Lau istorio ttipi

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Ai, ene onetsia erran zuen Graziana Jaso andreak hasperenka, barne minak urraturik, etsiak jota, bere amorantearen ―Joanes Otsaren― aldeko hileta-elizkizunaren kanpai-hotsak ziegatik entzun zituenean. Graziana giltzapeturik zegoen senarra engainatzeagatik. Senarra ere preso harturik, Joanes amorantea sastakadaka hiltzeagatik. Bakoitza ziega-zulo batean, Agoitzen. Eskribauak honela itzuli zuen Grazianak euskaraz errandakoa: “Ai, ene onetsia”, que quiere dezir en romance “ay mi bien amado”.

Iruñeko bizilagun Migel Arraiozek gogor jo zuen bere emazte Katalina Erratzuren kontra, bai eta emaztearen amorante Migel Anotzibarren kontra ere. Katalinak ez zuen inola ere ezkutatu maitalearekiko sentimendua: “Nik amorio daukat Migel Anotzibarrekin eta beldurra dut nekez edekiko zaidala harekin dudan amorioa”. Gertakarien lekuko batek ere antzera deklaratu zuen auzian, horixe entzun baitzion Katalinari, emaztea ohatzean burua hautsirik zetzala, senarrak emaniko makilakadaren ondorioz: “Migel Arraiozek ez dit bada edekiko nik harekin dudan amorioa”.

Maria Izturitz Iruñeko bizilaguna preso hartu zuten, senarrak Petri Uztaritz izeneko gizonaren ondoan harrapatu zuelako etxeko logelako ohatzean. Senarrak, Martin Irañetak, “zer ari haiz bellakoa?” erran zion kolera gorriturik gizonari, labana eskuan zeramala, eta Maria eta Petri ihes egiten saiatu baziren ere, Martinek labankadaz josi zuen Petri. Behin atxiloturik, senarrak auzian adierazi zuen ezen, etxeko eskaileretan gora ziztuan zihoanean, argi eta garbi entzun zuela emazteak “hik eta nik semeto baten egin bageneza!” erran ziola kontent Petriri hainbat aldiz, erran nahi baita, “¡o, si tu y yo hiciesemos un hijito!” idatzi zuen gaztelaniaz kasuan kasuko eskribauak.

Hainbat emakume kalaka bizian eta txutxu-mutxuka ari ziren Iruñeko Arrotxapea auzoan, Arga erreka bazterrean, arropa eskuz garbitu bidenabar. Iduri duenez, hiriko bi gaztek ezkontzeko promesa egin zioten hitzez elkarri, baita sinatu ere, baina azkenean mutilak ―Pedro Aierrak― hitza jan, atzera egin, eta giltzapetu zuten. Epaiketako paperetan jasoa dagoenez, emakume haietako batek omenka zekien zer gertatu zen: “omen diote mutilak entzun duela neskatoa ez dagoela bere hondran. Erran omen diote neskatoa useginik dagoela eta horrengatik ez omen da joan (neskatoarekin)”. Bertze gauza bat ere erantsi zuen neskatoari buruz: “Lehen ere neskatoaren izebak bere dendan aurkitu omen zuen (neskatoa) alkate Liedenaren mutilarekin eta horregatikan atera omen zuen etxetik”.

Horratx lau istorioak, laurak ere Nafarroako Artxibo Nagusiko paper zaharretan jasotakoak, azken urteotan argia ikusitakoak, garaian garaiko euskararen lekukoak, kasuan kasuko eskribauek idatzitakoak, iraganeko misoginiaren erakusgarri.

Biraorikan ez duen hizkuntza garbia?

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Nafarroako administrazioak itzultzaile sare handia antolatu behar izan zuen mendez mende, jende gehiena ez baitzen mintzatzen administrazioak zerabilen hizkuntzan, herritar gehienak euskaldun hutsak baitziren. Eskribauak aritu ziren bitartekari herritarren eta administrazioaren artean auzi, epaiketa eta gisakoetan. Erran nahi baita, jendeak euskaraz errandakoa gaztelaniaz jasotzen zuten eskribauek paperetan, baina tarteka euskarazko hitzak idatzirik, baita esaldiak ere, gure gozamenerako.

