Etxetik ezin irtenda dagoen itzultzaileak bat-bateko jakin-mina izan dezake, jakin-min filologiko premiatsua, euskaraz nola ematen den ipurditik, eta ahotik ere nola ematen den. Hitz horiexekin edo nola, alegia.
Testuinguru pixka bat beharrezkoa izan daiteke. Literatura konparatuan aditua izandako Claudio Guillén-en Múltiples moradas saiakera irakurtzen ari nintzen, hizkuntzatik hizkuntzara eta literatur sistema batetik bestera jauzi nola egiten zuen miretsita (tartean Axular eta Etxepare ere aipatuta), literaturan lizunkeriak izan duen tokiaz arduratzen den atalera iritsi naizenean. Bertan, Katulo poeta latindarraren olerki jakin bat aztertzen da, hamaseigarrena, darabilen hizkera gordinagatik ezaguna, Pedicabo ego vos et irrumabo esaldiarekin hasten (eta amaitzen) dena[1]. Hitz horien bidez ni poetikoak Furio eta Aurelio lagunei mehatxu egiten die ipurditik eta ahotik ematearekin, sodomizatuta makurraraztearekin (zergatik eta Katulo maitasun poemak idazteagatik belaxka eta lizuntzat jotzen dutelako; aitzitik, poetak uste du egileak izan behar duela garbia, baina ez hark idatzitakoek).
Jarraian bertso-lerroaren bi aditzen ñabardurak ekartzen ditu Guillének: pedicare aditzak uzki-sexuaren jarduera aktiboa adierazten du; irrumare aditzak aho-sexuaren jarduera orobat aktiboa (ekintza horien bertsio pasiboek ere bazituzten beren aditz bereziak). Hots, Katulok erakutsiko zien Aurelio eta Furiori bera ez zela batere biguna, antzinatean, jakina denez, maskulinitateak ez zuelako norekin oheratzen zinen markatzen, ohean zer rol hartzen zenuen baizik. Durangoko Azokako aurtengo leloari kontra eginez, Erroman behintzat ematea ez da hartzea.
George Lafayek itzulpen lotsaduna egiten du aipatu esaldiarena: “Je te donnerai des preuves de ma virilité”, Claudio Guillének esan bezala, “ausardia lizunaren xehea ezabatuta”, baina beharbada poetaren azken asmoa bai gordeta[2]. Jarraian, guztiz bestela jokatzen duen Antoni Seva itzultzaile katalanaren adibidea ekartzen digu: “Us la fotré pel cul, jo, i per la boca”. Alfred Edward Housman poetak, berriz, uste du olerki horren lehen esaldi hori ez dela hitzez hitz hartu behar, nolabaiteko lagunarteko esapide moduan baizik, “zoazte pikutara” esan nahiko balu bezala.
Adibideok, eta Guillének aipatzen ez dituen beste batzuek ere (ingelesezko bertsio zaharretan latinezko lizunkeriak, ingelesera itzuli gabe, bere horretan utzi, izartxo batez ordezkatu edo are grezieraz emateko ohitura zaharrak ere, esaterako), esaldi honek euskaraz zer zortea izan duen jakiteko gogoa piztu didate.
Etxetik ezin irtenda dagoen itzultzaileak Euskarari ekarriak webgunera jo du, Katulorena euskaraturik zer dagoen begiratzera. Poema solte asko aipatzen dira, funtsean lau itzultzailek euskaratuak. Lehenak harritu nau gehien: Iruñeko zinegotzia izateari utzi berri dion Koldo Martinezek Katuloren zortzi poema itzuli zituen 1985ean Korrok aldizkarirako. Lotura dago, baina poema lizunak saihestu ez baditu ere, bilatzen ari naizena, 16.a, ez dago haien artean.
Urte berean Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburu gogoangarrian Joseba Sarrionandiak itzulitako Katuloren lau poema ere aipatzen dira, banaka, baina ez dago haietara iristeko estekarik; haiei jarritako izenek (Amodioak, Lekukoak, Gonbida nazazula eta Heriotzaren aurka[3]) eta nire oroimenak haien artean ere hamaseigarrena ez dagoela pentsarazi didate, halere.
Katulok euskaraz izan duen itzulpen zenbateko handiena hurrengo bi urtekoak dira, 1986 eta 1987koa, nik ezagutzen ez nuen itzultzaile baten, Jon Gotzon Etxebarriaren, eskutik. Zenbait aldizkaritan agertutako 17 poema solte. Loturarik, berriz, ez dago, eta izenburuei erreparatu behar diegu berriro, eta berriro ez dirudi haien artean hamaseigarren olerki lizuna dagoenik. Ematen du, dena den, aldizkarietan barreiatutako poema hauek liburutto batera bildu zituela 1989an. Hala aipatzen da webgunean, liburuari eginiko kritika bat jasotzen baita.
Itzultzaileak etxetik irten ez, baina Interneteko bilatzaileari astindu gogorragoa ematen ahal diola iritzita, sarean aldizkari zahar horien ale digitalizatuak bilatzeari ekin dio. Federico Krutwig izena agertu zaio berehala, berak sortutako elkarte baten argitalpena da liburuxka hura. Haritik tiraka, non eta Euskerazaleak webgunean topatu ditu Etxeberriaren itzulpen lan guztiak[4], eta bestelakoak ere, bilduta. Katuloren liburuttoa (47 orrialde ditu) pdf formatuan jaisteko aukera ematen du. Eta, ez, ez dago 16.a.
Dena den, oraindik bada laugarren itzultzaile bat, dagoeneko mende honetan, Veronako poetaren pusketaren bat euskarara ekarri duena. 2006an Luigi Anselmik Bertzerenak liburuan Katuloren hiru poema bildu zituela ikusi ahal izan dut. Osorik irakurri ahal izateko estekarik gabe ere, izenburuak salatzen du haietako bat dela azkenik bila nenbilen olerkia: “Gibeletik emanen dizuet eta orobat ahotik…”.
Latindar literatura osoko poema zentsuratuenari (itzulia izateko, hizkuntza gehienetan XX. mendera arte itxaron behar izan duenari) euskarazko gordailura iristea pittin bat gehiago kostatu izanen zitzaiola argi neukan; ez nuen uste hainbeste izanen zenik. Gure artean isil estrategiak ez dira hitz gordinak leuntzea, txanda-pasa egitea baizik.
[1] “Carmen 16 probably offers more of an impediment to the translator than any other poem in the corpus. It seems also to have suffered more: coyly rendered, opaquely rendered, bowdlerized, and finally truncated through being misunderstood”. Thomas Nelson Winter, in ‘Catullus purified: a brief history of Carmen 16’.
[2] Antzeko irtenbidera jotzen du F. A. Wright ingelesak ere, XX. mende hasieran: “I’ll show you I’m a man”.
[3] Lau poema hauetako azkenaren lotura egon badago aurrerago; izan ere, 1991n Zintzhilik aldizkarian agertu zen eta digitilazituta dago: “Bizi gaitezen, ene Lesbia, eta maitatu” bertso-lerroarekin hasten den olerki ezaguna da.
[4] Katuloz gain, Plinio, Marzial, Fedro edo Zizeroren itzulpenak daude.
Haundi/handi, urdinskara/urdinkara, atzorako/atzoko, gaurgeroz/gaurgero, ordurarte/ordura arte, sentimentu/sentimendu… Horietan guztietan, lehen aukera ez da hiztegietan jasotzen, edo idazkera okertzat jotzen da; bigarren aukera da, denetan, euskara estandarrerako gomendatzen dena. Bada, lehen idazkera ez gomendatu horiek ugariago ageri dira euskal idazleen liburuetan euskarara egindako itzulpenetan baino. Blog honetan behin baino gehiagotan azaldu dudanez, nire doktorego-tesian euskarara itzulitako literatur testuetako eta euskal idazleek zuzenean euskaraz sortutako literatur testuetako hiztegia konparatzen aritu naiz, eta dela koloreak aztertzen jardun dudanean, dela denbora-adberbioez edo emozioak adierazteko kolokazioez aritu naizenean, idazkera okerreko aldaerak euskal idazleen testuetan euskal itzultzaileenetan baino ugariagoak zirela ikusi dut.
Doktorego-tesi bat ez da elukubrazioetarako lekua. Datuetan behatutakoa jaso ohi da tesietan; egiaztatu ahal izan den hori, alegia. Intuizioak belarrira xuxurlatzen digunak ez du kabidarik izaten zorroztasun zientifikoa gidalerro duten testu generoetan. Eta beraz, lortutako datuak esplika litzaketen arrazoiez hipotesi gisa baino ez ohi da hitz egiten, eta etorkizunean urratu litekeen ikerlerro gisa gehienetan. Ni hanka-puntetan pasatu nintzen arrazoien gainetik nire doktorego-tesian, eta ez nuen ia hipotesirik aurreratu idazleengan antzemandako zabarkeria handiagoa edo itzultzaileen zuzentasunerako joera nabarmenagoa esplikatzeko, nire intuizio horiek tesia ebaluatuko zuen epaimahaiaren aurrean behar bezala defendatu ezin izango nituela iritzita. Baina hemen, lagunarteko foro informalago honetan, gustura egingo dut gogoeta ozenki zuekin.
Harira, beraz. Zergatik ageri dira haundi, ordurarte eta sentimentu gehiagotan idazleen testuetan eta gutxiagotan itzultzaileen testuetan? Lehen kolpean ezagutzarekin lot genezake auzia: idazle gutxiagok dakite, itzultzaileen aldean, sentimentu ez baizik eta sentimendu dela idazkera zuzena. Baina uste dut bat etorriko garela denok onartzean jakin gauza gutxi dakizkigula berez idazleok eta itzultzaileok, eta zer non kontsultatu jakitea dela, oro har, menderatzen dugun artea. Hau da, itzultzaileek ez dute sentimentu gutxiagotan idazten idazkera okerra dela badakitelako, ezpada idazkera zuzena ote den egiaztatzeko ardura idazleek baino gehiagotan hartzen dutelako. Jarrera kontu bat ikusten dut nik hemen, eta ez ezagutza kontu bat. Sinplifikazioak arriskutsuak dira, baina lagun artean gaude-eta jo dezagun parodiara: itzultzaileak —#ezitzultzaileguztiak— txintxo eta arauaren aurrean esanekoago jokatzen ahalegintzen dira, eta idazleak —#ezidazleguztiak— arautik askeago sentitzen dira.
