Ikusizko itzulpena, ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin

Claudia Torralba Rubinos

Izenburuko hiru terminoak nahasian erabili izan dira interpretazioaren arloko ikasketetan, oso ondo zehaztu gabe non dauden batzuen eta besteen arteko mugak. Kontua ez dago ebatzita, inondik inora ere, auzia ez baita bakarrik terminologikoa, kontzeptuala ere bada. Sarrera honetan hiru planteamendu ezberdin azalduko ditut, abiapuntua jarri eta elkarrekin gogoetatzen hasteko. Gogoeta bikoitza proposatzen dizuet: esanahiaren eta izendapenaren gainekoa.

Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirrek (2003) hiru kontzeptuak biltzen dituen hiperonimo gisa darabilte ikusizko itzulpena terminoa. Haientzat, idatzizko testu bat ahoz birformulatzea da ikusizko itzulpena egitea. Hau da, kanal-aldaketa baino ez dute kontuan hartzen. Funtzioen eta modalitateen arabera sailkatzea proposatzen dute.

Azpisailkapena egiteko abiapuntua da ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala. Funtzio komunikatiboa duenean, interpretazioarekin lotuta dago beti, helburua hartzaileei idatziz dagoen informazioa ahoz ematea delako. Kasu horretan, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatea da, eta azpimodalitateak ditu, besteak beste, artikulu honetan hizpide ditugun ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin (edo testuarekiko aldibereko interpretazioa).

Dena den, beste azpimodalitate batzuk ere aipatzen dituzte Jimรฉnez-Ivarsek eta Hurtado-Albirrek (2003) beren artikuluan โ€•zuen baimenarekin, jatorrizko izendapenak jarriko ditut, itzuli gabe, anabasa terminologikoari ekarpenik ez egitekoโ€•: traducciรณn a ojo edo traducciรณn a primera vista, traducciรณn a la vista preparada, traducciรณn a la vista consecutiva eta traducciรณn a la vista en interpretaciรณn consecutiva.

Funtzio instrumentala duenean, aldiz, beste helburu bat lortzeko bitarteko bihurtzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori idatzizko itzulpena egitea izan daiteke, edo, adibidez, atzerriko hizkuntza batean lortutako ezagutza egiaztatzea. Beraz, funtzio instrumentala duenean, ikusizko itzulpenaren helburua produktu bat lortzea edo zerbitzu pedagogiko bat ematea da, eta, ondorioz, itzulpen-estrategiatzat eta pedagogia-estrategiatzat har daiteke. Hona hemen Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) proposamena, laburtuta:

1. irudia: Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirretik (2003) hartua.

Pรถchhacker-ek (2004), aldiz, honela bereizten ditu hiru terminoak eta izendatzen dituzten kontzeptuak:

Harentzat, ikusizko itzulpena idatzizko testu bat ahoz itzultzea da, baina interpretazioaren testuingurutik kanpo. Hau da, bat dator Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren funtzio instrumentalarekin: interpretaziotik kanpoko edozein testuingurutan idatzizko testu bat ahoz itzultzea litzateke ikusizko itzulpena egitea, eta hainbat helburu betetzeko balio dezake.

Ikusizko interpretazioa, aldiz, interpretazioa egiten den testuinguruei lotuta dago hertsi-hertsian. Esan osteko interpretazioa egiten den testuinguruetan egin ohi da, eta ez dago hizlariaren diskurtsoari jarraitu beharrik, ez delako aldi berean egiten. Are gehiago, interpreteak xede-hizkuntzan irakurtzen ari delako inpresioa eman behar du (Angelelli, 1999). Beraz, Pรถchhackerrek (2004) Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) funtzio komunikatiboko azpimodalitate batzuetara mugatzen du ikusizko interpretazioa terminoa.

Eta โ€œbatzuetaraโ€ diot, hain zuzen, aldibereko interpretazioa testuarekin aldibereko interpretazio mota berezitzat hartzen duelako. Ikusizko interpretazioa neurri handi edo txikiagoan eskatzen duen aldibereko interpretazio mota konplexua dela dio, baina ez du ikusizko itzulpenaren azpimotatzat hartzen.

Azkenik, Lambert-entzat (2004) erabat sinonimoak dira ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin terminoak. Ikusizko itzulpenarekiko duten ezberdintasuna da hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar direla, eta, beraz, bi input kudeatzea eskatzen dutela: ikusizkoa eta entzunezkoa.

Ikuspegi horrek Cammoun et al.-en (2009) kritika jaso zuen, termino biak sinonimotzat jotzeak maila berean jartzen dituelako ikusizko itzulpena eta testuarekiko aldibereko interpretazioa, itzulpena hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar den ala ez โ€•eta horrek dakartzan zailtasunak eta erronkakโ€• kontuan hartu gabe.

Argi dago gutxi ikertutako esparruetan ohikoa den terminoen eta kontzeptuen gainjartzea dagoela arlo honetan ere. Horregatik, garrantzitsua da gaiari buruzko ikerketetan argi eta garbi adieraztea zeri egiten zaion erreferentzia termino bakoitzarekin, anbiguotasunak saiheste aldera. Gainera, ez dugu bistatik galdu behar euskarazko ordainak sortu, erabili eta finkatu egin beharko direla momenturen batean, eta ziurrenik itzulpenaren eskutik etorriko direnez, litekeena dela aukera bat baino egotea. Horregatik, arloko adituen esku dago termino horiek euskaraz nola, noiz eta zer izendatzeko erabiltzen ditugun erabakitzea.

Oraingoan nire espezializazio-alorreko adibide bat ekarri dizuet, baina uste dut estrapolagarria dela beste alor batzuetara ere. Izan ere, lan akademikoetan, edukian zentratzen gara askotan โ€•izanean, eta ez izeneanโ€•, eta ez diogu behar besteko denbora eskaintzen gogoeta terminologikoa egiteari. Ondorioz, aurretik erabilitako terminoak beste kontzeptu batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu, edo ordain berriak proposatu, aurrekoak ezagutu gabe. Eta, kontziente ez garen arren, gure jardunak eragin zuzena du hizkuntza txikituen normalizazioan eta hizkera espezializatuen garapenean eta finkapenean. Gutako bakoitzak egiten dituen hautu txikiek eragin handia dute sarritan gure espezializazio-arloetan, eta funtsezkoa da horretaz kontziente izatea.

