Mendebaldetik dator gutuna

Estitxu Garai

Etsita, zuri idaztea erabaki dut. Zelan zabiltza? Egunkarien bidez baino ez dut zure berri, eta, egia esan, ez dakit ondo ala gaizki zauden. Batzuetan ederto zaudela dirudi, beste batzuetan, ordea, zuri buruz esaten dituztenak ez dira hain onak.

Zure buruari galdetuko diozu zergatik idazten dizudan orain. Bada, faltan botatzen zaitudalako. Urteak eman genituen batera, nire bizitzako une zoragarrienetarikoak. Ederra izan zen. Gogoan al duzu Urbasara egin genuen txangoa? Nola ahaztu. Andereño Miren guri errieta egiten, bainua hartu nahi genuela-eta. Izango dira hamar bat urte ordutik, ezin dut sinetsi hainbeste denbora pasa denik.

Ikasle garaian gauza mordoa egiten genuen batera. Nire eskola-ibilbidea, ostera, ez zen oso luzea izan. Ondo baino hobeto dakizu ez nintzela puntarengo ikaslea. Ikasketak utzi ostean, ez nuen zurekin kontaktuan jarraitzeko biderik izan. Harreman-sareak harrapatu gintuen. Inguraketa-sare bihurtu zen. Ez nuen gure artekoa zaindu, baina ba ote nuen zaintzeko modurik? Apurka-apurka, nigandik urruntzen joan zinen, zugandik urruntzen joan nintzen. Heldu ahala, ezin izan nizun heldu. Zugandik aparte zegoen nire heldu-lekua. Ni handitu, zu txikitu. Eta, konturatu orduko, alde egin zenuen.

Ez zaitut baloratu, nirekin ez zaudela jabetu naizen arte, galdu zaitudan arte. Gaur behar zintudan, eta ez zeunden hemen. Zu gabe ñimiño sentitu naiz, hankamotz. Nire burua madarikatzen dut behin eta berriro. Ni naiz gertatzen zaidanaren errudun, baina ni al naiz errudun bakarra? Zergatik ez zaitut aurretik behar izan?

Berreskuratu nahi zaitut, eta ez dakit nondik hasi. Egoera honi aurre egin behar diot, aurrera egiteko. Ezin esanaren jasanezinak bizi nau. Belarriak mutu. Ahoa gor. Euskara, itzuli nigana.

Gorpu batzuk agertu dira

Mikel Taberna Irazoki

Lasa eta Zabala ikustera joan ginen gaur zortzi semea eta biok. Kezka zerbait gure baitan ─nola ez?─, bagenekielakoz zer-nolatsuko istorio izugarria kontatu behar ziguten. Iruñeko Baiona etorbideko Golem zinema-aretoetako batean ematen zuten, eta haraxe abiatu ginen ilundu berritan.

Filma, egia erran, berriz ere ikusi beharko nuke artelan modura baloratzeko; informazio-karga sobera eramaki nuen bizkar-zakuan erakutsi behar zigutena aurreiritzirik gabe juzgatzeko. Ordea, erraten ahal dut harritu nintzela pelikularen hain parte handia euskaraz ematen delakoz (gaztelaniazko azpitituluak), hala mintzatzen baitira euskal herritarren paperak jokatzen dituzten guziak, Gipuzkoako gobernadore zibilarena eta guardia zibilekin tratu ilunetan aritzen zen kontrabandistarena egiten dutenak izan ezik; bi horiek eta Espainiako Gobernuaren mendeko guardia zibil nahiz poliziek gaztelaniaz hitz egiten dute, eta hizkuntza horretan aditzen dira epailearen aitzineko aitorpenak eta epaiketa bera (halakoetan, euskarazko azpititulurik ez).

Aitortu behar dut Juan Luis Zabalak joan den larunbateko bere sarreran aipatzen duen hitanoaren erabilera eztabaidagarriari buruzko oharpena ez zitzaidala gelditu gogoan. Ez nituen begi-beharriak behar bezain zorroztuak izanen, duikabe; sakelan altxatu nituen Juan Luisek jauntzi bide zituen kazetari-luneta kritikoak, orduan ez bainekien filmari buruz idatziko nuela gure blogean gaur.

Guk hagitz aisa segitu genuen kontakizuna; euskarazko ahotsak (abokatuaren paperean ari den Unax Ugalde, filmean laguntzaile dituen Itziar Ituño eta Iñigo Gastesi, Joxi eta Joseanen larruan sartu behar izan zuten Jon Anza eta Cristian Merchan, gainerako etakideen eta jendakien izenean ari direnak, etab.) natural-natural eta erabat sinesgarri sartu zitzaizkigun, salbu, nire kasuan, ertzainenak, kostatzen baitzait irudikatzea halakoekin elkarrizketa normal bat gure hizkuntza honetan (ez nion xehetasun hori semeari galdetu; beharbada hark ez zuen halako sentipenik izan).

Nolanahi ere, euskararen aldetik ere ikusi beharrekoa da lan hau, nire ustez, euskararen presentzia nabarmenagatik. Alde horretatik pozgarria, egileak zoriontzekoa. Euskaraz sorturiko honen gisako filmak bezalaxe, euskarara bikoiztuak ere eduki beharko genuke urtero multxo koxkor bat, baina ez edozein pelikula, nahitaez ikusi behar diren horietako batzuk edo zerbaitengatik ikusle izan gaitezkeenon baitan nolabaiteko interes berezia sorrarazten dutenak baizik. Badakit gai honi buruzko eztabaida badela plazan (filmak jatorrizko hizkuntzan ala bikoiztuak), eta, inon inoiz bozka eman behar baldin bada, horixe da nire iritzia.

Pelikularen gaiari berriz helduta, gauza jakina da Lasa eta Zabalaren gorpuak Alacanteko Busot herriko paraje baztertu batean ehortzi zituztela kare bizitan, handik urtebetera-edo ehiztari baten zakurrek aurkitu zituztela eta gero dozena bat urte eman zutela gorputegi batean hiltzaileek ez bertze inork jakin gabe norenak ote ziren hezur haiek. Noizbait, ordea, norbait hasi zen pentsatzen gorpuak bi tolosar gazte haienak ote ziren, eta hortik etorri zen gainerako guzia.

