Hizkuntza, bigarren mailako

Elizabeteย Manterola Agirrezabalaga

Adimen artifiziala eta itzulpen automatikoa ahoz aho darabiltzagun honetan, hona hemen amorragarri bezain etsigarria iruditu zaidan pasadizo bat.

Herritarren iritzia jakiteko prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian erakunde publiko batek. Agidanez, auzune bateko aisialdi eremu bat birgaitzeko asmoa dute, eta hainbat enpresak landutako proiektu teknikoak jaso dituzte. Aurkeztu diren proiektu guztien artean onenak aukeratu eta hautatutakoak ikusgai jarri nahi dituzte, horien artean gustukoena hauta dezaten herritarrek. Hautatutako proiektuen egileei A1 tamainako kartelak osatzeko eskatu die erakundeak, egin asmo duten eraldaketa urbanistikoaren berri herritarrei emateko: infografiez, irudiz, planoz zein marrazkiz hornitutako kartelak osatu dituzte, baita azalpenak ematen dituzten testuz ere. Behin kartelak jasota, jendaurrean jarri ditu erakundeak, eta berehala hasi da herritarren joan-etorria, eta hasi dira hasi iritzi-trukeak. Baikorrenek topatu dute gustuko proposamenik. โ€œBegira zer plaza ederra geratuko denโ€. โ€œHori da hori ideia ona kioskoa bazter horretan jartzeaโ€. โ€œEzin aukeraturik nabil baten edo bestearen arteanโ€. Ezkorrenek badute betiko kexa: โ€œhalakok ez du nahikoa leku utzi umeentzako jolastokirakoโ€; โ€œbeste horretan ageri den aterpea ez ote txikiegia?โ€; โ€œbatek berak ere ez du nahikoa berdegunerik, porlana nagusi denetan ere!โ€.

Lanbidez itzultzailea den herritar bat ere pasa da proposamenak ikustera eta zur eta lur geratu da lehenengoa begiratzen hasi orduko. Kartelaren goiko aldean ageri diren irudiak ikusi, eta azpian ageri den azalpena irakurtzen hasi orduko kopeta zimurtu du. Lehenengo esaldia irakurrita ez du ezer ulertu. Bigarrenez irakurrita ere ezin konprenitu. Hurrengo esaldiarekin igoala pasa zaio. Aurrerago egin testuan, eta, posible ote? Galdera baten hasieran alderantzizko galdera ikurra? Ezin izan du testua irakurtzen segi. Eskandalatuta, albo banatara begiratu eta parean dutena ulertu duten galdegin die aldamenekoei. โ€œIrudiak besterik ez ditut begiratu eta ez diot idatzitakoari erreparatuโ€, bota dio batak; โ€œoraindik ez dut begiratu ere eginโ€, besteak. Asaldatuta, boto papera patrikan gorde eta alde egin du itzultzaileak erakusgelatik.

Kartel hori jendaurrean erakusgai egotea nola litekeen posible pentsatuz itzuli da etxera. Zantzu guztien arabera, proposamena egin duen enpresak ez du proiektua euskaraz sortu. Eta proiektua euskaratzeko saiakera egin du โ€“hala eskatu baitzaie jendaurrean jartzekoโ€“, saiakera edo, ezin baita esan sortu dutena euskarazko testu bat denik. Gaur egun eskura ditugun euskarazko itzultzaile automatikoek kartelean zegoen emaitza baino dezente hobea eskaintzen dute. Hortaz, zer tresna demonio erabiliko ote zuten? Enpresarekin amorratu da itzultzailea, eta erakunde publikoarekin etsitu gero. Hiri-antolamendua jardunbide duen enpresa batek hizkuntza bigarren mailako elementu jo izana ez zaio onargarri. Baina larriagoa iruditu zaio euskaraz lan egiteko hautua egin duen erakunde publiko batek halako testu ulergaitz bat erakusgai jarri izana, zer eta jendearen iritzia jasotzeko!

Kasurik hoberenean, herritarrek, gure itzultzailearen modura, testuaren kalitate badaezpadakoa identifikatuko dute eta pentsatuko dute enpresak ez duela egoki jardun testua sortzean. Kasurik okerrenean, baina, euskaraz irakurtzera ohituta ez daudenek edo euskaraz alfabetatu gabeek testua irakurtzean pentsatuko dute euskaraz irakurtzeko gaitasun nahikorik ez dutela azalpenak behar bezala ulertzeko, eta horrek atzenduko ditu euskaraz irakurtzera beste okasioren batean ere. Modu batera zein bestera, kalte besterik ez irakurleoi halako jardunbideek.

Teknologia azkar doa aurrera, eta eskertzekoa da ditugun baliabideak izatea. Horiek behar bezala erabiltzeko adimena lantzea falta zaigu baina sarritan. Segi dezagun bide horretan lanean.

Idazkera berriak, purrustada zenbait eta urte amaierako aholkuak

Amaia Astobiza Uriarte

Ernaux euskarara ekarri berri duen Leire Lakasta Mugetak adierazi duenez, belaunaldi-aldaketa bat gertatzen ari da gurean (literaturaren) itzulpengintzan. Bere berbek hortxe harrapatu naute ni, langintza honetara iritsi berri ia eta, halere, lehenagoko belaunaldikoa izateko adinarekin (hori nik diot, baina ez dakit non jarri behar dugun muga, ezta muga horrek adinaren araberakoa izan behar duen ere). Non kokatu neure burua? Pista batzuk ematen ditu: ยซOso lan militantea izan dela azpimarratu beharra dago. Eta uste dut gatozen itzultzaileok jarraitu behar dugula tradizio horrekin, kontzientzia politikotik itzultzen euskararaยป. Hor ere zalantza, baina: neurri batean lan militantean badihardut ere, zer naiz ni, ur zaharra ala ur berria? Ur jada lizuna, iturri zaharreko ur berria? Zer zarete zuek?

Danele Sarriugartek zioen lehengoan bere Berriako zutabean hizkuntza animalia bizi bat dela eta hari ere animalia bizi guztioi bezala egin behar zaiola: aditu. Berbagai zuen hizkuntzaren ezagutza sakonaren beharra hura modu eraikitzailean apurtzeko eta, hala, askatasunez erabiltzeko, eta azaldu zuen horri buruzko gogoetan ari(tu) dela emakume idazle batzuekin. Udagoieneko zutabe-sorta hori Sarriren esperimentazio-fasearen โ€”fase batenโ€” emaitza gisa ulertu dut nik, oharturik, halere, gai ez nolanahikoak eta ezohiko begiradak ekartzeko ahalegin berariazkoa ere egin duela. Nik ez ditut irakurri Alberdiren Hetero eta Amurizaren Pleibak, baina lehena ozta orriztatzeko astia izan duen idazle batek esan dit paragrafo bakarra irakurrita ere jada igartzen zaiola hizkuntza zatikatzeko eta gogoak eman bezala berriz muntatzeko intentzioa (terapian bezala, hara: birrindu lehenengo zeure burua zure gorputza zure zurik zureena milaka papurretan eta itsatsi gero zarraparrok berriz pixkaka zure nahien eta beharren arabera).