Zer dela eta lotuago vs askeago sentitze hori? Zenbait ideia bururatzen zaizkit niri, denak elkarri lotuak eta elkarren kausa edo ondorio gisa uler daitezkeenak. Hona hemen:
Itzultzaileak beste baten testua du esku artean, eta berea balitz baino ardura handiagoz tratatzen du horregatik. “Norberarenean tira, baina besterenean ez dadila nire erruz akatsik egon”. Parkean umeekin gaudela, beste guraso batek enkargu bat egitera doala-eta bere haurrari begiratzeko eskatzen digunean bezala: haur hori non zertan ari den zaintzen dugu une oro, geurearekin baino arretatsuago. Itzultzailea subsidiarioa da, eta gehiago eskatzen dio bere buruari: ezin du titularrarenean zuzena zena akastun bihurtu.
Sorkuntzak badu jainko izatetik zeozer. Egile garenean aurrez existitzen ez zen zerbait sortzen dugu ezerezetik. Esango nuke —barkatuko ahal didazue psikoanalisia egiteko ahalegin txatxar hau— ahalmen horrek berezi sentiarazten gaituela, mugen eta arauen gainetik gaudela sinestarazten digula. Eta beraz, idazten ari garenean sueltoago-edo jokatzen dugu, erlaxatuago, itzultzen ari garenean ez bezala. Goragoko kezkak izaten ditugu idaztean, eta ez gara huskeriez arduratzen.
Idazleak badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela, berak axolagabe lotu gabe utzitakoak lotzera. Eta erlaxatu egiten da berriro.
Itzultzaileak ere badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela. Baina itzultzaileari maiz zuzentzailea izatea tokatzen zaionez, ondo daki zer non zaindu, eta lanak eginda edo oso aurreratuta entregatzen du testua.
Sormen edo itzulpen lan batean egileak eta itzultzaileak ez ezik beste esku batzuek ere parte hartzen dute. Hain zuzen ere, tesiaren defentsan epaimahaikideetako batek argitaletxeek honetan guztian duten funtzioaz galdetu zidan. Esango nuke aurretik aipatu ditudan ideiekin lotura estua duela euskal editoreen jokamoldeak:
Editoreek erreparo gutxiago izaten dute ziurrenik idazkera okerrak itzultzaileari zuzentzeko idazleari zuzentzeko baino. Azken batean, itzultzailea ez da egile-egilea, testua ez da bere-berea, eta errazago onartuko ditu iradokizunak.
Horrek berekin dakar itzultzaileak, zuzenketa gehiago eta gehiagotan egiten zaizkionez, autoexijentzia handiagoz jokatzen ikasten duela, testuak hasieratik txukunago entregatzeko.
Idazkera zuzenak gora eta behera aritu naiz hamar bat paragrafotan, itzultzaileak subsidiarioak eta arauari lotuak direla esan dut, idazleak jainko txiki eta apetatsuen pare jarri ditut… Baina aizue, itzulpenean dena ez da itzalean geratzea eta xuxen jokatzea. Itzulpenak ere badu sortzetik, asmatzetik, haustetik, jolastetik… Tesiaren defentsan beste epaimahaikideetako bat kexu agertu zitzaidan pasarteren batean itzultzaileak otzan edo esanekotzat jo nituelako. Eta arrazoia eman behar diot. Itzultzaileak esanekoak izan ohi dira estandarraren idazkerari dagokionez, baina ederki dakite araua hausten eta sorkari zoragarriak proposatzen egokiera dutenean. Testu honi jarri diodan izenburua da horren adibide. Warsan Shire kenyar poetaren “Backwards” poema euskaratzean[1] Maialen Berasategik egindako proposamena da gaitzaket. Hementxe, zehazki:
I can make us loved → Egin gaitzaket maitatuak
Ez al da zoragarria?
[1]Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete dituela-eta kaier berezia argitaratuko du aurki Susa argitaletxeak. Kaier horretan, MPK bilduman orain arte aritu diren itzultzaileek beren gustuko poema bana euskaratu dute. Maialen Berasategik Warsan Shire kenyarraren “Backwards” (“Atzeraka”) aukeratu eta itzuli du.
EITBren txosten, memoria eta bestelako dokumentuen euskarazko bertsioak orrazten ditudanean, gehien egiten dudan zuzenketetako bat da ‘kontratu programa’ kendu eta ‘programa-kontratua’ jartzea. Euskaraz, teorian, aukera bi daude izen bat beste izan baten bidez zehazteko: izen-elkarketa eta atributu-elkarketa. Izen-elkarketan, ñabardurak eransteko balio duen izena –B edo mugatzailea– zehaztu nahi den izenaren –A edo buruaren– aurrean jartzen da (B-A): behi-esnea, ahuntz-esnea, koko-esnea… Atributu-elkarketan, mugatzailea adjektibo bihurtzen da, eta buruaren atzean ipintzen (A B): harri zilindroa, harri koadroa, harri kuboa…
Horrela azalduta, ez dirudi elkarketa-mota bat baino bestea hobesteko arrazoirik dagoenik, baina, erabileran, joera jakin batzuk igar daitezke. Euskaltzaindiaren Euskararen gramatikak (213-215. or.) hiru ulerbide bereizten ditu atributu-egituretan. Lehena, «B den A» moduan definitzen du: Ama Birjina (birjina den ama), ume azeria (maltzurra –azeria– den umea)… Bigarren ulerbidean, mugatzaileak buruaren klasea adierazten du: lehoi emea (lehoien artean, emeen klasekoa dena), txakur galgoa (txakurren artean, galgoen klasekoa dena), haur semea (gure haurren artean, alaben klasekoa ez dena)… Azkenik, batzuetan, buruak hartzen du adjektibo-kutsua, alegia, «A den B» egitura aurkituko dugu: Ama Lur (gure amatzat daukagun Lur planeta hau), aita Jainkoa (aita pertsona den Jainkoa, hots, ez dena ez semea ez Espiritu Santua)…
Hirugarren mota hori nahiko nahasgarria zait, eta Euskaltzaindiak biltzen dituen adibide gehienak nekez bereiz ditzaket izen-elkarketatik, baina, sailkapena, bere horretan, oinarri bat izan daiteke hitz elkartu batzuk sustatzeko eta beste batzuk baztertzeko. Programa-kontratura itzulita, atributu-elkartea ere zilegi izango litzateke, hori diogunean egitarau bat den kontratu batez ari baikara, baina, terminoak EITBren dokumentuetan lehen agerraldiak egin zituenean, izen-elkarketaren inertzia gailendu zen. Arazorik ez, ‘programa-kontratu’ aitzakiarik gabeko elkarketa baita euskaraz eta, gainera, ‘programme contract’ ingelesezko ordainaren paralelo garbia.
Proba dezagun orain Euskaltzaindiaren sailkapena ‘eltxo tigrea’ atributu-egiturarekin. Elkarketa horretan, mugatzailearen funtzioa da buruak zeren itxura duen zehaztea, eta, alde horretatik, ematen du ez duela lekurik sailkapeneko hiru ataletako batean ere. Are gehiago, euskaraz izen-elkarketaz baliatu ohi gara antzaren berri emateko, eta ez atributu-elkarketaz: talo-aurpegia, mozolo-aurpegia, pailazo-aurpegia…
UZEIren Biologia hiztegian (1990, 50-51. or.), jabetuta zeuden hori zela euskarazko tradizioa: ezpata-belarra, ezpata-arraina… Hala eta guztiz ere, izen berriak sortzeko, intsektu hostoa, esate baterako, atributu-elkarketa («eskuin-hedapena») esploratzea erabaki zuten, gure inguruko erdaretan (frantsesez eta gaztelaniaz) bide emankorra zelako. Beste arrazoi bat erantsi zuten: ‘hosto-intsektua’ entzutean hostoetan bizi edo hostoz elikatzen den intsektua etor zitekeela burura. Horregatik, Biologia hiztegian, zalantza eragin zezaketen izenetan, atributu-elkartea hobetsi zuten eta, besteetan, izen-elkarketa: globo-arraina, kutxa-arraina… Inork ez bide luke pentsatuko arrainok globoak/kutxak bizitoki edo elikagai zituztenik. Herensugeak, ordea, arrain-bazka omen dira, zeren hiztegian ‘arrain herensugea’ proposatu zuen UZEIk.
ETBren bikoizketetan, hogei urte baino gehiago dira atributu-elkarketaren aukera baztertu genuela bizidunen izenak eratzeko, eta hala argitaratu genuen Bikoizketan elkarlanean esku-orri sailean[1]. Bi arrazoirengatik iruditu zitzaigun hobea tradizioaren bidetik jarraitzea. Batetik, ingeles izenek eredurako balio ziguten, ingelesez izen-elkarketara jotzen dute eta[2]: hog deer > urde-oreina. Bestetik, irizpidea bat bakarra izango zen bizidun batek zeren antza zuen adierazteko –berdin zen beste bizidun bat gogorarazi, gauzaren bat gogorarazi, edo batek daki zer–: tapiz-marrazoa, titare-marmoka, harri-arraina, zezen-igela, aingeru-arraina, urde-oreina… UZEIren hiztegian, agerian dago euren irizpide-bikoiztasunak nahastea baino ez duela eragiten: zezen-marrazoa (marrazo bat), marrazo balea (marrazo bat). ETBk bikoiztutako dokumentaletan, zezen-marrazoa eta balea-marrazoa erabili ditugu[3]. Ildo beretik, gure bikoizketetan zein programetan honelakoak azaldu dira: zebra-muskuilua, pailazo-arraina, koral-sugea… Eta, jakina, tigre-eltxoa.
[1] erabili.eus-en plazaratu genuen baina, tamalez, atari hori Internetetik desagertuta dago.