Dena den, ikasiz ibiltzen da oinez, ez pentsa. Gogoan dut nire Gradu Amaierako Lanaren defentsako epaimahaikide batek galdetu zidala โ€œzergatik ikusizko itzulpena eta ez ikusizko interpretazioa? Ez nuen jakin erantzuten.

Erreferentzia bibliografikoak:

Angelelli, C.V. (1999). The role of reading in sight translation, The ATA Chronicle (Translation Journal of the American Association of Translators), 28(5), 27-30.

Cammoun, R., Davies, C., Ivanov, K. & Naimushin, B. (2009). Simultaneous Interpretation with Text. Is the text โ€˜friendโ€™ or โ€˜foeโ€™? Laying foundations for a Teaching Module. Master of Advanced Studies in Interpreter Training. Seminar paper. Geneva: Genevako Unibertsitatea. https://www.academia.edu/3172232/Simultaneous_Interpretation_with_Text_Is_the_Text_Friend_or_Foe_Laying_Foundations_for_a_Teaching_Module

Jimรฉnez, A. & Hurtado, A. (2003). Variedades de traducciรณn a la vista. Definiciรณn y clasificaciรณn, Trans. Revista de Traducciรณn, 7, 47-58. https://revistas.uma.es/index.php/trans/article/view/2946/2739

Lambert, S. (2004). Shared Attention during Sight Translation, Sight Interpretation and Simultaneous Interpretation, Meta, 49(2), 294- 306. https://www.erudit.org/en/journals/meta/2004-v49-n2-meta770/009352ar/

Pรถchhacker, F. (2004) Introducing Interpreting Studies, Londres: Routledge.

Interpreteak eta orekariak

Claudia Torralba Rubinos

2023ko sarrera batean, Maitane Uriartek interpretazioaz gutxi dakien edonori otu dakiokeen galdera bati erantzun zion: Zer gertatzen da interpretearenย burmuinean? Neurozientziara metafora ulergarri eta gozagarrien bidez hurbilduta, azaldu zigun interpreteen burmuinek orkestra sinfonikoetako zuzendariek bezala funtzionatzen dutela, eremu askoren jarduera koordinatu behar dutelako, aldi berean jotzen duten musikariak koordinatu behar diren bezala.

Gaurko sarrera honetan ere interpreteek koordinatu behar dituzten jarduerez arituko naiz, baina interpretazioaren ikasketetan aski ezaguna den Orekarien Sokaren hipotesitik abiatuta. Hipotesiaren egilea Daniel Gile da, eta Maria Arrutik ekarri zuen euskarara Basic concepts and Models for Interpreter and Translator Training liburuaren euskarazko itzulpenean (Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako)[1].

Abiapuntua oso sinplea da: gizakion prozesatze-gaitasuna mugatua da. Denoi gertatzen zaigu, multiataza izan nahi dugun arren, muga bat, tope bat daukagula. Momentu batean, โ€œitxaron, mesedezโ€ esan eta esku artean daukaguna utzi behar dugu beste zerbaiti kasu egin ahal izateko.

Interpreteen burmuinak ere berdin-berdin funtzionatzen du. Kontua da interpretatzea jarduera kognitibo konplexua dela, eta, ondorioz, Orekarien Sokaren hipotesiaren arabera, interpreteek beti egin behar dutela lan beren gaitasunaren % 100etik gertu. Hau da, daukaten arreta eta energia guztia bideratu behar dute interpretatzeko egin behar dituzten ataza ezberdinetara (entzutea eta prozesatzea, ulertzea, ekoizteaโ€ฆ). Ondorioz, atazetako batek hasiera batean esleitutakoa baino energia edo arreta gehiago eskatzen badu, falta den energia hori beste ataza bati kendu behar zaio. Beste hitz batzuetan, Gilek (2018 [2009]: 182[2]) azaltzen du โ€œprozesatze-gaitasunaren horniduraren eta eskariaren artean etengabeko tentsio kognitiboaโ€ dagoela.

Zentzu horretan, estres eta exijentzia kognitibo handiko lana da interpretazioa, eta ez dago erlaxatzerik. Oso nekagarria da, eta horregatik txandakatzen dira interpreteak kabinan 20 edo 30 minutuero. Gizakiak diren neurrian, muga fisiko eta intelektualak dauzkate. Prozesatze-gaitasunaren muga gainditzen bada โ€“metafora bat da, muga hori, definizioz, ezin baita gaindituโ€“, saturazio edo porrot kognitiboa gertatzen da, eta interpreteak ezin du itzultzen jarraitu. Muturreko eta salbuespeneko egoera da hori interprete arituen kasuan, baina ohikoa da hasiberrien lehen saiakeretan. Inoiz bizi izan duenak badaki zeri buruz ari naizen.

Imajina dezagun orain soka baten gainetik doan orekari edo ekilibrista bat. Haizeak ezkerraldetik jotzen badu, eskuinalderantz egin beharko du indarra, ezkerretik datorkion bultzada hori orekatzeko. Alabaina, aldi berean, aurrera egiten jarraitu behar du, gehiegi makurtu gabe, aurrean edo atzean pisu gehiegi jarri gabe, besoak gehiegi mugitu gabe. Etengabean ibili behar du oreka bila, ematen duen โ€“eta ematen ez duenโ€“ urrats bakoitzean. Zerbaitek huts egiten badu, lurrera joango da berandu baino lehenago. Hori bera gertatzen zaie interpreteei ere: egin behar dituzten atazen arteko oreka mantentzen saiatu behar dute etengabe, oreka hori hautsi egiten bada, erori egiten direlako. Game over. Beldurra ematen du, ezta? Arrisku handiko jarduera intelektualtzat har liteke interpretazioa, beti egiten delako amildegiaren ertzean. Ez dakit interpreteek eta orekariek zer gehiago izango duten komunean, baina adrenalinarekiko zaletasuna behintzat ezinbestekoa iruditzen zait kasu bietan.


[1] Gile, D. (2018). Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako. Bilbo: UPV/EHU. [Itzulpena. Jatorrizkoa: Gile, D. (2009). Basic concepts and models for interpreter and translator training]. Amsterdam/Filadelfia: John Benjamins.