Hilotz haiek nor-norenak ziren ez zuten komunikabideek berehala segurtasun osoz jakinarazi izanen. Kazetariek halako kasuetan irakurle-entzuleei aditzera ematen diete ez dela egiaztatu hildakoen nortasuna, baina hipotesi sinesgarri samar batzuk badaudela. Ez dakit zer lokuzio-klase erabili ote zuten euskarazko esatariek orduko hartan; aukera bat baino gehiago dugu euskaraz suposizioa eta egiantzekoa dena adierazteko.

Etsenplu bat irratitik aditzeko aukera izan nuen berriki, eta kolkoan gelditu zitzaidan kazetariak notizia kontatzeko baliatu zuen maneragatik (orduan erne izaki ni horrelakoei erreparatzeko, joan den astelehenean ez bezala). Bi gorpu agertu ziren Espainiako edo Italiako kostaldean, eta esatariak honelako zerbait erran zuen: “… bi gorpu horiek orain dela bi egun hondoratu zen pateran zihoazen bi senegaldarrenak lirateke”.

Ez dut erran nahi “gaizki” egin zuenik (ez naiz nor), baina iruditzen zait halakoak azaltzeko bertze bide batzuk maizago erabiltzen ditugula eta direla euskarazko hedabideetan: “… dirudienez/nonbait… bi senegaldarrenak dira…”; “…zenbait informazio-iturriren arabera… bi senegaldarrenak dira…”; “… bi senegaldarrenak omen dira …”. Bakanago aditzen da izan behar aditz lokuzioa: “… bi gorpu horiek orain dela bi egun hondoratu zen pateran zihoazen bi senegaldarrenak izan behar dute”.

Iruditzen zait irratiko ahotsaren lirateke horrek zerikusia duela espainolez antzeko kasu batean normal adituko genukeen se trataría de-rekin. Han-hemenka irakurri dudanez, aditzaren erabilera horri condicional de rumor deitzen diote, eta gaztelaniara frantsesetik etorria omen da, galizismo bat da, conditionnel journalistique erraten zaiona. Inguruko bertze hizkuntzetan (portugesean…) ere erabiltzen ote da? Eta ingelesez?

Ez dakit adizki hipotetikoen erabilera honek tradiziorik duen euskaran edo, berria baldin bada, zabaldua dagoen gaur egun gure artean, baina niretzat arrotza zen lehengoan aditu nuen arte.

Hiperritanoa ‘Lasa eta Zabala’ filmean

 Juan Luis Zabala

Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmari buruzko komentarioetan askori entzun edo irakurri diet hasierako pasarteak, errefuxiatuen Baionako giroa erakusten dutenak, direla ahulenak eta sinesgarritasun gutxienekoak. Neu ere horretan nago.

Ez dakit benetan zer neurriko eragina izango zuen siniesgarritasunean, akaso batere ez, baina atal horren akatsetako bat, aski nabarmena nire ustez, nik –modu trakets eta hobegarrian seguru asko– hiperritanoa deituko nukeenaren erabilera sistematikoa da. Hau da, modu teknikoan ahalik eta zehatzen azalduta: bigarren pertsona singularraren markarik gabeko aditz formak hitanoan emateak galderetan eta menpeko esaldietan.

Adibide bat jarriko dut, ez filmetik ateratakoa, neuk asmatutakoa baizik: «Ez zakiat etorri dituken» esatea, «Ez zakiat etorri diren» esan beharrean, hiperritanoa litzateke; edo «Hau ondo al zagok?» esatea, «Hau ondo al dago?» esan ordez.

Azalpen zehatzago bat HABEren Ikasbil webgunean aurki daiteke, adibidez; helbide honetan.

Guztiz alderantzizkoa da Iñaki Perurenak azkenaldian aski sarri ikusten den telebistako iragarkia batean egiten duena: hikako forma erabili behar zuenean zukakoa jaurti, nahiko modu desatsegin eta mingarrian, nire ustez, Xabier Eizagirrek (1) Berrian salatu duen moduan.

(1) Ohar bat nahasketarik izan ez dadin: artikuluaren egilea ez da, haren izen-abizen berberak dituen arren, Jakin aldizkariaren erredakzio burua.

Hizkuntzaren historiak II – Errefrauak

Borja Ariztimuño Lopez

Azken idazkian hizkuntzaren berreraiketaz aritu nintzen, baina egiazki hitz eta morfemenaz bakarrik. Sintaxiaren eta morfo-sintaxiaren alorrean ere egin daiteke lan hori, baina, gaurkoan, esamoldeez eta are egitura semantiko abstraktuagoez ere hitz egin nahi nuke. Adibide erraz batekin hasteko, Lazarragak gauaz-egunaz idatzi zuen XVI. mendearen amaieran edo XVII.aren hasieran, eta Materre gure lehen idazle euskaldunberriak gauaz eta egunaz 1617an, egun askok (gehienok?) gauez eta egunez esango genukeenaren lekuan. Halaxe izango zen, beraz, euskara komun hipotetiko hartan ere?

Errefrauetan luzaro, hiztunen gainerako jardunetan baino luzaroago, gorde ohi dira hizkuntzaren ezaugarri zaharrak, hitzak nahiz egiturak, eta horregatik proposatuko dizuet orain, Oihenarten atsotitzen eta Bizkaiko 1596ko bildumako errefrauen arteko konparaziotik abiaturik, euskara zaharreneko lekukotasun horiek araka ditzagun, euskara komuneko (hots, hartan mintzo zen euskal erkidegoaren) adierazpideak eta, nolabait, pentsamolde edo ideiak azaleratzeko. Egiari zor, dagoena biltzea eta ale batzuk bistaratzea da nire xede xumea (Patxi Altuna eta Jose Antonio Mujikaren ediziotik atera ditut datuak); jakin-gose denak jo beza ni baino arituago eta paremiologian adituago direnen lanetara, bereziki Koldo Mitxelena & Julio Urquijo (1967) eta Patxi Altuna & Jose Antonio Mujika (2003).

