Euskaraz ari garelakoan

Maite Imaz Leunda

Azkenaldian maiz irakurtzen dut joera handia dagoela euskara eta gaztelania biak nahasian hitz egiteko. Hizkuntzak nahasteko joera ez da berria, ez euskararekin bakarrik gertatzen den zerbait ere. Komunitate elebidunetan ohikoa da kideak hizkuntza batetik bestera aldatzea, ez bakarrik elkarrizketan zehar, baita esaldi beraren barruan ere.

San Sebastian bezpera honetan danbor hotsekin batera Raimundo Sarriegi musikagilearen martxa entzunez gero, eta bukaeraraino entzuteko aukera izanez gero, egiaztatuko dugu inauteriak datozela laster. Tolosar gehienok oso gustuko dugunez inauteriez hitz egitea, inauterietako umorezko bertso hauek aipatu nahi ditut. 1902an argitaratu ziren.

Canciones bonitas nahi nituzke jarri,
para los carnavales entretenigarri;
riรฑendo estuvieron senar-emazte bi,
diciendo disparates batak besteari.

La esposa decรญa senarragatikan:
โ€”No le puedo sacar ardotegitikan;
se pone caliente nafar beltzetikan,
no le gusta remojar iturrikotikan.

Nerabezaroko inauteri batzuetan entzun nituen lehenengoz bertso horiek, lehengo mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan. Umorezko edukia izateaz gain, kantu horien bereizgarria bi hizkuntzatan izatean datza. Eta grazia areagotzeko, euskal ahoskera eta ebakerarekin kantatzen ziren, edo hala ikasi nuen nik behintzat:

Can-tzi-o-nes bonitas;

diziendo disparates.

se pone ca-li-ente

Gaur egun ere kantatzen ditugu, baina gaztelaniazko zatiak euskal ahoskera eta ebakerarekin kantatzeko ohitura galtzen ari da. Hala ere, uste dut denak jabetzen direla hizkuntzak nahasian ari direla erabiltzen eta horixe dela bertso horien bereizgarria.

Lau urte edo nituenean gaztelania noiz ikasi behar nuen galdetzen omen nuen. Gurasoek sortu berria zen ikastolara eraman ninduten frankismo garaian. Oraindik gaztelaniaz hitz egiteko gai ez izateak ez zidan arazorik eragin, nire adineko beste batzuei gertatu zitzaien modura, baina jabetuta nengoen etxeko hizkuntzaz gain beste bat ere bazela inguruan. Ez naiz ondo gogoratzen noiz eta nola, baina ikasi nuen gaztelania, eta gaztelania ikastearekin batera hasi nintzen euskaraz ari nintzela gaztelaniazko esapideak sartzen. Eta orduan alarma gorria pizten zen. Gurasoek esaten zidaten erabili nuen hura ez zela euskara eta gogorarazten zidaten esan nahi nuena euskaraz nola esaten zen. Lehenengo alarma gorria etxekoa izaten zen.

Hurrengo alarma gorria ikastolakoa izaten zen, han ere behin eta berriz esaten baitziguten euskaraz egin behar genuela. Nerabezaro garaian irakasle batek ipuin bitxi bat idatzi zuen ikastolako aldizkarirako. Gaitz batek jotako familia baten kontakizuna zen, guraso eta bi seme-alabez osatuta zegoen familia batena, eta elkarren artean beti gaztelania eta euskara nahastuaz hitz egin zuten. Hori zen familia hartako kideek zuten gaitza: ezin zuten hizkuntza bakar batean hitz egin; beti nahasten zituzten euskara eta gaztelania. Ipuin osoan elkarrizketak gaztelania eta euskara nahastuta zeuden idatzita. Baina ipuinaren bukaeran irakaspena zetorren: aipatzen zuen gaitz hura kutsakorra zela, gero eta jende gehiagori eragiten ziola eta erne ibili beharra zegoela harrapa ez gintzan.

Bi hizkuntzak nahasian erabiltzea ez da kontu berria, lehen ere gertatzen zen, jakina, baina lehen jabetzen ginen edo jabearazten gintuzten ez ginela erabat euskaraz ari edo ez genbiltzala erabat zuzen.

Gaur egun, ordea, susmoa dut bi hizkuntzak nahasian erabiltzeko ohitura dutenetako askok gero eta gehiago uste dutela euskaraz ari direla. Lehengo batean jaioterrian lagun batekin nengoela, haren ezagun batekin egin genuen topo eta hizkuntza biak nahasian hizketan ari zen bitartean esan zigun etxean beti euskaraz egiten zutela. Konfiantzarik ez nuenez, ez nintzen ausartu ezer esatera, baina nire artean pentsatu nuen ezinezkoa zela etxe hartan dena euskaraz egitea, berak esaten zituenaren erdiak gaztelaniaz esaten ari zenean. Sarri aipatzen den modura, Lazkao Txiki ez zebilen oker.

Laurogeita hamarreko hamarkadan Gasteiza joan nintzen lanera eta han beste alarma gorri batzuk piztu zizkidaten; kasu horretan gaztelaniaz hitz egiterakoan dauzkadan interferentziei dagozkienak. Orduan ikasi nuen sacar ruido ez dela txukuna gaztelaniaz; meter ruido behar duela.

Lehengo egun batean autoan lanera nindoala zarata sartu entzun nuen irratian eta pentsatu nuen benetan xelebrea dela nik urteak pasa izana sacar ruido esanez, gaztelania jatorrean ari nintzelakoan, eta orain euskaraz zabaltzen ari den forma zarata sartu izatea.

Juan Pedrorenak (II): eskaini

Fernando Rey Escalera

Blog honetan egin nuen azken artikuluari โ€œJuan Pedrorenakโ€ izenburuari jarri nion, Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaren ohoretan, hark erakutsitakoetatik tiraka sailtxo bat egiteko asmotan.

Aurrekoan esan nuenez, Juan Pedrok gauza asko erakutsi zizkidan, eta oso gogoan ditut berak niri eta beste batzuei esandakoak. Azken bi hilabeteotan, gainera, buruan bueltaka dabilzkit kalko okerrak, horri buruzko ikastarotxo bat eskatu baitidate. Nahi gabe ere, oharkabean, kalko okerrei buruzko gogoeta etengabean ari naiz egun hauetan, adibide-ehizan, eta horrekin batera etorri zait blog honetarako enkargua.

Horregatik erabaki dut โ€œeskainiโ€ aditzaren kalko okerra hartzea hizpide.

Kalko oker horren kontrako borrokan, oroimenak huts egiten ez badit, Mikel Taberna lankidea ere aritzen zen. Uste dut Mikeli ere aditu niola noizbait ere horri buruzko zerbait.

Esaten zidan Jonek: Zergatik erraten ditek โ€œhitzaldi bat eskaini zuelaโ€? Galdetu zian hasieran hizlariak jendeak aditu nahi ote zuen? Ez. Ez zian deus eskaini. Eman egin zian hitzaldia.

Joan zen mendean Joni hori aditu nion arte behin ere erreparatu gabe nengoen. Baina arrazoi zuen, jakina. Eta begi-bistakoa da gaztelaniatik hartutako kalko okerra dela, gaztelania ustez dotorean aski normala baita esatea norbaitek โ€œofreciรณ una charlaโ€.

