Euskaldun baten konfesioa

Yasmine Khris Maansri

Aurrekoan, manikeismoa landu genuen klasean. Mise en abyme batean bezala, horrek nire lizeoko klaseetara eraman ninduen, guk manikeismoa zer den ikasten genuelarik. Alde filosofikoa aparte utzita, oroitzen naiz manikeismoa jarrera bezala irakatsi zigula irakasleak. Txuria eta beltza. Lezioak gero balio zigun Bic bolalumarekin eskuetan yin eta yang sinboloa marrazteko. Gero Star Warsen alde argia eta alde iluna. Gero Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemaniak. Gero Voltaireren Kandido. Eta geroago, Iran eta Estatu Batuak.

Horixe zen irakasleak transmititu nahi ziguna. Hau da, ona eta txarra ―gehiagotan, onak eta txarrak―. Konnotazio politikoekin, askotan; beste batzuetan irakasleak ulertarazi nahi ziguna zen manikeismo neutroa existitzen zela, eta guk, institutuko gure nerabe errebeldian, erantzuten genuen: “kazetaritzak ezin du epela izan, ezin du neutroa izan!”. Horrekiko adibide bat bururatu zait, diziplina guzietan deklina daitekeena: dakiena eta ez dakiena. Bitartekorik ez baitu onartzen, esanahiaren arabera.

Polarizazio honen harira, beste adibide bat etorri zitzaidan burura berehala: hizkuntzena, euskararena, nola ez. Murgiltzen garen igerilekua da hizkuntzaren polarizazioa, guztiok bizi(tzen) duguna. Ez da batere berria, ezta ezohikoa ere. Lagunek badakite baina familiak ez; edo aldrebes. Bikotekideak bai baina lankideek ez. Etxean bai, kuadrillarekin ia inoiz ez. Denok etxekoa dugu diglosiaren egoera, Euskal Herria ez baita gehiagorik burbuila bat, badirudien arren (kasu, ez naiz ez historialari, ez soziologo, ezta hemen jaioa, baina hemen bizitako urteek oso argi utzi didate).

Kontua da manikeismoaren muinak ez duela grisik onartzen, eta bi muturren artean ezin da aske oszilatu. “Erabaki zure aldea, kamarada” zioten. Beraz, zure iparrorratza ipar eta hegoen artean dago dantzan. Batzuetan erritmo frenetikoan doa orratza, Whatsappeko mezu batetik (gaztelaniaz) bestera (euskaraz), adibidez. Beste batzuetan mantsoago, asteburua pasatzen duzunean hizkuntza bakar bat erabiliz, astelehenaren estres linguistikoa berriz agurtu arte.

Lur honetako nire egonaldiak beste gauza bat ere argi utzi dit: zenbat eta parametro gehiago pilatu, orduan eta polo gehiagoren artean dardaratzen da orratza.

Hona dator nire konfesioa: oraindaino (Euskal Herrian bizi naizenetik), nire iparra euskara izan da. Euskaldun berri/zaharraren manikeismoan sartu gabe, euskalduntzat jotzen dut neure burua, eta hori nahikoa izan da buru-belarri hizkuntzaren irakaskuntzan urperatzeko, baina batez ere hondoan igeri egiteko. Duela gutxi, baina, lana dela eta, parametro gehiago sartu ziren nire egunerokoan eta orratza mugitzen hasi zitzaidan, puntu kardinal guziak ukituz: mendebalderantz hasi da kulunkatzen (= ingelesez) eta ekialderantz ere bai (= frantsesez). Noizean behin hegoalderantz gutxika. Ados, “denoi gertatzen zaigu” esanen duzue. Eta nik: “bai, baina zer gertatzen da iparrorratz bat nola irakurtzen den ez badakit?”. Galderak berak zorabiatzen nau.

Orain dela gutxi, gomenduriko liburu baten euskarazko itzulpena hasi nintzen irakurtzen, eta ai!, zenbat traba, zenbat eten, zenbat “zer esan nahi zuen hitz honek?”, zenbat “uf, ez dut ulertzen hau”, zenbat “liburua utziko dut”. Bitartean, beste hizkuntzetako dozenaka liburu gehitu ditut nire Goodreads zerrendan. Eta momentu horretan, preseski, etorri zen: errudun sentimendua. Ez denez inoiz bakarrik etortzen, beti ongi lagunduta egiten du bisita: sorgin gurpilarekin batera.

Haien aurkezpena horrelaxe izan zen:

―Kaixo, ni errudun sentimendua naiz: ez baduzu ahaleginik egiten (eta ez baduzu arrakastarik), deserosotasun eta porrot sentipenak izanen dituzu.

―Kaixo! Ni sorgin gurpila naiz: besterik ez, errudun sentimenduarekin bazaude, ba, gomendatuko dizut akaso hoberena dela esfortzurik ez egitea. Horrela, errudun lagunak bisita gehiago eginen dizu.

Bada esaera bat, itzultzaileok askotan entzun duguna: hizkuntzak landareak bezalakoak dira; ureztatzen ez badira, hil egiten dira. Ez naiz hain lorezain txarra, baina negua luzatu da eta landaretza izoztu dit.

Hau ez da mezu bat botila batean, baina orientatzen ikastea gustatuko litzaidake, betiere nire mapa osatzen duten poloak erabiliz, eta batez ere iparra galdu gabe.

Irabaziak eta galerak

Isabel Etxeberria Ramírez

Gurasoak erdaldunak ditut. Anaiak eta ni euskaldunak gara. Gaur egungo milaka euskal hiztun bezala, eskolan euskaldundu ginen hirurak. Gure kasuan, ez ikastola batean, euskalduntzeari dagokionez garai hartan ohikoa zen bezala, baizik eta ikastetxe erlijioso batean, Donostian, nire jaiolekuan. Nire hizkuntza-autobiografia mentalki errepasatu, eta konplexuen eta ahalduntzeen segida bat gailentzen da.

Lehen Hezkuntza (OHO-EGB) B ereduan egin nuen, erdaldunak nagusi ginen ikastalde batean. Kontuak gaizki ateratzen ez bazaizkit, 10-15 izango ziren etxetik euskara zekartenak 80 haur inguruk osatutako 1975eko kinta hartan. Esan beharrik ez dago euskara guretzat irakasleekin hitz egiteko tresna baino ez zela garai hartan, topiko guztiekin bat eginez, eta “itxegin” ere hala moduz hitz egiten genuela. Txepetxen motibazioa-erabilera-ezagutza hartatik, ezagutzak eman zion hasiera nire ibilbideari, nik hala ez eskatu ez erabaki gabe, eta motibazioa agertu zen handik gutxira, oso modu lausoan bada ere. Ez dut gogoan irakasleek euskara maita genezan sermoirik botatzen zigutenik, baina bai “Txoria txori”, “Bizkaia maite” edo “Euskal Herrian euskaraz” jarri eta ikasarazten zigutela, eta guk, edo nik bai behintzat, halako emozio estetiko bat sentitzen nuela kanta haiek entzutean, sumarazten zidana bazela hor nonbait mundu oso bat, niretzat ezezaguna, erakargarria zitzaidana eta neure egin nahi nuena.

Lehen lilura hark bazuen lotsatik ere, noski. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuko pasarte batean bezalaxe, badut nik halako oroitzapen lauso bat, nola amak akuilatuta aitonarekin bizpahiru esaldi trukatu nituen inoiz euskaraz ―lau aiton-amonen artean euskaldun bakarra―, eta zer frustragarriak gertatu zitzaizkidan inkomunikazio une haiek. Erraz irudika dezaket orain Mugiroko gizon gogor haren harridura deseroso baina aldi berean ―pentsatu nahi dut― harrotasun puntu batez zipriztindua, biloba berarenetik hain urrun zegoen euskara trakets hartan lotsa-lotsa eginda mintzatzen entzutean.

