Angel Erro
Juan Garziaren Moby Dick irakurtzen hasi naiz, pozik hasi eta pozik irakurri ere. Balea Zuria argitaletxekoek Herman Melvilleren liburua euskaraz aterako zutela iragarri zutenean ez ninduen ezustean harrapatu, urte pare bat lehenago Moby Dick gaztelaniaz irakurtzeko deliberoa hartua nuelako, hain zuzen. Saia nadin aurreko esaldiaren desarrazoia argitzen. Moby Dick-en gaztelaniazko zer itzulpen erosi erabaki nahian Interneteko artikulu eta iruzkin-tokiak arakatzen ari nintzenean โklasikoei ekitekotan oso begiratu eta are txepela naizโ, blog bat topatu nuen, eta bertan sarrera bat (โMoby Dick: en busca de la traducciรณn perfectaโ), non gaztelaniaz eskuragarri dauden bertsioetatik puska eder bat erkatzen baitzuen blogariak. Horretarako, pasarte gatazkatsu bat hautatua zuen, bertsio batetik bestera aski desberdin emana izan dena[1]. Blogeko sarrera bezain jakingarria gertatu zitzaizkidan irakurleen iruzkinak, ekarpen egokiak egiten zituztenak gehienetan. Haietako bat Juan Garziarena berarena zen, eta bertan aurreratzen zuen liburua euskarara ekartzen ari zela. Hori jakiteak egonarria eman zidan: euskaraz irakurtzeak itzulpenen artean hautatzen ibili behar etsigarriaz arinduko ninduen.
Estualdia kendu arren, erdarazko blog horrena euskaraz zer gutxitan egiten ahal den ere lastima da. Gauza jakina da, gure txikian, nekez aurkitzen ahal direla liburu beraren bi itzulpen. Hainbesteraino non traduction ratรฉe bat plazaratzen denean kaltea alimalekoa baita gurean, gutxienez hirurogei edo laurogei urtean ez duelako beste inork berriz itzuliko (eta, jakina, argitaratzeko modurik aurkituko), edozein konparazio diakronikoa izatera behartuta, ez lan garaikideena. Gurean, beraz, itzulpenak bikainak izateko premia askoz altuagoa bada ere, kritikak maiz txanda-pasa egiten dio haiek aztertzeari, eta egiten dutenean gutxitan dute hitzik โeta gutxiagotan hitz txarrikโ esaten itzulpen lanaz.
Poesiaren itzulpenean, berriz, errazagoa da horrelako azterketa konparatiboak egiteko materiala aurkitzea. Oso gustura irakurri dut, berriki, Karmel aldizkariko 1990eko ale batean, ausaz aurkituta, โJoan Gurutzekoaren Cรกntico Espiritual euskaraz: erkaketa eta kritikaโ izeneko artikulua[2] โOrixek, Gazteluk, Onaindiak eta Akesolok poema horrena egin duten itzulpen bana alderatzen duenaโ, baina lan akademikoegia da, tarteka soilik deskriptiboa, eta eztabaidari iskin egiten dio, esaterako, Patxi Altunak adierazten duenean bezala ezen โez [dela bera] orain hemen abiatuko laur itzulpenetarik hoberena zein den iuiatzen (Doktoreak ditu Eliz Ama santak), nahiz txapela nori eman erabaki behar [balu], [balekikeen] nori emanโ. Hori bai, halako batean artikuluak labiokide bezalako hitztripu eder eta iradokitzailea eskaintzen digu.
Dena den, orain gutxi, Moby Dick-en gaztelaniazko itzulpenei buruzko blogeko sarrera hartakoa bezalako (edo, gutxienez, antzeko) erkatze lana egin eta hona ekarri ahalko nuela sinetsi nuen. Nafarroako Liburutegi Nagusiko nobedadeen apalean Sheridan Le Fanuren Carmilla euskaraz ikusi eta hartu nuen. Aurreko asteburuan Ibon Egaรฑak Noticias taldeko Ortzadar literatur gehigarrian euskarazko Carmilla-ri egindako kritika irakurria nuen. Hala ere, bi liburu ezberdinak ziren bata eta bestea. Liburutegitik nik hartutakoa Erroteta argitaletxeak 2024an plazaratutako Karmilla zen, Aitor Aranak itzulitakoa; Ortzadarren iruzkindutakoa, Carmilla, Literatura Unibertsala sailean aurten atera den 191. alea, Maialen Berasategik itzulia. Gerora, jakin dut Egaรฑak ez zuela bere kritikan Aitor Aranarena aipatu ez baitzuen haren berri (nik apalean ikusi arte ez nuen bezalaxe), eta baliteke Maialen Berasategik ere haren berri ez izatea, ez baitu bere itzulpenaren atariko sarreran aipatzen[3].
