenta aitortzen dugun. Nolanahi ere, hor nonbait dabil esanahia. Euskaltzaindiaren Hiztegian aitortu sarrera arakatuta, ez dut aurkitu adiera gogobetegarririk:

aitortu, aitor/aitortu, aitortzen
1 du ad. Huts bat edo gorde nahi den zerbait adierazi. Errua aitortu. Egia esan, dena aitortu behar bada, urdaila asaldatzen hasia nuen ordurako. Epailearen aurrean aitortu.
2 da ad. Bekatuak aitortzan adierazi. Aitortzera joan. Aitortu gabe hil. Hilero aitortzen da.
3 du ad. Bekatuak aitortzan entzun. Erretoreak emakumea aitortu du.
4 du ad. Zerbait hala dela onartu; zerbait edo norbait halakotzat ezagutu. Azkenean aitortu zidan arrazoia nuela. Semetzat aitortu du. Bakoitzari zor zaiona aitortu behar zaio. Barojaren euskalduntasuna aitortu berria da, edo salatu berria, gutxien uste genuen aldetik.
5 du ad. Norbaitenganako edo zerbaitekiko fedearen aitormena egin.

Eta, jarraian, azaldu sarrera ere arakatu dut, badaezpada:

azaldu, azal/azaldu, azaltzen
1 du ad. Zerbaiti buruz hitz egin, hura ulertarazteko edo ezagutarazteko. Hauxe azaldu nahi nuke txosten honetan. Gauza beharra da hemen erakusten zaiguna behin eta berriz azaltzea. Soldadu zaharra zuen aita, berak ederki azaltzen duen bezala. Nola egin zuen ihes azaldu zigun. Entzunda nago, zuk amets bat entzun orduko azaltzen duzula. Orain arte ez da dinosauroak nola desagertu ziren azaltzen duen teoria egokirik sortu.
2 du ad. Agertu, adierazi. Ez zuen gurekin etortzeko asmorik azaldu. Hor, dirudienez, delako morrontza ez da bekatu, harro-harro eta lotsagabeki azaltzen baitute. Euskal esaldiari buruz aspaldi azaldu zituen iritzietan. Sartu zaizkigun kezkak eta katramilak artean azaldu gabe zeuden.

Are nabarmenago ikusi dut azaldu aditz hori orokorregia dela guardia zibilarekikoak adierazteko. Azkenik, deklaratu aditzera jo dut:

deklaratu, deklara, deklaratzen
1 du ad. Zuz. Epailearen aurrean adierazi. Epaiketan deklaratu behar izan zuen.
2 du ad. Adierazi; aitortu. Ik. agertu; azaldu; gerra deklaratu.

Gaztelaniaren akademiaren hiztegian ere (DRAE) ez dut aurkitu berariazko adiera erabat esplizitaturik, baina garbi dago 3. adieran dagoela:

declarar 1. tr. Manifestar, hacer público. 2. tr. Dicho de quien tiene autoridad para ello: Manifestar una decisión sobre el estado o la condición de alguien o algo. El Gobierno declara el estado de excepción. El juez lo declaró culpable. 3. tr. Hacer conocer a la Administración pública la naturaleza y circunstancias del hecho imponible. 4. intr. Manifestar ante el órgano competente hechos con relevancia jurídica. El testigo declaró ante el juez.

Frantsesez, berriz, bai, TLF hiztegian zein Akademiaren hiztegian:

déclarer 3. Affirmer oralement ou par écrit un état de fait. Déclarer des marchandises, ses revenus :  3. − Vous n’avez rien à déclarer ? − Vous savez bien, dis-je au préposé des douanes, vous savez bien que l’on a toujours quelque chose à déclarer quand on revient de ces pays d’outre-mer… Cendrars, Bourlinguer, 1948, p. 49.
déclarer 2. Faire connaître, proclamer par acte public ou judiciaire. Déclarer la partie en danger. Spécialt. Déclarer la guerre, annoncer officiellement qu’on va engager les hostilités avec un État souverain. Fig. Déclarer la guerre aux préjugés, aux abus. DROIT ADMINISTRATIF. Faire une déclaration auprès d’une administration. Déclarer un décès. Déclarer à la mairie la naissance d’un enfant ou, par méton., le déclarer. Déclarer un vol au commissariat de police. Le douanier demanda aux voyageurs s’ils n’avaient rien à déclarer.

Beste hainbeste ingelesez (Merriam-Webster):

declare
5. to make a full statement of (one’s taxable or dutiable property)
Large purchases must be declared at customs.