Lehenik eta behin, esan beharra dut Oihenarti bidegabeki egotzi izan zaiola ele-asmatzen zale izatea. Neurtitzetarik kanpo, hots, atsotitzetan, ageri den hitz edo forma aurretiaz ezezagun oro asmakizuntzat hartzea ez da prozedura egokia, ene ustez.

Bestalde, Refranes y Sentencias ezagunarekin gertatu bezala, Oihenarten bilduman erdaretatiko itzulpenak ugariak direla ere esan izan da, nahiz eta, 1596an Iruñean argitaraturiko Bizkaiko bildumari dagokionez, kalko edo itzulpenen kopurua uste izan dena baino txikiagoa dela erakutsi zuen Joseba Lakarrak (1996). Kasu honetan ere, erdaretako atsotitzen antzekoak edota ia hitzez hitzekoak badiren arren, ez dugu pentsatu behar Oihenart bere bilduma puzte aldera puztuz ibili zenik, jendeak ongi asko ezagutuko baitzituen eta bere hizkuntzara egokituko, inguruan erabiltzen zirenak. Askotan errefrau berbera aurkitzen dugu gaztelaniaz, frantsesez, alemanez eta abarrez, eta hori ez da gertatu norbaitek liburu batean herriak ahoan ez zerabilen errefrau baten itzulpena paratzeagatik.

Azkenik, bi hizkuntzatako errefrauen arteko antzekotasunak, halabeharrak halabehar, nondik etor daitezkeen erraz igar daiteke: hiztunen arteko hartu-emanek eragiten dituzte, dela kalko edo itzulpen bidez (elebiduntasuna, muga-herrietan, egun baino hedatuago eta sakonagoa izaten zen), dela antzekotasun kulturalen ondorioz (bizimodu, ezagutza eta ohitura motak partekatzearen ondorioz, azken batean; hori harremanik gabe ere gerta zitekeen, noski); pentsa liteke dialektoen artean ere gauza bera gerta zitekeela, eta, horrez gain, Bizkaitar batek gaztelaniatik eta Zuberotar batek frantsesetik edo gaskoieratik har zitzaketen errefrauak ere elkarren antza izan zezaketela, jatorrizko hizkuntzetakoek bezalaxe.

Honenbestez, hiru multzo lausotan banatuko ditut errefrau baliokideak: berdin-berdinak dira batzuk, antzekoxeak bestetzuk, eta badira mamiz edo esanahiz berdintsu baina itxuraz ezberdinak ere. Atzekoz aurrera egingo dut.[1]

  1. Mamiz berdintsu:

Ahalgegabeak bitu epher erreak. Zer ahalgorrak? Ogi-mokorrak. (Oih. 9)
Lotsaga nindin, ogiz ase nindin. (RS 263)
Lotsabageac erria bere. (RS 66)
Lotsa bageak, mundua bere. (Gar. 66)

Amak irin balu, opil balaidi. (Oih. 20)
Balizko oleak burdiaric ez. (RS 15)
Balizco oleak, burniarik egin eztaroa. (Gar. A 36)

Amaizuna, erradan “no”; ez, “nahi duna?”. (Oih. 23)
Ama onak ez dio “nazu?”. (RS 113)
Naiago dot to bat, ze amabi emon deiat. (RS 40)
Amaizuna, eztizkoa ere, ezta huna. (Oih. 24)
Errana [‘erraina’] ezta gozoa, bada bere eztizkoa. (RS 460)

  1. Antzeko:

Aharra ziten alxoñak, ager ziten gazna ohoñak. (Oih. 10)
Aharra ziten artzainak, ager ziten gaznak. (Zalg. 99)
Arzaiak aserra zitezen, gastak agiri zitezen. (Gar. 11)
Arzaiok arri zitea(n), gaztaeok agir zitea(n). (RS 386)
Unaiok arri zitean, gastaeok agir zitean. (RS 52)
Unaiak aserra zitean, gaztak ager zitean (Is. 81)

Aharrausi usua, gose- edo lo-mezua. (Oih. 11)
Arrausi luzea, loa edo gosea. (RS 276; cf. Bostezo luengo, hambre o sueño)

Alaba ezkont ezak nahi denean; semea, ordu denean. (Oih. 16)
Ezkon ezak semea nai doanean ta alabea al dagianean. (RS 382)

Anhitz jana eta anhiz edana da hontara nakarrana. (Oih. 26)
Lar janak eta edanak gitxitara nenkarre(n). (RS 438)

Arakina, erhak behia eta indak kornado baten biria. (Oih. 30)
Idiak eta beiak il eza(z)uz ta loben baten biriak inda(z)uz. (RS 429)

Atorrak hunkiten, bana aragia etxekiten. (Oih. 53)
Athorra hurran, bana larrüa hurranago. (Zalg. 61)
Atorren baxen urrago narrua. (RS 281)

Kanpoan urzo, etxean bele. (Oih. 107)
Atean uso etxean otso (…) (RS 133)

Erroiak beleari burubelz. (Oih. 151)
Erroiak mikeari uzpelza. (RS 464)
Cf. Zozoak beleari ipurbeltz.

Erroia haz ezak, begiak dedetzak. (Oih. 152)
Az ezak erroia, diratan begia (…) (RS 136)

Geroa, alferraren leloa. (Oih. 189)
1. multzoan sartzekoa litzateke hau, baina, Oihenartena kenduta, besteek elkarren antz handiagoa dute:
Gero dionak bego dio. (Is. 43)
Geroak, bego: (…) (Zalg. 47)
Cf. halaber Axularren Geroko «(…) gero dioenak bego dioela (…)».

