Alferrikako bikoiztasunak

Alfontso Mujika Etxeberria

Seikotea deitu genion guk duela 21 urte araua argitaratu zenean, eta seikotea da oraindik ere gure artean: eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura eta literatura.

Begiratu dezagun atzera, hitz-elkarteen idazkeraren araugintzaren historia polita da eta.

Duela 42 urte heldu zion Euskaltzaindiak lehenengoz hitz-elkarteen idazkeraren gaiari. Sotana-usaineko Euskaltzaindi hark, 1971ko abuztuaren 4an, idaztarau bat onartu zuen, eta, Loturik ala bereiz idatzi behar diren hitz, aurrezki eta atzizkiak atalean, Hitz elkarteak azpiatalean, 19 lerrotan «ebatzi» zuen gaia. Gaurko gaiari dagokionez, honela zioen idaztarau hark:

(…) Aurreko hitzak bilketan letraren bat galdu baldin badu, eta aurreko zein atzeko hitza laburra baldin bada, biak baturik idaztea hobe; bestela, berriz, bereiz. Luzea bezala jotzen da bi silabatik gora duen hitza. Adibidez: Abendats, Arnasots, Elizgizon, Gizabide, Gizalan, Gizatalde, Itsasertz. Baina: Anai maitasuna, Arnas gaitzaldia, Ekonomi arazoa, Eliz agintariak, Filosofi saila, Giza eskubideak, Kultur gaiak, Euskal Kantari, Literatur irakaskintza. Baina bilketa egitean, bi hots, euskeraz elkartzen ez diren hoietakoak, elkar joko baluteke, hori gerta ez dedin, kasu horretan, hitzok bereiz idatziko dira. Adibidez: Eliz zerga, Itsas xori.

Lehentxeago, 1971ko maiatzaren 28an, marratxoaren erabilerari buruzko idaztarauan, Hitz-elkarteak azpiatalean, 18 lerrotan «ebatzia» zuen marratxoa noiz jarri eta noiz ez.

Idaztarau haiek motz gelditu ziren berehala, jakina, eta laster iritsi ziren araua osatzeko eskaerak Euskaltzaindira. 1986an, Lexikologi Erizpideak Finkatzeko batzordea (LEF batzordea) hasi zen lanean, eta, lana gogotik egin ondoren, 1992ko otsailean, Hitz Elkartuen osaera eta Idazkera txostena aurkeztu zion Euskaltzaindiari. Lau hilabete geroago, ekainaren 26an, gomendio gisa onartu zuen Euskaltzaindiak: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindiaren gomendio arauak (1992.06.26). Eta geroago, 1995eko urtarrilaren 27an, arau gisa onartu zen: 25. araua: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Gomendioa zena arau bihurtu zenean, aldaketatxo batzuk egin zizkioten. Gure gaiari dagokionez, letra lodiz eta azpimarratuta jarri dudan esaldia gomendioan zegoen, baina desagertu egin zen arau bilakatu zenean:

  1. Bukaeran >ia< duten hitzak lehen osagai edo mugatzaile gisa dihardutenean, >a< hori kenduta nahiz kendu gabe erabili: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, diplomazi falta, bidai agentzia, Filosofi Fakultatea, Euskal Autonomi Elkartea, edota biologia(-)azterketa, geologia(-)irakaslea, pedagogia(-)berrikuntza, ortografia(-)arauak, e.a. Hala ere, >a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna.
  2. Lehen osagaia eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura edo literatura hitza (eta sei hitz hauek bakarrik) duten elkarteetan eliz, burdin, hizkuntz, kultur, natur, literatur forma >a< -gabeak zein eliza-, burdina-, hizkuntza-, kultura-, natura-, literatura- >a< -dunak berdin onargarri dira. Ongi emanak daude, beraz, bai eliz agintaria, burdin fabrika, hizkuntz gaitasuna, kultur emankizuna, natur zientziak, literatur tradizioa modukoak eta bai eliza(-)zerga, burdina(-)saltzailea, hizkuntza(-)eskola, Kultura Saila, naturazalea, literatura(-)joera gisakoak. Lehen osagaiari berezko >a< hori kentzen zaionean, marrarik ez erabili (edota loturik eman, bigarren osagaia erdi-atzizki duten burdingintza modukoetan).
  3. Gainerako elkarte berri guztietan debeku da lehen osagaiaren amaierako >a< kentzea. Beraz eskola(-)liburua, iraultza(-)giroa, jaiotza(-)kontrola, plangintza(-)arduraduna, (…)

18 urte joan dira araua kaleratu zenetik. Eta ez dira alferrik joan. Nire ustez, bada garaia orduan, zuhurtziaren printzipioa erabiliz, zabalik utzi zena bide bakarrera ekartzeko. Bikoiztasunak, berez, ez dira onak; hizkuntzaren estandarizazioari ez diote mesederik egiten, nolabaiteko salbuespen-egoera adierazten dute. Uste dut, puntu horretan, urrats bat aurrera egiteko moduan gaudela (marratxoaren puntuan, adibidez, ez dut uste oraindik egoera horretara iritsiak garenik: marrafiloen eta marrafoboen arteko etena nabarmenegia da oraindik).

Batetik, bukaeran -ia duten hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai direnean, ia inork ez du amaierako -a letra kentzen: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, Zientzi Fakultatea… iraganeko (iragan hurbileko) kontuak dira dagoeneko. Oraindik bidai agentzia batzuk ikusten dira, baina “gipuzkoarkeriatzat” har daitezke. Horiek horrela, Euskaltzaindiak arauaren 1. puntua oso-osorik ezabatuko balu, espanturik gabe pasatuko litzateke.

Hel diezaiogun seikoteari. Hiru sail egingo nituzke: batean, burdina eta eliza ditugu. Hiztegi Batuak, esplizitatu ez badu ere, garbi markatu du bidea burdina hitzerako: hitz-elkarteetako lehenengo osagaia denean, sistematikoki galtzen da amaierako -a. Hauek ematen ditu Hiztegi Batuak (aukera bakar gisa): Burdin Aro, burdin barra, burdin hari, burdin harri, burdin hesi, burdin salda, burdin sarde, burdin sare, burdin ur, burdin ziri.

Arauak seikotea zehazten eta «eta sei hitz hauek bakarrik» esaten badu ere, bada beste hitz bat hor sartzekoa, burdina hitzaren jokamoldeari atxikia: arnasa. Hiztegi Batuak esplizitatu egin du, honela:

arnasa iz. [arnas forman erabiltzen da hitz-elkarketako lehen osagai denean: ik. arnas aparatu].

(Bide batez: bada antzeko beste kasu bat ere, -a letraz amaitzen ez den hitz bati dagokiona: itsaso. Hitz horri buruzko aipu espliziturik inon ez badago ere —ez arauan, ez Hiztegi Batuan—, elkartean sartzen delarik, sistematikoki galdu du azken letra Hiztegi Batuko sarrera eta azpisarrera guzti-guztietan: itsas armada, itsas txakur, itsas gaztainondo, itsas igaraba, itsas aingira, itsas arrain, itsas arrano, itsas arrantza, itsas barakuilu, itsas barraskilo, itsas belar, itsas dortoka, itsas fauna, itsas hegazti, itsas hegi, itsas hondo, itsas izar, itsas kabra, itsas lakatz, itsas triku, itsas lehoi, itsas lore, itsas oilar, itsas otso, itsas pinu, itsas portu, itsas suge, itsas txori, itsas uhin, itsas ur, itsas zaldi, itsas zapo, itsas mihilu)

Eliza hitzerako, gauzak ez daude hain garbi Hiztegi Batuan (Kixoteren Con la Iglesia hemos dado, Sancho hura gogoan): eliza-besta edo eliza besta eta eliza-txori edo eliza txori daude batetik, eta eliz guraso eta eliz dei bestetik. Ez dakit zergatik ez duen egin Hiztegi Batuak elizguraso (kontuan izanda eliza gizon* e. elizgizon egin duela) eta elizdei (elizatorra, elizbarruti, elizbatzar, elizbide, elizbira, elizetxe, elizinguru gainerako hitz tradiziodunetan bezala), baina, tira, hobe genuke Euskaltzaindiak zirt edo zart egingo balu, burdinarekin egin duen moduan.