Kalkoak arrakasta izan du, eta berehalaxe aurkitu ditut halako adibideak:

Rich Bakerrek Master Industrialekolehen mailako ikasleentzat ponentzia bat eskaini zuen, โ€œMakinen Diseinu, Kalkulu eta Egiaztapenaโ€ enbor ikasgaiaren barne. (Mondragon Unibertsitatea)

Tumaker enpresak hitzaldi bat eskaini zien Industriako Fabrikazio Gehigarriko Masterreko ikasleei. (Mondragon Unibertsitatea)

Larrazabalgo hitzaldia, baita Larrazabalgo otordua izenez ere ezaguna, 1893ko ekainaren 3an Sabin Arana Goirik garai hartan Bilbotik hurbil zegoen Begoรฑako Larrazabal baserri-txakolindegian eskaini zuen hitzaldi bat izan zen. (Wikipedia)

Biziolak lehen aldiz hitzaldi bat eskaini zuen atzo Aiora Zabalaren โ€œNatura Gure Eskuโ€ liburuaren aurkezpenarekin. (Goierri irrati telebista)

Maiatzaren 10ean Silvia Federicik hitzaldi bat eskaini zuen museoan. (erran.eus)

Motorrak berotzen joateko, gaur goizean adineko pertsonei zuzenduriko hitzaldi bat eskaini dute osasun zentroko kideek zinean. (Alegiako Udala)

Uribarri guneko Magala espazio pedagogikoak hitzaldi berri bat eskaini zuen aurreko ostegun arratsaldean. (Modraberri)

Irailaren 26an, Zumarragan, adinkeriari buruzko hitzaldi bat eskaini zen, Zumarragako Adineko Pertsonen Astearen egitarauaren barruan (irailaren 25etik urriaren 1era ospatuko da). (euskadi.eus)

James Randi magoak, eszeptizismoaren eta zabalkundearen arloko aditu ospetsuetako batek, Labpsico bisitatu eta hitzaldi bat eskaini du Deustun. (Deustuko Unibertsitatea)

Hernaniko alkateak Hernani Burujabe proiektuaren inguruko hitzaldi bat eskaini du EHUko udako ikastaroetan. (Hernaniko Udala)

Orkestrako zuzendari orokorra den Iรฑigo Alberdik hitzaldi bat eskaini du “Fรณrum Europa. Tribuna Euskadi”. (Euskadiko Orkestra. Basque National Orchestra)

Eskarne Lopetegi Zalakain filologoak INGURA euskara on line ikas-plataformari buruzko hitzaldi bat eskaini du euskara irakasteko 2025-2026 ikastaroaren irekieran. (Euskarabidea. Nafarroako Gobernua)

Patricia Viscarret mendizaleak hitzaldi bat eskaini du Karakorum mendiari buruz. (NUP)

โ€ฆCarmen Muรฑoz Regueras Ramon Bajo ikastetxe publikoko maistra, hitzaldi bat eskaini zuena. Parte hartu zuten ere Haizea Domingo Bilbao eta Rakel Gamito Gรณmez ikasleekโ€ฆ (Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkaria)

Itzultzaile neuronalak ere kalko oker hori zabaltzen laguntzen ari dira, Adimen Artifizialak dituen arriskuen erakusgarri. Begiratu besterik ez dago โ€œEl profesor universitario ofreciรณ una charla a 30 alumnos de ingenierรญaโ€ esaldia nola ematen duten.

Itzultzaile neuronala:
Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri

Elia:
Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri

Traslator (Google):
Unibertsitateko irakasleak 30 ingeniaritza ikasleri hitzaldia eman zien

Corpusetan begiratuz gero ere, asko dira halako adibideak. Txikikeria da, jakina, baina halako ale asko sartzen ari zaizkigu euskaran, eta, obsesiorik gabe ere, aurre egin beharko diegu. Ederki dakigu kalko batzuk egokiak direla eta tokia izanen dutela noizbait ere gure hizkuntzan. Beste batzuk, aldiz, ez dira ez egokiak ez beharrezkoak. Euskara kalko okerrez betetzen ari zaigu egoera diglosikoaren ondorioz. Oreka zailean egin beharko dugu aurrera: auzo-erdaren ekarpenak onartu eta integratu, baina haien mendeko bihurtu gabe.

EIMAren Kalko Okerrak liburuan ez dut aurkitu kalko honi buruzko aipamenik. Eta artikulu hau bukatzen ari nintzela, azken bilaketa egin, eta hara, ustekabea, EBEk bai, jaso du. Ez dakit noiz sartu zuten, baina honela dio Euskara Batuaren Eskuliburuak:

eskaini
Erdararen kalkoz โ€”es: ofrecer, fr: offrirโ€”, ez dagokion adiera ematen zaio batzuetan. Egoki da esateaย ardoa eskaini, bertso bat eskaini, laguntza eskaini…; baina prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eskaini eta gisakoak ez dira egokiak (> prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eman, egin, jo…).

Gasteizko errealitateak

Josu Barambones Zubiria

Goiz batez, Gasteizko X lineako autobusean nindoala, bidaiari gazte eta heldu batzuen arteko solasek inguru-minguruan bizi dudan euskararen paisaiari buruz idazteko ideia eman zidaten. Uste dut euskaldunok oso kontzienteak garela euskarak bizi duen egoeraz, eta halaber oso kontzienteak garela hitz egiten dugun euskaraz edota entzuten dugun euskaraz ere. Kontzientzia horren erruz, hala nola jasandako hezkuntza linguistiko ezinago kaltegarri eta aurreiritziz mukuru beterikoari esker, beti belarriak prest daude entzuten duguna linguistikoki deskodifikatzeko. Baina hori beste ezpal bateko zura da, eta ez da hona ekarri nauen gaia. Kontua da autobuseko abagune hori egokia iruditu zitzaidala nire jaioterrian bizi ditudan errealitate linguistikoez hitz egiteko. Hortaz, ez si eta ez no, koadernoa eta bolaluma hartu, eta hara non nire burua topatu dudan Gasteizen hitz egiten diren hizkuntzekin bizi ditudan errealitate linguistikoez idazten. Deskribatuko ditudan errealitate guztiak elkarrekin nahasten dira eta sarritan osagarriak ere badira, izan ere inongo errealitate ez da gainerakoetatik aparte bizi.

Lehen errealitatea. Ikasle talde bat, 16 bat urtekoa, autobusean eskolaz kanpoko jardueraren bat egitera zihoana. Denak gaztelaniaz ari ziren. Egia esan, denak ez: bazen heroi baten itxura hartu nion neska bat euskaraz bakarrik egiten zuena. Ez dakit nondik aterako zuen barruko indarra, baina gainerako ikaskide guztiak erdaraz ari ziren bitartean, berak euskara batu estandarrean tinko egonarria galdu gabe:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Astebukaeran mendian egon naiz.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€ยฟCon el frรญo que hace? Yo no voy ni de palo.

Hamar bat minutu iraun zuen bidaian berak euskaraz jo eta fuego, ikaskideek gaztelaniaz erantzun arren. Halere, noizean behin, mirari moduko bat gertatzen zen eta ikaskideren bati edo besteri โ€œbaiโ€ edo โ€œezโ€ bat itzurtzen zitzaion euskaraz egiten zuen neskak egiten zituen galderen edo iruzkinen aurrean.

Bigarren errealitatea. Talde bereko irakasle bat euskara batuan bi ikaslerekin. Ikasleek euskara ulertzen zuten arren (ezagutzan aurrera egin dugun seinale), beti gaztelaniaz erantzuten zioten:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Ze, zure etxean ez duzue arrainik jaten ala? โ”€irakasleak.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€No, a mi madre no le gusta el pescado โ”€ikasle batek.

Lehen errealitatearekin aldatzen den bakarra botere-erlazioa da: kasu honetan, irakaslearen eta ikasleen artekoa da. Aurrekoan, ordea, berdinetik berdinera zen. Pentsatzen jarrita, niri ere antzeko kasu bat gertatu zitzaidan Itzulpengintza euskaraz ikasten zuen ikasle batekin. Nahiz eta hasieran nirekin euskaraz egiten saiatzen zen, beti bukatzen zuen gaztelaniaz hitz egiten.

Hirugarren errealitatea. Handik bi ordura, bueltako autobusean, bi andereรฑo elkarrekin euskaraz. Andereรฑoen arteko solasaldian euskara (batua) eta erdara, erdara eta euskara, zein baino zein, nahastu egiten dira:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Los Herrรกn kalea oso ondo utzi dute egin dituzten obrekin.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Bai, estรก muy chula. Pasiatzeko eta bizikletan ibiltzeko superondo.

Esango nuke halako errealitatean euskara gailentzen zaiola erdarari, baina erdararen hanka gabe, zangomotz gelditzen dela eta euskal hiztunek erdararen beharra dutela elkarrizketak herren ez egitearren. Eta errealitate hau hurrengoarekin oso lotua dago, baina badago desberdintasun bat: hirugarren errealitateko euskaldunek euskara batuan egiten dute; aitzitik, laugarren errealitatekoek nork bere euskalkian.