[2] Idem.

Adimen artifiziala: interpreteen akabera ote?

Maitane Uriarte Atxikallende

Denok dakigu adimen artifizialaren eta oro har teknologiaren bilakaerarekin lanpostu batzuk desagertuko direla. Tira, beharbada desagertu-desagertu ez, baina funtzio horiek pertsonek bete ordez, makinek egingo dituzte, denborarekin. Terminator-en garaiak iritsi bitartean, askoren artean beldurra da nagusi, eta interpreteak ez gara salbuespena.

Interpreteok askotan galdetu izan diogu geure buruari adimen artifizialak lana kenduko ote digun eta apokalipsia noiz iritsiko zaigun. Beteranoek beraiek ikusiko ez dutela diote, baina gazteoi tokatuko zaigula. Bien bitartean, adimen artifizialarekin egindako saiakerei adi gabiltza, emaitzak nolakoak diren ikusten eta, batez ere, bezeroen gogobetetasunari erreparatzen. Izan ere, niretzat hortxe dago koska: bezeroak adimen artifizialak emandako itzulpenarekin konformatzen direnean eta patriketatik sos gutxiago kentzen dizkiela ikusten dutenean, orduan etorriko da hezur-haragizko interprete askoren akabera. Nik ez diot adimen artifizialak egindako itzulpenak txarrak direnik, ez horixe, baina ez du kasuen % 100ean funtzionatzen. Aldibereko interpretazioaren kasuan, adimen artifizialak itzulpenak egiten ditu baina ez du jatorrizko bertsioaren รฑabardura oro giza burmuinak bezala interpretatzen. Zer egingo du adimen artifizialak hizlariak esaldiak bukatu gabe uzten dituen guztietan, metaforak eta hitz-jokoak agertzen direnean, esaldiak luzeak direnean eta xede-hizkuntzan elementuak josteko aldez aurreko jakintza behar denean? Eta niretzat berebizikoa den zerbait: zer gertatuko da hizlariak emozioak transmititzen dituenean edo hartzaileekin konektatu nahi duenean? Pantaila batean agertuko da itzulpena, eta, kasurik onenean, ahots robotiko batek emango du itzulpena, Monegroseko basamortua baino lauagoa den ahots batek. Agur emozioak transmititzearen eta kultura zein errealitate desberdinetako jendea konektatzearen magiari. Hala ere, arestian esandakora bueltatuz, bezeroa horrekin konformatzen bada, batez ere merkeago ateratzen zaiolakoโ€ฆ bost axola aldibereko interpretazioaren magia.

Momentuz, gauza batekin kontsolatuko naiz. Aldibereko interpretazio-kasuetarako adimen artifiziala hizkuntza handiekin elikatzen ari dira gehienbat, eta euskararekin emaitza โ€œonargarriakโ€ ikusi arte denbora luzea igaroko dela esango nuke. Interpreteok saiakerei adi gabiltza, eta, behin, adimen artifizialarekin gaztelaniatik euskarara eskainitako interpretazio-zerbitzu baten argazkiak bidali zizkiguten. Gure iritzi zintzoa ezagutu nahi? โ€œTierra trรกgame, hau auzo-lotsaโ€. Edo tira, makina hark pantailan erakutsiko lukeen bezala, โ€œLurra irents nazazu, esto es vergรผenza de barrioโ€. Hortxe utziko dut. Eta ez diot nik bakarrik, areto hartan zeuden euskal hiztunak ere amorru bizian atera omen baitziren.

Itzuli beharreko testu idatzien eta interpretatu beharreko ahozko ekoizpenaren arteko aldea begien bistakoa den bezalaxe, adimen artifizialak baterako eta besterako suposa lezakeen arriskua ere halakoa da. Gehienetan, testu idatziak ondo idatzita egoten dira eta, beraz, errazagoa da horiek adimen artifizialarekin itzuli eta emaitza onargarria โ€“eta batzuetan, oso onaโ€“ ematea; ahozko ekoizpenaren kasuan, berriz, jatorrizkoa ez da perfektua izaten โ€“inork ez duelako idazten duen bezala hitz egitenโ€“ eta, gainera, interpreteok sarritan esan ohi dugu euskal hizlari askori erretorika-eskolak falta zaizkiola. Ahozko ekoizpenaren kasuan, adimen artifizialik onena ere zora daitekeela esango nuke, eta horri arestian adierazitako emozioen transmisioaren afera gehitu behar zaio.

Laburbilduz, momentuz interpretazioaren kasuan eta batez ere euskarazko interpretazioaren kasuan salbatzen garela esango nuke, baina denborak erakutsiko digu lurrak irentsiko gaituen ala ez.

Konferentzia-interpreteen Nazioarteko Eguna: ospatu bai, baina duintasuna aldarrikatu ere bai

Maitane Uriarte Atxikallende

Duela hirurogeita hamalau urte, azaroaren 20an, Nurenbergeko epaiketak hasi ziren. Haietan, lehen aldiz eman ziren ezagutzera Hirugarren Reichak egindako ankerkeriak, publikoki epaitu baitzituzten krimen-egile naziak. Bigarren Mundu Gerran egindako genozidio hura epaitegietara eraman zen lehen aldia izan zen berez, eta are gehiago esango dizuet: gizateriaren aurkako krimenak epaitegietan eztabaidatu ziren lehen aldia ere izan zen. Eta, horrekin bateraโ€ฆ konferentzia-interpretazioa jaio zen.

Aurretik ere egon ziren hitzaldiak aldi berean interpretatzeko saiakerak. Nazioarteko Lan Erakundeak, adibidez, 1920ko hamarkadan probatu zuen, eta III. Internazionalak ere probatu zuen Sobietar Batasunaren bilera batzuetan. Dena den, Nurenbergeko epaiketetan egin zen saiakerarik garrantzitsuena, mundu osoak orduantxe ikusi baitzuen aldibereko interpretazioaren baliagarritasuna. Lehen aldiz, hainbat eta hainbat interprete aritu ziren aldi berean lanean, denbora errealean, justizia egiteko. Orduz geroztik, konferentzia-interpretazioaren nazioarteko eguna ospatzen dugu azaroaren 20an, eta, bide batez, gure lanbideari ikusgaitasuna emateko aprobetxatzen dugu.

