Ikusizko itzulpena, ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin

Claudia Torralba Rubinos

Izenburuko hiru terminoak nahasian erabili izan dira interpretazioaren arloko ikasketetan, oso ondo zehaztu gabe non dauden batzuen eta besteen arteko mugak. Kontua ez dago ebatzita, inondik inora ere, auzia ez baita bakarrik terminologikoa, kontzeptuala ere bada. Sarrera honetan hiru planteamendu ezberdin azalduko ditut, abiapuntua jarri eta elkarrekin gogoetatzen hasteko. Gogoeta bikoitza proposatzen dizuet: esanahiaren eta izendapenaren gainekoa.

Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirrek (2003) hiru kontzeptuak biltzen dituen hiperonimo gisa darabilte ikusizko itzulpena terminoa. Haientzat, idatzizko testu bat ahoz birformulatzea da ikusizko itzulpena egitea. Hau da, kanal-aldaketa baino ez dute kontuan hartzen. Funtzioen eta modalitateen arabera sailkatzea proposatzen dute.

Azpisailkapena egiteko abiapuntua da ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala. Funtzio komunikatiboa duenean, interpretazioarekin lotuta dago beti, helburua hartzaileei idatziz dagoen informazioa ahoz ematea delako. Kasu horretan, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatea da, eta azpimodalitateak ditu, besteak beste, artikulu honetan hizpide ditugun ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin (edo testuarekiko aldibereko interpretazioa).

Dena den, beste azpimodalitate batzuk ere aipatzen dituzte Jiménez-Ivarsek eta Hurtado-Albirrek (2003) beren artikuluan ―zuen baimenarekin, jatorrizko izendapenak jarriko ditut, itzuli gabe, anabasa terminologikoari ekarpenik ez egiteko―: traducción a ojo edo traducción a primera vista, traducción a la vista preparada, traducción a la vista consecutiva eta traducción a la vista en interpretación consecutiva.

Funtzio instrumentala duenean, aldiz, beste helburu bat lortzeko bitarteko bihurtzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori idatzizko itzulpena egitea izan daiteke, edo, adibidez, atzerriko hizkuntza batean lortutako ezagutza egiaztatzea. Beraz, funtzio instrumentala duenean, ikusizko itzulpenaren helburua produktu bat lortzea edo zerbitzu pedagogiko bat ematea da, eta, ondorioz, itzulpen-estrategiatzat eta pedagogia-estrategiatzat har daiteke. Hona hemen Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) proposamena, laburtuta:

1. irudia: Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirretik (2003) hartua.

Pöchhacker-ek (2004), aldiz, honela bereizten ditu hiru terminoak eta izendatzen dituzten kontzeptuak:

Harentzat, ikusizko itzulpena idatzizko testu bat ahoz itzultzea da, baina interpretazioaren testuingurutik kanpo. Hau da, bat dator Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirren funtzio instrumentalarekin: interpretaziotik kanpoko edozein testuingurutan idatzizko testu bat ahoz itzultzea litzateke ikusizko itzulpena egitea, eta hainbat helburu betetzeko balio dezake.

Ikusizko interpretazioa, aldiz, interpretazioa egiten den testuinguruei lotuta dago hertsi-hertsian. Esan osteko interpretazioa egiten den testuinguruetan egin ohi da, eta ez dago hizlariaren diskurtsoari jarraitu beharrik, ez delako aldi berean egiten. Are gehiago, interpreteak xede-hizkuntzan irakurtzen ari delako inpresioa eman behar du (Angelelli, 1999). Beraz, Pöchhackerrek (2004) Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) funtzio komunikatiboko azpimodalitate batzuetara mugatzen du ikusizko interpretazioa terminoa.

Eta “batzuetara” diot, hain zuzen, aldibereko interpretazioa testuarekin aldibereko interpretazio mota berezitzat hartzen duelako. Ikusizko interpretazioa neurri handi edo txikiagoan eskatzen duen aldibereko interpretazio mota konplexua dela dio, baina ez du ikusizko itzulpenaren azpimotatzat hartzen.

Azkenik, Lambert-entzat (2004) erabat sinonimoak dira ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin terminoak. Ikusizko itzulpenarekiko duten ezberdintasuna da hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar direla, eta, beraz, bi input kudeatzea eskatzen dutela: ikusizkoa eta entzunezkoa.

Ikuspegi horrek Cammoun et al.-en (2009) kritika jaso zuen, termino biak sinonimotzat jotzeak maila berean jartzen dituelako ikusizko itzulpena eta testuarekiko aldibereko interpretazioa, itzulpena hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar den ala ez ―eta horrek dakartzan zailtasunak eta erronkak― kontuan hartu gabe.

Argi dago gutxi ikertutako esparruetan ohikoa den terminoen eta kontzeptuen gainjartzea dagoela arlo honetan ere. Horregatik, garrantzitsua da gaiari buruzko ikerketetan argi eta garbi adieraztea zeri egiten zaion erreferentzia termino bakoitzarekin, anbiguotasunak saiheste aldera. Gainera, ez dugu bistatik galdu behar euskarazko ordainak sortu, erabili eta finkatu egin beharko direla momenturen batean, eta ziurrenik itzulpenaren eskutik etorriko direnez, litekeena dela aukera bat baino egotea. Horregatik, arloko adituen esku dago termino horiek euskaraz nola, noiz eta zer izendatzeko erabiltzen ditugun erabakitzea.

Oraingoan nire espezializazio-alorreko adibide bat ekarri dizuet, baina uste dut estrapolagarria dela beste alor batzuetara ere. Izan ere, lan akademikoetan, edukian zentratzen gara askotan ―izanean, eta ez izenean―, eta ez diogu behar besteko denbora eskaintzen gogoeta terminologikoa egiteari. Ondorioz, aurretik erabilitako terminoak beste kontzeptu batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu, edo ordain berriak proposatu, aurrekoak ezagutu gabe. Eta, kontziente ez garen arren, gure jardunak eragin zuzena du hizkuntza txikituen normalizazioan eta hizkera espezializatuen garapenean eta finkapenean. Gutako bakoitzak egiten dituen hautu txikiek eragin handia dute sarritan gure espezializazio-arloetan, eta funtsezkoa da horretaz kontziente izatea.

Dena den, ikasiz ibiltzen da oinez, ez pentsa. Gogoan dut nire Gradu Amaierako Lanaren defentsako epaimahaikide batek galdetu zidala “zergatik ikusizko itzulpena eta ez ikusizko interpretazioa? Ez nuen jakin erantzuten.

Erreferentzia bibliografikoak:

Angelelli, C.V. (1999). The role of reading in sight translation, The ATA Chronicle (Translation Journal of the American Association of Translators), 28(5), 27-30.

Cammoun, R., Davies, C., Ivanov, K. & Naimushin, B. (2009). Simultaneous Interpretation with Text. Is the text ‘friend’ or ‘foe’? Laying foundations for a Teaching Module. Master of Advanced Studies in Interpreter Training. Seminar paper. Geneva: Genevako Unibertsitatea. https://www.academia.edu/3172232/Simultaneous_Interpretation_with_Text_Is_the_Text_Friend_or_Foe_Laying_Foundations_for_a_Teaching_Module

Jiménez, A. & Hurtado, A. (2003). Variedades de traducción a la vista. Definición y clasificación, Trans. Revista de Traducción, 7, 47-58. https://revistas.uma.es/index.php/trans/article/view/2946/2739

Lambert, S. (2004). Shared Attention during Sight Translation, Sight Interpretation and Simultaneous Interpretation, Meta, 49(2), 294- 306. https://www.erudit.org/en/journals/meta/2004-v49-n2-meta770/009352ar/

Pöchhacker, F. (2004) Introducing Interpreting Studies, Londres: Routledge.

Hizkuntzari buruzko lau poema jaso nituen oso denbora gutxian

Castillo Suarez

Behin batean, Euskaltzaindiko bileren ondotik edukitzen dugun bazkarietako batean, euskaltzain berri batek serio bota zuen: puntua eta koma gainbaloratuak daude. Eta barre egin genuen besteok. Nik, ezetz, eta akordura ekarri nuen Unai Maleskiren poema eder hura:

PLANIFIKAZIO ESTRATEGIKOA

1. Puntu eta koma egoki darabilen norbait topatu.
2. Anomalia horretan serio fokuratu.
3. Bortizki maitemindu.
Hori da plana.

