Irulegiko Eskua jendaurrean aurkeztu zutenetik urte luzea igarota, oraindik ere argitu ezinik gabiltzala, egitekoaren konplexutasunak ageri-agerian uztea ezinbestekoa da, hasierako euforiak estalirik geratu ziren ohartarazpen eta zuhur-hitzak aldarrikatuz.
Gaurko sarreraren izenburua ez da nahikari edo eskari baten adierazpen traketsa, eta ez naiz “iragan denbora beti hobe” topikoaz arituko; ez eta iraganera bidaiatu ahal bai, baina hura aldatu ezinaren paradoxaz ere.
Blog honen testuinguruan uler bedi bihurtu aditza; ‘itzuli’, alegia, ‘translatatu’, ‘traduzitu’.
Izan ere, zer da testu zahar bat (areago idazkera [ia] ezezagunean idatzirikoa) ulertzea, geureagoa den hizkuntza-molde batera ekartzea baino?
Hala bada, zer behar du kontuan hartu itzultzaileak testu bat bihurtzerakoan? Lehenik eta behin, sorburu- eta helburu-hizkuntzak; hots, horiek ongi ezagutu behar ditu. Horrez gain, nork, norentzat eta zertarako idatzi duen ere jakitea komeni zaio (testuingurua), hitz, esapide eta molde guztiak egoki interpretatuko baditu. Orobatsu da, funtsean, epigrafista, filologo edo hizkuntzalari diakronikoek testu zahar eta antzinakoen aurrean beharko luketena.
Areago, sorburu-hizkuntza eta idazkera bera ezezagunak edo erabat identifikatu/dezifratu gabeak direnean, corpus zabala eta adibide elebidunak eskura izatea da desiragarriena; besteak beste, argudiaketa zirkularretan ez erortzeko.
Iberieraren kasuan, adibidez, ez dugu azpian dagoen hizkuntza egiazki ezagutzen, baina, halere, idazketa-sistema nahiko ongi (ez guztiz) ulertzera iritsi dira. Ez dago egiazko testu elebidunik, baina bai corpus nahiko zabala, zeinetan pertsona- eta leku-izen zenbaiten formak ziurtasunez identifikatu diren. Horiekin batera, zenbait atzizki posible eta, zalantza askoz handiagoz (ene ustez, bederen), aditz-formaren bat eta terminologia-kontu lauso batzuk.
Aldiz, historikoki ezagutzen dugun euskararen 1.500 urte lehenagoko ezaugarriez ezer gutxi dakigu (jakinen adiera hertsienean), harrietan zizelkaturiko elementu onomastikoetatik (zeharka, beraz) ondorioztatu ahal izan diren kontu batik bat fonetiko-fonologikoez gain. Zoritxarrez, barne-berreraiketak eta bestelako eraikuntza teorikoek ez digute esaten igarritako aitzin-hizkuntza hori noizkoa den.
Bestalde, Irulegiko Eskuaren azpian datzan hizkuntzaz hipotesiak besterik ezin genezake egin, idazkeraren berezitasunak eta bestelako ebidentzia negatiboek (“ez da/dirudi zeltiberiera edo iberiera”) uzten diguten heinean. Alabaina, hipotesi horiek baieztatzeko edo, gutxienez, argudio linguistikoez janzteko, corpus murritz eta bakanegia dugu lau lerro horietan. Ezagunak dira Rosetta harriaren eta B lineal delakoaren aurkikuntzak eta dezifratzeak, baina ez ohi da horrenbeste azpimarratzen horien atzeko historia eta kronologia. Ez zen magiarik jazo orduan, eta ez da halakorik gertatuko orain ere. Lan handia eta denbora nahikoa ezinbesteko osagaiak dira.
Horiek horrela, neure iritzia azaldu nahi nuke, dagoeneko idatzirik dagoen iraganaren iragarpen moduan: nago Irulegiko Eskuaren misterioa ez dela argituko harik eta lekukotasun gehiago agertu arte, gutxienez. Eta orduan ere, ziurrenik argitasuna ez da berehalakoan etorriko.
* * *
Iraganera itzultzeko motibo asko izan litzake pertsona batek; esaterako, eginiko hutsak ekiditea edo bidelagunez garaiz aldatzea. Hizkuntzalari gisa, bidelagun horiek izan daitezke ezagutzan oinarrituriko hipotesiak eta argudioak, hizkuntzak berak edota datuak ikusteko moduak (marko teorikoak). Horiek aldatzea errazagoa da, horretarako arrazoirik aurkituz gero, iraganerako itzulia erosoagoa eta emankorragoa izan dadin, iragana bihurtu (‘bihurritu’) gabe.
Berriako kazetari eta nire lagun Iker Tubiak Esti Blanco-Elorrieta elkarrizketatu zuen iragan urteko martxoan. Psikolinguista eta neurozientzietako ikerlaria da hura, eta elebidunen garunak nola funtzionatzen duen ikertzen ari zen orduko hartan –akaso, horretan dabil egun ere–. Aitorpen bat: ni ez naiz batere zientzia zalea, eta hain zuzen horregatik, diagonalean irakurri ohi ditut zientziari buruzko artikulu gehien-gehienak. Tituluak leitu, nabarmendutako entresakei edo galderei behatu eta irudi edo infografiak laster batean ikustearekin aski izaten zait kasik beti. Aukeran, gutxiegitan irakurtzen ditut fundamentuz; pieza bat osorik irakurtzen dudan aldiro madarikatzen baitut aurrekoak leitu ez izana.
Izan ere, hasi nintzen Tubiaren elkarrizketa hura irakurtzen, gainetik hasieran, erne ondotik, eta, hara non, txoratua utzi ninduten esplikaziook –eta bidali nion esteka WhatsAppez amari–. Artikuluan kontatutakoen nahas-mahas bat da sarrera honen parte handiena –lotsagabea halakoa (ni)!–, blog honek irakurgai gomendioak egiteko ere balio duelakoan.
Blanco-Elorrietaren arabera, elebitasunari buruz bada argitu beharreko zerbait: «Garai batean pentsatzen zen hizkuntzak nolabait aparte zeudela maila anatomikoan, elebakarren ikuspuntutik ematen zuelako bi instantzia oso ezberdin zirela. Baina elebidunaren ikuspuntutik, sistemak bestelakoa izan behar du, hizkuntzak etengabe nahasten ditugulako». Hala, ikerlariaren hitzetan, dakizkigun hizkuntza guztien arauketak sistema bakarrean bilduta izanik, unean aukeratzen dugu hitzak ze hizkuntzatan esan, eta, hori horrela, alderdi horri erreparatzeko bereziki interesgarriak omen dira, adibidez, euskañolez osatutako esaldiak: «Esan dit que etorriko naizela». Hori, esaterako, ontzat jotzen du Blanco-Elorrietak, garunari so eginez behintzat. «Esan dit que etorriko da», ez hain ona.
Hizkuntza batean aritzean zerbait beste hizkuntza batean –oharkabean– esaten dugun aldi horietarako ere badu esplikazioa psikolinguistak. «Aktibazioaren neurrian» omen dago gakoa. «Orokorrean, dauzkazun berba denen artean aktibazio handienekoa aukeratzen duzu. (…) Berba batek ez badu transmititzen gura duzun emozioa beste baten moduan, aldatzea dago. Edo ez bazaizu burura etortzen txakur berba, aktibazioa txikiagoa delako, agian perro esango duzu gura gabe».
