Irakurriaz ezin gozatu? Dislexia eta bertzelako irakurketa-nahasmenduak

Amaia Lasheras Perez

Lehengo urteko ikasturte hasieran, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ezartzekoa zuen plan bati buruz idatzi nuen artikulu bat blog honetarako. Artikulu hartan, neure buruari galdetzen nion ea zer egin zitekeen gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko, eta ea plan horretan formula magikorik eman behar ote ziguten horretarako. Egitasmo horretan parte hartu nuen joan den ikasturtean, eta, aurten ere, hor nabil buru-belarri, baina oraingoan, tutore-lanetan. Ez naiz, hala ere, gaurko idatzi honetan planari berari buruz mintzatuko. Hurrengo batean, beharbada; izan ere, baditu gauza aski interesgarriak. Beraz, zergatik ari naiz plan hori berriz hemen aipatzen? Kontua da haren harira dislexiari buruzko prestakuntza-saio ttiki bat jaso genuela, gerora zer pentsatu handia eman didana.

Hizlariak zioenez, dislexia duten pertsonen burmuinek bertze modu batean prozesatzen dute informazioa, eta horrek zailtasunak sortzen omen dizkie idatzizko mezuak hartzeko, baita papereratzeko ere. Nonbait irakurmenari eta lan egiteko memoriari lotuta dagoen garunaren atalak “huts” egiten die.

Aurten, dislexia oso nabarmena duen ikasle bat daukat ikasgela batean, eta, ikusten dudanean zer-nolako arazoak dituen testu sinple-sinpleak irakurtzeko, neure buruari galdetzen diot nola eginen ote dion aitzin egungo bizitzari; izan ere, gure inguru guzia mezu idatziz betea dago, eta batzuk hagitz-hagitz garrantzitsuak izan daitezke bizimodu funtzional samar bat izateko. Jakin badakit ikasle horrek bertze estrategia batzuk garatu dituela dagoeneko, eta, adibidez, entzuten duen guzia ongi gordetzen duela buruan. Lasaitzen nau pentsatzeak gaur egungo gailu elektronikoek ere lagunduko diotela idatzitakoa ozen irakurriz, eta, adimen artifizialaren laguntzarekin, beharbada, aukera izanen duela testu horiek hobeki ulertzeko.

Dislexia edo irakurmenerako eta idazmenerako nahasmenduak gero eta ohikoagoak omen dira, edo, behintzat, gero eta maizago diagnostikatzen dira. Horrek bi gauza pentsaraz diezazkiguke. Batetik, zerbaitetan huts egiten ari garela eta horregatik topatzen ditugula gero eta kasu gehiago: pantailak, elikadura, kutsadura edo auskalo zer. Bertzetik, lehenago ere bazirela kasu aunitz, baina ez zirela identifikatzen eta ikaslearen alferkeriari edo gaitasunik ezari egozten zitzaizkiola. Buelta aunitz eman dizkiot gaiari. Zergatik eginen ote du giza burmuinak huts hain maiz? Zer egiten ahal dugu kontua hobetzeko? Prebentziorik egin ote daiteke? Baina, egun batean, “argia” ikusi nuen.

Ohartu nintzen hagitz ikasle guttik zutela hitz egiteko nahasmendurik. Garapen “normala” dugun pertsona ia orok arazorik gabe eskuratzen dugu ahozko hizkuntza, ahoskera-arazotxo batzuk goiti-beheiti. Konturatu nintzen solastatzea prozesu erabat naturala zela gizakiarengan. Fonazio-aparatu batekin jaiotzen gara, eta ttiki-ttikitatik hasten gara hori martxan paratzen, imitazioz. Hiru bat urteren buruan, mintzatzeko gai izaten gara oraindik hagitz ongi ulertzen ez ditugun prozesu batzuei esker; batzuetan, gainera, hizkuntza batean baino gehiagotan. Baina idazketa-prozesua, aldiz, guztiz artifiziala da. Gizakiok orain dela bizpahiru milurteko asmatu genuen idazketa, eta, gainera, orain dela 150 urtera arte ez zen denengana hedatzen saiatu. Argi dago, beraz, gure burmuina ez zela sortu irakurtzeko eta idazteko. Hala, ez zait batere harrigarri iduritzen jende aunitzek prozesu artifizial hori bereganatzeko arazoak izatea. Naturala ez den zerbait eskatzen diegu pertsonei, eta, abilezia hori gizarteak estandarizatu bezala lortzen ez badute, erraten dugu beren burmuinean zerbaitek “huts” egiten duela. Ez nago batere ados.