Bigarren sailean, hizkuntza dugu. -kuntza atzizkia duten gainerako hitz guztietan (hezkuntza, hazkuntza…) ez da azkeneko -a galtzen hitz-elkarteetan. Gainera, EAEko eta Nafarroako administrazioetan, aspaldi egin zuten hautua, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza/Zuzendaritza gisakoetan ez da aukerakoa, erakundearen izena baita. Oso samurra litzateke hizkuntz aukera debekatzea (Orduan, Euskaltzaindiak Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa produktuaren izena egokitu beharko luke, besterik ez).

Azkenik, -tura atzizkia duten maileguzko hiru hitzak daude: kultura, natura eta literatura. Nago gipuzkeradunon (gehiegizko) eragina dagoela hor, sakonean, erabakia hartu aurretik galdetegi zabal bat egin baitzen (duela 22 urte), eta erantzun gehienak Gipuzkoa aldetik iritsi baitzitzaizkion Euskaltzaindiari (erantzun guztien % 55,48). Izan ere, ez da oso logikoa. Zergatik onartzen da kultur, baina ez eskultur* edo akuikultur*? Zergatik du literatura hitzak pribilegio hori, eta zergatik ez pintura eta arkitektura hitzek? Zergatik du bulda natura hitzak, eta ez partitura edo tenperatura hitzek? Hitz aristokratikoak ote dira kultura, natura eta literatura?

Kasu honetan ere, administrazioek egina dute hautua: Kultura Saila. Eta, EAEn behintzat, Natura Zientziak da irakasgaiaren izen ofiziala. Egia da kultur ekintza edo literatur generoa gisakoak ohikoak direla oraindik, baina bada garaia alferrikako bikoiztasun horiek desagerrarazteko. Komunitate euskaldun aktiboa duela 21 urte baino umoago eta trinkoago dago orain, eta Euskaltzaindiak aise har lezake aukera horiek murrizteko erabakia.

Bahnar deithu salbaiak

Irantzu Epelde Zendoia

Les Sauvages Ba-Hnars liburua Pierre Dourisboure misiolari beskoiztarrak idatzi zuen 1870ean. Vietnamen egon zeneko berri kontatzen du liburuan, 35 urte luze eman baitzituen sortaldeko lur horietan Jainkoaren Hitza predikatzen. Bere apezpikuak bidali zuen Annam eta Laos artean dauden mendi handietara, mugarik gabeko oihan batzuen erdian basatiki bizi zen etnia kristautzera: Bahnar edo Ba Na etnia. Kon-ko-Cham-en hasi zuen liburua 1865ean, eta Parisen bukatu, bost urte geroago. Beste bi edizio ere izan zituen: 1883an bata, eta 1894an bestea.

Bada lan honen euskarazko bertsio bat ere, hirugarren edizioarena, hain zuzen: Jean Elissalde Zerbitzari azkaindarrak frantsesetik itzuli, eta 1936an argitaratu zuen, Bahnar deithu Salbaiak izenburupean. Henri Duhau idazle lapurtarraren opari berezia izan dut oraintsu azken hau, joan den urte bukaeran prestatu berria baitu lan honen faksimile edizioa. Hemendik, eskerrik zintzoenak Henriri. Liburuak euskarazkoa du lehen orrietako hitzaurre edo aintzin solasa ere, eta egilea, Joanes Chabagno misiolaria. Errukirik gabe izendatzen ditu honek «basa gizon», «jende basa», «pagano», «basa dohakabe», «salbayak» eta tankerakoak «Iguzkaldeko Cochinchineko» jendeak, Dourisbourek berak bezalaxe, beherago ikusiko dugunez.

Irakurtzaileari eskainitako hitzean iragartzen zaigu «eskuara ederrean moldatua» dagoela itzulpena, eta irakurleak bertan topatuko duen euskara bixkotxa bezen goxoa eta arno xaharra bezen gostukoa dela. Pasarte labur bat ekarriko dut hona, ziur aski aperitibo bixkotx eta arno dastatze txikiegia irudituko bazaizue ere. On egin!

Dans les pays civilisés, une fois hors d’un royaume, on n’est plus soumis à ses lois, on n’a plus à craindre ses tribunaux.

Europan, erresuma batetik kampo denak, sortzez hartakoa izanik ere, ez du hango legeekin gehiago ikustekorik: ez du hango jujeen beldurrik.

Chez les peuples demi-barbares de l’Asie, au contraire, ce point fondamental du droit des gens est parfaitement ignoré, et on le viole chaque jour sans le moindre scrupule.

Asiako eskualde basa edo erdi basetan, ez dire lege berak.

Un missionnaire européen, arrêté dans le pays des sauvages par les premiers vagabonds venus, et reconduit par eux en Annam, devait être, malgré toutes les protestations possibles, aussi infailliblement jugé et exécuté que si on l’eût pris en flagrant délit dans les rues mêmes de la capitale.

Misionest bat atcheman dezatela nun-nahi eta Annam-eko lurretarat ereman, harenak egin du: jujatu eta hilaraziko dute lastersko, hiri-nausiko karriketan atcheman balute bezen segurki.

Les premiers missionnaires des sauvages étaient donc forcés, non seulement de se cacher à leur point de départ, mais encore de s’avancer secrètement dans les montagnes, jusqu’à des limites inconnues aux marchands cochinchinois: c’est-à-dire qu’en dehors d’Annam, ils avaient à se cacher encore pendant quatre ou cinq jours de marche.

Salbaietarat joan ziren lehen misionestek etzuten beraz ongi eta ongi gordetzea baizik muga ondoetan: bainan barnagoko mendietan ere guti agertu behar zuten, delako merkatariek berek ezagutzen etzituzten eskualdetaraino. Erran nahi baita, Annam-etik lauzpabortz egun bidetan heriotzea bethi gainean zutela…

Dourisboure, P. [euskaratzailea: J. Elissalde]. 1936. Bahnar deithu Salbaiak. Baiona: Courrier, 8-9. orr.

Hitz bi itzultzaileen zaindariaz

Koro Garmendia Iartza

Aita Santu baten agurrarekin eta bestearen izendapenarekin, hautsak harrotuta izan ditugu azkenaldi honetan Vatikanoan. Elizgizonen bilkuren ingurukoak irakurtzean, Michelangelo Buonarrotik margotutako kaperaren irudiak ikustean, eta latinezko mintzaira entzutean, San Jeronimo etorri zait gogora; itzultzaileen eta interpreteen zaindaria, alegia. Egin diezaiodan tartetxo bat blog honetan.

Nolatan den San Jeronimo itzultzaileen eta interpreteen zaindari? Bada, ordura arte grezieraz eta hebreeraz zegoen Biblia latinera itzuli zuelako. Damaso I.a aita santuaren idazkari zenean jaso zuen Liburu Santuak latinera itzultzeko mandatua. Artean, baziren beste itzulpen batzuk, baina estiloaren aldetik bateratu gabeak, zehaztasunetan lausoak eta jatorrizko bertsiotik dezente aldenduak. San Jeronimok latin klasikoa ondo baino hobeto menderatzen zuen arren, latin xehea erabiltzearen aldeko hautua egin zuen, herritarrek aise uler zezaten. Horrexegatik deitzen zaio Bibliaren itzulpen horri Vulgata: latin arruntean idatzita dagoelako. Urtetako lana izan zen hura ‒hogeitik gorakoa‒, erantzukizun handikoa, eta ez denen gustukoa.

