Mimetikoak? Lexikalizatuak? Defektiboak?

Xabier Aristegieta Okiñena

Gaurkoan hitz egin nahi nuke euskararen hitz-altxorrean bereziki maiz –hala iruditzen zait niri behintzat, beste hizkuntza batzuekin alderatuta– gertatzen den fenomeno bati buruz: kasuko aditz-oina, edo adjektiboa, edo adberbioa… aldiaren, pertsonaren edo numeroaren arabera aldatu beharrari buruz. Hain zuzen ere, aditz bat jokatzen dugunean bezalatsu.

Edo, agian, aipaturiko horiek aldatu behar ez izateari buruz.

Eta hortxe dago koska.

Onena, adibide bati heltzea, zertaz ari naizen argi ikus dadin.

Hiztegi Batuak honako sarrera hau jasotzen du (azpimarrak nireak dira):

delako [aditzaren aldiaren eta numeroaren arabera aldatzen da]: Crimée delako aurkintzan soldadu zaurituen artatzen ari da; fakir zelako batek bere lanean nolako gauzak egiten zituen ikusteko; short direlako galtzamotzak; “Zazpigarren…” zirelako film gehiegi ikusia nintzen

Alegia: delako hori ez da hitz finko bat, lexikalizatua, edozein esalditan beti-bateko forma duena, baizik eta Hiztegi Batuak aipatzen dizkigun faktoreen arabera aldatu egiten da eta aldatu behar da. Nolabait esatearren, faktore horiekin mimetizatu egiten da –zilegi bekit biologiako metafora–.

Ekarri dudan adibidean Hiztegi Batuak erantsitako ohar hori biziki eskergarria da duda-mudak uxatzeko. Hasieran esan bezala euskaraz tankera horretakoak diren –edo behintzat itxura hori duten– beste hitz asko dauzkagunez, horien zerrendatxo bat apailatu dut, batzuetan erabilerarekin sortzen zaizkigun zalantzak argitzen saiatzeko:

  • Oraindik. Hitz honen kasua «klasiko» bat dela esango nuke. Osagai nagusia «orain» elementua duenez, zalantza sortzen da ea iraganaldiko esaldietan erabil daitekeen ala ez. Alegia, oraindik ez dut bazkaldu esaldia iraganaldira pasatzen badugu, zuzena al da oraindik ez nuen bazkaldu esatea? Sarritan ikusi izan dut kasu horretan artean ez nuen bazkaldu esaldira jotzen duela askok, baina horrekin zalantzari (oraindik iraganaldian erabiltzearen zuzentasunari) itzuri egiten zaio, ez zaio erantzuten. Bada, Euskaltzaindiaren Hiztegiak auzia argi uzten du, oraindiki ematen dion 2. adiera hauxe baita: “(Lehenaldiko testuinguruetan). Ik. artean”. Beraz, bai: oraindik lexikalizatuta dago, eta zuzena da oraindik ez nuen bazkaldu.
  • Agidanez. Euskaltzaindiaren Hiztegiak orainaldia erabiliz adierazten du esanahia: «Dirudienez, itxura denez». Baina, ematen duen adibideak argi uzten duenez, lehenaldian ere erabil omen daiteke: Ez ziren denak gogaide minak, agidanez, ezta hizkuntza auzietan ere.
  • Dagoeneko. Beste zalantza-eragile klasiko bat. Baina, Euskaltzaindiaren arabera, argi dago lexikalizatuta dagoela eta lehenaldian lasai asko erabil daitekeela. Hona Hiztegi Batuko adibide bat: hori, urte haietan, dagoeneko aldarrikatua zuten Altubek eta. Eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak beste hau ere badakar: Iluntzeko bederatziak ziren dagoeneko.
  • Gaurkotu. Ez dut murriztapen-oharrik aurkitu aditz honen erabilerari buruz. Horrela, ba, pentsa liteke webgunea iaz/urtarrilean/atzo gaurkotu zuten teorikoki zuzena dela. Nolanahi ere, eta horrexegatik, alde handiz nahiago izaten dut kasu guztietan eguneratu.
  • Beregain. Euskaltzaindiaren Hiztegiak hauxe dio horri buruz: «Bereiz; bere kontura, inoren mende egon gabe. (Subjektua hirugarren pertsonan doa)». Beraz, kasu honetan hitza ez dago lexikalizatuta, eta argi dago, eskaintzen dituen adibideetako bati heldurik, beregain jartzea erabaki nuen edo beregain bizi nintzelako okerreko esaldiak direla. Sortzen zaidan zalantza da ea beregain hori mimetikoa den eta, beraz, neregain/neuregain erabili ahalko ote genituzkeen adibide horietan, ala beregain hitz defektibo bat den –aditz batzuei buruz esan ohi den bezala–, beste subjektuen araberako moldaketarik onartzen ez duena.
  • Berekoi. Antza du beregainekin, baina ez da kasu bera, Euskaltzaindiaren Hiztegiak berariaz ohartarazten baitu honakoa: «Hirugarren pertsonan aipatzen direnekin soilik erabil daiteke. Ik. zeurekoi». Alegia, izenondo mimetikoa litzateke, pertsona ezberdinekiko egokitzapena onartzen duena.
  • Bereganatu: Hiztegi Batuak neureganatu, zeureganatu, geureganatu eta abar jasotzen dituenez, argi dago aditz mimetikoa dela.
  • Hartaratu. Euskaltzaindiaren Hiztegiak esanahi hau ematen dio: «Hartara heldu, eraman edo behartu». Aditz honekin gauza bitxi bat gertatzen da: Hiztegi Batuak horretaratu ere jasotzen du, baina ez honetaratu. Beraz, ez guztiz mimetikoa, ez lexikalizatua eta ez defektiboa. Sui generis. Tira, pentsatzen dut Euskaltzaindiak ez duela problema berezirik ikusiko hurrengo batean Hiztegi Batua honetaraturekin aberasteko.
  • Azken kasu bat aipatu nahi dut. Behin batean Interneten[1] esaldi honekin egin nuen topo: Oso garbi genuen ez dakit nongo aitona-amonari behin edo behin entzundako hitzak edo esakerek ez dutela tokirik liburuxka honetan. Jakina, galdera da ea ez dakit zer/ez dakit nola/ez dakit nongo… motako espresioetako ez dakit hori mimetikoa, lexikalizatua ala defektiboa den; eta, horren arabera, adibideko esaldia zuzena den ala ez. Gogoetarako uzten dizuet.

[1] http://www.badihardugu.com/argitalpenak/berbeta_berua

Deum uocant Vrcia

José Ignacio Hualde

Joanes Etxeberri medikuaren itzulpen baten harira, jainkoaren izenaren auzia atera da plaza honetara (Gidor Bilbao, «Eskuarara ganbiatzea», 31 eskutik 2015/12/09). Gaur egungo euskaraz, jainko hitza, alde batetik, izen arrunta da; adibide hauetan ikusten den bezala: Antzinako Egiptoarren jainkoak; Neptuno edo Poseidon itxasoko jainkoa da. Bada, baita ere, jainkosa hitza: Venus jainkosa. Bestalde, kristauen jainkoaren izena Jainkoa da, besterik gabe, edo Jaungoikoa. Jainko honek ez dauka beste izenik euskaraz —eta antzeko zerbait aurkitzen dugu herri kristau guztietan. Hemen, alderdi teologiko guztiak alde batera utzita, itzulpen arazo bezala aztertu nahiko nuke gaia.

Testamentu zaharrean, judutarren jainkoak bazuen izena, hots, יהוה = YHWH; edo beste transliterazio batean, JHVH. Baina, izen hori kontuz erabiltzeko esaten digu Bibliako jainkoak berak: «Ez erabili alferrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko» (Irteera 20:7, Elizen Arteko Biblia). Jatorrizkora bagoaz, ikusiko dugu testuak esaten duena hauxe dela: «Ez erabili alferrik YHWH-ren, zeure jainkoaren, izena». Debeku hori dela-ta, judutarrek erabaki omen zuten komenigarriena zela, badaezpada, jainkoaren izena inoiz ez esatea, sekulan ere ez, ezta irakurtzean ere, jainkoa ez haserretzeko; eta ondorioz, ez dakigu nola ahoskatzen zen Biblian agertzen den hitz hori. Zehazkiago, izenaren kontsonanteak ezagutzen ditugu; bokalak ez. Judutarren tradizioan, testu sakratuan YHWH hitza agertzen den lekuetan adonai (= ‘jauna’) edo ha-shem (= ‘izena’) irakurri behar da. Antza denez, tradizio honi jarraituz, Vulgatan YHWH izena Dominus bezala itzuli zen; eta, ondorioz, kristauen jainkoa izenik gabe gelditu zen. Gaztelaniazko itzulpen askotan ere, el Señor aurkitzen dugu; eta ingelesezkoetan the LORD (normalean, horrela idatzita, «maiuskula txikiz», nolabait adierazteko ez dela benetako itzulpena): «Thou shalt not take the name of the LORD thy God in vain; for the LORD will not hold him guiltless that taketh his name in vain». Frantzesesko Biblia protestanteetan, aldiz, l’Éternel da ohiko itzulpena: «Tu ne prendras point le nom de l’Éternel, ton Dieu, en vain; car l’Éternel ne tiendra point pour innocent celui qui aura pris son nom en vain».