Laugarren errealitatea. Errealitate hau gazte jendearen artean gertatzen da (ez bakarrik ordea). Fenomeno hau guztiz zabaldua dago eta oso modu naturala da gazteen arteko elkarrizketak garatzeko. Euskaรฑola du izena, argot-tzat har daiteke eta hizkuntza baliabide gisa erabiltzen da, bizi-bizi erabili ere. Beste euskara mota bat da, euskararen diglosia erakusten duena eta diglosiaz harago doana: gazteen arteko harremanen adierazpide indartsu eta ezinbestekoa bilakatu da. Adibide pare bat baino ez entzundako bi elkarrizketatatik:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€A ver Gasteiz toketan jatzun, Gasteiz mola mogollรณn.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Bai, gogoratzen det que Leire se lo comentรณ.

Argot honetako ezaugarri nagusia esapide gatzdun edo xelebre gehienak espainolez esatea da. Argi dago euskarazko esapideak galduan irteten direla (erabiltzaileek ez dakitelako horiek euskaraz esaten edo euskarak falta dituelako), baina norberaren bizipenak lagun-ezagunei helarazteko oso modu zuzen eta eraginkorra dela ezin uka. Aldeak alde eta mugak muga, niri ingeles txikanoa, hau da, Spanglish delakoa gogorarazten dit. Azken finean, ingeles txikanoarekin gertatzen den bezala, gure kasuan euskara eta espainola nahasten dira, modu pragmatikoan nahastu ere: biak elkarren osagarri dira, ez arerio.

Bosgarren errealitatea. Euskara hutsean aritzen direnena: euskara landua erabiltzen da, dela batu estandarrean, dela norberaren euskalkian edo dela batuan baina norberaren euskalkiko zipriztinekin. Errealitate hau oso ondo ezagutzen dut egunero bizi eta praktikatzen dudalako, ahoz zein idatziz: familiakoekin (ez beti), lankideekin eta lagun eta ezagun batzuekin (nire lagun eta ezagun gehienak erdaldunak dira). Kasu askotan, gainera, euskara lan-hizkuntza ere da, nire kasuan bezala.

Seigarren errealitatea. Beste errealitate batzuk, nik ezagutzen ez ditudanak, baina entzun eta ikusten ditudanak Gasteizko kaleetan pasieran nabilenean: beste hizkuntza batzuetan mintzatzen diren errealitateak. Gasteizko udaleko web orrian irakurri dudanaren arabera, Gasteizko kaleetan 50 hizkuntza baino gehiago erabiltzen omen dira, besteak beste hauek: hassania (Sahara), wolofera (Senegal), bulgariera, paular hizkuntza (Gineako Errepublika), tamazigh hizkuntza (bereber hizkuntzak), arabiera (ziur asko dialektoren bat baino gehiago) eta txinera (ziur asko dialektoren bat baino gehiago). Errealitate horiek gogorarazten digute gaur egungo mundu globalizatuan gizarte elebakarrak espejismo hutsak direla.

Zazpigarren errealitatea. Hizkuntza hegemonikoari dagokiona, hots, gaztelania hutsean bizi direnen errealitatea. Egunero errealitate honekin gurutzatzen naizen arren, datu bakan batzuk ezagutu nahi izan ditut. Eustatek eskaintzen dituen datuei kasu eginez, 2021ean (azken erregistroko datuak) Gasteizko biztanleen % 70,17 da erdaldun elebakarra eta euskaldunak eta ia-euskaldunak % 29,83. Haur eta gazte gehienek ulertzen duten arren (ulermen mailak zehaztu beharko lirateke), gutxi dira erabiltzen dutenak. Guztiarekin ere, gutxi horiek duela berrogeita hamar urte baino gehiago dira.

Urriaren hasieran Blanca Urgellek Berria egunkarian esaten zuen gasteiztarrok harro egon behar dugula euskararen ezagutzan eta erabileran egin dugun jauziagatik. Eta bat nator iritzi horrekin. Ni Gasteizko Adurtza auzokoa naiz: bertan jaio eta koxkortu nintzen, lehen ikasketak hor egin nituen, eta orain hor bizi eta lan egiten dut. Nire txikitako unibertsoan euskara ez zen existitzen. 14 bat urte bete nituen arte euskarazko hitzik entzun gabe nengoen, eta entzun nituen euskarazko lehen hitzak eskolarekin Gernika, Lekeitio eta Ondarrura egin nuen bidaia batean izan zen. Hazi nintzen auzoan gaztelaniak betetzen zituen espazio guztiak. Orain, ia berrogeita hamar urte igaro direlarik bidaia hartatik, nire auzoan euskara egunero entzuten dut: kalean, dendetan, tabernetan, tranbian, autobuseanโ€ฆ Euskara larrialdian omen dago, ez horrenbeste ezagutzari dagokionez, baizik eta erabilerari dagokionez, eta bereziki orain arte euskararen arnasguneak izan diren eremuetan. Edozelan ere, baikortasunez begiratu nahi diot euskararen etorkizunari, eta aitortu azken mende erdian denon artean eman ditugun urratsak erabakigarriak izan direla euskararen erabilera, ezagutza eta garapena, agian ez nahi genukeen neurrian, baina hein batean bederen, hedatu eta ziurtatzeko.

Eguberri on.

Euskaltzaindia hizketan

Iker Zaldua Zabalua

Sentsorearen parabola asko erabiltzen ari naiz aspaldion. Norbanako bakoitzak ditu bere sentsoreak, berezkoak, eta zenbaitetan belarriko mina jartzen zaigu sentsoreak zerbait hauteman, eta barnean durundi zorabiagarria entzuten dugulako. Eta, gehienetan, zarata hori besteek ez dute entzuten, hain justu, bestelako sentsoreak dituztelako, eta gureak hauteman duena berean ez delako arduragarri.

Itzultzaileok, uste dut, hizkuntza balioanitzeko habetzat dugula: hizkuntza, niretzat, gehienbat jolasa da. Oso gogoko dut hizkuntzarekin jolasean aritzea, baina hizkuntza kultura da, hizkuntza lana da, hizkuntza harremana da, hizkuntza haserrea da, bizimodua da. Nire kasuan, sentsorea arras finduta dago euskarari dagokionez, milimetro txikienean kalibratuta. Eta azkenaldian nahi baino gehiagotan entzun dezaket soinua barrunbeetan.

Ataunen bizi naiz, Goierriren sakonean, Sakanaren eta Tolosaldearen artean, ustez, euskara osasuntsu eta bizi dagoen lurraldean. Eta kalera irten, eta bai, euskara nagusi da han-hemen, baina hegemonia hori galtzen ari da, eta dagoeneko ez da arraroa azpiko tabernan norbait gaztelaniaz edo beste erdara batzuetan entzutea. Eta hori ez da gaitz, aberasgarri ere izan liteke, bi baldintza betetzen badira: euskara bera oraindik plazan lasai eta alai ibiltzea, eta euskara hori ongi zaindua izatea. Bigarren horretan ari zait nire sentsorea jo eta jo. Semeak 9 urte ditu, alabak 14 urte ditu, eta bi belaunaldi horietan, tartekoetan, eta datozenetan sentsorea urduritzen dizkidaten gauzak entzuten ditut.

โ€œAita, ahal det jun parkea?โ€. Esaldi hori normal-normala da Ataungo nerabe eta haurren artean. Niri sentsorea martxan jartzen zait, eta berehala zuzentzen dut: โ€œAita, jun deiket (naike) parkea?โ€. Duela dagoeneko aste zenbait horixe esan nion semeari eskola-atarian, eta nire semearen ikaskide baten amak berehala ihardetsi zidan, txantxetan edo: โ€œEuskaltzaindia hizketan, kar, karโ€. Hor ohartu nintzen: haren sentsoreak ez du hauteman nireak hauteman duena, bereak akaso bestelako kalibrazioa duelako, eta agian semea une jakin horretan jaten ari denarekin piztuko zaio argi gorria. Baina, esaldi hori oharkabean igaroko da, eta horrenbestez, 9 urteko mutiko horrek naturaltasunez erabiltzen jarraituko du.

Gogoeta egin, eta ohartzen zara kalibrazio hau gutxiengo batek dugula, eta ziurrenera dugun lanbideagatik izango dela hein handi samar batean. Eta horrekin, dugun arriskuarekin ohartu naiz.