Zer edo zer beharko dugu euskara ยซataka larriยป otzanegi barneratutik ateratzeko. Hizkuntzari aditu, idazkera berritu, hiztunei jaramon egin eta, guztien gainetik, agintariei exijitu berei dagokien lana egiteko. Hizkuntza gutxitu baten kalitatea, erabilera eta orotariko presentzia eta funtzionaltasuna ezin dira utzi herritarren asmo onen esku, Euskal Herriko automobilgintzaren sektoreak aurrera egitea langile talde jator eta konprometitu baten esku uzten ez den bezala.

Osterantzean, Gorka Urbizuk zapatuko kontzertuan nola, nik ere halaxe begiratzen diot munduari azkenaldian: minez eta etsipenez, nire aletxoaren pisuari eusteko indarrik izango ez dudan beldurrez. Baina Urbizuk bere ezinegona kantu bihurtzeko lana hartzen duen ber gisan, saiatu nadin ni ere ekarpen ganorazkoren bat egiten. Urtearen hondarrean gaudenez gero, pare bat aholku:

1.- Azoka dator, eta badakizue beti behar baino gehiago eramaten duzuela etxera, behar baino kontu txikiagoarekin hautatua. Beraz, adi argitaletxe txikien uztari, itzultzaileon lanari, palestinarren aurkako genozidioa ulertzeko (alerta gorria: product placement lotsagabea) jakingarri ugariei eta han ondotxoan iaz-edo ireki zuten Ayarza gozotegiko palmerei eta gurinezko opilei (zeinak janez hazi, heldu eta zahartu baikara zornotzarrok zuri-beltzeko garaietatik). Eta kontuan hartu urtean zehar gure herri eta auzoetako liburu-dendek sostengatzen diotela dena delako sistema honi.

2.- 1974ko uztako EIZIEkideok, gogoan izan urtarrilaren 1etik aurrera guk ere baliatu ahal izango ditugula CEDRO erakundeak hortz-klinikaren, okulistaren edo fisioterapeutaren fakturak ordaintzeko ematen dituen laguntzak.

Durango on, lagunok, baita hara inguratzeko asmorik ez duzuenoi ere.

Arrainen hexurrak eta arantza bifidoa

Fernando Rey Escalera

Oso gogoan dut noiz ikasi nuen, lankide bati adituta, arrainek hezurrak dituztela (hexurrak), eta ez arantzak, eta arantza esatea erdaratik heldu zaigun kalko oker bat dela, gaztelaniak espina baitu horretarako. Bihoakio besarkada bat hainbeste erakutsi zidan lankide horri, nahiz eta segur aski ez duen hau irakurriko, osasunez aski pattal baitabil orain. Berriki gogoratu nuen hark kontatutako beste kalko bat, beste alderakoa, bioi grazia handia egiten ziguna: bere semeari, gaztelaniaz, โ€œhoy para comer tenemos pezโ€ aditu zion noizbait, mutikoak ez baitzekien euskaraz arraina erabiltzen badugu ere gaztelaniaz hitz bikotea dugula, adiera zein den: pez edo pescado. Esan dezadan, bidenabar, arrainki (arraiki) hitza bizirik dugula euskaraz jatekoaz ari garela, platerekoaz ari garela. Halaxe aditu diet nik zenbait nafarri.

Bai, arrainek, gainerako ornodunek bezala, hezurdura dute, hau da, hezurrak, eta halaxe azaltzen digu Euskaltzaindiak bere hiztegian, eta garbi uzten du arantza beste zerbait dela:

hezur
1 iz. Ornodunen hezurdura osatzen duten atal gogor eta zurrunetako bakoitza. Ugaztunen, hegaztien, arrainen eta narrastien hezurrak.
3 iz. Arrainen bizkarrezurra. Bisigu baten hezurrean irristatu eta erori da.
arantza
1 iz. Landare batzuetan sortzen diren ziri zorrotzetako bakoitza. Arrosaren arantzak. Arantzaz beteriko sasiak.
2 iz. Zenbait animaliak beren burua babesteko gorputzean dituzten ziri zorrotzetako bakoitza. Itsas trikuen arantzen osagai nagusia kaltzita da.

Kalko oker horri loturik, hots, espina hitzarekin loturik, badago termino bat nire ustez modu desegokian zabaldu dena. Oso aspaldi ohartu nintzen UZEIk hainbeste eta hainbeste aportazio onen artean (zer eginen genuen denok UZEIren lan terminologikoaren laguntza izan ez bagenu? Zer eginen genuke orain ere Euskalterm faltako balitzaigu?) irristada ttiki bat egin zuela Medikuntzako termino bat finkatzerakoan. Barka diezadatela oker baldin banago.

Espina bรญfida esateko, โ€œarantza bifidoaโ€ dago proposatua, 4 eta guzti. Nik men egiten diet beti, ongi merezitako autoritatea baitu UZEIk, baina, kasu honetan, intsumisioa egitera ausartu naiz gaixotasun larri hori aipatu beharra izan dudanetan, ustez eta desegokia dela.

Espina bรญfida hodi neuralaren akats bat da, burmuinaren, bizkarrezurraren edo bizkar muinaren sortzetiko malformazioa. Fetuaren bizkarrezurra, garapen enbrionarioan, ez da erabat ixten, normalean haurdunaldiaren lehenbiziko hilabetean, eta gerrialdeko orno batzuk itxi gabe gelditzen dira, eta ornoek bizkarraldean bi mutur dituzte mutur bat izan beharrean. Horregatik da bifidoa.

Gaixotasunari espina bรญfida esaten zaio gaztelaniaz, eta spina bifida ingelesez, frantsesez eta gure inguruko hizkuntza gehienetan, latinetik hartuta. Izan ere, espina hitz polisemikoa da, eta gaztelaniaz โ€œarantzaโ€ ez ezik, bizkarrezurra ere bada. Horregatik esaten da espinazo, medula espinalโ€ฆ

Horregatik uste dut nik espina, kasu honetan ere, bizkarrezurra dela. Horri egiten dio erreferentzia, eta, horregatik, bizkarrezur bifidoa esan beharko genuke.