Bestalde, elkarrizketan bistara gelditzen da elebitasuna eta itzulpena ezin bereizizkoak direla ia. Hona itzulpenari buruzko Tubiaren galdera, eta Blanco-Elorrietaren erantzuna, segidan.
I. Tubia: Itzulpena egitean ezberdin jokatzen du burmuinak?
E. Blanco-Elorrieta: Ez du ezberdin funtzionatzen. Maila kognitiboan, edo linguistikoan, esan dezakezu mekanismo berak erabiltzen direla, baina pentsatu garunean distribuzio probabilistiko bat daukazula. 15 urtegaz ingelesa ikasten hasi den euskaldun baten garuneko hiztegi mentalean, euskarazko berbek askoz bere aktibazio handiagoa izango dute, mila bider entzun baititu. Baina 15 urtegaz AEBetara joan eta ez bada bueltatu, ingelesezko aktibazioa handituz joango da, eta euskararena, jaisten.
Elebakar totalak dira –edo ziren– nire lau aitatxi-amatxiak. Aitaren aitari, Juanitori, kostatu ere egiten zitzaion ulertzea nolatan izan zitekeen norbait umetatik elebidun. Gaztelaniaz egiten zidan berak, eta euskaraz gurasoek, eta sinetsia zegoen ni txiki-txikia izanik ezinezkoa zela bietara ulertzea. «Igual orain hasiko zaizu pixkanaka deus [euskaraz] ulertzen, ezta?», galdetu zion amari nik bi urte-edo izanen nituenean. Euskararen gaineko ezjakintasun erabatekoa ere izanen zen horren atzean. Edonola ere, kostatzen zitzaion posible zela ulertzea, baina ulertu zuen, eta beti ikusi zuen begi onez «ahalik gehien jakitea». Gaztelania ez ezik euskara ere baldin bagenekien, are eta hobeki.
Erriberrikoa zen Juanito. Ez du ikustekorik elebitasunaren aurrean erakutsi zuen harridurarekin, baina seguru naiz harrituko litzatekeela azkenaldian sorterrian gertatzen ari den kontu batekin. Enegarrenez, euskarofoboren batek pintura beltzez estali du herriaren sarrerako karteleko Erriberri, soilik gaztelaniazko Olite bistaratu dadin. A ze aznahia elebitasunak.
I. Tubia: Elebitasuna ona edo txarra den eztabaidagai da oraindik?
E. Blanco-Elorrieta:Eztabaida sekulakoa da. Batez bere asko pasatzen da iragan koloniala daukaten herrialdeetan eta identitate nazional bakarra bultzatzeko interesa dagoenetan (…).
Erriberritik 50 kilometrora, Orkoienen, herriko alkate Alejandro Lopez haserre dago haur euskaldunek «pribilegioak» dituztelako elebidunak izateagatik. «Ludoteka bat dugu euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarakoak bietara joan daitezke, baina gaztelaniakoak gaztelaniazkora soilik joan daitezke; hau da, [euskaldunek] bi aldiz zerbitzu gehiago dituzte. Jada ez gara eskubideez ari: pribilegioez ari gara». Berriz ere: a ze aznahia elebitasunak, betiere euskara bada ekuazioaren barrenean dagoena.
Hemen bertan idatzi nuen artikuluaren harira, Susa argitaletxeko Josu Landak Lur bat zure minari liburuaren ale bat bidali zidan etxera eta alaitu zidan arratsaldea. Liburua berriz irakurtzen ari nintzen bitartean Altsasuko supermekatu handi baten parkinera joan zitzaizkidan burua eta bihotza. Bertan zeuden, nire zain, Joakin Balentzia eta Joxemigel Bidador. Elkarrekin joan ginen Loiuko aireportura, biderik luzeenetik. Joxemigelek maite zituen biderik luzeenak, eta harrezkero handik joaten naiz ni ere hegaldi bat hartu behar dudan bakoitzean. Galizian egon ginen egun batzuetan euskal idazle talde bat, paisaiari buruzko Galeusca batean. Loiutik Mondoñedora joan zitzaikidan bihotza eta burua. Bertan eman zuen Xabier Gantzarainek hitzaldi bat: Maitetasunaren koordenadak. Hitzaldi zoragarri hartan, bestek beste, Lur bat zure minari liburua aipatu zuen. Izan ere, bere etxean hainbestetan entzundako maitetasun hitza aipatzen zen liburu hartan. Bakardade linguistikoaz aritu zen, hiltzera kondenatuta dauden hitzez, eta liburu hartako poemetako bat irakurri zigun:
Koordenadak
Almitza hazten den lekuetan bizi gintezke Inoren saihetseko burdinen artean sartu eta itotakoei arnasa nola hozten zaien ikasi Ibaiko sunda dute begiok eskuok urriko zeru bat bezala aldatzen gara Berariaz dagoz aireportuak gugandik hain urrin laino itsuaz haruntzago Ibaiko sunda du saminak ere, ibaitu egiten da oroimena zauriak ibaitu Eta bakeak urpetu gabeko lurrotan elkar maitatzera egiten dugu Alboan zaitudan egiaztatu koordenadak berritu Eta atzokoan loak non lotu gintuen idazten dut Idazten dizut jakitearren arrotz ez garen lekuan atzerritar garen Urondoan pausatu garen orea lotan bezala ala abantean igaro gehiengoz bozkatu galernen peko Erbeste ederra dateke zure bihotza urre gorrizko kaserna Baina lurmendatu ezinezko talaiak ditu gure maitetasunak Baimendu gabeko eremuak ahora ekartzeko gaitzak diren izenak Haitzen gandorrak bezalakoak jitoak daramanarentzat Orduan libre ez garela aitortzen diogu elkarri Zerbait hiltzen zaigula barruan eta bizi ez gintezkeen herriak habitatzen ditugu
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)
Azaldu ezin dudan bulkada baten ondorioz erabili izan dut maitetasun hitza nire liburuetan; erabili ditut polderra zein almitza —edo albitza—, denak ere Lur bat zure minari liburutik ateratakoak. Gantzarainek hitzaldi hartan aitortu zigun maite duena erakusteko idazten duela, eta maita dezaten ere bai. Eta beharbada idazten ari garenean eta erabiliko ditugun hitzak hautatzen ditugunean gure unibertso literarioaren koordenadak ezarri nahian ari gara, maite dugunagatik maite gaituztelako gu ere.
Azken lurra
Inondik errenditzen ez den ura da gure maitetasuna Zoratu egiten da Hegazkinak islatzen ditu Teilapeak iluntzen akorduetara amarratuta Egitate mingarri anitz eman da ontzat Etxeratze hitsen durundioa inongoa izatekotan Eta minbizia aukeran Zein erdi arotatik zein bestiariotatik irten du gure maitetasunak Itutez jota hiltzeko ginoan den zeruak
Geure burua beste etsairik onesten ez duen lurra Jendea batera bizitzen maitasun froga beraren hegian Minutu berean lurmutur berean Gure maitetasunak ez daki Ez daki hegan Ez da kalatxori Darabiltzan orratzek bestelako iparrak dituzte xerka Itsasgorak ekarriko ez dizkigun iheslariak Itsasbeheran utziko ez dugun edertasuna Hau da agin ziezaguketen azken zerua Ez dago inor ebakuatzerik Hildakoak ohean direla abandonatu ditugu etxeak Hipermerkatuetako aparkalekuak dauzkagu igandeetan elkar maitatzeko Hegazkinak teilapeak eta itoak estu amarratuta Zu ez zaitut abandonatuko Azken ordutan ez da bonbarik lehertu baina ez da heldu bakea
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)
Irlandako Galway hirian lagun talde handia ostegunero biltzen da The Crane tabernan, ipuinak entzutera. Saioak Celtic Tales du izena, eta helduentzako ipuinak dira. Ipuin-kontalaria eskoziar irlandarra da, eta Rab Fulton deitzen da. Ipuinak kontatzeaz gain, idazlea ere da; beraz, ahozko istorioak hizkuntza idatzira itzultzeari buruz ere galdetu diogu.
