Pasa den astean Amaia Astorbizak blog honetan jakinarazi zigun moduan, Leiho Morea sortu berri du Elhuyarrek. Usurbilen egin zuten tresna berriaren aurkezpena, urtarrilean, eta ordutik aukera dugu erabiltzaileok hiztegi bilaketak egiteko edo testu-bilduma kontsultatzeko. Feminismoari buruzko testuak biltzen ditu corpusak, askotariko iturrietan argitaratuak eta molde ezberdinetakoak: konparazio batera, saiakerak, gidak, erakundeek argitaraturiko protokolo eta txostenak, egunkari eta aldizkarietan argitaraturiko edukiak, podcastak eta jardunaldietan sorturiko materiala.
Terminoen definizioak eta kontzeptuak argitzen lagunduko digu tresna berriak, bai eta erabilera-eremuari begiratzeko ere. Azken urteetan feminismoari buruzko edukia ugaritu zaigun honetan, zer formatan eta zein euskarritan, noren eskutik etorri zaigun begiratzeko ere balio du Leiho Moreak. Nik neronek kronologiari erreparatu nahi izan diot. Hitz jakin batzuen bila aritu naiz ikusteko zer-nolako garapena izan ote duten denboran zehar, erabilera kronologikoa bistaratzeko modua ematen baitu grafiko baten bitartez.
Bilatutako hitzen artean sarrien erabili dena feminista hitza da, 9534 aldiz: 1997tik aurrerako testuetan ageri da, eta 2016tik aurrera nabarmen egin du urteko agerpen kopuruak gora. Gauza bera gertatu da feminismo hitzarekin ere (3987).
Patriarkal hitza dator segidan, 1565 aldiz: 1993-2015 bitartean, gehienez ere 20 agerraldi ditu urteko, eta gorantz egin zuen ordutik aurrera: 2018an, esaterako, 400 agerpenetik gora izan zituen. Sexismo hitza ere sarritan erabili da (603): 1993tik aurrera etengabeko erabilera izan du.
Androzentrismo hitza 88 aldiz zenbatu dut: 1988tik 1996ra, 20 aldiz ageri da, eta 2014tik aurrera, berriz, nabarmen igo da agerpen kopurua.
Ahizpatasun hitzak 127 agerraldi izan ditu: lehenengoa 1999an izan bazuen ere, gainerako guztiak 2016tik aurrerakoak izan dira. Genero-arrakala kontzeptuak 145 agerpen izan ditu, guztiak ere 2009tik aurrerakoak.
Corpusak erakusten du nola 2015etik aurrerako testuetan nabarmen igo den hainbat terminoren presentzia, hala nola queer (269 agerpen), intersekzionalitate (229), feminizidio (29), heteroarau (135), heteronormatibo (42), heteropatriarkatu (50) eta zisgenero (20). Ahalduntzea eta genero bitartasuna kontzeptuak berriagoak ditugu, 2020tik aurrerako testuetan ageri dira eta.
Testu motaren araberako erabilera ere ikus liteke. Esaterako, kontziliazio hitza 189 aldiz ageri da corpusean, eta horietatik hiru laurden Emakundek argitaraturiko dokumentazioan ageri dira.
Sinonimoak bilatuta ere emaitza interesgarriak ikus litezke. Esaterako, lesbiana hitzak 760 agerpen izan ditu eta bollera/bollerok, aldiz, 415. 1998an ageri da lesbiana lehenengoz, eta erabilera jarrai samarra du 2000ko eta 2010eko hamarkadetan. 2016tik aurrera gorantz egin du nabarmen. Bolleraren kasuan, berriz, 2002koa da lehen agerpena, baina hurrengo agerpena 2016koa da, eta ordutik aurrera erabili da, 2021etik aurrera batez ere.
Amaitzeko, adierazgarria da ikustea lesbofobia (28) eta transfobia (63) hitzak baino askoz ere lehenagotik erabiltzen dela homofobia hitza (133): lehenengo biak 2017tik aurrera ageri dira corpusean, eta hirugarrena, berriz, 2002tik aurrera.
Lagin txiki bat besterik ez dut ekarri hona, baina nahikoa da ikusteko hitz edo kontzeptu konkretuok noiz jarri diren boladan, zenbateko iraupena izan duen haien erabilerak eta zenbateko presentzia duten hausnarketa feministaren eremuan. Hautatutako hitz solte horiei erreparatuta ikus liteke, halaber, feminismoari buruzko testuak batez ere 2016tik aurrera argitaratu direla euskaraz. Sarritan, gainera, itzulpenen bitartez txertatu edota hedatu dira horiek gurean. Itzulpenak hausnarketa feministari loturiko terminologia zabaltzen izan duen eragina aztertzea, baina, beste baterako helburua izango da.
Aurreko artikuluan adierazi bezala, interpreteok ezin konta ahala anekdota ditugu, eta oraingo honetan ere horietako batzuk zuekin partekatzera nator. Goazen, ba!
Udaletako osoko bilkuretan lan egitea tokatzen zaigunean, edozer gerta daiteke. Behin, bilkura horietako batera herritarrak joan ziren, haserre bizian, eta izugarrizko iskanbila sortu zen. Ertzainak eta udaltzainak sartu behar izan ziren bilkura-aretora, herritarrek aretotik joan nahi ez zutelako, edo hobeto esanda, eserlekutik altxatu ere egin nahi ez zutelako. Azkenean, ertzain banak eserlekua muturretatik heldu eta eserleku eta guzti atera behar izan zituzten aretotik. Interpreteak ez zeuden aretoan bertan, beste gela batean baizik, pantailatik dena ikusten. Eskerrakโฆ
Osoko bilkuretan interpretatzeaz ari garela, batzuetan oso โkabinaโ bitxietan interpretatzea tokatzen zaigu: trastelekuetan, korridoreetan, zinegotziren baten bulegoanโฆ Kableak bertaraino bota eta kitto. Behin, trasteleku horietako batetik interpretatzea tokatu zitzaidanean, harrituta geratu nintzen nik erabili beharreko mahai ondoan indaba-lapiko bat, aste osorako erosketak eta kalabaza pare bat ikusi nituenean.
Batzuetan, hizlariei mikroa piztea ahazten zaien bezalaxe, itzaltzea ere ahazten zaie. Hala, interpreteok gauzatxo asko entzuten ditugu entzungailuetatik, nahi gabe. Sarritan entzuten dizkiegu komentario deserosoak, txisteak, irainakโฆ Deserosoa izan daiteke baina barreak ere egiten ditugu.
Pandemia garaian, interpretazio-saioak online egiten hasi ginen, interpreteak zein hizlariak. Behin, % 100ean online egingo zen bilera batean interpretatzea tokatu zitzaidan, eta parte-hartzaileetako bat autotik konektatu zen, gidatzen zihoala. Zer esan ez nekiela geratu nintzen, baina, kontatu didatenez, konexio arraroagoak ikusi dituzten interpreteak daude.
Logikaz, hizkuntza desberdinetan egingo den kongresu bat antolatzeko orduan, interpretazio-zerbitzua izaten da kontratatzen den gauzetako bat. Horrela beharko luke, baina behin baino gehiagotan jaso izan dugu antolatzailearen edo bitartekariaren deia, interpretazio-zerbitzua kontratatzea ahaztu zaiela eta ziztu bizian bertara joateko eskatuz. Eta โziztu bizianโ diodanean, โmomentu horretan bertanโ esan nahi dut. Noizbait pijaman harrapatu naute.
Eta oraindik geratzen zaiguna. Kabinan hamaika ikusteko jaioak gara!
Kandelario lario hatxari ura dario errotari uruna hauxe da guk behar duguna
[Ahaztu barik: Leiho Morea ireki dugu Elhuyarren, eta hortxe gaude, zuen begira.]