BUPen nabarmen aldatzen zen gelako paisaia soziolinguistikoa gure ikastetxean. Ordura arte nagusiki Donostiako Loiola, Martutene eta Amara auzoetako haurrez betetako ikasgela haietara, ama hizkuntza euskara zuten gaztetxoak iritsi ohi ziren batxilergoa egitera, Astigarraga, Andoain, Oiartzun eta Hondarribitik, besteak beste. Gure ikaskide berriek “ona do” eta “bakizu ze?” esaten zuten, eta euskaraz mintzo ziren euren artean, natural. Guretzat mundu berri bati begiak zabaltzea izan zen hura. Esan nahiko nuke Txepetxen triadako hirugarrena, erabilera, orduan iritsi zela nire bizitzara, baina gezurretan arituko nintzateke. Ez dut gogoan gu, erdaldunok, lagunartean euskaraz egiten hasi ginenik garai hartan. Bestela esanda, Andoaingo, Oiartzungo eta Hondarribiko gure lagun berri haiek erdarara pasatzen ziren gurekin hitz egiteko. Horratx ifrentzua.

Denbora luzez konplexuz beteta bizi izan nuen nire erdipurdikotasun linguistikoa, eta lotsatu egiten ninduen nire pedigri falta agerian geratzeak. Nire ikaskide euskaldunen mundu erreferentziala ezezaguna zitzaidan: nik ez nuen anaia zaharragoen zintetan Hertzainak entzuten, eta sekula joan gabea nintzen Kilometroak-era, are gutxiago Herri Urratsera edo Durangoko Azokara. Aurrerago, jada unibertsitatean, Euskal Filologiako nire ikaskideen arteko solasaldiren batean euskaldunok hain gustuko ditugun erakustaldi dialektal horietako bat sortzen zenean ―“gure etxean di-da esaten da”, “a, ba gurean ti-ta”, “gurean betidanik di-dau”…― niri mahai azpian ezkutatzeko gogoa sartzen zitzaidan. Eta ondo grabatua dut oroimenean zeinen ezdeusa sentitu nintzen Ahozko Literatura ikasgaiko eskola batean, bertsolarien artean ahotsak zer funtzio jokatzen duen ilustratu nahian Joan Mari Lekuona “Egañak honela” eta “Lizasok honela” bata eta bestea imitatzen hasi zenean eta nire inguruan ikaskide guztiak dibertiturik buruarekin baiezkoa egiten sumatu nituenean; nik, noski, justu-justuan bainekien bertsolariak zirela, eta ez besterik.

Gaur egun euskaraz bizi naiz. Euskaldunberri/euskaldunzahar etiketak aspaldi samar ahaztu nituen, eta konplexu gutxi dut jada (horretan adinak ere lagunduko zuen ziurrenik). Euskal Filologia bukatuta, euskarari lotuak izan dira eduki ditudan ia lan guztiak, irakaskuntzan, itzulpengintzan zein liburugintzan. UEMAn dagoen udalerri batean bizi naiz, azken urte hauetan asko erdaldundu den arren Donostia nire jaioterria baino euskaldunagoa den herri batean. Bikotekide bizkaitarra dut, arnasgunetzat jotzen den herri batekoa, eta gure bi semeek, nik ez bezala, euskara eta euskal mundua jaso dute etxean zuzenean. Gure etxeko hizkuntza euskara da. Nola aldatu diren gauzak, kamarada.

Edo beharbada ez horrenbeste. Gure bi semeak erdarara pasatzen dira etxetik euskara ez dakarten beren lagunekin ari direnean, eta tarteka baita beraien artean ere. Horretaz idatzi nuen duela urtebete pasatxo, blog honetan bertan, nik espero baino erreakzio handiagoa sorrarazi zuen artikulu batean ―norberaren ahuleziak aitortzea bezalakorik ez dago arrakalarik gabeko bizitzak dituztenen aholkuen iman bihurtzeko―. Batzuek hala ulertu ez bazuten ere, kezkatu eta amorratu egiten nauen kontua delako idatzi nuen testu hura, noski, inork ez baititu bere bizitzako ordutxo batzuk ematen munta gutxikoa iruditzen zaion gai bati buruzko ideiak buruan antolatzen eta paperean jartzen (ez naiz oraindik hedonismoari emanda bizi, baina alferreko masokismoa behintzat nahiko kontrolpean dut aspalditxotik).

Eta, hala ere, aitortu behar dut semeak noiz edo noiz gazteleraz mintzo direla-eta edo bizi naizen herria oso denbora gutxian nabarmen erdalduntzen ari dela-eta arranguratzen naizenean/garenean, deabrutxo baten ahotsa entzuten dudala ezinbestean, belarrira ezti xuxurlatzen didana: “tira, erdaldunagoak zineten zu eta zure ingurua haien adinean”. Nire bizitzan dena izan baita irabaztea, euskarari dagokionez. Aho txikiarekin esaten dut esan berri dudana, ez baitut nahi inork ulertzea garrantzia kendu nahi diedala azken urte hauetako datuei. Baina ausartu nahi dut ikusarazten euskara ikasi dugunontzat ez dela erraza izaten batzuetan, edo niretzat behintzat ez dela erraza izaten, irabazi indibiduala eta galera kolektiboa bereiz mantentzea. Eta euskararen auzian kontzientziazioari eta aktibazioari dagokionez kontuan hartu beharreko faktore bat dela esango nuke. Euskara irabazi dugunok beharbada ez dugu berdin hautematen arriskua.

Betiko erronkei begirada berriak

Amaia Lersundi Pérez

Askotan tokatu izan zait nazioartean euskal hezkuntza sistemaz hitz egitea, eta normalean, Euskal Herriko egoera ezagutzen ez dutenei bitxia egiten zaie gure hezkuntza sisteman dugun egoera linguistikoa, eta batzuetan zaila ere egiten zaie ulertzea. EAEko derrigorrezko hezkuntzan eskolatze hizkuntza nagusia euskara da, eta ikasle guztiek hiru hizkuntza ikasi behar dituzte gutxienez: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat, kasu gehienetan ingelesa izaten dena.

Beste toki askotan ez bezala, gure eskolatze hizkuntza nagusia hizkuntza gutxitua da, eta badakigunez, hizkuntza hegemoniko batekin diglosia egoeran bizi da. Horrek hainbat eszenatokiren aurrean jartzen gaitu. Batetik, etxeko hizkuntza euskara duten ikasleek haien lehenengo hizkuntzan egiten dute ikaste-prozesu osoa. Euskara lehenengo hizkuntza ez duten ikasleek, aldiz, murgiltze ereduan ikasten dute. Egoera horretan dauden ikasle batzuentzat euskara hizkuntza akademikoa edo eskolako hizkuntza besterik ez da, eskolaz kanpo tokirik ez duena. Hala ere, etxetik euskara ez dakarten beste ikasle batzuentzat murgiltze eredua arrakastatsua da, eta euskaraz bizitzera ere iristen dira.

Badaude beste herrialde batetik etortzen diren ikasleak ere, zeinentzat euskara eta gaztelania haien hirugarren eta laugarren hizkuntzak izan daitezkeen. Azken urteetan, Euskal Herriko hezkuntza sisteman, eta baita munduko beste herrialdeetako hezkuntza sistemetan ere, kultura eta hizkuntza aniztasunek nabarmen egin dute gora. Igoera hau are nabarmenagoa izango da datozen urteetan.

Orain arte, ez zaigu batere erraza egin curriculumeko hiru hizkuntzak modu koordinatu batean irakastea eta euskara ardatz duen eleaniztasuna praktikan jartzea. Gero eta gehiago dira eskoletan elkarrekin bizi diren hizkuntzak, eta gizarte benetan inklusibo eta eredugarria izan nahi badugu, hizkuntza horiek guztiak errespetatu eta kontuan hartu behar ditugu. Erronka potolo baten aurrean gaude, eta hezkuntza komunitate osoaren ardura da erronka horri behar bezala erantzutea.