Euskararen ezagutza-maila igo egin omen da, hau da, gero eta gehiagok omen daki euskaraz. Baina, zer da euskaraz jakitea? Aski da diosal eta agur egiten jakitearekin? Aski da elkarrizketa bat ulertzeko moduan jarraitzearekin? Euskararen etorkizuna oso ilun ikusten dut, etxean ezkorra naizela esaten didate, baina, berriro diot, Ataunen bizi naiz, gure etxean euskaraz egiten da, ama-hizkuntza, aita-hizkuntza, euskara dute seme-alabek. Itzultzailea dute aita, euskal filologoa eta euskararen kontuekin berehala erresumintzen omen dena, eta halere, โ€œAhal det jan jogurre?โ€ esaten dute. Eta adi! Eskola-atarian, sei-zazpi elkarrekin jolasean ari direnean, zenbaitetan, gaztelaniaz hitz egiten dute, horietako batek euskara ez duelako ongi menderatzen, etxean ama-hizkuntza, edo aita-hizkuntza (edo biak), beste bat delako. Eta berriro diot, Ataunen bizi naiz. Baina, hor ez noa sartzera orain, ate handi samarra baita testu xume baterako.

Sentsorea ez da isiltzen, eta itzulpengintzan, lanean, sentsorea jo eta jo. Adimen Artifizialak egindako testuak zuzentzea egokitzen ari zait aspaldi, eta dagoeneko normalizatu egin ditugu euskarari ez dagozkion zenbait formula. Duela hilabete eskas, Euskaltzaindiak Donostian duen txoko zoragarrian hitz-aspertua egin genuen, Idoia Santamarรญak gidatuta, eta ohartu ginen geronek ere irentsi ditugula formula horietako zenbait eta sentsoreak jadanik ez digula abisu ematen. Adimen Artifizialaren harira sortzen ari den corpusa euskara eskasten ari da. Hainbat zenbatzailea joker-karta bilakatu zaigu karta-sortaren barruan, eta masiboki erabiltzen (eta onartzen, baitaratzen) hasi gara, zenbait, batzuk eta bestelakoak alboratuz, gure hiztegietatik baztertuz. Gauzatu aditza ere beste joker-karta bat da, eta masiboki erabiltzen (eta onartzen, baitaratzen) dugu, egin aditza bezain aditz sano eta jatorra alboratuz sarri. Lazkao Txikik berak esan zigun โ€œMartxa honetan aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoanโ€. Eta esango nuke dagoeneko ari garela erdaraz euskaraz ari garelakoan.

Adimen Artifiziala ari da euskara-eredu bat sortzen, ari gara euskara-eredu bat sortzen, eta aberastasuna lapurtzen ari gatzaizkio, lautzen ari gara erabat euskara, eta beti izan duen bizitasun hori lausotzen ari da, goizeko behe-lainoa desagertzen den moduan, konturatzerako. Nerabeek eta haurrek hori jasoko dute, eta errua leporatuko diegu, baina krimena gu ari gara egiten (baimentzen).

Duela zenbait urte, blog bat eratu nuen, โ€œGure hitz galduen bilaโ€ izenekoa. Aspalditxo, han utzi dut nonbait, alboratuta, eta egia esaten badizuet, pasahitza ere ahaztu dut (beste bat jasotzeko eskaera ere egin nuen, baina ez nuen lortu), baina uste dut hura berriro martxan jartzea ideia ona dela, eta, zoritxarrez, gero eta hitz gehiago sartuko ditut zakuan. Orduan, pentsatu egin behar izaten nuen, โ€œzein ote da haur nintzela maiz entzun eta orain batere erabiltzen ez den hitza?โ€.

Konpromisoa hartuko dut blogari berrekiteko, baina konpromisoa hartu dezagun guztiok hitz galdu gehiago ez sortzeko. Izan dadila zaila hitza hautatzea, pasa dezadala denboratxo bat hitz jakin bat bilatu arte.

Gure sentsorera iristen dena jakinarazi dezagun, ezin ditugu besteak behartu beren sentsoreak gure zenbakiekin kalibratzera, baina egin dezagun pedagogia โ€œEuskaltzaindia hizketanโ€ ez diezaguten esan haurrari zuzenketa txiki bat egin diogulako.

Bide batez, aipatu dudanaren lekuko testu hau bera izango da ziur aski: baietz hemen ere normalizatu ditugun (ditudan) formulak agertu, euskarari berez ez dagozkionak (eta ez da nahita egindakoa izan, halakorik badago)!

Lehenik eta behin, argipen bat

Sarai Robles Vitas

Orain dela hilabete pasatxo, Euskal Kultur Erakundeak Baionako Arteen Hirian antolatutako โ€˜Hizkuntza eta kultura biziberritze kontestu batean: bereiz ote daitezke?โ€™ jardunaldietara joateko aukera izan nuen. Euskararen eta kulturaren arteko harremana interesgarria bezain korapilatsua egiten zait, eta nahigabean โ€˜biziraupenโ€™ terminoaren orbitan gogoetatzen bukatzen dut gehienetan: euskarak, biziraunen badu, kultura behar du; eta kulturak, euskalduna izan nahi badu, euskaraz behar du izan. Horretan gehienok ados, ziurrenik. Baina nola egin? Nola, egungo ingurune globalizatuan?

Jon Sarasuak, euskara ez ezik, euskararen kosmobisioa landu eta transmititzearen beharra azpimarratu zuen. Ez naiz Sarasuaren ideien defendatzaile sutsuena (aitorpen ausartegia, agian, lehenengo kolaboraziorako?), baina euskararen kosmobisioaren bueltan hausnarrean aritu naiz bera entzun nuenetik. Izan ere, modu abstraktuan ulertu dezaket zer den hizkuntza baten kosmobisioa: hizkuntzak, bere barruan, errealitatearen irudi, harreman, ikuskeraโ€ฆ jakin batzuk gordetzen dituela, gainontzeko hizkuntzetan aurkitu ezin direnak. Baina, zehatzera jota, zer da euskararen kosmobisioaren parte, eta zer geratzen da kanpo? Zein irizpide erabili behar da? Hori definitzea ez da hain erreza, niretzat bederen (hizkuntzalariak, antropologoakโ€ฆ barka nazazue).

Azkenean, ondorio batera iritsi naiz: kosmobisioaren afera txisteak azaldu behar izatearen antzekoa da (benetan, barkatu). Argiago azaldu dezadan: kosmobisioa umorearekin alderatu genezake. Norberak bere umorea du, eta zenbait jenderekin klik egiten dugu, elkarren graziak segituan ulertzen eta miresten ditugu. Barruko txisteak izatera ere heldu gaitezke, lagun min, bikotekide zein lankideekin. Baina ondokoak ez baditu gure burutazioak ulertzen, ez baditu gure hitz jokoak harrapatzenโ€ฆ eta azaldu behar badizkiogu, orduan ulertuko ditu, bai, baina jada ez dute halako graziarik izanen.

Pentsa dezagun ondoan umore gabeko lagun horietako bat daukagula. Demagun, gainera, ez dela euskalduna. Demagun Fran izena duela; edo Espa, edo Inge. Demagun ez dela gure ondotik inoiz aldentzen. Zein egoera (edo txiste, hitz jokoโ€ฆ) ez luke ulertuko guk azaldu ezean?

Adibide bat jarriko dizuet, urrutira jo gabe. Hasieran aipatutako jardunaldietan, zuzenbidean doktoredun Eneritz Zabaletak honela hasi zuen bere hitzartzea: โ€œlehenik eta behin, argipen bat egin nahi nukeโ€. Eta, aurrez adostua balego bezala, itzalaldia jazo zen Baionako Arteen Hirian, Zabaletak hitzok esan eta bi segundo exkaxera. Deituidazue friki, baina irriรฑo batek ihes egin zidan, gure hizkuntzak eta munduak hain modu ordezkaezinean bat egin izanaren gozamenaz.

ร‰coute, Fran. Il a dit “tout d’abord, quelques prรฉcisions”. Mais, en basque, prรฉcision se dit comme illumination, et juste aprรจs il y a eu une panne de courant et la lumiรจre s’est รฉteinte. C’est pour รงa que c’รฉtait si drรดle.

Kosmobisioa ere bada liburu baten itzulpenean oin-oharrak jarri beharra, istorioa ongi ulertuko bada. Edo hasieran hiztegi labur bat osatu behar izatea, consonnik argitaratutako Miren Amurizaren Basa eleberrian bezala, Miren Agur Meaberen itzulpenarekin:

Errotabarri: molino nuevo. Se trata de una denominaciรณn usual para molinos histรณricos en Bizkaia.
Patxo: forma infantil onomatopรฉyica para decir beso.
Txapela: boina. Suele usarse como trofeo o galardรณn en diversos campeonatos.