Epaiketa eta auzietako paperak Nafarroako Artxibo Nagusian daude gorderik eta, duela hamar bat urtetik hona, euskarazko hitzak dakartzaten izkribu aunitz argitaratu dira, garai bateko euskararen erakusgarri.

Konparazio batera, behin batean, kalapita ederra gertatu zen Barasoaingo kanposantuan, bi familiaren artean, hilobi baten kontura. Epaiketako paperen arabera, Martin Leotzek hauxe erran zion Margarita Lanari (parentesi artean eskribauaren itzulpena):

– Eme txarrak oihuak handi (ruin muger –sic– grandes voces).

Eta Margaritak erantzun:

– Baita zuek kasta andurrak (malas castas).

Hortik aitzina, sekulakoak eta bi erran zizkioten elkarri, familia bakoitzeko bertze kide batzuek lagundurik.

Honatx Margaritaren alabaren etorria:

– Aho laxoak, fanfarron tzarrak, erroi kasta gaiztoak (bocas flojas, fanfarrones viejos, malas castas…).

Eta Martin Leotzek erantzun:

– Arrano txipiak egin nahi du hain oihu handia nola handiak (la aguila chiquita tan grandes voces quiere dar como la mayor).

Eskribauaren eskuizkribuaren arabera, Margaritak azken hitza bere:

– Kasta gaiztoak, perjuro kumeak, perjuro baten semeak ez dik hemen ortzi (ehortzi) behar.  

Orbaibarko gertakari horretan erabilitako erroi eta andur hitzak (gaiztoa, makurra, zitala) maiz ageri dira mende haietako paperetan. Adibidez, Agoitzen, behin batean, emakume batek bertze bati “andurra” erran, eta erantzun hau jaso zuen: “Ni ez naun andurra, nik andurtu ninduenak…”. Hortaz, aditz bihurturik ere ageri da andurra.

Erroi ere izugarri erabiltzen zen: “erroi zarra”, “erroi adaburu handia”. Eta Añorben, ez dakigu zer gertatu ote zen bi lagunen artean, baina batak bertzeari honakoa bota zion: “erroi mehaka ustela tripa handia”. Eskribauak ez zuen itzulpen zehatzik ekarri, honakoa baizik erdaraz: “arras hitz iraingarriak”.

Adaburu hitz hori ere ezin konta ahala aldiz ageri da (cornudo) eta ez dira gutxi gero apezei lotutakoak. “Axeri” eta “axerikume”, apezen seme-alabei errateko. “Apezgoitia”, apezarekin harremanak izan dituen emakumeari errateko.

Gainerakoan, “buruhandi”, “zakil erre”, “zakil handi”, “bragetandi”, “sudur makur”, “traidore seme”, “azkonlarru”, “mairua”, “frai zikin”, “agot zarra”, “agot askazia”, “ozar likitsa”, “errumes zar”, “doilorra”, “doilor zarra”, “ollaka txarra”…

Edaten zuenari “ordia”, “ordi zarra” eta gisakoak erraten zizkioten edo, metafora bidez, “ardankopa matela”, “ardanbotea”, “ardansaskia”.

Behin batean, Irunberriko jendea Leirera erromerian joan zelarik, sekulako istiluak gertatu ziren monasterioko fraideekin. Orduan, Irunberriko Trinitateko ermitauak, Irunberriko gurutzea zeraman gizonarengana hurbildurik, gurutzeari eusteko makila hartu zion, fraideen kontra jotzeko asmoz: “Indak honat makil hori, nik adituko diat fraideok” (Daca aca ese palo, que yo entendere a estos frailes”.

Bukatzeko, Ameskoako gizon batek bertze bati egindako heriotza-mehatxua: “lehen ere begietan hadukat, eta gero bada, lehen bada, ene eskuetarik joanen haiz” (“yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos).

Irain horietako aunitz Iruñeko karriketan bertan erabili ziren, bai eta Iruñerriko eta inguruko herrietan ere, hau da, euskarak XIX. mendean gibelera egindako bazterretan. Arestian erran bezala, aunitz dira eta ezin denak hona ekarri. Batzuk, gainera, egiazki dira itsusiak egungo belarrietarako. Hurrengo batean, agian. 