Bide eta hausnarketa berriak irekitzeko garaia dela uste dut. Zer eta nola egingo dugu gure hezkuntza sisteman daukagun hizkuntza aniztasunari erantzuteko? Nola bermatuko dugu kulturartekotasuna geure kultura mantenduz eta zainduz? Nola indartu geure hizkuntza besteen hizkuntzak baztertu edo gutxietsi gabe?

Mila dira burura datozkidan galderak. Hasieran esan dut batzuetan nazioartean zaila egiten dela gure hezkuntza sisteman bizi dugun egoera linguistikoa ulertzea, baina barrutik ere ez da erraza teorikoki hain barneratuta ditugun zenbait ideia praktikara eramatea. Herrialde batzuek eredutzat dute Euskal Herria, baina guk ere badugu zer ikasi besteengandik; esaterako, ikasi beharko genuke hezkuntza komunitatean sortzen diren testuinguru eta errealitate eleaniztunetan nola jokatu, betiere, noski, euskarari kalterik egin gabe. Eskola batzuetan lan handia egiten ari dira bide honetan, eta azken urteotan elkarbizitzan asko laguntzen duten hainbat praktika on abiatu dituzte. Horiek bai eredugarriak!

Aurrez aurre, justizia

Asier Larrinaga Larrazabal

Orain dela egun batzuk, beste epai bat gehiago ezagutu dugu Administrazioan sartzeko ezarrita dauden hizkuntza-eskakizunen aurka, oraingo kasuan Bizkaiko Foru Aldundiaren lan-eskaintza publiko batekin lotuta. Argudioak euskal lurraldeetan diharduten auzitegiek erabili ohi dituztenak dira. Bi argudio dira, biak ala biak zeharo gezurrezkoak.

1. argudioa: «Euskara-eskakizunek gaztelania-hiztunak baztertzen dituzte». Irmoki ezeztatzen dut. Jakitea eta izatea ez dira gauza bera. Soldata publikoa duen langilea izateko euskara jakin dadin eskatzea da, inongo alderik gabe, matematika jakin dadin eskatzea bezalakoa, edo bularraldeko kirurgia jakin dadin, edo autoa gidatzen, edo kasuan-kasuan dagokiona. Euskara jakin ezean, nahikoa da ikasturte akademiko bat (9 hil) B2 maila erdiesteko. Euskara jakiteko eskakizuna ez da parekatu behar, ezelan ere, Barakaldon jaioa izateko baldintzarekin, ile-horia izateko baldintzarekin, ezkertia izateko baldintzarekin edo zeliakoa izateko baldintzarekin. Egoera hainbeste zitaldu da, ezen, Antsoainen oposizioetara aurkezten banaiz, ingelesa jakitea merezimendua izango baita, baina euskara jakitea bidegabekeria.

Funtzio publikoan lan egitea zerbitzu bat da, ez eskubide bat, eta pertsonarik prestatuenak hautatzea eskatzen du. Kontua ez da inor diskriminatzea bere izateagatik, baizik eta merituak aitortzea badauzkanari.

2. argudioa: «Administrazioak euskarazko zerbitzua eman dezan, ez da beharrezkoa plaza guztietan hizkuntza dakiten pertsonak aritzea». Errealitateak berak gezurtatzen du argudio hau. Lehenago edo geroago, Administraziora euskaraz jotzen duen euskaldunak bere bizipenen artean izango du zain geratu behar izatea (ordu erdi baino gehiago batzuetan) “indigena”rekin komunika daitekeen baten bat aurki dezaten arte. Hori bada diskriminazioa. Diskriminatu egiten naute, eta askoz tratu txarragoa eman, nire hizkuntza-eskubideak erabiltzen saiatzeagatik.

Eta arazo bakarra ez da ez dugula bigarren mailako arretarik nahi. Gure nahia bada, era berean, euskara ulergarri, kalitate oneko eta zainduan egotea formularioak, liburuxkak, legeak, gidaliburuak, iragarkiak eta Administrazioak helarazten dizkigun gainerako testu guztiak, idatziak zein ahozkoak. Hori lortzeko modu bakarra da administrazioak euskaraz funtzionatzea; nekez lortuko da administrazioari azken orduan gogora etorrita testua euskaratu egin behar dela argitaratu aurretik, berdin dio Google Translator bidez, nire lehengusuari eskatuz, «Bermeokoa baita», edo erakundeko itzultzailearen eguneko ekoizpen-kuotari gaineratuz.

Nolanahi ere den, arrazoizkoa iruditzen zait hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua eta esleitutako eskakizun-mailak eurak esparru bakoitzeko errealitate soziolinguistikora egokitzea. Horixe bera exiji dakioke Justizia Administrazioari, ildo horretan ezer ere egin ez duena. Alderantziz, ez da arraroa justizia oldarkor agertzea euskararen aurka bere epaietan. Gogoan dut Gasteizko Administrazio-auzietarako Epaitegiak 2021ean emandako hura, honelako “perlak” jasotzen zituena: «Administrazioak ahaztu bide du euskarak bosgarren posizioa duela munduko hizkuntzarik zailenen artean (zerrenda batzuetan lehenengo ere agertzen da)».

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak egindako adierazpenek, Teleberrin jasoak, berretsi egiten dute ez dagoela ez egitasmo ez borondate instituzionalik, eta pertsona bakoitzaren ekimenaren esku uzten dela dena. Euro bat jokatuko dut, Uriartek piztu dituen espektatiben aurka, ezetz egin 2025ean epaiketa bat ere oso-osorik euskaraz.

Konfiantza dut, ordea, euskal administrazioetako zerbitzu juridikoek jakingo dutela zelan indargabetu euskararen normalizazioaren aurkako mehatxu hau, zeina baita, azken batean, gure herriaren normalizazio sozialaren aurkako mehatxu bat.

Jatorrizkoa Deian argitaratua: https://www.deia.eus/opinion/columnistas/2025/01/21/justicia-hemos-topado-9178384.html

Adimen artifiziala euskaraz

Maite Imaz Leunda

Common Voice Mozilla Fundazioak (kode irekiko Mozilla proiektuaren arduradun den irabazi asmorik gabeko erakundeak) abiarazitako lankidetza-proiektua da, ahots-grabaziozko datu-base libre bat sortzeko, horrekin kode irekiko ahots ezagutzailea (speech-to-text motorra) lortzeko hainbat hizkuntzatan. Boluntarioek mikrofono batekin grabatzen dituzte esaldiak eta grabazioak beste erabiltzaile batzuek berrikusten dituzte. Transkribatutako esaldiak ahotsezko datu-base batean jasotzen dira, jabari publikozko lizentziapean. Lizentzia horrek ziurtatzen du edozein garatzailek datu-basea erabil dezakeela ahotsetik testurako aplikazioetarako, mugarik edo kosturik gabe.

Euskarari dagokionez, Librezale euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen lantaldea hasi zen sustapena ematen eta grabazioak egiten. Geroago Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bultzada ematea erabaki zuen eta hainbat urrats egin ziren 2023an; egitasmoaren aurkezpen publikoa egin zen Tabakaleran eta horren inguruko hainbat publizitate egitasmo: spota komunikabideetan, Euskal Irrati Telebistako Gaitu-eguna, Grabazio maratoia hiriburuetan eta hainbat herritan, erronka bideratu zen ahotsak biltzeko proiektua bultzatzeko.

Bultzadaren ondorioz, boluntarioen kopuruak goraldia izan zuen, baina geroztik geldi samar dago. Gaur egun 10.000 hiztunetik gora daude erregistratuta eta 665 ordu grabatuta. Ekimenaren berri etengabe eman beharra dago jendeak ekarpenak egin ditzan. Ahots asko eta askotarikoak behar dira, adin tarte, genero eta mota guztietakoak. Milaka ahots behar dira eta milaka grabazio ordu euskaraz.

Kode irekiko ahots ezagutzailea librea izatean, edonork, hemengo eragileek zein beste enpresa teknologiko handiek, erabili ahal izango du garapenak egiteko.