Unai Maleski

Esan gabe doa ez dudala inor aurkitu, maitemintzeko bai, baina bortizki maitemintzeko esateko moduan… bada ez. Beharbada Parthenoperen gisakoa naiz ni maitasun kontuetan, eta ihesa dut maite, eta ez geratzea betiko nagoen tokian:

PUNTU ETA KOMA

Puntu eta koma izan nahi nuke,
nola egin dakienak bakarrik erabil nazan.
Geldi dadin, baina ez betiko;

Oihana Arana

Euskaltzaindiko bazkarietan ez dugu bakarrik puntuazioaz hitz egiten, eta, egun horretan, Alfontso Mujika gertu bazegoen ere, maitasunaz hitz egin genuen, edo, hobeki esanda, maitasunaren kontrakoaz. Izan ere, beste euskaltzain baten iritziz ez da gorrotoa maitasunaren beste aldekoa, dezepzioa baizik. Eta desmaitatu hitza hiztegian sartuta dugun ala ez hizketan hasi ginen, baina Miriam Urkia urrun zegoen galdetzeko. Nik Miren Agur Meaberen poema bilatu nuen telefonoan, nahiz eta jakin behin agertzea ez dela nahikoa arrazoi hiztegian sartzeko:

DESKODEA

Urruntasunetik neur dezaket kontzeptu zaharren hedadura
eta lurralde horretan galdutako odolak pisatu.

Aurrizki ezinbestekoen aroan nago,
des-/ez- eta ber-/bir- lexemez inguratuta.
Horien xarmak gidatzen dizkit atzamarrak
errautsen liburu hau eratzean.

Berbak letraz letra marraztean iruditzen zait
meteorito batez erditzear nagoela:
deseraiki, desmaitatu, deslekutu, desintoxikatu.
Hortzak estutu beharra dago
eta erritmoa galdu gabe putz egin
hots horiek benetan mundura ekartzeko:
berpentsatu, birjabetu, birjaio, berrasmatu.
Berba bakoitza untza bat da, baina bere musika dauka.

Azalaren kodeek bete dute sobera iraungitze-data.

Orain aurrizkien lengoaian hartu nahi dut aterpe:
deskode berri hau hautatzen dut iraultzaren beso.

Miren Agur Meabe

Atzizkien lengoaiara egin genuen jauzi, eta nik literaturan egiten ohi dugun tranpetako bat kontatu nien: nola Miriam Reyesen poema bat itzuli dudan, inork eskatu gabe, baina poeta ezagutzeko aukera izango dudala baliatuta, eta atzizkiak erabili ditudan preposizioen ordez.

Atzizkiak ez dira beti doi-doi lotzen.
Gomak izan beharko lituzkete ertzetan,
azpiko izarek bezala,
bere tokian geratzeko
gorputz baten inarrosaldietan.
Nigan pentsatzen duzula esaten duzunean ez duzu nigan pentsatzen;
nitaz pentsatzen duzu, baina urrutitik.

Miriam Reyes
Itzultzailea: Castillo Suárez

Izan ere, maitasun kontuetan, dena da libre editorerik ez dugun bitartean. Eta jatorrizkoan puntua eta koma jartzen ez duen tokian puntu eta koma jartzea ere bai. Puntuazio markak gehitu dizkiot Miriam Reyesekin batera dudan errezitaldi batean irakurtzeko nahi dudalako.

Las preposiciones no siempre se ajustan
deberían tener gomas en las esquinas
como las sábanas bajeras
para aguantar en su sitio
las convulsiones de un cuerpo.
Cuando dices que piensas en mí no piensas en mí
piensas acerca de mí pero desde lejos.

Miriam Reyes

Ni etxera isilik joan nintzen egun horretan, gutako bat gaizkitu egin zelako bazkarian. Eta Parthenope filmean egin nuen igeri berriz, ez nintzelako akordatzen han entzun ote nuen bizitza tentuz pasatu behar dela, metalen detektagailu batetik bezala, ez zitzaidalako iruditzen Bernardo Atxagaren esaldietako bat izan zitekeenik hori.

Unibertsitateko hizkuntza-plangintza eta eleaniztasuna

Igone Zabala Unzalu

Euskal Herriko Unibertsitateko Plan Estrategikoak (2022-2025) nazioartekotzea funtsezko ardatz gisa definitzen du:

«Sakondu egin behar dugu gure nazioartekotzean, mundu osoan aitortua izango den unibertsitate bihurtzeko. Horretarako, unibertsitate guztiz eleanitza izan behar dugu, gai izango dena leku guztietako ikasleak erakartzeko, nazioartean erreputazio sendoa izango duena, ikerketaren kalitateagatik eta irakasle-ikertzaileen ospeagatik. Nazioartekotze ikuspegi integral bat behar dugu, ezaugarri izango dituena gure zerbitzuen kalitate maila handia eta gure jardueren garrantzia, gure egresatuak eta langileak prest egon daitezen egoki erantzuteko toki eta mundu mailako desafioei.»

Plan estrategikoari jarraiki, UPV/EHUren Nazioartekotze Plana 2023-2026 garatu da, eta horren barruan bereizten diren bost erronken artean, “prestakuntza” dago, gradu eta graduondoko tituluen maparen nazioartekotzea helburu duena. Helburu hori lortzeko, hurrengo ikasturteko irakas-eskaintza antolatzeari begira, irakaskuntza hizkuntza ez-ofizialetan baimentzeko deialdiak egiten dira, “UPV/EHUko ikasleei zein ikasle bisitariei zuzendutako gradu-eskaintza eleanitza sustatzeko”. Frantsesezko eskaintza hutsaren hurrengoa izaten da, eta benetan sustatzen dena da ingelesezko irakasgaien eskaintza. Irakasgai solteak baino areago, irakasgaien ibilbideak sustatzen dira, Unibasqen nazioartekotzeko kalitate-zigilua lortzeko xedearekin (graduko kreditu guztien % 20).

Ildo horretatik, ingelesa graduetan txertatzeko prozesua gidatzen duten dokumentuei eta zuzendaritzei “eleaniztasun” etiketa jartzen zaie. Hortaz, gure unibertsitatean funtsezkoak diren hizkuntza ofizialak (euskara eta gaztelania) planetatik aparte uzten dira, eleaniztasunak jokoan dauden hizkuntza guztiak barne hartzen dituela ahaztuta. “Euskara Plan Gidariak” egiten dira lau urterik behin, nazioartekotze-planetik aparte. Gaztelania, aldiz, ez da kontuan hartzen plan horietan, gure unibertsitatean ezarpen handiena duen hizkuntza dela eta nazioartekotze-helburuetarako pieza garrantzitsua izan daitekeela alde batera utzita.

Azpimarratu beharrekoa da UPV/EHU lehenengoa izan dela Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan garapen iraunkorreko 18. helburua (Hizkuntza eta Kultur Aniztasuna) gaineratzen. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren ekimena izan zen helburu hori gaineratzea. 18. GIHaren justifikazioa da hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren defentsa eta tokian tokiko hizkuntza gutxituen errespetua, biodibertsitatea bezala, garapen iraunkorrerako faktore agerikoak direla, eta horrekin lotutako dokumentuetan nabarmentzen da funtsezkoa dela UPV/EHUrentzat ardatz nagusi horretan euskararen eta euskal kulturaren garapena. Nolanahi ere, helburu horren zentzua ez zaio egokiro helarazi unibertsitateko komunitateari, edota eleaniztasuna ingelesaren ezarpenarekin identifikatzeak gaizki-ulertuak eragin ditu. Izan ere, behin baino gehiagotan entzun dut 18. GIHarekin lotuta, adibidez, GrAL eta MAL moduko lan akademiko gehiago idatzi beharko liratekeela ingelesez eleaniztasuna sustatzeko, GIH horren helburua hain zuzen ere kontrakoa bada ere: euskara bezalako hizkuntza gutxituak babestea eta ez erabateko nagusitasun globala duen ingelesaren hegemonia areagotzea.

Ez du zentzu handirik unibertsitatearen nazioartekotzearen kontra egiteak, baina funtsezkoa dugu horrekin batera zaintzea nazioartekotze-politikek euskararen garapen eta ezarpen prozesua oztopa ez dezaten. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialak eta ez-ofizialak kontuan hartzen dituen hizkuntza-plan integrala egitea. Izan ere, une honetan jada begi-bistakoa da euskararen ezarpena nabariki motelduta dagoela eta, ziurrenik, atzera ere egiten ari dela. Hori uzten dute agerian ikasleen kexek, gero eta ozenkiago erakutsi ere.

