Dakitenengandik ikasten

Idoia Santamarรญa Urkaregi

Liburu txiki bezain interesgarri bat gomendatzera nator gaur hona:

Traducciรณn: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias.

Ez da berria, 2013koa baizik. Miguel Sรกenz da egilea, gaztelaniazko itzultzaile handia (handia? erraldoia).

Itzulpen batekin ezin aurrera egin nenbilela, gogoratu dut ezen, duela urte asko Luxenburgon gaztelaniazko itzultzaile gisa ari nintzelarik, Miguel Sรกenz etorri zitzaigula behin hitzaldi bat ematera, eta, haren orduko irudia buruan, apalera jo dut aipaturiko liburuaren bila (gauza ederra da, alafede, prokrastinazioa). Lehenengo egiaztapena: liburua ez da batere zahartu; bizi-bizirik dago.

Izenburuak garbi dioen moduan, Sรกenzek han-hemen emandako hitzaldiak eta diskurtsoak biltzen ditu, denak itzulpengintzaren ingurukoak, zein baino zein interesgarriagoa, eta horietako bat, gainera, โ€œAutor y traductorโ€ izenburukoa, Donostian emana, 1993an (liburuan jasotako lehenengo hitzaldia da). Itzuli diren hizkuntzaren literaturaren osagarri direla itzulpenak defendatzen du hor Sรกenzek, eta, are, hizkuntzen literaturaren hastapenetan itzulpenak egon ohi direla askotan:

Premisa hori onartuz gero, euskal literatura, adibidez, jatorriz euskaraz idatzitako lanek eta euskarara itzulitako lan guztiek osatuko lukete.

Pellokeria dirudi, baina, tamalez, esan beharreko esaldia da oraindik ere.

Liburuko hurrengo hamazazpi hitzaldietan, itzulpengintzarekin eta literaturarekin lotutako hainbat kontu jorratzen ditu[1]:

  • hitzak itzultzen ditugun edo hitz horiek diotena;
  • egileen eta itzultzaileen arteko harremana;
  • โ€œklasikoenโ€ itzulpena, literatura-itzulpena (โ€œitzultzailea poetaren poeta da, nobelagilearen nobelagileaโ€);
  • literatura-itzulpenaz bizi daitekeen ala ez (spoilerra: EZ);
  • zertaz jabetu behar duen itzultzaile orok (โ€œitzulpengintza hurbilketa-arte bat da infinitura arte hobetu daitekeenaโ€);
  • itzulpenen kritika eskasa edo kritika falta (Espainian eta herrialde gehienetan);
  • itzultzaileen akatsak;
  • zer esan nahi den hizkuntza โ€œneutroโ€ batera itzuli behar dela esatean;
  • itzultzailearen eta musika-interpretatzailearen arteko paralelismoa (โ€œtestu baten aurrean esertzen naizenean โ€”testua atril batean paratzen dut nik gehienetanโ€”, musikari sentitzen naiz, beste batek ondutako musika deszifratzen, neureganatzen eta adierazten saiatzeko prestโ€);
  • zer den literatura-itzulpena: kopia? jatorrizkoa? bertsioa? interpretazioa? berridazketa? faltsifikazioa? manipulazioa?;
  • zer den literatura unibertsala, halakorik baldin bada;
  • zenbaterainoko garrantzia duen arretaz irakurtzeak (โ€œitzultzean nabarmendu beharrekoa ez da irakurketaren intentsitatea, arreta baizik; itzuli beharrak baldintzatutako irakurketa da itzultzailearena, baina horrek ez du eragozten irakurtzeko plazera; aitzitik, areagotu egiten duโ€);
  • zer irakats daitekeen eta zer ez itzulpengintzako fakultateetan.

Liburuaren bukaera aldera, bi diskurtsoren testua dator: bata, Alemaniako Hizkuntza eta Poesia Akademian 2000. urtean emandakoa, eta bestea, 2002koa, Salamancako Unibertsitatean emandakoa, honoris causa doktore izendatu zutenean. Lehenengoan, itzulpengintzaren definizio eder bat ematen du:

Norbaitek esana da itzultzea dela pertsona apartak diren lagunak izatea eta lagun horiek artean ezezagun zaizkigun beste lagun batzuei โ€”irakurleeiโ€” aurkeztu nahi izatea.

Edozein kikiltzeko modukoa da Miguel Sรกenzek itzultzaile gisa egin duen ibilbidea. Ingelesetik eta, batik bat, alemanetik itzultzen du gaztelaniara, eta zerrenda luze bezain ikusgarria osatzen dute berak โ€œinterpretatutakoโ€ autoreek: Rushdie, Conrad, Faulkner, Goethe, Kafka, Bernhard, Grass, Schnitzler, Brecht, Sebaldโ€ฆ Berak hainbeste maite dituen austriar autoreek bezala, Sรกenzen itzulpenak irakurtzean badirudi bakoitzarentzako doinu egokia interpretatzen dakiela beti; maisuki menderatzen du esaldi eta paragrafo bakoitzaren erritmoa, belarriz itzultzen duela ematen du, partiturarik gabe ia, musikari handienek bezala.

Hemen aipatutako saiakeran jasotako artikuluetan ere nabarmena da musikari itzultzailearen (edo itzultzaile musikariaren) sena. Maisu handien patxadaz eta zehaztasunez mamurtzen du itzulpengintza, eta Sรกenzen erudizioak eskutik darama irakurlea, batere ikaratu gabe.

BIBLIOGRAFIA

SรENZ, M. (2013), Traducciรณn: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias, Ediciones Universidad de Salamanca, 2013.


[1] Komatxoen arteko aipu guztiak M. Sรกenzen liburutik hartuak dira, eta nik itzuli ditut.

Unibertsitatean euskaraz

Igone Zabala Unzalu

Unibertsitatea funtsezkoa da euskararen garapen funtzionalerako, bertan jorratzen baitira alorrez alorreko denetariko gai espezializatuak eta, beraz, bertan garatzen baitira alor horietan aritzeko beharrezkoak diren hizkuntza-baliabideak. Gainera, unibertsitatean prestatzen dira gizarteak behar dituen denetariko aditu-profesional euskaldunak. Adituen diskurtso-komunitateak komunitate epistemiko-diskurtsiboak direla esaten da alorreko jakintza espezializatua ez ezik komunikatzeko testu-generoak eta hizkuntza-baliabideak ere partekatzen dituztelako[1]. Hartara, ikasleek unibertsitatean ikasten dituzte beren alorreko adituen komunitateko kide bihurtzeko behar dituzten testu-generoak eta erregistroak, hizkuntza erabiltzea eskatzen dieten askotariko jarduerei esker[2]. Hori dela eta, unibertsitateko ikasleei ziklo bat bukatzen duten bakoitzean, lan akademiko bat idazteko eta ahoz defendatzeko eskatzen zaie, adituen komunitateko kide bihurtzeko ezagutzak eta komunikazio-gaitasunak garatu dituztela frogatu dezaten: gradu amaierako lana (GrAL), master amaierako lana (MAL) edota doktoretza-tesia. Lan akademikoak ezin egokiagoak dira unibertsitateko ikasleek komunikazio-gaitasun akademikoak garatu ote dituzten aztertzeko bai eta euskararen erregistro akademikoak zenbateraino garatu eta egonkortu diren aztertzeko ere. Euskararen garapenerako funtsezkoa da unibertsitateko irakaskuntzan duen presentzia bermatzea edota areagotzea eta lan akademikoak euskaraz idaztea. Ideia hori aldarrikatzeko eta argudiatzeko beharrak eraman nau, hain zuzen ere, artikulu hau idaztera, nazioartekotzearekin lotutako helburuek euskararen garapenaren helburuekin talka egin lezaketela dirudien une honetan.

Jakina da egun ingelesak erabateko hegemonia duela komunikazio akademikorako lingua franca modura. Horrek gutxiagotasun-egoeran jartzen ditu hiztun ez-natiboak, beren lehen hizkuntza ez den batean irakurri, ikertu eta idatzi behar dutelako[3]. Hori dela eta, ingeles hizkuntzaren hiztun ez-natiboek hizkuntza-gaitasunak garatu behar dituzte hizkuntza horretan, eta ohikoa izaten da unibertsitateko ikasleak eta ikertzaileak herrialde anglofonoetara mugitzea beren prestakuntza osatzera. Areago, herrialde ez-anglofonoetako unibertsitate askok ingelesa sustatzen dute irakaskuntzarako eta lan akademikoetarako.

Gurean ere ezartzen ari diren politika horiek hainbat ondorio dituzte diskurtso espezializatuen garapenerako. Batetik, ikertzaile batzuek ez dute garatzen diziplinako komunikazio espezializaturako gaitasuna beren lehen hizkuntzan eta, bestetik, ingelesaren eraginak nabariki baldintzatzen ditu lekuan lekuko diskurtso espezializatuak[4]. Batzuen arabera, joera globalizatzaileak erregistro profesionalen galera nabarmena ekarri du hainbat herrialdetako kultura nazionaletan[5]. Europaren eremuan, aipatu beharrekoa da aleman hizkuntzaren akademiak (Gesellschaft fรผr deutsche Sprache) unibertsitateei aspaldian helarazi ziela alemana funtzionalitate mugatuko hizkuntza bihurtzeko arriskuari buruzko kezka. Europako Iparraldeko Herrialdeetan ere, duela bi hamarkada jarri zuten abian ikerketa-egitasmo batย (Nordens sprรฅk som vetenskapssparรฅk โ€˜Hizkuntza nordikoak zientzia-hizkuntzaโ€™) haien hizkuntzen helburu zientifiko eta akademikoetarako erabilera defendatzeko, nahitaezkotzat jotzen baitzuten kulturaren eta zientziaren eremuan lehiakorrak izateko. Honela definitzen zuten hizkuntzaren erabilera-eremua[6]:

ยซA domain of language usage: a specialist field for which a language is capable of being used, i.e. it has at its disposal the necessary means of expression and is therefore of use within this domain. A specialist field can in casu be defined as the domain of a science, a practical occupation or a category at a suitable level of the international Universal Decimal Classification system.ยป

Eremuen konkista ez da itzulezina, eta atzera egiteko bi modu bereiz daitezke. Eremu-galera gertatzen da hizkuntza-komunitate batek espezialitate-alor baterako komunikazio-baliabide egokiak garatzeko orduan huts egiten duenean, eta oharkabean gertatu ohi da. Eremu-uztea, aldiz, kontzientea izaten da maiz, eta askotan gertatzen da nahiz eta eremu horretarako hizkuntza-baliabideak ondo garatuta egon, adibidez, arrazoi ekonomikoengatik.