Adimen artifizialak ekar ditzakeen abantailak handiak dira. Euskal Herrian badira adimen artifiziala eta euskara jorratzen ari diren ikertzaileak; esaterako, ahozko desgaitasuna duten pertsonen komunikazioa erraztuko duten sintesi-teknologien garapenean, ahots pertsonalizatuen sintesia lortzeko; edo ahotsaren transkripzio automatiko elebidunak egingo dituen tresnak garatzen, ahozko jarduna bi hizkuntzatan egiten den kasuetarako; edo euskara ikasten ari direnentzako txatbotak, ikasleek makinekin euskarazko elkarrizketak eduki ahal izan ditzaten.

Adimen artifizialaren arriskuak ere nabarmenak dira, ordea, modu desegokian erabiliz gero. Itzultzaileen eta interpreteen lana arriskuan egon daiteke itzultzaile automatiko neuronalak eta transkribatzaile automatikoak lagungarri gisa erabili beharrean profesionalen lana ordezkatzeko erabiltzen badira. Behin eta berriz esan beharra dago teknologia berrien egitekoa ez dela soilik euskara ikusgarriago egitea eta zabaltzea, kalitatezko euskara erabiltzea eta zabaltzea baizik.

Baina bada erabilera desegokiarena baino arrisku handiagoa: adimen artifizialean euskara ez sartzea eta ingurune digitaletik kanpo geratzea, alegia. Adimen artifizialaren kontrako ahotsak entzuten dira esanez hizkuntza gutxituak babestu egin behar direla. Baina adimen artifizialari uko egitea eta adimen artifizialetik kanpo gelditzea ez da euskara babestea. Orain dela hamarkada batzuk ere baziren euskara batuaren kontra zeudenak euskalkiak babestu behar omen zirelako, baina euskara batua sortu ezean euskarak berak bizirik irautea zen jokoan zegoena.

Teknologia digitaletan ingelesa eta beste hizkuntza nagusi batzuk izaten ari diren bilakaera azkarra baldintza beretan egin ezin duten hizkuntzek desagertze digitalerako zorian eta arrisku larrian egon daitezke. Hizkuntza digitaletan dauden ezberdintasunak mehatxu larria dira hizkuntza-aniztasunarentzat.

Gaur egungo egoerari begira, irtenbide digital aurreratuetarako behar den euskararen corpus digitala oso txikia da. Euskarazko corpus digitala izatea estrategikoa da hizkuntza-eredu eta aplikazio digital aurreratuak garatzeko ezinbesteko abiapuntua delako, eta datuak estrategikoak dira teknologia garatzeko.

Adimen Artifiziala hemen daukagu eta euskaraz egiten ez badu euskal hiztunek beste hizkuntza batzuetara joko dute. Hizkuntza gutxitu batek bere egiten ez duen esparrua inguruko hizkuntza hegemonikoek bereganatzen dute.

Amorrazio istorio bat

Uxue Rey Gorraiz

Jaiegunak astearen zer egunetan egokitzen diren, eta Iruñean betiere, esana da zubia bainoago akueduktua sortzen dutela abendu hasierako opor egunek. Bereziki halakoetan, kolpez desagertzen dira kazetariontzako deialdiak. Astebetez-edo, apenas izaten da deus agendan: ez prentsaurrekorik, ezta bestelako aurkezpenik ere. Eta, ondotik ere, ez pentsa, kostata jartzen da hiria berriz martxan ―zerbaitengatik da ezaguna esamolde hau: «Lan gutxiago egiten duzu iruindar batek abenduan baino!»―. Edonola ere, itzuli itzultzen da lanerako sasoia, jakina.

Espero bezala, ailegatu zaizu deialdi bat emailera. Egiari zor, ordurako eginak zenituen zenbait kalkulu, eta espero zenezakeen aste horretantxe deituko zutela prentsaurreko horretara. Eta, zertan ezkutatu: espero bezala, mezua erdara hutsez dago idatzia. Kurioski, aipagai duten egitasmoaren izena da euskarazko hitz bakar-bakarra emailean. Nafarroako Gobernuak antolatutako ekimena da.

Heldu da eguna, joan zara prentsaurrekora, puntual, eta pozik agurtu duzu aspaldi ikusi gabea zenuen lankide hura ―irrati kazetaria da bera―. «Nolatan zu hemen?», galdetu diozu harrituta, eta laster batean eman dizu aurreko hilabeteetan izandako aldaketen berri, eta kontatu kulturan arituko dela aurrerantzean, aldi baterako behintzat, zu bezalaxe.

Elkarren ondoan eseri zarete. Ziztuan, hurbildu zaizue eskuetan karpeta bat daukan gizona ―komunikazio arduraduna?―, eta, behin konprobatuta kazetariak zaretela, prentsa ohar bana eman dizue. Segidan, betiko moduan, diagonalean irakurri duzu entregatu berri dizun testua, eta, hara, ohartu zara jaso duzuna gaztelaniazko bertsioa dela. «Euskarazkoa emanen, faborez?», eskatu diozu, atsegin, eta, atseginez, edukazio handiz erantzun dizu hark ezetz. Sentitzen duela baina astirik ez dutela izan euskarazkoa inprimatzeko, baina bidaliko dizula emailez gero. «Ados».

Hasi da prentsaurrekoa. Hiru hizlari dira mikrofonoen parean, eta franko poztu zara erreparatu diozunean ertzetako batean eserita dagoenari. Haren aurpegiera ezaguna egin zaizu, eta oroitu duzu udan egitasmo berberak antolatutako agerraldi hartan zeure atzean izan zela eserita, eta ondotik izan zenuela halako hizketaldi atsegin bat harekin, eta euskaraz egin zenutela biek. Are gehiago: gogoratu duzu harexek nabarmendu zizula egitasmoaren aurtengo aldian partaide gehien-gehienak direla euskaldunak. Eta, pentsa zer inozokeria, baina orduan aski motibo sentitu dituzu zera esateko zeure kolkorako: «Prentsaurrekoa izan daiteke, bada, elebiduna».

«Egun on», ahoskatu ditu lehenbiziko hitzak Nafarroako Gobernuko ordezkariak, euskaraz, eta luze aritu da tartarrean erdaraz gero. Eta, gidalerroren batean idatzia balitz bezala, berdin-berdin egin dute besteek ere. Gaztelania hutsez egin dute agerraldia segidan, oso-osorik, ondotik jakin badugu ere hizlarietako bakarra ez, baizik eta bi direla euskaldunak. Hori gutxi balitz, bertan entzule ziren zenbait herritarri ere eman diete hitza, batera edo bestera badutelako loturarik egitasmoarekin, eta haien ahoetatik ere ez da atera euskarazko hitzik batere. Ohartarazpena: inork pentsa lezake areto hartan apenas zela euskaldunik; eta bazen, bai.

Pasea da kasik ordubete. Berez, prentsaurrekoa bukatu bezain laster egin nahi zenuke alde, lanak aurreratzen hasteko, baina, derrepentean, gogoratu duzu oraindik ondoan duzula irratiko lankidea, formal-formal. Eta, zuk agian ez duzu aparteko premiarik, moldatu zintezke horrela ere, baina nola demontre moldatuko da bera euskarazko hitzik grabatu gabe?

«¿Los periodistas tienen alguna pregunta?». Eta altxatu du eskua lankideak, argitzeko «euskaraz erantzuteko» galdera pare bat nahi liekeela egin. Ez zaituztet gehiegi nekatu nahi, laburbilduko dizuet ordutik aurrera gertatutakoa: hizlariek ederki eman zituzten kazetariak eskatutako esplikazioak, baina, egiari zor, haiek hizketan hasi eta berehala hasi nintzen ni zenbaiten urduritasuna sumatzen. Hona hemen errematea: bigarren galdera egiteko imintzioa egin zuen kazetariak, eta ordura arte ikusia ez nuen gizon bat hurbildu zen gugana ―arduraren bat bazuen―, bizi-bizi, eta hau esan zigun ahapeka ―horrela oroitzen dut behinik behin―: «Aizue, zergatik ez dizkiezue galdera horiek geroxeago egiten, banan-banan haiengana hurbilduta? Ez dakit komeni den orain prentsaurrekoa gehiago luzatzea, jendea zain izatea…».