Aurtengo Konferentzia-interpreteen Nazioarteko Egunean, gure lanbidearen eguna ospatzeaz gain, interpreteok azken hilabeteotan jasandako mehatxuak gogora ekartzeko ere aprobetxatu nahi izan dugu. Espainiako Senatutik etorri zaigu azken albiste kezkagarria, hizkuntza koofizialetako interpretazio-zerbitzuaren esleipenaren harira. Senatuak soilik irizpide ekonomikoan oinarritutako lehiaketa jarri zuen abian zerbitzua esleitzeko, eta hartara bideratutako aurrekontua ere murriztu zuen. Berez, larriena ez dira tarifa irrigarriak izan, interpreteek ordubetera bitarteko lanak doan egitea proposatzea baizik. Tamalez, Senatukoa ez da kasu bakarra izan, gure inguruan ere salatu izan baititugu antzeko kasuak, baina hanka erakunde publiko garrantzitsu batek sartu duenean hasi gara sakonago hausnartzen.

Euskararekin lan egiten dugun interpreteon kasuan, gutxi izateak hainbat mehatxutatik salbatu gaituela esango nuke nik. Gure kasuan, errazagoa izan da indarrak batu eta eskaintza iraingarrien aurrean guztiok batera planto egitea, baita elkarri babesa ematea ere. Gutxi izatea arazo izaten da sarri, baina oraingo honetan horrek indartu gaitu kolektibo modura.

Mehatxuei aurre egiteko batu gara aurten, bai, baina bide batez euskararekin lan egiten dugun interpreteon profila eta lan-baldintzak hobeto ezagutzeko aprobetxatu dugu. Hala, inkesta bat prestatu eta zabaldu genuen, eta emaitzak aztertu ondoren, diagnostiko bat egin dugu, egungo euskal interpretazioaren isla izan daitekeelakoan. Urriaren 23an Claudia Torralba interpreteak euskal interpreteen diagnostikoan jasotako zenbait datu aurreratu zizkigun, eta berak iragarri bezala, gaur bertan argitaratu da txosten osoa. Irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, konferentzia-interpreteontzat hain garrantzitsua den egun honetan.

Ospakizuna alde batera utzi gabe, eman diezaiogun jarraitutasuna Nurenbergeko epaiketetan jaiotako lanbide zoragarri eta beharrezko honi, gure balioa aitortuz eta inoiz falta beharko ez litzatekeen duintasuna aldarrikatuz. Zorionak eta bejondaigula, lankideok!

Badator, badator euskal interpreteen diagnostikoa

Claudia Torralba Rubinos

Udagoienean sartuta gaude jada, eta egunak laburtzen eta freskatzen hasiak dira. Bagoaz, apurka-apurka, urtearen azken txanpari heltzen. Baina tira, ez noa orain nostalgiko jartzera, oraindik ere ikasturtea hasi baino ez baitugu egin. Ama irakaslea dugu, eta gure etxean urteak beti bizi izan ditugu ikasturtetik ikasturtera. Blog honetan ere irailetik ekainerako denboraldian aritzen gara hitz eta pitz. Baina orain, buruak โ€“eta hozkirriakโ€“ esaten dit urte naturalaren amaierara gerturatzen goazela eta zor batzuk kitatu behar ditugula.

Blog honetan bi sarrera idatzi ditut EIZIEren interpreteen diagnostikoaren inguruan. Lehenengoa, 2023ko abenduan, egitasmoa iragartzeko; eta, bigarrena, 2024ko maiatzean, aurrerapenen berri emateko. Ezetz asmatu zer kontatzera natorren gaur? Ba, udan lanean buru-belarri ibili eta gero, udagoienarekin eta jertseekin batera iritsiko zaizuela diagnostikoaren emaitza. Labean daukagu jada, ia prest. Azken ukituak baino ez zaizkio falta.

Dena den, plater nagusiaren esperoan, denoi gustatzen zaizkigu zizka-mizka batzuk, ezta? Batzuetan entretenimendu hutsa dira, eta beste batzuetan gehiegi asetzen gaituzte. Ea zuen interesa piztu eta oreka aurkitzea lortzen dudan. Gaurkoan, galdera zabal bezain zehatz baten inguruko lau zertzelada ematen saiatuko naiz, txosten osoa iritsi bitartean: nolakoak dira euskal interpreteak?

Hasteko, datu bat: galdetegiari 43 interpretek erantzun diote, eta erantzun horietan oinarrituta dago jarraian egingo dudan deskribapen laburra. 43 interprete horietatik 16k beren kontura egiten dute lan, eta 27k hirugarrenen kontura. Horrek ez du, bere horretan, โ€œeuskal interpreteenโ€ errealitate osoa islatzen, eta hori hasieratik onartu behar dugu.

Esango nuke, nagusiki, bi arrazoi daudela horren atzean. Batetik, galdetegiari erantzun ez dioten interprete asko daude, noski. Hori jakina da. Ez da ikerketa exhaustiboa izan. Hala ere, lortutako erantzunen kopurua ez da txikia. Are gehiago, lehen galdetegia izateko, esango nuke oso goian jarri dugula langa. Bestetik, Euskal Herri osoko interpreteen mosaikoa osatzeko saiakera egin dugun arren, tamalez, ez dugu lortu. Sarritan entzuten dugun EAEzentrismoaren gaitzak harrapatu du gure diagnostikoa ere. Izan ere, Iparraldeko interpreteen errealitatea hain da ezberdina, non egindako galderak ez baitiren hango interpreteentzako pertinenteak izan.

Hori esanda, goazen orain interpreteak nolakoak diren ikustera: gehienak (% 70 inguru) emakumeak dira โ€“sorpresarik ezโ€“, eta batez bestean 45 urte pasatxo dituzte. Galdetegiari erantzun dion interpreterik gazteenak 22 urte ditu, eta nagusienak, aldiz, 68. Edonola ere, interprete gehienak (% 70 inguru) 40-68 adin-tartean kokatzen dira.