Eta, dudarik gabe, jende gehiagori iruditu zaio hala dela. Googlen begiratuz gero, arantza bifidoa 600 bat aldiz ageri da (Wikipediak eta Elhyarrek ere hala diote), baina, harekin batera, bizkarrezur bifidoa ere ikusten ahal dugu, eta ez gutxitan, 394 aldiz (ETBk, Berriak, Zehazki hiztegiak eta beste zenbaitek erabilita).

Hitanoak literaturan lekurik ba ote?

Xabier Olarra

Duela hilabete batzuk blog honetarako idatzitako Hika nork bere buruari artikuluxkan esan nuen erabat txunditurik gelditu nintzela Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue saiakeran hitanoari buruz esandakoekin. Eta beste hiru artikulu beharko nituela hango โ€œargudioeiโ€ erantzuteko. Hemen doa lehenbizikoa.

Dudarik gabe, oso aholku onak ematen ditu idazkera ulerterraza lortzeko: hitz arruntenak aukeratu, elkarrizketak belarrirako idatzi (irakurketa ahalik eta gozoena izan dadin), eta abar luze bat. Baina hitanoak literaturan izan behar lukeen lekuari buruz esaten dituenekin ezin naiz ados egon, ez argudioetan, ez arrazoibideetan, ez ondorioetan.

Hiru artikuluxka horiek idatzi nituenean, ez nekien bazenik hitanoa erabiltzearen zilegitasuna โ€“batez ere literaturaren arloanโ€“ zalantzan jartzen zuenik, nahiz eta entzuna nuen idazle ospetsuren batek esana zuela โ€œHori, zertarako?โ€ edo holako zerbait. Hortaz, erabilera egoki baterako nolabaiteko jarraibide batzuk tonto-tonto ematea-edo zen nire asmoa, besterik gabe. Ez nekien, esate baterako, goian aipatu liburuan hitanoaren erabilera literarioari โ€œosoko zuzenketaโ€ egiten zitzaiola.

Esate baterako, honela dio Kontuz hitanoarekin atal mamitsuan:

โ€œLiburu honek izan ditzakeen irakurleei galdetuko bagenie normalean hika hitz egiten duten, gehiengoak ezetz esango luke. Euskaldun gehienok โ€“ia guztiok ez esatearrenโ€“ zuka hitz egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba, kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean, gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egin duen moduan, alegia. Ez dago esan beharrik ere literaturan hitanoa erabil daitekeela โ€“egin, norberak nahi duen guztia egin liteke, inoren baimenik beharrik gabeโ€“. Are gehiago, idazle askok erakutsi digute gai direla, pertsonaiaren adinak, generoak eta jatorriak posible egiten duenean, hitanoaren erabilera adierazkorra, plastikoa, interesgarria eta ederra egiteko. Nahita ere, nik neuk ezingo nukeela aitortu behar dizuet. Eta aitorpenak egiten hasita, ez dudala nahi ere esango dizuetโ€. (Komatxoen arteko aipu guztietako beltxak, harridura edo galdera-markak nireak dira, artikulu guztian)

Holako argudio soziolinguistiko ahula argudio gisa erabiltzea (non eta Iruรฑean!) harrigarri egiten zait. Esate baterako, honelako zerbait irakurriko bagenu euskararen erabilerari buruz, txatxukeria galanta irudituko litzaiguke:

โ€œCuidado con el euskera. Si preguntรกramos a los posibles lectores de este libro si normalmente hablan euskera, la mayorรญa responderรญa que no. Porque todos los navarros โ€“por no decir todosโ€“ hablamos en castellano. Por lo tanto, ยฟquรฉ serรญa lo mรกs lรณgico? Pues, que no habiendo motivo justificado y verosรญmil, los personajes de nuestros libros hablaran en castellano, como lo hace la gente. Es evidente que en el terreno de la literatura se puede utilizar el euskera โ€“por hacer, se puede hacer cualquier cosa, sin permiso de nadieโ€“. Es mรกs, muchos escritores nos han demostrado que son capaces de hacer un uso del euskera expresivo, plรกstico, interesante y hermoso. Tengo que confesar que yo no serรญa capaz aunque me lo propusiera. Y, puestos a hacer confesiones, tambiรฉn os dire que no me da la ganaโ€.

Barkatu manipulazio merkea, baina hori izan zen paragrafo hori irakurri nuenean burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza.

Beste argudio soziolinguistiko bat ere erabiltzen du, garrantzi handikoa, dudarik gabe:

โ€œBestalde, ezin dut imajinatu euskaraz ikasten ari den jendeak honi buruz pentsatuko lukeena, eta aitaguretasunez (!?) jokatuko nuke inoren izenean hitz egingo banu, baina imajinatzen dut euskaraz irakurtzen ikasten urteak eman dituen edonorentzat frustrantea izan daitekeela ulermena oztopatzen duen zailtasun berri bat literaturan topatzea. Ahal dela, erraztasunak jartzea tokatzen zaigula uste dut, zor itzela dugulako euskaldun berrien nazio librearekinโ€. (Ez dut inon aurkitu โ€œaitaguretasunaโ€, agian paternalismoa esan nahiko du)

Argudio serioa dirudi. Beraz, gaur gehiegi ez luzatzearren, hurrengo baterako utziko ditut horri buruzko komentarioak. Gaurkoz aski dugu beste perla batzuekin:

โ€œ(…) niretzat hitanoa arrotzegia dela eta, zabar esanda, ez zaidala gustatzen. Mendebaldeko kostako euskalkietatik gatozen gehienontzat hitanoa gauza benetan martzianoa daโ€.

Aurrerago, beste hau dio:

โ€œBaina adibide anekdotiko hori kenduta, niri ez zait okurritzen hitanoa modu naturalean erabiltzeko aukera handirik (Susa argitaletxeko erredakzioan kokatutako nobela bat-edo aipatzen du). Ukatu ere ez dut ukatzen egon daitezkeenik (eskerrak!), nahiz eta niretzat, esan dizuedan moduan, apur bat amorragarria suertatzen den. Aresti parafraseatuz, โ€œzer egingo diot, ene mania bat daโ€.

Gaztelaniazko esapide ospetsua itzuliz, honela laburbilduko genuke Jimenezen arlo honetako jarduna: Premia bertute bihurtu.

Niri, berriz, amorragarria egiten zaidana da (eta ez apur bat, baizik oso) norberaren maniak kategoria bihurtu eta besteoi paradisuaren ateak zabaltzen ari zaigula pentsatzen duenaren jarduna. Uste dut hori baino gehixeago behar dela erdi lokartuta egoteko adina dugunon begiak zabaltzeko.

