EZENen beste erabilera bat

 Jesus Maria Agirre Berezibar

Batzuek pentsatuko dute Xabier Amurizaren propagandista bihurtu naizela. Niri, ordea, harrigarria egiten zait zer eztabaida gutxi piztu duen, itxura batean, itzultzaile-jendearen artean bere Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuak, nahiz eta euskara estandarraren muineko arazo batzuk plazaratu dituen, alternatiba ausartak, horietako batzuk diskutigarriak, eginez. Ni oraingoan ere sintaxiako puntu bati lotuko natzaio, pentsaturik ekarpen funtzional eta onargarri bat egiten duela Amurizak euskararen koxka baten inguruan.

Ezer baino lehen komeni da aztergaia ondo kokatzea dagokion ingurumarian. Amurizaren hitzez baliatuz, batetik daukagu «gure atzekoz aurrerako sintaxi zorioneko hori»; bestetik, batzuetan sintaxia hori inberbitu nahia sortzen da, «behar delako, komeni delako, edo, soilki, halaxe egiteko kapritxo literarioa dugulako»; azkenik dio «hizkuntza garatu baten sintaxiak ezin du sinplea izan, konplexua baizik», eta euskararentzat erreklamatzen du «sintaxi adultu bat», «artazien metodo primario»tik haragokoa.

Nik neurez gogoeta merke batzuk erantsiko ditut. Lehenik, beharrizanak sortzen du organoa, beraz beharrizan komunikatiboak sortzen ditu baliabide linguistikoak, eta ondorioz, sintaxian behar dugu askatasuna bai baina batez ere automatismoak eta baliabide funtzionalak. Bigarren, komeni da progresio linguistikoa eta tematikoa eskutik joatea, direkzio berean, eta ez elkarren kontrakoan, bestela gure adierazpena ez da funtzionala izango. Azkenik, hizkuntza baten hizkera jasoan esamolde berriak probatu eta plazaratu daitezke, eta horiek baliteke hasiera batean behartu-kutsu bat edukitzea, baina erabiliaren poderioz onarpena lortu dezakete.

Eta noan orain hizpide neukan kontura: EZEN, izen baten menpeko perpausen iragarle. Amurizak dio: «Ez nuke esango erlatiboa bezain garrantzitsua, baina izen baten menpeko perpausen egitura hau neurtezina da bere maiztasun eta aplikazioan. Azalpen akdemikoetan ez dakit zenbateraino, baina literaturan etengabe topo egiten da beragaz. Itzulpenetan ere, bera dateke, seguruenik, itzultzaileen buruhauste nagusietako bat. Soluzio oso zehatz, erraz eta praktikotzat EZEN partikula proposatzen nuen, eta horretan darrait. Izen baten menpeko funtziodun partikula honek ondoren etor daitekeen konplexutasun guztiaren jakitun jartzen zaitu. (…) Konplexutasuna errazteaz gainera, beste esprezio modu bat eskaintzen du, esaldi laburrago eta errazagoetan ere, elementuen kateatze diferenteak posibletuz».

Eta adibide batzuk ematen ditu, erreferentziako izen hori agertzen delarik nominatiboan edo beste kasu batzuetan, soilik edo izenondoekin edo izenlagunekin, bera bakarrik edo esaldi batean sartuta:

  • Nire gogoan, mirariaren kontzientzia irrefutable bazen, haren fedean ez zen txikiago konbikzioa ezen inspirazio zerutar batek bultzatu zuela nigana.
  • Arrisku alua bestea zen, infernuaren beldurragaz batera, zeruaren fedea galtzea, mendeak igaro ondoren kontsignaz ezen ez zela komeni zeruaren poza gehiegi zabaltzerik, sinestunen euforia sumisioen gainera igo ez zedin.
  • Denbora, denbora dirdaikorra, seminariotik etxerako bezpera eta gau delirante haietan bezalatsu nabari dugu, zoramen erantsiagaz ezen, oraingoan, geuk ez bestek ez dakiela, ez duela imaginatzen ere, bihar etxera goazenik.
  • Batzuentzat mirariz, beste batzuentzat paradoxaz, izaera moraletik at bizi den arte-senak (artista humanoki ankerrenak ere berdin hunki zaitzake) ilusio orokorra sentiarazi zuen ezen musikaren eragin zirraragarri hura diktadorearen emanazio bat zela.
  • Separazioa sakondu egingo da, ondoriozko arriskuz ezen eliz autoritatean defentsa-erreakzio estremo bat eragingo duela, botere zibilean babestuz.

Erabilera horri buelta eta errebuelta eman ondoren, onargarria iruditzen zait (erabilera minoritario eta literario gisa, noski), mekanismoa sinplea eta oso funtzionala delako. Badakit adierazi horiek emateko egitura kanonikoa «atzekoz aurrerako sintaxi zorioneko hori» dela («zuelako konbikzioa»), baina horixe da ba koxka, batzuetan ez dela funtzionala. Eta, hizkera jasoan gutxienez, zilegi da egitura zurrun batzuen ordez alternatiba linguistikoak plazaratzea eta probatzea, geroaren esanaren zain. Eskerrik asko Amurizari bere ekarpenagatik.