Ingelesaren hegemonia dela eta, hizkuntza nazionalen estatusa duten zenbait hizkuntza garatuk testuinguru akademikoetan dituzten emankortasuna eta biziraupena arriskuan daudela onartuta, zer ez ote da gertatuko euskararen kasuan? Euskarak konkistatu al ditu eremu akademikoak? Askotariko hiztun-profiletakoak dira ikasle eta irakasle-ikertzaile euskaldunak, baina lan akademikoak edota irakaskuntzarako materialak euskaraz ekoizten dituzten ikasle eta aditu guztiek egin behar diete aurre zailtasun eta oztopo bereziei: batetik, berrikuspen bibliografikoa egiteko erabili behar dituzten artikulu eta liburuak, beren diskurtsoa garatzeko eredu modura erabiliko dituztenak, ingelesez idatzita daude gehienbat eta, bestetik, euskarazko eskola eta irakas-materialetatik jasotzen duten inputa asistematikoa eta hobetzeko modukoa izaten da maiz.

Bestalde, ez da ahaztu behar terminologiaren eta fraseologia akademikoaren garapenak nahitaezkoa duela diskurtso-komunitate akademikoek testuak eta komunikazio-egoerak partekatzea, baliabide horiek finkatzeko, eta horien ezagutza semantiko-pragmatikoa komunitatearen erabileren bereizgarri bihurtzeko. Alorrez alorreko terminologiek oraindik ere dituzten hutsune nabarmenak alde batera utzita, azken hiru urtean aurrera eraman dugun proiektuaren emaitza batzuk aipatuko ditut[7][8]. GrAL eta MAL lanez osatutako corpus konparagarriak osatu ditugu gaztelaniarako eta euskararako[9], eta diskurtso-formula eta kolokazio akademikoak erauzi eta aztertu ditugu bi hizkuntza horietan, testu akademikoen idazketarako laguntza-tresna elebiduna garatzeari begira[10]. Gure aurreikuspenen kontra, hizkuntza nagusietarako erabiltzen diren maiztasun- eta dispertsio-irizpideak aplikatuta, unitate fraseologikoen pareko zerrendak lortu ditugu euskararako eta gaztelaniarako, urte hauetan guztietan lortu den garapenaren seinale. Nolanahi ere, unitate fraseologiko zuzen eta egokiak ez ezik, zuzentzeko edota hobetzeko moduko zenbait unitate ere identifikatu ditugu. Bestalde, corpusera jotzen dugun bakoitzean konturatzen gara zaila dela oro har erabat zuzenak eta egokiak diren adibideak aurkitzea. Ondorio modura esan daiteke euskara akademikoaren garapenean aurrerapauso kualitatiboak egin direla baina bide luzea egin behar dela oraindik ere, eremu-galtze prozesu batean sartu nahi ez badugu behintzat.

Eremu espezializatuen konkistan aurrera segitzeko funtsezkoa da euskarak unibertsitatean duen presentzia babestea, baita lan akademikoak euskaraz idaztea ere. Kezkagarria litzateke, ordea, unibertsitatean sendotzen doazen nazioartekotze-politikek ikasle-irakasle euskaldunen hizkuntza-kontzientzia lausotzea eta, besteak beste, lan akademikoak ingelesez idaztera bultzatzea. Halako politikak eremu-uztea eragin lezake alor akademikoen konkista bukatu baino lehen.


[1] SWALES, John M. (1990). Genre Analysis. English in academic and research settings. Cambridge: Cambridge University Press.

[2] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.

[3] VAN DIJK, Teum (1994). Academic Nationalism. Discourse and Society 5, 275-276.

[4] GOTTI, Maurizio (2012). Academic Identity Traits. A Corpus-Based Investigation. Bern, Switzerland: Peter Lang.

[5] SWALES, John M. (2000). Language for Specific Purposes. Annual review of Applied Linguistics 20, 59-76.

[6] LAURร‰N, Christer, MYKING, Johan, eta PICHT, Heribert. (2002). Language and domains:ย a proposal for a domain dynamics taxonomy. LSP & Professional Communication, 2 (2).

[7] ARANZABE, Maria Jesus; GURRUTXAGA, Antton, eta ZABALA, Igone (2022). Compilaciรณn del corpus acadรฉmico de noveles en euskera HARTAvas y su explotaciรณn para el estudio de la fraseologรญa acadรฉmica. Procesamiento del Lenguaje Natural, 69: 95โ€“103.

[8] Ministerio de Ciencia e Innovaciรณn erakundeak 2019ko deialdian finantziatuko Coruรฑako Unibertsitateko eta UPV/EHUko ikerketa-talde biren arteko proiektu koordinatua: PID2019-109683GB-C21 eta PID2019-109683GB-C22.

[9] HARTAeus corpusa Garaterm corpusean (http://garaterm-corpusa.ixa.eus/ )ย integratuta dago, eta kontsulta publikoetarako zabalik dago, Bilaketa-interfaze aurreratuan, โ€œNonโ€ botoia sakatuta, eta โ€œHARTAeusโ€ aukeratuta.

[10] Oraindik ere HARTA/TAILA tresna osatzen eta fintzen ari bagara ere, kontsulta-interfaze publikoa prest dago jadanik: http://harta.ixa.eus/

โ€œEz naiz ni, hura daโ€. Ohar laburrak hirugarren ez-pertsonez eta egitura inpertsonalen historiaz

Borja Ariztimuรฑo Lรณpez

Ahots (aktibo, pasibo, erdi-pasibo), argumentu-egitura, balentzia, diatesi, ez-akusatibo, ez-ergatibo… Termino ugari dago aditzek beren morfologian eta beren inguruko elementuetan erakusten dituzten ezaugarri jakin batzuk eta eragin dakizkiekeen aldaketak deskribatzeko eta aditzok horren arabera sailkatzeko. Hemen, egitura inpertsonalak aipatuko ditut, adierazpide morfosintaktikoa edozein dela ere.

Euskal aditz jokatuen eta jokatugabeen arteko desberdintasun nabarmenetako bat pertsona-komunztadurak dira; alegia, dena delako egoera, prozesu edo egintzan nork parte hartzen duen adierazten duten markak. Denbora edo aspektua ere aipa litezke, baina, joko analitikoan ere badu halako marka aditz nagusiak, jokatugabetzat hartu ohi den arren (ikusi, ikusten, ikusiko).

Era berean, hizkuntzalaritzako kontu ezaguna da 3. pertsona, hizkuntza askotan, ez dela egiazko partaidea; ez bederen besteak bezalakoa, hizketa-ekintzatik kanpokoa baita (gogoan izan euskaraz 3. pertsonak benetako izenordainik ere ez duela, berez).

Hala, euskaraz egitura inpertsonalak (alegia, partaide orokor edo zehaztugabeko aditz predikatuak) eratzeko bide bat baino gehiago dugu, maiz 3. pertsonari lotuak. Hauek izan litezke nagusiak, zein bere helburu eta รฑabardurekin: aditz iragankorraren iragangaiztea, pluraleko 3. pertsonaren komunztadura, eta singularreko 2. pertsonaren komunztadura.

Azken horretatik hasita, kontakizun bati balio orokorra eman nahi diogunean, baina, era berean, gertutasunez-edo aritu nahi dugula (dela geuri gertaturiko zerbaitetaz ari garelako, dela solaskidearen interesa biltzeko), 2. pertsona erabiltzen dugu:

– Eta zer egin ote dezakezu holako egoera batean?
– Zeken horrek ez dizu inoiz ezer musu-truk emango!

Bigarren estrategia, aditz iragankorrekin bakarrik, subjektu orokorra edo zehaztu ezin/nahi ez dena pluraleko 3. pertsonaz adieraztea da:

– Atea jo dutela iruditu zait.
– Babarrunak bezperatik beratzen uztea gomendatzen dute.

Azkenik, jatorrizko subjektua guztiz ezabatu eta aditz laguntzaile iragangaitza (ergatiborik gabea) erabil dezakegu:

– Zarata honekin ez zaizu ondo ulertzen.
– Gailur hartatik itsasoa ikus daiteke.

Horrelakoak testu zaharretan arakaturik, Milia Lasturkoren eresi ezaguneko hau izan liteke adibide garbi bat, pluraleko 3. pertsonarena:

– Bidaldu dogu zeruetara kartea: arren, diguela [โ€˜itzul diezagutelaโ€™] gure andrea.

Alabaina, badira egun ezinezkoak diren ale batzuk ere: iragangaizterik gabeko inpertsonal adierako adizkiak, trinkoak zein laguntzaileak.