Esanen nizueke ez nik ez nire lankideak ez genuela gogorik borrokarako. Horregatik eman genuela amore. Baina gauza bat da esandakoari men egitea eta beste bat horrez gain konforme plantak egitea. Horregatik, bai, gizon horrek «agindu» eta berehala bukatu zen ofizialki prentsaurrekoa, ordubeteko gaztelaniazko hizketaldiaren ondotik euskarak ez zezan enbarazurik egin. Baina esan nien, jakina. Esan nien ez zitzaidala normala iruditzen, batetik, gaztelania hutsean aritzea, are euskarazko hedabideetako kazetariak direnean aretoan. Bestalde, esan nien ―ezin izan nion gogoari eutsi― euskarazko prentsa oharrik inprimatzeko astirik ez edukitzea ere ez zitzaidala txukuna iruditzen. Haren erantzuna, hitzez hitz: «Gutxi daramazu ofizio honetan, ezta? Halako asko falta zaizkizu, neska!».

Funtsean, halako amorrazio batek bultzatutako kontakizuna da hau. Eta aitortuko dizuet nik ere badakidala ez dela hau kasu bakarra, eta, are gehiago, gizon horrek gogorarazi gabe ere badakit zientoka aldiz gertatuko zaidala aurrerantzean ere. Gainera, lehendik ere haserretu naiz halakoekin. Hori bai: euskararekiko utzikeriak haserretu egiten nau, baina harrokeriak… horrek sutan jartzen nau. Izatez, joan dira asteak ordutik, eta ez zait kostatzen onartzea biharamunean izan nintzela agerraldi hartan zenetako bati idaztekotan barkamena eskatzeko, akaso une batean zakar aritu nintzelako. Tira, azkenean ez nuen eman pausoa. Metxa laburrekoa naiz, baina haiek piztu zuten sua.

Eta hau guztia zertarako kontatu zuei? Bueno, behintzat bistara izan dadin euskarazko hedabideetako kazetariok izaten ditugun traben adibide bat gehiago. Gainera, hau berdin gertatzen da izan Iruñean, izan Donostian edo izan Bilbon ―badaezpada―.

Eta itzulpengintzari loturik, zer gehiago esan? Bada, kontatuko dizuet, euskarazko prentsa oharrik banatu ez zidatenez gero, eta presak estututa, hala moduzko itzulpen bat egin nuela egun hartan. Eta egunkariko zuzentzaileei esker plazaratu zela artikulua txukun gero. Haien laguntzarik gabe oraindik ere ez nekike Rada ez, baizik eta Arrada dela Nafarroako herriaren euskarazko deitura. Eta berdin Oteizarekin: Oteitza omen.

Izar berri bat piztutzera noa

Asier Larrinaga Larrazabal

Euskararen erabilerak kezka handia eragiten digu euskaltzaleoi. Euskal Herriko belaunaldi berriak, oro har, gero eta euskaldunago dira, gero eta gehiago direlako euskara dakitenak, eta dakiten euskara hori gero eta gehiagorako balia dezaketelako –etxean, kalean, ikastetxean zein lantokian–. Hala eta guzti, gero eta gutxiago entzuten diegu euskaraz. Egoerari buelta eman nahian, Euskaraldia eta beste zenbait ahalegin abiarazi dira. EITBn, eusle dinamika iruditu zaigu egitasmo egokia.

Esango nuke ekimen gehienon emaitzak ez direla nahi bezalakoak. Euskaraldiak, esate baterako, ez du lortu egoera apur bat ere aldatzea, eta hauspoa galdu du lehen ediziotik hona. Esperientzia arrakastatsuak ere badaude, ordea, eta horietako bat ekarri nahi dut lerro hauetara, hamarkada batzuk atzera eginda, 1960-1970eko urteetara eta lehenagora ere.

Esperientzia horren epizentroa Bilboko San Anton eliza izan zen –Bilboren armarrian agertzen den bera–, eta arima, Klaudio Gallastegi parrokoa. Gallastegiren babespean eta Iñaki Gallagaren bultzadaz, 1947an San Anton abesbatza sortu zen, urte hauetan guztietan euskal musika tradizionala eta berria zabaltzen ibili dena Euskal Herrian zein beste herrialde batzuetan. San Anton abesbatzaren lehen egoitza Salón Solocoeche izan zen, San Anton parrokiak Solokoetxe kalean zeukan ekitaldi-aretoa. 1952tik, egoitza Bizi Nai dantza-taldearekin partekatu zuen. Bizi Nai San Anton abesbatzako kide batzuen ekimenez sortu zen herri eta auzoetako jaiak zortzikoz eta jotaz alaitzeko, eta, honetan ere, ezinbestekoa izan zen Klaudio Gallastegiren laguntza.

1968an, San Antonen ibiltzen ziren guraso euskaltzale batzuek, Imanol Camara eta Alberto Larrinaga tartean, on Klaudiorengana jo zuten, euren seme-alabentzat euskarazko heziketa nahi zutela eta. On Klaudiok Santiago elizarena zen pisu bat lortu zien Bilboko Loteria kalean, eta han hasi ginen, erdi ezkutuan, ume-partida handitxo bat lehen berbak eta lehen abestiak euskaraz ikasten. Hurrengo urtean, Banco de España kaleko beste pisu batera aldatu ginen, eta, 1970-71 ikasturtean, Josune Cearrak eta beste batzuek sustaturiko proiektuarekin bat egin, eta Begoñazpi ikastola inauguratu genuen.

Banco de Españako ume gehienok San Antonen egiten genuen kristau-ikasbidea, euskaraz. Euskal Katekesi hura Jose Antonio Retolazak antolatu zuen 1966. urtean, on Klaudioren babespean, eta, luze gabe, katekesirako erabiltzen ziren San Antongo lokal haietan, beste “haur” bat sortu zen: Kili-Kili. Retolaza zuen aita –eta Gallastegi aita ponteko–, eta, urte askotan, Kili-Kili aldizkaria ume euskaldun askoren erreferentea izan zen gure irakurraldietan eta gure aisialdian.

San Antoneko haurrok koskortuz gindoazen, eta zerbait gehiago behar genuen astialdia betetzeko. On Klaudiok sustatuta, eta taldeko monitore izango ziren euskaldun gazte kementsu eskutada baten laguntza eta konpromisoarekin, Euskal Katekesiak “metamorfosia” izan zuen eta, 1976an, Izar Berri sortu zen eskaut-taldeen eredura. Izar Berrik San Antongo parrokiaren Belostikale kaleko Arana dorretxeko pisuan izan zuen egoitza, Caritasekin partekatua. 1970eko hamarkadaren azken urteetan, gau-eskola bat ere egon zen bertan, gure gurasoetako askoren euskalduntze nahiei erantzuna emateko. Izar Berrik hamabost bat urteko bizitza izan zuen, hasierako urteetako umeok unibertsitateko ikasketak amaitu eta lan-mundura irteten hasi ginen arte. Euskaldun, euskaltzale, eta euskararen erabiltzaile irten ere. Bilbo baterako ez dago txarto, gehienok etxe erdaldunetako seme-alabak ginen eta.

Orain, atzerantz begiratu eta (bizi-)esperientzia arrakastatsu hartaz pentsatzen hasten naizenean, hiru gako identifikatzen ditut, beharbada euskara sustatzeko beste saiakera batzuen diseinuan aintzat hartu beharko liratekeenak.

1. Lidergoa. Klaudio Gallastegi euskararen sustatzaile nekaezina eta karismatikoa izan zen. Gauzak egiteko gogoz zeudenak bere albora erakartzen jakin zuen, eta beste jende asko aktibatzen.