Mirie eretxita egotea… eta erregistroak

Oskar Arana Ibabe

Inoiz, edo sarri, edo sarriegi, niretzat arruntagoak behar luketen esapideak, gogoan eskurago beharko nituzkeenak bilatzera joaten naiz hiztegietara, gaztelaniaz aiseago etortzen zaizkidanak euskaraz nola esan jakin ez-eta, edo gogoratu ez-eta. Gaztelaniaz barra-barra entzuten dira nonahi, kalean, irratian, telebistan, idatzita liburu, aldizkari eta berripaperetan, baina euskaraz zelan esan jakin ez, eta begiratu egin behar.

Eta inoiz, oso bakan, nahi baino gutxiagotan, lagun euskaldunen batekin berriketan ibili, edo herriko edo sendiko edo zaharragoen lagunarte bateko solasa entzuten jarrita, geureak izanik ezagutzen ez nituen esapideak edo hitzak entzun eta poz handi bat sortzen zait bihotzean, eta larritasuna ere bai, beldurrez eta lagunarte hori hain aspalditik ezagututa une horretara arte entzun ez dudan hitz edo esapide hori ostera ere entzuteko beste hogeita hamar edo berrogei urte igaro beharko ote diren. Eta arin abiatzen naiz, gogoan edo paper zati batean edo bihotzean edo oraindik lekuren bat hutsik duen adimeneko edo arimako zokoren batean gordetzera, bitxia balitz bezala, urre gorria.

Gero, beste ezagunen bati aurkikuntza pozgarri horren berri eman eta gertatzen zait entzutea baietz, eurenean hori erabiltzen dela, hitz edo esapide ezaguna dela, berriz ere mediterraneoa aurkitzera abiatu naizen edo zer, hori esapide arrunta dela… eta nahigabetu egiten naiz, zer ingurutan bizi ote naizen, nola narrastu ote zaidan horrela euskara.

Halaxe entzun nuen aurreko batean «mirie eretxite egon» edo «mirie eretxi» esapidea. Zenbat aldiz begiratu ote dudan hiztegia, gaztelaniazko «echar de menos», edo ingelesezko «miss» euskaraz esateko zer baliabide ditugun jakiteko. Eta, entzun nuenean ere, begiratu nuen, jo nuen Zehazkira eta beste hiztegi batzuetara, eta ikusi nuen baliabideak baditugula eduki euskaraz, asko, hala nola «echar de menos, falta sumatu, faltan bota beh, mira egin goi, beharretsi goi: la echa de menos, mira egiten dio», Zehazkin; «faltea euki, hutsunea igarri, eduki, izan, sentidu edo sentitu…» Labayrun, eta  «-en mira izan, -en falta/hutsunea sentitu» Elhuyarren, honako adibide txit egoki hauekin: «Echo de menos el café que tomábamos a la tarde: arratsaldean hartzen genuen kafearen mira dut, Se le ha muerto la mujer y la echa de menos: emaztea hil zaio eta haren falta sentitzen du». Eta, hala, lehengo larritasun, poz eta nahigabeari, beste nahigabe berritu bat gehitzen zaio orain, ezagun batzuek ez ezik hiztegiek ere esapide hori ezagutzen zutela ikusita. Tira, ez da hirukoa izan saskiratzea, esan nion neure buruari, baina gorde dezagun poz txikiago bat, mediterraneoa aurkitu ez baina neuk ezagutzen ez nuen esapide bat, gure eskualdeko euskararena ere bazena, neureganatu izanagatik.

Hurrengo pausoa, berez dator. Zergatik, orduan, hiztegian jasota egonik, ez dut baliatu inongo itzulpenetan edo testutan? Zergatik aspaldiko lagun batek telefonoz lasai-lasai eta ahalegin berezirik egin gabe eroso-eroso erabili zuen esapidea, ez dut nik baliatu orain arte?

Hara zertarako erabili zuen adiskideak esapidea:

Haur bat daukat eskolan, Boliviakoa, eta hona ekarri zuen amak handik, engainaturik. Jakingo bazenu zer negarraldi egiten dituen hango bere bizimoduarekin eta lagunekin eta senitartekoekin gogoratuta. Ba omen zeukan Andeetako txirula bat han, eta nik ekarri nion beste txirula bat opari, baina ez zela berarena bezalakoa erantzun zidan. Bere txirularen «mirie eretxite» dago…

Zelan? Nirie eresten deutsela?

Ez, mirie, mirie eretxite dagoela…

Nahiko testuinguru arrunta da, ezta? telefonozko elkarrizketa bat izateko. Bada, ez dut inoiz erabili. Zerk atzeratu izan nauen hiztegi batzuetan jasota dagoen «mira izan» hori adiera horrekin erabiltzetik? Ezjakintasunak, edo entzungabetasunak, nahi baduzue, inoren ahotan inoiz ez entzun izana eta, beraz, zer erregistro dagokion ez jakitea. Eta, ezagutu izan banu ere, gure euskalkiaren eremutik kanpo zer hedadura duen ezin jakin ez eta uzkurtu egingo nintzen erabiltzera. Zehazkik goi erregistro ematen dio, Elhuyarrek (hau poza!!!) ez. Bidea libre, hartara? Ezin jakin.

