Zerbait berri

Patxi Petrirena Altzuguren

Zerbait. Izenondo batek ezkerrean zerbait izenordaina hartzen badu, izenondo hori mugagabean doa; hortaz, zerbait berria badakarte eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak zerbait berri badakarte eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du.

Urtzi Barrenetxearen «Euskaltzaindiaren Hiztegia, ohar interesgarri batzuk II» artikuluan irakurri dut oharra, Administrazioa euskaraz aldizkarian (81. zkia., 2013ko uztaila). Hari-harira etorri zait informazioa. Izan ere, berriki mintzatua nintzen puntu horretaz itzultzaile-talde batekin, eta talde horretan bazen «zerbait berri» nahiz «zerbait berria» kalko desegokitzat hartzen zituenik («gauza berri(ren) bat» lehenetsiz).

Orotariko Euskal Hiztegiko zerbait sarreran bada, egiazki, zerbait + adjektibo egituraren adibide sail bat, azalpen esplizitu hau duela aurretik:

Cuando se coloca ante adj. o adnominal, éstos van siempre indeterminados o con suf. partitivo (zerbait handi(rik), zerbait horrelako(rik)), salvo contadas excepciones en las que van provistos de artículo.

OEHko  adibide ugarietatik, lau hauek aukeratu ditut (Xalbador, Koldo Mitxelena eta Luis Villasante):

  • Zerbait goxo partekatzeko duenak […]. Xa Odol 75.
  • Zerbait berri badakarte. MEIG I 190.
  • Zerbait berrirekin agertu zaigu. MEIG III 92.
  • Bada emen zerbait arrigarri eta bitxirik. Vill Jaink 123

Beharrezkoa dirudi partitiboaren aukera ere gogoan izatea, nahiz Euskaltzaindiaren Hiztegian ez den berariaz aipatzen. OEHko aipamen esplizituaren ildoan, mugagabea eta partitiboa aurki ditzakegu zenbaitetan testu berean ere, hala nola Pablo Fermin Irigarai Larrekoren honetan (Lekukotasuna):

  • Ortaz landara, baldin buru argiduna bada gauzak diren bezala ikusteko, ori bai litzekela gai zerbeit onik egiteko.
  • Liburuak bai, baño mamitsuak, zerbeit on egiteko bide erakusten digutenetarik.

Esan dezadan, amaitzeko, zerbait izen baten ondoan ageri den kasutik etorri zitzaidala hizpide hau, EHUren EHULKUko galde-erantzun hauek ikusita:

Galdera: «Nola itzul dezaket “some energy”? (because some energy is dissipated as the heat of friction)». Erantzuna: «“Energia apur bat” / “energia zerbait”’».

Lexiko sorkuntzako bide berriak

Asier Larrinaga Larrazabal

Egungo kultura hiritar globala ingelesez sortzen da, eta ingelesa du —ia— hizkuntza bakarra. Ondorioz, ingelesezko hitzak oldeka sartzen dira hizkuntza modernoetara, baita euskarara ere. Euskarak ez die muzin egiten maileguei, baina ingelesetikoak ez dira beti samurrak: grafia arrotza izan dezakete (backstage), edo ahoskera korapilatsua (crowdfunding), eta belarriz identifikatzen zail bihur daitezke deklinatutakoan (jet laga).

Normalean, mailegu gordinaren lehen inpaktuaren ostean, eboluzioa hiru bide hauetako batetik joaten da:

a) mailegua irentsi egiten da (meeting > «mitin», «mitinlari», football > «futbol», «futbol-zelai»)

b) ordain bat ematen zaio (feedback > «atzeraelikadura», play-off > «kanporaketa»)

c) maileguak ordezkatu duen hitza berrezarri egiten da (checkpoint > «kontrol», crowdfunding > «diru-bilketa»).

Hain zuzen, lehengo batean Eneko Bidegainek crowdfunding eta fracking hitzei buruz idatzi zuenaren ildotik dator hemendik aurrera esan nahi dudana.

Uste dut ingelesetiko maileguen kontu honetan lotsagabekiago jardun beharko genukeela, eta errazago egin beharko genukeela mailegua erabat irensteko zein ordezteko urratsa. Ordeztea erabakiz gero, ordaina sortzeko ere, lotsagabekiago.

Izan ere, ingelesa bera ausarki aritzen da lexiko-sorkuntzan, bide heterodoxo samarretan barrena.

