Musika euskal-nafarra eta postedizioa

Fernando Rey Escalera

Otsailaren 9an, igandearekin, Iruñeko Gayarre antzokira joan nintzen La Pamplonesak eman behar zuen kontzertu batera.

Sarreran orri bana eman ziguten, kontzertuaren programa zehazten zuena beste zenbait daturekin batera. Orria elebidun, behar den bezala. Kasu honetan, alde batetik gaztelaniaz eta bestetik euskaraz: duin, letra tamaina berarekin, espazio berdina emanez bi hizkuntzei. Eta, nire ohiturari jarraikiz, euskarazkoa irakurri nuen lehenbizi, nahiz eta jakin nire deformazio profesionalak zuzentzaile-lana egitera naramala maiz.

Testua euskara on samarrean egonagatik, begi-kolpea sentitu nuen berehalaxe, lehenbiziko paragrafoan hauxe irakurri bainuen:

La Pamplonesaren helburuetako bat egungo musika hedatzea da. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak musika euskal-nafarra sustatzen du.

Harri eta zur gelditu nintzen, ezin sinetsiz, eta, askotan bezala, pentsatu nuen berriz: “beharrik badakidan gaztelaniaz; bestela…”. Eta buelta eman nion orriari, nire susmoa betetzen ote zen jakin nahian.

Eta asmatu. Bai, “música vasco-navarra”. Honela zioen testuak:

Entre los objetivos de La Pamplonesa está la divulgación de la música actual. Por su parte, la Asociación de Compositores Musikagileak promociona la música vasco-navarra.

Harrigarria. Ederki dakit “vasco-navarro” adjektibo konposatua egon badagoela eta zenbait elkartek halako izena eman diotela beren buruari. Oso ongi. Baina, halakoetan, errealitate kulturalari kasu eginez, eta irakurketa politiko oro bazter utzirik, “Euskal Herriko” erabili izan da. Horren erakusgarri argia da COAVN: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro / Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala. Iruditzen zait itzultzaileok hala jokatu izan dugula, “vasco-navarro” horren gaineko iritzia edozein delarik ere.

Euskal-nafarra hori munstro txiki bat iruditzen zait, ikuspuntu askotatik gaizki sortua.

Baina nolatan agertu zen ditxosozko adjektibo hori txukun antzean zegoen itzulpen horretan?

Etxera ailegatu, eta intuizioak itzultzaile automatikoetara eraman ninduen.

Honela egiten dute esaldia gaur egungo itzultzaile automatiko neuronal erabilienetako batzuek:

Itzuli itzultzaile neuronala:
La Pamplonesaren helburuen artean, gaur egungo musikaren dibulgazioa dago. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak euskal-nafar musika sustatzen du.
Elia:
La Pamplonesaren helburuen artean dago gaur egungo musika zabaltzea. Bestalde, Musikagileak Musikagileen Elkarteak Euskal Herriko musika sustatzen du.
Googleren traslator:
La Pamplonesaren helburuen artean musika garaikidearen zabalkundea dago. Musikagileak Konpositoreen Elkarteak bere aldetik euskal-nafar musika sustatzen du.

Hiru horietatik bik “euskal-nafarra”. Adierazgarria.

Berretsi zen, bada, nire errezeloa. Itzultzaile automatiko batek egin zuen itzulpena, eta itzultzaileak edo testuaz arduratu zenak, segur aski, ez zion behar bezalako errepasoa egin itzulpenari, ez zuen behar bezain zorrotz zuzendu testua. Postedizio lana esaten diogu gaur egun, ezta?

Luze hitz egin genezake orain itzultzaile neuronalez, haien alde on eta txarrez. Nik orain, ur sakonetan sartu gabe, lau hitz esanen ditut: iruditzen zait zilegi dela erabiltzea, errazten ahal digutela lana, gero eta hobeki funtzionatzen dutela, eta ez dugula zertan lotsatu haietaz baliatzeagatik, baina, jakina, halakoren bat erabiliz gero, zorrotz, oso zorrotz, zuzendu behar dugu gero. Ez da aski axaleko zuzenketa bat, oso ongi zaindu behar dugu ez dadila egon kalko desegokiz tantotua. Haiek erabili ondoko presakako zuzenketa arrisku handikoa izan daiteke baldin eta euskarazko testu ona egitea baldin bada helburua. Euskarazko hitzez mozorrotutako erdal testu bat sortzen ahal dugu, euskarazko senik gabeko lexikoa, sintaxia edo bestelako alderdiak dituena.

KonformismoAA

Ane Garmendia Alberdi

Azkenaldian, asko hitz egiten da adimen artifizialaz. Blog honetan ere zenbait bider jorratu den gaia da, hainbat ikuspegitatik. Nik aukera hau baliatu nahi nuke nire kezka nagusia azaltzeko. Egiari zor, adimen artifizialak berak baino gehiago kezkatzen nau gizakion ergelkeriak, axolagabekeriak eta denaz paso egiteko daukagun gaitasunak. Arriskutsua dena ez da adimen artifiziala, baizik eta gizakiak tresna hori erabiltzeko modua.

Duela urte asko, ikus-entzunezkoen munduan fansubs delakoak agertu ziren. Fansub hitza fan eta subtitled hitzen laburketa da, hau da, zaleek baimenik gabe eta irabazi asmorik gabe edo doan egindako azpidatziak dira. Hasieran, animea japonieratik beste hizkuntza batzuetara itzultzeko erabili ziren Estatu Batuetan, baina laster hedatu ziren Europara eta Asiara, baita beste hizkuntza-konbinazio batzuetara ere. Doan zirelako eta eskuragarri zeudelako, jende asko hasi zen horrelako edukiak ikusten eta enpresa batzuk ere azpidazle afizionatuen lana erabiltzen hasi ziren itzultzaile profesionalen kostua eta epeak murrizteko. Ez dago misterio handirik. Azpidatzi batzuk ondo eginda egongo ziren, ziurrenik, baina asko akatsez beteta zeuden: akats linguistikoak eta azpidatzien ezaugarri teknikoei buruzkoak. Nik azpidatzi kaskar batzuk ikusi eta pentsatu nuen hura ezin zezakeela inork irentsi. Nork ikusiko zuen hain gaizki itzuli eta azpidatzitako telesail bat? Bada, lagun batzuekin gaiari buruz hizketan, konturatu nintzen beste batzuek ez zutela halako exijentzia maila eta bost axola zitzaiela azpidatzien kalitatea. “Esaten dutena gutxi gorabehera ulertzen bada, ni konforme. Eta gainera doan da”. Benetan, flipatuta gelditu nintzen. Ezin nuen ulertu. Orain barre egiten diot garai hartako Aneri. Gaixoa.

Eta fansubek ibilitako antzeko bidetik doa adimen artifizial sortzailea ere ikus-entzunezkoen alorrean. Askori berdin zaio jasotzen ari dena txukuna den ala ez; akats ortografikoak dituen ala ez; azpidatziak karakterez beteta daudelako irakurtezinak diren ala ez. Jende asko doakotasunera eta berehalakotasunera harpidetuta dago. Dena den, badago argi izpirik iluntasunean. Duela urte batzuk polemika galanta sortu zen Squid Game (Txibiaren jokoa) telesail hegokorearraren azpidatzi automatikoak zirela-eta. Antza, Netflixek koreeratik ingelesera itzuli zuen automatikoki, eta jarraian ingelesetik beste hizkuntza batzuetara, hori ere automatikoki. Protesta ugari egon zen, zalaparta handia, eta uste dut azkenean Netflixek azpidatzi horiek kendu behar izan zituela. Gora protesta.