[2] Esan liteke bizidunen-izendegian, arrazoi askorengatik, erreferentzialagoa zaigula ingelesa gure auzo-erdarak baino.
[3] Gure irizpidetik kanpokotzat jo genituen antza ez baizik jokabidea adierazten zuten mugatzaileak, eta buruaren eskuinera bota: hegazti idazkaria, arrain kirurgialaria, marisorgin boxeolaria… Beharbada, salbuespen moduko honek ez du zentzu handirik.
Adimen artifiziala gure egunerokoan barru-barruraino sartu zaigun honetan, Elhuyarren eta EHUko TRALIMA-ITZULIK ikerketa taldearen artean landu dugun proiektu baten berri emango dut idatzi honetan. Euskaratik gaztelaniarako norabidean itzultzaile automatikoek eskaintzen duten emaitza aztertu nahi izan dugu, genero alborapenik ba ote den ikusteko. Elhuyarreko Klara Ceberio, Itziar Cortés eta Eneko Sagarzazu eta EHUko TRALIMA-ITZULIK ikerketa taldeko Aitziber Elejalde, Zuriñe Sanz, Naroa Zubillaga eta ni neu aritu gara proiektu honetan lanean. Idatzi hau nik sinatzen badut ere, zazpion artean eginiko lanaren emaitza dakart.
Genero-alborapena arazo ezaguna da itzultzaile automatikoen alorrean. Tresna horiek elikatzeko erabiltzen diren adibideetatik ikasten dutenez, algoritmoek testuetan dauden alborapen eta estereotipoak ikasten eta errepikatzen dituzte. Arazo hori are nabarmenagoa da genero gramatikalik markatzen ez duten hizkuntzetatik generoa markatzen duten hizkuntzetara itzultzean, konparazio batera, euskaratik gaztelaniarako noranzkoan.
Itzulpen automatikoen emaitzetan sakondu asmoz, euskaratik gaztelaniara testuak itzultzean IAk nola jokatzen duen begiratu dugu. Genero gramatikala markatu gabea duenez euskarak, itzultzean sarritan markatu beharra egokitzen baita. Esaterako, subjekturik ez dagoenean markatuta (etorri da), posible da markatu gabe uztea (ha venido), baina markatu beharra suertatzen da gaztelaniaz halabeharrez, maskulinoan ala femeninoan, euskaraz subjektua markatuta dagoen kasuetan (ikaslea etorri da –> El/la alumno/a ha venido), nahiz eta euskarazko esaldiak subjektu horren generoa zehaztu ez.
Itzultzaile automatikoek genero alborapenik egiten ote duten eta zer neurritan aztertzeko, maila lexikoko bi elementu hautatu ditugu: adjektiboak eta lanbide-izenak. Maskulinotzat jotzen diren lanbide eta adjektiboekin zerrenda bana osatu dugu eta beste zerrenda bana femeninotzat jotzen diren lanbide eta adjektiboekin. Dabilena corpusetik adibide errealak hartu eta corpus bat osatu dugu, euskarazko esaldiekin eta Eliak emandako esaldi horien gaztelaniazko itzulpenekin.
Esaldi kopuru zabal samarra aztertu dugu, adibide interesgarri ugari lortu, eta datu esanguratsu zenbait atera. Ez naiz baina emaitzak xehe-xehe ematen hasiko hemen, hau ez baita datu kuantitatiboak emateko toki aproposena. Azterketan atera dugun ondorio nagusi bat aurkeztuko dut horren ordez.
Jakina da itzultzaile automatikoek, gaur-gaurkoz, esaldi mailako emaitzak eskaintzen dituztela. Hau da, ez dute testua bere osotasunean kontuan izaten, eta horrek koherentzia arazoak sortzen ditu. Esaterako, kirolari batek marka berria egin duela esaten bada albiste batean eta testuan aurrerago esaten bada kirolari horrek gogor entrenatu duela lorpen horretara iristeko, makinak albiste hori gaztelaniara itzultzean itzul dezake kirolaria emakumezko modura lehen agerpenean eta gizonezko modura bigarrenean. Ez baitu testua bere osotasunean prozesatzen.
Gure proiektura itzuliz, euskarazko jatorrizko testuak eta itzultzaile automatikoaren emaitzak aztertzean, adibidea eta testuingurua izan ditugu eskura ikertzaileok. Itzultzaile automatikoak esaldika funtzionatzen duela jakitun, ez dugu testuingurua kontuan hartu. Nahiz eta guk geuk testuingurua eskura izan emaitzak aztertzean eta beste mota batzuetako ondorioak ateratzea izan dugun hortik.
Lau adibiderekin erakutsiko dut testuinguruaren auzia, adibide bat aztertu dugun kategoria bakoitzeko. Kolore grisez testuinguruko informazioa markatu dugu eta kolore beltzez aztergai izandako esaldia. Letrakera lodiz markatu dugu estereotipaturiko hitza, kasuan kasu.
Dabilena corpusetik ateratako adibideak
Maskulinotzat jotako adjektiboa
Korrika egiteko oinak mugitu behar dira, baina horretarako buruak %100ean egon behar du, beti, lasterketa guztietan, eta Maite ona da horretan. Beti da lehiakorra, beti ematen du daukan dena.
Femeninotzat jotako adjektiboa
Ez zenuen Maddiren ama ezagutu, ezta? Koadrilako batek esaten duen moduan, TXEMA bat zen: Txortan Egiteko Moduko Ama. Polita, elegantea, karrerarekin, modernoa, sasoikoa… web porno bateko istorioetatik ateratakoa zirudien. Egunen batean horrelakoa izango zen Maddi: zoragarria.
Maskulinotzat jotako lanbidea
La pelota vasca. La piel contra la piedra film luzea egin eta lau urtera itzuli da Medem. Film hark zenbait kritika izan zituen eta urtebete inguruko nerbio beheraldia eragin zioten zinemagileari. Berak dioenez, ordea, dagoeneko osatu da erabat.
Femeninotzat jotako lanbidea
Vanessahirian geratu da eta supermerkatu batean lan egiten du. Hasieran kutxazain gisa arituzen eta orain dela gutxi postu administratibo bat eskaini dio zuzendaritzak.
Lehenengo adibidean, Maite ona dela aipatzen da testuinguruko esaldian, baina aztertu beharreko esaldian, horren ostekoan, subjektua omitituta dago eta aurreko esaldia irakurri gabe ezin da jakin nor den lehiakorra. Bigarren adibidean ere subjekturik ez da ageri aztergai izan dugun esaldian. Polita, elegantea, modernoa, sasoikoa aipatzen da, baina bi esaldi lehenagora jo behar dugu testua Maddiren amaz ari dela jakiteko. Hirugarrenean, zinemagilea aipatzen da aztertu dugun esaldian eta hor ere bi esaldi lehenago esaten da nor den. Kasu horretan, gainera, zinemagilearen abizena besterik ez da aipatzen: Medem. Irakurlearen kultur ezagutzak lagunduko du jakiten La pelota vasca dokumentala Julio Medemek zuzendu zuela, alegia gizonezko batek. Azkeneko kasuan, kutxazainak Vanessa izena duela eta hortaz femeninoa beharko lukeela testuinguruko esaldiak zehazten digu.
Eta nola jokatu du Eliak?
Maite es buena esan eta hurrengo esaldian siempre es competitivo esan du. Maddiren ama bonito, elegante, con carrera, moderno, de temporada omen da. Medemi erreferentzia egiten dion “zinemagile” lanbide-izena omititu egin da gaztelaniazko ordainean. Eta Vanessak cajero modura lan egin omen zuen hasieran. Hona hemen gaztelaniazko ordainak bere osotasunean. Jarraian ikus litezke itzulpenak osorik:
Goiko taulako esaldien itzulpenak, Eliak emanak
Maskulinotzat jotako adjektiboa
Para correr hay que mover los pies, pero para ello la cabeza tiene que estar siempre al 100% en todas las carreras y Maite es buena. Siempre es competitivo, siempre parece lo que tiene.
Femeninotzat jotako adjektiboa
¿No conociste a la madre de Maddi, no? Como dice una de las cuadrillas, era un TXEMA: Txortan Egiteko Ama. Bonito, elegante, con carrera, moderno, de temporada… parecía sacado de las historias de una web porno. Un día Maddi fue así, maravilloso.
Maskulinotzat jotako lanbidea
La pelota vasca. Medem vuelve cuatro años después de su largometraje La piel contra la piedra. La película contó con varias críticas que provocaron una decadencia nerviosa de un año. Pero dice que ya se ha completado totalmente.
Femeninotzat jotako lanbidea
Vanessa se queda en la ciudad y trabaja en un supermercado. Al principio trabajó como cajero y recientemente la dirección le ha ofrecido un puesto administrativo.
Lau adibide soil eta lauetako batek ere ez du behar bezala asmatu, dela komunztadura arazoak medio, dela omisioagatik. Nahikoak dira ikusteko itzultzaile automatikoek ez dutela testua bere osotasunean kontuan izaten, ezta aurreko edo osteko esaldiak ere. Esaldi mailan funtzionatzen dute, eta esaldi barruan ere batzuetan komunztadura arazoak topa litezke, erreparatu esaterako bigarren adibideko azken esaldiari: Un día Maddi fue así, maravilloso.
Adimen artifiziala abiada bizian ari da aurrera egiten eta testuingurua kontuan izango duten gailuak sortuko dira etorkizun hurbil batean. Hala ere, testuinguruak ez digu beti argituko subjektuaren generoa, ezin beti emaitza perfekturik lortu. Zer egin edo nola jokatu bi generoentzat erabiltzen diren izen bereziekin? Amets, Itsaso, Lur? Eta erdal izen bereziekin? Zer egin, halaber, generoa berariaz zehaztu nahi ez den kasuekin? Hau da, anbiguotasuna nahita bilatzen den kasuekin? Giza adimena behar-beharrezkoa izango da halakoak behar bezala itzultzeko, ezinbestean.
Duela urtebete inguru, bere Lurraz beste ipuin-liburu bikainaren harira Berrian elkarrizketa egin ziotenean, honela erantzun zien Garazi Arrulak Itziar Ugartek (2023) egindako galderei:
[G.A.]: [Nire] lehenengo liburuarekin Harkaitz Canok esan zuen nabaritzen zela itzultzaile baten liburua zela, eta momentuan esan nuen, «bah!».