Argi egon behar du YHWH = ‘jaun’ ez dela itzulpen zehatza. Jaun hitzak ez du YHWH itzultzen, adonai baizik; eta adonai eufemismo bat zen jainkoaren benetako izena ez aipatzeko. Bibliaren beste itzulpen batzuetan itzultzaile kristauek judutarren tabu zaharra ez dute errespetatu eta Yahweh edo Yehovah~ Jehowah erabili dute. Itzulpen edo egokitzapen hauek hipotesiak dira YHWH, tetragrammaton sakratua, ahoskatzeko; besterik ez. Beharbada bi forma hauetariko bat zuzena da (eta bestea okerra, nahitaez), edo beharbada biak okerrak dira. Ez dakigu Bibliako jainkoaren benetako izena nola ahoskatzen zen eta ez dago modurik jakiteko.

XII. mendean, Aimery Picaud bidaiariak idatzi zuen ezagutu zituen euskaldunek Urtzia izena ematen ziotela (kristauen) jainkoari. Azkuek eta beste batzuek pentsatu zuten behabada urtzia ‘caelus’ edo zela, eta ez ‘Deus’. Picauden lagun euskaldunek ez omen zuten galdera ulertu. Hala ere, Mitxelenak (2011 [1964]: 52) eta Caro Barojak (1973: 20) ebidentzia ikusita ondorioztatzen dutenez, ez dago motiborik pentsatzeko Musde Picaud tronpatu zenik galdera honetan, ematen dituen beste itzulpen guztiekin asmatu baitzuen.

Zer da Urtzia, beraz? Ortz-egun = Iovis dies ekuazioak argi eta garbi erakusten digu kristautasuna baino lehen, euskaldunek Urtzia ~ Ortzi erromatarren Iuppiter jainkoarekin identifikatu zutela. Hau da, ziur asko, Urtzia euskal panteoiko jainko baten izena zen, erromatarren Iuppiter (Tonans) bezala, zeruetako edo ekaitzen jainkoa zena (nahiz eta teonimo hau erromatarren garaiko epigrafian orain arte ez den agertu).[1] Germaniarrek, bide batez, modu berean kalkatu zuten egun-izen hau, erromatarren Iuppiter beren Thor jainkoarekin berdinduz, cf. Iovis dies > ing. Thurs-day ‘Thorr-en eguna’.

Irudiko luke, kristautasuna Euskal Herrian sartu zen garaian, euskaldunek estrategia berbera erabili zutela bigarren aldiz eta kristauen izengabeko jainkoa berriz ere beren Urtziarekin identifikatu zutela.

XII. mendean kristauen jainkoaren euskal izena Urtzia bazen, zergatik galdu zen izen hau euskaraz? Beharbada, ertaroko euskal teologo-filologo batzuk konturatu ziren Urtzia kristautasunaren aurreko jainko baten izena izana zela, kristauen jainkoaren izena izan baino lehen, eta pentsatu zuten, arrazoi teologikoengatik, hobe zela izen hau ez erabiltzea kristauen jainko bakarra izendatzeko. Edo beharbada zerikusirik du galera honek hizkuntzaren bilakaera fonologikoarekin: Urtzia > Ortzia > Ostia (= hostia, homonimia deserosoa sortuz)?

Aipamenak

Caro Baroja, Julio. 1973. Estudios vascos. Donostia: Txertoa.

Michelena, Luis. 1964. Textos arcaicos vascos. Madrid: Minotauro. Berrarg., 2011, In Luis Michelena, Obras Completas, XII (J.L. Lakarra & I. Ruiz Arzalluz, arg.), ASJUren Gehigarriak LXV. Donostia & Gasteiz: Gipuzkoako Foru Aldundia & Euskal Herriko Unibertsitatea.

_______________

[1] Honek ez du esan nahi hori hitzaren esanahi bakarra zenik. Alderantziz, agian, hitzak jainkoaren izena eta agerpena adierazten zituen aldi berean. Julen Manterolaren bidez jakin dudanez, Euskaltzaindiko euskal hiztegi etimologikoak oso informazio interesgarria ekarriko digu ortzi eta egun hitzen jatorrizko esanahiaz eta erabileraz.

Hurrengo geltokia: espezismoa

Iñaki Segurola

Jende argitua ederki ari da hizkuntzak ideia eta jarduera gaiztoen kutsutik garbitzen. Sexismoan ari gara bide eder batzuk ebakitzen, hizkuntzak sexismoaren izurritik eginahalean garbituz. Gure euskara honek ez du aparteko lanik ematen aieka horretatik, seguraski hizkuntzari Ama Euskara hotsegiten diogulako eta, beraz, emea delako bera. Beti dago, ordea, oharkabeko arrastoren bat jo, igurtzi, astindu, marruskatu eta erauzi beharrekoa, eta, esanda bezala, ari gara bide eder bat egiten.

Gaurko honetan espezismoa atera nahi nuke argitara: hizkuntza askotan –eta gure honetan bertan– erdi-ezkutuan datzan espezismo gaiztoa, hain zuzen ere. Denok gara, era batera edo bestera, animaliak; ugaztunak ere bagara, eta, oso gustukoa dudan hitza erabiliz, «amakumeak» ere bagara, ama baten ume garenez gero gu eta beste izaki askotxo. Nere irudipena da, eta irudipena baino gehiago ere bai, gure hizkuntzetan beste animalia, beste ugaztun edo beste amakumeak modu iraingarrian erabiltzen direla hitzez, eta horrek erakusten digu, bidenabar esanda, gauzak oker dabiltzala egitez. Har ditzagun adibide moduan honako hitz euskarazko hauek: tximinokeria, zerrikeria, zakurkeria, astakeria, axerikeria edo xomorrokeria. Eta emanber ez dagoela gauza onik beste animalietan, aizue!

Gizonarekin edo gizakiarekin oso bestelako kontuak daude: badira gauza txarrak edo halamoduzkoak ere, eta hor dago gizonkeria, baina zer dago guretzat hoberik gizontasuna edo gizatasuna baino? Ikusten denez, espezismo zitalenak zainak oso barreneraino sartuak ditu gure hizkuntza dontsuan ere.

Gauza gaizto gehiago ere badaude zoritxarrez: animaliak osoki geure eskuan eta mendean behar ditugu baitezpada, edo hala dirudi behintzat. Konparazio batera, ardia, urdea eta behia etxekotuak eta eskuperatuak ditugu, baina zeharo hezi gabeko haien lehengusuei sasi-ardi (xaxardi), basurde eta betizu deitzen diegu, eta hitzezko jokabide honekin adierazten duguna da osoki gure mendekoa, eskupekoa eta eskortakoa ez den guztia sasigauza, basakeria edo izua dela berez. Bai ariera itsusia eta enpatimotza gurea! Maiz pentsatu izan dut, olgetan-benetan pentsatu ere, denok dirudigula Gizaburuagan jaioak eta giza-bihotzik gabe sortuak.

Sexismoaren kontrako borrokak ekin dion bide jatorretik, iruditzen zait badugula lan pixkat gure hizkuntza maitea beste animalien gaineko diskriminazio eta gutxiespenezko kutsutik garbitzen. Horrela lortuko dugu euskara izatea eraikitzen ari garen mundu garbi guztiaskatzaile txoragarriaren adierazpide egoki eta zuzena. Hala izan dadila!

Kultur, literatur, natur…

Martin Rezola Clemente

Duela zenbait urte, Berria egunkariak modu bitxi batez eman zuen Donostia 2016ko kultur hiriburu izendatzeari buruzko albistea. Bitxia diot, testu berean lau modutan agertzen zelako artikuluaren mamia: kultur hiriburua, kultura-hiriburua, kultura hiriburua eta hiriburu kulturala. Halako aukeraren maukera gehiegizkoa ez ote zen hizpide erabili genuen lankide batzuen artean, eta batek hala esan zuen: «Erne Donostiarekin aurrerantzean. Berak emango ahal digu tradiziotxo bat markatzeko aukera!».

Gauza jakina da Euskaltzaindiak aukeran utzi zuela elkarketan –a organikoa galtzea edo ez galtzea, -ia amaierako hitzetan eta beste sei hauetan: kultura, natura, literatura, hizkuntza, eliza eta burdina. Eta aukera hori zabalik utzi bazuen, pentsatzekoa da Euskaltzaindia gerora begira jarri zela nolabait, erabilerak argitu eta finkatuko zuelakoan horien arteko formarik gomendagarriena.