Zoritxarrez, esango nuke euskararentzat egoera are larriagoa eta kezkagarriagoa dela. Sarri sentitu dut euskarara egindako itzulpenak izapide hutsa izan direla. Hemengo enpresa askok jatorrizko testua gaztelaniaz sortu eta euskarara itzultzeko itzulpen automatikoa erabiltzeak, hautu zehatz horrek, argi erakusten du ia inposatutako tramite bat dela beraientzat eta bost axola zaiela itzulpenaren kalitatea.  Axola ez zaizun zerbaitetan sosak gastatzea zaila da, jakina. Eta orain adimen artifiziala harribitxi gisa ikusten dute askok. Izapidea arin eta doan egiten duena. Ikus-entzunezkoen alorra ez da salbuespena eta egin dira eta egingo dira saiakerak edukien itzulpena ahalik eta gehien automatizatzeko. Hortxe egon behar dugu guk, erne, emaitzak aztertzeko eta euskarazko edukien kalitatea eta kopurua aldarrikatzeko. Eta horregatik tematzen naiz ni protesta egitearen kontuarekin.  Batzuetan alferrik izango da. Euskarazko eduki baten kritikak ez du sortuko Squid Game telesailak eragindako eztabaida, baina ez gaitezen konformistak izan eta egin dezagun protesta gure hizkuntza-eskubideen alde.

Eta, beren ustez, euskaraz ari ziren

Amaia Lasheras Perez

Orain dela hilabete batzuk, hagitz kezkatua utzi ninduen programa bat ikusi nuen, euskarazko kate batean. Saioaren atal batean, hiru gazte euskaldun ari ziren solasean: aurkezlea, gonbidatua eta kolaboratzaile bat. Aurkezlea txukun ari zen euskaraz; galderak egiten zizkion gonbidatuari, iruzkin burutsuak…; horraino, ongi. Gonbidatuak kezka handia sortu zidan. Ez dut izenik emanen, baina pertsona ezagun samarra da. Berez euskara ama-hizkuntza duen pertsona bat, ikasketak euskaraz egin dituena, eta “arnasgune batean” bizi dena. Artista da eta bere ekoizpena euskaraz egiten du, baita hura euskara txukunean sortu ere. Bertze hizkuntza batean lan eginen balu, beharbada, diru gehiago irabaziko luke eta ospe handiago lortu, baina euskaraz sortzea erabaki du. Horraino, hagitz ongi.

Aipatu dudan bezala, solaskideak gazteak ziren eta lagunarteko tonu informalean ari ziren. Aurkezlea, erran bezala, txukun ari zen, baina gonbidatua…. Ai ene! Lau hitzetik bi gaztelaniaz egiten zituen: gauza guziak “increíble”ak ziren, dena “zen una pasada”, “una gozada”. “Aunque sea opor batzuk”, “idatzi nion eta a ver qué pasa”, “super fana nintzen”, “idatzi nion tipo…”. Gisa horretakoak bota zituen behin eta berriro.

Hala ere, kolaboratzailea sartu zenean hasi zen okerrena. Hiritar-itxurako gazte ultramoderno hark zailtasun handiak zituen euskaraz esaldi konplexuak osatzeko, eta zer erran gazte-hizkera erabili nahi zuenean… Halakoetan, esaldi batzuk oso-osorik botatzen zituen gaztelaniaz! Ikuskizun penagarria, inondik ere.

Ikaragarri tristatu ninduen egoera hark. Batetik, kolaboratzailea ikusita, ohartu nintzen euskarazko ekoizpenean ez dela garrantzitsutzat jotzen hizkuntzaren kalitatea zaintzea. Euskarazko kate batean lan egiteagatik dirua jasotzen duen pertsona batek probaren bat egin behar luke jendaurrean euskaraz nola moldatzen den ikusteko, ezta?

Bertzetik, hagitz kezkagarria iduritzen zait ohartzea gazteek euskaran ez dutela topatzen beren hizkera sortzeko nahiko baliabiderik (badakit ez naizela deus berririk erraten ari). Gonbidatuari eta kolaboratzaileari ezin zaie leporatu saio hartan modu naturalean ez mintzatzea, kalean solastatzen den bezala ez aritzea. Seme-alaba gazteak ditut eta badakit horrelaxe mintzatzen direla lagunen artean (nahiz eta inguru oso euskaldunean bizi: ikasketak, familia, lagunak, herria…). Tristea da, bai, baina euskaraz bizi diren neska-mutil anitzek horrelako gazte-hizkera erabiltzen dute.

Telebista-saio batean zeudela kontuan hartuta, espero genezakeen estiloa pixka bat zainduko zutela; horrek tristura handiz pentsarazten dit beharbada bi lagun horiek ez direla gai euskara formal txukunean aritzeko. Eta, segur aski, errealitate hori gazteriaren multzo handi batera estrapolatzen ahal da.

Dena den, nire ustez, bada okerragoa den kontu bat. Gazte haiek uste zuten “euskaraz” ari zirela. Ez ziren ohartu ere egiten hitzen proportzio handia gaztelaniaz erraten ari zirela, eta, agian, ikaragarri pentsatu behar lukete esapide edo hitz horiek euskara txukunean eman ahal izateko. Erraietaraino sartua dute erdara.

Idazten ari naizena berrikusi ahala, burutara etorri zait alabak erranen lidakeena. Egungo gaztetxoen musika, ohiturak, aisialdia… kritikatu eta gure gaztarokoak hobesten ditudanean, aipatzen dit jende “zaharrak” beti uste duela bere garaiko gauzak hobeak zirela. Eta arrazoia eman behar izaten diot halakoetan; guk gauza bera entzun behar izan genuen gure guraso edo aitatxi-amatxien ahotik. Horretan pentsatzen hasita, akaso, kontua ez da hain larria izanen. Hizkuntzak bizirik daude eta etengabe aldatzen ari dira, eta, beharbada, ni “zahartu” izanen naiz, bertzerik ez. Agian ere, belaunaldien arteko talka horietako bat izanen da, bertzerik ez.

Maritxu nora zoaz adimen artifizial horrekin?

Santi Leoné

Proba egin nuen, baina ez dut frogarik (bai, nahita hasi dut horrela artikulua, proba eta froga elkarrengandik hurbil paratzeko): ez naiz oroitzen noiz egin nuen, ezta zein itzultzaile automatikotan ere. Badakit aski famatu zela sortu zelarik, mundu guziak ―tira, mundu gehienak― erraten baitzuen arras ongi funtzionatzen zuela, eta segur aski horregatik berretsi nahi izan nuen hala ote zen. Baina, berriz diot, ez dut nire probaren frogarik, eta, hortaz, zilegi da testu honen irakurleek pentsatzea anekdota asmatu dudala; zilegi bekit niri honelako arrapostua ematea balizko irakurle sinesgogor horri: se non è vero, è ben trovato.

Nolanahi den ere, kontua da itzultzaile famatu hartan ondoko hitz hauek sartu nituela (edo, nahiago baduzu, irakurle mesfidati hori, artikulu hau idazte aldera hitz hauek sartu nituela asmatzea erabaki dudala): “Maritxu nora zoaz, eder galant hori?”, eta itzultzaile automatiko hark honela bihurtu zidala esaldia: “¿A dónde vas maricón, guapo, guapo?”.

Kontatutakoa geratu zela sinetsi ala ez, uste dut mezua aski argi dagoela: denok ditugu ―ditukegu idaztekotan egon naiz, baina ez nuke gure hizkuntza zaila are gehiago zaildu nahi― horrelako anekdotak edo istorioak; memorian anitz bilatu gabe ere, aise ematen ahalko genuke itzultzaile automatikoek edo adimen artifizialak egindako akats edo itzulpen traketsen berri. Diseinatzaileek ere salatu dute adimen artifizialaren bidez sorturiko irudietan ohikoa dela ―edo ez dela arraroa bederen― jendeak hiru beso edo neurriz kanpoko hortz kopurua izatea.