Esan beharrik ez dago hamaika buruhauste ekarri zizkiola Biblia itzultzeko zereginak. Eta, eskarmentuaren kariaz, adierazpen interesgarri hauxe egin zuen, beste askoren artean: «Ego enim non solum fateor, sed libera voce profiteor, ne in interpretatione Graecorum, absque scrituris sanctis, ubi et verborum ordo mysterium est, non verbum e verbo, sed sensum exprimere de sensu» (Nik esaten dizuet, eta ozen aldarrikatu ere egiten dut, greziarrek Liburu Santuei dagokienez egindako interpretazioan, hitzen ordena bera misterio hutsa dela, eta, hitz bakoitzaren esanahia ulertzeko, ez diodala hitzari berari begiratzen, zentzuaren zentzuari baizik).

Ezagun egin diren beste esaldi ugariren sortzailea dugu, halaber. Hona horietako batzuk: «Aritu zaitez lanean, deabruak beti lanpetuta topa zaitzan», «Aurpegia arimaren ispilu da, eta begiek, isilean, bihotzaren sekretuak islatzen dituzte», «Has zaitez orain bertan aurrerantzean izango zaren hura izaten».

San Jeronimo 420an hil zen, 80 urte zituela. Zehazki, irailaren 30ean. Hain zuzen ere, horregatik ospatzen da egun horretan Itzultzaileen Eguna. Apur bat falta da oraingoz buruilari ongi etorria emateko, baina ez dago ordura arte itxaron beharrik itzultzaileak eta interpreteak ongi egindako lanagatik zoriontzeko!

Debekuak eta baimenak

Xabier Aristegieta Okiñena

Euskara egokiari buruzko arau nahiz bestelako irizpen eta orientabideak emateari dagokionez, denbora igaro ahala gero eta argiago ikusten dut are zorrotzago jokatu behar dela debeku-arauak ematerakoan, baimen-arauak ematerakoan baino. Alegia, debeku bat ezartzeko pisuzko eta ezbairik gabeko arrazoiak eduki behar direla, eta ez nolanahiko beste batzuk.

Eta hori, arrazoi sinple batengatik: debeku-arauak arau inbasiboak dira, eta baimen-arauak, ordea, ez. Alegia, debeku batek –nahi bezain zilegizkoa eta oinarriduna– hizkuntza-erabiltzaileen adierazpidea baldintzatu eta mugatzen du. Hizkuntza-erabiltzaile guztiena, gainera: debekuarekin ados daudenena eta desados daudenena. Araugileak debekua jaurtiki eta, gezi baten modura, debeku horrek hiztunak zeuzkan adierazpide posibleen eremua inbaditzen du eta bertan zulatuta geratzen da, muga bat ezarriz: «zuzen hitz egin/idatzi nahi baduzu, ezin duzu hitz hau erabili, ezin duzu espresio hau erabili, ezin duzu egitura sintaktiko hau erabili, ezin duzu…».

Baimen-araua, ordea, guztiz bestelakoa da. Hitz, espresio edo joskera jakin bat baimentzen duen arauak ez du inola ere behartzen baimendutako hori erabiltzera; aitzitik, erabilera-aukera bat gehitzen du, aukera hori gustuko duenaren eskuragarri, gustuko ez duenari horren ordez gogoko duen beste bat erabiltzea eragotzi gabe. Kito. Asko jota, aukera hori ematearen kontra dagoenak beste hiztunen erabilahala jasanarazten zaiola sentitzera etsi beharko du (bizitza honetako aniztasunen kudeaketa egokiak dakartzan jasanarazpen horietako beste bat), baina halaber aitortu beharko du bere adierazpidea ezertan ukitu gabe uzten zaiola. Horrelaxe funtzionatzen baitu zilegitzeak: bideak irekiz, baina bide horietan barneratzera behartu gabe. Debekuak, bistan da, guztiok behartzen gaitu.

Edozein debekuren izaera murriztailea dela-eta, bidezko deritzot debeku bat ezarri ahal izateko justifikazio erabatekoa eskatzeari. Azken batean, planteamendua ez da hainbeste aldentzen zuzenbide penalean in dubio pro reo («zalantza kasuan, auzipetuaren alde», esango genuke) oinarri-oinarrizko printzipioa aplikarazten duen arrazoibidetik: jokoan dagoenaren muntak (auzipetuaren askatasun pertsonala, kasu batean; hiztunaren adierazpide-askatasuna, bestean) behartzen du askatasun hori murriztuko duen neurri bat hartu aurretik zorrozki egiaztatzera, arrazoizko zalantza oro uxatzeraino, kasuko jokabidea okerra, gaitzesgarria, dela. Eta –hizkuntzaren esparrura bueltatuz–, nire ustez, horrexe-horrexegatik behartzen du hiztunaren adierazpide-askatasuna tinko lehenestera, dena delakoagatik okerrekotasuna eztabaidagarria denean.

Gaur egun, euskaraz zer den zuzen eta zer oker erabakitzean, debeku gehiegi ikusten dut. Horietako batzuk okerrespen peto-peto gisa adierazten zaizkigu. Beste batzuk, ordea, irizpen lausoagoak dira, hizkuntza-erabilera bat berariaz txarretsi beharrean sotilki gonbidatzen gaituztenak erabilera hori alboratzera (azken batean, debekuak duen ondorio bera bilatzen dute), argudio ezberdinak tarteko: beste erabilera bat hobestearena, hizkuntza-erabilera jakin baten euskarazko «beharra» ukatzearena, eta abar.

Adibideak, hurrengo batean.

Euliak eta kanoiak

Itziar Aduriz Agirre

Esango nuke emakume praktikoa naizela eta nire bizitzako alderdi guztietara begiratuta ikusten ahal dela ezaugarri hori. Esango nuke.

Euskal Filologia bukatu eta UZEIn lanean hasi nintzenean, orduan bideratzen hasi zen nire ikerketaren soslaia. Eta praktikora bideratu zen, kasualitatez, seguru asko. Ala ez.

Ni pozik, nire ikerketan ere izaera praktiko hori islatzen zelako, alegia, ikerketan aritu hainbat denboran eta esfortzu hartatik zerbait (tresnaren bat-edo) sortu egiten genuelako eta erabili egiten zelako helburu jakin batean.

Artean, hizkuntzalaritza teoriko eta praktikoaren kontua garbiago neukan, garbiago baina erratuago ere bai. Izan ere, denborarekin ikusi dut teoria-hizkuntzalaritza egiten dutenek praktikotik ere badutela, eta ez gutxi. Besteren artean, hizkuntzalaritza aplikatua egiten dugunok erabiltzen dugulako, neurri handi batean. Gogoratu «besteren artean» esan dudala. Badaezpada ere.

Puntu honetan gogora datorkit blogkide den Igone Zabalaren 2012ko azaroaren 1eko artikulua, «Geneen adierazpen-askatasuna» titulupean egin zuen artikulua, hain zuzen ere. Zilegi bekit haren hitzak zuzen-zuzenean ekartzea (zaila baita berak idazten daukan zuzentasuna eta zorroztasuna imitatzea):

«Hizkuntza ikuspegi askotatik azter daiteke eta, edozein jakintza-alorretan bezala, motibazio teoriko hutsez iker daiteke edo, bestela, gizartean dagoen arazo edo gatazka bat konpontzen laguntzeko motibazio aplikatuaz. Hizkuntzalaritza aplikatuak hizkuntzalaritza teorikoak garatutako jakintza baliatzen du, eta teknika eta metodologia egokiekin konbinatuta, helburu aplikatuak erdiesten saiatzen da. Emaitzak ebaluatu egin behar dira eta, ebaluazio horretatik, abiapuntuko teoriak eta metodologiak birformulatu egin behar dira.»

Utz dezagun, bada, praktiko izatea bizitzaren beste alderdietarako eta hizkuntzaren inguruko ikerketaz ari garenean hitz egin dezagun hizkuntzalaritza aplikatuaz eta teoria-hizkuntzalaritzaz.

Bikote honen aurrean nagoela (hizkuntzalaritza aplikatua eta teoria-hizkuntzalaritza), ezin aukera hau galdu barruan dudan kontu bat aipatu gabe. Izan ere, inoiz bi ikuspuntuen artean nolabaiteko ez-ulertuak egon badira ere, badakigu ikuspuntuen aniztasunean (eta behar denean elkartzean) dagoela gakoa eta etorkizuna. «Desberdinak gara baina denak gara beharrezkoak!» aipatzen du behin eta berriro nire ikerketa taldeko lankide batek. Eta arrazoia ez zaio falta.