2. Ekosistema. Euskaraz hitz egitea gauza normala izatea nahi bada, hiztunak bere bizitzako esparru guztietan edo ahalik eta gehienetan izan behar du euskara erabiltzeko aukera. San Antoneko parrokiak, San Anton abesbatzak, Bizi Nai dantza-taldeak, Euskal Katekesiak, Begoñazpik, Kili-Kilik eta Izar Berrik ez zuten haur edo gaztetxo baten bizitzako zirkulu osoa estaltzen, baina bai sare handi-handia eratzen; orduko bizimodurako, nahiko kunplitua. Eta hori bezain garrantzitsua da sare horretan inplikatuta zeudenek euskararen erabilera babesteko, bultzatzeko eta txalotzeko jarrera zutela. Haietako askotxo erdaldunak ziren (belarriprest avant la lettre), baina euskara nahi zuten euren seme-alabentzat, eta, hala, euskarari biziberritzen lagunduko zion ingurune bat antolatu zuten.

3. Aisialdia. Euskalgintza aspaldi jabetu da eremu informalaren garrantziaz euskararen erabilera indartzeko ahaleginetan. Guri, sanantondar familietako neska-mutiloi, Izar Berrik eskaini zigun aisialdian euskaraz bizitzeko aukera: larunbat arratsaldeetan bilkurak, igandeetan mendi-irteerak, gabonetan Olentzero, otsailean Santa Ageda, inauterietan mozorroak, Aste Santuan egonaldiak, udan kanpamentua… Urte osoan mila ekintza, ezinezkoak izango zirenak Izar Berriri euren konpromisoa eta denbora musu truk eskaini zioten monitore kementsu haiek barik. Eskerrik asko, Xabier, Gurutze, Atano, Arantza, Idoia, Lurdes eta atzetik etorri zineten beste guztiak.

Loteriakoak 1969ko ekainean.

Zoritxar moderatua (edo, euskara zaila ote da?)

Santi Leoné

Joseba Zulaikaren Aberriaren inpaseak ari naiz irakurtzen egun hauetan, aski gustura gainera, zeren, nire bizipen pertsonal batzuk direla eta –hemen kontatuko ez ditudanak; euskal prentsa arrosa sortu artio esperatu beharko duzue–, xarmanki ulertzen baitut zer den inpase egoera bat, alegia egoera bat, zeinean edozein aterabide hartuta ere ondorioak mingarriak izanen baitira. Irakurri ez ezik, ikusi ere ikusi dut berriki Zulaika solasean, Mikel Reparazekin batera abenduaren 10ean etorri baitzen Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialera mintzaldi bat ematera. Solasaldian, batez ere liburuaren lehen atalaz aritu zen antropologoa, euskarari buruzkoaz, eta hori primeran heldu zait, nik ere oraingoz lehen atala baizik ez baitut irakurri. Beraz, beheitiko lerroek atal hori dute mintzagai, ez liburu osoa.

Euskararen egoera dela-eta, baikorrak izateko deia egiten du Joseba Zulaikak; euskara putzura doan diskurtso agonikoa errepikatuz neketan erakarriko dugula inor gure kausara, eta, ondorioz, diskurtso hori autobetetzen den profezia bihurtzeko arriskua badela, alegia euskara putzura doala errepikatuaren errepikatuaz hondarrean putzura eramanen dugula guk geronek. Datuei begiratuta, euskararen ezagutzak eta erabilerak azken urteetan nola egin duten goiti ikusita, Zulaikaren arabera badira baikortasuna defendatzeko motiboak. Paradisuaren zorion perfektua –Euskal Herri arruntean euskalduna?– bazter utzita, onar dezagun zorion errealista –aitzinera egiten ari gara, hemendik urte batzuetara euskararen ezagutza unibertsala izanen da EAEko haurren artean–.

Zorion horri, nahi izanez gero, zoritxar moderatua ere deitzen ahal zaio, baina ikusten dut, helburua baldin bada inpasetik aterako gaituzten diskurtso eta jarrera sortzaile irudimentsuak bulkatzea, hobe dugula baikortasunaz mintzatu, zoritxarraz –moderatua ala mugagabea– mintzatu baino. Erran nahi baita ados nagoela baikortasuna erakutsi beharrarekin eta segur aski arrazoi zuela Andoni Egañak erran zuelarik ezkortasuna antzua dela.

Diagnostikoa eta erremedioa –tira, lekutu ditzagun behingoz metafora medikoak–, analisia eta proposamena egoki samarrak iduritzen bazaizkit ere, susmoa dut –liburua irakurriz baino gehiago, abenduaren 10eko mintzaldia adituz– ez ote dagoen neurri batean airean egina, ez ote dituen Zulaikak material kaskarrak –topiko zaharkituak– erabili bere etxea eraikitzeko; eta, ondorioz, nahiz eta etxea ederra izan, bidean dauden gogoeta batzuk ez ote diren aski desegokiak. Ruper Ordorikaren lerro ezaguna ekarri du gogora Zulaikak bere saiakeran: “euskaldun izatea zein nekeza den” (39. or.). Eta mintzaldian zehaztu zuen, nola izanen da jendea euskalduna “zortzi abizen euskaldun eta Rh negatiboa eskaka hasten bagara”. Nor ari da hori eskatzen gaur egun?

Ezkortasuna datuen gainean osaturiko fikzio bat da, euskarak “minbizia” duela eta horren inguruko trama agoniko guzia fikzio bat dira, ondorio errealak izaten dituztenak. Estrategikoki, baikortasuna erakustea da komeni zaiguna, etsipenak ez baikaitu inorat eramanen, hilobira ez bada. Ados. Gauza batek, halere, atentzioa eman dit bai liburuan bai aipatu mintzaldian: euskararen ezagutzaren eta erabileraren gaineko datuak –zifrak– baikor edo ezkor interpretatzen ahal dira, eta zein ikuspuntu komeni zaigun gehien erabaki beharko genuke; euskara zaila delako ideia, berriz, egia borobil berdadero ukiezina da, harria bezain sendoa, grabitatearen legea bezain zientifikoa, erlatibotasun orotarik haratagoko dogma. Horren ondorioz, “euskararen malgutasun eta sinplifikazioaren aldeko” dela aitortzen digu Zulaikak; “ezagunak dira euskal erlatiboak eta genitiboak eta subjuntiboak sortzen dituzten labirintoak sintaxian”; ez hori bakarrik, “aditza azkenean jartzearen arauari derrigor makurtu behar badiozu zure esaldia, laster ezin duzu errekonozitu zeure estiloa” (40.-41. or.). Nola ikasiko du jendeak aditz taula konplikatu hori?, erran zuen behin baino gehiagotan 10eko mintzaldian. Nik, berriz, hauxe galdeginen nuke: zer irakasle joaten da gaur egun klasera ditxosozko taula hori eskuan? Nor tematzen da aditz trinko arraroenekin, ikasleak bide horretarik lerraizkiokeelakoan? Barkatu, ezin izan diot eutsi tentaldiari.

Euskara zaila da –are zailagoa, jakina, existitzen ez diren arauak inposatzen badizkiogu–. Nonbait, baikortasuna komeni zaigu estrategikoki, baina, dirudienez, euskara zaila delako topikoa behin eta berriz errepikatzeak mesede handia egiten digu. Diskurtso horretan ez da deus aldatu beharrik, antza. Jakitera, ez nintzen etorrikoSi lo hubiera sabido, no habría venido. Zein da hizkuntzarik zailena, baldintza irreala adierazteko forma jokatugabe sinple bat eskuar duena, edo forma jokatu konplikatu samar eta izenordain bat eskatzen dituena? Kabituz gero, sartuko nintzateke – Si cupiera, entraría. Gaztelaniazko caber aditza erraza da? Bada caber aditza sinplifikatzeko proposamenik? Nola egiten du jendeak aditz horren traba gaindiezina, bada, horixe, gainditzeko? Zertan dabil Pérez-Reverte?