Eta halako malenkonia batek hartzen nau, jakinik zein erraz erabiltzen duten «miss» ingelesek, «echar de menos» hemengo gaztelaniadunek, «extrañar» hego-amerikarrek. Haiek bezain aise eta natural erabili zuen nire solaskideak «mirie eretxite egon». Gure inguruan, gurean, ordea, «faltan bota» dago guztiz errotuta, eta «de menos bota» ere hasi naiz entzuten. Zergatik diodan txera handiagoa «mirie eretxita egon» horri? Garbizalekeriagatik… apika, nostalgiko petrala naizelako, menturaz. Faltan bota eta hutsunea sentitu-ren artekoa izan da orain arte nire zalantza itzulpenetan, erdarazko beste esapide horien euskarazko ordaina bilatzeko orduan. Falta sentitu-ri txukuna deritzot, faltan bota-ri baino txukunagoa. Baina, hala eta ere, zer egingo dugu mira iritzi horrekin, edo Elhuyar hiztegian jasota dagoen hain eguneroko esaldi horrekin («arratsaldean hartzen genuen kafearen mira dut»), poesiarako gorde?

Zenbat hitz, beste euskalki batzuetan arruntak izan eta guk literaturaren bidez geureganatuak, antzaldatzen diren, eta ematen zaien erregistro goragoko bat, pentsatu dut (Gogoratu naiz nola irakurri nuen poesia batean gaztetxotan haiduru, eta nola entzun nuen gero xiberutarren ahotik etxalde baten aitzinean, «behien haiduru» zirela laborari batzuk eta ez zihoazela herrira… eta zer pozgarria izan zen hori ere, kasu bera baina alderantzitara).

Otu zait halaber agian hotsek, esaterakoan zail, goxo, gogor, trakets, ezti edo arin, nola jotzen diguten belarrian, bihotzean, oroimenean, oroimen sentimentalean, horrek ere izan lezakeela kutsu lauso irrazionalago bat esapide batzuen edo besteen alde egiterakoan. «Haiduru», h ahoskatu eta guzti, zirraragarriagoa zen beharbada. «Miss», ingelesentzat eta ingelesdun berrientzat, coolagoa liteke; «extraña su flauta andina», latinamerikar doinuz, gure Debagoien eta Aramaioko «mirie eretxite egon» baino gozoagoa. Itxaropen ustela sortzen zait ondoren, alemanez gurea baino are eta luzeago eta belarrirako zakarrago ote den esapidea… (izango ahal da!).

Ez dakit izango dudan aukerarik esapide hori baliatzeko gure eskualdeko euskaldun gutxi batzuen artean izan ezean, eta hain noizbehinka ikusten ditut…! Baina Andeetako txirula bat zor diot Boliviatik gurera etorritako neskato horri.

Munduko ondasuna

Iratxe Goikoetxea Langarika

Izena aldatu diote EAEko Osasun Sailari gaztelaniaz. Departamento de Sanidad zena Departamento de Salud da orain. Euskaraz, osasun hitza ageri da, lehen eta orain.

Kontu honek berben ibilbide kapritxosoa ekarri dit gogora, zelan aldatzen diren adierak hizkuntza batetik bestera.  Esaterako, sanidad/sanidade bikotean. Ez ginateke oso sano ibiliko Osasun Saila barik Sanidade Saila bageneuka. Izan ere, osasuna urruti gelditu zaio sanidadeari gibel-handitik hasi eta lotsagabetasunerako eremua hartzen du, oso-osokotasunetik pasatuta.

‘Oso-osokoa’ edo ‘xaloa’ da sanoa hainbatentzat. ‘Oso-osokoa’ edo ‘jatorra’, beste batzuentzat. Edo naturala. Edo osasun eta sasoi onekoa. Baita horrek dakarren kemenaz jantzia ere.

Bizkaieradunok, osoren parekotzat jota, adberbio graduatzaile bihurtu dugu sano ere:

Otxandio aldean, are urrunago joan, eta erabateko adizlagun eta izenlagun bihurtu da, ‘fuerte, gogor’ adierarekin: Azak usain sanoa dauka, baina gustu suabea. Kantatu sano, guztiok entzuteko moduan.

Idazle klasikoetatik lagunarteko jardunetara, eremu zabala jorratu du sanok bere eratorriekin: sanotasun (abstinentziaren alaba, Lizarraga Elkanokoaren esanetan), sanokortxo, sanopotro, sanotu

Ekonomiak sanotu beharra daukan honetan, osasuna ei da mundu honetako ondasuna.

Beraz, osasunarekin urra dezagula urte berria.

“Nago”, “uste dut” eta abar

Eneko Bidegain

Duela zenbait egun, blog honetako artikulu baten erantzunean, Juan Luis Zabalak “nago”-ren gehiegizko erabileraz idatzi zuen iruzkinetik atera dut gaurko gaia. Ustezko kasuak aipatzeko modu anitz daukagu, eta denak ez dira guztiz baliokideak. Hemen argitu nahi nuke etxean nola erabiltzen ditugun kasu horiek. Ñabardurak dira, ttipi-ttipiak maiz, baina bakoitzak badu bere funtzio zehatza.

1. Nago Jon eta Maider ez ote dabiltzan batera.
Kasu honetan, nire buruari galdera egiten diot, zerbaitegatik-edo iruditu zaidalako batera dabiltzala.

9. (BN-lab, S ap. Gte Erd; Dv). Preguntarse. (Usado generalmente en pimera persona). “Nago hori ez ote den ama (BN-lab), nago othe diren (S), nago zuzenean naizenez (BN-lab), nago ama othe denez (S)” Gte Erd 303.

2. Uste dut/nik uste Jon eta Maider batera dabiltzala.
Kasu honetan ez da galdera, ustea baizik. Uste sendoa izan daiteke edo ez. Holako zerbait errateko, oinarri bat behar da, ontsalaz.