Gure unibertsitatean ikasleen erdiak baino gehiago matrikulatzen dira euskaraz, baina oraindik ere gradu batzuetan enborrezko irakasgaiak ezin dira egin euskaraz, eta gradu gehienetan badira hainbat hautazko irakasgai euskaraz ezin egin daitezkeenak. Nolanahi ere, badirudi azken urteetako politiken oinarri modura onartuta dagoela euskara jadanik nahiko garatuta eta ezarrita dagoela graduko ikasketetan. Nahikotasun horren azalpen modura ohikoa izaten da esatea, adibidez, ikasleek nahikoa ECTS egin ditzaketela euskaraz C1 mailako ziurtagiria egiaztatzetik salbuetsita geratzeko. Nolanahi ere, gradu askotan ikasleek hautazko jakin batzuk hautatu behar dituzte nahitaez, euskaraz ikasi nahi badute, alegia, espezializazioa ala hizkuntza hautatzeko beharra dute. Garbi dago, beraz, euskaraz ikasteko eskubidea ez dagoela bermatuta, gaztelaniaz ikasteko eskubidea bermatuta dagoen maila berean behintzat.

Areago, zenbaitetan, irakasgai jakin batzuk euskaraz egin nahi dituzten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzera behartzen dira, gaztelaniazko taldeen bideragarritasuna bermatzeko, argudiatuz ikasle guztiek dakitela gaztelaniaz baina ez euskaraz. Argudio horrek oinarri faltsuak ditu. Izan ere, ez da egia ikasle guztiek gaztelaniaz dakitenik. Adibide batzuk emateagatik, badira euskaraz dakiten eta gaztelaniaz ez dakiten etorkinen sema-alaba batzuk, badira beti euskaraz ikasi duten eta komunikazio akademikorako gaztelaniaz oso ondo moldatzen ez diren ikasleak ere, eta badira Iparraldetik etorritako euskal hiztunak, frantses hiztunak ere badirenak eta gaztelania akademikoa menderatzen ez dutenak. Nolanahi ere, horiek guztiak gaztelaniaz euskaraz bezain ondo moldatuko balira ere, haien hizkuntza-eskubideak urratzen ditu egun aukera bakarra balitz bezala ezarritako hizkuntza-politikak. Hortaz, gaztelaniazko taldeak ikasle kopuru txikiagoekin mantentzea hizkuntza-politika egokiagoa litzateke, euskaraz ikasi nahi duten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzen behartzea baino, eta, jakina, alderantzizkoa ere onartu beharko litzateke eta ikasle kopuru txikia duten euskarazko hautazkoak ere mantendu.

Iparraldeko ikasleei dagokienez, teorian behintzat, badago erakartzeko helburua, eta garbi dago nazioartekotzearen alorrean helburu garrantzitsuenetako bat izan beharko lukeela, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenak adierazten duenera inoiz hurbilduko bagara. Nolanahi ere, gure unibertsitatean frantsesa ez da inon ageri, Iparraldeko hiztunen lehen edo bigarren hizkuntza dela erabat ahaztuta. Urratsak egin behar ditugu frantsesak ere presentzia izan dezan. Areago, frantsesa ikasteak etorkizunean izan dezakeen balioa ere helarazi beharko genieke ikasleei. Izan ere, Iparraldean irakasle euskaldunen behar handia dago, eta gure egresatu batzuentzat lan-aukera erakargarria izan daiteke hori. Nolanahi ere, lau urte lanean egon ondoren beren lanpostuan egonkortu nahi badute, frantseseko gaitasunaren akreditazioa aurkeztu beharko dute, eta EHUk informazio hori ere zabaldu beharko luke.

Azkenik, azpimarratu beharra dago irakasgaiak euskaraz emateak eskatzen duela kalitatezko irakasmaterialak erabiltzea euskaraz, eta horretarako nahitaezkoa dela, besteak beste, espezialitateko alorrez alorreko terminologia eta fraseologia garatzea eta ikasleei transmititzea. Hautazko irakasgaiak ere euskaraz ematea garrantzitsua da, espezializatuagoak izaten baitira enborrezkoak baino, eta hizkuntza-baliabide espezializatuak garatu eta partekatu egiten baitira horietan. Azken urteetan english friendly courses deritzon estrategia jarri da abian. Ideia da irakasgai jakin bat euskaraz edo gaztelaniaz ikasten duten ikasleei materialak ingelesez ere eskaintzea. Hala ere, irakasle edo sail batzuek interpretazio okerra egin eta ulertu dute irakasgaiak euskaraz edo gaztelaniaz emanda ere materialak ingeles hutsean eskaini behar dizkietela ikasleei. Garbi dago interpretazio hori erabat urruntzen dela euskararen normalizaziorako helburuetatik. Izan ere, ingelesezko artikuluak, liburuak, bideoak eta denetariko materialak nonahi aurki daitezke edozein gai espezializaturi buruz, baina horrelako materialak euskaraz egon daitezen guk geuk sortu behar ditugu eta guk eskaini behar dizkiegu ikasleei. Zentzu gehiago izango luke “irakasgai euskara-lagunak” eskaintzea edozein hizkuntzatan matrikulatzen diren ikasleei. Izan ere, ikasle horien artean badira zenbait euskal hiztun ere, edota euskararekiko jakin-mina edo interesa duten estatuko beste komunitate batzuetatik edo beste herrialde batzuetatik etorritako ikasleak ere. Euskarazko materialak eskura jartzea baliagarria izan liteke horiek guztiak gure hizkuntza eta kulturara hurbiltzeko.

Euskaldun mesfidatiaren sindromea

Aitor Blanco Leoz

Aurreko batean, aparkatzeko toki baten bila auzoan bueltaka nenbilelarik, seinale berri honekin egin nuen topo etxe ondoko orube batean:

Beste askotan bezala, euskarazko testua irakurri nuen lehenbizi, goian zegoelako ―Iruñeko Udalaren ordenantzak ezartzen duenari jarraikiz― baina, batik bat, militantziagatik, euskararen aldeko borrokak ez baitu zentzurik gero testu elebidunak erdaraz irakurtzen baditugu. Eta a zer poza hartu nuen euskaraz mezua txukun eta sintaxi bikainean idatzia zegoela ikustean!

Nolanahi ere, deformazio profesionalagatik seguruena, gaztelaniazko testua ere irakurri nuen jarraian, eta orduan hartu nuen zaputza: bi testuek ez zuten zehazki gauza bera adierazten. Ni 10. sektorean bizi naiz, baina ez seinalean aipatzen diren kale horietakoren batean, eta, beraz, gaztelaniazko mezuaren arabera, ez dut eskubiderik orube horretan aparkatzeko; bai, ordea, euskarazko mezuaren arabera.

Orduan, zer? Erdaldun elebakar (zibiko) batek argi izanen luke: “ezin dut hemen aparkatu; banoa beste norabait”. Baina, nire kasuan, zilegi nuen autoa hor utzi eta, zoritxarrez isuna jarriko balidate, euskarazko testuari lotuta justifikatzea baietz, banuela horretarako eskubidea. Jakina, horrek buruhauste burokratikoren bat ekarriko lidake, tramite administratibo bat edo beste eta, nola ez, denbora-inbertsio ederra, baina arrazoia eman beharko lidakete azkenean.

Eta, hala eta guztiz ere, senak eta esperientziak esaten didate euskarazko testua gaztelaniazkoaren itzulpena dela, eta, hortaz, oso litekeena da 10. sektoreko egoiliar-txartela dugun baina kale horietan bizi ez garen auzokoek ez izatea orube horretan aparkatzeko eskubiderik.

Azkenean, mesfidati, beste norabait joan nintzen aparkatzera, erdaldun elebakar (zibiko) baten moduan, badaezpada ere.

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz II

Irati Bakaikoa García

Aurrekoan arartekoaz, generoaz eta itzulpenaz ibili ginen gora eta behera. Baita itzulpenaren estrategikotasunaren inguruan. Adibide zehatzak agindu nizkizuen, eta agindutakoa bete behar da:

Azken boladan, lana dela-eta, justizia kontuekin zerikusia duten telesailak ingelesez ikusten ibili naiz. Lincoln Lawyer izan zen azkena, adibidea jartzeko aitortu behar nuen. Telesailean, bada bollera bat, Izzy (she/her). Bikotea behin baino gehiagotan aipatzen du, Ray (she/her). Hau ez da gomendio bat, baina nahi duenak egin dezala proba:

Jatorrizko bertsioan ikusten baduzue, ingelesez, Izzyren bikotea, Ray, emakumea da. Horraino ondo. Baina, sorpresa, gaztelaniazko azpidatziekin ikusten baduzue, Izzyk noviOa du askotan. NoviA ere badu tarteka. NoviEa ere izan zezakeen, baina horrainoko saltorik ez dago.