Udaberriko izokina

Castillo Suarez

Maite dut elurraz idaztea. Beharbada horregatik algoritmoak samiei buruzko artikulu bat ekarri dit hemen aipatzeko. Samiek ba omen dituzte 300 hitz baino gehiago elurrarendako. Areago, ba omen dute hitz bat elur-orein izutuak izendatzeko. Badirudi klima aldaketak ekarriko duela hitz horietako batzuk desagertzea.

Izokina ere desagertzen ari da bertako erreketatik. Izan ere, ozeanoa gero eta beroagoa eta gero eta azidoagoa da. Horregatik debekatu dute izokinen arrantza ibai batzuetan, geratzen diren aleak babesteko. Bertako bati galdetu eta arratza egitera joaten zireneko irteerak faltan sumatzen dituela erantzun du. Orduan izaten zituzten elkarrizketak.

Hitz zaurgarriak klima aldaketarekin oso lotuta daude. Jada ez dago udaberriko izokin goiztiarrik, alegia ibaiko izotza desegin eta berehala agertzen ziren haiek. Izan ere, arrantzaldia laburtu eta atzeratu egin da. Izotzik ez dago ibaietan arrantzan ari direnean. Iraganeko hitza dajiekklinaguolli, udaberriko izokin hitza. Iraganaz hitz egitean erabiltzen da soilik, arrainak ugari zirenean.

Samien jarduera tradizionaletako hizkuntza espezializatuak desagertzen ari dira, esate baterako arrantza eta elur-oreinen artzaintza. Eguraldiaren berri ematekoak ere bai. Alabaina, hitz berriak sortu dira, klima aldaketa aipatzeko, esate baterako.

Erabiltzen ez diren hitzak jaso eta gorde daitezke. Zer gertatzen da, ordea, izan ez diren elkarrizketekin?

Haurra nintzela, osabarekin joaten nintzen arrantzatzera. Orduak pasatzen ziren ezer harrapatu gabe. Ez genuen sakelakorik, ez genuen libururik eramaten. Hizketan aritzen ginen. Tarteka isilik egoten ginen, inguruari erreparatzen. Beti izan naiz isila eta behatzailea.

Lurrarekin eta urarekin dugun loturak ere eratzen ditu hizkuntza komunitateak, ez bakarrik hizkuntzak. Hori dio artikuluan arrantzale gazteenetako batek. Horregatik samiak hitz batekin moldatzen dira elurraren ezaugarri baten berri emateko; guk, ordea, esaldi bat baino gehiago behar ditugu. Izan ere, urtaro osoak ari dira desagertzen samieratik. Hizkuntzek beti erreparatzen diote naturari.

Larretik noranahi

Oskar Arana Ibabe

Izurritea amaitzen ari, bazebilen nigan susmo bitxi bat, hedabideek ere harrotu zutena neurri batean, bizimoduak aldaketa handia izan behar zuela, galzorirantz abiatu-edo zitezkeela guk ezagututako gauza asko, guk ezagututako bizimodu bat. Ez dakit zuzen horregatik izan ote zen, baina egin nuen aspaldiko asmo bat gauzatu behar nuela, gure eskualdeko edadeturen batekin berba eta berriketaldia grabatu eta transkribatu… Berbak esaten ditugun legetxe eskribituta ikusteak beti eman izan dit plazer arraro bat, are eta handiagoa berriketako laguna edadetua bada, dagoeneko desagertua den bizimodu baten kontakizuna egiten badu. Nago, gainera, gure berba egiteko modua guztiz ari dela aldatzen, gu konturatu barik, edo konturatu arren, guk uste baino gehiago. Patxi Arexolaleibarengana jo nuen, laurogeita hamar urte beteak zituen orduan (gaur laurogeita hamahiru ditu, eta bizi da, eta burua argi du). Ez dut behin ere transkripziorik egin, eta zail gertatzen zait azaltzea ariketa hori eginik zeren bila nenbilen. Adibide batekin esatearren: gure iloba gazteenak ez daki martitzena zer den. Asteartea ikasi du eskolan, eta etxean ere, haren gurasoek sarriago esaten dute asteartea, martitzena baino, eta, hala, eskolan ez diote irakasten gure eskualdeko euskara. Aitzitik, desikasten ari da. Nago ez dugula asmatu arlo horretan, gure gizarte honek. Patxik beste garai bateko kontaera du, berba egiteko modua. Ni beti egon izan naiz belarria erne bera lako jendearen ondoan, zer ikasiko, “gure hitzak gal ez daitezen”. Patxi, beharbada, ez da bere adinekoen artean berbalaririk onena, baina beti izaten da bera lakoengandik zer ikasi. Hona atera ditut, nik ere ez dakit zergatik, beharbada nigan ondo errotu barik daudelako, esamolde batzuk, berba batzuk, gauzak azaltzeko modu batzuk, doinu bat, berba egiteko patxada bat, berba egiten baitzen haren garaian (Gaur glotofobia ari omen da hedatzen, teknologia berrien eraginez, Pariseko auzo batzuetako gaztetxoen artean. Berriketan ibiltzea zentzurik gabeko jarduna zaie, guztiz arrotza, arreta kenarazten baitie gailu sorginduotatik. Presa dute, artegagarri zaie arreta berbei eta pertsonei jarri beharra, ezpainei darien hots alferreko horiei, informazio bit geldo eta aspergarriei). Aspaldi luzean gabiltza/nabil gure ondotik desagertzen ari den berbeta paperera eta euskarri elektronikoetara jasotzen, hor iraunarazteko. Ezinezkoa da Patxiren berbetaren ñabardurak, doinuak, ahotsak berbez beste darabiltzan adierazmolde eta aieruak eskribituz agertzea, baina ahalegin bat izan zen. Nire esker ona, bestalde, aspalditik gure ahozko ondarea biltzen ari direnentzat, berbadun iaioenen berriketak grabatzen, transkribatzen. Kutxa horretan gauza txit prezatuak jagongo ditugu, ahal dugun artean. Aliritzian ibili naiz, belarria hautatzaile soil, eta aliritzian dakartzat hona, nigan tekla kuttunen bat jo duten zerak.