Irudipena dut aspaldi ez dudala hona etxeko konturik ekarri, eta horrexekin hasiko ditut Santa Ageda bezperako nire koplak, zeren gabon-tximurrean (ikus OEH), urte berriaren egunerokoari indarrez ekiteko azken jatordutxoa jada eginak ginela, semeak Batxi1-eko Euskararako idatzitako testu bat egokitu zitzaidan parean. Ez nuen harekin aparteko ezer egin behar, nire telefonotik inprimagailura bidali eta ja, baina horretan igaro nituen segundo gutxietan itzulpen automatikoaren usaina hartu nien ia nahigabean begiztatu nituen bizpahiru lerroei. Itzulpenarena, edo are okerrago: AA-gailuren batek sortutako testuarena (eta ยซare okerragoยป diot ez itzulpen automatikoaren erabilera oro gaitzesten dudalako โez baitutโ edo AA-tresnen guztiz kontrakoa naizelako โez bainaizโ, baizik eta irakasleak โdiรฑot nikโ testua berak eta euskaraz sortzeko eskatu ziolako). Amatasunaz arduratzen den neurona saldoa atoan martxan jarri zen, eta guztiak bat etorri ziren: semeak oporrak jaten, lotan, marrazten eta gitarra jotzen igaro zituen, etxerako lanak guztiz alde batera utzita, eta orain, azken orduan, ezin denera iritsi. Beraz, horixe aipatu nion, konplizitatea erakutsi nahian edo, ยซZer, zezenak harrapatu zaitu, ezta?ยป.Esan banion, esan nion! Hitz bat edo beste Elhuyarren begiratu zuela (txalo-txalo) baina gainerakoan osorik berak sortutako testua zela eta beharbada nik uste dudana baino hobeto idazten duela eta zin dagizut zure bizitzagatik nik egin dudala!
[Ene badatxue. Semearen hormona gazteek talka egin dute zure hormona xahar apurrekin udagoieneko araldian basoan topeka dabilen orein adar zabal parearen antzera, ez soilik azpimarra gorriek itsututa, baizik eta baita zure bizitzak harentzat nerabezaro gorri honetan zer balio gutxi duen ohartuta.]
Enpin, oraindik ere jarraitzen duela zin egiten eta hori berak idatzi duela berresten. Eta hara, beharbada egia da eta ni naiz errealitatea ikusi nahi ez duena; alegia, agian nik uste baino maila handiagoan โeta duda barik AHTaren erabateko ezarpena baino askoz lasterragoโ ari dira gure burmuinak AAren sorkuntza bitxietara egokitzen eta nominalizazio-segida amaigabe horiek berezkotasunez sortzeko eta irensteko gaitasuna garatzen (arazoa ez baita soilik lexikoaren galera), ez beharbada nirea lako garun zahartzen hasietan eta zaharxeagoetan, jada oliorik-eta birjinenak ere nekez leunduko dituenetan, baina bai, bistan-edo da, neska-mutil kintopekoen neurona-sare bizi-bizietan. Zeren ez, ez da semea halako idazkeraren aurrean muturra okertzen ez duen bakarra; batetik eta bestetik iristen zaizkigun albiste, komunikatu eta jakinarazpen kolore orotako eta askotarikoetan ere gero eta sarriago irakurtzen ditugu antzekoak, eta hemen โ ez du inork โ zirkinik egiten.
Eta azken horrek etxetik apur bat ateratzeko eta bigarren koplara jauzi egiteko bidea eman dit. Nire inguruko herri-mugimenduetan, oraintsu arte pertsona bat edo bi arduratzen ziren besteek idatzitako testuak txukuntzeaz edo denen artean mahai gainean jarritako ideiekin idatzi polit bat taxutzeaz. Oso denbora gutxian, baina, aurretik testugintzari jaramonik egin ez dion jendea ere idatziak sortzen-edo hasi da (honaino bikain), hau da, handik eta hemendik bildutako gaztelaniazko testu-zatiak elkarren ondoan jartzen eta gero botoi honi edo hari emanda automatikoki itzultzen eta azken emaitza hori taldera bidaltzen eta esaten ยซHau idatzi dut, begiratu nahi baduzu ereยป. Begiratu nahi baduzue ere. Begiratu. Nahi baduzue. E!
Hirugarren kopla, eta honekin despedidea. Sinesten hasita nago sinesmen-kontua dela. Alegia, sinetsi egin nahi dugula botoi dontsu horrek mirariak egingo dituela eta lehen arazotzat jotzen ez genituen kontuak ere berak konponduko dizkigula (eta ez da arraroa, hedabideak ere mezu hori zabaltzen ari baitira lau haizeetara, dela aurretik kontatutako izugarrikerien ondoren ikus-entzuleen arimak nolabait goxatzeko, dela sareetan beita-xerkan gabiltzan tripazorritsuon gosea asetzeko). Arestian ez zuen inork zalantzan jartzen testuak norbaitek txukundu behar zituela (ez begiratu, baizik eta zuzendu, orraztu, apaindu), eta zeregin hori ez zen arazo bat, ezpada โbeti arineketan eta azken orduanโ egin beharreko urrats bat. Orain, ordea, ba omen dugu lehen arazo ez zen zera hori konponduko digun botoitxo bat, eta, beraz, denok aitortzen diogu geure buruari itzulpenak egiteko gaitasun berezkoa. Etxean punta-puntako labe bat jartzeak automatikoki okin edo gozogile edo chef aparteko bihurtuko bagintu bezala. Eta bai, beharbada hasieran horixe pentsatuko dugu, ยซze ondo, aurrerantzean ogi egin berria gosalduko dut eta opil gluten bako samurrak prestatuko ditutยป, baina gero zer, zenbat irauten digu poz horrek, sinesmen horrek? Alabaina, kontua da jatekoa geuk ahoratzen dugula eta berehala ohartzen garela argazkiko opil bi dimentsiokoaren zaporea eta gure hirukoarena ez direla berdinak eta hobe dugula pizzak beharbada bai gerok egitea baina gozo-kontuak adituen esku uztea edo gutxienik ere haien babespean egitea, eta guk itzulitakoa, berriz, besteek sufritzen dutela, non eta ez dugun jendaurrean irakurri behar, eta ai-ai-ai, orduan komeriak zenbanahi.
[Maitemintzea bezala ere bada pixka bat, ezta? Maitemin ero hori, badakizue, hormona guztiak dantzan eta neurona bizkorrenak ere lotan jartzen dituena. Zu artean ere ondo bizi zinen, ez zeneukan inorekin maitemintzeko beharrik, baina hara, beste hori parean azaldu zaizu eta matx egin duzue eta orain ez duzu bera bako bizitzarik irudikatzen; are gehiago, nola bizi ote zinen zu lehen bera gabe, orain hain ezinbesteko eta hain zeurezko sentitzen duzun huraxe gabe? Dena du ona, guztiz da akatsik gabea. Eta bakarren batek aitzakiaren bat seinalatuta ere, horixe eta ez besterik da zure egia, zure sinestea; mauka ederra aurkitu duzula, alegia.]
Badator azken eupada, Santa Agedako kopla-kantuan ohikoa den legez. Lehengoan Kike Amonarrizek azaldu zigunez, Souleymane Bachir Diagne filosofo senegaldarrak dio ยซItzulpen-lana hizkuntza-menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako batยป dela. Bada, automatizazio gaizki erabilia dela-eta ยซitzulpen-lana [emaitza] hizkuntza-menpekotasunaren ondorio DAยป esan behar genuke orain maiz, eta nahiz eta guk gure borroketan ยซelkarbizitzaren eta aniztasunaren alde eta supremazismoen aurkaยป erabili nahi dugun, susmoa dut ez ote dugun dena txarto ulertu โedo esplikatuโ eta ez ote garen ari lehenaren aurka eta bigarrenaren alde erabiltzen.