Eta literaturaz ari bagara โ€“eta fikzioaz berezikiโ€“ ezin konta ahala nobelagai bururatzen zaizkit hitanoa modu naturalean erabiltzeko (hala ere, seguru aski Jimenezentzat eta niretzat โ€œnaturalaโ€ ez da gauza bera). Atzo bertan topo egin nuen Donostian (Andu Lertxundiren Berbelitzen hiztegia liburuaren aurkezpenean) Jim Thompsonen 1280 arima, 1985. urte urrun hartan euskaratu nuena, natural-natural eta irribarre gaiztoa ezpainetan zuela irakurri zuen bat. Ez nuen ezertatik ezagutzen. Zarauztarra zen, eta, jakina, horiek salbuespen erabatekoa dira, antza. Horregatik pentsatu nuen nobela itzuli nuen garaian, besteak beste, nobela beltzaren arloan erabilgarria izan zitekeela hitanoa.

Baina literatura โ€œjasoagoโ€tzat dauzkagun beste hainbat nobelatan ere erabili izan dut harrezkero. Esate baterako, naturala iruditu zitzaion Molly Bloomi bere buruari noka aritzea. Etengabe irudikatzen dut nire amona โ€“adinez Mollyren kintakoaโ€“, lobulu frontaletan jasandako istripu baten ondorioz-edo, gordinkeria horiek errenkadan botatzen. Zer egingo diot, ba? โ€œEne mania bat daโ€.

Eta hemen utziko ditut gaurkoz nire burutazioak, hitanoklasten kontrako gurutzada honetan hitanoplasta bihur ez nadin. Badakit Jimenezi ez zaizkiola gustatzen honelako hitz-joko merkeak, baizik umore ingelesa, eskoziarra, irlandarra eta iparramerikarra, baina hori nire irispidetik kanpo dagoenez, gutxiagorekin konformatzen naiz. Zer egingo diot, ba? โ€œEne mania bat daโ€.

Hiztegiak eta katiximak

Josu Barambones Zubiria

Uda osteko blog honetako nire lehen ekarpenerako gai labaina hautatu dut: euskarazko hiztegien eta Elizaren boterearen arteko harremana. Gauza jakina da Ertaroaz geroztik Eliza Katolikoak berebiziko eragina izan zuela hizkuntza idatzia kontrolatu eta garatzeko eta, beraz, hiztegiak sortzeko orduan. Eta botere hori islatu egin zen hitzak definitzeko orduan ez ezik, gizartearen bizimodua hezurmamitzen duten kontzeptu moralak norabide jakin baten aldera eramateko orduan ere.

Gaur egungo euskal hiztegiak akademiko eta hizkuntzalarien esku daude, hiztegi batzuetan Elizak izan duen eragina oraindik ikus daitekeen arren. Bereziki deigarria begitantzen zait Euskaltzaindiaren hiztegian kristau ideiekin loturik agertzen diren adibideek hartzen duten tamainaren zabala. Hizkuntza zaindu eta babestearren, akademiak kontserbadoreak izaten dira, eta beste garai bateko erabilerak islatu ohi dituzte, esanahi eta รฑabardura erlijiosoak dituzten termino eta adibideak jasoz, nahiz eta gaur egungo gizartean euren garrantzi soziala eta praktikoa txikiagoa den.

Ezagun da Euskaltzaindiak eta Elizak oso lotura estua izan dutela urte askoan, eta mendetan zehar Elizak rol garrantzitsua jokatu zuela euskara babestu eta euskararen erabilera sustatzeko. Euskaltzaindia 1918an sortu zenean, Elizak bere babes osoa eman zion, eta lehen euskaltzainburua elizgizon bat izan zen: Resurrecciรณn Marรญa de Azkue. Gerora, beste bi elizgizon izan ditu euskaltzainburu: Manuel Lekuona eta Luis Villasante. Bestalde, historian zehar euskaltzainen artean elizgizon asko egon dira, egun bat ere ez dagoen arren euskaltzainen eta urgazleen artean (oker ez banago). Guztiarekin ere, nire ustez โ€•barkatu hain gordin esateaโ€•, irakur daitezkeen adibideei erreparaturik, Euskaltzaindiaren hiztegiak katixima baten itxura hartzen du sarritan.

Hori horrela, gai hau baliatuko dut estilo-ariketa moduko bat egiteko eta hitz batzuekin jolas egiteko. Horretarako, Euskaltzaindiaren hiztegian datozen 10 adibideren ordez, beste adibide alternatibo batzuk ematen saiatuko naiz, gaur egungo mundu moderno eta estatu akonfesional batekin lotura handiagoa dutenak, eta erabilgarriagoak diratekeenak, nire ustez. Eta zergatik hamar adibide? Erlijioan zenbakiak sinbolikoak direlarik, hamar zenbakiak sinbolismo handia du kristau tradizioan. Hor ditugu, esaterako, Hamar aginduak, Jainkoak Moisesi eman zizkionak; edo Genesian aipatzen diren hamar belaunaldiak, Adan eta Noeren artekoak eta Noe eta Abrahamen artekoak. Azkenik, hamar zenbakia perfekzioaren sinboloa ei da.

Eta luzamendutan ibili gabe, honatx agindutako hamar adibideak eta hamar adibide horien adibide alternatiboak (inoiz eguneratzeko asmorik balute, hor lukete proposamen xume bat):

1.- Aberats. Eta bere amarekin eta bi anaiekin, aberats bizi izan zen, Jainkoak daki zenbat urtez.
โ€ข Eta bere amarekin eta bi anaiekin aberats bizi izan zen dirua xahutu zuen arte.

    2.- Borondate. Jaunaren borondatearen onartze umila.
    โ€ข Bere min lazgarria gorabereha, ez zuen aurre egiteko borondatea galdu.

    3.- Epel. Kristautasunaren aldetik, batzuk bero omen ziren eta besteak hotz, gehienez ere epel.
    โ€ข Sexu-harremanen aldetik, batzuk bero omen dira eta besteak hotz, gehienez ere epel.

    4.- Errezelo. Apaiza berehala hasi omen zen errezelo txarrak hartzen.
    โ€ข Errezeloak hartzen hasia nago ez ote duten aurtengo sarietan iruzur egin.

    5.- Eurrez. Horra non datozen lagunak, eurrez eta bide beteetan, Jainkoaren berba entzutera.
    โ€ข Horra non datozen jeltzaleak, eurrez eta bide beteetan, Pradalesen berba entzutera Forondako zelaietara.

    6.- Gaixotasun. Gizonen flakezia eta gaixotasuna ezagutzen dituzun Jainkoa.
    โ€ข Gaixotasun terminala duen gizon baten bizitzan oinarritzen da bere lehen filma.

    7.- Grina. [Hitz honek jai du Euskaltzaindiaren hiztegian, beronen arabera grina guztiak txarrak baitira, elizarakoa ez bada.] Haragikeriako grinak itsutua. Elizarako grina handia duelako. [Zergatik ez jarri eredutzat hiztunek aiseago erabiliko luketen esaldi sinpleago bat? Berbarako:]
    โ€ข Alavesek (edo nahi duzuen taldeak) grina handiz ekin dio bigarren zatiari.