Hire gaitza eztuk net gaitza, hire auzoaren beharrira ezpadaitsa. (Oih. 239)
Ire auzoak eztekian gatxa ona da. (RS 431)

Jaiki zedin nagia suaren pitzera, ezar zezan etxea erratzera. (Oih. 257)
Jaki zidin nagia, erra zizan uria. (Gar. A 2)
Jaigi zidi(n) nagia, erra zizan uria. (RS 294)

Seroretara zautan gogoa, ezteietara aizeak naroa. (Oih. 530)
Perrau [‘ermitau’] neuen gogoa, axeak bestera naroa. (RS 419)

Gure horak buztanaz daki balaku egiten, eta ahoaz ausikiten. (Oih. 616)
Leusindu buztanaz ta esugi ahoaz. (RS 372)

  1. Berdin(-berdin):

Ardia ahunzari ile eske. (Oih. 31 = Zalg. 13)
Ardia aunzari ule eske. (RS 498)

Eneko, atxeka hi hartzari, nik demadan ihesari. (Oih. 139)
Autso, Txordon, artz orri, ta nik iñes daida(n). (RS 422)
Autso, Perutxo, urdeorri, eta neuk ies dagidan. (Gar. A 26)

Gibel egiok ekaitzari. (Oih. 192)
Kibel egiok ekatxari. (RS 466)
Cf. halaber Kibel ekatxari, bular aldi onari. (RS 239)

Hotzak maiatza hil zezan, eta ni ase nenzan. (Oih. 253)
Otzak il egia(n) maiatza, ta ni ase nenza(n). (RS 535)

Idiak erasi beharrean, gurdiak. (Oih. 273)
Idiak erausi bearrean, gurdiak iño. (Is. 49)
Idiak oñon bidean, gurdiak. (RS 305)

Bere zorigaitzean inhurriari hegalak sortu zitzaizkan. (Oih. 278)
Bere gatxean inurriari egoak jaio jakaza(n). (RS 526)

Itsua da baheti eztakusana. (Oih. 288)
Itsua da baeti ez dakusena. (RS 426)

Odolak su gabe diraki. (Oih. 342)
Odolak su baga diraki. (RS 146)

Ogi gogorrari, hagin zorrotza. (Oih. 348)
Ogi gogorrari, agin zorrotza. (RS 539)

Otorde dabila maiatza su eske. (Oih. 381)
Otorde dabil maiatza su eske. (RS 534)

Otsoa senar duenak, oihanera beha. (Oih. 386)
Otsoa senar dagianak, beti oianera begira. (RS 338)

Zura berago, harra barnago. (Oih. 442)
Zura beraago, arra barrenago. (Is. 22)
Lurra bigunago, haarra barrenago. (RS 400)

Zurginaren etxea zotzez, zotzez ere motzez. (Oih. 444)
Arotzaren etsea zotzes, zotzez bere gaitxes. (RS 417)

Xazko epaslea, aurtengoen urkazalea. (Oih. 478)
Xazko ohoina, aurthengoen urkhazale. (Zalg. 41)
Igazko lapurrok, aurtengoen urkatzalla. (RS 80)
Cf. halaber Peru Abarcako «Igazko txakurra [lapurra?], aurtenguaren urkatzalle».

Ezta zaharra duena zaldarra. (Oih. 596)
Ezta zarra dauena zaldarra. (RS 503)

Oihal ona kutxan dagoela sal daite. (Oih. 658)
Oial ona hutxan saldu doa. (RS 541)

Bere burua ezagutea, da jakitea. (Oih. 684)
Bere burua ezautea, da jakitea. (RS 554)

Eskerrak iztadan, zeren neure haziendari on daritzadan. (Oih. 690)
Eskerrak inda(z)uz, ze on derexta(n) ene gauzari. (RS 556)

Neure behiti ezne, guri eta gazna athera nezan, eta neure xahala gal nezan. (Oih. 701)
Ezne, guri eta gazna neure behitik athera nezan, eta neure xahala gal nezan. (Oih. esk. 366)
Eznea, guria ta odola errorean atera neban, ta ezer irabazi ez nezan, ta ene beitxua gal nezan. (RS 513)

Hiru multzoetan aurkitzen ahal ditugu paralelo interesgarri eta harrigarriak. Badakigu Oihenartek Refranes y Sentencias bilduma ondo ezagutu zuela; izan ere, bere bilduman eta eskuizkribuan berrogei bat inguru eman zituen bizkaieraz, aldaketarik gabe (zubererazko gehienak ez bezala, “lapurtartu” baitzituen). Horrek pentsarazten dit ezen hemen idorotako antzekotasunak ez direla kopiatzearen ondorio, zeren Oihenart ez zen herabe ageriki hala egitera.

Hortaz, amarauneko txoko txiki goxo honetatik, dei egiten dut inork nahi izan lezan ildo honetatik jarraitu, eta Euskara Batu Zaharrerantz egin, hitz solte eta morfema zatikatuez haratago.

[1]    Laburdurak: Oih. ‘Oihenart; RS ‘Refranes y Sentencias’; Gar. ‘Garibai’; Zalg. ‘Zalgize’; Is. ‘Isasti’.

Wang Wei itzulezina?

Maialen Marin Lacarta

Ariketa polita izaten da klasean Wang Weiren olerki baten itzulpenei begiratu eta taldeka bertsio ezberdinen inguruan eztabaidatzea. Gainera, horretarako liburu bikaina daukagu eskura: Eliot Weinberg eta Octavio Pazek bildu eta iruzkindutako Nineteen ways of looking at Wang Wei: how a Chinese poem is translated (1987)[i]. Liburu hau irakurtzeko ez da txineraz jakin behar, eta Tang poesia gustuko baldin baduzue, edo poesia itzultzea interesatzen bazaizue, benetan gomendatzen dizuet. Izenburuak dioen bezala, liburu honek Wang Weiren olerki baten hemeretzi itzulpen biltzen ditu, ingelesez batik bat, baina baita frantsesez eta gaztelaniaz ere. Ez da oso luzea; liburu bat baino gehiago, artikulu bat dela esan genezake.