3. Iruditzen zait Jon eta Maider batera dabiltzala.
Ez dut honen adieraren adibiderik aurkitu Orotariko Euskal Hiztegian, baina “uste dut”-en baliokidetzat joko nuke, baina oinarri bat baino gehiago, intuizio bat dago gibelean.

4. Erran nezake Jon eta Maider batera dabiltzala.
Hau ere intuizio batean oinarritzen da, baina segurtamen apalagoarekin.

5. Segur naiz/ziur nago Jon eta Maider batera dabiltzala.
Ustea eta segurtamena ez da gauza bera. Zertan oinarritzen da “segur” dagoena, “uste” duenarekin konparatuz? Elementu gehiago edo sendoagoak ditu? Ala intuizio sendoagoa? Bere solasean segurtamen gehiago erakusten du, baina ez du bermatzen “uste” duenak baino fidagarritasun gehiago duenik bere “segurtamenak”. Esaldi honetan, ahozko komunikazioan, segurtamen heina handiago edo txikiago ager daiteke, intonazioaren arabera.

6. Segur eta fida naiz Jon eta Maider batera dabiltzala.
Segurtasun handiagoarekin erraten dena, baina erran daiteke ere “segur eta fida naiz Athleticek Eibarren aurka irabaziko duela”. Eta?

7. Lepoa joka nezake Jon eta Maider batera dabiltzala.
Segurtasun are handiagoarekin erraten dena, baina apustu kutsuarekin. Beraz, segurtasuna eta informazioaren fidagarritasuna ez dira osoak.

8. Jon eta Maider batera dabiltzalakoan nago.
Hau arrotzagoa egiten zait. Etxean ez dugu nehoiz erabili, nahiz eta maiz irakurri eta entzun dudan. Nik segurtasunaren adierazpenean sailkatuko nuke.

(En expresiones que indican convencimiento). Cf. infra (8). Orretan nago, ta bene-benetan esaten dot. Ag AL 135. Baietzean dago. Ag G 258. Ortan nago ni ere. Or SCruz 144. Aztueziñak izango diralakoan nago. Lab EEguna 102. Orretan bagagoz. Eguzk GizAuz 52. Txuliatuko ez dituzulakoan nago. Zait Sof 191. Gustatuko zaidalakoan nago. Txill Let 112. Baiezkoan egoan oraindiño. Bilbao IpuiB 183. Orixe frogatuko dugulakoan gaude. Vill Jaink 89. Eskubidea zeukalakoan zegoen. MEIG VII 70. Ni honetan nago. ib. 132.

9. Jon eta Maider batera dabiltza, posiblez.
Ustearen eta ondorioztatzearen arteko zerbait. Hori dionak, baditu oinarriak pentsatzeko batera dabiltzala. Ondorio hori oinarri sendoetatik abiatzen da, ez intuiziotik.

10. Hain segur, Jon eta Maider batera dabiltza.
Ez da intuizio sendoetan oinarritzen den segurtamen bat, baizik eta oinarri sendoetatik abiatuz ateratzen den uste sendo edo ondorio bat. Hau dionaren solasa, beste kasu guztietakoa baino fidagarriagoa da, nahiz eta huts egin dezakeen.

11. Dudarik gabe, Jon eta Maider batera dabiltza.
Aitzinekoaren gisakoa da, baina hori dionak nahiko oinarri badu Jon eta Maider batera dabiltzala baieztatzeko. Baieztapen “ofiziala” falta du.

12. Badakit Jon eta Maider batera dabiltzala.
Hara, baieztapen “ofiziala” badut.

Herria

Iñaki Segurola

Orain-hurrengo alean esan genuen XIX. mendeko kontua dela euskal(dun) hitza hizkuntzarekin zerikusi zuzenik ez duten gauzei aplikatzea: euskal oiturak, eskualdun arbola eta abar azkengabe bat, gaurko euskal okela eta euskal-edozertara iristerainokoan. Hor, bistan da, euskal(dun) hitzak berezko zuen balioa galdua du, eta basque/vasco-ren itzulpen soil bilakatu da. Hizkuntzen arteko gorabeherek eta hizkuntza gailenen indarrak ez ezik, errealitateak ere asko lagundu dio bide hori egiten: euskal hizkuntzaren gainbehera geldiezinak, hain zuzen, eta, ondorio gisa, euskal(dun)-ek hizkuntza seinalatzeko usadioa galtzeak.

Euskal herri jartzen genuen salbuespen moduan, herri-k ez baitu zerikusi zuzenik hizkuntzarekin, eta euskal herri hori, jakina, XIX. mendea baino askozaz lehenagokoa baita. Baina asuntoa —orain ohartzen naiz— hagitz tribiala da: euskal herri ez da sorkuraz deusen itzulpena, eta hor euskal zorioneko eta zorigaitzeko horrek hizkuntza besterik ez zezakeen adierazi. (Izatekotan ere, País Vasco / Pays Basque da euskarazkoaren itzulpena, eta bidenabar esanik, país/pays-en itzulpenetik sortu delakoan nago ingelesezko Basque country.)