Emaitza ederrak ditugu gurean ere, ikuspuntu eta diziplinak nahasten atera direnak. Hortxe ditugu neuro-, sozio-, psiko- eta biohizkuntzalaritzak, hizkuntzaren jabekuntzaren ingurukoak, hizkuntzalaritza konputazionala, etab.

Goian aipatu dudan nire ikerketa-soslaia hizkuntzalaritza aplikatutik eta diziplinartekotasunetik bideratu zen,  konputazionaletik hain zuen, euskararen tratamendu konputazionaletik.

Ni lanotan hasi nintzenetik garaiak asko aldatu dira alor honi begira. Horrela, gure lehen lanak, UZEIn eta IXA taldean (bietan batera aritu bainintzen urtetan) datu-baseen eta corpusen osaketei begira genituen. Morfologia, lexikoa, ortografia, erroreen tratamendua eta abarren lantzetik XUXEN zuzentzaile ortografikoa sortu zen. Lematizatzailea, ondoren, gaur egunean corpusen kontsultan puntu giltzarrienetakoa baita.

Garai hartatik datoz artikulu honi izenburua ematen dioten hitzak. Euskaltzaindiko XIII. biltzarrean, Leioan izan baitzen 1994. urtean, estreinakoz aurkezten genituen gure lanak euskal komunitatean hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik.  Aurkezpenaren ondoren, Piarres Xarriton altxatu eta bere iritzia bota zuen: ez ote ginen ari euliak kanoikadaz hil nahian. Besterik ez dut gogoan. Harri eta zur geratu ginen. Aurrera egin genuen, ordea!

Erabilerak ere bermatzen du alor hau. Horrela, blog honetan argitaratzen diren artikuluak begiratu besterik ez dago ikusteko corpusei egiten zaien erreferentzia, hitz ala egitura jakinen adibideak eta maiztasunak bilatzeko.

Hizkuntzaren inguruan lanean gabiltzan askorentzat tresnok ezinbestekoak bihurtu zaizkigu, modu azkar batean eskura jartzen diguten informazioagatik eta gehienok ordenagailuz idazten dugunez, idazketa errazten digutelako, neurri handi batean.

Dagokidan neurrian, gogora ekarri nahi dut baliabide horien atzean dagoen lan linguistiko eta informatikoa, nire ustez ezinbestekoa dena tresnaren egokitasunerako eta kalitaterako (bestelako iritziak eta jokatzeko moduak baldin badaude ere).

Xarritonek euliak eta kanoiak ikusi zituen. Nik tximeleta koloredunak ikusten ditut teklatuaren soinu etengabea entzuten dudan bitartean.

Jarraituko du.

Beren umeak bularrez hazteko kontua

Elixabete Perez Gaztelu

Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa. Libreta General. Cuenta Corriente nº… de D… Domicilio… Pueblo... azalean idatzia duen liburuxka eskuetara iritsi berri zait. Pezeta baten sarrera beste mugimendurik ez dauka jasoa. 1900. urteaz geroz Gipuzkoan jaiotzen ziren umeei zabaltzen zieten aurrezkiak gordetzeko liburuxkaren aleetako bat da [1]; 1918ko irailaren 6an zabaldu zuten Irunen.

«Verdades que deben extenderse» du lehen atalak buruan. Mandatua: gurasoek ez dezatela alkoholik edan, kaltea eta gaitza besterik ez dute etxera eramango.

Los hijos de los alcoholizados son muchas veces enclenques, idiotas, deformes. Muchos mueren con convulsiones.

«Egia» horien eta beste eskuren batek liburuxka-jabeentzat zehaztutako «Instrucciones para el imponente» direlakoen ondoren, 13 orrialdetxoko testu bat dago, gaztelaniaz lehenbizi, euskaraz geroxeago. Ama berriei eskainitako testua da. Amak umetxoak bularrez haztera bultzatu nahi ditu, eta gomendioak ematen dizkie jakin dezaten nola jokatu umetxoa behar bezala elikatzeko.

Litekeena da testua ezaguna izatea, baina niretzat ez zen hala, eta ezjakinean dagoen bakarra izango ez naizelakoan, zuekin konpartitzera deliberatu naiz. Alde askotatik mereziko luke, nik uste, aztertzea. Beteak beste, XX. mendeko lehen laurdenaldi hartan kokatzea interesgarria litzateke: Nork pentsatu zuen komeni zela halako testu bat egitea? Zergatik? Nork irakurtzekotan egina? Zergatik testua aurrezki liburuxkan plazaratu? Nork erabaki zuen gaztelaniaz eta euskaraz eman behar zela? Nork itzuli zuen euskarara? Nola erabaki zuen itzultzaileak zein hizkera moduz baliatu? Zenbat euskaldunek, zenbat emakume euskaldunek jakingo zuten orduan irakurtzen? Eta abar. Erantzunik ez dut, ordea.

Atal eta ataltxoen izenak besterik ez ditut jasoko, uste baitut izenburuak elkarren parean jasotzea egokia izan daitekeela itzultzailearen lanaz ohartzeko. Nolanahi dela ere, liburuxkako euskal atala eskaneatuta hemen jarri dut, gustua duenak eskura eta eskuzta dezan (Aurrezki kutxa 1918ko liburuxka_eusk).

Bi atalen izenburuak honelaxe idatzita daude. Errespetatuko ditut letra larriak eta xeheak, lerro bukaerak non egin dituzten (sintagmako zein atal bereizita), okerrak (Mery gaztelaniaz, Merry euskaraz…, euskal testuko izen berezi guztiak «mediku jauntzat» jo dituzte)…

INSTRUCCIONES A LAS MADRES

PARA

AMAMANTAR Á SUS HIJOS

ARREGLADAS POR

el Doctor Budín, M.me Landrin, M. Gaston Mery

y el  Doctor M. Variot

BEREN UMEAC BULARREZ

ASITZECO CONTUAN

AMAC EDUQUI BEAR DITUZTEN

ARGIBIDE EDO JAQUINBEARRAC

Medicu jaun

Budín, Landrin, Gaston Merry eta Variotec ipiñiac.

Era berean, iruditzen zait ataltxoen izenak bi hizkuntzetan ikusteak argi pixka bat eman dezakeela XX. mende hasierako itzultzaile hura hitzak eta (batez ere?) sintagmak itzultzeko nola moldatu zen ikusteko. Ildo horretatik, ariketatxo moduan, konpara daiteke testu horretan erabilitako hainbat hitz-sintagmarentzat emandako irtenbideak eta egun hiztegietan ematen direnak (demagun mamada [2], biberón, destete, lactancia (materna (amagandiko edoskitze; edoskitze natural (Euskalterm)), mixta (ez dut ordainik aurkitu hiztegietan), artificial (edoskitze artifizial (Euskalterm)), esterilizador…) eta/edo gisa bateko edo besteko corpusetan topa daitezkeenak.

Hauexek dira ataltxoen izenak. Hemen ere grafia bere horretan utzi dut.