Akats horiek guziak salatzea ongi dago, bistan dena, baina, azken buruan, argudio teknikoak dira. Beraz, denborak aitzinera egin ahala, segur aski teknikak berak konponduko dituen kontuak, aintzat hartzen badugu, bertzalde, adimen artifiziala ikasteko eta hobetzeko gauza dela. Argudio teknikoek iraungitze data dute.

Itzulpengintzari eta bertzenazko giza jarduerei dagokionez, iruzur handi bat dago adimen artifizialaren abiapuntuan, nire ustez. Errana ziguten adimen artifizialak ez zuela lanposturik galtzea ekarriko, baina halaber errana ziguten ―koherentzia faltari inolako beldurrik izan gabe― lanposturik galtzekotan, lan mekanikoetako postuak galduko liratekeela eta horri esker gizakiok astia izanen genukeela zeregin sortzaileago eta asegarriagoak egiteko. Alta bada, gaur egun diseinatzaileak eta itzultzaileak ikusten ditut kezkaturik adimen artifizialaren ondorioak direla-eta; alegia, bi langile multzo, zeinen lana ez baita preseski mekanikoa.

Beharbada apokaliptiko paratzen ari naiz, baina ez zait batere kostatzen irudikatzea mundu bat, zeinean adimen artifiziala arduratzen baita liburuak sortzeaz, liburuak itzultzeaz eta liburuen kritika egiteaz. Panorama horretara daraman bidea ongi hasia dago, nire ustez: problema ez baita noizbait adimen artifizialak itzultzaileak ―edo diseinatzaileak, edo idazleak…― ez-beharrezkotzat joko dituela, problema da dagoenako badela horrelako jendilajea erredundantetzat eta ez-desiragarritzat jotzen duenik.

Itzulpengintza giza jarduera gisa aldarrikatu beharko genuke, gizaki egiten gaituzten jardueretako bat gisa. Makina batek itzulpen perfektuen eta aitzakiarik gabeena eginda ere, akats larria litzateke itzulpengintza haren esku uztea. Azken batean, arrunt ikuspuntu murrizgarria da pentsatzea itzulpen baten maila teknikoa dela itzulpen batean jokoan dagoen gauza bakarra. Nire ustez, hizkuntzekin zerikusia dutena makinen esku uztea lehen pausoa bertzerik ez da giza sorkuntza eta hari loturiko kritika-gaitasuna gugandik ebasteko eta gu lan mekanikoetara kondenatzeko. Errana diguten horren kontrakoa egiteko, hain zuzen ere.

Aurrez aurre, justizia

Asier Larrinaga Larrazabal

Orain dela egun batzuk, beste epai bat gehiago ezagutu dugu Administrazioan sartzeko ezarrita dauden hizkuntza-eskakizunen aurka, oraingo kasuan Bizkaiko Foru Aldundiaren lan-eskaintza publiko batekin lotuta. Argudioak euskal lurraldeetan diharduten auzitegiek erabili ohi dituztenak dira. Bi argudio dira, biak ala biak zeharo gezurrezkoak.

1. argudioa: «Euskara-eskakizunek gaztelania-hiztunak baztertzen dituzte». Irmoki ezeztatzen dut. Jakitea eta izatea ez dira gauza bera. Soldata publikoa duen langilea izateko euskara jakin dadin eskatzea da, inongo alderik gabe, matematika jakin dadin eskatzea bezalakoa, edo bularraldeko kirurgia jakin dadin, edo autoa gidatzen, edo kasuan-kasuan dagokiona. Euskara jakin ezean, nahikoa da ikasturte akademiko bat (9 hil) B2 maila erdiesteko. Euskara jakiteko eskakizuna ez da parekatu behar, ezelan ere, Barakaldon jaioa izateko baldintzarekin, ile-horia izateko baldintzarekin, ezkertia izateko baldintzarekin edo zeliakoa izateko baldintzarekin. Egoera hainbeste zitaldu da, ezen, Antsoainen oposizioetara aurkezten banaiz, ingelesa jakitea merezimendua izango baita, baina euskara jakitea bidegabekeria.

Funtzio publikoan lan egitea zerbitzu bat da, ez eskubide bat, eta pertsonarik prestatuenak hautatzea eskatzen du. Kontua ez da inor diskriminatzea bere izateagatik, baizik eta merituak aitortzea badauzkanari.

2. argudioa: «Administrazioak euskarazko zerbitzua eman dezan, ez da beharrezkoa plaza guztietan hizkuntza dakiten pertsonak aritzea». Errealitateak berak gezurtatzen du argudio hau. Lehenago edo geroago, Administraziora euskaraz jotzen duen euskaldunak bere bizipenen artean izango du zain geratu behar izatea (ordu erdi baino gehiago batzuetan) “indigena”rekin komunika daitekeen baten bat aurki dezaten arte. Hori bada diskriminazioa. Diskriminatu egiten naute, eta askoz tratu txarragoa eman, nire hizkuntza-eskubideak erabiltzen saiatzeagatik.

Eta arazo bakarra ez da ez dugula bigarren mailako arretarik nahi. Gure nahia bada, era berean, euskara ulergarri, kalitate oneko eta zainduan egotea formularioak, liburuxkak, legeak, gidaliburuak, iragarkiak eta Administrazioak helarazten dizkigun gainerako testu guztiak, idatziak zein ahozkoak. Hori lortzeko modu bakarra da administrazioak euskaraz funtzionatzea; nekez lortuko da administrazioari azken orduan gogora etorrita testua euskaratu egin behar dela argitaratu aurretik, berdin dio Google Translator bidez, nire lehengusuari eskatuz, «Bermeokoa baita», edo erakundeko itzultzailearen eguneko ekoizpen-kuotari gaineratuz.

Nolanahi ere den, arrazoizkoa iruditzen zait hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua eta esleitutako eskakizun-mailak eurak esparru bakoitzeko errealitate soziolinguistikora egokitzea. Horixe bera exiji dakioke Justizia Administrazioari, ildo horretan ezer ere egin ez duena. Alderantziz, ez da arraroa justizia oldarkor agertzea euskararen aurka bere epaietan. Gogoan dut Gasteizko Administrazio-auzietarako Epaitegiak 2021ean emandako hura, honelako “perlak” jasotzen zituena: «Administrazioak ahaztu bide du euskarak bosgarren posizioa duela munduko hizkuntzarik zailenen artean (zerrenda batzuetan lehenengo ere agertzen da)».

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak egindako adierazpenek, Teleberrin jasoak, berretsi egiten dute ez dagoela ez egitasmo ez borondate instituzionalik, eta pertsona bakoitzaren ekimenaren esku uzten dela dena. Euro bat jokatuko dut, Uriartek piztu dituen espektatiben aurka, ezetz egin 2025ean epaiketa bat ere oso-osorik euskaraz.

Konfiantza dut, ordea, euskal administrazioetako zerbitzu juridikoek jakingo dutela zelan indargabetu euskararen normalizazioaren aurkako mehatxu hau, zeina baita, azken batean, gure herriaren normalizazio sozialaren aurkako mehatxu bat.

Jatorrizkoa Deian argitaratua: https://www.deia.eus/opinion/columnistas/2025/01/21/justicia-hemos-topado-9178384.html

Amorrazio istorio bat

Uxue Rey Gorraiz

Jaiegunak astearen zer egunetan egokitzen diren, eta Iruñean betiere, esana da zubia bainoago akueduktua sortzen dutela abendu hasierako opor egunek. Bereziki halakoetan, kolpez desagertzen dira kazetariontzako deialdiak. Astebetez-edo, apenas izaten da deus agendan: ez prentsaurrekorik, ezta bestelako aurkezpenik ere. Eta, ondotik ere, ez pentsa, kostata jartzen da hiria berriz martxan ―zerbaitengatik da ezaguna esamolde hau: «Lan gutxiago egiten duzu iruindar batek abenduan baino!»―. Edonola ere, itzuli itzultzen da lanerako sasoia, jakina.