Zientzietako diziplinetan duela mende batzuk egin zen bezala, hizkuntzen inguruko ikerketa eta jardunetan ere aspaldi samarrekoa da metodologia zientifikoa-edo aplikatzeko erabakia, gertakari objektibagarri eta neurgarriak jaso eta handik deskribapenak, teoriak eta abar eraikitzeko.
Gurera etorriz, lexikografiaren alorrean, esaterako, Azkuek, bere hiztegia osatzeko, idatzizko 150 bat iturriz gainera, objektibagarriak eta neurgarriak ez ziren prozedura batzuk erabili zituen, hala nola hainbat hiztuni galdetu eta haiengandik ahozko lekukotasunak jasotzea. Azkuek berak kontatu zuen hiztegiaren atarikoan (frantsesez ere, irakurgai): โpromovรญ [en Bilbao] reuniones dominicales de honrados artesanos, bizkainos y guipuzkoanos en su mayorรญa, con algรบn nabarro que otro (โฆ) Mรกs tarde pasรฉ dos temporadas de verano en San Sebastiรกn (โฆ) Pasรฉ luego corta temporada en Otsagabia (โฆ) Promovรญ a continuaciรณn tres nuevas reuniones: una en Bilbao [un baztanรฉs, un markinรฉs, un mondragonรฉs]. La segunda la formรฉ en Ligi [dos hablantes de suletino, dos del labortano, uno del roncalรฉs, un salacenco]. La tercera y รบltima fue la constituida en Bilbao por cinco personas: una anciana guernikesa, una roncalesa, un guipuzkoano, un labortano y un octogenario del valle de Orozkoโ. Gaur eguneko ikuspuntutik, Azkueren jardunbide eta borondate ona gorabehera, prozeduran berean zein hiztunen hautaketan nolabaiteko sesgo edo isuria egon zela esango genuke.
Orotariko Euskal Hiztegia, aldiz, idatzizko 300etik gora lekukotasun idatzitan oinarritzen da, hau da, goian aipatutako ezaugarriak dituzten iturrietan. Hitzaurrean esaten denez: โEste Diccionario trata, asimismo, de recopilar todas las palabras que han sido utilizadas en la tradiciรณn escrita o recogidas por los lexicรณgrafosโ. Beraz, autoritatearen irizpidea nagusitzen da. Eta, orotariko hiztegi hura oinarri hartuta, hiztegi arauemaileak osatu dira, hala nola Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Eta, hala ere, โrecogidas por los lexicรณgrafosโ horren bidez, ez digu ihes egin behar Azkuek eta aurreko lexikografoek egindako sesgo/isuriak ere berritzen dituela).
Metodologia โberriaโ gurean ere aski errotua dagoelakoan, harrigarria egiten zait oraindik ikustea nola, argudio sendoaren ondoan, isuri motaren bat erabiltzen den zenbait eztabaidatan. Haietako bat aipatuko dut euskal isuri oso zabaldu baten adibidetzat, oraindik orain blog honetan berean agertua, hain zuzen ere zur/egur banaketari buruzkoa. Sarreraren egilea uste osokoa izan eta argudiaketa ona egin arren, une jakin batean isurian erortzen da (ete berdin egiten du erantzunetako baten egileak ere). Laburbilduta eta orokortuta hauxe da isuria: โNire herrian halako edo halako esan izan da betidanikโ, argudiorik pisuzkoen, ia lege balitz bezala.
Niri behintzat gogaikarria egiten zait, lerratua izateaz gain, askotan entzun behar izan dudalako (bereziki, oso gogoan dut Euskal Herri mailako elkarte bateko kideen arteko bazkalondoetan sarritan entzun izana, askotan bezala elkartzen gintuen zeregin nagusia albo batera utzi eta hizkuntza kontuak hizpide hartzen hasten direnean). Halako baieztapenak autoritate- eta berrespen-isurien artean kokatzen dira, eta, gure artean duen ezaugarriei erreparatuta, behin-behinean, jatortasunaren isuri izendatuko dut.
Ni neu ere ez nago libre, eta gerta daiteke nire hau ere isuri bat izatea (eta bidenabar txistezaleren bati ateraldi errazerako bidea ematea). Beste gai askorekin gertatzen zaidan bezala, nire argudioak indar askoz handiagoa izango luke argudiaketaren parte interesatua ez banintz, edo beste parte interesatuko batek aldeztuko balu (zuzenbide-terminologian ez naiz oso iaioa, Andres). Izan ere, jaiotzetiko-euskalkirik-gabeko-euskaldun horietako bat naiz ni eta, horrenbestez, ezinezkoa litzaidake โnire herrian betidanikโฆโ esaka hastea.
Beharra, edo errealitatea bera, gidari erabiliz, ni nagoen egoera berean zenbat hiztun dauden bila hasi naiz, eta esaldi bitxi bat aurkitu dut: โGaur egun, euskaldunen % 36,3 euskaldun berriak dira, eta horrek eragina du euskaraz egiteko erraztasuneanโ. Eta galdera batzuk sortu zaizkit: Horietako bat naiz ni, orduan? Baiezkoan, euskaldun berria betiko da euskaldun berri? Ezezkoan, zenbat urte behar dira euskaldun berria euskaldun huts bilakatzeko? (Soziolinguistikan ere ez naiz oso iaioa, Iรฑaki).
Euskal familietako hibridazioa ez da kontu berria, baina gaur egun inoiz baino hizkuntza-hibridazioaren eredu gehiago ditugu. Hipotesi gisa, eta daturik gabe, esango nuke euskara ikasi (behar izan) dutenek kontzientzia metalinguistiko handiagoa dutela, oro har, euskaldun zahar, jator eta petoek baino (eta horren adibide asko emango nituzke, indukzioz betiere). Eta erakunde guztiak halakoz beteta daude: teknikariak, itzultzaile eta interpreteak, zientzialariak, idazleak, kazetariak, irakasleak, euskaltzainak, osasun arloko langileakโฆ herririk gabe, haiek ere hizkuntza egiten.
Joan-Lluรญs Lluรญs idazlearen Balla amb Babel. Contra lโabsolutisme lingรผรญstic liburuaren irakurketak Babelgo mitoaren inguruan izan diren interpretazio antagonikoei buruz hausnartzera eraman nau, airean zintzilik uzten duen galdera honetatik tiraka:
โGaur egun, hizkuntzen aurkako beligerantzia gutxiago izango al litzateke mito hau imajinatu, azaldu eta idatzi ez balitz, edo galdu izan balitz?โ.
Interesgarria iruditu zait Bibliaren mito hau aztertzea, beren burua kristautzat hartu eta kristau zibilizazioaren defentsa sutsua eta irmoa egiten duten eskuin muturreko eta era guztietako inperialismoen buruzagiak (Trump eta Putin barne) eta haien jarraitzaileak aniztasunaren aurka zabaltzen ari diren diskurtsoak ezbaian jartzeko eta berauei aurre egiterakoan beste argudio bat izateko.
Historian zehar Babelgo dorrearen mitoaz egin den irakurketarik zabalduenaren arabera, hizkuntza aniztasuna Jainkoak gizakien harrokeria eta botere-gosea zigortzeko ezarritako madarikazio gisa ulertu beharko genuke. Arrazoibide hau politika linguizidak gauzatzeko eta hizkuntzen (eta nazio eta komunitateen) arteko hierarkia markatzeko argudio gisa erabili izan da. Lluรญsek azaltzen duen bezala, hierarkia honen gailurrean hiru hizkuntza leudeke: hebraiera, Adamen, Abrahamen eta Itun Zaharraren hizkuntza zelako (sinesmen honetan datza sionismoaren oinarrietako bat); grekera, Itun Berriaren eta Aristoteles bezalako filosofoena zelako; eta latina, Elizarena eta Bibliaren itzulpen kanonikoarena zelako. Gure ingurune hurbilari dagokionez, latinaren oinordeko diren gaztelania eta frantsesa ere gailur horretatik gertu edo gailurrean bertan kokatu izan dituzte espainiar eta frantziar nazionalismoek.