Prestakuntzari erreparatuta, denak dira unibertsitatean ikasitakoak, baina erdiek egin dituzte, gutxi gorabehera, itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko ikasketak. Ez da harritzekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko lehen promozioa 2000. urtekoa baita. Adinaren eta prestakuntzaren datuak gurutzatuta, pentsatzekoa da interprete ugarik beste ikasketa batzuk egingo zituztela hasiera batean, nahiz eta askok prestakuntza espezifikoa jaso duten gerora โ€“graduondokoen inguruko zehaztasun gehiago aurkituko dituzue txosteneanโ€“.

Sarritan esaten da interpreteak exijenteak eta perfekzionistak garela. Ez dakit hori demostratzerik dagoen, baina, ingurura eta norberaren barren-barrenera begiratuta, iruditzen zait bi adjektibo horiek nahiko ondo deskribatzen gaituztela, oro har. Galdetegiak berak ere hori iradokitzen du; izan ere, interpreteen erdiek uste dute ez dutela prestakuntza arautu eta ez-arautu nahikoa jaso. Zergatik izango ote da?

Emaitza horrek bai, harritu egin nau pixka bat. Izan ere, galdera โ€œtranpaโ€ zen; hau da, โ€œprestakuntza arautuaโ€ eta โ€œez-arautuaโ€ kontzeptuak apropos sartu genituen galderaren formulazioan, inork ez zedin sentitu itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko ikasketa formalik ez izateagatik ez dagoenik behar beste prestatuta. Eta, hala eta guztiz ere, galdetegiari erantzun dioten interpreteen erdiek uste dute ez dutela prestakuntza nahikoa jaso. Pertzepzio kontua da, bai, baina oso aintzat hartzekoa, nire ustez.

Gehiago jakin nahi? Txosten osoa, laster.

Interpreteen lan-baldintzen diagnostikorako bidean aurrera

Claudia Torralba Rubinos

Joan den abenduaren 15ean idatzi nuen sarreran EIZIEko interpreteen lantaldeak 2024rako finkatutako asmoen berri eman nizuen: interpreteen esperientziak eta bizipenak biltzea, errealitatetik abiatutako galdetegi bat diseinatzeko. Helburua zen (eta oraindik ere bada) 2024an euskal interpreteen diagnostikoa egitea. Izan ere, ezer gutxi dakigu euskararekin lan egiten duten interpreteei buruz, eta informaziorik oinarrizko-oinarrizkoena ere falta dugu. Adibidez, ez dakigu euskararekin lan egiten duten zenbat interprete dauden. Hori ere ez dakizue? Agian batzuk harritu egingo zarete, baina ez, hori ere ez dakigu.

Askotan esaten da interpreteei buruz ezer ez esatea dela lana ondo egin duten seinale. Baina beti atzealdean (edo beste gela batean, edo txoritokian) egote horrek baditu beste albo-ondorio batzuk ere. Besteak beste, itzaletan eta ilunpean geratzea. Horregatik, uste dugu badela garaia euskal interpreteei eta lanbideari berari argitasun apur bat emateko.

Helburu horrekin egin dugu lan urte hasieratik, eta jadanik prest dago galdetegia. Saiatu gara euskararekin lan egiten duten interprete guztientzat egokia eta esanguratsua izango den galdetegi bat prestatzen, lanbidearen argazki ahalik eta osoena eskuratzeko.

Galdetegiak bi atal ditu. Lehenengoan, gaur egun aktibo dauden interpreteen profila eraikitzen lagunduko diguten galderak erantzun beharko dira (generoa, adina, ikasketak, esperientziaโ€ฆ). Atal hori interprete guztiek bete beharko dute, eta oso baliagarria izango da datu demografikoak bildu eta XXI. mendeko interpreteak nolakoak diren irudikatzeko.

[Emakumeak al dira interprete gehienak? Gehiago al dira oraindik ere itzulpengintza eta interpretazioko ikasketa espezifikorik ez dutenak? Belaunaldi-aldaketa gertatu da? Zein da aktibo dauden interpreteen batez besteko adina? Gazteak ere ibiltzen dira interpretazio-lanetan?].

Bigarren atalean, aldiz, bi azpiatal daude: bat autonomoentzat eta beste bat hirugarren konturako langileentzat. Galdera gehienak oso antzekoak dira, baina badira batzuentzako eta besteentzako galdera zehatz eta espezifikoak ere.

[Autonomoentzat, adibidez: esango zenuke tarifak arazo-iturri direla? Ezagutzen al dituzu lankideen tarifak? Eta hirugarrenen konturakoentzat, aldiz: zein erakundetan egiten duzu lan? Eta zehazki, zein lanpostu eta kategoriatan?]

Hala ere, interprete guztientzako garrantzitsuak diren gaiak ere jorratuko dira galdetegian, besteak beste, lan-baldintzak, azpiegitura, hizkuntza-norabidea eta dokumentazioa aurretiaz jasotzea. Horiek guztiek, azken finean, lanbidearen funtsarekin dute zerikusia, eta interprete guztien egunerokoan daude presente.

Ekainean zabalduko du galdetegia EIZIEk, eta helburua da, hain zuzen, ahalik eta gehien zabaltzea. Ez da beharrezkoa EIZIEko bazkide izatea galdetegia betetzeko, eta eskertuko dizuet zuen inguruan dituzuen interprete guztiei ematea galdetegiaren berri. Euskal interpreteen diagnostikoak gure lanbidearen errealitatea ezagutzen eta, hortik abiatuta, gure lan-baldintzak hobetzen eta aldarrikatzen lagunduko digu, baita hautematen diren balizko arazoei aurre egiten ere. Egin dezagun bidean aurrera elkarrekin.

Emozioen zurrunbiloa interpretazioan

Maitane Uriarte Atxikallende

Interpretazio-eskoletan, behin baino gehiagotan galdetu izan didate interprete profesionalek hizlariaren emozioak ere transmititu behar dituzten edo erabateko neutraltasun emozionalari eutsi behar dioten. Ni beti izan naiz hizlariarekin erabat bat egin eta hitzetatik haratago doana ere transmititzearen aldekoa, baina interprete guztiak ez gara berdinak โ€“izaera kontua ere hortxe dagoโ€“, eta, azkenean, norberaren hautua izan ohi da.