Badira –hara, hasmentan paratu dut aditza! (eta orain, objektuaren aitzinean!)– ingelesaren gaineko bi topiko, elkarrekin aski eroso bizi direnak, elkarren baztergarri izan arren. Lehendabizikoa da ingelesa erraza dela; bigarrena, bizi osoa ingelesa ikasten eman ondotik, ez zarela halere ongi moldatuko eta ez duzula ongi ahoskatzea lortuko. Nolanahi den ere, lehendabizikoa da eraginkorrena: ingelesaren puntu zailen bat aipatuz gero –eta nik proba egin dut nire ikasleekin (aditza erdian berriz ere; bide-urratzaile nabil gaur)–, hala nola phrasal verbs direlakoak, erraza delako teoria orokorraren salbuespen gisa interpretatzen dute; euskararen puntu errazen bat –generorik eza, adibidez– aipatuz gero, berriz, zaila delako teoriaren salbuespendako jotzen dute. Abiapuntuan dagoen ideiak du pisu handiena, bistan dena, eta adibide praktikoek ideia hori berresteko balio dute, baita salbuespenak direlarik ere.

Baina guk segi dezagun tematuak euskara zaila delako horretan: Fermin Etxegoienekin hasi, Xabier Amurizarekin segitu, eta orain Joseba Zulaika batu zaio zerrendari. Erabileran aitzinera egin dugu, baina Larramendiren El imposible vencido hartarik hona iduri luke ez dugula pauso bat bera eman; tira, ematekotan, gibelera, hark uste baitzuen posible zela inposiblea garaitzea. Euskara perfektua eskatu behar dugu?, galdegin zuen Zulaikak mintzaldian. Ez dakit inor euskara perfektua eskatzen ote dabilen. Badakit, ordea, Gasteiz eta Vladivostok artean eremu zabal-zabala dagoela, eta euskara perfektua ez eskatzetik trakeskeria guziak onartzera –zenbait onartzen ari duten bezala, ni apuntatutak ditut-eta– tarte ederra dagoela. Pentsa dezagun, nahi baldin badugu, zailtasuna dela euskararen problema nagusia. Nik ez dut hain argi. Diotenez, Alemania aldean haurrek ere –baita franko txikiak direnek ere– alemanez badakite. Horrek pistaren bat eman beharko liguke, alemanak ere zaila izatearen ospea badu eta.

Anekdota batekin akituko dut. Joseba Zulaika eta Mikel Reparazen ondotik, abenduaren 11n, Fermin Erbiti eta Iñaki Perurena izan genituen Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Errepasoa egin zioten Perurenaren ibilbideari, eta harri-jasotzaileak gogora ekarri zuen –mikaztasunik gabe ekarri ere– Espainiako iragarki batean gaztelaniaz bota zuen funtziona eta horrek eragin zituen irriak. Inork ez du gaztelania perfekturik eskatzen, baina irri horiek, ulergarritasunari trabarik egiten ez dion ahoskera diferente batek sorturiko irri horiek hierarkiak zein diren oroitarazteko ere balio izan zuten. Hor, antza, malgutasunik ez. Izan gaitezen baikorrak, ados, baina geure burua engainatu gabe.

Hizkuntza, bigarren mailako

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Adimen artifiziala eta itzulpen automatikoa ahoz aho darabiltzagun honetan, hona hemen amorragarri bezain etsigarria iruditu zaidan pasadizo bat.

Herritarren iritzia jakiteko prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian erakunde publiko batek. Agidanez, auzune bateko aisialdi eremu bat birgaitzeko asmoa dute, eta hainbat enpresak landutako proiektu teknikoak jaso dituzte. Aurkeztu diren proiektu guztien artean onenak aukeratu eta hautatutakoak ikusgai jarri nahi dituzte, horien artean gustukoena hauta dezaten herritarrek. Hautatutako proiektuen egileei A1 tamainako kartelak osatzeko eskatu die erakundeak, egin asmo duten eraldaketa urbanistikoaren berri herritarrei emateko: infografiez, irudiz, planoz zein marrazkiz hornitutako kartelak osatu dituzte, baita azalpenak ematen dituzten testuz ere. Behin kartelak jasota, jendaurrean jarri ditu erakundeak, eta berehala hasi da herritarren joan-etorria, eta hasi dira hasi iritzi-trukeak. Baikorrenek topatu dute gustuko proposamenik. “Begira zer plaza ederra geratuko den”. “Hori da hori ideia ona kioskoa bazter horretan jartzea”. “Ezin aukeraturik nabil baten edo bestearen artean”. Ezkorrenek badute betiko kexa: “halakok ez du nahikoa leku utzi umeentzako jolastokirako”; “beste horretan ageri den aterpea ez ote txikiegia?”; “batek berak ere ez du nahikoa berdegunerik, porlana nagusi denetan ere!”.

Lanbidez itzultzailea den herritar bat ere pasa da proposamenak ikustera eta zur eta lur geratu da lehenengoa begiratzen hasi orduko. Kartelaren goiko aldean ageri diren irudiak ikusi, eta azpian ageri den azalpena irakurtzen hasi orduko kopeta zimurtu du. Lehenengo esaldia irakurrita ez du ezer ulertu. Bigarrenez irakurrita ere ezin konprenitu. Hurrengo esaldiarekin igoala pasa zaio. Aurrerago egin testuan, eta, posible ote? Galdera baten hasieran alderantzizko galdera ikurra? Ezin izan du testua irakurtzen segi. Eskandalatuta, albo banatara begiratu eta parean dutena ulertu duten galdegin die aldamenekoei. “Irudiak besterik ez ditut begiratu eta ez diot idatzitakoari erreparatu”, bota dio batak; “oraindik ez dut begiratu ere egin”, besteak. Asaldatuta, boto papera patrikan gorde eta alde egin du itzultzaileak erakusgelatik.

Kartel hori jendaurrean erakusgai egotea nola litekeen posible pentsatuz itzuli da etxera. Zantzu guztien arabera, proposamena egin duen enpresak ez du proiektua euskaraz sortu. Eta proiektua euskaratzeko saiakera egin du –hala eskatu baitzaie jendaurrean jartzeko–, saiakera edo, ezin baita esan sortu dutena euskarazko testu bat denik. Gaur egun eskura ditugun euskarazko itzultzaile automatikoek kartelean zegoen emaitza baino dezente hobea eskaintzen dute. Hortaz, zer tresna demonio erabiliko ote zuten? Enpresarekin amorratu da itzultzailea, eta erakunde publikoarekin etsitu gero. Hiri-antolamendua jardunbide duen enpresa batek hizkuntza bigarren mailako elementu jo izana ez zaio onargarri. Baina larriagoa iruditu zaio euskaraz lan egiteko hautua egin duen erakunde publiko batek halako testu ulergaitz bat erakusgai jarri izana, zer eta jendearen iritzia jasotzeko!

Kasurik hoberenean, herritarrek, gure itzultzailearen modura, testuaren kalitate badaezpadakoa identifikatuko dute eta pentsatuko dute enpresak ez duela egoki jardun testua sortzean. Kasurik okerrenean, baina, euskaraz irakurtzera ohituta ez daudenek edo euskaraz alfabetatu gabeek testua irakurtzean pentsatuko dute euskaraz irakurtzeko gaitasun nahikorik ez dutela azalpenak behar bezala ulertzeko, eta horrek atzenduko ditu euskaraz irakurtzera beste okasioren batean ere. Modu batera zein bestera, kalte besterik ez irakurleoi halako jardunbideek.

Teknologia azkar doa aurrera, eta eskertzekoa da ditugun baliabideak izatea. Horiek behar bezala erabiltzeko adimena lantzea falta zaigu baina sarritan. Segi dezagun bide horretan lanean.

Eskoletako gurasoak eta itzultzaile neuronalak

Kike Amonarriz Gorria

Azken urte hauetan, gurasoei zuzenduriko hitzaldi asko ematea egokitu zait, hala euskaldunei, nola erdaldunei. Hauetako hainbat Haurren aurrean, helduak heldu egitasmoaren testuinguruan kokatu dira, beste batzuk, eskolan aurrera eramaten ari ziren euskararen inguruko lanketan, edo besterik gabe, gaia interesgarria iruditzen zitzaielako antolatu zituzten.