  • Siglen lexikalizazioa: laser (light amplification by stimulated emission of radiation).
  • Laburduren lexikalizazioa: condo (condominium), mayo (mayonnaise).
  • Amalgama: modem (modulator-demodulator), codec (coder-decoder), brunch (breakfast + lunch).
  • Kapritxozko eratorpena: humongous («huge»-etik abiatuta), zillion («million»-en irudira).
  • Izen berezietan, berdin: AC (Atlantic City), LA (Los Angeles), Philly (Philadelphia), Tribeca (Triangle below Canal Street —New Yorkeko auzoa—).

Iruditzen zait euskaraz ere zilegi direla bide horiek, eta saiakuntza txiki bat egin nahi izan dut azkenaldian mailegu deseroso edo eredu inbidiagarri iruditu zaizkidan ingelesezko hainbat hitzi euskarazko ordaina emateko.

  • jet lag: jet-jauzi (hegazkin-bidaia luze batek gorputzaren erritmoetan eragindako alterazioa)
    Txinatik itzuli naizenetik, eta badira hiru egun, ez dut jet-jauzia gainditu.
  • mall: merkagune («merkataritza-gune» erabilera formaletarako utziko nuke)
    Merkagunera noa, praka batzuk erostera.
  • smartphone: azkarfono (erabilera formalean «telefono adimendun» esango nuke)
    Azkarfono bat zozkatuko dute erantzuna asmatzen dutenen artean.
  • sext / sexting (sex + text): sexuketa (eduki sexual esplizitua duten mezuak eta irudiak trukatzea baliabide elektronikoen bitartez).
    Nerabeen % 62k sexuketarako erabiltzen dituzte sare sozialak.
    Anthony Weinerrek New Yorkeko alkategai izateko aukera guztiak galdu ditu sexuketa-eskandalu batengatik.

Hasiera

Elixabete Perez Gaztelu

Blog honetatik kanpoko beste kontu bat zela medio, uda honetan (berriz ere) Koldo Mitxelenaren euskal gutunekin egin dut topo; zehatz esan, Patri Urkizuk 2004an editatu eta Errenteriako Udal Artxiboaren Bilduma aldizkariko 18. alean argitaratu zituen 236 gutunekin.

Ikasturte berriaren hasiera hau ere nolabait bideratu behar eta bururatu zait hizpide hartzea errenteriarraren gutunon hasiera, hain justu.

Puntuazio-markak direla eta, atentzioa eman dit hasierako diosalaren ondoren gehien-gehienetan koma darabilela (Adib. «Ene adiskidea,») eta bi puntuak, berriz, arrunt gutxitan: 6 gutunetan («Ene adiskidea:»). Puntua 5 gutunetan erabili du («Ene adiskideak.») eta gutun batean ez du puntuazio-ikurrik bat ere erabili («Adiskide»).

Gutunaren norentzakoari zuzentzeko sei hitz darabiltza batez ere Mitxelena igorleak: Adiskide oso maiz (94 gutunetan): «Adiskide», «Adiskide hori», «Adiskide maitea»…  moduko sintagmetan. Behin ere ez da baliatzen adiskidek oso gertukoa bai, baina kide erabatekoa ez duen lagun hitzaz (OEH: Lagunak, euskaraz, ez dira nahi eta ez adiskide, eta adiskideak, batez ere politika arloan, ez dira lagun nahi eta ez. MEIG VIII 32.).

Agur da 39 gutunen hasiera (gehienak «Agur(,) adiskide» modukoak dira). Esan beharrik ez dago ez duela gutunik hasi Mitxelenak berariaz gaitzetsi zuen «nonahiko» Kaixo erabilita (OEH: [Orduko jendea] txunditurik geldituko zen, esaterako, entzun izan balu Kaixo! dela nonnahi, nornahirekin erabiltzen den euskal diosala. MEIG VII 32.).

Ene genitiboa 46 gutun-hasieratan ikusi dugu («Ene adiskide(a)(hori)»…), eta Nere 9tan («Nere (adiskide(a)) (jaun)»…). Jaun 20 gutunetako lehen hitza da («Jaun(a) (adiskide ori)»…). And(e)re erabiltzeko aukerarik ia ez dauka gutunotan; Teresa Urrestarazu («Ene adiskide ori» esaka agurtzen du) ez beste gutun-hartzaile guztiak gizasemeak (edo erakundeak) dira eta. Euskaltzale hitza 14tan darabil («Euskaltzale begiko ori», «Euskaltzale biotzeko ori», «Euskaltzale maite ori»…). Hirutan besterik ez du gutunaren norentzakoaren izena edo deitura zehaztu: «Irigoyen adiskidea», «Joxe Mari adiskidea», «San Martin adiskidea».

Ildo beretik, «Adiskide maitea» eta «Ene adiskide (h)ori» esapide osoak (sintagmak) darabiltza maizenik (hogeita hemezortzina gutunetan) hasieretan.