AMELIA PÉREZ: Celtic Tales saioetan istorioak, ipuinak eta kondairak kontatzen dituzu, eta saio bakoitzean ezberdinak dira. Nolatan dakizu hainbeste istorio eta ipuin?
RAB FULTON: Iturburuen konbinazioa da. Nire familiako guztiok istorioak kontatzen zituzten. Emakumeak eta gizonak etxean biltzen ziren, eta, erre eta edan bitartean, istorioak kontatzen zituzten arratsalde edo gau osoan, eta abestu ere egiten zuten. Horrez gain, liburutegiei, herriko kulturari, zinemari eta telebistari esker jaso nituen. Gero, nire kabuz, istorio bakoitza osatzen duten askotariko istorioak, tradizioak eta eraginak ere ikertu ditut.
AP: Ikerketa hori oinarri hartzen al duzu, ahoz entzun duzun istorio bat idazten duzunean?
RB: Ahozko istoriotik ahalik eta gutxien urruntzen saiatzen naiz, batez ere, istorio zehatz batzuk direnean. Horrelako istorio bat idazten ari naiz gaur egun. Amak kontatu zidan, eta amaren herrian bizi zen emakume bitxi bati buruzkoa da. Herriko biztanleak emakume horren beldur zeuden, baina beste batzuetan aholku eskatzen zioten, bereziki, medikuek eta apaizek konpondu ezin zituzten gaiei buruz. Geroago jakin dut emakume horren eta Cailleach jainkosaren arteko loturak daudela. Hala ere, nire ikerketa akademikoak istorioetan eraginik ez izaten saiatzen naiz, nahiz eta istorioek nire ikerketa akademikoan eragin handia izan. (Barre egin du)
AP: Nola sentitzen zara istorio bat kontatu bitartean? Eta idatzi bitartean?
RB: Kasu bietan istorioaren paisaiatik ibiltzen naiz. Entzuleen zein irakurleen irudimenean istorio hori sortu nahi dut. Istorioa ez da existitzen paisaiarik gabe, paisaia istorioaren aingura da. Ahozko emanaldietan istorioa entzuleekin batera sortzen da elkarrizketa batean, baina nik argi jakin behar dut non nagoen eta nondik ibiltzen ari naizen. Istorioa idazten dudanean, ordea, nire barruko ahotsekin ari naiz hizketan, baina ibilaldi luzeagoak egin ditzaket, eta arreta handiagoa jar dezaket xehetasunetan. Dena den, idatzizko istorioak ozenki ere irakurtzen ditut. Ahoan gozo sentitzen ez badira, paperean ere ez dira eroso sentituko.
AP: Istorio osoa jarraian idazten duzu?
RB: Ez, pixkanaka idazten dut. Txakurra buelta bat ematera ateratzen dudanean, bazkaria prestatzen dudanean, hau da, nire eguneroko ekintzak egin bitartean, istorioa imajinatzen dut, eta batzuetan irudiak ere egiten ditut. Egunkari bat daukat, eta nire istorio gehienak bertan hasten dira. Egunkarian oso libre sentitzen naiz, askatasun osoz idazten dut. Gero, egunkariko ideia batzuk gehiago lantzen ditut, eta lehen zirriborroa egiten hasten naiz.
AP: Istorioak idaztean ez al dago hitzetan galtzeko arriskurik?
RB: Bai, baina dibertigarria da. (Barre egin du). Olerkiak sortzeko erabiltzen ditudan teknikak batzuetan istorioak idazteko ere erabiltzen ditut. Hitzen soinuari, oihartzunari eta beste hitz batzuekiko loturei erreparatzen diet. Dena den, garrantzitsuena istorioa da. Istorioak funtzionatu behar du.
AP: Badirudi istorioak gero eta jende gehiagori interesatzen zaizkiola. Zeuk ere hori uste duzu?
RB: Istorioak betidanik kontatu dira. Idatzizko literatura hedatu aurretik, kultura ahoz zabaltzen zen. Ahozko tradiziotik datozen istorioetan dena kondentsatuta dago. Istorio horiek gure orainaldiarekin konektatzen gaituzte, baina baita iraganarekin ere, eta aurrera egiten jarraituko dute beste pertsona batek kontatuko dituelako. Transmisio eta konexio horrek aurrera egingo du, eta bidetik aurkikuntza berriak egingo ditugu. Pertsona guztiek parteka dezaketen une miragarria sortzen dute istorioek.
Hizkuntzak hezkuntza prozesuan duen garrantziaz eta rolaz aritu naiz azken sarreretan. Gaiarekin jarraituz, baina arreta-gunea apur bat aldatuz, gaurkoan, sareetan, kaleetan, eskoletan eta unibertsitateetan bolo-bolo dabilen gai bat ekarri nahi izan dut. Duela aste batzuk PISA probaren emaitzak argitaratu ziren, eta asko dira sortu diren kezkak, ardurak eta harridurak. Lerro hauetan azken urteetan, oro har herrialde guztietan, irakurketaren ulermen mailak izan duen beherakada kezkagarriaren inguruan hausnartu nahi dut. Testu bat irakurtzeak eta ulertzeak hitzak deszifratzea baino gehiago eskatzen du. Ikasleek, pentsamendu analitikoa eta kritikoa garatu dezaten, testuaren egitura aztertzeko, gai nagusiak identifikatzeko, informazio garrantzitsua ateratzeko eta inferentziak egiteko gaitasuna garatu behar dute.
Hezkuntza komunitatean joera negatibo horretan eragina duten faktoreak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzeko beharra ikusi da. Izan ere, ulermen arazoek ikasleen hezkuntza-arrakasta baldintzatzen dute, ulermena baita edozein ikasgai ikasteko beharrezko oinarria. Hizkuntza behar bezala ez menderatzeak zuzenean eragin diezaioke edukia ulertzeko gaitasunari, eta ondorioz, ikasleek zailtasunak izan ditzakete testu konplexuak interpretatzeko eta beren ideiak argi eta zehatz adierazteko
Askok pandemiari egozten diote ikasleen ulermen mailaren beherakada, baina badaude beste zenbait faktore ere eragin zuzena izan dezaketenak, esaterako, gailu elektronikoen ugaritzeak eta eduki digitalak erraz eskuratzeak irakurketa-ohiturak aldatu dituztela. Hala, gaur egungo ikasleak behar duten informazioa azkar eta sintetizatuta lortzera ohitu dira. Aro digitalak erabat eraldatu du informazioa eskuratzeko modua, eta informazioaren berehalakotasunak azaleko irakurketa eta datuen bilaketa azkarra egiteko kultura sortu du. Eskuragarritasun horrek onura ukaezinak ekarri baditu ere, eskoletara erronka esanguratsuak ere ekarri ditu; bereziki, ikasleek formatu laburragoak eta bisualagoak nahiago dituzte, eta zaila egiten zaie testu konplexuagoak sakon eta patxadaz irakurtzea.