Hasieran aipaturiko prentsako artikulu hartatik sei urte igaro direnean, eta Donostiakoa begi aurrean dugun honetan, uste dut balorazio eta gogoeta txukun bat —edo ez hain txukuna— egiteko moduan gaudela. Niri hauxe atera zait:

Bat. Hiztegi arau-emaileetan, hiztegi terminologikoetan eta, nolabait esanda, erabilera formala duten inguramenduetan, argiro nagusitzen dira -a organikoari atxikitzen dioten elkarketak (marra eta guzti idatzita), sei horietatik lehenengo hiruretan, gutxienez (kultura, literatura eta natura).

Bi. Eguneroko erabilera apalagoan, ordea, prentsan, irratian… -a organikoa galtzen duten elkarketak gailentzen dira, alde handiz gainera. Ematen du kultura(-)eragile ez zaigula «ateratzen», eta askoz ere ohikoagoa da kultur eragile irakurtzea eta entzutea. Zalantza egiten duenak hortxe ditu eskura corpusak eta Interneteko bilatzaileak, konparatzeko: natura(-)zientziak / natur zientziak; literatura(-)kritika / literatur kritika; kultura(-)etxea / kultur etxea…

Hiru. Espontaneismoa gidaririk onena ez den arren, uste dut joera arau-emaileari ez ikusiarena eginez dabilen irizpide horrek baduela bere funtsa. Niri neuri, forma laburrak abantailatsuak iruditzen zaizkit. Gramatika kontuetan aditua ez naizenez gero, adibide pare batez baliatuko naiz zer esan nahi dudan azaltzeko. Zer dago, esaterako, idazpuru hauen azpian? (benetakoak dira):

  • Kultura politikaren oinarria
  • Kultura kontsentsua eta dudak

Beste adibide korapilatsuago bat. Zer dio esaldi honek?:

  • «Hizkuntza komunitatea kultura politika baterako unibertsotzat hartzea izendatu gabeko tabu txiki bat izan da hemen»

Lau. Baten batek esango du kasu ilunetan marrak laguntzen duela elkarketa antzematen, baina ahozkoan marrak «ikusezin» direnez, aukera horrek arazoaren erdia baino ez liguke konponduko. (Bide batez, elkarketa laburraren alde esango nuke gainetik kenduko genukeela marra bai / marra ez marrazaleen eta marrafoboen arteko gerra.)

Bost eta fini. Nire kezka da bi bideon arteko lubakia ez al den gero eta zabalagoa egingo. Orain corpusen eta araugintza terminologikoaren artean dagoen arrakala fin hori ez al den, denborarekin, sakan sakon bilakatuko. Edo, galdera zuzen eginda: Euskaltzaindiak elkarketarako hiru aukerak ontzat ematen baditu, eta erabilerak -a organikorik gabeko formak sendesten baditu, zergatik ari dira hiztegietan kultura-mugimendu gisako formak bakarrik proposatzen?

Azkenondoko. Kultura, natura eta literatura lehen osagai duten hitz elkartuei begira esandakoa berdin-berdin errepikatuko nuke hizkuntza / hizkuntz kasuan ere (eta burdina eta eliza hitzekin ere bai), baina ez naiz ausartzen, ez baitakit horretan corpusak-eta guztiz nire alde ditudan. (Hitzok idazten ari nintzela, Irten hizkuntzaren armairutik liburua etorri zait eskuetara, eta hor bai, hizkuntz lehenetsi dute Emun-ekoek[i].)

Azkenondo bis. Izenondo erreferentzial deiturikoez (hiriburu kulturala) ez dut ezer esan. Horiei ere tokia egitea behar-beharrezkoa iruditzen zait, jakina, batez ere testu teknikoetan.

________

[i] hizkuntz kontu (2 aldiz), hizkuntz kontzientzia (2), hizkuntz erabilera (2), hizkuntz portaera (7), hizkuntz pribilegioak (1), hizkuntz gaitasuna (1), hizkuntz akats (1), hizkuntz jarrera (4), hizkuntz izaera (1), hizkuntz konbergentzia (1), hizkuntz aukerak (1), hizkuntz eskubideak (2), hizkuntz dinamizatzailea (1), hizkuntz paisaia (1), hizkuntz ordezkapena, hizkuntz ohiturak (6), hizkuntz mendekotasuna (4), hizkuntz aldaketa (1), hizkuntz anormalizazioa (1), hizkuntz jokabidea (1), hizkuntz nagusikeria (1), hizkuntz sumisioa (1), hizkuntz asertibotasuna (1).

hizkuntza kontuak (2), hizkuntza portaera (5), hizkuntza nagusikeria (1), hizkuntza arazo (1), hizkuntza asertibitatea (1).

Kodifikatu vs kodetu

Igone Zabala Unzalu

Eguneroko jardunean askotariko hizkuntza-elementuak erabiltzen ditugu oharkabean gure komunikazio-premiak asetzeko. Batzuetan beste hiztunen batek gure erabileraz harrituta galdetzen digunean hasten gara gogoeta egiten erabilera horien azpian egon daitezkeen arrazoiez. Horixe gertatu zitzaidan duela gutxi. «Halako hiztegian kodifikatua» idatzi nuen eta, «Zergatik kodifikatua eta ez kodetua?» galdetu zidan, orduan, solaskide batek, bide batez esanda, informatikaria zena. Banekien bi aditz horiek niretzat ez zirela sinonimo, baina azalpen zehatza behar nuen. Banekien kodetu mezuei buruz aritzeko erabiliko nukeela: mezuak (linguistikoak edo bestelakoak) kodetu eta deskodetu egiten dira. Biologia Molekularraren alorrean ere esaten da «geneak proteinak kodetzen dituzten DNA-sekuentziak direla» eta geneak transkripzio eta itzulpen prozesuen bitartez adierazten direnean, «deskodetzen direla» ere esan daiteke.[1] Kodifikatu aditza edo kodifikazio izena, aldiz, hizkuntza bateko hiztegi-elementuak eta horien adierak hiztegietan jasotzeaz aritzen nintzenean erabiltzen nuela pentsatu nuen. Horretaz gain, gogoratu nuen ikasleei Haugen-ek[2] proposatutako hizkuntza-plangintzaren lau urratsak (selection, codification, implementation eta elaboration) azaltzeko orduan ere erabiltzen nuela kodifikazio terminoa eta, kodifikazio prozesuaren barruan, graphization, grammatication eta lexication bereizten zituela Haugen-ek.

Bere momentuan ez nion buelta gehiagorik eman kontuari, baina gaur, auzia blog honetara ekartzea pentsatu dudalarik, hiztegietara jo dut argibide bila. Hiztegi Batuan kodetu, kodifikatu, kodetze, kodeketa eta kodifikazio daude jasota, esanahiari buruzko argibiderik gabe bada ere. Elhuyar Hiztegietan kodetu eta kodifikatu aditzak eta kodifikazio, kodeketa, kodetze eta kodifikatze izenak ageri dira, horretan ere xehetasun edo bereizketa semantiko-pragmatikorik gabe. Zehazki Hiztegiak, aldiz, zenbait bereizketa egiten ditu jasota dituen bi aditzen eta hiru izenen artean:

codificar 1 t (leyes) kodifikatu. 2 (mensajes) kodetu. 3 inform kodetu.

codificación 1 f (de leyes) kodifikatze, kodifikazio. 2 (de mensajes) kodetze.

Azpimarratzekoa da antonimoetarako deskodeketa eta deskodetze baino ez dutela jasotzen Elhuyar Hiztegiek eta Zehazki Hiztegian ere deskodetze / deskodeketa   izenak eta deskodetu aditza baino ez ditugula aurkituko. Hartara, ondoriozta dezakegu kodetu / deskodetu bikotea badagoela, baina kodifikatu aditzak ez duela eman #deskodifikatu antonimoa, hiztegi horien arabera, behintzat.

Erreferentziazko esanahiren baten bila jo dut, orduan, Euskaltzaindiaren Hiztegira, eta kodetu sarrera baino ez dut aurkitu. Zati batean behintzat Zehazki Hiztegian bezala, kodetu aditza mezuekin edo mezuak osatzeko sistemekin lotzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

kodetu, kode/kodetu, kodetze 1 du ad. Kode bat eratu. 2 du ad. Mezuez mintzatuz, kode bateko arauen bitartez osatu.

Azkenik, Euskaltermen egin ditut bilaketak, espezialitate-alorrekin lotutako argibideren bat aurkitzeko asmoz. Aditzerako kodetu baino ez dut aurkitu, Informatika, Zuzenbide eta Hizkuntzalaritza alor-markekin. Izenerako, aldiz, aukera bat baino gehiago ageri dira espezialitate-alorretan zehar: kodetze Ekonomia eta Enpresa, eta Hizkuntzalaritza alorretan; kodeketa eta kodetze Informatika alorrean eta, azkenik, kodifikazio eta kodegintza Zuzenbide alorrean.