Azkenerako utzi dut han eta hemen inoiz atera izan den gaia: bokatiboaren erabilerarena. Bestela esan, nola zuzentzen zaion hartzaileari gutunen hasieran Mitxelena, sintagma determinatua edo determinatu gabea erabilita.

Gutun-bilduma honetan, behinik behin, gehienetan determinatzaile sintagma darabil Mitxelenak hasierako adierazpidean (bokatiboa darabilen 223 gutunetatik 151tan). Kopuruan antzera darabiltza erakusledunak ((h)ori da beti) (77tan): «(Ene) (Agur) adiskide (biotzeko) ori», eta artikuludunak (74tan): «Adiskide (maitea) (biotzekoa)», «Ene adiskidea» (beti artikuluduna darabil, «Ene jaun eta adiskide» geroxeago aipatuko dugunean izan ezik), «Jauna(k)» (hau ere beti artikulua duela darabil)…

Determinatzaile gabeaz baliatzen da 72 gutunetan: 33tan «Adiskide» da hasiera, 17tan «Agur(,) adiskide» eta, hemen sartzea badago, 18tan «Agur» hutsa. Bitan besterik ez du zehaztu Agur diosalaren ondoren determinatzaile sintagma: «Agur, aita Mujika», «Agur, euskaltzale ori». Ondoko hasierako esapideok (sintagmok) ere artikulurik gabe darabiltza: «Adiskide maite»,  «Aspaldiko adiskide», «Ene jaun eta adiskide» eta «Nere adiskide» (adibide bana dute).

Pertsona arteko harremanak hitzez hasteko moduak, genero epistolarrak berak (erregistro formaleko paperezkoak, lagunarteko erregistroko Internet bidezko berriagoak…) hemen lardaskatu dugunerako baino askoz gehiagorako ematen dute, jakina, baina gaurkoa hemen utzi beharko, hasierako kontuetan.

Larramendik Mendibururi

Iñigo Roque Eguzkitza

Zuetako zenbaitek gogoan izango duzuenez, Mendiburuz aritu ginen opor aurreko gure azken predikuan, batez ere Jesusen Bihotzaren debozioaren sartaurreko «Irakurleari» atalaz. Bada, ez nuke bazter utzi nahi liburuko ondoko atala, Aita Manuel Larramendiren karta, zeren, aurrekoa bezain ohargarria izateaz gainera, plaza honetan sarri izaten diren eztabaidez argi apur bat egin baitezake. Euskaldun sisifotasunaren erakusgarri ere izan liteke, balizko errotek irin asko eman baitute gurean.

Idatzi horretan, bere garaiko predikariak maiseatu zituen Larramendik, baina neke handirik gabe egokitu litezke han esanak gaurko hainbat egoera eta jardunetara.

Txokokeria

Alabañan gutxik daki bere jaieterriko Euskeraren erdia, eta alperrak diraden bezala, eztute ikasi nai geiago, ta eztie nai beren buruai atsekaberik eman.

Zenbat aldiz ez ote dugun entzun «Gurean ez da halakorik erabiltzen» esamolde bat gaitzesteko.

Mordoiloa

Dakiten piska arekin, hitz moltxo, eskumen baten diña eztan arekin, nola eziñ adierazo dituzten beren esakariak, badarasate pulpituan hitzera naasi bat, beiñ Euskera, beiñ Erdera, beiñ Latiñera, guzia leudatua, zikindua, baraustua, zeñean dirudien, igo dirala gaiñ artara enzule guzien burla egitera: ta arritu oi naz, nola asko ta asko, bulzaka ordu gaixtoan aientzat, botatze eztituzten andikan bera.

Zenbatek ez ote duten lehenbizi kanpoko ondarean bilatzen gurean ere badena (orain, nazioartekotasuna omen du izen dohain horrek).

Garbizaletasuna

Beste batzuek dituzu, gure Euskeran nai ez lukeenak beste hizkundeetatik hiztxo batere: eta onen bidez epaiten, ta ziatzen bezala dira jolasean. Bederako ergelkeria! Etzaiteala zu malmeti. Euskerari eratxi zaizka Gaztelaniatik, Latiñetik edo beste hizkundeetatik hitz asko; baña adituaz, ta oituaz, Euskerakoak bezaiñ ongi, aditzen diranak: eta oiek utzi behar eztitugu: ta beharbada noiz edo berriz obeko da, onelakoak utsatzea, Euskerakoak baño: batez ere Eliz gauzetan, ta gure arimen salbazioari dagozten egikarietan. Lajatuko ditugu erbesteko hitz horiek, nai badegu, gure Euskerarenak, piskabana usatuaz, ta erabilliaz, eskukoi, ta jakiñak egingo diradenean. Ongi egin dezu, Nafarroako hitzen batzuek ekartzea, egokiak diranean, eta besterik eztanean; Zerren lenbizian, ta batbatetan aditzen ezpadira, aurki adituko dira, ta geienak, dagoaneko, aditzen ere badira: ta ala Euskera bide batez edertzen ta ugaritzen da.