    8.- Iraungi. Infernuko suak berak ez du iraungiko zu erretzen zaituen lohikeriaren garra.
    โ€ข Kontzientziako harrak ez dio iraungiko erraiak erretzen dizkion maitasuna.

    9.- Munstro. Bekatua, munstro lazgarria, gure arimen etsaia.
    โ€ข Izaera garrazten zion munstroa erakutsi zuen bere jokaerarekin.

    10.- Plazer. Haragiaren plazer debekatuak. [Debeku usaina du, ezta? Zergatik ez dugu inoiz honelako adibiderik topatuko?]
    โ€ข Haragiaren plazerak ezagutu zituen Polinesia Frantsesean.

    Euskaltzaindiaren hiztegiaren helburua bada euskararen gaurko benetako erabilera jasotzea eta komunikazio egoera bakoitzean hizkuntza egoki erabiltzeko hitzak eskaintzea, gaur egungo gizartean garrantzitsua da erlijioarekin lotutako adibideak beste batzuen gainetik ez lehenestea eta oreka bat gordetzea. Ez dut esan nahi kristatu-erreferentzia guztiak ezabatu behar direnik, gure historia eta kulturaren lekuko baitira, baizik eta hiztegi moderno batek egungo errealitatera egokitzeko ahaleginak egin behar dituela eta ikuspegi anitzagoa eta neutroagoa ekaini.

    Unique in the world, euskal herritarrak la hostia gara (II)

    Fernando Rey Escalera

    Lehengoan sail honetako lehenbiziko artikulutxoa idatzita, lasaixeago gelditu nintzen neure buruarekin, iruditu baitzitzaidan ez naizela ni bakarra hizkuntzarekin hala jostatzeko moduak inkomodatzen duena.

    Beraz, bihotzerrea pixka bat apaldurik, azal dezadan bigarrena: nolako deserosotasuna sortzen zaidan ikustean nolako tokia hartzen duten euskarak eta gaztelaniak Hegoaldeko giro batzuetan.

    Berriz ere errezeloa pizten zait ni ote naizen arraroa edo purista, edo aiseegi erretxintzen ote naizen hizkuntzaren trataerarekin zerikusia duten kontuetan.

    Amorru pixka bat jartzen zait ETBn ez-dakit-zer enpresak iragartzen dituenean โ€œlos productos de nuestros baserrisโ€. Ez al da normalagoa โ€œlos productos de nuestros caserรญosโ€? Eta berdin gertatzen zait erdara ederrean euskarazko ginga gisa euskarazko hitz solte batzuk aditzen ditudanean: โ€œhemos hecho plan para ir a la sagardotegiโ€ aditzen dut, baina nahiago nuke aditu โ€œhemos hecho plan para ir a la sidrerรญaโ€. Aukeran nahiago nuke aditu โ€œsagardotegira joateko plana egin duguโ€, ez baitzait euskarari duintasuna emateko bide egokia iruditzen gaztelaniaz mintzatzea euskarari egindako axaleko begi-keinu gisara euskaraz hitz solteren bat sartuz.

    Ondoko hizkuntzen hitzak hartzea โ€“mailegu linguistikoakโ€“ oso gauza logikoa eta sanoa da, batik bat hitzak berezitasunen bat duenean terminologikoki, hitzaren eboluzioa berezia izan denean. Hori dela-eta, โ€œmantuvieron durante 2 meses a aquel hombre en un zulo de 6 metros cuadradosโ€ esatea normala iruditzen zait. Zulo hitza mailegu bihurtu da gaztelaniarentzat, eta ulertzekoa da. Ezin hasiko dira esaten โ€œen un habitรกculo preparado para secuestradosโ€. Tira, รฑabardura hori hartu du hitzak gaztelaniaz. Aurrera. Ohartzen naiz โ€œtxokoโ€ hitza zabaldu dela gaztelaniaz, eta, kasu horretan, ulergarria egiten zait. โ€œHemos adaptado la bajera para hacer un txokoโ€ aditzen dudanean, ulertzen dut โ€œtxokoโ€ hitzak berezitasuna hartu duela, eta, beharbada, ez dela erraza gaztelaniaz hori beste modu batean azaltzea. Konforme. Familia-bazkariak edo lagunak elkartzeko toki berezi bat da txokoa hor, eta erosoa da hura erabiltzea. Ongi etorria izan dadila mailegua.

    Baina inolako beharrik eta justifikaziorik gabe, gaztelaniak bere hitz normala duenean, euskarazko hitza sartzea harrigarria egiten zait, ez dakit zeren, edo badakit zeren adierazgarri.

    Adibideak hamaika dira: โ€œTenemos bilera de la gelaโ€. โ€œPonte el beroki, que hace frรญoโ€. โ€œLos nekazaris de Araba tienen intenciรณn de bloquear las carreterasโ€. โ€œNuestro proyecto se estรก fortaleciendo en Nafarroaโ€โ€ฆ

    Ez dakit, ba. Sentitzen dut. Iruditzen zait erdara ederrean ari garenean horrela jokatzea berniz euskaltzale edo abertzale bat ematea besterik ez dela maiz. Euskararen aldeko apustua egitekotan, mintza gaitezen euskaraz. Edo, bestela, egin dezagun gaztelaniaz. Igual ni arraroa naiz, baina โ€œyo no voy a Bilbo, me voy a Bilbaoโ€. โ€œA las fiestas de Tutera no suelo ir, en todo caso voy a Tudelaโ€. Bestalde, โ€œde vez en cuando hablo con los compaรฑeros de clase, no con los de la gelaโ€. โ€œSi tengo frรญo, me pongo un abrigo, el beroki me deja frรญoโ€.

    Batzuek, segur aski, erdaldunak izanda, euskarazko hitzen bat sartuz nahi dute adierazi euskararen aldeko mezua. Ongi da. Baina horretan geldituz gero ez dakit mesederik egiten ote zaion euskarari. Beste kasu askotan, aldiz, ez da hori sakoneko arrazoia. Euskarari bultzada emateko modu hoberena, eraginkorrena, euskaraz egitea da, eta ez euskarazko lau hitzez apainduriko gaztelania.

    Rarico deituko didazue, baina ni, gaztelaniaz ari naizenean, gaztelaniaz hitz egiten saiatzen naiz, eta euskaraz ari naizenean, euskaraz.