Jakina da, izan ere, forma sintetikoetan ez dela ergatiboa kentzeko aukerarik (esaterako, darama-tik, daramakio eratu dezakegu, baina, egun ez dugu โ€˜eramaten daโ€™ moduko inpertsonalak adierazteko modu trinkorik). Ez bide zen hala antzina, eta horren arrastoak ditugu XVI-XVII. mendeko testuetan. Honatx adibide batzuk:

– O, jaun ona, gogo dizit garizuma denian
egiazki egiteko neure konfesionia.
Bai etaโ€™re konplitzeko didan [= ematen didan {โ€˜ematen zaidanโ€™}] penitenzia,
othoi, jauna, zuk konfirma ene borondatia (Etxepareren LVP, I: 194)

Gatza lora ditean artean beste gauza lekuske [โ€˜ikus litekeโ€™]. En tanto la sal floreciese otra cosa se verรญa (Refranes y Sentencias, 145)

Ezi[n]egina harria baino gogorrago. Harriari mailuaz ere baledeko [โ€˜edeki lekioke, edekitzen zaioโ€™]. El no poder, mรกs duro que la piedra: a la piedra se puede quitar con el martillo (Isastiren errefrauak, 26)

Aditz perifrastikoetan ere, egun aditz laguntzailearen alternantziaz baliatuko ginatekeen kasu batzuetan, inolako aldaketa lexiko-morfologikorik gabe izan dezake egiturak balio inpertsonala:

– Kuidadua eduki begie, ikasi dezaen etseko persona guziak doktrinea, eztakianari irakasten diagola [= diola {โ€˜zaiolaโ€™}] (Azkoitiko ordenantzen โ€œsumario brebeaโ€, I: 12-6)

– Gauza gaizki egina da, eta itsusia, adiskideari deiez dagotzunean, ez ihardestea, athean iguriki arazitzea ; eta berehala eman ahal diazaion [โ€˜dakiokeenโ€™] errepuestaren eta egin ahal diazaion [โ€˜dakiokeenโ€™] zerbitzuaren geroko luzatzea (Axularren Gero, 304-5/6)

Adibide horietan guztietan, aditzaren ohiko konfigurazioko argumentuetako bat orokorra edo zehaztugabea da, eta hala interpretatu behar da, adizkiaren morfologia gorabehera. Kontuan hartuta, baina, 3. pertsonako subjektuak ez duela inolako markarik euskaraz, ez zaigu horren harrigarri gertatu behar hura isiltzeko aukera morfologikoki anbiguoa.

Izan ere, horixe bide da iritzi โ€˜izena ukanโ€™ aditzaren sorburua: โ€˜etsi, -tzat edukiโ€™-tik (deritzo โ€˜irizten dioโ€™), โ€˜deituโ€™ adiera iragankorrera (deritzo โ€˜deitzen dioโ€™) eta, hirugarren pertsonako subjektudun formak inpertsonaltzat interpretaturik (deritzo โ€˜deitzen zaioโ€™), iragangaitz gisa berrinterpretatzera igaro zatekeen (deritzo โ€˜deitzen daโ€™). Hala bada, testu zaharrek gaur egun ezinezkoak diren bideak lehen posible zirela erakusten digute, eta egungo zenbait formaren sorburu eta bilakaera argitzen laguntzen.

***

Azken asteotan, zoritxarrez, egitura inpertsonal ugari gabiltza irakurtzen, pasibo-antzekoekin batera, zenbaitek ez-pertsonatzat dituztenez (Gazako bonbardaketan auskalo zenbat haur hil direla, Zisjordanian ugari izan direla zaurituak, eta abar). Halakoetan, sarraskigileak ez aipatzeko eta haien ardura eta erantzukizuna estaltzeko erabiltzen da inpertsonala. Ezen, esan ohi den bezala, pertsonala politikoa da; hizkuntza-kontuetan, ordea, inpertsonala ere bada politikoa.

Argi esan dezagun: Palestinakoari genozidio deritzo.

Nere sentimentua nai det deklaratu

Alfontso Mujika

Aurtengo udaberrian Baltikoko errepubliketara joateko parada izan nuen, eta hiru herrialde txiki horietan ibili ginen hara-hona hango garraio publikoa baliatuz ekaineko egun luze ere luzeetan. Hiru errepublika berri, txikiak eta lasaiak. Ez dira jendetsuak; banaka hartuta, Euskal Herria baino txikiagoak dira hirurak, ez hedaduraz, baina bai biztanlez. Bakoitzak bere hizkuntza du. Estonierak finlandieraren antza du, familia bereko hizkuntzak dira. Letoniera eta lituaniera, berriz, hizkuntza baltikoen familiakoak dira (kasu-markak dituzte, guk bezala); hitz komun asko dituzte eta badute elkarren antza, baina ezin diote elkarri ulertu.

Pozgarria da ikustea hain herritar gutxi izan arren (Lituaniak 2.860.000 biztanle, Letoniak 1.883.000 eta Estoniak 1.365.000) beren hizkuntzan bizi direla (alde batera utzita errusieradunekin dagoen arazoa), eta administrazioak, hezkuntzak, hedabideekโ€ฆ arazorik gabe funtzionatzen dutela hiru hizkuntza horietan, beren literatura dutela, zinema, ikuskizunak, hizkuntza-paisaiaโ€ฆ

Bukatu zen oporraldia. Itzulerako hegazkina hartuta iritsi ginen Loiuko aireportura. Buruan nerabilen orduan zer tankera hartuko zion estoniar, letoniar edo lituaniar batek gure hizkuntzari, gure egoerari, aireportuko seinaleak ikusita, seinale horiek baitira atzerritar batek gurera iritsita gure hizkuntzaz jasotzen duen lehen zantzua. Hizkuntzaโ€‘paisaia hirueleduna da Loiuko aireportuan: euskara, ingelesa eta gaztelania.

Iritsi ginen hatuak jasotzen diren gunera, eta, handik, irteerara. Han, guardia zibilen ondotik  igaro aurretik, kartel ikusgarri batek nabarmen-nabarmen ohartarazten dio bidaiariari nondik joan behar duen dakarrenaren arabera, gorrira edo berdera:

Orduan ohartu da gure estoniar/letoniar/lituaniar begizoliak ze hizkuntza aberatsa den euskara. Ingelesak eta gaztelaniak aditz bera erabiltzen dute (to declare eta declarar). Euskaraz, berriz, aitortu baiezkoan eta azaldu ezezkoan.

Gogoeta eragin dit: azaldu ote zioten testu horien euskal itzultzaileari zein zen testuingurua? Eman ote zizkioten esaldiak elkarren ondoan edo alfabetoaren hurrenkeran jarritako esaldi sorta bat emango zioten, gaztelaniaz, N letran nada que declarar eta O letran objetos a declarar zioena, tartean beste esaldi batzuk zeudela? Gainbegiratu eta zuzendu ote zituen inork itzultzailearen itzulpenak? Itzulpen-enpresa taxuzko bati eskatuko zioten itzulpena edo โ€œnik badaukat lehengusu bat euskaraz ondo dakiena eta galdetuko diotโ€ kasu horietako bat (gehiago) izango zen?

Eta, jarraian, barruan daramadan zuzentzaileak kartela nola zuzenduko nukeen galdetu dit. Hor hasi zaizkit zalantzak: urtero, ogasunean, errenta-aitorpena egiten dugu, esango nuke aski estandarizatua dagoela errenta-aitorpen terminoa, baina ez dakit, egia esan, errenta aitortzen dugun. Nolanahi ere, hor nonbait dabil esanahia. Euskaltzaindiaren Hiztegian aitortu sarrera arakatuta, ez dut aurkitu adiera gogobetegarririk:

aitortu, aitor/aitortu, aitortzen
1 du ad. Huts bat edo gorde nahi den zerbait adierazi. Errua aitortu. Egia esan, dena aitortu behar bada, urdaila asaldatzen hasia nuen ordurako. Epailearen aurrean aitortu.
2 da ad. Bekatuak aitortzan adierazi. Aitortzera joan. Aitortu gabe hil. Hilero aitortzen da.
3 du ad. Bekatuak aitortzan entzun. Erretoreak emakumea aitortu du.
4 du ad. Zerbait hala dela onartu; zerbait edo norbait halakotzat ezagutu. Azkenean aitortu zidan arrazoia nuela. Semetzat aitortu du. Bakoitzari zor zaiona aitortu behar zaio. Barojaren euskalduntasuna aitortu berria da, edo salatu berria, gutxien uste genuen aldetik.
5 du ad. Norbaitenganako edo zerbaitekiko fedearen aitormena egin.

Eta, jarraian, azaldu sarrera ere arakatu dut, badaezpada:

azaldu, azal/azaldu, azaltzen
1 du ad. Zerbaiti buruz hitz egin, hura ulertarazteko edo ezagutarazteko. Hauxe azaldu nahi nuke txosten honetan. Gauza beharra da hemen erakusten zaiguna behin eta berriz azaltzea. Soldadu zaharra zuen aita, berak ederki azaltzen duen bezala. Nola egin zuen ihes azaldu zigun. Entzunda nago, zuk amets bat entzun orduko azaltzen duzula. Orain arte ez da dinosauroak nola desagertu ziren azaltzen duen teoria egokirik sortu.
2 du ad. Agertu, adierazi. Ez zuen gurekin etortzeko asmorik azaldu. Hor, dirudienez, delako morrontza ez da bekatu, harro-harro eta lotsagabeki azaltzen baitute. Euskal esaldiari buruz aspaldi azaldu zituen iritzietan. Sartu zaizkigun kezkak eta katramilak artean azaldu gabe zeuden.

Are nabarmenago ikusi dut azaldu aditz hori orokorregia dela guardia zibilarekikoak adierazteko. Azkenik, deklaratu aditzera jo dut:

deklaratu, deklara, deklaratzen
1 du ad. Zuz. Epailearen aurrean adierazi. Epaiketan deklaratu behar izan zuen.
2 du ad. Adierazi; aitortu. Ik. agertu; azaldu; gerra deklaratu.