Egia da horretaz ohartzeak ez duela egiatan deus ere aldatzen. Bai, dislexia duten pertsonek jakinen dute bertzeak bezain gizaki perfektuak direla, eta, beharbada, lasaitu ederra hartuko dute. Gainerakook haienganako begirada aldatuko dugu, ez ditugu alfertzat, akastuntzat edo “tonto”tzat joko. Baina arazoak hor iraunen du, gizarteak idatzizko testuz beteta segituko baitu. Orduan, zer egiten ahal dugu pertsona horiei laguntzeko? Irakaskuntzan, pauso ñimiñoak ematen hasiak dira pertsona horiengana eduki garrantzitsuak bertze modu batean helarazteko (IDU metodologiaren bidez, adibidez), eta haiek irakasleoi dakitenaren berri emateko. Zorionez, dislexia edo gisa horretako nahasmenduak dituzten lagun anitzek aitzinera egiten dute eta irakurmen txukun samarra lortzen dute, lan eginez eta bertzelako estrategiak garatuz, baina ziur naiz ez dela kasu guzietan hala gertatuko. Hasieran aipatzen nuen bezala, aurrerapen teknologikoek ere laguntza handia emanen diete segur aski, baina penatuta nago pentsatuz batzuek ez dutela inoiz sentituko zer den liburu on (ongi itzulitako liburu) bat irakurtzen gozatzea.

Interpreteak eta orekariak

Claudia Torralba Rubinos

2023ko sarrera batean, Maitane Uriartek interpretazioaz gutxi dakien edonori otu dakiokeen galdera bati erantzun zion: Zer gertatzen da interpretearen burmuinean? Neurozientziara metafora ulergarri eta gozagarrien bidez hurbilduta, azaldu zigun interpreteen burmuinek orkestra sinfonikoetako zuzendariek bezala funtzionatzen dutela, eremu askoren jarduera koordinatu behar dutelako, aldi berean jotzen duten musikariak koordinatu behar diren bezala.

Gaurko sarrera honetan ere interpreteek koordinatu behar dituzten jarduerez arituko naiz, baina interpretazioaren ikasketetan aski ezaguna den Orekarien Sokaren hipotesitik abiatuta. Hipotesiaren egilea Daniel Gile da, eta Maria Arrutik ekarri zuen euskarara Basic concepts and Models for Interpreter and Translator Training liburuaren euskarazko itzulpenean (Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako)[1].

Abiapuntua oso sinplea da: gizakion prozesatze-gaitasuna mugatua da. Denoi gertatzen zaigu, multiataza izan nahi dugun arren, muga bat, tope bat daukagula. Momentu batean, “itxaron, mesedez” esan eta esku artean daukaguna utzi behar dugu beste zerbaiti kasu egin ahal izateko.

Interpreteen burmuinak ere berdin-berdin funtzionatzen du. Kontua da interpretatzea jarduera kognitibo konplexua dela, eta, ondorioz, Orekarien Sokaren hipotesiaren arabera, interpreteek beti egin behar dutela lan beren gaitasunaren % 100etik gertu. Hau da, daukaten arreta eta energia guztia bideratu behar dute interpretatzeko egin behar dituzten ataza ezberdinetara (entzutea eta prozesatzea, ulertzea, ekoiztea…). Ondorioz, atazetako batek hasiera batean esleitutakoa baino energia edo arreta gehiago eskatzen badu, falta den energia hori beste ataza bati kendu behar zaio. Beste hitz batzuetan, Gilek (2018 [2009]: 182[2]) azaltzen du “prozesatze-gaitasunaren horniduraren eta eskariaren artean etengabeko tentsio kognitiboa” dagoela.