Euskaldunei zuzenduriko hitzaldietan erabili ohi dudan izenburu orokorra Guraso euskaldunak euskararen erabileraren oinarri eta motor izan da. Hitzaldi hauen helburu nagusia gurasoak ikastetxeen euskararen aldeko langintzan inplikatzea izaten da, eta zehazki, Gurasoen Euskara Batzordea edo, gutxienez, gaiaz arduratuko den talde bat antolatzea. Ukitzen diren gaien artean, euskararen egoera orokorra, hizkuntzaren inguruan hezkuntzan gaur egun ditugun erronkak, gurasoen egitekoa, eskolari eta hezkuntza-komunitate osoari begirako ildo nagusi batzuk eta proposamen zehatz posible batzuk.

Erdaldunei zuzenduriko hitzaldietan erabili ohi dudan goiburua, berriz, honako hau da: Mi hij@ estudia en euskera y yo no sé. ¿Cómo le puedo ayudar?

Hitzaldiei ekin baino lehen post-it-ak banatzen ditut bertaratuen artean, eta eskatzen diet bertan idazteko gaiaren inguruan dituzten galderak, zalantzak, ilusioak, hausnarketak edo hitzaldian zehar jorratzea nahiko lituzketen gaiak. Bi dira guraso erdaldunei zuzenduriko hitzaldi guztietan azaltzen diren galderak: etxeko lanetan nola lagundu, eta ea ona den dakiten euskara apurra (eta “txarra” eransten dute batzuek) seme-alabekin erabiltzea, haien kezka baita ea seme-alabek ez ote dituzten errepikatuko egiten dituzten akatsak.

Bi gaien inguruko azalpenak eta aholkuak ematerakoan itzulpenen gaiak garrantzi berezia hartzen du. Eta azken hiru urte hauetan berrogei eskola baino gehiagotatik pasa ondoren, ohartu naiz gaia ez dela lantzen gurasoekin. Ez da behar bezala komunikatzen eta guraso gehienek ez dute gaur egun dohainik erabil daitezkeen tresna eta gailuen berririk. Google-k eskaintzen dituen aukerak ezagutzen dituzte, baina hortik aurrerakoak guztiz ezezagunak zaizkie ia denei. Oso esanguratsua da itzultzaile neuronalen berri ematen dudanean gehienek erreferentziak apuntatu egiten dituztela edo diapoari argazkia ateratzen diotela. Ez dute informazio hori. Edo beste era batera esanda, ez zaie iristen eskoletako barne-komunikazio kanaletatik.

Hitzaldietan gurasoek itzulpenen edo baliabide teknikoen inguruan zer nolako galderak egiten dituzten ikusteko, hona jasotakoen lagin bat: 

  • ¿Es fiable el traductor de Google (Lens) para ayudar a mis hijos? (Portugalete)
  • ¿Hay alguna app o plataforma para ayudar a los niños a hacer los deberes? (Portugalete)
  • ¿Son útiles los traductores digitales? (Portugalete)
  • ¿Cual puede ser uno de los mejores traductores instantáneos de texto y sobre todo a través de foto? (Iruñea)
  • Cuando me dicen mis hijas qué significa una cosa, ¿es bueno utilizar el traductor del móvil? (Noain)
  • Herramientas no digitales de apoyo (Noain)
  • Traductores, internet… (Azkoien)
  • Algún traductor fiable para buscar (Donostia)
  • ¿Es bueno que lo traduzcan antes, si no lo entienden bien? (Donostia)

Euskal Herriko lau kornerretan bildutako galdera hauek argi islatzen dute itzulpengintzarekiko eta euskaratik itzulpen egokiak eskuratzeko dauden aukeren inguruko guraso gehienen ezjakintasuna, ezinegona eta gaiarekiko segurtasun falta.

Eta uste dut, gurasoak lasaitzeko, haien seme-alabei laguntza egokiagoa eman diezaieten, eskoletako hezkuntza-dinamiketan eta bizitzan gehiago eta erosoago parte har dezaten, euskararen erabilera susta dadin eta euskarara gehiago hurbil daitezen, oso onuragarria litzatekeela zer tresna dituzten erabilgarri jakinaraztea, eta hizkuntzen erabilera eskola-komunitatearen barne-bizitzan nola kudeatuko den azaltzea.

Nire ustez, komenigarria litzateke gurasoekiko harrera-protokoloetan edo ikasturte hasieratan gurasoekin egiten diren bileretan itzulpenekin zerikusia duten aspektu hauen inguruko oinarrizko informazioa eskaintzea:

  • Euskaratik edo euskarara doan itzultzeko sarean eskuragarri dauden gailu, aplikazio eta baliabideen zerrenda ematea, berauek erabiltzeko oinarrizko irizpideekin.
  • Bileretan edo batzarretan, hizkuntzak nola erabiliko diren azaltzea, eta euskarazko parte-hartzeak ulertu ahal izateko izango dituzten aukerak zehaztea.
  • Seme-alaben ikasketak jarraitu ahal izateko, ikasi dutenaren edo etxeko lanen inguruko itzulpenen bat eskatzen zaienean (euskaratik etxeko hizkuntzara), gurasoek aintzat hartu behar dituzten oinarrizko aspektuak argitzea: itzultzea ez dela ariketa automatiko erraz bat, askotan haurrek ez dutela jakingo hitzaren ordaina zein den, etab.
  • Seme-alaben ikasketak jarraitzen dituzten bitartean, itzulpen-ariketa hauen bidez, beraien euskararen ezagutza hobetu eta zabaldu dezaketela, eta haien oinarrizko hiztegia ere osatzen joan daitezkeela ikusaraztea.
  • Argi adieraztea egoera hauetaz baliatu beharko luketela, euskararekiko haien interesa agertzeko eta baita familiako hizkuntza(k) lantzeko ere, batez ere, familiako hizkuntza gaztelania, frantsesa edo ingelesa ez den kasuetan.

Ohar hauek etxeko lanen inguruko azalpenen testuinguruan ematen dizkiet hitzaldietan. Etxeko lanena guraso askorentzat kezka iturri nabarmena da, eta beti saiatzen naiz zama handitzat hartzen duten gai honen pisua erlatibizatzen. Hitzaldia hasi orduko galdera hau egiten diet: “Zuei gurasoek asko lagundu zizueten etxeko lanekin?”. Ia denek ezetz erantzuten dute, eta orduan esaten diet: “Bada, pertsona normalak eta jatorrak dirudizue! Beraz, nahiz eta etxeko lanetan gurasoen laguntza ez jaso, pertsona normalak atera gaitezke!”. Eta, ondoren, bigarren galdera egiten diet: ”Gai hau dela eta, guraso euskaldunekiko desabantaila handian zaudetela iruditzen zaizue?”. Hor, aldiz, gehienek baietz erantzuten dute. Eta orduan, etxeko lanen inguruan dauden jarrera desberdinak azaltzen ditut, zertarako diren, zer-nolako onurak eta zer-nolako desabantailak ikusten zaizkien, eta besteak beste, etxeko lanak ikasleek egin behar dituztela, zalantzak tutoreekin argitu behar dituztela, eta laguntzeko ditugun aukerak uste baino murritzagoak direla: gaiak ez ditugulako ezagutzen, ariketak egiteko moduak aldatu direlako, ez delako komeni laguntzea, etab.

Etxeko lanetan laguntzeko dituzten aukerak eta mugak zedarritu ondoren, guraso gehienek lasaitasun handia hartu ohi dute, eta guraso euskaldunekiko desabantailaren neurria ez dute horren handitzat jotzen. Euskaratik itzulpen egokiak modu erosoan jasotzeko aukeren berri izateak asko laguntzen du ikuspegi aldaketa honetan.

Guzti honegatik iruditzen zait horren garrantzitsua eskoletan gaia sistematikoki lantzea gurasoekin, eta bereziki, erdaldunekin.