Glosario horri esker irakurri ahalko du gure lagun Espak liburua; bestela, nekez ulertuko lituzke Sabinaren joan-etorriak.

Eta behin txapela aipatuta, bertsolaritzaz ere mintzatu gaitezen. Ez da soilik entzuleen eta bertsolarien arteko etengabeko negoziazioa, non adostu behar duten zein gai aipatu daitekeen, zerekin egin umorea, zer txalotuko den eta zer ez. Bertsoaren alderdi estetikoa, formari dagokiona ere ez luke ulertuko gure lagun Ingek. Gorka Pagonabarragak 2021ean Etxebarrian kantatutakoa gogoratu dezagun, adibidez:

โ€œHauxe delako mendebaldarrok daukagun errituala,
ezikusia egiten dugu masailak gorritu ahala (โ€ฆ)โ€

Ze ona! Oh, Iโ€™m sorry, Inge. He just said that the ritual we have here, in the Western world, is to look the other way while our cheeks turn red. But in the Basque language, โ€˜ritualโ€™ and โ€˜while turning redโ€™ are said in a very similar way. It was soooo cool.

Eta maite dugu gure lagun gatzgabea, noski; gauza on asko ematen dizkigu. Eta esan gabe doa, berak ere bere umore (kosmobisio) propioa duela, eta sarri bera izanen dela txisteak guri azaldu beharko dizkiguna.

Baina ezin ukatu aski nekagarria dela bera buruan izanik mintzatu behar izatea beti, dena azaldu behar izatea, edo haren araberako txisteak egiten ahalegintzea. Beste modu batera esanda: beste hizkuntza baten kosmobisioaz aritzea euskaraz. Agian hau da euskararen eta kulturaren bueltan gabiltzanon eginbeharra: gure umoreari eustea, gure erreferentziak baliatzea eta gure hizkuntzarekin jolastea, ondoko laguna ahaztuz tarte batez. Zeren, onartu dezagun: haren aldean gu zeinen graziosoak garen ikusteak harrotasun puntu bat ere sortzen digu, tarteka.

Itzultzaile-interpreteak eta euskararen normalizazioa (I)

Lamia Filali-Mouncef Lazkano eta Patricia Jorge Kuartango

Euskararen normalizazioa gure gizarteko herritarrok bizitzako eremu orotan euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erosotasunez aritzera heltzeko gizarte-aldaketa gisa definitu daiteke, bigarren Euskaraldiak aldarrikatzen zuen bezala[1]. Hau irakurtzen gabiltzan guztiok ondotxo dakigu, ordea, etorkizun bizigarriago eta lasaiago hori eraikitzea zaila dela; kontraesanez, zalantzan jartzez eta oldarkeriaz betetako prozesua izan daitekeela.

Neurri batean, behintzat, gure hizkuntzari bizi berri bat emateko marko instituzional bat eskaintzen du egun indarrean dagoen Hizkuntza Politika eta Plangintzak (aurrerantzean, HPP), nahiz eta argi dagoen, batetik, alde izugarria dagoela marko instituzional batzuen eta besteen artean, lurraldea zein den, eta, bestetik, marko hori zein berau aurrera eramateko baliabideak labur geratzen direla.

Baina hizkuntza bat normalizatzea HPP instituzional bat izatea baino prozesu askoz zabalagoa eta konplexuagoa da, izatez, eta administrazio, teknikari eta aholkularitza bakan batzuen inplikazioa baino dezente gehiago eskatzen du, edozein aldaketa sozialek bezalaxe.

Prozesu hori modu planifikatuan egiteko martxan jarritako tresna inportante bat euskara-planak dira. Gizarte zabalarentzat ezezagunak diren arren, genero- edo ingurumen-planek bezainbesteko zeharkakotasuna dute edo izan beharko lukete, eta hizkuntz eskakizunetatik haratago doaz, herritar gehienak nagusiki horretan fijatzen badira ere.

Euskara-planen bueltan daude antolatuta, besteak beste, erakunde publikoetan zein enpresetan zehar barreiatutako euskara-zerbitzuak eta euskara-batzordeak, barne- zein kanpo-kontratazio formetan. Ezin dugu ahaztu plan horien anbizioa, finean, mikrotestuinguru jakin batean aldaketa bat burutzea dela: elkarte batean, enpresa batean, erakunde bateko sail bateanโ€ฆ Alegia: berrogei urte daramagu plangintzaldiro helburu txiki egingarri batzuk finkatzen eta helburu horien jarraipena egiten, aldaketa gradual batean murgilduta, EiTBn, Osakidetzan eta Administrazioetan, bai, baina baita Eroskin, Mutualian edota Ekonomisten Elkargoan ere.

Planei esker, komunitatearentzako arnasgune berriak urratzeko bide bilakatzen da eguneroko hainbat ekintza. Normalizazio-ekintza soil horiek egiten dituena teknikaria, itzultzaile-interpretea zein beste edozein langile izan, prozesu beraren parte dira: errotulu batzuk itzuli edo berrikusi; hizkuntza-irizpideak indarrean jarri; astean bazkalordu batean euskaraz arituko direla adostea langileek; hitzaldi baterako interpretearen presentzia negoziatu, hizlariak euskaraz egiteko aukera izan dezan; aplikazio bat ganoraz itzuli ahal izateko, testuinguruari buruzko azalpenak exijitu; euskara-klaseetara joan, euskara teknikoko tailerretara, mintza-praktikara, astean 3 orduz; Excel euskaraz erabiltzen ikasi…

Gezurra badirudi ere, ez diogu askotan erreparatzen jende askok egunero prozesu hori hezurmamitzeko egiten duen lanari, modu planifikatuan 40 urtez martxan daramana. Gaude euskalgintzako eragileok ere, neurri handi batean, ahaztu egin dugula zein herri-giharretatik gatozen, eta euskararen normalizazioa martxan den aldaketa sozial batekin lotu baino, gero eta gehiago erakundeen eta sektore profesional baten zeregin gisa identifikatzen dugula. Hots, garai batean herritar askok erakundeak eta enpresa handi, ertain zein establezimendu txikiak euskalduntzeko eragile gisa ikusten zuten euren burua. Hala izaten jarraitzen al du? Gutako zenbat bizkaitar joan da abenduaren 3an Bilbon deituriko manifestaziora? Zenbat joango gara abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak deitutakora?

Gauzak horrela, zein da eta zein izan beharko litzateke itzultzaile-interpreteon rola ekosistema horretan? Zer leku du gure lanbideak HPPan? Eta normalizazioan, oro har? Guk kudeatzen ditugu gure lanbideari dagozkionak, ala kudeatu egiten dizkigute? Behar besteko presentzia daukagu erabaki-esparruetan? Inplikatu egiten gara, ala bertan-goxo gaude?

Gure ustez, horri guztiari buruzko gogoeta egitea mesedegarria litzateke; are gehiago, ikusita azken urteotan zelan eta zein azkar aldatzen ari den dena (sektorearen zaurgarritasuna, egoera soziolinguistikoa, adimen artifiziala, euskararen aurkako oldarraldi judiziala, hizkuntza-aniztasunaren galera…). Gauza asko hausnarrerako, eta leku gutxi, lerrootan.


[1] Dena dela, jakin badakigu tradizioz tradizio ezberdin kontzeptualizatu izan dela normalizazioa. Marko anglofonoan, adibidez, plangintza eta politika gero eta hurbilago daudela iritzita, Hizkuntza Politika eta Plangintzaz hitz egiten hasi ziren (Larrinaga, 2019: 38). Esaterako, Larrinagak bere tesian (2019) Thomas Ricentoren kontzeptualizazioak gure testuingurura egokitu zituela esan daiteke, eta euskararen behetik gorako politikaren garrantziaz aritu zela. Era berean, berriki Beitiak (2025) euskararen normalizazioa kontzeptualizatzeko egon diren modu ezberdinak (hizkuntza-kulturak) eta tentsioak oso era interesgarrian laburbildu ditu, bakoitzak zer emaitza ekarri duen azalduz.

Larrinaga, A. (2019). Euskal telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan [Euskal Herriko Unibertsitatea]. https://dialnet.unirioja.es/servlet/tesis?codigo=223629.

Beitia, I. (2025). Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa: Lautadako Kuadrillako Kasua [Euskal Herriko Unibertsitateko gordailuan].