Zentzu horretan, estres eta exijentzia kognitibo handiko lana da interpretazioa, eta ez dago erlaxatzerik. Oso nekagarria da, eta horregatik txandakatzen dira interpreteak kabinan 20 edo 30 minutuero. Gizakiak diren neurrian, muga fisiko eta intelektualak dauzkate. Prozesatze-gaitasunaren muga gainditzen bada –metafora bat da, muga hori, definizioz, ezin baita gainditu–, saturazio edo porrot kognitiboa gertatzen da, eta interpreteak ezin du itzultzen jarraitu. Muturreko eta salbuespeneko egoera da hori interprete arituen kasuan, baina ohikoa da hasiberrien lehen saiakeretan. Inoiz bizi izan duenak badaki zeri buruz ari naizen.

Imajina dezagun orain soka baten gainetik doan orekari edo ekilibrista bat. Haizeak ezkerraldetik jotzen badu, eskuinalderantz egin beharko du indarra, ezkerretik datorkion bultzada hori orekatzeko. Alabaina, aldi berean, aurrera egiten jarraitu behar du, gehiegi makurtu gabe, aurrean edo atzean pisu gehiegi jarri gabe, besoak gehiegi mugitu gabe. Etengabean ibili behar du oreka bila, ematen duen –eta ematen ez duen– urrats bakoitzean. Zerbaitek huts egiten badu, lurrera joango da berandu baino lehenago. Hori bera gertatzen zaie interpreteei ere: egin behar dituzten atazen arteko oreka mantentzen saiatu behar dute etengabe, oreka hori hautsi egiten bada, erori egiten direlako. Game over. Beldurra ematen du, ezta? Arrisku handiko jarduera intelektualtzat har liteke interpretazioa, beti egiten delako amildegiaren ertzean. Ez dakit interpreteek eta orekariek zer gehiago izango duten komunean, baina adrenalinarekiko zaletasuna behintzat ezinbestekoa iruditzen zait kasu bietan.


[1] Gile, D. (2018). Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako. Bilbo: UPV/EHU. [Itzulpena. Jatorrizkoa: Gile, D. (2009). Basic concepts and models for interpreter and translator training]. Amsterdam/Filadelfia: John Benjamins.

[2] Idem.

Elebitasunaren aznahiak

Uxue Rey Gorraiz

Berriako kazetari eta nire lagun Iker Tubiak Esti Blanco-Elorrieta elkarrizketatu zuen iragan urteko martxoan. Psikolinguista eta neurozientzietako ikerlaria da hura, eta elebidunen garunak nola funtzionatzen duen ikertzen ari zen orduko hartan –akaso, horretan dabil egun ere–. Aitorpen bat: ni ez naiz batere zientzia zalea, eta hain zuzen horregatik, diagonalean irakurri ohi ditut zientziari buruzko artikulu gehien-gehienak. Tituluak leitu, nabarmendutako entresakei edo galderei behatu eta irudi edo infografiak laster batean ikustearekin aski izaten zait kasik beti. Aukeran, gutxiegitan irakurtzen ditut fundamentuz; pieza bat osorik irakurtzen dudan aldiro madarikatzen baitut aurrekoak leitu ez izana.

Izan ere, hasi nintzen Tubiaren elkarrizketa hura irakurtzen, gainetik hasieran, erne ondotik, eta, hara non, txoratua utzi ninduten esplikaziook –eta bidali nion esteka WhatsAppez amari–. Artikuluan kontatutakoen nahas-mahas bat da sarrera honen parte handiena –lotsagabea halakoa (ni)!–, blog honek irakurgai gomendioak egiteko ere balio duelakoan.