Euskaltermen argitu dit bidea (aditza ez da ageri, Euskaltermen terminoak baitaude, baina bai izenarekin).

aduanako deklarazio (4) Eu
es declaración de aduana
fr déclaration de douane / déclaration en douane
en custom entry / customs declaration

Eta Lexikoaren Behatokiak 10 emaitza itzuli dizkit aduana eta deklarazio lemak elkarrekin eskatuta.

Kaxkazuri oiartzuar bertsolariaren anaiak duela ehun bat urte bezala, nik ere nere sentimentua nai det deklaratu gaur: urteak joan eta urteak etorri, oraindik ez dugu iritsi estandarizazioa esamolderik oinarrizkoenetako batzuetan.

Ni gune berdetik irten nintzen aduana-kontroletik, inori ezer azaldu gabe, eta zinez aitortzen dizuet ez nuela ezer aduanan deklaratzeko.

Supraitzulpenak direla eta

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Elizabete Manterola Agirrezabalagak “Autoitzultzeaz gogoetan” izeneko artikulu interesgarri bat argitaratu zuen plaza honetan urriaren hasmentan. Autoitzulpenari buruzko kongresu batean entzundakoak hartu zituen hizpide, eta ikertzaileetako batek autoitzulpenaz eta dibertsitateaz esandakoak nabarmendu: “Autoitzulpenak sustatu dezake dibertsitatea, xede hizkuntzetan argitaratzen diren liburuen artean hizkuntza gutxituetan sortutako lanei lekua egiten baitzaie. Kontrara, autoitzulpenak indarra ken diezaioke dibertsitateari, suprautoitzulpenak (gehien sortzen den autoitzulpen mota) jatorrizko hizkuntzak baztertzen baititu, hein batean behintzat.” Bada, Manterolak bere testuaren bukaeran zioen bezala, “Badu, bai, mamirik gaiak” eta, horregatik, supraautoitzulpenen –eta supraitzulpenen– mami horren ertz bati heldu nahi diot oraingoan, azken urteotan nire inguruan sumatzen ari naizen joera batez mintzatze aldera.

Orain urte gutxi Kirmen Uriberen Lo que mueve el mundo oparitu zidan Madrilen bizi den lagun erdaldun batek. Iruñeko liburu-denda batean erosi zidan. Saltzaileari esan zion euskal egile baten liburu bat oparitu nahi ziola lagun euskaldun bati, aholkatu ziezaiola baten bat. Saltzaileak liburu hori saldu zion eta, gero, liburua oparitarako paper pollit batean biltzen ari zelarik, galdetu zion: “¿Qué te pongo? ¿Felicidades o Zorionak?”.

Orain dela bi urte gure inguruko bi gazte euskaldunek Ibrahima Balderen eta Amets Arzallus Antiaren Hermanito irakurri zuten. Haietako batek liburua bukatutakoan jakin zuen itzulpena zela. Besteak bazekien liburua euskaraz ere eskura zezakeela, baina D eredu batean ikasitako euskara poliki-poliki ahazten ari den saldo handi horretako kidea da bera, eta nahiago izan zuen gaztelaniaz irakurri. Adiskide euskaldun batek Uxue Alberdiren Reverso aholkatu zidan iaz, eta beste batek, Katixa Agirreren Las madres no.

Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina garai batean arrazoia argia zela uste izan genuen: oso handia zela euskaraz alfabetatu gabeko euskaldunen kopurua. Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina ez dakit ez ote den gero eta ohikoago bihurtzen ari. Lankide bati azaldu diot nire arrangura, eta galdera hau jaurti du airera: Iruñerriko fenomenoa ote? Ezetz uste dudala erantzun diot. Izan ere, iruditzen zait Koldo Bigurik Manterolaren artikuluaren harira blogean idatzi zuen iruzkinean datzala koska, hots, itzulpen horiek ez direla itzulpentzat saltzen eta, hortaz, euskarazko literaturaren inbisibilizazioa eragiten duela horrek, besteak beste. Gainera, uste dut inbisibilizazio horrek areagotu egiten duela euskarazko kulturak duen ikusezintasun orokorra, eta, horren eraginez, euskaraz inoiz baino eskualdekoagoak sentitzen garela orain, eta espainieraz, aldiz, inoiz baino mundukoagoak.

Iñaki Iurrebaso Biterik idatzitako “Euskara nagusi izango duten hiztunen bila” artikulua igorri didate WhatsAppez, eta euskaraz baizik ez dauden –edo behinik behin gaztelaniaz eta frantsesez ez dauden– irakurgaiak eta edukiak behar ditugula bururatu zait.

Badu, bai, mamirik gaiak.