[I.U.]: Bati baino gehiagori otuko zaio agian. Nahiago duzu ez lotzea?
[G.A.]: Ez da hori. Orduan ez nuen jakin nondik hartu, baina orain ikusten dut zehaztasunerako joera egon daitekeela atzean. Azkenean, itzulpenean nahitaez jo behar duzu konkreziora. Jatorrizkoan agertzen bada «belusezko oihal iledun gorrikara», ezin duzu jarri telazkoa zela eta gorria. Begia egina duzu horretara.
Itzultzea idazketan trebatzeko ariketa ona omen da. Itzultzean, idaztean saihestuko genituzkeen arazoei irtenbidea ematera behartzen gaitu jatorrizko testuak. Eta horrek luma zorrozten laguntzen digu. Anjel Lertxundik (1993) zioen bezala, ezin dugu tranpa egin; ezin dugu eragozpena saihestu; ezin dugu berez korapilotsu dena lautu; ezin dugu laua denarekin alfonbra ehundu; eta ezin dugu, alfonbra gainean ibiliz, dotore plantak egin. Edo Juan Garziak elkarrizketa batean Danele Sarriugarteri (2017) adierazi bezala, itzultzean berezkotik landuko ez genukeen moduan lantzen dugu idazketa, zeren berezkoan beti bilatzen baitugu «erresistentzia gutxieneko ildoa». Itzultzean eroso ez sentitzen ohitzen gara, alegia, eta adierazmoldean koska bat estuago aritzen.
Blog honetan behin baino gehiagotan aipatu dudanez, nire doktorego-tesian testu itzulietako eta ez-itzulietako hizkera konparatzen jardun dut. Zehazki, 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako euskarazko 1.134 literatur lanetako hiztegia aztertu dut (euskal idazleek sortutako 698 literatur lan eta euskal itzultzaileek hainbat hizkuntzatatik euskarara ekarritako 436): aberastasuna sinonimian, zehaztasunerako joera, lexiko-sorkuntzako joerak, arauarekiko edo/eta estandarrarekiko atxikimendua… Corpusaren tamaina handia izanik, datu kopuru handi samarretan oinarritzen dira antzeman ditudan joerak. Eta bai: badirudi badirela aldeak euskal idazleek sortutako testuen eta euskal itzultzaileek beste hizkuntza batzuetatik ekarritakoen artean.
Kontua da aztergai izan dudan corpusean badirela idazten zein itzultzen aritzen diren lumak. Testu honen hasieran aipatu dudan Garazi Arrula, adibidez, bai eta Jon Alonso, Xabier Amuriza, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre, Felipe Juaristi, Pello Lizarralde, Danele Sarriugarte edo Patxi Zubizarreta ere, besteak beste. Eta iruditzen zait halako lumen testuak xeheago aztertzeak joko handia emango lukeela, aukera eskainiko ligukeelako, adibidez, ikusteko ea lexiko-hautaketan antzera jokatzen duten idazten eta itzultzen ari direnean. Edo ea beren euskalkiko (edo beste euskalki batzuetako) bereizgarriak ikusarazteko edo ezkutatzeko joera handiagoa agertzen duten jardun batean edo bestean. Edo ea beren testuak arauari lotuagoak diren idazle gisa ari direnean edo itzultzaile gisa ari direnean. Eta azter liteke, bestetik, ea alderik baden itzultzen ere aritzen diren idazleen eta itzulpenik egiten ez duten idazleen artean, halako moduz non konprobatu ahal izango genukeen zenbateraino eragiten duen itzultze-jardunak idazmoldean edo, bestela esanda, zer neurritan laguntzen dion idazleari itzultzeak begia egiten eta luma trebatzen.
Pertsona baten ala batzuen generoa markatu gabe uzteko aukera ematen digu euskarak, beste hizkuntza batzuetan derrigor markatu behar den lekuetan. Generodun hitzak euskarara itzultzean sortzen diren buruhausteez jardun izan du batek baino gehiagok blog honetan, hala nola Aiora Jakak, Bakartxo Arrizabalagak, Bego Montoriok edo Fernando Reyk. Kontrako norabideko itzulpenari helduko diot gaurkoan, genero marka zehaztu gabeko hitzak itzultzean sortzen diren zailtasunak mintzagai hartuta. Horretarako, Itzulpengintza eta Interpretazio Graduko ikasleekin eginiko lanketa izango dut abiapuntu.
Euskaratik gaztelaniarako itzulpen praktiketako eskoletan landutako hiru testuren adibideak ekarriko ditut segidan. Lehenengo testua egunkarian argitaraturiko iritzi-artikulu bat da, eta bertan kontatzen zaigu biloba aitona bisitatzera joan dela zahar-egoitzara. Behin han, egoitzan lanean diharduen aspaldiko ezagun batekin egin du topo bilobak. Ez dakigu pertsona errealak ote diren artikuluan aipatzen direnak ez eta benetako gertakizuna ote den ere topaketa hura. Biloba eta egoitzako langilea, ez dugu bi pertsonaia horiei buruzko datu handirik. Kontakizunean ez zaigu esaten emakumezkoak ala gizonezkoak diren, eta ez zaigu pistarik ematen aukera baten edo bestearen alde egiteko. Testua itzultzean, hortaz, itzultzaileak zehaztu egin beharko du artikuluegileak zehaztu ez duena, edo zehaztu gabe uzten saiatu, artikulugileak egin bezala. Itzulpengintzako eskoletan testua itzultzeko eskatu nien ikasleei eta honakoa izan zen emaitza: 14 ikasletatik 8k gizonezkotzat jo zuten biloba, eta 6k, emakumezkotzat. Zahar-etxeko zaintzailea, aldiz, 8k jo zuten gizonezko eta 5ek emakumezko, eta beste batek zehaztu gabe utzi zuen. Esan dezadan, ikasleen artean 10 emakuzmezkoak zirela, eta 4 gizonezkoak. Artikulua, aldiz, emakume batek idatzi zuen.
Bigarren kasuan, ipuin labur bat izan genuen itzulgai. Narratzaileari buruzko ezer askorik ez dakigu, idazleak ez ditu zehaztu haren sexua eta adina, seniderik ba ote duen, zer itxura duen, non bizi den, zertan lan egiten duen, ez ezer. Kontakizunaren arabera, baserriko baratzearen ardura hartuko du narratzaileak, amona hil ostean. Horretaz gain, narratzaileak kontatuko digu zenbait urte lehenago modu misteriotsuan desagertu zen aitona zergatik desagertu zen argitu nahian ibili zela, bati eta besteari galdezka, tartean amari eta izebari. Ikasleek eginiko gaztelaniarako itzulpenetan, 10 ikaslek jo zuten narratzailea emakumezkotzat, eta bakarrak gizonezkotzat. Hiru ikaslek narratzailearen generoa markatu gabe uzteko hautua egin zuten, bestalde. Kasu hartan ere, ipuinaren egilea emakumezkoa zen.
Ikasleek landu zuten hirugarren testua ere ipuin labur bat izan zen, gizonezko batek idatzia. Protagonista psikiatraren kontsultan dago, eta harekin hizketan ari da. Irakurleok pazientearen hitzak besterik ez ditugu irakurgai, barne-elkarrizketa moduko bat baita kontakizuna, psikiatrarekin duen elkarrizketako pasarteekin osatua. Jakin badakigu protagonista emakumezkoa dela, eta psikiatraren sexua da kasu honetan zehaztu ez dena. Dena den, pasarte batean, psikiatraren sexuari buruzko pistaren bat ematen zaigu, guztiz argitzen ez bada ere. Hain zuzen ere, protagonistak esaten du film batean emakume bat ikusi zuela bere buruaz beste egiten psikiatraren komunean, komunean bertan topatu zituen bizarra egiteko kutxilekin. Horregatik, emakumezko psikiatrak hobeak direla esaten du protagonistak. Hortik ondoriozta liteke aukeratu duen psikiatra emakumezkoa dela? Ikasleek eginiko itzulpenen 9k markatu zuten gaztelaniaz psikiatra emakumezkoa dela, eta beste 4k gizonezkotzat jo zuten. Ikasle batek markatu gabe utzi zuen psikiatra gizonezkoa ala emakumezkoa zen.
Hiru adibide soil horietatik ezin ondorio garbirik atera zergatik hartu dituzten itzultzaileek hartu dituzten erabakiak. Lehenengo testuan ikusi dugu ikasle gehiagok jo zituztela gizonezkotzat generoa markatu gabeko pertsonaiak –biloba eta zaintzailea–, emakumezkotzat baino. Aldiz, bigarren eta hirugarren testuetan, baratzean lanean hasi berria den biloba eta psikiatra hurrenez hurren, gehiagotan zehaztu dituzte emakumezko gisa. Itzultzaileek hartutako erabaki horien atzean arrazoi ugari izan liteke. Esaterako, gerta daiteke idazlea eta protagonista genero bereko irudikatzea itzultzaileak, eta horregatik zehaztu izana emakumezko gisa lehenengo bi testuetako protagonistak. Edo itzultzailearen generoa eta protagonistarena pareko jotzea, hala izatera, emakumeek errazago identifikatuko dituzte itzulgaietako pertsonaiak emakumezko gisa eta gizonezkoek gizonezko gisa. Ohikoa izaten da, baita ere, gizartean indarrean dauden estereotipoak errepikatzera jotzea. Esaterako zahar-etxeetako langile gehienak emakumeak diren heinean, lehenengo testuko egoitzako langilea emakumezko gisa irudikatzea. Edo kontrara, estereotipoei aurre egiteko estrategia ere hauta dezakete itzultzaileek eta gizonezko gisa irudikatu langile hori. Baliteke testuan ageri den egoera jakin batek generoa zehaztera bultzatu izana itzultzaileak. Konparazio batera, bigarren adibidean, itzultzaileari errazagoa izan dakioke protagonista amarekin eta izebarekin berriketan ari direlarik, emakumezko bat irudikatzea testuinguru horretan. Baliteke, bestalde, testuko beste elementu batzuek pisua hartzea itzulpenean, edo pistak ematea generoa zehazteko. Psikiatrari buruzko kontakizunean, emakumezko psikiatrak hobeak direla dio protagonistak eta baieztapen horrek bultza dezake itzultzailea kontakizuneko psikiatra emakumezkoa dela ondorioztatzera. Gerta liteke, baita ere, genero markaturik gabeko hitzak itzultzean kontzientzia hartzen joan izana itzultzaileak –trebatzen ari diren itzultzaileak honako kasu honetan– eta haien itzulpen estrategiak egokitzen joatea testutik testura. Amaitzeko, jatorrizko testuan generoa markatu ez bada itzulpenean ere generoa ez markatzeko hautuaren alde ere egin daiteke, ikasle zenbaitek egin moduan. Jatorrizko testuak bilatzen duen efektua nahita bilatua bada, garrantzitsua izango da pareko efektua bilatu nahi izatea xede testuan ere.
