«Vousêtsouvert»

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Supermerkatuak zabalik duen ordainleku bakarrean, ilaran zain garenotan azkena naiz. Ondoko ordainlekuan, kutxazain bat, bakarrik, bere gauzetan ari, joateko biltze lanetan; argi da. Heldu zait gibelera emazte bat, une batez gelditu edo antzeko egin eta hor bota dio, berehalakoan, ondoko ordainlekuko kutxazain hari, izenburuak dioen hori, hau da, euskarara ekarriz, halako «Zabalik zara?» edo, baldin eta hemengo alde honetan ari bagara, eta horko alde horretan arituz gero, berriz, ahal beste hurbilduz: «Zabalik zaude?» eta, luzeago utziz gero soka: «Irekita zaude?» edo.

Maiz entzuten ditut jendeak gure euskara gaixoak jasaten dituen ostikoez kexu eta arrangura, gure kasua munduko gaiztoena, mingots eta lakarrena bailitzan, baina hizkuntza orotan egiten ditu denborak, eraikuntza finenetan ere, koplarik gabeko suntsidurak, eta kopletan, berriz, errukirik gabeko deboilamenduak. Frantsesentzat munduko hizkuntza bakarra izan ohi den frantses hizkuntza hori ez da hortik salbu, noski. Biziko bada, eguneratu besterik ez du, gureak bezala, hau da: egun garrantzia duten mezuak eman behar ditu eta ez besterik. Ekonomiaren legea hizkuntzen konstituzioko lehen kapitulua omen da eta ekonomia lege den gizartean, ekonomiaren ekonomia egitera beharturik da hizkuntza oro, haren menpeko garenon menpeko.

Aipatu kasura berriro etorririk, esamolde hiperekonomo horri so eginik, galdera egiteko, frantsesez, baieztapenean erabiltzen den ordenaren alderantzikatzea (Vous êtes… > Êtes vous… ?) ez egin izana ez nuke aipatu ere egin beharko, zeren horren ez egitea hain bihurtu da lege ezen –alde batera utzirik frantses hizkuntzaren akademiak oraindik horretara behartzen duela–, frantsesa hizkuntza ikasia eta ez berezkoa duenaren seinale baita gaur egunean. Galderak galduak zaizkigu segurtasunen mundu positibista honetan; alferrik da ezer galdetzea, benetan galdetzea, hau da, erantzuleari erantzukizuna utzi eta nahi dugunaz beste erantzuteko aukera ematea; entzun nahi duguna galdetzen dugu eta horren baieztapena besterik ez dugu nahi. Deusetarako balio ez duen eraikuntza huts geratu eta haize alferrak eraitsi du galdera, besteaz zerbait jakin nahia bera bezalaxe eta harekin batera. Hondakin horren gainean gabiltza aspaldi, baina beste molde berriak –«zabalik zara?» horrek– garai berriak uzten dizkigu agerian, hau da,  industriaren garapenak makina erabiltzen zuen makinista sortu zuen bezala, orain, makinista bera makina bilakatzen den garaian garela erakusten digu. Makinak beren artean mintzatzen hasiak diren bezalaxe hasiak gara gu ere mintzatzen, geure artean eta makinekin, batzuen eta besteen artean bereiztera ere iritsi gabe.

Utzi dio pasatzen; jarri ditu gauzak uhal garraiatzailean; ttar-ttar-ttar, aitzinatu dira erosgaiak; kutxazainak pasa ditu, banan-banan; irakurgailuak irakurri ditu, banan-banan: pin, pin, pin…; erosleak atera du ordaintxartela; sartu du ordaingailuan.

–Kodea saka!

Sakatu ditu, banan-banan, zenbakiak.

–Txartela har!

Hartu du; kutxazainak ordaintxartela eman dio, hartu du; milesker.

4 Replies to “«Vousêtsouvert»”

  1. Iracurriric conceptua hon “economiaren leguea” jarri naiz pensaqueta ea ez al da “economicoago” izquiriatzea (zuzenago redactatzea)

    Ezi

    “Ekonomiaren legea hizkuntzen konstituzioko lehen kapitulua omen da eta …”

    Izquiriatzea hobe beharrez

    “Hizkuntzen konstituzioko lehen kapitulua omen da ekonomiaren legea eta …”.

    Horrec ba othe du deus ikustecoric kin economia leguea edo legue communicativoa yago economicoa edo yago effectivoa? Niri zait iruditzen baietz, ziur ez daquit.

    Atsegin dut

    1. “Hizkuntzen konstituzioko lehen kapitulua omen da ekonomiaren legea eta …”. proposatzen didazu, baina nik ekonomiaren legea nahi nuen agerian jarri eta ez konstituzioaren lehen kapitulua; hartara, ekonomiaren legea aitzina!
      Bakartxo

      Atsegin dut

  2. Metonimiaren antzeko zerbait ikusten dut hor.
    Nolanahi ere, kontatu diguzun egoeran gauzari dagokion aditz bat pertsonari aplikatu zaion bezalaxe, alderantzizko adibideak ere baditugu. Adibidez, materialak “nekatu” egiten omen dira, eraikuntzan eta industrian esaten denez. Baina hori metafora da, ez? Ala prosopopeia? Ala biak?
    Batxilergoan ikasitakoak errepasatu beharko ditut.
    Ondo izan!

    Atsegin dut

Utzi iruzkina