Lactancia materna Amaren bularrezco ume azitzea
Cuidados especiales para las primeras mamadas Umea bulartzen azitzean contuan eduqui bear dirán gauzac
De cómo han de ordenarse las mamadas de las criaturas Cer nolatan umeari bular aldiyac eman bear zaizcan
Cuidados que han de darse al niño durante la lactancia Bularreco umeaquin eduqui bear dirán contuac
Cuidados especiales para la madre que está criando Bularreco umea daucan emacumeac bere buruarequin eduqui bear dituan contuac
Lactancia mixta Bularrez eta beste gauzez umea azitzearen gañean
Hay que pesar á los niños Noizic beiñ comeni da umeac pisatzia
Lactancia artificial Ganadu esnez umea azitzearen gañean
Leche esterilizada Ur iraquiñez garbitutaco esnea
Aparatos esterilizadores Esnea garbitutzeco ontziac
Leche esterilizada industrialmente [Euskal atalean ez dago ez izenbururik ez azalpenik]
Las diluciones de la leche Urez nastutaco esnea
Elección del biberón Mamadora edo titi-ordecoac nolacoa izan bear duan
Cantidades de leche convenientes para cada mamada Eran-aldi bacoítzean umeac artu bear duan esnea
Intervalos entre las mamadas con biberón

Mamadoraco eman-aldi batetic bestera gorde bear dan dembora

Alimentos que convienen para el destete

Bularra quentzeraco umeai eman bear zaizten janari edo artzecoac

Los repartos de leche esterilizada y las consultas por la criatura [Euskal atalean izenbururik ez, baina erdal azalpenekoa arestiko euskal ataltxoaren bukaeran dator]

Hizkuntza kontuez gain (eta aurrezki kutxen eginkizunen eta beste hamaika kontuez gain), besterik ere eskaini dit testuak: euskararen itzultzaile (niretzat ezezagun) horrek XX. mende hasierako Frantziara bidali nau, testua «ipini» zuten egileengana. Horrela egin dut topo Pierre Constant Budin medikuarekin (1846-1907), eta ohartu gure erdal testua ere seguruenik Budinek 1900an argitaratu zuen Le nourrisson: alimentation et hygiène – enfants débiles, enfants nés á terme lanaren laburtzapen-egokitzapen-itzulpena izan daitekeela. Umeentzako zerbitzuen zerbitzuburua izan zen Amélie Landrin andrearen berri ere jakin dut. 1892an Frantzian «A la goutte de lait» sortu bide zuen M. Variot doktorearena ere bai… Eta Donostiara eraman nau horrek guztiak, 1903an sortu eta ezagutu genuen «Esne-tantora»…, eta guztia itzultzaileen lanari esker.

Samurra testua, usain, sentimendu eta zer jakingarri askoren sortzaile eta berriztagarria. Gainera, emakumeentzako testu argia da, gure amonen garaian irakurtzen zekiten emakume euskaldun giputzek aise ulertzeko modukoa, nik uste. Niri behintzat hala iruditu zait.

Idoia Santamariaren txakurrarena baino bizimodu patxadatsuagoan irabaziak lortu ditut, inondik ere. Itolarrian bizi den Mari Larri itzultzaileren bat tartean izan ez bazen, ez nuen izango ez Frantziako bidaiarik, ez zuei halako testu luzea (barkatu) egiteko aukerarik… hil honetako zorraren kitagarri.


[1] N.B. Desde 1º de Enero de 1900, á toda criatura que nazca en Guipúzcoa, se le dota gratuitamente con una libreta de la Caja de Ahorros Provincial, importante una peseta; y para evitar el reintegro de esa peseta inicial, anulando, por consiguiente, esa Libreta General, se consigna la cláusula de reserva siguiente: El saldo de esta libreta nunca podrá bajar de una peseta mientras viva el propietario.

[2] Euskaltermek ez dit uzten lotura hitzarekin egiten. Zehazkitik hartuko ditut.

Pierre Urte

Iñigo Roque Eguzkitza

Ezer gutxi dakigu Pierre Urteren bizitzari buruz, nahiz azkenaldian hari buruzko lanak ugaritu diren, eta non eta noiz hil zen ere ez dakigu seguru: Juan María de Olaizolak dio Ipar Amerikan zendu zela, 1717an hara joan ondoren, baina, Patri Urkizuren arabera (Pierre d´Urteren hiztegia: Londres 1715), 1719an Londresen ezkondu zen, Castle Street-eko kapera frantsesean (huraxe da haren bizitzari buruzko azken datua); M.A. Llewelyn-en esanetan, bere garaian sorlekura itzuli zela zabaldu zen arren, ziur aski Ingalaterran bertan hil zen. Haren bizitzari buruz baditugu zenbait xehetasun, askorik ez. Donibane Lohizunen jaioa (1664), kaputxinoa izan zen, baina laster Erreformaren bidetik abiatu zen. Orduko higanot askok bezala erbesterako bidea hartu behar izan zuen, ordea, Nantesko Ediktua bertan behera utziz gero (1685). Urte Ingalaterran gerizatu zen. Han apaiztu zen, Eliza Anglikanoaren barruan, eta euskarazko zenbait lan ondu zituen: gramatika bat, hiztegi bat, eta Bibliako Hasiera osoaren eta Irteeraren pasarte batzuen itzulpena.

Guk itzulpen horri erreparatuko diogu. Gainerako lanak bezala, itzulpena ez zen argitaratu Urteren bizialdian, eta luzaroan Shirburn gazteluko liburutegian gordeta egon zen, Oxford aldean. Galesezko zenbait eskuizkribu ere biltzen zituen Shirburneko bibliotekak, eta pentsatzekoa da eskuizkribua han egoteak zerikusia izango zuela denbora hartan euskara hizkuntza zeltikoen ahaide zelako ustearekin. Ez dakigu zehazki noiz egin zuen lana, edizioaren arabera data bat edo beste aipatzen baita: c. 1700 (1. argit.) eta c. 1715 (2. argit.).

Hala ere, XIX. mendean itzulpenak bi argitaraldi izan zituen: lehenbizikoa M.A. Llewelyn Thomas-ek apailatu zuen, 1894an, eta Claredon Press-ek argitaratu; bigarrena, E.S. Dodgson euskalari ezagunaren ardurapean, Londresko Trinitarian Bible Society-k argitaratu zuen 1898an (Etorkia baizik ez zen jaso orduan). Lehenbiziko edizioak, bigarrenak ez bezala, badu aurkezpen baliotsu bat, editoreak erantsitako atarikoa («Introduction»).

Itzulpenari buruzko zenbait ohar argigarri egin zituen sarrera horretan Llewelyn-ek. Esaterako, hari esker badakigu Genevako Biblia erabili zuela sorburu-testu gisa itzultzaileak, hango hutsak ere beretu baitzituen; seguruenik, gainera, 1588ko bertsioa erabiliko zuen.

Interesgarria da, halaber, edizioaren prestatzaileak testuaren harreraz eginiko azterketa xumea. Batetik, herritar arrunten artean zabaldu zuen kopia bat, laguntzaile batzuen bitartez, haien iritziaren berri izateko. Iritziok harrigarri bezain zintzoak izan ziren: berek ere egin zezaketela («I could have done as well myself»), mailegu gehiegi erabiltzen dituela euskaratzaileak (hori dela kontu, hizkuntza zokoratuen garbizaletasunaz gogoeta jakingarri bat eransten du Llewelyn-ek) eta testua ederki ulertzen dela (ia berrehun urte igaroak baziren ere). Adituen iritziek berretsiko zuten herritar arruntek aipaturiko ulergarritasun hori (van Eys, Larrieu, Webster).

Llewelyn-ek gaineratzen du iritzi horiek Sarako herritarren artean jaso zirela eta, beharbada, Sarako mintzaira Donibane Lohitzunekoa baino «garbiagoa» izateak izango zuela eragina horietan. Gainera, bazekien, Vinson-ek esanda, Donibane aldean frantsesetiko eta gaztelaniatiko maileguak erabiltzen zirela txitean-pitean, eta, noski, itzulpenean ere ez dira halakoak falta: «Ekarri beharco dut nic sin falta hire sémeä hi ilki içatu aiçen herrira» (Hs XXIV, 5). Urte, esan gabe doa, ez zen uste horretakoa izan, Sarako eta Donibane Lohizuneko mintzairak maila berean ezarri baitzituen bere Gramatikaren atarikoan:

De Toute la Cantabrie françoise où l’on parle le meilleur basque c’est dans la prouince de Labour, qu‘on nomme Laphurdi, et surtout a St. Jean de Luz et a Sara deux paroisses de cette prouince distantes de deux petites lieus l’une de l’autre c’est ce que tout le monde auou unanimemt en ce païs la.