Jatorrizko testuak esaten duenari arretaz erreparatu behar diogun modu berean erreparatu behar diogu itzultzaileok testuak iradokitzen duenari edo esaten ez duenari. Testuinguru jakin batean sortzen du testua idazleak, eta testuinguru konkretu batean itzuli itzultzaileak. Haien inguruan indarrean diren arauak eta konbentzioak ezagutzea ezinbestekoa izango da, horren jakitun izanda betikotuko baititugu estereotipoak edo haiei aurre egin. Jatorrizko testuan zehaztu gabe dauden horiek, azken batean, testuan bertan ez bada, idazleen, itzultzaileen eta irakurleen buruan zehazten baitira.
Aurtengo Aste Santuan, eguraldia euritsu zela eta atseden hartzeko gogoz etxea hautaturik opor-leku, garai bateko giroa ekarri nahi izan nuen neure baitara, eta gure itzultzaile handiaren Iesus Christen Evangelio Saindua S. Luc-en araura delakoa irakurtzera jarri, Leizarragarena, faksimilezko liburuan. Halako batean, XXIII. kapituluan, 26. eta 27. bertsetetan, hauxe irakurri nuen:
25. Eta larga ciecén mutinationeagatic eta heriotzeagatic presoindeguian eçarri içan cena, ceinen escatu içan baitziraden: eta eman ciecén Iesus, nahi lutena leguiten. 26. Eta hura eramaiten çutela, harturic Simon Cyreneano landetaric heldu cen-bat, hari crutzea gainean eçar zieçotẽ Iesusen ondoan eramaiteco.
Pasarte horretan ez da deus txit berezirik, baina ohartu nintzaion hitz bati, eta oker interpretaturik, uste izan nuen aurkikuntza polit eta txiki bat egin nuela, halako poz txiki beranduko bat hauteman nuela, garai batean buru-haustea eman ohi zigun adigai bat dela-eta. Gogoan dut zer lanak izan genituen rural eta campo hitzen ordainak ematen, turismo rural, casa rural eta gisakoak hedatzen ari ziren garaian.
Okerreko interpretazio bat egin nuen uste izanik ezen, ingelesezkoarekin alderaturik, landetarik hori adiera horrekin erabilia zela, hiriaren kontrako kontzeptu gisa. Izan ere, ingelesezkoan begiratu nuen (The New Oxford Annotated Bible, Third Edition, 2001, Oxford University Press), eta hauxe aurkitu:
25. He released the man they asked for, the one who had been put in prison for insurrection and murder, and he handed Jesus over as they wished. 26. As they led him away, they seized a man, Simon of Cyrene, who was coming from the country, and they laid the cross on him, and made him carry it behind Jesus.
Gainera, country hitzaren euskarazko adieretan, hauxe aurkitu nuen Morris hiztegian:
country: 5. (hiritik, herritik kanpora) a. landa; baserri, mendialde, bortu; to go for a walk in the ~ {mendian || bortuan} ibilaldi bat egin b. [izenen aurrean] ~ bred baserrian hazitako; ~ cousin baserriko lehengusu; ~ life baserriko bizimodu; ~ people baserritarrak
Pentsatu nuen ezen dagoeneko ez zitzaidala hasiera hartan bezain gordintxo gertatuko landa hitzaren adiera hori (guretzat hain konkretua), gerora, gaurko hiztegietan, hain emankorra izan dena. Euskaltzaindiaren Hiztegian:
landa eremu, landa-eremu iz. Baserri inguruko gune edo eremua, hiriguneari kontrajartzen zaiona. Industrializazio garaian sortu zen kooperatiba, langileak landa eremuetatik industria-hirietara joan ziren garaian, alegia. Landa eremuetan bizi diren emakume askorentzat ia ezinezkoa da ospitalera garaiz iristea arazoren bat sortzen denean.
landa turismo, landa-turismo iz. Landa-eremuetan egiten den turismo mota. Landa turismoa bultzatzeko eta hobetzeko. Landa-turismoko etxeak.
landagune iz. Landa eremuko etxe eta bizilekuen multzo egituratua. Ik. herrigune; hirigune; landa eremu. Herri txikietan eta landaguneetan denek dakite denen berri. Landagunea da Amasa; herrigunea, Villabona; elkarrekin osatzen dute Amasa-Villabona udalerria.
landetxe iz. Landan eraikitako etxea, bereziki lantzeko lurrez inguratua dena. Ik. basetxe. Landetxe jori bat. Izetako landetxean dago udaldirako.
Gainera, Wikipedian, country hitzaren etimologia xerkatuz, koherentzia hautematen da jatorrizko adiera horren lerrotik, garbi-garbia:
Country: Etymology: From Middle English contre, contree, contreie, from Old French contree, from Vulgar Latin (terra) contrāta (“(land) lying opposite; (land) spread before”), derived from Latin contra (“against, opposite”). Cognate with Scots kintra.
Eta halaber espainieraz (RAE) contrada hitza:
Contrada. Del b. lat. contrata ‘región que se extiende delante de uno’. 1. f. desus. Paraje, sitio, lugar.
Baina, itzultzaileak zuhurra izan behar baitu eta interpretazioak beti berretsi eta ziurtatu, Elizen Arteko Biblian ikusi nuen ez zela hori adiera (zabala, abstraktua, hainbeste buru-hauste eman ziguna), ezpaze:
25. haiek eskatzen zutena —matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoena— askatu eta Jesus beren esku utzi zien. 26. Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan.
Zapuztu nintzen, zapuztu, baina ez nuen etsi, eta Orotarikoan begiratu ea baliatua ote duen euskarak beste hitzik (gure baserri hain ezagunaz beste) kontzeptu hori emateko, eta, hara, definizioetako testuen artean campo hitzaren bilaketa eginik, zer kausitu:
Larre: (Opuesto a ‘ciudad’). Campo. Cf. larre-herri. Gure jaunak larrerat ereman zituela bere haurrak. HU Zez 72.
Edo:
LARRE-LARREAN. En medio del campo, en una zona totalmente rural. Larre-larrean bizi dezu erretore. Ldi IL 40. LARRE-LARREENEAN. En la zona más rústica, rural. Larre-larreenean billa zazute baserritarrik basaziena. Ldi IL 66.
Eta hara zaputzaldia eztitu, eta aurkikuntza ustezko handiaren lekuan, onddo ttipi polit bat kausitu, noizbait, nonbait, nolabait baliatu nahiko nukeena testuren batean, nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ez izan sarrerarik adiera horrekin (ulertzekoa denez…, Orotarikoan horren agerraldi gutxi izanik. Bada, gainera, Larrekoetxe izeneko auzo bat Lasarte udalerrian, Euskaltzaindiaren EODAk dioenez. Agian ez nahikoa norbaiti casa de campo esateko baliatu ahal dela iradokitzeko…).
Beraz, arratsalde euritsu batean antzinako testuetan barnaturik, sasitza txiki eta estu batean sartu, eta onddo txiki zaporetsu batekin atera.
Nire gogoeta honen hasieran Ibon Sarasolak euskal nobelagintza berriaren nondik norakoez arduratzen zenean esandako zerbait dago, alegia, euskaldunok geure buruarekin mintzatzea hitanoan egiten dugunez, hala egin beharko zuketela pertsonaiek ere. Ez dakit Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza liburuxkan idatzi zuen hori edo beste nonbait. Sarean begiratu dut, eta ez dut aurkitzen aipamena (nire ustez oinohar bat zen), baina ez dut uste amets egin dudanik. Uste dut Sarasolak kritikatu egiten zuela Saizarbitoriaren lana, “lege” hori ez betetzeagatik. Baina auskalo, orain dela 50 bat urteko kontuez ari gara, eta ez dago buruaz gehiegi fidatzerik adin honetan. Dena dela, horrelako zerbait zen.
Koldo Mitxelenari, handik urte batzuetara, irakurri nion nork bere buruarekin –barne bakarrizketan– mintzatzean toka egiten genuela euskaldunok gizonezko nahiz emakume izan. Beste modu batera esanda toka zela termino markatu gabea eta noka markatua, eta emakumeari zuzenean mintzatzean bakarrik erabiltzen zela noka. Hori guztia (eta askoz gehiago) modu sistematikoan emana ikusi nahi duenak jo beza Ritxi Lizartzaren Hika egiten ikasteko gidara[1].
Nik ere hala dut gogoan, nire etxean emakumeek –amak eta izebak–, zerbait kontatzen ari zirela, beren baitako komentario bat egiten zutenean: «Nik, nere artean» hasten zena, toka egiten zutela. Esate baterako: «Nik nere artean: Ez diat ba hori egingo…», «Ez nauk ba joango»… eta abar, bien arteko jarduna noka izaten zenean beti. Hori bera egiaztatua dut beste zenbaiten gurasoen erabilerari buruz galdetu izan dudanean. Beraz, gure aurrekoen jokabidea (Gipuzkoa aldean behintzat) hori zen.