Lanari heltzekotan nengoela, nire ustekizunak erdi ustelkizun gertatu zitzaizkidan berehala, erreparatu nionean Erroteta argitaletxeko liburua, ez azalean ez inon ohartarazten ez duten arren, egokitzapen bat dela: jatorrizkoaren pasarte osoak desagertuta daude bertatik, esaldiak lausotuak, sinpletuak, jatorrizkoaren atalezko banaketatik testu jarraitura igarota.
Oraindik etsi nahi ez eta pentsatu nuen Le Fanuren lan horrek euskaraz duen beste egokitzapena, oraingoan aitortua, hartuz gero agian zerbait egin nezakeela, posibilismoak baino burugogorkeriak eta artikuluren bat entregatu beharrak bultzatuta. Sanduzelai auzoko liburutegiraino joan behar izan nuen DDB argitaletxeak 2016an Mikoleta bilduman argitaratutako Carmillaren bila, Ana Arakistain itzultzaile eta moldatzaile. Nire harridurarako, eta lehen begiratuan, egokitzapen horrek, berez euskaltegiko zazpigarren urratsetik gorakoentzat atonduak, gehiago zuen itzulpen zintzotik Aranaren beste hark baino.
Argi eta garbi, laster ohartu nintzen ez dagoela itzulpen osoak egokitzapenekin konparaketan hasterik, aitortuak izan ala ez. Halere, begietaratu dudanaren adibide soil modura bada ere, ekar ditzadan hona Berasategiren, Aranaren eta Arakistainen bertsioen lagin pare bat.
| Carmilla (Igela, 2025) | Karmilla (Erroteta, 2024) | Carmilla (DDB, 2016) |
| Inondik ere handikiak ez izanagatik, Estirian gaztelu batean bizi gara gu, schloss batean. Errenta koxkor bati, munduko paraje honetan, probetxu ederra ateratzen zaio: urtean zortziehun-bederatziehun, eta atarramentu galanta. Jaioterrian, berriz, nekez izango ginen aberatsen artean. Ingelesa dut aita, eta ingelesa dut izena ere, baina Ingalaterra bera ez dut sekula ikusi. Hemen, paraje bakarti eta primitibo honetan, hain zoragarriro merke dago den-dena, ezen ez baitzait iruditzen diru gehixeagorekin ere bizimodu askoz erosoagoa izango genukeenik, edo are luxuzkoagoa. Aita Austriako armadan ibili zen bere garaian, eta erretiratzean, pentsio bat gelditu zitzaionez eta bazituenez ondasun batzuk, egoitza feudal hauxe erosi zuen, lursail koxkorra barne: sekulako mauka. (21. or.) | Estirian bizi ginen, gaztelu batean. Gure aberastasuna ez zen printzeena lakoa, baina munduko txoko hartan aski zen urteko errenta txiki bat, jaun handiena egin ahal izateko. Nire aita ingelesa da eta nik, jakina, deitura ingelesa daukat, baina ez dut inoiz Ingalaterra ikusi. Aitak Austriako armadan zerbitzatzen zuen. Erretiroko adinera heltzean, bere ondare txikiarekin egoitza feudal xume hura eskuratu ahal izan zuen, inguruan hainbat lur hektarea zeuzkana. (5. or.) | Styrian, nahiz eta sekula ez ginen aberats izan, gaztelu batean bizi izan ginen. Paraje hartan bizitzeko errenta txiki bat nahikoa zen. Zortzi ehun edo bederatzi ehunek urtean mirariak egiten ditu. Gure herrialdean ez ginen dirudunen mailara iritsiko. Nire aita ingelesa da eta nik neuk ere izen ingelesa daukat, nahiz eta Ingalaterrara sekula joan ez. Baina, hemen, toki isolatu eta primitibo honetan, dena hain merke izanik, ez zait burutik pasa ere egiten diru kopuru handiagoak nola gehitu ahal zien zerbait gure ongizateari edo gure luxuei ere. Nire aitak ejerzitorako lan egiten zuen Austrian eta pentsio batekin eta bere ondarearekin erretiratu zen. Gero honekin egoitza feudal hau eta honen inguruko lur eremuak erosi zituen huskeria baten truke. (5-6. or.) |