Gaztelaniaren akademiaren hiztegian ere (DRAE) ez dut aurkitu berariazko adiera erabat esplizitaturik, baina garbi dago 3. adieran dagoela:

declarar 1. tr. Manifestar, hacer pรบblico. 2. tr. Dicho de quien tiene autoridad para ello: Manifestar una decisiรณn sobre el estado o la condiciรณn de alguien o algo. El Gobierno declara el estado de excepciรณn. El juez lo declarรณ culpable. 3. tr. Hacer conocer a la Administraciรณn pรบblica la naturaleza y circunstancias del hecho imponible. 4. intr. Manifestar ante el รณrgano competente hechos con relevancia jurรญdica. El testigo declarรณ ante el juez.

Frantsesez, berriz, bai, TLF hiztegian zein Akademiaren hiztegian:

dรฉclarer 3. Affirmer oralement ou par รฉcrit un รฉtat de fait. Dรฉclarer des marchandises, ses revenus : ย 3. โˆ’ Vous n’avez rien ร  dรฉclarer ? โˆ’ Vous savez bien, dis-je au prรฉposรฉ des douanes, vous savez bien que l’on a toujours quelque chose ร  dรฉclarer quand on revient de ces pays d’outre-mer… Cendrars, Bourlinguer, 1948, p. 49.
dรฉclarer 2. Faire connaรฎtre, proclamer par acte public ou judiciaire. Dรฉclarer la partie en danger. Spรฉcialt. Dรฉclarer la guerre, annoncer officiellement qu’on va engager les hostilitรฉs avec un ร‰tat souverain. Fig. Dรฉclarer la guerre aux prรฉjugรฉs, aux abus. DROIT ADMINISTRATIF. Faire une dรฉclaration auprรจs d’une administration. Dรฉclarer un dรฉcรจs. Dรฉclarer ร  la mairie la naissance d’un enfant ou, par mรฉton., le dรฉclarer. Dรฉclarer un vol au commissariat de police. Le douanier demanda aux voyageurs s’ils n’avaient rien ร  dรฉclarer.

Beste hainbeste ingelesez (Merriam-Webster):

declare
5. to make a full statement of (one’s taxable or dutiable property)
Large purchases must be declared at customs.

Euskaltermen argitu dit bidea (aditza ez da ageri, Euskaltermen terminoak baitaude, baina bai izenarekin).

aduanako deklarazio (4) Eu
es declaraciรณn de aduana
fr dรฉclaration de douane / dรฉclaration en douane
en custom entry / customs declaration

Eta Lexikoaren Behatokiak 10 emaitza itzuli dizkit aduana eta deklarazio lemak elkarrekin eskatuta.

Kaxkazuri oiartzuar bertsolariaren anaiak duela ehun bat urte bezala, nik ere nere sentimentua nai det deklaratu gaur: urteak joan eta urteak etorri, oraindik ez dugu iritsi estandarizazioa esamolderik oinarrizkoenetako batzuetan.

Ni gune berdetik irten nintzen aduana-kontroletik, inori ezer azaldu gabe, eta zinez aitortzen dizuet ez nuela ezer aduanan deklaratzeko.

Erortzen zatzaizkit

Uxue Rey Gorraiz

Euskalduntzen hasi berri-berria den lagunaren begietatik ari natzaio euskarari behatzen azkenaldian, tarteka. Hogeita asko urte dituelarik eta aurrez euskara apurrik ere ez zekielarik eman du izena euskaltegian. Ez du falta motibaziorik batere, eta nik, euskaldun zahar baina oraindik gazte honek โ€“adiera horren gaineko eztabaida beste baterako utziko duguโ€“, atseginez aditzen dizkiot niri inoiz okurritu ez zaizkidan galderak. Balio didate gure hizkuntzaren aukerez konturatzeko. Baita nire dudak begietaratzeko ere, batzuetan.

โ€•Uxue, nola esaten da โ€œencantada de conocerteโ€ euskaraz? Nola da โ€œencantadaโ€? โ€“galdetu zidan lagunak joan den astean.
โ€•Urte askotarako โ€“erantzun nion nik, seguru xamar.
โ€•Bai? Interneten ez da horrela โ€“erantsi zuen hark.

Segituan susmatu nuen zerk eragina zen nahasmendu hura. Elhuyar hiztegi neuronalean โ€œencantadaโ€ hitza bilatuz gero, โ€œsorginduaโ€ hitza ageri da ematen duen lehenbiziko sarreran โ€“ez da bakarra, jakinaโ€“.

Hori ez da blogaren sarrera honetan plazaratu nahi dudan duda, baina ilusioa egiten dit imajinatzeak laguna โ€œsorginduaโ€ azalduko zela azken egunotan izandako enkontruren batean. Gainera, beste hau nabarmentzeko ere balio du adibideak: zinez uste dut euskarak ez dituela zertan bilatu erdaretan sortutako esamoldeen kalkoak, baina bistan da joera hori normala dela euskalduntze prozesua hasi berria duen batengan.

Horregatik, honakoa galdetu zidan handik gutxira:

โ€•Uxue, eta nola esaten da โ€œme caes bienโ€?

Eta, orduan bai, etorri zitzaizkidan dudak; kaskoan zirika ditut oraindik. Euskarak baditu esamolde horren baliokideak, jakina, baina, egia esateko, bakar batek ere ez nau asebetetzen. Behintzat, baldin eta kale hizkeran baliatzeko modu baten bila bagabiltza. Kapritxo handiegiak ditut?

Aukera hauek okurritu zaizkit, baina ez naiz guztiz konforme.

a) โ€œJatorra zaraโ€. Ziztuan etorri zait aukera hori burura, baina deskriptiboegia da nire irudiko. Jakina da gure lagun guztiak ez direla objektiboki โ€œjatorrakโ€. Nireak ez behintzat.

b) โ€œGustuko zaitut / atsegin zaitutโ€. Imajinatzen dut aukera hau balekoa irudituko zaizuela gehien-gehienei, frantsesezko โ€œJe tโ€™aime bienโ€ formularen antzekoa ere bada gainera, baina franko molestatzen nau zentzu sasi-erromantikoan interpretatzeko arriskua izateak. โ€œGustuko zaitutโ€ esan, eta akaso laster letorke galdera: โ€œBaina gustatu, lagun modura? Edo nola?โ€. Konplexu kontua izan daiteke, baina tira.

c) โ€œParte onekoa zaraโ€. Asko estimatzen dudan itzultzaile batek iradoki zidan aukera hori bazegoela, baina, ondotik, elkarrekin egin dugu kontrastea, eta ez zaigu iruditu egokiegia.

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala baitio:

parte oneko
adj. Behar bezalakoa; parte txarrekoa ez dena.
(Ezezko esaldietan).
Erre usain hori ez zen parte onekoa.

=/= parte txarreko
adj. Badaezpadako gauzekin zerikusiren bat duena.
Parte txarreko jendea.

Esandakoa: baztertu egin dugu formula hori, kontua ez delako parean dugun pertsona hori โ€œzintzoaโ€ edo โ€œgaiztoaโ€ den epaitzea.

d) Kausitu aditzaren erabilera. Sekula ez nuen pentsatu gaztelaniazko caer bien aditzaren baliokide izan daitekeenik. Orain arte, esanahi hauen berri baizik ez nuen:

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala dio:

kausitu, kausi, kausitzen
1 da/du ad. Aurkitu, ediren. Kausitu du bilatzen zuena. Mina berehala kausitu dit eta berehala sendatu. Han kausituko dugu betiko atsedena. Lo zuten kausitu. Bi nagusien artean kausitzen nintzen. Hor kausitzen da egiazko atsedena.
2 du ad. Ipar. Lortu; (azterketa edo kideko bat) gainditu. Gure elkarteak lehen urratsa egina du kalitate erreferentzia ofizial bat kausitzeko. Gure gazteek kausitu dituzte beren etsaminak.

Baina, sorpresa:

Elhuyar hiztegiak hala dio โ€“Euskaltzaindiak jasotzen dituen esanahiez gaineraโ€“:

kausitu, kausi, kausitzen
(โ€ฆ)
3 dio ad. (Ipar.) complacer, agradar, gustar
orori kausitzea lan da: agradar a todos cuesta trabajo

Irakurle, zer formula lehenesten duzue zuek? Edo, are: hemen bildu ez dudan beste zer esamolde gomendatuko zeniokete nire lagunari? Atseginez irakurriko ditut zuen erantzunak.

Aitortuko dut: ez nuen espero blog honetan idatziko nuen lehenbiziko sarrera halako duda bat plazaratzeko baliatuko nuenik, inozente eta lotsati. Ordea, seguru nago aurrerantzean ere izanen dudala aukerarik kazetari baten itzulpen zalantzak esplikatzeko. Edo nabarmentzeko euskarazko kazetariok zenbateraino gauden kondenatuak etenik gabeko itzulpen lanera; onerako eta txarrerako.

Sarri arte.

Hiztun-lotsa baten harira

Juan Luis Zabala

Eman dezagun Frantziako Tourreko etapa bat ikusten ari zarela lagun batekin.

Mikel Landa ihesaldiko txirrindularien artean dago, eta pantailan erakusten den aldi bakoitzean besoa altxatzen du, poto bat eskuan duela, ur eske.

Halako batean, ordea, helikopterotik ikusitako gaztelu dotore baten eta iheslarien atzetik datorren tropel nagusiaren ikuspegi orokor baten ondoren, berriro ageri da Landa pantailan, baina oraingoan, eta hurrengo agerpenetan, ez du urik eskatzen.

Zer esango zenioke lagunari?:

a) โ€œUra eman bide diote, eskatzeari utzi dio etaโ€.

b) โ€œUra emango zioketen, eskatzeari utzi dio etaโ€.

c) โ€œUra emango zioten, eskatzeari utzi dio etaโ€.

d) โ€œUra emanik izango diote, eskatzeari utzi dio etaโ€.