Orain dela urte batzuk F. Rey adiskideak haizatu zuen gaia blog honexetan eta izan zen eztabaida bat haren ondoren Iñaki Segurolaren –gutxi bezain aditua, besteak beste, gai honetan– eta Ana Moralesen eta beste zenbaiten artean. Gero itzuliko naiz berriro kontu honetara. Bitartean, nahi adina argibide aurkituko ditu nahi duenak eztabaida horri buruz hemen.
Hori guztia kontuan hartuta, hona zein kontu ditugun hemen argitzeko, edo azaltzeko behintzat.
2.- Hitanodunak eta eta hitanogabeak
Bistan da euskaradun guztiok ez garela hitanodunak.
Ez dago oso argia izan beharrik ohartzeko hitanogabeek zuka egingo diotela bere buruari beren barne-bakarrizketetan. Are gehiago, ez nuke esango hikadunok ere beti hika egiten diogunik. Gauza jakina da badirela eskualde osoak hitanoa aspaldi galdu zutenak. Gero itzuliko naiz kontu honetara. Argibide gehiago nahi duenak hor du Irati Urdalleta Letek joan den otsailean Berrian argitaratutako artikulua hitanoaren osasunaren egoerari buruz:
Izan daiteke ari naun edo ari naiz; izan daiteke esan dinat edo esan dizut. Zuka, noka edo toka. Euskarak berez badu lagunarteko hizkera bat: hitanoa. Alabaina, ez da nagusi: herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean.
Egoera hori –batetik atzerakada eta bestetik halamoduzko erabilera– kontuan izanda, badira hikaren sustatzaile sutsuak eta “berreskuratze” lanean dihardutenak. Lehen ere aipatu nuen Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Leitza aldeko hika eta nokari eustearen alde egiten ari dena. Eta sail honetako lehen artikulua idatzi nuenean, izan ziren hainbat komentario, artikulu horretan esaten zirenak hizpide hartuta, Azkoitia aldean hitanoari eusteko egindako lanaren berri ematen zutenak.
Atzerakada atzo goizean hasia ez dela jasota dago, esate baterako, Txomin Agirrek (1864-1920) Kresalari egindako hitzaurrean:
«Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko izketa zar ori»[2]. (azpimarra nirea).
Beraz, sinesgarritasun literarioa da argudio nagusia. Eta Txomin Agirrek esaten badigu Arranondon (Ondarroa) aspaldi hil zela hitanoa, pentsa dezakegu noizko kontuez ari garen, kontuan hartzen badugu 1920an hil zela abade ondarrutarra.
Esango nuke joera hori areagotu besterik ez dela egin XX. mendean zehar, baina horrekin batera hitanoari eusteko “ahalegina” egin dutenak ere ez dira gutxi izan, eta hor ditugu lekuko gisa Lizardi, Lauaxeta eta Orixe, besteak beste. XX. mende hasierako antzerkiari begirada bat ematea ere aski da horretaz konturatzeko.
Lehenago ikusi dugunez, “arnasestuka” baina bizirik da oraindik hitanoa. Eta ez dut dudarik egiten hori duela bere barne-bakarrizketa modu “naturala”, esate baterako, X. Euzkitze bezalako hikadun peto batek. Berriki, bi-bitarako pilota-txapelketan esatari ari zela, pilotari baten –ez naiz oroitzen nor, baina ez du axola– buruan sarturik honelako zerbait esan zuen:
“Aurrera egin duenean, pentsatua izango du: «… horrek (arerioak) eskuinera egingo dik, aurrekoan hara bota baitiot, eta jo dezadan atzera»”.
Esan bezala, seguru aski, automatismoek ezertan funtzionatzen badute, norbere baitako bakarrizketan funtzionatzen dute, eta norbaiten jarduna % handi batean zuka bada, haren barne-bakarrizketa ere zuka izatea ekarriko du horrek. Eta alderantziz. Baina hori neurtzen beti erraza ez den arren, hika/noka erabilera, oraindik behintzat, izan, bada. Ez dakit asko garen. Baina batzuk bai.
3.- Hitanoa barne-bakarrizketan toka ala noka
3.1. Nor bere buruari vs. Nor bere buruarekin
Lehenago aipatu dudan polemika horretan (Iñaki Segurola vs. Ana Morales et aliae) argi bereizten dira hasieratik bi jardun mota: emakumezkoa bere buruari zuzenean mintzo denekoa eta bere buruarekin (bere baitan, bere artean) diharduenekoa. Segurolak lehenbiziko kasuan emakumea aktantea dela dio eta bigarrenean ez.
Lehenbiziko kasu horretan (emakumea bere buruari zuzenean mintzo zaiola, ispilu aurrean ikusiko balu bezala bere burua, esate baterako), garbi dago emakumeak noka egiten diola bere buruari. “Ederra egin dun! Orain dena izugarri zailduko zain!”).
Eztabaida bestelako kasuetako erabileraren deskribapen eta azalpenean dago, alegia, nolakoa izan den eta den molde hori emakume hitanodunen artean, zein diren erabilera “harrigarri” horren sustraiak (emakumeak bere buruarekin toka) eta molde hori alda daitekeen ala ez.
3.2. Iñaki Segurolaren planteamendua
Oso polemika mamitsua izan zen, eta argudio sendoak erabili ziren bi aldeetatik, baina uste dut honela labur daitekeela Iñaki Segurolaren planteamendua:
a) Emakume hitanodunen barne-bakarrizketa toka izan da (eta da, bizi-bizirik baitago, bere inguruan behintzat).
b) Erabilera “harrigarri” horren arrazoiak bilatzea ez da funtsezkoa.
c) Erabilera horren arrazoiak “jakinaren azpikoak dira” (oharkabekoak esan nahi zuela uste dut), eta aldagaitzak beraz, gramatikaren arlokoak baitira, eta ez hiztegikoak.
3.3. Eta honela Ana Moralesen planteamendua (I. Diez de Ultzurrun, B. Arrizabalaga ere horra bil daitezkeela uste dut):
a) Bera ez da hitanoaren erabiltzailea (ez da bere praktikan oinarritzen) baina oso gogorra egiten zaio emakumeak bere buruari toka egiten diola onartzea.
b) Horren azpiko arrazoiak historikoak eta sozialak direla uste du (patriarkatuaren ondorio, labur esanda, berak zuzenean esaten ez badu ere). Blogeko komentarioetan gaia sakonxeago azaltzen da.
c) Anomalia hori alda daiteke, eta adibidetzat jartzen du berak bere jardunean egindako aldaketa xume bat (gaztelaniaz betiere: Uno piensa (inpertsonala) > Una piensa). Bestalde, Moralesek honelakorik esaten ez duen arren, dioenaren ondorio logikoa litzateke jardun hori noka izan daitekeela etorkizunean. (Barkatu gehiegi sinplifikatu edo ondorioetan urrunegi joan banaiz).
Adibide batzuk baizik ez ditut hona bilduko, artikulu hau gehiegi ez luzatzearren.
Hitanogabeek, bistan da, ez dute hitanoa erabiltzen beren itzulpenetako bakarrizketetan (edo nola erabili jakin arren, zerbaitegatik ez diote egoki iritzi kasu jakin batean erabiltzeari). Eta, ondorioz, eredu neutroan ematen dituzte. Horrela itzuli du, esate baterako, José Ramón Vázquezek Melvilleren Benito Cereno. Eta Delano kapitainaren barne-bakarrizketa mordoxka dago bertan.
Puntu hauek binazkatuz gero, batak bestearen kontrakoa adierazten zutela zirudien nolabait. “Baina orduan, zer?”, pentsatu zuen Delano kapitainak, ontzira hurbiltzen ari zen bere txalupari begira “… orduan, zer? Tira, don Benito oso ontziburu apetatsua da. Baina bera ez da nik ikusi dudan mota horretako lehena; egia da, ordea, berak anitzez gainditzen dituela beste guztiak. Baina herri gisa” jarraitu zuen bere ameskizunetan galdua, “espainiar hauek xelebreak dira denak; espainiar hitzak berak badu soinu bitxi bat, halako konspiratzaile, Guy Fawkes-en kutsu zerbait. Eta hala ere, egingo nuke espainiarrak, erabat hartuta, Duxburyko edonor bezain jende jatorra direla. A, ederki! Hemen daRover azkenean”. (Benito Cereno, H. Melville, 69. or.).
Juan Garzia Garmendiak, berriz, bi moldeak erabili zituen Melvilleren Bartlebyren itzulpen ospetsuan. Esan dut lehenago ere hitanodunok ez dugula beti erabiltzen hitanoa barne-bakarrizketan, eta honela ageri da Bartlebyren nagusiarenetan:
«Ez dut inolako kalterik egiten –egin nuen neure artean–; ez naiz ari inolako jakin-min bihozgaberi gustua ematen; bestetik, nirea da idazmahaia, eta orobat haren edukia; ez da ausarkeria, beraz, barrua mia dezadan[3]». (Bartleby, 51-2 or.).
Testu horretan bertan, aurrerago, pertsonaia berak honela dihardu bere baitan:
«Zer egin behar dut? –esan nuen orduan neure kolkorako, jaka azken botoiraino lotuz–. Zer egin behar dut? Zer dagokit egitea? Zer dio kontzientziak egin behar nukeela gizon, edo, hobeki esanda, fantasma honekin? Gainetik kendu, horra nik zer egin behar dudan; eta berak, berriz, alde egin. Nola ordea? Ezin botako duk, gizaseme gaixo, zurbil, oldargabe… ezin botako duk atetik kanpora halako izaki babesgabea. Ezin belztuko duk heure ohora halako krudelkeriarekin. Ez ez diat egingo, ezin nezakek egin halakorik. Lehenago utziko niokek hortxe bizi eta hiltzen, eta gero gorpuzkiak ere bertan horma-arteratu. Zer egingo duk, orduan?». (Ibidem, 75).
5.- Molly Bloomen barne-bakarrizketa
Literaturaren historiako barne-bakarrizketarik ospetsuenari ekin nionean, ez zen egun bateko lana izan Mollyk bere buruarekin nola jardun behar zuen erabakitzea, eta nolabaiteko azalpenak eman nituen Ulises liburuaren hitzaurrean nire erabakiaz:
Azkenik, beste bi hitz Molly Bloomen bakarrizketari buruz. Hor ere, bakarrizketa denez, alokutiboa erabili dut, baina, kasu horretan, Mollyk noka egiten dio bere buruari, nik hala erabakita. (Ulises, hitzaurrea, 9. or.).