Herri-k ez du zerikusirik hizkuntzarekin, edo, hobeki esan, gauza askorekin du zerikusia, ia zernahirekin. Hitzaren esanahi antzinakoena ‘lur, leku, eremu’ moduko zerbait da, gure ikerketen arabera; cf. Nafarroako zenbait bazterretan gorde diren oloerri, garierri etab., ‘sail, alor’ adiera baitu hitzak hor; edo hegazti izenekin, Txorierri edo Kukuerri; edo Etxepareren Garaziko herri, Axularren Alaba-herri (‘Araba’), edo Goñerri, Estellerri etab. Haundi-txikian neurri jakinik gabea da: hor dago atzerri, edo jadanik XVII. mendeko lapurtarrek zerabilten mundu-herri; bizitzatik kanporako zera ere harrapatzen du (hilerri). ‘Populu, jende’ adieran geroagokoa da, eta edozein eratako jendegunea adierazteko ez dirudi oso aspaldikoa denik, zeren jendegunea adierazteko hitz zaharra hiri baitzen, eta hor ere ez zegoen haundi-txikian gorabeherarik: hiria edo uria zen Erroma bezalaxe Durango, edo Zeanuri edo Obekuri. Haundi-txikian, zerbaitek irabaztekotan herri-k irabazten du, jakina: Alaba-herria Bitoriako hiriaren aldean haundia da, eta zer esanik ez mundu-herria munduko edozein hiriren aldean.

Herri/hiri kontrajartze garaikidea guztiz bestelakoa da, eta euskarazko tradizio zaharrarekin deus ikustekorik ez duena. Inguruko erdara batzuetan —ez guztietan, jakina— du bere zuztarra kontrajartze horrek. Baina zuztar arrotzetatik eta itzulpenetik kanpora zerbait asmatu egin behar ba, eta, besteak beste, asmatu digute Euskal Hiria, baina ez —zergatik ez?— Erdal Hiria, mundu-hiria, atziria edo hiliria. Bidenabar esanik, aspaldi honetan Euskal Hiriak De civitate Dei dakarkit gogora garbi-garbi: han Agustin Hiponakoak kontrajartzen zituen Jainkoaren Hiria (bertutea eta egia) eta Eremu Paganoa (basagirokoa, bekatuzkoa). Irudi luke bazterrak beren antz-irudi-gogara eratutako Hiritzar bihurtzea izan dela Gizon Haundi askotxoren tema.

Gero, bestalde, «herri bat» garela ere asmatu digute, indefinizioa bera dirudien hitz bati esanahi jakin homologatu bat emanez (‘etnia, nazioa’ edo). Euskal herriak plurala maiz erabili izan da ordea, eta umeek ere badakite, izatekotan ere, herri batzuk garela, edo hobeki esanda, herri batekoak eta batzuetakoak garela aldi berean.

Asmatzen hasi eta munstrotxoak asmatzen ditugu gaur.

Bortxatzaileak eta ez-bortxatzaileak

Alfontso Mujika Etxeberria

Euskal Herritik urrun harrapatu ninduten iazko urrian Euskal Herriko giro politikoa inarrosi zuten berri nagusiek: Donostiako Nazioarteko Bake Konfererentzia eta ETAren ekintza armatuen behin betiko uztea. Etxera itzulita, postontzian pilatutako aldizkariak irakurtzeari ekin nion. Bake-konferentziaren ostean Bertie Ahern-ek irakurritako adierazpena irakurri nuen Argia aldizkarian. Laugarren puntuan, hau:

(…) Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu (…).

Ez nuen ondo ulertu, eta Berria egunkarira jo nuen. Han, berdin-berdin zegoen testua. Beraz, banatutako testu ofiziala izango zela pentsatu nuen. Erdal iturrietara argi bila jo, eta Bertie Ahernen bulegoaren webgunean aurkitu nuen ustez jatorrizko bertsioa dena:

(…) We suggest that non violent actors and political representatives meet and discuss (…)

Eta Diario Vasco egunkariaren hemerotekan ere aurkitu nuen gaztelaniazko bertsioa:

(…) Sugerimos que los actores no violentos y representantes políticos se reúnan (…)

Etsipen-puntu batez egiaztatu nuen, berriz ere, euskararen estandarizazioan badugula zer ibilirik. Ez naiz ausartzen esaten bortxatzaile “etimologikoki” gaizki dagoenik, baina, hor, egokia behintzat ez zitzaidan iruditu. Gure inguruko bi erdara nagusietan eta munduko hizkuntza nagusian bereizketa egiten da (es: violento/violador; fr: violent/violeur; en: violent/rapist [pertsona], violator); hori hala izanik ere, ez gaude gu behartuta bereizketa egitera. Ados, ez dugu bereizketa mimetikoki egin behar, baina… mesede egiten al digu bereizketa ez egiteak? Laguntzen al digu testu ulergarria lortzen? Euskaraz sortutako testua, eta ez itzulia, izan balitz, hala idaztea bururatuko zitzaigun?

Iazko gogoetatxo hori berpiztu dit, eta zabaldu, adiskide batek egin didan galdera-sortak.

Berak: «Nola esan behar dugu violencia euskaraz?»

Nik: «indarkeria edo biolentzia, nahi duzun moduan».

Berak: «Eta no violencia?».

Nik: «indarkeriarik eza edo biolentziarik eza».

Berak: «Eta violento?».

Nik: «Ba, indarkeria dakarrena adierazteko bada, indarkeriazko izenlaguna, edo, bestela, bortitza izenondoa».

Berak: «Eta biolentoa ezin da erabili?»

Nik: «Tira, Iparraldean biolent erabili izan da tradizioan, eta, gaur egun, Hegoaldean behintzat, biolento aski erabilia da, bai prentsan, bai literaturan. Ez nizuke eragozpenik jarriko biolentoa erabiltzeko».