Azpimarratzekoa da Hizkuntzalaritza > Soziolinguistika azpialorrean kodetze terminoak Terminologia Batzordearen ponderazio-marka gorena daramala ((4) ), eta honela definituta dagoela:

Hizkuntzaren barietate estandarra finkatzeko arauak ezartzen dituen estandarizazio-fasea. Lexikalizazioa, grafizazioa eta gramatikalizazioa hartzen ditu barnean.

Alegia, nik kodifikazio esaten diodan Haugen-en codification terminorako gomendatzen du Terminologia Batzordeak kodetze ordaina. Definizio horrekin lotutako ingelesezko ordainari erreparatu diodanean, aldiz, encoding aurkitu dut, eta ez Haugen-ek berak erabilitako codification. Descodificación terminoa bilatu dut orduan, eta Hizkuntzalaritza > Semiotika azpialorrean kokatuta, deskodetze ordaina aurkitu dut euskararako, eta decoding ingleserako.

Interneten ingelesezko terminoen bilaketa azkarra eginez, ondorioztatu dut encode (/decode) eta encoding(/decoding) Semiotikan, Informatikan, Genetikan eta Hizkuntzalaritzan erabiltzen direla mezuak edota informazioa kode batetik bestera bihurtzeko prozesuei erreferentzia egiteko. Codify eta codification izenen definizioetatik, aldiz, ondorioztatu dut termino horiek bestelako adiera batzuetarako erabiltzen direla: metodoak edo erregelak sistematikoki antolatzea, ideiak edo teoriak formulazio estandar edo konbentzionalen bitartez adieraztea, hedatutako eskakizun edo praktika bat arau bihurtzea edota, Zuzenbide alorrean, sistema juridiko baten legeak eta arauak egitea eta kodeetan biltzea.

Hizkuntza-plangintzaren testuinguruan, hauxe dio Haugen-ek[3] kodifikazioaz eta horren urratsetako bat den lexikalizazioaz:

Codification may also be the work of a single individual, who more or less informally, more or less knowledgeably, decides to give explicit, usually written, form to the norm he has chosen… Beyond grammatication comes lexica­tion, or the selection of an appropriate lexicon. In principle this also involves the assignment of styles and spheres of usage for the words of the language.

Hiztegi-elementuak eta beren adierak eta erabilerak hiztegietan «kodifikatzea» funtsezkoa da hiztunen eta diskurtso-komunitateen erabilerak «norma» partekatuetara eramateko, baina kodifikazioak, komunikazioari lagunduko badio, kontuan hartu beharko du hiztegi-elementuen aldakortasuna, aldakortasun horren atzean egon daitezkeen kausa semantiko-pragmatikoak, diskurtsiboak eta estilistikoak identifikatzeari begira.

Artikulu hau idatzi ahal izateko egindako ibilbidearen ostean, ondorioztatu dut euskarazko hiztegiek eta datu-base terminologikoek bereizi egin beharko lituzketela kode izenetik eratorritako sarrerak (kodetu, deskodetu, kodetze, deskodetze, kodeketa, deskodeketa…) eta egokitutako maileguak diren kodifikatu eta kodifikazio, arrazoi semantiko-pragmatikoak baitaude bereizketa horien atzean eta, gainera, bereizketa horiek ondo egokitzen baitzaizkio lehen termino-sorkuntzan erreferentea den ingelesezko terminoen banaketa semantiko-pragmatikoari.

[1] Hain zuzen ere, blog honetan idatzi nuen lehen artikuluan (“Geneen adierazpen-askatasuna”), Biologia Molekularraren alorreko terminologia garatzeko zientzialariek erabili duten metafora-ildoaz aritu nintzen: «geneak hizkuntza jakin batean idatzitako edo kodetutako mezuak dira».

[2] Haugen, Eimar (1966) “Linguistics and Language Planning”, In William Bright (ed.) Sociolinguistics. The Hague: Mouton, 50-71.

[3] Haugen, Eimar (1983) “The Implementation of Corpus Planning: Theory and Practice” In Juan Cobarrubias & Joshua A. Fishman (ed.) Progress in Language Planning: International Perspectives. Berlin / New York /Amsterdam: Mouton Publishers, 269-291.

Hizkuntzaren pertzepzio erreflexiboa

Aiora Jaka irizar

Ulertzen ez dugun hizkuntza bat ikastea oso gauza ederra izan liteke, dibertigarria, atsegina, are erraza batzuentzat, edota zeharo konplikatua, zaila eta etsigarria beste batzuentzat. Jende askok uste du hizkuntza zailak eta hizkuntza errazak daudela munduan: euskara, jakina, zailen artean kokatzen da, eta gaztelania eta ingelesa errazen artean. Blog honen irakurleok ondotxo dakigu guztiz baieztapen funsgabea dela hori, eta munduko hizkuntza guztiak izan daitezkeela ikasteko errazak nahiz zailak. Erdaldun gehienei euskara ikastea zaila gertatzen bazaie, ez da berez edo objektiboki hizkuntza zaila delako, baizik eta, batetik, ez duelako beste ezein hizkuntzaren antzik, eta, bestetik eta batez ere, euskarak bizi duen egoera soziolinguistikoak ez duelako kasurik gehienetan hizkuntzaren barruan murgiltzeko testuinguru aproposik eskaintzen.

Pasa den irailetik, euskara ikasi nahian dabiltzan erdaldunen antzeko egoera batean aurkitu dut neure burua, bizi naizen herriko bi hizkuntzak (cria eta inuktituta), batetik, nik ezagutzen ditudan beste hizkuntzen guztiz bestelakoak direlako, eta, bestetik eta batez ere, hizkuntza guztiz minorizatuak direlako: nahiz eta biztanleriaren % 95ek hitz egiten duen gutxienez bi hizkuntza horietako bat, ingelesak presentzia erabatekoa du hezkuntzatik hasi eta aisialdi nahiz zerbitzuetaraino.

Baina bi hizkuntza minorizatu hauek ikastea zail bihurtzen duten bi faktore horiez gain, hirugarren arrazoi pisutsuago bat ere badela esango nuke, herri honetara iritsi naizenetik hizkuntzak ikastea eragotzi didan oztopo garrantzitsu bat: hiztunek berek beren hizkuntzari buruz azalpenak emateko duten gaitasun mugatua. Criaren eta inuktitutaren hiztegi eta gramatikak hutsaren hurrengoa izanik (bereziki criaren kasuan; inuktituta badirudi aztertuago eta finkatuago dagoela cria baino), bertako hiztunak ditut hizkuntza ikasteko baliabide bakar. Baina liburuetan aurkitu ezin ditudan azalpenak eskatzen hasten natzaienean, ohartzen naiz gehienetan ez dutela galdera ulertu ere egiten. Ia egunero gertatzen zaizkit honelakoak: «How do you say “What time is it?” in cree?» galdetzen diet nik, eta haien erantzuna: «It’s three o’clock». Ez dute ulertzen nik jakin nahi dudana ez dela zer ordu den, baizik eta nola galdetzen den criz zer ordu den. Etsipengarria da hiztun natiboak aurrez aurre izanik hizkuntzari buruz ezin komunikatu ahal izatea.

Lehengo batean, osaba Joxe Manueli nire frustrazioen berri ematen ari nintzela, garai bateko misiolarien pare sentitzen nintzela aipatu nion: inoiz inork idatzi ez duen hizkuntza bat deszifratu nahian, gramatika eta fonetika arauak ondorioztatzeko lanetan, fonemak idazteko sistema bat asmatzeko ahaleginean… Osaba Joxe Manuelek berehala jotzen du halakoetan liburuetara, eta, hurrengo bideokonferentzian, hantxe etorri zitzaidan nire oraingo egoera bete-betean ilustratzen duen aipu batekin. Euskaratu eta zuei eskaini nahi dizuedan pasartea José María Sánchez Carrión Txepetxen tesi ospetsuan aurkitzen da, eta XX. mende hasieran Marokoko riftarren gramatika bat idatzi zuen Fray Pedro Sarrionandiaren aipu bat biltzen du bere baitan:

Hizkuntzaren pertzepzio logiko edo erreflexibo baten faltak azaltzen du (neurri batean) misiolari, antropologo eta abarrek sentitzen duten etsipena, hautatutako komunitateetan integratzeko asmoz bertakoen hizkuntza ikastea erabakitzen dutenean eta ohartzen direnean laguntza oso eskasa edo guztiz baliogabea ematen dietela bertakoek beren hizkuntzaren izaera eta funtzionamendua eredu logikoen arabera argitzeko: «Riftarrak, beren ezjakintasun sakona dela kausa, guztiz ezgauza dira hitz egiten duten hizkuntzaren gainean beren kabuz inolako argirik egiteko. (…) Zeharo ezgauza dira inori irakaspen txikiena ere emateko, hainbesteraino, non ez baitute ulertzen ezein hitz nahiz esaldi abstraktu edo isolatu, hots, elkarrizketarekin lotura zehatzik ez duenik. Ezinezkoa da kontu honen inguruan duten ezjakintasunaren eta ezgaitasunaren ideia bat izatea, aurrez haiekiko tratu praktikorik izan ezean» (Sarrionandia, 1925 XVII eta XVIII).