Hitzaurrean azaltzen nuenez, egoera horretan toka jardun balu Molly Bloomek, senarrari ari zitzaiola emango zuen, eta barne-bakarrizketa lo zegoen senarrarekiko jarduna bihurtuko zen. Eta hori ez zitzaidan egokia iruditu. Kinka horretan, erabaki nuen Mollyri noka mintzaraztea zela hoberena. Usadioaren transgresio txiki bat, Segurolak, seguru asko, onartuko ez zidana. Baina honela argitaratu zen:
Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko (…) neri bere ajeak kontatzean kontua eta xaborra franko politika eta lurrikarak eta munduaren azkena utzigun aurrena pixka batean dibertitzen emakumea (Ulises, 735. or., ia 50 orrialdeko monologoaren hasiera).
Egia esan, ortodoxiaren mugetan mantenduz noka egiteko soluzioa ere begien aurrean neukan, Fernando adiskideak bere artikuluan emana, baina orduan ez nintzen horretaz ohartu: transgresio txiki bat eginez, eta ia testua aldatu gabe, aski nuen Molly bere buruari ari zela markatzea lehenbiziko esalditik, honela gutxi gorabehera:
Bai Molly izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala (Ulises, 735. or.).
Eta holaxe, hitz bakar batekin konponduko nuen «arazoa». Beraz, oraingo irakurleak aski du bakarrizketaren hasieran komarik gabeko bokatibo hori sartzea. Bazen beste irtenbide bat ere: hitanokeriak alde batera utzita dena zuka eta neutroan ematea, esate baterako. Hori irudituko zitzaion hoberena, noski, Irati Jimenezi, honelakoak esaten baititu Begiak zabalduko zaizkizue, bere saiakerako Kontuz hitanoarekin, azpiatalean:
“(…) Euskaldun gehienok –ia guztiok ez esatearren– zuka egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egiten duen moduan, alegia”[4].
Bai, begiak ez ezik aho zabalik ere gelditu gara hori eta gisa horretako beste zenbait argudio irakurtzean. «Honek jo ziguk/n adarra!», aditzen diet Segurolari, Euskitzeri eta Molly Bloomi.
Aipatu saiakeran esaten direnei erantzuteko beste hiru artikulu beharko nituzke gutxienez, baina hori datorren urterako utzi beharko.
[1]Hika egiten ikasteko gida, R. Lizartza, Baigorri argitaletxea, Bilbo, 2009.
Berandu iritsi gara euskaldunok euskara-eredu estandar bat izatera, oso berandu, nahiz eta, zorionez, azkar nagusitu den euskara batua deitzen diogun hori. 1968an ezarri ziren lehen oinarriak, baina, lexikoari dagokionez, askoz geroagokoa da lexiko estandarra: 1995ean hasi zen argitaratzen Hiztegi Batua, eta 2000.ean amaitu.
Hiztegi Batua, baina, ortografia-hiztegi bat izan zen, hitzak nola idatzi behar ziren baino ez zuen argitzen. Alegia, ez zuen definiziorik. Eta oso handia ere ez zen, 20.000 sarrera besterik ez zuen. Egin egin behar zen, beharrezkoa izan zen, baina ulertu behar dugu benetako hiztegi aruemaile baterako oinarria baino ez zela izan. Beraz, esan dezagun argi: hiztegi arauemailerik gabe iritsi ginen euskaldunok XXI. mendera.
Auzokoen inbidiatan
Inbiriyetan bizitze ori / preziso gauza tristia kantatu zuen Txirritak. Inguruan ditugun bi estatu-hizkuntza handiekin ezin konpara daiteke gure nazio-hizkuntza, eta, hala ere, haiekin konparatu behar dugu, besteak beste, non gauden jakingo badugu eta zer lantegi dugun aurrean ohartuko bagara.
Frantsesaren hiztegiari erreparatuko diogu lehenik. 1694koa da Frantziako hizkuntza‑akademiaren lehen edizioa (Dictionnaire de l’Académie française). Hau da, 330 urte ditu! Eta 9. edizio izan ditu (1694/1718/1740/1762/1798/1835/1878/1935), 9. edizioa (2012an argitaratzen hasia) oraindik erabat amaitua ez badago ere (2023ko martxoan argitaratu zen orain arteko azken partea: sommation-spermatophytes). Guztira 60.000 sarrera izango ditu gutxi gorabehera, 8. edizioak dituen baino 28.000 sarrera inguru gehiago.
Gaztelaniari dagokionez, 1780koa da Diccionario de la lengua españolaren lehen edizioa (haren aurrekaria Diccionario de autoridades izenekoa izan zen, 1726-1739 bitartean argitaratua). Hau da, 244 urte ditu! Geroztik, 23 edizio argitaratu dira, azkena 2014an, Espainiako hizkuntza-akademiaren 300. urteurrenaren kariaz (eta 24. edizioa, dirudienez, 2026an argitaratuko da). Azken edizio horretan, Real Academia Española erakundeaz gainera, gaztelaniaren gainerako hizkuntza-akademiek ere hartu zuten parte (guztira, 23 akademia dira). Diccionario de la lengua españolaren 23. edizioak 93.000 sarrera ditu.
Estatu banaren indarra eta laguntza izan dute, eta dute, bi hizkuntza-akademia horiek eta bi hiztegi arauemaile horiek. Gaztelania eta frantsesa baino hurbilago dugu, egoeraz eta historiaz, katalana. Katalanaren hizkuntza-akademia, Institut d’Estudis Catalans (IEC), 1907an sortu zen (gogoan izan garai bertsuan, 1918an, sortu zela Euskaltzaindia), eta 1932an amaitu zuen bere hiztegia, Pompeu Fabraren Diccionari general de la llengua catalana (DGLC).
Euskarak, euskal kulturak eta euskal identitateak bezala, katalanak, katalanen kulturak eta identitateak ere Espainiako diktaduraren jazarpen latza jasan zuten lau hamarkadaz, eta IECk ezin izan zuen garatu bere hiztegia. Diktadura amaituta, lanari berrekin zion, eta, 1995ean, Diccionari de la llengua catalana argitaratu zuen, 1932koa baino 18.000 sarrera gehiagorekin. Eta 2007an, IECren ehungarren urtean, bigarren edizioa argitaratu zen (DIEC2), 1995eko ediziokoa baino 2.400 sarrera gehiagorekin. Bigarren edizioak 67.570 sarrera ditu. Geroztik, urtean bitan gehienetan, zuzenketa eta sarrera berri batzuk gehitzen dizkiote onlineko bertsioari.
Eta gurean zer?
Hiztegi orokor elebakar arauemailerik gabe iritsi ginen XXI. mendera, eta 2012. urteraino itxaron behar izan genuen Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) lehen edizioa ikusteko (liburu gisa argitaratu den edizio bakarra). Hiztegi horrek 20.000 sarrera zituen, eta 634.152 hitz. Jaioberria ez zen potoloa, baina bazen, eta hori zen garrantzitsuena.
Ondo eta ugari edoskitu beharra zegoen, gizendu eta haziko bazen. Eta horri lotu zitzaion Euskaltzaindia. Orain, lehen edizio hark argia ikusi zuenetik 12 urte iraganik, biziki koskortu da hiztegia, eta nerabezaroaren atean dugu jada. Hori ez da iritzi hutsa, datuetan oinarritutako baieztapena baizik. Azken urteotan, urtean bitan argitaratzen ari dira eguneratze eta handitzeak, urtarrilean eta uztailean. Gaur egun, hiztegiaren 13. edizioa edo ―edizio hitza handitxoa dela iritziz gero― 13. bertsioa dugu kontsultagai. Eta bada alderik:
1. edizioa (2012)
13. bertsioa (2024ko urtarrila)
20.000 sarrera
49.503 sarrera
634.152 hitz
1.298.496 hitz
Hamabi urtean, bikoiztu baino gehiago egin da sarrera-kopurua, 2,5 aldiz handiagoa da orain. Eta zenbaki hotzen atzean dagoen mamia ikusteko, hona hemen, frogagarri, erakusgarri txiki bat. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehen bost sarrera nola zeuden 2012an eta nola dauden orain (eta zer sarrera berri sartu diren tartean):
2012
2024
a1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria.
a1 1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria. 2 area-ren nazioarteko sinboloa. 3 ampere-ren nazioarteko sinboloa. (Letra larriz).
a bildu iz. Helbide elektronikoetan erabiltzen den ikurra, erabiltzailearen izenaren ondoren eta zerbitzariaren izenaren aurretik jartzen dena (@); ikur hori adierazteko erabiltzen den hitza.
a itsatsi iz. hizkl. Euskal hitz batzuek berezkoa duten hitz bukaerako -a, artikulua ez dena. a itsatsia duten hitzen berezitasuna.
a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.
a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.
a zer interj. (Artikulua edo zenbatzaile zehaztua hartzen duen izen sintagma baten ezkerrean, hark adierazten duena azpimarratuz). A zer itsutasuna!A zer lasaitua etorri zitzaiona!A zer muturrekoa eman didan!A zer bi geunden gu!
ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankarabegiratuz. Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetikutzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean urzulo bat dago.
ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankara begiratzen dela. (Batez ere leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da). Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetik utzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean ur zulo bat dago.
abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua.Paulo abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. Bizk. Apaiza. Abade jauna. || Esr. zah.: Nolakoelizalde, halako abade. Abadearen lapikoa, txikia bainagozoa. abade egin Bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero,abade egin zen.
abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua. Paulo, abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. bizk. Apaiza. Abade jauna. Esaera zaharrak Abadearen lapikoa, txikia baina gozoa. Nolako elizalde, halako abade. abade egin ad.-lok. bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero, abade egin zen. abade nagusi iz. bizk. Apaiz nagusia, apaizburua. abade etxe, abade-etxe iz. bizk. Apaizetxea. Saint-Denisko abade etxea hiriko otoizlekurik zaharrena da.
abadegai iz. bizk. Apaizgaia. Abadegai zela hasi zen euskara lantzen liburuak irakurriz.
abadegintza iz. bizk. Apaizgintza. Behin baino ezin hartu daitezkeen sakramentuak hiru dira: bataioa, sendotza eta abadegintza.
abadeki iz. g. er. Apaizgaia
abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio batekoburua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentukoabadesa.
abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio bateko burua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentuko abadesa.