Espero bezala, ailegatu zaizu deialdi bat emailera. Egiari zor, ordurako eginak zenituen zenbait kalkulu, eta espero zenezakeen aste horretantxe deituko zutela prentsaurreko horretara. Eta, zertan ezkutatu: espero bezala, mezua erdara hutsez dago idatzia. Kurioski, aipagai duten egitasmoaren izena da euskarazko hitz bakar-bakarra emailean. Nafarroako Gobernuak antolatutako ekimena da.

Heldu da eguna, joan zara prentsaurrekora, puntual, eta pozik agurtu duzu aspaldi ikusi gabea zenuen lankide hura ―irrati kazetaria da bera―. «Nolatan zu hemen?», galdetu diozu harrituta, eta laster batean eman dizu aurreko hilabeteetan izandako aldaketen berri, eta kontatu kulturan arituko dela aurrerantzean, aldi baterako behintzat, zu bezalaxe.

Elkarren ondoan eseri zarete. Ziztuan, hurbildu zaizue eskuetan karpeta bat daukan gizona ―komunikazio arduraduna?―, eta, behin konprobatuta kazetariak zaretela, prentsa ohar bana eman dizue. Segidan, betiko moduan, diagonalean irakurri duzu entregatu berri dizun testua, eta, hara, ohartu zara jaso duzuna gaztelaniazko bertsioa dela. «Euskarazkoa emanen, faborez?», eskatu diozu, atsegin, eta, atseginez, edukazio handiz erantzun dizu hark ezetz. Sentitzen duela baina astirik ez dutela izan euskarazkoa inprimatzeko, baina bidaliko dizula emailez gero. «Ados».

Hasi da prentsaurrekoa. Hiru hizlari dira mikrofonoen parean, eta franko poztu zara erreparatu diozunean ertzetako batean eserita dagoenari. Haren aurpegiera ezaguna egin zaizu, eta oroitu duzu udan egitasmo berberak antolatutako agerraldi hartan zeure atzean izan zela eserita, eta ondotik izan zenuela halako hizketaldi atsegin bat harekin, eta euskaraz egin zenutela biek. Are gehiago: gogoratu duzu harexek nabarmendu zizula egitasmoaren aurtengo aldian partaide gehien-gehienak direla euskaldunak. Eta, pentsa zer inozokeria, baina orduan aski motibo sentitu dituzu zera esateko zeure kolkorako: «Prentsaurrekoa izan daiteke, bada, elebiduna».

«Egun on», ahoskatu ditu lehenbiziko hitzak Nafarroako Gobernuko ordezkariak, euskaraz, eta luze aritu da tartarrean erdaraz gero. Eta, gidalerroren batean idatzia balitz bezala, berdin-berdin egin dute besteek ere. Gaztelania hutsez egin dute agerraldia segidan, oso-osorik, ondotik jakin badugu ere hizlarietako bakarra ez, baizik eta bi direla euskaldunak. Hori gutxi balitz, bertan entzule ziren zenbait herritarri ere eman diete hitza, batera edo bestera badutelako loturarik egitasmoarekin, eta haien ahoetatik ere ez da atera euskarazko hitzik batere. Ohartarazpena: inork pentsa lezake areto hartan apenas zela euskaldunik; eta bazen, bai.

Pasea da kasik ordubete. Berez, prentsaurrekoa bukatu bezain laster egin nahi zenuke alde, lanak aurreratzen hasteko, baina, derrepentean, gogoratu duzu oraindik ondoan duzula irratiko lankidea, formal-formal. Eta, zuk agian ez duzu aparteko premiarik, moldatu zintezke horrela ere, baina nola demontre moldatuko da bera euskarazko hitzik grabatu gabe?

«¿Los periodistas tienen alguna pregunta?». Eta altxatu du eskua lankideak, argitzeko «euskaraz erantzuteko» galdera pare bat nahi liekeela egin. Ez zaituztet gehiegi nekatu nahi, laburbilduko dizuet ordutik aurrera gertatutakoa: hizlariek ederki eman zituzten kazetariak eskatutako esplikazioak, baina, egiari zor, haiek hizketan hasi eta berehala hasi nintzen ni zenbaiten urduritasuna sumatzen. Hona hemen errematea: bigarren galdera egiteko imintzioa egin zuen kazetariak, eta ordura arte ikusia ez nuen gizon bat hurbildu zen gugana ―arduraren bat bazuen―, bizi-bizi, eta hau esan zigun ahapeka ―horrela oroitzen dut behinik behin―: «Aizue, zergatik ez dizkiezue galdera horiek geroxeago egiten, banan-banan haiengana hurbilduta? Ez dakit komeni den orain prentsaurrekoa gehiago luzatzea, jendea zain izatea…».

Esanen nizueke ez nik ez nire lankideak ez genuela gogorik borrokarako. Horregatik eman genuela amore. Baina gauza bat da esandakoari men egitea eta beste bat horrez gain konforme plantak egitea. Horregatik, bai, gizon horrek «agindu» eta berehala bukatu zen ofizialki prentsaurrekoa, ordubeteko gaztelaniazko hizketaldiaren ondotik euskarak ez zezan enbarazurik egin. Baina esan nien, jakina. Esan nien ez zitzaidala normala iruditzen, batetik, gaztelania hutsean aritzea, are euskarazko hedabideetako kazetariak direnean aretoan. Bestalde, esan nien ―ezin izan nion gogoari eutsi― euskarazko prentsa oharrik inprimatzeko astirik ez edukitzea ere ez zitzaidala txukuna iruditzen. Haren erantzuna, hitzez hitz: «Gutxi daramazu ofizio honetan, ezta? Halako asko falta zaizkizu, neska!».

Funtsean, halako amorrazio batek bultzatutako kontakizuna da hau. Eta aitortuko dizuet nik ere badakidala ez dela hau kasu bakarra, eta, are gehiago, gizon horrek gogorarazi gabe ere badakit zientoka aldiz gertatuko zaidala aurrerantzean ere. Gainera, lehendik ere haserretu naiz halakoekin. Hori bai: euskararekiko utzikeriak haserretu egiten nau, baina harrokeriak… horrek sutan jartzen nau. Izatez, joan dira asteak ordutik, eta ez zait kostatzen onartzea biharamunean izan nintzela agerraldi hartan zenetako bati idaztekotan barkamena eskatzeko, akaso une batean zakar aritu nintzelako. Tira, azkenean ez nuen eman pausoa. Metxa laburrekoa naiz, baina haiek piztu zuten sua.

Eta hau guztia zertarako kontatu zuei? Bueno, behintzat bistara izan dadin euskarazko hedabideetako kazetariok izaten ditugun traben adibide bat gehiago. Gainera, hau berdin gertatzen da izan Iruñean, izan Donostian edo izan Bilbon ―badaezpada―.

Eta itzulpengintzari loturik, zer gehiago esan? Bada, kontatuko dizuet, euskarazko prentsa oharrik banatu ez zidatenez gero, eta presak estututa, hala moduzko itzulpen bat egin nuela egun hartan. Eta egunkariko zuzentzaileei esker plazaratu zela artikulua txukun gero. Haien laguntzarik gabe oraindik ere ez nekike Rada ez, baizik eta Arrada dela Nafarroako herriaren euskarazko deitura. Eta berdin Oteizarekin: Oteitza omen.