Blanco-Elorrietaren arabera, elebitasunari buruz bada argitu beharreko zerbait: «Garai batean pentsatzen zen hizkuntzak nolabait aparte zeudela maila anatomikoan, elebakarren ikuspuntutik ematen zuelako bi instantzia oso ezberdin zirela. Baina elebidunaren ikuspuntutik, sistemak bestelakoa izan behar du, hizkuntzak etengabe nahasten ditugulako». Hala, ikerlariaren hitzetan, dakizkigun hizkuntza guztien arauketak sistema bakarrean bilduta izanik, unean aukeratzen dugu hitzak ze hizkuntzatan esan, eta, hori horrela, alderdi horri erreparatzeko bereziki interesgarriak omen dira, adibidez, euskañolez osatutako esaldiak: «Esan dit que etorriko naizela». Hori, esaterako, ontzat jotzen du Blanco-Elorrietak, garunari so eginez behintzat. «Esan dit que etorriko da», ez hain ona.

Hizkuntza batean aritzean zerbait beste hizkuntza batean –oharkabean– esaten dugun aldi horietarako ere badu esplikazioa psikolinguistak. «Aktibazioaren neurrian» omen dago gakoa. «Orokorrean, dauzkazun berba denen artean aktibazio handienekoa aukeratzen duzu. (…) Berba batek ez badu transmititzen gura duzun emozioa beste baten moduan, aldatzea dago. Edo ez bazaizu burura etortzen txakur berba, aktibazioa txikiagoa delako, agian perro esango duzu gura gabe».

Bestalde, elkarrizketan bistara gelditzen da elebitasuna eta itzulpena ezin bereizizkoak direla ia. Hona itzulpenari buruzko Tubiaren galdera, eta Blanco-Elorrietaren erantzuna, segidan.

I. Tubia: Itzulpena egitean ezberdin jokatzen du burmuinak?

E. Blanco-Elorrieta: Ez du ezberdin funtzionatzen. Maila kognitiboan, edo linguistikoan, esan dezakezu mekanismo berak erabiltzen direla, baina pentsatu garunean distribuzio probabilistiko bat daukazula. 15 urtegaz ingelesa ikasten hasi den euskaldun baten garuneko hiztegi mentalean, euskarazko berbek askoz bere aktibazio handiagoa izango dute, mila bider entzun baititu. Baina 15 urtegaz AEBetara joan eta ez bada bueltatu, ingelesezko aktibazioa handituz joango da, eta euskararena, jaisten.

Elebakar totalak dira –edo ziren– nire lau aitatxi-amatxiak. Aitaren aitari, Juanitori, kostatu ere egiten zitzaion ulertzea nolatan izan zitekeen norbait umetatik elebidun. Gaztelaniaz egiten zidan berak, eta euskaraz gurasoek, eta sinetsia zegoen ni txiki-txikia izanik ezinezkoa zela bietara ulertzea. «Igual orain hasiko zaizu pixkanaka deus [euskaraz] ulertzen, ezta?», galdetu zion amari nik bi urte-edo izanen nituenean. Euskararen gaineko ezjakintasun erabatekoa ere izanen zen horren atzean. Edonola ere, kostatzen zitzaion posible zela ulertzea, baina ulertu zuen, eta beti ikusi zuen begi onez «ahalik gehien jakitea». Gaztelania ez ezik euskara ere baldin bagenekien, are eta hobeki.

Erriberrikoa zen Juanito. Ez du ikustekorik elebitasunaren aurrean erakutsi zuen harridurarekin, baina seguru naiz harrituko litzatekeela azkenaldian sorterrian gertatzen ari den kontu batekin. Enegarrenez, euskarofoboren batek pintura beltzez estali du herriaren sarrerako karteleko Erriberri, soilik gaztelaniazko Olite bistaratu dadin. A ze aznahia elebitasunak.

I. Tubia: Elebitasuna ona edo txarra den eztabaidagai da oraindik?

E. Blanco-Elorrieta: Eztabaida sekulakoa da. Batez bere asko pasatzen da iragan koloniala daukaten herrialdeetan eta identitate nazional bakarra bultzatzeko interesa dagoenetan (…).