    Aitortzen dena (eta isiltzen dena)

    Elixabete Perez Gaztelu

    Elearazi:ย Itzulpenak fama txarra du oraindik ere, nahiz eta oztopo eta aurreiritzi asko gainditu diren. Itzultzaileen ikusgarritasun eza ere nabaria da, Euskal Herriko argitaletxe batzuetan oraindik ere ez da haien izena azalean jartzen. Hala ere, literaturan daukate itzultzaileek sona gehien. Nola ikusten duzu egoera? (Elearazi, 2012.4.9)[1].

    Adar askoko galdera hori ere egin zioten Elearazi blogean Elizabete Manterola itzultzaile doktore berriari[2]. Letrakera lodiz markatutako itzultzaileen eta itzulitakoaren ikusgarri-, ikusgai-, ikusezintasunaren auziaren gaineko soka mamitsua ere sortu zuen itaunak: handik eta hemendik heldu zioten gaiari Maialen Berasategi Catalรกn, Garazi Arrula, Garazi Ugalde, Bego Montorio eta Danele Sarriugarte itzultzaileek, elkarrizketaren ondoko iruzkin-erantzunetan.

    Ez naiz itzulpengintzaren arlo zabal horretan murgilduko, ezta idatziak argitaratu bitarteko bidean lan egin duten esku guztien berri (idazlea, zuzentzailea, editoreaโ€ฆ) jaso beharrekoan ere. Egia esan, ez dut itsaso handi horretan igeri egiteko aski arnasa.

    Itzultzaileek paratutako gaia, ordea, txoil baliagarria gertatu zait nere baitako aspaldiko gai bat kanporatzeko, blogeko itzultzaile erantzun-emaileek iradoki bezala, autorearen, ยซeskuenยป jendaurreko aitortza ez baitagokio bakarrik itzulpengintzari.

    Garazi, zuk musikarekin gertatzen dena ere aipatu duzu. Sorkuntza mota guztietan, beti alde batzuk ageri-agerian gelditzen dira, baina beste batzuk erdi-ezkutuan. Musikari batek disko bat grabatzen duenean, adibidez, oro har ez zaio jaramon handirik egiten kantu guztiak banan-banan hartu eta nahastu eta polit-polit (edo itsusi-itsusi) jarri dituenari (nola eta ez den izen handiko norbait), nahiz eta haren esku dagoen disko txukun bat lortzea, musikariaren gaitasun eta ahalmen guztiak gorabehera. Ez dakit halako adibideek balio diguten guri, baina irudipena dut itzulpengintzatik harago doan kontu bat dela (Berasategi, Elearazi[3]).

    Askoz harago doa kontua, bai, bihurgune asko ditu, labaina da, etengabe aldatzen doanaโ€ฆ Hori jakinik ere, gai horren pixar bat ekarri nahi dut, eske-kezka moduan bada ere.

    ยซEskuenยป aitortza idatzi (ustez) iraunkorragoaren ondoan, bada beste aitortza mota bat, nire ustez, garrantzi eskasekoa ez dena: ยซeskuenยป jendaurreko ahozko aitortza. Zehatz esan, kontzertu, kantaldi, irratsaioโ€ฆ, aho-belarriak direla medio gauzatzen diren emanaldietan jendaurrean ahoz egiten diren aitortzak.

    Noren ยซeskuakยป aipatzen dira eta norenak isildu, demagun, kantaldietako jendaurreko aurkezpenetan? Harrigarria egingo litzaiguke oholtza gainean, agertokian dauden musikarien, kantarien izenak ez entzutea. Ohitzen ari gara, ordea, โ€”ohituta gaude?โ€” kantu bihurtutako hitzen sortzaileen, poeten, idazleen izenik ez entzutera. Ez bide da, baldinbetan, gehiegi eskatzea hitzen egileen izenak ere jendaurrean aitortzea; jendaurreko egokiera horretaz baliatzea entzuleak poeten, idazleen izenen jakitun ere izan daitezen, izan gaitezen.

    Kezka aspaldikoa dudan arren, seguru aski ez nituen hitz hauek kanporatuko ยซPoeta kaxkarraยปrekin hasi eta ยซLau haizetaraยปrekin amaitu zen Imanolen omenezko kontzertuan Mikel Arregiren izena ez zutela aipatu bizi izan ez banu. Ez Mikel Arregi, ez Xabier Lete, ez Xabier Amuriza, ez Alfonsina Storni, ez Jon Mirande, ez Joxerra Garzia, ez Lope de Vegaโ€ฆ Poeten izenik bat ere ez. Gainera, kantaldia grabatzen aritu ziren, telebistan eskaintzeko; alegia, bazegoen asmoa grabazioa dela bitarte saioari nolabaiteko iraunkortasuna emateko.

    Hona aspaldiko huts berpiztuaren jendaurreko aitortza, 31 esku hauen beso luzeetan itxaropena duela.


    [1] https://elearazi.eizie.eus/2012/04/09/itzultzaileak-mintzo-elizabete-manterola/

    [2] Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa doktore-tesia aurkeztu zuen.

    [3] https://elearazi.eizie.eus/2012/04/09/itzultzaileak-mintzo-elizabete-manterola/

    Ni (batzuetan) ez naiz inor irratian berba egiteko

    Amaia Astobiza Uriarte

    Lehengoan irrati batetik deitu zidaten. Espainiako Kongresuak atzera bota du proxenetismoa gogorrago zigortzeko lege-proposamena, eta horren inguruan galdetu nahi zidaten. Adeitsuak izan ziren oso: Puta zikinaken (Katakrak, 2022) harira han eta hemen argitaratutako testuen hiruzpalau txatal elkarrekin josi, eta, liburuaren izenburua behin ere aipatu gabe, ondotxo argudiatu zuten gai horri buruz hitz egiteko beharra. Halere, nahi ez zuten erantzuna jaso zuten.

    Azaldu nien ni ez naizela nor inoren izenean horren inguruko iritzirik emateko; sexu-langileen lan-eskubideak jorratzen dituen liburu bat itzuli dudala eta horri buruz, liburu horretan esaten denari buruz berba egin izan dudala, baina, hortik aurrera, ni ez naizela sekula aritu prostituzioan, ez naizela sexu-langileen ezein elkartetako kide eta nire iritziak ez duela jendaurreko baliorik; alegia, ez beste inorenak baino gehiago (ados: gaiari buruzko bizpahiru liburu irakurri ditut eta agian batez bestekoak baino zertxobait gehiago jakin dezaket, baina kito; lagunen arteko elkarrizketa batean, Puta zikinaken inguruko solasaldi bateanโ€ฆ ekarpenen bat egingo dut, baina ezin dut inoren izenean berba egin komunikabide batean). Hala eta guztiz ere, ez zuen erraz etsi; galderak aurretiaz bidaliko zizkidatela eta erantzunak prestatzeko astia izango nuela. Berriro ere, ezezkorako argudioak eman nizkion, baten bat gehituta eta besteren bat osatuta. Eta orduan bai, amore eman zuen; igual egoera gehiegi behartzea zela niri โ€”itzultzaile (ez-prostituta) batiโ€” hori eskatzea, eta horretan utziko genuela.