Oraindik inbidiatan begiratzen diegu katalanen, espainolen eta frantsesen hiztegi aruemaileei, baina badakigu jada ez daudela hain urruti, ia-ia eskumendean ditugula, ia‑ia hori ezabatzeko zenbait urtez gogor jardun beharko badugu ere.
Beti gehiagoren miran
Hiztegi-erabiltzaileok, halere, asegaitzak gara, umeak nola. Nahi nuke Euskaltzaindiaren Hiztegiak nik behar ditudan hitz guztiak izatea. Nahi nuke balidatu, bitcoin (bitkoin?), bot, botulismo, carpaccio, didaskalia, elektroentzefalograma, enoturismo, estilobato, fatua, geolokalizatu, klaustrofobiko, kriptomoneta, marakuia, mentalizatu, mokoprestu, multizinema, nukleosintesi, ortotipografiko, subfusil, superkumulu, txador, txirene, zapping, ziberjazarpen… hitzak izatea. Nahi nuke hiztegi horretan sarrera diren hitz askotan orain ageri diren baino adiera gehiago izatea (adibidez, gautxoria gaueko autobusa ere badela esatea; edo karakterizazio hitzak, antzerkiko adieraz gainera, teknologian beste esanahi bat baduela, oso erabilia, esatea; edo…). Nahi nuke hiztegi horretan hitzak irakurtzeaz gainera entzun ere ahal izatea, nahi nuke antonimo gehiago egotea, nahi nuke sinonimoak sistematikoki ematea, nahi nuke… Queen taldeak abesten zuen bezala,I want it all and I want it now,baina badakit pixkanaka beteko direla nire nahiak eta hamabi urteko EH gazteak, hemendik hamabi urtera, beste hizkuntzetako hiztegi handi eta eder horien Txapeldunen Ligan airoso jokatuko duela eta inbidiaren talaian egoteari utziko diodala, diogula.
Nor bere zoroak bizi du, eta blog hau irakurtzeko ohitura duzuenok konturatuko zineten jadanik zerk dantzarazten nauen ni. Azken aspalditxoan, euskarara itzulitako literatur testuetako hizkera eta euskal idazleek sortutako testuetakoa konparatzen jardun dut, nire doktorego-tesiaren aitzakian edo haren erruz. Labur azalduta, lexiko-aberastasuna, zehaztasunerako eta ñabardurarako joera, eta lexiko-sorkuntzari lotutako jarrera berritzaileak/kontserbadoreak izan ditut aztergai. Ez da hau lekua gai horiei buruzko ondorio nagusiak aurkezteko. Baina izan dira han eta hemen ezustean bidera atera zaizkidan zenbait auzi, txikiagoak-edo, zer pentsatua eman didatenak; bada, hemen gaur horietako bat.
Tesian, besteak beste, denbora-adberbioak aztertu ditut. Hiztegiak eta gramatikak arakatu, eta 391 denbora-adberbioko zerrenda bat osatu nuen. Ondoren, aztergai izan dudan corpuseko[1] itzulpenetan termino horietatik zenbat erabili diren neurtu nuen, bai eta termino bakoitza zenbat aldiz eta zenbat liburutan erabili den ere. Eta gauza bera egin nuen testu ez-itzulietan. Datuek erakutsi didate termino zehatz batzuetan alde handia dagoela testu ez-itzulietako agerraldi kopuruaren eta testu itzulietakoen artean; hau da, termino batzuk askoz gehiagotan erabili dira testu ez-itzulietan testu itzulietan baino, eta alderantziz. Tira, alderantziz ez horrenbeste. Gehiagotan gertatzen da termino bat euskal idazleen testuetan askotan erabiltzea eta euskal itzultzaileek itzulitako testuetan oso gutxi agertzea, kontrakoa baino. Bada, testu itzulien eta ez-itzulien arteko erabileran alde handia antzeman diedan denbora-adberbioetako hainbatetan, erabilera hori luma bakar bati edo ia bakar bati zor zaiola ikusi dut. Adibideren bat jarrita hobeto ulertuko dugu:
Gauak gauari iparraldeko forma testu ez-itzulietan erabiltzen den 15 aldietako 13 Itxaro Bordaren 8 testuri dagozkie. Gainontzeko biak Xipri Arbelbiderena eta Lucien Etxezaharretarena dira. Itzulpenetan ez da ageri.
Orainik formak testu ez-itzulietan dituen 48 agerraldietako 39 Pello Salabururenak dira. Gainontzekoak beste 5 idazleren testuetan ageri dira, eta horietako 3 Xalbadorren bertso famatuaren aipuak edo aipuaren aldaerak dira («txistuak jo dituzute bainan / maite zaituztet orainik»). Itzulpenetan ez da ageri.
Santa sekulan: Testu ez-itzulietako 19 agerraldietatik 14 Patziku Perurenarenak dira. Gainontzeko 5ak beste horrenbeste idazlerenak dira. Itzulpenetako 7 agerraldiak, bestetik, 2 itzultzaileren lumatik iritsi dira: Elena Touyarou eta Karlos del Olmo.
Bada kasuren bat zeinetan agerraldi gehienak itzultzaile bakar bati zor zaizkion (noizik behinka formak itzulpenetan dituen 14 agerraldietatik 13 Karlos Zabalarenak dira, eta testu ez-itzulietan Ramon Saizarbitoriak baino ez du erabili, behin), baina, esan bezala, halako desorekak euskal idazleen lumatik iristen dira gehien-gehienetan.
Badirudi, beraz, erabilera pertsonalak ugariagoak direla idazleen artean itzultzaileen artean baino. Hau da, termino zehatz bat maiztasun nabarmen handiagoz erabiltzeagatik bereizten direnak idazleak izaten dira, itzultzaileak baino sarriago. Kopuruak ez dira bereziki nabarmenak, baina bide ematen digute baieztatzeko itzultzaile baino idazle gehiago ausartzen direla erabilera idiosinkratikoak egiten.
Bada, bigarrenik, beste auzi bat, euskalkien erabilerari lotutakoa, bereziki interesgarria iruditu zaidana. Hain zuzen ere, oraintsu azaldu dudan erabilera pertsonalen kontu hori eta oraintxe aurkeztuko dudan euskalkien erabilerari buruzkoa lotuta ikusten ditut, eta joera beraren erakusgarri direla uste dut. Azaldu dezadan. Euskalkien erabilerari buruzko auzia blog honetako aurreko testu batean ere aipatu nuen. Orduko hartan kolore-izenen eremu semantikoaz jardun nuen, baina bi eremuetan ikusi dut joera bera: koloreenean zein denbora-adberbioenean. Izan ere, ohargarria da ezen, testu ez-itzulietan koloreak izendatzeko zein denbora markatzeko euskalki bateko formak erabiltzen direnean, euskalki hori hitz egiten den eremuko idazleek erabiltzen dituztela nagusiki, baina joera hori ez da hain argia testu itzulietan. Hau da, itzultzaileek euskalkietako formak erabiltzen dituztenean ez dute sistematikoki beren euskalkiari dagozkion formetara jotzen; itzultzaileek gutxiagotan erabiltzen dituzte euskalkietako formak oro har, baina erabiltzen dituztenean edozein euskalkitakoak aukeratzeko joera handiagoa ageri dute. Egun oroz, noiztenka, ordukotz eta hemendik aitzina formen atzean forma horiei dagokien euskalkiko itzultzaileen eskua ikusten bada ere, beste hainbat adibidetan dena delako euskalkiari dagozkion itzultzaileak eta ez dagozkionak antzeko kopuruetan dabiltza, eta batzuetan are gehiago dira beste euskalki bateko itzultzaileak euskalki horri dagozkionak baino (ardurenean, jagoitik, orainokoan, belu, eten barik, oraindino eta beste orduz formetan, adibidez). Idazleak, esan bezala, nor bere euskalkiari leialago ageri dira.
Gauzak zertxobait sinplifikatuz, beraz, esan daiteke ia beste inork erabiltzen ez dituen terminoak erabiltzen aiseago animatzen direla idazleak itzultzaileak baino, eta era berean idazleak direla beren testuetan beren euskalkiko hitzak sueltoen erabiltzen dituztenak. Itzultzaileak, aldiz, nekez ausartzen dira ia beste inork erabiltzen ez duen termino bat beren itzulpenetan erruz baliatzen, eta euskalkietako hitzak txertatzen dituztenean han-hemengoak hautatzen dituzte, beren euskalkia oso agerian utzi gabe. Niri Lawrence Venutiren[2] itzultzailearen ikusezintasunaren ideia datorkit burura ezinbestean. Balirudike itzultzaileek beren ahots bereizgarria agertzeari uko egiten diotela eta beren idiosinkrasia ezkutatzen saiatzen direla, sorburu-testuaren egilearen estiloa beren tasun pertsonalez ez zipriztintzeko. Oharkabean pasatzen saiatzen dira, desagertzen (vanishing, dio Venutik), alegia, testuaren benetako egileari (jatorrizko testuaren idazleari) itzal edo traizio ez egiteko moduan.
Ez dugu, ziurrenik, ez genekienik azaldu. Denok gutxi-asko erraz errekonozituko dugu geure burua jokabide horretan. Baina datuek berretsita ikusi dugu behintzat.
[1] Probaleku gisa erabili dudan corpusa Egungo Testuen Corpuseko literatura atala da gutxi gorabehera, eta 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako euskarazko 1.134 literatur testuk osatzen dute: euskaraz idatzitako 698 liburuk eta hainbat hizkuntzatatik euskarara itzulitako 436 liburuk.
[2] Venuti, Lawrence (1995). The Translator’s Invisibility. A History of Translation. Routledge.