O: Ederto bazkaldu dogu hemen, baserrian…

Patxi: “Bueno, ba, bai, eee, … jenerue egon ezkeron eta ona egon ezkeron…”

> Bitxikeria fonetiko hori aspaldi entzun gabea nuen. Aspaldi-aspaldiko zapore bat ekarri du nire belarrietara.

O: “Hemen bizi izen zitzen, baserrixen…”

Patxi: “Nire bizitzie hemen izen da. Orduen ba, tartien, gauza asko pasau die… ez dakit nundik ekin leikien…”

> Ekin aditzaren erabilera horrek ez dakit noiz arte iraungo duen gure artean.

Patxi: “Aitte ezkondu zan Euskitzako alaba batekin…”

> Ez dakit horrela esango nukeen; jakina, ezaguna dut esamoldea (etxe jakin bateko alaba edo semea), baina esango nuke ez dudala sarri-sarri erabiltzen.

Patxi: “Itxurie danez, entzuerie holan dauket, gaixotasun bat auki auen nahiko txarra…”

> Entzuerie holan dauket…Ezaguna dut, jakina. Baina esango nuke oso gutxi baliatu izan dudala.

Patxi: “… baine, egunen baten, bitartekoren bat egon zan, aittejaunekin eta amandriekin entrebista bat gertatu auena, alaba alargun horreaz alkar ezautu egieen-edo…”

> Nik bitartekari esango nuke… ez zitzaidakeen bururatu ere egingo beste baliabide hain soil eta gertuko hori.

Patxi: “eta esaten zauen zelan juen zan oso txukun bera, eta zelan Hesibidera ailegau zanien, …”

> Mendeko esaldia, aise-aise osatua, zehar-galdera baliatuta. Kontaera da, eta kontatzera ohituta dagoenak aise erabiltzen du zehar-galdera.

Patxi: izan ditut pretendientiek gehixago be, baine baietza emun biher dotzet.”

> Aditza aurreratuta (izan ditut…) eta gehiago ere, enfasia emanez, eta baietza eman, ezkontza tratuetan eta behar den bezalako esapidea erabiliz. Nago niri ez ote zitzaidan “baietz esan” aterako.

Patxi: “Gauza asko ikesi dot beregandik.”

> Bai, txit arrunta egitura… baina beregandik erabili du; niri, ikasia, leitua, … honezkero berarengandik aterako litzaidake. Nahiz eta erakusleetarako proposatu den sisteman ez dagokion, gure estandarrean, ez baita bihurkaria.