Zenbatek ez ote duten geureganatutako esamolderik txarresten, zergatik eta erdal usaina ere baduelako.

Gainerakoan, ni ez naiz lehenbizikoa izango halakorik esaten, baina esan dezadan berriro: Larramendik euskaraz idatzitako testu bakanak zinez ereduzkoak dira, batez ere adierazkortasunari dagokionez, euskara ikasten ari garenontzat.

Errekeitu gaixtoan

Iñaki Iñurrieta Labaien

«Ondo da» huts batez erantzun nion 31 Eskutiken emailari joan den astean, aurki post hau bidaltzea tokatzen zitzaidala gogorarazi zidanean. Errazegi. Errazegi erantzun nuen «ondo da», zertaz eta zer idatzi erabakita neukalakoan. Oihenarten olerki bateko «errekeitu gaixtoan» esamoldeaz jardun nahi nuen.

Errekeitu gaixtoan, halaxe ageri da poeta olerki batean, maiteminak jota maitearen erantzunaren bila, zain:

Gero zuzaz / zeinen luzaz / ukaturik nagoan, / eta halaz / hambat alaz! / errekeitu gaixtoan.

(«Gero ere zeinen luzaz nagoen zuk ukaturik, eta hala, ai!, honen harrera gaiztoan» dio orri barreneko oharrak Larresorok apailatutako 1971ko argitalpenean. Baita beste hau ere: «Errekeitu gaixtoan = mauvais traitement (Lafon) »).

Zoragarria iruditzen zitzaidan «errekeitu gaixtoan» hori. Etxepareren «amorez errekeritzia» olerkiko errekeritze hitzaren erro bereko jotzen nuen Oihenarten errekeitu, nahiz eta Larresorok ematen dion esanahiak, «honen harrera gaiztoan», eta Lafonenak, «mauvais traitement», beste interpretazioren baten zantzuak erakutsi. Hala, errekeitu gaixtoan, hots, maite eske, nahi zuena lortu ezinik, eskale mindu baten egoera eskasean imajinatzen nuen poeta, Margarita izeneko andre eder baten ukoa jasota.

Etxepareren hitz erdal kutsukotik Oihenarten esamolde jator adierazkorrerako jauzia iruditzen zitzaidan harrigarria. Argi ageri zen hor, egiten nuen, nolatan naturaldu daitekeen hitz edo esamolde bat, arrotz izatetik zaharrenek darabilten modismoa izateraino.

Oso esamolde adierazkorra iruditzen zitzaidan, bestalde, gaur egun eta poesiatik kanpo erabiltzeko ere. Errekeitu gaixtoan dabil nahi eta ezinean, zerbaitekin burutu ezinik dabilena.

Hori guztia azaltzeko asmotan jo nuen hiztegietara, errekeritu eta errekeitu hitzez zer dakarten ikusteko eta hango bermea eta adibideak hartzeko.

Alferrik bilatuko duzu errekeritu hitza Hiztegi Batuan, Elhuyarren, Senezen, Euskaltermen. Bai, ordea, Harluxet-en: (Ipar.) (zah.) 1. Hertsatuki eskatu. 2. ZUZ. Errekerimendua egin.

Orotarikoan badator, jakina. Etxeparegandik aurrera, XIX. mendearen hondarrera arte, iparraldeko hainbat eta hainbat idazlek erabili dute; hegoaldean, berriz, Lazarragak eta beste bakanen batek.

Nolatan hauta zezakeen Etxeparek errekeritu erdal kutsukoa, eskatu eta galdatu jatorragoak hor izanda?, Poesia-tradizioagatik, ziur asko. Mende batzuk lehenago, Okzitania osoan nagusitu zen trobadore proventzarren poesian hasten den sokan etorritako hitza dateke errekeritu. Harluxet-ek bereizten dion adiera tekniko juridikoak erakutsiko luke hori. Izan ere, XII.-XIII. mendeetan nagusitu zen hizkuntza poetikoa, proventzar trobadoreena, halako terminoz josita zegoen; feudalismoan jopuen eta jaunen arteko harremanak adierazteko erabiltzen zen lexikoa pasatu zen trobadorearen (jopuarena eginez) eta damaren (jaunaren) arteko maite-harremanak adieraztera. Eredu hori, Okzitania osora ez ezik, Italia, Katalunia, Gaztela eta hainbat lekutara hedatu zen. Eta ereduarekin, lexikoa ere bai noski. Requerimiento, requisitoria, requisitoire hitzek erabilera juridikoa dute gaur egun ere; hor ditugu, bestalde, recuesta (de amor, amorosa), eta haren pareko  frantsesa, requête, idatzizko nahiz ahozko auzi eskea esan nahi duena.