(Sánchez Carrión 1987: 131, nire itzulpena)

Fray Pedro Sarrionandiaren hitzei arrazismo eta gutxiespen kutsu nabarmena darie, eta, gaur egun, haren esanak ez lirateke politikoki zuzenak izango (gogora datozkit oraintxe iaz Maialen Lujanbiok EHUko udako ikastaroen irekieran emandako hitzaldian jakintzari buruz esandakoak), baina aitortu behar dut nik neuk horixe bera sentitzen dudala askotan crien laguntzaz cria ikasten ahalegintzen naizenean. Gehienek ez dakite beren hizkuntzan idazten (eskolan, lehen hezkuntzako lehen mailatik hasita, ingelesez irakasten da dena, «hizkuntza cria» irakasgaia izan ezik), eta ez dira gauza hizkuntzak nola funtzionatzen duen esateko. Eskolan hizkuntza cria irakasten duen emakumeari galdetu nion behin zergatik den «zure» determinatzaile posesiboa batzuetan «chi-», beste batzuetan «st-» eta beste batzuetan «ku-» (nik neuk ondorioztatua nuen ordurako arau fonetiko bat, baina irakasle batek berrestea nahi nuen), eta harrituta begiratu zidan, bere bizitzan lehen aldiz ohartuko balitz bezala ingelesez beti «your» esaten dena criz hiru modu desberdinetan esan daitekeela. «A, egia da! Hitz guztiak banaka-banaka ikasi beharko dituzu, pixkanaka ulertzeko zein hitzek hartzen duen zein aurrizki…». Ez zen gai izan azaltzeko kontsonantez hasten diren hitzek «chi-» hartzen dutela, a eta i bokalez hasten direnek «sti-», eta u bokalaz hasten direnek «ku-».

Halako egoera batek hiztun «ezjakinak» sortzen ditu, Fray Pedro Sarrionandiaren hitzetan, edota «hizkuntzaren pertzepzio logiko edo erreflexiborik ez duten hiztunak», Txepetxen hitzetan. Honela jarraitzen du Txepetxek alfabetizazioaren eta kontzientzia linguistikoaren arteko loturaren inguruan:

Badirudi Piagetek «pentsamendu logikoa» deritzonaren sorrerarekin erlazionatuta dagoela pertzepzio logikoa, eta, zehazkiago —A. R. Luria psikolinguista errusiarraren azterketen ondoren badirudi zuzena dela halakorik onartzea—, silogismoak egiteko gaitasunarekin eta horien bidez ondorio «logikoak» eratortzeko prozesuarekin; ondorio logiko horien artean leudeke, jakina, hizkuntzaren beraren izaerari buruzko ondorioak. Luriak deskribatzen duen esperimentuetako bat —hala izenda baliteke— horrexetan datza, hain justu: hizkuntzaren beraren barruan, nola iragaten den pertzepzio naturaletik pertzepzio erreflexibora, eta, horrekin batera, besteak beste, baita «kontzientzia linguistikoa» hartzera ere. Hala, argi geratzen da nor bere hizkuntzan alfabetizatzearen helburu benetakoa ez dela soilik hiztunari idatzizko zeinu sistema bat irakastea, baizik eta, lehenik eta batez ere, bere hizkuntzaren pertzepzio erreflexibo-arrazional bat eskaintzea, horixe baitakar berekin kode idatziaren ikasketak.

(Sánchez Carrión 1987: 131, nire itzulpena)

Criak beren hizkuntzan alfabetizatu ezean, beraz (eta oraingo hezkuntza sistemak ez du halakorik bermatzen, inolaz ere), nekez garatuko dute beren hizkuntzaren pertzepzio erreflexibo-arrazionalik, eta, ondorioz, ez dira gauza izango beren hizkuntza inori irakasteko; are gutxiago beren hizkuntza ikasteko gramatika edo ikaslibururik idazteko. Crien artean bizitzera etortzen den kanpotarrak, beraz, ingelesa erabiltzea beste aukerarik ez du izango criekin komunikatzeko, eta ondotxo dakigu zer gertatzen den halako egoera «elebidunetan». Txepetxen tesia 16 bat urte nituela irakurri nuen, eta gauza asko eta asko ez nituen ulertu, baina ondo gogoan gelditu zitzaidan nola zioen euskaldunberririk izan ezean euskarak ez zuela bizirik iraungo. Beste hainbeste esan genezake criaz: cri-berririk gabe, criarenak egingo du.

Eta, halere, hemen jarraituko dut, koadernoa besapean hartuta batari eta besteari galdezka…

Erreferentziak:

Sánchez Carrión, José María (Txepetx) (1987). Un futuro para nuestro pasado (claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las lenguas, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Sarrionandia, Fray Pedro (1925). Gramática de la Lengua Rifeña. Madril: Akal.

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak III

miel a. elustondo

Hamalau egun. Hamalau egunean hil egiten da pertsona.

Maiatzaren bederatzia zen. Zera esan izan zidan beti: «Ez dakizu zein eder den Mosku! Garaipen egunean oroz gain, su artifizialak botatzen dituztenean. Ikus dezazun nahiko nuke».

Gelan jarrita nengoen, berarekin. Begiak ireki zituen.

«Gaua da, ala eguna?».

«Iluntzeko bederatziak dira».

«Ireki leihoa! Berehalaxe hasiko dira!».

Leihoa ireki zuen. Zortzigarren solairuan ginen, eta hantxe zen hiri osoa, gure aurrean! Eta suzko erramiletea ikusi genuen, zeruan lehertzen.

«Begira horri!», esan nuen.

«Esan nizun Mosku erakutsi behar nizula. Eta esan nizun jai egunetan loreak emango nizkizula beti…».

Haren aldera begiratu eta hiru krabelin ateratzen ari zen burukoaren azpitik. Erizainari dirua eman, eta hark erosi egin zizkion.

Hurreratu eta muxu eman nion.

«Nire maitea! Zeu zara nire maitea!».

Protesta jo zuen. «Zer esan dizute medikuek? Ez ni besarkatzeko. Ez niri muxurik emateko!».

Hainbesteraino gaizkitu zen, ezin izan bainuen une batean ere bakarrik utzi. Etengabe hots egiten zidan: «Lusya, non zara? Lusenka!». Behin eta berriro hots egiten zidan. Gainerako gela hiperbarikoak, non gure mutilak baitzeuden, soldaduek zaintzen zituzten, bertako langileek uko egin ziotelako. Babes-jantziak eskatzen zituzten. Soldaduek garraiatzen zituzten hondakin-ontziak. Zorua garbitzen zuten. Izarak aldatzen zituzten. Dena egiten zuten. Nondik inguratu zituzten soldadu haiek? Ez genuen galdetu. Baina berak… berak… egunero aditzen nion esaten: «Hila. Hila. Tistxura hila da. Titenok hila da. Hila».

Egunean hogeita bost edo hogeita hamar aldiz libratzen zen. Odola eta mukia. Azala zartatzen hasi zitzaion beso eta oinetan. Furunkuluz bete zen. Burua jiratzen zuenean, ile-mataza geratzen zen burukoan. Txantxa egiten saiatu nintzen. «Horrela hobeto. Ez duzu orrazirik behar». Handik laster, ilea larru-arras moztu zioten. Nik neuk moztu nion. Nik neuk egin nahi nion dena. Fisikoki posible izan balitz, berarekin egongo nintzatekeen egunean hogeita lau orduz. Ez nuke minutu bat ere galdu nahiko. [Isiltasun tarte luzea]

Bada zenbait elkarrizketaren pasartea, gogoratzen naiz. Baten bat, esaten: «Entenditu beharra daukazu: hau ez da gehiago zure senarra, ez maite izan duzun pertsona, gauza erradioaktibo bat baizik, pozoi kopuru handia duena. Ez zara suizida. Zaindu zeure burua». Baina ni burua galdu duen pertsona bezala nengoen: «Baina maite dut! Maite dut!». Bera lo, eta ni xuxurlaka: «Maite zaitut!». Ospitaleko patioan oinez, eta «Maite zaitut!». Gaixoaren erretilua eramanez, «Maite zaitut».

Gau batez, dena lasai zegoen. Biok bakarrik geunden. Begiratu egin zidan, baina oso, oso arreta handiz, eta orduan, bat-batean esan zuen:

«Gure umea ikusteko amorratzen nago. Zer moduz dago?».

«Zein izen jarriko diogu?».

«Zeuk erabaki».

«Zergatik nik, hemen biok gara eta!».

«Horrela bada, mutila bada, Vasya izango da. Neska bada, Natasha».