Patxi: “Eta esaten zauen harreman ona auki zauela eta aittejaunek esaten zauela: “holako emakumie guk ez gaixoan mereziru, … horrek erregiagana presentetako ez jaukek bildurrik.”

> Garai bateko pertsona batek orduko beste bati buruz esana… ez du ezer berezirik. Baina belarrian goxo eta eder gertatu zait.

Patxi: “hemendik Zarimutzera goiezela, bide erdi inguruen, ba suertau zan, iturri baten, guk amari seguramente ure eskatu-edo egingo geutzen edo gure dana, gaur be badakit esaktamente nun, Erdotza deiketan geutzen baso baten, eta ba, ama negarrez euen, eta preguntetan nutzen “ama zergatik negar egiten dozu.”

> Ez dakit zuzen zer: kontaera bera, eta aspaldi neuk ere erabili ez dudan edo gure dana hori, eta azkeneko galdera egiteko modua, “ama, zergatik negar egiten dozu”…niri zergatik egiten duzu negar aterako litzaidake.

Patxi: “baine ez naz akordetan zenbat egun egin gituen Txintxuenien, handik juen ginen Nagiturrire, eta Nagiturrin egin gituen egun mordoxkadatxo bat, da gox baten, ilun zauela, etorri zan aitte, eta hau oso goguen dauket, astuekin, astotzaratan, mutiko bixok juen gitzen Elgeara menditik.”

> Barriro ere kontaera; eta aspaldi edo inoiz entzun ez dudan egun mordoxkadatxo bat hori. Eta aspaldiko gailu hori, astotzarak (asto-otzarak) dagoeneko erabiltzen ez den gailu bat (hemen gurean bederen, zibilizazio motorizatu honetan).

Patxi: “Eta gero larrinek itten zien, … eta gero beste denpora bat izeten zan bedar-denporie, … eta lehen esan dot zelan bedar pilue burdixaz eruen biher izeten nauen kaminuen, eskuaz hartute hagatik… Lehen be esan dot lautik bat hango nazela, Gureixako.”

> Beltzez nabarmenduak. Larrinak egin, … laborari zibilizazioko egitekoak; eta gurdia eroatea hagatik hartuta (beste garai teknologiko bat); eta lautik bat hango naz, Gureixako: absolutibo mugagabean ematea atributua, eta esapidea bera, jatorria adierazteko (aitona-amonetan bat hangoa zuela).

Patxi: “eta ahuntzekin be tokau jaten niri… eta ahuntze oso zera da, igeskorra, aumiekin-eta dauenien, igeskorra da…”

> Guztiz maitagarri gertatzen zait –kor atzizkia gure adinekoen ahotan entzuten dudanean. Ikastolako ariketak dakarzkit gogora, -kor atzizkiarekin eta hitzak osatu… Hara, Patxik, ikastolan ibili gabea, zeinen aise. Eta gero animalien gainean-eta, inoiz jakin izan badut, guztiz ahaztuta neukana, baina maitagarria gogoratzeko. Ahuntza, aumekin dagoela, iheskorra da…

Patxi: “ez dakit, orduen ba, azie, porrue… gutxi gehixau, babie, baba parrakue, kipulie, lekak, baba txikixe…”

> Ez daukat gogoan inoiz entzun izana. Bada, ez da berandu ikasteko.

Patxi: “da akordetan naz, Maulandatik apur bat holan Marin alderatxuau, baeuen esparru bat…”

> Marin (auzo baten izena) alderatxoago. Bai, guztiz ezaguna, baina esango nuke ez dudala sarri erabiltzen posposizioa horrela, -tik gerturaxeago edo esateko. Gauza bategatik edo besteagatik, gozo egin zait belarrian.

Patxi: “aittek afizino apur bat bazauken txarrikumak hazten, etxerako-eta, etxien pare bat beti aukiten zien. Da txarrikumak hazten zien, eta txarri amie eruen biheizeten zan txarri apuagana, … apue esaten jako arrari, kaztigau zegiezen.

> Hemen bai, ahoa bete hortz geratu naiz. Baserriko gaietan nahiko jakina nintzelakoan, … azalpen bat behar izan dut, zer ote zen txerri apoa, eta zer ote zen kastigatze hori. A! eta inpertsonalaren erabilera hori, txerrikumeak hazten ziren.