Gizartearekin batera hezkuntza ere aldatzen joan behar denez, eta orain arteko estrategiek, dirudienez, emaitza onak eman ez dituztenez, neurriak hartu behar dira ikasleek azaleko informazioa kontsumitzeaz gain, informazio hori ulertzeko eta beren ikaskuntzan eta garapen pertsonalean gogoeta eginez aplikatzeko aukera izan dezaten. Beraz, argi izan behar dugu ikasleen irakurketa eta ulermen gaitasuna sustatzea funtsezkoa dela haien garapen akademiko zein pertsonalerako. Hau da, irakurmena sustatzeak errendimendu akademikoa hobetzeaz gain, bizitzan arrakasta izateko eta gizartean aktiboki parte hartzeko ezinbestekoak diren trebetasunak ematen dizkie ikasleei; eta irakasle guztien ardura dela, informazioa modu kritikoan aztertzeko, sintetizatzeko eta ulertzeko gaitasunaren lanketa; baita ere ikasleek ulermen estrategiak garatzea eta horiek erabiltzen jakitea, irakurzaletasuna txikitatik sustatzea, eta irakurtzeko motibazioa eta interesa piztea. Azkenik, hori guztia egiteko eta ikasleen garapen integralean irakurketaren garrantzia sustatuko duen ingurune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa da hezitzaileen, gurasoen eta komunitatearen arteko lankidetza.
Hemen doaz urte berrirako Olentzerori eta Mari Domingiri eskatutakoak. Bitartean, pare bat astez, behintzat, har dezagun atseden eta ingurukoen energiaz eta goxotasunaz bete gaitezen, aurrean ditugun eta etorriko diren erronkei aurre egiteko indarra beharko dugu eta.
Ahaztua ez arren, baztertuxea izan dut aspaldion neure pentsamenduetatik auto-itzulpenaren inguruko eztabaida sarria. Egokitu zaidanetan, haren kontra lerrokatu samartu naiz, baina areago zen jarrera hori inguruan zebiltzan halako kasu nabarmen batzuek eragina, inolako hausnarketa patxadatsuagoak baino. Orain ere, ezin dut esan teorizaziorako esfortzu handirik egin dudanik, baina bai apur bat argiagotu zaidala auzia neure baitarako.
Halabeharrez gertatu zait ―eta hortik gogoeta― berriro topo egitea azkenaldi honetan Samuel Beckett lagun zaharrarekin, amaitu berri den THAT TIME erakusketa zela eta. Auzi askori buruzko ustekizun askoren gainean argi egiteko ere ia paregabetzat jotzen dut nik Beckett. Autore gisa, esate baterako, nabarmen uzteko ederki idatz daitekeela hizkuntza bat baino gehiagotan. Bai: posible da, kasu batzuetan bederen, eleaniztasun oso eta betea literaturan; eta idazleak ez du zertan hautatu hizkuntza bat bakarra ofiziorako. Eta ez da Beckett, inondik inora ere, adibide bakarra. Besterik da ea bakoitzak zer egiten duen aukera horrekin.
Baina itzulpenaz dugu hemen hizpidea, eta, horretarako ere, lagun ezin aproposagoa zaigu Beckett. Hara nola etorri zaidan oraingoan kontua. Batetik, Bilboko Arte Ederretako Museoak eta Donostiako Tabakalerak elkarlanean darabilten egitasmo baten haritik, irlandarraren antzezlantxo labur bezain bihurri bat euskaratzen jarduna naiz: that time (testu guztia doa letra larririk eta puntuaziorik gabe).
Gaztelaniazko bertsiotik eta dokumentazio lanetik, berehala jabetu nintzen autoreak berak egina zela frantseserako bertsioa. Gutxitan ikusi dut hain itzulpen zintzo zehatzik. Izan ere, kulturaz egokitu beharreko erreferentzia pare bat alde batera, xehetasun ñimiño batzuk bakarrik gehitu zizkion Beckettek ingelesezko bere jatorrizkoari, eta ez testuan berean, baizik antzezpenaren muntaiarako akotazio minimalista urrietan, argiztapenari buruz. Gainerakoan, ezin berdinago dira hizkuntza bietako testuak.
Atzera jorik, oroitu nintzen kasu bera zela, bere garaian egiaztatzeko aukera izan nuenez, Waiting for Godot antzezlan luzeagoarena ere. Kontu bera han, frantsesezko bere jatorrizkotik ingeleseko bere bertsiora, kasu horretan. Orduan ere harrigarri gertatu zitzaidan hori, gure inguruan zebiltzan bertsionamenduekin alderaturik batez ere.
Ez pentsa hain inozoa naizenik pentsatzeko berdinak direla gure euskara diglosikoaren kasua eta inguruko hizkuntza nagusiagoena, baina alde hori garatzeak beste bide luze-bihurriago batera eramango gintuzke orain, abiatu garen ildo zehatzetik aldenduz (agian beste batean, ez baitu gai horrek ere mami gutxi noski).
Eta, horretan, hara non iritsi zitzaidan berria euskaraz antzeztekoa zutela nire Godoten esperoan. Nik frantsesezkotik itzuli nuen Beckettena, eta hark ingelesezko bertsiorako hartutako distantzia ―soilik kultural― minimo berari eusten saiatu nintzen ahaleginean, ustez Beckettek nahi zukeen bezala.
Jakina, libre luke edonork beste bertsio euskaldun jatorrago bat saiatzea, baldin eta hartarako gai ikusten badu bere burua, edo ―ai ama― euskara beste zer (?) bateko hizkuntzatzat tratatu behar dela baderitzo. Hori, hala ere, auto- zein hetero-, ez da, zintzo mintzo, itzulpena.
Tira. Nik ondutako itzulpenak bazuen, alde batera, ezaugarri berezi bat euskarari berari zegokiona, kontuan hartu bainuen lana enkargatu zidan antzerki-taldeko partaideen hizkera-oinarria (Bidasoaren jirakoa), nahiz guztiz batua hizkuntza. Jakinaren gainean jarri nituen horretaz orain antzeztera menturatu direnak, eta baimen guztiak eman, eta are bultzada, nahi adina lizentzia hartzeko alde horretatik beren molde erosoenera ekartzeko erregistroa.
Alde handia dago, hala ere, azaleko kontuok moldatzetik mamizkoagoak aldatzera. Eta, berriro, berdin dio nork egiten duen hori, autorea bera izan zein beste edonor obraren gainetik jartzera ausartzen dena. Kasu guztietan, errespetu-falta deritzot, hara. Itzulpen jatorretik zertan eta zergatik aldendu den garbi aitortzeak bidea eman lezake, onenean, auzioi guztioi buruzko jarrerak eta argudioak kontrastatzeko.
Gabonak eta urtearen bukaera gerturatzen ari diren honetan, blog honek ematen digun ikusgaitasuna aprobetxatu nahi dut EIZIEk interpreteen lantalde bat osatu duela jakinarazi eta 2024rako asmo onen berri emateko.