Berak: «Orduan, no violento, euskaraz, ez biolentoa esan daiteke?»

Eta nik: «Ba, bai. Baina, Aitziber, zer duzu galdera-zaparrada honen atzean?».

Eta berak: «Begira, “Nonviolence”ko mugimendu batean nabil, eta indarkeriarik ez horrek ez digu balio. Bi hitz dira, deklinatu behar denean arazoak ematen dizkigu, eta ezin dugu hortik izenondoa atera».

Saiatu naiz, hasieran, kontra egiten. Esan diot resistencia no violenta edo el 15-M es un movimiento no violento gisakoetarako, nahikoa izan litekeela indarkeriarik gabeko erresistentzia eta 15-M indarkeriarik gabeko mugimendu bat da edo antzeko zerbait. Baina beste adibide batzuk eman dizkit (Ser no violento no es lo mismo que no ser violento…), eta esan dit ideologia bat dela, filosofia bat dela.

Orduan, beste hizkuntzetako jokabideari erreparatu diogu (es no violencia / no violento;  fr non-violence / non-violent; en Nonviolence / nonviolent; ca no-violència / no violent; it nonviolenza / nonviolento), eta ikusi dugu, bestalde, baditugula tradizioan ezantsia, ezaxola, ezbehar, ezbide, ezdeus, ezgarai, ezizen, ezleku, ezordu gisakoak. Hala, ezbiolentzia eta ezbiolento ontzat ematekoak iruditu zaizkit (ez dugu ezer asmatu, dena den; ikusi dugu dagoeneko aski erabiliak direla euskaraz ezbiolentzia eta ezbiolento esanahi horretan).

Aitziber gustura antzean gelditu da; berari aukera hori iruditzen zaio egokiena, eta ziurtatu nahi zuen ez zegoela horretan hizkuntza-behargabekeriarik. Ni, pentsakor gelditu naiz, bortizkeria/bortitz (bortizkeriarik eza / ez-bortitza) aukera aipatu ere ez baitiot egin.

Indarkeria, bortxakeria, bortizkeria eta biolentzia oinak emanda, nola osatu bertsoa?

Izenburuak eta genero markak

Bego Montorio Uribarren

Hitz pare bat, izen bat, esaldi izatera heltzen ez diren enuntziatu motzak izan ohi dira izenburuak —literatur lanen izenburuez ari naiz—; eta, beren laburrean, esanahi, oihartzun eta erreferentzia askoren biltzaile. Gauza handia da izenburu on bat, egilea ezagutu ere egin gabe liburua irakurtzera bultza baitezake, edo, kontrara, obra osoa bazterrean uztera. Ondo dakite hori dena idazleek eta editoreek; ondo dakigu itzultzaileok zein neketsua izan daitekeen horren ordain egokia ematea beste hizkuntza batean.

Zailtasun ugari eta askotarikoak topa ditzakegu izenburuak euskaratzerakoan, eta, gaurkoan, horietako bati heldu nahi diot: nola euskaratu jatorriz genero marka (maskulinoa/femeninoa) duten izenburuak? Badakit mataza oso korapilatsu baten haria baino ez dela, izenburuetatik askoz haratago doan kontua, baina, gaia labur aurkezteko modua eskaintzen duenez, eutsi egingo diot.

Bilaketa ez erabat zehatza egin dut Literatur itzulpenen katalogoan, eta jatorrizko testuan gizonezko marka duten hamaika izenburu aurkitu ditut (Pedro y el capitán; L’étranger; El amigo de la muerte; Il Compagno; El buscón; The hunter; El capitán Alatriste; El licenciado Vidriera; Le neveu de Rameau; El amante; El amante liberal), eta beste zazpi, femeninoaren markarekin (La chantatrice chauve; La gitanilla; La romana; La vagabonde; La herbolera; La española inglesa; La petite fille de Monsieur Linh). Lagin txiki bat baino ez da, beste asko aurkituko baikenituzke poema eta ipuinen izenburuei begiratu bat emanez gero, baina joera batzuk antzemateko balio duelakoan nago.

Nola eman dira izenburu horiek euskaraz? Gorde al dira genero markak? Noiz bai, noiz ez? Hona erantzunak.

Jatorrizkoan maskulinoaren marka duten kasu guzti-guztietan, euskaraz ez dago inolako genero markarik: Rameauren iloba, gurean, neska zein mutila izan daiteke liburua irakurri ezean; Amorante eskuzabalaren sexua irakurleak berak erabaki dezake, izenburuari erreparatuta.

Bestelako aukera batzuk ere egon litezke, baina, oro har, zeharo onargarria deritzot baliatutako itzulpen estrategia horri.

Eta, zer gertatu da jatorrizkoaren genero marka femeninoa izan denean? Bada, kasu horietan, ia inork ez du estrategia hori erabili. Aipatu izenburuetako bakar batean —Linh jaunaren biloba— eutsi zaio joera inklusiboari, eta, beste haren ilobarekin bezala, bilobarekin ere ez dakigu neska edo mutila den; liburu barrukoa irakurri arte, jakina.