Itsuturik bezala nengoen. Nire bihotzaren azpiko taupadatxoak ere ezin nituen sentitu. Nahiz eta sei hilabeteko nengoen. Pentsatzen nuen nire barruan neraman ttikia babestuta zegoela.

Eta orduan… azkeneko gauza.

Autshumato

Karlos del Olmo

Kode irekiko itzulpen tresna sorta bat dugu Autshumato. Hego Afrikako North-West University unibertsitateko Centre for Text Technology (CTexT®) atalak garatzen eta kudeatzen du.

Esan beharrekoa da, bestalde, Autshumato (edo Autshumao nahiz Herry edo Harry de Strandloper) interprete bat izan zela, Hego Afrikako Saan (boskimano) leinu batekoa (Strandloper zen kolonoek emandako izendapena). Interprete lanetan eta bestelako negozioetan jardun zuen kolonoekin, bai eta espetxean ere egon ere (Robben espetxe malapartatuan), europarren aurka matxinatzeagatik. 1663. urtean hil zen.

Itzulpen memoriak, itzulpen automatikoa eta glosarioak artezteko tresnak biltzen ditu sortak. Berez, Hego Afrikako hamaika hizkuntza ofizialak jorratzeko prestatuta dago, baina erraz egokitzen da edozein hizkuntz bikoterekin jarduteko.

Berez, itzulpen lana automatizatzeko eta antolatzeko inguru bat eskaintzen du: Autshumato Integrated Translation Environment (ITE), OmegaT eta Moses programetan oinarritua. Zertan esanik ez, automatikoa euskararekin lan egiteko prestatu beharra dago.

Horrezaz gain, terminologia jorratzeko modulu bat ere badu: Autshumato Terminology Management System (TMS).

Eta itzulpen memoriak, itzulpen automatikoa eta terminologiakoa osatzeko, beste aiutari batzuk ere opatzen ditu:

  • Lerrokatzaile bat, CTexT® Alignment Interface, testu pareak hartu eta itzulpen memoria nahiz itzulpen automatikorako corpus bihurtzekoak. Bi bertsio ditu, oinarrizkoa eta Pro. Bigarrenak aukera handiagoak ematen ditu, baina lan larriagoa behar du, jakina.
  • Autshumato PDF Extractor tresnak editagarri eta beste tresnekin jorratzeko moduko bihurtzen ditu PDF formatuko dokumentuak.
  • Autshumato TMX Integrator lanabesak sarearen bidez integratzen eta txukuntzen ditu TMX formatuko itzulpen memoriak (batez ere, Autshumato programak berak sortuak).

Autshumato Text Anonymiser trepetak anonimo bihurtzen du informazio konfidentziala.

Webgunean bertan itzulpen memoriak eta corpusak ere eskaintzen dituzte.

Oso aukera ona Euskal Herrian, elkarlanean, dirutzak eta denbora epe ikaragarriak xahutzeke, kode irekiko doako tresnen bidez geure itzulpen eta terminologia beharrak asetzeko (euskalkien aldetik, esate baterako), hala gura duten euskal itzultzaileei sarean lan egiteko aukera eskaintzeaz gain. EIZIE elkartea bera bitartekari egokia izan liteke horrelako zeozer abian jartzeko, erakunde ofizialak eta itzultzaile, interprete eta zuzentzaileak horrelako egitasmo baten inguruan elkarrengana biltzeko.

Ergatibo-marka pertsona-izenen koordinazioan: bat ala bana?

Garikoitz Knörr

«Gramatikak, zentzu komunak eta are euskal idazle klasikoek adierazten digute izen-koordinazioan elementu guztiek daramatela kasu-marka. Gaur egun, ordea, anitzek jokatzen du bestela —gero eta gehiagok, eginen nuke— eta ez nuke jakinen erraten hiru hanka horietarik zeinek huts egiten dien.» (Ales Bengoetxea, 2002)

Aitor dezadan lehenbailehen: ordu askotxo eman, ematen eta, ziur aski, emango ditut Facebook euskaratzen. Bai, badakit: zergatik musutruk aritu, motel, itzulpen-lanak ordaintzeko sobera diru duen enpresa batentzat? Labur-labur adieraztearren (ez baita hori gaur ekarri nahi nuen gaia edo eztabaida): zerbitzua ingelesa ez den hizkuntzetan ere emateko aukera eskaintzen du Facebookek, ez baita gutxi. Komunitateak (edo erkidegoak: zergatik diogu beldur hitz horri politikaren alorretik kanpo?) euskaratzen ez badu, argi dago Zuckerberg-Eneak ez duela zeregin horretan zentimo bat ere inbertituko, epe laburrean ez behintzat.

Natorren harira: Facebooken interfazea itzultzeko orduan, mota guztietako zailtasunak aurkitzen dira bidean, terminologikoak asko, eta morfosintaktikoak ere ez gutxi. Bestalde, hitzak eta esaldi edo kateak itzultzeaz gain, aurretik bestek eginiko itzulpenak ikusi, bozkatu eta, behar izanez gero, itzulpen berriak proposatzeko aukera ere ematen du tresnak.

Hona hemen oso maiz azaltzen den kate mota bat, itxuraz erraz-erraza:

{name1}, {name2} and {number} others like this.

Nola jokatu horrelako zerbaiten aurrean? Gehienetan, itzulpen hau ikusten da —beste aukera batzuen artean— Facebook itzultzeko aplikazioan:

{name1}, {name2} eta beste {number}(e)k atsegin dute hau.

Hori horrela itzuliz gero, honako hau bistaratuko da Facebooken, besteak beste eta izenak izen:

Eneko, Iruri eta beste 5(e)k atsegin dute hau.

Baina zuzena da esaldi hori? Oker egon naiteke, eta atsegin handiz irakurriko nituzke zuen iritziak, baina niri ez zait euskara egokia iruditzen: ergatiboaren marka azken elementuan soilik irakur-entzuteak alarmak pizten dizkit begi-belarrietan.

Halakoetan, bide honetatik jotzea nahiago dut nik:

{name1}(e)k, {name2}(e)k eta beste {number}(e)k atsegin dute hau.

Kate horrek erabiltzailearen pantailara eramango duen esaldi parentesiz josia ez da noski oso estetikoa, ados, baina hori da senak eskatzen didana:

Eneko(e)k, Iruri(e)k eta beste 5(e)k atsegin dute hau.

Dena dela, horrenbeste itzulpen oker(?) ikusita, zalantza sortu zitzaidan, eta kontua zertxobait ikertzeari ekin nion. Zehazki, izen bereziak —batez ere pertsona-izenak— ergatiboan ageri ziren segidei begiratu nahi nien. Hiru iturri izan ditut abiapuntu (ikus, halaber, bukaerako 3. oharra, Sareko Euskal Gramatikari buruzkoa): batetik, Ales Bengoetxeak (2002) Senezen argitaratu zuen «Kasu-marken erabilera izen-koordinazioan» artikulu landu eta jakingarria; bestetik, Euskal Gramatika Osoa (2012), eta, azkenik, Euskaltzaindiaren 111. araua: «Izen sintagmen arteko juntadura dela eta». Hirugarren horri helduko diot lehenik.

Euskaltzaindiak zer dioen

Zoritxarrez, eskuartean dugun auzi honi dagokionean behintzat, ez da erabat lagungarria 111. araua. Hona hemen zer dioen, 3. atalean (1803. orr.):

Pertsona izenordeek berez izen sintagma mugatuak osatzen dituztenez gero, juntatzen direnean, hondarki osoa (hau da, kasu marka eta guztiko) izan behar dute (EGLU IV, 34-35). Gaizki eratuak dira ‘beraz’ [komatxo horiek jatorrizkoan daude, nik ez baitakit zergatik] ondoko formak, lehen juntagaiak, pertsona izenordea izanik, ez baitakar kasu markarik:

*Zu eta niri gertatu zaigu
*Ni eta zuk egingo dugu
*Gu eta zuetaz mintzatu ziren

Bada, izen bereziak ere (oso oker ez banago) izen-sintagma mugatuak direnez gero, horiek ere arauaren atal horretan sartzekoak direla pentsatu beharko genuke, baina eskertzekoa zatekeen adibide esplizituren bat eman izan balute.[1]

Hala ere, Jagoneteko galdera batean, honako esaldi hauek guztiak zuzenak ote ziren galdetu zuen erabiltzaile batek, eta erantzuleak baietz ihardetsi[2]:

Leirek eta Enekok garbitu dute autoa.
Leire eta Enekok garbitu dute autoa.
Leire eta Enekoren artean garbitu dute autoa.
Leireren eta Enekoren artean garbitu dute autoa.

Niri behintzat oso gogorra egiten zait bigarrena, «Leire eta Enekok garbitu dute autoa», alegia. Gainera (eta, berriro diot: oso oker ez banago), ez dator bat 111. arauarekin.