Hala ere, Donibane-Ziburuko hizkeraren aldera bazen halako mesfidantza bat XIX. menderako, Julio Urkixok ezin hobeto erakutsi zuenez artikulu batean («El vascuence de San Juan de Luz»):

Al dar cuenta en Euskaleriaren Alde (Julio, 1922) de la aparición del estudio de Hugo Schuchardt, Zur Kenntnis des Baskischen von Sare (Labourd), hable de la rivalidad que, desde tiempo inmemorial, ha existido entre Sara y San Juan de Luz, respecto a la pureza y excelencias de su vascuence respectivo.

Protestanteen kerua zuten hitzek ere eragingo zuten arbuiorik edo mesfidantzarik euskaldun katolikoen artean; esaterako, Jainkoaren partez, askotan Eternala aipatzen da (tarteka Iainco Eternala ere bai).

Atarikoan, orobat, zenbait arkaismoz dihardu paratzaileak: ozar (txakur handia), ordurako ahantzia, eta txahal (behi helduaren adieran). Interesgarri dira, bestalde, itzultzaileak zenbait pasarte itzuli gabe utzi zituela (ez dezagun ahaztu eskuizkribua burutu gabe zegoela, ez zegoela inprimategirako gertu). Horien hiru adibide ematen ditu sarreragileak:

In Genesis xxx. 37 he does not attempt to translate «green poplar and hazel»; in Exodus v. 12 he leaves blank the word for «stubble», and in Exodus ix. 32 he does not give the word for «rye». He was not a countryman, but the native of a small seaport full of fishermen and sailors.

Azalpena bitxi samarra da, itsas herrietan barnealdekoetan bezain arrunt izango baitziren zurzuriak, hurritzak, uztondoak edo zekalea. Lehenbiziko edizioan, beraz, hutsuneak bere horretan geratu ziren, puntu etenez nabarmendurik. 1899koan, ordea, osaturik agertu ziren hutsuneok: «zur-churi eta urritz» (Hs XXX, 37). Kontuan izan Oxfordeko edizioa aditu eta hizkuntza-ikasleentzat moldatu zela, eta bigarrena Euskal Herrian bertan berri ona zabaltzeko.

Beste horrenbeste gertatu zen akatsekin: lehenbiziko edizioan ez ziren arteztu. Izan ere, Llewelynek bi akats harrigarri aipatzen ditu, biak ala biak frantsesezko testua gaizki interpretatzearen ondorioak:

  • «Bañan emaztebat ethorri içan çen herrira» (Hs XII, 10). STko famine, ez zen, ordea, emaztea, gosea baizik. Bigarren edizioan: «Bañan gossete haündi bat ethorri içan çen herrira».

  • Antzeko nahaste bat agertu zen aurreko kapituluan (Hs XI, 31) belle fille gardena alaba edertzat hartzen denean (bigarren edizioan, erraña), eta antzera kapitulu batzuk aurrerago (HS XVI, 14) serfs orkhaitz direnean, mutil izan beharrean (bigarren edizioan bezala).

Leizarragaren lana ere aipu du Llewelyn-ek, esanez literatura-hizkuntza estandarizatzeko aukera bikaina izan zela baina ez zuela arrakastarik izan. Horren harira, William Morgan galestar apezpikuaren itzulpenarekin (1588) parekatzen du beskoiztarraren ahalegina, arrakastarik izanez gero izan zitekeenaren ispilu eta mirail.

Testua ohartukiago aztertzea mereziko luke, baina esan dezagun, lehen ikusian, bizitasun handikoa dela, eta gaurko irakurlearentzat ere atsegingarria.

Du ala dauka?

Juan Garzia Garmendia

Iepa, Joaniko!

Zer moduz bizi gara?

Jonek ez du lagunik.

Jonek ez dauka lagunik.

Zein da irizpidea? Mendebaldean dauka erakoez abusatzen da, bale, baina zein da egiazki araua? Noiz da zuzena, berez, eduki?

Zenkiu!

Iepa, Amayika:

Hemen, nobedade handirik gabe.

Ea:

Badira/baditugu bi sistema. / Bi sistema daude/dauzkagu.

Mendebaldean gero eta nagusiago den sistema ulertzeko modurik sinpleena, nik uste, gaztelaniaren bilakabideari erreparatzea da, horren kalkoa baita gakoa.

Gaztelaniaz, gaur egun, ha, arkaismotxoren bat gorabehera, aditz laguntzailea da soilik; bestela, tiene erabiltzen da sistematikoki. Funtzio-banaketa hori kalkatzen du(gu), gupidarik gabe, oraingo mendebaldetar hiztun askok edo, dagoeneko, gehienek; idazle batzuek ere, hala nola Atxagak, bide horretatik jo dute.

(Eredu horretan, formalki eduki aditzaren adizkia izan arren, izan aditzaren formatzat ere erabiltzen du hiztun/idazle askok dauka: Ez du inoiz lagunik izan baina Ez dauka lagunik).

Salbuespenen bat bada, hala ere, baina azalpen hori baiestera datorrena; izan ere, oraingoz, jende gutxik esango luke *Pellok anaia dauka Mikel: joskera horrek ez du paralelorik gaztelaniaz, eta horregatik salbatu da, noski, haren anaia da>anaia du moldea inbasiotik.

Kontua konplexuagoa da (izan/egon ere tartean sartuz gero, batik bat[1]), eta joskerari ere eragiten dio (baditu arazoak / arazoak dauzka), baina horixe da funtsezkoena du/dauka formen lehiari buruz.

Gertatzen da, ordea, euskara jada egina zegoela ha>tiene aldaketa hori kalkatzen hasi aurretik, eta eredu zaharrago hori bizirik dagoela neurri handi batean, baita euskal hiztun gaztelaniadunen artean ere. Zer esanik ez, ekialdean (iparraldean, frantsesez halako aldaketarik gertatu ez delako noski), ez du halako lekurik dauka orotariko horrek.

Jakina, du>dauka aldaketa nagusitu ez den sisteman, du da, berdin berdin, laguntzaile zein trinko. Sistema horretan, beraz, libre geratzen da dauka adizkia du adizki trinkoaren ordezkoa izatetik, eta zentzu markaturen bat izaten du, iraute batekin lotua betiere:

gordinik/egosirik daukagu[2] [eduki, tener: egoera]

eskuan dauka ezpata [eduki, sostener: heldu, eutsi]

bi elektroi dauzka [eduki, contener: barruan]

egoki(tzat) daukate [eduki, considerar: uste izan (X Y dela)]

Araua eskatzen duzu. Zer nahi duzu esatea? Nik neuk (ez ahal naiz bakarra izango!), azaldu ditudanengatik, batuagotzat daukat halako esanahi markatuetarako gordetzea dauka, baina auskalo zertara garamatzaten soziologiak eta arrunkeriak.

Egia esan, nagusi-nagusi dabilena nahaste kaotikoa da: dirua daukat (?) baina ikusita ditut (!), eta abar. Mendebaldeko hiztun askorentzat, bistan da, gauza bera-edo dira dauka eta du (hots, adizki trinkoetan behintzat, eduki eta izan).

Eta, ez pentsa, nire eta nire antzeko batzuen erabileran ere, justifikagaitza da formalki aukera joskera berezi batzuetan (belarriak hala agindurik): esan beharra daukat, ez daukazu hori esaterik

Tarte bat bada, beraz, lausoa, baina, gainerakoan, eredu bien artean aukeratu behar. Zure hizkeraren kasuan, ez da dudarik; inorenak zuzentzerakoan, berriz, ahal baduzu, pertsuaditu testugilea, eta, ezin baduzu, koherentzia behintzat eskatu.

Eta, batez ere, saiatu ez erotzen.

Juanito Argilun

Gabon!

Oraintxe aztertu dut zure azalpena. Arras argigarria!

Hala ere, ez daukat dirurik erakoek ez didate holako belarriko minik ematen (baina ni beti ez dut dirurik-en alde!), baina ikusita ditut… puf! Gogorra! Lankideei, hala ere, ez zaie kaskoan sartzen ikusiak ditut ere euskara dela, eta, tira, lortu dut ikusita ditut baztertzea eta gutxienez ikusita dauzkat edo ikusiak dauzkat erabiltzea (ikusirik zientzia-fikzioa da).