Azken hilabeteotan agerian geratu da interpreteon lan-baldintzak kolokan daudela hainbat eremutan. Horren jakitun, EIZIEko interpreteok bi bilera egin ditugu udazkenean, une honetan dauden premiak identifikatu eta eman beharreko urratsak jorratzeko. Bilera emankorrak izan dira, eta hasi gara jada lehen fruituak jasotzen.
Urte berriarekin batera interpreteen lan-baldintzen diagnostiko bat egitea erabaki da, interpreteen esperientziak eta bizipenak bildurik, arloka edo lan-eremuka bereizita. Helburua da ahalik eta ekarpen gehien biltzea, interpreteen artean dagoen aniztasunarekiko lehen hurbilpen bat egin eta maizen agertzen diren kezkak identifikatzeko. Ondoren, interpreteen artean zabalduen dauden lan-baldintza zalantzagarrietan oinarritutako galdetegi bat diseinatzeari helduko diogu, premia errealetatik abiatuta sortzeko galdetegia.
Gauzak horrela, blog honek dauzkan adarrak eta adaxkak baliatu nahi ditut interpreteen lan-baldintzen diagnostikoan parte hartzeko gonbita EIZIEren mugetatik haratago zabaltzeko. Izan ere, diagnostikoak euskal interpreteen errealitatearen benetako isla izan nahi du, eta EIZIEko bazkide ez diren interpreteen ahotsa ere entzun nahi genuke, interpreteen lan-baldintzak defendatzeko neurriak hartzen ari baikara. Gure lanbidean dauden lan-baldintzek denoi eragiten digute, neurri handi edo txikiagoan. Elkartu gaitezen, bada, borroka honetan.
Badakit irakurleen artean profesional hasiberriak ere badaudela, eta batzuetan esperientzia faltak eta, askotan, gaztetasunak, tokiz kanpo eta lotsatuta sentitzera garamatzala. Bada, mezu hau zuentzat ere bada: animatu eta parte hartu. Eskarmentu handiagoko interpreteak eta etorkizuneko lankideak eta lagunak ezagutzeko modu paregabea ere bada.
Bide batez, ez nituzke aipatu gabe utzi nahi erretiratuta edo erretiratzear dauden interpreteek gure lanbidean eta gure lan-baldintzen aldarrikapenean egindako ekarpenak. Zuei esker gara orain garena.
Sakabanatuta ibiltzen garen arren, interpreteok sare sendo bat osatzen dugu, eta 2023an agerian geratu da euskararen erabilera bermatzeko funtsezko bitartekariak garela. Horregatik, 2024rako daukagun asmo ona da lan-baldintzen diagnostikoan eta beste hainbat kontutan lanean jarraitzea, bakoitzak bere aletxoa jarrita. Dena den, eta esan bezala, oso pozik hartuko ditugu aletxo gehiago lan-taldean, eta beraz, animatzen bazarete, idatzi gure Mari Domingiei: bulegoa@eizie.eus.
Badakit apur bat goiz dela oraindik, baina 2023an idatziko dudan azken sarrera denez, urte-amaiera zoriontsua eta urte-hasiera ezin hobea opa dizuet guztioi.
Segi dezagun 2024an ere 31 eskutikek ematen digun elkargune honetan eta beste batzuetan elkartzen!
Badakigu hitzek errealitateko erreferenteak izendatzen dituztela, eta errealitate hori izan daitekeela fisikoa edo ez; eta, fisikoa ez den errealitatean, ikusi eta ukitu ezin den errealitate horretan, arlo bat ideiei edo pentsamenduei dagokiela, eta beste bat sentimenduei eta emozioei. Atzenengo arlo horretan ikertzen aritzea ez zaie arrotz idazleei, ez baita alferrik esan izan badutela idazleek gizakiaren barne mundua edo psikearen nondik norakoak hautemateko eta ikertzeko (edo, agian zehatzago, adierazteko) gaitasun edo antze berezi bat. Eta, idazle izan gabe ere, sarri aurkitu ahal gara nork bere barneari eta sentimenduei begiratu beharrean, eta, diotenez, ariketa horretan, oso lagungarria izaten da zehaztasuna, gauza bakoitzari bere izena ematea. Gero, gainera, fisikoa ez den errealitate horretan, esan daiteke sentimenduak eta emozioak, errealitatearen eskalan, maila bat gorago daudela beste errealitate ideiazko edo pentsamenduzkoak baino, sentimenduak eta emozioak egiazkoak baitira, hau da, ikusi edo ukitu ahal dugun kanpoko errealitatea bezain egiazkoak, mahai bat bezainbeste. Eta atsegingarria baitzait oso hitzek edo hizkuntzak zehaztasunerako eskaintzen duten bide horretan ibiltzea —hizkuntzaren aldera maitasun handiagoa sentiaraztera ere eraman ohi nau horrek—, hona nire gogoeta hauek, hitz jakin baten inguruan.
Maiz gertatu zait gaztelaniazko rencor hitza eman nahi izatea euskaraz (ez dakit nire baitan beste batzuen baitan baino usuago pizten ote den sentimendu hori; ez nuke nahi hala izatea, baina, hala bada, beti izango da gozakari jakitea ezen sentimendua ezagutzea eta izendatzea dela lehen urratsa hura gure baitatik egozteko, edo ernetzeko hain aro egokia izan ez dezan), eta ez erabat gogobetetzea hiztegietan aurkitzen ditudan aukerek. Egia esan, RAEk berak ere, hitz horren gaztelaniazko definizioan, beste hitz batera igortzen gaitu, eta badirudi ez duela hain agerikoa nik eman ohi diodan adiera, bi definiziotara jo behar baita osoki erdiesteko. Hara:
RAEren hiztegian:
rencor De rancor. 1. m. Resentimientoarraigado y tenaz.
resentirse 2. prnl. Tener sentimiento, pesar o enojo por algo.
Eta, oraindik ere —hau bai bitxia, harrokeria eman baitezake eskas iriztea nik RAEk emandako definizioari— esango nuke ez duela osoki jasotzen nik nahiko nukeen ñabardura bat (por algo horrek nolabait iradokitzen duen arren, zabalegia da, orokorregia, ez da zehatza, beti izaten baitute kausaren bat sentimenduek edo emozioek).
Eta, hala, katalanezko rancor hitzera jo dut, eta han ere bi urratsetan erdiesten da esanahi osoa:
rancor m. [LC] Ressentiment tenaç. Després de tants anys encara li guarda rancor.
ressentiment 2 m. [LC] Disgust, irritació, que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc. El capteniment dels amics li va deixar el cor ple de ressentiment. Hem restat amics, sense rancúnies ni ressentiments.
Hain zuzen, hori da bilatzen nuen zehaztapena, irain, laido, iruzur eta halakoengatik sentitzen den atsekabe edo haserrea baita, nire adieran, gaztelaniaz rencor hitzak hartzen duena.
Euskarazko aukeretan, ordain ugari ematen dizkigu Elhuyar hiztegiak:
Guztiek dute beren definizioa emanda Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta esan daiteke sinonimo bete-beteak direla, definizioetatik bederen. Alta, batek ere ez du jasotzen Institut d’Estudis Catalans erakundearen DIEC2 katalanezko hiztegian rancor hitzaren definizioan (ressentiment hitzera bidaltzen gaituelarik) ematen den ñabardura hau: que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc.