Orotarikoan berme bila hasi nintzenean, ordea, dena pikutara. Errekeitu hitzari bi jatorri ematen dizkio OHEk, bi hitz desberdinetara bideratzen du: errekaitu eta errekeritu. Oso esanahi desberdinekoak; izena bat, aditza bigarrena. Nik errekeritu nahi eta hara jo nuen lehenik, baina ez nuen aurkitu Oihenarten errekeitu gaixtoaren aztarrenik. Bai, ordea, bestean, zeinak oso bestelako esanahia baitu: «cuidado, atención, remedio, medicina, provisión». Esanahi hori ematen dio Orotarikoak. Esanahi hori eman zioten, berandu ulertu nuen, Larresorok eta Lafonek ere, batak «harrera gaiztoa» eta besteak «mauvais traitement» itzuli zutenean.

Eta halaxe geratu nintzen, post hau idatzi behar eta esku hutsik bat-batean, Orotarikoan behaztopa eginik, errekeitu gaixtoan.

Idazleak, itzultzaileak eta hizkuntza kanonak

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Idazletza eta itzulpengintzari buruzko gogoetatxo batzuk ekarri nahi ditut oraingoan, Manu Lopez Gaseniren Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan[i] deritzan lanean oinarrituta, batak eta besteak duten harreraren ikuspegitik, nolabait esanda, bete-betean uste baitut oso harrera desberdina izaten dutela gure artean, zentzu batean behintzat: itzulpenaren aurrean, bai itzultzaileen aldetik bai itzulpenaren hartzaileen aldetik ere, dagoen zorroztasuna kamustuago ageri dela literatura idazletzaren kasuan, nire ustez.

Manu Lopezek autoitzulpena ikertzen du lan horretan, nahiko ugaria baita euskaratik erdararako itzulpenen kasuan; eta, zehazki, idazle autoitzultzaileek beren lanean egiten duten «manipulazioa» aztertzen du, esanez «literatura periferikoetako itzulpenetan ohi baino `manipulazio’ gehiago gertatzen direla»[ii]. Manipulazio hori, labur esanda, testuak berridaztean datza, horretarako jatorrizko laneko hainbat pasarte aldatuz, kenduz edo zabalduz, sintaxia, lexikoa eta estiloa bera ere aldatzeraino.

Itzultzaileon baitan badirudi autoitzulpena ez dagoela oso begi onez ikusita, nolabait guk hartu ezineko pribilegio bat balitz bezala, ukitu ezineko fruitua; kopeta zimurtuz (ala bekaitzez eta ondamuz?) ikusten ditugu idazleek beren lanak itzultzerakoan hartzen dituzten «askatasunak», itzultzaileon deontologian horrelakoak ez baitira onargarri, berehala leporatzen dizutelako ditxosozko «traditore» topiko zarpaila.

Ekarpen honetan, ordea, ez zait interesatzen borrokaleku hori; bai, aldiz, gure idazle autoitzultzaileek erabiltzen dituzten (bego esana, zilegizko) teknikak ikusirik, alde horren ifrentzura nahi nuke joan; alegia, kritikatzera nolako eskuzabaltasuna iruditzen zaidan dagoela «jatorrizko» euskarazko literaturako hainbat fenomenorekiko, bai idazleen beraien aldetik beren buruarekiko, eta baita hartzaileen aldetik ere.

Har dezagun, adibidez, autozentsuraren fenomenoa; konpara ditzagun ondoko testuak, euskarazko jatorrizkoa eta haren autoitzulpena, Lopez Gaseniren lanean jasoak, M. A. Landaren Nire eskua zurean liburutik:

Txao! entzuten diodan bakoitzean ostiko bat emango nioke, ostiko bat barrabiletan. Baina gaur ez.

Cada vez que se lo oigo le pisaría un callo, pero hoy no.