Bestalde, mitoa erreferentzia ideologiko-diskurtsibo bezala erabili izan da โbesteโ hizkuntzak gutxiesteko, zapaltzeko edo, Gregoire abadeak 1794an Konbentzio Nazionalean aurkeztutako Rapport sur la Nรฉcessitรฉ et les Moyens dโanรฉantir les Patois et dโuniversaliser lโUsage de la Langue franรงaise txostenean proposatu zuen bezala, suntsitzen saiatzeko.
Gogoan dudala, gurean, irakurketa honen guztiz bestelakoa egin zuen lehena Josรฉ Marรญa Sรกnchez Carriรณn โTxepetxโ izan zen, Lengua y pueblo liburu ederraren โLo que pasรณ en Babelโ artikuluan. Bere ustez, Babelgo dorrearen bidez, gizakiak boterea eta handikeria materiala lortu eta erakutsi nahi izan zituen. Yahveren erabakia, baina, ez da zigor bat, zentzurik gabeko ekintza bat ekiditeko neurri terapeutikoa baizik. Ikuspegi linguistikotik, bestalde, hizkuntzak biderkatzea ez da zigorra, poliglotismoaren beharraren justifikazioa baizik. Txepetxek dioenez, argi dago dorrea eraikitzen hasi zirenean Sinaarreko gizon-emakumeek hizkuntza bakarra zutela, Boterearen hizkuntza beti bat eta bera delako. Eta arrisku horretatik babesteko (Bibliako testuaz egiten duen irakurketaren arabera), Yahvek gizakioi hizkuntza aniztasuna eman zigun, gizakien arteko elkartasunera eta batasunera ez delako iristen boteretik (Sinaartarren hizkuntzatik), askatasunetik baizik, hau da, elkarren arteko desberdintasunak onartzetik.
Pentsatzen dut ikuspegi hau edo antzekoa izango zuela gogoan Patxi Baztarrikak bere liburuari Babeli gorazarre izenburu iradokitzailea jarri zionean. Halaxe baitio bertan:
โAuzi honen gakoa, finean, Babel madarikaziotzat hartu ordez bedeinkaziotzat hartzea da, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi elkarren artean ulertzeko bidea ematen diguna. Hizkuntza aniztasuna gizarte modernoen osagai den neurrian, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa bihurtu da gizarte demokratikoen osasunaren neurgailu funtsezkoenetako batโ.
Mendebaldeko kulturaren oinarrian dagoen Biblian bertan, ordea, badira hizkuntza aniztasunaren aldeko irakurketa indartzen eta arrazoitzen duten pasarteak. Gogora dezagun, esate baterako, Itun Berriak dioenez, apostoluei hizkuntzen dohaina eman zitzaiela:
โDenak Izpiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Izpirituak eragiten zion eranโ. (Eg. 2,4)
Edo Paulok korintoarrei esandako hitz hauek:
โHainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzuaโ. (1 Ko. 14,10)
Babelgo dorrearen mitoak, eta Bibliak berak, beraz, hizkuntzen ugaritasuna defendatzen dute. Eta aintzat harturik beren burua kristautzat hartzen duten mugimendu eta buruzagi askok hizkuntza gutxituen aurka zabaltzen ari diren mezuak eta aurrera daramatzaten politikak, oso egokia iruditu zait Lluรญsek ironia puntu dotore batez planteatzen duen galdera hau: โHizkuntza aniztasuna jazartzen halako grina jarri izan duten, eta oraindik jartzen duten, Espainiako nazionalkatolizismoaren heroiek, azken batean, ez al dute Jainkoa samintzen? Eta karia horretara, ez lukete mende gehiago pasa beharko purgatorioan, edo zuzenean infernura joango lirateke? Aitortu behar dut, hala balitz, interesgarriagoa irudituko litzaidakeela beste mundu baten ikuspegi kristauaโ.
Pentsamenduen eta ohituren uniformitatearen aurkako borrokan, eta gizakien arteko harreman berdinzaleak garatze bidean, hizkuntza aniztasunaren aldeko jarrera hori praktikara eramaterakoan, itzulpengintza eta itzultzaileak funtsezkoak eta ezinbestekoak bihurtzen dira. Haien lana, zentzu honetan, bada elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko eta supremazismoen aurkako lana. Izan ere, Souleymane Bachir Diagnek De langue ร langue. Lโhospitalitรฉ de la traduction liburuan dioen bezala, โItzulpen lana hizkuntza menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako bat daโ.
Babelgo dorrearen mitoa, beraz, hizkuntza gutxituen alde, aniztasunaren defentsan eta itzultzaileen lanaren aintzatespena indartzeko erabil genezake.
Gaztelania ez den beste hizkuntza batetik itzultzea bezalakorik ez dago, konturatzeko euskara gaztelaniaren gero eta antzekoagoa bihurtzen ari garela. Egunez egun. Maileguak eta kalko semantikoak abailan hartzen ari gara (badirudi ahaztu zaigula euskarak baduela hitz berriak sortzeko gaitasuna), eta kalko sintaktikoak ere gero eta ugariagoak dira. Baina, hori aski ez dela, kontrako norabidean ere ari gara, gaztelaniak ez dituen baliabideak euskaratik ere kentzen. Hona hemen pare bat adibide:
โ Elkar: gaztelaniaz ez dago halakorik. Bada, orduan, euskaraz ere ez: ezagutzen gara, ikusiko gara. Horrelakoak gero eta ohikoagoak dira eta jada ez digute belarriko minik ere ematen.
โ Bera / berdina: gaztelaniaz bereizkuntza hori ez dagoenez, bada euskaraz ere dena da berdina eta kitto.
Eta horrela ari da gertatzen beste hainbat hizkuntza elementurekin. Bide horretan, muga administratiboa hizkuntzaren barreneraino iritsi zaigu: Hegoaldeko euskara gaztelaniaren bidetik doa, eta Iparraldekoa frantsesarenetik. Ohartzen al gara Hegoaldeko euskaldunok, gure euskara ulertzeko, gero eta beharrezkoagoa dela gaztelania jakitea eta erreferente kultural espainiarrak ezagutzea?
Hizkuntzak beti ari dira aldatzen, bai. Baina beti ez dira abiadura berean aldatzen; hizkuntza batek egonkortasun tarte luze bat izan dezake, eta gero, urte gutxian, asko aldatu. Eta aldaketa horiek hizkuntzaren baitatik sortzen ahal dira, edo kanpoko faktoreek bultzatuta.
Zer norabidetan ari dira hizkuntzaren kanpoko faktore horiek?
Euskararen etorkizun demolinguistikoa gogorra da; minorizazio egoera larrian gaude, esaterako Iรฑaki Iurrebaso soziolinguistak datuen bidez adierazi digunez.
Hizkuntza eskubideetan, besteak beste Espainiako sistema judizialaren bidezko oldarraldia izaten ari gara; ondorioz, lanerako euskara eskatzea gero eta zailagoa da.
Hizkuntza politikei dagokienez, udan, Berriako elkarrizketa batean, Conchรบr รโฏGiollagรกin adituak ohartarazi gintuen Irlandan gaelikoa egungo egoerara eraman duen hizkuntza politika beratsua egiten ari garela hemen ere, baikortasun faltsu baten izenean.
Horrekin batera, aski aztertua dago hizkuntza ordezkapenaren azken faseak direla, hiztunak eta erabilera eremuak galtzeaz gain, lexikoaren higadura, sinplifikazio gramatikala eta, azkenik, pidginizazioa. Hala, euskaรฑola ez da euskara modernoaren erregistro informala, kolonizazioa noraino iritsi zaigun adierazten digun fenomenoa baizik.