Mila esker!


[1] Horretaz eta bestez: <<Bada arazoriketik arazoak dauderaino: existentzia-predikazioa eta inespezifikotasuna>>, Juan Garzia, in GRAMATIKA JAIETAN: PATXI GOENAGAREN OMENEZ, X. Ariagoitia, J. Lakarra (<<Julio Urkixo>>  E. F. M.aren Urtekariaren Gehigarriak, LI).

[2](r)ik atzizkiarekin konbinaturik, (ia-ia) hizkera guztiek darabilte dauka/dago, eta ez du/da, eta berdin, noski, –ta/-da atzizkiarekin ere. Artikuluarekin, aukerakoak dira bi moldeak: ikusia dut/naiz zein ikusia daukat/nago.

Zuk baizik ez nauzu maite, ni baizik ez duzu maite

Baizik-en erabilera murriztailea eta komunztadura

Beñat Oihartzabal

Gramatika solasa nire gaurkoa, gehienetan bezala. Gramatika liburuetan aipatzen ez ohi den puntutxo batez: baizik-en erabilera murriztailea eta pertsona komunztadura.

Has gaitezen baizik-ek juntaduretan duen erabilerarekin, komunztadurari dagozkionetan argiago delakoan hau. Baizik morfemaren bidez eratzen diren juntaduretan bi osagai agertzen dira aurkaritzan direnak: bata, ezaren besarkaduran da, bestea, baizik-en pean dena, ez. Ondoko adibideek erakusten dute erabidea:

(1a)    Niri nehork ez dit deus erran, zuk baizik.
(1b)    Ez dizute zuri eman, niri baizik.
(1c)    Ez gara gu mintzatuko, haiek baizik.

(1)eko adibideei soako bat emanez, ikus daiteke aditzak pertsonan komunztatzen direla ezaren pean den osagaiarekin (nehork, zuri, gu), eta ez, beraz, harekin aurkaritzan den baizik-en peko denarekin (zuk, niri, haiek).

Erabide hau garatuz edo haren ildotik, baizik-en beste erabilera bat ere bada, hartan ez baitira (1)eko adibideetan bezala bi osagai aurkaritzan agertzen, baina osagai bakarra. EGLU-IVk, [1] baizik-en erabilera hau murriztailea deitzen du, eta nik ere hala eginen dut hemen. Ondoko adibideek erakusten dute baizik-en erabilmolde hori:

(2a)    Zuk baizik ez dakizu hori.
(2b)    Horrelakoak guri baizik ez zaizkigu gertatzen.
(2c)    Zu baizik ez zara mintzatu.

(2)ko adibideetan, (1)ekoetan ez bezala, baizik-en pean den osagaiarekin egiten da komunztadura, ergatiboa izanik lehen adibidean (zuk/dakizu), datiboan bigarrenean (guri/zaizkigu), eta absolutiboan hirugarrenean (zu/zara). Holako adibideetan pertsona komunztadura agertzea naturala dela erran nezake. Konpara ditzagun (2)ko perpausak, komunztadurarik ez duten hauekin:

(3a)     *Zuk baizik ez daki hori.
(3b)    *Horrelakoak guri baizik ez da/zaizkio gertatzen.
(3c)     *Zu baizik ez da mintzatu.

Ez dakit irakurle guziek eman lezaketen izarñoa holako perpausetan, baina, eskuin eta ezker galdatu ondoan, badirudi holako testuinguruetan baizik erabiltzen duten hiztun gehienentzat ez direla ongi eratuak (3)ko perpausak.

Alta bada, ez da hori EGLUk baizik-en erabilera hori aztertzerakoan dioena. Alabaina, Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen lanean franko garbiki aditzera ematen da erabilera murriztaile horretan ohiko jokabidea dela baizik-en pean den osagaiarekin komunztadurarik EZ egitea (aditza 3. pertsona singularrekoarekin komunztatzen balitz bezala). Honela dio EGLUk baizik-en erabilera murriztaileaz ari izanez: Komunztadura hura-rekin egiten du sarritan aditzak, sintagmaren lehen osagaia 1. edo 2. pertsonari dagokionean ere.

Bi adibide ekartzen dira ondotik, erranaren erakusgarri:

(4a)     Zu baizik ez dut maite.
(4b)    ?Zu baizik ez zaitut maite. (Galdera marka aipuaren parte da)

Ikus dezakegunaz, EGLUk zalantzazkoa ematen du zu osagaiarekin komunztadura dakarren adibidearen onargarritasuna (4b), bestea hobestekoa dela azpimarratuz. Azalpena ere ematen du: Horrelakoetan badirudi zu baizik gisako egitura horren hura-ri dagokion beste elementuren bat duela bere baitan, isilpean-edo, eta horrexekin egiten duela aditzak komunztadura:

(5)       Ez dut inor maite zu baizik.

Zertan gaude, beraz: EGLU bide okerretik ote dabil komunztadurarik eza hobestean? Ala makurrak ote dira hemen gorago, (3)an, eman gramatika epaiak, komunztadurarik eza baztertzen dutenak? Ez bata, ez bestea, nik uste. Goazen ikus hurbilagotik.

Kontu hau aipatzean, EGLUk erabilera murriztailearen konfigurazio mugatu jakin bat kontuan hartzen du, bere adibidean agertzen duena, eta testuetan maiztasun handi-handikoa dena. Perpaus eramolde horren arabera aztertzen ditu komunztadurako jokabideak, beste konfigurazioez deusik erran gabe. Halere, oker legoke, ene ustez, konfigurazio berezi bateko jokabideaz han errana erabilera murriztailearen arau orokorra egin nahi lukeena.

Zer desberdintasun da gorago agertzen diren adibideen artean? (2-3)ko hiru adibideetan, baizik-en pean den osagaia subjektu bati edo osagarri datibo bati dagokio. Orduan, ikusi dugunaz, komunztadura egiten ohi da, eta zalantzazkoa da komunztadurarik ez egitea bigarren mailan ere batere onartzekoa den. Aldiz, EGLUk aipatzen duen kasuan, objektu zuzen bati dagokio osagaia. [2] Azken kasu honetan, bi jokamoldeak ager daitezke, pertsona komunztadurarik gabekoa, EGLUren arabera hobestekoa dena, eta, bigarren mailan, komunztadura duena.

Baizik-en erabilera murriztailearen jokabide orokorra, honela, eman daiteke orduan:

Erabilera murriztailean, baizik-en peko osagaiarekin pertsona komunztadura erakusten du aditzak, non ez den osagai hura objektu zuzena (edo existentzia predikatu baten subjektua), orduan, pertsona komunztadurarik gabe geldi baitaiteke aditza (EGLUk hobesten duen jokabidea, objektuaren kasuan behintzat).

Adibideak:

(6a)     Gu baizik ez gara joanen. (Subjektu absolutiboa: komunztadura)

(6b)    Zuk baizik ez didazu horrelakorik kontatzen. (Subjektu ergatiboa: komunztadura)

(6c)     Zuri baizik ez dizkizut horrelakoak kontatzen. (Osagarri datiboa: komunztadura)

(6d)    Zuri baizik gustatzen zaizkizu  horrelako janariak. (Osagarri  datiboa: komunztadura)

(6e)    Zu baizik ez dut ikusi / Zu baizik ez zaitut ikusi. (Objektu zuzena: komunztadurarik eza hobetsia)

Uste dut piska bat barnago ikertu behar litzatekeen objektu zuzenarekin agertzen den aukera asimetriko hori, eta baita subjektu absolutiboen tratamendua ere. [3]

Beldur naiz, ordea, luzeegi lihoakedala orduan egungo lerroaldia. Beste aldi bateko utziko dut.