Tren batera igotzeko aukerarik gabe

Iñigo Satrustegi Andrés

Gure irakurle taldean, momentuz behintzat, itzulpenak irakurtzeko apustua egin dugu aurten. Baditugu irakurzale porrokatuak, euskaraz irakurtzen ohituta ez daudenak, edo, are, ohiko irakurleak ez direnak ere. Gutxika, baina ari gara. Orain arte itzulpen berriekin (edo berrituekin) ibili gara eskuartean: Koaderno handia, Emakume izoztua, Familiako lexikoa eta Ene herri txikia. Hasi gara otsailetik aurrerako liburuak aukeratzen eta jo dut, nola ez, Nor da Norrera, baita irakurri nahiko nituzkeenen zerrenda luze horretara. Azkenik badut aukera, edo aitzakia, nondik begiratzen dugun, nire kabuz irakurriko ez nituzkeen liburu batzuei heltzeko. Zeren irakurketara ere iritsi baitzaigu FOMOa (Fear of missing out, zerbait galtzeko beldurra, alegia). Irakurri nahi ditugu nobedadeak, opera primak, euskal literaturako lanak, klasikoak, gomendioak, itzulpenak, kanpoko literaturetako lanak, jatorrizkoak, itzulpenak, poesia, eleberriak, saiakera, hibridoak, esperimentalak, direnak eta ez direnak. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Agian gaztea naizelako, berandu irakurzaletu naizelako, edo baliabideak ez direlako egokienak, baina iaz iritsi nintzen Carverrera. Bai, 2024an. Ez dakit zenbatetan jo dudan Susaren webgunera Harkaitz Canok itzulitako poema haietako batzuk errepasatzera. Kontua da badaramadala denboraldi bat Carverren ipuinak irakurtzeko gogoz, eta orain, aukera/aitzakia dudanean, ezin momentu egokiagoa nire zerrendatik haren lanetako bat tatxatzeko.

Katedrala eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean. Halaxe txibatu dit NdNk. 1993 eta 2003, hurrenez hurren. Uff izan da lehenengo pentsamendua. Susmoa izan dut hasieratik. Baina joan naiz Nafarroako liburutegien sareko katalogora, eta orduan bai, uff egin dut bigarrenez, etsi moduan. Katedrala: 3 ale; liburutegi nagusia, Tafalla eta Leitza. Zertaz ari garen…: 4 ale; Euskarabidea, Noain, Lesaka eta Doneztebe. Klubean gutxi garen arren, ez dira nahiko. Beste bide bat probatzera joan naiz orduan, Katakraken, Elkarren eta Txalapartaren webguneetan: zero patatero. Agortuta, edo agertu ere ez. Azken bala bat baino ez zait okurritu, eta EIZIEko telefonoa markatuta, Aranek erantzun dit. Laguntza eske nabilela, eta ea haiek badakiten alerik geratzen ote den stockean, ea kasualitatez haiek baduten zerbait. Baina keba. Aspaldiko lanak direla, saldu zirela denak eta argitaletxeek ez dutela berritu stocka. «Urrezko Bildumarako apuntatuko dut, badelako falta den horietako bat», Aranek. Eskertuta, baina zapuztuta erantzunarekin.

Egiaz, nahi banu, irakur nezake. Eskatuko nuke auzoko liburutegian Tafallatik edo Doneztebetik ekar diezadaten haren liburuetako bat. Eta, gogoei eutsi ezin badiet, hala egiten bukatu beharko dut. Baina ez da hori kontua. Irakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelak. Eta, dirudienez, Carverren mundura heltzeko trena orain dela hamarkada batzuk pasa zen. Ni artean jaio gabe nintzenean, edo 6 urte nituenean. Gure irakurle taldeko batzuk euskaldunak ez zirenean. Militantzia politikoa edo porroak nahiago zituztenean.

Jakina, baditugu orain 30 urte ez zituzten beste ehunka aukera. Baliozkoak eta onak gainera. Baina, jo. Bada esanguratsua. Asko dio adibide sinple honek (honekin topo egin baitut, baina jarriko banintz, beste batzuk ere topatuko nituzke) gure hizkuntzaren normalizazio ezaz eta literatur sistemaren egoeraz. Ez naiz jarriko eskatzen argitaletxeei berritu ditzaten Carverren tituluak. Eskatu ez, baina iradoki bai. Ba hori, hamarkada batzuk pasatu direla, bere garaian saldu omen zela, eta agian apustu txiki bat eginda, portada txukun batekin (ejem… guk ez dugu epaitzen liburu bat haren azalarengatik, baina irakurle askok bai)… Ez dakit zer gehiago esan. Horixe ba.

Bonus track edo datu esanguratsu batzuk.

  • Nafarroako liburutegi publikoen sarean 99 liburutegi daude. Carverren narratibako lanak zazpitan baino ez daude.
  • Nafarroan, Katedrala 9 lagunek hartu dute liburutegitik 31 urtean. Zertaz ari garen…, 4 lagunek 21 urtean.
  • EAEko liburutegi publikoen sarean 286 liburutegi daude. Katedrala 145 liburutegitan dago. Zertaz ari garen…, 164 liburutegitan.
  • EAEn, Katedrala 138 lagunek hartu dute 31 urtean. Zertaz ari garen…, 404 lagunek 21 urtean.
  • La casa del libro-ko webgunean, bigarren eskuko liburuak erosteko aukera dago. Katedralaren ale batek 20 € balio du, Zertaz ari garen… liburuaren ale batek 190 €.

Agian datuok ere badira berritu ez izanaren arrazoi.

Hitanoak literaturan lekurik ba ote? (eta 2)

Xabier Olarra

Aurreko artikuluan Begiak irekiko zaizkizue liburuan hitanoaren erabilera murrizteari buruz ematen diren argudioetako bati erantzun nion, eta orain liburu horren atalean dauden besteei saiatuko naiz erantzuten.

Literaturan hitanoa oso kasu jakinetan baizik ez erabiltzeko liburu horretan egiten den gomendioaren arrazoiak honela laburbildu daitezke:

1.- Ia inork ez omen du erabiltzen.
2.- Hitanoa kakofonikoa omen da.
3.- Euskaldun berrien nazio librearekin dugun zor itzelak hitanoa literaturatik baztertzera eraman behar omen gaitu.
4.- Gizarte feministago baterantz begira jarri beharrean, kontrako norabidera begira jartzen omen gaitu.

1.- Ia inork ez du erabiltzen.

Aurreko artikuluan adierazi nuen –ez oso modu dotorean, antza— erabiltzaile-kopuruarena ez zitzaidala iruditzen erabakigarria (nahiz eta kontuan hartzekoa den, dudarik gabe). Garbi dago errealitate berberaren aurrean jarrera kontrajarriak har daitezkeela, eta han eta hemen “hitanoa arnasestuka” ikusten duten hainbatek justu kontrako jarrera hartu dute edo hartzen ari dira: hango eta hemengo hitanoaren formak (bizirik daudenak edo erdi hilean) bildu, idatziz jaso, ikastaroak antolatu, eta bizirik irauten lagundu. Esate baterako, Txantreako Euskaldunon biltokin hil honetan bertan dago antolatua hitanoari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa, nahi duenarentzat irekia.

2.- Hitanoa kakofonikoa omen da.

Kakofonia eta eufonia erabat subjektiboak direla uste dut, hizkuntzen soinuaz ari garela.

Batzuei italiera hizkuntza «dolce»a iruditzen zaie, eta alemana, berriz, gozakaitza. Eta zer esan arabierari buruz? Txakur-hizkera iruditzen zaie batzuei (soinu gutural horiek zaunka iruditzen zaizkie, nonbait).

Entzun Atxagak hika egin zuen poema hau, eta ea kakofoniarik sumatzen duzuen.