Antzeko galdera bat planteatuz egin zuen kontsulta orain hurrengoan Joxe Mari Berasategi itzultzaileak Itzuliz Itzulpen Zerbitzuan, eta erantzun ugari jaso zituen, neurea ere tartean.

Lau aukera horien artean, laugarrena iruditzen zait niri egokiena, eta horretarako dauzkadan motiboen berri eman nion Joxe Mariri, gaiaren harira egin nituen hainbat gogoetarekin batera. Hona ekarriko dut, orain, orduan idatzi nuena, edo orduan idatzi nuenaren mamia bederen.

Aukeratutako forma hori โ€”laugarren adibidekoa, โ€œUra emanik izango diote, eskatzeari utzi dio etaโ€โ€” Azkoitiko eta inguruko “zaharrengandik” ikasi dut (ni baino are zaharragoengandik, alegia), baina ez naiz hizketan erabiltzeko kapaza, ezinezkoa zait, ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran aritzean, eta ez batuan aritzean.

Zergatik ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran? Nire adinari eta hiztunak esleitzen didan hizkuntza-gaitasunari ez dagokion hizketa-moldea erabiltzen ari naizela sentituko nukeelako, eta horrekin solasaldiaren naturaltasuna urratzen ari naizela, hiztunon arreta neure hizketa-moldera desbideratzea eragitearen ondorioz.

Zergatik ez batuan hizketan aritzean? Pedante edo sasijakintsu itxura emateko beldurrez.

Ez nuke, beraz, inoiz eta inola, hizketan ari naizela, esango (nahiz eta egokiena iruditu):

โ€œUra emanik izango diote, eskatzeari utzi dio etaโ€.

“Bere izena ezabaturik izango du, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketurik izango da, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Baizik eta:

โ€œUra emango zioten, eskatzeari utzi dio etaโ€.

“Bere izena ezabatuko zuen, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketuko zen, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Idazketa da, horrenbestez โ€”euskara batuko idazketa, jakinaโ€”, nik forma horri, hiztun-lotsarik gabe, presentzia eta bizitza ematen jarraitzeko dudan bide bakarra.

Azkoitian gazteak, oro har, oso harro daude beren euskararen naturaltasunaz, jatortasunaz eta aberastasunaz, hala sumatzen ditut nik behintzat, eta ez zaie arrazoirik falta horretarako, euskara bizi eta naturala darabilte oro har. Bejondeiela! Baina belaunaldiz belaunaldi gertatzen ari den galera nabarmena da.

Okerrena da norberaren hizkerarekiko harrotasuna, kasu askotan, batuarekiko halako gutxiespen batekin lotzen dela, eta hori ere sumatu izan dut Azkoitian eta beste hainbat “arnasgunetan”.

Ondorioa begien bistakoa da, nire ustez: batetik, herriko hizkeretan bilatu behar du โ€”ez soilik baina bai neurri handi bateanโ€” hazkurria eta adierazkortasuna euskara batuak; bestetik, herriko euskara jakite hutsa ez da nahikoa, batuaren gutxieneko ezagutzarik eta praktikarik gabe, gaur eta hemen behintzat, euskaltasun kultural praktiko eta txukun baterako, hori gabe hiztunik jatorrenak ere erdararekiko menpekotasun handia izango baitu, batez ere โ€”baina ez soilikโ€” lagunartetik edo etxeko girotik aparteko gaietan.

Batua baita, azken batean, Azkoitiko zaharrenek hitzetik hortzera darabilten forma nire ustez aberats era adierazkor horri bizirik eusteko modu bakarra.

Artikulu honek panfleto itxura hartu duenez, lelo batekin amaituko dut:

Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua!!!

Artezki

Castillo Suarez

Batzuetan tokiek, pertsonek eta uneek bat egiten dute modu magikoan. Lagun batekin geratu naiz hazi batzuk oparitu nahi dizkiodalako, eta Artzibarrera joango dela bizitzera esan dit. 20 biztanleko herri batera. Han landatuko ditu Sakanako haziak. Etxean zer falta duen esateko, eta bisitan joango natzaiola esan diot, 20 urte direla ez naizela joaten Artzibarrera. 20 urte โ€“ez gehiago, ez gutxiagoโ€“ igaro dira Artozkira joan nintzela nire poema liburu bat eramatera handik egun batzuetara bota zuten etxe batetik zintzilikatzeko. 20 urte Itoizko urtegia egiteko Artozki eta beste hainbat herri bota zituztela. Etxera joan naiz, eta berriz ikusi ditut Maddi Barberren dokumentalak: 592 metroz goiti eta Urpean lurra. Ez dago egun horretako irudirik. Nire argazkietan bila aritu naiz, ea Artozkira joan nintzeneko argazkiak ba ote ditudan, baina ez ditut aurkitu. Interneten ere ez. Artozki + Itoitz + liburuak sakatu, eta ez zait argazkirik ageri. Ez dakit nola bilatu. Ez dakit sarean ote dauden irudi horiek. Baina bizitzak bila ari zarena ematen dizu batzuetan, eta argitaletxe bateko buletin batean izen bat azaldu zait: Artezki. Ez nuen ekimenaren izena gogoratzen. Izen horrekin deia egin zieten artistei ย artelanak Artozkin uzteko. Artezki sakatu dut bilatzailean eta hiztegiaren definizioa besterik ez da heldu: 1) Trebeki, trebetasunez. 2) Zuzenki. Nik normalean erabiltzen ez dudan hitz bat. Buletinean hainbat argazki daude, tartean Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minariย  liburuaren ale bat. Beharbada nik eraman nuen Artzibarrera ez dudalako liburu hori etxean aurkitzen. Maite ditudan liburuak galtzen ditut eta erabiliko ez ditudan hitzak irabazten ditut abiadura berean.

Euskara ardatz duen eleaniztasunerantz

Amaia Lersundi Pรฉrez

Azkenaldian ugariak dira Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntza-mailaren eta kalitatearen inguruan entzun ditudan kezkak: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila edo Batxilergoa amaitzen dutenean gazteek ingelesez komunikatzen ez dakitela, euskaraz gaizki hitz egiten dutela, gaztelaniaz idazten ez dakitelaโ€ฆ

Hezkuntza-politikek gizarteko beharrei erantzun behar diete. Horregatik, Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuetako bat da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean ikasleak eleaniztunak izatea, hau da, konpetentzia komunikatiboa gutxienez hiru hizkuntzatan garatuta izatea. Hala ere, azken urteetan ikasleen konpetentzia eleaniztuna sustatzeko hartu diren hainbat neurrik hausnartzera eta ikertzera eraman naute.

Adibidez, joera ohikoa bihurtzen ari da eskoletan gero eta ingeleseko ordu gehiago eskaintzea: historia ingelesez, natur zientziak ingelesezโ€ฆ Ingeles maila hobetzeko neurri egokia izan daiteke. Aldiz, ingelesari ordu gehiago eskaintzeak euskarari orduak kentzea badakar, ikasleen euskara mailari ez ezik, konpetentzia eleaniztunari ere mesede gutxi egingo dio. Ezin dugu ahaztu geurea hizkuntza gutxitua dela, eta eleaniztasuna sustatu nahi badugu, euskara erdigunean jartzen duen eleaniztasuna izan behar dela.

Tradizionalki, eskoletan hizkuntzen banaketa zorrotza egin izan da, gehienetan hizkuntza gutxituak babesteko asmoz. Horrek ekarri du hizkuntzak isolatzea eta bakoitza bere aldetik irakastea: euskarako irakasleak euskara irakasteko plangintza propioa garatzea, ingeleseko irakasleak ingelesekoa, gaztelaniakoak gaztelaniakoa, frantsesekoak frantsesekoaโ€ฆ elkarren artean inongo koordinaziorik gabe. Modu horretan, zaila da hizkuntza guztiak ikastea, eta gaitasun eleaniztuna garatzeko, gainera, kontrakoa proposatzen da: irakasten diren hizkuntza guztien arteko plangintza bateratu bat sortzea. Izan ere, egungo errealitate eleaniztunak konpetentzia komunikatibo eleaniztunaren garapena ahalbidetzen duen ikuspegi bat eskatzen du.

Hori da hain zuzen Hizkuntzen Trataera Bateratuak bultzatzen duena, hizkuntza bakoitzak berezkoa duena lantzea eta partekatzen dituzten alderdiak era koordinatuan irakastea. Badago hizkuntza guztietan garatzen den oinarrizko gaitasun komun bat, eta ondorioz, badira hizkuntzen artean transferigarriak diren hainbat alderdi, besteak beste, gaitasun diskurtsiboari dagozkion alderdiak, esaterako, testu generoen erabilera, hauen egitura, ulermen estrategiakโ€ฆ Gainera, hizkuntzak haien artean zenbat eta gertuago egon, alderdi gehiago partekatzen dituzte, eta hizkuntza batetik bestera aspektu gehiago transferitzen dira.

Ikuspegi honek eskatzen du irakasten diren hizkuntza guztien arteko koordinazioa, eta beraz, hizkuntzetako irakasleen arteko elkarlana, besteak beste hizkuntza horiek komunean dutena identifikatzeko, hizkuntza batetik bestera transferigarriak diren alderdi horien lanketa hizkuntzetan banatzeko eta antolatzeko, hizkuntzak irakasteko printzipio metodologikoak konpartitzeko, eta irakasleen artean plangintza bateratu bat diseinatzeko. Aurretik aipatu bezala, betiere euskarari lehentasuna emanez. Nahiz eta, printzipioz, euskara eskolan irakasten diren beste hizkuntzetatik urrun egon, badaude transferitu daitezkeen aspektu asko eta asko. Gainera, hizkuntza hegemonikoek duten egoera pribilegiatua aprobetxatuz, erabil ditzagun horiek gurea indartzeko. Zergatik ez gaztelaniako saioetan ere euskal soziolinguistikaren inguruan hitz egin? Euskal zinemaren inguruan? Ingeleseko saioetan Euskal Herriko kulturaren inguruan? Euskal literaturaren inguruan?