Hausnarketa bat Euskararen Egunaren harira

Garazi Goldarazena Sanchez eta Leire Lakasta Mugeta

50 urte bete berri dira Franco hil zenetik. Ohean hil zen diktadorea, dena lotuta eta ongi lotuta utzi zuela. Hain zuzen ere, 78ko erregimenak eta ustezko trantsizioak ez zuten frankismoarekin erabateko hausturarik ekarri, eta horren adibide dugu Euskal Herriko langileriaren autodeterminaziorako eskubidearen ukatzea, baita berekin dakarren euskararen kontrako oldarraldia ere. Horrekin lotura estuan, hamaika dira azkenaldian indartzen ari den gorakada erreakzionarioaren adibideak, eta ezin dugu ahaztu halakoek, beste gauza askoren artean, euskara bera ere jopuntuan jartzen dutela.

50 urte dira, halaber, Gabriel Aresti hil zela. Horren karietara, hainbat ekimen antolatu dira urtean zehar. Guk gaurkoan Arteka aldizkariak Gabriel Arestiren omenez egindako alean argitaratutako artikulu bat ekarri nahiko genuke, Aitor Bizkarraren โ€œBakeak euskarari kalte egiten baitioโ€[1], hain zuzen ere. Bertan, euskararen auziaz ondutako zenbait ideia aurkeztu zituen, eta ideia horietako batzuk ekarriko ditugu lerrootara, hark azaldutako hainbat kezka konpartitzen baititugu geuk ere.

Hori esanda, hasieratik argi utzi nahiko genuke ez garela ez soziolinguistak, ezta hizkuntzalariak ere. Finean, ez gara gaian adituak. Jarraian idatzitakoa hausnarketa xume eta zintzo baten emaitza besterik ez da, bizi dugun garaian euskararen alde egiteko eskuartean izan dezakegun horretatik tiraka. Kulturgintzan, itzulpengintzan jarduten dugu guk (nolabait), baina argi dugu euskararen auzia politikoki pentsatzea ere dagokigula, gure esparrutik ere ekarpena egitea. Hain zuzen ere, gaur Euskararen Eguna dugunez, euskararen auziari heltzea erabaki dugu gure lehen artikuluan.

Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren aipu ezagunenetarikoa da euskararen misterioa ez dela haren jatorria, haren iraupena baizik. Bizkarrak abiapuntu egokitzat jo zuen, askoz interesgarriagoa baitzaio jatorri historikoa baino gehiago arrazoi historikoa bilatzea, euskarak iraun izanaren kausak eta hura biziberritzearen posibilitate baldintzak aztertu nahi badira behintzat.

Ekologia linguistikoaren ikuspegitik, hizkuntzen balioa ez da soilik komunikazio-tresnak izatera mugatzen, badago hizkuntzetan zerbait baliotsua dena berez. Euskal Herriaren kasuan, euskara hizkuntza gutxitua dugu, ofizialtasun- eta sustraitze-gradu aldakorrekoa eta diglosia-egoeran dagoena. Bizkarraren hitzetan, baina, euskara ere bada elementu zentrala giza talde oso esanguratsu baten identifikazio-prozesu soziokultural eta, are, politikoetan; hau da, ez da komunikazio-tresna soila, nortasun kultural eta politiko kolektiboen osagai garrantzitsua ere bada. Hizkuntza-komunitate horren partaideak askotarikoak dira, hau da, hiztunak izateaz gain, beste determinazio batzuek ere ezaugarritzen dituzte: klase-kondizioak, esaterako. Ildo beretik, Bizkarrak dio hizkuntza-komunitate horretako langile-sektoreak izan direla Euskal Herriko aktore politiko eta sozial dinamikoena eta hala izaten jarraitzen dutela, bizitasun hori apaldu bada ere.

Iรฑaki Iurrebaso soziolinguistak ere ziklo linguistikoen periodizazioari buruz idatzi zuen[2], eta ordezkapen-, biziberritze- eta geldotze-aroak zerrendatu zituen. Geldotze aroan gauden honetan, azken bi hamarkadetan, hain zuzen ere, 1960tik aurrera izandako hazkundea moteltzen ari da, eta zenbait arlotan atzera egiten. Alegia, indarberritzea gelditu da, eta ez aurrera ez atzera gaude. Bizkarrak, bere aldetik, Iurrebasok proposatutako ziklo linguistikoek ziklo politiko, ekonomiko eta kulturalekin lotura dutela iradokitzen du, eta Euskal Herriaren eta euskararen bilakaera historikoaren errepasoa egiten du ikuspegi hori aintzat hartuta. Guk, luzera mugak tarteko, ez dugu horretan sakonduko, baina esanguratsua iruditzen zaigu euskararen aldeko borroka askatasunaren aldeko borrokarekin lotu izana.

Joera demografikoek, halaber, eragin handia izan dezakete hizkuntzen bilakaeran. Azken datuek alarma piztu dute, joera horiek zedarritutako geroa akaso meharregia izan daitekeelako euskararen etorkizunarentzat. Ikerketa batzuen arabera[3], 2036rako euskal hiztunak zaharragoak izanen dira, inguru erdaldunagoa izanen dute gehienek, etxean nagusiki gero eta gutxiagok erabiliko dute euskara, ezagutza maila apalagoa izanen dute, eta erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko dira.

Datuen arabera, Euskal Herriko zenbait tokitan euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera altuagoa da euskararena baino; eta datozen urteetan, atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen eginen du gora. Bistan denez, horrek eragina izanen du egoera soziolinguistikoan.

Aldaketa demografiko horrekin batera, migratzaileen kontrako diskurtso erreakzionarioak hedatzen hasiak dira, baita zenbait euskaldunen artean ere. Baina, izanen duen eragina eta ekarriko dituen erronkak errealak izanagatik ere, Bizkarraren iritziz, ustez euskara babestu nahian, euskararen diglosia-egoera indartu baizik ez du egiten jarrera atzerakoi horrek. Iurrebasoren ziklo linguistikoen periodizazioari jarraikiz, argigarria da arestian aipatutako biziberritze aroa hain justu Euskal Herriak sekula jaso duen immigrazio olaturik handienaren ondoren etorri zela. Bizkarrak argi dio, ez dira migratuak euskararen aurkako mehatxua, haiek bigarren mailako subjektu izatera kondenatzen dituen dinamika soziala baizik. Areago, immigrazioa eta euskararen ordezkapena korrelatiboak izan litezke baldintza jakinetan, baina ezin dugu ondorioztatu bataren eta bestearen artean kausa-efektu erlazio erabatekoa dagoenik; eta egiazki, Bizkarraren ustez, immigrazioa eta hizkuntz ordezkapena korrelatibo egiten dituen faktoreetako bat izan daiteke, hain justu, diskurtso erreakzionarioa, langile euskaldunen eta migratuen arteko segregazio soziala, politikoa eta kulturala indartzen baititu. Beraz, uste dugu ideia erreakzionarioak baztertu eta euskararen auzia politikoki pentsatu beharra dugula, zehatzago esateko, klase ikuspegi batetik.

Horiek horrela, eta artikuluari bukaera emateko, berriro argitu nahi dugu kezka eta intuizio zintzo batzuetatik abiatutako hausnarketa dela honakoa. Euskararen erabilerari buruz hitz egiteko blog honetara ekarri nahi izan ditugu ideiok, uste baitugu itzulpengintzan eta, orokorrago, kulturgintzan dihardugunok ere badugula zer pentsatua euskararen aldeko borrokari ekarpena egiteko. Gure ustez, borroka horrek askapenaren aldeko mugimendu batekin lotuta egon behar du.


[1] Bizkarra, Aitor (2025). โ€œBakeak euskarari kalte egiten baitioโ€. Arteka, (61), 31-45.

[2] Iurrebaso, Iรฑaki (2023). Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. [Doktore-tesia] UPV/EHU.