Gainerako guztietan, genero marka femeninoa ezarri dute itzultzaileek, artez edo moldez, xede testuan; dela «emakume» edo antzeko hitzen bat sartuta (Erromako emakumea; Ijito nexka; Espainiar andere ingelesa; Emakumezko abeslari burusoila), dela izen propioak erabilita (La vagabonde – Mari alderrai; La herbolera – Kattalin). Esan beharra dago Ionescoren obrari izena ematen dion eta inon agertzen ez den chantatrice hori, lehen edizioan, «abeslaria» baino ez zela, eta duela gutxiko edizio zuzenduan (Urrezko Biblioteka bilduman) bilakatu dela «emakumezko abeslaria».

Lagina txikia da, badakit; obra bakoitzaren baitan bilatu behar da arrazoia, badakit.

Eta, hala ere, ukaezina da euskarak berezkoa ez duen arau bat agertzen dutela adibide horiek: erdal maskulinoak (argi eta garbi generikoa ez den kasuetan) ez omen du markarik behar euskarazkoan; erdal femeninoak, ordea, bai, horrek marka behar omen du. Durasen maitalea gizon txinatar gazte bat dela dudarik ez zaio geldituko obra irakurtzen duenari, izenburuan «Maitalea» baino agertu ez arren; zergatik da, orduan, hain garrantzitsua Moraviaren erromatarra emakumezkoa dela izenburuan bertan agertzea?; irakurri ahala jakingo dugu Adrianaz ari dela.

Itzulpenetan antzemandakoak dira horiek, baina seguru nago ez dela bakarrik itzultzaileon kontua, neurri handi batean gure artean hedaturik dauden erabilera eta jokamoldeak islatu baino ez baitugu egiten. Hain hedatuak non egon badaudela konturatu ere ez garen egiten, ez itzultzaileak ezta hiztun arruntak ere.

Niri gutxienik, zer pentsa eman dit.

Beriain (I): «Batere añaditu edo gendu bage»

Iñigo Roque Eguzkitza

Utergaeliza2Joan Beriain, ezagun denez, batez ere dialektologoei gertatu zaie ohargarri eta intereseko, Hegoaldeko goi-nafarreraren lekukotasun idatzi bakanetako batzuk utzi zizkigulako. Itzulpenaren inguruan ari garenontzat ere, hain ezagun izan ez arren, zenbait lezio ditu gordeak Utergako erretoreak.

Gaurkoan, Dotrina kristioarena euskaras (1626) liburuan jasotako bat ekarriko dizuegu, beste era bateko gogoeta batzuk datorren urterako utzirik. Liburua euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, Beriainen guztiak bezala, eta komeniko litzateke, gure aztergai honetarako, jakitea zer bertsio idatzi zuen aurrena (egingo nuke erdarazkoa izan zela). Ez dakigu, beraz, zenbateraino izan zen euskal itzultzailea. Nolanahi ere, gutxi-asko, garaiko liburu katoliko gehienetan ugaria zen itzulpena.

Gure liburuxkan, aurren-aurrena, «Gure Aita»ren testua ematen digu Beriainek.

Aita gurea, zeruetan zaudena, santifika bedi zure izena, etorri bedi zure Erreñua, guregana egin bedi zure borondatea, zeruan bezala lurrean ere, gure egun orosko ogia eman drazaguzu egun, eta barka drazkiguzu gure zorrak, guk barkazen dizkiotegun bezala geuren zordunei, eta ezkaizazula utzi tentazioan erortera aitzetik libra gaizazu gaizetik, Ala dela.

Eta, hurrena, herriaren ahotan otoitz hori esatean egin ohi den huts bat zuzentzen du. Honela:

Erranen du agian zein baitek eztela erran bear orazio onetan libra gaizazu gaizetik baizik gaiz guzietatik, nola aunizek erraten baitu bada, da gauza ziertoa eta klaro dena eztela erran bear gaizetatik, bai gaizetik, eta arrazioa da zeren orazio hau bear da erran edo zein lenguaje motan Kristo gure Iaunak ordenatu zuen sentidoan berean itzik batere añaditu, eta jendu bage, eta ala erraten draugu Eliza ama sanduak. Bada Latines erraten dugunean dio, Sed libera nos a malo, eta ez a malis, eta Erdaras erraten dugunean dio, Mas libranos de mal, eta ez de males ala bada Euskaras erran bear dugu gaizetik, eta ez gaizetatik, alaber berze orazioetan Ioanem naiz erranes itzik baterere añaditu, eta gendu bage al dagidan guzias Elizak erraten dizkigun sentidoan berean.

Argi uzten du jatorrizkoari hitzez hitz (ad litteram) segitzen saiatu dela, deus ere gehitu edo kendu gabe, Eliza Amari men eginda.

Dakizuenez, Trentoko Kontzilioaz geroztik (1545-1563), herri-hizkuntzak sartzen hasi ziren Elizaren bizitzan, Erreformari buru egiteko asmoz, nahiz kontzilioak, oraindik ere, San Jeronimoren Vulgata proposatu zuen oinarrizko testu gisa (hura Espiritu Santua tarteko mamitu baitzen). Utz ditzagun hurrengorako, ordea, Erreformako eta Kontrarreformako itzultzaileen joera eta moldeen arteko konparantzak.