Erriberritik 50 kilometrora, Orkoienen, herriko alkate Alejandro Lopez haserre dago haur euskaldunek «pribilegioak» dituztelako elebidunak izateagatik. «Ludoteka bat dugu euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarakoak bietara joan daitezke, baina gaztelaniakoak gaztelaniazkora soilik joan daitezke; hau da, [euskaldunek] bi aldiz zerbitzu gehiago dituzte. Jada ez gara eskubideez ari: pribilegioez ari gara». Berriz ere: a ze aznahia elebitasunak, betiere euskara bada ekuazioaren barrenean dagoena.

Zer gertatzen da interpretearen burmuinean?

Maitane Uriarte Atxikallende

Aurreko batean, entzule bat hurbildu zitzaidan interpretazio-saio baten ostean. Jakin-minez, aldibereko interpretazioa egiten ari garen bitartean gure burmuinak nola funtzionatzen duen galdetu zidan. Ez da, ez, batere galdera txarra, eta hain zuzen ere, neurozientzialari askok ikertu izan dituzte interpretazioan zehar gertatzen diren prozesu mentalak.

Aurreko artikulu batean adierazi nuen bezala, giza eboluzioaren historian, ezerk ez du interpreteon garuna programatu horren zeregin berezi eta nekagarrirako. Izan ere, interpretatzen hasi aurreko unean eta interpretatzen gauden bitartean izugarrizko festa gertatzen omen da gure burmuinean. Era sinplean esanda, badirudi interpretearen burmuinak orkestra-zuzendari baten pare funtzionatzen duela. Izan ere, garuneko eskualde askoren jarduera koordinatu behar dugu, portaera harrigarri eta konplexuak sortzeko.

Interpretazio-prozesuan, garunak milioika neurona erabiltzen ditu entzumenaren bidez jasotako informazioa prozesatzeko. Soinu-seinaleak jaso ondoren, deskodetu eta ezagunak zaizkigun soinu bihurtu behar ditugu, prozesa ditzagun eta mezuak guretzat zentzua izan dezan. Soinuen tratamendu hori egindakoan, mezua bera ulertzeko fasea dator eta fase horren ostean, mezua xede-hizkuntzan ekoizteko fasea. Baina… garunaren zein partetan egiten da gauza bakoitza?

Lehenik eta behin, esan beharra dago hizkuntza garunaren ezkerreko hemisferiotik kontrolatzen dela. Hemisferio horretan hainbat atal daude, baina bi dira interesatzen zaizkigunak: Wernickeren eremua (hizkuntza ulertzeko) eta Brocaren eremua (hizkuntza ekoizteko). Eremu biak nolabait konektatuta daude, eta gainera, mintzamenerako muskuluak kontrolatzen dituen kortex motorrera lotuta ere badaude. Zentzua hartzen doa kontua, ezta?

Ahozko hizkuntza ulertu ahal izateko, hitzei esanahia ematen dien oroitzapenetara jo behar dugu. Wernickeren eremuak egiten duen lan hori ezinbestekoa da hizkuntza ulertzeko eta pentsamenduak hitz bihurtzeko. Mezua deskodetu ondoren, hurrengo urratsa mezu berbera xede-hizkuntzan sortzea izango da eta Brocaren eremuan egiten da hori, bi azpieremu “dantzan” jarrita: azpieremu triangeluarra (Brocaren eremuaren aurrealdean dago eta ahozko erantzunak sortzeaz arduratzen da) eta azpieremu operkularra (atzealdean dago eta fonazio-organoak koordinatzeaz arduratzen da, hizkuntza sortzeko). Brocaren eremuari esker, hizkuntzaren forma guztiak sor ditzakegu: ahozkoa, idatzizkoa zein keinuzkoa. Nerbio-sistemaren zatitxo honek forma gramatikal zuzena aukeratzeko eta hura adierazteko soinuak antolatzeko lan egiten du, eta horretarako, hitzen, letren eta fonemen arteko loturak ezartzen ditu. Era berean, fonemen ahoskera erregulatzen eta monitorizatzen du, hitzaren zati bakoitzari ez dagozkion fonemak ager ez daitezen. Azkenik, artikulazio-kode moduko bat igortzen du, kortex motorrak jaso dezan eta azken horrek fonazio-organoak koordina ditzan.