Eta begiratu dut ea zer ordain ditugun euskal hiztegietan gaztelaniazko resentimiento hitzarentzat, eta, hara, gaztelaniaz eta katalanez bezala, hor bai, litekeena da ñabardura hori jaso izana, baina ez ordea gaztelaniazko eta katalanezko hiztegiak bi urratsetan egiten duten bezala, ez baita loturarik ezarri “herra-rencor” eta beste hauen artean, esate baterako (Elhuyar):
Adibidea oso argigarria da, eta ordainen artean adibiderako hautatu dena ere bai: gaitzondo. Adibide horretan, gaztelaniaz, sinonimo beteak dira resentimiento eta rencor, RAEko definiziotik ondorioztatzen den bezala. Euskaraz, ordea, rencor hitzari buruz gaztelaniaz RAEren hiztegian bi urratsetan gauzatzen den osaketa hori ezingo genuke egin, non eta ez dugun rencor hitzaren euskarazko ordainetan erresumin ematen.
Soilago esatearren, rencor galdetuta hiztegi elebidun batean, ez ninduke eramango erresumin edo gaitzondo ordainetara, horiek izaki nik behar ditudanak, edo hobetsiko nituzkeenak.
Ingelesez ere, Cambridge Hiztegian, rancor galdetuta, definizio hau ematen du:
Rancor: a feeling of hate and continuing anger about something in the past: They cheated me, but I feel no rancor toward/against them.
Eta frantsesez, halaber, sarean, Laroussek:
rancœur nom féminin (latin rancor, -oris) Ressentimenttenace que l’on garde à la suite d’une déception, d’une injustice. Synonymes : amertume – dent (familier) – dépit – rancune – ressentiment
Alta, erresumin eta gaitzondo izan arren nik hautatuko nituzkeenak adierazi nahi dudan sentimendu hori adierazteko —edo gaztelaniazko rencor (edo katalanezko nahiz ingelesezko rancor eta frantsesezko rancœur) eta resentimiento (eta katalanezko ressentiment) emateko—, Euskaltzaindiaren Hiztegian ematen zaizkien definizioak eskas gertatuko litzaizkidake, artean ere.
Euskaltzaindiaren Hiztegian:
gaitzondo 1 iz. Zah. g.er. Bihotzeko erresumina. Eta faltak besterenak badira ere, ongi egingo duzu, gaitzondorik erakutsi gabe, lehen bezala mintzatzeaz eta etsaiagana joateaz.
erresumin 2 iz. Atsekabe edo nahigabe sentimena. Bihotzeko erresumina. Nire lehengo gurak oinaze eta erresumin bilakatuko dira. Ez dute inoiz zaharragoek oso begi onez ikusten gazteagoen etorrera; gezurra nioke, neronek, baldin banio ez dudala halako erresumin isil baina bizi bat sumatzen.
Gainera, gaitzondo zaharra eta gutxi erabilia izanik, ez dirudi egokia denik ohiko erregistrorako (rencor eta resentimiento ez bezala).
Gainerakoen artean, egia da korromio hitzak baduela sarrera Orotarikoan (ez ordea Euskaltzaindiaren Hiztegian), eta aski egokia, gainera, gure adierarako:
korromio. 1. (O-SP 227→SP, A, H (que cita a Axular)); gorromio (SP); korromu (SP→A). Rencor. “Transport de colère” O-SP 227. “Korromua, gorromioa. Korromun [sic] gaixtoz bethea, plein de méchante rancune” SP. “Gorromioz bethea, plein de rancune” Ib. “Odio” A (que cita a Ax). “(SP), rencor” Ib. [Barreneko] gorrotuak, korromioak eta herrak, arimari eta gorputzari egiten deraue kalte. Ax 279s (V 187). Barrena sastakatzen diotzaten korromioak ezin gorde detzake. Dv Telem 47. Barreneko harrak jaten nau, hira minak hiratzen, korromio beltzak herratzen! Dv LEd 229. Zure burua ikusten duzunean debruen eskuetan […] zer ez da izanen zure khorromioa? Ib. 215 (Cb Eg II 119 zer pena sentituko dezu?). Ziyo orregatik errezago oituko dira lanari korromuz begiratzera. “Con aversión”. Zink Crit 213. 2. (H); gorromio (H). “En général ver qui ronge le bois, les viandes, les étoffes, ver rongeur” H. 3. “Korromioa […], vermoulure, trou fait par les vers dans le bois, papier, etc.; partie d’un objet attaqué par les vers; petite poussière produit par la vermoulure” H. 4. (AN ap. A (que cita el msLond) ; Izt). “Cepillo del carpintero” Izt.
Eta baita kirrizki hitzak ere:
kirrizki. (V-och), resquemor, resentimiento” A.
Eta, zer ustekabea, Otxandioko hitza dela jasotzen du, gainera, eta ezagunagoa beharko luke niretzat, baina ez da.
Baina, guztietan definiziorik osoena, Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta ia bat datorrena katalanezko hiztegian dakarrenarekin (Disgust, irritació, que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc.), erremin da (eta harridura gozoa izan da niretzat):
erremin 1 iz. Nahigabe, amorru edo haserre iraunkorra, zorigaitz batek edo iraintzat hartzen den zerbaitek eragina. Gerra guztiak galdu egiten direla larrutik ikasi duenaren erremina.
Oraintxe, berriz, idazten ari naizela, gogoratu naiz nola ikasi nion behinola gure eskualdean ia euskaldun elebakarra zen emakume edadetu bati beste berba bat, hemen aipagai dugun sentimendu hau izendatzeko, eta nola oso bakan erabiltzen dudan, eta poztu naiz Orotarikoan jasota ikusita. Hain zuzen, zapo da hitza, eta hirugarren adieran jasotzen du Orotarikoak:
3. (V); sapo (V-oroz-gip) Ref.: A (zapo, sapo); Iz ArOñ (sapúa); Etxba Eib (sapua). “Rencor, odio” A. “Sapúa eukan neetako, tenía resentimiento conmigo” Iz ArOñ. . “Odio oculto en el pecho, rencor, resentimiento. Ondo gordeta, baña sapua detsa bere bizi guztian” Etxba Eib. . “Sapua gordetzen eban mendakorra zan a gaistua” Ib. (s.v. mendakor). Zeinbat suga, ta zapori leku emon deutseezu, ta menturaz zeure laguna juzgetan dozunian, emoten deutseezu zeure bijotzian? fB Ic II 234. Eta onegaz, lengo zapuan gaiñ, sortu jakozen andra gaiztuari zelo aundixak. Etxba Ibilt 482
Ez dira gutxi, gainera, Orotarikoak ematen dituen definizioen artean rencor hitza ageri duten sarrerak. Erresapio eman dit lehena; errenkore ere bai, sarrera moduan; enkoniadura (bigarren mailako adiera moduan); enkina ere bai (Lar); aiherkunde (Odio, rencor); aborrentzia; bekaitz (bigarren adieran); hagin (rencor, haginean izan esapidearekin); haina bera; herra; herrakunde; huduri; inkurrio; janiza; keru; kurruka (V-ger-arr-m… gure eskualdetik gertu, beraz, baina ezezagun, hala ere, niretzat); mardakeria; rankore; uherdura; arrakizuna (V-gip… eta ezezaguna niretzat, hala ere); epantxu; errekurea; gaitzeria; giarre (V-ger-och, G-goi… eta ezezaguna niretzat, hala ere); gibelmin (L, Ae, Sal, S, R); har (V-ger-gip… eta, bai, orain ohartzen naiz ezagutzen nuela, zapobezala, gure hizkeran: poz bikoitza, ostera, beste baliabide bat berraurkiturik; sarria izan genduanetik, betiko arra desta gizon orrek…); hats (Zer hatsean den! esapidearekin); ipotsu; opil (rencor oculto, ematen du azalpena); otin (G-bet a.); samurgo (L-ain, BN-mix); samurraize (ligero rencor, eta hara, beste baliabide polit bat, zehaztu nahi izanez gero sentimenduaren gradua); sapite (sapite gaiztoan dago gizon ori… está lleno de rencor); tirria (niganako tirria); zapo (3. adieran: Ondo gordeta, baña sapua detsa bere bizi guztian).