Patxi: “Eta, orduen egunien, zitaute euzen Maulandako bi baserritar materixala erueteko Alabitara, gaztategi barrixe egiteko.”

> Gaztategia. Arrunta iritziko diozue. Ez da asko entzuten den berba gure gaurko inguruko euskaldunen ahoetan.

Patxi: “Alabitara juen biher juagu, eta ardixei esniek hustu biher jakuek.”

> Ez nuen ezagutzen esamoldea. Baieztatu beharra daukat, hala erabiltzen zela.

O: (kontakizun batean eten egin diot… eta ezagun bat aipatu baitu, haren gainean galde egin diot. Kontakizunean etena egin eta hari berriro heltzeko).

Patxi: Horra be fango gara”… “Helduko diogu gai horri ere”, esanez bezala. Ez dakit, hain esapide espazio-kutsukoa erabiltzea bitxi eta polit iruditu zait. Neuk ere baliatzeko modukoa inoiz. Irakasleok-eta agian baliagarri aurkituko duzue.

Patxi (andregaia ezagutu zuenekoaz ari dela): “Orduen ikusi nauen (andregaia), eta, bueno ba, juen nitzen eta arkaleaz ibili gitzen (dantzaldian), eta gero esan nutzen lagunketako kontue ta, esan zuzten ezetz, berba eginde euela lagun batekin (beste emakume adiskide bat)… eta lagun horrekin juen zan.”

> Lekualdatze fonetiko hori ezagutzen nuen (arkaleaz ibili), baina aspaldi ez nuen inoren ahotan entzuten (ez da galera handia, iloben adinekoek “martitzena” ere ez dutela ikasi jakinik). Laguntzeko kontua, garai bateko gorteatze moldeak, jaitik etxera lagun egitea bidean gizonak emakumeari. Nola aipatu duen izan zait deigarri, laguntzeko kontua…

Patxi: “Aittek eta amak proponiru euztien (etxe batera joan zitezela bizitzera bera eta andregaia), baina nire andrie izen zana ez zauen hartarako (beti darabil Patxik esapide hori dagoeneko zendua den andrea aipatzeko, sistematikoki).

> ez zegoen hartarakoez zuela nahi –edo ez erabat behintzat– adierazteko modu dotorea.

Eta horrelako beste dozenaka bitxi (nire belarrientzat). Guztiz gustagarria (eta lan handikoa) berbaldun on eta edadetu beste bizimodu bat ezagututakoen berbaldiak transkribatzeko egiteko hau.

Larrearen oroimena gorde dezagun bederen, … larreak hazten baititu erleak, landareak, gu geu eta gure aurrekoen berbeta, gure gogo-bihotzetan atxiki nahi genukeena. Nora… ez dakigu-eta nora iritsiko garen, guk eta gizateria osoak daramagun abiada itsu honetan.

Iragana bihurtzea

Borja Ariztimuño López

Irulegiko Eskua jendaurrean aurkeztu zutenetik urte luzea igarota, oraindik ere argitu ezinik gabiltzala, egitekoaren konplexutasunak ageri-agerian uztea ezinbestekoa da, hasierako euforiak estalirik geratu ziren ohartarazpen eta zuhur-hitzak aldarrikatuz.

Gaurko sarreraren izenburua ez da nahikari edo eskari baten adierazpen traketsa, eta ez naiz “iragan denbora beti hobe” topikoaz arituko; ez eta iraganera bidaiatu ahal bai, baina hura aldatu ezinaren paradoxaz ere.

Blog honen testuinguruan uler bedi bihurtu aditza; ‘itzuli’, alegia, ‘translatatu’, ‘traduzitu’.

Izan ere, zer da testu zahar bat (areago idazkera [ia] ezezagunean idatzirikoa) ulertzea, geureagoa den hizkuntza-molde batera ekartzea baino?

Hala bada, zer behar du kontuan hartu itzultzaileak testu bat bihurtzerakoan? Lehenik eta behin, sorburu- eta helburu-hizkuntzak; hots, horiek ongi ezagutu behar ditu. Horrez gain, nork, norentzat eta zertarako idatzi duen ere jakitea komeni zaio (testuingurua), hitz, esapide eta molde guztiak egoki interpretatuko baditu. Orobatsu da, funtsean, epigrafista, filologo edo hizkuntzalari diakronikoek testu zahar eta antzinakoen aurrean beharko luketena.