Spoilerra: ziur nago pertsonaia hetero guztiek hetero izaten jarraitzen dutela aukeran dauden azpidatzien hizkuntza guztietan; izan ere, baten batek eskuak burura eramango lituzke gizon protagonista heteroak noviOa izango balu kapitulu batetik bestera. Kasu horretan, ordea, ez dago akatsetarako tarterik. Besteren bati galera ez zaio hainbesterako irudituko. Izzy bollera, beltza, drogazale ohia eta protagonistaren txoferra da, hau da, aniztasunaren kupo guztiak nolabait ordezkatzen dituen pertsonaia. Bakarra dago seriean, eta itzulpenean, kale…

Arazoa ez da bakarrik itzultzaileak erabaki bat edo beste hartu izana, ezta horrek dakarren galera ere. Arazoa ez da hizkuntzarena. Itzultzaile horrek hartu dituen erabaki horiek behin ere pentsatu gabe hartzera bultzatzen duen makineria bat dago martxan, eta ez da itzulpenak eta itzultzaileok soilik dugun gaitza. Heterosexualitatea erabaki bat da, bizitzeko modu bat da eta inguruan duguna ulertzeko modu bat da.

Eskerrak badirela gure luparekin arretaz begiratzea merezi duten adibide hobeak, eta horretarako Feinbergengana itzuliko naiz. Mari-mutil handi baten bluesan, jatorrizko bertsioko bollera guztiak bollerak dira itzulpenean ere bai. Dena den, euskarazko itzulpenean, zerbaitek aldatu egiten du pertsonaia horien errepresentazioa: oraingoan, ingelesez irakurriz gero, mari-mutilek beti dute she/her genero marka inguruan, edo marka horrek ordezkatzen ditu. Euskaraz, ordea, genero marka horren arrastorik ez dago gehienetan, emakumeak esplizituki aipatzean izan ezik.

Oraingoan galera irabazia da, hain zuzen ere, emakumetasuna bera delako nobelak kolokan jartzen duen hori: mari-mutilek emakumetasunaren mugetan sartzen ez diren identitateak ordezkatzen dituzte, eta Feinbergek genero-gatazka horrek eragindako talka indibidualak zein historikoak kontatzen ditu. Izan ere, identitate disidenteon errepresentazioak aztertzerakoan soilik orientazio sexualaren mailari erreparatzen badiogu, generoan duen eragina kontuan hartu gabe, potentzialtasuna galtzen ari gara. Genero eta sexu disidentzia erabaki bat, bizitzeko modu bat eta inguruan duguna ulertzeko modu bat da ere bai.

Ildo beretik, baina beste plano batean, errepresentazio horien itzulpenak egiten duen ekarpena adibide konkretuetatik baino askoz harago doa. Mariokerrak: nola esan/izan bollera euskaraz (2023) liburuan egindako azterketan, Alvarezek eta Fernandezek oso esanguratsua den joera bat mahaigaineratu zuten: bollera identitateaz euskaraz hitz egiterako orduan, neurri handi batean, ingelesetik edo gaztelaniatik ekarritako maileguak edo itzulpen literalak erabiltzen ditugu. Hitzak sortu baino, gure hizkuntzaren kodeetara egokitzen ditugu beste hizkuntzetan sortzen diren horiek.

Hortaz, queer gurean kuir izango da, ezta? Dena den, ezinezkoa da testuinguru zehatz batean sortutako hitzek eta kontzeptuek dimentsio bera hartzea beti xede hizkuntzan. Bataren eta bestearen arteko tarteek eta jauziek luzerako ematen dutela argi dago… eta aurrekoan eman nuen hitza betetzeko saiakera zen gaurkoa.

Euskaldun baten konfesioa

Yasmine Khris Maansri

Aurrekoan, manikeismoa landu genuen klasean. Mise en abyme batean bezala, horrek nire lizeoko klaseetara eraman ninduen, guk manikeismoa zer den ikasten genuelarik. Alde filosofikoa aparte utzita, oroitzen naiz manikeismoa jarrera bezala irakatsi zigula irakasleak. Txuria eta beltza. Lezioak gero balio zigun Bic bolalumarekin eskuetan yin eta yang sinboloa marrazteko. Gero Star Warsen alde argia eta alde iluna. Gero Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemaniak. Gero Voltaireren Kandido. Eta geroago, Iran eta Estatu Batuak.

Horixe zen irakasleak transmititu nahi ziguna. Hau da, ona eta txarra ―gehiagotan, onak eta txarrak―. Konnotazio politikoekin, askotan; beste batzuetan irakasleak ulertarazi nahi ziguna zen manikeismo neutroa existitzen zela, eta guk, institutuko gure nerabe errebeldian, erantzuten genuen: “kazetaritzak ezin du epela izan, ezin du neutroa izan!”. Horrekiko adibide bat bururatu zait, diziplina guzietan deklina daitekeena: dakiena eta ez dakiena. Bitartekorik ez baitu onartzen, esanahiaren arabera.

Polarizazio honen harira, beste adibide bat etorri zitzaidan burura berehala: hizkuntzena, euskararena, nola ez. Murgiltzen garen igerilekua da hizkuntzaren polarizazioa, guztiok bizi(tzen) duguna. Ez da batere berria, ezta ezohikoa ere. Lagunek badakite baina familiak ez; edo aldrebes. Bikotekideak bai baina lankideek ez. Etxean bai, kuadrillarekin ia inoiz ez. Denok etxekoa dugu diglosiaren egoera, Euskal Herria ez baita gehiagorik burbuila bat, badirudien arren (kasu, ez naiz ez historialari, ez soziologo, ezta hemen jaioa, baina hemen bizitako urteek oso argi utzi didate).

Kontua da manikeismoaren muinak ez duela grisik onartzen, eta bi muturren artean ezin da aske oszilatu. “Erabaki zure aldea, kamarada” zioten. Beraz, zure iparrorratza ipar eta hegoen artean dago dantzan. Batzuetan erritmo frenetikoan doa orratza, Whatsappeko mezu batetik (gaztelaniaz) bestera (euskaraz), adibidez. Beste batzuetan mantsoago, asteburua pasatzen duzunean hizkuntza bakar bat erabiliz, astelehenaren estres linguistikoa berriz agurtu arte.

Lur honetako nire egonaldiak beste gauza bat ere argi utzi dit: zenbat eta parametro gehiago pilatu, orduan eta polo gehiagoren artean dardaratzen da orratza.

Hona dator nire konfesioa: oraindaino (Euskal Herrian bizi naizenetik), nire iparra euskara izan da. Euskaldun berri/zaharraren manikeismoan sartu gabe, euskalduntzat jotzen dut neure burua, eta hori nahikoa izan da buru-belarri hizkuntzaren irakaskuntzan urperatzeko, baina batez ere hondoan igeri egiteko. Duela gutxi, baina, lana dela eta, parametro gehiago sartu ziren nire egunerokoan eta orratza mugitzen hasi zitzaidan, puntu kardinal guziak ukituz: mendebalderantz hasi da kulunkatzen (= ingelesez) eta ekialderantz ere bai (= frantsesez). Noizean behin hegoalderantz gutxika. Ados, “denoi gertatzen zaigu” esanen duzue. Eta nik: “bai, baina zer gertatzen da iparrorratz bat nola irakurtzen den ez badakit?”. Galderak berak zorabiatzen nau.

Orain dela gutxi, gomenduriko liburu baten euskarazko itzulpena hasi nintzen irakurtzen, eta ai!, zenbat traba, zenbat eten, zenbat “zer esan nahi zuen hitz honek?”, zenbat “uf, ez dut ulertzen hau”, zenbat “liburua utziko dut”. Bitartean, beste hizkuntzetako dozenaka liburu gehitu ditut nire Goodreads zerrendan. Eta momentu horretan, preseski, etorri zen: errudun sentimendua. Ez denez inoiz bakarrik etortzen, beti ongi lagunduta egiten du bisita: sorgin gurpilarekin batera.