Klasean proposatzea gustatzen zaidan ariketaren helburua ez da hainbeste itzulpen onena zein den erabakitzea izaten, baizik eta itzultzeko zailtasunak identifikatu eta itzultzaile bakoitzak hartutako erabakiak aztertzea. Baina joko bat bezala planteatu ohi dut, eta bakoitzak gehien gustatu zaion itzulpena defendatu behar izaten du. Klaseko eztabaidan, Burton Watson eta Gary Snyderren itzulpenak atera ohi dira garaile, eta eztabaida bizia izaten da. Baina lehengo astean, talde bateko kideak oso isilik ikusi nituen, serio samar. Gerturatu eta zertaz ari ziren galdetu nienean, batek erantzun zidan Tang poesia itzulezina dela. Txinatar karaktere bakoitzak esanahi ugari dituela, historia luzea duela eta ezinezkoa dela hori itzultzea. Harri eta zur gelditu nintzen. Hemeretzi itzulpen begi aurrean izanda ere, olerki hori itzulezina dela zioen nire ikasleak. Eta ez hori bakarrik, haren ustez Tang dinastiako poesia guztia zen itzulezina. Gainera, olerki hori itzultzeko zailtasun zehatzak aipatu beharrean, txinatar karaktereen historia eta txinatar hizkuntza klasikoaren polisemia aipatu zituen. Egia da nik klasean aipatuak nituela bi zailtasun horiek, baina oztopo gaindiezinak bezala ikusi beharrean, kontuan hartu beharreko zailtasunak ziren nire ustez, bai itzultzailearentzat, bai edozein irakurlerentzat. Orduan, talde hartako kideak olerkiaren karaktereak kontatu eta egitura sintaktikoari edo hitzen ordenari begira zeudela konturatu nintzen. Une hartatik aurrera, eztabaida are interesgarriago jarri zen: zer da itzulpen bat? Eta olerki baten itzulpena? Jatorrizkoaren berdina izan behar al du? Zer mailatan? Sintaxi mailan? Hitz kopuruaren mailan? Jatorrizkoa eta itzulpen ezberdinak aztertzen jarraitu genuen, pixkanaka gai hauen inguruko eztabaida luzatuz. Erokeria dirudi, baina jatorrizko testuari bueltaka eta bueltaka hasiz gero, ahaztu egiten zaizkigu galdera garrantzitsu hauek. Gainera, hemeretzi itzulpen horiek galdera hauentzat erantzun ezberdinak daudela frogatzen digute eta, aldi berean, itzulpen bakoitzak jatorrizko olerkiari buruz zerbait erakusten digu.

Gogoeta hauei bukaera emateko, olerki honen euskal itzulpenak biltzea gustatuko litzaidake, baina Hong Kongen aurkitzea ezinezkoa denez, datorren udan Euskal Herrira itzultzen naizenean bilatu beharko ditut. Aiora Jakak eta biok duela gutxi Uztaro aldizkarirako idatzitako artikulurako egindako ikerketei esker, olerki hau ziur asko Rafa Egigurenek itzuliko zuela uste dut, eta liburu hauetako batean topatzea espero dut: Mandarin Dotore: VIII. mendeko olerkiak (2003)[ii] edota Gauza guztiak (2011)[iii]. Bitartean, joko txiki bat proposatzen dizuet. Hor doa Wang Weiren olerkia hitzez hitz, ea norbait itzulpen bat proposatzera animatzen den:

鹿柴

Orainaren/oreinen barrutia

空山不見人

Hutsik mendia(k) ez ikusi jendea/pertsona

但聞人語響

Baina/bakarrik entzun jendea/pertsona hitza(k) oihartzuna

返景入深林

Itzuli argia sartu sakona basoa

復照青苔上

Berriro argitu berdea goroldioa gainean

Pista bat emango dizuet “itzuli argia” horrentzat: ilunabarreko argiaz ari da, argia itzuli egiten baita; goizean alde batetik sartuko da basoan eta iluntzean beste alde batetik, horregatik esaten du “berriro” azken lerroan.

[i] Weinberg, Eliot eta Octavio Paz. Nineteen ways of looking at Wang Wei: how a Chinese poem is translated. Kingston, R.I.: Asphodel Press, 1987. Gaztelaniara itzulia dago: Eliot Weinberger, Diecinueve maneras de ver a Wang Wei: cómo se traduce un poema chino, itzul. Ulalume González de León, Vuelta, 91 (8), 1984ko ekaina, Mexiko: 18-25.

[ii] Du Fu, Wang Wei, Li Bai. Mandarin Dotore: VIII. mendeko olerkiak, itzul. Rafa Egiguren. Soraluze: Gaztelupeko Hotsak, 2003.

[iii] Egiguren, Rafa. Gauza guztiak. Iruñea: Pamiela, 2011.

Amaren hitzetako bi

Itziar Diez de Ultzurrun

Ama Eibarkoa dugu eta, ama euskalduna zuen arren, Eibarko etxe erdaldun samar batean hazitakoa da, aita katalana zuelako. Dena den, euskara barra-barra aditu zuen haur-denboran eta gaztetan, amaren aldeko familia giroan ez ezik, kalean eta lagunen etxeetan. Horrenbestez, ezkontzean Eibarko euskal hitzez eta esamoldez zipriztinduriko gaztelania ekarri zuen Iruñera. Gurean, beraz, gaztelania molde hori izan da nagusi betitik, eta gaurkoan amak altzoan eta ezpainetan ekarri zituen hitz batez eta esapide batez mintzatu nahi nuke.

Urduri dagoenean, nahigabez edo ezinegonez, amari ez zaizkio tximeletak hegaldatzen sabelean; pinpilinpauxen ordez, sagua ibiltzen zaio gora eta behera urdailean (amak “el sagu” edo “el xagutxu” deitzen duena). Ez diot beste inori aditu halakorik, eta ez dut sagu hitzerako adiera hori aurkitu hiztegietan. Imajinatzen dut Eibarko garai bateko euskaran hala erabiliko zela, ez dela amaren idiolektoan bizirik dagoen adiera bat bakarrik. Nolanahi ere, hagitz adierazkorra iruditzen zait sagu hitzaren erabilera hori, arras ongi islatzen duelako herstura dugunean urdailean sumatzen dugun korapilo dantzari eta karraskaria.

Bestalde, amak erabiltzen dituenetarik jo ta pasa da nire kuttunetako bat. Zerbait jo ta pasa egitea da zeozer ganora barik egitea. Euskaljakintzari esker ikasi dugun tripus-trapus horren antzeko esapidea da, beraz, gure oraingo etxeko euskaran maiz agertzen dena. Zeren hitz horiek ohartu gabe neuretuz joan bainaiz adinean gora egin ahala, eta egunotan, ama ospitalean dugula (nahiz eta, zorionez, kontua ez omen den larritzeko moduko deus ere), xagutxua -eta are sagua- jira eta buelta sumatu dut batzuetan sabelean eta nire eginkizun garrantzitsuen zerrendako hierarkian iraultza handi samar bat gertatu da, halako moldez non, arruntean arduraz eta txukun egiten saiatzen naizen zeregin anitz, gure blog honetarako testu hauxe, esaterako, nahitaez jo ta pasa egin behar izan ditudan.