Adibideak adibide besterik ez dira eta inork ez dezala pentsa bereziki autore honen kontra edo, orokortuz, euskal idazleen kontra ari naizenik hemen (minberatasunaren atalasea oso behean izaten dute askok, izan ere): itzulpenari eta idazletzari buruzko gogoeta besterik ez zait interesatzen; eta kasu honetan gogoetagaia galdera batean laburbiltzen da: zergatik idazleari bere lana erdaraz jartzean gaizki iruditu zaiona ez zaio gaizki iruditu euskaraz? Zentsura edo autozentsura kasu ergel samar honek nolabait erakusten digu neurri edo sentiberatasun desberdinak dituztela idazle autoitzultzaile horiek hizkuntza batean eta bestean eta, oro har, badirudi euskarazko testuekiko dutena dexente laxagoa dela.

Eta, itxura batean, gauza bera gertatzen zaigu euskal irakurleoi ere, Manu Lopezen arabera. Alegia, Manuk Touryren liburu batetik[iii] ateratako «onargarritasun» kontzeptua harturik eta haren liburuko ondorioetara etorrita, badirudi neurri desberdina onartu duela gure literatura sistemak, onargarritasunari dagokionez, jatorrizko euskarazko testuentzat eta euskaratutako testuentzat. Bi kanon, hala nahiago baduzue.

Eta hor kezkagarri iruditzen zaidana ez da itzulpenerako neurri hori zorrotzegia izatea, ezpada laxaegia izatea jatorrizko euskarazko testuentzat, bai hartzaileen aldetik eta baita idazleen beren aldetik ere (hori «zilegi» izan arren, jada esan dudan bezala). Ez baitut uste, zilegia zilegi, seinale ona denik gure hizkuntzaren eta gure literaturaren «osasuna»ren ikuspegitik.


[i] Utriusque Vasconiae, 2005.

[ii] íb., 10. orria.

[iii] In Search of a Theory of Translation, 1980.

Isotopo erradioaktiboek erdibizitza luzea dute

Igone Zabala Unzalu

31 eskutik blogaren bigarren urteko ibilbideari hasiera ematea egokitu zait oraingoan. Abiapuntu egokiaren bila, labur aritzea ezarri nahi izan diot nire buruari, eta aspaldian iruzkin labur baterako apuntatuta nuen erdibizitza terminoaz aritzea pentsatu dut. Behin baino gehiagotan egin dut topo termino horrekin gainbegiratzeko heldu zaizkidan testuetan edota termino-zerrendetan, eta begi-bistakoa iruditu zait txarto osatuta dagoela. Hala ere, hiztegietara eta corpusetara jo eta han aurkitu dut erdibizitza behin eta berriro, half-life terminoaren ordain modura. Hiztegi-sorkuntzarako bideez dudan ezagutzak edota intuizioak eskatuko lidakeen bizitza-erdi formaren arrastorik ez, ordea, inon ere ez. Hasiera batean Fisika Nuklearraren alorreko terminoa zela uste nuen, baina beste alor askotan ere aurkitu dut, adibidez, Kimika Fisikoan, Meteorologian, Biokimikan eta Farmakologian: erabilera zabaleko terminoa da. Paragrafo pare batean garbitzeko gaia zelakoan nengoen, baina nire argudio-ildoa garatzen hasi bezain laster konturatu naiz labur aritzearena zaila izango zela eta, gainera, gaia ez nuela agortuko artikulu bakar batean.

Jakina da duela hogeita hamar urte baino gehiago unibertsitatean euskara akademikoari buruz eskaintzen diren irakasgai eta ikastaroetan pisu handia dutela hiztegi-sorkuntzari buruzko gaiek, euskararen normalizazio prozesuan hiztegia aberastea eta eguneratzea funtsezko prozesuak direlako baina, era berean, hiztegi-sorkuntzarako bideen inguruko intuizio txikia izan ohi dutelako hiztunek: sintaxiaren eraketa-arauak etengabe baliatzen ditugu edozein hizkuntza erabiltzen dugunean, baina hiztegi-sorkuntza oso gutxitan da hiztunen jarduera indibiduala. Euskararen hiztegi-sorkuntzan funtsezko gaietako bat da, hain zuzen, erdal aurrizki bakarrarekin lotuta euskarak eskatzen dituen egitura eta hurrenkera desberdinena. Izan ere, maiz gertatzen da erdal aurrizki bakar batek euskaraz hitz desberdinetan egitura desberdineko ordainak behar izatea. Adibidez, prejuicio eta prehistoria  hitzek aurreiritzi eta historiaurre ordainak behar dituzte. Joera horren arrazoiek oinarri sendoa dute latinetiko hizkuntzak eta euskara kontuan hartzen dituzten morfologia-azterketa kontrastiboetan: pre- bezalako erdal aurrizkiak hitzaren modifikatzaileak dira batzuetan eta, beste batzuetan aldiz, hitzaren buruak. Adibidez, prejuicio esaten zaio behar diren datuak izan aurretik egiten den «juicio»ari, baina prehistoria deritzo historiaren aurreko «garaiari». Beraz, lehen hitzean modifikatzailea dugu pre– aurrizkia eta, bigarrenean aldiz, burua. Euskara, latinetiko hizkuntzak ez bezala, «burua azken» hizkuntza denez, eta hitz-eraketan modifikatzaileak ezkerrean joan ohi direnez, aurre izena eskuinean doa hitzaren burua denean (historiaurre) eta ezkerrean, aldiz, mofikatzailea denean (aurreiritzi). Nolakoak dira, baina, half-life / semivida / demi-vie  hitz konplexuak? Zirkuluerdi eta eguerdi bezalakoak dira? Ala erdibide, erdigune, erdiuharte bezalakoak al dira?