Haien aurkezpena horrelaxe izan zen:

―Kaixo, ni errudun sentimendua naiz: ez baduzu ahaleginik egiten (eta ez baduzu arrakastarik), deserosotasun eta porrot sentipenak izanen dituzu.

―Kaixo! Ni sorgin gurpila naiz: besterik ez, errudun sentimenduarekin bazaude, ba, gomendatuko dizut akaso hoberena dela esfortzurik ez egitea. Horrela, errudun lagunak bisita gehiago eginen dizu.

Bada esaera bat, itzultzaileok askotan entzun duguna: hizkuntzak landareak bezalakoak dira; ureztatzen ez badira, hil egiten dira. Ez naiz hain lorezain txarra, baina negua luzatu da eta landaretza izoztu dit.

Hau ez da mezu bat botila batean, baina orientatzen ikastea gustatuko litzaidake, betiere nire mapa osatzen duten poloak erabiliz, eta batez ere iparra galdu gabe.

Zuzentzaileak, funtsezko kate-begia

Ane Garmendia Alberdi

Gaurkoan zuzentzaileei gorazarre egin nahi nieke. Zeharka bada ere, solasaldi eta elkarrizketetan beti aipatu izan dut zuzentzaileek gure lanbidearen katean daukaten garrantzia. Asko hitz egiten da itzultzaileon ikusezintasunaz, baina, egiari zor, badago lanbide bat are ikusezinagoa dena: zuzentzailearena. Ikusezina eta, zoritxarrez, plataforma eta telebista batzuetan desagertzen ari dena.

Bai bikoizketaren alorrean, bai azpidatzienean, funtsezko kate-begia da, literaturan, administrazioan eta bestelako alorretan bezalaxe. Hori ondo baino hobeto dakigu itzultzaileok. Guk egindako itzulpen-lana txukundu, orraztu eta egindako akatsak konpontzen ditu zuzentzaileak. Sarri, guk ikusten ez ditugun gauzak ikusten ditu, lau begik bik baino hobeto ikusten dutelako, argi dago, eta begirada fresko batekin aztertzen dutelako guk itzulitakoa.

Baina ikus-entzunezko itzulpenetan gero eta ohikoagoa den egoera bati ere aurre egin behar dio zuzentzaileak. Askotan, lan bera itzultzaile bat baino gehiagoren artean banatzen da. Oso ohikoa da atal ugari dituzten telesailetan, premia izaten baitute produktua merkatura ateratzeko, izan telebista linealera, izan online plataformetara. Telesail bat bi edo hiru itzultzaileren artean banatzen bada, pentsa zer-nolako lana egin behar duen zuzentzaileak behin betiko produktuak terminologia eta estilo aldetik, besteak beste, koherentzia izan dezan.

Bada, azkenaldian joera ikus-entzunezkoen kate horretatik zuzentzaileak kentzea da. Joera kezkagarria, benetan. Galera hau bereziki nabarmena da azpidatzien kasuan. Azpidatziak itzultzaileak bidali bezala iritsiko zaizkio ikus-entzuleari. Itzultzaileak akats bat egiten badu (eta egingo du, gizakia delako), zuzenean pantailan agertuko da. Bikoizketaren kasuan, zuzendaria eta aktoreak daude tartean, eta haiek zuzen lezakete akats bat edo beste, ohartzen badira, baina azpidatzietan ez dago hori zuzen lezakeen bitartekaririk.

Zuzentzailea kentzearen emaitza kalitate txarreko produktu bat da. Batzuetan, jendeak protestatu ondoren, edukia kendu eta zuzendu egiten dute. Baina, jakina, horretarako beharrezkoa da jendeak protesta egitea. Nik mundu guztiari esaten diot, mesedez, plataformaren batean akatsen bat ikusten badu, plataformak berak eskaintzen dituen bideetatik hari jakinarazteko. Oso erraza da, ez da asko kostatzen. Jakin behar dute ez gaudela prest horrelako akatsak onartzeko. Baina, tamalez, esango nuke ikus-entzuleak akats horietara, hau da, behar bezalako garrantzia eman ez zaien azpidatzi horietara, ohitzen ari direla, eta gero eta gutxiago direla protesta egiteko prest daudenak, alferkeriagatik, axolagabekeriagatik edo, besterik gabe, horrelako akatsak barneratu dituztelako eta garrantzirik ematen ez dietelako. Auskalo.

Nik, aurrerantzean ere, zuzentzailearen lanbidea aldarrikatzen jarraituko dut, temati, itzultzailearen lanari atxikita doan lanbide gisa, itzulpenaren katearen funtsezko kate-begi gisa.

Mendi, baso, oihan…

Oskar Arana Ibabe

Horra hiru hitz: Euskaltzaindiaren Hiztegian, esanahi bat baino gehiago dute hirurek (baldin eta baso hitzaren definizioan puntu eta komatik aurrerako zatiari autonomia moduko bat aitortzen badiogu). Eta, hiruren artean ere, sinonimia-joko zail samar bat ageri dute, Euskaltzaindiaren Hiztegitik ondoriozta daitekeena baino zailagoa, nire usterako:

Mendi:

1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)
Baso:

1 iz. Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea; gizakiak lantzen ez duen eremua.
.
.
.

.
Oihan:

1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua.

2 Baso guztiz handia eta basatia.
.
  • mendi izan daiteke: 1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia. Edo 2 iz. Mendialdea. Hau da, Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.
  • Eta, baso, berriz, honela definitzen du: Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea; gizakiak lantzen ez duen eremua.
  • Eta, oihan, bestalde, honela: 1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua. Eta 2 iz. Baso guztiz handia eta basatia.

Beraz, hiru hitz eta bost esanahi, Euskaltzaindiaren Hiztegian. Haien arabera, baso eta oihan sinonimo beteak, beren adieretako batean: “Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea” / “Zuhaitzez jantziriko lur eremua”. Baso hitzak, ordea, bigarren zatian, puntu eta komatik aurrera, badu adiera zabalago bat: “gizakiak lantzen ez duen eremua”.

Jo dezagun Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikora, ea zer dioen baso sarreran:

baso (xi. m.: SMig [esquiasso atairia (< –baso)];[7] basa– 1025: SMillán [Bassahuri]). ■ Hitz beregain bezala, hegoaldean bakarrik erabiltzen da historikoki (salbuespenak Etx. Ziburukoaren adibide bat eta LuzErrem dira; cf. halaber basotar Etx. Sarakoagan). Basa- garai eta eremu guztietan aurkitzen da elkartuetako aurreneko osagai moduan (leku-izenak barne), eta horrek hitzaren noizbaiteko orokortasuna frogatzen du.[8]

Oihan’ eta ‘mendi-alde’ esanahiekin agertzen da eskuarki (‘mortu’ gisa ere erabili izan da: Mburu, Ubill, AgirAst…). Pentsa liteke —nahiz ez den aukera bakarra— bazukeela lehenagotik esanahi zabalago bat: ‘leku jendegabe, kanpo, bazter-leku’ moduko zerbait izan zitekeen (gehi ‘landu/landatu gabea, basatia, arautu gabea…’; cf. basa-dun elkartuek hartzen dituzten esanahiak,[9] eta, besteak beste, baso/etxe [OihAtsot basoillo/etxoillo; cf. GaribAtsot etxera orduan basora] eta basa-/giza- [zar. basazalke/gizazalke] oposizioak); eremu batzuetan ‘mendi-alde’ esanahiarekin eta beste batzuetan ‘oihan’ esanahiarekin finkatuko zen gerora.

Baso hitzarentzat, beraz, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan, hiru esanahi ere bereizten dira: 1. oihana, batetik; 2. mendi-aldea, bestetik; eta, lehenagotik esanahi zabalago bat zukeena 3. leku jendegabe, kanpo, bazter-leku moduko zerbait, landu edo landatu gabea, basatia, arautu gabea. Gaurko Euskaltzaindiaren Hiztegian, 1. eta 3. definizioak jaso dira definizio bakar batean. Ostera, 2. definizioa, mendi-alde esanahikoa, ez. Nire ustea da jaso beharko lukeela, eta 3 definizio eman, gaurko erabileraren arabera. Saiatuko naiz aurrerago hori frogatzen, eta, halaber, hiru hitz horien artean era daitezkeen sinonimien jokoa mamitsuagoa dela lehen koadro horretan baino.