Aipatu ditudan prozesu guztien ardatza memoria da. Horixe da garunaren gaitasunik garrantzitsuena, informazioa kodetzea, datuak gordetzea eta iraganean gordetako informazioa gogora ekartzea ahalbidetzen baitu. Bi memoria nagusi daude: epe luzeko memoria eta epe laburrekoa edo berehalakoa. Epe luzeko memoriak informazioaren kodifikazio semantikoa egiten du hura gordetzeko, hau da, kontzeptuen arteko loturari erreparatzen dio, eta ikerlariek diotenez, ezagutza edo informazio jakin batek 6 bat hilabete behar izaten ditu memoria honetan finkatzeko. Epe laburreko memoria, berriz, soinuen prozesamenduari lotuta dago. Informazio gutxi gordetzeko gai da, 30 segundotik minutu batera arteko tartean. Memoriaren azpi-atal gisa, memoria operatiboa ere daukagu, informazioa biltegiratu eta manipulatzeko, hizkuntza ulertzeko, irakurtzeko, ikasteko eta arrazoitzeko.

Arestian aipatutako eragiketa guztiak egiteko, interpreteak memoria mota guztiak erabiltzen ditu: epe luzeko memoriak interpretazio-saioaren aurretik barneratutako ezagutzaren datu-base gisa funtzionatzen du, interpretazio-saioan zehar erabiltzeko; epe laburreko memoria, berriz, topera aritzen da aldibereko interpretazioan, modalitate horren berehalakotasuna dela-eta. Hain zuzen ere, aldibereko interpretazioa egiten ari garenean, prozesu mental guztiak oso-oso azkar gertatzen dira, eta ondorioz, kontzeptu batzuk ez dira inoiz epe luzeko memoriara iristen. Hala, interpretazio-saioa bukatu eta gerora saio horretan esandakoa azaltzeko eskatzen badiguzue, ziurrenik memoria-ariketa galanta egin beharko dugu, eta hala ere, ez ditugu gauza asko gogoratuko. Bestalde, interpreteok kontu handiz ibili behar dugu epe luzeko memoriarekin eta, oro har, aldez aurretik barneratutako ezagutza guztiarekin, oso erraz “kutsa” baitezake interpretatu beharreko mezua: gure burmuinak entzundako mezuaren eta aldez aurretik gordetako informazioaren arteko lotura logiko eta azkarra egiten badu, jatorrizko diskurtsoan agertzen ez diren elementuak gehitzeko arriskua dago, epe luzeko memorian gordetako informazioa entzundako horrekin erlazionatze hutsagatik. Bestalde, memoriari askatasun osoa ematea bezain arriskutsua da hura blokeatzen duten egoeretatik pasatzea: antsietatea, hanka sartzeko beldurra, estresa…

Ikusten duzuenez, interpretearen burmuina orkestra sinfoniko paregabea da, eta sormenaren adibide eder honetan, burmuinaren atalak gogoz entrenatzen dituzten interpreteak baino ezin dira izan munduak hainbeste behar duen hizkuntza-kantuaren zuzendari.

Hizkuntza leku bat da

Itziar Otegi Aranburu

Urrian aurrera goazen honetan, gehienok atzean utzi ditugu jada uda parteko bidaiak. Orain, gure esku dauden bidaiak bestelakoak dira, geografia ez hain fisikoetan barrena egin daitezkeenak. Horretarako parada eskaini dit berriki esku artera iritsi zaidan liburu batek: La lengua es un lugar, Gris Tormenta Mexikoko argitaletxearena. Hamalau ahotsek beste hizkuntza bat hartu dute, dio liburuaren deskripzioak, hainbat testuingurutan literatura eta bizitza esploratzeko. Hori da kontua testu-bilduma honetan: arrazoi bat edo bestea tarteko, beren ama-hizkuntza ez den beste hizkuntza batean idazten duten egileen bilakaerak eta gogoetak. Nork bere esperientzia kontatzen du, nola izan zen aldaketa, zergatik, nola eragin duen bere idazketan hizkuntza batean baino gehiagotan bizitze horrek. Hitzaurrearen egile den Pablo Duartek dio egilearen ezegonkortasunaren esplorazioak direla testuok. Halako sakontasunetan sartu gabe, nik esango nuke idazle batzuen hizkuntza-biografiak direla, eta zinez interesgarriak.