[3] Siadeco eta UEMA (2025). Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa. https://www.2022.uema.eus/wp-content/uploads/2025/07/Norantz-doa-euskara_Hego-Euskal-Herria-2036-proiekzio-demolinguistikoa_202…artxoa.pdf

Alimaleko txandrioa

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalร 

Kezka berbera agertu duten hiruzpalau artikulu plazaratu dira aurten Berrian, hots, haurrek gero eta lehenago uzten diotela euskaraz hitz egiteari eskolan, gero eta ikasle gehiago erdaraz mintzatzen direla irakasleekin, eta gero eta irakasle gehiagok normaltzat jotzen dutela hori. Diren eta ez diren Euskal Herri guztietan gertatzen ari omen da hori. Artikuluotan aipatutakoez landara, are larriagoa da Nafarroa Garaian sumatutakoa, zenbait irakasle erdaraz erantzuten hasi baitira gaztelaniaz zuzentzen zaizkien ikasleei; eta irakasle batzuk, gainera, erdaraz mintzatzen dira beren artean pasabideetan, hori guztia D ereduko institutuetan. Are gehiago, Iruรฑerriko euskal lerroko institutu batean, irakasle batek Cervantesen hizkuntzan eman du euskara eta euskal literatura irakasgaia, harik eta zuzendaritzak irakasgaia euskaraz emateko ohartarazi dion arte. Horrekin batera, haur ttipienendako eskola batzuetan, D eredukoetan, ez diete umetxoei euskarazko kanturik erakusten, ezta euskarazko hitz-jolasik, pipitakirik, ipuinik eta gisakorik ere, umea omen delakoz bere garapenaren jabe bakarra. Erran nahi baita, pedagogia molde horren arabera, horrelako kantu, hitz-jolas, pipitaki, ipuin eta gisakoek umearen berezko garapena โ€œeragoztenโ€ dute edo garapen horretan โ€œeraginaโ€ izan dezakete, eta hori baztertzekoa da arras. Lehen Hezkuntzan ere ederrak entzuten dira. Izan ere, irakasle batek kargu hartu die euskara etxean ikasitako haur baten gurasoei, semetxoak euskaraz mintzatzeko eskatu dielako gelakideei. Nonbait, ez baita zilegi haurrei halakorik eskatzea, haur bakoitzak aukeratzen baitu bere hizkuntzaโ€ฆ Ezin jakin zer alde on antzematen dioten horrelako irakasbideari, baina argi dago zer ondorio duen non-eta gaztelania jaun eta jabe dugun bazterretan, Iruรฑerrian, konparaziora: erdara. Bertzela erranik, nekez euskaldunduko dira etxean euskara ikasi ez duten haurrak (Nafarroan, haur gehienak) eta arrunt erdaldunduko eskolara euskaldundurik iristen diren umeak; gainera, ja ere ez dute jakinen euskal kulturaz. Horretaz ohartzen hasi dira D ereduko zenbait ikastetxetan, ikusi baitute haurrak negargarri moldatzen direla euskaraz. Tira, berandu ereitea gehixeago da, batere ez ereitea baino, baina alimalekoa da zinez azken urteotan sortu diren haur aunitzengan ereindako txandrioa.       

Termodinamika euskal kulturari aplikatua

Manu Lรณpez Gaseni

Jaume Subirana literatura katalaneko katedradunak oraindik orain plazaratutako liburuxka batek piztutako interesaren harira idatzi dut denboraldiko neure lehen ekarpena. Jatorrizko bertsioan, Literatura, llengua i lloc. Termodinร mica aplicada izenburuko liburua ekainaren 11n argitaratu zen, gaztelaniazko bertsioarekin batera, Anagrama argitaletxean.

Aletzen dituen kontuak ez dira berriak; bai, ordea, azterbidea; eta oso originala da termodinamikaren legeekin egiten duen jolas metaforikoa. Liburuaren eragingarria da zer gertatzen ote den literatura, hizkuntza eta tokia elkartzen diren espazio gaur egun eraldatuan. Eta, hasteko, termodinamikaren bigarren legetik abiatzen da. Enuntziazio honetatik, esate baterako: โ€œSistema isolatu baten entropiak handiagotzeko joera du beti, eta prozesu hori itzulezina daโ€. Tira, kontua hauxe omen da, nilako ezjakinok dakigunetik ez genekienera: sistema batean gorputz bero batek gorputz hotz bati beroa aldatzeko joera izaten du, orekaren bila, baina bide horretan energia galtzen da beti. Energia galtze horri entropia deritzo eta, hori dela eta, termodinamikaren arloan desordenaren sinonimoa da entropia. Oreka edo uniformetasun bila, itxuraldatu egiten da sistema. Fisikarien kontuekin aurrera eginez (barkatuko ahal naute), energia eraginkorragoa da kontzentratuta dagoenean sakabanatuta dagoenean=entropia handiagoa denean baino.

Subiranak katalan literaturari aplikatzen dio aurreko hori guztia, eta ni euskararen sistemari aplikatzen saiatu naiz, tamalez entropia handiegiz, nire ustean. Adibidez (uler bedi Subiranaren liburua parafraseatzen arituko naizela etengabe), euskal kulturaren eta ingurukoen artean (gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta nazioarteko ingelesezkoa) gertatzen diren berezko energia-trukeak norabide bakarrekoak dira batez ere, oreka=homogeneotasun bila. Oreka bai, baina gure sistema desitxuratuz doa truke bakoitzean.

Katalunia delako โ€œtokiโ€ko idazleen sailkapena egitean, iruditu zait gurean baino zorrotzagoak direla katalan-osoak-eta-erabatekoak ez direnak izendatzeko moduetan. Irudipena baitut gurean iraganeko kontua dela euskaldunberri deitura gaitzesgarria, nahiz eta oraindik ere tarteka agertzen diren berezko hizkera edo euskalkia dutenen eta estandar txepelean mintzo direnen arteko hika-mikak. Hizkuntzaren erabiltzaileen kasuistika gero eta konplexuagoa da, identitateak lurraldetasuna galdu du eta ezegonkorragoa da. Hor dago, adibidez, idazle elebidunen kasua, bi hizkuntzetan idazten dutenak, alegia. Edo bi baino gehiagotan, itzultzaileen kasuan bezala. Galtzen da halakoen kasuan sistemako energia? Handitzen, entropia? Adierazpen gogoangarri hau egiten du Subiranak: โ€œKatalunia ez da herrialde elebidun bat, askok uste duten bezala (elebakarrek, batez ere), baizik eta gaur egun 280 hizkuntza dituen tokia, eta non populazioaren % 10en ama-hizkuntza ez den ez katalana, ez gaztelania. Zein ote da, edo izango da, Kataluniako 800.000 herritar horien literatura edo literaturak?โ€. Gurearekiko paralelismo perifrastikora bueltatuz, agian kontua ez da euskal literatura birdefinitzea, gure jarrera aldatzea baizik (egiletzaz, kidetasunaz); izan ere, euskaraz aritzen ez diren idazleak agian ez dira euskal idazleak, baina euskal kulturaren parte dira, polisistemaren parte diren aldetik. Gurean ez dira gutxi (diot nik, oraingoan) munduan barrena euskal labela bizkarrean ibiltzen diren idazle, musikari, zinemagile eta artista plastiko erdaldunak. Baina (diogu Subiranak eta biok) edozein literatura definitzeko osagai zentrala hizkuntza da.

Eta hizkuntza-politiken bidez gauzatzen dira energia-truke asko: Europar Batasunean hizkuntza ofizialei buruz hartzen diren erabakiek eragina dute eremuko hizkuntza guztietan, ofizialak izan zein ez; gaztelaniazko literaturaren alde hartzen diren erabakiek eragina dute Espainiako beste literatura guztietan (baina ez alderantziz). Amazonen erabakiek eragina izango dute ohiko liburu-dendetan, eta ez dago atzera egiterik. Eta abar.

Inertzia da legea. Eta inertzia norabidez aldatzeko bide bakarra sistemari energia osagarriz hornitzea da. Bestela esanda, gurearen aldeko politikak=ekimenak bultzatzea. Ezegonkortasun- eta aldaketa-garai berri hauetan, entropia geldiarazi eta gure alde eragingo duten energia-iturriak bilatu behar ditugu. Eta, horretarako, bide-urratzaile izan diren ekimenei begiratzea komeni da, hala nola Durangoko Azoka (Sant Jordi antzeko bat), non batez beste baino prebalentzia handiagoa duten euskarak, euskal liburuek eta haien promozioak, salmentak eta irakurketak.