Horregatik, gure eguneroko testugintzan eta ahozko erabileran, funtsezkoa da hausnartzea euskara zer ereduren arabera ari garen kimatzen.
Abenduko zubian Maspalomasera joan nintzen, neguko hotzetik ihesean, baina, batez ere, neure txikian, euskal zinema sustatzera[1]. Bertara iritsi eta berehala ohartu naiz ez dudala maletara sartu oporralditxorako gordea nuen liburua. Larritu naiz. Gehienetan libururen bat edo beste eramaten dut ondoan, baina hondartzan ezinbestekoa dut. Zaharra dut sakelakoa, gainera, eta ezin dut eskuan luze erabili bateriak egun osoan iraunen badit. Inguruan bilatu arren, ez dut liburu denda edo kioskorik gertu lokalizatu. Lehen egunean, beraz, moldatu behar izan naiz hondartzan dagoen ikustekoarekin.
Bigarren egunerako, nire lagunak apalategi bat aurkitu du hotelaren harrera lekuan erdi ezkutaturik, non pilatzen diren aurreko bezeroek utzitako liburuak. Gogoberoturik, hurbildu naiz zer aurkituko. Liburu gehien-gehienak hainbat hizkuntza germanikotan idatzita daude, harritu nau ingelesez liburu gehiago ez egoteak, frantsesez liburu pare bat dago, eta espainolez beste pare bat: Alejo Carpentierren El siglo de las luces eleberriaren ale merke eta zatar argitaratua eta, bestetik, โbegitartea argitu zaitโ Miren Amurizak 2019an plazaratutako Basa eleberriaren gaztelaniazko itzulpena, 2021ean Consonni argitaletxean agertutakoa, Miren Agur Meabek itzulita. Horixe hartu dut, jakina. โEuskaldun batena izanen zenโ, esan diot lagunari, hura eskuan agertu natzaionean. Haren erantzunak pentsakor utzi nau: โHobe hala ez balitzโ, edo โEz dago zertanโ. Ez ditut hitz zehatzak gogoan. Edonola, hortik 5 zenbakidun txiringitora โlehengo zazpigarreneraโ bidean gaudela, horixe izan dut buruan bueltaka. Norentzat itzultzen dugu? Norentzat itzultzen dugu euskal itzultzaileok, batez ere euskaratik erdarara aritzen garenean?[2]
Nire buruari egindako galderari erantzun nahian laster etorri zaizkit liburu honetan topatutakoak โedo liburu honetan topatutakoek pentsarazitakoakโ laguntzera.
Esanen nuke itzultzaile guztiok galdera hori inkontzientetik maila kontzientera igaro izan dugula inoiz, erabaki zehatz baten aurrean, irakurle inplizitua bata izan ala bestea, edo nongoa irudikatzen dugun, konponbidea ezberdina denean. Erdaratik euskararakoetan adostasun handiagoa egon daiteke beharbada (euskaldungo irakurzalea homogeneoagoa datekeen heinean)[3]. Beste norabidean galduago gaudelakoan nago.
Espektro zabaleko erantzuerak eman daitezke, naski. Dena delako erdarafonia osoarentzat lanean ari zarela irudika dezakezu (gaztelaniaren kasuan 500 milioitik gora hiztun, etorkizunekoak aintzat hartu gabe). Baina zentzuzkoa dirudi balizko hartzaileak murrizteak. Noraino? Hor dago gakoa. Argitaletxearen irismena irizpide har daiteke. Norberaren nora nahia ere ezin da gutxietsi: burua non kokatua duzun. Nik inoiz, itzuli beharreko egilea bizirik baldin badago eta elebiduna baldin bada bereziki, pentsatu izan dut berarentzat ari naizela itzultzen esklusiban, hark zer iritziko[4]. Guztiarekin ere, esanen nuke aukera sorta handia bi multzo nagusitan banatzen ahal direla: Euskal Herriko erdaldunentzat ari zaren ala atzerriko erdaldunentzat. Bateko ala besteko froga harria, niretzat, ama hitza nola ematen den: madre, mamรก, ama (amรก?)โฆ Erabakia ez da neutroa, jatorrizkoan euskaraz aritzen den (edo guk euskaraz irakurtzen diogun) pertsonaia, bat-batean, gaztelaniaz diharduen (edo euskaraz jardutea erabaki duen) euskotar bihurtu dugu, berez euskalduna izan ala euskara dekoratiboa darabilen erdalduna.
Consonniko liburuak โitzul gaitezen hondartzaraโ hausnar honetan harrapatu nau eta, behin irakurtzen hasita, egiaztatu dut ez dudala nire orain arteko eskemak erraz aplikatzerik. Bertan, esaterako, euskarazko ama ama da erdarazkoan, are osaba ere osaba (โEscucha, amaโฆ โla abordaโ. Tenemos que hablar sobre osabaโ, 65. or.). Baina ezin da berez esan Euskal Herritik kanpoko irakurleengan pentsatua ez dagoenik, alde batetik, edizioak glosario bat dakarrelako testuko euskarazko hitzen gaineko azalpena emanez (haien artean, ama eta osaba, jakina, baina baita txoko[5] ere), eta, bestetik, argitaletxea gure mugetatik kanpo erruz zabaltzen delako. Bakarrik ikustea dago, nik non topatu dudan alde batea utzita, liburu honek zenbat iruzkin lortu dituen Goodreads edo Babelio irakurleen plataformetan, besteak beste; gehienak erdaraz, zer esanik ez. Haietako batzuek itzulpenaren hizkuntza eta estiloa goraipatzen dute:
โExcelente tambiรฉn la traducciรณn, que sin poder entender el texto original, usa un lenguaje riquรญsimo, sin caer nunca en lo pretencioso (โฆ)โ. Juanma Moriches.
โLa traducciรณ molt bรฉ fetaโ. Nรบria.
โPrimero de todo: GRANDE LA TRADUCCIรN. LA TRADUCTORA HA HECHO UN TRABAJO INCREIBLEโ. Catastroleer.
Einaudi argitaletxean, Giulio Einaudi argitalariaren beraren ardurapean, Scrittori tradutti da scrittori (Idazleek itzulitako idazleak) izeneko bilduma elebiduna[6] sortu zen 1983an; izenak berak ongi adierazten du proiektua zertan zetzan. Miren Agur Meaberen itzulpen lan hau ezingo da bilduma horretan sartu, 2000an bertan behera utzi baitzuten. Baina, zalantzarik (eta lotsarik) gabe, idazle batek egindako itzulpena da. Meabek hizkuntzarekin duen trebetasuna maiz izan da goraipatua. Bereziki dut gogoan Hasier Etxeberria zenak, Kristalezko begia liburuaren harira, esandakoa: โJoria da oso Meaberen prosa, hitz ezezagunez hornitua (garramu, karan, zarakar, ekortu, muker, tuntuxโฆ) eta baita aspaldi entzun gabekoekin ere (parpail, lasta, saroiโฆ). Damu naiz liburuaren hastapenetik den-denak ez apuntatu izana, denek ala denek baitakarte halako edertasun lexikal sinestezin bat: irakurketaren ulermenik ez dute eragozten, baina urre pinportaz betetzen dituzte orrialdeak. Iduri du Meabek erabiliko ez balitu, betirako galduta geratuko liratekeela hitz eder guztiok: ataza, zedendu, iruntzi, tril eginโฆโ. Berehala erreparatu diot erronka bera jarri diola bere buruari erdaraz ere, horrek atrebentziaren bat hartzera eraman badu ere. Adibide gutxi batzuk bildu ditut:
Basa (Consonni, 2021)
Basa (Elkar, 2019)
Karmele friega mientras Sabina atiende al informativo con la gata gris en su regazo. ยกMisintxu! (โฆ). Siempre se dirige por el mismo nombre a los michos de la casa. Por mucho que los nietos se empeรฑen en bautizarlos con apodos particulares, ella recurre a una nomenclatura genรฉrica para distinguir a los hijuelos (sic) de cada camada, salvo en el caso de los perros y de sus propios pequeรฑos: la especie en sรญ y su rasgo mรกs destacado. De ahรญ el burro bizco y gallo rubio, la oveja calva y la vaca pintaโฆ (39. or.)