Itzultzaile, zuzentzaile eta interprete onaren testa

Karlos del Olmo

Eman item bakoitzari 0 eta 5 puntu bitartean.

  1. Liburu itzuli bat hartu eta berehala begiratzen duzu kredituen orrian nork itzulia den?
  2. Itzarri ote zara inoiz buruan bueltaka darabilzula itzuli, interpretatu edo zuzentzean egindako (alegiazko ala benetako) okerren bat?
  3. Damutu ote zara itzulpena bidali edo zerbait interpretatu eta berehala, behar bezain ondo ez zegoelakoan?
  4. Kosta egiten zaizu etxetik ateratzea, batez ere oporretara, liburu (itzuli)rik aldean ez daroazula?
  5. Saio interpretatuetan, areago erreparatzen diozu interpretearen lanari mezuari berari baino?
  6. Lagunartean zaudela, zure jarduna ezinbestean joan ohi izaten da zeure lanbidearekin erlazionaturiko auturen batera?
  7. Egonean edo zain egonez gero, berehala jotzen duzu zer edo zer irakurtzera?
  8. Sumintzen zara hizlari, idazle edo kazetariek errua itzultzaileari edo interpreteari leporatzen diotenean beraien akatsak estaltzeko?
  9. Txarto itzulitako / interpretatutako zerbait topatuz gero, itzultzailearen balizko lan baldintzak etortzen zaizkizu berehala burura edo mingainera?
  10. Etxez aldatzeak lokamutsak sortzen dizkizu zure liburu kutunak apalategietatik kendu, kaxetan sartu eta garraiatu behar izateak?
  11. Zer edo zer opari egitean, batez ere liburu itzuliak edo jatorrizko hizkuntzakoak erregalatzen dituzu, berdin dizula bildua zabaltzean oparia hartzen duenaren aurpegiak?
  12. Nekez ezkutatzen duzu dezepzioa oparia zabaldu eta liburu (itzuli)rik topatzen ez duzunean?
  13. Film on bat ikustean itzulpen akatsen bat hautemateak gozamena zapuzten dizu?
  14. Idazki batean hautemandako hutsak gainerako eduki guztia ozpintzen dizu, orokorrean irakurgaia oso ona bada ere?
  15. Txarto deritzozu hizlariek interpreteei begirunea eta esker ona ez erakusteari?
  16. Irudipena duzu inoiz ez dizutela nahikoa denbora ematen behar bezala itzultzeko edo zuzentzeko?
  17. Idazleen eta itzultzaileen biografiak nahiz entziklopediako sarrerak oso irakurgai gustuko dituzu, gizartean barra-barra dabiltzan gainerako autuak baino areago.
  18. Hizkuntz akademien eta erakundeen erabaki eta gomendioa beste berri eta albisteen gainetik jartzen dituzu.
  19. Hegazkinean zer eraman erabakitzeko orduan, aukeran, liburuak hobesten dituzu enparauen aldean?
  20. Pentsatu duzu inoiz bezeroa edo hizlaria itzulgaian edo hitzaldian azaltzen ari dena baino gehiago dakizula edo oker dagoela?
  21. Iruditzen zaizu itzuli, zuzendu edo interpretatu beharreko gaiak direla gutxien gustatzen zaizkizunak eta gustukoenak diru gutxien ematen dizutenak direla?
  22. Haserretzen zara hizlariak zuk interpretatu eta berehala aurreko berbaldi bera xede hizkuntzan errepikatzen duenean, zure interpretazioa haren erretolika baino hobea ala parekoa izan bada ere?
  23. Oso iritzi argia duzu liburu elektronikoaren eta paperezkoaren arteko alde ikaragarriaz. Dena dela, baduzu irakurgailu elektroniko bat ere.
  24. Tamalgarria iruditzen zaizu Wikipedian eta antzekoetan itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen gainean halako informazio gutxi eta eskasa agertzea.
  25. Perfume gutxi liburu zahar baten usaina baino goxoagokorik.
  26. Zuretzako egun ideala: lasai jesarri, musika piztuta dagoela, edariren edo mokaduren bat eskura… eta liburu on bat aldean.
  27. Liburu lodiak itzultzeak edo irakurtzeak badu balio erantsi bat: besoak sasoian jartzeko ere balio izatea.
  28. Interprete baten saioa entzun eta berehala sentitzen zara solidario hark zailtasunen bat izanez gero?
  29. Entzungailuak belarrietan dituzula ikusita, lagunen baten berak ere entzuteko eskatu eta harrituta geratu zaizu audio liburu bat dela aditzean.
  30. Inoren etxera bazoaz, nahigabe ere epaitzen duzu pertsona hori duen liburutegiaren arabera.
  31. “Baina zerekin dibertitzen zara?” galdetzen dizute, beste behin, irakurtzea, idaztea ala itzultzailea oso gustuko duzula entzun ondoren.
  32. Liburuei dagokienez, Diogenes Sindrometik gertu zaudela esan dizute noiz edo noiz.
  33. Film azpiidatzietan ez duzu oso ondo pasatzen, etengabe aritzen zarelako idatzizkoa aztertzen eta ahozkoarekin alderatzen.

(¿utabnez okaratreZ .ebag kiraztnalaz, araz ano eliaztnezuz / eterpretni / eliaztluti, uzudab irrukari onianoH)

Itzultzaileak eta sentimenduak

Isabel Etxeberria Ramirez

Bizitzaren arlo gehienetan bezala, sentimenduak eta afektibitatea tartean sartzen direnean sutsuak eta mamitsuak izaten dira itzulpengintzan ere eztabaidak eta gogoetak. Itzulpengintzako ikasleei Euskaratik Gaztelaniarako Itzulpen Praktikak ikasgaia ematea egokitu izan zaidanetan, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox nobelako pasarte bat erabili izan dut, joko handia eman izan duena. Hauxe da pasartea:

Antxon, tira, alperrontzi, ikastolara joateko ordua dela, ez gero zapatilak eta bata jantzi gabe sukaldera etorri, oraindik fresko egiten du goizetan, tira, Antxon, gaur goizago oheratu beharko duzu, ez tele eta ez ezer, bestela, egunero komeri berdina, zure ohea zuk txukundu, lagundu egin beharko diozu amatxori, bestela, ilunabarrean ez dugu jostatzeko denborarik izango.