Ikaragarria, ezta? Zenbat hitz!, niretzat gehienak ezezagunak, edo oso noizbehinka aurkitutakoak testuetan (are gutxiago ahozko hizkeran), nahi duenak berreskuratzeko, edo, bestela, ikasteko eta norberak jakingo duen egoeran eta inguruan erabiltzeko…
Laburbilduz: beharbada, hiztegi elebidunetan, rencor sarrera resentimiento sarrerarekin lotu beharko genuke, sinonimoak baitira maila batean, eta halaber euskarazko haren ordainak. Nik, behintzat, erresumin eta erremin bera ere gehituko nizkieke rencor sarreran ematen diren ordain horiei guztiei. Eta, bestetik, Euskaltzaindiaren Hiztegian osatu egin beharko genuke erresumin hitzaren definizioa, katalanezko ressentiment hitzaren definizioaren bidetik, eta erremin ere eman haren sinonimotzat.
Bestalde, arakatzen ibilita, neuretzat ere atera dut onuratxoren bat: zapoa edukitze inorendakoesapidea berreskuratu dut, guztiz ziur gure eskualdean erabiltzen dena, eta, halaber, harra izan norbaiti. Halaber, erregistro beharbada garaiagoetarako hitzen batzuk ikasi ditut, hala nola, gibelmin, Lapurdikoa eta Zaraitzukoa omen zena edo dena, eta arras baliagarria derizt literaturarako; definizio guztiz nire gogobeteko bat aurkitu dut Euskaltzaindiaren Hiztegian, nik izendatu nahi nuen sentimendu horretarako, erremin: nahigabe, amorru edo haserre iraunkorra, zorigaitz batek edo iraintzat hartzen den zerbaitek eragina, ematen baitu. Sentimendu horren gradazio moduko bat ere aurkitu dut Orotarikoan, samurraizehitzean. Eta gure euskalkiaren eremutik gertu ere bazirela batzuk, nik inoiz aditu gabeak, hala nola kurruka, arrakizuna, giarre, kirrizki… Eta halaber aurkitu dut modua beste euskalkietako idazle eta hiztunek besterik darabilketenean haien berri aldez aurretik izateko: haginean izan, hatsean izan, mardakeria, uherdura, huduri, inkurrio, janiza, keru, epantxu, gaitzeria, otin, samurgo, samurraize, sapite, sapite gaiztoan egotea, …
Horra, bada, nire saiotxoa eta arduratxoa: margolariek koloreak nola, hiztegiek ere iker eta doi ditzatela sentimendu baten kolorearen gradu eta tonu biziago nahiz motelagoak.
Azken bolada koskorrean, Bigarren Hezkuntzan ikasle ditudan gaztetxoei galdera berbera egin izan diet ikasturtea joan eta ikasturtea etorri: ea zer egiten duten euskarazko hitz bat konprenitzen ez dutenean ―eta, noski, zer esan nahi duen jakin nahi/behar dutenean―. Xalo erantzuten didate, “ba Interneten bilatu” soil batekin. Zer da, baina, Interneten bilatzea? Zenbaitek konpontxo egiten dute bilatzailean “significado X” jarrita; beste batzuek itzultzaile automatikoak erabiltzen dituzte galanki, eta ez hiztegi gisa soilik; bakarren batek “Elhuyar” aipatu izan du ahapeka, pedantearen sasilotsaz. Ordea, inori ez zaio bururatzen, ez euskaltzalerik sutsuenari ere, izango dela modurik euskarazko lexikoa gaztelaniaren makulurik gabe jasotzeko. Gehienak harritu ere egiten dira konturatzean baietz, badela euskarazko definizio-hiztegirik. “RAE bezalakoa”, esaten dute, irakaslearen etsigarri.
Ez naiz, baina, hizkuntz gatazkaren eta diglosiaren ur handietan murgilduko, nik dezakedan baino hobeto mintzatuak baitira jada beste batzuk blog honetan bertan. Gazteen kontrako epai errazetan laketzea ere ez zait guztiz zilegi iruditzen, “gaur egungo gazteak” garai guztietan izan baitira historiako okerrenak, eta, egia esatera, ez dakit noraino lepora diezaiekegun sareak ematen dituen errazbideez baliatzea soluzioak merke eskuratzeko. Hezkuntzari gagozkiolarik, ni neu humanitateen gainbeherak kezkatzen nau gehien, eta gainbehera horri atxikirik ikusten dut hiztegiaren kulturaren aienatzea. Teknopedagogia izeneko munstroaren altzo digitalean, zeinak, labur-zurrean esanda, ordenagailuak eman baitizkie ikasleei liburuen truke, txit zaila bilakatu da ez bakarrik literatura eta filosofia irakastea, baizik eta baita hiztegiak kontsultatzeko ohiturak eta jakintzak sustatzea ere, merke-zurreko soluzio sinplista guztiak zorroztasuna eta esfortzua eskatzen dituztenen ondo-ondoan daudenez gero. Pantailan, distantzia berera biak.
Paperezko liburuak ondo eutsi zion eraldaketa digitalari, baina paperezko hiztegiak, nekez. Sareratu ―hodeiratu― egin ziren, eta paperaren erromantizismo guztiek ezin diote buru egin hiztegi digitalen azkartasunari, eguneratzeko gaitasunari eta, oro har, eraginkortasunari. Itzultzaile eta bestelako profesionalok ere aise ohitu gara. Niri behintzat, paperean sekula itzuli gabea naizen honi, zaila egiten zait imajinatzea nola ekin ahal izan zion Bingen Ametzagak Hamlet euskaratzeko lanari Ameriketara bidean itsasoratuta, paperezko hiztegi pare bat beste laguntzarik gabe.
Hiztegiak gaur egun ez dira liburuak, ez behintzat liburuak bakarrik, eta egitate hori metaberretsia dago gure eta gure inguruko hizkuntzetako hiztegietako definizioetan ere. Paperetik digitalerako transmutazio horretan, ezin uka tresna eraginkor eta praktikoak bilakatu direnik, eta nabarmen errazten diotenik bizitza jende ugariri, ez ikasleei bakarrik. Duela zenbait aste, Amaia Astobizak ale benetan interesgarria eta eskertzekoa eman zion blog honi, Elhuyar hiztegiaren zenbait funtzionalitate aurreratu xehe-xehe azalduz. Sekulako lana egin baitu jende burutsu askok sareko hiztegiak gero eta tresna eraginkor eta erabilgarriagoak egiteko, eta hori eskertzekoa eta mirestekoa besterik ez zait iruditzen.