Euskal Gramatika Osoak zer dioen

Bestalde, Euskal Gramatika Osoan, «Emendiozko juntagailuak: ETA» atalean (697. orr.) ere bada gai honi buruzko argi( edo nahas-)biderik. Lan bestela bikain horretan, izan ere, ontzat jotzen dira honako adibide hauek (eta argi gera bedi neuk ere ez ditudala okertzat jotzen, eta ereabili ere erabiliko nituzkeela; arrazoiren bategatik, ergatiboan ikusten dut nik arazoa, ez horrenbeste datiboan edo bestelako postposizioetan):

Josuri eta Begori ez diegu ezer esan.
Josu eta Begori ez diegu ezer esan.
Jon, Miren, Itziar eta KoldoREKIN joango naiz. (701. orr.).

Tamalez, ez dut aurkitu pertsona-izenak ergatiboan darabiltzan adibiderik, baina balirudike[3] hau ere ontzat emango luketela egileek:

Josu eta Begok ez dute ezer esan.

Euskal Gramatika Osoan bai zehazten da, ordea, nola jokatu pertsona-izenordainekin: «Izen-sintagmaren ardatza pertsona-izenordaina denean, sintagma osorik esan behar da; hau da, bietan jarri behar da kasu-marka.» (699. orr.) Eta, besteak beste, bi adibide hauek ematen dira:

ZuK eta niK berdintsu pentsatzen dugu.
ZuEI eta guRI gauza bera gertatzen zaigu.

Lehenago esan bezala, ez dut uste arrazoirik dagoenik pertsona-izenordainak eta pertsona-izenak (eta izen bereziak, oro har) era desberdinean tratatzeko, biak baitira izen-sintagma mugatuak. Bestela esanda: barruak esaten dit «Zu eta nik berdintsu pentsatzen dugu» bezain desegokia dela «Mikel eta Mirenek berdintsu pentsatzen dute».

Tradizioari begira

Beraz, hori guztia ikusirik, ontzat eman behar dugu ergatiboaren kasu-marka azken elementuan baino ez agertzea? Bada, ematen du baietz. Dena dela, nahita utzi dut azkenerako Ales Bengoetxearen ikerlan gomendagarria (goi-goiko aipuarekin haren jarrera aurreratu badut ere): izan ere, bere artikuluan zenbait salbuespen ere aipatzen —eta behar bezala sailkatzen— baditu ere, egileak argi eta garbi erakusten eta ondorioztatzen du ezen «euskalki eta garai guztietako euskal idazleek idatzi dituztela enumerazioak elementu guztiei kasu-marka gaineratzen zietela», eta nik ez dut pisuzko ziorik ikusten bide horretatik aldentzeko, ezta Facebookeko parentesi itsusiak desagerrarazteko bada ere!

Oharrak:

1. Lerro hauek idazten ari nintzela, arauaren —edo, hobeki esan, arauaren neure interpretazioaren— kontra doan adibide bat etorri zitzaidan gogora. Jon Muñozen Loroaren teorema itzulpen ezin txukunagoaz ari naiz, zeinean hau aurkitzen baitugu, esate baterako:

«…eta zeinek berea bereganaturik zeuzkaten Jonathan-eta-Léak, bikiek». (16. orr.)
«Jonathan-eta-Léak elkarri erantzuten zioten». (19. orr.)

«Jonathan-eta-Léak», beraz, ezen ez «Jonathanek eta Léak». Hala ere, ohar bitez marratxoak: bikiak dira Jonathan eta Léa, eta biak bat balira bezala jokatzen dute, oro har, liburuan. Hortaz, lizentzia onargarria iruditzen zait, inondik ere, kasu horretan.

2. Morfosintaxi hutsari —formari eta eraketari— erreparatu diot azterketatxo honetan. Semantikaren edo are pragmatikaren ikuspegitik ere badagoke zer esanik, zalantzarik gabe. Esate baterako, iturri gehienek baliokidetzat —egokitzat ez ezik— jotzen dituzte, itxura denez, gisa honetako esaldiak:

(a) Mikelen eta Mirenen gurasoak.
(b) Mikel eta Mirenen gurasoak.

Bada, biak zuzenak izatekotan ere, susmoa dut interpretazioa desberdina izango litzatekeela edo izan lezaketela:

(a’) Mikelen eta Mirenen gurasoak (bi edo lau guraso)
(b’) Mikel eta Mirenen gurasoak (bi guraso)

3. Hau idazteari ekin nionean, Sareko Euskal Gramatikan ez nuen honi buruzko argibiderik aurkitu, edo ez nuelako behar bezala bilatu, edo oraindik atal hori osatu edo sareratu gabe zegoelako. Kontua da orain badela zerbait, «Juntadura» atalean, eta bereziki «Juntaduraren zenbait ezaugarri» Azterketa sakonik egingo ez badut ere, ez nuke hau amaitu nahi labur-labur Sareko Euskal Gramatikako zenbait pasarte eta adibide hona ekarri gabe. Oro har, ergatibo-marka banarekin ageri dira beti pertsona-izenak adibideetan:

Anek eta Mikelek irratia eta telebista erosi dituzte.
Maitek eta Monikak egin dute aurkezpena.

Bestalde, gure aztergaiaren gaineko argibide zehatzagoren bat ere ageri da:

a) bi IS [izen-sintagma] kasu marka edo postposizio bakarrarekin.

Aukera hau guztiz eragotzia dago erakusleekin, pluraleko artikuluekin eta izenordainekin:

*Auto hura eta kamioi hari isuna jarri diete.
*Ikasleak eta gurasoei egin zaie bilerarako deia.
*Zu eta niri ekarri dizkigute opariak.

Berriro ere, izenordainak ditugu hor debekuaren hartzaile, baina izen bereziak ez dira aipatzen. Eta, zertxobait beherago:

Baina IS-ak determinatzaile mugatzailearekin amaitzen ez direnean, horrelako kasuak ager daitezke, adibidez, izen bereziekin eta zenbait determinatzailerekin:

Ane eta Josuri deitu diezu?
[…]

Nolanahi ere, adibide osoak ohikoagoak dira, eta adieraren aldetik ere ez dirudi desberdintasunik dagoenik:

Nik Aneri eta Josuri deitu diet.
Nik Ane eta Josuri deitu diet.

Azken adibide horietan, badirudi aski —eta onargarria— dela datiboaren kasu-marka bakarra erabiltzea. «Ane eta Josuk deitu dute» ere ontzat eman daitekeela ulertu behar ote da?

* * *

  [1]       Bide batez, harrigarria iruditzen zait 111. arauaren 4. atalean ageri den «zure emazte eta alabek» adibidea, ontzat ematen baita, «zure emazteak eta alabek»en baliokide.

  [2]       Behin betiko bertsioan desagertu ziren arren, arauaren aurreneko idatzaldian bi adibide hauek (zer eta pertsona-izenekiko adibideak; lastima!) ageri zirela ere azaltzen du erantzuleak Jagoneten:

– Pelloz eta Maddiz mintzatu zara.
– Pantxika eta Urkori kantatu diet.

  [3]       http://sustatu.eus/1370962839879

Hau da mineralen emana!

Alfontso Mujika

Urtearen hasieran, urtarrilaren hamaikan, oparitxo bat egin zigun Euskaltzaindiak: Hiztegi Batua eguneratu zuen. Ordura arte, 2014koa zen azken bertsioa. 1058 sarrera berriz hornituta dator azken bertsioa. Orain, 44.325 sarrera ditu. 2000ko martxoaren 30ean jaio zen ume hark 20.000 sarrera inguru zituen. Laster beteko ditu 16 urte, eta, Imanol Urbietaren Txiki, txiki, txikia kantan bezala, «handitzen, handitzen, hasi naiz handitzen» horretan ari da geroztik.

Noiz arte handitu? Ezin jakin, baina badu oraindik hazteko bidea. Frantsesezko Le petit Robert hiztegiak, adibidez, 60.000 sarrera inguru ditu, eta DRAEk, Real Academia Españolaren hiztegi ofizialak, 93.111 sarrera ditu gaur egun.

Hau da azken eguneratzearen mamia, Euskaltzaindiak berak jakinarazia:

Hiztegi Batuko lantaldea corpusetan oinarritzen da hiztegia osatzeko, erabilera-maiztasunean oinarritutako A-tik Z-rako itzulietan. Horren abantaila erabili eta erabiltzen dena jasotzea da, baina sistematikotasuna galtzeko arriskua ere badu. Eta horixe da, hain zuzen, azken urte hauetan lantaldeak egin duena: hutsuneak izan zitzaketen gaiak berariaz aztertu eta hiztegia osatu.

