Beñat Sarasolarekin hizketan «Munduko Poesia Kaierak» direla eta

Iñigo Roque Eguzkitza

Munduko poesia kaierakEzagun denez, gutxi dira euskarara ekarritako kanpoko poeten lanak. Gabezia horretaz oharturik, Susa argitaletxeak egitasmo bat jarri du abian: Munduko Poesia Kaierak. Bildumaren zuzendari Beñat Sarasolarengana jo dugu argibide eske. Hona hemen haren hitzak:

Duela gutxi aurkeztu duzue Munduko Poesia Kaierak egitasmoa. Nola sortu zen ekimena? Poesia itzuliaren hutsunea aipatu duzue aurkezpenean.

Egitasmoa Susa argitaletxearen barruan zegoen «inoiz egin beharko ditugun proiektuak» kaxoian-edo. Sorburua, nolabait, Koldo Izagirrek apailaturiko XX. mendeko poesia kaierak bilduman dago. Hura osatu bitartean sortu omen zen Euskal Herritik kanpoko poeta esanguratsuen antologiez osatutako bilduma bat egiteko asmoa. Urtetan egon da proiektua, beraz, asmo onen zerrendan, harik eta pixkanaka gorpuztuz joan eta azken hilabeteetako eginahalari esker (lantaldearena zein, batez ere, itzultzaileena) egitasmoa behingoz plazaratu dugun arte. «Bazen garaia», esan du batek baino gehiagok.

Hutsunea nabarmena da, gure ustez, urtero zenbat poesia itzulpen argitaratzen diren begiratu besterik ez dago. Zorionez, ordea, azkenaldian argitaletxe txiki batzuk abiatu dira poesia itzultzeko eginahalean modu erdi kamikazean –Denonartean, Meettok–, eta kamikaze izaera horren baitan ulertu behar da honako hau ere, nolabait.

Azalduko dizkiguzu egitasmoaren ezaugarri nagusiak? Liburuen zer-nolakoak, emanaldiak…

Esan bezala, bilduma mundu zabaleko poeta esanguratsuen antologiek zertuko dute. Poesia modernoa nahi dugu ekarri, hots, gutxi gorabehera, XIX. mende erditik XXI. mendera artekoa. Apur bat prosaiko ipintzea zilegi bazait, antologaturiko poeta oro, bestalde, hilik egongo da. Asko galdetu digute poeten aukeraketaren inguruan. Ez dugu aurrez ezarritako zerrendarik. Nahi dugu poeta guztiak izatea kalitatezkoak eta esanguratsuak beren tradizio literarioetan, baina ez dugu zerrenda mendebaldeko kanon estura mugatu nahi. Ahalik eta zabal eta aberatsenak izaten saiatuko gara poeten hautaketari dagokionez, nahiz eta ez den kontu erraza.

Antologia bakoitzak sarreratxo bat izango du, neronek idatzia, eta orotara 64 orrialdeko kaierak izango dira. Bilduma aurkezteko argitaratu dugun 0 alearen taxuera ia identikoa izango dute, bada. Kaieretan euskarazko bertsioak azalduko dira soilik, itzulpenak alegia. Urtean sei antologia argitaratuko ditugu; hiru udaberrian eta beste hiru udazkenean.

Beñat Sarasola

Zer leku izango dute eduki digitalek?

Oraindik guztiz zehazteke dagoen kontua da. Hala ere, bildumak webgune propioa izango du, eta espazio garrantzitsua izatea nahi dugu, besteak beste paperean joan ezin diren material gehigarriak eskainiz-eta. Susa argitaletxearen politika ezagututa, logikoa den bezala, eduki digitalak egon egongo dira; nola eta zer preziotan, baina, oraindik ikusteko dago baina udaberrirako izango dugu jada ebatzirik.

Edizio-lanari dagokionez, nola antolatu duzue lana?

Susaren ohiko sistema izango du bilduma honek ere. Testuaren lehen irakurketa nire kargu egongo da (beste bildumetan hori Gorka Arresek egiten du). Edizio lan literarioena-edo izango da. Horren ondoren Mikel Elorzaren esku geratuko da zuzenketa lana, errata malapartatu eta enparauen xerka. Maketazioa Josu Landak egiten du.

Ba al duzue poesia-itzulpenaz gogoeta egiteko asmorik?

Gogoeta egin dugu eta horren ondorio da, neurri batean, egitasmoa. Nire ustez nabarmenki gutxi itzuli da poesia euskarara; gure kalkuluen arabera 100 bat poema liburu izan dira euskaratuak historian. Euskarazko liburuen ekoizpena kontuan hartuta, hutsaren hurrena iruditzen zait. Hor dago Literatura Unibertsala bildumaren adibide ezin hobea –bilduma zoragarria, bestalde–, zeinetan oker ez banaiz, poesiazko liburu bakarra itzuli den urte hauetan guztietan. Inoiz entzun izan dut arazoa ote den poesia itzultzeko gaitasun falta. Egiatan, aski argudio harrigarria egiten zait. Literatura modernoari dagokionez behintzat, ez dago arrazoirik pentsatzeko nobelak itzultzeko kapaz garela eta ez ordea poesia liburuak. Demagun, Virginia Woolfen Farorantz itzultzeko gai gara eta ez Lawrence Ferlinghetti-ren poesia? Absurdoa egiten zait. Ez bagara poesia itzultzeko gauza, ezta nobelak euskaratzeko ere. Ideia horren atzean ez ote dagoen poesiak zamatzen dituen topiko aski herdoilduak…

Horretaz aparte, itzultzaileen zerrendari dagokionez, jendea berehala ipintzen da zurt, zergatik hau eta zergatik bestea. Itzultzaileak poeten mesfidati eta vice versa. Bon, bi bandoetako ego ez txikiak gobernatzea izango da halaber nire lana. Kasu honetan apur bat nominalista jartzea da onena nik uste: itzulpen on eta itzulpen txarrak daude, horiek edonork egiten dituela ere. Kontuan izan behar da, bestalde, itzulpena lan amaiezina dela, eta, literatura bizirik jarraituko badu, beti etorri ahal izango dela etorkizunean aurreko itzulpena egokitu, garkotu, hobetuko duenik. Hala biz.

Egile eta itzultzaileen zerrendatik zerbait aurreratzeko modurik?

Lehen sei antologiak honakoak izango dira: Georg Trakl (Anton Garikano), Maria Merce Marçal (Itxaro Borda), Aime Cesaire (Iñigo Aranbarri), Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirre), Emily Dickinson (Angel Erro), Miguel Hernandez (Josu Landa).

Horietaz aparte beste zenbait ditugu jadanik bideratuak, datozen urteetan argitaratuko direnak; esate baterako: Anne Sexton (Harkaitz Cano), Ingeborg Bachmann (Nagore Tolosa), Eugenio Montale (Anjel Lertxundi), Sophia de Mello (Iñigo Roque). Gehiago ere bada, baina suspense apur bat utzi nahiago.

Nola egin daiteke harpidetza?

Kaierak.com atarian egin daiteke modu erraz eta seguruan. Norbait ez bada ordenagailuekin moldatzen, paperezko fitxak ere baditugu datuak eskuz idatzi eta posta arruntez guri helarazteko.

One Reply to “”

Utzi iruzkina