Eta, hala eta guztiz ere, tresna eta baliabide gisa dituzten abantaila guztiak gorabehera, paperezko hiztegiak hori baino askoz gehiago ere izan daitezkeela (zitezkeela?) iruditzen zait. Hezkuntzara bueltan, sinetsita nago lexikoa ez dela berdin barneratzen bilatzaile-barra batean enter sakatuta edo minutu bat(zuk) liburu batean orri-pasa arituta, hitz hori gogoan (ahoan) bueltaka erabiliz, bere testuinguru alfabetikoan begiztatu nahian. Paperezko hiztegietan hitz-paisaia bereziak aurki daitezke, zeinek bai baitute literariotik ere. Ikasle garaiko latineko hiztegietan, berriz, lexikoa ez ezik morfosintaxia eta fraseologia ere ugari aurkitzen da orriz orri ―gure latineko irakasleak irri maltzur batekin esaten zuen “dena” zegoela hiztegian, baina aurkitzen jakin behar zela―; latin-ikaslearentzat, hitz jakinen esanahia ia bigarren mailako bihurtzen da tarteka, gainerako informazioaren aldean. Duela gutxi, bestalde, Julio Casaresen Diccionario ideológico de la lengua española harribitxia aurkitu nuen gurasoen etxean ahaztuta; hiztegi ideologiko bat zer zen ere ez jakin nik, eta seko liluratuta geratu nintzen liburukote hartan orri-pasa.
Izango da, seguru asko, horiek guztiak zeruratzeko modurik ere. Gaur-gaurkoz, baina, paperean, lurrean baino aurkitu ezin direlakoan nago.
Maiatzaren 14an, Pasai San Pedroko Udal Aretoko antzoki koxkorrean nintzen, Godoten esperoanen euskarazko estreinaldian. Alegia, Becketten frantsesezko (eta ingelesezko) obra gailen hori (hogeigarren mendeko maisulan seinalagarrienetariko bat) neuk (Bidasoaldeko antzerki-talde batentzat) aspalditxo euskaratu (ez zen antzeztu), handik pixka batera liburu gisa argitaratu (2001), eta orain (2023) Zurriola Antzerki Eskolak bere gertaleku eta gozatoki naturalera itzulia.
Halaxe gabiltza, hain zuzen, itzulika zoro nahiz zuhurxeagoan, gure zirkuitu sorginduan euskal literatura-hamsterrok. Aritua nintzen ni askoz lehenago ere antzezlan batzuk euskaratzen, kasu horretan taularatu bai baina paperean argitaratu ez zirenak. Orainago, beste esperientzia bat ere egokitu zitzaidan, aski adierazgarria hura ere gure burubide bidegaldu samarrez. DSS2016 ekitaldi potolo(tu)en barnean, enkargua eman zidaten Shakespeareren komedia ospetsu bat itzul nezan, eta hala onlineratu zen (ezen ez papereratu) Uda-gau bateko ametsa. Aldi berean (!), egitasmo be(ra)ren inguruan (!!) eta izenburu —marratxoa gorabehera— berarekin (!!!), liburu berri gisa plazaratu zen, eskuizkribu-gordailu zahar batetik, Uda gau bateko ametsa. Ez, ez da txantxa; eta ez da broma, gero.
Hori nahikoa ez, eta berriak iristen hasi zitzaizkidan bazela asmoa bestelako Uda-gau bateko ametsaarrandioski antzezteko DSS2016 egitasmoaren gailur-gailurreko erakusgarri modura. Kasu honetan, gehiegikeria latza litzateke itzulpen deitzea ekitaldi basa-dotore horri, gastronomiak ere rol nabarmena zuelarik, nola ez, gure turismo-kulturak eskatzen duen moduan. Zori onez edo txarrez, sarrera erosia edukirik ere, ez nintzen egon azkenean ekitaldi hartan (beste itzulpen zahar hura plazaratu izana zor zaionari pasatu nion, hara, txartela, hutsegite-komedia batean bageunde bezala). Nik neuk, aski nuen handik eta hemendik iristen zitzaidan informazioarekin: antzezburu bipilek ez zuten ezer jakin nahi obra euskaratuarekin, edo itzultzaileokin, edo testuarekin berarekin, edo jatorrizko pertsonaiekin, edo, beldur naiz, antzerki isabeldarrekin eta Willekin berarekin ere: berek zekiten hobeto, antza, zer komeni zen.
Tira: airean desegina geratu da guztia, Ametseko kontuak bezala, baina Hamleten Danimarkakoaren antzeko usain bat hor geratu zen Cristina Eneako lorategi-bazkaleku hartan, gaurdaino ere, hau idaztean berritu eta oraindik hor datorkidana sudur-muinetara.
Errespetua da hitza. Zaharkitua oso, terminoa, eta labaina, baina mamitsua kontzeptuz. Errespetua autorearenganako; errespetua ofizioen kontuan; errespetua aurretiko eta albotiko lanekiko; errespetua publikoari benetako kultura helarazteko eta ez jendea edozein entretenigarriz engainatzeko… Errespetua da, bai, hitza.
Eta —gatozen itzuliaren itzulian hasierako hizpide baikorrera—, errespetu bikaina ez ezik, bikaintasun gailena erakutsi ziguten Pasaian zurriolatar antzez-jendeok beren xumetasun itxuratik. Aitor dezadan beldur kizi batekin hurbildu nintzela emanaldira; batez ere, ez nekielako nola funtzionatuko zuen nire itzulpenak bere benetako saltsan, hots, ondo transmitituko ote zen hura antzezleetatik aditzaileetara.
Laster ahaztu nintzen kezka horretaz eta gainerakoez. Testuaz beraz, esan beza bestek zer deritzon, baina ni ezin pozagorik geratu nintzen —eta berdin gustura sumatu inguruko guztiak— han entzunik hura halako indar eta distira bizi jatorraz hats-haragitua. Batek gero guztiz egoki aipatu zuenez, defenditu beharra izaten du taula gainean dena delako testua, eta hara antzezle literalki amateur haiek, harrigarrizko trebetasun landuz defenditu ez ezik, baita ederki eraso ere Becketten nireari, behar zirenak oro gorderik dramaturgia bikainaz hobeturik den-dena.
Bikaina izan zen saioa: obra hura, dramatizazio, dinamika, espiritu, letra eta zaporea, Samuel Becketten jatorrizko hura zen, gurera ekarria mundu zabal guztira bezala. Errespetua, hara, eta hortik emaitza. Horretarako, aski agertokian zuhaitz bat, argi batzuk, atrezzo minimo bat, eta antzezlanarekin hezurretaraino inplikaturiko jende-talde jator bat.
Halakoek ematen edo berritzen diote bati gogoa bere itzultze-lan bakarti, isil, beti amateur tematian jarraitzeko ekin etsian[1]. Egunotan izan da hurrengo antzezaldia, Donostian, areto zabalago batean. Zirkuitu normal samar batean, miseriazko urritzat jotzekoa litzateke halako bakantasuna, uda osoa tartean: quosque tandem. Etsigarria, baiki, itxaronaldia.
[1] Ez zen aldi bakarra noski gurean baino kanpoan harrera hobea egin zaiena euskal itzulpenei.