Areago, sorburu-hizkuntza eta idazkera bera ezezagunak edo erabat identifikatu/dezifratu gabeak direnean, corpus zabala eta adibide elebidunak eskura izatea da desiragarriena; besteak beste, argudiaketa zirkularretan ez erortzeko.

Iberieraren kasuan, adibidez, ez dugu azpian dagoen hizkuntza egiazki ezagutzen, baina, halere, idazketa-sistema nahiko ongi (ez guztiz) ulertzera iritsi dira. Ez dago egiazko testu elebidunik, baina bai corpus nahiko zabala, zeinetan pertsona- eta leku-izen zenbaiten formak ziurtasunez identifikatu diren. Horiekin batera, zenbait atzizki posible eta, zalantza askoz handiagoz (ene ustez, bederen), aditz-formaren bat eta terminologia-kontu lauso batzuk.

Aldiz, historikoki ezagutzen dugun euskararen 1.500 urte lehenagoko ezaugarriez ezer gutxi dakigu (jakinen adiera hertsienean), harrietan zizelkaturiko elementu onomastikoetatik (zeharka, beraz) ondorioztatu ahal izan diren kontu batik bat fonetiko-fonologikoez gain. Zoritxarrez, barne-berreraiketak eta bestelako eraikuntza teorikoek ez digute esaten igarritako aitzin-hizkuntza hori noizkoa den.

Bestalde, Irulegiko Eskuaren azpian datzan hizkuntzaz hipotesiak besterik ezin genezake egin, idazkeraren berezitasunak eta bestelako ebidentzia negatiboek (“ez da/dirudi zeltiberiera edo iberiera”) uzten diguten heinean. Alabaina, hipotesi horiek baieztatzeko edo, gutxienez, argudio linguistikoez janzteko, corpus murritz eta bakanegia dugu lau lerro horietan. Ezagunak dira Rosetta harriaren eta B lineal delakoaren aurkikuntzak eta dezifratzeak, baina ez ohi da horrenbeste azpimarratzen horien atzeko historia eta kronologia. Ez zen magiarik jazo orduan, eta ez da halakorik gertatuko orain ere. Lan handia eta denbora nahikoa ezinbesteko osagaiak dira.

Horiek horrela, neure iritzia azaldu nahi nuke, dagoeneko idatzirik dagoen iraganaren iragarpen moduan: nago Irulegiko Eskuaren misterioa ez dela argituko harik eta lekukotasun gehiago agertu arte, gutxienez. Eta orduan ere, ziurrenik argitasuna ez da berehalakoan etorriko.

* * *

Iraganera itzultzeko motibo asko izan litzake pertsona batek; esaterako, eginiko hutsak ekiditea edo bidelagunez garaiz aldatzea. Hizkuntzalari gisa, bidelagun horiek izan daitezke ezagutzan oinarrituriko hipotesiak eta argudioak, hizkuntzak berak edota datuak ikusteko moduak (marko teorikoak). Horiek aldatzea errazagoa da, horretarako arrazoirik aurkituz gero, iraganerako itzulia erosoagoa eta emankorragoa izan dadin, iragana bihurtu (‘bihurritu’) gabe.

Mozkortu

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Joakin Lizarraga Elkanokoa idazle emankorra izan zen zinez, milaka orrialde idatzi baitzituen nekaporratu gabe. Eliz kontuak eta erlijio gaiak beti: predikuak, santuen bizitzak eta bertze. Kopletan, konparaziora, 10.000 bertso-lerro inguru. Santuen bizitzetan, oroitarazi zuen San Saturnino dela Iruñeko patroia: “…gloriosoa baita, Iruñeko eta Nafarroako kristandadearen Aita Printzipala…”. Eta San Saturninok Fermin izeneko gazte bat bataiatu zuela Iruñean, San Fermin, alegia: “Fermin edo Firmio deitua, Nafarroako Patrono dena, jaio ze Iruñean. Gurasoak Firmo ta Eujenia, jende nobleetaik: eta hura Senadore edo Konsejuko Jaun printzipala. San Saturninok bataiatu zituen, Tolosako Obispo zenak”. San Frantzisko Xabierkoaz ere badu hitz ederrik: “Sandu bat handia, gure leku-kidea, Nafartarra, Nafarroaren honra, gloria eta sendagalla; animoso, goapo, garboso eta goranahia”.