Arantxa Urretabizkaia, Zergatik panpox, Hordago, 1979

Lehen eztabaida ikastola hitzak piztu ohi du: escuela, ikastola, colegio, cole? Eta hurrengo desadostasun sakonagorako argudioak prestatzen hasteko balio izaten du: zer egin amatxo hitzarekin? Gehienetan, bi iritzi-talde sortu ohi dira: mamá eta mamiren aldekoak, batetik, eta ama eta amatxoren aldekoak, bestetik. Eta urtetik urtera, bi joera nagusi gailentzen direla iruditu izan zait (iruditu diot, ez baitut datu objektiborik jaso nire iritzi subjektibo hau indartzeko): etxe erdaldunetan hazitako ikasleak (eskolan euskaldundutakoak, alegia) ama eta amatxoren aldekoagoak izaten dira; etxe euskaldunetan hazitakoek, aldiz, mamá eta mami hobetsi ohi dituzte.

Ikasleen arrazoiak entzunda, honela esplika liteke hautua. Jatorri erdalduneko ikasleak ohituta daude beren etxeko eguneroko gaztelerazko jardunean ama erabiltzen. Hau da, haien mundu afektiboan horixe da konbinazio normala: gaztelerazko diskurtsoan txertatuta, ama. Eta gogorskoa egiten zaie euskal herritarrak (ziur aski donostiarrak) irudikatzen dituzten nobelako ama-semeek mamáka jardutea. Etxe euskaldunetako ikasleei ere arrotza zaie amari mamá esatea, baina amari gazteleraz egitea arrotza zaien hein bertsuan. Eta, beraz, ikasle horiek beren mundu afektibotik urrun sentitzen dituztenez gazteleraz mintzo diren pertsonaiok, errazago irensten dituzte haien mamá eta mami guztiak. Inplikazio afektiborik gabe, errazagoa zaie diskurtsoaren barruko koherentzia hori onartzea.

Beste faktore eta argudio interesgarri asko ere aletu ohi dituzte ikasleek eztabaida horietan. Literatur obrari, argumentuari eta egilearen asmoei lotuak, batzuk; adibidez, zenbateraino den garrantzitsua nobelan pertsonaiak euskaldunak izatea, eta beraz zenbateraino den beharrezkoa bereizgarri hori itzulpenean ere islatzea (funtsezkoa ote da emakume protagonista euskalduna izatea edo besterik gabe XX. mendearen bigarren erdiko mendebaldar ama langile baten erretratua egin nahi izan du egileak?). Hartzaileei eta merkaturatzeari lotuak, beste batzuk: berdin jokatu beharko luke itzultzaileak Euskal Herriko erdaldunak helburu dituen itzulpen bat egin beharko balu eta mundu zabaleko gazteleradun ororentzat itzuli beharko balu? Hau da, erabaki berberak hartuko lituzke, demagun, Euskal Herriko gaztelerazko egunkari batek bere irakurleen artean euskarazko literatura ezagutzera emateko sortutako bilduma batean argitaratzekoa balitz itzulpena eta Hego Amerikako argitaletxe batean kaleratzekoa balitz?

Eta, hala ere, gogoeta horien guztien artean, ikasleak mamá eta amaren artean hautua egitera bultzatzen dituen arrazoi nagusia inplikazio afektiboa dela esango nuke. Haien esperientzia emozionala. Haien historia sentimentala. Itzultzailearen ideologiak itzulpenean eragin handia izaten duela esan ohi da. Bada, zenbaitetan itzultzailearen ondare emozionala ere oso garrantzitsua delakoan nago.

Hori esanda, uste dut argi geratu dela itzulpen ideal bakar bat ez dagoela pentsatzen dutenetakoa naizela. Ezin konta ahala faktorek bultzatzen gaituzte itzultzaile guztiok itzulpen lan bakoitzean erabaki hau edo bestea hartzera. Irizpide objektiboek zein subjektiboek mendean hartuta egiten ditugu hautuak. Eta hautuak zinez delikatuak izaten dira batzuetan.

Eskoletako saio horietan, behin eztabaida baretu denean eta denok besteen jarrera ustez ulertzera iritsi garenean, kasu nire ustez korapilatsuago bat landu dugu inoiz: Mikel Antzaren Atzerri nobelako pasarte bat. Ikasleak dokumentatu egiten dira, egileaz dakitena azaltzen diote elkarri, Interneten informazioa bilatzen dute, liburuaren kritikak irakurtzen dituzte Armiarma webgunean… Alegia, kokatu egiten dute liburua. Atzerrin, protagonistak, Mikel Antzaren alter egoak, erabaki garrantzitsu bat hartu behar du: Mexikora alde egin, paper faltsuekin bizimodu gutxi gorabehera lasaia egitera, ala Parisen geratu, ETAko kide gisa militantzia betean. Eta kinka horretan, pena du gurasoekin ezin hitz egitea:

Hain erraza litzateke orain telefonoa hartu eta gurasoenera deitzea: «Ama. Ni naiz. Ez naute atxilotu A.n. Larunbatean Prefekturan aurkezteko deialdia nuen arren Kortaturen kontzerturako gelditzea erabaki nuen, itxaron zezatela Prefekturakoek astelehenera arte. Eta gero, Iparraldeko atxiloketen berri izatean neure burua gordetzea erabaki nuen. Parisen nago babes-etxe batean. Bakarrik. Ez dakit noiz ikusiko dugun elkar berriro. Batek esan dit Mexikora joatea dudala hoberena. Zuei zer iruditzen zaizue? Hor al dago aita?».

Mikel Antza, Atzerri, Susa, 2012

 “Mamá. Soy yo. No me han detenido en A. (…) ¿A vosotros qué os parece? ¿Está papá?”.

Zuei zer iruditzen zaizue?