Batzuetan, hizlariaren emozioak begien bistakoak izaten dira entzuleentzat, negarrez hasten bada, adibidez. Horrelakoetan, interpreteok ez gara antzerkia egiten eta negarrez hasiko, noski. Hala ere, hizlariak zirrara, poza, haserrea eta, oro har, gehienbat ahotsean antzematen diren emozioak transmititzen dituenean, ahal den heinean interpreteek ere horiek transmititzen saiatzearen aldekoa izaten naiz ni, hau da, interpreteek ahotsaren modulazioaren jolastearen aldekoa, hizlariaren sentsazio eta sentimendu horiek nolabait transmititu ahal izateko. Izan ere, emozioek agerian utz ditzakete hizlariaren iritzia, pentsamoldea, helburuakโ€ฆ eta hori ere mezuaren parte da, azken finean. Dena den, berriro diot horrelakoak interpretearen beraren hautua izan behar direla, denak ez garelako iritzi โ€“eta izaeraโ€“ berekoak eta batzuei besteei baino gehiago kosta liezaiekeelako hizlariaren emozioak mimetizatzea.

Emozio eta sentimenduez ari garela, hemen badago zer esan. Hizlariaren emozioak azaleratzen direnean โ€“begien bistakoak izan ohi direnak zein ahotsaren bidez antzematen direnakโ€“ interpreteok nola jardun aukeratu dezakegula aipatu dut arestian, baina zer gertatzen da interpreteak berak gaiaren edo bestelako arrazoien ondorioz senti dezakeenarekin? Kasu horretan, norberaren hautua baino gehiago, profesionaltasuna dago tartean, interpreteok gure emozio pertsonalei eutsi behar diegulako beti, baina gizakiak gara eta noizbait gerta daiteke guretzat gehiegi izatea.

2022ko otsailean, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenean, Alemanian bizi den interprete ukrainar batek Volodimir Zelenskiren hitzaldia interpretatu behar izan zuen hedabide aleman batean, zuzenean. Interpretea urte askoko ibilbide profesionala egindakoa zen, baina Ukrainako gerrak zuzenean eragiten zion eta momentu batean ezin izan zion negarrari eutsi. Segundo gutxi batzuez barrena urratu zitzaion eta isildu egin behar izan zen, baina barkamena eskatu zuen segituan eta interpretatzen jarraitu zuen, hitzaldia bukatu arte. Hurrengo egunetan, albisteetan agertu zenean, babesa erakutsi zioten gehienek; beste batzuek, ordea, gogor kritikatu zuten, profesionaltasun falta egotzita. Nik neuk beti esan izan dut gure emozioak kabinatik kanpo uzten saiatu behar garela, baina bizitzan zehar muturreko egoerak ere suerta daitezke, interprete honi gertatu zitzaion bezalaxe. Negarra atera bazitzaion ere, barkamena eskatu eta aurrera jarraitu zuen, eta niretzat hortxe dago profesionaltasuna. Beharbada, kritikatu zutenek ahulezia eta profesionaltasun falta ikusi zuten tokian guztiz kontrakoa ikusi beharko genuke, hau da, profesionaltasun osoz barkamena eskatu eta segituan hitzaldia interpretatzen jarraitu izana, bukatu arte. Profesionaltasuna eta meritua, bere tokian jarriko bagina guretzat ere oso zaila izango litzatekeelako egoera horretan jardutea.

Luze hitz egin genezake interpretazioaren eta emozioen inguruan, batez ere azken adibide horren eta antzeko kasuen inguruan, baina, norberak bere gogoeta egin bitartean, gogora dezagun banbalina artean ibiltzen diren interprete bikainenak ere gizakiak direla eta noizbait egoera baten laztasuna eta konexio pertsonala direla-eta une batez emozioak erakustea ez dela, inolaz ere, ahuleziaren edo profesionaltasun faltaren seinale, interpreteek aurrera jarraitzeko duten erresilientziaren seinale baizik.

Koadernoak ez gaitu salbatuko

Maitane Uriarte Atxikallende

Esan osteko interpretazioa lantzen hasten garenean, koadernoari erreparatzen diogu lehenbizi, interpretazio modalitate honetarako panazea izango balitz bezala. Egia da esan osteko interpretazioa egiteko koaderno bat behar dugula, baina lehenbiziko saiakerak egin bezain pronto konturatuko gara koadernoak, bere horretan, ez gaituela salbatuko.

Adibide txar bat jarriko dizuet, zer esan nahi dudan uler dezazuen: adimen artifiziala denetarako erabiltzen hasiak gara eta benetan laguntzen gaitu gauza askotan, baina giza burmuinak elikatzen du. Gure burmuina dago adimen artifizialaren gainetik eta bigarrenak ezingo du lehena inoiz ordezkatu. Esan osteko interpretazioan hartu beharreko notekin antzeko zerbait gertatzen da: jatorrizko hitzaldia adi-adi entzun eta prozesatzen badugu, jarraian notak labur hartzeko, burmuinean gordetako informazio horrek gidatuko gaitu notetan barrena, interpretazio ona eta osoa eskaintzeko. Burmuinak salbatuko gaitu notetako sinbolo eta gezien itsasoan, eta ez alderantziz. Unibertsitatean harrituta begiratu ohi didate ikasleek hori esaten diedanean โ€“eta koadernoari altxorrik preziatuena balitz bezala heltzen dioteโ€“, baina saiakera batzuk egin ostean argi ikusten dute halaxe dela. Horregatik, esan osteko interpretazioa irakasten dugunean, memoria lantzen hasten gara lehenbizi, koadernorik gabe. Hitzaldi erraz eta egituratuak egiten ditugu, ezer idatzi gabe eta memoriaren magia baliatuz xede-hizkuntzan erreproduzitzeko. Memoria lantzeko fasea esaten diogu eta aste batzuk irauten du, ikasleek memoria gure oinak direla eta koadernoa makulua dela barneratu arte. Harrigarria da, baina fase horren ostean notekin hasten garenean, normalean ikasleek lasaiago hartu ohi dituzte, dena apuntatzeko obsesiorik gabe โ€“ez da batere erraza obsesio hori gainditzeaโ€“, eta notak hartzeko metodo pertsonala aurkitzen saiatzen dira, lasaitasun handiagoarekin. Izan ere, jatorrizkoaren egitura eta lehen mailako informazioa buruan baditugu, noten babesarekin, ondo aterako da dena.