| Minutu bat-edo gogoetan eman ondoren, Madameri galdetu zion ea nire aitarekin hitz egin zezakeen. Haren bila joan ziren, beraz, eta honela esan zuen aitak gelara sartu zenean, irribarrez: โPentsatu nahi dut, mediku jauna, esango didazula agure txotxolo bat izan naizela zu hona etorrarazteagatik; hala espero dut behintzat. Baina medikuak, oso serio, hurreratzeko keinua egin zion, eta aitari zeharo ilundu zitzaion irribarrea. Hizketan aritu ziren biak tarte batez, serio eta sutsu, nik medikuari dena kontatu nion leiho-baoan bertan. Gela oso handia zen, eta Madame eta biok txokorik urrunenean geratu ginen, jakin-minez tripak jaten. Ez genuen, ordea, txintik ere aditzen, oso apal ari baitziren hizketan; gainera, leihoaren bao sakonak ia osorik ezkutatzen zigun medikua begi-bistatik, eta aita ere bai neurri handi batean, ez baikenizkion ikusten hanka, besoa eta sorbalda baizik. Segur aski, horma lodiak eta leihoak osatzen zuten armairu gisako hutsune hark are entzunezinago egiten zituen haien hitzak. Handik tarte batera, aitak gelarantz begiratu zuen. Zurbil zegoen, pentsakor, eta, iruditu zitzaidanez, asaldatuta ere bai. (99-100. or.) | Pixka batean pentsatu eta gero, nire aitari deitzeko agindu zuen. Aita irribarrez etorri zen, baina medikuaren kezka aurpegia ikustean, irribarrea kendu zitzaion. Berehala elkarrizketan hasi ziren ahopean, bazter batean geunden Perrodon andreak eta biok ziotena entzungo ote genuen beldurrez edo. Bat-batean, aitak niregana jiratu zituen begiak. Zurbil zegoen eta oso kezkatuta zirudien. (55. or.) | Minutu batez hausnartu ondoren, madameri galdetu zion nire aita ikusi ahal zuen. Zerbitzari bat bidali zuen bere bila eta berehala etorri zen. Gelara sartzean irribarrez esan zuen: โBadakit, doktore jauna, tonto zaharra naizela esango didazula zure bila joateagatik eta hala izango ote da! Baina, bere irribarrea itzali egin zen, medikuak oso serio hurbiltzeko keinuaak egin zizkionean. Denbora luzez egon ziren hizketan, ni medikuarekin elkarrizketatu nintzen leku berean. Elkarrizketa serio eta eztabaidatsua ematen zuen. Lekua oso zabala zen eta madame eta ni zutik geratu ginen, jakinminez beteta beste puntan. Ez genuen hitz bakar bat ere entzuterik izan, oso baxu hitz egiten zutelako eta leihoko txokan doktorea erabat ezkutatuta geratzen zen, eta nire aitari eskuineko oina, besoa eta sorbalda ikusten genizkion. Ahotsak ia entzunezinak ziren leihoak eta hormak gelatxo antzekoa osatzen zutelako. Gero nire aitak gelara begiratu zuen. Zurbil zegoen, pentsakor eta iruditu zitzaidanez asaldatuta. (88. or.) |
Ez du komentario handirik behar. Arrazoia du Egaรฑak, konparazioneak konparazione, Maialen Berasategirenaz esaten duenean mirespenez eta gozamenez irakurtzeko itzulpena dela. Hemen Altunak errazagoa luke bustitzea eta jujatzea, nik uste. Ala gehiegi eskatzen ari naiz?
[1] Itzultzaileen arteko desadostasun nagusia da โwe rolled over from each otherโ esamoldea nola eman, Queequeg eta Ismaelen arteko intimitate mailak, pasartearen queer irakurketa baterako bazkak, aski norainoko ezberdin erdiesten baitu ohean bi lagunek zer egiten duten nola ulertzen den. Garziak nola eman duen ikusi nahi duenak XII. atalaren azken esaldira jotzea besterik ez du.
[2] Julen Urkizak, Patxi Altunak eta Xabier Mendiguren Bereziartuk elkarrekin egindakoa. Bertan, lehenak Kantikoaren jatorria eta balio poetikoa aztertzen ditu, bigarrenak Kantikoaren lau euskal itzulpenen metrika eta, azkenik, Mendigurenek itzulpen horiek eta jatorrizko obra erkatu egiten ditu; cf. Karmel_3727.pdf
[3] Sarrera horretan, hau bezalako beste oin ohar pare batean, bai aipatzen du Le Fanuri euskaratu dioten beste lan bat (โEreingo Bartleby antzinako sailean [โฆ] argitaratu zuen Luigi Anselmik berak Le Fanuren beste kontakizun labur bat: Maizter misteriotsuaโ), eta Carmillarenak urteetan egin dituztela ezin konta ahal bertsio, โformatu askotarikoetan: antzezlanak, nobela grafikoak, haur eta gaztetxoentzako liburu egokituakโฆโ.