Karmele harrikoa egiten eta Sabina, katu nabarra altzoan duela, albistegiari adi. Misiรฑo! (…). Halaxe zuzendu izan baitzaie etxeko katu denei; lantzean biloba bat deitura partikularrak ipintzearekin tematu arren, izendapen sistema generikoa erabili izan du beti jaiotza batetik gorako sabelaldietako kumeak bereizteko (txakurrak eta seme-alabak salbu): animaliaren deitura gehi ezaugarririk nabarmenena. Hortik katu nabarra eta oilo zuria, ardi herrena eta behi pinttanoa… (29. or.)
Ya en el prado, se baja las bragas con premura y, al acuclillarse sobre el rocรญo, siente el cosquilleo de la hierba en la vulva, las salpicaduras en los tobillos, el efluvio de su orina en el aire. Un placer ancestral de animal libre, indรณmito, salvaje. Y estรก sacudiรฉndose las รบltimas gotas cuando ve al perro perseguir un corzo (48. or.)
Kuleroa arrapataka jaitsi eta garotzan makurtu orduko igarri ditu aluan belar punten kilimak; zipriztinak orkatiletan, lurruna, hustasunaโฆ Plazera. Eta azken tantatxoak astinduta zutuntzear dagoela, non begiztatu duen txakurra orkatz baten atzetik arin-arinka (38. or.)
Le limpia el bajo vientre, las ingles, la entrepierna (โฆ). Le embute un calzoncillo (51. or.)
Garbitu dio hankartea (โฆ). Galtzontziloak jarri dizkio (41. or.)
Y se fue hasta la tejavana (56. or.)
Eta etxolarantz abiatu zen (45. or.)
ยฟTonterรญas dices? โle da un puรฑetazo a la mesaโ. Si pudieseis, me pondrรญais no un timbre, sino un cencerro para controlarme. Pero yo no soy una cabra aรฑosa, despistada en los riscos. Yo soy vuestra madre. ยฟMe oyes? (66. or.)
Lelokeriak esan duzu? โjo du ukabilarekin mahaianโ. Tinbrea ez eze, arrena ere ipiniko zenidakete zuek kontrolpean edukitzeko! Baina ni ez naiz sasiko ahuntz zaharra! Ni zuen ama naiz! Entzun duzu? (56. or.)
Norentzat itzultzen dugun galderari ematen ahal zaizkion erantzun posibleen artean ahaztu zait โnorberarentzatโ proposatzea. Ausarkeria litzateke esatea idazle ez duen hizkuntzan Meabe izan litekeen idazlea ezagutu edo barrundatzeko irrikak gidatu duela itzulpena? Arrosa koloreko liburua etzaulkian utzi eta uretara abiatzen ari naizela, hori dut pentsuan, ez ote dudan nik ere, batez ere gaztelaniara itzuli ditudan poema liburuen bidez, gauza bera egin nahi izan. Eta ez dakit harrotzen nauen.
Hortik egun batzuetara, lagunak harrapatu nau Basa maletara sartzen. Kargu hartu dit hurrengo bezero behartsu batentzat ez uzteagatik apalean. โApaltasuna erakutsi dit liburuak, eta gorde nahi dutโ, esan behar nion, baina, horren ordez, โartikulu baterako balia dezakedala uste dutโ bota diot. Etsi du, baita galtzontzillo zikinen artean El siglo de las luces ezkutatzen ikusi nauenean ere.
[1] Bigarren aukera Bizkaiko mojen komentu bat zen, Los domingos filmagatik, baina ez zegoen tokirik, hain indartsu jo du azken boladan sukar erlijiosoak.
[2] Nago blog honetan gehiago begiratzen diogula euskararen eta erdara baten arteko itzulpenen norabideetako bati. Besteak ere eskatzen du, agian beste izen bat beharko lukeen arren, euskal itzultzaile bat.
[3] Besterik ezean, amona inplizitura jo dezakegu beti; horrela deitzen diot nik maiz topatu dudan itzulpen aholku aski zabaldu bati. Lehenengoz adiskide bati aditu nion: Itzulpen enpresa batean tarte batez lan egin zuen, eta, zerbait euskaraz nola eman dudatan ibiliz gero, bertako arduradunak beti esaten omen zien โpentsatu hau nola esango lukeen zure amonakโ, itzulgaia denik eta teknikoena izanda ere eta, jakina, norberaren amonak euskaraz ote zekien galdetu gabe. Cf. https://www.berria.eus/iritzia/jira/amona-inplizitua_1017808_102.html
[4] Esperientziak erakutsi didanez, jarrera zentzuzkoena da, batez ere zuzenketa faserik tartean badago; bestela, berak atzera botako baitizkit โbere erdaranโ ez dauden hitz, aditz, esamoldeak, nahiz eta nirean bai egon edo literatur erabilpen zabala eduki.
[5] Azken kasu hau bitxia da oso, gero ikusi ahal izan dudanez, Amurizak soziedade mailegua erabiltzen baitu jatorrizkoan (โSoziedade batean harrapatzen nauzu, lankide baten urtebetetzeaโฆโ (57. or.) : โMe pilllas en el txoko. Es el cumpleaรฑos de un colegaโฆโ (67. or.).
[6] Dena den, bildumak izan zituen 82 liburuetatik 12 hirueledunak izan ziren, itzultzaile-idazlea italieraduna ez zenean. Kasu, Paul Valรฉryk egindako Virgilioren Bukoliken frantsezko bertsioari, jatorrizkoaz gain, italierazko itzulpena ere gehitzen zaio.
Aipatu izan dut aurreko testuren batean, Donostiako Iraqueerle taldeko kide naiz. Hiriko eta inguruetako sexu-genero disidentziak elkartu eta hilabetero LGTBIQ+ komunitatearen inguruko liburu bat irakurri eta eztabaidatzen dugu. Oso parada garrantzitsua da ez soilik elkartzen garen taldeagatik, hain heterogeneoa eta hain irekia, baita komunitateko kideok elkartzeko, elkar ulertzeko eta saretzeko dugun beharragatik ere, bai xamurtasunaren alde bai faxismoaren kontra.
ยซIrakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelakยป. Hala deskribatu zituen, aurreko urtearen hasieran, Iรฑigo Satrustegik blog honetan bertan irakurle taldeak, eta erabat ados nago ni.
Ehgam Gipuzkoatik formakuntza eta sozializazio bide gisa sortu zen Iraqueerle, eta bertaratzen garen guztiok oso beharrezkotzat jotzen dugu hilabeteroko saio hori, gaur egun ere, laugarren urte honetan. Eztabaidak sortu, liburua barnetik txikitu eta modu mardulagoan aztertzeko, lehen irakurraldian harrapatu ez ditugun kontuak ulertzeko, ikuspegi eta ulerkera ezberdinak ere izan ditzakegula konturatzeko. Horrez gain, eta artikulu honi apur bat haria bilatuz, itzulpenak balioan jartzeko ere balio du; irakurtzen diren liburuen erdiak itzulpenak dira eta haiek erostera[1] (edo liburutegietan hartzera) eta atzerriko liburu bikainak euskaraz irakurtzearen gozamena izatera bultzatzen gaitu. Itzulpenak ere liburu ederrak izan daitezkeela ikustera, alegia.