    Badirudi datu-baseren batean nire izenari prostituzioa etiketa erantsi diotela, eta aurrerantzean ere horri buruzko albisteak ateratzen direnean nirekin akordatuko direla, non eta deitzaileak ez duen etiketa ezabatu, haren desegokitasunaz jabetuta. Gai zehatz batzuei dagokienez, txerriaren buztana baino laburragoa eta zatiz artezagoa da Euskal Herrian (inork norbera) aditu bilakatzeko bidea, eta itzultzaileoi maiz egokitzen zaigu ohartzerako geure burua txerri-kortako lokatzetan kakaztuta aurkitzea. Hain justu ere, sexu-langileei ahotsa emateko ekarri genuen liburua euskara, ez haien izenean jarduteko.

    Pentsa nire balizko elkarrizketa hori sexu-langile batek entzuten duela. Ondo irudituko zaio gizarteak berari ukatzen dion ahotsa niri ematea? Beharbada ez da prostituta euskaldunik egongo irratiko datu-basean, baina Euskal Herrian ere badira sexu-langileen elkarteak, eta erraz da haiengana jotzea. Esate batera, Maite Asensio Lozano kazetariak Putak Borrokan elkarteko Carolina Clemente sexu-langilea elkarrizketatu zuen Berrian; horixe da, nire ustez, bide egokia. (Oharra: ez dakit zer egin zuten irratikoek; beharbada haiek ere bide aproposen batetik jo zuten azkenean.)

    Barkadazue, heterodoxoak (edo, salba dezagun gure barneko euskaltzaina)

    Santi Leonรฉ

    I

    Cambio de destino memoria-liburuko pasarte batean, Jon Juaristik kontatu zuen nola, atxilotu zuten batean, irri-emangarri utzi zuen itaunketa egiten ari zitzaion polizia; bertze pasarte batean, Tarot aditu bat leziatzen aritu zen zertan eta Tarot kontuetan. Anekdota eta egoera edozein direla ere, Jon Juaristi ateratzen da beti garaile Jon Juaristiren memoria idatzietan, eta, akaso, baita publikatzen ez den memoria intimoan ere.

    Juaristiren estiloak arrakasta handia izan du euskal intelektual jakin batzuen artean, eta ez dira guti elkarrizketa publikoetan โ€“eta, agian, baita adierazten ez diren pentsamendu intimoetan ereโ€“ beren buruari loreak suelto-suelto botatzen dizkiotenak: heterodoxo izatea da paparrean harro daramaten dominarik txikiena, eta, hortik abiatuta, lotsa arrastorik gabe kontatzen dute AEBko mundu akademikoa ezinbertzean konkistatu dutela edo familia ideologikoki orbangabe bateko azken ale ideologikoki orbangabe direla.

    Panorama ikusita, bertze heterodoxo baten aspaldiko titulu bat parafraseatuz, barkamena eskatu nahi dut lerro hauetan hartu behar dudan bidea hartzeagatik, zeren, berehala kontatuko dudan anekdotan aski irri-emangarri agertuko bainaiz, pailazo baten pare kasik, eta bertze behin agerian geldituko baita zeinen traketsa naizen giza harremanekin deus ikustekoa duen orotan.

    Oxforden izan zen. Guapo-guapo jarri, gorbata ongi lotu eta, nire ohituren kontra, college bateko besta batera abiatu nintzen. Han, berehala ohartu nintzen bertze inork ez zeramala gorbatarik; gonbidapenari disimuluan begirada bat bota, eta hantxe ikusi nuen aski argi idatzia: dress informal. Bere buruarekin erosoago sentitzen den batek eskuak gorbatara eraman, korapiloa laxatu eta oihal puska luze hura sakelan altxatuko zukeen. Ni, berriz, han egon nintzen, irribarre makur bat ezpainetan, lepo inguruan trapu baten ordez Coleridge-ren albatrosa eramanen banu bezala. Tira, noizbait ipuin bat egin beharko dut material horrekin. Momentuz, erabaki dut nire memoria publikoetan kontatuko dudala jantzi-protokoloa nahita hautsi nahi izan nuela, besta hartara dotorezia pittin bat ekartze aldera, eta hondarrean arrakasta izugarria izan zuela Italiako zetazko โ€“memorietan Italiako zetazkoa izanen baitaโ€“ gorbata hark. Eta saiatuko naiz oroimen intimotik lekutzen arratsalde hartan ez nuela araurik hausteko inolako asmorik izan, lehenik eta behin jantzi-arauak zein ziren ere ez nekielako.

    II

    Jorge Luis Borgesen ipuin batean, Ekialde Hurbileko pertsonaia batek ospe handia irabazi zuen munduan barna egin zituen bidaiei esker. Haren etsaiek โ€“kontatzen du Borgesekโ€“ sekulan bidaiarik egin ez izana leporatzen zioten eta, aldi berean โ€“gorrotoak ematen duen logikarekinโ€“ bidaietan ezagututako tokietan egiazko fedeari uko egin izana.

    Adostasun zabala dago euskara ikaragarri zaila delako ideiaren inguruan, ez bakarrik erdaldunen artean, baita euskaldunen artean ere; izan ere, euskara sinplifikatzeko proposamenak izan ditugu berriki, eta izanen ditugu naski etorkizunean ere. Eta, aldi berean, euskara ikaragarri erraza delako ideia ere hor dago: erdaldunen artean, burla egiteko iturria da hori โ€“telefonoa, pastela, hanburgesaโ€ฆ dena erdaraz bezala baita!โ€“; euskaldunen artean, sormen iturria, hitanoaren hirugarren forma bat bulkatu nahian baitira batzuk azkenaldi honetan.

    Euskara sinplifikatzeko zein aberasteko, bide bakarra bide dugu, askatasuna alegia, eta etsai bakarra, barnean omen daramagun euskaltzaina. Eta Asisko Urmenetak aspaldian errana da barneko euskaltzaina hil behar dugula. Bistan dena, ni ez naiz nor Asiskori kontra egiteko, baina, han-hemenka ikusten eta aditzen dudana ikusita eta adituta, iduritzen zait gure barneko euskaltzain ustez faxistaren opresioa franko beratza dela. Orokortzea itsusia denez, aitortuko dut badirela euskarari freskotasuna, naturaltasuna, bat-batekotasuna eta ez dakit zenbat bertze tasun eman nahi dizkiotenak, eta nik ez dut horren kontra deus ere. Baina irudipena dut naturaltasuna aldarrikatzen delarik, behin baino gehiagotan erdal makuluak edo kalko gordinenak erabiltzekoa dela aldarrikatzen ari den naturaltasuna. Hitz egitea un poco ateratzen zaigun bezala. Alegia, efektu jakin bat erdiesteko arauak hautsi baino gehiago, hoberik ezean euskainola erabiltzen dela. Tipo sozialki trakets batek gorbata eramanen balu bezala gorbatarik behar ez den besta batean. Ez jantzi-protokoloa salatu nahi izan duelako, jantzi-protokoloa ezagutzen ez duelako baizik. Ez heterodoxoa eta ez naturala, baldarra baizik.