**************

Gehigarria:

Hemen errana erakusten duten testuetako zenbait adibide (gehienak Ereduzko Prosa Gaur corpusekoak):

Subjektu ergatiboa:

  • Nik baizik ez bide nuen solasa hiltzera ez uzteko nahikeria. (Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000, 137)
  • Hastapenean, zuk baizik ez zenituela aditzen uste zenuen, paranoiak ozenagotzen zizkizula. (Elektrika, Xabier Montoia, Susa, 2004, 102)

Subjektu absolutiboa:

  • Ni baizik ez bide nintzaion Ximurraren mintzoari erreparatzen ari. (Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000, 26)
  • Gu baizik ez ginauden egoitza hartan (Xabier Soubelet, Orroitzirriak, Maiatz, 19. at.)

Osagai datiboa:

  • Badakizua, bizkonde, zure gutuna bakana dela bere ausardian, eta karia horretara ez haserretzea niri baizik ez legokidakeela? (Arima hilak, Nikolai Gogol / Jose Morales, Ibaizabal, 1998, 48)
  • niri baizik zor ez didaten desira horren karra; horri ere on deritzot (Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz, Ibaizabal, 1997, 247)

Objektu zuzena, komunztadura duena:

  • Badakit, badakit, nire semea bart hil da… orain zu baizik ez zauzkat munduan, zu baizik ez (Emakume ezezagun baten gutuna, Stefan Zweig  / Eduardo Matauko, Igela, 2005, 9)
  • Hi hiz bakarrik ona! Ehut hi baizik maite! (Maitasunaren ikasten, Flaubert / JB. Orpustan, IV. kap.)

Objektu zuzena, komunztadurarik gabea:

  • badakik hi baizik ez dudala lur huntan! (JP. Arbelbide, Bokazionea, VI. kap.)
  • Eztakusat zu baizik (Sponde / JB. Orpustan, Maitasunezko hamalaurkunak, XXIV.a)

[1] EGLU-IV, 216-219. orr.

[2] Gauza ezaguna da existentzia predikatuekin subjektuen joskera berezia dela hizkuntza anitzetan. Badaiteke aztertzen ari garen kontuan ere horren ondorioak ager daitezkeen. Alabaina, Iparraldeko testu batzuetan bederen, holako predikatuen subjektuek ez dute baitezpada komunztadura ekartzen:

     Guretzat zu baizik ez da. (J. Irigaray, Amazonen deia, XVI. kap.)

Ez dakit, existentzia adierazteko egon erabiltzen duten hiztunek ere aukerakoa duten komunztadura:

     Gu baizik ez gaude hemen. / Gu baizik ez dago hemen.

[3] Halaber, ez dut ikertu hemen erranak zenbatetaraino balio duen besterik edo baino morfementzat ere,  hauek ere, oker ez banago, baizik-ek  bezalako erabilera murriztailea izan baitezakete.

Hazi sokratikoa (on baliabide prepositiboak)

Iñaki Iñurrieta Labaien

Esaera jatorrak dira «nora eta Burgos aldera!», «nork eta morroi sastar hark oinperatu behar!», «hori guztia zertarako eta ehun euro triste irabazteko!»… Halako esaldien ezaugarri bi dira 1) galdera-erantzuna dutela jatorri, eta 2) tonu neutroa baino adierazkortasun-puntu bat gehiago dutela (harridura-marka jarri ohi zaiela).

Elkarrizketetako «galdera-erantzuna» dinamika dute jatorrian:

—Nora joan zen Sandia?

—Burgos aldera.

Pertsonen arteko jardunetik esaera jator horietara iritsi arteko bidean, noizbait hiztunak bere egiten du aurreramodu dialogiko hori, entzulearen galderari aurrea hartuz bezala, eta berak ematen ditu biak, galdera eta erantzuna:

—Nork oinperatu zuen Berendia?, galdetuko didazu; erantzungo dizut ba: morroi sastar hark.

Prozedura hori ugalduz eta maiztuz joango zen, eta, arrunt bihurtu ahala, baita soilduz ere, hizkuntza-ekonomiaren legepean eta elipsiaren bitartez, hasierako esaldietara iritsi arte: «nora eta…», «nork eta…», «zertarako eta…»…

Orain, esan bezala, balio adierazkorrez jantzita erabili ohi ditugu esaldiok, harridura adieraziz. Nik neuk  joera dut idatzizkoetan balio adierazkor hori gabe ere erabiltzeko, hau da, gramatikalizatuago, baliabide prepositibo gisa, mendeko perpaus baten hasiera markatzeko bide-seinale. Hainbatetan baliatu izan dut sintaxi-arazoei irtenbide bat emateko. Esate baterako, kasu honetan, helburuzko perpausa baten hasiera markatzeko:

Ondoren, hil egin zuten deskribatu den zeremoniarekin, zertarako eta, artean gaztea izanik, haren indarra odola edaten zutenengana pasa zedin.

Esaldi horretan, zertarako eta bide-seinaleak mugatzaile gisa balio digu; izan ere, hori gabe,

Ondoren hil egin zuten deskribatu den zeremoniarekin, artean gaztea izanik, haren indarra odola edaten zutenengana pasa zedin

ez genuke jakingo zein aditzen lagun den «artean gaztea izanik», hots, nola ulertu behar den esaldia: «artean gaztea zela hil zuten» ala «artean gaztea izateari esker haren indarra odola  edaten zutenengana pasa zedin».

Oro har, horrelako marka prepositiboak bide-seinale baliagarria gerta daitezke esaldi luze, sintaxi gutxi-asko bihurrikoetan. Honako hauetan, esate baterako:

  • Hain zuzen, aurki hainbeste jakingo dugu tximinoarengan diren loturen eredu orokorraz eta haietarako transmisore eta errezeptore kimikoek garunean duten kokalekuaz, non informazio berri horretaz guztiaz baliatzeko bide bakarra ordenagailuetan biltzea izango baita, nola eta erraz ulertua izateko, hots, modu grafiko biziren batean agertua izateko moduan.

  • Horretarako, alde batera uzten da, lehen aldiz, hirigintzako teknika jakin batzuk —hala nola plan motak edo lurzoru motak—, arautzea, eta haiei dagozkien teknizismoak erabiltzea saihesten da, zertarako eta aldez aurretik ez markatzeko, ezta zeharka ere, hirigintza eredu jakin bat, eta herritarrek esparru komun hau errazago uler dezaten.

Frazer-en The Golden Bough itzuli nuenean (Urrezko abarra), erruz erabili nituen halakoak: zergatik eta, zertarako eta, noiz eta, nola eta… Harrezkero, beroarena kenduta, galga eman izan diot hainbatetan prozedura hori erabiltzeko apetari, funtzionaltasun osorako bidean erresistentziak sumatuta, hau da, tentsio edo kontraesan halako bat oraindik ere egiturari eman ohi diogun balio adierazkorraren eta erabilera gramatikalizatuago horren artean.

Baliabide hori, bestalde, Europako hizkuntzetan izan den bilakaera orokorrago eta aspalditik datorren baten barruan legoke, «galderatik menderakuntzara» bilakaeraren barruan alegia, zeinaren arabera galdera-hitzak (nor, zer, non, noiz…) mendekotasun-adierazle izatera pasatu baitziren. Transferentzia bat gertatu zen pertsonen arteko funtzioetatik (batek galdetu, besteak erantzun) testu-funtzioetara, eta ondorioz menderakuntza modu berriak sortu ziren. Hori Europan baino ez omen da gertatu (salbuespena: beste kontinenteetan europar hizkuntzekin harreman luzea izan duten hizkuntza gutxi batzuk); Europan, eta Europako hizkuntza guztietan gertatu da, zergatik eta hizkuntzok, senide izan nahiz ez, tipologia berekoak zein desberdinekoak, indoeuroparrak edo preindoeuroparrak, kontaktuan egon direlako elkarrekin, eta kontaktu horren ondorioz elkarren antza hartuz joan direlako eta doazelako. Halaxe jaso zuen euskarak ere erlatibo erromanikoa (zein baita, zeinek baitu…). Guk ere geure baitan daramagu hazi sokratikoa, «galdera-erantzuna» bitasunaren gainean aurrera egiteko aukera hori.