Horretarako, beharrezkoa da hizkuntzetako irakasleek begiradak bateratzea, elkarrekin helburuak zehaztea, ebaluazioa diseinatzea, zereginak prestatzeaโ€ฆ Gai batzuk urtez urte eta hizkuntza guztietan errepikatu beharrean, behin lantzearekin nahikoa litzateke. Optimizatu dezagun denbora eta aprobetxatu ditzagun saioak hizkuntza erabiltzeko.

Urteetan lan handia egin da Hizkuntzen Trataera Bateratuaren alde bai eskoletan, baita unibertsitateetan ere, eta curriculumak ere ikuspegi honen alde egiten du, baina eskoletako antolaketak eta lan egiteko moduek zaildu egiten dute askotan esandakoak praktikan jartzea.

Amaitzeko, eskolan irakasten diren hizkuntzez gain, Euskal Herriko geletan beste hizkuntza ugari ere topatu ditzakegu. Ikasleei konpetentzia eleaniztuna garatzen laguntzeko, ikasle guztien errepertorio linguistikoa hartu beharko litzateke kontuan. Gai hori beste sarrera baterako utziko dut, luzerako ematen du eta!

Ur lohietan ezkailuak

Claudia Torralba Rubinos

Azken hilabete hauetan interpreteak albiste izan ditugu behin baino gehiagotan. Ekainean Arabako Batzar Nagusietan gertatutakoaren berri izan genuen: โ€œEl sorprendente motivo del parรณn de 20 minutos en el Pleno de las Juntas Generales de รlavaโ€ (ikus Maitane Uriarteren Interpreteon iraultza sarrera), baina udako azken egunekin batera etorri da benetako eztanda.

Zalantzarik gabe, Espainiako Diputatuen Kongresuan hizkuntza koofizialak erabiltzea ahalbidetzen duen erabakiak hautsak harrotu ditu kazetari eta politikarien artean, eta nahita edo nahi gabe, foku eta kamera guztien xede bihurtu ditu interpreteak:

El proceso de recopilaciรณn de discursos e intervenciones se verรก entorpecido, en lo que al tiempo de actuaciรณn se refiere, y puede darse el caso de que lleve a reducciones o simplificaciรณn de lo esbozado. Derivando ello en inexactitudes, que pueden agravar la de la propia traducciรณn simultรกnea. Esto se intentarรก paliar con la contrataciรณn de una empresa externa que dรฉ [sic] pie a las traducciones definitivas. Pero cualquier traducciรณn puede ser calificada de inexacta por un diputado (El Independiente).

[โ€ฆ] el Parlamento advierte ahora de que no se responsabiliza de sus interpretaciones. A travรฉs de la web oficial del Congreso, ha difundido una โ€œclรกusulaโ€ en la que se desentiende de cualquier traducciรณn errรณnea (Antena 3 Noticias).

Ikusten denez, batzuen hitzei โˆ’kasurik oneneanโˆ’ interpreteen prestakuntzarekiko eta lanarekiko mesfidantza darie, eta horrek, gustatu ala ez, kalte egiten dio gizarteak gure lanbidearekiko duen pertzepzioari. โ€œGizarteakโ€ diot, interpreteen jarduna hurbiletik ezagutzen duen edonork baitaki interpretatzea ez dela munta gutxiko lana: hizlariak esaten duena entzun eta ulertu egin behar da, hori beste hizkuntza batera itzuli, hizlariak esandakoa memorizatu eta esango duena aurreratzen saiatu, eta gainera, norberaren ekoizpena eta itzulpena kontrolatu. Guztia aldi berean.

Hori, noski, dena ondo doanean eta hizlariak etxerako lanak behar bezala egin dituenean. Konplikatu egiten denean, beste hauek guztiak ere egin behar ditu interpreteak: hizlariak zer esan nahi duen asmatu (sarritan ez duelako esaten), amaitu gabe utzi dituen esaldiei amaiera logiko eta koherentea eman, ideien arteko loturak txertatu, abiadura bizian irakurtzen ari bada, ahal den bezala jarraituโ€ฆ Gehiago dirudi makinen lana gizakiena baino.

Halaxe azaltzen da, behintzat, beste artikulu batean: โ€œla multitarea es una capacidad inherente de los ordenadores y no tanto de los seres humanosโ€, nahiz eta โ€œsiempre hay excepciones, algunas concienzudamente trabajadas a base de prรกcticaโ€ (El Correo). Lanbidea gehiegi ezagutu gabe ere, agerikoa da interpreteek prestakuntza eta praktika asko behar dutela, eta ez dela edonork egiteko moduko lana. โ€œMakina batzukโ€ diren emakume eta gizonen lana da, argi eta garbi.

Hala ere, edonork ulertzeko modukoa iruditzen zait hizlariek interpreteen lana erraztu dezaketelako ideia. Edo โ€œerrazteaโ€ ez bada,  behintzat, gehiago ez zailtzea. Hain zuzen, lehen aipatutako โ€œetxerako lanezโ€ ari naiz. Izan ere, gehienetan hizlariek ez dituzte beren hitzaldiak momentuan inprobisatzen: diskurtsoa aldez aurretik landuta eramaten dute taula gainera, aktoreek bezalaxe. Hala denean, ezinbestekoa da interpreteari diskurtsoa lantzeko prestatu den material hori helaraztea, interpreteak bere lana hobeto eta erraztasun handiagoz egin dezan.

Zer har daiteke โ€œmaterialtzatโ€? Ia edozer. Paper batean zirriborratutako lau ideia nagusi izan daitezke, PowerPoint aurkezpen bat edo are hitzaldi oso bat; irudiak erabiliko badira, irudiak; bideoak proiektatuko badira, bideoak. Interpreteak ez dira igarleak: zenbat eta pista eta zantzu gehiago eman, orduan eta hobeto egingo dute beren lana. Testuinguru guztietan, gainera. Ez dago salbuespenik. Zenbat eta gehiago eman, orduan eta gehiago jasoko dugu trukean.

Hala ere, gero eta maizago ikusten da hizlariek ez dutela inongo materialik bidaltzen, ezta testu osoak aurretiaz idatzita dauzkatenean ere. Horixe izan zen, hain zuzen, Arabako Batzar Nagusietako bilkura eteteko โ€œarrazoi harrigarriaโ€. Objektiboki analizatuta, ez dakit nik hain โ€œharrigarriaโ€ den. Batzuetan, ezinezkoa da, besterik gabe, aurretiaz idatzitako diskurtso konplexu bat ziztu bizian irakurtzen ari den hizlari bati jarraitzea, batez ere egitura aldetik oso ezberdinak diren hizkuntza-konbinazioak tartean direnean.

Aurretik ere esan dut interpreteak โ€œmakina batzukโ€ direla, baina ez dira ahalguztidunak. Eta batzuetan, besterik gabe, ezin da. Error 404. Not Found. Interpreteek ezin dutelako edozein baldintzatan lan egin. Eta ez da interpretea ez dagoelako behar bezala prestatuta edo ez duelako eskarmentu nahikorik. Ezin da, hizlariak ez duelako berari dagokion lanaren zatia egin.

Agian, interpreteak urakanaren begian dauzkagun une hau izan daiteke momenturik aproposena gure lanbidearen inguruan hitz egin eta โ€œpedagogiaโ€ egiten jarraitzeko. Gure lanaren funtzionamendua azaltzeko. Altu eta ahots irmoz esateko gutxieneko baldintza batzuk bermatu behar direla, interpreteek beren lana behar bezala egin dezaten. Eta, batez ere, gogorarazteko interpreteak igorle eta hartzaileen arteko komunikazioa ahalbidetzen duten profesionalak direla. Lagunak, alegia, eta ez etsaiak. Eta profesional aditu eta arituak.

Goian letra beltzez azpimarratu ditudan hitzak gure lanbidearekiko ezjakintasunetik eta interpreteokin zerikusirik ez duten bestelako arrazoi maltzurragoetatik sortu dira. Baina haserretu eta samindu beharrean, uste dut aukera ona izan daitekeela ur lohietatik ezkailuak atera eta gure lanbidearen berri eman eta gutxieneko lan-baldintza batzuk aldarrikatzeko.

Halako batean, lortuko dugu jendeak esatea interpreteak garela eta ez itzultzaileak.

Anjel Lertxundi eta itzulpengintza

Idoia Santamarรญa Urkaregi

Aurtengo udan, ekainaren 29an eta 30ean, EHUk antolatutako โ€œAnjel Lertxundi: idazlea eta obraโ€ uda-ikastaroan hartu nuen parte, beste hizlari batzuekin batera. Lertxundik itzulpengintzaz, itzulpenez eta itzultzaileez esandakoak, idatzitakoak eta argitaratutakoak jaso nituen ordurako, eta han esandako batzuk laburbildu eta hona ekartzea pentsatu dut, itzultzaile guztiontzat jakingarri izan daitekeelakoan Lertxundiren eta itzulpengintzaren arteko lotura estua ezagutzea.

Hiru alorretan banatu nuen ikastarorako prestatutakoa:

  • Lertxundik itzulpengintzaz esan edo idatzi dituenak;
  • Lertxundik berak euskarara itzulitako lanak (argitaratuak eta argitaratu gabeak);
  • Lertxundik eman dituen arrazoiak bere liburuen gaztelaniazko itzultzaile ez izateko.