Bitxikeria bat komentatuko dizuet, aurretik esandako guztiaren harira. Jatorrizko hitzaldiak anekdotak eta txisteak barne hartzen dituenean, horiek ia-ia ezer apuntatu gabe oroitzen ditu interpreteak. Horrelakoetan nahikoa izaten da adi-adi entzun eta zentzua harrapatzea, hizlariaren emozio eta keinuekin bat egitea, eta memoria arduratuko da gainerakoa egiteaz. Tira, gure makulua den koadernoan apuntatutako pare bat gauzatxok ere lagunduko digute anekdotak eta txisteak modu zehatzagoan erreproduzitzen, ez diezaiegun notei meriturik kendu!

Bestalde, unibertsitatean koadernoarekin hasten garenean, askotarikoak probatzeko esan ohi diet ikasleei. Koadernoak bere horretan salbatuko ez bagaitu ere, ezinbestekoa da harekin eroso egotea eta horrek notak hainbat euskarri eta modu desberdinetan hartzea eskatzen du. Ikasle gehienek koaderno estilo berdina erabiltzen bukatzen dute azkenean โ€“txikia, goian eraztunak dituena eta markarik gabeko orri zurikoaโ€“, baina hautua erabat pertsonala da eta ezin zaie ikasleei koaderno mota bat inposatu. Esate baterako, idazkera handia dutenek zailtasun handiak izaten dituzte hasiera-hasieratik koaderno txikiak erabiltzeko eta horien kasuan hobe da folio handiak hartu, goialdea zulatu, eraztunak jarri eta koaderno pertsonalizatua egitea, notak hartzen eroso sentitu arte behintzat. Horrelaxe hasi nintzen ni, koaderno txikia txikiegi geratzen zitzaidalako, eta urteekin pasatu naiz koaderno txikira.

Irakurleok, esan osteko interpretazioa arte bat da. Fase eta euskarri desberdinetatik pasatu behar den prozesua da, eta batzuek hasiera-hasieratik aise menderatzen duten artea bada ere, ikasi ere egin daiteke, maisu izatera iritsi arte.

Interpreteen lan-baldintzen diagnostikorako bidean

Claudia Torralba Rubinos

Gabonak eta urtearen bukaera gerturatzen ari diren honetan, blog honek ematen digun ikusgaitasuna aprobetxatu nahi dut EIZIEk interpreteen lantalde bat osatu duela jakinarazi eta 2024rako asmo onen berri emateko.

Azken hilabeteotan agerian geratu da interpreteon lan-baldintzak kolokan daudela hainbat eremutan. Horren jakitun, EIZIEko interpreteok bi bilera egin ditugu udazkenean, une honetan dauden premiak identifikatu eta eman beharreko urratsak jorratzeko. Bilera emankorrak izan dira, eta hasi gara jada lehen fruituak jasotzen.

Urte berriarekin batera interpreteen lan-baldintzen diagnostiko bat egitea erabaki da, interpreteen esperientziak eta bizipenak bildurik, arloka edo lan-eremuka bereizita. Helburua da ahalik eta ekarpen gehien biltzea, interpreteen artean dagoen aniztasunarekiko lehen hurbilpen bat egin eta maizen agertzen diren kezkak identifikatzeko. Ondoren, interpreteen artean zabalduen dauden lan-baldintza zalantzagarrietan oinarritutako galdetegi bat diseinatzeari helduko diogu, premia errealetatik abiatuta sortzeko galdetegia.

Gauzak horrela, blog honek dauzkan adarrak eta adaxkak baliatu nahi ditut interpreteen lan-baldintzen diagnostikoan parte hartzeko gonbita EIZIEren mugetatik haratago zabaltzeko. Izan ere, diagnostikoak euskal interpreteen errealitatearen benetako isla izan nahi du, eta EIZIEko bazkide ez diren interpreteen ahotsa ere entzun nahi genuke, interpreteen lan-baldintzak defendatzeko neurriak hartzen ari baikara. Gure lanbidean dauden lan-baldintzek denoi eragiten digute, neurri handi edo txikiagoan. Elkartu gaitezen, bada, borroka honetan.

Badakit irakurleen artean profesional hasiberriak ere badaudela, eta batzuetan esperientzia faltak eta, askotan, gaztetasunak, tokiz kanpo eta lotsatuta sentitzera garamatzala. Bada, mezu hau zuentzat ere bada: animatu eta parte hartu. Eskarmentu handiagoko interpreteak eta etorkizuneko lankideak eta lagunak ezagutzeko modu paregabea ere bada.

Bide batez, ez nituzke aipatu gabe utzi nahi erretiratuta edo erretiratzear dauden interpreteek gure lanbidean eta gure lan-baldintzen aldarrikapenean egindako ekarpenak. Zuei esker gara orain garena.

Sakabanatuta ibiltzen garen arren, interpreteok sare sendo bat osatzen dugu, eta 2023an agerian geratu da euskararen erabilera bermatzeko funtsezko bitartekariak garela. Horregatik, 2024rako daukagun asmo ona da lan-baldintzen diagnostikoan eta beste hainbat kontutan lanean jarraitzea, bakoitzak bere aletxoa jarrita. Dena den, eta esan bezala, oso pozik hartuko ditugu aletxo gehiago lan-taldean, eta beraz, animatzen bazarete, idatzi gure Mari Domingiei: bulegoa@eizie.eus.

Badakit apur bat goiz dela oraindik, baina 2023an idatziko dudan azken sarrera denez, urte-amaiera zoriontsua eta urte-hasiera ezin hobea opa dizuet guztioi.

Segi dezagun 2024an ere 31 eskutikek ematen digun elkargune honetan eta beste batzuetan elkartzen!

Zer gertatzen da interpretearen burmuinean?

Maitane Uriarte Atxikallende

Aurreko batean, entzule bat hurbildu zitzaidan interpretazio-saio baten ostean. Jakin-minez, aldibereko interpretazioa egiten ari garen bitartean gure burmuinak nola funtzionatzen duen galdetu zidan. Ez da, ez, batere galdera txarra, eta hain zuzen ere, neurozientzialari askok ikertu izan dituzte interpretazioan zehar gertatzen diren prozesu mentalak.