Mendi hitzak ez du sarrerarik Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan. Orotariko Euskal Hiztegian, hau dio lehenengo lerroetan:

mendi.

Etim. Para su origen en un *menti y su posible relación con lat. mons, v. SHLV I 53.

Onom.: In uilla etenim que uocitatur Mendicoa (100). Arzam 341. Garcia de Mendicoa (1350). Ib. 341. v. tbn. más ejs. ib. 340, 341, 342. (gral.; Lcc, Volt 96, Mic 8r, SP, Urt V 224, Ht VocGr, Lar, VP, Añ, Lecl, Arch VocGr , VocBN , Gèze, Dv, VocB , Zam Voc ), mindi (AN-5vill, BN-mix) Ref.: VocPir 117; Bon-Ond 138; A; EI 198; Lh; Lrq; Iz Als , R 293 y 310, Ulz, UrrAnz, ArOñ; Satr VocP (baso); Etxba Eib; Echaide Nav 40s, 318s; Holmer ApuntVEAEL 462; Elexp Berg.
Monte, montaña; terreno natural.

Hasteko, nabarmentzekoa da terreno natural esapidearen ordaintzat ematen dela lerro horretan, eta, adibide hauetan, adiera horren arabera erabilia dela segur:

  • “Monte” VP 59r. “Mendian bizi, morar en el campo” 
  • Ezeban iñok esango mendian iaio ta mendian azia zanik. Ag AL 61.
  • Mendia utzi eta hirian / zer ote zeie gertatzen? Etcham 228. Baserriak bizia eman-da, / mendiak ninduan azi. Lek E
  • Mendian yaio ta mendian bizi diran basa-eizeak. Zait Sof 170.
  • Basoan edo mendian gazte nagi asko baiño gogorrago aritzen zen. Etx
  • Mendian bizi ezin diranak / sallean datoz kalera. Basarri 129.
  • Euskera zarrak mendian dauka / lenengo bere jarleku. BEnb NereA 115.

Adibide horietan guztietan, nekez jo daiteke lehen adierakoa dela erabilera (1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.), eta atera daiteke ez dela ere mendialde adierakoa, beste zerbait baizik, alegia, terreno natural delako hori dela, edo basoren definizioaren bigarren zatiaren araberakoa, ·gizakiak lantzen ez duen eremua”, eta, beraz, basoren sinonimoa. Hara, hortik ere, mendi hitzak, baso berak bezala, hiru adiera behar nire iritziko, eta ez berezituak, hiztegi orokorrekoak baizik, Euskaltzaindiaren Hiztegian. Hona nola: 1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.
2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.) eta 3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua.

Harrigarria, laugarren bat ere ukanen luke, zenbait eskualdetan, nahiz eta hedaduraren murritza dela-eta ez izan Hiztegi Orokorrean jasotzekoa. Jakitekoa da, ordea, ezen, Duvoisinek ematen duen berriaren arabera:

“Dans quelques localités de la Haute-Navarre, mendi se dit pour bois, forêt. À Osinaga, on donne à la fois les deux significations” Dv.
Iratiko, itsasua beño aundiagoko mendiaren ostuak. (AN-gulina). Orreaga 54 (66 y 70 (AN-5vill) mendi; 46 (AN-araq), 58 (AN-ulz) baso, 50 (AN-larr), 62 (AN-5vill), 90 (AN-erro) y 94 (AN-arce) oian).

Nafarroa Garaiko zenbait herritan, hala, mendi esaten ziotela basoari edo oihanari (bois, forêt).

Argigarria nola Inozenzio Munita apaiz eta Aramako erretoreak 1952. urtean eman zuen argitara Gure Mendi ta Oianak. Zuaizti berriak antolatu eta lengoak zaintzeko zuzenbide batzuek liburua. Lehenengo atalean bertan aurkitzen du bere burua behartua terminoak bereiztera, eta mendi-zugatzak eta baratz-zugatzak bereizten ditu. Eta pasarte horretan bertan, aurreraxeago, bi termino horien sinonimo bana ematen ditu: “Emen, ordea, ez noakizu baratz-zugatzaz, igali edo frutu zugatzaz ezer esatera (…). Nik baso-zugatzaz bakarrik zerbait esango dizutet emen” (lehenxeago mendi-zugatz deitu die). Beraz, ohartuta dago Inozenzio Munita baso eta mendi sinonimo beteak direla erabilera horretan.

Eta horregatik dira berdintzekoak, mendebaldeko euskalkietan aisa baliatzen diren basoko botak eta basoko bizikletak erdialdeko mendiko botak eta mendiko bizikletak. Areago, gure etxean, Anboto tontorrera joatea ere basora joatea zen, haitzak eta ahuntzak baino ez diren lekura. Ezin jakin, ordea, adiera horretan gizakiak lantzen ez duen eremuan tontorrak ere badirelako, ala lur goratua edo tontorra hitzen sinonimo betetzat jotzen zutelako erabiltzaileek. Nago bigarren hipotesi hori ez dela egia.

Argigarria, orobat, mendi-lan, mendiko lan sarrerak orotarikoan, basolan hitzaren pare-parekotzat jotzeko modukoak izatea:

MENDI-LAN (gral.), MENDIKO LAN. Ref.: A; Lh. “Trabajo de afuera, y más generalmente trabajo campestre” A. Kemen emaztekia orobat trabajatan da, nola gizakia, mendi lanetan. Mdg 137 (v. tbn. 132). Balle kontra ezdaiteke xin emaztekirik serbutxatra; ezbaidakiei mendiko lanetarik. Ib. 137. Mendi-lanetan asko dabiltzanak badakite zuaitzaren luzera oker aundi gabe artzen. Munita 150 (v. tbn. 85). Orduan ekartzen ziran / garo-mordoska obiak. // Jendiak gogoz egiten zuan / orduan mendiko lana. Uzt Sas 80.

Hara hor, “zuhaitzaren luzera oker haundi gabe hartzea” eta “garo-mordoska hobeak” ekartzea jendeak, zeren eta, dirudienez, “Jendeak gogoz egiten zuen/orduan mendiko lana”. Litekeena da, ordea, basolan adiera estuagokoa izatea, ez hartzea zuhaitzekin egiten zen lanaz bestekorik, “garo-mordoskak” ekartzea bezalakoak, alegia.

Hori dela eta, mendi hitzaren definizioan, baso hitzaren definizio osoa ere bere horretan ere sar daiteke. Esan nahi dut, zuhaitzari dagokion eremua izan daitekeenez, guztiz pareka daitezke hitz biak, ez landatu gabeko lur eremu izan daitezkeen aldetik bakarrik, eta sinonimia bikoitza ukan, hartara, ez bakoitza. Aipatu dugu mendi-lan eta basolan guztiz pareka daitezkeela, eta are basomutil eta mendiko mutil ere.

Halaxe, Bizkaiko Batzar Nagusien Mendiei eta Babespeko Naturguneen Administrazinoari buruzko ekainaren 2ko 1994/3. Foru Arauaren 6. artikuluan ematen den kontzeptuaren arabera, zuhaiztunak edo zuhaitz gabeak izan daitezke baso edo mendiak.