Eta arabierari buruzko aurreiritzi fonetiko horiek funts handirik ez dutela egiaztatu nahi duenakç entzun ditzala Fairuz libanoarraren bi kanta hauek: Li Beirut eta Aatini al Nay wa ghanni.

Alderantziz, italiera oso «dolce»a izango da, baina inguruko hizkuntza guztietan nahiko hitz goxoz esaten duguna:

euskaragaztelaniaingelesafrantsesaalemana
zeru-urdinazul cielosky bluebleu cielHimmelblau

azzurro da italieraz, arabierazko أزرق (‘adzraq’-en ahaidea, antza). Kasu honetan italierazko hitza iruditzen zait “gozakaitzena” niri, baina italiar gehienentzat beste edozein hitz bezain atsegina irudituko zaie.

Baina horrek balio al digu ezertarako hizkuntza bateko soinuen eufonia edo kakofoniari dagokionez? Nire ustez ez behintzat.

Bestalde, hots gogor, ilun, zakar eta gozakaitzek ere izan lezakete beren lekua, bereziki poesian, horrelakoak direnean adierazi nahi diren sentipenak. Hona, esate baterako, nola indartzen zuen fonetikoki Virgiliok, Eneidako XI. liburuaren Epilogoan, Errutuloen triskantzak eragiten ziona:

quadrupedumque putrem cursu quatit ungula campum.
lau-hankakoen apatxek lautada idorra astintzen zuten arrapaladan
(holako zerbait, gutxi gorabehera)

Beraz, atal honi amaiera emateko hau besterik ez dut esango, hitanoa ez zaidala batere kakofonikoa iruditzen eta bere lekua izan lezakeela literaturan.

3.- Euskaldun berrien nazio librearekin dugun zor itzelak literaturatik hitanoa baztertzera eraman behar omen gaitu.

Ez diot inolako garrantzirik kendu nahi euskaldun berriek egin duten (eta egiten ari diren) ahaleginari eta oro har egin duten ekarpenari. Eta ez litzaidake batere inportako Euskal Herriko erdaldun guztiek euskaraz ikasi izanaren ondorioz hitanoa gauza bitxi eta arkaiko bihurtu eta desagertuko balitz, baina denok dakigu hori ez dela gertatuko. Hala dio aspaldiko esaera zahar batek: “Balizko oleak burdiarik ez”: La herrería de si fuese no hace fierro (Refranes y Sentencias, 15.). Euskarak denok behar gaitu, euskaldun berriak eta euskaldun zahar eta gazteak.

Baina zorrak aipatzen hasiz gero, zor handiagoa dut nik nire amarekin, hika egiten baitzidan (berari bere amak bezala), eta nire bizitzako momentu erabakigarri batean (soldaduska bai baina karrera bukatu gabea nuela) hau esan baitzidan: “Karrera hori bukatzak!” (Agian kakofonikoa, baina niretzat behintzat onuragarria, horren ondorioz karrera bukatuta hasi bainintzen euskara irakasten (eta hobeto ikasten), hain zuzen ere, Bilboko erdalerrian, eta geroago Institutuko irakasle izateko oposizioetan elkartu bainintzen, besteak beste, Patri Urkizu eta Mikel Arregi adiskideekin, zeinekin hika egin izan baitut beti). Eta zor handiagoa dut oraindik, besteak beste, Patri Urkizu zendu berriarekin (Gazte Lurrean bego!), hari esker ezagutu bainuen Jon Mirande eta etxean zeuzkan igela aldizkari azal berdedun ziklostilatuaren aleak, eta gerora argitaratu baikenituen liburu banatan berak haren ipuinak eta nik haren poemak 1984an (Bejondeiala, Patri!).

Horrekin hau besterik ez dut esan nahi: bagarela batzuk hitanoa modu naturalean jaso eta erabiltzen dugunak. Zer esan nahi du horrek, ama-semeen arteko elkarrizketak nire itzulpenetan beti hika izango direla? Ez, baizik eta hika ere izan daitezkeela, hori besterik ez, eta beste hainbat faktore kontuan hartuta erregistro bat ala bestea erabil dezakedala. Eta ez dudala ikusten literaturan (eta ezta ere itzulpenetan) hitanoa baztertzeko inolako premiarik.

Ni ere ez nago irakurleari gehigarrizko zailtasunak jartzearen alde. Horregatik, adibidez, ez dut idatziko “egin ziezaioketean/nan” (nahiz eta gauzak mutur horretaraino eramanda, behin “ziezaioketen” zer den deszifratzen dakienak ez duen arazo handirik izango “ziezaioketen”-en hitanozko formak direla ohartzeko). Segur aski, “egin ahal ziotean/nan” idatziko nuke, nahiz eta ahalerazko adizki trinko arruntenak erabiltzearen aldekoa naizen.

4.- Gizarte feministago baterantz begira jarri beharrean, kontrako norabidera begira jartzen omen gaitu.

Hori ematen du Jimenezek hitanoaren erabileraren kontra daukan arrazoi nagusitzat. “Binarioa da, hasteko. Generoaren espektroan bi aukera ematen dizkigu, zatiketa bat egiten du. Horrez gain, behartu egiten gaitu generoaz etengabe ohartzen gaituen modu batez hitz egitera, gizon/emakume egitera eta ez parekide, lagun. Beste pertsona baten generoaz etengabe ohartzen gaituen modu batez hitz egitera edo asumitzera garamatza, horrek pertsona transexualentzat eta ez-binarioentzat ekar ditzakeen arazo guztiekin. Hitanoa kalean ze gutxi erabiltzen den kontuan izanda, pena izango litzateke literaturan hitanistak izatea, feministak beharrean” (Ibidem, 87, beltza nirea).

Hasteko, nik behintzat parekide sentitzen ditut bai nirekin hika hitz egiten dutenak eta bai zuka hitz egiten dutenak. Ez ditut gutxiagokotzat hartzen hika erabiltzen ez dutenak, ez naiz horregatik gehiago sentitzen, egoerara moldatzen naiz, eta kito.

Bestalde, ez dut uste, praktikan, hitanoa binarioa izateak arazo berezirik sortzen duenik. Izan ere, norberak aise hauta lezake solaskideari nola mintzatu, haren nahia kontuan hartuta: toka, noka (eta are “xoka”, Iruña aldean sortu berria den ez-binarioentzako hizkera alternatiboa). Edo zuka, noski, beste bide horiek norbaiti problemaren bat sortzen badiote.

Baina ba al dago “hitanismoa” eta feminismoa horrela kontrajarri beharrik? Nik ez dut ikusten. Esate baterako, zer kalte egin zion feminismoari Gabriel Arestik Adela Ibaberi bere poema idaztean hika erabili zuenean?

Adela Ibabe nor izan zen eta nola eta zergatik hil zen jakin nahi duenak, jo beza hona.

Eta gehiegi luzatu den eztabaida honi amaiera emateko, esango dut Jimenezen gomendioa erdizka jarraitzeko asmotan naizela. Erdizka besterik ez. Izan ere, bere argumentazioaren ondorio gisa hau esaten baitigu:

“Erabili hitanoa kalean edo lagun artean nahi duzuen guztietan, eta ahaztu literaturan, ez bada kolore apur bat emateko, modu kirurgikoan, forma petrifikatuetan eta justifikatuta dagoenean”.

Bai, kalean edo lagunartean erabiltzen jarraituko dut, eta baita literaturan ere, komeni dela edo egokia dela iruditzen zaidan guztietan.

Azken mohikanoa ote?

Josu Barambones Zubiria

Antxon Itzulgarriaga du izena. Lanbidez itzultzailea da. Norbaitek galdetzen dionean ea zertan ematen dituen egunak akaso apur bat apaindu beharko lukeen bulego horretan, asko gustatzen zaio erantzutea Anjel Lertxundiri irakurri zion aipu batekin eta esaten die bera hitz eta adieren pisatzailea dela, eta hitzak eta adierak pisatzen igaro duela bizitza erdia baino gehiago.