Adibidez, lehendik jasotako aitaso edo lehenseme formei gehitu zaizkie amaso eta lehenalaba, berdintasuna bermatuz, familia-loturak bere osotasunean berrikusi baitira. Eta, horiekin batera osatu dira: aro geologikoak (antzinaro, Erdi Aro arautuei eneolito, pleistozeno, Solutre aldi modukoak gehituz), munduko diru zaharrak (napoleon, sestertzio, sueldo…) eta egungoak (dram —Armeniakoa—, kuna —Kroaziakoa—, nafka —Eritreakoa—,…), arrazak (artzain-txakur eta pottoka jasoekin batera, chihuahua, Enkarterriko billano, labrador, merino, pertxeroi modukoak), jaien izenak (magdalenak, sanjoanak, santomasak…), karten izenak (belot, bridge eta ipurdi-zikin, besteak beste), kasuen izenak (destinatibo, leku-genitibo…), elementu kimikoak (lehendik bildutako bromo, iridio, titanio formekin batera, argon, banadio, estrontzio, mendelevio…), hatzen izenak (hatz lodi, erakusle, luze, nagi eta txiki, eta eri potots, eri erakusle, erdiko eri, eraztun eri eta eri ttipi), musika-notak (beltz, biribil, giltza, kortxea…), -tan bizialdia (ezkonberritan, neskatilatan…), zodiakoa (aquarius eta akuario, aries eta ahari, pisces eta arrain…), zientzia-unitateak (farad, Fahrenheit gradu, kilobit, terabyte…), mineralak (akuamarina, anglesita, websterita…).

Sail horiek guztiak osatu dira, bai eta izen propioetatik eratorritako formak (adonis, alzheimer…) eta -tar osaerako euskal hitzak ere (newtondar, rousseautiar…).

Bukatzeko, 173. arauak jasotako alfabeto grekoa ere ekarri da Hiztegi Batura, lehendik zerrendatutako alfa eta omega modukoei beste guztiak gehituz (epsilon, lambda, omikron…).

18 sail osatu ditu Hiztegi Batuko lantaldeak, eta horiek arautu ditu Osoko bilkurak. Kasu batzuetan informazioa osatu egin da (espezialitate-marka edo adiera gehituz, euskalki-marka finduz), lehendik jasotakoak berrikusi eta zuzendu ere egin dira kasuren batean (anpere -> ampere, esaterako), eta sarrera eta azpisarrera berriak gehitu dira kasurik gehienetan. Hiztegia orekatuagoa dela esan dezakegu orain.

Bada berri pozgarririk azken bertsioan. Azkenik, anpere desarautu eta ampere arautu du Euskaltzaindiak. Luzetsita geunden. Badira 13 urte Euskaltzaindiari jakinarazi zitzaiola irrist txiki bat egin zuela anpere arautu zuenean (watt, volt, coulomb… eta gainerakoak ondo araututa baitzeuden). Jauregiko makineria motela da, baina iritsi da, azkenean, zuzenketa. Ederki!

Dena dela, beste kontu batek eman dit hizpidea: eguneratzearen azalpenaren azken esaldia. Hau da: «Hiztegia orekatuagoa dela esan dezakegu orain». Hala dio Euskaltzaindiak, eta arrazoiak eman ditu. Oreka neurtzeko, zenbait parametro eta irizpide daude. Haietako bat da hiztegi orokor batean agertzen diren hitz-sailetan hutsune larririk ez izatea, hala nola karten izen guztiak agertzea, edo musika-nota guztiak edo elementu kimiko guztiak. Eta horretan saiatu dira orain. Berriro ere, ederki!

Sail batzuetan hori ez da oso lantegi zaila, sailak txikiak edo erlatiboki txikiak direnean. Beste arlo batzuk, berriz, oso zabalak dira, eta aukeratu beharra dago, ezinbestean. Esate baterako, unitate guztiak bere multiplo eta azpimultiplo guztiekin sartzea ez litzateke logikoa (adibidez, milijoule, zentijoule, dezijoule, dekajoule, hektojoule…), zeren eta, hiztegia artifizialki gizentzeaz gainera, hiztegian alferrik sartuko bailirateke oso-oso erabilera urriko unitate-izen asko, aurrizkiak erantsiz automatikoki sortzen direnak. Eta arlo zabal horietako beste bat mineralena da. Aukeratu egin behar da, ezinbestean, hiztegi orokorra ez baita mineralogiako hiztegi bat.

Eta hor ikusi dut anomalia bat, hiztegiaren orekari dagokionez. Iruditzen zait mineral-karga handia duela orain Hiztegi Batuak. Berez, ez da arazoa mineral asko sarrera izatea (orain arte kexatzen baginen hiztegian gauza asko falta zirelako, ez gara, bada, kexaka hasiko orain, asko daudelako, ezta?), baina bada, nolabait, oreka-arazoa. Alegia, sailen barneko oreka handiagoa du hiztegiak orain, azken bertsioaren ondoren, baina sailen arteko orekarik ez.

Ikus dezagun, zehatz, zergatik deritzodan desorekatua.

Hiztegi Batuko A, B, C, D eta E letretako mineralak erauzi (baten batek ihes egingo zidan, zeren, harrigarria bada ere, espezialitate-markarik gabe ageri baitira) eta bost obrarekin konparatu ditut. Hiru hiztegi orokor:

  • gaztelania: (DRAE) Diccionario de la Real Academia Española (93.000 sarreratik gora)
  • frantsesa: (PR) Le petit Robert de la langue française (60.000 sarreratik gora)
  • ingelesa: (MW) Merriam-Webster (165.000 sarreratik gora)

Eta mineralogiako bi obra:

  • Mineralen hiztegia: (EUSK) Euskalterm (behin-behineko bertsioa): 208 sarrera
  • Introduction to Mineralogy / Mineralogiaren hastapenak: (MH); Egilea: William D. Nesse, EHUk euskaratua 2013an: mineral-aurkibidean, 422 sarrera ditu.

Hona hemen datuak:

mineralen lagina

Erreferentziako erdal hiztegi orokorrek, Hiztegi Batua baino askoz handiagoak izanda ere, askoz mineral gutxiago dituzte. Bada beste posibilitate bat: hiztegi horietan ere mineral asko izatea baina ez izatea Hiztegi Batuan daudenak. Ez dut uste hala denik, baina, hala izatera, okerrago litzateke kontua, adieraziko bailuke, nolabait, Hiztegi Batuan mineral garrantzitsuak falta direla eta bigarren mailako mineralak sobera daudela. Beraz, azken aukera hori baztertuz gero, datuek adierazten dute Hiztegi Batuan sarrera diren mineral-izenen portzentajea –sarrera-kopuru osoarekiko– askoz handiagoa dela beste hiztegietan baino. Zehazki, hauek dira mineralen sarreren portzentajeak lau hiztegi orokorretan (hiztegiek 26 letra dituzte, eta laginak 5 letra hartu ditu [ñ letra kontuan hartu gabe]):

  • Hiztegi Batua: (66/44.325) x (26/5) x 100 = % 0,77
  • DRAE: (22/93.000) x (26/5) x 100 = % 0,12
  • Le petit Robert: (17/60.000) x (26/5) x 100 = % 0,15
  • Merriam-Webster: (41/165.000) x (26/5) x 100 = % 0,13

Hau da, mineralen portzentajea, sarrera-kopuruarekiko, nahiko antzekoa da gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko hiztegi orokorretan (% 0,12-% 0,15 tartean dabil). Hiztegi Batuan, berriz, 5-6 aldiz handiagoa da (% 0,77). Eta beste bi datu deigarri lagin horretan:

1) Hiztegi Batuan sarrera diren mineralen % 22 ez dira sarrera ez gaztelaniazko, ez frantsesezko, ez ingelesezko hiztegi orokorretan.

2) Hiztegi Batuan sarrera diren mineralen % 38 ez dira sarrera Merriam-Webster hiztegian, nahiz eta hiztegi horren sarrera-kopurua Hiztegi Batuarena baino ia halako lau izan (zehazki, 3,7 aldiz handiagoa da).

Hiztegi Batua hiztegi ortografiko hutsa da, eta, alde horretatik, deigarria da mineralek halako garrantzia izatea (hori bai, geologoak pozik egongo dira), baina ez du bestelako ondoriorik. Nolabait esateko, zera litzateke: etxe bat egitean, fatxada bateko beharginek gainerako fatxadetakoak baino azkarrago lan egitea eta fatxada garaiagoa egitea. Baina etxe horri teilatua emateko orduan –alegia, Euskaltzaindiaren hiztegia egiteko orduan, horixe baita, azken batean, Hiztegi Batua, hau da, Euskaltzaindiaren hiztegiaren oinarria eta zurajea– fatxada hori besteen mailara berdinduko ez balitz, orduan bai, orduan esango genuke Euskaltzaindiaren hiztegia desorekatua dagoela, ez duela hiztegi orokor estandarren barne-oreka.

Azken oharra: ez, otoi, inork ulertu idazki hau kritika gaizto gisa. Irakurle interesatu baten gogoeta ireki txiki bat besterik ez da. Zorionak eta animo Hiztegi Batuan zein Euskaltzaindiaren hiztegian lanean ari diren guztiei.