Artículo 6
Concepto . 1. Se entenderá por monte o área forestal a los efectos de la presente Norma Foral, lo siguiente: a) Los terrenos rústicos en los que vegeten o puedan vegetar, espontáneamente o previa siembra o plantación, especies o comunidades forestales, sean arbóreas, arbustivas, de matorral o herbáceas. b) Los terrenos incultivados o yermos situados en los límites de los montes o áreas forestales que sean necesarios para la protección de éstas, así como aquellos otros que aún habiendo esta- do sometidos a cultivo agrícola, constituyan enclaves en los montes o áreas forestales cuyo cultivo se haya abandonado por un plazo superior a tres años. c) Igualmente, son terrenos forestales aquellas superficies agrícolas que hallándose ubicadas en el interior de los montes o áreas forestales o en los límites de éstas, tengan una extensión inferior a la unidad mínima de cultivo. d) Cualesquiera terrenos rústicos que como consecuencia de sus características o situación fueran incluidos por el Departamento de Agricultura dentro de los proyectos de reforestación, protección y corrección de la erosión, mejora paisajística del entorno o cualesquiera otras actuaciones de carácter silvícola. e) Se consideran también montes los prados y pastizales de regeneración natural, las pistas y caminos forestales y, en general, las superficies ocupadas por las infraestructuras forestales. 2. Se considerarán como terrenos forestales temporales los terrenos agrícolas que, conforme a los antecedentes catastrales disponibles, hayan tenido un uso agrícola en el pasado y circunstancialmente sean objeto de explotación selvícola. Número 2 del artículo 6 redactado por el artículo 2 de la Norma Foral 3/2007, de 20 de marzo, de modificación de la Norma Foral 3/1994, de 2 de junio, de Montes y Administración de Espacios Naturales Protegidos («B.O.B.» 28 marzo). Vigencia: 18 abril 2007 3. No se reputarán montes a efectos de esta Norma Foral los terrenos que, formando parte de una explotación agropecuaria y sin estar cubiertos apreciablemente con especies de carácter forestal, resultaren necesarios para atender al sostenimiento de la propia explotación.
6. Artikulua
Kontzeptua 1. Honako Foru Arau honen ondoreetarako, jarraian azaltzen dan hau joko da mendi edo basotzat: a) Bai berez, bai aurretiaz erein edo landatu egin diralako hazi diran baso espezieak edo multzoak daukazan landalurra, bardin dala espezie horreek arbolak, zuhaiskak, sastrakak edo bedarrak izan. b) Mendien edo basoen mugetan dagozan landu bako lurrak edo lantzarrak, horreek aitatu mendia edo basoa babesteko beharrezkoak diranean; atal honetan sartzen dira nekazaritzarako lantzen diran lurrak izan arren mendien edo basoen barruan dagozan barrendegiak, landalurrok hiru urtetan behintzat bertan behera itzita dagozanean. c) Era berean, basogintzaren alorreko lursailak izango dira mendien edo basoen barruan edo horreen mugetan dagozan nekazaritza-landalurrak, beti be aitatu sail horreek lanketearen gitxienezko unitatea baino txikiagoak diranean. d) Nekazaritza Sailak, ezaugarriak edo kokapena kontutan hartuta, birlandaketa, higadurearen kontrako babesa eta neurri zuzentzaileak, inguruaren paisaiaren hobekuntza edo oihangintzagaz zerikusirik daukan edozein egitasmoren barruan sartuko leukezan landalur guztiak. e) Berezko birloratze prozesuan dagozan zelaiak eta larreak, pistak eta basabideak eta, orokorrean, basogintzari lotuta dagozan azpiegiturak hartzen dabezan sailak be menditzat joko dira. 2. Aldi baterako baso lursailtzat hartuko dira iraganean nekazal erabilera izandako lurrak — eskuragarri dauden katastroko aurrekariekin bat etorriz— eta une jakin batean baso ustiapenerako erabiltzen direnak. 3/2007 Foru Arauaren, martxoaren 20koaren, 2. artikuluak idatzitako 6. artikuluaren 2. zenbakia, Mendiei eta Babespeko Naturaguneen Administrazioari buruzko ekainaren 2ko 3/1994 Foru Araua aldatzen duena («BAO» martxoak 28). Indarraldia: 2007ko apirilak 18 3. Foru Arau honen ondoreetarako, ez dira basotzat joko nekazaritzaren alorreko ustiapena izan arren basogintzan erabili leikezan espezieetako ale askorik ez dauken lursailak, zugatz horreek ustiapenaren beraren iraupenari eusteko beharrezkoak diranean. 

Oihan, Euskaltzaindiaren Hiztegian, ematen zaion lehen adieran, baso-ren sinonimo bete-betea da. Eta, erabileraz, gaur mendebaldeko euskaretan ezezaguna, baina ez garai batean, mendebaldeko toponimiak eta deiturek salatzen digutenez: oiharbide, ojanguren, oyanederra>oñederra eta antzekoak ez zaizkigu arrotz Euskal Herriko mendenbaldean ere. Eta, berak ere, hara, hartzen du mendi adiera ekialdeko eskualde batzuetan, hala baitio, antza, Duvoisinek berak, Aezkoa eta Zaraitzu ibarrei buruz: (cf. Duv: “dans une partie de la Haute-Navarre, oian signifie montagne et bois”). Mendia eta basoa izan zitekeen, antza, eskualde horietan, oihan. Berriz ere, hedadura murritzak eragozten bide dio Hiztegi Orokorrean jasoa izatea. Baina jakingarria, nolanahi den ere.

Eta, beraz, nik honela osatuko nuke hiru hitz horien arteko erlazio-taula:

Mendi:

1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)

3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua (zuhaiztuna edo zuhaitzik gabea)
Baso:

1 iz. Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea;

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)

3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua. (zuhaiztuna edo zuhaitzik gabea)
.
Oihan:

1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua.

2 iz. Baso guztiz handia eta basatia.
.
.
.
.
.

Foru-arau horretan, ostera, kirrinkatxo bat geratuko litzateke, hiztegi espezializatuaren bidez osatzekoa: izan ere, lehenengo letran, “Bai berez, bai aurretiaz erein edo landatu egin diralako…” dioenez, ez zaio ondo egokitzen gure taulako 3. adiera (Gizakiak lantzen ez duen eremua) baitio. Eta, beraz, laugarren adiera bat emanez (basogintza erabil-eremuaren markarekin) aurkituko genioke konponbidea.

Osterantzean, aitortu behar dut ezen ikerketatxoa egin ostean begiratu dudala foru arau horren 6. artikuluko definizioa, eta nola iritzio diodan oso egokia, basogintzaren eremuko definizio horren koskatxo hori gorabehera. Zehaztasun txit handiz emana, duela jada 31 urte!!

Betiko erronkei begirada berriak

Amaia Lersundi Pérez

Askotan tokatu izan zait nazioartean euskal hezkuntza sistemaz hitz egitea, eta normalean, Euskal Herriko egoera ezagutzen ez dutenei bitxia egiten zaie gure hezkuntza sisteman dugun egoera linguistikoa, eta batzuetan zaila ere egiten zaie ulertzea. EAEko derrigorrezko hezkuntzan eskolatze hizkuntza nagusia euskara da, eta ikasle guztiek hiru hizkuntza ikasi behar dituzte gutxienez: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat, kasu gehienetan ingelesa izaten dena.

Beste toki askotan ez bezala, gure eskolatze hizkuntza nagusia hizkuntza gutxitua da, eta badakigunez, hizkuntza hegemoniko batekin diglosia egoeran bizi da. Horrek hainbat eszenatokiren aurrean jartzen gaitu. Batetik, etxeko hizkuntza euskara duten ikasleek haien lehenengo hizkuntzan egiten dute ikaste-prozesu osoa. Euskara lehenengo hizkuntza ez duten ikasleek, aldiz, murgiltze ereduan ikasten dute. Egoera horretan dauden ikasle batzuentzat euskara hizkuntza akademikoa edo eskolako hizkuntza besterik ez da, eskolaz kanpo tokirik ez duena. Hala ere, etxetik euskara ez dakarten beste ikasle batzuentzat murgiltze eredua arrakastatsua da, eta euskaraz bizitzera ere iristen dira.

Badaude beste herrialde batetik etortzen diren ikasleak ere, zeinentzat euskara eta gaztelania haien hirugarren eta laugarren hizkuntzak izan daitezkeen. Azken urteetan, Euskal Herriko hezkuntza sisteman, eta baita munduko beste herrialdeetako hezkuntza sistemetan ere, kultura eta hizkuntza aniztasunek nabarmen egin dute gora. Igoera hau are nabarmenagoa izango da datozen urteetan.

Orain arte, ez zaigu batere erraza egin curriculumeko hiru hizkuntzak modu koordinatu batean irakastea eta euskara ardatz duen eleaniztasuna praktikan jartzea. Gero eta gehiago dira eskoletan elkarrekin bizi diren hizkuntzak, eta gizarte benetan inklusibo eta eredugarria izan nahi badugu, hizkuntza horiek guztiak errespetatu eta kontuan hartu behar ditugu. Erronka potolo baten aurrean gaude, eta hezkuntza komunitate osoaren ardura da erronka horri behar bezala erantzutea.

Bide eta hausnarketa berriak irekitzeko garaia dela uste dut. Zer eta nola egingo dugu gure hezkuntza sisteman daukagun hizkuntza aniztasunari erantzuteko? Nola bermatuko dugu kulturartekotasuna geure kultura mantenduz eta zainduz? Nola indartu geure hizkuntza besteen hizkuntzak baztertu edo gutxietsi gabe?