Aurreko astean izan genuen urtarrileko saioa eta Rafia Zakariaren Feminismo zuriaren aurka (Amaia Apalauzaren itzulpena) irakurri eta komentatu genuen; benetan aberasgarria izan zen. Hurrengo egunean, Zakariak berak zera igo zuen Instagrameko istorio batera: ยซWow, Against White Feminism in Euskara!ยป, zioen harrituta. Guk geuk ere harrituta irakurri genituen haren lerroak, ikasteke asko dugu beti.
Asteartean izan zen hori, eta asteburuan, โnahikoโ ohiko lez, asteburutxo kulturala izan nuen. San Telmo Museoko Amazoniak. Antzinako etorkizuna erakusketaren bisita gidatura joan ginen larunbat goizean bikotekidea eta biok, eta hara sorpresa gidak biok bakarrik izena eman genuela esan zigunean. VIP bisita, beraz. Kuriositatez, gaztelaniazkoan zenbat zeuden galdetu nion eta bete-beteta zegoela aitortu zidan, 25 bat pertsona, ordutegi hobea zela eta espainolezkoetara kulturazale gehiago gerturatzen zela. Bertan lan egindako lagun batek ere komentatu izan zidan euskarazkoetan jende gutxiago gerturatzen zela, pena apur bat ere ematen zuela. Badago zer hausnartu euskaldunon aldetik, noski, baina programatzaileek euskara balioan jartzea ere ez legoke gaizki, ordutegiak txandakatuz edo aukera eskuragarriagoak eskainiz esaterako. Gu, halere, gustura aritu ginen gida entzuten eta ostean erakusketa berrikusten. Brasilen izan gara udan eta interes handia pizten digu Amazoniak, erakusketa gomendagarria den arren edonorentzat eta alde guztietatik, ongi kokatua eta puntu harrigarri askorekin. Tarterik baduzue, ez galdu. Egon zen, alabaina, amorru apur bat sortu zidanik ere. Hormetako testuak bikain zeuden euskaratuak eta nabari zen ahalegina eta profesionaltasuna, pozik nenbilen irakurtzen harik eta bideoekin topo egin nuen arte. Azpitituluetan akats larriak zituzten bideoak ziren, eta ez naiz punttalakurlo jartzen ari, haien arazoa ez baitzen azpitituluei buruz finkatuta dauden arauei ez jarraitzea; haratago zihoazen. Apur bat zapuztu ninduen.
Igandean, aldiz, antzerki bat ikustera joan nintzen Hiriburura. Geuretik Sortuak bekaren karietara sortutako etxebizitzaren inguruko obra bat zen (Amahiru konpainiaren Etxea); lehen minututik barre eginarazi zidan. Gero, bueltaka izan nuen aktoreetako batek estreinaldi osteko luntxean botatakoa, Udalbiltzaren dirulaguntza hori oso duina zela, agerian utziz ez direla asko horrelakoak eta, oro har, ez dagoela asko ere. Gertutik dakit horrelako obrak sortzeak dakartzan buruhausteak, zentzuzko dirulaguntza kopurua jasoaz, asko jaisten direla. Euskaraz idatzitako edo euskarara ekarritako obra, liburu, erakusketa batek kalitatezkoa behar du izan kontsumitzeko interesgarria eta erakargarria izango bada. Eta kalitatezkoa izateko, bai, denbora eta dirua jarri behar dira mahai gainean.
Noizbait ohartuko gara (edo dira, kasu gehienetan) zeinen garrantzitsua den eduki ona euskaraz ondo egotea? Euskaraz atzerriko liburu interesgarriak irakurri nahi ditugu, bazterretakoak eta iraultzaileak, euskaraz erakusketa aberasgarriak ikusi nahi ditugu, euskaraz pelikula entretenigarriak entzun eta irakurri nahi dituguโฆ Itzulpena behar dugu gure hizkuntzan edonolako edukia irakurri, ikusi eta entzun nahi badugu, eta itzulpen horrek kalitatezkoa eta eskuragarria behar du izan.
[1] Tristuraz irakurri berri dut Donostiako Hontza liburu dendak behin betiko itxiko dituela ateak lasterโฆ Bertan erosi ohi ditugu kideok liburuak, eta Idoia Santamariak duela urtebete azaldu zuen kezka bera dut nik ere, Hontza bezalako liburu dendak ixtearen ondorioz kultura kontsumitzeko sortuko diren ohiturak zein izango ote diren. ยซJada ez dugu hainbeste hitz egiten liburuak irakurtzeaz, kultura kontsumitzeaz baizikยป zioen, eta izugarri kezkagarria deritzot.
Aspaldi-aspaldi ohartu ginen D ereduak ez zuela euskalduntzea bermatzen. Baina hori jakin arren (eta gure egoera soziolinguistikoa eta euskararen gizarte-estatusa zein den jakinda), batzuei, aspaldi, ideia ona iruditu zitzaien euskarazko murgiltze ereduetako umeak Haur Hezkuntzan has zitezen ingelesa ikasten. ย Bizirauteko ingelesa jakitea ura bezain ezinbestekoa dela sinetsarazi digutenez, gurasoek pozik hartu zuten neurria. Ezin bestela izan. Gaur egun, Hego Euskal Herriko hizkuntza eredu guztietako haurrak 4 urterekin hasten dira ingelesa ikasten. Are gehiago, Nafarroan โederki kostataโ zabaltzen diren D ereduak PAI-D ereduak dira, derrigor, eta EAEn euskarazko murgiltze-eredu eleaniztunak bultzatzen ari dira.
Hainbesteko karrez eta indarrez esan digute gure haurrek, bizitzan galtzaile izanen ez badira, Oxforden jaio eta han biziko balira bezain ongi mintzatu behar dutela ingelesez, non haur ingelesdun petoak heztea bihurtu baita familia askoren xede, euskaltzaleen artean ere bai: alaba txikia zenean, euskarazko jolas talde batera eraman genuen, baina, guraso gehienen eskariz, zeinek seme-alabak euskaraz eskolatuak baitzituzten, talde hura ingelesezko jolasgune bihurtu zen.
D ereduaren ezinaren datuak oso gordinak dira. Mikel Basabek aspaldiko artikulu batean azaldu zuen zein kezkagarriak ziren EAEko ikastetxe guztietan 2019an egindako ebaluazio diagnostikoaren datuak, adierazten baitzuten D ereduak ez duela inolaz ere bermatzen elebitasunaren helburua.
Badakit eskolak bakarrik ezin duela, hertsatzen gaituen diglosiak bihurtzen duela haurren euskalduntzea hain nekeza inguru askotan, eta badakit ikastetxe batzuetan hasiak direla egoera iraultzeko neurriak hartzen. Horregatik iruditzen zait ingelesak hartzen dituen orduak ere jarri behar direla mahai gainean, haur txikiek HHko ikasturteetan zehar ingelesa ikasten ematen dituzten orduak oso baliotsuak izan daitezkeelako etxetik erdaldun eskolatzen diren umeek euskaraz hobeki (egiaz?) ikasteko.
EAEn, D eta B ereduetako ikasleei B1 maila aitortzen zaie DBH bukatutakoan, baina datuek (eta gure belarriek) besterik esaten digute. Erabilerak gaitu kezkatzen, baina euskaraz ozta-ozta dakitenak nekez arituko dira eroso eta gustura hizkuntza horretan. Nire ustez, gazte tituluz euskaldunek euskararen aldeko hautua eginen badute, ezagutza da indartu beharrekoa. Ez dakienak ezin-eta hautatu. D ereduetan ikasitako gazte euskaldunen taldetxo batekin suertatu nintzen aurrekoan: solasean ginela, hizkuntza ohituren gaiaz aritu ginen, eta garbi eta ahoan bilorik gabe aipatu zuten ikastola-/institutu-garaian beren ikaskide askok ez zekitela euskaraz bizpahiru esaldi josten.