Gogoetarako ardatzak bat baino gehiago dira. Lehena, hizkuntza eta kultura berri bat ikasteak idazleari sorrarazten dion arroztasunarekin lotutakoa. Yoko Tawada japoniarra ikastera joan zen Alemaniara, eta han hasi zen idazten, bai japonieraz, bai alemanez. Alemana ikasten hasteak errealitatea berriz deskubritzeko eta izendatzeko parada eman zion. Adibidez, japonierak ez omen du genero gramatikalik, eta Tawadak, objektu bakoitza izendatzeko hitzarekin batera, generoa ere ikasi egin behar izan zuen. Horretarako, objektuak banan-banan sexualizatu behar izan zituen, bere irudimenean sexu- eta izaera-ezaugarri jakin batzuk esleitu grapagailuari, arkatzari, idazmakinari, genero gramatikal jakin batekin lotzeko.

Eugène Ionescok, berriz, azaltzen du ingelesa ikasten hasi izanaren ondorio dela Emakume abeslari burusoila antzezlana. Urte batzuk lehenago frantsesa-ingelesa elkarrizketa eskuliburu bat erosi omen zuen, hasiberri mailakoa. Ingeleseko esaldiak eskuz kopiatzen hasi zen, buruz ikasteko, baina, ingelesa ikasi ordez, zenbait funtsezko egia ikasi omen zituen: asteak zazpi egun dituela, zorua behean dagoela, eta sabaia goian. Smith senar-emazteen arteko elkarrizketan, Smith andreak Smith jaunari jakinarazten dio hainbat seme-alaba dituztela, Londresen bizi direla, Smith jaunak bulego batean lan egiten duela, eta duela hogei urtez geroztik Martin senar-emazteen adiskide direla. Lau lagun horien arteko elkarrizketek ematen diote egileari antzezlana ontzeko abiapuntua, absurdoaren bidetik, hizkuntza automatikoa hartuta gai gisa, hizkuntzaren klitxeak, automatismoak, deus esan gabe mintzatzen den jendearen fraseologia.

Bigarren gogoeta-ardatza hizkuntza batetik beste batera igarotzeko arrazoiari dagokio. Askotarikoak dira arrazoi horiek: gerra, deserria, migrazioa, lana… baina badaude bestelakoak ere, Jhumpa Lahiri britainiar idazlearenak kasu. Lahirik lau liburu argitaratu zituen ingelesez, arrakasta handikoak, eta sari ugari eskuratu zituen. Bosgarrena, In altre parole, italieraz idatzi zuen, italiar hizkuntzan eta kulturan murgiltzearen esperientzia kontatzeko. Hortik aurrera, italieraz idatzi du batez ere (Dove mi trovo, Racconti romani…), eta bere lanak ingelesera itzuli ditu gero. Italiera idazketa-hizkuntza gisa hartzeko arrazoiak batez ere estetikoak dira Lahirirentzat, italierarekiko maitemintze baten ondorio. Ez zeukan beharrik edo obligaziorik, desio bat baizik, eta sortzailearen kalterako omen den segurtasunari uko egin nahia.