Mila dira burura datozkidan galderak. Hasieran esan dut batzuetan nazioartean zaila egiten dela gure hezkuntza sisteman bizi dugun egoera linguistikoa ulertzea, baina barrutik ere ez da erraza teorikoki hain barneratuta ditugun zenbait ideia praktikara eramatea. Herrialde batzuek eredutzat dute Euskal Herria, baina guk ere badugu zer ikasi besteengandik; esaterako, ikasi beharko genuke hezkuntza komunitatean sortzen diren testuinguru eta errealitate eleaniztunetan nola jokatu, betiere, noski, euskarari kalterik egin gabe. Eskola batzuetan lan handia egiten ari dira bide honetan, eta azken urteotan elkarbizitzan asko laguntzen duten hainbat praktika on abiatu dituzte. Horiek bai eredugarriak!

Sagarra manzana

Anjel Lertxundi

I

Angel Erroren azken liburuaren tituluak (Itzulpena-Traducción) itzulpengintzari buruzko saiakera bat iradoki dio liburu-dendan sartu berri den bezeroari. Liburua zabaldu du. Hitzaurre labur baten ostean, hiru aipu. Lehendabizikoa, euskal tradizioko pieza bat: «Sagarra, manzana; ikatza, carbón; mujer, andria; hombre, gizon». Ume kanta erritmiko bat da, bi hizkuntzetako hitzekin osatutako itzulpen xalo, sinple, primitiboa. Hitz arrunten itzulpen-jolas bat.

Bigarren aipua, luzea, W.H. Auden poeta britainiarrarena da; neketsua egin zaio bezeroari, urruti dago sagarra manzanen jostakaritik:

«It is conceivable that a genuine bilingual poet might write what, to him, was the same lyric in two languages, but if someone else were then to make a literal translation of each version into the language of the other, no reader would be able to recognize their connection».

Liburu-dendako bezeroak ez badu Audenen aipua gaizki ulertu: pentsatzekoa da poeta elebidun bat badela gai poema bat bi hizkuntzetan emateko. Baina hirugarren batek bertsio bakoitza itzuliko balu hitzez hitz, ezein irakurle ez litzateke gai izango bien arteko lotura hautemateko.

Liburuaren atariko hirugarren aipua Antonio Casado da Rocha errenteriar filosofo eta poetaren Esku ezkerraz liburutik hartua da (Utriusque Vasconiae, 2011). Aratza da, ez du glosa baten premiarik.

«Zorionekoak laugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
poesia zer den ikasi baituzue.
Zorionekoak hirugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
elebidunak baitzarete.
Zorionekoak elebidunok,
mundua izendatzeko bi maneretan partaide baitzarete.
Baina zorigaitza zuei, elebakarrak; zuentzako kalte».

Liburuaren izenburuak ―Itzulpena-Traducción itzulpenari buruzko tratatu baten aurrean gaudela ematen du bete-betean. Baina Errok atarian emandako hiru aipuetako poesiari buruzko erreferentziak dira muina. Eta liburuaren egilea poeta bat da, bezeroak ezagutzen du haren poetika, ezagutzen ditu Erroren esperimentu poetiko batzuk: bi urte eskas dira bezeroak Erroren Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak azpimarrez eta oharrez bete zuela. Beste hiruzpalau urte dira Antonio Casado da Rocharen Ezker eskuaz poema liburua irakurri zuela, eta ganoraz bezain gustuz irakurri zuela Errok idatzitako hitzaurrea ere.

Bezeroak liburua erosi du.

II

Liburuaren izenburuak eta atariko hiru aipuek Angel Erroren lanaren nondik norakoa iradokitzen dute, baita pista lanbrotuak barreiatu ere. Irakurlearen arreta erakartzeko baliabideak dira: Itzulpena-Traducción ez da inondik ere itzulpengintzari buruzko tesi edo ikerlanakademiko bat, ezta kale-baleko saiakera bat ere. Angel Erroren Itzulpena-Traducción testua idazle elebidun baten tractatus poetiko bat da bete-betean, hausnarketa eta aktibitate artistiko bat bi hizkuntzen edo gehiagoren arteko harreman eta zurrunbilo beti berrituen igeriketan, garrantzi betea emanez poesiaren eta itzulpenaren arteko harremanari. Elebitasunari etekin estetikoa atera dion hizkuntza bat izan da euskara tradizionalki (sagarra-manzana da adibiderik xume bitxiena), eta, hortik abiaturik, formula desberdinak baliatuta, oso da interesgarria elebitasunaren kontzientziak estetikan eragin ditzakeen planteamenduez, bide-gurutzeez, lorpenez eta bide berriez hausnartzea.

Demagun lehendabiziko poema; ezker orrialdekoak Ispilua du izena, Espejo du eskuinekoak. Bi poemen abiapuntua eta muina ―argia eta irudiak islatzen dituen kristal-klasearen efektu bisuala― berdinak dira bi hizkuntzetan, baina desberdina da poetak atera dien etekina hizkuntza batean zein bestean. Ispilua gaztelaniaz emana dago; Espejo, euskaraz. Gaztelaniazko testua zorrotz trinkoa da; euskarazkoa, aldiz, konkretuagoa. Irakurleak gai berari buruzko bi poema desberdin irakurri ditu, euskaraz bata, gaztelaniaz bestea. Gozamen poetikoa jasotzeaz gainera, ondorio bat baino gehiago atera dezake elebitasunaren talaiatik, itzulpengintzaren errealitate desberdinetatik, hizkuntza ahulenaren flakietatik, hizkuntza nagusiaren estetikak hizkuntza menostuetan eragiten duen diglosiatik, Errok hainbat poemetan jariatzen duen ironiatik. Bi poemek berdina zuten muina, baina desberdina da emaitza, bi poemen arteko antza ez dago sortutako testuetan, haien abiapuntuan baizik: poetaren intuizio bakarra bi testu desberdinetan emantzipatu da.

Hurrengo bi orrialdeetan ere, halatsu: ezker orriko poemak Caos personal du izena, Kaosaren eragina eskuinekoak. Humus beretik sortuak eta giro berdintsukoak dira bi hizkuntzetan emandako bi poemak. Hurbil daude elkarrengandik.

Gainerako poema bikoitzak ere ezker-eskuin doaz parez pare, gai interesgarri bat ardatz hartuta ―bakardadea, heriotza, sufrimendua, maitasuna, galera, ustekabea…―, baina bi hizkuntzetan eta garapen desberdinekin. Bi orri, bi poema. Salbuespen bat kenduta, ordea, liburuaren nahiko hasieran: ezkerreko orrian Nada izenburua daraman poema Patria, verdad, arte, poesía hitzekin hasten da eta lau lerro ditu; euskarazko bertsioak, ordea, bi orri oso hartzen ditu eta hamalau silabako berrogeita lau bertso-lerro, eta Aberria, egia, ertia, poesia du izena. Luzeran oso desberdinak izateaz gainera ―liburuaren diseinu beti bera eteteraino―, edukiek ez dute elkarren ageriko antzik. Erroren bapateko sorpresa horietako bat da ironiaren eskutik, irakurlea errutinatik ateratzera beharturik izenburuetatik hasita: Nada dio batek, Aberria, egia, ertia, poesia besteak.

Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, ezker-eskuineko orrialdeetan dauden bi poemak urruntzen joango dira, ez beti eta ez erabat, elkarrengandik; urrundu edo desberdindu egingo dira izenburuak, urrundu edukiak ere, eta luzerak, eta keinuak, baina askotan dago elkarren arteko loturaren bat: gaia, tonua, giroa, ironia, memoria literarioarekin lotutako espresioren bat…

Eta III

Material guztia hiru atal nagusitan banatua dago. Itzulpena izenekoan, euskaraz daude ezkerreko orrian, gaztelaniaz eskuinekoan. Traducción izenekoan, alderantziz: gaztelaniaz lehendabizi, euskaraz gero. Hirugarren atalean, berriro euskaraz lehendabizi eta gazteleraz gero, baina izenburuak beste hizkuntza batzuetan daude, elebitasunetik aniztasunera garamatzate italierak, latinak, frantsesak, portugesak, ingelesak, beste kultura batzuetako leihoak zabalduz…

Nekez imajina daiteke itzulpenik gabeko mundurik. Nekez imajina daiteke poeta euskaldun berrien esperientzia estetikorik gabeko (Gabriel Aresti, Mari Luz Esteban, Angel Erro, Antonio Casado da Rocha…) euskal lurralde poetikorik.