    Bortizkeria arrunt gauza itsusia da eta, horregatik, inor hiltzearen kontra nago, are gehiago inor hori gure barneko euskaltzaina bada. Aitzitik, nik uste dut zaindu beharko genukeela, baita โ€“noizbehinkaโ€“ maina batzuk egin ere. Eta gero, arauak ezagututa, hizkuntza gure beharretara moldatuko dugu. Jakinki zertan ari garen.

    Unique in the world, euskal herritarrak la hostia gara (I)

    Fernando Rey Escalera

    Itzultzaileok arreta bereziz ikusten dugu, deformazio profesional izateraino, nola jokatzen duten jendeek, talde eta erakundeek hizkuntzekin. Nola tratatzen dituzten hizkuntza pareak komunikazioan.

    Egia esan, Euskal Herrian, denok garenez itzultzaile, edo ezinezkoa denez bi hizkuntzen arteko zubirik gabe bizitzea (buru-ariketa gisa bederen), askok erreparatzen diogu. Eta berehalaxe ohartzen gara duintasunez idatzi duten, itzulpena kaxkarra egin ote den, tekleatze akatsik badagoen, letra tamaina bera erabili ote den bi hizkuntzetanโ€ฆ Doktoretza-tesi bat egin liteke horren gainean.

    Azkenaldi honetan, badira bi joera deserosotasuna pizten didatenak. Mintza nadin garbiago: amorrua ere pizten didate. Ni ote naiz bakarra? Esan diet nire inguruko batzuei, baina, nonbait, gehienak ez dira erretxintzen ni bezala.

    Joera horiek, nire ustez, argi adierazten dute euskara zer den jendearentzat, nolako tokia duen hizkuntzak (egiazko bizitzan), zer den guretzat euskara edo gaztelania edo ingelesa.

    Badira azken urteetan zabaldu diren bi ohitura, bai, sua pizten didatenak barrenean. Obsesio bihurtzen hasia zait, eta idatziz jarriko dut. Ea balio didan kaskotik kentzeko. Edo, beste batzuen iritzia entzunda, ez dela hainbesterako pentsatzeko. Gaur haietako batez mintzatuko naiz. Beste egun batean besteaz.

    Zuetako askok ulertuko didazue noski. Eta gauza naizen inor mindu gabe adierazteko.

    Txikia nintzela โ€œVuelta al Paรญs Vascoโ€ zegoen, eta halaxe iragartzen zuten kartelek. Gero euskara, zorionez, merezi zuen tokia hartzen joan zen komunikazioan-eta, eta kartela elebiduna izatera pasatu zen. โ€œVuelta al Paรญs Vasco-Euskal Herriko itzuliaโ€. Bi hizkuntza, gaztelania eta euskara, โ€œEuskal Herrikoโ€ deituta ere, Euskal Autonomia Erkidegoaz ari baitziren, Gipuzkoaz, Bizkaiaz eta Arabaz. Konforme. Aurrera egin genuen zerbaitetan.

    Ez dakit justu noiztik eta zer gogoeta soziolinguistikoren ondorioz, orain oso bestelakoa da jokaera. Euskara hor da: Euskal Herriko itzulia da edo Itzulia da. Eta elebitasunari ere eutsi nahi izan diogu, baina zer eta โ€œBasque Countryโ€ jartzen dute. Azkeneko kartelak ikusi ditut, eta orain โ€œItzulia Basque Countryโ€ idazten dute.

    Eta galdetzen diot nik neure buruari: zer dago gaztelania kendu eta ingelesa sartzearen atzean? Irrigarria iruditzen zait. Nik dakidala, gaztelania bizi-bizirik dago Hegoaldean. Eta ingelesa zer dela-eta?

    โ€œLa Itxuliaโ€ aipatu dut; orain horrela aditzen dut, ez โ€œla Vuelta al Paรญs Vascoโ€, baizik eta erdara ederrean, baina hori bai, keinu negargarri bat eginez euskarari. Zeren seinale? Baskoagoak gara itxulia esanez? Tira, utz dezadan hori. Euskararen hitz bakar batzuk sartuz gaztelania hutsean egitearen beste fenomeno hori beste egun baterako utziko dut.

    Beste hamaika adibide eman nitzake:

    Itzulia Women, Euskotren Women Winter Series, Basque Team Saria, Itzulia Basque Challenge, Euskadiko Orkestra-Basque National Orchestra, Bilbao Basque Fest, Emakume Master Cup, Pilota Legends Cupโ€ฆ

    Ez dut segituko, bihotzerrea jartzen zait-eta. Bai, Unique in the word gara euskaldunak (edo euskal herritarrak esan beharko nuke). โ€œAthletic Club. Munduan bakarrak. Unique in the wordโ€.

    Magia bitxi baten eraginez, Euskal Herriko ez dakit zer txoko, ibar edo herritan zabaldu den euskalki edo ingeleski batez idatziak ikusten ditugu kartelak.

    Baina itxurakeria da. Edo ez? Oso guai dago besterik gabe ingeles tanto batzuk jartzea? Dottorea da, ezinbestekoa, inperioaren hizkuntza jartzea? Gaztelania desagertu da karteletatik. Sekulako iraultza gertatu da gure egoera diglosikoan? Orain euskaraz barra-barra egiten al du jendeak eta ingelesa da kanporako atea?

    Ez. Sinetsia nago ekitaldi, txapelketa eta emanaldi horiek gehienak gaztelaniaz antolatu direla. Ekitaldi horien antolatzaile diren erakundeek gaztelaniaz funtzionatzen dute. Euskarak ez du aurrerapauso handirik egin haietan, baina euskara eta ingelesa ageri dira. Susmoa dut tarta batzuen gaineko ginga puska gisa jartzen dutela euskara hor, apaingarri.

    Gaztelania desagertu da. Nire ustez hemengo hizkuntzetan idatzi behar dira gauzak komunikazioa baldin bada helburua. Ulertuko nuke hizkuntza ahulenaren aldeko diskriminazio positiboz euskarak toki gailena izatea. Baina gaztelania kendu eta ingelesa jartzea harrigarria iruditzen zait.