Amaitzeko, Subiranari itzuliko diot orain arte hainbestetan ebatsi diodan hitza, merezi du eta: โ€œUste askotan gure hizkuntza eta kultura hain jazarriak eta ahulak izan dira, ezen ziurtasun nuklear gutxi batzuei eutsi behar izan baitiegu, ustez funtsezkoak: tokia gutxi asko kontrolatua dugu (edo hala uste dugu behintzat), eta baita geure literatura, eta haren definizioak, beti hizkuntzari lotuak, baina oso gutxi dakigu mugako zenbait gune edo espaziori buruz, zeinetan literatura kultura bihurtzen den, identitatea identitate anitza edo aldaketa bihurtzen den, militantzia eragozpen bihurtzen den, merkatua egiazko jokaleku bihurtzen den (โ€ฆ). Arriskutik eta begiratzeko beste modu batetik soilik eutsi ahal izango diogu katalan literatura eta kultura deitzen diogunariโ€.

Euskaraz sortutakoa gaztelaniara itzultzeko itzultzaile automatiko neuronala

Maite Imaz Leunda

Uda honetan komunikabideetan irakurri eta entzun dugun berria izan da Osakidetzak itzultzaile neuronal bat jarri duela martxan, historia klinikoak euskaratik gaztelaniara itzultzeko: ITZULBIDE du izena. Hasiera batean Donostialdeko erakunde sanitario integratuan (ESI) ipini dute, baina berandu baino lehen Osakidetzako sare guztietan erabilgarri egongo den itxaropenarekin.

Orain dela lau urte inguru hasi ziren proiektua garatzen, Osakidetzan euskara lan hizkuntza ere izan dadin. Dokumentazio estandarra ele bietan argitaratzen da Osakidetzan, baina dokumentazio klinikorako irizpide zehatzik ez dagoenez, joera gaztelaniaz egitekoa izan omen da orain arte. Felix Zubia mediku, irakasle eta dibulgatzaileak EITBko programa batean adierazi zuenez, Osakidetzaren 3. Euskara Planaren barruan dagoen zerbait da, bertan jasotzen baita euskarak lan hizkuntza ere izan behar duela.

Zubiaren esanetan, unibertsitatean prestatzen dira profesionalak euskaraz, badituzte beraz apunteak euskaraz, eta medikuntzako hiztegi terminologikoak ere landu dira, baina behin lanean hasitakoan, pazientearekin izandako harremana euskaraz izan arren, txosten klinikoak euskaraz idazteko baliabiderik ez dute izaten. Izan ere, geroago beste medikuren batek irakurri beharko du txosten hori eta baliteke euskaraz ez jakitea. Badira euskaraz lan egin nahi duten medikuak, baina euskara ulertzen ez dutenak ere badirenez, txosten klinikoak beti gaztelaniaz idatzi izan dira orain arte.

ITZULBIDEk bi norabideetan egiteko aukera eskaintzen du, baina helburua euskaratik gaztelaniara erabiltzea da, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzen baita horrela, eta baita pazienteak informazioa euskaraz jasotzekoa ere. Laburdurekin badu arazoren bat, ez ditu laburdura guztiak ondo atzematen, eta hori konpontzen ari dira.

Berri ona da euskarak espazio berriak irabaztea, orain arte gaztelania bakarrik erabili izan den eremuetan euskaraz egiteko aukerak jartzea, eta ni asko pozten naiz adimen artifizialean oinarritutako teknologia berriek euskara sustatzeko bideak irekitzen dituztenean.

Uda betean argitaratu zen, halaber, elcastellano.org gaztelania sustatzeko webgunean, medikuntzako itzulpen automatikoetan saihestu beharreko arriskuez ziharduen artikulu bat. Medikuntzako hizkera oso teknikoa eta zehatza izaten dela zioen, anbiguotasunetarako lekurik ez duena eta รฑabardurak oso kontuan hartu behar dituena.

Adierazten zuen hitz edo termino baten itzulpen desegokiak oso ondorio larriak izan ditzakeela eta adibide gisa ipintzen zuen ingeleseko โ€œstrokeโ€ hitza, gaztelaniara โ€œictusโ€ edo โ€œgolpeโ€ gisa itzuli behar den ezin duela asmatu neuronalak, edo zenbakizko adierazpenetan akatsak egitea zeinen larria izan daitekeen; gaizki jarritako hitz batek dena alda dezake: 0,5 eta 5 artean dosi bat nahasteak arriskuan jarri dezake paziente baten bizitza. Eta Itzultzaile automatiko batek inoiz itzuli behar ez lituzkeen dokumentuen artean sartzen zituen txosten klinikoak.

Orduan, elcastellano.org argitalpenean esaten denari kontra egitera ote dator ITZULBIDE? Ausartegia edo arriskutsua ote da hain eremu delikatuan itzultzaile automatiko neuronala erabiltzea?

ITZULBIDEri buruz zerbait gehiago ikasi nuen โ€œItzultzaile neuronalen eraginak euskararen erabileranโ€ izeneko ikastaroan; hori ere udan izan zen, baina joan den urteko udan, 2024an. Olatz Perez de Viรฑaspre informatikari eta ikerlariari ondo ulertu banion, espezialitate eremu jakin horretako itzultzaile neuronal berezia osatu ahal izateko corpus orokor elebiduna sartzeaz gain, historia klinikoetako corpusa sartu zuten, gaztelaniaz, eta behar bezala anonimizatuta, datu pertsonalak ezkutatzeko. Medikuntzako hiztegi terminologikoak ere sartu zituzten. Ondoren, txosten klinikoak itzultzeko agindu eta itzulpenak zuzendu edo posteditatu ondoren horiekin osatutako txosten klinikoen corpus elebidunak sartu zituzten.

Orain dela 30 urte inguru itzulpengintza automatikoaz irakurri nuen liburu batean (W. John Hutchins & Harold S. Somers. An Introduction to Machine translation, 1992) garai hartako itzultzaile automatikoen artean METEO nabarmentzen zen. Orduko itzultzaile automatikoak arauetan oinarritzen ziren, ez zuten gaur egungo itzultzaile automatiko neuronalak bezain ondo egiten eta ez zirudien euskara bezalako hizkuntza batentzat arauetan oinarritutako eredu egokirik sortzea posible izango zenik.

Kanadan eguraldi parteak ingelesetik frantsesera itzultzeko jarri zen martxan METEO, 1976an: transferentzia lexikoa eta analisi sintaktikoa egiten zituen. Erabiltzen zuen hiztegia mugatua izatea eta norabide bakarrean egitea jotzen ziren arrakastatsua izateko gakotzat. Itzulpen automatikoaren aldeko adibiderik egokiena zen garai hartan METEO.

Gaur egungo ITZULBIDE lehengo mendeko METEOren parekoa izan daiteke agian. Eremu zehatz jakin baterako bereziki entrenatua, hizkuntza ez seguru asko eguraldi parteena bezain mugatua baina bai oso espezifikoa, eta norabide bakarrean erabiltzekoa, hasiera batean behintzat. Ezaugarri horiek izanda, tresna segurua izan daiteke.

Bada beste arrazoi bat segurua izango dela ziurtatuko duena, nire ustez. Euskaraz sortzen dugunok gaztelaniaratzeko itzultzaile automatiko neuronalak erabiltzen ditugunean ez gara botoi bati sakatuta konformatzen; zuzendu edo posteditatu egiten dugu. Gaztelaniazko testuaren estiloak ez gaituenean erabat asebetetzen ez dugu beti asmatuko txukuntzen edo ez dugu behar bada gaztelania naturalean nola ipini jakingo, baina ziurtatuko dugu testu biek gauza bera esaten dutela, jatorrizkoan esaten den guztia esaten dela itzulpenean, eta itzulpenean ez dela jatorrizkoan azaltzen ez denik esaten.

Gaztelaniatik euskaratu behar denean, ordea, askok pentsatzen dute botoi bati emanda nahikoa dela; klik bat egitea nahikoa dela euskararekiko betebehar guztiak gauzatzeko. Itxurari ematen zaio garrantzia, mamia kontuan hartu beharrean. Euskararen prestigio urria dago joera horren oinarrian.

Pentsatzen dut medikuntzako profesional euskaldunek euskaraz sortutako txosten klinikoak ez dituztela besterik gabe euskara hutsez gordeko ordenagailuan; hori egin aurretik emango diotela botoiari, irakurriko dela ITZULBIDEk emandako ordaina, ziurtatuko dutela gaztelaniara egindako itzulpena zuzena dela eta geroago etor daitekeen mediku erdaldunak ondo ulertuko duela.