Beste ardatz bat itzulpena da, hizkuntzen arteko joan-etorriak, eta itzultzearen eta idaztearen arteko bidegurutzeak. Julien Greenek, adibidez, Keats poetaren eskutitz bat hartzen du hizpide, non azaltzen baitu bere poemetako ideia batzuk hitzek eurek iradokitakoak direla. Hitzek hizkuntza sortzeko ahalmena dutela. Frantsesa izan balitz, agian Endymion izeneko poema bat idatzi izango zukeen Keatsek, baina balizko poema horren indar emozionala guztiz bestelakoa litzateke ingelesez idatzi zuen Endymion poemarekiko. Endymion poemaren frantseseko bertsioak ez dira inolaz ere, dio Greenek, Keatsek idatzi izango zuen poema, jatorriz frantsesez idatzi izan balu, frantseseko hitzen soinuak guztiz bestelako irudi-jokoa iradoki izango ziolako. Julien Green bera 1940an Estatu Batuetara iritsi zenean Frantziari buruz liburu bat idazteko asmoz, Frantziari zor zion guztia bilduko zuen liburu bat hasi omen zen idazten, ordura arte ia beti bezala frantsesez, baina, hamar orri inguru idatzi zituelarik, liburu haren hartzaile nor izango ote zen pentsatzen hasi zen, eta, horren ondorioz, ingelesez idaztea erabaki zuen. Berriz ekin omen zion liburua idazteari, bere burua itzuli eta gauza bera beste hitz batzuekin esateko asmoz. Baina luze gabe konturatu zen beste liburu bat idazten ari zela, bestelako tonu batean, gaiari bestelako tratamendua emanez. Beste hizkuntza bat hartuta beste liburu bat idazten ari zela, beste egile bat bihurtu balitz bezala.

Silvia Molloy argentinar idazleak Valery Larbauden idazketa-aholku bat aipatzen du: arroztasun-ukitu bat ematea idazten dugunari. Eta Molloyk idazketa-metodo bihurtzen ditu ordura arte arazotzat zeuzkan bere hiru hizkuntzen arteko joan-etorriak. Testu bat idazten hasten denean, dio Molloyk, zail egiten zaio beti hasiera. Testua ingelesez idatzi nahi badu, esaterako, gaztelaniaz hasten da idazten, bitarteko testu bat sortzen du, eta gero, hasierako langa zail hori igaro duela iruditzen zaionean, ingelesera itzultzen du testua, eta ingelesez egiten du hortik aurrerakoa. Hau da, beste hizkuntza bat erabiltzen du bidea zabaltzeko.

Jhumpa Lahiri, eta liburuan ageri arren hona ekarri ezin izan ditudan Cristina Rivera Garza eta Theodor Kallifatides idazleak gurean izanak dira duela gutxi, Gutun Zurian eta Literaktumen, eta gogoeta mamitsuak utzi dituzte, bertako idazle batzuekin elkarrizketan. Hain zuzen ere, ideia hori eduki dut gogoan, temati, liburu hau irakurtzen ari nintzela. Behin eta berriz etortzen zitzaizkidan euskal idazleen adibideak eta gogoetak, aski interesgarriak. Horiek hartuta osa liteke, erraz asko, Hizkuntza leku bat da tankerako monografia bat, bertan bilduta gure idazleek hizkuntza batetik bestera egiten dituzten joan-etorriak, eta egiten ez dituztenak. Adibidez, Anjel Lertxundi, eta Itzuliz usu begiak; Iban Zaldua, zeinak euskaraz eta gaztelaniaz idazten baitu; Jose Luis Padronek bi horietan ez ezik galegoz ere idazten du; Eider Rodriguezek gaiari buruz gogoeta interesgarriak utzi zizkigun Idazlea itzultzailearen lantegi batean; Antonio Casado da Rochak Esku ezkerraz eta Islandiera ikasten eman zituen argitara, gaztelaniaz bi poema liburu argitaratu ostean; Kirmen Uribe, New Yorketik; Bernardo Atxaga eta Asun Garikano, zenbait lanetan behintzat euskaraz sortutakoa gaztelaniara itzuli eta berriz sorkuntza elikatzeko erabili izan duten prozesuaz; Erik Dicharry, zeinak euskaraz eta frantsesez idazten baitu, edo Beatriz Chivite poeta nafarra, Pekineko urrunean poemak euskaraz idazten hasi baitzen. Gutxi batzuk aipatzearren.

Nago zinez testu interesgarriak aterako liratekeela idazle horien hizkuntza-biografiak eta gogoetak bilduta, hizkuntzan, eleaniztasunean, idazketan eta itzulpengintzan interesa lukeen edonoren gozagarri.