Joan_BeriainDeigarria da mailegu lexikoen ugaritasuna testuotan. Ez dakit horretan eraginik izan ote zuen muturrerainoko fideltasunaren beharrak, edo Hegoaldeko goi-nafarreraren ezaugarri zen ordurako, edo idazlearen aurretiko ikasketen ondorio zen, edo testuen elebitasunak zerikusirik duen horretan. Mitxelenak ere agertu zigun kezka hori:

Nafarroan, zoritxarrez, eta arrazoi bila hasi beharko dugu noizpait, ez ikasien arimen probetxuari begira zegoenik izan arren, ez zutez, halaz guztiz, hizkuntza jasotzeko lehia sutsurik agertu: ikus, adibidez, Beriain, Elizalde, argitaratuak zeuden eta argitaratzen ari ziren dotrinak… (Mitxelena: «Mendiburu eta Larramendi», 1982)

Ez daitezela sinonimo izan noizbait eta inoiz ez. Hala biz edo, Beriainek zioenez, hala dela.

Ispiluaz, senaz eta itzulpenaren mugez

Irantzu Epelde Zendoia

Jatorrizko testuarekiko leialtasuna omen du itzulpen onak ezaugarri. Hormako argi islatuaren pare, errainuarekin eta ispiluarekin irudikatu izan da, sarri, itzulpena. Aipamen zerrenda polita dakar, esate baterako, Jean Delisle-k bere La Traduction en citations lanean [1]. Horietako bat, hauxe:

Le traducteur excellent obéit au poète comme le miroir obéit à la lumière, en vous renvoyant l’éblouissement [2].

IMG_1195

Hizkuntza batean esaten den guztia dago beste batean esatea, noski, baina ez beti, ez guztiz, ez erabat berdin. Itzultzaileek badakite ondo asko. Senak izugarri laguntzen diola esan zidan behin alemaniera-euskara itzulpenetan aritzen den adiskide batek, baina halere ihesik egin gabe ibiltzeak lanak ematen dizkiola. Eta ez gutxi. Hala-hala mintzo zaigu Lourdes Oñederra Euskaltzaindian sartu zeneko sarrera hitzaldirako aukeratu zuen ingelesezko izenburuaz (Drift):

«Edward Sapir handiak 1921ean argitaratu zuen Language liburuan hizkuntzaren aldaketa historikoari dagokion VII. kapituluaren azpititulua da drift hitza. Mexikoko Fondo de Cultura Económica argitaletxeak 1954 urtean argitaratutako espainolezko itzulpena egin zutenek ez zuten nonbait jakin nola itzuli eta, besterik gabe, kendu egin zuten kapituluaren azpititulua. Alberto Gabikagojeaskoaren euskarazko itzulpenean «eraldaketa korrontea» agertzen da drift hitzaren ordain VII. kapitulu horren idazburuan. Zintzotasunez ez da azpititulua kendu. Itzuli egin da nolabait, edukiaren ondorioa azaldu zaigu, hizkuntzaren azterketari zuzenean dagokion esanahiaren zatia. Ezinbestean metafora hautsi da, agian sinekdokearen bekatua eginaz. Itzulpenaren mugak azaldu zaizkigu; hizkuntza batean esaten den oro esan daiteke beste batean, noski, baina ez beti, ez guztiz, ez erabat berdin. Itzultzaileak ahalik eta ongien moldatu du euskarara hitz zail hori, drift, aipatu kapituluan eta hurrengoan batez ere, baina liburu osoan zehar aski maiz agertzen dena; horrela, dituen adiera eta kategoria desberdinetan puskatuta agertzen da ingelesez aditz zein izen izan daitekeen drift hitzaren eremua: joera, korrontea, norabidea, xedea, eta abar.» [3]

Itzulgaia nola itzuli asmatu ezinik ibili izan gara maiz ofizio honetakoak ez garenok; ogibidea itzulpena duenak nolako buruhauste eta buru-nekeak erabiliko ote ditu bere eguneroko jardunean, frangotan seguru buru-nekagarri, eta inoiz akaso ernegagarri…


[1] Jean Delisle, 2007, La Traduction en citations, Les Presses de l’Université d’Ottawa.
[2] Victor Hugo, William Shakespeare, 1973, Flammarion, Paris.
[3] Lourdes Oñederra, 2010, “Drift”, Euskera 55-1 (23-24.or.).

Sortze-askatasunak ez du mugarik

Juan Kruz Igerabide Sarasola

Jakina, nola ez ba. Hizkuntza erabiltzean, bat sortzaile eta herrikoi edo kultu edo espezializatu edo artista jartzen denean, ez dago mugarik. Hori besterik ez genuen behar. Zeinek debekatuko dit edonondik jarri beharrean eonondik jartzea? Ez dago itxurarik bataren eta bestearen artean; eonondik askoz ere musikalagoa da, eta, herrikoiagoa, natualagoa. Eta eronondik ironikoa zer? Ez noski eroren oihartzuna duelako, baizik eta zenbait eskualdetako jende mota baten hizkera musikamotzari keinu ironiko gaizto sortzailea egiten diolako.

Beraz, hizkuntzarekin sortzen eta sortzen ari garenean, hizkuntza asmatzen eta asmatzen ari garenean, mugarik ez mesedez, arau irentzailerik ez. Horri ez dago kontra egiterik, kitto. Dena dela, sortzaile amorratuak eskaintzen dituen emaitza guztiak aitzakiarik gabe onartzea besterik ote den nago; asmatzen eta asmatzen ari denak zer esan nahi duen asmatu behar dugunok tartean arautxoren bat beharko ote litzatekeen pentsatzen hasten gara. Besteok ere, irensleok ere, zer esana ba ote dugun edo.

Hau esan beharrik ez zegoen, baina esan beharra neukan, hara. Inori zuzenean, ez; geroni, izatekotan.