Gure Antxon eskola zaharrekoa da, eta, idazten edo itzultzen ari delarik musaren batek bisita egiten dionean, oraingo honetan bezala, ordenagailuko pantailatik aldaratzeko bulkada sentitzen du, eta orduan papera eta bolaluma hartu, eta itzulpenen zirriborroak egiten hasten da. Itzulpena sorkuntza dela sinetsita dago, are garai batean hain erakargarriak ez ziren testu juridiko-administratiboak itzuli behar izaten zituenean ere. Orobat pentsatzen du itzulpenetan sormenak funtsezko papera jokatzen duela itzultzaileak konponbideak bilatu behar dituelako oraindik bere hizkuntzan inork osatu ez dituen ideiak eta erabili ez dituen moldeetan aditzera emateko. Antxonek aitortzen du itzulpengintzari buruz duen ikuspegia ikuspegi hagitz erromantikoa eta gaur egungo garaiekin batere ez errealista dela irudituko zaiela batzuei, baina Antxon bere zoroak bizi du.

Antxon Itzulgarriagak badu lagun bat (gehiago ere baditu, baina oraingo honetarako batekin nahikoa da) Itzulpengintzako irakaslea dena. Honetaz eta hartaz aritzen dira kafe baten arrimuan edo artisau garagardo on bat (edo gehiago) dastatzen dutenean. Eta ez da harritzekoa gaien artean hizpidera ekartzea itzultzaileak izateko ikasten duten askok itzulpen eskoletan hartzen duten jarrera. Harri eta zur gelditzen da lagun horrek kontatzen dionean azken urteotan etorkizunean itzultzaile gisa aritu nahi duten askok nola egiten dieten aurre itzuli behar dituzten orotariko testuei, batez ere konparatzen duenean berak ikasle garaian (bai, Antxon garai batean ikaslea izan zen) itzulgaien aurrean jarraitzen zuen jokabidearekin.

Lehenengo eta behin atentzioa ematen diona da itzultzaile izan nahi duten askok, hizkuntza konbinazio batzuetan beste batzuetan baino gehiago, sormenaren hasierako faseari uko egiten omen diotela, hau da, normalean ez direla murgiltzen testuaren edukiaren azterketan, ez eta testuaren analisi estilistikoan ere. Muturreko kasuren batean ere baliteke jatorrizko testua irakurri gabe ere itzultzea, badakitelako beren eskura duten makina batek klik batekin eta segundo batean egingo diela lan guztia, edo gutxienez hori uste dute. Nabokovek zioen irakurtzen dugunean xehetasunei erreparatu behar diegula eta detaileak ferekatu. Baina presak agintzen duen garai honetan, zertarako beharko du itzultzaile izan nahi duen batek testu bat taxuz eta tentuz irakurri? Bego goian, bada, Nabokoven aipua.

Baina pena handiena ematen diona da ikustea itzultzaile izan nahi duten askok nola egiten dioten uko itzultzeak duen alderdirik artistikoenari eta, bere ustez, ludikoenari: sorburu testu batean ageri diren ideiak eta ideia horiek emateko baliaturiko estiloa xede hizkuntzara ekartzeko prozesuari. Fase horretan sorkuntzak goia jotzen du, eta itzultzailea bere hizkuntzak duen errepertorioarekin hasten da jolasean: hitz-adierak pisatu eta hautatu, esaldiak josteko pintzelkadak eman, harik eta egitura gramatikalen kolorerik apainenak margotu arte. Eta orduan, bere obra bukatuta ikusten duenean, betegintzarrera heldu dela ohartzean, itzultzaileak, edozein artistak bezala, gogobetetze halako bat sentitzen du. Antxonek horrelako “asebetetzeak” sentitu izan dituen arren, orobat aitortu behar du batzuetan, nahi baino gehiagotan, frustrazioa ere sentitu duela. Jakitun da, nolanahi ere, itzultzearen aurkia eta ifrentzua direla. Nolanahi ere, biak balantza batean jartzera, uste du gehienetan aurkia irteten dela garaile, eta horregatik merezi duela lanbidearen gazi-gozoak dastatzen jarraitzea.

Aurrekoa irakurrita batek pentsa dezake gure Antxon aurrerapenen aurka dagoela, baina ez da horrela, berak ere sarritan erabiltzen duelako (ez dio inori aitortu nahi, baina egiten ari zen itzulpen batean trabatu zitzaion esaldi batekin egin zuen topo eta ChatGPTk esku-eskura jarri zion bere buruak eman nahi ez zion erantzuna). Bakarrik aldarrikatu nahi luke teknologia tresna gisa erabili behar dela, ez artefaktu moduan, baina gaur egun arrisku handia dagoela teknologia soilik artefaktu moduan erabiltzeko, eta dagoeneko ikusten hasi da itzultzaile izan nahi duten askok artefaktu moduan erabiltzen dutela, itzulgaia lehenbailehen gainetik kendu nahi balute bezala. Halaber, sumatzen hasi da erabilera horren ondorioz itzultzaile izan nahi duten asko autoestimua galtzen hasi direla, ikusten baitute makinak azkarrago eta, zenbaitetan, haiek baino hobeto itzultzen duela. Baina guztiarekin ere Antxonek pentsatzen du, aurrerapen teknologikoak gorabehera, pertsonen itzulpena baitezpadakoa dela kulturen arteko desberdintasunak eta ñabardurak aintzat hartu behar diren testuinguruetan eta horietan sorkuntza-lana garrantzi handikoa izango dela beti.

Hurrengoan bere lagunarekin elkartzen denean, Antxonek esango dio itzultzaile izan nahi dutenei sinetsarazi behar diela itzulpengintza ikastea merezi duen lanbide bat dela; gure lanbideak sormenetik eta inspiraziotik asko duela, sormena norberarena bakarrik dela eta norberari soilik dagokiola errepikaezina delako, eta makina batek ez diela hori inoiz kenduko haiek kentzen uzten ez badiote. Eta hori lagungarria gerta dakieke ikasketekiko eta lanbidearekiko sentitu dezaketen deserrotze emozionalari aurre egiteko.

Zoritxar moderatua (edo, euskara zaila ote da?)

Santi Leoné

Joseba Zulaikaren Aberriaren inpaseak ari naiz irakurtzen egun hauetan, aski gustura gainera, zeren, nire bizipen pertsonal batzuk direla eta –hemen kontatuko ez ditudanak; euskal prentsa arrosa sortu artio esperatu beharko duzue–, xarmanki ulertzen baitut zer den inpase egoera bat, alegia egoera bat, zeinean edozein aterabide hartuta ere ondorioak mingarriak izanen baitira. Irakurri ez ezik, ikusi ere ikusi dut berriki Zulaika solasean, Mikel Reparazekin batera abenduaren 10ean etorri baitzen Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialera mintzaldi bat ematera. Solasaldian, batez ere liburuaren lehen atalaz aritu zen antropologoa, euskarari buruzkoaz, eta hori primeran heldu zait, nik ere oraingoz lehen atala baizik ez baitut irakurri. Beraz, beheitiko lerroek atal hori dute mintzagai, ez liburu osoa.

Euskararen egoera dela-eta, baikorrak izateko deia egiten du Joseba Zulaikak; euskara putzura doan diskurtso agonikoa errepikatuz neketan erakarriko dugula inor gure kausara, eta, ondorioz, diskurtso hori autobetetzen den profezia bihurtzeko arriskua badela, alegia euskara putzura doala errepikatuaren errepikatuaz hondarrean putzura eramanen dugula guk geronek. Datuei begiratuta, euskararen ezagutzak eta erabilerak azken urteetan nola egin duten goiti ikusita, Zulaikaren arabera badira baikortasuna defendatzeko motiboak. Paradisuaren zorion perfektua –Euskal Herri arruntean euskalduna?– bazter utzita, onar dezagun zorion errealista –aitzinera egiten ari gara, hemendik urte batzuetara euskararen ezagutza unibertsala izanen da EAEko haurren artean–.

