«Daimon»

Iñaki Segurola

Sokratesen bizia salbatu nahi nuke. Zoramena harturik lagun? Ez: fisika harturik lagun, jaun-andereak; fisika serioa edo erdi-serioa gainera. Julian Barbour-ek (The End of Time) denborarik gabeko fisika bat aurkezten du mende honen hasieran (denborazko egutegiak bezala mintzatuz), eta nik fisika horixe hartzen dut lagun hemen… nahi bezala ulerturik, jakina. Fisika moderno edo garaikidea, ulertu, badakigu ez dela ulertzen errealitatearen barrutik, eta orduan neure gogozko ulermenaren arabera mintzatzen naiz hemen, eta sinetsirik edozer gauza orain ari dela gertatzen: Barbour-en arabera, ez dago «orain» besterik, edo orainak besterik.

Sokratesen epaiketa ere, beraz, orain ari da gertatzen, eta ari da gertatzen Platonian, Barbour-ek hala deitzen baitio denborarik gabeko bere mundu edo unibertso edo multibertso edo dena delako eta ez delako horri. (Zer gauza naturalagorik Sokratesen epaiketa Platonian gertatzea baino?; iduri luke fisikaren eta filosofiaren bideek bat egin dutela halabeharrez; Platon bera ere hantxe zen, edo hementxe da, epaiketari begira.)

«Atenasko mandeulia» epaitzen ari dira, beraz. Guretzat eta beste askorentzat, Sokrates jakin-uste ustelaren salatzailea da funtsean, eta gauzarik normalena da gehiengoa, epaileen gehiengoa barne, haren kontrako herra batek hartua egotea. Gehiengoak isatsarekin uxatu nahi luke mandeuli dialektikoa, eta ahal badu, akabatu.

Akusazioak (hau da, aitzakiak) bat baino gehiago dira Sokratesen kontra, eta horietako bat da jainko berriak sartzea Atenasen. Eta hor tartean sartu beharra dago bere daimon famatua. Ezin esango dugu izugarrizko pisua duenik hura hiltzera kondenatzerakoan, baina egia da Meleto akusatzaileak aitatu egiten duela Sokratesen daimona bere salaketan, burlaizean aitatu ere.

Entzute haundikoa da Sokratesen daimona. Euskaraz jeinu esan izan zaio, nahiz hitz horrek ez gaituen batere betetzen. Latinezko genius-ek ere ez gaitu betetzen, eta ezta gure erdaretako genio, génie eta abarrek ere. Gainera, gauzak okertzeko, euskara mintzatu edo benetakoan jeinu/deinu-k ‘abilezia’ esan nahi zuen, eta ez besterik.

Sokratesek berak ere ez luke asmatuko bere daimona definitzen. Ez bere daimona eta ez beste ezer seguru asko, zeren definitzea, behin betiko eta segurtasun osoarekin definitzea, jakin-uste ustela baita harentzat.

Gutxi gorabehera mintzatuz, daimona ahots bat da, Sokratesi gaxtetatik iristen zaion ahots edo seinale bat da; ustekabekoa izan ohi da, eta beti adierazten dio zer ez duen egin behar; atzeratu egiten du zerbait egitetik, eta sekula ez du ezer egitera bultzatzen.

Esanda bezala, Sokratesen epaiketan gaude, «Barbour-i esker», eta hura bizirik irtetea nahi genuke. Eta halaxe nahi dugu, hura bizirik behar dugulako eta haren hitzezko ziztakoak on egiten digulako, momentuko oinazetxoa gorabehera. Epaiketan gaude, beraz, eta esaten diogu:

«Sokrates: ez ezazu ezer izendatu, ez ezazu ezer izandatu, bestela mihitik harrapatuko zaituzte-eta! Beste erremediorik ez baduzu, erabil itzazu izen arinak, denik-eta arinenak, inork nahita ere jainko berrien izentzat har ez ditzakeenak. Eta hala, egizu berba gure Bizkaiko amama jendeak bezala, Bizkaia ere Platonian baitago, eta esazu: laguna dakot barruen eta berba egin dosta; eta esazu lasai, zeren Meleto poeta koxkorra baita, eta ez baitaki psikofonia hitza gaiztoz esaten;

daimon hori izena da, eta beraz, substantiboegia edo esentzialegia izan daiteke gauza onerako, eta izaki jakin bat izendatzen ari delako ustea sor lezake, ez nolanahiko izakia gainera, eta horrek arriskuan jarriko zaitu, eta hobe duzu arinago (eta aldi berean zinezago eta hobeto) mintzatzea, eta hobe duzu esatea berba egiten dostana, edo holako zerbait, badaezpada. Aditzekin mintza zaitez, ahal dela, ez izenekin. Barbour-ek ere halaxe dio, hitzez hitz: «fisika eraiki beharra dago aditzak erabiliaz, ez izenak». Poliziak ere izenak nahi izaten ditu eta haiexekin asetzen da; guk, aldiz, aditzak maite ditugu eta ia ez dago izenik asetzen gaituenik.

Izenek gaizki bukatzen dute maiztxo, badakizu; daimon horiek jainkotxoak, espirituak edo holatsuko zerak dira eskuarki jendearentzat, eta, ez dakit dakizun, ez dakit jakin dezakezun (ezezkoan nago), baina kristauen sektak eta setak zure eta besteren daimon hori halako moduan bihurritzen du, non antijainko, jaunbeheko eta gaitz absolutuaren sinbolo bihurtzeraino baitakar.

Esanda bezala, izenak erabiltzekotan, badaezpada erabil itzazu arinenak, Sokrates. Lagun esan dugu lehenago, eta orain esango dizut zain, eta esazu, Agirre Asteasukoak bezala, zañak ala esaten dizula, edo frai Bartolomek bezala, zanak emon eutsula. Bere burua inork ikusten ez dituen lagunen eta zainen mendean jartzen duen gixaixotzat hartuko zaituzte gehienaz ere.

Eta bai, gixaixo bat zara, Sokrates. Denon gaitza da hori: gizagaixoak gara erdiak eta emagaixoak beste erdiak. Baina, ahal dela, eta hori da zure irakaspena, izan gaitezela jakin-uste ustelik gabeko gaixoak.

Gaixoak ez lirateke inon hilarazi behar, ederki dakizu zuk hori, baina gertatzen dena da gehiengoa jakin-usteak bizi duela, gehiengoak jakin-ustez hiltzen duela eta gehiengoak astaperrexilaren usaina duela.»

Utzi iruzkina