Hizpide dudan terminoarekin lotuta dagoen kontzeptuaren bila, Wikipediara jo, eta definizio hau aurkitu dut:

Half-life (t½) is the time required for a quantity to fall to half its value as measured at the beginning of the time period. In physics, it is typically used to describe a property of radioactive decay, but may be used to describe any quantity which follows an exponential decay.

Elhuyarren ZT Hiztegi Entziklopedikoak Fisikaren alorrean kokatzen du definizioa. Bestalde, batez besteko bizitza ‘mean life, average life’ terminoak bestelakoa den kontzeptura garamatzala ere ikus dezakegu hiztegi horretan:

erdibizitza
1. Fis. Substantzia erradioaktibo baten atomoen erdiak desintegratzeko behar den denbora.
Ikurra T1/2

batez besteko bizitza
1. Fis./Kim.Substantzia erradioaktibo baten atomoak desintegratzeko batez beste behar den denbora. Erdibizitza baino 1,4142 aldiz handiagoa da.

Erdi izenak askotariko egiturak osatzen ditu, sintagma-egitura analitikoetatik hasi (1) eta lexikalizatutako hitz bakarreko egituretaraino (2); modifikatzaile modura jokatzen duen egituretatik hasi  (1a, 2a) eta buru modura jokatzen duen egituretaraino (1b, 2b).

(1)
a. Erdiko etxea erosi du.
b. Etxearen erdia konpondu du.

(2)
a. Arabiako erdiuharteari bira ematea erabaki zuen.
b. Zirkuluerdi bat marraztu du.

Egitura horiei erdi izenak bi eratako ekarpen semantikoak egiten dizkie: ‘kokapena’  (3) edo ‘kuantifikazioa’ (4):

(3)
a. Kaleraren erdian / erdi-erdian dago.
b. Kale erdian dago.
c. Oihuka aritu da gau erdian.
d. Erdiko kalea da.
e. Aurreko / atzeko / erdiko garun-arteria
f. Ziklo horiek goi mailakoak nahiz erdi mailakoak dira.

(4)
a. Kalearen erdia garbitu du.
b. Egun erdi bat eman dut etxea garbitzen.
c. Eguerdia da.
d. Erdi ilun dago.
e. Material hori erdieroalea da.
f. Erdieginda dago. (Erdizka eginda)

Kokapeneko irakurketen artean bi mota bereiz daitezke. Batetik, objektu, leku edo denbora-tarte baten barruko kokapena dago (3 a-c) eta, bestetik, objektu baten antzeko objektuekiko kokapen erlatiboa (3d-f). Kuantifikazio-irakurketen artean, aldiz, ‘zatiki- irakurketa’ (4 a-c) eta ‘eskala-irakurketa’ (eskalarra) ditugu (4 d-f). Zatiki-irakurketa gertatzen da erdi laguntzen duen izenaren eskuinean kokatzen denean: kalearen erdia / herena / laurdena… Eskala-irakurketa dagoela diogu, aldiz, hizkuntza-elementu bat interpretatzerakoan elementu horren ezaugarri bat (kopurua edo nolakotasuna) eskala batean kokatzen dugunean. Adibidez, erdi ilun interpretatzen dugunean, argi > apur bat ilun > erdi ilun > oso ilun > erabat ilun moduko eskala batean kokatzen dugu. Era berean, erdieroale edo erdiuharte interpretatzen ditugunean, «eroaletasunaren» edo «uhartetasunaren» eskalan gorago dauden elementuen azpian kokatzen ditugu erdi daramaten horiek.  Euskaraz badirudi oro har eskala-irakurketa gertatzen dela erdi ezkerrean kokatzen denean.