Hiru alor horiek berak aletuko ditut hemen ere, han baino laburrago, hori bai, ezinbestean.

Itzulpena zer den adierazteko, definizio egoki-egokia ematen du Berbelitz pertsonaiak Lertxundiren Itzuliz usu begiak saiakera ezagun gogoangarrian: hitzen โ€œadierak pisatzeaโ€. Eta hitzen adieraz ari garelarik, euskarazko itzuli aditzaren adierak jartzen ditu adibide Berbelitzek:[1]

Dirua itzultzeak gauza bakarra esan nahi du, stricto sensu behintzat, liburu bat itzultzeak gutxienez bi. Ez, itzuli guztiek ez dute adiera bera. Ezta traducir guztiek gaztelaniaz [โ€ฆ]. Agian harritu egingo zarete, baina itzuli hitzak hogeita hamar adieratik gora ditu euskaraz, ez da txantxa! Casanova ohetik ohera nola, adiera batetik bestera ibiltzen gara gu hiztegietan.

Literaturari erreparatzen badiogu, gainera, are korapilatsuagoa da kontua, literaturan ez baitira hitzak soilik itzuli behar; hitzekin batera, musika ere itzuli behar da, hots, edukiaz gainera, forma, forma hori delarik, askotan, edukia sortzen duena, guztiz banaezin bihurtuz biak.

Lertxundirengana itzuliz, inork pentsa dezake 2019n argitaratutako Itzuliz usu begiak saiakera dela Lertxundik itzulpengintzaz idatzitako aurreneko lana. Egia da hori dela gaiari oso-osorik, luze eta zabal, eskainitako liburua, baina askoz lehenagokoa da sorkuntzari eta itzulpengintzari buruzko Lertxundiren kezka eta hausnarketa. Esate baterako, Gogoa zubi izenburuko 1999ko saiakera laburrean ageri du jada itzulpenaren gaineko kezka, bai eta, administrazioak itzulpenaren inguruan duen estrategiari edo estrategia faltari buruzko hausnarketa zorrotza ere:[2]

Itzulpenak zabaltzen du kultura baten leihoa, itzulpenari esker egurasten ditu kultura horrek bere gelak eta ganbarak. Itzulpenen bidez heltzen da hizkuntza bat berez helduko ez litzatekeen eremuetara. [โ€ฆ] Administrazio osoa itzulpenen bidez euskaldundu izanaren onurez ari gara aspalditxo. Baina, aldi berean, uzkur begiratzen diogu itzulpen literarioari. Haatik, esan beharra dago kemena galtzeraino: ezin dugu euskaraz egindako itzulpen literarioa โ€”azken urteotan gertatu zaigun albiste txalogarrienaโ€” larderiaz begiratu eta gainerako alor guztiak [โ€ฆ] itzulpenez beteโ€ฆ

Handik gutxira, 2001ean, hari berari heldu, eta gehiago garatu zuen Lertxundik Mentura dugun artean saiakeran; jatorrizko lanen aldean itzulpena gutxiesteko dugun joerari heldu zion orduan:[3]

Gurean, egia da, itzulpenen gainean hotsa zabaldu da ez dutela jatorrizko obren berezko jariorik. Zer da, ordea, berezko jarioa? Askoz ere alde handiagoa dago Auspoako bildumako liburu gehienei darien berezko jarioaren eta Axularren edo Miranderen jarioaren artean, Literatura Unibertsaleko edozein itzulpeni darionetik Ramon Saizarbitoriaren edo Itxaro Bordaren eleberriei darienera baino.

Eztabaidaren ardatza [โ€ฆ] bere leku naturaletik aterata dago, eta irizpide pedagogiko edo didaktikoek [โ€ฆ] jardun literarioa baldintzatzen dute, literatura baztertu nahi izateraino bere-berea duen plazatik. Jokabide horrek, itzulpena umezurtz utzi eta gaitzesteaz gainera, jatorrizko lan batzuk bakarrik loriatzen ditu praktikan: hizkera erraz, mugatu eta laua eskaintzen dituzten jatorrizko lanak, hain zuzen. Jario bakar eta jakin bat, beti bera, dutenak.

Hortik tiraka, itzulpengintzari buruzko Lertxundiren tesi nagusiaren muinera helduko gara: hots, sorkuntza eta itzulpengintza, biak dira literatura, biek osatzen dute hizkuntza batean egiten den literatura, biek elikatu behar dute elkar; ez ditzagun tratatu itzulpenak maila apalagokoak balira bezala, eta hel diezaiogun behingoz gure benetako arazoari:[4]

Kontua da โ€”kontu tristeaโ€” gure belaunaldiak zein gure ondorengoek aiseago irakurtzen dugula gaztelaniazko itzulpen oro, obra horren beraren euskal bertsioa baino. Menperagaitza zaigun hizkuntza arrotz batean bezala irakurtzen dugu euskaraz, eta geure buruari iruzur egitea da Joyce edo Hamsun edo Cocteau zailak direla esanez bertan goxo egitea: euskaldun askok neke berdintsuak ditu Saizarbitoria zein Sagastizabal irakurtzeko. [โ€ฆ] Itzulpen versus jatorrizko lehia ez da, aldez edo moldez, benetako arazoaren estalgarri baino: irakurleok dugun ahuleziarena inguruko erdaren eraginez.

Ez da hor bukatzen auzia, ordea, itzulpenak menostean itzultzaileen sortzaile-lana ahazten baita. Lertxundiren hitzetan:[5]

Itzultzaileen sortzaile-lana ahanzten da itzulpenez ari garen guztietan. Ez euskarak ez hizkuntzarik ahaltsuenak ere ezin du, itzulpenen bidez baino, hainbat ahots, pentsamendu, giro eta kultur ikuspegi jaso. Munduak hots asko baditu, itzulpena da hots horiek nire hizkuntzan entzuteko modua. Euskarak oraindik izendatu ez dituen sentimendu, emozio, ikuskera, bihurgune eta bihozkada asko dago munduaren eta literaturaren bazterretan. Horregatik du berebiziko garrantzia hots oihartzuntsuenak โ€”oihartzun ozenenen oihartzun direnakโ€” euskaratzeak.

Hori dela eta, bada adibide bat itzulpenaren eta sormen-lanaren arteko lotura estua erakusten duena eta Lertxundik behin baino gehiagotan aipatu duena. 1970eko hamarkadaren hasieran gaude. Gero Goiko kale eleberria izango den testua lantzen ari da Lertxundi. Gaztelaniaz irakurritako Dublineses lana du buruan, Joycek Irlandako giro erlijiosoan kokaturik kontatzen duenaren antzeko zerbait kontatu nahi baitu Lertxundik Orioko bere haurtzaroa hizpide hartuta. Girotzeko aukeratu duen literatura-lana โ€”Dublinesesโ€” gaztelaniaz irakurri duenez, hortik euskararako bidaia egin behar du buruan, giro hori euskarara ekarri, gero, hortik abiaturik, euskaraz sortu nahi duen lana idazteko. Alabaina, Joyceren lan horren euskarazko itzulpena โ€”eta ez gaztelaniazkoaโ€” irakurtzeko aukera izan balu une hartan โ€”bide batez, geroago Irene Aldasorok bikain itzulia, eta 1999an argitaratuaโ€”, euskaraz izango zuen Lertxundik sormen-lanerako erreferentzia estilistiko guztia; beraz, euskaratik euskararako bidaia egingo zuen eleberria idaztean. Argiago azaltzen du berak Eskarmentuaren paperak saiakeran:[6]

Itzulpenik ez genuen garaian , beste hizkuntza batzuetakoak ziren nire erreferente estilistiko asko โ€”gehienakโ€”. Gaztelaniazkoak batez ere. Eta idazten ari nintzelarik, erdal erreferentzia horiek baliatzen eta egokitzen nituen. Beste hizkuntza batetik neurera txango etengabea egitea zen, neurri handi batean, idaztea. Orain, ordea, askoz sarriago egiten dut txango neure hizkuntzatik neure hizkuntzara, eta ez da soilik euskal idazleen โ€”eta obrenโ€” panoramika zabaldu delako. Bada beste hizkuntzetako idazle asko euskaradun egin dugulako ere.

Hel diezaiodan orain Anjel Lertxundiren itzultzaile-jardunari. Izan ere, behin baino gehiagotan esan eta idatzi du ezen idazle gazte batek aholkua eskatu eta galdetuko balio ea zer egin behar lukeen estiloa lantzeko, esango liokeela asko irakurtzeko eta literatura ona itzultzeko:[7]

โ€ฆesango nioke hartzeko itzultzeko praktika, itzulitako testuak tiradera batean gorde beharra ez dela inoiz denbora galdua; esango nioke itzultzea entrenamendu aparta dela estilo propioa trebatzeko, esango nioke ausartzeko testu sentsorialekin, ironikoekin, koloretsuekin; esango nioke idazle handi askok txandakatu dituela sorkuntza eta itzulpena.

Lertxundik itzulitako lanen artean, bi ditugu argitaratuak:

  • Luzio Apuleioren Urrezko astoa, Juan Kruz Igerabiderekin batera latinetik itzulia eta Ibaizabalek 1996an argitaratua, Literatura Unibertsaleko bilduman.
  • Eugenio Montaleren poemen antologia, Susaren โ€œMunduko Poesia kaierakโ€ bilduman 2015ean argitaratua.