Zorion horri, nahi izanez gero, zoritxar moderatua ere deitzen ahal zaio, baina ikusten dut, helburua baldin bada inpasetik aterako gaituzten diskurtso eta jarrera sortzaile irudimentsuak bulkatzea, hobe dugula baikortasunaz mintzatu, zoritxarraz –moderatua ala mugagabea– mintzatu baino. Erran nahi baita ados nagoela baikortasuna erakutsi beharrarekin eta segur aski arrazoi zuela Andoni Egañak erran zuelarik ezkortasuna antzua dela.

Diagnostikoa eta erremedioa –tira, lekutu ditzagun behingoz metafora medikoak–, analisia eta proposamena egoki samarrak iduritzen bazaizkit ere, susmoa dut –liburua irakurriz baino gehiago, abenduaren 10eko mintzaldia adituz– ez ote dagoen neurri batean airean egina, ez ote dituen Zulaikak material kaskarrak –topiko zaharkituak– erabili bere etxea eraikitzeko; eta, ondorioz, nahiz eta etxea ederra izan, bidean dauden gogoeta batzuk ez ote diren aski desegokiak. Ruper Ordorikaren lerro ezaguna ekarri du gogora Zulaikak bere saiakeran: “euskaldun izatea zein nekeza den” (39. or.). Eta mintzaldian zehaztu zuen, nola izanen da jendea euskalduna “zortzi abizen euskaldun eta Rh negatiboa eskaka hasten bagara”. Nor ari da hori eskatzen gaur egun?

Ezkortasuna datuen gainean osaturiko fikzio bat da, euskarak “minbizia” duela eta horren inguruko trama agoniko guzia fikzio bat dira, ondorio errealak izaten dituztenak. Estrategikoki, baikortasuna erakustea da komeni zaiguna, etsipenak ez baikaitu inorat eramanen, hilobira ez bada. Ados. Gauza batek, halere, atentzioa eman dit bai liburuan bai aipatu mintzaldian: euskararen ezagutzaren eta erabileraren gaineko datuak –zifrak– baikor edo ezkor interpretatzen ahal dira, eta zein ikuspuntu komeni zaigun gehien erabaki beharko genuke; euskara zaila delako ideia, berriz, egia borobil berdadero ukiezina da, harria bezain sendoa, grabitatearen legea bezain zientifikoa, erlatibotasun orotarik haratagoko dogma. Horren ondorioz, “euskararen malgutasun eta sinplifikazioaren aldeko” dela aitortzen digu Zulaikak; “ezagunak dira euskal erlatiboak eta genitiboak eta subjuntiboak sortzen dituzten labirintoak sintaxian”; ez hori bakarrik, “aditza azkenean jartzearen arauari derrigor makurtu behar badiozu zure esaldia, laster ezin duzu errekonozitu zeure estiloa” (40.-41. or.). Nola ikasiko du jendeak aditz taula konplikatu hori?, erran zuen behin baino gehiagotan 10eko mintzaldian. Nik, berriz, hauxe galdeginen nuke: zer irakasle joaten da gaur egun klasera ditxosozko taula hori eskuan? Nor tematzen da aditz trinko arraroenekin, ikasleak bide horretarik lerraizkiokeelakoan? Barkatu, ezin izan diot eutsi tentaldiari.

Euskara zaila da –are zailagoa, jakina, existitzen ez diren arauak inposatzen badizkiogu–. Nonbait, baikortasuna komeni zaigu estrategikoki, baina, dirudienez, euskara zaila delako topikoa behin eta berriz errepikatzeak mesede handia egiten digu. Diskurtso horretan ez da deus aldatu beharrik, antza. Jakitera, ez nintzen etorrikoSi lo hubiera sabido, no habría venido. Zein da hizkuntzarik zailena, baldintza irreala adierazteko forma jokatugabe sinple bat eskuar duena, edo forma jokatu konplikatu samar eta izenordain bat eskatzen dituena? Kabituz gero, sartuko nintzateke – Si cupiera, entraría. Gaztelaniazko caber aditza erraza da? Bada caber aditza sinplifikatzeko proposamenik? Nola egiten du jendeak aditz horren traba gaindiezina, bada, horixe, gainditzeko? Zertan dabil Pérez-Reverte?

Badira –hara, hasmentan paratu dut aditza! (eta orain, objektuaren aitzinean!)– ingelesaren gaineko bi topiko, elkarrekin aski eroso bizi direnak, elkarren baztergarri izan arren. Lehendabizikoa da ingelesa erraza dela; bigarrena, bizi osoa ingelesa ikasten eman ondotik, ez zarela halere ongi moldatuko eta ez duzula ongi ahoskatzea lortuko. Nolanahi den ere, lehendabizikoa da eraginkorrena: ingelesaren puntu zailen bat aipatuz gero –eta nik proba egin dut nire ikasleekin (aditza erdian berriz ere; bide-urratzaile nabil gaur)–, hala nola phrasal verbs direlakoak, erraza delako teoria orokorraren salbuespen gisa interpretatzen dute; euskararen puntu errazen bat –generorik eza, adibidez– aipatuz gero, berriz, zaila delako teoriaren salbuespendako jotzen dute. Abiapuntuan dagoen ideiak du pisu handiena, bistan dena, eta adibide praktikoek ideia hori berresteko balio dute, baita salbuespenak direlarik ere.

Baina guk segi dezagun tematuak euskara zaila delako horretan: Fermin Etxegoienekin hasi, Xabier Amurizarekin segitu, eta orain Joseba Zulaika batu zaio zerrendari. Erabileran aitzinera egin dugu, baina Larramendiren El imposible vencido hartarik hona iduri luke ez dugula pauso bat bera eman; tira, ematekotan, gibelera, hark uste baitzuen posible zela inposiblea garaitzea. Euskara perfektua eskatu behar dugu?, galdegin zuen Zulaikak mintzaldian. Ez dakit inor euskara perfektua eskatzen ote dabilen. Badakit, ordea, Gasteiz eta Vladivostok artean eremu zabal-zabala dagoela, eta euskara perfektua ez eskatzetik trakeskeria guziak onartzera –zenbait onartzen ari duten bezala, ni apuntatutak ditut-eta– tarte ederra dagoela. Pentsa dezagun, nahi baldin badugu, zailtasuna dela euskararen problema nagusia. Nik ez dut hain argi. Diotenez, Alemania aldean haurrek ere –baita franko txikiak direnek ere– alemanez badakite. Horrek pistaren bat eman beharko liguke, alemanak ere zaila izatearen ospea badu eta.

Anekdota batekin akituko dut. Joseba Zulaika eta Mikel Reparazen ondotik, abenduaren 11n, Fermin Erbiti eta Iñaki Perurena izan genituen Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Errepasoa egin zioten Perurenaren ibilbideari, eta harri-jasotzaileak gogora ekarri zuen –mikaztasunik gabe ekarri ere– Espainiako iragarki batean gaztelaniaz bota zuen funtziona eta horrek eragin zituen irriak. Inork ez du gaztelania perfekturik eskatzen, baina irri horiek, ulergarritasunari trabarik egiten ez dion ahoskera diferente batek sorturiko irri horiek hierarkiak zein diren oroitarazteko ere balio izan zuten. Hor, antza, malgutasunik ez. Izan gaitezen baikorrak, ados, baina geure burua engainatu gabe.