Erdibizitza terminora bueltatuz, azterketa semantikoak ‘kokapena’ alde batera (edo beste baterako agian) uztera eta ‘kuantifikazioaren’ eremura narama. Euskalterm datu-basean erdi osagaidun terminoen artean kuantifikazio-esanahia daramatenak aztertuta, badirudi termino-sorkuntzan ere, salbuespen batzuk alde batera utzita, erdi eskuinean ageri dela zatiki-irakurketa dagoenean eta ezkerrean eskala-irakurketa dagoenean. (Ikus taula.)

Beste hizkuntza batzuei erreparatuta, taulan bildu ditugun terminoetan behintzat, gaztelaniaz semi- aurrizkia bai zatiki-irakurketa duten terminoetan bai eta eskala-irakurketa dutenetan ageri da eta, media eta mitad aldiz, bakarrik zatiki-irakurketa dutenetan. Ingeleseko eta frantseseko half eta demi/mi elementuak bi irakurketa motekin lotuta ageri dira, baina semi- aurrizkia ere erabiltzen da zenbaitetan hizkuntza horietan.

Euskaltermen bi jakintza-alorretan ageri da erdibizitza terminoa: Ingurumena eta Fisika. Baina, lehenago aipatu dudanez, beste alor askotan ere erabiltzen den terminoa da. Definizioak beti dira antzekoak: «zerbaiten kantitatea erdira jaisteko behar den denbora». Hortaz, «zerbait» hori guztia desagertzeko behar den denbora guztia «zerbait» horren «bizitza» dateke, eta hizpide dudan terminoaren bidez adierazten dena «bizitza» horren zatiki bat. Ez dirudi inola ere terminoak «bizitza» ezaugarriaren araberako eskala bateko interpretaziora eramaten gaituen esanahia duenik. Beste hitz batzuetan esanda, half-life edo semivida hori ez da bizitzaren ezaugarri guztiak izatera heltzen ez den gutxi gorabeherako bizitza bat edo horrelako zerbait. Nire argudio-ildoa zuzena bada, beraz, bizitza-erdi beharko luke. Ingeleseko eta frantseseko ordainetan bi sinonimo eskaintzen ditu Euskaltermek: half-life, half-life period / période de demi-vie, demi-vie. Gaztelaniarako, aldiz, semivida ordaina baino ez du ematen, baina Interneten hemivida eta vida mitad sinonimoak ere aurkitu ditut. Ordain horiek ere nire argudio-ildoarekin bat datozela deritzot, eta bizitza-erdi formaren alde egin lezakete.

Ezin aipatu gabe utzi Euskaltermek erdibizitza terminoaren erdisinonimo modura ematen duen erdidesintegrazio-periodo forma. Euskararen sistema deskribatu dudan modukoa bada, erdidesintegrazio hitza dagoke zuzen osatuta. Izan ere, aditzetik abiatu beharko ginateke, eta erdidesintegratu aditzaren esanahia ez litzateke ‘erdia desintegratu’ (zatikia), ‘erdizka desintegratu’ (eskalarra) baizik. Horri gaineratu beharko litzaioke erdidesintegratu euskararen sistemaren barruan sortutako aditzari egun maileguak egokitzeko soilik erabiltzen den  –zio atzizkia gaineratuko geniokeela. Kasu honetan ere uste dut, terminoa euskaraz sortuz gero, desintegrazio-erdiko denbora edo horrelako zerbait beharko lukeela. Beste aukera bat litzateke, jakina, semidesintegrazio-periodo edo semidesintegrazio-denbora egitea mailegua zuzenean egokituz.

Artikulu hau bukatzeko, aipatuko dut Euskalterm kontsultatu dudanean deigarri gertatu zaidan duela gutxiko aldaketa bat. Izan ere, UZEIren 1991ko Hizkuntzalaritza Hiztegian jasota daude erdibokal eta erdikontsonante terminoak baina, duela gutxiko aldaketak direla medio, irristari (2011 urtea) eta kontsonanterdi (2013 urtea) aurkituko ditugu kontsulta une honetan eginez gero. Seguruenik kontzeptuen eta terminologiaren eboluzioarekin lotuta egongo da erdibokal > irristari aldaketa, eta ni ez naiz gauza ezer esateko horretaz, baina erdikontsonante > kontsonanterdi aldaketaren azpian arrazonamendu linguistikoak daudela pentsa liteke. Eskala-irakurketa ikusten dut nik semiconsonante terminoan eta ez zatiki-irakurketa eta, hori hala balitz, lehengo hiztegiko forma (erdikontsonante) litzateke zuzena eta ez oraingoa.