Aurreko artikulu batean adierazi nuen bezala, giza eboluzioaren historian, ezerk ez du interpreteon garuna programatu horren zeregin berezi eta nekagarrirako. Izan ere, interpretatzen hasi aurreko unean eta interpretatzen gauden bitartean izugarrizko festa gertatzen omen da gure burmuinean. Era sinplean esanda, badirudi interpretearen burmuinak orkestra-zuzendari baten pare funtzionatzen duela. Izan ere, garuneko eskualde askoren jarduera koordinatu behar dugu, portaera harrigarri eta konplexuak sortzeko.

Interpretazio-prozesuan, garunak milioika neurona erabiltzen ditu entzumenaren bidez jasotako informazioa prozesatzeko. Soinu-seinaleak jaso ondoren, deskodetu eta ezagunak zaizkigun soinu bihurtu behar ditugu, prozesa ditzagun eta mezuak guretzat zentzua izan dezan. Soinuen tratamendu hori egindakoan, mezua bera ulertzeko fasea dator eta fase horren ostean, mezua xede-hizkuntzan ekoizteko fasea. Bainaโ€ฆ garunaren zein partetan egiten da gauza bakoitza?

Lehenik eta behin, esan beharra dago hizkuntza garunaren ezkerreko hemisferiotik kontrolatzen dela. Hemisferio horretan hainbat atal daude, baina bi dira interesatzen zaizkigunak: Wernickeren eremua (hizkuntza ulertzeko) eta Brocaren eremua (hizkuntza ekoizteko). Eremu biak nolabait konektatuta daude, eta gainera, mintzamenerako muskuluak kontrolatzen dituen kortex motorrera lotuta ere badaude. Zentzua hartzen doa kontua, ezta?

Ahozko hizkuntza ulertu ahal izateko, hitzei esanahia ematen dien oroitzapenetara jo behar dugu. Wernickeren eremuak egiten duen lan hori ezinbestekoa da hizkuntza ulertzeko eta pentsamenduak hitz bihurtzeko. Mezua deskodetu ondoren, hurrengo urratsa mezu berbera xede-hizkuntzan sortzea izango da eta Brocaren eremuan egiten da hori, bi azpieremu โ€œdantzanโ€ jarrita: azpieremu triangeluarra (Brocaren eremuaren aurrealdean dago eta ahozko erantzunak sortzeaz arduratzen da) eta azpieremu operkularra (atzealdean dago eta fonazio-organoak koordinatzeaz arduratzen da, hizkuntza sortzeko). Brocaren eremuari esker, hizkuntzaren forma guztiak sor ditzakegu: ahozkoa, idatzizkoa zein keinuzkoa. Nerbio-sistemaren zatitxo honek forma gramatikal zuzena aukeratzeko eta hura adierazteko soinuak antolatzeko lan egiten du, eta horretarako, hitzen, letren eta fonemen arteko loturak ezartzen ditu. Era berean, fonemen ahoskera erregulatzen eta monitorizatzen du, hitzaren zati bakoitzari ez dagozkion fonemak ager ez daitezen. Azkenik, artikulazio-kode moduko bat igortzen du, kortex motorrak jaso dezan eta azken horrek fonazio-organoak koordina ditzan.

Aipatu ditudan prozesu guztien ardatza memoria da. Horixe da garunaren gaitasunik garrantzitsuena, informazioa kodetzea, datuak gordetzea eta iraganean gordetako informazioa gogora ekartzea ahalbidetzen baitu. Bi memoria nagusi daude: epe luzeko memoria eta epe laburrekoa edo berehalakoa. Epe luzeko memoriak informazioaren kodifikazio semantikoa egiten du hura gordetzeko, hau da, kontzeptuen arteko loturari erreparatzen dio, eta ikerlariek diotenez, ezagutza edo informazio jakin batek 6 bat hilabete behar izaten ditu memoria honetan finkatzeko. Epe laburreko memoria, berriz, soinuen prozesamenduari lotuta dago. Informazio gutxi gordetzeko gai da, 30 segundotik minutu batera arteko tartean. Memoriaren azpi-atal gisa, memoria operatiboa ere daukagu, informazioa biltegiratu eta manipulatzeko, hizkuntza ulertzeko, irakurtzeko, ikasteko eta arrazoitzeko.

Arestian aipatutako eragiketa guztiak egiteko, interpreteak memoria mota guztiak erabiltzen ditu: epe luzeko memoriak interpretazio-saioaren aurretik barneratutako ezagutzaren datu-base gisa funtzionatzen du, interpretazio-saioan zehar erabiltzeko; epe laburreko memoria, berriz, topera aritzen da aldibereko interpretazioan, modalitate horren berehalakotasuna dela-eta. Hain zuzen ere, aldibereko interpretazioa egiten ari garenean, prozesu mental guztiak oso-oso azkar gertatzen dira, eta ondorioz, kontzeptu batzuk ez dira inoiz epe luzeko memoriara iristen. Hala, interpretazio-saioa bukatu eta gerora saio horretan esandakoa azaltzeko eskatzen badiguzue, ziurrenik memoria-ariketa galanta egin beharko dugu, eta hala ere, ez ditugu gauza asko gogoratuko. Bestalde, interpreteok kontu handiz ibili behar dugu epe luzeko memoriarekin eta, oro har, aldez aurretik barneratutako ezagutza guztiarekin, oso erraz โ€œkutsaโ€ baitezake interpretatu beharreko mezua: gure burmuinak entzundako mezuaren eta aldez aurretik gordetako informazioaren arteko lotura logiko eta azkarra egiten badu, jatorrizko diskurtsoan agertzen ez diren elementuak gehitzeko arriskua dago, epe luzeko memorian gordetako informazioa entzundako horrekin erlazionatze hutsagatik. Bestalde, memoriari askatasun osoa ematea bezain arriskutsua da hura blokeatzen duten egoeretatik pasatzea: antsietatea, hanka sartzeko beldurra, estresaโ€ฆ

Ikusten duzuenez, interpretearen burmuina orkestra sinfoniko paregabea da, eta sormenaren adibide eder honetan, burmuinaren atalak gogoz entrenatzen dituzten interpreteak baino ezin dira izan munduak hainbeste behar duen hizkuntza-kantuaren zuzendari.