Argitaratu ez baditu ere, itzulpen gehiago egina da, eta ez soilik euskarara, baita gaztelaniara ere; beraz, berak ere baliatu du idazle gazteei emandako aholkua, eta izenburu horrekin berarekin jasoa du esperientzia (โ€œAholkuaโ€)[8] Itzuliz usu begiak liburuan. Hor dio, esate baterako, Garcรญa Mรกrquezen La hojarasca itzultzen aritu zela behiala, bai eta Cesare Paveseren La bella estate ere, ยซbeti uda partean, ariketa gisa betiยป. Juan Beneten Herrumbrosas lanzas eta Thomas Bernharden Korrektur prosekin liluratuta, lanok gaztelaniatik itzultzen ere saiatu zen, baina ez zuen aurrera egin. Martin Ugalderen Las brujas de Sorjin euskaratu nahian ere ibili zen, ยซbaina laster etsi nuen (nola euskaratu izenburua?)ยป.

Horiek dira bere itzulpen-ariketei buruz han-hemen irakurri dizkiodanak, baina, Anjel ondo ezagutzen duen txoritxo batek esanda, badakit ez direla horiek saio bakarrak, eta, besteak beste, Cioran, Canetti, Heidegger eta Calvino itzultzeko saio mardul askoak ere egina dela.

Itzulpen-ariketa horien ondoren heldu ziren Lertxundiren aipatutako bi itzulpen argitaratuak, eta bertatik bertara ikusi zuen orduan zer dakarren itzulpen bat egiteko behar den denbora minutu, ordu, egun eta, are, urtetan zenbatzeak:[9]

[โ€ฆ] Handik urte askora etorri zen, nahiko berandu, liburu oso baten nire lehendabiziko literatura itzulpen argitaratua: Apuleioren Urrezko astoa izan zen, Juan Kruz Igerabiderekin batera itzulia latinetik. Esperientzia pizgarriaren ondotik ibili ginen esaten bi urtez behin klasiko bat itzuliko genuela latinetik, baina ametsek hegan egiten dute eta egunerokotasunak ibilera astuna du. Orain urte gutxi, Susakoek eskatu zidatenean nire gustuko poeta baten antologia itzulia Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratzeko, Montaleren proposamena egin nien. Hobeto uler dadin erakutsi nien ausardia: eman zidaten urtebeteko epea askitzat jo nuen nik. Laster konturatu nintzen epe guztiak direla labur horrelako lan bat burutzeko.

Alabaina, salbuespenen bat gorabehera (aurrerago aipatuko dut hori), Lertxundik ez du bere gain hartu nahi izan bere liburuak gaztelaniara itzultzeko lana, nahiz ondo baino hobeto menderatzen duen gaztelania. Hiru eragozpen nagusi ikusten dizkio horri:[10]

Lehendabizikoak aski du gogo falta hutsetik; nekearekin batera, asperdura eragiten dit hartan hasi beharko nukeela pentsatze hutsak. [โ€ฆ]

[Bigarren eragozpena]. Originalean egindako oker nabarmenak zuzenduko nituzke. Berrikuntzak egingo nizkioke testuari, agian erantsi ere egingo nuke zerbait baino gehiago originalari falta zaion guztia disimulatze edo konpontze aldera. [โ€ฆ]

Hirugarren eragozpenari ekiteko ez dut nire esperientzia kontatzea beste biderik. Berrogeita hamar urte daramatzat nire literatur estiloa lantzen. Hasi nintzenean, dezentez hobeto moldatzen nintzen gaztelaniaz euskaraz baino. Sufrikarioa zen euskarazko esaldi bakoitza, handia zen neukan menpekotasuna [โ€ฆ]. Berrogeita hamar urteren ostean, nire idazkuntza motz herrenagoa sentitzen dut gaztelaniaz euskaraz baino. Bizi profesional osoa eman dut euskara lantzen, ia obsesiboki. Konpetentzia kontua izango da. Sentipen horretan, agian, asko egongo da prebentzio psikologikotik, baina jatorri hizkuntzan konpetenteagoa izanda helburu hizkuntzan baino, aukeran nahiago ez.

Horra Anjelek aipatzen dituen eragozpenak. Hartutako erabakian izango du zerikusirik orobat Anjelen lanen gaztelaniazko itzultzaileen bikaintasunak: Jorge Gimรฉnezen eta Gerardo Markuletaren lanak bi profesional handiren marka eta zigilua du. Bi adibide baino ez aipatzearren, hartu Itzuliz usu begiak saiakeraren Gimรฉnezen gaztelaniazko itzulpena, Sombras en el espejo, edo hartu Tรบ, eta irakurri Markuletak ondutako Zuren itzulpena. Ez zarete damutuko.

Inork gehiago jakin nahi badu sortzaile baten eta haren itzultzailearen arteko harremanaz, bada harribitxi bat, Senez aldizkarian 1999an izenburu honekin argitaratua: โ€œAnjel Lertxundi eta Jorge Gimรฉnez Bech: idazlea eta bere itzultzaileaโ€; Gotzon Egiak gidatutako elkarrizketa zinez interesgarria da, kontu jakingarriz betea. Besteak, beste โ€”eta orain dator lehentxeago aipatu dudan salbuespenaโ€”, elkarrizketa horren hasieran, Lertxundik dio โ€œLur hotz hau ez da Santo Domingoโ€ ipuina berak itzuli zuela gaztelaniara. Dioenagatik, zapore gazi-gozoa utzi zion esperientzia hark, eta izan zuen eraginik gerora hartutako erabakian; alegia, ez zituela berak itzuliko gaztelaniara berak euskaraz idatzitakoak:[11]

Ipuin hori itzuli nuenean, hasieran ez nintzen konturatu, eta gero, prozesua bukatu ondoren, berriz, jabetu nintzen arazo izugarriaz, nik neuk testuarekin izan nuen arazo izugarriaz. Aitorpen bat egin beharra daukat: euskaraz argitaratua dagoen testua eta gaztelaniaz dagoena desberdinak dira. Gaztelaniazkoak, esango nuke plus bat duela. Nolabait, halako work in progress bat eginaz, halako tranpatxoak eginaz, testu originalean dauden ahuleziak saihestuz, beste modu batera bideratuz, eta abar, jatorrizko testua traizionatu egin nuen.

Zilegi nuen, neurea zen, eta sortzen ari nintzen berria ere neurea zen, baina, jakina, itzulpen gisa agertzen zen eta ez egokitzapen edo moldapen gisa. Alde horretatik, ipuin hura itzuli, gero argitaratu eta handik denbora puska batera kontrastatu nituenean bi testuak, halako erabaki bat hartu nuen: nik ezin nuela neure buruaren itzultzaile izan. Zilegitzat jotzen dut beren buruaren itzultzaileak direnen jokabidea, baina ni ezin nintzela izan, besteak beste hizkuntza horrekiko trebetasuna edo trebetasun falta alde batera utzita, nik ez nuela egin behar, nolabait neure burua ez traizionatzeko. Bi arrazoi nituen: bat apuntatu dut, jatorrizko testuarekiko leialtasuna gorde nahia, kanpora begira, nolabait pentsatzen nuelako abiapuntuzko testuak izan behar duela jatorrizkoak eta lehendabizikoak, euskarazkoak. [โ€ฆ]

Bigarren alderdi bat badago kontsiderazio hau egiterakoan, euskarari berari begira. [โ€ฆ) Nik jakinaren gainean lan egingo banu, egiten ari naizen testu hori gero tradizio handiagoa duen hizkuntza batera itzultzekoa dela jakinik alegia, orain hemen euskaraz ditudan zailtasunak saihestu, baztertu, albo batera utzi, eta gero espainolez halako testu finko bat egingo dudala jakinda, ez nintzateke hain zehatza izango. [โ€ฆ] Argi dut ez nukeela halako ahaleginik egingo zehatza izaten, konpondu behar ditudan arazo teknikoak, literarioak, linguistikoak, errazago saihestuko nituzkeela beti ere jakinaren gainean, egunen batean testu hori itzultzen baldin bada beste hizkuntza batera, nik hura kontrolatu ahal izango dudala eta berriro ere han egingo dudala nire bide literarioa bigarren hizkuntza horretan.

Horra, beraz, Anjelek emandako arrazoiak. Ez da, bistan da, funtsik gabeko erabakia, ondo pentsatutakoa baizik.

Honaino, gaurkoz, Anjel Lertxundi eta itzulpengintza lotzen dituen soka luze oparoaren muturtxo bat. Ez dakit konturatzen garen nolako pagotxa den gaurko itzultzaileontzat itzulpenari buruzko hain hausnarketa luze-sakona egin duen idazle baten garai berean bizitzea, besoz beso. Eta nolako fortuna den guretzat esku-eskura izatea berrogeita hamar urtez estiloa lantzen aritu den idazle baten begirada, ekarria eta hizkuntza. Labana suitzar baten aukerak eta malgutasuna eman dizkio hizkuntzari, hots, guk, itzultzaileok, beti zorrotz eta zoli behar dugun tresnari. Leundu, txartatu, kiribildu, ugaldu, zorroztu egin du Lertxundik tresna hori, baita zakartu ere, behar izan duenean.

Nik ez dut ยซetxetikยป atera nahi izaten labana hori patrikan eta eskuaz ondo helduta daukadala sumatu gabe, aurrez baitakit ezinbesteko laguntza izango dudala behar dudan guztietan eta espero ez dudan beste hainbestetan.


[1] Lertxundi, Anjel (2019). Itzuliz usu begiak, Alberdania, 17. or.

[2] Lertxundi, Anjel (1999). Gogoa zubi, Alberdania, 23. or.

[3] Lertxundi, Anjel (2001). Mentura dugun artean, Alberdania, 176-177. or.

[4] Ibidem, 186-187. or.

[5] Ibidem, 187. or.

[6] Lertxundi, Anjel (2009). Eskarmentuaren paperak, Alberdania, 58. or.

[7] Lertxundi, Anjel (2019). Itzuliz usu begiak, Alberdania, 20. or.

[8] Ibidem, 19. or.

[9] Ibidem, 19-20. or.

[10] Ibidem, 47-48. or.

[11] Senez 21 (1999), EIZIE.