Lizarraga Elkanoko Migelenean sortu zen 1748an (Eguesibar) eta 60 urtez izan zen bere jaioterriko apeza, 1835ean zendu zen arte. Iruñerria altxorra baita zinez euskal izkribu zaharretan, ortziral honetan berean Iruñearen inguruko bertze ibar batean ikusiko dugun bezala, Ezkabarten. Izan ere, Zildotz herriko Perutxenean aurkitutako ehunka eskuidatziren berri emanen du Euskaltzaindiak. Ekaitz Santazilia filologoak, gainera, argitu du nork onduak diren idazki haietarik gehienak, hots, etxe hartan berean sortutako Jose Manuel eta Juan Manuel Urtasun Lakidain anaiek. Bada, sorta horretako izkribu batek ezkabartearrei azaltzen die nola egin behar den aitorpen edo konfesio jenerala, hots, mahats-bilketa egiten den bezala:

Zer kuidado paratzen du nekazari diligente batek ardantze bat mendematzean? Jauna, ematen dio beiñipein ardantze honei buelta bat ososoa, eta buelta honekin bateo, joaten da mahatsak zare batean bilduz. Eta hori aski da? Ez jauna, mendematzekoz behar duen bezala, ematen du ardantze guztitik bertze buelta edo errepaso bat, eta biltzen ohi ditu txirdil karga bat edo bide, hostoen artean estalian gelditzen zirenak, mendemazaleen deskuidoz edo ez ikusiz… Eta errepaso honen ondorean, txirdilen bat gelditzen bada estalien? Jauna, ez da nekazari haren kulpa, honek bere aldetik egin zuen ahal zuen guztia; hau urriaren ondorean, ahienari hostoa erortzen zaionean deskubrituko da”.

Eta orain, mezua, ikasbidea, nekazariarentzat:

Hau bera erraten dizut nik, kontu egizu zure bihotzeko ardantzea mendematzera zoazila; behar diozu eman zure kontzientziako ardantzeari buelta jeneral bat, eta behar dituzu bekatuen mahats beltz saminak bildu zure memoriaren zarean…”.

Mahats-bilketaren adibidea ongi ekarria da, Ezkabarteko eta Iruñearen inguruko nekazariek ugari baitzituzten ardantzeak edo mahastiak ardoa edo txakolina egiteko, txakolina ez baita Gipuzkoako edo Bizkaiko kontu hutsa, Nafarroan erruz egin baita XX. mendearen erditsura arte, jende aunitzek bertzela uste arren. Hori bai, den-denok dakigu zer dakarren ardoa eta txakolina neurrigabe edateak.

Bada, Elkanoko semeak euskaraz izkiriatutako milaka paperen artean, printza zoragarri hau utzi zigun mozkortu hitzaren gainean, euskarak Iruñerrian zuen bizitasunaren erakusgarri: “Orain erraten da hordiagatik mozkorturik. Eta guzia heldu da ongi, ezi nola burua kentzea arbola bati deitzen baita mozkortzea, hala hordia da mozkor bururik gabe…”. Erran nahi baita, aditzera eman nahi du bere garaian mozkortzea zuhaitzari adaburua moztea edo kentzea zela edo horrela behintzat erabiltzen zutela. Beraz, Iruñerrian ere, neurrigabe edateari “horditu” erraten zitzaion. Baina gero, “mozkortu” hitzak bertze erranahi bat hartu zuela (orain erraten da hordiagatik mozkorturik), hots, gehiegi edateak burua galtzea dakarrelako, zuhaitzen inguruko adiera hura gehiegi edatearen eremura ekarrita. Horregatik idatzi zuen “guzia heldu da ongi”, hots, ez dagoela gaizki pentsatua “mozkortu” hitzaren adiera berria, edaten duenak burua galtzen duelako. Horren haritik, galderak montioka heldu zaizkigu kaskora. Nondik heldu ote zen Iruñerrira “mozkortu” hitzaren erranahi berria? Edo Iruñerrian berean eman ote zitzaion lehenbizikoz adiera hori, Euskal Herri guztietara zabaldu baino lehen? Edo zergatik ez, Iruñerriko gazteen ahotik ateratako adiera izan ote zen?