Lau irri

Maialen Berasategi

Bati baino gehiagori aditu izan diogu euskaldunon problema nagusia zera dela: serioegi hartzen dugula geure burua. Irria falta, ilunkeria sobra; halaxe diote batzuek.

Egia da umorea behar dugula; eta barreari, ahal den heinean, gorazarre. Dena den, ez ote ditugu batzuetan errazegi nahasten irria eta umorea?… Kontua da azkenaldian jakin-mina piztu didatela, klik, hizkuntz erabilera jakin batzuek jendeari piztutako irri-txinpartek.

Hiru adibidetxo baino ez:

  • Perurena eta kolesterolaren kontrako edabea. ETB2ko iragarkiaz ari naiz, bai –uste dut ETB1ekoak (euskarazkoak) ez digula hainbesteko graziarik egin–. Publizistek, ezin uka, asmatu dute ikus-entzuleen arreta –eta irria– pizten; iragarkiak, beraz, funtzionatu du.
  • “Botila bat sagardo” jaietako txosnetan. Halaxe aditu nion neska gazte bati uda honetan, ordu txikitan: “Botila bat sagardo, faborez”. Eta haren lagunek, hori entzunda, irri eta txantxa, euskara-irakasleren baten begi-belarri zorrotzen pean balego bezala eskatu omen zuelako neskak edaria, normal eskatu ordez, hots, “sagardo-botila bat”.
  • Zinegotzi gaditanoa euskaraz. Euskal-cadiztar ezkontza batera joatea egokitu zitzaidan orain gutxi, Vejer de la Frontera herri ederrera, eta, ezkongaiek hala eskatuta, euskaraz irakurri zituen zinegotzi vejertar petoak zenbait pasarte. Pentsatzekoa den bezala, ez zitzaion erraz-erraza egin “hirurogeita zortzigarren artikulua” eta halakoak irakurtzea, baina, beharbada hain pentsatzekoa ez den bezala, primeran aritu zen azkenean –hemengo zinegotzi ustez euskaldun asko baino hobeto–. Gonbidatu cadiztar zenbaitek ezin izan zioten irriari eutsi; bitxia egin zitzaien, antza, herrikide hura euskaraz txor-txor aditzea. Euskal gonbidatuok, berriz, irria bai, baina bestelakoa oso: ahoa bete hortz denok, miretsita, poz-pozik.

Hortxe, bada, lau irri, desberdinak denak –desberdinak izaki bakoitzaren motiboak ere–. Aterako ditu nork bere ondorioak. Ez irririk eta ez umorerik galdu gabe, ahal dela.

Isileko lan ezinbestekoak – Eva Forest

Bego Montorio Uribarren

Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen?(…) Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar handiok?… Halako galderak sortu omen zitzaizkion Bertold Brecht-i (edo, hobe esanda, historia liburua irakurtzen ari zen langile bati), eta ez dira galdera alferrekoak, jende askoren lana, esfortzua, ekina… behar baitira gero historia liburuetan agertuko diren gutxi horiek posible egiteko. Bai, ezinbestekoa da lagun asko eta askoren lana, sarritxo ahazteko joera badugu ere.

Hala gertatzen da letra larriz idazten dugun Historia horretan, eta hala gainerako historia txikiagoetan ere, euskal kultura eta euskal itzulpengintzaren historian bezalaxe: ez ikusteaz gain, ahaztu egiten dugu pertsona eta data seinalatu horien atzetik, azpitik, itzalean, beste jende multzo handi baten lan isila dagoela. Isila bezain nahitaezkoa.

Horregatik erreibindikatu nahi dut gaurkoan Eva Foresten figura euskal kultura eta itzulpengintzan: gure historia txikian toki bat merezi duelako, eta begirunea eta esker ona agertu nahi diedalako, bere bitartez, aurrera egiten lagundu duten langile (gehienontzat) anonimo horiei guztiei.

Proiektu eta ekimen ugari bultzatu zituen Eva Forestek, eta horietako bat Hiru argitaletxea da –salbuespenen bat gorabehera gaztelaniaz publikatzen duen argitaletxea, baina euskal kulturari eta itzulpengintzari ekarpen aipagarria egin diona. Hiru 1990. urtean sortu zen, eta 1991n ekin zion euskal idazleak gaztelaniaz argitaratzeari, “Milia Lasturko” bilduman; zeregin horretarako diru laguntzarik ez zegoen garaian, euskal idazleak gure hizkuntzaren mugetatik kanpo orain baino are ikusezinagoak zirenean.

Ilusioz eta indarrez ekin zion Evak proiektuari –eta harekin batera Marilena, Eva alaba, …–, han-hemenka galdetuz, zer obrek merezi zuten bilatuz eta banaketa-sare nagusietatik kanpoko bideak jorratuz, idazle ezagunekin batera hasberriei leku eginez… Hamalau liburu argitaratu ziren “Milia Lasturko” bilduman, eta han erdaratu ziren lehen aldiz Joseba Sarrionandia, Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Juan Luis Zabala… Gero, “Ficciones” sailaren barruan jarraitu zuen euskal idazleak erdaraz argitaratzen: Harkaitz Cano, Jon Alonso, Pablo Sastre…

Zenbakitan, ez dira kopuru handiak, baina gurea zenbaki txikien mundua da; adibidez, 1990 eta 1995 bitartean, helduen narratibako 16 liburu argitaratu ziren gaztelaniara itzulirik, eta horien laurdena Hiruk plazaratu zituen.

Gaur egun egoera ez da orduko berdina –zorionez!; apur bat aurrera egin dugula esango nuke–, baina orduan egindako urratsik gabe, nekez helduko ginatekeen gauden tokira. Horregatik nire esker ona Evari eta aipatu gabe geratu diren gainerako guztiei.

Eta eskerrik asko handi eta berezia Evari, itzulpenak eta itzultzaileak begirunez tratatzen zituen editorea izateagatik. Lan duina, baldintza duinetan; hori eskaintzen zuen, hori eskatzen zuen Eva Forest editoreak.

Ez naiz orain Bretchek egindako sailkapen hartan sartuko (badira egun batez borrokatzen direnak, eta horiek onak dira; beste batzuk urtebetez borrokatzen dira, eta horiek hobeak dira…), ez dut horrelakorik behar Eva Foresten ekarpena aldarrikatzeko.