Ez gara halakoez harritzen, baina ez ikusia egiten diegu. Ostrukarenak egiteak, ordea, ez digu lagunduko. Burua goititu, begiak zabaldu, eta belarriak zorroztu beste aukerarik ez dugu. Min ematen digun egoeraren neurriaz eta larriaz jabetu behar dugula iruditzen zait, eta egoera iraultzen lagunduko digun erraminta-kutxa hornitu, eta D ereduetan ingelesak hartzen dituen ordu mordoak kimatzen hasi ere bai.
Nolanahi ere, ez dut ezkorra izan nahi, itsasoak badu-eta esperantzarik: lankide batek kontatu berri digu 11 urteko alabak etxean esan diela ez duela ikastetxeak Lekarozen (bai, Lekarozen) antolatuko duen English Weekera joan nahi. Neskak honela azaldu die erabakia: โzertarako joanen naiz herri euskaldun batera ingelesez mintzatzera?โ. Tutoreari ez zaio erabakia askorik gustatu, baina gure lankideak, ingelesaren matrakarekin ni bezain gogaitua bera, pozez eta harro kontatu digu gertatutakoa. Alaba ez da Lekarozera joanen.
Neskato horren erabakia buruan, otu zait hor egon litekeela ingelesak ikastetxeetan hartu duen garrantziaz kokoteraino gauden gurasoen aukera: beharbada gure desadostasuna erakusten hasi behar dugu, edo, gutxienez, ingelesa hautazkoa izan dadila eskatzen, HHko urteetan behinik behin. Leloetan ere pentsatzen hasi naiz: โHH: ingelesaren inposiziorik ezโ, โHH: ingelesa askatasuneanโ; โIngelesa HHn? Ez, eskerrik askoโ; โIngelesa HHn? Aukeran, nahiago ezโโฆ[1]
[1] Hau ez da gaiari buruz idazten dudan lehen aldia. Blog honetan bertan testu hau argitaratu nuen orain dela ia 10 urte. Eta, Euskalerria Irratian, beste hau 2024an. Bestetik, testua idatzi ondoren, honat ekartzeko hagitz aproposa iruditu zaidan aspaldiko artikulu honen berri izan dut. Joxe Manuel Odriozolarena da eta bikain aletzen ditu ingelesaren sarrera goiztiarrak eragindako ohar kritiko zenbait.
Azkenaldian maiz irakurtzen dut joera handia dagoela euskara eta gaztelania biak nahasian hitz egiteko. Hizkuntzak nahasteko joera ez da berria, ez euskararekin bakarrik gertatzen den zerbait ere. Komunitate elebidunetan ohikoa da kideak hizkuntza batetik bestera aldatzea, ez bakarrik elkarrizketan zehar, baita esaldi beraren barruan ere.
San Sebastian bezpera honetan danbor hotsekin batera Raimundo Sarriegi musikagilearen martxa entzunez gero, eta bukaeraraino entzuteko aukera izanez gero, egiaztatuko dugu inauteriak datozela laster. Tolosar gehienok oso gustuko dugunez inauteriez hitz egitea, inauterietako umorezko bertso hauek aipatu nahi ditut. 1902an argitaratu ziren.
Canciones bonitas nahi nituzke jarri, para los carnavales entretenigarri; riรฑendo estuvieron senar-emazte bi, diciendo disparates batak besteari.
La esposa decรญa senarragatikan: โNo le puedo sacar ardotegitikan; se pone calientenafar beltzetikan, nole gusta remojar iturrikotikan.
Nerabezaroko inauteri batzuetan entzun nituen lehenengoz bertso horiek, lehengo mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan. Umorezko edukia izateaz gain, kantu horien bereizgarria bi hizkuntzatan izatean datza. Eta grazia areagotzeko, euskal ahoskera eta ebakerarekin kantatzen ziren, edo hala ikasi nuen nik behintzat:
Can-tzi-o-nes bonitas;
diziendo disparates.
se pone ca-li-ente
Gaur egun ere kantatzen ditugu, baina gaztelaniazko zatiak euskal ahoskera eta ebakerarekin kantatzeko ohitura galtzen ari da. Hala ere, uste dut denak jabetzen direla hizkuntzak nahasian ari direla erabiltzen eta horixe dela bertso horien bereizgarria.
Lau urte edo nituenean gaztelania noiz ikasi behar nuen galdetzen omen nuen. Gurasoek sortu berria zen ikastolara eraman ninduten frankismo garaian. Oraindik gaztelaniaz hitz egiteko gai ez izateak ez zidan arazorik eragin, nire adineko beste batzuei gertatu zitzaien modura, baina jabetuta nengoen etxeko hizkuntzaz gain beste bat ere bazela inguruan. Ez naiz ondo gogoratzen noiz eta nola, baina ikasi nuen gaztelania, eta gaztelania ikastearekin batera hasi nintzen euskaraz ari nintzela gaztelaniazko esapideak sartzen. Eta orduan alarma gorria pizten zen. Gurasoek esaten zidaten erabili nuen hura ez zela euskara eta gogorarazten zidaten esan nahi nuena euskaraz nola esaten zen. Lehenengo alarma gorria etxekoa izaten zen.
Hurrengo alarma gorria ikastolakoa izaten zen, han ere behin eta berriz esaten baitziguten euskaraz egin behar genuela. Nerabezaro garaian irakasle batek ipuin bitxi bat idatzi zuen ikastolako aldizkarirako. Gaitz batek jotako familia baten kontakizuna zen, guraso eta bi seme-alabez osatuta zegoen familia batena, eta elkarren artean beti gaztelania eta euskara nahastuaz hitz egin zuten. Hori zen familia hartako kideek zuten gaitza: ezin zuten hizkuntza bakar batean hitz egin; beti nahasten zituzten euskara eta gaztelania. Ipuin osoan elkarrizketak gaztelania eta euskara nahastuta zeuden idatzita. Baina ipuinaren bukaeran irakaspena zetorren: aipatzen zuen gaitz hura kutsakorra zela, gero eta jende gehiagori eragiten ziola eta erne ibili beharra zegoela harrapa ez gintzan.
Bi hizkuntzak nahasian erabiltzea ez da kontu berria, lehen ere gertatzen zen, jakina, baina lehen jabetzen ginen edo jabearazten gintuzten ez ginela erabat euskaraz ari edo ez genbiltzala erabat zuzen.
Gaur egun, ordea, susmoa dut bi hizkuntzak nahasian erabiltzeko ohitura dutenetako askok gero eta gehiago uste dutela euskaraz ari direla. Lehengo batean jaioterrian lagun batekin nengoela, haren ezagun batekin egin genuen topo eta hizkuntza biak nahasian hizketan ari zen bitartean esan zigun etxean beti euskaraz egiten zutela. Konfiantzarik ez nuenez, ez nintzen ausartu ezer esatera, baina nire artean pentsatu nuen ezinezkoa zela etxe hartan dena euskaraz egitea, berak esaten zituenaren erdiak gaztelaniaz esaten ari zenean. Sarri aipatzen den modura, Lazkao Txiki ez zebilen oker.
Laurogeita hamarreko hamarkadan Gasteiza joan nintzen lanera eta han beste alarma gorri batzuk piztu zizkidaten; kasu horretan gaztelaniaz hitz egiterakoan dauzkadan interferentziei dagozkienak. Orduan ikasi nuen sacar ruido ez dela txukuna gaztelaniaz; meter ruido behar duela.
Lehengo egun batean autoan lanera nindoala zarata sartu entzun nuen irratian eta pentsatu nuen benetan xelebrea dela nik urteak pasa izana sacar ruido esanez, gaztelania jatorrean ari nintzelakoan, eta orain euskaraz zabaltzen ari den forma zarata sartu izatea.